Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Nafarroako Foru Komunitatearen zuzenbidea  >>  Legeria

32/2002 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako liburutegien sistema arautzen duena

2002-11-19

Erakundea: Nafarroako Parlamentua

Argitalpena: NAO, 2002/11/25, 142. zk.

32/2002 FORU LEGEA, azaroaren 19koa, Nafarroako liburutegien sistema arautzen duena. NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak ondoko hau onetsi duela:

NAFARROAKO LIBURUTEGIEN SISTEMA ARAUTZEN DUEN FORU LEGEA.

ZIOEN AZALPENA

Gizarte demokratiko baten askatasuna, garapena eta aurrerapena erdiesteko bidea herritarrak beren eskubideez baliatzen heztea eta informazioa, jakintza eta kultura libreki eskuratzen laguntzea da, nork bere erabakiak har ditzan eta gizartearen bizitzan paper aktiboa izan dezan. Informazioa izatea eta menpean edukitzea integrazio ekonomiko, sozial eta kulturalerako faktorea da. Beraz, komeni da antolatu eta bermatzea herritarrek informazioa libreki eskura izatea.

Hezkuntza, Zientzia et Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen (Unesco) iritzia da liburutegi publikoa hezkuntza, kultura eta informaziorako indar bizia dela, bakea, ongizatea eta kulturen arteko elkarrizketa lortzeko eragile funtsezkoa. Unescok 1994an liburutegi publikoei buruz emaniko manifestuak ezartzen du liburutegi publikoa erabiltzaileei mota guztietako jakintza eta informazioa ematen dien informazio gune lokala dela.

Liburutegi publikoaren lehentasunezko lanetako bat da herritarrei eskaintzea ezinbesteko eta oinarrizko informazioa, hura guztien eskura jarriz, edozein delarik ere prestakuntza maila, gizarte egoera edo bizitokia. Horrela, liburutegia lagungarri gertatzen da informazioaren gizarte demokratiko, ireki eta gardena eraikitzeko bidean.

Komunikazioen garapen teknologikoari esker informazio eta kultur bolumena etengabe handitu da sareetan edo bestelako euskarri digitaletan. Liburutegi publikoek bermatu behar dute horiek eskuratzea, usadiozko komunikabideen eta berrien arteko zubi lana eginez.

Liburutegi publikoaren gaineko erantzukizuna tokiko administrazioena da. Berariazko legeri baten euskarria eduki behar du eta funts publikoen bidez finantzatu.

Erantzukizun horretaz jabeturik, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak liburutegi publikoak sortzen eta mantentzen lagundu izan du. 1950eko abuztuaren 12an Nafarroako Foru Diputazioak Liburutegi Publikoen Sarea sortzeko erabakia hartu zuen. Orduz geroztik, udalekin lankidetza hitzarmenak izenpetuz, liburutegien kopurua handitzen joan da, baina epe luzeko plangintza baten falta sumatu da, baita Nafarroako geografia osoan liburutegi zerbitzuaren garapen orekatua antolatzeko irizpide orokorrena ere.

Nafarroako foru eraentza birrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.9 artikuluak dio Nafarroak erabateko eskumena duela "Historia, arte, monumentu, arkitektura, arkeologia eta zientzia-ondarea, esportazioaren eta espoliazioaren aurka ondare horren defentsarako Estatuak dituen ahalmenak deusetan ukatu gabe." Lege Organiko horren 44.10 artikuluak, berriz, ezartzen du Nafarroak erabateko eskumena duela, halaber, honen gainean: "Agiritegiak, liburutegiak, museoak, hemerotekak eta Estatuaren titulartasunekoak ez diren kultur-gordailurako gainerako zentroak."

Bestalde, Toki araubideko oinarriak arautzen dituen Legeak, apirilaren 2ko 7/1985 Legeak, 26.1 artikuluaren b) letran zehazten du 5.000 biztanletik gorako udalerriek honako zerbitzu hauek eman beharko dituztela: parke publikoa, liburutegi publikoa, azoka eta hondakinen tratamendua."

Beraz, Nafarroako Foru Komunitateko eta toki administrazioetako eskumen erabatekoez baliatuz, bidezkoa da Nafarroako liburutegien sistemari buruzko foru lege bat onestea, liburutegien zerbitzua zehaztu eta arautzeko. Lege horrek ezarri beharko ditu, halaber, zerbitzu horrek eduki beharreko ezaugarriak eta egitura, zertarako eta bi alderdi hauek bermatzeko: zerbitzua bera eta Nafarroako herritarrek informazioa publikoki eskuratzeko eta irakurketarako duten eskubidea egiaz erabili ahal izatea.

Nafarroako liburutegi zerbitzua garatzeko esparrua eta, horren barrenean, liburutegi publikoarena, berariazko lege baten bidez zehazteko garaia da, eta horren bidez printzipio orokorrak taxutu eta administrazioen zerbitzu estandarrak eta erantzukizun mailak ezarri.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Foru legearen xedea.

Foru lege honen xedea da Nafarroako liburutegien sistema arautzea, bai eta herritar guztiek irakurketa eta informazioa eskura izan dezaten bermatu eta erraztea jakintzaren gizartearen eta teknologia berrien eremuaren barrenean.

2. artikulua. Liburutegiaren kontzeptua.

Liburutegia da, foru lege honen ondorioetarako, liburuez, aldizkako argitalpenez, grabatuez, mapez, soinu, ikus-entzunezko eta multimedia grabazioez, dokumentazio grafikoez eta bestelako material bibliografikoez, eskuizkribuez, inprimakiez edo edozein euskarritan erreproduziturikoez osaturiko edozein multzo antolatu, baldin eta horren xedea bada dokumentu horiek bildu, hautatu, katalogatu, gorde eta zabaltzea, baita pertsona guztien eskura jartzea ere, bitarteko egokiak _teknika, espazio eta langileen arloetakoak_ erabiliz informazioa, ikerketa, hezkuntza eta aisia helarazteko.

3. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eskumenak.

Honako hauek dira Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eskumenak:

a) Nafarroako liburutegien sistemaren alderdiak zuzendu eta garatuko dituzten erregelamenduak ematea, hala nola, Nafarroako liburutegien sistemaren koordinazioa, liburutegiko kudeaketaren oinarri orokorrak, azpiegituren baldintza teknikoak, bildumen printzipioak, langileak eta antzeko gaiak.

b) Irakurketa publikoaren mapa onetsi eta gaurkoturik edukitzea. c) Nafarroako liburutegi publikoen sistemaren zerbitzuen kartera garatu, berrikusi eta gaurkotzea.

d) Nafarroako liburutegien sistemaren laguntza zerbitzuak garatu eta kudeatzea.

e) Liburutegi zabalkunderako programak sustatu eta laguntzea.

f) Nafarroako liburutegien sistema osatzen duten zentroak eta liburutegi guztiak ikuskatu eta zerbitzuen kartera betetzen ote den ebaluatzea.

g) Liburutegiak eta liburutegi zerbitzuak sortu eta hobe daitezen sustatzea, bai eta Nafarroako liburutegi sistemako liburutegien funts bibliografikoen kopurua handitzea eta teknologia berriak sartzea.

h) Liburutegi zerbitzuen plan estrategikoa bost urtean taxutzea berriz, bertan garatzeko liburutegi zerbitzuaren jardueretan eta hura ematean segitu beharreko jarraibideak, epe motz eta luzerako helburuak zehazteko eta horiek erdiesteko behar diren baliabideak planifikatzeko, irakurketa publikoaren mapak eta kudeaketarako gainerako tresnek zedarrituriko esparruan.

4. artikulua. Toki entitateen eskumenak.

1. Toki entitateen eskumenak liburutegien arloan Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 8/1990 Foru Legean ezarritakoak dira.

2. Eskumen horiek Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan erabiliko dira, zenbait printzipioren arabera _koordinazioa, eraginkortasuna eta lege honetan ezartzen diren eskumen esparruen errespetua_, irakurketa publikoaren mapak xedatutakoaren barrenean, bai eta toki entitateek eta Nafarroako Gobernuak izenpeturiko hitzarmenetan, halakorik izenpetzen bada, xedatutakoaren barrenean ere.

II. KAPITULUA

Nafarroako liburutegien sistema

5. artikulua. Nafarroako liburutegien sistema.

1. Nafarroako liburutegien sistema Nafarroako Foru Komunitateko liburutegien eta liburutegi-organo eta zerbitzuen multzo antolatua da.

2. Nafarroako liburutegien sistema honakoek osaturik dago:

a) Liburutegien arloan eskumenak dituzten Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta toki administrazioaren organoak.

b) Nafarroako Kultur Kontseiluaren Liburutegien Atala.

c) Nafarroako liburutegi publikoen sistema.

d) Unibertsitateetako liburutegiak, liburutegi espezializatuak eta liburutegiaren titularrak eta Hezkuntza eta Kultura Departamentuak izenpeturiko hitzarmenaren bidez _Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dena_ Nafarroako liburutegien sisteman sartzen diren gainerako liburutegiak. Hitzarmen horretan zehaztuko dira liburutegiaren jardunbidea, instalazioak, zerbitzuak, langileak eta finantzabidea, bai eta helburuak betetzeko behar diren beste gai guztiak.

e) Irakaskuntza ez-unibertsitarioko ikastetxe publikoetako eskola liburutegiak erregelamendu bidez ezartzen den moduan.

6. artikulua. Nafarroako liburutegien sisteman sartzearen ondorioak.

1. Nafarroako liburutegien sisteman sarturiko liburutegi guztien jardunbidea Nafarroako Gobernuak emaniko erregelamenduzko xedapenei lotuko zaie, bai eta sisteman sartzeko aurreko artikuluak aipatzen duen hitzarmenari ere, halakorik badago.

2. Nafarroako liburutegien sisteman sarturiko liburutegiak laguntza zerbitzuez baliatu ahalko dira, baita erregelamenduz ezarriko diren edo sisteman sartzeko hitzarmenean adierazirik dauden beste laguntza edo lankidetza mota batzuez ere.

3. Nafarroako liburutegien sisteman sarturiko liburutegiek parte hartu beharko dute lankidetza programa komunetan, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren liburutegien arloko organo eskudunak arau indardunak oro betetzen dituen egiaztatzeko eskatutako datu bibliografikoak eta estatistikoak eta edozein informazio eman beharko dio liburutegiak eta organo horrek jarduna ikuskatzeko izendatzen dituen funtzionarioei utzi beharko die haien lana egiten.

7. artikulua. Liburutegi zabalkunderako zerbitzuak.

1. Liburutegi egonkorrik ez dagoen tokietan edo zailtasunak dituzten pertsona edo taldeentzat irakurketa publikoaren zerbitzua eskaintzen dutenak dira.

2. Liburutegi zabalkunderako zerbitzuak mota askotakoak izan daitezke, erantzun beharreko premien, erabiltzaileen ezaugarrien eta abarren arabera: zerbitzu ibiltariak, teleliburutegia, mailegu kolektiboak...

3. Liburutegi zabalkunderako zerbitzuak Nafarroako liburutegi publikoen sistemako edozein liburutegiren menpe egon daitezke baina, betiere, eremuko liburutegi zentralak koordinaturik beteko dira.

4. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, Nafarroako liburutegien sisteman sarturiko liburutegien bidez eta irakurketa publikoaren mapan eta zerbitzuen karteran xedatutakoari jarraikiz, liburutegi zabalkunderako programak sustatuko ditu, bai eta horiek gauzatzen diren ingurunean egon daitezkeen beste kultur zerbitzuekin koordinatzea ere.

8. artikulua. Laguntza zerbitzuak.

1. Laguntza zerbitzuak modu zentralizatuan emanen dira, Nafarroako liburutegien sistemako liburutegiei sostengu logistiko eta materiala, aholkularitza eta beste edozein motatako laguntza eta lankidetza eskaintzeko.

2. Zerbitzu horiek laguntza eta lankidetza emanen dute honako arlo hauetan: funtsen hautaketa, materialen erosketa eta katalogazioa, katalogo kolektiboaren koordinazio eta kudeaketa, liburutegien arloko ikerketa, langileentzako prestakuntza iraunkorra, kudeaketa administratiboa eta langileena eta antzekoak.

III. KAPITULUA

Nafarroako liburutegi publikoen sistema

9. artikulua. Nafarroako liburutegi publikoen sistemaren kontzeptua eta egitura.

1. Nafarroako liburutegi publikoen sistema liburutegi publikoen multzo antolatua da eta, irakurketa publikoaren mapan ezarritakoarekin bat, herritar guztien eskura jartzen du liburutegi zerbitzuen kartera.

2. Honako hauek dira Nafarroako liburutegi publikoen sistema osatzen dutenak:

a) Nafarroako Liburutegia.

b) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekin hitzarmenak izenpetuz Nafarroako liburutegi publikoen sisteman sarturiko udal eta eskualdeko liburutegi publikoak.

10. artikulua. Nafarroako liburutegi publikoen sistemaren kudeaketarako ildoak.

1. Eremu geografikoen araberako dezentralizazioa, partaidetza eta liburutegiaren eta haren zerbitzuen ebaluazioa dira Nafarroako liburutegi publikoen sistemaren kudeaketaren ildo nagusiak.

2. Liburutegi publikoek, haien ebaluazioa errazteko, urtero eginen dute jardueraren eta jardunbidearen datu nagusiak eta hurrengo urteko aurreikuspenak bilduko dituen oroit-idazki bat.

11. artikulua. Liburutegi publikoaren kontzeptua.

1. Liburutegi publikoak dira funts orokorra izan, kultura, hezkuntza, josteta eta gizarte mailetako informazio zerbitzuak _baita kontsulta eta mailegukoak ere_ eskaini, eta herritar guztien eskura daudenak, adina, arraza, sexua, erlijioa, nazionalitatea edo gizarte maila kontuan hartu gabe.

2. Liburutegi publikoak zerbitzu bereiziak eskainiko dizkiete helduei eta haurrei. Era berean, kontuan hartuko du Nafarroako Foru Komunitateko errealitate soziolinguistikoa, eta zerbitzuak euskaraz eta gaztelaniaz emanen ditu, Euskararen Legeak, abenduaren 15eko 18/1986 Legeak alegia, araututakoarekin bat.

12. artikulua. Liburutegi zerbitzuen definizioa.

1. Hauexek dira liburutegi zerbitzu oinarrizkoak:

a) Monografiak eta argitalpen seriatuen, dokumentu elektroniko, ikus-entzunezko eta multimedien irakurketa eta kontsulta, aretoan.

b) Informazioa eta erreferentzia, orokorrak eta Europar Batasunekoak, eskura izatea.

c) Liburuen eta bestelako materialen banakako mailegua. d) Liburutegien arteko mailegua.

e) Internet eta lineako informazio zerbitzuak eskura izatea.

2. Gutxieneko zerbitzuak hauexek dira:

a) Erreferentziako lan nagusien kontsulta.

b) Liburuen banakako mailegua.

3. Nafarroako liburutegi publiko guztiek eskainiko dituzte dohainik oinarrizko zerbitzuak. Halere, liburutegien arteko mailegu zerbitzua eta zerbitzu informatikoak erabiltzeagatik, horien kostua ordaintzea eskatu ahalko zaie erabiltzaileei.

13. artikulua. Irakurketa publikoaren mapa.

1. Irakurketa publikoaren mapa liburutegiko plangintzarako tresna bat da, eta bertan jasotzen dira Nafarroako liburutegien sistemako liburutegiak, irakurketa publikoaren premiak eta populazio guneei dagozkien zerbitzu moduluak.

2. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak onetsi eta gaurkoturik edukiko du Nafarroako irakurketa publikoaren mapa. Nafarroako Gobernuak eginen ditu irakurketaren maparen aldaketak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari eta Nafarroako Kultur Kontseiluaren Liburutegien Atalari kontsulta egon ondoren.

3. Irakurketa publikoaren mapak irakurketa eremuak zehaztu eta zedarrituko ditu eta identifikatuko du Nafarroako liburutegi publikoen sistemaren barrenean zein diren liburutegi publikoaren oinarrizko zerbitzuez gain haien eremuan liburutegi zabalkunderako zerbitzuak eta liburutegien arteko mailegu zerbitzuak, baita irakurketa publikoaren mapak berak edo zerbitzuen karterak ezarritakoak ere, eskaintzen dituztenak.

14. artikulua. Zerbitzuen kartera.

1. Nafarroako liburutegien sistemaren zerbitzuen kartera da herritarrei irakurketa publikoaren mapari jarraikiz ematen zaizkien liburutegi zerbitzuen multzoa. Zerbitzuen karterak adieraziko du zeinek ematen duen eta norentzat den zerbitzu bakoitza, nahikotasun eta kalitate mailak zehazturik.

2. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari eta Nafarroako Kultur Kontseiluaren Liburutegien Atalari kontsulta egin ondoren, liburutegi publikoen sistemaren zerbitzuen kartera garatu, aztertu eta gaurkotuko du.

15. artikulua. Nafarroako liburutegi publikoetako sistemako langileak.

1. Nafarroako liburutegi publikoetako sistemako zentroek eta liburutegiek behar adina langile izan beharko dituzte, bai kopuruan, bai lanpostuak eskatzen duen kalifikazio teknikoan.

2. Langileen baldintza profesionalak eta lanpostuak eskuratzeko modua erregelamenduz ezarriko dira. 16. artikulua. Nafarroako Liburutegia.

1. Nafarroako liburutegi publikoen sistemaren liburutegietan lehena da eta Nafarroako ondare bibliografikoaren arduradun gorena. Haren betekizuna Nafarroako ekoizpen bibliografikoa bildu, gorde eta zabaltzea da, idatzizko ekoizpena, _aldizkakoa izan zein ez, ikusizkoa, soinuzkoa eta multimedia, inpresoa edo beste edozein euskarritan dagoena barne.

2. Nafarroako Liburutegiaren egitura eta funtzionamendua erregelamendu bidez finkatuko dira.

3. Liburutegi publikoari dagozkion eginkizunak ez ezik honakoak ere beteko ditu, Nafarroako liburutegi publikoen sistemaren liburutegia nagusia den aldetik:

a) Nafarroan argitaraturiko edo ekoiztutako obra guztiak bildu, gorde eta zabaltzea. Horretarako, lege gordailua jasotzen duena da.

b) Nafarroarekin zerikusia duten obra guztiak, Nafarroari buruzkoak edo nafar egileek idatziak baina lege gordailuaren bidez sartu ez direnak, eskuratu, gorde eta zabaltzea.

c) Nafarroako bibliografia egitea.

d) Nafarroako ondare bibliografikoaren kontserbazioaz arduratu eta ondare bibliografikoaren katalogo kolektiboa Nafarroan prestatzeko lanak koordinatzea.

e) Nafarroako liburutegi publikoen sistemaren ordezkari izatea Espainiako liburutegien sisteman eta beste liburutegi sistema batzuetan.

f) Nafarroako liburutegi publikoen sistemaren jardunbidea egokiagoa izan dadin haren esku utzitako gainerakoak.

17. artikulua. Udal eta eskualdeko liburutegiak.

1. Udal liburutegiak dira tokian tokiko udalerrian edo eskualdean irakurketa publikoaren mapari jarraikiz liburutegiko gutxieneko zerbitzuak ematen dituztenak.

2. 20.000 biztanletik gorako herri guztiek hiri-liburutegi zentral bana izan beharko dute, irakurketa publikoaren mapak ezarritako gainerako zerbitzu guneekin edo liburutegiekin koordinaturik.

IV. KAPITULUA

Unibertsitateetako liburutegiak, eskola liburutegiak, bestelako ikastetxeetako liburutegiak (irakaskuntza ez-unibersitarioko ikastetxeetakoak) eta liburutegi espezializatuak

18. artikulua. Unibertsitateetako liburutegiak.

1. Unibertsitateko liburutegia da unibertsitateko komunitateari jakintza eskuratu, transmititu eta ezagutzan aurrera egitea ahalbidetzen dion erakundea.

2. Informazioa eskuratzeko, katalogaziorako, liburutegien arteko mailegurako, langileak prestatzeko eta balio historiko edo kultural nabarmeneko funtsak babesteko, Unibertsitateetako liburutegiak liburutegi publikoen sistemaren gainerakoekin koordinatuko dira, Nafarroako Liburutegiaren bidez. 19. artikulua. Eskolako liburutegiak.

1. Eskolako liburutegiak oinarrizko baliabide-zentroak dira, ikastetxe bakoitzaren hezkuntza eta curriculum proiektuetan erabat txertatuak, eta informazio zerbitzu aktiboa ere badira, betekizun funtsezkoa duena ikasleen ikasketekin, irakaskuntza lanekin eta ikastetxearen gizarte eta kultura ingurunearekin loturik.

2. Hezkuntza sistemari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak ezartzen du ikastetxe guztietan egon behar dela liburutegi bat, irakaskuntzaren parte bezala, ikasle eta irakasleei irekia eta foru legeak emandako eginkizunak betetzeko behar adinako baliabide _dokumentalak, tokiaren aldetikoak zein langileenak_ izanen dituena.

3. Irakaskuntza ez-unibertsitarioko ikastetxe publikoetako liburutegien antolaketa, jardunbidea, jarduerak eta finantzaketa erregelamendu batek arautuko ditu berariaz.

20. artikulua. Eskola liburutegien eta liburutegi publikoen arteko lotura

1. Liburutegi publikoek laguntza emanen diete eskola liburutegiei liburutegien arteko maileguaren bitartez. Halaber, aholkularitza teknikoa, erabiltzaileentzako prestakuntza, eta elkarren arteko programetan parte hartzeko aukera ere emanen diete.

2. Nafarroako liburutegi publikoen sistemaren eta Foru Komunitateko eskola liburutegien eta irakasleei laguntzeko zentroen arteko harremanak hitzarmen bidez ezarri eta erregelamenduz garatuko dira.

21. artikulua. Liburutegi espezializatuak.

1. Funts berezia dutenak dira, batez ere jakintzaren arlo berezi baten barrenean.

2. Liburutegi espezializatuak Nafarroako Liburutegiaren bitartez koordinatzen dira gainerako liburutegien sistemarekin.

V. KAPITULUA

Nafarroako Kultur Kontseiluaren Liburutegien Atala

22. artikulua. Nafarroako Kultur Kontseiluaren Liburutegien Atala.

1. Nafarroako Liburutegien Kontseilua Nafarroako Gobernuaren kontsulta eta aholku organoa da Nafarroako liburutegien inguruko gaietan.

2. Nafarroako Kultur Kontseiluaren Liburutegien Atalaren eginkizunak hauexek dira:

a) Txostenak ematea liburutegien arloko xedapen orokorren proiektuei buruz, irakurketa publikoaren mapari buruz eta zerbitzuen karterari buruz.

b) Nafarroako liburutegi publikoen sistemaren antolaketari, jardunbideari eta koordinazioari begira ekimenak eta hobekuntza planak proposatzea.

c) Erregelamenduz bere gain utzitako gainerako guztiak. 3. Nafarroako Kultur Kontseiluaren Liburutegien Atalaren antolaketa, jardunbidea eta osaketa erregelamenduz ezarriko dira.

LEHENDABIZIKO XEDAPEN IRAGANKORRA

Egokitze epea

Lege honi lotu behar zaizkion egungo liburutegiak legeak indarra hartu eta gehienez bost urteko epean egokitu beharko zaizkio legeari.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Nafarroako liburutegi publikoen sistema

Nafarroako liburutegi publikoen sareko liburutegiek izaera horri gordeko dute Nafarroako liburutegi publikoen sisteman, irakurketa publikoaren mapak edo dagokion hitzarmenean xedatutakoak besterik xedatzen ez badu.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENDABIZIKOA

Erregelamenduzko garapena

Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio foru lege hau betetzeko behar diren arauzko xedapenak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Indarra hartzea

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra