Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Nafarroako Foru Komunitatearen zuzenbidea  >>  Legeria

17/2003 Foru Legea, martxoaren 17koa, Nafarroako landa garapenari buruzkoa

2003-03-17

Erakundea: Nafarroako Parlamentua

Argitalpena: NAO, 2003/3/21, 35. zk.

17/2003 FORU LEGEA, martxoaren 17koa, Nafarroako landa garapenari buruzkoa. NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela

NAFARROAKO LANDA GARAPENARI BURUZKO FORU LEGEA

ZIOEN AZALPENA

Azken urteotan Europako Batasunaren hazkunde ekonomikoa nabarmen hobetu dela antzeman daiteke. Halere, hazkunde hori ez da etengabea ez eta bateratua izan esparru komunitario osoan, Europako Batasuneko jarduera ekonomikoa alde urbanizatuenetan metatzen baita, eta bertan biztanleko BPG batez bestekoa baino ehuneko 14 handiagoa izaten da.

Europako Batasuneko landa eremuek lurraldearen ehuneko 80 egiten dute, eta populazioaren ehuneko 25 bertan bizi da. Orain, halere, aldaketa ekonomikoen eta nekazaritza sektorearen berregituraketen ondorioz mehatxu larria jasaten du:

_Landa eremuetako arazoak munduan egun izaten ari diren prozesu ekonomikoen ondorio dira.

_Nekazaritza da oraindik ere landa ekonomiaren funtsezko osagaia, baina ez landa guneen bideragarritasuna eta garapen orekatua bermatzeko adinakoa.

_Europan, epe luzean aurreikusten denez, lanpostuen kopurua ugaldu eginen da zerbitzuen sektorean, nekazaritzan eta industrian nabarmen gutxitzearekin batera.

Azpiegitura ahula duten eremuen dirusarreretan jasaten den presio horren eraginez, populazioaren dentsitatea jaitsi egiten da eta zail bihurtzen da eremu horien garapen ekonomikoa oinarritzeko ekipamendu eskaintzari eustea; horrela espiral efektu oso kaltegarria sortzen da.

Elkarren aurka aritzen diren bi joerak, gutxienez, eragiten duten presioa pairatzen du landa eremuak: bata, presioaren eginkizun anitzeko izaera onartzen duena eta, horrenbestez, merkaturik ez duten eginkizunen gizarte berregituratzearen aldeko dena; besteak izaera produktiboa baizik ez du kontuan hartzen eta nekazaritza eta elikaduraren munduko merkataritza arauz gabetu eta liberalizatzeko indar egiten du.

Testuinguru honetan, landa garapena alderdi gero eta garrantzi- tsuagoa da esku-hartze publikoaren diskurtsoan, eta betiko estrategia sektorialak berriz pentsatzera behartzen du, landa eremuaren aldeko politiketan lurraldearen ikuspuntuak hartu duen garrantzia ikusirik.

Politika horiek, Europako gure testuinguruan, bat egiten dute, neurri handiagoan edo txikiagoan, hobekuntzako hiru helburu zehatz mugatzeko eta bakar batean biltzeko; alegia, landa eremuetako lurralde lehiakortasuna garatzea kudeaketa arrazional baten bidez, berarekin honako hauek ekarriko dituena: Ekonomia lehiakortasuna (elikagai osasuntsu eta kalitatezkoak eman, nekazaritza ekoizpena dibertsifikatu eta sektoreen artean gehiago zabaltzea, landa eremuan, oro har, ekoizten denari balioa ematearekin batera).

Gizarte lehiakortasuna (landa eremuko bizilagunen bizi kalitate maila gizartearen gainerako sektoreenaren antzekoa izateko aukerak hobetzea).

Ingurumen lehiakortasuna (landa eremuetako natura eta kultura ondareak babestu, hobetu eta aberastea sustatzea, ondare horri balioa ematean oinarrituriko zerbitzuak ematea).

Lehiakortasuna testuinguru orokorrean (toki eragileen lankidetza eta partaidetza erraztea eta lurraldea kanpora irekitzea nor bere nortasun ezaugarriak sendotzetik abiaturik): desberdina izatea, garapenerako indar gisa.

Nafarroako landa eremuaren etorkizuna gizarte osoaren erronka da. Beraz, multifuntzionaltasun printzipioez jantziriko espazioa izan beharko du, familiako nekazaritza ustiategiek, lurralde behartsuek, ingurumenak eta kultur ondareak sostengu publikoa jasotzearen alde eginen duen garapen eredu berriaren sorgunea.

Nafarroak bioaniztasun handiko landa ingurunea du baina Europako Batasuneko beste landa eremu batzuek dituzten erronka berdinei egin beharko die aurre, horrexegatik da beharrezkoa ekipamenduak eta zerbitzuak egokitzea, hala nola hezkuntza, osasuna edo etxebizitza, zeren eta faktore horiek, nekazaritzaren sektorea ardatza duten ekonomiek eragindako enplegurako aukera falta eta errenta urritasuna bezalakoekin batera, landa ingurunearen iraupenerako traba baitira.

Bizi kalitatearen hobekuntzak egungo biztanleen oinarrizko eskaerak ase beharrari erantzuteaz gain, beharrezkoa da halaber eremu horiek bizileku izateko erakargarritasuna areagotzeko neurriak eta jarduketak ezartzea.

Hezkuntza eskuratzea populazioa lurraldean errotzeko funtsezko elementutzat hartzen da. Hezkuntza landa eremuetara hurbiltzea lurralde artikulaziorako funtsezko tresna gisa, eta kalitatezko irakaskuntza eskaintzea, Nafarroako landa ingurunearen ezaugarrietara egokitutako hezkuntza egitura eta curriculum diseinuak zehaztuz eta irakaskuntzako profesionalentzat bertan lan egiteak izan dezakeen erakargarritasuna hobetuz.

Beste lehentasun bat etxebizitza egokiak eskaintzea izan behar da. Etxebizitza eta eraikin abandonatuak egoteak politika oldarkorra eskatzen du, horien kontserbazioari laguntzeko, dagoen etxebizitza eskariari erantzuteko eta gure ondarearen eta gure eskaintzaren funtsezko partea den horri balioa eman diezaion.

Landa eremuen garapenak osasun arloko eskaintzan ere bere aldeko diskriminazioa eskatzen du.

Azpiegiturek berebiziko papera betetzen dute landa ingurunearen erakargarritasuna areagotzeko, enpresen jartzeko pizgarri ez eze, populazioaren bizi kalitateari ere onura ekartzen baitiote. Landa eremuko azpiegituretarako plan berariazko bati ekin behar zaio, energiaren arloa, telekomunikazioena, ur hornidura eta arazketarena, kulturarena eta industriarako lurzoruarena, besteak beste, hartuko dituena. Alde horretatik merezi du nabarmentzea informazio eta komunikazio azpiegituren garrantzia, espazioa antolatzeko bide egokia eta planeta guztiko garapen harmoniatsu eta orekatuaren trena, behin betikoa, ez galtzeko modurik onena delako.

Landa ingurunea biztanlez husteko joerak buelta eman dezan, beharrezkoa izanen da erkidegoen ezaugarri eta oinarri diren aktibo guztiak berreskuratzea. Beharrezkoa izanen da eragitea, batez ere, gazteengan eta emakumeengan, bi gizatalde horiek izaki langabezia gehien pairatzen dutenak eta landa ingurunetik alde egiteko prozesuetako protagonista nagusiak; beharrezkoak izanen dira gizatalde horietarako enplegua sortzen lagunduko duten neurriak garatzea eta ekonomia eta toki jardueran emakumeek betetzen duten papera indartzea. Gai izan behar dugu, era berean, hirugarren adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko.

Orobat landa garapenerako XXI. mendeko politikak aurreikusi beharko luke, ahal den neurrian, landa eremuak beste eremu batzuetatik heldu den jendea hartzeko toki bihurtzen joatea, eta horretarako, pizgarriak eta sistemak ezarri beharra dagoela biztanle berriak baldintza egokietan (etxebizitza, zerbitzuak...) hartzeko moduak antolatzeko _Europan inguruko beste erregio batzuetan (Frantziako Erdialdeko Mendietan, adibidez)_ gertatzen ari den bezala eta Nafarroako landa ingurunea egokitu eta biziberritzeko dinamikak sendotzeko.

Hori dela-eta, beharrezkoa gertatzen da landa garapenerako gauzatu beharreko politika parte hartzean, itunetan eta egonkortasunean oinarriturikoa izatea. Politika sektorialak antolatu eta toki esparruko ekonomia- eta gizarte- eragileek parte hartzea ahalbidetuko duten esparru egonkorra ezartzea. Modu planifikatuan jardun behar da, politika sektorialen integrazioa antolatu eta landa ingurunerako propio zuzenduriko estrategia ezarri.

Landa ingurunearen garapen arazoak ez dira hartu behar landa eremuen eta hiri eremuen elkarren aurkako oposizioaren ondoriotzat, baizik eta landa gunez eta hiri gunez osaturiko erkidego bat ukitzen duten arazo komun _lurraldearen antolamenduaren arlokoak_ batzuen ondoriotzat.

Beharrezkoa da hiri eremu direnen eta ez direnen baloreen arteko oreka berria bilatzea, eta kontuan izatea lurraldearen antolamenduko politiken eta Nafarroako landa ingurunean eragin berezia dutenen osagarri direla.

Landa garapenerako politika berriak islatu behar du hiriaren eta landa eremuen arteko lotura, elkarren arteko oreka berria sustatu eta neurriak hartu biztanle guztientzat garrantzitsutzat diren helburuen egiturazko finantziaziorako.

Nafarroako eskualde bakoitzak bere ezaugarriak ditu, bertako garapenerako planen oinarri izan behar direnak.

Eremu bakoitzaren erantzukizuna sendotu behar da, subsidiarietatearen printzipioaren arabera, funtsen gaineko kontu hartzea herritarrengandik hurbilago egon dadin eta eraginkorrago eta gardenagoa izan dadin, eta horrekin administrazioen arteko lankidetza eta koordinaziorako tresnak indartzea.

Beharrezkoa da Europako Batasunak eskatuta planifikatzeko ohitura gainditzea. Izan ere, planifikazioa garrantzizkoa da haren helburua lurraldeen arteko desorekak zuzentzea delako eta, horretarako baliabideak mugaturik daudelako. Hori dela eta, lehentasunak ezartzeko ahalegina ezinbestekoa da ahalik eta eraginkortasun handiena lortzeko.

Berehalako erronka landa garapenerako erregio mailako planifikazio estrategikoa ezartzea da 2002- 2006 urteetarako, garapenerako partaidetzazko eredu bati _integral edo sektore askotako_ jarraikiz, baliabide endogenoei balioa emanez, toki eta erregio mailak, publikoa eta pribatua bat eginik, Europako landa eremuko gizartearen egungo erronkei eta Batasuna zabaltzeak 2006tik aurrera ekarriko duen egoera berriari aurre egiten lagun diezagun.

Landa garapen integraturako estrategia bat behar dugu, Nafarroan dugun errealitate multifuntzional eta orekatura egokitua, sektoreen arteko sinergiak eta ekonomia, gizarte, kultura eta ingumenaren alderdien artekoak bilatuko dituena. Jarduera ekonomikoaren dibertsifikazioa sustatu, bereziki bazterrean gelditu diren eskualdeen alde egin eta hauen jarraibideak eta etorkizuneko proiektuak adostasun politiko eta sozialean oinarrituko dituen estrategia. Horretarako, beharrezkoa da izenpetzea, epe laburrera, Nafarroako landa ingurunea garatzeko gizarte itun bat.

Landa garapenerako eredu berriaren aplikazioak, beraz, arau esparru bat, arau estrategiko bat eta lurralde itun bat ezartzea eskatzen du, elementu horiek bitartekoak eta legitimotasuna eman diezazkion prozesuari.

Esparru estrategiko bat zehaztu behar dugu, landa garapeneko erregio mailako plangintzaren eta eskualde mailako plangintzaren bidez. Esparru juridiko bat prozesua arautu eta bermatzeko. Garapen entitateak bultzatu eta sendotzea, egungo gizartearen erronka berriei aurre egiteko modu berrirako bitartekari eta kudeatzaile lanetan duten balioa erakutsi baitute. Landa garapenerako erakunde publiko bat sortzea, bere aurrekontua eta guzti, Landa garapenaren urte anitzeko erregio eta eskualde plan estrategikoa kudeatzeko gai izanen dena, eta Landa Garapenaren Kontseilu Aholku-emailea deituko dena, maila guztien partaidetza _udal entitateena, erregio mailakoena, publikoa, pribatua_ bere baitan hartuko duena.

Foru legearen lehendabiziko tituluan legearen beraren xedea eta helburuak, orokorrak zein sektorialak, daude ezarririk.

II. tituluko I. kapituluak lurralde oreka lortzeko funtsezko helburua zehazten du, hau da, Landa garapenaren urte anitzeko erregio eta eskualde plan estrategikoa.

II. tituluko III. kapituluak Nafarroako landa garapenaren Kontseiluaren sorrerari heltzen dio, haren kideak eta jardunbideari, bai eta landa garapenaren plana prestatzeko prozedurari ere.

Foru legea behetik heldu den garapen estrategia batek inspiratu du, bottom-up gisako ikuspuntuarekin alegia, eragile guztiak, ekonomikoak, gizarte mailakoak, publikoak eta pribatuak koordinatzeko asmoarekin.

LEHENDABIZIKO TITULUA

Landa garapenerako politikaren xedapen orokorrak, xedeak eta helburu sektorialak

1. artikulua. Foru Legearen xedea.

1. Foru lege honen xedea hauxe da. a) Helburuak eta berariazko garapen-estrategia bat zehaztea, Nafarroako landa-ingurunera zuzendurikoa, Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoen jarduerak gidatzeko, landa garapenaren gaietan.

b) Esparru juridiko bat zehaztu eta ezartzea, landa garapenari buruzko lege hau Nafarroan nola aplikatu arautuko duena, eta bereziki gidatu beharko dituena Nafarroako Foru Komunitateko landa- eskualdeen garapenera bideraturiko politikak.

c) Antolaketa- eta finantza-tresnak zehaztea, landa garapenari buruzko lege honen aplikazio koherentea, parte-hartzezkoa eta orekatua ahalbidetzeko, Nafarroaren landa garapenean eragina daukaten gainerako politikekin eta administrazio-jarduerekin batera.

2. Foru lege honi dagokionez, honako hau hartuko da landa garapentzat: Nafarroako landa ingurunearen lehiakortasun, kohesio eta lurralde-jasangarritasuna etengabe hobetzeko prozesua, erkidegoko landa ingurunearen esparru ekonomiko, sozial eta ingurumenekoan:

a) Ekonomia. Lehen sektoreko jarduera finkatuz merkatuko joera orokorren eta Europak sektoreari ezarritako murrizketen arabera, eta landa-eskualdeen dirusarrera-iturriak lurralde bakoitzaren ezaugarrien arabera dibertsifikatuz, gure landa ingurunearen etorkizuna kolokan jarri gabe eta hori balorizatuz.

b) Gizartea. Landa inguruneetan bizi kalitate ona orekaz erraztuz, horrela landa ingurunetik jendeak alde egitea saihestuz eta, beraz, natur eta kultur ingurunearen kudeaketa arduratsua nahiz landa inguruneko sektore ekonomiko potentzialen garapenean arduraz jokatuko dela bermatuz, eta landa ingurunearen sozializazioa erraztuz, tokiko biztanleek euren garapenean bertan parte hartzearen bidez.

c) Ingurumena. Nafarroako erkidegoko landa lurralde bakoitzeko berariazko natur ondarea kontserbatuz, leheneratuz, finkatuz eta balorizatuz.

2. artikulua. Garapen politikak.

Nafarroako administrazio publikoak, erkidegoko ekonomia eta gizarte eragileekin lankidetzan, landa garapeneko politika bateratuak sustatu, bultzatu eta sostengatuko ditu, foru lege honetan aurreikusitako tresnekin bat.

3. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko garapen politikaren helburu orokorrak.

Honako hauek dira landa garapenaren esparruan administrazio publikoaren ekintza guztiek jomuga izan behar dituzten helburu orokorrak ekintza horietako bakoitzean, gogoan izanik Nafarroako erkidegoko ingurumenaren errespetua, babesa eta hobekuntza:

1. Lehentasuna ematea gure landa ingurunearen garapen orekatuaren oinarriak bermatuko dituzten kalitatezko azpiegiturak garatzeari. Komunikazio-azpiegiturak (errepide-sarea, garraio publikoaren sarea eta telekomunikazioak), biztanleentzako zerbitzuen azpiegiturak eta energia azpiegiturak.

2. Nafarroako landa ingurunean kalitatezko erkidego-ekipamenduen banaketa orekatua garatu, erraztu eta bultzatzea, biztanleriako sektore guztiek ekipamendu horiek eskura izan ditzaten ahalbidetzeko, landa populazioaren beharrizanei erantzunez eta ekipamendu horien zonifikazio zurruna saihestuz. Erkidegoarentzako ekipamenduak (hezkuntza, osasuna eta gizarte-laguntza, aisialdia, kirola eta kultura).

3. Lurraldearen antolamendu zentzuzkoa sustatzea, landa izaerako guneetan etxebizitza eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka bereziki azpimarratuz, landa ingurunean abandonaturik dauden etxebizitzak eta eraikinak erabiltzeko pizgarriak emanez.

4. Landa inguruneko ekonomia dibertsifikatzea, honakoak eginez:

a) Lehen sektorea finkatuz eta zentzuz garatuz, merkatuko joera orokorren eta Europak sektorean ezarritako murrizketen arabera.

b) Lehen sektorearen lehiakortasun-ahalmenaren hobekuntza sustatuz; elkartegintza eta nekazaritzako elikagaien kalitatea sustatuz.

c) Landa ingurunera jarduera ekonomiko berriak (zerbitzuak eta industria) erakartzea erraztuz.

d) Landa inguruneko biztanleen laneratzea erraztuz; batez ere, emakumeena eta gazteena.

5. Landa eskualdeetako natur eta kultur ondarea mantendu, gorde, haren berri eman, errentabilizatu eta balorizatzea, biztanleak euren ingurunearekin identifikatzeko oinarrizko prozesu gisa eta lurralde- atxikimenduaren sentimena indartuz.

6. Administrazio eta entitate publikoen arauak eta jarduketak, landa eremuen garapenean eragina dutenak, bateratzea, funtzionaltasun eta koordinazio falta saihesteko eta horrekin batera tresnen koherentzia hobea eta inbertsioen eraginkortasuna handiagoa izateko, eta landa eta hiri inguruneak uztartzeko.

7. Biztanleen garapenean beraiek izan beharreko protagonismoa mantendu eta hobetzea, elkartegintza sustatuz eta emakume eta gazteen sektorea landa ingurunearen arlo ekonomiko eta sozialarekin lotura daukaten erabakiak hartzeko prozesuetan txertatuz.

8. Nafarroako gizartean landa inguruneko baloreekiko sentsibilitate handiagoa sustatzea, haren garapenaren aldeko neurriak ezartzen lagunduz.

4. artikulua. Landa garapenerako politikaren helburu sektorialak.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoak, haren eskumenen esparruan, gure erkidegoko landa eremuak sustatu eta sendotzeko behar diren jarduerako gauzatuko ditu modu koordinatuan, horretarako, honako helburu sektorial hauek izanen ditu jomuga:

1. Nekazaritzako elikagaien eta oihangintzaren politikaren arloan:

a) Nekazaritza, abeltzaintza eta oihangintzak landa inguruneko ekonomiaren oinarriaren papera bete dezan sustatzea, lurren eta natur baliabideen aprobetxamendua partaidetzaz antolatu, gorde eta hobetzeko eta lurralde antolaketa egokia izateko funtsezko faktorea izan dadin. b) Enpresen lehiakortasuna hobetzea, pizgarriak emanez, produktuak kalitatearen arabera bereiztean oinarrituriko estrategia berezkoa edukitzeko batetik eta bai produktibitatea bai ekoizpen kostuak ahalik eta onenak ekarriko dituen merkataritza sustapena egiteko, bestetik.

c) Gazteak nekazaritzari ematea laguntzeko baldintza egokiak sortzea, belaunaldien erreleboa eta lanpostuak sortzea bultzatuz.

d) Transferentzia teknologikoa, enpresetako prestakuntza teknikoa, informazioaren teknologia berrien erabilera eta jakintza ahalik eta onenak izatea, lehiakortasunerako faktore gisa.

e) Nafarroako nekazaritza elikagaien sektorean kooperatibismoa bultzatzea, sektoreen artikulazioaren alde eginez eta parte-hartzea kontuan hartuz.

f) Nekazaritza elikagaien sektorea antolatzea, sektoreen arteko laguntza eta industria bultzatuz, nekazaritza eta abeltzaintza merkatuetara hurbiltzeko eta balio erantsia ahalik eta handiena izateko.

g) Sektorearentzako laguntza sistema bat finkatzea, natura eta ingurumen aldetik pairatzen dituen trabak aintzat hartuz.

2. Lurraldearen antolamenduaren arloan.

a) Landa eremuen ezaugarrien eta premien arabera ezartzea lurraldearen antolamendurako eta hirigintzako tresnak, modu harmo- niatsuan bateratzeko natura baliabideak antolatzeko eta balio handiko lurzorua _balio agrologikoa eta oihanaren aldetikoa_ babesteko betebeharrak, jarduera ekonomikoei eutsi eta garatzea eta landa eremuko populazioei zerbitzu egokiak ematea.

b) Landa eremuek eta bertako biztanleek zerbitzu eta azpiegituretan eta dibertsifikazio eta garapen ekonomikoan dituzten premiei arreta berezia ematea, modu egokian neurtuz landa eremuetan nola txertatu hiri ingurunean sortutako eginkizunak, azken honen premiak asetzera zuzenduak.

c) Landa inguruneko nekazaritza, oihangintza eta natura baloreak babestea.

d) Nafarroako landa ingurunea biztanleak berreskuratzen joan dadin lagunduko duten neurriak taxutu eta aplikatzea.

3. Industriaren arloko politikan eta lanarenean:

a) Landa ekonomiaren dibertsifikazioa sustatzea, nekazaritzako jardueraren osagarri ezinbesteko gisa eta enplegurako eta garapen orekaturako alternatiba izan dadin.

b) Landa ekonomiaren dibertsifikaziorako proiektuak edo ekimenak bultzatzea ingumenari zor zaion begirunea edo ingurunearekin eta nortasunarekin bateragarria izatea bezalako irizpideetatik abiaturik, kasuan kasuko landa eremuari onura sozial eta ekonomikoak ekartzeko eta lagundu dezaten, batez ere, ekoizpen zikloak ixten, dauden produktuei eta jarduerei balio erantsi handiagoa ematen eta eremu bakoitzeko balizko indarra eta lehiarako abantailak garatzen.

c) Landa eremuetarako lehentasuna ematea enpresa ekimen endogenoak sortzeari, ekimen berriak bereganatzeko programak gauzatuz, bai eta proiektuak garatzeko tutoretzan eta aholkularitzan. d) Enpresa txiki eta ertainak sortzea bultzatzea, bereziki lehen sektorearekin eta zerbitzuenarekin lotutakoak.

e) Langabezi tasa eta exodo handiena populazioaren zein gizataldetan gertatzen den, horien enplegu aukerak eta bizi baldintzak _emakumeenak eta gazteenak, alegia_ hobetzeko programak ezartzea, gizatalde horientzako enplegua sortzeko lagungarri izanen diren neurriak hartuz, emakumeak ekonomia eta gizarte jardueran betetzen duen paperari garrantzia emanez eta gazteek, baita landa ingurunean bertan ere, prestakuntza hobea edukitzeko bidea emanez.

f) Industriarako lurzoruaren eskaintza egokia izan dadin sustatzea, garapen ekonomikorako eragile izateko, erkidegoaren hainbat toki estrategikotan kokaturik, kudeaketa mankomunatuaren bitartez landa inguruneko egungo populazioak bertan iraun eta familia berriak kokatzeko.

g) Inbertsioari laguntzeko politika fiskal bat ezartzea, landa eskualdeetako inbertsioen aldeko diskriminazioa eginen duena, diskriminazio positiboa eginez landa eskualdeetako jarduera ekonomikoen mesedetan, halakoak ez direnen aldean.

4. Turismoaren arloan.

a) Landa turismoa bultzatzea, landa ekonomiak dibertsifikatzeko aukeren artean funtsezko alternatiba izan dadin.

b) Turismoko ekipamenduak hobetzea, bai eta horiek sustatu eta merkaturatzeko ahaleginak ere; landa eremuetan eta natur ingurunean aisiarako jardueren eskaera gero eta handiagoa asetzea, destino turistiko berezien izaera emanez.

c) Masifikatzea saihestuko duen landa turismoaren garapena laguntzea, usadiozko jarduerekin eta natur ingurunearekin berarekin orekan, arauak landa inguruneak turismoaren arloan dituen errealitatera, aukeretara eta premietara egokituz, arreta berezia emanik ekimen endogenoei eta turismoari.

d) Herrietan dauden garapen egituretan sostengatuko den plangintza estrategikoa bultzatzea.

5. Etxebizitzaren arloan.

a) Landa ingurunearen ezaugarri berezietara eta aukeretara egokituriko etxebizitza eskaintza bat gauzatzea, kalitatezkoa eta dentsitate txikikoa, bizileku erakargarriak egin , espekulazioa saihestu eta landa inguruneko gazteei etxebizitza eskuratzen laguntzeko xedeekin.

b) Etxebizitzak zaharberritzearen arloan malgutasuna hobetzea, baita etxebizitzaren egituraren osaketa aldatzen duten edo eraikina husten duten obrak zaharberritze gisa ez onartzeko neurria ezeztatuz ere.

c) Etxebizitzak zaharberritzeko bulegoak Nafarroa guztian sortzea, eta kontserbazio-arazo larriak dauzkaten alde historikoak dituzten landa inguruneko herrientzat Lehentasunez Zaharberritzeko Eremuen deklarazioa erraztea, landa inguruneetan etxebizitza berriak egiteko laguntzen muga, 90 metro koadrokoa, kenduz, hala babes ofizialeko etxebizitzei nola zaharberritzeei dagokienez.

6. Hezkuntza eta kultura politikaren arloan. a) Landa eremuko biztanleei hezkuntza eskaintza modu egokian helaraztea, haren berezitasunak kontuan hartuko dituzten irizpide eta baremoekin, hezkuntza landa ingurunera pixkanaka hurbilarazten saiatuz, batez ere populazio gune urrunen eta txikienetara derrigorrezko irakaskuntza eramateari dagokionez.

b) Irakaskuntzaren kalitatea hobetzea, hezkuntza eredu, teknika eta gida-lerro berritzaileak, landa ingurunearen berezitasunetara egokituak, erabiliz, bai eta landa eremuko biztanleek ingurunea ezagutu eta baloratzea bultzatuko duten curriculum diseinuak ere, eta eremu horietako emakumeen eta gazteen prestakuntza eta gaitzeari lehentasuna ematea.

c) Landa eremuetako biztanleen lanbide eta lanerako heziketa eremu bakoitzaren berezitasunetara moldatzea, eskulan kalifikatua lortzeko, nahitaezkoa baita enpresa berriak irekitzeko, aktiboen birziklapena bultzatzeko eta teknologia eta produkzio bide berriei ekiteko.

d) Hezkuntza, kultura eta kirol ekipamenduen antolaketa orokorrari laguntzea, erabilera eta funtzionaltasun askotakoak izan daitezen bultzatuz eta dauden orekak zuzenduz.

e) Landa inguruneko kulturaren ezagutza, zabalkundea eta balioespena bultzatzea.

f) Vianako Printzea Erakundeak daukan ondare historiko-artistikoaren inbentarioan jasotako etxebizitzen teilatu eta fatxadak barnean hartzen dituzten zaharberritze guztietarako pizgarriak ematea, laguntzen ehunekoa handituz.

g) Landa inguruneetako heziketa-ekipamenduak hornitzea landa ingurunearen beharrizanak Nafarroako biztanleen lan-eskaerekin integratuko dituzten modulu eta estrategia pedagogikoez, horrela zentro horiek bizi ahal daitezen eta bertako nahiz kanpoko ikasleak landa-eskualdeetan geratu ahal izan daitezen.

7. Osasunaren arloan.

Gure erkidegoko landa guneetarako osasun eskaintzak dezentralizatua izan beharko luke, oinarrizko osasun laguntzako zerbitzuak landa eremuko osasun barruti guztietara hurbilarazi eta oinarrizko osasun eta farmazia laguntza bermatuko dituena; horrekin batera, laguntza sarearen etengabe azterketa egin eta behar diren hobekuntzak bultzatzea, eremu horietan hiriguneak ere badirela kontuan harturik.

8. Garraio eta komunikazioen arloan.

a) Landa eremuetan beharrezkoak diren garraio eta telekomunikazio azpiegituren garapena sustatzea, eremu horietako biztanleak eta erkidegoko gainerakoak harremanetan jarri eta hurbilarazteko ezinbesteko eta oinarrizko tresnak baitira.

b) Lana, osasuna, kultura, prestakuntza, zerbitzuak, aisia, kontsumoa eta gizarte harremanak landa eremuetako biztanleen eskura jartzeko azpiegitura oinarrizkoak garatzea.

c) Beharrezkoak diren bide azpiegiturak egin eta mantentzea, landa eremuen eta komunikazio bide nagusien arteko lotura egokia ahalbidetzeko, bereziki orografia dela-eta arazo handienak izaten diren aldeetan. d) Bideak ezarri enpresak oinarrizko ekipamendu eta hornidurekin, bezeroekin, hornitzaileekin, enpresa laguntzaileekin eta informazio eta ezagutzarekin, oro har, loturik egon daitezen. Ildo horretan, lehentasunezkoak izanen dira telekomunikazioetako azpiegiturek, landa eremuetan jarduera ekonomikoetarako eta zerbitzuetarako aukera handiak ekar ditzaketelako. Horretarako, pizgarriak ezarri beharko dira, azpiegitura horien kostua, biztanle gutxiko aldeetan errentagarritasunerako oztopo baita, arintzeko.

e) Landa eskualdeen isolamendua saihestu edo gutxienez murrizteko aurrerapen tekniko guztiek Nafarroako lurraldearen zatirik handienean aplikazio praktikoa izan ahal izatea lortzea, berdin delarik kasuko lurraldea oso urrun edo bazterturik egotea. Inbertsioen eta azpiegituren arloan arloan ahalegin handia egitea suposatzen du.

9. Ingurumenaren arloan.

a) Landa ingurunearen garapen jasangarriaren alde egitea, egungo premiak asetzeko etorkizuneko belaunaldiek beren beharrei erantzuteko izan beharreko gaitasuna arriskuan jarri gabe.

b) Ingurumena babestea, hondatzeari aurrea hartzea eta kalteturik dagoen tokietan lehengoratzea.

BIGARREN TITULUA

Landa garapenaren arloko planifikazioa

I. KAPITULUA

Garapen programak

5. artikulua. Landa garapenaren urte anitzeko erregio eta eskualde plan estrategikoa.

1. Landa garapenaren urte anitzeko erregio eta eskualde plan estrategikoa Nafarroako administrazio publikoen jarduketarako landa eremuen organoen politika koordinatuak planifikatu eta gauzatzeko oinarrizko dokumentua da. Planak jarduketarako landa eremu horiek mugatuko ditu eta horietako bakoitzarentzat landa garapeneko programa berariazkoak eta koordinatuak taxutuko, ezarritako epeetan gauzatu beharrekoak.

2. Landa garapenaren urte anitzeko erregio eta eskualde plan estrategikoak honakoak hartuko ditu:

a) Nafarroa, jarduketa bateratu eta koherentea eskatzen duten jarduketarako landa eremuetan banatzea, eta horrekin batera, eremu horietako bakoitzaren garapen sozio-ekonomikoaren mailari buruzko deskripzioa edo diagnostikoa, arau honek deskribaturiko helburu eta xede sektorialen babesean.

b) Azalpen memoria bat, beharrak edo gabeziak dituzten jarduketarako landa eremuen azterketa- diagnosia bilduko duena eta halaber gure erkidegoak lurraldearen arloan dituen balizko indarrak, lege honen jomuga diren helburu eta xede sektorialekin bat.

c) Helburu berariazkoak finkatu, jarduketa ildoak deskribatu eta eremu horietako bakoitzerako programak proposatzea, erregio mailan ere. Programa horietan zehaztu beharko dira jarduketaren lehentasunak eta epe motzean, ertainean eta luzean bete beharreko helburuak, administrazio jarduketa eremu bakoitzean, espresuki adieraziz gauzatzeko epeak, kostuak eta finantziazioa.

d) Partaidetzan oinarrituriko ebaluazio sistema etengabea ezartzea, helburu berariazkoak zehazteko oinarritzat hartu diren premiak eta gabeziak konpontzen noraino lortu den jakin ahal izateko eta garapen prozesua hobetzeko.

6. artikulua. Landa garapenaren urte anitzeko erregio eta eskualde plan estrategikoa onestea.

Plana Nafarroako Parlamentuak onetsiko du, Nafarroako Landa Garapenerako Kontseiluak proiektua aurkeztu ondoren, 12. artikuluak xedatutakoarekin bat.

7. artikulua. Landa garapenaren urte anitzeko erregio eta eskualde plan estrategikoaren exekuzioa.

Plana hura osatzen duten garapen programen bitartez gauzatuko dute horren ardura bere gain harturik duten erakundeek edo administraziok.

8. artikulua. Landa garapenaren urte anitzeko erregio eta eskualde plan estrategikoaren jarraipena eta ebaluazioa.

1. Planean bertan aurreikusiriko ebaluazio sistemarekin bat, Nafarroako Landa Garapenerako Kontseilua arduratuko da plan zuzendaria osatzen duten programak noraino bete diren eta foru lege honen helburu orokor eta sektorialekin bat heldu den baloratzeaz eta, hala ez bada, hala izan dadin sustatzeaz. Horretarako, exekuzio edo jarraipen txosten bat eman beharko du urtean.

2. Dokumentu hori Nafarroako Parlamentura igorriko da, dagokion batzordeak balora dezan.

3. Halaber, Nafarroako Gobernura igorriko da.

II. KAPITULUA

Landa garapenaren arloan eskumenak dituzten organoak

9. artikulua. Landa garapeneko politikaren jarraibideak.

Gobernuak eta toki entitateek Landa garapenaren urte anitzeko erregio eta eskualde plan estrategikoan landa garapeneko politikarako aurreikusiriko jarraibideak gauzatu eta beteko dituzte, baita plana osatzen duten programak egokituko ere. Xede horrekin, behar diren lankidetza hitzarmenak ezarri ahalko dira, zehaztuko den epean eta moduan.

10. artikulua. Nafarroako Landa Garapeneko Kontseilua.

1. Nafarroako Landa Garapeneko Kontseilua eratzen da, lege honen arloan kontsulta, aholkularitza, analisia, plangintza eta ebaluaziorako organo kolegiatua izan dadin.

2. Osaketa irekia izanen da, Nafarroako landa munduaren errealitate anitza kontuan harturik, eta esparru publikoaren eta pribatuaren arteko topagunearen izaera izanen du.

11. artikulua. Nafarroako Landa Garapenerako Kontseiluko kideak. 1. Nafarroako Landa Garapenerako Kontseilua ondoko kide hauek osatuko dute:

a) Foru lege honen xedea den gaian eskudun diren Nafarroako Gobernuko ordezkariek.

b) Nafarroako Gobernuak aitorturikoak diren landa garapenerako toki elkarteen ordezkariek.

c) Nafarroako Foru Komunitatean dauden nekazaritza arloko lanbide erakundeen, sindikatuen eta enpresa erakundeen ordezkaritza batek, zeina erregelamendu bidez zehaztuko baita.

2. b) eta c) letretan adierazitako erakunde eta entitateen ordezkariak euren erakundeek hautatuko dituzte.

3. Erregelamendu bidez ezarriko dira, gehienez ere sei hilabeteko epean, Kontseiluaren funtzionamendu-araubidea, pertsona bakarreko karguak hautatzeko prozedura eta bertako kideak ordezteko prozedura.

12. artikulua. Plana egiteko prozedura.

1. Nafarroako Landa Garapeneko Kontseiluak Nafarroako Parlamentura igorriko du Nafarroako landa garapeneko urte askotako planaren proiektua, onets dezan.

2. Plana egiteko prozedura horrela hasiko da: Kontseiluak proposamen bat erredaktatuko du, planaren aurrerapena izanen dena.

3. Aurrerapena planeko jarduketen arloan eskumena duten administrazio, erakunde eta departamentura igorriko da, ezarritako epeetan oharrak, iradokizunak, alternatibak eta proposamenak egin ditzaten. Era berean, jendaurrean jarriko da, eta interesa duten pertsonek eta entitateek alegazioak egin ahalko dituzte epe horretan berean. Prozesu horren ondotik, Nafarroako Kontseiluak onetsiko du planaren proiektua, Parlamentura igortzeko, behin betiko onets dadin.

LEHENDABIZIKO XEDAPEN GEHIGARRIA

Nafarroako Landa Garapeneko Kontseilua eratzea

Nafarroako Landa Garapeneko Kontseilua foru lege honek indarra hartu eta ondoko hiru hilabeteko epearen barnean eratuko da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Plan estrategikoa egiteko epea

Landa garapenaren urte anitzeko erregio eta eskualde plan estrategikoa foru lege honek indarra hartu eta urtebeteko epearen barnean eginen da.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENDABIZIKOA

Erregelamenduzko garapena

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko behar diren erregelamendu mailako xedapenak eman ditzan. AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Indarra hartzea

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra