Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Nafarroako Foru Komunitatearen zuzenbidea  >>  Legeria

20/2003 Foru Legea, martxoaren 25ekoa, Familia ugariei buruzkoa

2003-03-25

Erakundea: Nafarroako Parlamentua

Argitalpena: NAO, 2003/4/2, 41. zk

20/2003 FORU LEGEA, martxoaren 25ekoa, Familia ugariei buruzkoa. NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela

FAMILIA UGARIEI BURUZKO FORU LEGEA

ZIOEN AZALPENA

Espainiako Konstituzioaren hirugarren kapituluak gizarte eta ekonomiaren arloko politika zuzendu behar duten oinarriak aipatzen ditu, eta 39.1 artikuluan ezartzen du botere publikoek ziurtatu behar dutela familiaren babes sozial, ekonomiko eta juridikoa.

Konstituzioaren agindu horrek lotura zuzena izan behar du gure Konstituzioaren 9.2 artikuluan jasotzen denarekin; alegia, botere publikoen betebeharra dela beharrezkoak diren baldintzak sustatzea banakakoaren eta berau sartzen den taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eraginkorrak izan daitezen, horien betetasuna galarazten edo zailtzen duten eragozpenak kentzea eta politika, ekonomia, kultura eta gizartearen arloan hiritar guztiek parte har dezaten erraztea.

Dudarik gabe, familiak bizi diren errealitate sozio- ekonomikoa nabarmen aldatu da azken urteotan, baita ase beharreko premiak eta eskura dituzten bitartekoak ere, gehien bat familia larrien kasuan.

Bada kontuan hartu beharreko beste alderdi bat, familia ugariarentzako babestu beharra areagotzen duena, eskubide eta betebehar sozialen artean egon beharreko elkarrekikotasuna alegia. Bikote batek bere egoera lege ondorioetarako erregularizatzea erabakitzen denean gertatzen den bezala, harreman horrek eskubide eta betebehar sozial eta pertsonalak eragiten baititu, familiek seme- alabak dituztenean zenbait betebehar sortzen dira horiekiko eta gizartearekiko. Halaber, elkar eraginez, betebehar horiek duintasunez betetzeko ahalmena emanen dieten eskubide sozial batzuk ere izan behar dituzte.

Ezinbestekoa da neurri zehatz eta puntualez haratago joanen den politika orokorra egitea familiaren arloan. Ekonomiaren ikuspegi hutsetik aintzat hartu beharreko gaia da ekonomiaren hazkundea oso loturik dagoela giza kapitalarekin eta beronen prestakuntzarekin.

Giza kapitalaren ikuspuntutik hazten ez den gizartea erabateko porrotera bidean doa, baita ekonomiari dagokionez ere. Behar-beharrezkoa da horrenbestez botere publikoek babesa ematea horrelakorik gerta ez dadin aktiboki ahalegintzen direnei. Gizartearentzat onak diren jarduerak babesten baldin badira, soilik maila ekonomiari begira eta familiaren duintasuna iraintzeko asmorik gabe, halakoak diren familiak ere babestu beharko lirateke.

Beharrezkoa da zuzenketak egitea familien zuzeneko fiskalitatean, baina berehalako jarduketen helburua izan behar da familia horientzako zerbitzuen prestazioa hobetzea, zuzeneko laguntza ekonomikoen bitartez, zerbitzu publikoak eta pribatuak ere _irakaskuntza_ eskuratzeko erraztasunak emanez eta, batez ere, gastuak murrizten laguntzea. Bereziki aurreikusi behar da, halaber, amatasunaren egoera orokorra _familiak beste seme-alaba batzuk dituen kasuan, zehazki_ , eta amatasuneko bajaren aldia luzatu egin behar da hiru urtetik beherako seme-alabak edukiz gero, etxeko laguntza eman, haurtzaindegiko zerbitzuak ere eskura jarri eta abar.

Nafarroako Parlamentuak 2002an onetsi zuen familiari laguntzeko plana, familia ugarien ezaugarri bereziak lege bidez arautzeko premia aurreikusten duena.

Nafarroan 7.500 titulu inguru izanen dira, eta horietatik 5.347k izanen dute indarra, gutxi gorabehera; aise froga daiteke, ordea, famili ugarien kopurua askoz handiagoa dela Foru Komunitatean, baina familiek ez dutela arrazoi handirik ikusten titulua eskuratu edo eskatzeko, ikusirik zein prestazio gutxi dakarren.

Familia ugaria izateagatik egun eskaintzen diren prestazioak, laburbilduta, irakaskuntza, garraioa, aisialdia eta horrelakoetarako laguntzak dira.

Beste autonomia erkidegoetan deskontuak egiten dira zerbitzu publikoetan, hala nola ur zerbitzuan, hiriko autobusetan, haurtzaindegietan, kanpalekuetan, osasun establezimenduetan. Gauza bera gertatzen da Europako beste herrialde batzuetan, batez ere Suedian, Alemanian, Luxenburgon, Belgikan eta Frantzian.

Aski da aipatzea Suediako kasua, bertan familiari gizarte babesa emateko prestazioek ehuneko 12,7 egiten baitute, eta Alemanian eta Frantzian, berriz, ehuneko 8,1 eta; Espainian, ordea, ehuneko 0,9, Eurostaten datu ofizialen arabera. Eta ez ditugu aipatuko familiek seme- alaba bat jaiotzeagatik Frantzian, Alemanian edo Belgikan jasotzen dituzten prestazioak. Zilegi da esatea Nafarroako gizartearen errenta eta ongizatearen parametroak europarrak izanik, logikoa dirudiela familia ugariek ere europarren onura berdinak izatea.

Familia ugarien kopurua Nafarroan 18.800 da, familia ugariaren txartela dutenen kopurutik _5.347_ urruti samar dagoena; horrenbestez, familia ugariek 98.800 pertsona inguru hartzen dute, hau da, Nafarroako populazioaren ehuneko 20, gutxi gorabehera.

Horregatik guztiagatik beharrezkoa da egungo legeria, batez ere Familia ugariei buruzko ekainaren 19ko 25/1971 Legea, oinarritik aldatzea. Beharrezkoa da familia ugaria babesteko orain artekoa baino zuzenagoa izanen den legeria ematea. Nafarroak ezin du bazter utzi, haren eskumenen esparruan, familia ugariek behar duten babesa ematea, eta horrexegatik proposatzen da honen bidez arautzea.

Familien babes sozial, ekonomiko eta juridikoaren arloan beharrezkoa da botere publikoek familia ugarien babes- mailan funtsezko hobekuntzak ezartzea, laguntza eta zerbitzuak lehentasunez bideratuz zailtasun edo ahulezia larriena pairatzen duten familiei, hala nola: erditze anizkoitzetan jaiotako seme-alabak, familia-unitatearen askitasun ekonomikorik eza, familiako edozein kideren ezgaitasun frogatua, edo familia, gizarte eta kultura esparruetan urritasunak izatea.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak 1. artikulua. Xedea.

1. Foru lege honek familia ugarientzako laguntzaren erregulazioa ezartzen du. Laguntza hori gauzatzeko diru- laguntza berariazkoak eta sostengua emanen zaie familia ugariei hainbat esparrutan: hezkuntza, osasuna, etxebizitza, garraioa eta tratamendu fiskala.

2. Foru lege honek ezarritako laguntzak erregelamendu bidez ezarritako per capita errentaren arabera arautuko dira.

2 artikulua. Aplikazio eremua.

Foru lege honetako xedapenak nafarrak diren edo Foru Komunitatean bizi diren familia guztiei aplikatuko zaizkie, baldin eta legez ezarritako betebeharrak betetzen badituzte.

3. artikulua. Familia ugariaren kontzeptua.

Familia ugaria da foru lege honetan ezarri diren baldintzak bete eta honako kide hauek dituena:

a) Aita, ama eta hiru seme-alaba edo gehiago.

b) Aita, ama eta bi seme-alaba, baldin eta horietako batek, gutxienez, legez aitorturiko ezgaitasuna edo ezintasuna badu.

c) Alargunak, legez edo egitatez banandurik daudenak edo ezkontza desegina dutenak, gehi hiru seme-alaba.

d) Aita, ama, bietako bat edo biak ezgai badira edo lanerako ezintasun iraunkor bat aitorturik badute, gehi bi seme-alaba.

e) Artikulu honetako a) eta b) letretan ezarritako seme-alaba kopurua daukaten eta zehazturiko baldintzak betetzen dituzten ama eta aita ezkongabeak.

4. artikulua. Ondorengoen baldintzak.

Familia ugaria legez izateko, ondorengoek baldintza hauek bete beharko dituzte:

1. Ezkongabeak eta 21 urtetik beherakoak izatea edo, adinez zaharragoak izanez gero, ezgaitasun iraunkorra behar bezala egiaztatua izatea.

2. Familia unitatearekin bizitzea eta ekonomikoki haren menpekoak izatea.

3. Ikasketa arauturen bat egiten ari diren eta horren frogak aurkezten dituzten 21 urtez gorakoek adin- luzapen bat izanen dute, 25 urtera arte.

5. artikulua. Familia ugarien kategoriak.

1. Familia ugariak, 3 eta 4. artikuluetako baldintzak betetzen dituzten seme-alaben kopuruaren arabera, honako kategoria hauetan sailkatuko dira:

a) Lehen kategoria, hiru edo lau seme-alaba dituzten familiak. b) Bigarren kategoria, bost edo sei seme-alaba dituzten familiak.

c) Hirugarren kategoria, zazpi seme-alaba edo gehiago dituzten familiak.

2. Lege honen ondorioetarako, ezgaitasuna duen seme- alaba bakoitza bi balira bezala hartuko da.

6. artikulua. Familiaren Zuzendaritza Nagusia.

Familiaren Zuzendaritza Nagusia familia ugarientzako zuzeneko eta zeharkako laguntzak zentralizatuko dituen organoa izanen da, eta foru lege honetan aurreikusiriko neurriak gauzatzeko behar diren baremoak eta prozedurak ezarriko ditu.

II. KAPITULUA

Hezkuntzako neurriak

7. artikulua. Babes-ekintza hezkuntza ez- unibertsitarioan.

Familia ugarientzat baremo bereziak egonen dira hezkuntza ez-unibertsitarioko tarte guztietan, liburuetarako, eskola materialerako, jantokirako eta garraiorako laguntzak eta bekak emateko.

8. artikulua. Babes-ekintza unibertsitateko hezkuntzan.

Nafarroako Gobernuak erregelamenduz garatuko ditu unibertsitateko hezkuntzako beka berezien laguntzak familia ugarientzat, beka bereziak izanen baitituzte irakaskuntzako gastuei, joan- etorrietakoei eta lojamenduei aurre egiteko.

9. artikulua. Hobari sistema.

Nafarroako Gobernuak erregelamenduz garatuko du familia ugarientzako hobari sistema bat gizarte etxe, aterpe, udal kanpaleku eta aisialdiko lokaletako tarifetan, bai eta kultur ondasunetara, kirol eta aisiako jardueretara sartzeko tarifetan ere, Nafarroako administrazio publikoetako menpekoak izan eta Foru Komunitatean badira.

10. artikulua. Hobariak garraio publikoan eta eskolakoan.

Garraio publikoaren eta eskolakoaren erabileran hobariak ezarriko dira Nafarroako Foru Komunitatearen esparruko familia ugarietako kideen alde.

III. KAPITULUA

Gizarte eta osasun neurriak

11. artikulua. Babes-ekintza.

Nafarroako Gobernuak laguntzak ezarriko ditu familia ugarientzat, osasun tratamenduek _ortodontzia, entzumenekoak, oftalmologikoak, ortopedikoak, psikologikoak, pedagogikoak edo etxeko laguntzakoak_ eragindako gastuei aurre egiteko.

IV. KAPITULUA Etxebizitzaren arloko neurriak

12. artikulua. Etxebizitzaren arloko babes jarduera.

Familia ugarientzat, Nafarroako Gobernuak erregelamendu bidez babes ofizialeko etxebizitzen erreserba bat ezarriko du, ezgaitasunen bat duten pertsonentzat finkatutakoaren modukoa; etxebizitza horien ezaugarriak eta azalera erabilgarria _90 metro koadro baino handiagoak izan ahalko dira_ zehaztuko dira bertan.

Deialdi publikoa eta baremoen aplikazioa aginduzkoa den babes ofizialeko etxebizitzen adjudikazioan, berariaz puntuatuko da familia ugaria izatea.

Nafarroako Gobernuak arautu eginen du familia ugariei ondoko arloetan hobariak ematea:

a) Lehendabiziko etxebizitzaren lurralde kontribuziorako, azalera handiagoa behar dutela kontuan hartuta, premia horrek familia ugarientzat kostua areagotzea ekarri gabe.

b) Babes ofizialeko eta prezio tasatuko etxebizitzak erosteko edo familiako kideen kopurua handitu delako azalera handiagoko etxebizitza batera aldatzeko maileguetako amortizazio eta interes kuotak.

c) Etxebizitzak zaharberritzeko edo/eta familiako kideen kopurua handitu delako etxebizitzaren azalera handitzeko lanak egiteko maileguetarako amortizazio eta interes kuotak.

V. KAPITULUA

Zehapen araubidea

13. artikulua. Zehapen araubidea.

1. Foru lege honen onuradunek foru lege honetan xedatutakoa edozein modutan ezkutatu, faltsutu edo doluz hautsiz gero, Nafarroako Gobernuaren zehapena jasoko du: 601,01 eurotik 6001,01 eurora bitarteko isuna edo foru lege honetan ezarritako onurez gabetzea, edo bi neurriak batera.

2. Pertsona horiek, eskubiderik izan gabe onura batzuez nahita gozatzeagatik iruzurra egiten badute, Nafarroako Gobernuan horretaz arduratzen den departamentuak dagokion onuraren arabera ezarritako zehapena jasoko dute, iruzurraren xede izan den zenbatekoaren halako bi eginen duen isuna alegia, salbu eta iruzurrari aplikatzekoa zaion legeriari jarraikiz zenbateko handiagoko zehapena paratzen ahal ez bada.

3. Artikulu honetan xedatutakoak ez ditu baztertuko aipatzen diren gertaerek eragin ditzaketen erantzukizun zibilak edo penalak.

LEHENBIZIKO XEDAPEN GEHIGARRIA

Familiaren Zuzendaritza Nagusia sortzea

Familiaren Zuzendaritza Nagusia sortzen da; Nafarroako Gobernuak ezarriko ditu, erregelamendu bidez, haren eginkizunak eta mendekotasun organikoa. Familiaren Zuzendaritza Nagusiak bete beharko dituen eginkizunen artean, lehentasuna emanen zaio Nafarroako Foru Komunitateko Familiari laguntzeko departamentu arteko plana abiarazi eta koordinatzeari, bai eta foru lege honetan aurreikusiriko neurri guztiak eta ondoren erregelamenduz eginen den garapena ere.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Neurriak garatzea

Foru lege honetan bildutako neurriak garatzeko, Nafarroako Gobernuak kontuan hartuko ditu, familia ugarien seme-alaben kopurua eta per capita errentaz gain, beste inguruabar batzuk ere, hala nola familia-unitateko edozein kideren ezgaitasuna eta familia behartsuen ahulezia-egoera.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten xedapen guztiak

AZKEN XEDAPENETAN LEHENBIZIKOA

Neurri fiskalak

Nafarroako Gobernuak foru lege proiektu bat igorriko du Nafarroako Parlamentura, familia ugarientzako sostengu eta sustapenerako neurri fiskal batzuk aurreikusiko dituena familia hauen fiskalitatea hobetzeko zenbait alderditan, hala nola, familia ugariei aplikatu beharreko zerga arintzeak, ibilgailuen gaineko zergak eta abar.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Erregelamendu garapena

Nafarroako Gobernuak, sei hilabeteko epean, foru lege honek ezarritakoak aplikatu eta garatzeko behar diren erregelamenduak emanen ditu.

AZKEN XEDAPENETAN HIRUGARRENA

Indarrean sartzea

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta 2003ko urtarrilaren 1etik aitzina sortuko ditu ondorio ekonomikoak.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra