Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Nafarroako Foru Komunitatearen zuzenbidea  >>  Legeria

6/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoari buruzkoa

2000-07-03

Erakundea: Nafarroako Parlamentua

Argitalpena: NAO, 2000/7/7, 82. zk.

6/2000 FORU LEGEA, uztailaren 3koa, bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoari buruzkoa. NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:

Foru Legea, bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoari buruzkoa

ZIOEN AZALPENA

Konstituzioaren 39. artikuluak dioenez, botere publikoen ardura da familiaren babes sozial, ekonomiko eta juridikoa ziurtatzea. Artikulu horrek ez du famili eredu jakinik ezta eredu nagusirik ere aipatzen; beraz, familia zer den modu zabalean interpretatu beharko dugu, egungo errealitate sozialaren arabera eta Konstituzioko gainerantzeko artikuluek ezarritakoen arabera; bereziki kontuan hartu beharko dira 9.2 artikulua (botere publikoei ezartzen die eginbeharra gizabanakoaren eta gizabanakoak osatzen dituen taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eragingarriak izateko baldintzak sustatzeko) eta 14. artikulua (espainiarrak berdinak dira legearen aurrean eta inor ez da baztertuko jaiotze, arraza, sexu, erlijio, iritzi edo beste edozein baldintza edo egoera pertsonal edo sozial dela-eta).

Gure ordenamendu juridikoan agertzen dira jadanik zenbait kasu non ezkondutakoen antzeko egoera aitortzen zaien ezkondutakoen antzeko afektibitate harremana izan eta modu egonkorrean elkartuta dauden bikoteei; bereziki, adopzioari, hiri-errentamenduei, asilo-eskubideari, zenbait xedapen penali eta gizarte-prestaziori dagokienez.

Hala ere, legeetan, oraindik, zenbait xedapenek baztertu egiten ditu tradizionala ez beste famili ereduak, hau da, ezkontza bidez gauzatutakoa ez beste guztiak; horrela, ez da kontuan hartzen Konstituzioko 32. artikuluak ezkontzeko eskubidea aitortzen duenean, orobat, beste famili eredu bat aukeratzeko eskubidea ere aitortzen duela, eta aukera horrek ez du zertan ekarri aukera hori egin dutenentzat legea okerragoa izatea.

Foruaren Hobetzearen 48. artikuluak ezartzen duenez, Nafarroak eskumen osoa du foru zuzenbide zibilaren arloan. Halaber, Nafarroak baditu eskumenak bikote egonkorren egoera ukitzen duten beste arlo batzuetan ere.

Foru lege honek nahi duena da legedian dirauen bazterkeria desagertaraztea, hau da, gure inguru sozilean kulturalki onartzen diren famili forma ugariak kontuan hartuta, familia hori osatzen dutenen egoera pertsonal edo soziala dela-eta legeetan dirauen bazterkeria desagertaraztea; orobat, foru lege honek nahi du familiaren babes sozial, ekonomiko eta juridikoaren arau garapena burutu – babes hori Konstituzioaren printzipioetako bat dela hartu behar da kontuan–. Hori egiteko, araudia egokitu egin behar da gaur egungo gizartearen errealitatera.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ez baztertzearen printzipioa. Nafarroako ordenamendu juridikoa interpretatu eta aplikatzerakoan, inor ez da baztertuko osatzen duen famili taldea osatzen duela ere, eta ez dira kontuan hartuko ez filiazioa, eta ezta ere famili talde hori ezkontza bidez osatu den edo antzeko afektibitate harremana izan eta elkarrekin bizi diren pertsona bi elkartuz osatu den -sexu- joera kontuan izan gabe.

2. artikulua. Bikote egonkorra kontzeptua.

1. Hurrengo artikuluetan, bikote egonkortzat hartuko da bi pertsonaren arteko elkartze libre, publiko eta nabarmena, ezkontideenaren antzeko afektibitate-harremanaren pareko harreman batean, sexu- joera kontuan izan gabe, baldin eta adinez nagusi badira edo adingabeko emantzipatu, eta zuzeneko lerroan edo alboko lerroan, bigarren mailaraino, odol- edo adopzio-ahaidetasunik ez badute. Elkartze hori osatzen duten kideek ezin izanen dute beste pertsona batekin ezkontza-loturarik izan edo bikote egonkorrik osatu.

2. Elkartzea egonkortzat joko da bikoteko kideak etenik gabe gutxienez ere urtebetez elkarrekin ezkonduta bailiran bizi izan badira; hala ere, bien arteko seme-alabarik badute, nahikoa izanen da elkarrekin bizitzea. Betiere, elkartzea egonkortzat jotzeko nahikoa izanen da bikotea eratzeko borondatea agiri publiko bidez adieraztea.

Baldin eta bikotekide batek edo biek ezkontza-lotura bat badute, horietako azkenak ezkontza- desegitea edo, kasua bada, deuseztasuna lortzen duen unera arte elkarrekin bizitzen igarotako denbora kontuan hartuko da adierazitako urtebeteko epea zenbatzean.

3. Foru lege honetako xedapenak bikote egonkorrei aplikatuko zaizkie bikote egonkorreko kideetako batek gutxienez Nafarroako auzotartasun zibila baldin badu.

3. artikulua. Egiaztapena.

Bikotea egonkorra dela eta elkarrekin bizitzen urtebete igaro dutela Zuzenbidean onarturiko edozein frogabideren bitartez egiaztatu ahalko da.

4. artikulua. Bikote egonkorra desegitea.

1. Hurrengoren bat gertatuz gero joko da desegintzat bikote egonkorra:

a) Bi kideetako bat hiltzen bada edo hiltzat deklaratzen badute.

b) Bi kideetako bat ezkontzen bada.

c) Bi kideek hala erabakitzen badute.

d) Bi kideetako batek bere kabuz hala erabaki eta besteari modu fede-emailean jakinarazten badio.

e) Urtebete baino gehiago ematen badute elkarrekin bizi gabe.

f) Bi kideek eskritura publiko bidez zerbait hitzartu eta hori gertatzen bada.

2. Bikoteko bi kideak behartuta daude noizbait dokumentu publiko bidez adierazia izan lezaketena indarrik gabe uztera –nork bere aldetik, hala izan behar badu–. 3. Bikote egonkorra osatzen duten kideek ezin izanen dute beste norbaitekin beste bikote egonkor bat eratu, non eta lehenengo bikotea ez den desegin lehen idatz-zatian ezarrita dagoen zerbait gertatzearen ondorioz.

4. Bikote egonkorraren iraungitzeak bi kideetako edonork bestearen alde emandako botereak berreskuratzea ekarriko du.

II. KAPITULUA

Bikotearen harremanaren edukia

5. artikulua. Elkarbizitzaren arautzea.

1. Bikote egonkorra osatzen duten kideek dokumentu publikoz edo pribatuz arautu ahalko dituzte, balio osoz, elkarbizitzaren ondoriozko harreman pertsonalak eta ondarezkoak, bakoitzaren eskubideak eta betebeharrak adieraziz. Orobat, bikotea osatzen duten kideek arautu egin ahal izanen dituzte egoki deritzeten ordain ekonomikoak bikotea desegiten den kasurako, Foru Lege honek ezarritako gutxieneko eskubideak betiere errespetatuz; eskubide horiei ezin zaie uko egin exijitu ahal direneko unea iritsi bitartean.

2. Ezin izanen da hitzartu bikote egonkor bat aldi baterako eratzea, ez eta hori inolako baldintzaren menpean jarri ere.

3. Hitzarmenik ezean, bikote egonkorra osatzen duten kideek ahal duten neurrian lagunduko dute etxea mantentzen eta gastu komunei aurre egiten, bai dirua emanez bai lan pertsonala eginez. Gastu komunei aurre egiteko ekarpentzat joko dira etxean eginiko lana, beste kidearen lanbiderako edo enpresarako laguntza pertsonal edo profesionala ematea horren truke inolako ordainik edo behar adinako ordainik jaso gabe eta norberaren jardueratik edo ondasunetatik eratorritako baliabideak, norberaren dirusarreren proportzioan, eta, horiek nahiko ez balira, norberaren ondasunen proportzioan.

Ez dira gastu arruntzat joko kide bakoitzak bere ondasun propioak kudeatzearen eta babestearen ondorioz sortutako gastuak; ezta ere, orobat, bikotekideetako baten interesei erantzuten dietenak.

4. Elkarrekin bizitzeari uztean, bikoteko kideetako edozeinek besteari aldikako mantenua eskatu ahalko dio, bizibidea izan ahal izateko; hurrengo kasuetan eskatu ahalko da:

a) Elkarrekin bizitzearen ondorioz, eskatzaileak diru-sarrerak lortzeko zeukan gaitasuna gutxitu egin bada.

b) Elkarrekin izandako seme-alabak –bere ardurapekoak– zaindu beharraren ondorioz lan- jarduerarik ezin badu burutu edo horretarako oztopo larriak baditu.

5. Hitzarmenik ezean, bi kideek bizirik daudela uzten badiote elkarrekin bizitzeari, inolako ordainketarik edo behar adinakorik jaso gabe bikotearentzat edo bikotekidearentzat lan egin duenak eskubidea izanen du diru-ordainsari bat jasotzeko baldin eta, aipaturiko arrazoiaren ondorioz, bidegabeko aberastea ekarri duen desoreka-egoera bat sortu bada bien ondareen artean. 6. artikulua. Mantenuagatik aldizka eman beharreko pentsioaren eta konpentsazio ekonomikoaren eskaera.

1. Aurreko artikuluko 4 eta 5. idatz-zatiek aipatzen duten eskubideen eskaera hori elkarbizitza amaitzen denetik urtebeteko epearen barrenean egin beharko da.

2. 4.4. artikuluak manatutako betebeharra, a letraren kasuan, hiru urteko epean amaitzen da, lehenengo pentsioaren ordainketa egunetik aitzina, oro har, elikagaietarako eskubidea amaitzeagatik eta horren onuraduna ezkontzen den momentutik edo ezkonduak bezala bizitzen hasten denetik aitzina. b letraren kasuan aldiz, arrazoia edozein delarik ere seme-alabenganako ardura eteten denean edo horiek adinez nagusi izatera iritsi edo emantzipatzen direnean; salbuespen izanen dira ezgaitasun kasuak.

3. 4.5. artikuluak manantzen duen konpentsazioaren ordainketa hiru urteko epean eginen da, gehienez ere, aitortu izan denetik aitzinako legezko korrituekin. Konpentsazioa eskudirutan eginen da, salbu eta bi aldeen artean ados jartzen badira edo epaileak, frogatutako arrazoia izanik, horretara behartuta dagoen bizikidearen ondasunekin ordaintzea baimentzen badu.

4. Mantenuagatik aldizka eman beharreko pentsioa murriztu edo desagertuko da konpentsatzen duen desoreka gutxitzen edo desagertzen den heinean.

7. artikulua. Ondare erantzukizuna.

Bikote egonkorra osatzen duten kideek modu solidarioan erantzungo dute hirugarrenen aurrean baldin eta sorrarazi dituzten betebeharrak beharrezkoak baziren etxea mantentzeko eta elkarrekin izaniko seme-alabez arduratzeko.

8. artikulua. Adopzioa.

1. Bikote egonkorra osatzen duten kideek elkarrekin adoptatu ahalko dute, eta ezkondutako bikoteen eskubide eta betebehar berak izanen dituzte.

2. Bikote egonkorrek osaturiko famili eredua ere jasoko da umeen adopzio eta hartzeari buruzko foru araudian, eta, horretarako, aldatu eginen da foru araudia.

9. artikulua. Akzio eta eskubideez baliatzea.

1. Bikote egonkorreko kideak eta ezkondutako bikoeetako kideak egoera berean egonen dira hurrengo gaiei buruzko xedapenekiko: tutoretza, kuradoretza, ezgaitzea, absentzi deklarazioa eta zarrastel deklarazioa.

2. Idatz-zati berri bat eransten zaio Nafarroako foru zuzenbide pribatuko Bilduma edo Foru Berriari buruzko 62. Legeari. Honela gelditzen da: “Bikote egonkorreko kideak eta ezkondutako bikoteetako kideak egoera berean egonen dira gai hauekin lotutako akzioez baliatzeari dagokionez: ezgaitzea, absentzi deklarazioa eta zarrasteltasun deklarazioa”.

10. artikulua. Elkarrekin izandako seme-alaben zaintza eta bisita araubidea. 1. Bikote egonkorra bertan behera gelditzen bada bi kideak bizirik daudela, haiek erabaki ahal izanen dute zer den egokiena haien iritziz, gai hauen inguruan: elkarrekin izaniko seme-alaben zaintza, eta bisita, komunikazio eta egonaldien araubidea. Nolanahi ere, epaileak adostutakoa neurri egoki eta zuzenera ekartzeko ahalmena izanen du, haren iritziz kideren batentzat edo seme-alabentzat arras kaltegarria denean.

2. Adostasunik ezean, epaileak hartu du erabakia, adin txikikoen hobebeharrez, eta seme-alabei entzun ondoren, behar adina ezagutza baldin badute, edo 12 urtetik gorakoak badira.

III. KAPITULUA

Oinordetzaren, zergen eta funtzio publikoaren araubidea

11. artikulua. Oinordetzaren araubidea.

Nafarroako foru zuzenbide pribatuko Bilduma edo Foru Berrian ondoko aldaketak eginen dira:

1. 253 Legeari bigarren lerrokada gehitzea, erredakzio honekin: “ondorio hauetarako, legeak onartutako bikote egonkorraren kide bat hilez gero, alargun gelditzen den kidearen egoera ezkontide alargunaren egoeraren parekotzat joko da.”

2. 304 Legearen 5. idatz-zatia aldatzen da, eta erredakzio hau izanen du: 5. 254. Legeari jarraikiz, fideltasun usufruktutik bazterturik ez dagoen ezkontidea edo bikote egonkorraren kidea.

3. 341 Legea aldatzen da, eta erredakzio hau izanen du: "Oinordekoa, parte alikuotaren legatu- hartzailea, ezkontide alarguna edo legeak onartutako bikote egonkorrean alargun gelditutako kidea ezin dira kontulari-partitzaile izan.

12. artikulua. Araubide fiskala.

1. Bikote egonkor bateko kideak ezkontidetzat hartuak izanen dira Nafarroako legedia fiskalak aurreikusitako ondorioetarako, errendimenduak zenbatu eta kenkariak edo salbuespenak aplikatzeari dagokionez.

2. Oinordetzaren eta ondare eskualdaketen gaineko zergak ordainaraztearen esparruan Nafarroako Foru Diputazioak 1970eko apirilaren 10ean onetsitako arauetan ondoko aldaketak eginen dira:

a) 13. artikuluari idatz-zati berri bat gehitzea.

"Arau hauei dagokienez, bikote egonkorretako kideen egoera ezkontideenarekin parekatuko da".

b) 29. artikuluko 1. idatz-zatiaren amaieran honako hau gehituko da: "edo bikote egonkor bateko kide".

c) 40. artikuluko 1 idatz-zatiko a) letrako lehen lerrokada aldatuko da. Honela idatzita geratuko da:

"Jaraunspenaren kausatzailea hil baino gehienez ere urtebete lehenago bereak izan ziren mota guztietako ondasunak, salbu eta froga fede-emaile bidez agertzen baldin bada kausatzaileak ondasun haiek eskualdatu zituela eta oinordeko, legatu-hartzaile, hirugarren gradurainoko ahaide edo horietako edozeinen edo kausatzailearen ezkontide edo bikotekide egonkorrak ez beste pertsona batek dauzkala".

d) 40. artikuluko 1. idatz-zatiko b) lerrokada aldatuko da. Honela idatzita geratuko da:

"b) Heriotzaren aurreko hiru urteko epearen barnean kausatzaileak kostubidez usufruktuan eskuratutako ondasun eta eskubideak eta aipaturiko epe horretan oinordeko batek, legatu-hartzaile batek, hirugarren gradurainoko ahaide batek edo horietako edozeinen edo kausatzailearen ezkontide edo bikotekide egonkorrak jabetza soilean eskuratutako ondasun eta eskubideak".

e) 40. artikuluko 4. idatz-zatiaren bukaeran honako hau gehituko da: "edo bikotekide egonkorra".

f) 45. artikuluko 3. idatz-zatiko c) lerrokada aldatuko da. Honela idatzita geratuko da:

"c) Ez dadila ager oinordekoen edo kuota-parte bateko legatu-hartzaileen alde hartua izan denik, ez eta oinordeko edo legatu-hartzaile horien ezkontide, bikotekide egonkor, arbaso, ondorengo edo neba-arreben alde ere".

g) 48. artikuluko 2. idatz-zatia aldatuko da. Honela idatzita geratuko da:

"2. Arbasoen eta ondorengo legezkoen eta geroagoko ezkontza baten bitartez legeztaturiko seme- alaben artean, adoptatzaileen eta adopzio osoz adoptaturikoen artean eta ezkontideen edo bikotekide egonkor bateko kideen artean.........Salbuetsiak".

h) 113. artikuluko 1. idatz-zatiko a) lerrokada aldatuko da. Honela idatzita geratuko da:

"a) Erregistro fiskalen arabera pertsona baten ondareak behera egin badu eta sinkronikoki, beranduago, baina inola ere ez bi urte pasa ondoren, ezkontide edo bikotekide egonkorraren, ondorengoen, adopziozko seme- alaben edo horietako edozeinen ezkontideen edo bikotekide egonkorren ondareak, berriz, gora".

i) 113. artikuluko 1. idatz-zatiko b) letrako lehen lerrokada aldatuko da. Honela idatzita geratuko da:

"b) Ondorengorik edo adopziozko seme-alabarik gabeko ezkontide alargunik edo bikotekide egonkorrik utzi gabe pertsona bat hil ondoren Erregistro berek kausatzailearen ondasunaren bilakaeran gutxitzeren bat izan dela agertzen badute; hain zuzen ere, oinordekoen edo legatu- hartzaileen ondare-gehikuntzarekin sinkronikoki edo beranduago, baina inola ere ez hiru urte igaro eta gero, lotura daukaten gutxitzeak".

j) 113. artikuluko 1. idatz-zatiko c) lerrokada aldatuko da. Honela idatzita geratuko da:

"c) Industria Zergako altak eta bajak ikertzean ikusten bada ondorengoak edo ezkontideak alta egin duela arbasoak edo beste ezkontideak edo bikotekide egonkorreko beste kideak baja hartu zueneko negozio berberaren kariaz."

k) 116. artikuluko 74. idatz-zatia aldatuko da. Honela idatzita geratuko da:

"74. Enplegatuak hiltzean enpresek enplegatu horien ezkontide, bikotekide egonkor, arbaso edo legezko ondorengoei, naturalei zein adopziozkoei, emandako 500.000 pezetarainoko kantitateak, baldin eta, betiere, frogatu egiten bada, batetik, heriotza gertatzean enplegatu horiek enpresako enplegatu finko, sasoikako edo aldi baterakoak zirela, eta, bestetik, heriotza gertatu zen egunaren edo heriotza eragin zuen eritasunarengatik edo istripuarengatik baja hartutako egunaren edo erregelamenduei jarraituz erretiratu ziren egunaren aurreko hiru hilabeteetan etenik gabe eman zizkiotela beren zerbitzuak enpresa horri".

3. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 22/1998 Foru Legean ondoko aldaketak eginen dira:

a) 14. artikuluko 2. idatz-zatiko d) lerrokada aldatuko da. Honela idatzita geratuko da:

"d) Ezkontide edo bikotekide egonkorrarengandik jasotako konpentsazio-pentsioak eta mantenurako urteko kantitateak".

b) 55. artikuluko 2. idatz-zatia aldatuko da. Honela idatzita geratuko da:

"2. Konpentsazio-pentsioengatik. Kontzeptu horrengatik ezkontidearentzat ordaindutako kantitateak eta mantenurako urteko kopuruak, zergadunaren seme-alaben alde ezarritakoak salbu bi kantitate horiek epailearen erabakiz ezarri beharko dira; halaber, bikotekide egonkorrarentzat ordaindutako kantitate legez galdagarriak".

c) 62. artikuluko 1.e). idatz-zatiko bigarren lerrokada aldatuko da. Honela idatzita geratuko da:

"Lagundutako pertsonaren ezkontideak edo bikotekide egonkorrak eginen du dedukzioa, eta, ezkontiderik edo bikotekiderik ezean, graduaren arabera hurbilen duen senideak".

d) 62. artikuluko 4.f) idatz-zatiko b’) lerrokada aldatuko da. Honela idatzita geratuko da:

"b') Dedukzioa egiteko eskubidea emanen dute subjektu pasiboaren beraren edo berarekin bizi diren ezkontide, bikotekide egonkor, arbaso edo ondorengoen minusbaliotasunaren ondorioz subjektu pasiboaren ohiko etxebizitzan egin beharreko obrek eta egokitze-instalazioek".

e) 71. artikuluko 1. idatz-zatia aldatuko da. Honela idatzita geratuko da:

"1. Zerga honen eraginetarako, ondokoak dira famili unitateak:

a) Legez berezita ez dauden senar-emazteek eta, kasua bada, adin txikiko seme-alabek gurasoen baimenez haiengandik aparte bizi direnak izan ezik eta judizialki ezgaitutako adin nagusiko seme- alabek, luzatu edo birgaitutako guraso-ahalgopean daudenek osatutakoa.

b) Bikote egonkor batek bere legedi berariazkoari jarraikiz eta, kasua bada, adin txikiko seme-alabek gurasoen baimenez haiengandik aparte bizi direnak izan ezik eta judizialki ezgaitutako adin nagusiko seme-alabek, luzatu edo birgaitutako guraso-ahalgopean daudenek osatutakoa.

c) Legezko banantzea izan denean edo ezkontza-loturarik ez dagoenean, famili unitatea aitak edo amak eta batarekin edo bestearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena izanen da, baldin eta aurreko idatz-zatietako baldintzak betetzen badituzte".

f) 75. artikuluko 6. erregela aldatuko da. Honela idatzita geratuko da: "6. 71. artikuluko 1.a) eta 1.b) idatz-zatiek aipatzen dituzten famili unitateen kasuan, 55. artikuluko 4. idatz-zatiko 2. erregela aplikatzearen ondorioz ezkontideetako edo bikote iraunkorreko kideetako batek ezin izan duenean osoki aplikatu 3. idatz-zatian aipatzen den murrizketa, gerakina beste ezkontidearen edo bikotekide egonkorraren gutxieneko pertsonalari erantsiko zaio".

13. artikulua. Funtzio publikoaren araubidea.

1. Bikote egonkorra osatzen duten kideak ezkontide gisa hartuko dira lizentziei, baimenei, administrazio-egoerei, lanpostu-hornidurari, famili laguntzari eta eskubide pasiboei dagokienez, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuak aurreikusitako ondorioetarako.

2. Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateratuko 50. artikuluko 1. idatz-zatiko a) lerrokada aldatuko da. Honela idatzita geratuko da:

"a) Dirusarrerarik ez duen ezkontide edo bikotekide egonkorrarengatik.....% 3,50".

3. Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateratuko 75. artikulua aldatuko da. Honela idatzita geratuko da: "Alarguntasun pentsioa jasoko dute funtzionarioen eta erretiro-pentsiodunen ezkontide eta bikotekide egonkorrak, baldin eta erregelamenduz ezarriko diren baldintzak betetzen badituzte".

XEDAPEN GEHIGARRIA

Nafarroako Gobernuak eta Udalek Bikote Egonkorren Erregistroak sortu ahalko dituzte, bikoteen borondatezko inskripzioaren bitartez horien eraketari buruzko froga errazteko.

Foru Lege honek araututako bikoteak Erregistro Zibilean inskribatzea aurreikusten badu Estatuko legediak, Foru Lege honek lotzen dizkien ondorioak inskribatzen diren bikoteei dagozkiela ulertuko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Foru lege honetako xedapenak lehenagotik eratutako bikote egonkorrei aplikatuko zaizkie foru legea indarrean sartzearekin bat, baldin eta 2. artikuluko baldintzak betetzen badituzte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Nafarroako Gobernuak behar diren erregelamenduak emanen ditu foru lege honek ezarritakoak aplikatu eta garatzeko.

Bigarrena.-Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta hilabete barru hartuko du indarra.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra