Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Nafarroako Foru Komunitatearen zuzenbidea  >>  Legeria

213/2002 Legegintzako Foru Dekretua, urriaren 14koa, Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bategina onesten duena

2002-10-14

Erakundea: Nafarroako Parlamentua

213/2002 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, urriaren 14koa, Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bategina onesten duena. Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 51. artikuluaren arabera, Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko otsailaren 13ko 1/1987 Legeak Nafarroako Administrazio Publikoen menpeko Polizia Kidegoen araubidea ezarri zuen.

Nafarroako Administrazio Publikoetako langileendako neurriei buruzko maiatzaren 24ko 10/2001 Foru Legeak; Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legea aldatzen duen uztailaren 5eko 19/2001 Foru Legeak; eta Nafarroako Administrazio Publikoetako langileendako neurriei buruzko maiatzaren 24ko 10/2001 Foru Legea eta Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legea aldatzen dituen apirilaren 3ko 8/2002 Foru Legeak Kidego haien araubidea hein batean aldatu dute.

Nafarroako Parlamentuak, uztailaren 2ko 21/2002 Foru Legearen bidez, baimena eman dio Nafarroako Gobernuari, lau hilabeteko epean, Legegintzako Foru Dekretu baten bidez, Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bategina onets dezan.

Legegintzarako eskuordetza horretaz baliaturik, Nafarroako Gobernuak eranskinean doan Testu Bategina prestatu du, arautegi bakar batean Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legean eragina duten eta gaur egun indarra duten lege guztiak biltzen dituena.

Nafarroako Kontseiluak, 2002ko irailaren 24ko bilkuran, adostasun txostena eman zuen Legegintzako Foru Dekretu honetaz, uste baitu honen edukia bat datorrela legegintzarako baimenarekin eta hura arautzen duten legeekin.

Horiek horrela, Gizarte Ongizateko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko uztailaren bian egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra._Onesten da Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bategina, Legegintzako Foru Dekretu honen Eranskinean ageri dena.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Legegintzako Foru Dekretu hau Nafarroako Parlamentura igorriko da, Ganbera horren Erregelamenduko 158. artikuluko 6. idatz-zatiak agintzen duena betetzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bateginean xedaturikoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta zehazki honako hauek:

_Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legea. _Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legea aldatzen duen uztailaren 2ko 10/1992 Foru Legea.

_Nafarroako Administrazio Publikoetako langileendako neurriei buruzko maiatzaren 24ko 10/2001 Foru Legeko II. kapitulua (7. artikulutik 13. artikulura bitarte, biak barne) eta 16. eta 17. artikuluak.

_Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legea aldatzen duen uztailaren 2ko 19/2001 Foru Legea.

_Nafarroako Administrazio Publikoetako langileendako neurriei buruzko maiatzaren 24ko 10/2001 Foru Legea eta Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legea aldatzen dituen apirilaren 3ko 8/2002 Foru Legeko 2. artikulua.

AZKEN XEDAPENA

Legegintzako Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko urriaren hamalauan._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

ERANSKINA

Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen testu Bategina

ATARIKO TITULUA

1. artikulua. 1. Foru Lege hau Nafarroako Administrazio Publikoen menpeko Polizia Kidegoei aplikatuko zaie.

2. Foru Lege honetan Polizia Kidegotzat hartuko dira herritarren segurtasuna mantentzen dihardutenak, funtzionario publikoek osatuak, izaera zibilekoak eta egitura hierarkikokoak.

3. Nafarroako Gobernuaren menpeko poliziako langileek Kidego bakar bat osatuko dute, Nafarroako Foruzaingoa deritzona.

4. Poliziako zerbitzu eta langileak dituen Nafarroako toki entitate bakoitzean, haiek Kidego bakar bat osatuko dute.

I. TITULUA

Nafarroako Foruzaingoa

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

2. artikulua. Nafarroako Foruzaingoak, Nafarroako Gobernua agintari gorena duenak, agintaritza hori haren lehendakariaren bidez gauzaturik, Foru Lege honetan aipatzen diren eginkizunak izanen ditu. 3. artikulua. Foruzaingoak Nafarroako Foru Komunitatea izanen du jarduteko eremua.

4. artikulua. Nafarroako Foruzaingoa haren egiturari buruzko arauetan aipatzen den Foru Komunitateko Administrazioko Departamentuan kokatuko da organigramari dagokionez.

II. KAPITULUA

Antolamendua eta eginkizunak

1. SAILA

Antolamendua

5. artikulua. Nafarroako Foruzaingoa, egiturari dagokionez, Foru Komunitateko Administrazioko zerbitzutzat hartuko da. Haren barne antolamendua Foru Lege honetan eta hau garatzen duten erregelamenduetan xedaturikoari jarraikiz arautuko da.

6. artikulua. 1. Ekintzei dagokienez, Foruzaingoa foruzainburuaren menpean egonen da.

2. Foruzaingoko kideek postu hauek banatuko dituzte:

_Ofiziala.

_Inspektorea.

_Inspektoreordea.

_Sarjentua.

_Kaporala.

_Foruzaina.

Erregelamenduen bidez idatz-zati honetan aipatzen den postu bakoitzari dagozkion eginkizunak ezarriko dira.

3. Aipatu diren postuek antolamendu hierarkikoa dute.

7. artikulua. 1. Foruzaingoko kideek, betiere, lanean dihardutela, uniformea jantziko dute. Kontseilari eskudunak, zerbitzuak behar dituen kasuetan, baimena emanen die kide batzuei uniformea jantzi gabe beren eginkizunetan aritzeko.

2. Erregelamenduen bidez uniforme, bereizgarri eta agurrei buruzko arauak emanen dira.

8. artikulua. 1. Foruzaingoko kideek, beren eginkizunetan dihardutela, erregelamenduen bidez ezartzen diren iskiluak eramanen dituzte.

2. Iskiluak aplikatzekoak diren Estatuko legeetan xedaturikoari jarraikiz erabiliko dira.

2. SAILA Eginkizunak

9. artikulua. 1. Nafarroako Foruzaingoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Herritarren segurtasuna, eskubide eta askatasun publikoen erabilera baketsua eta pertsonen eta ondasunen babesa bermatzea.

b) Foru Komunitatean auto-zirkulazioa antolatzea, eskumenak banatzeko Estatuarekin izenpetzen diren eta unean-unean indarra duten hitzarmenekin bat.

c) Garraioen arloan jardun eta hura ikuskatzea, indarra duten legeetan xedaturikoarekin bat.

d) Foru Komunitateko erakunde ofizialen menpeko pertsona, eraikin eta instalazioak zaindu eta babestea.

e) Foru Komunitateko erakunde ofizialen arau, xedapen eta egintzak betetzen direla begiratzea, ikuskatuz, salatuz eta nahitaez betearaziz.

f) Pertsonak eta ondasunak babestu eta haiei laguntzea, bereziki larrialdietan, herritarren babeserako berariazko planetako xedapenen arabera.

g) Nafarroako toki entitateetako agintariekin elkarlanean aritzea, baldin eta haiek eskatzen badute, aplikatzekoak diren xedapenetan ezartzen den moduan.

h) Polizia judiziala, legeek adierazten dituzten kasu eta moduetan.

i) Eremu publikoak zaintzea, agerraldiak eta, oro har, elkarretaratze handiak babestu eta antolatzea.

j) Legeak eta orotariko gainerako xedapenak betetzen direla begiratu eta oinarrizko zerbitzu publikoen funtzionamendua bermatzea, agintari eta erakunde eskudunekin elkarlanean.

k) Legeek esleitzen dioten beste edozein.

2. Foruzaingoak oinarrizko legeetako irizpideei eta legeetan eta hauek garatzeko erregelamenduetan aurreikusten diren arauei jarraikiz beteko ditu bere eginkizunak.

10. artikulua. 1. Nafarroako Gobernuak, Foruzaingoaren egitura organikoaren barruan, polizia judizialeko unitateak antolatzen ahalko ditu, eta epaitegi edo auzitegiei eta Ministerio Fiskalari esleitzen ahalko dizkie.

2. Polizia judizialeko unitate horiek Nafarroako Foruzaingoko kideek osatuko dituzte, eginkizun horietan aritzeko behar den prestakuntza espezializatua jaso ondoren.

3. Artikulu honetan aipatzen diren unitateei Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoaren 31., 33., 34. eta 35. artikuluetako xedapenak aplikatuko zaizkie.

II. TITULUA

Udaltzaingoak I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

11. artikulua. 1. Nafarroako toki entitate baten edo horretarako elkartu diren toki entitate batzuen menpeko segurtasun publikoko zerbitzuak jotzen dira Udaltzaingotzat.

2. Nafarroako Udaltzaingoek, alkatea edo udal-elkarteko lehendakaria buru nagusi, Lege honek, toki araubideari buruz Nafarroari aplikatzen zaizkion legeek eta Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko 2/1986 Lege Organikoak ezartzen dituzten eginkizunak izanen dituzte, baita legez esleitzen zaien beste edozein ere.

3. Udaltzaingoak kasuan kasuko udalerria izanen du jarduteko eremua, egoera berezietan izan ezik, horietan mugape horretatik kanpo ere aritzen ahalko baitira, aritu beharreko lurraldeko agintari eskudunei halaxe eskatu ondoren.

12. artikulua. 1. 5.000 bizilagun edo gehiago dituzten Nafarroako Udalek beren Udaltzaingoak sortzen ahalko dituzte.

2. Horretarako eskumena duten udal-elkarteen ondoriozko toki entitateek ere sortzen ahalko dituzte Polizia Kidegoak, batera bizilagun haiek edo gehiago badituzte.

3. Salbuespen gisa, Nafarroako Gobernuak baimena ematen ahalko die aurreko lerroaldeetan aipaturiko toki entitateei Polizia Kidegoak sortzeko, 5.000 bizilagun baino gutxiago izanik ere, beharra edo premia dagoenean.

13. artikulua. 1. Udaltzaingorik gabeko toki entitateek guardak, zaindariak, agenteak, albienteak eta antzekoak hartzen ahalko dituzte artikulu honetako 3. idatz-zatian ezarritako eginkizunak izateko. Langile horiei guztiei "albienteak" esanen zaie.

2. Albienteak, iskiluak dituztela edo ez, beren eginkizunetan dihardutenean, agintaritzaren agentetzat joko dira eta horixe frogatuko dute behar diren agirien bidez.

3. Albienteek, berezko eginkizunez gain, hauek burutzen ahalko dituzte:

a) Udalaren ondasun, zerbitzu, instalazio eta bulegoak babestu eta zaintzea.

b) Hiribarrenean zirkulazioa antolatzea, arauekin bat.

c) Herritarrei lagundu eta haiek babesteko eginkizunean parte hartzea, legeetan xedaturikoarekin bat.

d) Udalaren erregelamendu, ordenantza, bando eta ebazpenak betearaztea, baita haren gainerako xedapen eta egintzak ere.

4. Albienteek Foru Lege honen arabera espresuki aplikatu behar zaiena eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuko arauak beteko dituzte. Albienteak hautatu eta plantillan sartzeko prozeduran, izendatuak izan aitzin, ezinbesteko betebehar gisa, prestakuntzarako berariazko ikastaro bat gainditu beharko dute Nafarroako Segurtasun Eskolan. 5. Udaltzaingoa sortzeko betebeharrak betetzen dituzten toki entitateek, beren plantilletan udaltzain eginkizunetan diharduten guarda, zaindari, agente, albiente edo gauzain lanpostuak edo antzekoak izanez gero, behin bakarrik dei egiten ahalko diete funtzionario haiei udaltzain bihurtzeko era murriztuan eginen diren hauta-probetarako, baldin eta baldintza hauek betetzen badira:

a) Toki entitateak, deialdia baino lehen, Udaltzaingoa sortu beharko du.

b) Deialdian 31. artikuluko 2. idatz-zatian aipatzen den prestakuntzarako ikastaroa eskatuko zaie egina ez duten hautagaiei eta abiaburuko lanpostuan sartzeko gainditua dutenei, orduz geroztik hiru urte baino gehiago pasa badira.

Deialdi horren ondorioz Kidegoa osatzeko erregelamendu bidez eskatzen diren behar bezainbat udaltzain izendatu ezin izan badira, toki entitateak hutsik gelditzen diren lanpostuetarako dei egin beharko du gehienez ere urtebeteko epean.

14. artikulua. Kontzejuek, dagokien Udalarekin, hitzartzen ahalko dute haren langileek beren eskumeneko segurtasun publikoko eginkizunetan parte har dezatela.

II. KAPITULUA

Antolamendua

15. artikulua. 1. Nafarroako Udaltzaingoek antolamendu hierarkikoa izanen dute. Haien kideek postu hauetariko bat edukiko dute:

_Ofiziala.

_Inspektorea.

_Inspektoreordea.

_Sarjentua.

_Kaporala.

_Udaltzaina.

2. Udaltzaingoa duten toki entitateek hura antolatzeko erregelamendua prestatuko dute. Horretan postuak edo mailak, haietariko bakoitzaren eginkizunak eta Kidegoko unitateak agertuko dira.

16. artikulua. 1. Udaltzainburuak izanen du Udaltzaingoko agintaritza ekintzei dagokienez.

2. Alkateak edo Mankomunitateko lehendakariak izendatuko du udaltzainburua.

17. artikulua. 1. Ofizial-postua gutxienez ere laurogei kide dituzten Udaltzaingoetan bakarrik izanen da.

2. Inspektore-postua berrogei kide edo gehiago dituzten Udaltzaingoetan bakarrik izanen da.

3. Inspektoreorde-postua hogei kide edo gehiago dituzten Udaltzaingoetan bakarrik izanen da. 4. Sarjentu-postua hamabi kide edo gehiago dituzten Udaltzaingoetan bakarrik izanen da.

5. Kaporal-lanpostua Udaltzaingo guztietan izanen da.

18. artikulua. 1. Nafarroako Gobernuak, Udaltzaingoak Koordinatzeko 23. artikuluan aipatzen den Batzordeak txostena eman ondoren, Udaltzaingo guztiak baliabide teknikoei, uniformeei, jarduteko irizpideei eta deontologia profesionalari dagokienez bateratzeko behar diren erregelamenduzko xedapenak ematen ahalko ditu. Udaltzaingoei buruzko erregelamenduek bat etorri beharko dute xedapen haietan aurreikusirikoarekin.

2. Foruzaingoko kideek, betiere, lanean dihardutela, uniformea jantziko dute. Kontseilari eskudunak, zerbitzuak behar dituen kasuetan, baimena emanen die kide batzuei uniformea jantzi gabe beren eginkizunetan aritzeko.

3. Udalek edo udal-elkarteek arauak emanen dituzte uniforme, bereizgarri eta agurrei buruz.

4. Foruzaingoko kideek, beren eginkizunetan dihardutela, erregelamenduen bidez ezartzen diren iskiluak eramanen dituzte.

5. Iskiluak aplikatzekoak diren oratariko legeetan xedaturikoari jarraikiz erabiliko dira.

III. KAPITULUA

Foru Komunitateko Administrazioaren lankidetza toki entitateekiko

19. artikulua. Nafarroako Gobernuak, toki entitateek eskaturik, Nafarroako Foruzaingoari esleituriko baliabideek ahalbidetzen duten ber, haien eskumeneko segurtasun publikoko zerbitzuak uzten ahalko ditu, kasu zehatz batzuetan, toki entitateen baliabideekin ezin egin direnean. Dena dela zerbitzu hori ez da behin ere betikoz emanen.

20. artikulua. 1. Toki entitateek eta Nafarroako Gobernuak elkarri eman beharko dizkiote argibideak segurtasun publikoaz eta kasuan kasuko Polizia Kidegoen jarduketez, eta beren eginkizunetan elkarlanean aritu beharko dute.

2. Toki entitateek eta Nafarroako Gobernuak lankidetza hitzarmenak izenpetzen ahalko dituzte batera diharduteneko arloetan, baita Polizia Kidegoak koordinatzekoak ere.

3. Nafarroako Gobernuak eta berezko Udaltzaingorik ez duten toki entitateek lankidetza hitzarmenak izenpetzen ahalko dituzte Nafarroako Foruzaingoak, haien lurraldeetan, berezko eginkizunez gain, Udaltzaingoari dagozkionak bete ahal ditzan.

IV. KAPITULUA

Udalez gaindiko Poliziak

21. artikulua. 1. Berezko Polizia Kidego bat mantentzeko sortzen diren udal-elkarteak, baita bestelako helburuen artean Kidego hori sortu asmo dutenak ere, borondatezko Mankomunitate bihurtuko dira. 2. Mankomunitate horietako Estatutuetan espresuki agintaritza bakar bat ezarriko da. Haren menpe egonen da Polizia Kidegoa. Poliziako burua edo antzeko kargua izendatuko du.

3. Mankomunitatearen Polizia Kidegoa entitatea osatzen duten eta zerbitzu horri atxiki zaizkion udalerri edo kontzeju guztietan berdintsu arituko da.

22. artikulua. Nafarroako Gobernuak, Polizia Kidegorik sortzeko adinako bizilagun ez dituzten toki entitateen eskualdeetan, bizilagun-trinkotasuna edo, segurtasun publikoari dagokionez, berezko ezaugarriak direla-eta, halaxe komeni denean, Mankomunitatearen menpeko Udaltzaingoa sortzeko neurri pizgarriak hartzen ahalko ditu.

Horretarako, Nafarroako Gobernuak laguntza teknikoko hitzarmenak izenpetzen ahalko ditu kasuan kasuko toki entitateekin.

V. KAPITULUA

Udaltzaingoen koordinazioa

23. artikulua. 1. Udaltzaingoak koordinatzeko Nafarroako Gobernuari dagozkion eginkizunak Foru Komunitateko Administrazioko Departamentu batek izanen ditu, haren egiturari buruzko arauek adierazten dutenak, hain zuzen ere.

2. Departamentu hari aholkuak emateko Nafarroako Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordea izeneko erakundea sortzen da.

3. Nafarroako Gobernuak, 18. artikuluan ezarririko moduan, Udaltzaingoak koordinatzeko behar diren baliabideak sortuko ditu. Halaber, toki entitateen arteko lankidetza bideratuko du eta aholkuak emanen dizkie haiei.

24. artikulua. 1. Aurreko artikuluan aipatzen den Udaltzaingoen arteko jarduketen koordinazioak eginkizun hauek bilduko ditu:

a) Barne egitura eta antolamenduaren oinarrizko arauak, Nafarroako Udaltzaingoei buruzko erregelamenduek bete beharko dituztenak.

b) Baliabide teknikoen berdinketa bultzatzea.

c) Udaltzaingoetan sartu, prestatu eta haietako mailetan gora igotzeko oinarrizko baldintzak finkatu eta horretarako behar diren baliabideak sortzea.

d) Elkarri argibideak emateko sistema ahalbidetzen duten irizpideak ezartzea.

e) Eskatzen duten toki entitateei aholkuak ematea arlo honetan.

f) Udaltzaingoen artean izan litekeen lankidetza antolatzea, unean-uneko edo aparteko betebeharrak asetzeko. g) Toki entitateek beren Udaltzaingoaren gastuak ezin pagatu dituzten eskualdeetan Udalen arteko edo eskualdean eskualdeko Polizia Kidegoen sorrera bultzatu eta sustatzea eta, hala komeni denean, Udaltzaingoen zerbitzuak mankomunatu edo batzea.

2. Eginkizun horiek, betiere, toki agintariek Udaltzaingoaren arloan dituzten eskumenak errespetatuz beteko dira.

25. artikulua. 1. Udaltzaingoak koordinatzeko proiektuei, Nafarroako Gobernuak onets ditzan, Nafarroako Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeak adostasun txostena eman beharko die, arlo honetan organo aholku-emaile gorena baita.

2. Nafarroako Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordea 23. artikuluko 1. idatz-zatian aipatzen den Departamentuari atxikiko zaio eta hamar kide izan ditu, honakoak: Departamentu horretako kontseilaria, Batzordeko lehendakaria izanen dena, Nafarroako toki entitateak ordezkatzen dituzten zazpi kide eta Nafarroako Gobernua ordezkatzen duten beste bi. Idazkaria Departamentu hartako funtzionario bat izanen du. Hizpidea izanen du, baina botorik ez.

Departamentu hartako kontseilariak izendatuko ditu toki entitateak ordezkatzen dituzten kideak, legez osaturiko federazio edo elkarteek proposaturik.

Kontseilari berak hautatu eta izendatuko ditu Nafarroako Gobernua ordezkatzen duten kideak eta idazkaria.

3. 1. idatz-zatian aurreikusirikoaz gain, Koordinatze Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Udaltzaingoak ukitzen dituzten xedapen guztiak jakinaraztea.

b) Arlo horren inguruan proposamenak eta iradokizunak egitea.

4. Koordinatze Batzordeak bere funtzionamendurako arauak prestatuko ditu eta, beharrezkotzat jotzen badu, ponentzia tekniko bat sortzen ahalko du, Batzordeari aholkuak eman diezazkion. Ponentzia horren osaera, funtzionamendua eta eginkizunak osatze erabakian ezarriko dira.

III. TITULUA

Polizia Kidegoetako Langileen Estatutua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

26. artikulua. 1. Polizia Kidegoak dauzkaten Nafarroako Administrazio Publikoek kasuan kasuko plantillan Kidego haietako langileei dagozkien lanpostuak sartuko dituzte.

2. Nafarroako Gobernuari dagokio Foruzaingoko plantillak onetsi eta Kidego hori osatzen duten lanpostuak zehaztea.

3. Tokian tokiko entitateko osoko bilkurari edo gobernu eta administraziorako organo nagusiari dagokio Udaltzaingoak osatzen dituzten lanpostuak zehaztu eta haien plantillak onestea. 27. artikulua. Polizia Kidegoetako kideak kasuan kasuko Administrazio Publikoko funtzionariotzat joko dira, buruaren kargu edo postua izan ezik.

II. KAPITULUA

Polizia Kidegoko burua

28. artikulua. 1. Polizia Kidegoko buruaren kargu edo postua aldi baterako langile batek beteko du.

2. Polizia Kidegoko burua askatasunez izendatzekoa da eta horretarako ez dago aldez aurretik deialdirik antolatu beharrik. Izendapena, baina, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

3. Nafarroako Gobernuari dagokio foruzainburua izendatzea, kontseilari eskudunak proposaturik.

4. Polizia Kidegoko burua askatasunez kentzen ahalko du bere postutik izendatzen duen organo edo agintari berak.

29. artikulua. Polizia Kidegoko buruaren kargua bateraezina da Administrazioko beste edozeinekin, baita beste edozein lan, merkataritzako jarduera edo lanbiderekin ere.

III. KAPITULUA

Poliziako Kidegoetako funtzionarioak

1. SAILA

Hautaketa

30. artikulua. Nafarroako Polizia Kidegoetako funtzionario bihurtzeko hautagaiak deialdi publikoan hautatuko dira, oposizio bidez edo oposizio-lehiaketa bidez, merezimendu eta gaitasun irizpideei jarraikiz.

31. artikulua. 1. Hauta-probak teorikoak eta praktikoak izanen dira eta horietan, gutxienez ere, gaitasun fisikoaren probak, proba psikoteknikoak eta jakintzakoak sartuko dira, kasuan kasuko erregelamenduetan xedatzen denarekin bat.

2. Hauta-proben artean, betiere, prestakuntzarako ikastaro bat egonen da, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak emana. Nafarroako Polizia Kidegoetako funtzionario bihurtzeko nahitaezko betebeharra izanen da ikastaro hori gainditzea.

32. artikulua. 1. Nafarroako Polizia Kidegoetako funtzionario bihurtzeko probetan onartua izateko, betebehar hauek bete behar dira:

a) Espainiako hiritartasuna izatea.

b) Adinez nagusia izatea eta deialdian ezarririko adina ez gainditzea.

c) Kargurako eskatzen den titulu edo postua edukitzea. d) Eginkizun horietan behar den gorputz eta gogo egoera izatea eta ez egotea erregelamendu bidez ezartzen diren salbuespen medikoen koadroan.

e) Deialdian ezartzen den gutxieneko garaiera izatea.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaiturik edo aldendurik ez egotea eta Administrazio Publiko baten zerbitzutik bereizi ez izana.

g) Deialdian aipatzen den ibilgailu mota gidatzeko baimena edukitzea.

2. Betebehar hauek eskabideak aurkezteko epea bukatu aitzin bete behar dira, g) idatz-zatikoa izan ezik, prestakuntzarako ikastaroan onarturiko hautagaien zerrenda argitaratzen den egunean bete beharko baita.

33. artikulua. 1. Nafarroako Polizia Kidegoetako postuak eskuratzeko eskatuko diren ikasketa tituluak 38. artikuluan ezarririko mailei dagozkienak dira.

2. Nafarroako Polizia Kidegoetako plantillako langileek, barne- igoerarako, titulu haien ordez aurreko postuan emaniko urteak aurkezten ahalko dituzte.

34. artikulua. 1. Nafarroako Polizia Kidegoetako kide bihurtzeko hautagaiak kasuan kasuko deialdiko arauen arabera hautatuko dira. Haren edukia erregelamendu bidez zehaztuko da.

2. Deialdiak eta haien arauak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira eta Administrazioarendako, hauta-probetarako epaimahaiendako eta haietan parte hartzen dutenendako bete beharrekoak izanen dira.

35. artikulua. 1. Polizia izateko lanpostu hutsak Polizia Kidegoetan sartzeko hauta-proben bidez beteko dira.

Hauta-proben artean, hauexek eginen dira, baztergarriak izanen direnak:

a) Gorputz egoeraren probak.

b) Orotariko kulturako probak, eskaturiko ikasketa mailarekin bat datozenak.

c) Proba psiko-teknikoak hautagaiak lanpostuaren ezaugarri profesiografikoari egokitzen zaizkion neurtzeko.

d) Proba medikoak.

e) Prestakuntzarako ikastaroa.

Nafarroako Gobernuak deialdia onetsiko du eta nahi izan dutelako halaxe eskatu duten toki entitateen menpeko Udaltzaingoetan sartzeko hauta-probak antolatuko ditu.

2. Kaporal eta inspektoreordearen postu hutsak barne-igoeraren bidez beteko dira, beheragoko postutik eta lehiaketa baten bidez. Lehiaketa horretan merezimenduen balorazioa eta hautagaiak lanpostuaren ezaugarri profesionaletarako egokiak diren neurtzeko proba psikoteknikoak eginen dira eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak lanposturako gaitzeko emanen duen ikastaro bat gainditu beharko da. Ikastaro horretan parte hartu ahal izateko gutxienez ere bi urteko antzinatasuna eskatuko da beheragoko postuan.

3. Sarjentu eta inspektorearen postu hutsak barne-igoeraren bidez beteko dira, beheragoko postutik eta oposizio-lehiaketa baten bidez. Lehiaketa horretan merezimenduen balorazioa eta hautagaiak lanpostuaren ezaugarri profesionaletarako egokiak diren neurtzeko proba psikoteknikoak eginen dira eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak lanposturako gaitzeko emanen duen ikastaro bat gainditu beharko da. Oposizio-lehiaketa horretan parte hartzeko, beherago lanpostuan bi urteko antzinatasuna, gutxienez, eta postuari dagokion ikasketa titulua eskatuko da. Ikasketa tituluaren ordez gutxienez ere bost urteko antzinatasuna edukitzen ahalko da beheragoko postuan.

4. Aurreko bi idatz-zatietan aipatzen diren postuak betetzeko Polizia Kidego bereko kideendako barne-igoerarako txanda bat ezarriko da eta ezarririko betebeharrak betetzen dituzten Nafarroako Polizia Kidegoetako kide guztiendako beste txanda bat. Txanda irekian betetzen ez diren postuak barne-igoera-txandari gehituko zaizkio. Idatz-zati honetan aipatzen den ehunekoa zehaztu ahal izateko, hutsik gelditzen diren hiru postutik lehena eta hirugarrena barne-igoera-txandarako gordeko dira eta bigarrena txanda irekirako.

36. artikulua. 1. Udaltzaingoetako ofizialen postuak oposizio-lehiaketen bidez beteko dira. Oposizio- lehiaketek bi txanda izanen dituzte, bata barne-igoerarakoa eta bestea irekia. Barne-igoera-txandan Nafarroako edozein Polizia Kidegotako kideak lehiatzen ahalko dira, inspektore postuan, egiazki emaniko zerbitzuetan hiru urteko antzinatasuna badute. Txanda horietariko batekin betetzen ez diren postuak besteari gehituko zaizkio. Idatz-zati hau betetzeko, hutsik gelditzen diren bi lanpostutik lehena barne-igoerarako gordeko da eta bestea txanda irekirako.

2. Foruzaingoko ofizialaren postu hutsak oposizio-lehiaketa bidez beteko dira, hiru txandatan:

a) Lanpostu hutsen ehuneko berrogei barne-igoerarako txandan, Nafarroako Polizia Kidegoetako kideendako, inspektorearen postuan egiazki emaniko zerbitzuetan hiru urteko antzinatasuna badute.

b) Postu hutsen ehuneko hogeita hamar txanda irekian, Estatuko Segurtasuneko Indar eta Kidegoen buru, ofizial eta agintariendako, A edo B taldeko postu batean, egiazki emaniko zerbitzuetan, bost urteko antzinatasuna badute.

c) Postu hutsen ehuneko hogeita hamar txanda irekian, A mailari dagokion ikasketa titulua badute.

3. Idatz-zati honetan aipatzen den ehunekoa zehaztu ahal izateko, hutsik gelditzen diren hamar postutik lehena, bigarrena, bosgarrena eta zortzigarrena barne-igoerarako txandarako gordeko dira; hirugarrena, seigarrena eta bederatzigarrena Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetako buru, ofizial eta agintariendako; eta laugarrena, zazpigarrena eta hamargarrena, txanda irekirako.

4. 2. idatz-zatiko a) eta b) letretan aipatzen diren txanden bidez betetzen ez diren postu hutsak txanda irekikoari gehituko zaizkio.

2. SAILA

Polizia Kidegoetako funtzionario bihurtu eta izatetik gelditzea 37. artikulua. 1. Nafarroako Polizia Kidegoetako funtzionario bihurtu eta izatetik gelditzeko modua Nafarroako Administrazio Publikoetako beste funtzionarioendako orotariko xedapenetan ezarririko arau berei jarraikiko zaio, hurrengo idatz-zatian xedatzen dena deusetan galarazi gabe.

2. Nafarroako Polizia Kidegoetan sartzeko hautagaiak prestakuntzarako ikastaroa egiteko onartuak izan badira, praktikaldiko funtzionarioak izanen dira hura egin bitartean. Erregelamendu bidez egoera horretako eskubide eta eginbeharrak arautuko dira.

3. SAILA

Mailak eta graduak

38. artikulua. Nafarroako Polizia Kidegoetako funtzionarioek maila hauek izanen dituzte:

a) Ofiziala eta inspektorea: A maila.

b) Inspektoreordea eta sarjentua: B maila.

c) Kaporala eta foruzaina edo udaltzaina: C maila.

39. artikulua. 1. Aurreko artikuluan aipatzen diren maila guztiek zazpina gradu izanen dituzte.

2. Polizia Kidegoetan sartzen diren funtzionarioak kasuan kasuko mailako 1. graduan sartuko dira, salbuespen hauetan izan ezik:

a) Administrazio Publiko bereko funtzionarioak izanik, Polizia Kidegoan sartzen direnek gradu eta antzinatasun berari eutsiko diote.

b) Foru Diputazioak 1981eko urriaren 29an harturiko Erabakian xedaturikoarekin bat, beste Administrazio Publiko batean emaniko zerbitzuak aitorturik dauzkatenen gradua honelaxe zehaztuko da: aitorturiko zerbitzuetan emaniko zortzi urteen truk gradu bat.

4. SAILA

Barne-igoera

40. artikulua. 1. Nafarroako Polizia Kidegoetako funtzionarioen barne-igoeraren funtsa hauxe da: postuetan goiti egitea, 35. eta 36. artikuluetan ezarririko prozeduren bidez, eta graduetan goiti egitea, 42. artikuluan ezarririko prozeduraren bidez.

2. Nafarroako Polizia Kidegoetako kideek parte hartzen ahalko dute Nafarroako Administrazio Publikoetako langileendako murrizturiko igoera-txandetako prozeduretan, egiazki zerbitzuetan zortzi urte emanak dituztenez geroztik.

41. artikulua. Nafarroako Polizia Kidegoetako funtzionarioak izendatzen ahalko dira aldi baterako goragoko postu batean aritzeko, baldin eta hutsik badago eta igoera-txandan onartuak izateko betebeharrak betetzen badituzte. Aldi baterako izendapena gehienez ere urtebeterako eginen da. Bakarrik luzatzen ahalko da postu horretara igotzeko deialdia onetsirik badago, harik eta postu hutsa behin betikoz bete arte. 42. artikulua. 1. Polizia Kidegoetako funtzionarioak elkarren segidan igotzen ahalko dira beren mailako 1. gradutik 7. gradura, Nafarroako Administrazio Publikoetako beste funtzionarioendako orotariko arauekin bat, kasuan kasuko Administrazio Publikoko maila bereko funtzionario guztiekin batera.

2. Halaber, mailaz igoz gero, gradua orotariko arauei jarraikiz emanen da eta maila berrian ematen den graduari dagokion lansaria zehaztuko da.

43. artikulua. 1. Polizia Kidegoetan destinoak erregelamendu organiko bakoitzak xedatzen duenarekin bat beteko dira.

2. Urtero Polizia Kidegoko funtzionario bakoitzak bere lanpostuan izaniko etekina objektiboki baloratuko da, haren espedientean sartuko dena. Balorazio horrek igoera-txanda guztietan ezartzen diren lehiaketetako baremoetako puntuen 100eko 50 eginen du.

5. SAILA

Egoera administratiboak

44. artikulua. Nafarroako Polizia Kidegoetako funtzionarioak egon daitezkeeneko egoera administratiboak Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuari buruzko orotariko arautegiari jarraikiz antolatuko dira.

6. SAILA

Eskubideak eta eginbeharrak

45. artikulua. 1. Nafarroako Polizia Kidegoetako funtzionarioen eskubide eta eginbeharrak Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuari buruzko arauetan ezarririkoak izanen dira, Foru Lege honen ondoriozko berezitasunak berezitasun, hauek bereziki:

a) Lanuztea egin eta sindikatuak osatzeko eskubideak Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko Estatuko xedapenei jarraikiz arautuko dira.

b) Lanaldia bete eta oporrak eta baimenak gozatzeko berariazko era erregelamendu bidez xedatuko da. Lanaldia eguneko edo gaueko txanda edo guardietan ezartzen ahalko da eta jaiegunetan lan egin beharra ere bai.

c) Lansarien zergatiko eta zenbatekoak hurrengo bi artikuluetan xedaturikoari jarraikiko zaizkio.

d) Nafarroako Polizia Kidegoetako kideek eskubidea izanen dute kasuan kasuko Administrazio Publikoak izendaturiko profesionalek ordezkatu eta aldeztu ditzaten, Administrazioaren beraren kontu, beren eginkizunetan eginikoengatik erantzunbeharra eskatzen duten auzi guztietan.

2. Nafarroako Polizia Kidegoetako funtzionarioek Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko Lege Organikoko 5. artikuluan jarduteko aipatzen diren oinarrizko irizpideen ondoriozko eginbehar guztiak egin beharko dituzte. 46. artikulua. Nafarroako Polizia Kidegoetako funtzionarioek lansariak kobratuko dituzte zergatiko hauengatik:

1. Oinarrizko lansari pertsonalengatik, Nafarroako Administrazio Publikoen gainerako funtzionarioei oro har aplikatzekoak zaizkien arauen arabera.

2. Lansari osagarriengatik.

a) Berariazko osagarriagatik.

b) Lanpostuko osagarriagatik.

c) Burutzako osagarriagatik.

3. Oinarrizko lansari pertsonalengatik, Nafarroako Administrazio Publikoen gainerako funtzionarioei oro har aplikatzekoak zaizkien arauen arabera.

47. artikulua. 1. Berariazko osagarria Nafarroako Polizia Kidegoetako kide guztiei ordainduko zaie eta haren gehieneko zenbatekoa kasuan kasuko mailako hasierako lansariaren 100eko 55 izanen da.

2. Lanpostuko osagarria eginkizun espezializatuak betetzen dituzten unitateak dauzkaten Polizia Kidegoetan aplikatuko da, unitate bakoitzari atxikitako eginkizunek eskatzen duten zailtasun, dedikazio, erantzukizun edo prestakuntza tekniko bereziaren mailaren arabera. Gehieneko zenbatekoa dagokion mailako hasierako soldataren ehuneko 75 izanen da.

3. Burutzako osagarria unitate organiko baten burutza atxikia duten lanpostuei aplikatuko zaie. Gehieneko zenbatekoa dagokion mailako hasierako soldataren ehuneko 30 izanen da.

4. Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeak adostasun txostena eman ondoren, erregelamendu bidez zehazten ahalko ditu Nafarroako Udaltzaingoetako kideei ordaindu beharreko lansari osagarriak, Foru Lege honetako xedapenekin bat.

48. artikulua. 1. Polizia Kidegoetako funtzionarioek destinoko herrian bizi beharko dute, salbu eta espresuki beste herri batean bizitzeko baimena ematen bazaie, horrek ez badie eragozten karguaren eginbehar eta eginkizunak betetzea.

2. Foruzaingoaren kasuan, kontseilari eskudunari dagokio baimen hori ematea, eta Udaltzaingoen kasuan, alkateari edo Mankomunitateko lehendakariari.

49. artikulua. 1. Beren eginkizunetan dihardutela, Nafarroako Foruzaingoko kideak, legezko ondorio guztietarako, agintaritzat joko dira.

2. Atentatu bat gertatzen denean, delitu horretan suzko iskiluak, lehergailuak edo arrisku bereko beste baliabide erasogarriak erabili badira, Nafarroako Foruzaingoko kideen gorputz osotasunari arrisku larria dakarkiotenak, zigorrei dagokienez, agintaritzat joko dira. 50. artikulua. Beren eginkizunetan dihardutela hutsegitea edo delitua diren egintzen ondoriozko auziperatze kriminalen kasuetan, Nafarroako Poliziako Kidegoetako kideei Segurtasun Indar eta Kidegoetako kide guztiek duten foru bera izanen dute.

Nafarroako Poliziako kideen aurka eginiko delituak Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko Lege Organikoan ezarririko foruaren menpe egonen dira.

7. SAILA

Diziplina araubidea

51. artikulua. 1. Nafarroako Polizia Kidegoetako funtzionarioak beren eginbeharrak ez betetzeagatik zehatuko dira bakarrik ez-betetze hori diziplina hutsegitea denean.

2. Diziplina erantzunbeharrak ez du galarazten funtzionarioak izan dezakeen erantzunbehar zibil edo penala.

52. artikulua. Diziplina hutsegiteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke. Hutsegite arinek hilabetera preskribatuko dute; larriek, urtebetera; eta oso larriek, hiru urtera. Preskripzioa diziplina prozedurari ekitean etenen da.

53. artikulua. Hona hemen hutsegite arinak:

a) Hilabete berean lau baino gehiago aldiz lanpostura garaiz ez ailegatzea, arrazoirik gabe, baldin eta hamabi aldiz baino gehiago gertatzen ez bada.

b) Agintariak, nagusiak, lankideak, menpekoak eta administratuak ongi ez tratatzea.

c) Zerbitzuetako bulego, instalazio, ibilgailu, material eta agiriak utzikeriaz zaintzea.

d) Edozein eskabide edo erreklamazio arauzko prozedura erabili gabe aurkeztea.

e) Lanean dihardutela edari alkoholdunak edatea.

f) Uniformeari eta agurrei buruzko arauak haustea.

g) Uniformea behar bezala ez erabiltzea, zerbitzutik kanpoko ekitaldietan, hutsegite hori larriagoa ez bada.

h) Oro har, utzikeriaz edo arretarik ez jartzeagatik laneko eginbeharrak haustea, hutsegite hori larriagoa ez bada.

54. artikulua. Hona hemen hutsegite larriak:

a) Hilabete berean hamabi baino gehiago aldiz lantokira garaiz ez ailegatzea, arrazoirik gabe.

b) Lantokira ez joatea edo lanaldia ez betetzea, arrazoirik gabe.

c) Agintari, nagusi, lankide, menpeko eta administratuekiko begirunerik ez izatea. d) Zerbitzuetako bulego, instalazio, ibilgailu, material eta agiriak utzikeriaz zaintzea.

e) Zerbitzuaren berezko arloetan nagusiek idatziz edo ahoz emaniko aginduak ez betetzea.

f) Lantokia dagoeneko herrian bizi beharra ez betetzea.

g) Legeek abstenitzeko ezarririko arrazoiren bat gertatzen denean, prozedura administratiboren batean parte hartzea.

h) Lanean dihardutela iskanbilak sortu edo horietan parte hartzea.

i) Isiltasun profesionala gorde beharra ez betetzea, polizia lanari edo edonori kalterik egiten ez zaionean.

j) Hutsegite arinak berriro egitea edo horietan berriro erortzea.

k) Kidegotik kanpoko pertsonei edo hedabideei eginiko adierazpenak, nagusien erabakien kritika bat edo haiekiko desadostasun argia badira.

l) Beren ahalmenak gehiegikeriaz erabiltzea, herritarren kaltean, hutsegite larriagoa ez bada.

m) Jardutera beharturik egonez gero, edo jardutea komeni izanez gero, laguntzarik ez ematea edo presaz parte ez hartzea, larria ez den edozein gertaeratan.

n) Emaniko zerbitzuak eskertzeagatik edo oparitako entitate edo partikularren eskupekoak eskatu edo onartzea.

ñ) Zerbitzuari buruz txosten edo erabaki gezurrezko edo alderdikoiak egin edo hartzea, larriagoa ez bada.

o) Presagatik edo premia gorriagatik nagusiek espresuki agintzen dituzten zerbitzuei uko egitea, eskuarki haiek egin beharko ez balira ere.

p) Nagusiei ez jakinaraztea haiek jakin behar duten edozein kontu, haren gainean presaz erabaki ahal izateko.

q) Arauzko iskiluak zerbitzutik kanpo edo haiek erabiltzeko arauak hautsiz erabiltzea, gauzei edo pertsonei kalterik egiten ez bazaio.

r) Eskuarki, eginbeharrak ez egitea, zerbitzuen funtzionamendu egokiari eragotziz gero edo Administrazioari edo herritarrei kalte larriak eraginez gero.

55. artikulua. Hona hemen hutsegite oso larriak:

a) Esleituriko zerbitzua eskutik uztea.

b) Banaka edo taldeka agerian nagusiei men ez egitea.

c) Eginkizunekin bateraezinak diren jarduera publiko edo pribatuetan aritzea. d) Eginkizunetan dihardutela, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu eta Konstituzioa eta legeak onartu beharra ez betetzea.

e) Etekinik gabe lan egitea, nabarmen, behin eta berriro eta arrazoirik gabe.

f) Sexu, erlijio, hizkuntza, iritzi, jaioterri edo auzotasunagatik edo pertsona edo talde baten beste edozein ezaugarri edo gorabeheragatik bereizkeria dakarten ekintza guztiak; pentsamendua, ideiak eta iritziak askatasunez adieraztea eragoztea; askatasun publikoak edo eskubide sindikalak trabatzea, edo lanuzterako eskubidea askatasunez erabiltzeari mugak jartzea.

g) Lanuzteetan edo hitzarturiko ekintzetan parte hartzea, zerbitzuen funtzionamendu egokia galaraztea helburu.

h) Neutraltasun edo independentzia politikoa urratzea, esleituriko ahalmenak edonolako edo edonongo hauteskundeetan eragiteko erabiliz.

i) Beren karguagatik dazagutzaten kontuen gainean isitasun profesionala eta ezkutatu beharra urratzea, poliziaren eginkizunei edo edonori kaltea eraginez gero.

j) Doluzko delitua diren portaerak, eginkizunetan dihardutela.

k) Hutsegite larriak berriro egitea edo horietan berriro erortzea.

l) Uniformea ekitaldi politiko edo sindikaletan erabiltzea edo delituak edo hutsegiteak egiteko, edo bestelako bidezko egintzak egiteko, egileari edonolako onura ekonomikoa badakarkiote.

m) Arauzko iskiluak zerbitzutik kanpo edo haiek erabiltzeko arauak hautsiz erabiltzea, gauzei edo pertsonei kaltea egin bazaie edo jendartean alarma nabarmena piztu denean.

n) Zaintzen dituzten pertsonak gizabidez ez tratatzea edo doilorkeriaz, bereizkeriaz edo modu iraingarrian tratatzea.

ñ) Jardutera beharturik egonez gero, gertaera edo inguruabar larrietan presazko laguntzarik ez ematea.

o) Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetako edo bestelako Polizia Kidegoetako kideekin nabarmen lankidetzan ez aritzea, indarra duten xedapenekin bat hala egin behar denean.

p) Lanean dihardutela edo maiz horditzea edo drogak, toxiko estupefazienteak edo gai psikotropikoak hartzea, edo egoki diren proba teknikoei uko egitea.

q) Nagusien agintekeria beren menpekoekiko.

r) Oro har, edozein eginbehar profesional ez betetzea, zerbitzu publikoen funtzionamendu egokia nabarmen eragotziz gero edo Administrazioari edo herritarrei kalte larriak eraginez gero edo pertsona edo ondasunendako edo segurtasun publikoarendako arrisku nabarmena sorraraziz gero.

56. artikulua. 1. Hutsegite arinek zehapen hauek jaso ditzakete:

a) Oharraraztea. b) Egun batetik laura bitarte lana edo lansaria bertan behera uztea.

2. Hutsegite larriek zehapen hauek jaso ditzakete:

a) Bost egunetik hogeita hamarrera bitarte lana eta lansaria bertan behera uztea.

b) Eginkizunak urtebete arte bertan behera uztea.

3. Hutsegite oso larriek zehapen hauek jaso ditzakete:

a) Eginkizunak urte batetik bostera bitarte bertan behera uztea.

b) Zerbitzutik bereiztea.

4. Aurreko idatz-zatietan aurreikusiriko ondorioetarako, lansaria funtzionarioaren soldata osoa izanen da, familiarendako laguntza izan ezik.

57. artikulua. 1. Zehapenak ezartzeko eskumena arau hauei lotuko zaie:

a) Foruzaingoan, Nafarroako Gobernuari dagokio zerbitzutik bereizteko zehapena ezartzeko eskumena, eta kontseilari eskudunari hutsegite larriei eta oso larriei dagozkien beste zehapenak ezartzekoa.

Foruzainburuari dagokio hutsegite arinei dagozkien zehapenak ezartzeko eskumena.

b) Udaltzaingoetan alkateari dagokio hutsegite oso larriei edo larriei dagozkien zehapenak ezartzeko eskumena, eta Kidegoko buruari hutsegite arinei dagokiena ezartzekoa.

2. Diziplina edo zigor prozedurari ekin ondoren, organo eskudunak erabakitzen ahalko du eginkizunak bertan behera uztea behin-behinekoz, kautelazko neurri gisa. Inguruabarrengatik halaxe komeni bada, Polizia Kidegoko buruak ere erabakitzen ahalko du behin-behinekoz bertan behera uztea, prozedurari ekin aitzin.

58. artikulua. Nafarroako Polizia Kidegoetako funtzionarioak zehatzeko prozedura erregelamenduz ezarriko da, espediente baten bidez. Espediente horrek gehienez ere sei hilabete iraunen du irekitzen denetik hasita, eta bertan, betiere, interesatuari entzuteko izapidea izanen da.

8. SAILA

Ohoreak eta sariak

59. artikulua. Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen ohore eta sariak erregelamendu bidez arautuko dira.

9. SAILA

Eskubide pasiboak

60. artikulua. Polizia Kidegoetako funtzionarioen eskubide pasiboak Nafarroako Administrazio Publikoetako beste funtzionarioendako arauei lotuko zaizkie. 10. SAILA

Ordezkaritza organoak

61. artikulua. Nafarroako Polizia Kidegoetako funtzionarioek parte hartuko dute beren zerbitzuak emateko baldintzak zehazteko prozeduran, ordezkaritza organoen bidez, erregelamenduz ezartzen den moduan.

11. SAILA

Xedapen orokorra

62. artikulua. Foru Lege honetan xedaturik ez dagoen guztian, Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuari buruzko orotariko arauetan xedaturikoa aplikatuko zaie Nafarroako Polizia Kidegoetako kideei.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa._Nafarroako Foruzaingoaren eta Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen arteko harremanak Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoko 51. artikuluko 2. idatz-zatian aipatzen den Segurtasun Batzordeak xedatzen duenaren arabera arautuko dira.

Bigarrena._1. 2001eko ekainaren 2an kaporal edo polizia lanetan ziharduten Foruzaingoko eta Udaltzaingoetako kideak Testu Bategin honetako 38. artikuluko C mailan sartuko dira.

2. 2001eko ekainaren 2an sarjentu lanetan ziharduten Foruzaingoko eta Udaltzaingoetako kideak Testu Bategin honetako 38. artikuluko B mailan sartuko dira.

3. Toki Entitateetako funtzionarioak C mailan sartuko dira, "albienteak" izenarekin, 2001eko ekainaren 2an ondoren ematen diren betebeharrak betetzen bazituzten:

a) Lanpostu hauetako bat betetzen egotea: guarda, zaindaria, agentea, albientea, gauzaina edo antzekoa, D mailakoa.

b) Lanpostu hori 1987ko otsailaren 21az geroztik lortu bada, Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legeko 12. artikuluko 2. idatz-zatian aipatzen den prestakuntzarako ikastaroa gainditu izana.

c) Lanpostua 1987ko otsailaren 21 baino lehen lortu bada, egiazki Udaltzaingoaren berezko lanetan aritu izana, udaltzain iskiludun gisa.

4. Nafarroako Administrazio Publikoetako langileak, 2001eko ekainaren 2an Poliziako ofizialorde lanpostuetan ari baziren eta lanpostu hori "iraungitzekoa" bazen, Testu Bategin honetako 38. artikuluko B mailan sartuko dira.

Hirugarrena._Bigarren xedapen gehigarriko mailaketek 2001eko urtarrilaren 1az geroztik izanen dituzte ondorio ekonomiko eta administratiboak, egun hori arte hartzen zituzten lansari osagarri guztiak irentsiko dira, eta mailaketa horiek ez dituzte batere gehituko langileek egun hartan hartzen zituzten oinarrizko lansari pertsonalak eta osagarriak, gradukoak izan ezik.

Laugarrena._Testu Bategin honetako 46 eta 47. artikuluetan aipatzen diren lansari osagarrien aldaketek ez dituzte behin ere Nafarroako Polizia Kidegoetako funtzionarioen lansariak gutxituko.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bigarren xedapen gehigarrian xedaturikoaren arabera berriro mailakatu beharreko lanpostuak lortu edo betetzeko prozedurak, haien deialdia 2001eko ekainaren 2a baino lehen argitaratu bada, haiei aplikatzen zaien aurreko arautegiaren arabera arautuko dira eta izendatzen diren eta beren postuaz jabetzen diren hautagaiak Testu Bategin honetako 38. artikuluan xedaturikoaren arabera dagokien mailan sartuko ditu Administrazio Publiko bakoitzak, ofizioz.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Nafarroako Gobernuak Foru Lege honetako xedapenak garatu eta betearazteko erregelamenduzko arauak emanen ditu, baita arlo hauei buruzko berariazko arauak ere:

_Sartu eta mailaz igotzeko prozedurei buruzkoak.

_Lanpostuak betetzeari eta destinoei buruzkoak.

_Prestakuntza etengabeari eta espezializaziokoari, eta prestakuntza jardueretan parte hartzeko baldintzei buruzkoak.

_Nafarroako Polizia Kidegoetako lan arrisku berariazkoen aurreneurriei buruzkoak, haien ezaugarri berezien indarreko legeak egokituz.

Bigarrena._Erregelamendu bidez ezarriko dira postu bakoitzerako eskatzen den adina betetzeagatik edo hein bateko ezgaitasunagatik bigarren jarduera baterako gorderiko lanpostuetan aritzeko kasuak. Plantilla organikoetan adierazi beharko dira bigarren jarduerako multzoan sartzen ahalko diren lanpostuak, behar duten ahalegin fisiko, arrisku edo zailtasun txikiagoan oinarriturik.

Hirugarrena._Nafarroako Gobernuak ordain sistema bat sortuko du atentatuen edo ekintza bortitzen ondorioz hiltzen edo elbarritzen diren poliziendako.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra