Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Nafarroako Foru Komunitatearen zuzenbidea  >>  Legeria

6/2006 Foru Legea, ekainaren 9koa, Kontratu publikoei buruzkoa

2006-06-09

Erakundea: Nafarroako Parlamentua

Argitalpena: NAO, 2006/6/16, 72. zk.

6/2006 FORU LEGEA, ekainaren 9koa, Kontratu publikoei buruzkoa. NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako

FORU LEGEA, KONTRATU PUBLIKOEI BURUZKOA.

ZIOEN AZALPENA

ATARIKO TITULUA

I. KAPITULUA

Aplikazio eremua

1. artikulua. Foru legearen xedea.

2. artikulua. Foru legearen mendean dauden pertsonak eta entitateak.

3. artikulua. Foru lege honen mendean dauden kontratuak.

4. artikulua. Foru lege honen mendean dauden kontratuen definizioa.

5. artikulua. Kontratu mistoak.

6. artikulua. Foru lege honen eremutik kanpoko kontratuak eta negozio juridikoak.

7. artikulua. Kontratu sekretuak edo segurtasun neurri bereziak dituztenak.

8. artikulua. Entitate instrumentalei egiten zaizkien mandatuak.

9. artikulua. Izaera sozialeko entitateentzat kontratuak erreserbatzea.

II. KAPITULUA

Kontratistak

LEHENBIZIKO ATALA

Gaitasuna eta kaudimena

10. artikulua. Kontratistak.

11. artikulua. Kontratisten jarduteko gaitasuna.

12. artikulua. Europar Batasunetik kanpoko enpresak eta elkarrekikotasun printzipioa.

13. artikulua. Lizitatzailearen kaudimen ekonomiko eta finantzarioa. 14. artikulua. Lizitatzailearen gaitasun tekniko edo profesionala.

15. artikulua. Lizitatzailearen kaudimen ekonomikoa eta gaitasun teknikoa beste enpresa batzuen erreferentziaren bidez balioestea.

16. artikulua. Lotutako enpresak.

17. artikulua. Kalitatea bermatzeko ziurtagiriak.

BIGARREN ATALA

Lizitatzaileak baztertzeko arrazoiak

18. artikulua. Kontratatzeko debekuak.

19. artikulua. Debekua deklaratzeko prozedura eta ondorioak.

20. artikulua. Bateraezintasunak eta haien ondorioak.

III. KAPITULUA

Aplikatu beharreko arau orokorrak

21. artikulua. Kontratazioaren printzipio gidariak.

22. artikulua. Kontratuaren xedea.

23. artikulua. Konfidentzialtasuna eta isiltasuna.

24. artikulua. Kontratuen, esparru-akordioen eta eskuraketa sistema dinamikoen balio zenbatetsia kalkulatzeko metodoa.

25. artikulua. Parte hartzeko eskabideak eta eskaintzak aurkezteko epeak ezartzea.

26. artikulua. Epeen zenbaketa eta proposamenen aurkezpena.

27. artikulua. Kontratuari buruzko argibideak.

28. artikulua. Nafarroako Kontratazioaren Ataria.

LEHENBIZIKO LIBURUA

Administrazio publikoen kontratuak

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

I. KAPITULUA

Administrazio publikoen kontratu guztietarako xedapenak 29. artikulua. Aplikazio eremua.

30. artikulua. Itunak egiteko askatasuna.

31. artikulua. Kontratuen sailkapena.

32. artikulua. Administrazio kontratuen araubide juridikoa.

33. artikulua. Kontratu pribatuen araubide juridikoa.

34. artikulua. Kontratuen betekizunak.

35. artikulua. Kontratuen prezioa.

II. KAPITULUA

Kontratazio organoak

36. artikulua. Kontratuak izenpetzeko eskumena.

37. artikulua. Kontratatzeko baimena.

38. artikulua. Eskumenak berrantolatzea.

39. artikulua. Erosketen zentralak.

II. TITULUA

Esleipenaren aurreko jarduketak

I. KAPITULUA

Kontratua prestatzeko administrazio jarduketak

40. artikulua. Kontratazio espedientea.

41. artikulua. Espediente motak.

42. artikulua. Presako izapidetzearen espedientea.

43. artikulua. Izapidetze aurreratuko espedientea.

44. artikulua. Larrialdiko espedientea.

II. KAPITULUA

Administrazio klausula eta agindu tekniko partikularren orriak

45. artikulua. Administrazio klausula partikularren orriak.

46. artikulua. Agindu tekniko partikularren agiriak. 47. artikulua. Lehia librea galarazten duten oztopo teknikoen debekua.

48. artikulua. Agindu teknikoak jakinaraztea.

49. artikulua. Kontratuak gauzatzeari buruzko betekizun sozialak edo ingurumenaren arlokoak.

III. TITULUA

Esleipena

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

LEHENBIZIKO ATALA

Esleitzeko prozedurak eta irizpideak

50. artikulua. Prozedurak.

51. artikulua. Kontratua esleitzeko irizpideak.

BIGARREN ATALA

Parte hartzeko eskabideak eta eskaintzak

52. artikulua. Proposamenak aurkeztea.

53. artikulua. Lizitaziorako bermeak jartzea.

54. artikulua. Proposamenak aurkezteko agiriak.

55. artikulua. Baterako eskaintzak.

56. artikulua. Aldaeren onargarritasuna.

57. artikulua. Eskaintzen indarraldia.

58. artikulua. Eskaintza balioesteko hurrenkera, esleipen-irizpide gisa eskaintza onuragarrienarena erabiltzen den prozeduretan.

HIRUGARREN ATALA

Kontratazio mahaia

59. artikulua. Kontratazio mahaiaren esku-hartzea.

60. artikulua. Kontratazio mahaiaren osaera.

61. artikulua. Kontratazio mahaiaren eginkizunak. 62. artikulua. Proposamenak balioestea eta esleipena proposatzea, kontratazio mahairik eratzen ez denean.

63. artikulua. Esleipen proposamenak.

II. KAPITULUA

Esleipen prozedurak

LEHENBIZIKO ATALA

Prozedura irekia

64. artikulua. Prozedura irekia.

65. artikulua. Europar Batasuneko atalasetik beherako prozedura irekiaren nondik norakoa.

66. artikulua. Europar Batasuneko atalasetik gorako prozedura irekiaren nondik norakoa.

BIGARREN ATALA

Prozedura murriztua

67. artikulua. Prozedura murriztua.

68. artikulua. Europar Batasuneko atalasetik beherako prozedura murriztuaren nondik norakoa.

69. artikulua. Europar Batasuneko atalasetik gorako prozedura murriztuaren nondik norakoa.

HIRUGARREN ATALA

Prozedura negoziatua

70. artikulua. Prozedura negoziatua.

71. artikulua. Europar Batasunean publizitatea duten prozedura negoziatuak.

72. artikulua. Europar Batasunean publizitatea duen prozedura negoziatuaren nondik norakoa.

73. artikulua. Europar Batasunean publizitaterik ez duten prozedura negoziatuak.

74. artikulua. Europar Batasunean publizitaterik ez duen prozedura negoziatuaren nondik norakoa.

LAUGARREN ATALA

Lehia-elkarrizketa

75. artikulua. Lehia-elkarrizketa.

76. artikulua. Lehia-elkarrizketaren nondik norakoa. III. KAPITULUA

Kontratazioaren kudeaketa hobetzeko sistemak

77. artikulua. Esparru-akordioak.

78. artikulua. Esparru-akordioetan oinarritutako kontratuen esleipena.

79. artikulua. Erosketa sistema dinamikoa.

80. artikulua. Erosketa sistema dinamikoaren aplikazioa.

81. artikulua. Norgehiagoka elektronikoa.

82. artikulua. Norgehiagoka elektronikoaren aplikazioa.

IV. KAPITULUA

Publizitate arauak eta epeak

LEHENBIZIKO ATALA

Europar Batasuneko atalasetik gorako kontratuak

83. artikulua. Nahitaezko publizitatea Europar Batasunean.

84. artikulua. Aurretiazko informaziorako iragarkiak.

85. artikulua. Aurkezpen epeak, iragarkia ohiko bideetatik igortzen denean.

86. artikulua. Aurkezpen epeak, iragarkia bide elektronikoetatik igortzen denean.

87. artikulua. Presaz izapidetzen diren prozeduretako epeak.

88. artikulua. Aukerako publizitatea Europar Batasunean.

BIGARREN ATALA

Europar Batasuneko atalasetik beherako kontratuak

89. artikulua. Publizitate arauak, Europar Batasuneko atalasetik beherako kontratuetan.

90. artikulua. Aurkezpen epeak, Europar Batasuneko atalasetik beherako kontratuetan.

V. KAPITULUA

Esleipena, burutzea eta formalizazioa

91. artikulua. Eskaintza baxuegiak.

92. artikulua. Kontratua esleitzea. 93. artikulua. Kontratua burutzea.

94. artikulua. Kontratua formalizatzea.

95. artikulua. Betebeharrak betetzeko bermeak jartzea.

96. artikulua. Esleipena, kontratua suntsiarazten den kasuetan.

97. artikulua. Esleipenen publizitatea.

IV. TITULUA

Kontratuak gauzatzea

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

98. artikulua. Arriskua eta mentura.

99. artikulua. Kontratua nola gauzatzen den gainbegiratu eta ikuskatzea.

100. artikulua. Administrazio kontratuen interpretazioa.

101. artikulua. Kontratua gauzatzean eragindako kalte-galerak.

102. artikulua. Kontratua ez betetzeagatik zigorrak ezartzea.

103. artikulua. Epeak betetzea.

104. artikulua. Urte anitzeko gastua birdoitzea.

II. KAPITULUA

Kontratua aldatzea, etetea eta lagatzea

LEHENBIZIKO ATALA

Kontratua aldatzea

105. artikulua. Administrazio kontratua aldatzea.

106. artikulua. Kontratua aldatzea unitate berriak sartuz.

107. artikulua. Aldaketa espedientea izapidetzea.

108. artikulua. Aldaketa espedienterik behar ez duten unitate-aldaketak.

109. artikulua. Administrazio kontratuak etetea.

BIGARREN ATALA Azpikontratazioa eta kontratuaren lagapena

110. artikulua. Azpikontratazioa.

111. artikulua. Kontratua hirugarrenei lagatzea.

V. TITULUA

Ordainketa eta prezioen berrikuspena

I. KAPITULUA

Ordainketa

112. artikulua. Kontratuen prezioa ordaintzea.

113. artikulua. Konturako aurrerakinak ematea prestaketa-lanengatik.

114. artikulua. Ordaintzeko epea eta berandutza-korrituak.

115. artikulua. Kobratzeko eskubideak eskualdatzea.

II. KAPITULUA

Prezioen berrikuspena

116. artikulua. Administrazio kontratuen prezioak berrikustea.

117. artikulua. Berrikusteko formulak.

118. artikulua. Berrikusteko prozedura.

119. artikulua. Berrikuspena, gauzatzearen berandutza kasuetan.

120. artikulua. Berrikuspenaren zenbatekoaren ordainketa.

VI. TITULUA

Kontratuen amaiera eta baliogabetasuna

I. KAPITULUA

Kontratuen amaiera

121. artikulua. Kontratuen amaiera.

122. artikulua. Kontratuak betetzea eta harrera.

123. artikulua. Administrazio kontratuen berme-epea.

124. artikulua. Administrazio kontratuak suntsiarazteko arrazoiak. 125. artikulua. Kontratua suntsiaraztearen ondorioak.

II. KAPITULUA

Kontratuen baliogabetasuna

126. artikulua. Baliogabetasunaren arrazoiak.

127. artikulua. Baliogabetasunaren deklarazioa.

VII. TITULUA

Administrazio kontratuen motak

I. KAPITULUA

Obra kontratua

LEHENBIZIKO ATALA

Xedapen orokorrak

128. artikulua. Obra proiektua.

129. artikulua. Obren sailkapena, proiektuak egitearen ondorioetarako.

130. artikulua. Obra proiektuen edukia.

131. artikulua. Osotasunaren gaineko prezioa duten obrak.

132. artikulua. Obraren zuinketa eta lurren eskuragarritasuna.

133. artikulua. Proiektua eta obra batera kontratatzea.

BIGARREN ATALA

Obra kontratuak gauzatzea

134. artikulua. Zuinketa egiaztatzea.

135. artikulua. Ziurtagiriak ematea.

HIRUGARREN ATALA

Obra kontratuaren amaiera

136. artikulua. Obren harrera.

137. artikulua. Obra kontratuaren likidazioa.

138. artikulua. Akatsengatiko erantzukizuna. 139. artikulua. Obra kontratua suntsiarazteko arrazoi berariazkoak.

II. KAPITULUA

Herri lanen emakida kontratua

LEHENBIZIKO ATALA

Xedapen orokorrak

140. artikulua. Herri lanen emakida kontratua.

141. artikulua. Herri lanen emakida kontratuaren edukia.

142. artikulua. Emakidaren epea.

143. artikulua. Merkataritzarako ustiatzen diren eremu osagarriak.

144. artikulua. Emakida kontratuaren bidez egiten diren herri lanen finantzaketa.

145. artikulua. Emakidadunari ordaintzea.

146. artikulua. Herri lanen emakida eta herri lan bereiziak egitea.

BIGARREN ATALA

Emakidaren xede diren obrak egin aurreko jarduketak

147. artikulua. Bideragarritasunaren azterlana.

148. artikulua. Obra proiektua eta horren zuinketa.

149. artikulua. Herri lanen emakidarako administrazio klausula partikularren orriaren edukia.

150. artikulua. Eskaintzen edukia.

HIRUGARREN ATALA

Obrak egitea

151. artikulua. Obrak egitea.

152. artikulua. Obren amaiera.

LAUGARREN ATALA

Emakidadunaren eskubide eta betebeharrak

153. artikulua. Emakidadunaren eskubideak.

154. artikulua. Emakidadunaren betebeharrak. 155. artikulua. Herri lanak erabiltzea eta zaintzea.

156. artikulua. Obra erabiltzeagatik ordaintzea.

157. artikulua. Kontratuaren oreka ekonomikoari eustea.

158. artikulua. Emakidadunari betebeharrak ez betetzeagatik zigorrak ezartzea.

BOSGARREN ATALA

Administrazioaren eskubide eta betebeharrak

159. artikulua. Obra egiteko ekarpen publikoak.

160. artikulua. Ustiapenerako ekarpen publikoak.

161. artikulua. Administrazioaren prerrogatiba eta eskubideak.

162. artikulua. Herri lanaren aldaketa.

163. artikulua. Emakidan esku hartzea.

SEIGARREN ATALA

Emakidaren amaiera

164. artikulua. Emakida amaitzearen ondorioak.

165. artikulua. Emakida suntsiarazteko arrazoiak.

166. artikulua. Suntsiarazpenaren ondorioak.

III. KAPITULUA

Zerbitzuen emakida kontratua

167. artikulua. Zerbitzuen emakida kontratua.

IV. KAPITULUA

Hornidura kontratua

168. artikulua. Produktuak fabrikatzeko kontratuak.

169. artikulua. Errentamendua eta luzapena.

170. artikulua. Epea.

171. artikulua. Informazioaren tratamendurako ekipo edo sistemen hornidura kontratuak.

172. artikulua. Entrega eta harrera. 173. artikulua. Prezioaren ordainketa eta ondasunetan ordaintzea.

174. artikulua. Akatsak edo hutsak berme-epean.

175. artikulua. Kontratuaren suntsiarazpena.

V. KAPITULUA

Laguntza kontratua

LEHENBIZIKO ATALA

Xedapen orokorrak

176. artikulua. Mugak.

177. artikulua. Indarraldia.

178. artikulua. Proiektuaren akatsen ondorioz obren aurrekontua aldatzen denean eman beharreko kalte-ordainak.

179. artikulua. Proiektuaren akats edo hutsengatiko erantzukizuna.

180. artikulua. Kontratuak betetzea eta harrera.

181. artikulua. Kontratuaren suntsiarazpena.

BIGARREN ATALA

Obren proiektua egiteko eta obren zuzendaritza fakultatiborako laguntza kontratuak batera esleitzea

182. artikulua. Obren proiektua egiteko eta obren zuzendaritza fakultatiborako laguntza kontratuak batera esleitzea.

HIRUGARREN ATALA

Proiektuen lehiaketa

183. artikulua. Proiektuen lehiaketa.

BIGARREN LIBURUA

Beste subjektu eta entitate batzuen kontratu publikoak

TITULU BAKARRA

184. artikulua. Aplikazio eremua.

185. artikulua. Baldintza arautzaileak.

186. artikulua. Agindu teknikoak. 187. artikulua. Kontratuak gauzatzeari buruzko betekizun sozialak edo ingurumenaren arlokoak.

188. artikulua. Esleipen prozedurak.

189. artikulua. Prozedura irekia.

190. artikulua. Prozedura murriztua.

191. artikulua. Prozedura negoziatua.

192. artikulua. Europar Batasunean publizitatea duen prozedura negoziatua.

193. artikulua. Europar Batasunean publizitaterik ez duen prozedura negoziatua.

194. artikulua. Lehia-elkarrizketa.

195. artikulua. Dokumentazioa zuzentzea eta eskaintzak argitzea.

196. artikulua. Eskaintzen indarraldia.

197. artikulua. Kontratazioa hobetzeko sistemak.

198. artikulua. Kontratua esleitzeko irizpideak.

199. artikulua. Eskaintza baxuegiak.

200. artikulua. Hautagai eta lizitatzaileei esleipenaren gaineko informazioa ematea.

201. artikulua. Lizitazio prozeduraren nondik norakoari buruzko txostena.

202. artikulua. Kontratuen formalizazioa.

203. artikulua. Esleipenen publizitatea.

204. artikulua. Esleipena, kontratua suntsiarazten den kasuetan.

205. artikulua. Kontratua hirugarrenei lagatzea.

206. artikulua. Kontratuen baliogabetasuna.

HIRUGARREN LIBURUA

Erreklamazioak eta beste kontrol-neurri batzuk

I. TITULUA

Comptos Ganbera eta Kontratazio Publikorako Batzordea

207. artikulua. Comptos Ganberaren fiskalizatze lana.

208. artikulua. Kontratazio Publikorako Batzordea. 209. artikulua. Kontratuen Erregistroa.

II.TITULUA

Kontratazio publikoaren arloko erreklamazioak

210. artikulua. Kontratazio publikoaren arloko erreklamazioa.

211. artikulua. Kautelazko neurriak.

212. artikulua. Erreklamazioa izapidetzea.

213. artikulua. Erreklamazioa ebaztea.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa._Garapen arauak.

Bigarrena._ Definizioak.

Hirugarrena._Administrazio klausula orokorren orriak.

Laugarrena._Lehiaketetan eskaintzak, parte hartzeko eskabideak, planoak eta proiektuak eta kontratazio publikoaren arloko erreklamazioak bide elektronikoetatik jasotzeko baldintzak.

Bosgarrena._Ingurumen-kudeaketari buruzko arauak.

Seigarrena._Kontrol neurriak, Nafarroako administrazio publikoen dirulaguntza jasotzen duten obra eta laguntza kontratuetan.

Zazpigarrena._Jabari publikoko ondasun higiezinen gaineko negozio juridikoak.

Zortzigarrena._Kontratuen esleipena uraren, energiaren, garraioaren eta posta zerbitzuen sektoreetan.

Bederatzigarrena._Nafarroako toki entitateen kontratazio jarduera.

Hamargarrena._Atxikipen funtzionala Kontratazio Publikorako Batzordeari.

Hamaikagarrena._Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legea aldatzea.

Hamabigarrena._Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialari buruzko azaroaren 19ko 17/1998 Foru Legea aldatzea.

Hamahirugarrena._Kontratazio publikoaren arloko erreklamazioen araubidea Nafarroako Parlamentuari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoari aplikatzea.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa._Foru legearen aplikazioa. Bigarrena._Publizitateari buruzko arau iragankorrak.

Hirugarrena._Kontratazio publikoaren arloko erreklamazioak jartzea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra._Indargabetzen diren xedapenak.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra._Foru legeak indarra hartzea.

I. ERANSKINA

Obra kontratuko prestazioak

II. ERANSKINA

Laguntza kontratuko prestazioak

III. ERANSKINA

Zehaztapen teknikoak

ZIOEN AZALPENA

I

Foru legearen lege-aurrekariak, eskumena eta justifikazioa

Kontratazioari buruzko 1981eko Arau Orokorraren ondoren, kontratuei buruzko Nafarroako legeriaren lehenbiziko mugarria, Espainiako 1978ko Konstituzioak jada Foru Komunitate gisa ematen zizkion eskumenak erabiliz emana, Kontratuei buruzko azaroaren 14ko 13/1986 Foru Legea izan zen. Lege hori onetsi zen foru legeria Estatuko esparru berriari egokitzeko, hau da, maiatzaren 2ko 931/1986 Legegintzako Errege Dekretuari; dekretu horren bidez kontratuei buruzko Espainiako arauak Europako Ekonomia Erkidegoaren zuzentarauei egokitu zitzaizkien. Geroago, Estatuko legeria beharturik egon zen 1994ko urtarrilaren 1ean indarra hartu zuen Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Itunaren eta Marrakechen 1994ko apirilaren 15ean egin zen Kontratazio Publikoari buruzko Itunaren ondoriozko konpromisoak aintzakotzat hartzera.

Horregatik egin zen Administrazio publikoen kontratuei buruzko maiatzaren 18ko 13/1995 Legea, Konstituzioaren ondoren kontratazioari buruz emandako lehenbiziko lege oinarrizkoa.

Nafarroan, 1986ko foru legearen osagarri, alderdi oso zehatzak garatzeko arauak egin ziren. Hala arautu ziren Kontratazio Administratiboko Batzordearen sorrera (maiatzaren 4ko 132/1988 Foru Dekretua); Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren kontratuetan emaniko abalak (uztailaren 21eko 205/1988 Foru Dekretua); laguntza teknikoko kontratuak (apirilaren 25eko 161/1991 Foru Dekretua); Kontratuen Erregistroa (apirilaren 25eko 162/1991 Foru Dekretua); kontratu publikoen esleipena (1994ko maiatzaren 16ko Erabakia); eta espediente xeheen izapidetzea, eta hornidura-kontratu batzuetarako arau batzuk, aurrekontuei buruz denboran zehar emandako foru lege batzuen bitartez. Azkenik, aurrekoen ordez arau berri bat egin behar izan zen, ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legea.

Nafarroak, Foru Komunitatea den aldetik, egoera berezia du, Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1.d) artikuluak administrazio kontratu eta emakiden gaineko eskumen esklusiboa ematen baitio, Estatuko oinarrizko legeetako funtsezko printzipioen errespetua beste mugarik ez duela.

Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren aurreikuspen horrek garrantzi handia du, askatasun berezia ematen diolako Nafarroako Parlamentuari. Izan ere, funtsezko printzipioak eta, halaber, Europako zuzentarauetan dauden erregelak salbu direla, zilegi da hark onesten dituen arauen originaltasuna aldarrikatzea, benetan asmatzen badute Foru Komunitate honetan diharduten administrazio publikoen berariazko arazoei zuzeneko konponbidea ematen.

Eskumen-esparru horretan Foru Komunitateari dagokio kontratu publikoak arautzea, eta ez da oztopo Europar Batasunaren arauen transposizioa izatea, Konstituzio Auzitegiak, apirilaren 22ko 141/1993 Epaiaz gero, doktrinatzat ezarri baitu barneko zuzenbideko arauen ariora eskumen materiala duenak betearazi behar duela Europar Batasuneko zuzenbidea.

Foru Komunitatearen eskumenaren muga non dagoen jakiteko, behar-beharrezkoa da kontratuei buruzko Estatuko legeriaren funtsezko printzipio horiek zein diren zehaztea, Espainia Europar Batasunean sarturik dagoela kontuan hartuta. Espainiako antolamendu juridikoak eta ondorioz Nafarroakoak, beraz, Europar Batasunean sortutako zuzenbidea bere egin behar dute, Konstituzioaren 96. artikuluan ezarritako mekanismoaren bidez. Horrek esan nahi du arlo honetan kontratazioaren funtsezko printzipioak eta Europar Batasuneko zuzenbidearen funtsezko printzipioak ezin direla desberdinak izan.

Beste modu batera esanda, Nafarroako Foru Komunitatearen legegintza ahalmenak muga bakarra du: Justizia Auzitegiak Europar Batasuna Eratzeko Itunetik atera dituen printzipioak bete behar ditu, Europan kontratazio publikoaren sistema gaur egun definitzen duten printzipioak alegia; alde batetik, tratu-berdintasuna, prozeduren gardentasuna, proportzionaltasuna eta elkarren onarpena, eta bestetik, administrazio publikoek zuzendaritzarako, ikuskapenerako, interpretaziorako, aldaketarako eta kontrolerako dituzten ahalmenen ezinbesteko erabilerak barrenean biltzen dituen printzipioak.

Bestalde, Europar Batasunean sartzean hartutako betebeharrak eta 1994ko urtarrilaren 1ean indarra hartu zuen Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Itunean eta Marrakechen 1994ko apirilaren 15ean egin zen Kontratazio Publikoari buruzko Itunean ezarritako konpromisoak direla medio, Foru Komunitatearen eskumena mugatuta dago Europako erregelamendu eta zuzentarauetan kontratazio publikoari buruz dauden xedapenen bitartez, eta, jakina denez, eskumen hori Konstituzioko manuek xedatutakoari loturik erabili behar da. Foru lege honetan ezarritako arauek erabat errespetatzen dituzte muga horiek.

II

Foru legearen helburuak

Abiaburu horiek onartuta, foru lege honetako arauen helburu nagusiak hauek direla esan daiteke: a) kontratuei buruzko legeria Europar Batasuneko arauetara egokitzea oro har.

b) kontratazioa Estatuko administrazioa baino txikiagoak diren administrazioen berezitasunetara egokitzea.

c) kontrol substantiboak gehitzea, eta forma hutsezko kontrolak ahalik gehien murriztea, arestian aipatutako funtsezko printzipioak betetzeko ezinbestez egin behar direnak bakarrik eginez.

d) prozedurak bizkortuz eraginkortasuna areagotzea, bete behar diren funtsezko printzipio horiek aukera ematen duten heinean.

e) teknologia berriak ezartzea.

f) kontratazio jardueraren bitartez gizarte politikak eta ingurumen arlokoak betearazten laguntzea.

g) administrazio publikoen eta haien entitate instrumentalen obra, hornidura eta laguntza kontratuei buruzko arauak testu bakarrean biltzea.

Obra, hornidura eta zerbitzu kontratuak esleitzeko prozeduren koordinazioari buruzko 2004ko martxoaren 31ko 2004/18/EE Zuzentaraua, Parlamentuarena eta Kontseiluarena, onetsi denez gero, kontratuei buruzko foru legeria Europar Batasuneko zuzenbidera moldatu beharra dago. Hauek dira zuzentarau horren helburuak: kontratu publikoen esleipena Itunaren printzipioetan oinarritzea; kontratazio publikoan lehiari bidea irekitzea, eta kontratu publikoen esleipenak lehian distortsiorik ez eragitea. Egokitzapen horrek ez du Zuzentarauaren transposizio hutsa izan behar. Izan ere, Nafarroako administrazio publikoen kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legeak transposizioa egin zuenetik Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak hartu dituen erabaki batzuek _2003ko maiatzaren 15eko Epaia (C-214/00 Batzordea-Espainia), 2003ko urriaren 16ko Epaia (C- 283/00 Batzordea-Espainia) eta 2005eko urtarrilaren 13ko Epaia (C-84/03 Batzordea-Espainia)_ kontratuei buruzko legeria Europar Batasunaren araudiari eta jurisprudentziari osorik egokitzera behartzen dute.

Horregatik, arestian aipatutako 2004/18/EE Zuzentarauarena ez ezik, honako hauen transposizioa ere egin behar da: 1989ko abenduaren 21eko 89/665/EEE Zuzentaraua, Kontseiluarena, hornidura eta obra kontratu publikoen esleipenaren arloko errekurtso-prozedurak aplikatzeko lege, erregelamendu eta administrazio xedapenen koordinazioari buruzkoa, eta 2000ko ekainaren 29ko 2000/35/EE Zuzentaraua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, merkataritza eragiketetan berankortasuna eragozteko neurriak ezartzen dituena.

Egokitzapen orokor horren barrenean garrantzi berezia dute Europar Batasunaren Itunetik sortutako printzipioek; horiexek hartu behar dira kontuan foru lege honetako arauak interpretatzeko, eta kudeatzaile publikoek erreferentzia gisa erabili behar dituzte foru lege honen aplikazioan. Printzipio horiek, gorago esan denez, tratu-berdintasuna, prozeduren gardentasuna, proportzionaltasuna eta elkarren onarpena dira.

Tratu-berdintasunak esan nahi du ez zaiela trataera desberdina eman behar antzekoak diren egoerei, tratu-desberdintasun horretarako behar adinako justifikaziorik izan ezean. Adibidez, printzipio horren arabera ez da bereizketarik egin behar nazionalitatearen arabera. Prozedurak gardenak izateko, kudeatzaile publikoek behar adina informazio eman behar diete interesa izan dezaketen guztiei, prozeduran parte hartu ala ez erabaki ahal izan dezaten. Printzipio hori hainbat tresnaren bidez gauzatzen da, behar den publizitatea ere barne, ukitutako sektore ekonomikoaren ezaugarrien arabera. Europar Batasuneko jurisprudentziak printzipio hori eta tratu- berdintasunarena lotzen ditu, lehenengoak bigarrenaren eraginkortasuna bermatzen duelako; izan ere, lehiatzeko baldintzen distortsioa saihestu behar da haren aplikazioaren bidez.

Proportzionaltasun printzipioa beteko bada, hartzen diren neurri guztiek aldi berean izan behar dute beharrezkoak eta lortu nahi den helbururako egokiak. Beraz, hartzen diren erabaki guztiek, batez ere errendimenduen eta agindu teknikoen ingurukoek, beharrezkoak eta ezarritako helbururako egokiak izan behar dute.

Elkarren onarpenak esan nahi du Europar Batasuneko edozein Estatuk Europar Batasuneko beste herrialde batzuetako enpresen produktuak eta zerbitzuak onartu behar dituela, baldin eta herrialde horiek modu berean erantzuten badute ondasun eta zerbitzuak hartuko dizkien Estatuak lortu nahi dituen helburu legitimoen aurrean. Kontratu publikoen arloan, agindu teknikoak eta kontrolak onartu behar dira, bai eta Europar Batasuneko beste Estatu horretan eskatzen diren titulu, ziurtagiri eta kualifikazioak ere, baldin eta prestazioa jasoko duen Estatuan eskatzen direnen baliokidetzat onartuta badaude.

Kontratazioaren kudeaketan izandako esperientzia ikusirik (batez ere administrazio publikoen esparruan, gainerako pertsona eta entitateen kontratu publikoei buruzko arauek funtsean esleipena baizik ez baitute jaso), izapideak erraztu egin dira. Hala, gaitasuna eta kaudimena egiaztatzeko agiriak esleipendunari bakarrik eskatzeko aukera ezarri da, eta Europar Batasuneko atalasetik beherako kontratuetan orri erraztuak egitea aurreikusi da. Gainera, ildo horri jarraituz, izapide mota bakarra ezarri beharrean, prozedura aurrera eramateko bide desberdinak ireki nahi izan dira, kudeatzaile publiko bakoitzak bere beharrizanen arabera jardun dezan.

Kudeaketa errazteko bidean garrantzi berezia du Erosketen Zentralak eratu ahal izateak, administrazio publikoetako kontratazio organoen espezializazioa ahalbidetuko duten tresnak, hain zuzen. Baliabide gutxi dituzten organoek kudeaketarako hobeki prestatutako beste batzuei ematen ahalko diete beren kontratuak kudeatzeko ardura. Horrela izapideak eraginkorragoak izanen dira, eta, erosketen zenbatekoaren gehikuntza dela bide, lortutako aurrezkiak Erosketen Zentralaren zerbitzuak jasotzen dituzten entitate publiko guztien artean banatuko dira.

Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriek gure gizartean duten eragina kontratazioaren arloan ere nabari da ezinbestean. Horregatik, haiek eskaintzen dituzten aukerak baliatu nahi izan dira foru legean, bai enpresei kontratu publikoak eskuratzeko bidea ematerakoan eta bai administrazio izapideak arrazionalizatu eta errazteko orduan ere. Horrek, zalantzarik gabe, eragina izanen du funts publikoen kudeaketan eta haien erabileraren eraginkortasuna areagotuko du.

Foru lege honek, bada, Europar Batasuneko arauetan ezarritako gidalerroei jarraituz, apustu sendoa egiten du teknologia berrien ezarpenaren alde, horrela kudeaketa hobetu eta entitate publikoek nahiz enpresek jasan beharreko kostuak murriztuko direlakoan. Nafarroako Kontratazioaren Ataria izeneko web orria sortzea izan da bide horretan hartutako neurri nagusia. Kontratuen publizitate ofizialerako tresna izateaz gainera, Ataria lizitatzaile izan daitezkeenekin harremanak izateko bidea izanen da. Bertan entitate esleitzaileei buruzko informazioa emanen da, entitate esleitzaileei galderak eginen zaizkie, eta abar. Era berean, Ataria erabili ahal izanen da erreklamazio elektronikoak aurkezteko (bestela nekez aurkez litezke, epeak laburrak izaten baitira), lizitatzaileei errekerimenduak bidaltzeko eta Kontratazio Publikorako Batzordeari eta Comptos Ganberari informazioa igortzeko.

Foru lege honek aintzat hartzen ditu ingurumen eta gizarte kezkak ere. Horregatik, kontratazioan irizpide sozialak eta ingurumenaren arlokoak sartzea aurreikusten du, baldin eta horien erabilerak lehiaren bidegabeko mugaketarik edo murrizketarik eragiten ez badu. Hala, bada, aukera ematen da irizpide horiek erabil daitezen kaudimena balioesteko fasean eta kontratua gauzatzeko baldintzak zehazterakoan, bai eta eskaintzen balorazioan gerta daitezkeen berdinketak hausteko ere. Arau multzo honek bide ematen du kontratazioa tresna bat izan dadin botere publikoek gizarte eta ingurumen arloetan antolatzen dituzten politika publikoak betearazteko. Horren ildotik, foru legeak, izaera sozialeko lehenbiziko neurri gisa, bide ematen du tailer babestuekin edo enplegu babestuko programetara bildutako enpresekin egiten diren kontratu batzuk bere aplikazio eremutik ateratzeko. Kontratazio publikoa antolamenduan onesten diren balio gorenen zerbitzuan jartzen duen ikuskera instrumental hori ekarri da testura, kontratazio publikoaren ikuskera ekonomizista, aldebakar eta sinplistari uko eginda.

Foru lege honen irizpide gidaria, azken batean, hauxe da: kudeatzaile publikoei bide ematea ondasun eta zerbitzuak merkatuko baldintzarik onenetan eskuratzeko, kontuan izanik, behar izanez gero, interes publikoko beste helburu batzuk bete behar direla, hala nola gizarte edo ingurumen arloetakoak; arauaren ondoriozko betebeharrek ez dute helburu hori lortzeko oztopo edo eragozpen izan behar, beren ugaritasunagatik edo kudeatzaileak beraiek betetzeko gehiegizko esfortzua egin behar izateagatik. Ikuspuntu horretatik uste izan da portaera irregularrak ezabatzeko bermerik onena ez dela kontrol zorrotz eta konplexuak ugaritzea, baizik eta ondasun eta zerbitzuak merkatuko preziorik onenetan erostea, kontratazio prozesuko une bakoitzean erantzukizuna esleituz eta pertsonalizatuz.

Foru lege honen esparruan Nafarroako administrazio publikoak eta haien pertsona juridiko instrumentalak sartzen dira. Hortaz, foru lege honek haien kontratazio publiko osoa bateratzeko funtsezko eginkizuna betetzen du.

III

Egitura eta edukia

Foru legeak atariko titulua eta beste hiru liburu ditu. Atariko tituluan kontratu publiko guztiei dagozkien alderdi orokorrak arautzen dira. Lehenbiziko Liburuan administrazio publikoen kontratuak arautzen dira, eta Bigarren Liburuan, berriz, beste subjektu eta entitate batzuen kontratuak. Bereizketa hori egin da administrazio publikoen kontratazioak arauketa osoa behar duelako; gainerako subjektu eta entitateak, aldiz, Itunetik eta zuzentarauetatik sortutako arauen mendean daude, funtsean esleipen arauak baitira, eta gainerako alderdietan zuzenbide zibila edo merkataritzako zuzenbidea aplikatu behar da. Hirugarren Liburua kontratazio publikoaren arloko erreklamazioari eta beste kontrol neurri batzuei buruzkoa da.

Atariko tituluaren hasieran zehazten da zein pertsona eta entitatek aplikatu behar duten foru lege honetan xedatutakoa. Gure antolamenduan kontratu publikoei buruzko legeriaren mende betidanik egon diren subjektuei beste batzuk gehitu zaizkie, Europar Batasuneko araudia aplikatzearen ondorioz, Europar Batasuneko jurisprudentziaren interpretazioarekin bat etorriz. Horregatik, administrazio publikoek ez ezik, zuzenbide pribatuaren itzalpean eratuak izan eta zuzenbide pribatuko status propioa duten entitateek ere foru lege honetako xedapenen arabera esleitu beharko dituzte beren kontratuak. Horixe da kontratu horien esleipena aparteko liburu batean arautu beharra ekarri duena.

Arauaren aplikazio eremu objektiboak barrenean hartzen ditu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko martxoaren 31ko 2004/18/EE Zuzentarauan araututako kontratuak; herri lanen eta zerbitzuen emakidak erantsi zaizkie, entitate publikoek egin ditzaketen ondasun eta zerbitzu eskuraketa guztiak (higiezinak eskuratzeko kontratuak eta ondare izaerako gainerako negozio juridikoak izan ezik) testu bakarrean arautzeko. Ondare gaiak baztertu egin dira, alde batetik, administrazio publikoek badutelako ondareari buruzko legeria, eta bestetik, Europar Batasuneko harmonizaziorako agindurik ez dagoelako.

Foru legean obra eta laguntza kontratuak definitu dira eranskinetan jasotako jardueren aipamena eginez. Eranskinak 2004/18/EE Zuzentarauarenak berak dira, barneko antolamendua eta Europar Batasuneko antolamendua bat etor daitezen.

Zuzentarauak dakarren "zerbitzu kontratua" izena jarri ordez "laguntza kontratua" izenari eustea erabaki da. Horrela, alde batetik, foru legearen eraginpeko entitateek (bereziki administrazio publikoek) jarduera ez dutela beren baliabideekin garatzen azpimarratzen da, alegia, merkatura jotzen dutela beren baliabideak osatzeko, eta bestetik, nahasbidea saihesten da, zerbitzua tarteko kontratista baten bidez ematen den kasuetan. Era horretara, foru legerian jada ohikoa den laguntza kontratuan, Estatuko legeriako aholkularitza eta laguntza kontratuek eta zerbitzu kontratuek bat egiten dute kontratu mota bakarrean, eta Estatuko araudian ageri diren modalitate desberdinen arteko nahastea deuseztatzen da, puntu horretan ilun samarra baita. Gainera, Zuzentarauak dioenaren arabera, laguntza kontratuak ez ditu administrazioari emandako zerbitzuak bakarrik hartzen _laguntza kontratuaren esparrua 10/1998 Foru Legean_, baizik eta II. eranskinean aurreikusitako zerbitzu guztiak, zerbitzuaren hartzailea hirugarren bat edo herritarren multzoa baldin bada.

Beste alde batetik, zerbitzuen emakidaren figura sartzeak zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratua deituaren desagerpena dakar, horren xedea laguntza kontratuaren eta zerbitzuen emakidaren artean banatzen baita. Hortaz, Europar Batasuneko araudiaren arabera, enpresaburu baten bidez kolektibitatearentzako zerbitzuak emateak bi forma baino ezin ditu hartu: alde batetik, laguntza kontratuaren forma, enpresaburuak bere ordainsaria entitate publikotik jasotzen duenean, egiten duen prestazioen arabera, eta bestetik, emakidaren forma, enpresaburuak bere ordainsariaren zati bat, gutxienez, erabiltzaileengandik jasotzen duenean, "itzaleko bidesaria" bezalako ordainketa motak barne direla.

Zenbait jarduera arauaren aplikazio eremu objektibotik kanpo utzi dira, kostubidezkoak ez izateagatik edo berariaz arauturik egoteagatik, nagusiki. Horien artean azpimarratzekoak dira entitate instrumentalei _Europar Batasuneko jurisprudentziaren arabera definituak_ egiten zaizkien mandatuei buruzko arauak; mandatu horiek kontratuei buruzko arautegitik kanpo utzi dira, entitate nagusiaren eta entitate instrumentalaren borondateak bat bera izanik, barne-eremuaren mugak gainditzen ez dituzten esleipenak direlako. Kontratistei dagokienez, azpimarratu behar da, berrikuntza gisa, administrazio publikoak eta haiei lotuta edo haien mende diharduten entitateak kontratuen esleipen-hartzaile izan daitezkeela. Hori horrela, administrazioen arteko hitzarmenek ezin dituzte xedetzat eduki foru legean araututako kontratuek berezko dituzten prestazioak. Gainera, arau hauek kontuan hartzen dute kontratazioarekin berarekin zerikusirik ez duten gaien gainean Estatuak bakarrik dituen eskumenetan oinarritutako Estatuko arauak ere.

Atariko tituluan dauden aplikazio arauen artean azpimarratu behar dira kontratuen balio zenbatetsia kalkulatzekoak. Lehenbiziko aldiz sartu dira horrelako irizpideak lege-testu batean. Garrantzi handiko manua da, gardentasun printzipioa zehazteari dagokionez.

Lehenbiziko Liburuan bildu dira Nafarroako administrazio publikoen kontratazioari buruzko arauak, eta, ildo horretan, kontratazio administratiboari buruzko arau tradizionalak jaso dira, Europar Batasuneko araudiaren eskakizunen arabera egokituak. Alabaina, izapideak errazteko ahalegina egin da. Adibidez, kontratuen zehaztapen teknikoak arautzean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko martxoaren 31ko 2004/18/EE Zuzentarauaren transposizioa kontuz egin da, hauek lehiari bidea irekitzea eragotzi ez dezaten.

Kontratuak esleitzeko prozedurei dagokienez, arauan jaso dira Europar Batasuneko araudian erregulatutakoak (prozedura irekia, prozedura murriztua, prozedura negoziatua eta lehia- elkarrizketa). Kontratazio organoek, ekonomia eta efizientzia helburu, esparru-akordioak izenpetzen ahal dituzte zenbait kontraturen baldintzak ezartzeko, eta, kontratazioaren kudeaketa hobetze aldera, prozesu elektronikoetara jo dezakete (erosketa sistema dinamikoa eta norgehiagoka elektronikoa) kontratuak esleitzeko. Beste alde batetik, 10/1998 Foru Legean ezarritako esleipen moten aipamenak kendu egin dira; horiek, Europar Batasuneko araudiari jarraituz, esleipenerako irizpide bihurtu dira.

Administrazio kontratuen gauzatzean administrazioaren ohiko prerrogatibei eutsi zaie, baina kontratuaren aldaketari buruzko ñabardurak erantsi dira, gardentasun printzipioa zaintzeko. Horregatik, aldaketek kontratuaren hasierako prezioaren 100eko 50eko gorabeherak eragin ditzakete gehienez, eta interes publikoko aldaketak izan behar dira, ezusteko gertaeren ondorioz egin beharrekoak.

Mota guztietako administrazio kontratuak arautzeko orduan 10/1998 Foru Legeko arau nagusiak jaso dira. Herri lanen emakidari buruzko arauak gehitu dira, Estatuko araudiaren eredura eginak, eta zerbitzuen emakidari buruzkoak ere bai. Azken kontratu mota hori herri lanen emakidari lotuta definitu da, bien arteko antzekotasunak direla eta. Aipatu beharra dago, ordea, obra kontratuan malgutu egin direla obrak egin bitartean suertatzen diren aldaketa txikiei buruzko arauak; aldaketa horiek berehala izapidetu ahal izanen dira, obra eten beharrik izan gabe, jakintzat ematen delako obra proiektuek normalean egokitzapenak behar izaten dituztela eta oso gutxi direla batere aldaketarik gabe burutzen diren obra proiektuak.

Bigarren Liburuan, administrazio publikoak ez diren beste pertsona eta entitate batzuek lizitatzen dituzten kontratuen esleipena arautzen da. Liburu hau batez ere prozeduraz ari da, kontratuen arautze materiala zuzenbide zibilari edo merkataritzako zuzenbideari lotuta dagoelako. Hemen, noski, Lehenbiziko Liburuan dauden printzipio eta arau berberak jaso dira. Hirugarren Liburuak berrikuntza handi bat dakar: kontratazio publikoaren arloko erreklamazioa. Kontseiluaren 1989ko abenduaren 21eko 89/665/EEE Zuzentarauaren transposizioa egin da, aukerako eta ordezko administrazio errekurtsoa sortuz, oso epe laburrean ebatzi behar dena. Horrela Zuzentarauaren helburua betetzen da, alegia, errekurtsoa egiteko bide eraginkor eta azkarrak ematea, bereziki arau-hausteak zuzentzen ahal diren fasea amaitu aurretik. Administrazio errekurtsoa sortzea erabaki da, arlo honetan Nafarroako Foru Komunitateak badituelako eskumenak. Gainera, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 60.1 artikuluan eta Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, errekurtsoa ebatziko duen organoak ezin du jarraibide hierarkikoei lotuta jardun, eta kide anitzekoa izan behar du. Horrenbestez, argi zegoen Kontratazio Publikorako Batzordearen aldeko aukera egin behar zela, mendekotasun hierarkikorik ez izateaz gain arlo honetan guztiz espezializatutako organoa baita.

Kontratazio publikoaren arloko erreklamazioa aplikagarria izanen da foru legearen eraginpeko pertsona eta entitate guztien lizitazioetan, baina, Nafarroako toki entitateak arautzeko beharrezkoa baita gehiengo osoak onetsitako foru lege bat, erreklamazioa ez da indarrean jarriko harik eta toki administrazioa arautzen duen foru legea aldatu arte, eta bertan ezartzen den moduan hartuko du indarra. Betiere, toki entitateek konponbide prozesal horri heldu ahalko diote, behin-behinekoz bederen, beren lizitatzaile eta kontratistei bermeak emateko.

Nafarroako Parlamentua eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa konponbide prozesal horren mende jartzeari dagokionez, eta haien autonomia-eremuak errespetatzearren, foru legeak haientzako irtenbide bat ere antolatu du.

89/665/EEE Zuzentarauak agintzen duen bezala, erreklamazioa jar daiteke izapide-egintzen aurka _garrantzizko edukia baldin badute, izapide-egintza kualifikatuak izan beharrik gabe, 15/2004 Foru Legeko eta 30/1994 Legeko parametroen arabera_ eta behin betiko egintzen aurka. Erreklamazioaren ondorioz arau-hausteak zuzentzeko aukera izan behar da, zuzentzeko modukoak badira. Horri dagokionez, kontratu guztiak hamabost egun naturaleko epean formalizatu behar direla ezarri da. Epe hori ezarrita kontratu auzigaien formalizazioa saihestu behar da. Helburu berarekin, Kontratazio Publikorako Batzordeari behar diren kautelazko neurriak hartzeko gaitasuna ematen zaio.

Erreklamazioaren erregulazioak Europar Batasuneko araudian dauden manuak betetzea ahalbidetzen du. Erreklamazioa beharrezko tresna da foru legean jasotako manuei eta Europar Batasuneko printzipio gidariei eraginkortasun osoa emateko; hartara gardentasun handiagoa lortuko da, enpresa gehiagok izanen dute aukera kontratazio publikoan parte hartzeko eta, horrenbestez, kontratazioan esku hartzen duten subjektuek kostu txikiagoak izanen dituzte.

Foru lege hau garatu eta betearazteko, Nafarroako Gobernuak, lehenbiziko xedapen gehigarrian aurreikusten den moduan, behar diren erregelamenduzko xedapenak eman beharko ditu, batez ere Kontratazio Publikorako Batzordearen osaerari, antolaketari eta eginkizunei, kontratazio publikoaren arloko erreklamazioari eta bitarteko telematikoen erabilerari dagozkienak. Halaber, aldatu egin behar dira Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legea eta Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialari buruzko azaroaren 19ko 17/1998 Foru Legea, haien xedapenak foru lege honetan ezarritakoari egokitzeko. Foru lege honek, gainera, Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen aldaketa eraginen du, horren xedapenak foru lege honen arabera moldatu behar direlako, Nafarroako toki entitateen kontratazio jardueraren berezitasunak arautuz.

ATARIKO TITULUA

I. KAPITULUA

Aplikazio eremua

1. artikulua. Foru legearen xedea.

Foru lege honen xedea da hurrengo artikuluetan aipatzen diren pertsona eta entitateek Nafarroako Foru Komunitatearen eskumen- eremuan egiten dituzten kontratu publikoak arautzea.

2. artikulua. Foru legearen mendean dauden pertsonak eta entitateak.

1. Honako hauek daude foru lege honen xedapenen mendean:

a) Nafarroako Parlamentua, Comptos Ganbera eta Nafarroako Arartekoa.

b) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioa, haren erakunde autonomoak eta Nafarroako administrazio publikoei aholkuak emateko administrazioa.

c) Nafarroako toki entitateak eta haien erakunde autonomoak, toki administrazioari buruzko foru legeriaren ondoriozko berezitasunekin.

d) Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

e) Enpresa-entitate publikoak, merkataritza- eta lan-sozietateak, fundazioak eta aurreko letretan aipatutako entitateei loturik edo haien mendean diharduten gainerako entitateak eta horien elkarteak, nortasun juridikoa badute, publikoa nahiz pribatua, eta baldintza hauek guztiak betetzen badituzte:

_Beren jardueraren bidez, neurri batean bederen, interes publikoko helburuak betetzea, industri edo merkataritza izaerarik ez dutenak.

_Nafarroako administrazio publikoek, zuzenean edo zeharka, haien jardueraren erdia baino gehiago finantzatzea edo haien jardueren gain eragin nagusia izatea, kudeaketa kontrolatzeko mekanismoen bitartez edo administrazio, zuzendaritza nahiz zaintza organoetako kideen erdiak baino gehiago izendatzea ahalbidetzen duten mekanismoen bitartez.

f) Pertsona eta entitate pribatuak, 3. artikuluko b), c) eta d) letretan aipatutako kontratuak egiten dituztenean.

2. Soilik foru lege honen aplikazioari dagokionez, Nafarroako administrazio publikotzat hartuko dira aurreko idatz-zatiko a), b), c) eta d) letretan aipatutako entitateak, baina horrek ez du eraginik izanen haien izaera instituzionalean. 3. Merkataritza sozietateei ez zaie foru lege hau aplikatuko, foru lege honen mendeko pertsona eta entitateak zuzenean edo zeharka partaide izan edo haiekin lotura badute eta interes publikokotzat jotzen ez diren industri edo merkataritza jarduerak bakarrik egiten badituzte.

3. artikulua. Foru lege honen mendean dauden kontratuak.

Kontratu hauek daude foru lege honen mendean:

a) Aurreko artikuluko 1. idatz-zatiko a), b), c), d) eta e) letretan aipatutako entitateen obra, hornidura eta laguntza kontratuak eta entitate haien herri lanen eta zerbitzuen emakidak.

b) Foru lege honen I. eranskinean aipatutako ingeniaritza zibileko prestazioak xede dituzten obra kontratuak eta ospitaleak, kirol, kultur, josteta eta aisia zentroak, eskola eta unibertsitate eraikinak eta administrazio eraikinak eraikitzeko obra kontratuak, pertsona edo entitate pribatuek egiten badituzte eta kontratazio publikoko betebeharrak dituzten entitateek zuzenean 100eko 50etik gorako dirulaguntza eman badiete.

c) Aurreko letran aipatutako obra kontratuei loturik pertsona edo entitate pribatuek sinatzen dituzten laguntza kontratuak, kontratazio publikoko betebeharrak dituzten entitateek zuzenean 100eko 50etik gorako dirulaguntza eman badiete.

d) Herri lanen emakidadunen obra kontratu eta azpikontratuak eta agente urbanizatzaileen obra kontratuak, 2.1 artikuluko e) letran aipatutakoek egiten dituztenak izan ezik.

4. artikulua. Foru lege honen mendean dauden kontratuen definizioa.

1. Obra kontratua da foru lege honen mendeko entitate batek edo entitate-multzo batek (kontratatzailea) enpresaburu edo profesional batekin (kontratista) egiten duena, foru lege honen I. eranskinean aipatutako jarduerekin zerikusia duten prestazioak egin ditzan, edo bestela proiektua eta prestazioak egin ditzan, prezio jakin baten truke.

2. Hornidura kontratua da foru lege honen mendeko entitate batek edo entitate-multzo batek (kontratatzailea) enpresaburu edo profesional batekin (kontratista) egiten duena, berari produktuak eta ondasun higigarriak erosteko, eskura nahiz epeka ordainduta, edo errentan hartzeko, erosteko aukerarekin nahiz aukerarik gabe, edo finantza errentamendua egiteko.

3. Laguntza kontratua da foru lege honen mendeko entitate batek edo entitate-multzo batek (kontratatzailea) enpresaburu edo profesional batekin (kontratista) egiten duena, obra eta hornidura kontratuez bestelakoa; kontratistak foru lege honen II. eranskinean aipatutako zerbitzuetako baten bat egin behar du kontratatzailearentzat edo, kontratatzailearen kontura, hirugarren batentzat edo herritar guztientzat, prezio jakin baten truke.

Kontratu horien indarraldia lau urtekoa izanen da, haien luzapen guztiak barne, salbu eta ohiz kanpoko arrazoiak direla-eta entitate kontratatzailearen beharrizanak asetzeko epe luzeagoa behar denean, betiere errespetatuz merkatuan lehia aske eta eraginkorra izatearen printzipioak.

4. Herri lanen emakida kontratua da foru lege honen mendeko entitate batek edo entitate-multzo batek (emakida-emailea) enpresaburu edo profesional batekin (emakidaduna) egiten duena, foru lege honen I. eranskinean aipatutako obretako baten bat, ekonomikoki ustiatzen ahal dena, egin eta ustia dezan; emakidadunari ordaintzeko, obra ustiatzeko eskubidea ematen zaio, edo eskubide hori emateaz gainera prezioa ordaintzen zaio.

5. Zerbitzuen emakida kontratua da foru lege honen mendeko entitate batek edo entitate-multzo batek (emakida-emailea) enpresaburu edo profesional batekin (emakidaduna) egiten duena, foru lege honen II. eranskinean aipatutako zerbitzuetako baten bat egin dezan; ordainetan zerbitzuaren ustiapen ekonomikorako eskubidea ematen zaio, edo horrez gainera prezioa ordaintzen zaio.

5. artikulua. Kontratu mistoak.

1. Kontratu mistoa da foru lege honetan araututako kontratu mota biren edo gehiagoren xedeak biltzen dituena.

2. Kontratu mistoen publizitateari eta esleipenari buruzko arauak aplikatzerakoan, prestazio nagusitzat joko da munta ekonomiko handiena duena.

3. Mota honetako kontratuen araubide juridikoa kontratua arautzeko baldintzetan zehaztuko da, prestazio bakoitzaren araubide juridikoa aplikatuz, prestazio nagusiarekin bateragarria den heinean. Salbuespenez, araubide juridiko materiala zehazteko orduan prestazio nagusitzat jo ahalko da kontratuaren xedeari begira garrantzi handiena duen prestazioa.

6. artikulua. Foru lege honen eremutik kanpo dauden kontratuak eta negozio juridikoak.

1. Honako hauek foru lege honen aplikazio eremutik kanpo daude, beren izaeragatik eta berariaz araututa egoteagatik:

a) Entitate instrumentalei egiten zaizkien mandatuak, foru lege honen 8. artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) Foru lege honen 2.1.e) artikuluan aipatutako entitateek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko martxoaren 31ko 2004/17/EE Zuzentarauaren eraginpeko jarduerak garatzeko esleitzen dituzten obra, hornidura edo laguntza kontratuak (uraren, energiaren, garraioaren eta posta zerbitzuen sektoreetan kontratuak esleitzeko prozeduren koordinazioari buruzko zuzentaraua).

c) Irratidifusioko erakundeek programak erosteko, garatzeko, ekoizteko edo ekoizpenean parte hartzeko kontratuak eta difusio denborari dagozkion kontratuak.

d) Arbitraje eta adiskidetze zerbitzuak xede dituzten kontratuak.

e) Baloreak edo bestelako finantza tresnak jaulki, erosi, saldu eta eskualdatzearekin zerikusia duten finantza zerbitzuei dagozkien negozioak, bereziki foru lege honen mendeko entitateek funtsak edo kapitala eskuratzea xede duten eragiketak, eta banku zentralek egiten dituzten zerbitzuak.

f) Ikerketa eta garapen zerbitzuetarako kontratuak (salbu eta kontratuaren onurak foru lege honen mendeko entitateek bakarrik jasotzen dituztenean beren jardueran erabiltzeko), baldin eta entitateak osorik ordaintzen badu zerbitzu-ematea. g) Herri lanen emakidadunentzako prestazioak, emakida lortzeko elkartu diren enpresek eta beraiei lotutako enpresek egiten dituztenak, baldin eta enpresa horiek emakida lortzeko proposamenari erantsitako zerrendan edo geroago aurkeztutako zerrenda eguneratuetan agertzen badira.

2. Foru lege hau ez da aplikatuko honelako kontratuak egiten direnean: nazioarteko akordioren baten ondoriozko kontratuak, Europar Batasunaren Itunaren arabera eginak, obraren bat batera egin edo ustiatzeko obra zein hornidurei dagozkienak edo proiekturen bat batera egin edo ustiatzeko zerbitzuei dagozkienak.

7. artikulua. Kontratu sekretuak edo segurtasun neurri bereziak dituztenak.

Kontratu publikoei ez zaie foru lege hau aplikatuko sekretutzat izendatzen direnean, edo segurtasun neurri bereziak hartu behar direnean haiek gauzatzeko, indarra duten lege, erregelamendu eta administrazio xedapenen arabera, edo Nafarroako administrazio publikoen funtsezko interesak babestu beharra dagoenean.

8. artikulua. Entitate instrumentalei egiten zaizkien mandatuak.

1. Foru lege hau ez da aplikatuko foru lege honen mendeko entitateek beren entitate instrumentalei mandatuak egiten dizkietenean obra, hornidura edo laguntza kontratuei dagozkien prestazioak egin ditzaten, baldin eta mandatua artikulu honetan adierazitako eran egiten bada.

2. Artikulu honen ondorioetarako, entitate instrumentaltzat joko da mandatua egiten duen entitatearengandik aparteko nortasun juridikoa izan eta ondoko baldintzak betetzen dituen entitatea:

a) Bere kabuz erabakitzeko ahalmenik ez izatea, entitate mandatu-egileak kontrolatzen duelako, bere zerbitzu edo unitateak kontrolatzen dituen antzera.

b) Jarduera gehiena entitate mandatu-egilearentzat egitea.

3. Entitate instrumentalak nahitaez bete beharreko enkarguak izanen dira mandatuak, eta betiere entitate mandatu-egileari dagokio eskatutakoa behar bezala egiten den begiratzea.

4. Mandatua bete ahal izateko entitate instrumentalak hirugarrenei prestazioak eskatu behar dizkien kasuetan, prestazioen esleipenean foru lege honetako arauak beteko dira. Ondorio horietarako, ez dira hirugarrentzat joko entitate mandatu-egilearen gainerako entitate instrumentalak.

5. Entitate instrumentalek ezin izanen dute parte hartu beren entitate nagusiak antolatzen dituen esleipen prozeduretan.

9. artikulua. Izaera sozialeko entitateentzat kontratuak erreserbatzea.

1. Foru legearen mendeko entitateek kontratuen esleipenerako prozeduretan parte hartzeko aukera erreserbatu ahal izanen diete tailer babestuei, edo kontratuen gauzatzea zenbait enpresarentzat erreserbatu ahal izanen dute enplegu babestuko programen esparruan, ukitutako langile gehienek ezgaitasunen bat izan eta, beren ezgaitasun motagatik edo larritasunagatik, lanbide-jarduera bat baldintza normaletan egiteko modurik ez dutenean. 2. Era berean erreserbaren onuradun izaten ahalko dira gizartetik bazterturik geratzeko arriskua duten pertsonak laneratzea helburu duten enpresak.

3. Erreserbatzen diren kontratuen zenbatekoa, gehienez, aurreko aurrekontu-ekitaldian esleitutako kontratuen zenbatekoaren 100eko 20 izanen da.

4. Erreserbatzen diren kontratuen lizitazioari buruzko iragarkietan espresuki aipatu beharko da honako xedapen hau.

II. KAPITULUA

Kontratistak

LEHENBIZIKO ATALA

Gaitasuna eta kaudimena

10. artikulua. Kontratistak.

1. Ondoko baldintzak bete behar dira foru lege honetan araututako kontratuak izenpetzeko: pertsona natural edo juridikoa izatea, publikoa nahiz pribatua, espainiarra nahiz atzerritarra; jarduteko gaitasun osoa izatea; kaudimen ekonomiko eta finantzarioa eta gaitasun tekniko edo profesionala frogatzea, eta kontratatzeko debekurako kasu batean ez izatea. Baldintza horiek bete behar dira eskaintzak aurkezteko epea amaitzen den unean.

2. Foru lege honen mendeko erakundeek kontratuak egin ahal izanen dituzte batera parte hartzen duten lizitatzaileekin. Parte-hartze horretarako agiri pribatu bat egin behar da. Bertan lizitatzaileek batera aurkeztu nahi dutela adierazi behar dute, bakoitzaren partaidetza portzentajea zehaztu, eta ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu, kontratuak sortzen dituen eskubideak erabili eta betebeharrak betetzeko ahalmenak izanen dituena hura amaitu arte; horrek ez du eragotziko kopuru handiak kobratu edo ordaintzeko ahalmen mankomunatuak izatea.

3. Kontratuan batera parte hartzen duten kontratistak kontratuak sortutako betebeharren erantzule solidario izanen dira.

11. artikulua. Kontratisten jarduteko gaitasuna.

1. Kontratistek beren jarduteko gaitasuna eta beren ordezkaritza frogatu beharko dituzte esleipen prozedura bakoitzean.

2. Berariazko legeetan hala ezartzen den kasuetan, zilegi izanen da kontratistei eskatzea froga dezatela lanbide edo merkataritza erregistro egokian inskribatuta daudela lizitazioaren unean, kontratuko prestazioa egiteko gaitasuna ematen dien batean.

3. Enpresak Espainiakoak ez baina Europar Batasunekoak edo Europako Esparru Ekonomikokoak direnean, kasuan kasuko Estatuko legeriak lanbide edo merkataritza erregistroren batean inskribatuta egotea eskatzen badie, inskripzioa frogatzeko nahikoa izanen dute zinpeko aitorpena aurkeztea, edo Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren martxoaren 31ko 2004/18 Zuzentarauaren IX. A, IX. B edo IX. C eranskinetan (obra, hornidura eta zerbitzu kontratu publikoak esleitzeko prozeduren koordinazioari buruzko zuzentaraua) aipatutako ziurtagirietako bat aurkeztea, Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko kasuan kasuko Estatuan ezarritako baldintzak betez.

4. Laguntza kontratuak esleitzeko prozeduretan, hautagai edo lizitatzaileek beren jatorrizko herrialdean dena delako zerbitzua egin ahal izateko baldintza bereziren bat bete edo erakunderen bateko kide izan behar duten kasuetan, baimen hori badutela edo erakunde horretako kide direla frogatzeko eskatu ahalko zaie.

12. artikulua. Europar Batasunetik kanpoko enpresak eta elkarrekikotasun printzipioa.

1. Europar Batasunekoak edo Europako Esparru Ekonomikokoak ez diren Estatuetako enpresek egiaztatu beharko dute, kasuan kasuko Estatuko legeriaren arabera, jarduteko gaitasuna dutela eta nahiko kaudimen ekonomiko, finantzario, tekniko edo profesionala dutela eta, horretaz gain, dokumentazioarekin batera, dagokion Espainiako ordezkaritza diplomatikoaren txostena aurkeztu beharko dute, enpresa atzerritarraren jatorrizko Estatuak administrazioarekiko kontratazioetan Espainiako enpresek antzeko baldintzetan parte hartzea onartzen duela frogatzen duena.

Obra kontratuetan beharrezkoa izanen da, gainera, enpresa horiek sukurtsalen bat irekita izatea Espainian, eragiketak egiteko ahaldunak edo ordezkariak izendatuak izatea eta Merkataritzako Erregistroan inskribaturik egotea.

2. Europar Batasunean publizitatea izan behar duten kontratuetan, ez zaie aurreko idatz-zatian aipatutako elkarrekikotasun txostena eskatuko Munduko Merkataritza Antolakundearen Kontratazio Publikoari buruzko Akordioa sinatu duten Estatuetako enpresei.

13. artikulua. Lizitatzailearen kaudimen ekonomiko eta finantzarioa.

1. Lizitatzaileek kontratua gauzatzeko kaudimen ekonomiko eta finantzarioa dutela frogatu beharko dute, hau da, enpresak ekonomi eta finantza egoera egokia duela eta inolako gorabehera ekonomiko edo finantzariok ez diola eragotziko kontratua behar bezala betetzea. Kaudimen ekonomiko eta finantzarioaren maila kontratu bakoitzean zehaztuko da, eta kontrataturiko prestazioen ezaugarrien araberakoa eta proportzionala izanen da.

2. Kaudimen ekonomiko eta finantzarioa frogatzeko bide hauetako bat gutxienez erabiliko da:

a) Finantza entitateek egindako adierazpenak, eta, profesionalen kasuan, lanbide arriskuengatiko kalte-ordainen asegurua kontratatu dela egiaztatzeko agiria.

b) Balantzeak edo balantzeen laburpenak aurkeztea, hautagai edo lizitatzailearen herrialdeko legeriak balantzeak argitaratu beharra ezartzen duen kasuetan.

c) Negozioen bolumen osoari buruzko aitorpena, eta, hala behar denean, kontratuaren xede diren jardueren arloko negozioen bolumenari buruzkoa, aztertzen ahal diren azken hiru ekitaldietakoak, gehienez ere, hautagai edo lizitatzailearen jarduerak sortu edo hasi ziren egunaren arabera, negozio bolumen horren erreferentziak eskura dauden heinean.

3. Prozedura negoziatuetako gonbitetan eta kontratuei buruzko iragarkietan, kaudimena frogatzeko zein bide erabili behar diren adieraziko da, aurreko idatz-zatian aipatutakoen artetik. 4. Behar bezala justifikatutako arrazoiren batengatik lizitatzaileak ezin baditu aurkeztu eskatutako erreferentziak, entitate kontratatzaileak onartzen dion beste edozein agiriren bidez frogatu ahal izanen du bere kaudimen ekonomiko eta finantzarioa. Horrelakoetan kontuan hartuko da funtsezko betekizun materialak betetzen diren ala ez.

14. artikulua. Lizitatzailearen gaitasun tekniko edo profesionala.

1. Lizitatzaileek kontratua gauzatzeko gaitasun tekniko edo profesionala frogatu beharko dute, hau da, kontratua behar bezala betetzeko behar den ahalmen tekniko edo profesionala dutela, aurretik antzeko kontratuetan aritzearen ondoriozko esperientzia izateagatik edo behar adina langile eta bitarteko tekniko edukitzeagatik. Gaitasun tekniko edo profesionalaren maila kontratu bakoitzerako zehaztuko da, eta kontratuaren zenbateko ekonomikoaren araberakoa eta proportzionala izanen da.

2. Kontratisten gaitasun teknikoa frogatzeko ondoko bideetako bat erabiliko da gutxienez, obra, hornidura edo laguntzen izaera, kopurua edo garrantzia eta erabilera kontuan izanik:

a) Azken bost urteetan egindako obren zerrenda. Berme gisa, obra garrantzitsuenak behar bezala burutu direla dioten ziurtagiriak erantsiko dira, eta horietan datu hauek ageriko dira: obraren zenbatekoa, obra noiz eta non egin den, lanbidearen arauei jarraituz egin den, eta gorabeherarik gabe eta ongi burutu den.

b) Azken hiru urteetan egindako hornidura edo zerbitzu nagusien zerrenda, bakoitzaren zenbatekoarekin, datarekin eta hartzaile publiko edo pribatuaren izenarekin. Zuzenbidean onar daitekeen edozein froga erantsiko da berme gisa.

c) Langile teknikoen edo erakunde teknikoen aipamena, enpresakoak nahiz kanpokoak izan, eta bereziki kalitatea kontrolatzeko ardura dutenak eta, obra kontratua denean, enpresaburuak obra egiteko lanean jartzen ahal dituenak.

d) Instalazio teknikoen, hornitzaileak edo zerbitzu-emaileak kalitatea bermatzeko jarriko dituen neurrien eta beraren enpresak azterlan eta ikerketak egiteko dituen baliabideen deskripzioa.

e) Foru lege honen mendeko entitateek egindako kontrola, edo, haien izenean, lizitatzaileak egoitza duen Estatuko erakunde ofizial eta eskudun batek egindakoa, betiere erakunde horren adostasuna tarteko dela, produktu edo zerbitzuak konplexuak direnean edo salbuespenez xede partikular baterako erabili behar direnean. Kontrol horretan honakoak aztertuko dira: hornitzailearen ekoizpen ahalmena edo zerbitzu-emailearen gaitasun teknikoa, eta, beharrezkoa balitz, azterlan eta ikerketak egiteko dituen baliabideak, eta kalitatea kontrolatzeko neurriak.

f) Enpresaburuen eta enpresaren zuzendaritzako kideen titulazio akademiko eta profesionalak, batez ere kontratua gauzatzearen ardura izanen duten langileenak.

g) Ingurumen-kudeaketaren arloan lizitatzaileak betetzen ahal dituen neurrien azalpena, beharrezkoa bada, obra eta laguntza kontratuak esleitu behar direnean.

h) Enpresaburu edo profesionalak azken hiru urteetan batez beste izandako urteko plantilla eta zuzendaritza taldea deskribatzen dituen adierazpena. i) Enpresaburu edo profesionalak kontratua gauzatzeko erabiltzen ahalko dituen makina, material eta ekipo teknikoei buruzko adierazpena.

j) Lizitatzaileak azpikontratatuko duen kontratu zatiaren eta esku hartuko duten azpikontratisten aipamena, 15. artikuluan xedatutakoaren arabera.

k) Hornitzaileak salduko dituen produktuen laginak, deskripzioak edo argazkiak (entitate kontratatzaileak eskatuz gero, horien egiazkotasuna ziurtatu beharko da), edo kalitatea kontrolatzeko ardura eta eskumena duten institutu edo zerbitzu ofizialek emandako ziurtagiriak, produktu guztien egokitasuna erabat ziurtatzen dutenak, zehaztapen edo arauetan oinarriturik.

3. Prozedura negoziatuetako gonbitetan eta kontratuei buruzko iragarkietan, kaudimena frogatzeko zein bide erabili behar diren adieraziko da, aurreko idatz-zatian aipatutakoen artetik.

4. Hornidura kontratuen barrenean muntaketa edo instalazioak egin, laguntza eman eta/edo obrak egin beharra dagoenean, kontratu horiek esleitzeko prozeduretan zilegi izanen da lizitatzaileek zerbitzu, instalazio edo obra horiek egiteko duten gaitasuna ebaluatzea, bereziki kontuan hartuz haien ezagupen teknikoak, eraginkortasuna, esperientzia eta fidagarritasuna.

15. artikulua. Lizitatzailearen kaudimen ekonomikoa eta gaitasun teknikoa beste enpresa batzuen erreferentziaren bidez balioestea.

Beren kaudimena frogatzeko, lizitatzaileak beste enpresa batzuen kaudimenean oinarritu ahal izanen dira, haiekin dituzten loturen izaera juridikoa edozein dela ere.

Sozietate-talde batean nagusi diren pertsona juridikoen kasuan, kontuan hartu ahalko dira taldeko sozietateak; betiere pertsona juridiko nagusiek frogatu egin beharko dute beren esku dituztela sozietate horien bitartekoak, kontratuak gauzatzeko beharrezkoak direnak.

Kaudimena azpikontratazioaren bitartez frogatzen denean, lizitatzaileak agiri bat aurkeztu beharko du, azpikontratistekin kontratua gauzatzeko konpromiso formala duela frogatzeko, eta horrenbestez haien guztien kaudimena metatu eginen da. Halaber, 13. eta 14. artikuluetan ezarritako moduan frogatu beharko du azpikontratistek badituztela kontratua gauzatzeko behar diren baliabideak.

16. artikulua. Lotutako enpresak.

Foru lege honen ondorioetarako, lotutako enpresatzat honakoak joko dira: jabetza, partaidetza finantzarioa nahiz erregulazio-arauak direla medio, zuzenean edo zeharka kontratistaren eraginaren mende dagoen edozein enpresa, eta alderantziz, kontratistarengan eragin menderatzailea duen edozein enpresa.

Eragin menderatzailea dagoela uste izanen da, presuntzio gisa, baldin eta enpresa batek, zuzenean edo zeharka, beste baten kapital sozial harpidetuaren zatirik handiena edo enpresak jaulkitako partaidetzei dagozkien botoen gehiengoa badu, edo bestela, enpresako administrazio, zuzendaritza edo zaintza organoko kideen erdiak baino gehiago izendatzeko ahalmena badu.

17. artikulua. Kalitatea bermatzeko ziurtagiriak. 1. Lizitatzaileak kalitatea ziurtatzeko arau jakin batzuk betetzen dituela egiaztatzeko asmoz foru lege honen mendeko entitateek erakunde independenteen ziurtagiriak aurkez daitezela eskatzen dutenean, ondoko hauek aipatu beharko dituzte: UNE-EN 29000 arau saila, UNE-EN 45000 arau sailaren araberako erakundeek ziurtatua, oinarri duten kalitate-ziurtapeneko sistemak, edo, hala behar denean, une bakoitzean ziurtapenari buruz indarra duten Europako arauak.

2. Entitate horiek onartu eginen dituzte Europar Batasuneko beste Estatu batzuetako erakunde baimendunek emandako ziurtagiri baliokideak. Halaber kalitatea ziurtatzeko neurri baliokideen beste froga batzuk onartuko dizkiete lizitatzaileei, ziurtagiri horiek eskuratu ezin badituzte edo ezarritako epean halakorik lortzeko inolako aukerarik ez badute.

BIGARREN ATALA

Lizitatzaileak baztertzeko arrazoiak

18. artikulua. Kontratatzeko debekuak.

1. Ondoko inguruabarretako baten bat duten pertsonek ezin izanen dute inolako kontraturik egin foru lege honen mendeko entitateekin, eta lizitazio prozeduretatik kanpo geldituko dira:

a) Epai irmo baten bidezko kondena hartu izana elkarte ez- zilegietan parte hartzeagatik, nazioarteko transakzio ekonomikoetako ustelkeriagatik, eraginen trafikoagatik, funtzionario-eroskeria, iruzur eta legez kontrako ordainarazpenengatik, Ogasun Publikoaren eta Gizarte Segurantzaren kontrako delituengatik, langileen eskubideen kontrakoengatik, bidegabeko erabilera, errezeptazio eta antzeko jokaerengatik.

Kontratatzeko debekuak pertsona juridikoak ere hartuko ditu, beren administratzaile edo ordezkariak haien kargu edo ordezkaritzaren indarraldian arestian aipatu egoeran daudenean, pertsona juridiko haien izenean edo haien onurarako egindako jarduketen ondorioz edo delitu bakoitzaren kasuan subjektu aktibo izateko eskatzen diren baldintza, ezaugarri edo harremanak betetzen dituztenean.

b) Merkatuko diziplinaren arloko, lanbide arloko edo minusbaliatuen laneratzearen arloko arau- hauste larria edo lan arloko arau-hauste oso larria egiteagatik zehapen irmoa jaso izana, lan arloko edo laneko segurtasun eta osasunaren arloko arau-hauste eta zehapenei buruzko apirilaren 7ko 8/1988 Legean xedatutakoaren arabera, laneko arriskuen prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean xedatutakoarekin bat.

c) Konkurtsoaren deklarazioa eskatu izana, konkurtsoaren deklarazioa jaso izana, edozein prozeduratan kaudimengabeziaren deklarazioa jaso izana, kontu-hartze judizialaren pean egotea, edo indarra duen konkurtso legeriaren arabera ezgaiturik egotea.

d) Indarra duten xedapenek ezartzen dituzten zerga ordainketak edo Gizarte Segurantzakoak gaurkoturik ez izatea, erregelamendu bidez ezarrita dagoenaren arabera.

e) Dirulaguntza publikoen arloko arau-hausteengatik irekitako administrazio prozeduraren ondorioz eta tributu arloko arauak haustearen ondorioz kontratatzeko debekua ekarri duen zehapen irmoa jasoa izatea administrazio bidean. f) Kontratu publikoei buruzko araudiaren mendeko edozein kontratu behin betiko suntsitzeko bide eman izana, suntsipenaren kausaren errudun deklaratu badituzte.

g) Kontratu publikoei buruzko araudiaren mendean dauden entitateei faltsukeria larria egin izana araudi horretan edo hura garatzen duten arauetan eskatzen diren aitorpenak aurkezteko orduan.

h) Foru lege honen mendeko edozein entitaterekin kontratuak egiteko desgaikuntzaren deklarazioan enpresaburuari ezarritako betebeharrak ez betetzea.

i) Espainiarrak ez, Europar Batasuneko kide diren beste Estatuetako enpresaburuak badira, lanbide edo merkataritza erregistro batean inskribatuta ez egotea enpresaburu horiek lanean diharduten Estatuko legeek ezarritako baldintzetan.

2. Halaber, kontratatzeko debekuak edo bateraezintasun kausak saihesten dituzten lizitatzaileak ere kanporatuak geldituko dira, baldin eta, helburu hori lortzearren, hasiera batean ezin kontratatzeko egoeran zegoen enpresaz bestelakoa edo enpresa berria izatearen itxura egiten badute.

3. Kontratuak egitea debekatzeko 1. idatz-zatiko a), b) eta c) letretan ezarri diren arrazoiak gertatu ez direla frogatzeko, nahikoa izanen da aurrekari penalen ziurtagiria aurkeztea, edo lizitatzailearen herrialdeko agintaritza judizial edo administratiboak emandako agiri baliokidea. Gainerakoetan nahikoa izanen da Europar Batasuneko kasuan kasuko Estatuko agintari eskudunak emandako administrazio ziurtagiria aurkeztea.

Lizitatzaileek, agiri horren ordez, erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu ahal izanen dute, entitate kontratatzaileari zuzendua. Bertan adieraziko dute ez dutela goian aipatutako arrazoiengatik inolako debekurik kontratuak egiteko.

4. Hautagai edo lizitatzailearen egoera pertsonalaz zalantzak badaude, 1. idatz-zatiko a) letran azaldutako arrazoiengatik kontratatzeko debekurik ba ote duen, hautagai edo lizitatzaileari eskatuko zaio aurreko idatz-zatian aipatu diren agiriak aurkezteko, eta foru lege honen mendeko entitateek eskumena duten agintariengana jo ahalko dute hautagai edo lizitatzaile horien egoera pertsonalaren inguruan behar duten informazioa eskuratzeko. Beste Estatu batean diharduen hautagai edo lizitatzaile bati buruzko informazioa behar denean, Estatu horren laguntza eskatu ahal izanen da. Eskaera horietan pertsona juridiko eta fisikoen gaineko informazioa eskatu ahal izanen da, hautagai edo lizitatzailearen enpresetako buruak edo ordezkaritzarako, erabakiak hartzeko nahiz kontrolerako ahalmena duen beste edozein pertsona tartean, hautagai edo lizitatzaileek non diharduten, Estatu horretako legeria nazionalaren arabera.

19. artikulua. Debekua deklaratzeko prozedura eta ondorioak.

1. Aurreko artikuluko 1. idatz-zatiko a) eta b) letretan ezarrita dauden egoeren ondoriozko kontratatzeko debekuak Estatuko legerian aurreikusitakoari egokituko zaizkio haien aplikazioari eta eragin eremuari dagokienez. Idatz-zati bereko c), d), e) eta i) letretan ezarrita dauden egoeren ondoriozko kontratatzeko debekuak automatikoki balioetsiko dituzte foru lege honen mendeko entitateek, eta egoera horiek amaitu arte iraunen dute debekuek. 2. Aurreko artikuluko 1. idatz-zatiko f) eta g) letretan azaldutako kasuetan administrazio kontratatzailea izanen da eskudun kontratatzeko debekua deklaratzeko, eta idatz-zati bereko h) letran azaltzen den kasuan, urraturiko debekua deklaratu zuen administrazio bera.

Debekuaren deklarazioak eraginkortasun mugatua izanen du, deklarazioa egin duen entitatearen esparruan bakarrik izanen baititu ondorioak. Debekuaren deklarazioa Kontratazio Publikorako Batzordeari jakinaraziko zaio, eta hark, interes publikoei egindako kaltea aztertu ondoren eta bidezkoa bada, ekonomiaren arloan eskudun den kontseilariari proposatuko dio foru lege honen mendean dauden entitate guztiekin kontratuak egiteko debeku orokorraren deklarazioa egin dezala. Hala eginez gero, debekua Estatuko administrazio orokorrari jakinaraziko zaio, administrazio publiko guztietarako debekua deklara dezan, bidezkoa baderitzo.

Idatz-zati honetan aipatutako arrazoien ondoriozko kontratatzeko debekua deklaratze aldera Foru Komunitateko administrazioak bideratzen dituen prozeduretan, Kontratazio Publikorako Batzordeak eginen du ebazpen proposamena, kontratazio organoak prozedura hasi ondoren, debekuaren arrazoi diren gertaerak esleipen prozedura baten ondorioz geratzen badira agerian, edo kontratu baten gauzatzearen nahiz suntsiarazpenaren ondorioz.

Foru Komunitateko administrazioaren, haren erakunde autonomoen eta hari loturiko entitateen esparruan, ekonomia kontseilariari dagokio kontratatzeko debekua deklaratzeko eskumena.

Aurreko artikuluko 1. idatz-zatiko f), g) eta h) letretan aipaturiko kasuetan oinarritzen diren kontratatzeko debekuen deklarazioak Foru Komunitatean ere aplikatuko dira, Estatuko administrazio orokorrak eman baldin baditu edo, debekuaren eragin esparrua autonomikoa edo tokikoa bada ere (Nafarroatik kanpokoa alegia), administrazio horrek eragin orokorrekoak deklaratzen baditu.

3. Aurreko idatz-zatian aipatu debekuen norainokoa erregelamendu bidez ezarriko den moduan balioetsiko da enpresaburuak doloa edo ageriko fede gaiztoa, kasua bada, izan ote duen eta interes publikoari eragindako kaltea nolakoa izan den ikusita. Debekua, betiere, bost urtekoa izanen da, gehienez.

4. Artikulu honen aplikazioaren ondorioetarako, entitate kontratatzaileek Kontratazio Publikorako Batzordeari jakinaraziko dizkiote prozeduretan emandako epai, zehapen eta ebazpen irmo guztiak, artikulu honetan aurreikusitako espedienteak izapidetu edo bidezkoa den erabakia hartu ahal izateko.

Halaber, Kontratazio Publikorako Batzordeak Estatuko Kontratazio Administratiboko Batzorde Aholku-emaileari eta autonomi erkidegoetan eskumena duten organoei jakinarazi beharko dizkie Foru Komunitatearen esparruan emaniko zehapen eta ebazpen irmoak, kontratatzeko debekua ekar lezaketenak, alegia.

Estatuko Kontratazio Administratiboko Batzorde Aholku-emaileak, era berean, kontratatzeko debekuen espedienteen instrukziorako behar diren datu eta aurrekari guztiak eskatu ahal izanen ditu.

Erregelamendu bidez zehaztuko diren moduan eta epeetan, Kontratazio Publikorako Batzordeak igorri eginen die foru lege honen aplikazio-eremuan aurkitzen diren administrazioei kontratatzeko debekua daukaten pertsona fisiko edo juridikoen zerrenda. 20. artikulua. Bateraezintasunak eta haien ondorioak.

1. Pertsona fisiko lizitatzaileak edo pertsona juridiko lizitatzailearen administratzaileek kontratatzeko bateraezintasunen bat badute, kasu bakoitzean aplikatu beharreko legeetan jasoa, ezin izanen da kontraturik egin. Halaber, hauteskundeei buruzko legeria orokorrean aipatutako hautapen bidezko karguak edukitzea kontratatu ezin izateko arrazoia izanen da, legeria horretan ezarritako baldintzen arabera.

Kontratatu ezin izateko arrazoi horiek ezkontideak, ezkontzaren antzeko bizikidetza harreman afektiboak dituzten pertsonak eta ondorengoak ere ukitzen dituzte, baldin eta, azken horiei dagokienez, aipatutako pertsonek haien legezko ordezkaritza badute.

2. Hala ere, 2.000 biztanle baino gutxiago dituzten Nafarroako toki entitateetan, hautapen bidezko tokiko karguen bateraezintasunaren ondorio bakarra abstentzio-arrazoi baten existentzia izanen da. Idazkariak txostena egin ondoren, aurkeztutako eskaintza onartu ahal izanen da, erabakiaren objektibotasuna eta gardentasuna bermatuz gero.

3. Ezin izanen dute lizitazio prozeduretan parte hartu kontratuen zehaztapen teknikoen ezarpenean esku hartu duten enpresek, ez eta horiei lotutako enpresek ere.

III. KAPITULUA

Aplikatu beharreko arau orokorrak

21. artikulua. Kontratazioaren printzipio gidariak.

1. Foru lege honen mendeko entitateek kontratista guztiei trataera bera eta bereizkeriarik gabekoa emanen diete eta gardentasunez jardunen dute. Arauen interpretazioan aintzat hartuko dituzte helburu horiek, eta Europar Batasuneko jurisprudentziak horretarako emandako doktrinari jarraituko diote.

2. Entitate kontratatzaileek beren jardunean baztertu eginen dute edozein akordio, praktika murriztaile edo abusuzko praktika, lehiaren defentsarako legerian aurreikusitako lehia oztopatu, eragotzi, murriztu edo faltsutzeko bidea eman badezake.

3. Kontratazio guztietan efizientzia handiena bilatuko da funts publikoen erabileran eta prozeduran, eta aintzat hartuko dira helburu sozialak eta ingurumenaren babesaren arlokoak, eskatutako prestazioarekin zerikusia dutenean eta zuzenean nahiz zeharka entitate kontratatzaileari onurak ekartzen dizkiotenean.

22. artikulua. Kontratuaren xedea.

1. Kontratuen xedea prestazio multzo bat izanen da, berez eginkizun ekonomiko edo teknikoren bat betetzera bideratutako prestazioen multzoa alegia.

2. Kontratuaren xedea zehatza izanen da, eta behar bezala justifikatu beharko da xede publikoetarako beharrezkoa edo komenigarria dela. 3. Kontratuaren xedea ezin izanen da zatitu haren zenbatekoa murrizteko eta publizitate baldintzak edo jarraitu beharreko esleipen prozedura saihesteko. Hala ere, kontratuaren atalak bereiz betetzen ahalko dira, kontratuaren dokumentazioan hori justifikatuz gero, bereiz erabili edo aprobetxatzeko modukoak direnean.

23. artikulua. Konfidentzialtasuna eta isiltasuna.

1. Foru lege honen mendeko entitateek ez dituzte zabalduko lizitatzaile eta kontratistek emandako datu teknikoak edo merkataritzakoak, enpresa estrategiaren barneko datuak izan eta lizitatzaile edo kontratistek isilpekotzat izendatu badituzte; bereziki, ez dira zabalduko sekretu tekniko edo komertzialak eta eskaintzen alderdi konfidentzialak.

2. Kontratuko funtsezko baldintza izanen da kontratistak isilpean gordetzea kontratuaren xedearekin zerikusia duten datu edo aurrekariak, publikoak edo agerikoak izan ezean, eta kontratuaren gauzatzea dela-eta jakiten dituen datuak. Entitate kontratatzaileek, hala ere, kontratuaren ezaugarri eta inguruabarrak kontuan izanik, kontratistari betebehar hori kendu ahalko diote, egokia iruditzen ez bazaie.

Foru lege honen mendeko entitateek eta haien zerbitzuko langileek ere, prozedurak bideratzen dituztenek, sekretua gorde beharra izanen dute.

24. artikulua. Kontratuen, esparru-akordioen eta eskuraketa sistema dinamikoen balio zenbatetsia kalkulatzeko metodoa.

1. Foru lege honen testuan kontratuen zenbatekoa aipatzen den bakoitzean, ulertuko da haietan ez dagoela sarturik Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ), espresuki kontrakoa adierazten denean izan ezik.

2. Kontratuaren balio zenbatetsia kalkulatzeko oinarritzat zenbateko osoa hartuko da, BEZa sartu gabe. Kalkulu horretarako kontuan hartuko da zenbatetsitako kopuru osoa, horren barrenean sartuta edozein aukera mota, kontratuaren balizko luzapenak eta, halakorik bada, hautagai edo lizitatzaileentzako prima edo ordainketak.

3. Lizitazioari buruzko iragarkia bidaltzen denean eginen da zenbatespena, edo, iragarkiaren beharrik ez badago, kontratua esleitzeko prozedura hasten denean.

4. Obra kontratuetan balio zenbatetsia kalkulatzerakoan, kontuan hartu beharko dira obren zenbatekoa eta, gainera, kontratua gauzatze aldera kontratistaren eskueran jartzen diren materialen balio zenbatetsi osoa.

5. Obra proiektu edo laguntza kontratu baten ondorioz posible denean kontratuak lote bereizietan eta aldi berean esleitzea, lote guztien balio zenbatetsi osoa hartu beharko da kontuan. Loteen balio metatuak Europar Batasunean publizitatea egiteko ezarritako atalase maila iritsi edo gainditzen duenean, publizitatea lote bakoitzaren esleipenari aplikatuko zaio.

Hala ere, foru lege honen mendeko entitateek lote bakoitzaren zenbatekoa hartu ahalko dute kontuan, haien balio zenbatetsia 80.000 eurotik beherakoa denean, BEZa aparte, laguntza kontratuetan, eta 1.000.000 eurotik beherakoa, BEZa aparte, obra kontratuetan, baldin eta lote horien zenbateko metatua lote guztien balio metatuaren 100eko 20 baino handiagoa ez bada.

6. Hornidura homogeneoak lortzera bideraturiko proiektu batetik abiaturik lotetan banaturiko kontratuak aldi berean esleitzea gerta daitekeenean, lote guztien balio zenbatetsi osoa hartu beharko da kontuan, Europar Batasunean egin beharreko publizitateari dagokionez.

Hala ere, entitate kontratatzaileek 80.000 eurotik beherako balio zenbatetsia (BEZa aparte) duten loteen zenbatekoa bakarrik hartu ahalko dute kontuan, baldin eta lote horien zenbateko metatua lote guztien balio metatuaren 100eko 20 baino handiagoa ez bada.

7. Hornidura kontratuetan, produktuen hornidura finantza-errentamenduaren, errentamenduaren edo epekako salerosketaren bidez egiten bada, kontratuaren balio zenbatetsia kalkulatzeko oinarritzat hartu beharreko balioa honakoa izanen da:

a) Hamabi hilabete edo gutxiagoko iraupen mugatua duten kontratuetan, kontratuaren iraunaldirako zenbatetsitako balio osoa, eta, hamabi hilabetetik gorako iraupena badute, haien balio osoa, hondar- balio zenbatetsia ere barne.

b) Iraupen mugagabeko kontratuetan, edo kontratuaren iraupena zehaztu ezin denean, hileko balioa bider 48.

8. Hornidura edo laguntza kontratu aldizkakoetan edo epe jakinean berritu behar diren horietan, kontratuaren balio zenbatetsia kalkulatzeko oinarritzat honakoa hartuko da:

a) Aurreko ekitaldian edo aurreko hamabi hilabeteetan esleitutako elkarren segidako antzeko kontratuen benetako balio osoa, hasierako kontratuaren ondoko hamabi hilabeteetarako aurreikusitako kantitate edo balio aldaketen arabera egokitua, ahal bada;

b) Edo bestela, lehenbiziko emanaldiaren ondoko hamabi hilabeteetan edo, ekitaldiak hamabi hilabete baino gehiago irauten badu, ekitaldian zehar esleitutako elkarren segidako kontratuen balio zenbatetsi osoa.

Kontratuaren balio zenbatetsia kalkulatzeko metodoa ezin izanen da aukeratu Europar Batasunean egin beharreko publizitatea saihesteko helburuarekin.

9. Laguntza kontratuei dagokienez, haien zenbateko balioetsia kalkulatzeko oinarritzat hartuko da, hala behar denean, ondoko zenbatekoa:

a) Aseguru kontratuetan, ordaindu beharreko prima eta beste ordain mota batzuk, eta banku-zerbitzu eta bestelako finantza zerbitzuetarako kontratuetan, ordainsariak, komisioak, korrituak eta beste ordain mota batzuk.

b) Proiektu bati dagozkion kontratuetan: ordainsariak, ordaindu beharreko komisioak eta beste ordain mota batzuk.

c) Prezio osoa zehaztuta ez duten kontratuetarako: _Iraupen mugatuko kontratuetan, berrogeita zortzi hilabete edo gutxiago irauten badute, iraunaldi osoari dagokion balio zenbatetsi osoa;

_Iraupen mugagabeko edo berrogeita zortzi hilabetetik gorako kontratuetan, hileko balioa bider 48.

10. Esparru-akordioetarako eta erosketa sistema dinamikoetarako, balio hau hartuko da kontuan: esparru-akordioaren edo erosketa sistema dinamikoaren iraunaldi osorako aurreikusitako kontratu guztien gehieneko balio zenbatetsia, BEZa aparte.

25. artikulua. Parte hartzeko eskabideak eta eskaintzak aurkezteko epeak ezartzea.

Eskaintzak eta parte hartzeko eskabideak aurkezteko epeak zehazteko orduan, foru lege honen mendeko entitateek kontuan hartu beharko dituzte kontratuaren zailtasuna, eskaintzak behar bezala aurkezteko behar den denbora, eta prozedurak azkar bideratu beharra, foru lege honetan ezarritako gutxieneko epeak deusetan ukitu gabe.

Kontratua arautzen duten baldintzak edozein arrazoirengatik interesatuei ematen ez zaizkienean, haiek garaiz eskatu arren, edo eskaintzak soilik egin daitezkeenean ikustaldiren bat egin ondoren edo kontratua arautzen duten baldintzei erantsitako agiriak in situ aztertu ondoren, eskaintzak aurkezteko epeak luzatu eginen dira, ukitutako lizitatzaile guztiek eskaintzak egiteko behar den informazio guztia ezagutu ahal izan dezaten.

26. artikulua. Epeen zenbaketa eta proposamenen aurkezpena.

1. Foru lege honetan ezarritako epe guztiak egun naturaletan zenbatuko dira, espresuki kontrakoa adierazi ezean.

2. Entitate kontratatzaileak egoitza duen tokian epearen azken eguna egun baliogabea bada, epea hurrengo egun baliodunera arte luzatuko da berez.

3. Eskabide eta proposamenak aurkeztuko dira entitate kontratatzaileak zehazturiko bitartekoak erabiliz, eta kontratazioari buruzko iragarkian edo negoziatzeko gonbitean adierazten den toki edo erregistroan gordeko dira.

27. artikulua. Kontratuari buruzko argibideak.

Interesatuek kontratuaren edukiari buruzko argibideak eskatu ahal izanen dituzte idatziz. Eskaintzak aurkezteko epea amaitu baino sei egun lehenago erantzunen zaie luzeen jota, betiere eskaera garaiz egin badute. Entitate kontratatzaileek Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratuko dituzte erantzunak.

28. artikulua. Nafarroako Kontratazioaren Ataria.

Nafarroako Gobernuak web ataria ezarriko du Interneten, Kontratazio Publikorako Batzordearen ardurapean. Bertan foru lege honen mendeko entitate eta kontratazio-organoei buruzko informazio orokorra jarriko da, hala nola harremanetarako helbidea, telefono eta fax zenbakiak, posta helbidea eta posta elektronikoaren kontua. Web atari horretan, halaber, egiten ari diren lizitazioen berri emanen da, eta eskura egonen dira kontratua gauzatzeko baldintza guztiak eta gainerako agiri osagarriak, halakorik denean, programatutako kontratuak, esleitutako kontratuak, deuseztatutako lizitazioak eta kontratazioa behar bezala kudeatzeko beharrezko edo komenigarriak diren beste informazio guztiak.

Nafarroako Kontratazioaren Ataria foru lege honen menpeko entitateen lizitazioen publizitaterako bide ofiziala izanen da. Hori dela eta, nahitaezko iragarkiak argitaratu izana eta argitaratze data egiaztatu ahal izateko behar diren neurriak antolatuko dira.

LEHENBIZIKO LIBURUA

Administrazio publikoen kontratuak

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

I. KAPITULUA

Administrazio publikoen kontratu guztietarako xedapenak

29. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Nafarroako administrazio publikoen kontratuak, foru lege honen menpean daudenak, Liburu honetan adierazitako eran esleitu eta beteko dira.

2. Foru lege hau ez zaie aplikatuko administrazio publikoek elkarrekin edo beste erakunde eta entitate publiko batzuekin egiten dituzten hitzarmenei, baldin eta horien xedea obra, hornidura edo laguntza kontratuena bera ez bada; halaber ez da aplikatuko entitate horiek zuzenbide pribatuko pertsona fisiko edo juridikoekin lankidetza hitzarmenak egiten dituztenean hitzarmen horiei buruzko arau berariazkoak betez, betiere hitzarmenaren xedea ez bada arestian aipatu kontratuena bera.

3. Salerosketa, dohaintza, errentamendu eta trukaketa kontratuak eta ondasun higiezinen, jabetza gorpuzgabeen eta balore negoziagarrien gaineko antzeko negozio juridikoen kontratuak ondareari buruzko legeriaren bidez arautuko dira. Espainiako Ondare Historikoko ondasunen eskuraketak ere ondare legeriaren bidez arautuko dira.

30. artikulua. Itunak egiteko askatasuna.

Administrazio publikoek egoki deritzeten kontratu, itun eta baldintzak hitzartu ahal izanen dituzte, 21. artikuluan ezarritako printzipioak erabat errespetatuz, baldin eta interes publikoaren, ordenamendu juridikoaren edo administrazio oneko printzipioen kontrakoak ez badira, eta horien arabera bete beharko dituzte, foru lege honek haien alde ezarririko eskumenak deusetan galarazi gabe.

31. artikulua. Kontratuen sailkapena.

1. Foru lege honen ondorioetarako, administrazioak egiten dituen kontratuak administrazio-izaerako kontratuak edo kontratu pribatuak izanen dira. 2. Administrazio kontratuak izanen dira obra, hornidura eta laguntza kontratuak, herri lanen emakidarako kontratuak eta zerbitzuen emakidarako kontratuak.

3. Administrazioak egiten dituen gainerako kontratuak pribatuak izanen dira.

32. artikulua. Administrazio kontratuen araubide juridikoa.

1. Administrazio kontratuak, haien prestaketari, esleipenari, ondorioei eta amaierari dagokienez, foru lege honen eta haren erregelamenduzko xedapenen bidez arautuko dira. Haien ordez administrazio zuzenbideko gainerako arauak aplikatuko dira eta, horrelakorik ezean, zuzenbide pribatuko arauak.

2. Administrazioak prerrogatiba hauek izanen ditu: kontratuak interpretatzea, kontratuak betetzeko moduari buruzko zalantzak ebaztea, interes publikoko arrazoiengatik kontratuak aldatzea foru lege honetan ezarritakoari hertsiki lotuta, kontratuen suntsiarazpena erabakitzea eta suntsiarazpenaren ondorioak zehaztea. Prerrogatiba horiek erabiliz hartzen diren erabakiei erreklamazioa edo errekurtsoa egin ahalko zaie, foru lege honetan eta administrazio zuzenbideko gainerako arauetan xedatutakoarekin bat. Administrazio bideari bukaera ematen dioten erabakien aurka bidezko izanen da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio hori arautzen duen legean xedaturikoaren arabera.

33. artikulua. Kontratu pribatuen araubide juridikoa.

1. Administrazioaren kontratu pribatuak, haien prestaketari eta esleipenari dagokienez, berariazko administrazio araurik ezean, foru lege honen eta hori garatzen duten xedapenen bidez arautuko dira eta, haien ondorioei eta amaierari dagokienez, zuzenbide pribatuko arauen bidez.

2. Kontratu pribatuetan aldeen artean sortzen diren eztabaidak ebazteko eskuduna jurisdikzio zibila izanen da. Hala ere, bereiz daitezkeen egintza juridikotzat joko dira kontratuaren prestaketari eta esleipenari buruz ematen direnak eta, horren ondorioz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aurka egin ahalko zaie, jurisdikzio horri buruzko araudiaren arabera.

34. artikulua. Kontratuen betekizunak.

Foru lege honetan aurreikusiriko salbuespenetan izan ezik, hauexek dira kontratuak egiteko nahitaezko betekizunak:

a) Kontratazio organoa eskuduna izatea.

b) Kontratista esleipendunak gaitasuna izatea.

c) Kontratuaren xedea zehazturik egotea.

d) Prezioa ezarririk egotea.

e) Kreditu egokia eta behar adinakoa egotea, kontratuaren ondorioz administrazioarentzat eduki ekonomikoko betebeharrak sortzen badira. f) Espedientea izapidetzea. Horri gaineratuko zaizkio bera arautuko duten administrazio klausulen orriak eta gastuaren aurrekontuaren zenbatekoa edo, egokia denean, haren eragin ekonomikoaren zenbatespena.

g) Eduki ekonomikoko administrazio egintzak aurretiaz fiskalizatzea, barne-kontrolari buruzko araudian ezarritako eran.

h) Organo eskudunak gastua onestea.

i) Kontratua formalizatzea.

35. artikulua. Kontratuen prezioa.

1. Kontratuek beti ere prezio zehatza izanen dute, merkatura egokitua, eurotan adieraziko dena eta egiazki eginiko prestazioaren arabera eta hitzartuarekin bat kontratistari ordainduko zaiona. Kontratuan ezarririko baldintzek atzerriko monetan ordaintzera behartzen dutenean, haren gehieneko zenbatekoa eta dibisa mota ere adierazi beharko dira, eurotan emandako guztizko prezioaz gain

2. Kontratuen prezioen berraztertzea foru lege honetan ezarririkora egokituko da.

3. Kontratuetan prezioaren ordainketa geroratua debekatzen da, non ordainketa sistema ez den ezartzen finantza errentamenduaren bidez edo erosteko aukera duen errentamendu sistemaren bidez, edo Nafarroako Gobernuak espresuki baimentzen duen.

Hala ere, finantza-errentamenduaren bidezko edo erosteko aukera duen errentamendu sistemaren bidezko ordainketa ezarria duten kontratuetan, ordainketarako gehieneko epea lau urtekoa izanen da, kontratuaren esleipenetik hasita, epe luzeagorik ez bada adosten, horretarako Nafarroako Gobernuak baimena eman ondotik.

4. Administrazioak kontratuak finantzatuko ditu prestazioaren exekuzioak behar duen erritmora egokiturik. Helburu horretarako, bai urteko sariak programatzean bai kontratua betetzen ari den bitartean beharrezko diren neurriak hartu beharko ditu kontratua kudeatzen duen unitateak.

II. KAPITULUA

Kontratazio organoak

36. artikulua. Kontratuak izenpetzeko eskumena.

1. Kontratuak Foru Komunitateko administrazioaren izenean eta hura ordezkatuz izenpetzeko ahalmena kontseilariei dagokie. Zuzendari nagusiek eskumena izaten ahalko dute, antolaketari buruzko kasuan kasuko arauetan ezarritakoarekin bat. Halaber, arau horietan aurreikusi ahal izanen da kontratuen gaineko eskumenak ematea zuzendaritza nagusiak baino beheragoko unitateei.

2. Foru Komunitateko administrazioko zuzendari nagusiek, idazkari nagusi teknikoek eta zerbitzu- zuzendariek kasuan kasuko administrazio unitatearen funtzionamendurako beharrezko gertatzen diren gastu txikiak baimendu ahal izanen dituzte; betiere, aurrekontuetan dirua izanik, gastuen zenbatekoa ez bada 15.000 euro baino handiagoa, BEZa aparte, zuzendari nagusien eta idazkari nagusi teknikoen kasuan, eta 5.000 euro baino handiagoa, BEZa aparte, zerbitzu-zuzendarien kasuan, eta eskuratu beharreko hornidurak ez badira modu zentralizatuan antolatzen.

3. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren esparruan, erakunde autonomoetan izan ezik, hornidura kontratuak izenpetzeko eskumena ekonomiaren arloan eskudun den Departamentuari dagokio, aurreko idatz-zatian aipatutako hornidurak salbu. Nafarroako Gobernuak, foru dekretu bidez, ekonomia departamentuan zerbitzu-zuzendarien azpitik dauden administrazio unitateetako titular batzuei ahalmena eman ahalko die hornidura kontratuak izenpetzeko, horien balio zenbatetsia gehienez 60.000 eurokoa denean.

4. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren erakunde autonomoetan kontratuak izenpetzeko ahalmena haien estatutuetan zehaztuko da.

37. artikulua. Kontratatzeko baimena.

1. Foru Komunitateko administrazioko eta haren erakunde autonomoetako kontratazio organoek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute kontratu hauek izenpetzeko:

a) Balio zenbatetsia, BEZa aparte, 1.500.000 eurotik gorakoa dutenak; eta zenbateko txikiagoa dutenak, baldin eta, haien garrantzia kontuan hartuta, kontratazio organoak erabakitzen badu Nafarroako Gobernuari igortzea, hark baimena eman dezan.

b) Urte anitzeko kontratuak, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean aurreikusirikoarekin bat.

2. Erakunde autonomoetako kontratazio organoek, zein departamenturi edo zuzendaritza nagusiri atxikita dauden, haren baimena beharko dute, BEZa kenduta 750.000 eurotik gorako balio zenbatetsia duten kontratuak izenpetzeko.

3. Aurreko idatz-zatietan ezarritakoarekin bat, goragoko baten baimena behar duten kontratuetan, baimen hori kontratazio espedientea onetsi aitzin emanen da. Onespen hori, gastuaren onespena bezala, kontratazio organoari dagokio.

4. Goragoko batek baimena emanda izenpetzen diren kontratuetan, baimena beharko da, halaber, suntsiarazpena dakarten aldaketak egiteko eta kontratua suntsiarazteko.

38. artikulua. Eskumenak berrantolatzea.

1. Ekonomia arloan eskudun den kontseilariak proposatuz gero, Nafarroako Gobernuak obra edo laguntza kontratu batzuk izenpetzeko eskumena beste kontratazio organo batzuei eskualdatu ahal izanen die foru dekretu bidez.

2. Ekonomia arloan eskudun den kontseilariak hornidurak kontratatzeko eskumenak berrantolatu ahal izanen ditu, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko beste kontratazio organo batzuek hornidurak kontratatzeko dituzten eskumenak zentralizatu ere, erakunde autonomoen eskumenak izan ezik. Horretarako foru agindua eman beharko da eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu. 3. Departamentuetan eta erakunde autonomoetan kontratazio batzordeak eratu ahal izanen dira, eta kontratazio organo gisa jardunen dute, erregelamendu bidez zehazten diren baldintzetan, mugen barrenean eta osaerarekin. Kontratazio batzordeetako kideen artean nahitaez egonen dira Zuzenbideko lizentziatu bat, titulazio hori beharrezkoa duen postua beteko duena, eta kontu-hartzaile bat.

39. artikulua. Erosketen zentralak.

1. Nafarroako administrazio publikoek erosketen zentralak sortu ahal izanen dituzte edo beren burua erosketen zentral gisa eratu, zuzenbidean baliozkoak diren moduetatik edozeinetan, beren beharrak, lotuta edo mendean dituzten entitate eta organismoenak eta beren entitate instrumentalenak asetzeko.

2. Nafarroako administrazio publikoak elkartu ahalko dira, erosketen zentralak eratzeko edo, atxikipen-erabakiaren bidez, eraturik dauden erosketen zentralei atxiki.

3. Edozein administrazio publikok, foru lege honi lotuta izan nahiz ez izan, eta hari loturiko edo haren mendeko entitateek eta erakundeek, eta beren entitate instrumentalek, bat egin ahalko dute Nafarroako administrazio publikoek obrak, hornidura eta laguntzak kudeatzeko sustaturiko erosketa- zentralekin. Horretarako, atxikipen-akordio bat egin beharko da, eta bertan jasoko dira atxikipenaren baldintza zehatzak.

4. Erosketen zentralek obra, hornidura eta laguntza kontratuak edo kontratu horietarako esparru- akordioak izenpetu ahal izanen dituzte, foru lege honetako xedapenekin bat, haien zerbitzuak jasotzen dituzten entitateen beharrak asetzeko. Erosketen zentralek zuzenbidean onar daitezkeen formuletatik edozein erabiliko dute obra, hornidura edo laguntzak entitate hartzaileen esku jartzeko.

II. TITULUA

Esleipenaren aurreko jarduketak

I. KAPITULUA

Kontratua prestatzeko administrazio jarduketak

40. artikulua. Kontratazio espedientea.

1. Edozein kontratu egin aurretik kontratazio espedientea izapidetu beharko da, foru lege honetan aurreikusitako salbuespenak salbuespen. Hurrengo idatz-zatian aipatzen diren agiriek osatuko dute espedientea, eta horietan azalduko da zergatik diren helburu publikoak betetzeko beharrezkoak edo komenigarriak kontratuaren xede diren prestazioak.

2. Kontratuak prestatuko dira beren xedearen arabera eskudun den administrazio unitatearen kontrolaren eta erantzukizunaren pean. Unitate horri, foru lege honen ondorioetarako, kontratua kudeatzen duen unitatea deituko zaio.

3. Kontratazio espedienteari hasiera emateko, kontratua kudeatzen duen unitateak txosten arrazoitua emanen du, kontratuaren xede diren prestazioen beharra, ezaugarriak eta balio zenbatetsia azaltzeko. Espedientean bilduko dira administrazio klausula partikularren orria, kontratua gauzatzeko agindu teknikoak, txosten juridikoa eta Kontu-hartzailetzaren fiskalizazioa.

4. Kontratazio espedientea osaturik, kontratazio organoak ebazpen arrazoitua emanen du hura onesteko eta esleipen prozedurari hasiera emateko. Ebazpen horretan gastuaren onespena ere adieraziko da, larrialdiko kontratazioaren salbuespeneko kasuan izan ezik edo eskumenak emateko arauetan, horrelakorik bada, kontrakoa ezarri denean izan ezik.

5. Jatorri desberdinetako ekarpenekin finantzatuko diren kontratuetan, espedientean egiaztatu beharko dira horien guztien eskuragarritasuna eta horien ordainketaren ordena, horretarako berme bat ere gehituz.

41. artikulua. Espediente motak.

Kontratazio espedienteak izapidetze arruntekoak, presako izapidetzekoak, izapidetze aurreratukoak eta larrialdikoak izan daitezke.

42. artikulua. Presako izapidetzearen espedientea.

1. Presako izapidetzea izan ahalko dute beharragatik luzapenik onartzen ez duten kontratazio espedienteek eta, halaber, interes publikoa dela kausa, esleipena azkartzea behar dutenek. Horretarako, kontratazio organoak izapidetzea presakoa dela adierazi beharko du, arrazoiak behar bezala azalduz, eta deklarazio hori espedientean sartuko da.

2. Presako espedienteak arrunten modu berean izapidetuko dira, baina berezitasun hauekin:

a) Aurretiazko izapidetzean parte hartzen duten administrazio, fiskalizazio eta aholku organoen eginbideetan lehentasuna izanen dute; izan ere, horiek bost eguneko epea izanen dute dagokien txostena emateko. Espedientearen zailtasuna dela kausa edo beste arrazoi justifikatu batengatik, epe horretan hura bideratzerik ez badago, administrazio, fiskalizazio eta aholku organo horiek presa deklaratu duen kontratazio organoari jakinarazi beharko diote. Horrelako kasuetan epea hamar egunera arte luzatuko da.

b) Administrazioak kontratua betetzen has dadin erabakitzen ahalko du kontratua esleitutakoan eta hura formalizatu baino lehen, behin Kontratazio Publikorako Batzordeari erreklamazioa aurkezteko epea iragan ondoren; betiere, aurretik kontratuko betebeharrak betetzeko bermeak jarri beharko dira, administrazio klausula partikularren orrian halakorik eskatzen bada.

c) Eskaintzak edo parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea foru lege honetan aurreikusitako kasuetan bakarrik laburtu ahalko da.

d) Kontratua esleitzen den egunetik berori betetzen hasi bitartean ez dira bi hilabete baino gehiago joanen, bestela kontratua suntsiaraziko baita.

43. artikulua. Izapidetze aurreratuko espedientea.

1. Kontratazio espedienteak izapidetu ahal izanen dira, eta are kontratua esleitu ere, nahiz eta kontratuaren gauzatzea hurrengo ekitaldian hasi behar izan, urte batean edo gehiagotan egin behar den gorabehera. Horretarako, kredituak hitzartu ahal izanen dira, aplikatu beharreko aurrekontu- arauetan ezartzen diren mugekin.

Horrelako kasuetan, administrazio klausula partikularren orriek honako baldintza ezarri beharko dute esleipena egiteko: kasuan kasuko ekitaldian kontratutik datozen betebeharrak finantzatzeko kreditu aski eta egokia izatea.

2. Europar Batasuneko atalasetik beherako zenbatekoa duten obra kontratuak, urte anitzeko dirulaguntzen bidez finantzatu beharrekoak badira, kontratu bakarrean bat eginda esleitu ahal izanen dira, prozedura irekiaren edo murriztuaren bidez, eta kontratu hori dirulaguntzak jaso ahala gauzatuko da.

Lehenbiziko urteko zatia edo fasea bere eskaintzan adierazitako baldintzen arabera beteko du esleipendunak. Administrazioaren eta kontratistaren artean negoziatuko dira obra unitateak eta bigarren urte edo faseko nahiz hurrengoetako epea, eta ados jarri ezean, fase bakoitza publizitaterik gabeko prozedura negoziatuaren bidez lizitatu ahal izanen da, baldin eta hasierako kontratua esleitu zenetik bost urte edo gehiago iragan ez badira.

44. artikulua. Larrialdiko espedientea.

1. Hondamen egoerak, arrisku larriko egoerak edo segurtasun publikoa arriskuan jartzen duten beharrizanak direla-eta administrazioak berehala jardun behar duenean, kontratazio espedienteak honako izapidetze berezia izanen du:

a) Eskumena duen kontratazio organoak, administrazio espedienterik izapidetu beharrik izan gabe, gertaturikoa konpontzeko edo sorturiko beharrari aurre egiteko beharrezkoa dena egitea agin dezake eta libreki kontratatu ere, xede osoa edo zati bat, foru lege honetan ezarritako formazko betekizunak errespetatu behar izan gabe, are kreditu aski izateko eskakizuna bera ere.

b) Salbuespeneko araubide honetako jarduketak egin ondoren, kontratazio organoak horiek eta horietarako gastua onetsi eginen ditu, horien larrialdiko izaera teknikoki eta juridikoki justifikatu eta Kontu-hartzailetzak fiskalizazioa egin ondoren. Larrialdiko espedientearen bitartez eginiko kontratazioak Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratuko dira horien zenbatekoa 30.000 euro baino handiagoa denean.

2. Administrazioak proposaturiko xedea betetzeko behar diren gainerako jardueren inguruko prestazioak, larrialdikoak ez direnak, foru lege honetan ezarritakoari jarraituz kontratatuko dira.

II. KAPITULUA

Administrazio klausula eta agindu tekniko partikularren orriak

45. artikulua. Administrazio klausula partikularren orriak.

1. Lizitazio prozedura guztietan aurretiaz finkatuko dira aldeen eskubide eta betebeharren alderdi juridiko, administratibo eta ekonomikoak zehazteko itun eta baldintzak, hau da, administrazio klausula partikularren orriak, foru lege honetan aurreikusitako berezitasunak salbu. Orri horiek ez dira izanen lege-xedapenen zerrenda soilak. Ezin izanen dute administrazio klausula orokorren orriekin bat ez datorren baldintzarik eduki, halako orriak egonez gero, kasu berezietan izan ezik, eta horrelako kasuetan Kontratazio Publikorako Batzordeak txostena egin beharko du aurretik.

2. Pleguetan kontratua esleitzeko irizpideak ezarriko dira. Irizpideren bat funtsezkotzat joko den edo irizpideren batean eskaintza baztertua ez izateko gutxieneko puntuaziorik eskatuko den zehaztuko da, deusetan galarazi gabe teknikoki egokiak ez diren edo kontratua behar bezala gauzatuko dela bermatzen ez duten eskaintzak baztertzeko ahalmena.

3. Orrietan adierazi beharko da lizitatzaileek helbide elektroniko bat eman behar dutela, kontratazio publikoaren arloko erreklamazioa jartzen bada jakinarazpenak bide telematikoetatik egin ahal izateko.

4. Administrazio klausula partikularren orrian eta, lehia-elkarrizketa badago, deskripzio agirian, esleipenerako irizpideetako bakoitzari dagokion ponderazio erlatiboa ezarriko da. Ponderazio hori balio-tarte egokia finkatuz adierazi ahal izanen da.

Bidezko arrazoiak direla medio ezin bada esleipen irizpideen ponderaziorik ezarri, garrantziaren arabera ordenatuko dira irizpide horiek, garrantzi handienekotik gutxienekora.

5. Kontratazio organoak orriak onetsiko ditu, gastua onestearekin batera edo lehenago, eta betiere kontratua lizitatu baino lehen, foru lege honetan jasotako arau berezien kalterik gabe.

6. Kontratua formalizatzeko agiriak administrazio klausula partikularren orrien edukiaren araberakoak izanen dira, eta horien klausulak haien zatitzat hartuko dira.

7. Kontratazio organoak orri partikularren eredu orokorrak onetsi ahal izanen ditu bere eskumeneko eremuan erabil daitezen, kasu zehatz bakoitzari egokituta.

46. artikulua. Agindu tekniko partikularren orriak.

1. Gastua onetsi baino lehen, kontratua betetzeko behar diren zehaztapen teknikoak prestatuko dira; agiri horri agindu tekniko partikularren orria deritzo.

2. Agindu teknikoak prestatzeko orduan, Europar Batasuneko zuzenbidearekin bateragarriak diren arau tekniko nazionalen aplikazioa ukatu gabe, kontuan hartuko dira, ahal den neurrian, ezgaitasunen bat duten pertsonentzako irisgarritasun irizpideak, eta modalitate hauetako bat hautatuko da:

a) Foru lege honen III. eranskinean dauden zehaztapenak jartzea, eranskinean ageri den lehentasun-ordena berean, "edo baliokidea" gaineratuta.

b) Errendimenduaren edo eskakizun funtzionalen aipamena egitea.

c) Ezaugarri batzuetan a) idatz-zatiko zehaztapen teknikoak jartzea eta beste batzuetan errendimenduaren edo eskakizun funtzionalen aipamena.

3. Agindu teknikoen formulazioa edozein izanda ere, ezin izanen da eskaintza baztertu lizitatzaileak frogatzen baldin badu a) idatz-zatian aipatutako zehaztapen teknikoetan eskatzen diren baldintzen baliokideak edo kontratuko errendimendu-eskakizun nahiz eskakizun funtzionalen baliokideak betetzen dituela. Horretarako frogabide izanen dira, besteak beste, fabrikatzailearen dokumentazio teknikoa edo Europar Batasuneko araudiari jarraituz onartutako erakunde baten proba txostena.

4. Agindu teknikoak errendimenduaren edo eskakizun funtzionalaren aipamenaren bitartez definitzen direnean, behar bezain zehatzak izan beharko dute, lizitatzaileek kontratuaren xedea ezagutu ahal izateko, eta ingurumenaren arloko eskakizunak bildu ahal izanen dituzte.

Ingurumenaren arloko eskakizun horiek adierazteko, zehaztapen xehatuak erabiltzen ahalko dira, edo horien zatiak, Europako, nazioarteko eta nazioko etiketa ekologikoetan eta beste edozein etiketa ekologikotan definituta dauden bezala, baldintza hauek betez gero:

a) Kontratuaren xede diren prestazioak definitzeko egokiak izatea.

b) Etiketan dauden eskakizunak informazio zientifiko batean oinarrituak izatea.

c) Ukitutako alderdi guztiek etiketa ekologikoen onarpen prozesuan parte hartu izana: agintari publikoek, kontsumitzaileek, fabrikatzaileek, banatzaileek eta ingurumen arloko erakundeek.

d) Interesatu guztien eskura egotea.

Etiketa ekologikoa eduki eta aurreko baldintza horiek betetzen dituzten produktu eta zerbitzuek agindu teknikoetan ingurumenari buruz eskatutakoa betetzen dutela onartuko da. Hori gorabehera, lizitatzaileek beste bide batzuetatik frogatu ahal izanen dute baldintza horiek betetzen dituztela. Horretarako frogabide izanen dira, besteak beste, fabrikatzailearen dokumentazio teknikoa edo Europar Batasuneko araudiari jarraituz onartutako erakunde baten proba txostena.

47. artikulua. Lehia librea galarazten duten oztopo teknikoen debekua.

1. Kontratuetako agindu teknikoek lizitatzaile guztien arteko aukera berdintasuna ahalbidetuko dute eta ez dute enpresen arteko lehia librerako bidegabeko oztoporik sortuko.

2. Agindu teknikoetan ezin izanen da fabrikazio edo jatorri jakineko produkturik edo prozedura berezirik aipatu enpresa edo produktu batzuen mesederako edo kalterako, non eta horrelako agindu teknikoak kontratuaren xedea definitzeko ezinbestekoak ez diren. Bereziki, debekaturik dago markak, patente edo ereduak edo jatorri zehatz bat aipatzea.

Hala ere, horrelako aipamenak onartuko dira, atzean "edo baliokidea" hitzak jarrita, baldin eta kontratuaren xedea agindu tekniko behar bezain zehatz eta ulergarrien bitartez definitzerik ez badago.

48. artikulua. Agindu teknikoak jakinaraztea.

Kontratatu nahi duten enpresek foru lege honen mendeko entitateei informazioa eskatu ahal izanen diete, kontratuetan erabili ohi dituzten edo erabili asmo dituzten agindu teknikoei buruz.

Agindu teknikoak enpresa interesatuek eskura ditzaketen agirietan jasorik baldin badaude, nahikoa izanen da entitate kontratatzaileek jakinarazpenean agiri horiek aipatzea. 49. artikulua. Kontratuak gauzatzeari buruzko eskakizun sozialak edo ingurumenaren arlokoak.

1. Administrazio klausula partikularren agirietan gizarte edo ingurumen arloko eskakizun zehatzak ezartzen ahalko dira, kontratua betetzeko moduari buruzkoak, hala nola, ontzi, bilgarri edo produktu erabiliak berreskuratu edo berriz erabiltzea; produktu edo zerbitzuen efizientzia energetikoa; produktuak berriz erabil daitezkeen ontzietan ematea; kontratistaren kargura hondakinak edo produktu erabiliak jaso eta birziklatzea; luzaroko langabeei lana eman beharra; gazte eta langabeentzako prestakuntza jarduerak kontratistaren kargura antolatzea; sexuen arteko berdintasuna sustatzeko edo etorkinak integratzeko neurriak hartzea; legez ezarritako kopurua baino pertsona ezgaitu gehiago kontratatu behar izatea kontratua betetzeko; eta antzeko beste batzuk.

2. Betekizun horiek ezin izanen dira ezkutuko zehaztapen tekniko, aukeraketa irizpide edo esleipen irizpideak izan, eta halaber, ezin izanen dute bereizkeriarik eragin. Aitzitik, kontratua burutzeko gaitasun teknikoa duen edozein lizitatzailek bete ahal izateko modukoak izanen dira.

3. Betekizun horiek betetzen ez badira, kontratazio organoak aukeran izanen du:

a) Kontratua suntsiaraztea, kontratistak bere erruz kontratua ez betetzeagatik, eta kontratistari foru lege honen babesean egiten den edozein lizitazio deialditan lizitatzeko eskubidea kentzea, bi urterako.

b) Kontratuaren gauzatzeari eustea, kontratuaren prezioaren 100eko 20ko zigorra ezarrita.

III. TITULUA

Esleipena

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

LEHENBIZIKO ATALA

Esleitzeko prozedurak eta irizpideak

50. artikulua. Prozedurak.

1. Foru lege honetan araututako kontratuak prozedura hauetako baten bidez esleituko dira:

a) Prozedura irekia.

b) Prozedura murriztua.

c) Prozedura negoziatua.

d) Lehia-elkarrizketa.

2. Kontratazio organoek prozedura irekiak zein murriztuak erabili ahal izanen dituzte. Gainerako prozedurak foru lege honetan berariaz adierazitako kasuetan soilik erabili ahal izanen dira. 3. Ekonomia eta efizientzia helburu, akordioa egin ahalko da, obra, hornidura edo laguntza kontratu jakin batzuen baldintzak enpresa batekin edo gehiagorekin batera ezartzeko. Esparru-akordio deituko zaio.

4. Kontratazioaren kudeaketa hobetze aldera, erosketa sistema dinamiko eta norgehiagoka elektroniko deritzen prozesu elektronikoak baliatu ahal izanen dira, foru lege honetan berariaz adierazitako kasuetan.

51. artikulua. Kontratua esleitzeko irizpideak.

1. Kontratuak esleitzeko oinarrizko irizpideak honako hauek izanen dira:

a) eskainitako prezioa soilik;

b) gainerako kasuetan, eskaintza onuragarriena zein den zehazteko, kontratuaren xedeari lotutako irizpideak erabiliko dira, hala nola kalitatea edo kalitatearen kontrolerako mekanismoak, prezioa, eskaintzaren balio teknikoa, ordezko produktuen eskuragarritasuna, ezaugarri estetiko eta funtzionalak, ingurumenari dagozkion ezaugarriak, funtzionamendu kostua, errentagarritasuna, salmenta ondoko zerbitzua eta laguntza teknikoa, emate data eta ematearen edo gauzatzearen epea, eta antzeko beste batzuk.

2. Kontratua eragin duen interes publikoa zein den, kontratazio organoek hartarako irizpide egokienak erabiliko dituzte. Eskainitako prezioa elementu erabakigarri bakarra bada, hura soilik erabiliko da esleipenerako irizpide gisa. Betiere emakida kontratuak eskaintza onuragarrienari esleituko zaizkio.

3. Administrazio klausula partikularren orrietan ezarritako esleipen irizpideak aplikatuta bi lizitatzailek edo gehiagok puntuazio bera lortzen dutenean, berdinketa hausteko ondoko irizpideak hartuko dira kontuan, hurrenkera honetan: langile ezinduen ehunekorik handiena duen enpresa, enpresako langileen 100eko 3k, gutxienez, ezgaitasunen bat baldin badu; halakorik ezean, edo berdinketak baldin badirau, behin-behineko langileen ehunekorik txikiena duen enpresa, enpresaren plantillan behin-behineko langileak 100eko 10 baino gehiago ez badira; eta halakorik ezean, edo berdinketak baldin badirau, genero arloko praktika onak egiten dituela frogatzen duen enpresa.

Horretarako, kontratazio mahaiak edo kontratua kudeatzen duen unitateak behar diren agiriak eskatuko dizkie enpresa ukituei, eta gutxienez bost eguneko epea emanen die agiriok aurkezteko.

Aurreko irizpide horiek aplikatu ondoren berdinketak irauten badu, zozketaren bidez hautsiko da.

BIGARREN ATALA

Eskaintzak eta parte hartzeko eskabideak

52. artikulua. Proposamenak aurkeztea.

1. Interesatuen proposamenak sekretuak izanen dira irekitzen diren arte. Idatziz aurkeztuko dira, administrazio klausula partikularren orrian ezarritako ereduari jarraituz, eta lizitatzailearen gaitasuna eta kaudimena frogatzeko agirienaz bestelako gutun-azal batean aurkeztuko dira. 2. Esleitzeko irizpidea eskaintzarik onuragarriena izanez gero, proposamenetan bereiz aurkeztuko dira eskaintzen den prezioa, alde batetik, eta eskaintzaren gainerako baldintzak, bestetik. Prezioa isilpean gordeko da jendaurrean irekitzen den arte, eta eskaintzaren gainerako proposamenak ere isilpean gordeko dira administrazioak irekitzen dituen arte.

3. Parte hartzeko eskabidea edo hautagaitza aurretiaz aurkeztu behar den prozeduretan, horrekin batera aurkeztuko dira gaitasuna eta kaudimena egiaztatzeko agiriak, administrazioak lizitatzaileen aukeraketa egin dezan.

Lizitaziorako gonbitean jarraibide zehatzak emanen dira eskaintza aurkezteko, bai eta jendaurrean irekitzeko ekitaldirako ere.

4. Esleipen irizpidea eskaintzarik onuragarriena deneko prozeduretan, administrazioak, eskaintzaren bat iluna edo zehaztugabea iruditzen bazaio, argibide osagarriak eskatu ahal izanen ditu, betiere lizitatzaileen arteko tratu berdintasunaren printzipioa errespetatuz, lizitatzaileek ezin izanen baitute aldatu aurkeztutako eskaintza. Erantzuteko epea gutxienez bost egunekoa eta gehienez hamar egunekoa izanen da.

Ezin izanen da argibide osagarririk eskatu eskainitako prezioari buruz, non ez den formula, ekuazio edo antzekoren bat erabiltzen prezioa adierazteko, halakoetan osagaiei buruzko argibideak eskatu ahal izanen baitira.

5. Prozedura negoziatuan, proposamen edo eskaintzek prozedura horretarako xedatutakoa beteko dute.

53. artikulua. Lizitaziorako bermeak jartzea.

1. Administrazioak, administrazio klausula partikularren orrian, kontratuaren balio zenbatetsiaren %2ko bermeak jartzeko eskatzen ahalko du, parte hartzeko eskaerak edo eskaintzak benetakoak izan daitezen. Ezarritako epean kontratua formalizatu beharrari lotuta egonen dira bermeak.

2. Bermeak modu hauetako edozeinetan jarri ahal izanen dira:

a) Eskudirutan.

b) Abalaren bidez. Espainian eragiketak egiteko baimena duen banku, aurrezki kutxa, kreditu kooperatiba edo elkarrekiko bermerako sozietate batek emandako abala izanen da, lehenbiziko errekerimenduan kobratu ahal dena.

c) Kauzio aseguruaren kontratua aurkeztuz, kauzioaren arloan aritzeko baimena duen aseguru entitate batekin egina.

3. Berme horiek interesatuei itzuliko zaizkie kontratua esleitu eta berehala, eta esleipendunarenak kontratua formalizatu arte atxikiko dira.

54. artikulua. Proposamenak aurkezteko agiriak.

1. Eskaintzetan edo parte hartzeko eskabideetan, enpresen gaitasuna eta kaudimena frogatzeko agiri hauek erantsiko dira: a) Kontratistaren nortasun juridikoa eta, halakorik dagoenean, beraren ordezkaritza frogatzen dutenak.

b) Bermeak jarri direla frogatzen dutenak, administrazio klausula partikularren orrian hala eskatzen denean.

c) Lizitazio prozeduratik enpresa baztertzeko arrazoirik ez dagoela dioen adierazpena.

d) Enpresaren kaudimen ekonomiko eta finantzarioa eta gaitasun tekniko edo profesionala frogatzeko agiriak.

e) Enpresak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak beterik dituela frogatzen duten agiriak.

f) Enpresak laneko segurtasuna eta osasuna zaindu eta laneko arriskuei aurrea hartzeko betebeharrak, indarra duten xedapenetan ezarritakoak, beterik dituela dioen adierazpena.

g) Atzerriko enpresendako, edozein mailatako epaitegi eta auzitegi espainiarren jurisdikzioaren mendean jarriko direla dioen deklarazioa, kontratutik, zuzenean edo zeharka, sor daitezkeen gorabehera guztietarako, eta hala gertatzen denean, lizitatzaile edo hautagaiari dagokiokeen jurisdikzio foruari uko eginen diola.

2. Foru lege honen arabera beste agiri batzuk aurkeztea beharrezkoa denean, administrazio klausula partikularren orrian eta lizitaziorako iragarkian ere aipatu beharko dira.

3. Aurkeztutako dokumentazioan zerbait falta bada edo zalantzarik badago, lizitatzaileari errekerimendua eginen zaio, kaudimen ekonomiko eta finantzarioa eta gaitasun tekniko edo profesionala frogatzeko aurkeztu dituen ziurtagiri eta agiriak osatu edo zuzendu ditzan. Horretarako bost eta hamar egun bitarteko epea emanen zaio, inguruabarren arabera.

4. Administrazio klausula partikularren orrietan ondokoa ezarri ahalko da: dokumentazioa hasieran aurkeztu ordez lizitatzaileak erantzukizunpeko adierazpena aurkez dezala, kontratatzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituela dioena. Halakoetan, esleipen proposamena suertatzen zaion lizitatzaileak zazpi eguneko epea izanen du, esleipena jakinarazten diotenetik, eskatzen diren agiriak badituela eta baliozkoak direla frogatzeko.

Behar diren agiriak epe horretan aurkeztu ezean, kontratua suntsiaraziko da, esleitzaileari entzun ondoren, eta lizitaziorako jarritako bermeak kenduko zaizkio edo kontratuaren balio zenbatetsiaren 100eko 2ko zigorra ordaindu beharko du, bai eta kalte-ordain osagarria ere, portzentaje horren gainetik eragindako kalte eta galerengatik.

55. artikulua. Baterako eskaintzak.

Lizitatzaile bakoitzak ezin izanen du eskaintza bat baino gehiago aurkeztu, soluzio, aldaera edo alternatibak onartzen diren kasuak ezertan galarazi gabe. Halaber ezin izanen du inolako eskaintzarik izenpetu beste lizitatzaile batzuekin elkarturik, baldin eta jadanik eskaintza bakarka egin badu, ez eta horrelako elkarte batean baino gehiagotan sartu ere.

Arau hori hausten badu, berak izenpetutako proposamen guztiak baztertuko dira. Elkarri lotutako enpresek aldibereko eskaintzak aurkezten badituzte, era berean, eskaintza horiek ez dira onartuko.

56. artikulua. Aldaeren onargarritasuna.

Lizitatzaileek aldaera edo alternatibak aurkeztu ahal izanen dituzte baldin eta aldez aurretik, administrazio klausula partikularren orrian, espresuki hala aurreikusi bada, aldaera edo alternatibak onartzeko baldintzak arautu badira eta aldaera edo alternatiba izan dezaketen elementuak zehaztu badira.

57. artikulua. Eskaintzen indarraldia.

Lizitatzaileen eskaintzek hiru hilabeteko indarraldia izanen dute, aurkezteko epea amaitzen denetik hasita, ez bada indarraldi luzeagoa ezartzen administrazio klausula partikularren orrian.

Epe horretan kontratazio organoak kontratua esleitu ezean, lizitatzaileek beren eskaintza bertan behera utzi ahal izanen dute inolako zigorrik gabe.

58. artikulua. Eskaintza balioesteko hurrenkera, esleipen-irizpide gisa eskaintza onuragarrienarena erabiltzen den prozeduretan.

Esleipenerako irizpidea eskaintzarik onuragarriarena den prozeduretan, lizitatzaileak onartu edo eskaintza aurkeztera gonbidatu ondoren, kontratua kudeatzen duen unitateak edo kontratazio mahaiak eskaintzak irekiko ditu, prezioarenak izan ezik, horiek jendaurreko ekitaldian irekiko baitira.

Kontratazio organoko zerbitzu teknikoek edo kontratazio mahaiak eskaintzak baloratuko dituzte. Behar bezala ponderatutako esleipen irizpideak erabiliko dituzte horretarako, administrazio klausula partikularren orrian daudenak.

Balorazioa egin ondoren, prezioen eskaintzak irekitzeko jendaurreko ekitaldiaren lekua, eguna eta ordua argitaratuko dira Nafarroako Kontratazioaren Atarian, gutxienez hirurogeita hamabi ordu lehenago.

Jendaurreko ekitaldian, prezioen eskaintzak ireki baino lehen, administrazioak egindako balorazioaren emaitza bertaratuei jakinaraziko zaie.

HIRUGARREN ATALA

Kontratazio mahaia

59. artikulua. Kontratazio mahaiaren esku-hartzea.

1. Hornidura edo laguntza kontratuek 125.000 eurotik gorako balio zenbatetsia dutenean, BEZa aparte, eta obra kontratuek 1.000.000 eurotik gorako balioa dutenean, BEZa aparte, negoziatua ez den beste prozedura baten bidez esleitu ahal izan daitezen, beharrezkoa izanen da kontratazio mahaia eratzea, atal honek xedatzen duen moduan eta ezartzen dituen eginkizunak bete ditzan.

Emakida kontratuak esleitzeko beti eratu beharko da kontratazio mahaia. Gainerako kasuetan, administrazio-klausulen orriak kontratazio mahai bat ezarri ahalko du.

2. Kontratazio mahaiak esku hartzea ez da beharrezkoa izanen 38.3 artikuluan aipatutako kasuan.

60. artikulua. Kontratazio mahaiaren osaera.

1. Mahaiburuak eta administrazioaren zerbitzuko langileen artetik izendatutako lau mahaikidek, gutxienez, osatuko dute kontratazio mahaia. Mahaikideetako bi kasuan kasuko kontratuaren arloko teknikari espezializatuak izanen dira, beste bat kontu-hartzaile izanen da, eta laugarrena Zuzenbideko lizentziatua izanen da, titulazio hori behar duen lanpostu batean diharduena, eta idazkari lanak eginen ditu.

Balio zenbatetsia, BEZa aparte, 12.500.000 eurotik gorakoa duten kontratuetan, aurrekoez gainera kontratazio mahaian egonen da Kontratazio Publikorako Batzordearen ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

2. Salbuespen gisa, espedientean justifikatuz gero, administraziotik kanpoko pertsonak mahaikide tekniko izendatzen ahalko dira, kontratuko jardueraren sektorean esperientzia badute. Administrazio prozedura arautzen duten legeetan ezarritako abstentzio eta errefusatze kausei lotuta egonen dira.

Halaber, teknikari horiek aholkulari izendatzen ahalko dira eta hizpidearekin baina botorik gabe esku hartu ahalko dute.

3. Mahaikideen izendapena iraunkorra izan daiteke edo berezia, kontratu bat edo gehiago esleitzeko. Iraunkorra baldin bada edo kontratu baterako baino gehiagotarako eginkizunak ematen bazaizkio, beraren osaera Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratu beharko da.

4. Nafarroako Parlamentuan, parlamentu-erakundeetan, Nafarroako toki administrazioko erakundeetan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan, kontratazio mahaiaren osaera kasuan kasuko arauei lotuko zaie, eta artikulu honetan xedatutakoa arau horien osagarria izanen da.

61. artikulua. Kontratazio mahaiaren eginkizunak.

1. Kontratazio mahaiaren eginkizunak ondokoak dira:

a) Nortasunaren eta, halakorik denean, ordezkaritzaren egiaztagiriak kalifikatzea, bai eta kontratatu ezin izateko arrazoiei dagozkien agiriak ere.

b) Kaudimen ekonomiko eta finantzarioa eta gaitasun tekniko edo profesionala balioestea.

c) Hautagaitza aurkeztu duten enpresaburuak onartu eta, kasua bada, aukeratzea, horrela aurreikusten den prozeduretan, eta eskaintza aurkezteko gonbita egitea.

d) Eskaintza teknikoa balioestea, esleipenerako irizpide gisa eskaintzarik onuragarrienarena duten prozeduretan.

e) Eskaintza ekonomikoak jendaurrean irekitzea eta ekitaldi horretan gertatzen diren gorabeherak ebaztea. f) Eskaintzaren bat baxuegia ote den balioestea, foru lege honetan ezarritako prozedura izapidetu ondoren.

g) Kontratua esleitzeko proposamena egitea kontratazio organoari.

h) Proposamenak kalifikatu eta balioesteko behar diren eginkizun guztiak, bai eta esleipenerako proposamena egiteko behar direnak eta legeetan ezartzen zaizkion gainerakoak ere.

2. Kontratazio mahaiko kideei bermatzen zaie eskubidea izanen dutela beren iritzia adierazteko, baldin eta gehiengoarenaren kontrakoa bada, eta beren jarreraren arrazoiak aktan ager daitezen.

3. Kontratazio mahaiak, bere proposamena egin aurretik, beharrezkotzat jotzen dituen txosten guztiak eskatzen ahalko ditu, kontratuaren xedearekin zerikusia dutenak.

62. artikulua. Proposamenak balioestea eta esleipena proposatzea, kontratazio mahairik eratzen ez denean.

Kontratazio mahairik eratzen ez den esleipen prozeduretan, kontratazio organoko zerbitzu teknikoek balioetsiko dituzte kaudimen ekonomiko eta finantzarioa, gaitasun tekniko edo profesionala eta aurkeztutako eskaintzak. Behar adinako langileria teknikorik ez badago, ondokoek emanen dute txosten hori: kontratuaren xede den gaiarekin zerikusia duten lanak egiten dituzten edo espedientearen izapidetzean zuzenean parte hartu duten bi langilek, gutxienez.

Kontratua kudeatzen duen unitatearen ardura izanen da lizitatzaileak onartzea edo, hala behar denean, hautagaiak aukeratzea, behar diren txosten tekniko eta juridikoak egin ondoren. Gainera, kontratua esleitzeko proposamena eginen du, eskaintza balioesteko txosten teknikoei jarraituz.

63. artikulua. Esleipen proposamenak.

Kontratazio mahaiak edo kontratua kudeatzen duen unitateak esleipenerako egiten dituen proposamenetan lehentasunaren araberako hurrenkeran agertuko dira eskaintza onargarria egin duten lizitatzaileak, lortu dituzten puntuazioekin. Esleipenerako irizpide bakarra eskainitako prezioa denean, esleipenerako proposamenean nahikoa izanen da eskaintza bakoitzaren zenbatekoa jartzea.

Esleipen proposamenek ez dute inolako eskubiderik sortuko harik eta esleipen ebazpena eman arte.

II. KAPITULUA

Esleipen prozedurak

LEHENBIZIKO ATALA

Prozedura irekia

64. artikulua. Prozedura irekia.

Esleipenerako prozedura irekian, interesa duten enpresaburu eta profesional guztiek aurkezten ahal dituzte beren eskaintzak. 65. artikulua. Europar Batasuneko atalasetik beherako prozedura irekiaren nondik norakoa.

Europar Batasuneko atalasetik beherako prozedura irekian izapide hauek eginen dira:

a) Kontratua kudeatzen duen unitateak txostena egitea, kontratua interes publikorako beharrezkoa edo komenigarria dela justifikatzeko.

b) Kontratazio organoak baimena ematea, BEZa kontuan hartu gabe 300.000 eurotik gorako balio zenbatetsia duten obra kontratuetarako.

c) Kontratua kudeatzen duen unitateak administrazio klausula eta agindu tekniko partikularren orriak prestatzea. Administrazio klausula partikularren orria erraztua izaten ahalko da. Bertan ondokoak jasoko dira:

1. Kontratuaren izaera eta xedea.

2. Kontratazio organoaren eta kontratua kudeatzen duen unitatearen identifikazioa.

3. Kontratuaren zenbatekoa.

4. Gutxieneko kaudimen baldintzak.

5. Eskaintzak aurkezteko arauak.

6. Kontratazio mahaiaren izendapena, halakorik bada.

7. Kontratua esleitzeko irizpideak.

8. Ordaintzeko moduari buruzko arauak eta, behar izanez gero, prezioak berrikusteko arauak.

9. Egintzei aurka egiteko eta errekurtsoak jartzeko araubidea. Adieraziko da lizitatzaileak helbide elektroniko bat eman behar duela jakinarazpenak bide telematikoetatik egiteko.

d) Kreditu erreserba dagoela frogatzen duen agiria egitea, aplikatu beharreko aurrekontu legeak aintzat harturik.

e) Txosten juridikoa egitea.

f) Lizitazioari buruzko iragarkia argitaratzea Nafarroako Kontratazioaren Atarian, kontratua kudeatzen duen unitateko titularrak baimenduta. Bertan eskura egonen dira administrazio klausula eta agindu tekniko partikularren orriak, oso-osorik. Zailtasun bereziko kontratuetan, agiri osagarriak kontsultatu behar izaten baitira, eta obra proiektuetan, aditzera emanen da interesatuek zein helbidetan lor ditzaketen agiri horiek.

g) Aurkezturiko lizitatzaileak onartzea eta, kasua bada, eskaintzak balioestea, eskainitako prezioa aparte utzita, esleipenerako irizpidea eskaintzarik onuragarrienarena duten prozeduretan.

h) Eskaintzak jendaurrean irekitzea.

i) Kontratua kudeatzen duen unitateak edo kontratazio mahaiak esleipen proposamena egitea. j) Kontu-hartzailetzak gastua fiskalizatzea.

k) Kontratazio organoak esleipena egiteko eta gastua onesteko ebazpena ematea.

66. artikulua. Europar Batasuneko atalasetik gorako prozedura irekiaren nondik norakoa.

Europar Batasuneko atalasetik gorako prozedura irekian izapide hauek eginen dira:

a) Kontratazio espedientea izapidetzea, 40. artikuluan ezarritako moduan.

b) Lizitazioari buruzko iragarkia argitaratzea Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Kontratazioaren Atarian. Bertan eskura egonen dira administrazio klausula eta agindu tekniko partikularren orriak oso-osorik. Zailtasun bereziko kontratuetan, agiri osagarriak kontsultatu behar izaten baitira, eta obra proiektuetan, aditzera emanen da interesatuek zein helbidetan lor ditzaketen agiri horiek.

c) Kontratazio mahaiak esku hartzea, bere eginkizunak betez.

d) Kontratazio organoak esleipen ebazpena ematea.

BIGARREN ATALA

Prozedura murriztua

67. artikulua. Prozedura murriztua.

1. Esleipenerako prozedura murriztuan edozein enpresaburu edo profesionalek eskatzen ahal du prozeduran parte hartzeko, baina administrazioak hautatzen dituen enpresaburu edo profesionalei bakarrik eginen zaie gonbita eskaintza aurkezteko.

2. Eskaintzak aurkezteko gonbita jasoko duten enpresen aukeraketa behar bezala arrazoituko da, eta behar adinako lehia bermatuko du. Gutxienez bost enpresa aukeratuko dira, ahal bada, eta gehienez hogei. Lizitazioaren iragarkian zehaztu behar da zenbat enpresa aukeratuko diren; ez bada zehazten, ulertuko da bost enpresa aukeratuko direla.

68. artikulua. Europar Batasuneko atalasetik beherako prozedura murriztuaren nondik norakoa.

Europar Batasuneko atalasetik beherako prozedura murriztuan izapide hauek eginen dira:

a) Kontratua kudeatzen duen unitateak txostena egitea, kontratua interes publikorako beharrezkoa edo komenigarria dela justifikatzeko.

b) Kontratazio organoak baimena ematea, BEZa kontuan hartu gabe 300.000 eurotik gorako balio zenbatetsia duten obra kontratuetarako.

c) Kontratua kudeatzen duen unitateak administrazio klausula eta agindu tekniko partikularren orriak prestatzea. Administrazio klausula partikularren orria erraztua izaten ahalko da. Bertan ondokoak arautuko dira:

1. Kontratuaren izaera eta xedea. 2. Kontratazio organoaren eta kontratua kudeatzen duen unitatearen identifikazioa.

3. Kontratuaren zenbatekoa.

4. Kaudimen baldintzak eta kaudimena balioesteko arauak.

5. Hautagaiak aukeratzeko irizpideak.

6. Eskaintzak aurkezteko arauak.

7. Kontratazio mahaiaren izendapena, halakorik bada.

8. Kontratua esleitzeko irizpideak.

9. Ordainketa moduari buruzko arauak eta, behar izanez gero, prezioak berrikusteko arauak.

10. Egintzei aurka egiteko eta errekurtsoak jartzeko araubidea. Adieraziko da lizitatzaileak helbide elektroniko bat eman behar duela, jakinarazpenak bide telematikoetatik egiteko.

d) Kreditu erreserba dagoela frogatzen duen agiria eginen da, aplikatu beharreko aurrekontu legeen arabera.

e) Txosten juridikoa eginen da.

f) Lizitazioari buruzko iragarkia argitaratzea Nafarroako Kontratazioaren Atarian, kontratua kudeatzen duen unitateko titularrak baimenduta. Bertan eskura egonen dira administrazio klausula eta agindu tekniko partikularren orriak, oso-osorik.

g) Eskaintza aurkeztera gonbidatuko diren enpresak aukeratzea, administrazio klausula partikularren orrian ezarritako irizpideei jarraituz.

h) Eskaintza aurkezteko idatzizko gonbitak bidaltzea, denak aldi berean. Horrekin batera jakinaraziko dira eskaintzak aurkezteko azken eguna, eskaintzari erantsi beharreko agiriak eta eskaintzak jendaurrean irekitzeko ekitaldirako jarraibide zehatzak.

i) Eskaintza balioestea, da, eskainitako prezioa alde batera utzirik, esleipen irizpidea eskaintzarik onuragarrienarena duten prozeduretan.

j) Eskaintzak jendaurrean irekitzea.

k) Kontratua kudeatzen duen unitateak edo kontratazio mahaiak esleipen proposamena egitea.

l) Kontratazio organoak esleipena egiteko eta gastua onesteko ebazpena ematea.

69. artikulua. Europar Batasuneko atalasetik gorako prozedura murriztuaren nondik norakoa.

Europar Batasuneko atalasetik gorako prozedura murriztuan izapide hauek eginen dira:

a) Kontratazio espedientea izapidetzea, 40. artikuluan ezarritako moduan. b) Lizitazioari buruzko iragarkia argitaratzea Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Kontratazioaren Atarian. Bertan eskura egonen dira administrazio klausula eta agindu tekniko partikularren orriak oso-osorik. Zailtasun bereziko kontratuetan, agiri osagarriak kontsultatu behar izaten baitira, eta obra proiektuetan, aditzera emanen da interesatuek zein helbidetan lor ditzaketen agiri horiek.

c) Kontratazio mahaiak eskaintza aurkeztera gonbidatuko diren enpresak aukeratzea, administrazio klausula partikularren orrietan ezarritako irizpideei jarraituz.

d) Eskaintza aurkezteko idatzizko gonbitak bidaltzea, denak aldi berean. Horrekin batera, gutxienez informazio hauek agertuko dira:

1. Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratutako lizitazio iragarkiaren aipamena.

2. Eskaintzak aurkezteko azken eguna.

3. Nora bidali behar diren eskaintzak eta zein hizkuntzatan idatzi behar diren.

4. Eskaintzak irekitzeko jendaurreko ekitaldirako jarraibideak.

e) Kontratazio mahaiak eskaintzak balioestea, eskainitako prezioa alde batera utzita, esleipen irizpidea eskaintzarik onuragarrienarena duten prozeduretan.

f) Eskaintzak jendaurrean irekitzea.

g) Kontratua esleitzeko proposamena egitea.

i) Kontratazio organoak esleipen ebazpena ematea.

HIRUGARREN ATALA

Prozedura negoziatua

70. artikulua. Prozedura negoziatua.

1. Prozedura negoziatua formalizatu gabeko esleipen prozedura da. Administrazioak kontratuaren baldintzak kontsultatzen eta negoziatzen ditu berak hautatutako enpresaburu batekin edo gehiagorekin, eta nahi duen eskaintza aukeratzen du, modu arrazoituan.

2. Europar Batasunean publizitatea duten prozedura negoziatuetan eta foru lege honek aurreikusitako kasuetan izan ezik, kontratuaren alderdiak gutxienez hiru enpresarekin kontsultatu eta negoziatu behar dira, ahal den guztietan, eta jarduketa hori behar bezala dokumentatu behar da.

71. artikulua. Europar Batasunean publizitatea duten prozedura negoziatuak.

Kontratuaren balio zenbatetsia 83.1 artikuluko a) eta b) letretan adierazitako Europar Batasuneko atalasetik gorakoa denean, kontratua prozedura negoziatuaren bidez esleitu ahal izanen da, aldez aurretik lizitazio iragarkia argitaratuta Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean, honako kasu hauetan: a) Aparteko kasuetan, obra, hornidura edo laguntza kontratuen prezioak aldez aurretik eta osorik finkatu ezin direnean, kontratuek dituzten ezaugarriengatik edo arriskuengatik.

b) Laguntza kontratuetan, bereziki foru lege honen II. A eranskineko 6. kategorian ageri diren horietan, eta prestazio intelektualetarako kontratuetan, adibidez, obra proiektuak egiteko kontratuetan, baldin eta, prestazioaren ezaugarriak direla kausa, administrazio klausula eta agindu tekniko partikularren orriek ezin badute behar adinako zehaztasunik izan eskaintzarik onena prozedura ireki edo murriztuei buruzko arauei jarraituz aukeratu ahal izateko;

c) Obra kontratuetan, baldin eta obren xede bakarra ikerketa, saiakuntza edo hobekuntza bada, eta ez errentagarritasuna lortzea edo ikerketa eta garapen kostuak ordaintzea.

d) Esleitu gabe utzitako lehia-elkarrizketa batean edo prozedura ireki nahiz murriztu batean aurkeztu diren eskaintzak onartezinak badira antolamendu juridikoko beste arau batzuk aplikatu direlako, dela lizitatzaile edo kontratisten gaitasunari buruzko arauak, dela aldaerak aurkezteari buruzkoak, azpikontratazioari buruzkoak, tributuen edo gizarte segurantzaren arloko betebeharrei buruzkoak, ingurumenaren babesari edo lan arloko betebeharrei buruzkoak, betiere kontratuaren hasierako baldintzak funtsean aldatzen ez badira.

Hala ere, ez da lizitazio iragarkia argitaratu beharrik izanen baldin eta prozedura negoziatuan sartzen diren lizitatzaile guzti-guztiek aurreko esleipen prozeduran ezarritako gaitasun baldintzak frogatu badituzte eta esleipen prozeduraren baldintza formalak betetzen dituzten eskaintzak aurkeztu badituzte.

Betiere, lizitatzaileek aurkeztutako eskaintzak haiekin negoziatuko dira, lizitazioaren iragarkian eta administrazio klausula partikularren orrietan adierazitako betekizunei egokitzeko, administrazio klausula partikularren orrietan hasieran zehaztutako irizpide objektiboen arabera eskaintza onena hautatze aldera.

72. artikulua. Europar Batasunean publizitatea duen prozedura negoziatuaren nondik norakoa.

1. Europar Batasunean publizitatea duen prozedura negoziatuan ondoko izapideak eginen dira:

a) Kontratua kudeatzen duen unitateak txostena egitea, kontratuaren bidez zer beharrizan ase nahi den eta prozedura hau zergatik aplikatu den azaltzeko.

b) Kontratazio organoak baimena ematea, BEZa kontuan hartu gabe 300.000 eurotik gorako balio zenbatetsia duten obra kontratuetarako.

c) Kontratua kudeatzen duen unitateak administrazio klausulen eta agindu tekniko partikularren orriak prestatzea. Kontratuaren izaeragatik orri horiek zehazterik ez badago, baldintza tekniko, juridiko eta ekonomiko nagusiak biltzen dituen agiri bat prestatuko da.

Betiere, agiri horietan ondokoak jasoko dira: kaudimenaren inguruko gutxieneko baldintzak, esleipen irizpideak, negoziazioaren alderdiak, halakorik bada, eta kontratazio publikoaren arloko erreklamazioetan jakinarazpenak bidaltzeko posta elektronikoko kontua zehaztu beharra.

d) Kreditu erreserba dagoela frogatzen duen agiria egitea, aplikatu beharreko aurrekontu legeen arabera. e) Txosten juridikoa egitea.

f) Lizitazioari buruzko iragarkia argitaratuko da Nafarroako Kontratazioaren Atarian eta Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean, kontratua kudeatzen duen unitateko titularrak baimenduta. Nafarroako Kontratazioaren Atarian kontratuaren funtsezko baldintzak agertuko dira, interesa izan dezaketen guztien eskura.

2. Interesatuek beren gaitasuna eta kaudimena frogatzeko agiriekin batera aurkeztu beharko dituzte parte hartzeko eskabideak. Administrazioak gutxieneko kaudimen baldintzak betetzen dituzten hautagai guztiak onartuko ditu, baldin eta lizitazio iragarkian ez bada mugatu, kontratuko baldintzetan hala ezarri ondoren, eskaintzak aurkeztera gonbidatuko diren lizitatzaileen kopurua. Nolanahi dela ere, gonbiten kopurua ezin izanen da hiru baino gutxiago izan, ez eta iragarkian adierazten den gehieneko kopurua baino gutxiago ere.

3. Administrazioak idatzizko gonbitak bidaliko dizkie, aldi berean, onartutako edo aurrez aukeratutako hautagai guztiei. Gonbitean ondoko informazioak agertuko dira gutxienez ere:

a) Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarkiaren aipamena.

b) Proposamenak edo eskaintzak aurkezteko azken eguna.

c) Nora bidali behar diren proposamenak edo eskaintzak, eta zein hizkuntzatan eginen den prozedura.

4. Proposamenak edo eskaintzak jasorik, lizitatzaileekiko negoziazio prozedurari ekinen zaio. Negoziazioan lizitatzaile guztiek tratu berdina jaso dezaten begiratuko da. Batez ere, ez da bereizkeriaz jokatuko informazioa ematean, lizitatzaile batzuek besteen aldean mesede egin diezaiekeen informaziorik izan ez dezaten.

Aurrekoa gorabehera, funtsezko baldintzetan aurreikusi eta lizitazioaren iragarkian hala ohartarazi bada, baldintza horiek aldatu ahal izanen dira, lizitatzaileek aurkeztutako soluzioak edo proposamenak onartuz, eta beste kontsulta txanda bat egin ahal izanen da, baztergarria izanen dena, ezarritako esleipen irizpideak erabiliz. Kontsulta txanda baztergarri hori behar adina aldiz errepikatu ahal izanen da, baldin eta azken negoziazioa gutxienez hiru lizitatzailerekin egiten bada.

5. Negoziazioa amaitutakoan, unitate kudeatzaileak esleipen proposamena eginen du. Bertan eskaintzaren aukeraketa justifikatu beharko du.

6. Kontratazio organoak esleipen ebazpena emanen du eta gastua onetsiko du, Kontu-hartzailetzak fiskalizatu ondoren.

73. artikulua. Europar Batasunean publizitaterik ez duten prozedura negoziatuak.

1. Obra, hornidura eta laguntza kontratuak Europar Batasunean publizitaterik ez duen prozedura negoziatuaren bidez esleitu ahal izanen dira honako kasu hauetan:

a) Prozedura irekian edo murriztuan eskaintzarik aurkeztu ez bada, aurkeztutako eskaintzetatik bat bera ere egokia ez bada edo hautagaitzarik aurkeztu ez bada, baldin eta kontratuaren hasierako baldintzak funtsean aldatzen ez badira eta Europako Batzordeari txostena ematen bazaio, hark eskatuz gero.

b) Kontratua ezinbestez enpresaburu edo profesional jakin bati eman behar zaionean, arrazoi tekniko edo artistikoak edo esklusibotasun eskubideen babesarekin zerikusia duten arrazoiak tarteko.

c) Entitate kontratatzaileak aurreikusi ez dituen eta berari egotzi ezin zaizkion ezusteko gertaeren ondorioz premiazkoa denean berehala izapidetzea, eta hori lortzerik ez dagoenean esleipen prozeduren presako izapidetze-epeak aplikatuz.

2. Obra kontratuetan ere Europar Batasunean publizitaterik ez duen prozedura negoziatua erabili ahal izanen da ondoko kasuetan:

a) Obra osagarri edo lagungarrietan, esleitutako proiektuan sartuta ez badaude eta ezusteko inguruabarren ondorioz behar-beharrezkoak badira kontratu nagusia ongi bete ahal izateko; betiere, obra nagusia duen kontratistari ematen bazaio esleipena, eta obra osagarrien zenbateko metatua, gehienez ere, hasierako kontratuaren esleipen prezioaren 100eko 50 baldin bada.

b) Obra berriak egin behar direnean, hasierako kontratua duen kontratistari enkargatutakoen antzekoen errepikapena direnak. Betiere, obra berri horiek oinarrizko proiektu bati lotuko zaizkio, eta proiektu hori prozedura ireki edo murriztu batean esleitutako hasierako kontratu baten xede izandakoa izanen da.

Hasierako kontratuaren formalizaziotik hiru urte iragan arte erabili ahal izanen da prozedura hori, baldin eta lehenbiziko kontratuaren lizitazioari buruzko iragarkian hala adierazi bada, eta prestazio guztien aurreikusitako zenbateko osoa hartu bada kontuan publizitatearen atalaseak zehazteko orduan.

c) Balio zenbatetsia, BEZa aparte, gehienez 750.000 eurokoa duten kontratuetan. Balio zenbatetsia, BEZa aparte, 40.000 eurotik gorakoa ez bada, izapide hauek bakarrik egin beharko dira: aurretiaz kreditua erreserbatzea, aplikatu beharreko aurrekontu legeen arabera, eta faktura aurkeztea. BEZa kontuan hartu gabe 3.000 eurotik beherako balioa duten kontratuetan nahikoa izanen da faktura aurkeztea.

3. Laguntza kontratuetan, halaber, Europar Batasunean publizitaterik ez duen prozedura negoziatua erabiltzen ahalko da ondoko kasuetan:

a) Zerbitzu osagarri edo lagungarrietan, hasierako laguntza kontratuan sartuta ez badaude eta ezusteko inguruabarren ondorioz behar-beharrezkoak badira kontratu nagusia ongi gauzatu ahal izateko; betiere, laguntza-kontratu nagusia duen kontratistari emanen zaio esleipena, eta zerbitzu osagarri edo lagungarrien zenbateko metatua, gehienez ere, hasierako laguntza kontratuaren esleipen prezioaren 100eko 50 izanen da.

b) Zerbitzu berriak egin behar direnean, hasierako laguntza kontratua duen kontratistari enkargatutakoen antzekoen errepikapena direnak. Betiere, kontratu hori oinarrizko proiektu bati lotuko zaio, eta proiektu hori prozedura ireki edo murriztu batean esleitutako hasierako kontratu baten xede izandakoa izanen da. Hasierako kontratuaren formalizaziotik hiru urte iragan arte erabili ahal izanen da prozedura hori, baldin eta lehenbiziko kontratuaren lizitazioari buruzko iragarkian hala adierazi bada, eta prestazio guztien aurreikusitako zenbateko osoa hartu bada kontuan publizitatearen atalaseak zehazteko orduan.

c) Proiektu lehiaketa baten irabazleari laguntza kontratua esleitu behar zaionean, lehiaketari buruzko arauak aplikatzearen ondorioz. Proiektu lehiaketaren irabazleak bat baino gehiago badira, denei egin behar zaie negoziaziorako gonbita.

d) Balio zenbatetsia, BEZa aparte, gehienez 90.000 eurokoa duten kontratuetan. Balio zenbatetsia, BEZa aparte, 15.000 eurotik gorakoa ez bada, izapide hauek bakarrik egin beharko dira: aurretiaz kreditua erreserbatzea, aplikatu beharreko aurrekontu legeen arabera, eta faktura aurkeztea. BEZa kontuan hartu gabe 3.000 eurotik beherako balioa duten kontratuetan nahikoa izanen da faktura aurkeztea.

4. Hornidura kontratuetan ere Europar Batasunean publizitaterik ez duen prozedura negoziatura jo ahalko da:

a) Produktuak ikerketarako, saiakuntzarako, azterketarako edo garapenerako bakarrik fabrikatzen direnean; arau hori ezin zaio aplikatu serieko ekoizpenari, horren helburu bakarra produktuaren bideragarritasun komertziala edo ikerketa eta garapen kostuen berreskurapena bada.

b) Hasierako hornitzaileak entrega osagarriak egiten dituenean erabilera arrunteko hornidura edo instalazioen zati bat berritzeko edo, bestela, lehendik diren hornidura edo instalazioak handitzeko, hornitzaile aldaketak ezaugarri tekniko desberdinak dituen materiala erostera behartzen duenean, horrela bateraezintasunak edo erabili eta mantentzeko zailtasun tekniko handiegiak sortzen dituelarik, baldin eta halako kontratuen iraupena, eta kontratu berriztagarriena ere bai, gehienez ere hiru urtekoa bada, justifikatutako salbuespenak salbu.

c) Lehengaien poltsa batean kotizatu eta erositako hornidurak direnean.

d) Baldintza bereziki onuragarrietan hornidurak erosteko, dela merkataritzako jarduera behin betiko utzi duen hornitzaile bati, dela konkurtso administrazioari, edo prozedura judizial baten ondorioz, edo Europar Batasuneko beste Estatu batzuetan egiten diren izaera bereko prozeduren ondorioz.

e) Balio zenbatetsia, BEZa aparte, gehienez 90.000 eurokoa duten kontratuetan. Balio zenbatetsia, BEZa aparte, 15.000 eurotik gorakoa ez bada, izapide hauek bakarrik egin beharko dira: aurretiaz kreditua erreserbatzea, aplikatu beharreko aurrekontu legeen arabera, eta faktura aurkeztea. BEZa kontuan hartu gabe 3.000 eurotik beherako balioa duten kontratuetan nahikoa izanen da faktura aurkeztea.

5. Halaber Europar Batasunean publizitaterik ez duen prozedura negoziatuaren bidez lizitatu ahal izanen dira Europar Batasuneko atalasetik beherako zenbatekoa duten kontratuak, 71. artikuluan adierazitako kasuetan.

74. artikulua. Europar Batasunean publizitaterik ez duen prozedura negoziatuaren nondik norakoa. 1. Prozeduraren dokumentazioan honakoak bildu behar dira: unitate kudeatzaileak prestatutako kontratuak ase behar dituen beharrei buruzko txostena, kontratuko funtsezko baldintzak, txosten juridikoa, eta aplikatzekoak diren aurrekontu legeei jarraituz kreditu erreserba egin dela frogatzen duen agiria. Gainera, BEZa sartu gabe 300.000 eurotik gorako balio zenbatetsia duten obra kontratuetan, kontratazio organoaren baimena beharko da.

Funtsezko baldintzetan, berriz, lizitatzaileekin negoziatzeko ezinbestekoak diren betekizun juridiko, ekonomiko eta tekniko guztiak bildu behar dira, eta negoziazioaren alderdiak zehaztu.

Funtsezko baldintza horietan ohartarazi behar da lizitatzaileak helbide elektroniko bat eman behar duela, kontratu publikoen arloko erreklamazioetan jakinarazpenak bide telematikoetatik egin ahal izateko.

2. Negoziatzeko gonbitak idatzita eta denak aldi berean bidali behar dira, proposamenak aurkezteko azken eguna, administrazioak ase nahi dituen beharrak eta negoziazioaren alderdiak zehaztuta.

3. Negoziazioan lizitatzaile guztiek tratu bera jaso dezaten begiratuko da. Batez ere, ez da bereizkeriaz jokatuko informazioa ematean, lizitatzaile batzuek besteen aldean mesede egin diezaiekeen informaziorik izan ez dezaten. Bidalitako gonbitak, egindako negoziazioak eta jasotako proposamen edo eskaintzak behar bezala dokumentatuko dira.

4. Negoziazioa amaitutakoan, unitate kudeatzaileak esleipen proposamen justifikatua aurkeztuko du.

5. Kontratazio organoak kontratua esleitzeko ebazpena emanen du eta gastua onetsiko du, Kontu- hartzailetzak fiskalizatu ondoren.

6. Kontratuaren xedea irakaskuntza edo prestakuntzako jardueraren bat denean (administrazioaren zerbitzuko langileentzako prestakuntza edo hobekuntza ikastaroak, mintegi, solasaldi, mahai-inguru edo hitzaldiak, kolaborazioak, zientzi artikuluak edo idatzizko materialen prestaketa), eta beren espezifikotasun artistikoarengatik esleitzekoak diren kontratuetan eta antzeko jardueretan, izapide hauek baizik ez dira egin beharko: aurretiaz kreditua erreserbatzea, organo eskudunak hautaketa edo izendapena egitea, eta faktura aurkeztea.

LAUGARREN ATALA

Lehia-elkarrizketa

75. artikulua. Lehia-elkarrizketa.

Administrazioak uste izaten badu konplexutasun bereziko kontraturen bat ezin dela prozedura ireki edo murriztuaren bidez esleitu, ezarri beharreko soluzioak definitzea ezinezkoa delako, kontratu hori lehia-elkarrizketa deritzon prozeduraren bidez lizitatu ahal izanen da.

Prozedura horretan administrazioak hitz egiten du parte hartzeko eskatu dioten eta berak hautatu dituen enpresa eta profesionalekin. Elkarrizketa horretan lizitatzaileek administrazioaren beharrak asetzeko soluziorik egokienak eskaintzen dituzte, eta gero, soluzio horiek ikusirik, lizitatzaileei eskaintza aurkezteko gonbita egiten zaie. Bereziki, artikulu honen ondorioetarako, honakoak joko dira konplexutasun bereziko kontratutzat: garraio integratuko azpiegitura nagusien kontratuak, sare informatiko handien kontratuak edo finantzaketa konplexu eta egituratua behar duten proiektuenak.

76. artikulua. Lehia-elkarrizketaren nondik norakoa.

1. Lehenbizi deskripzio-agiria eginen da. Bertan ahalik zehatzen azalduko dira administrazioak ase nahi dituen beharrak eta kontratuaren xedea definitzen duten betekizunak. Agiri horretan gutxieneko kaudimen baldintzak ezarriko dira, elkarrizketara gonbidatua izateko bete behar direnak, eta esleipen irizpideak ere bai. Prozeduran parte hartzeagatik sari ekonomikoak ematea aurreikusi ahal izanen da.

Deskripzio-agiriari honakoak erantsiko zaizkio: txosten juridikoa, eta aplikatu beharreko aurrekontu legeen arabera kreditu erreserba egin dela frogatzen duen agiria.

2. Aurreko idatz-zatian aipatutako jarduketak burutu ondoren, lizitazioaren iragarkia argitaratuko da, kontratua kudeatzen duen unitateko titularrak baimenduta, foru lege honetan xedatutakoari jarraituz. Nafarroako Kontratazioaren Atarian eskuragarri egonen da deskripzio-agiria.

3. Parte hartzeko eskabideak jaso ondoren, administrazioak aukeraketa eginen du, deskripzio- agirian eskatzen den gutxieneko kaudimena frogatzen ez duten eskabideak baztertuz.

4. Administrazioak elkarrizketarako gonbita eginen die aukeratutako hautagaiei, aldi berean eta idatziz. Gonbit idazkian informazio hauek emanen dira gutxienez:

a) Argitaratutako lizitazio iragarkiaren edo iragarkien aipamena.

b) Kontsulta fasea zein egunetan hasiko den, zein helbidetan eginen den, eta zein hizkuntza erabiliko den.

5. Kontsulta fasean administrazioak parte-hartzaileekin hitz eginen du, deskripzio-agirian azaldutako beharrak asetzeko bitarteko egokiak zehaztu eta definitzeko.

Elkarrizketan tratu bera emanen zaie parte-hartzaile guztiei, eta batez ere, ez da bereizkeriaz jokatuko informazioa ematean, lizitatzaile batzuek besteen aldean mesede egin diezaiekeen informaziorik izan ez dezaten. Soluzioak parte-hartzaile guztiei aldi berean eta idatziz eskatuko zaizkie.

Fase honetan administrazioak ezin izanen dizkie parte-hartzaile batek proposaturiko soluzioak edo isilpeko beste datu batzuk gainerakoei jakinarazi, proposatzailea aurretik ados agertu ezean.

Segidako fase baztergarrietan banatu ahal izanen da elkarrizketa, aztertu beharreko soluzioen kopurua murrizteko, baldin eta deskripzio-agirian hala ohartarazi eta soluzioak baztertzeko erabiliko diren irizpideak azaltzen badira. Betiere, gutxienez hiru parte-hartzaileri eskatu behar zaie eskaintza.

6. Administrazioak elkarrizketari eutsiko dio harik eta bere beharrak asetzeko soluzio egokiak aurkitu arte, eta horretarako soluzioak alderatu eginen ditu, behar izanez gero. Elkarrizketari amaiera emateko orduan administrazioak horren berri emanen die parte-hartzaileei eta azken eskaintza aurkezteko gonbita eginen die. Gonbit idazkian honakoak jarriko dira, gutxienez:

a) Argitaratutako lizitazio iragarkiaren edo iragarkien aipamena.

b) Eskaintzak aurkezteko azken eguna, zein helbidetara bidali behar diren eta zein hizkuntzatan idatzi behar diren.

c) Elkarrizketa aldian aurkeztu diren soluzioetatik zein aukeratu den/diren eskaintzak aurkezteko oinarritzat.

7. Lizitatzaileen eskaintzak sekretuak izanen dira. Gonbitean eskatu diren eta kontratua betetzeko beharrezkoak diren elementu guztiak eduki beharko dituzte. Eskaintza guztiak aldi berean bidali beharko dira, alde batetik prezioa eta bestetik eskaintzaren gainerako osagaiak bereizita, eta eskaintza onuragarrienaren irizpideari jarraituz balioetsiko dira.

Eskaintzak argitu eta zehazteko oharrak eskatu ahal izanen dira; ohar horiek ezin dituzte eskaintzaren edo lizitazioaren funtsezko elementuak aldatu, eta ezin dute eragin lehia askearen faltsuketarik edo bereizkeriarik.

8. Administrazioak eskaintzarik onuragarriena aurkeztu duen lizitatzaileari argibideak eskatu ahal izanen dizkio bere eskaintzaren alderdi jakinei buruz, edo eskaintzan adierazitako konpromisoak berresteko eskatu ahal izanen dio, baldin eta horrela eskaintzaren edo lizitazioaren funtsezko elementuak aldarazten ez baditu eta enpresen arteko lehia librearen faltsuketarik edo bereizkeriarik eragiten ez badu.

9. Aurkeztu diren eskaintzetatik onuragarrienari esleipena emateko proposamena eginen da. Organoak kontratua esleituko du eta gastua onetsiko du, Kontu-hartzailetzak gastua fiskalizatu ondoren.

III. KAPITULUA

Kontratazioaren kudeaketa hobetzeko sistemak

77. artikulua. Esparru-akordioak.

1. Esparru-akordioa administrazio baten edo gehiagoren eta enpresa baten edo gehiagoren arteko negozio juridikoa da, epe jakin batean esleituko diren obra, hornidura edo laguntza kontratuen baldintzak ezartzea helburu duena, batez ere prezioei buruzko baldintzak eta, hala denean, aurreikusitako kopuruei dagozkienak. Esparru-akordioak gehienez lau urte iraunen du, kontratuaren dokumentazioan behar bezala justifikatu behar diren aparteko kasuetan izan ezik.

Arau orokor gisa, esparru-akordioa hiru enpresarekin eginen da gutxienez, baldin eta eskaintza onargarrien kopurua edo aukeraketa irizpideak betetzen dituzten enpresen kopurua nahikoa bada. Esparru-akordioa enpresa bakar batekin egiten ahalko da hala behar denean, kontratuaren xedea dela eta.

2. Esparru-akordioan parte hartuko duten enpresak aukeratzeko, lizitazio prozedura eginen da. Prozedura horretan kontratazio organoak prozedura irekiari buruzko arauak edo prozedura murriztuari buruzkoak erabiltzea aukeratu ahal izanen du, eta foru lege honetan ezarritako esleipen irizpideak erabiliko dira aukeraketa egiteko.

78. artikulua. Esparru-akordio batean oinarritutako kontratuen esleipena.

1. Esparru-akordio batean oinarritutako kontratuak esleitzeko, aldeek ezin izanen dute inola ere esparru-akordioaren edukian funtsezko aldaketarik egin.

2. Esparru-akordioa enpresa bakarrarekin egiten denean, esparru-akordio horretan oinarritutako kontratuak bertan ezarritakoaren arabera esleituko dira. Horrelako kontratuak esleitzeko, hala ere, enpresari kontsulta egin ahalko zaio idatziz, eta behar izanez gero bere eskaintza osatzeko eskatuko zaio.

3. Hainbat enpresarekin egindako esparru-akordioetan oinarrituta dauden kontratuak esleitzeko, esparru-akordioan ezarritakoa aplikatu ahal izanen da, aldeak beste lizitazio batera deitu gabe.

Esparru-akordioan dena zehaztuta ez badago, aldeei beste lizitazio baterako deia eginen zaie, esparru-akordioan bertan edo administrazio klausula partikularren orrian ezarritakoaren arabera, eta ondoko prozedura beteko da, behar izanez gero, haren edukia zehazteko:

a) Esleitu beharreko kontratu bakoitzeko, administrazioak kontsulta eginen die, idatziz, esparru- akordioan parte hartzen duten enpresa guztiei.

b) Administrazioak behar adinako epea ezarriko du kontratu bakoitzari buruzko eskaintzak aurkezteko, kontuan izanik, besteak beste, kontratuaren xedearen konplexutasuna eta eskaintza bidaltzeko behar den denbora.

c) Eskaintzak idatziz aurkeztuko dira eta haien edukia isilpean gordeko da lizitazio epea amaitu arte.

d) Eskaintzarik onena aurkezten duen lizitatzaileari esleituko zaio kontratua, esparru-akordioaren administrazio klausula partikularren orrian azaltzen diren esleipen irizpideen arabera.

4. Esparru-akordioaren babesean esleitutako kontratuaren balio zenbatetsia, BEZa aparte, 75.000 eurotik beherakoa bada, izapide hauek bakarrik egin beharko dira: aurretiaz kreditua erreserbatzea, aplikatu beharreko aurrekontu legeen arabera, eta faktura aurkeztea. BEZa kontuan hartu gabe 3.000 eurotik beherako balioa duten kontratuetan nahikoa izanen da faktura aurkeztea.

79. artikulua. Erosketa sistema dinamikoa.

Erosketa sistema dinamikoa prozesu erabat elektronikoa da, iraupen mugatua duena. Prozesu osoan zehar edozein enpresak parte hartzen ahal du, aukeraketa irizpideak betetzen baditu eta administrazio klausula partikularren orriekin bat datorren eskaintza aurkezten badu. Prozesu honen bidez erabilera arrunteko ondasun eta zerbitzuak kontratatzen dira, merkatuan eskuragarri daudenak, administrazioaren beharrak asetzeko.

Erosketa sistema dinamikoaren ezarpenean prozedura irekiari buruzko arauak beteko dira. Aurkeztutako eskaintzak noiznahi hobetu ahal izanen dira, baina betiere bat etorri beharko dute administrazio klausula eta agindu tekniko partikularren orriekin. 80. artikulua. Erosketa sistema dinamikoaren aplikazioa.

1. Erosketa sistema dinamikoa aplikatzeko jarduketa hauek eginen dira:

a) Lizitazio iragarkia argitaratzea; bertan zehaztu egin behar da erosketa sistema dinamikoa aplikatuko dela.

b) Administrazio klausulen eta agindu tekniko partikularren orrietan ondokoak azalduko dira, besteak beste: sistemaren barrenean egin asmo diren erosketen izaera, eta erosketa sistemari, erabili beharreko ekipo elektronikoari eta konexiorako konponketa eta zehaztapen teknikoei buruz behar diren informazio guztiak.

c) Nafarroako Kontratazioaren Atarian, iragarkia argitaratzen denetik sistema amaitu arte, eskura egonen dira, mugarik gabe, zuzenean eta osorik, administrazio klausulen eta agindu tekniko partikularren orriak.

2. Erosketa sistema dinamikoak dirauen bitartean, edozein enpresaburu edo profesionalek eskaintza aurkeztu ahal izanen du eta sisteman sartua izateko eskubidea izanen du.

Eskaintzak hamabost eguneko epean aztertuko dira, eta lizitatzaileari jakinaraziko zaio erosketa sistema dinamikoan parte hartzeko eskaintza onartu zaion ala ez. Epe horretan erantzunik jaso ezean, eskaintza baztertutzat joko da.

3. Erosketa bakoitzeko kontratu bat eginen da. Balio zenbatetsia Europar Batasuneko atalasetik beherakoa duten kontratuak prozedura negoziatuaren bidez esleituko dira. Balio zenbatetsia, BEZa aparte, 75.000 eurotik beherakoa duten kontratuetan, izapide hauek bakarrik egin beharko dira: aurretiaz kreditua erreserbatzea, aplikatu beharreko aurrekontu legeen arabera, eta faktura aurkeztea. BEZa kontuan hartu gabe 3.000 eurotik beherako balioa duten kontratuetan nahikoa izanen da faktura aurkeztea.

4. Balio zenbatetsia Europar Batasuneko atalasetik gorakoa duten kontratuak, erosketa sistema dinamikoaren esparruan, prozedura ireki honen bidez esleituko dira:

a) Lizitazioaren iragarki erraztua argitaratuko da Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean. Bertan enpresa interesatu guztiei eginen zaie gonbita eskaintza aurkezteko, eta horretarako gutxienez hamabost eguneko epea ezarriko zaie, iragarki erraztua bidaltzen den egunetik hasita.

b) administrazioak eskaintza aurkezteko gonbita eginen die sisteman onartuta dauden enpresa guztiei, eta eskaintzak bidaltzeko behar adinako epea ezarriko die.

c) Eskaintzarik onena aurkezten duen lizitatzaileari esleituko zaio kontratua. Sistema dinamikoaren ezarpenerako argitaratutako lizitazio iragarkian azaltzen diren esleipen irizpideak erabiliko dira, gonbitean adierazitako zehaztasunak gehituta, behar izanez gero.

d) Erosketa sistema dinamikoaren barrenean ezin izanen da lizitazio deirik egin aurreko lizitazioa amaitu arte.

5. Erosketa sistema dinamikoak lau urte iraunen du gehienez, behar bezala justifikatutako kasu berezietan izan ezik. Administrazioak ezin izanen die hautagai interesatuei edo onartutako lizitatzaileei ordainarazi erosketa sistema dinamikoaren ezarpenaren eta exekuzioaren ondoriozko ezein gastu.

81. artikulua. Norgehiagoka elektronikoa.

1. Norgehiagoka elektronikoa prozesu errepikakorra da, dispositibo elektroniko batean oinarritua. Horren bidez, eskaintzen lehenbiziko ebaluazio osoa egin eta gero, prezio beheratuak edo eskaintza berriak aurkezten ahal dira eta ebaluaziorako metodo automatikoen bitartez sailkatzen ahal dira.

2. Kontratazio organoek norgehiagoka elektronikoa erabiltzen ahalko dute kontratuaren baldintzak zehatz-mehatz ezartzen ahal badira eta kontratua esleitzeko prozedura hauetako bat bada:

a) Prozedura irekia.

b) Prozedura murriztua.

c) Europar Batasunean publizitatea duen prozedura negoziatua, 71.d) artikuluan aipatzen den kasuan.

d) Esparru-akordio bateko aldeak beste lizitazio batera deitzea.

e) Erosketa sistema dinamiko baten barneko lizitazioak, 80.4 artikuluan aurreikusitakoa betetzen bada.

Obra edo laguntza kontratuak ezin izanen dira norgehiagoka elektronikoaren bidez esleitu baldin eta eginkizun intelektualak baldin badituzte; adibidez, obra proiektuak egiteko kontratuak.

3. Norgehiagoka elektronikoaren gai izanen dira:

a) Prezioak, kontratua esleitzeko irizpide bakarra eskainitako prezioa denean.

b) Prezioak eta balioak edo bakar-bakarrik eskaintzen balioak, kontratua arautzeko baldintzetan adierazitakoak, kontratua eskaintzarik onuragarrienari esleitzen zaionean.

4. Administrazio klausula eta agindu tekniko partikularren orrietan informazio hauek jasoko dira, besteak beste:

a) Norgehiagoka elektronikoan erabiliko diren balioak zein elementuri dagozkien, baldin eta zenbakarriak badira eta kopuru edo portzentajeen bidez adierazten ahal badira.

b) Hala behar denean, aurkezten ahal diren balioen mugak, kontratuaren xedeari buruzko zehaztapenen araberakoak.

c) Prozeduran zehar lizitatzaileen eskura jarriko den informazioa, eta noiz eskuratzen ahal duten informazio hori.

d) Norgehiagoka elektronikoaren nondik norakoari buruz behar den informazioa.

e) Lizitatzaileak norgehiagoka aritzeko baldintzak eta, bereziki, eskaintza berria egin ahal izateko eskatuko diren gutxieneko aldeak, halakorik bada. f) Erabili beharreko dispositibo elektronikoari eta konexio motei eta konexiorako zehaztapen teknikoei buruz behar den informazioa.

5. Ezin izanen da aldatu kontratuaren xedea, lizitazioaren iragarkian eta administrazio klausula partikularren orrietan definitutakoa.

82. artikulua. Norgehiagoka elektronikoaren aplikazioa.

1. Norgehiagoka hasi baino lehen, eskaintzen lehenbiziko ebaluazio osoa egin beharko da, kontratua esleitzeko irizpideei jarraituz.

2. Eskaintza berriak aurkezteko gonbita aldi berean eginen zaie onartutako lizitatzaile guztiei, bide elektronikoetatik. Erabili beharreko dispositibo elektronikoari banaka konektatzeko behar duten informazioa emanen zaie eta norgehiagoka elektronikoa zein egun eta ordutan hasiko den jakinaraziko. Gonbitak bidaltzen direnetik gutxienez bi egun baliodun iragan arte ezin izanen da norgehiagoka elektronikoa hasi.

3. Esleipenerako irizpidea eskaintzarik onuragarriena denean, gonbitarekin batera, lizitatzailearen eskaintzari esleipen irizpideen arabera egin zaion ebaluazio osoaren emaitza ere bidaliko da.

4. Gonbitean adierazi beharko da zein formula matematiko erabiliko den norgehiagoka elektronikoan zehar sailkapen elektroniko berriak egiteko, eskaintzak aurkeztu ahala. Eskaintzarik onuragarriena aukeratzeko ezarritako irizpide guztien ponderazioa jasoko da formula horretan. Salbuespen gisa aldaerak onartzen badira, aldaera bakoitzerako formula desberdin bat eman beharko da.

5. Norgehiagoka elektronikoaren fase bakoitzean, dispositibo elektronikoak lizitatzaile guztiei berehala eta etenik gabe eskainiko die beren sailkapena jakiteko behar duten informazioa, gutxienez, eta onartutako lizitatzaileen kopurua adieraziko die.

Gainera, aurkeztutako beste prezio eta balio batzuei buruzko datuak ematen ahalko dira, eta unean uneko lizitazio fasean zenbat parte-hartzaile ari diren adierazten ahalko da, hori guztia kontratua arautzen duten baldintzetan aurreikusita egonez gero.

Prozeduran zehar inola ere ezin izanen da lizitatzaileen identitatea aditzera eman.

6. Prozedurari modalitate hauetako baten edo gehiagoren bidez emanen zaio amaiera:

a) Parte hartzeko gonbitean ezarri diren eguna eta ordua heltzen direnean.

b) Gutxieneko aldeei buruzko baldintzak betetzen dituen prezio edo balio gehiago jasotzen ez denean. Modalitate hau hautatuz gero, gonbitean zehaztu beharko da azken eskaintza jaso zenetik zenbat denbora iragan behar den norgehiagoka elektronikoa amaitutzat eman ahal izateko.

c) Norgehiagoka elektronikoaren prozeduran parte hartzeko gonbitean ezarritako fase guztiak amaitzen direnean.

Norgehiagoka elektronikoari amaiera emateko modalitatea c) letran azaldutakoa bada, edo b) eta c) letretako modalitateak batera hautatzen badira, parte hartzeko gonbitean prozeduraren fase bakoitzaren egutegia jarri beharko da. 7. Norgehiagoka elektronikoa amaitu ondoren, kontratua prozesu elektronikoaren emaitzen arabera esleituko da.

IV. KAPITULUA

Publizitate arauak eta epeak

LEHENBIZIKO ATALA

Europar Batasuneko atalasetik gorako kontratuak

83. artikulua. Nahitaezko publizitatea Europar Batasunean.

1. Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratu beharko da, Europar Batasunak ezarritako prozedura eta eredu ofizialei jarraituz, kontratua esleitu edo esparru-akordioa sinatzeko, baldin eta haren balio zenbatetsiak, Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZa) kontuan hartu gabe, ondoko atalaseak gainditzen baditu:

a) 211.000 euro, hornidura kontratuetarako eta foru lege honen II. A eranskinean ageri diren laguntza kontratuetarako.

b) 5.278.000 euro, obra kontratuetarako eta herri lanen emakida kontratuetarako.

2. Administrazioak frogatu egin beharko du iragarkiak noiz bidali diren, hala eskatzen bazaio. Europako Batzordeak igorri zaion informazioa argitaratu dela jakinarazteko emandako agiria erabili ahal izanen da froga gisa, betiere argitalpen eguna aipatzen bada.

3. Lehenengo idatz-zatian aipatutako kasuetan, iragarkia Nafarroako Kontratazioaren Atarian ere argitaratuko da. Iragarkia Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialera igorri beharko da beste edozein publizitate egin baino lehen. Betiere, beste publizitate horretan adierazi beharko da igorpen haren data, eta ezin izanen da Europar Batasuneko iragarkian ezarritakoaz bestelako zehaztapenik egin.

4. Iragarkietan prestazio eta produktu multzoak zehaztuko dira, Kontratuetarako Hiztegi Batuan (CPV edo Common Procurement Vocabulary) ageri diren partiden aipamena eginez.

5. Iragarkian dagoen informazioa eskaintza publikotzat joko da eta administrazioarentzat loteslea izanen da eskaintzak aurkezteko epea amaitu arte, kontratua eten edo hartan atzera egiten den kasuetan izan ezik.

84. artikulua. Aurretiazko informaziorako iragarkiak.

1. Nafarroako administrazio publikoek aurretiazko informaziorako iragarkia argitaratu ahal izanen dute Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean, Europar Batasunak ezarritako prozedura eta eredu ofizialei jarraituz, ondokoak aditzera emateko:

a) Horniduren kasuan, hurrengo hamabi hilabeteetan esleitzekoak diren kontratuen edo esparru- akordioen balio zenbatetsi osoa, produktu-multzoka, haien balio zenbatetsi osoa gutxienez 750.000 eurokoa denean. b) Laguntzen kasuan, hurrengo hamabi hilabeteetan esleitzekoak diren kontratu edo esparru- akordioen balio zenbatetsi osoa, foru lege honen II. A eranskinean ageri diren zerbitzu-kategorietako bakoitzerako, baldin eta balio zenbatetsi osoa gutxienez 750.000 eurokoa bada.

c) Obren kasuan, esleitzekoak diren kontratu edo esparru-akordioen ezaugarri nagusiak, haien balio zenbatetsia gutxienez Europar Batasuneko atalasea bada.

2. Aurreko idatz-zatiko a) eta b) letretan aipatutako iragarkiak aurrekontu ekitaldia hasitakoan igorriko dira. Aurreko idatz-zatiko c) letran aipatutako iragarkia, berriz, proiektatuko obra kontratuak edo esparru-akordioak zein programatan dauden, hura baimendu eta gero igorriko da.

3. Nafarroako administrazio publikoek Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratu ahal izanen dituzte artikulu honetako 1. idatz-zatian aipatzen diren aurretiazko iragarkiak, baldin eta hori egin baino lehen Europako Batzordeari abisua igortzen badiote, aurretiazko iragarkia Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratuko dela jakinarazteko, eta abisu hori Batzordeari zein egunetan igorri zaion jasorik geratzen bada. Iragarki horiek eta Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratutako aurretiazko iragarkiek ondorio berak izanen dituzte.

4. Artikulu hau ez zaie aplikatuko Europar Batasunean publizitaterik ez duten prozedura negoziatuei, Europar Batasuneko atalasea gainditu arren.

85. artikulua. Aurkezpen epeak, iragarkia ohiko bideetatik igortzen denean.

1. Lizitazio iragarkiak Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialera gutun edo fax bidez igortzen direnean, gutxieneko epeak honakoak izanen dira:

a) Prozedura irekietan, eskaintzak aurkezteko epea berrogeita hamabi egunekoa izanen da, iragarkia igortzen den egunetik hasita.

b) Europar Batasunean publizitatea duten prozedura negoziatuetan, eta lehia-elkarrizketa egiten denean, eskaintzak aurkezteko epea hogeita hamazazpi egunekoa izanen da, iragarkia igortzen den egunetik hasita.

c) Prozedura murriztuetan, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hogeita hamazazpi egunekoa izanen da, iragarkia igortzen den egunetik hasita, eta eskaintzak aurkezteko epea berrogei egunekoa izanen da, gonbita igortzen den egunetik hasita.

2. Aurretiazko informaziorako iragarkia argitaratuz gero, eskaintzak aurkezteko gutxieneko epea, bai prozedura irekian bai murriztuan, hogeita hamasei egunera murriztu ahal izanen da, arau orokor gisa. Betiere hogeita bi egun iraunen du gutxienez.

Epeak murriztu ahal daitezen, ordea, eska daitekeen informazio guztia sartu behar da aurretiazko informaziorako iragarkian, informazio hori eskuragarri egon behar da iragarkia argitaratzen denerako, eta aurretiazko iragarkia igorri behar da lizitazio iragarkia bidali baino berrogeita hamabi egun lehenago, gutxienez, eta hamabi hilabete lehenago, gehienez.

86. artikulua. Aurkezpen epeak, iragarkia bide elektronikoetatik igortzen denean. 1. Lizitazio iragarkiak bide elektronikoetatik prestatu eta igortzen direnean, zazpi egun kendu ahalko zaizkie 85. artikuluko 1. idatz-zatiko a) letran eta 2. idatz-zatian ezarritako epeei (prozedura irekietan eskaintzak aurkezteko epeak) eta 85. artikuluko 1. idatz-zatiko b) eta c) letretan ezarritako epeei (prozedura murriztuetan, prozedura negoziatuetan eta lehia-elkarrizketetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epeak).

2. Administrazioak, iragarkia argitaratzen den egunetik aurrera, iragarkiaren testuan adierazitako Interneteko helbidean, administrazio klausulen eta baldintza tekniko partikularren orriak mugarik gabe, zuzenean eta osorik eskuragarri jartzen baditu, bost egun kendu ahalko zaizkie 85. artikuluko 1. idatz-zatiko a) eta c) letretan eskaintzak aurkezteko ezarritako epeei.

Idatz-zati honetan aurreikusitako murrizketa aurreko idatz-zatian ezarritako murrizketari batu ahalko zaio.

87. artikulua. Presaz izapidetzen diren prozeduretako epeak.

Prozedura murriztuetan eta Europar Batasunean publizitatea duten prozedura negoziatuetan, eta aurreko artikuluetan ezarritako gutxieneko epeak ematerik ez dagoenean, presa handia dagoelako:

a) Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea gutxienez hamabost egunekoa izanen da, lizitazio iragarkia bidaltzen den egunetik hasita, edo hamar egunekoa, iragarkia bide elektronikoetatik bidaltzen bada.

b) Prozedura murriztuetan, eskaintzak aurkezteko epea gutxienez hamar egunekoa izanen da, lizitatzeko gonbita bidaltzen den egunetik hasita.

88. artikulua. Aukerako publizitatea Europar Batasunean.

Europar Batasunean derrigorrezko publizitaterik izan behar ez duten kontratuak Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean iragarri ahal izanen dira, Europar Batasuneko publizitaterako ezarritako modalitate eta epeetan.

BIGARREN ATALA

Europar Batasuneko atalasetik beherako kontratuak

89. artikulua. Publizitate arauak, Europar Batasuneko atalasetik beherako kontratuetan.

1. Lizitazioak, prozedura negoziatuak izan ezik, Nafarroako Kontratazioaren Atarian iragarriko dira, eta iragarkiak lehiaketa epearen amaierara arte iraunen du.

2. Lizitazioen deialdia eguneroko prentsan ere iragartzen ahalko da, informazioa emateko bakarrik, eta iragarkiak ez du eragin juridikorik izanen epeak ezartzeko eta eskaintza edo eskabideak aurkezteko.

3. Prozedura negoziatua Nafarroako Kontratazioaren Atarian edo eguneroko prentsan iragartzen ahalko da, eskaintza aurkezteko informazioa zein helbidetan jaso daitekeen adierazita. Iragarki horrek ez du prozeduraren funtsa hutsalduko. 4. Lizitazioen iragarkietan prestazio eta produktu multzoak zehaztuko dira, Kontratuetarako Hiztegi Batuan (CPV edo Common Procurement Vocabulary) ageri diren partiden aipamena eginez.

5. Iragarkian dagoen informazioa eskaintza publikotzat joko da eta entitate kontratatzailearentzat loteslea izanen da eskaintzak aurkezteko epea amaitu arte, kontratua eten edo hartan atzera egiten den kasuetan izan ezik.

90. artikulua. Aurkezpen epeak, Europar Batasuneko atalasetik beherako kontratuetan.

1. Prozedura irekietan eskaintzak aurkezteko epea gutxienez hemezortzi egunekoa izanen da, lizitazio iragarkia argitaratzen den egunetik hasita.

2. Prozedura murriztuetan eta lehia-elkarrizketetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea gutxienez hamar egunekoa izanen da, lizitazio iragarkia argitaratzen den egunetik hasita.

3. Prozedura murriztuetan, eskaintzak aurkezteko gutxieneko epea bost egunekoa izanen da, gonbita bidaltzen den egunetik hasita.

4. Aurreko idatz-zatietan ezarritako epeak ezin izanen dira murriztu, ezta presako kasuetan ere.

5. Prozedura negoziatuetan, kontsulta epea kasu bakoitzean zehaztuko da. Lizitatzaileen arteko lehia eta tratu-berdintasuna bermatzeko adinako epea ezarriko da, eskatzen den prestazioaren izaera eta zenbatekoa kontuan izanik.

V. KAPITULUA

Esleipena, burutzea eta formalizazioa

91. artikulua. Eskaintza baxuegiak.

1. Lizitazio prozedura batean kontratuko prestazioekin alderatuta baxuegia dirudien eskaintzaren bat aurkezten bada, itxura batean behar bezala bete ezin dena, administrazioak, eskaintza hori baztertu aurretik, jakinaren gainean jarriko ditu ukitutako lizitatzaile guztiak, bost eguneko epean alegazioak aurkez ditzaten.

Lizitatzaileen alegazioak ikusi eta aholku tekniko egokia jaso ondoren, ebazpen arrazoitua emanen da eskaintzaren onarpenari buruz. Aparteko kasuetan txostena eskatu ahal izanen zaio Kontratazio Publikorako Batzordeari.

2. Kontratua arautzeko baldintzetan besterik adierazi ezean, eskaintza bat baxuegitzat jo ahalko da baldin eta kontratuaren balio zenbatetsia baino ehuneko hogeita hamar txikiagoa bada.

3. Aurkeztutako eskaintza onartzea zilegi izanen da besteak beste inguruabar hauek tarteko direnean:

a) Eraikitzeko, produktuak fabrikatzeko edo zerbitzuak emateko erabiliko den prozedurak bidea ematea aurrezteko. b) Lizitatzaileak soluzio tekniko eta baldintza guztiz lagungarriak izatea obrak egiteko, produktuak emateko edo zerbitzuak egiteko.

c) Lizitatzaileak proposaturiko obra, hornidura edo zerbitzuen originaltasuna.

d) Prestazioa egiten den tokian babesari eta lan baldintzei buruz indarra duten xedapenak betetzea.

e) Lizitatzaileak Estatuaren laguntza jasotzeko aukera izatea.

92. artikulua. Kontratua esleitzea.

1. Esleipen prozeduran kontuan hartzen den irizpide bakarra eskainitako prezioa denean, gehienez ere hogei eguneko epean egin beharko da esleipena, eskaintzak jendaurrean ireki eta biharamunetik hasita.

2. Esleipen prozeduran kontuan hartzen den irizpidea eskaintzarik onuragarriena denean, kontratazio organoak gehienez ere bi hilabeteko epean esleituko du kontratua, eskainitako prezioa jendaurrean irekitzen denetik hasita, salbu eta administrazio klausula partikularren orrian beste epe bat ezartzen denean.

3. Epe horietan esleipenari buruzko erabakirik hartzen ez bada, lizitazioan parte hartzeko onartutako enpresaburuek beren proposamenak bertan behera utzi ahal izanen dituzte inolako zigorrik jaso gabe.

4. Kontratazio organoak esleipen proposamenarekin bat datorren erabakia hartuko du, proposamen horrek antolamendu juridikoa urratzen duen kasuetan izan ezik; hala denean, Kontratazio Publikorako Batzordeak txosten loteslea eman ondoren lizitazioa baliogabetu eginen da, salbu eta arau-hausteak esleipenerako proposatu den lizitatzailea baino ukitzen ez badu; kasu horretan, esleipena emanen zaio eskaintzen balorazioaren araberako zerrendako hurrengo lizitatzaileari, arau- hausteak eragiten ez badio, betiere.

5. Esleipen ebazpena arrazoitua izanen da, baztertutako hautagaitza edo eskaintza bakoitza zergatik baztertu den eta aukeratutako eskaintzak zer ezaugarri edo onura dituen azalduko baitu, eta interesatuei jakinaraziko zaie, administrazio prozedura arautzen duen legerian xedatutakoari jarraituz.

6. Esleipen prozeduran erabiltzen den irizpidea eskaintzarik onuragarriena denean, esleipena eman gabe utzi ahal izanen da interes publikoko arrazoiengatik, nahiz eta aurkeztutako eskaintzak administrazio klausula eta baldintza tekniko partikularren orriarekin bat etorri, baldin eta, inguruabar faktiko edo juridikoen ondorioz, zentzuzkoa bada interes publikoa lehenestea, kontratuaren bidez ase behar diren beharrak kontuan izanik.

7. Artikulu honetan xedatutakoa gorabehera, betiere kontratazio organoak ahalmena izanen du lizitazioari, esparru-akordioari, erosketa sistema dinamiko baten ezarpenari edo gauzatzen hasi gabeko kontratu formalizatu bati uko egiteko edo horietan atzera egiteko, interes publikoko arrazoiengatik. Kontratazio organoak ahalmen hori erabiltzen duenean, administrazio-ebazpena arrazoitua izanen da eta interesatuei jakinaraziko zaie administrazio prozedura arautzen duen legerian xedatutako moduan. 93. artikulua. Kontratua burutzea.

Eskumena duen kontratazio-organoak egindako esleipenaren bidez burutzen dira administrazioaren kontratuak, edozein izanik esleipen prozedura.

94. artikulua. Kontratua formalizatzea.

1. Kontratuak administrazio agirian formalizatuko dira, esleipena jakinarazten denetik hasita hamabost eguneko epean, administrazio bidean etendura erabaki ezean.

Administrazio agirian formalizatutako kontratuak edozein erregistro publikotan sarrera izateko behar adinako tituluak izanen dira.

2. Kontratistari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik kontratua behar den epean formalizatzen ez bada, kontratazio organoak bi aukera izanen ditu: kontratua suntsiaraztea, interesatuari entzun ondoren, eta lizitaziorako jarritako bermeak atxikitzea edo interesatuari zigorra ezartzea, kontratuaren balio zenbatetsiaren 100eko 2 hain zuzen, eta kalte-ordain osagarria eskatzea portzentaje horren gainetik eragindako kalte eta galerengatik; edo beste epe bat ematea, luzaezina, kontratuaren gauzatzea atzeratzen den kasuetarako administrazio klausula partikularren orrian aurreikusten den zigor araubidea aplikatuta.

3. Kontratua behar zen epean formalizatu ez izanaren arrazoiak administrazioari egozten ahal bazaizkio, kontratistak kontratua suntsiarazteko eta dagokion kalte-ordaina emateko eskatzen ahalko du.

4. Kontratua formalizatu arte ezin izanen da kontratuaren gauzatzea hasi, ezertan ukatu gabe larrialdiko kontrataziorako, presaz izapidetzen diren kontratuetarako eta faktura izan ezik beste agiririk eskatzen ez den prozeduretarako aurreikusitakoa.

95. artikulua. Betebeharrak betetzeko bermeak jartzea.

1. Kontratua formalizatu baino lehen bermeak ezar daitezela eskatu ahal izanen da administrazio klausula partikularren orrian. Bermeen zenbatekoa, gehienez ere, kontratuaren balio zenbatetsiaren 100eko 4 izanen da.

Kasu berezietan, kontratazio-organoak klausula orrian ezarri ahalko du ezen, aurreko lerrokadak aipatzen duen bermeaz gain, berme osagarri bat jarri behar dela, kontratuaren esleipen- zenbatekoaren 100eko 5erainokoa.

Berme horiek kontratistaren betebeharrei lotuta egonen dira berme-epea amaitu arte; bereziki, berandutzagatiko zigorren ordainketa eta kontratua gauzatu bitartean kontratistak eragin ditzakeen kalte eta galeren konponketa bermatzeko izanen dira.

Kontratistaren erruz betebeharrak bete ez eta kontratua suntsiarazten bada, bermeak atxiki ahal izanen dira, 125.3 artikuluak xedatutakoarekin bat.

2. Bermeak modu hauetako edozeinetan jarri ahal izanen dira:

a) Eskudirutan. b) Abalaren bidez. Espainian eragiketak egiteko baimena duen banku, aurrezki kutxa, kreditu kooperatiba edo elkarrekiko bermerako sozietate batek emandako abala izanen da, lehenbiziko errekerimenduan kobratu ahal dena.

c) Kauzio aseguruaren kontratua aurkeztuz, kauzioaren arloan aritzeko baimena duen aseguru entitate batekin egina.

96. artikulua. Esleipena, kontratua suntsiarazten den kasuetan.

Ezarritako epean esleipendunak kontratua formalizatu ez duelako kontratua suntsiaraztea erabakitzen denean, administrazioak kontratua esleitu ahal izanen dio eskaintzen balorazioen zerrendan, balorazio handienetik txikienera ordenatuta, hurrengo lekuan dagoen lizitatzaileari edo lizitatzaile-multzoari, betiere hala egin badaiteke, eta interesatua ados agertuz gero, beste lizitazio bat egin aurretik.

Hasita dagoen kontratu bat suntsiarazten bada, 73.1.c) artikuluan aurreikusitako prozedura negoziatua erabiltzen ahalko da kontratu hori gauzatzen jarraitzeko.

97. artikulua. Esleipenen publizitatea.

1. BEZa kontuan hartu gabe 50.000 euroko zenbatekoa edo handiagoa duten kontratuen esleipenak Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratuko dira, kontratua esleitzen denetik hasita 48 eguneko epean.

Aurrez ezarri den erosketa sistema dinamiko batean oinarritutako kontratuen esleipenak banan argitaratu ordez, hiruhileko bakoitzean esleitutako kontratuak batera hartu ahal izanen dira. Hiruhilekoa amaitutakoan hasiko da zenbatzen 48 eguneko epea.

Kontratuen zenbatekoa Europar Batasuneko atalasetik beherakoa bada eta esparru-akordio edo erosketa sistema dinamiko baten babesean esleitzen badira, ez da esleipena argitaratu beharrik izanen, baldin eta aukeratutako kontratistak nortzuk diren jakinarazteko iragarkia argitaratu bada.

2. Europar Batasuneko atalasetik gorako zenbatekoa duten kontratuen esleipenak edo esparru- akordioen lizitazioaren emaitzak Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eredu ofizialei jarraituz, artikulu honetako 1. idatz-zatian ezarritako epean.

Europar Batasuneko atalasetik gorako zenbatekoa duten kontratuak aurretiaz egindako esparru- akordioan oinarrituta badaude, ez da esleipena argitaratu beharrik izanen.

3. Foru lege honen II. B eranskineko zerrendan dauden laguntza kontratuen zenbatekoa Europar Batasuneko atalasetik gorakoa denean, haien esleipenaren berri igorriko da Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialera, eredu ofizialei jarraituz, eta informazio hori argitaratu nahi den ala ez adieraziko da.

4. Salbuespenez, Kontratazio Publikorako Batzordeak txostena emanda, zilegi izanen da iragarkirik ez egitea, esleipenaren inguruko informazioa zabaltzea legeria aplikatzeko oztopo bada, interes publikoaren kontrakoa bada, enpresen merkataritza-interes zilegiei kalte egiten badie edo enpresen arteko lehia bidezkoa eragotz badezake. IV. TITULUA

Kontratuak gauzatzea

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

98. artikulua. Arriskua eta mentura.

Kontratua kontratistaren arrisku eta menturara gauzatuko da eta hura betetzen ari den bitartean gerta daitezkeen galera, matxura edo kalteak kontratistaren kontura izanen dira, interesatuak horietarako asegurua egitearen kalterik gabe.

99. artikulua. Kontratua nola gauzatzen den gainbegiratu eta ikuskatzea.

1. Kontratua kudeatzen duen unitateak kontratua nola gauzatzen den gainbegiratu, ikuskatu eta kontrolatuko du, eta hitzartutakoa zehatz-mehatz bete dadin behar diren jarraibideak ematen ahalko ditu.

2. Kontratistak edo haren mendekoek kontratua behar bezala betetzeko eragozpen edo traba izan daitezkeen egintzak edo omisioak egiten badituzte, eskumena duen unitate kudeatzaileak neurri zehatzak hartzeko agindu ahal izanen du, itundutakoa behar bezala betetzea lor dadin edo behar bezala betetzen segi dadin.

3. Kontratua kudeatzen duen unitateak emandako aginduak bete ezean zigorrak ezarriko dira. Administrazio klausula partikularren orrian zigor horiek aurreikusi behar dira.

100. artikulua. Administrazio kontratuen interpretazioa.

Kontratazio organoak ahalmena du administrazio kontratuak interpretatzeko eta haiek betetzeko orduan sor daitezkeen zalantzak ebazteko. Ahalmen horren erabilera dokumentatu eginen da espediente baten bitartez, aurretiaz kontratistari entzunda. Espedientean kontratazio organoko zerbitzuen txosten tekniko eta juridikoak jasoko dira, eta bidezkoa denean Nafarroako Kontseiluak irizpena emanen du.

101. artikulua. Kontratua gauzatzean eragindako kalte-galerak.

1. Kontratuaren gauzatzearen ondorioz eragiten diren kalte eta galera guztiak kontratistari egotzi ahal izanen zaizkio. Administrazioak kalte-galerengatiko erantzukizuna honako kasuetan baino ez du izanen: baldin eta berak zuzenean emandako aginduen ondorioz gertatzen badira edo, obra kontratuetan, proiektuaren akatsen ondorioz gertatzen badira, proiektua berriz egitea ezertan galarazi gabe.

2. Administrazioari egozten ahal zaizkion kalteak ordaintzeko eskabidea izapidetuko da administrazio publikoen ondare erantzukizunaren arloan aplikatu beharreko legeen arabera. Baldin eta, lege horiek aplikatuta, administrazioa eta kontratista erantzule solidarioak direla ikusten bada, administrazioak emanen du kalte-ordaina eta kontratistaren aurka errepetituko du. 102. artikulua. Kontratua ez betetzeagatik zigorrak ezartzea.

1. Administrazio klausula partikularren orrian zehaztuko dira kontratistari kontratuko betebeharrak ez betetzeagatik ezartzen ahal zaizkion zigorrak, larritasunaren arabera eta proportzionaltasun printzipioari jarraituz, printzipio hori gidari izanen baita betiere zigorren aplikazioan.

Betiere, kontratistari zigorra ezarriko zaio foru lege honetan ezarritako debekuak osorik edo zati batean hausten baditu, foru lege honen arabera nahitaez egin behar dituen jarduketak egiten ez baditu eta, bereziki, kontratua ezarritako epeetan gauzatzen ez badu eta unitate kudeatzaileak kontratuaren gauzatzea gainbegiratu eta ikuskatzeko ahalmenak erabiliz ematen dizkion jarraibide edo aginduak betetzen ez baditu.

2. Berandutzagatiko zigorren zenbatekoak obra ziurtagirietatik edo kontratistari ordaintzeko agirietatik deskontatuko dira, eta, betebeharren bermeak ezarri badira, bermeetatik.

Zigor horiek ezartzeak ez du galaraziko administrazioari, kasua bada, kalte-ordaina ematea, kontratistaren erruz atzerapenak eragindako kalte-galerengatik.

103. artikulua. Epeak betetzea.

1. Kontratista beharturik dago kontratua betetzera hura egiteko finkatutako epe osoaren barruan, bai eta gauzatzea aurrera eramateko adierazitako epe partzialetan ere.

2. Kontratista, berari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik, epe partzialetan atzeratuta ibili dela eta ziur asko azken epea betetzerik izanen ez duela ikusten bada, edo azken epea betetzen ez badu, kontratazio organoak aukeran izanen du kontratua suntsiaraztea edo kontratua betetzeko luzapena eman eta ondoko eskalan ageri diren zigorrak ezartzea:

Gehienez 10.000 euroko prezioa duten kontratuetan, 10 euro egunean.

10.000,01 eurotik 50.000 eurora bitarteko prezioa, 20 euro egunean.

50.000,01 eurotik 100.000 eurora bitarteko prezioa, 30 euro egunean.

100.000,01 eurotik 250.000 eurora bitarteko prezioa, 50 euro egunean.

250.000,01 eurotik aurrera, 10.000 euroko 1 egunean.

Epe partzialetan berandutzeagatiko zigorrak barkatu eginen dira baldin eta kontratistak atzerapena gainditu eta azken epea iragan aurretik kontratua gauzatzen badu.

3. Administrazio klausula partikularren orrian zehaztuta dagoenean epeak funtsezkoak direla, eta kontratuak epemuga edo betetzeko data finkoa duenean, epe horien amaieran edo epemugako egunean betebeharrak beterik ez badaude, kontratua suntsiarazi eginen da kontratistaren erruz eta horrek administrazioari kalte-galeren ordaina eman beharko dio.

4. Atzerapena kontratistari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik gertatzen denean, kontratista bere konpromisoak betetzeko prest agertzen bada administrazioak luzapena emanen dio, galdu den denboraren adinakoa, non eta kontratistak ez duen luzapen laburragoa eskatzen. 5. Kontratista berez eroriko da berandutzan, administrazioak aurretik ohartarazi behar izan gabe.

104. artikulua. Urte anitzeko gastua birdoitzea.

Administrazioak urteko diru-kopuruak doituko ditu kontratuaren gauzatze egokiaren arabera moldatzeko, erabiltzen ahal diren kredituetako gerakinak horretarako nahikoak badira.

Lan programa duten kontratuetan, urteko diru-kopuruak doituz gero lan programa berrikusi egin beharko da urteko diru-kopuru berriei egokitzeko. Lan programa egokituak kontratazio organoaren onespena beharko du.

II. KAPITULUA

Kontratua aldatzea, etetea eta lagatzea

LEHENBIZIKO ATALA

Kontratua aldatzea

105. artikulua. Administrazio kontratua aldatzea.

1. Behin kontratua buruturik, kontratazio organoak, interes publikoko arrazoiengatik soil-soilik, aldaketak egin ahalko ditu kontratuko prestazioetan, baldin eta ezusteko inguruabarrak gertatzen badira eta prestazio horiek hasierako proiektu edo kontratutik bereizterik ez badago, interes publikoari kalte larria eraginen litzaiokeelako. Betiere, aldaketen zenbateko metatua gehienez ere kontratuaren esleipen prezioaren 100eko 50 izanen da.

Segidako aldaketen zenbatekoak kontratuaren esleipen prezioaren 100eko 50 gaindituz gero, beste lizitazio bat egin beharko da. Europar Batasunean publizitaterik ez duen prozedura negoziatua erabili ahal izanen da, 73.1.c) artikuluaren babesean.

2. Kontratuaren aldaketak ezin izanen du haren xedea aldarazi.

3. Kontratuan ezarritako unitateak gehitzea, gutxitzea, kentzea edo ordeztea dakarten aldaketak nahitaez onartu beharko ditu kontratistak, betiere ordezpena kontratuko unitateen artean egiten bada, eta kontratuaren esleipen prezioaren 100eko 20ko muga gainditzen ez bada.

Unitateak kendu edo murrizten direnean kontratistak ezin izanen du inolako kalte-ordainik eskatu.

4. Aldaketak kontratuko unitateen gehikuntza edo ordezpena ekarri eta haien zenbatekoa kontratuaren esleipen prezioaren 100eko 20tik gorakoa eta gehienez 100eko 50 denean, lizitazioan ezarritako prezio unitarioak ordainduko dira, kontratista ados agertzen bada kontratua baldintza horietan betetzen jarraitzeko.

5. Herri lanen emakidarako eta zerbitzuen emakidarako kontratuetako aldaketak artikulu honetan xedatutakoaren bidez arautuko dira, haiei buruzko arau berariazkoen aplikazioa galarazi gabe. Herri lanen emakidarako kontratuan aldaketak egiten badira obrak egiten ari diren bitartean, aldaketa horiek obra kontraturako aurreikusitakoari lotuko zaizkio. 106. artikulua. Kontratua aldatzea unitate berriak sartuz.

1. Obra kontratuetan egiten den aldaketa unitate berriak sartzea denean, alegia, kontratuan egon ez diren unitateak edo ezaugarri oso desberdinak dituztenak gehitzen badira, administrazioaren eta kontratistaren arteko negoziazioaren bidez finkatuko dira prezioak. Adostasunik lortu ezean, kontratistak Kontratazio Publikorako Batzordeari arbitrajea eskatu ahal izanen dio prezioak finkatzeko, edo bestela unitate berrien exekuzioari uko egin ahalko dio.

Kontratistak unitate berrien exekuzioari uko eginez gero, administrazioak haien exekuzioa lizitatu ahal izanen du Europar Batasunean publizitaterik ez duen prozedura negoziatuaren bidez, 73.1.c) artikuluaren babesean.

2. Obra kontratuetan unitate berriak sartzeko ez da aldaketa espedienterik izapidetu beharrik izanen baldin eta kontratazio organoak, esleipen ebazpenean, unitate kudeatzailearentzat kreditu orokor bat ezarri badu, gehienez ere kontratuaren esleipen prezioaren 100eko 10ekoa.

Kreditu orokor hori erabili ahal izateko beharrezkoa izanen da zuzendaritza fakultatiboak txostena ematea, kontratistaren adostasunarekin. Kontu-hartzailetza eskuordeak eta kontratua kudeatzen duen unitatea bere mendean duen zerbitzuko zuzendariak txosten hori berretsi beharko dute.

Kreditu orokor horren aplikazioa ziurtagiri edo ordainketa partzialetan eta kontratuaren amaierako ziurtagirian sartuko da besterik gabe.

Hala ere, geroago kontratuaren aldaketa izapidetu beharra badago, aurreko aldaketa horiek aldaketa espedientean sartu beharko dira.

3. Hornidura eta laguntza kontratuetan, aldaketa egiten bada kontratuan ez dauden edo ezaugarri oso desberdinak dituzten unitate berriak sartzeko, prezioak negoziazio prozesu batean finkatu beharko dira. Administrazioa eta kontratista ados jarri ezean, administrazioak unitate berri horiek lizitatu ahal izanen ditu Europar Batasunean publizitaterik ez duen prozedura negoziatuaren bidez, 73.1.c) artikuluaren babesean.

Hala ere, prozedura hori ezin izanen da erabili baldin eta segidako aldaketen zenbatekoa hasierako kontratuaren esleipen prezioaren 100eko 50 baino handiagoa bada.

107. artikulua. Aldaketa espedientea izapidetzea.

1. Kontratuan aldaketak egin beharra dagoenean, kontratua kudeatzen duen unitateak edo obren zuzendari fakultatiboak proposamena idatziko du eta aldaketak justifikatu, deskribatu eta balioesten dituzten txosten teknikoak eta agiriak erantsiko dizkio. Proposamena dela-eta kontratistari bost eguneko entzunaldia emanen zaio, eta, gastua fiskalizatu ondoren, kontratazio organoak proposamena onetsiko du ebazpen arrazoituaren bidez. Ebazpen horretan epea eta bermea birdoitu eginen dira, behar izanez gero.

Gainera, Nafarroako Kontseiluak irizpena emanen du, berari buruzko legeriaren arabera irizpena eman behar duen kasuetan.

2. Obra kontratuetan, aldaketa bat izapidetzearen ondorioz obren exekuzioa osorik edo zati batean eten behar denean, eta horrek interes publikoari kalte larriak eragiten badizkio, kontratua kudeatzen duen unitateak erabaki ahal izanen du obrek behin-behinekoz jarraitzea, zuzendaritza fakultatiboak egin beharko duen proposamen teknikoan aurreikusten den moduan, betiere aurreikusitako gehieneko zenbatekoak kontratuaren esleipen prezioaren 100eko 20 gainditzen ez duenean eta hura finantzatzeko kreditu aski eta egokia baldin badago.

Espedientean izapide hauek egin beharko dira:

a) Obraren zuzendari fakultatiboaren proposamen tekniko arrazoitua, aldaketaren gehieneko balio zenbatetsia eta egin beharreko obren oinarrizko deskripzioa edukiko dituena.

b) Kontratua kudeatzen duen unitatearen baimena.

c) Kontratistaren txostena, eskatu eta gehienez ere hamar eguneko epean egin beharrekoa.

d) Kreditua egoteari buruzko ziurtagiria.

e) Kontratazio organoaren ebazpen arrazoitua.

Kontratazio organoak ebazpena ematen duenetik hasita, proiektu teknikoa sei hilabeteko epean onetsiko da eta aldaketa espedientea zortzi hilabeteko epean.

108. artikulua. Aldaketa espedienterik behar ez duten unitate-aldaketak.

Benetan exekutatzen diren unitateak obra proiektuan edo hasierako kontratuan ezarritakoak baino gehiago direnean, gastuaren gehikuntzak kontratuaren esleipen prezioaren 100eko 10 gainditzen ez badu, unitate horiek ziurtagiri edo ordainketa partzialetan eta kontratuaren amaierako ziurtagirian sartuko dira besterik gabe.

Hala ere, exekutaturiko unitateen gehikuntzaren ondoren aldaketaren bat izapidetu beharra baldin badago, gehikuntza hori ere aldaketa espedientean sartu beharko da.

Betiere, unitateen gehikuntzaren zenbatekoa eta kontratuko aldaketen zenbatekoa baturik, ezin izanen da gainditu kontratuaren esleipen prezioaren 100eko 50eko muga.

109. artikulua. Administrazio kontratuak etetea.

1. Kontratazio organoak interes publikoko arrazoiengatik kontratua etetea erabakitzen badu, edo ordainketa lau hilabete baino gehiago atzeratzearen ondorioz kontratua eteten bada, akta eginen da, kontratua zergatik eten den eta horrek zer ondorio ekarriko dituen adierazten duena. Kontratua kudeatzen duen unitateko teknikari batek eta kontratistak sinatuko dute akta hori.

2. Obra kontratuetan obraren zuzendariak ere akta sinatuko du, eta aktari eranskin bat batuko zaio hamar egun balioduneko epean edo, aparteko kasuetan, prestaketa lanak bereziki konplexuak badira, hilabeteko epean. Eranskin horretan ondokoak jasoko dira: etenda geratu diren obra-zatien zerrenda, egindako obraren neurketa, eta obran bertan pilatuta dauden materialak, etenda geratu diren obra-zatietan bakarrik erabil daitezkeenak.

3. Etendura erabakita, administrazioak kontratistari benetan jasan dituen kalteak eta galerak ordainduko dizkio. BIGARREN ATALA

Azpikontratazioa eta kontratuaren lagapena

110. artikulua. Azpikontratazioa.

1. Zilegi izanen da kontratuko prestazioak azpikontratatzea, ezinbestez kontratistak berak egin beharrekoak izan ezik, baldin eta lizitatzaileak, bere kaudimena frogatzerakoan, azpikontratista guztien zerrenda aurkezten badu, foru lege honen 15. artikuluan ezarritako moduan.

Azpikontratistak ordeztu ahal izanen dira, aldez aurretik frogatzen bada ordezkoak ordeztuaren besteko kaudimen ekonomiko eta finantzarioa eta gaitasun tekniko edo profesionala duela, gutxienez ere, eta entitate kontratatzaileak baimen berariazkoa ematen badu.

2. Hala ere, behin kontratua formalizaturik, kontratuaren xede nagusia betetzeko lagungarriak diren prestazioen azpikontratazioa onartuko da, baldin eta administrazio klausula partikularren orrian hala aurreikusita badago, ondoko baldintzak betetzen direnean:

a) Administrazioari idatziz jakinaraztea kontratuaren esleipendunaren eta azpikontratistaren arteko kontratua. Kontratua sekretua edo isilpekoa bada, edo segurtasun neurri bereziak hartu behar badira kontratua gauzatzeko, azpikontrataziorako berariaz emandako baimena beharko da.

b) Azpikontratatzen diren prestazioen zenbatekoa kontratuaren balio zenbatetsiaren 100eko 50 baino gehiago ez izatea, non ez den portzentaje txikiagoa ezartzen administrazio klausula partikularren orrian.

c) foru lege honetan edo administrazio klausula partikularren orrian kontratistari prezioa ordaintzeko ezarritako baldintzak baino okerragoak ez izatea kontratuaren esleipendunaren eta azpikontratistaren arteko kontratuan ezartzen direnak.

d) Azpikontratistak adierazpena aurkeztea, kontratatu ezin izateko arrazoirik ez duela dioena.

3. Ordainketa atzeratzen bada, azpikontratistak kobrantza gastuengatiko kalte-ordaina eta korrituak jasotzeko eskubidea izanen du, merkataritzako eragiketetako berandutza arautzen duten legeetan xedatutakoaren arabera.

4. Betiere esleipenduna izanen da kontratua behar bezala betetzeaz administrazioaren aurrean erantzun behar duen bakarra, eta berak bakarrik izanen ditu azpikontratistekiko betebeharrak.

111. artikulua. Kontratua hirugarrenei lagatzea.

1. Kontratutik datozen eskubideak eta betebeharrak hirugarren bati laga ahal izanen zaizkio, betiere lagatzailearen ezaugarri teknikoak edo pertsonalak kontratua esleitzeko arrazoi erabakigarriak izan ez badira. Inoiz ez da zilegi izanen prozedura murriztuaren edo negoziatuaren bidez esleitutako kontratuak lagatzea.

2. Kontratuaren lagapenak, gainera, baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Administrazioak aldez aurretik eta berariaz lagapena baimentzea. b) Lagatzaileak kontratuaren zenbatekoaren 100eko 28 edo gehiago gauzatu izana.

c) Lagapen-hartzaileak administrazioarekin kontratuak egiteko gaitasuna izatea eta, gutxienez ere, lagatzaileak adinako kaudimen ekonomiko eta finantzarioa eta gaitasun tekniko edo profesionala izatea, eta ez egotea kontratatzeko debekua erakartzen duen ezein egoeratan.

d) Kontratistak eta lagapen-hartzaileak lagapena formalizatzea.

e) Administrazio klausula partikularren orrian ezartzen den beste edozein.

3. Lagapen-hartzailea lagatzaileari dagozkion eskubide eta betebehar guztietan subrogatuko da.

V. TITULUA

Ordainketa eta prezioen berrikuspena

I. KAPITULUA

Ordainketa

112. artikulua. Kontratuen prezioa ordaintzea.

1. Kontratistak eskubidea izanen du egindako prestazioa ordain diezaioten, foru lege honetan eta kontratuan ezarritako moduan eta hitzartutako prezioaren arabera.

2. Prezioa ordaintzeko araubidea administrazio klausula partikularren orrian ezarriko da.

113. artikulua. Konturako aurrerakinak ematea prestaketa-lanengatik.

Kontratistak konturako aurrerakinak hartzeko eskubidea izanen du kontratuaren gauzatzea prestatzeko egiten dituen lanengatik, baldin eta lan horiek kontratuaren xedearen barrenean sarturik badaude, administrazio klausula partikularren orrian ezartzen diren baldintzetan, betiere bermeen bidez aseguratzen badira.

114. artikulua. Ordaintzeko epea eta berandutza-korrituak.

1. Administrazioak hogeita hamar egun naturaleko epean ordaindu beharko du kontratuaren prezioa, dagokion faktura edo agiri baliokidea kontratazio organo eskudunaren erregistroan jasotzen denetik hasita.

Obra kontratuetan, ordaintzeko epea hirurogei egun naturalekoa izanen da, obra ziurtagiriak ematen direnetik hasita.

2. Epe horiek ordainketarik egin gabe iraganez gero, zorrak berandutza-korrituak sortuko ditu, ohartarazpen edo errekerimendurik egin beharrik izan gabe. Haien zenbatekoa izanen da kasuan kasuko seihilekoaren lehen egun naturalaren aurretik Europako Banku Zentralak birfinantzaketarako egin duen azken eragiketa nagusian aplikatutako korritu tasa gehi ehuneko zazpi puntu, salbu eta kontratua arautzeko baldintzetan tasa handiagoa ezartzen denean. Obra kontratuetan, ordea, berandutzarik izanez gero, berandutza korrituak kalkulatzeko hasierako eguna hauxe izanen da: obra ziurtagiriak eman ondoko hogeita hamargarren egun naturala. Berandutza korrituen tasaren sortzapenari dagokionez, 122.2 artikuluan araututako harrera edo adostasun egintza, administrazioari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik, ezarritako epean egiten ez bada, epearen azken egunean egin balitz bezala jokatuko da; beraz, egun horren ondoko hogeita hamargarren egun naturaletik aurrera sortuko dira berandutza korrituak.

3. Ordainketaren berandutza lau hilabetetik gorakoa bada, kontratistak kontratua betetzea eten ahal izanen du, eta administrazioari eman beharko dio horren berri hilabete lehenagotik, eten horren ondorioz sor daitezkeen eskubideak aitortzearen ondorioetarako, foru lege honetan ezarritako moduan.

4. Ordainketaren berandutza zortzi hilabetetik gorakoa bada, kontratistak eskubidea izanen du, halaber, kontratua suntsiarazi eta horren ondorioz eragiten zaizkion kalteen ordaina jasotzeko.

5. Kontratistak eskubidea izanen du administrazioari konpentsazioa eskatzeko, administrazioari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik ordainketa atzeratu izanaren ondorioz jasandako kobrantza- gastu guztiengatik.

115. artikulua. Kobratzeko eskubideak eskualdatzea.

Kontratistek administrazioari kobratzeko eskubideak laga ahal izanen dituzte zuzenbidearen arabera. Kobratzeko eskubidearen lagapenak erabateko ondorioak izateko, ezinbesteko baldintza izanen da lagapen akordioaren jakinarazpen fede-emailea egitea.

Behin administrazioak lagapen akordioaren berri izanik, ordainketa agindua lagapen-hartzailearen alde luzatu beharko da. Administrazioari lagapenaren berri eman aurretik, kontratistaren aldeko ordainketa aginduek askapen ondorioak izanen dituzte.

II. KAPITULUA

Prezioen berrikuspena

116. artikulua. Administrazio kontratuen prezioak berrikustea.

1. Administrazio kontratuetan bidezkoa izanen da prezioak berrikustea esleipenetik urtebete iragan eta haien zenbatekoaren 100eko 20ko zatia gauzatuz gero. Hornidura eta laguntza kontratuetan prezioen berrikuspena aukerakoa izanen da. Emakida kontratuetan prezioak berrikusi ahal izanen dira behin kontratuaren epea hasi zenetik hiru urte iraganik.

2. Finantza errentamenduko edo erosteko aukera duen errentamenduko sistemaren bidez ordaintzen diren kontratuetan inoiz ere ez da prezio berrikuspenik eginen.

3. Administrazio klausula partikularren orriek zehaztu beharko dute aplikatu beharreko berrikuspen sistema edo formula eta, ebazpen arrazoituan, hori bidezko ez dela ezarri ahalko da, eta hau ere aipatu orrian jaso beharko da.

117. artikulua. Berrikusteko formulak.

1. Prezioen berrikuspena eginen da kontratazio organoak administrazio klausula partikularren orrian erabakiko dituen izaera ofizialeko formula edo indizeen bidez. Hala ere, obra eta hornidura-fabrikazio kontratuetan aplikatuko dira Estatuko administrazio orokorrak onetsitako eredu-formulak aplikatuko dira. Eredu-formulen artean kontratazio organoak, administrazio klausula partikularren orrian, dagokion kontratuarendako egokien ikusten dituenak ezarriko ditu, honakoa galarazi gabe: haietako bakar bat ere ez badator bat kontratuaren ezaugarriekin, arloan eskudun den Estatuko administrazio orokorraren organoari formula bereziak onets ditzan proposatzea.

2. Kontratuari aplikatzen zaizkion formulak aldaezinak izanen dira hark indarra duen bitartean.

118. artikulua. Berrikusteko prozedura.

1. Berrikuspen formulak erabiliko dira kalkulatzeko, prezioen indizeak aplikatuz, berrikuspen koefizienteak data bakoitzean, eskaintzak aurkezteko epearen azken datarekiko edo esleipenaren datarekiko, prozedura negoziatuan, haien emaitzak egindako prestazioen zenbateko likidoei aplikatuz.

2. Obra eta hornidura-fabrikazio kontratuetan prezioen berrikuspen formulak erabiltzen direnean, berrikuspena eginen da formula horien bidez lorturiko koefizientea aplikatuz egindako prestazioan likidatutako prezioaren gainean.

119. artikulua. Berrikuspena, gauzatzearen berandutza kasuetan.

Berrikuspen klausula kontratista berandutzan erori den denboraldietan aplikatzen denean, eta bidezko izan daitezkeen zigorrak galarazi gabe, kontuan hartuko diren prezioen indizeak izanen dira kontratuan prestazioa epearen barruan egiteko ezarri diren datei dagozkienak, salbu gauzatzerako benetako denboraldiari dagozkienek koefiziente txikiagoa sortzen dutenean, orduan azken horiek aplikatuko baitira.

120. artikulua. Berrikuspenaren zenbatekoaren ordainketa.

Berrikuspenen zenbatekoa ordainduko da dagokion abonamendua edo deskontua ziurtagirietan edo ordainketa partzialetan eginez, edo, salbuespenez, amaierako ziurtagirian edo kontratuaren likidazioan, aipatu ziurtagiri edo ordainketa partzialetan sartu ezin izan direnean.

VI. TITULUA

Kontratuen amaiera eta baliogabetasuna

I. KAPITULUA

Kontratuen amaiera

121. artikulua. Kontratuen amaiera.

Kontratuak amaituko dira betetzen direnean edo suntsiarazten direnean.

122. artikulua. Kontratuak betetzea eta harrera. 1. Kontratistak kontratua bete duela ulertuko da kontratuaren xedea osorik burutua duenean, administrazioaren adostasunez, kontratuan itundutako moduan.

2. Kontratua bete dela egiaztatzeko, administrazioak harrera edo adostasun egintza formal eta positiboa eginen du, kontratuaren xedea burutzen edo entrega egiten denetik hasita hamabost eguneko epean, gehienez ere. Obra kontratuetan eta herri lanen emakida kontratuetan, administrazio klausula partikularren orriak epe luzeagoa ezarri ahal izanen du, gehienez ere obrak amaitu eta hilabetera amaituko dena.

123. artikulua. Administrazio kontratuen berme-epea.

1. Kontratuetan berme-epe bat finkatuko da, harrera edo adostasun datatik hasita kontatzekoa, eta hori administrazioaren eragozpenik gabe iragan denean, kontratistaren erantzukizuna iraungirik geldituko da, salbu foru lege honetan edo beste arauetan beste epe bat ezartzen den kasuetan.

Berme-epetik at geldituko dira beren izaeragatik edo berezko ezaugarriengatik hori beharrezkoa ez duten kontratuak; kontratazio espedientean behar bezala justifikatuko da hori, eta orrian espresuki adieraziko.

2. Administrazio klausula partikularren orrian berme-epea ezarriko da kontratuaren izaera eta konplexutasuna kontuan harturik. Berme-epea gutxienez hiru urtekoa izanen da I. eranskineko "Higiezinen eta ingeniaritza zibileko obren eraikuntza orokorra" epigrafean ageri diren obra kontratuetan, eta gehienez urtebetekoa izanen da gainerako kontratuetan. Bi epe horiek harrerako egintza formala egiten den egunean hasiko dira kontatzen.

3. Harrera partzialak aurreikusten diren kasuetan, hartutako unitateen berme-epea harrera partzialaren egunetik hasita zenbatuko da.

124. artikulua. Administrazio kontratuak suntsiarazteko arrazoiak.

1. Administrazio kontratuak suntsiarazi ahal izanen dira hauetakoren bat gertatzen denean:

a) Kontratista hil edo ezgaiturik geratzea edo sozietate kontratistaren nortasun juridikoa iraungitzea, salbu eta jaraunsle edo oinordekoek kontratuan jarraitzea erabakitzen denean. Enpresen edo enpresa-adarren bat-egite, zatiketa, ekarpen edo eskualdaketa kasuetan, ondorioz sortzen den entitatea edo entitate onuraduna kontratistaren eskubide eta betebeharretan subrogatuko da, kontratua formalizatzeko eskatzen den kaudimenari eusten baldin badio.

b) Edozein prozeduratan kaudimengabezia deklaratzea, eta, konkurtsorik egonez gero, likidazio aldia hastea, salbu eta, azken kasu horretan, kontratistak hura gauzatzeko bermeak eman eta administrazioak aski irizten dienean.

c) Administrazioa eta kontratista ados jartzea, betiere kontratistari egozten ahal zaion beste kausaren bat ez badago kontratua suntsiarazteko, eta interes publikoko arrazoien ondorioz, kontratuak irautea beharrezkoa ez denean edo komeni ez denean.

d) Nahitaez jarri behar diren bermeak ez jartzea. e) Kontratuaren gauzatzea horretarako ezarritako epean ez hastea, presaz izapidetzen diren espedienteetan.

f) Epea funtsezkoa denean, gauzatzea epe horretan ez egitea.

g) Berandutzagatiko zigorrak kontratuaren zenbatekoaren 100eko 20ra iristea.

h) Kontratua ezarritako epean ez formalizatzea.

i) Kontratuan aldaketak egitea, nahiz eta segidakoak izan, baldin eta haietako batek edo denek batera kontratuaren prezioan gorantz zein beherantz aldaketak eragiten badituzte kontratuaren esleipen prezioaren 100eko 20tik gorakoak direnak, Balio Erantsiaren gaineko Zerga kontuan hartu gabe. Betiere, aldaketa horiek, unitateen kopuruaren aldakuntzak barne, esleipen prezioaren 100eko 50etik gorakoak direnean, kontratua besterik gabe suntsituko da.

j) Kontratua gauzatzeari buruzko betekizun sozial edo ingurumen arlokoak ez betetzea, 49. artikuluan aipatutako kasuan.

k) Administrazioak zortzi hilabete baino gehiago berandutzea ordainketa.

l) Kontratuko gainerako funtsezko betebeharrak ez betetzea.

m) Kontratuan espresuki ezartzen direnak.

n) foru lege honetan adierazten diren gainerakoak.

2. Kontratazio organoak erabakiko du kontratua suntsiaraztea, ofizioz edo kontratistak eskaturik, prozedura honi jarraituz:

a) Kontratistari hamar eguneko entzunaldia emanen zaio, prozedura ofizioz hasten denean.

b) Gainerako interesatuei hamar eguneko entzunaldia emanen zaie. Kontratuan berme formala eskatu bada, entzunaldia eman beharko zaio abal-emaileari edo aseguratzaileari fidantza atxikitzea proposatzen denean.

c) Kontratazio organoaren zerbitzu juridikoek txostena eginen dute.

e) Nafarroako Kontseiluak irizpena emanen du, bere legedi berezian hala eskatzen den kasuetan.

125. artikulua. Kontratua suntsiaraztearen ondorioak.

1. Aldeak ados jartzen badira kontratua suntsiarazteko, aldeen eskubideak hitzartutakoaren araberakoak izanen dira.

2. Administrazioak kontratuaren betebeharrak ez betetzeak ekarriko du, izaera orokorrarekin, arrazoi horrengatik kontratistari eragindako kalteak eta galerak ordaindu behar izatea.

3. Kontratistak bere erruz betebeharrak ez betetzeagatik kontratua suntsiarazten denean, kontratistak kalte eta galeren ordaina eman beharko dio administrazioari; hori ebazpen arrazoituan zehaztuko da, kontuan izanik, beste faktore batzuen artean, proiektaturiko inbertsioan edo hirugarrenei nahiz herritar guztiei eman beharreko zerbitzuan izandako atzerapena, eta funts publikoen kargura egin behar diren gastu handiagoen zenbatekoa. Betebeharrak betetzeko bermeak jarri badira, horietatik behar adinako kopurua atxikiko da kalte eta galera egiaztatuak estaltzeko. Berme horiek aski ez badira, administrazioak zuzenbide publikoko dirusarreretarako ezarritako mekanismoen bitartez hartu ahal izanen du ordaina.

II. KAPITULUA

Kontratuen baliogabetasuna

126. artikulua. Baliogabetasunaren arrazoiak.

1. Administrazioak izenpetutako kontratuen baliogabetasunaren berariazko arrazoiak dira hurrengo zenbakietan aipatzen direnak.

2. Honakoak dira administrazio zuzenbideko deuseztasun kausak:

a) Administrazio prozedurari buruzko legerian ezarritako deuseztasun kausa orokorrak.

b) Krediturik ez egotea edo aski ez izatea, kasuan kasuko administrazio publikoari aplikatu beharreko aurrekontu arauetan ezarritakoaren arabera, larrialdiko prozeduretan izan ezik.

c) Esleipendunak foru lege honetan adierazitako kausaren bat izatea lizitaziotik baztertua izateko.

d) Kontratistak kaudimen ekonomiko eta finantzariorik eta gaitasun tekniko edo profesionalik ez izatea, hori behar bezala egiaztatzen denean.

3. Honako hauek administrazio zuzenbideko deuseztagarritasun kausak dira: foru lege honetan publizitateari eta gardentasunari buruz ezarritako arauak ez betetzea, kontratuak esleitzean foru lege honetan ezarritakoa urratzea, eta antolamendu juridikoaren kontrako gainerako arau-hausteak.

4. Kontratistak gaitasun juridikorik edo jarduteko gaitasunik ez izatea eta kontratazio administratiboan kontratuen baliogabetasuna dakarten gainerako arrazoiak, zuzenbide zibilean onartutakoak, antolamendu zibilean ezarritako baldintzei eta akzioak erabiltzeko epeei lotuko zaizkie, baina haiek baliarazteko prozeduran arau izanen da aurreko artikuluetan administrazio egintzen eta kontratuen baliogabetasunari buruz xedatutakoa.

127. artikulua. Baliogabetasunaren deklarazioa.

1. Kontratazio organoak erabaki ahalko du kontratuen baliogabetasuna deklaratzea, ofizioz edo alde batek eskaturik, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatutakoarekin bat. Aurretik Nafarroako Kontseiluak irizpena emanen du, bere legeria berariazkoan hala eskatzen den kasuetan.

2. Aurreko artikuluan aurreikusitako deuseztasun eta deuseztagarritasun kasuetan kontratazio organoen egintzak eteteari dagokionez, foru lege honetan xedatutakoa beteko da, edo, horren ordez, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legean eta Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen Legean ezarritakoa. 3. Kontratua edo esleipena prestatzeko egintzen deuseztasunaren deklarazioak, irmoa denean, berarekin ekarriko du edozein kasutan kontratuarena berarena, eta hori likidazio fasean sartuko da; alderdiek elkarri itzuli beharko dizkiote haren indarrez hartuak dituzten gauzak, eta hori posible edo komenigarri ez bada, haien balioa itzuliko da. Errudun suertatzen den alderdiak ordaindu beharko dizkio kontrakoari pairatutako kalteak eta galerak.

4. Prestaketarako ez diren egintzen deuseztasunak beroriek eta beren ondorioak bakarrik ukituko ditu.

5. Kontratu baten baliogabetasun deklarazio administratiboak nahaste larria sortzen badio interes publikoari, erabaki berean xedatu ahal izanen da haren ondorioen jarraipena eta haren klausula beren pean, kaltea ekiditeko presako neurriak hartu arte.

VII. TITULUA

Administrazio kontratuen motak

I. KAPITULUA

Obra kontratua

LEHENBIZIKO ATALA

Xedapen orokorrak

128. artikulua. Obra proiektua.

Obra kontratua esleitu baino lehen, foru lege honetan aurreikusitako salbuespenak salbuespen, proiektua prestatu eta onetsi eta haren zuinketa egin beharko da. Proiektuak zehatz definituko du kontratuaren xedea.

Proiektua eta obra batera esleitzen direnean, obra burutu ahal izateko baldintza izanen da administrazioak proiektua onetsi eta haren zuinketa egitea.

129. artikulua. Obren sailkapena, proiektuak egitearen ondorioetarako.

1. Proiektuak egitearen ondorioetarako, obrak honako taldeotan sailkatuko dira, xedearen eta izaeraren arabera:

a) Lehenbiziko aldiz ezartzeko obrak, zaharberritzekoak edo konponketa handikoak.

b) Konponketa errazeko obrak.

c) Kontserbazio obrak.

d) Eraisteko obrak.

2. Lehenbiziko aldiz ezartzeko obrak dira ondasun higiezin bat eraikitzeko egiten direnak. Zaharberrikuntza kontzeptu orokorrean sartzen dira egun dagoen ondasun higiezin bat handitu, hobetu, modernizatu, prestatu, egokitu edo sendotzeko obrak.

Konpontzeko obrak dira ondasun higiezin batean halabeharrez edo istripuz eragin den kalte baten ondorioak zuzentzeko beharrezko direnak. Euste-egitura funtsean ukitzen baldin badute konponketa handitzat hartuko dira eta, bestela, konponketa txikitzat.

Kaltea ondasunaren erabiltzearen erabiltzeaz etorri baldin bada, hori bere onera bueltatzeko obrak kontserbaziokoak izanen dira.

Eraispen obrak izanen dira ondasun higiezin bat bota edo suntsitzeko helburua dutenak.

130. artikulua. Obra proiektuen edukia.

1. Administrazioak derrigorrez bete beharreko jarraibide teknikoen arabera prestatu beharko dira obra proiektuak, eta honakoak bilduko dituzte, gutxienez:

a) Obren xedea deskribatzen duen oroitidazkia. Bertan obren aurrekariak eta obrak egin aurreko egoera, bete beharreko premiak eta hautaturiko soluzioaren arrazoiak adieraziko dira, eta kontuan hartu beharreko edozein faktore zehatz-mehatz azalduko da.

b) Obra erabat definitzeko behar diren plano orokorrak eta xehetasun planoak, eta bestelako planoak, lurren okupazioa, zortasunen eta gainerako eskubide errealen berrezarpena, halakorik egonez gero, eta exekuzioak ukituko dituen zerbitzuak zehazten dituztenak.

c) Agindu tekniko partikularren orria. Bertan obrak deskribatuko dira eta haien exekuzioa arautuko da: obra egiteko modua, exekutatutako unitateen neurketa, kalitatearen kontrola eta kontratistari dagozkion betebehar teknikoak adieraziko dira.

d) Aurrekontua, aurrekontu partzial batzuez osaturik egon daitekeena, eta prezio unitarioak, sailez sail emandakoak, hala behar denean, neurketen egoera eta hori balioesteko behar diren zehaztapenak adieraziko dituena.

e) Lanak egiteko programa edo obra plana, orientabide gisakoa, denbora eta kostua aurreikusten dituena, hala behar denean.

f) Obraren zuinketaren oinarri izanen diren era guztietako erreferentziak.

g) Lege edo erregelamenduzko arauetan zehaztuta dauden agiri guztiak.

h) Segurtasun eta osasun azterlana edo, bidezko denean, segurtasun eta osasun arloko oinarrizko azterlana, obretako segurtasunari eta osasunari buruzko arauetan ezarritako moduan egina.

2. Edonola ere, BEZa kontuan hartu gabe 150.000 eurotik beherakoak diren lehenbiziko aldiz ezartzeko, zaharberritzeko edo konponketa handiko obren proiektuetan, eta aurreko artikuluan aipaturiko gainerako proiektuetan, agiri horietakoren bat edo batzuk sinplifikatu edo bat egin daitezke, eta are eman gabe utzi ere, baldin eta aurkezten den dokumentazioa aski bada obra horiek zehaztu, burutu eta balioesteko. Kontserbazio kontratuetan ez da beharrezkoa izanen neurketen egoera sartzea.

3. Herri lanen emakida kontratuetan horiek erabiltzeko araubideari eta aplikatu beharreko tarifei buruzko azterketa ekonomiko eta administratiboak erantsi beharko dira.

131. artikulua. Osotasunaren gaineko prezioa duten obrak.

Salbuespen gisa, obraren izaerak ahalbidetzen duenean, osotasunaren gaineko prezioaren bidezko ordainketa-sistema ezarri ahal izanen da, prezio unitariorik gabekoa, administrazio klausula partikularren orrian zehazten diren baldintzetan.

132. artikulua. Obraren zuinketa eta lurren eskuragarritasuna.

1. Proiektua onetsirik, eta obraren kontrataziorako espedientea izapidetu aurretik, zuinketa lana eginen da; hau da, obraren errealitate geometrikoa egiaztatzea eta proiektuaren bideragarritasunerako gainerako oinarrizko alderdiak ikuskatzea.

Zuinketa lana egin ondoan, haren emaitza jasotzen duen akta kontratazio espedienteari erantsiko zaio, proiektuarekin batean.

2. Espedienteari erantsiko zaio, halaber, arlo horretan eskumena duen administrazio unitateak emandako txostena, kontratatuko den proiektua edo horren fase jakin bat burutzeko behar diren lurren eskuragarritasuna deklaratzekoa.

Aurreko paragrafoan adierazitakotik salbuetsita daude bide azpiegituretako obrak eta azpiegitura hidraulikoenak, deusetan galarazi gabe lurren benetako okupazioa ez egitea okupazio akta formalizatu arte.

3. Proiektua onetsi ahal izanen da, halaber, kontratazio espedientea onetsi eta esleipen prozedurari hasiera ematea agintzearekin batera, beti ere proiektua 130. artikuluan eta hurrengo artikuluan zehazturikoaren arabera behar diren agiriekin batera aurkeztu baldin bada.

133. artikulua. Proiektua eta obra batera kontratatzea.

1. Proiektua eta obra batera kontratatzen badira, enpresaburuak obraren proiektua aurkeztuko du; aurretiaz administrazioak aurreproiektua edo horren pareko agiria egin beharko du. Interes publikoko arrazoi justifikatuak egonez gero, administrazioak zilegi izanen du proiektuak bete beharko dituen oinarri teknikoak egitera mugatzea.

2. Kontratistak proiektua kontratazio organoari aurkeztuko dio, onetsi eta zuinketa egin dadin, obraren exekuzio materialaren esleipeneko prezioaren arabera. Administrazioak akatsak edo prezio okerren aipamenak ikusten baditu hartutako proiektuan, kontratistari horiek konpontzeko eskatuko dio, eta berriz ere proiektua onetsi eta zuinketa egin arte ezin izanen da hasi obraren exekuzioa. Adostasunik ez badago, kontratistak ez du obra egin beharrik izanen, baina egin duen proiektua eman beharko du, esleitutako obra ez egiteak eragin dituen kalte eta galerak ordaintzeko.

3. Artikulu honetan aipatutako kasuetan, espedientea hasteko aginduak eta dagokion kredituaren erreserbak finkatuko dute etorkizuneko kontratuak izan dezakeen gehieneko balio zenbatetsia. Hala ere, ez da gastua fiskalizatuko, ez onetsiko, ez eta hark sortutako konpromisoa onartuko ere, harik eta kontratuaren zenbatekoa eta baldintzak jakin arte, hautaturiko proposamenaren arabera; inguruabar horiek administrazio klausula partikularren orrian jasoko dira.

BIGARREN ATALA

Obra kontratuak gauzatzea

134. artikulua. Zuinketa egiaztatzea.

Administrazio klausula partikularren orrian ezartzen den epean (gehienez ere hilabete, kontratua formalizatzen denetik hasita) administrazioko zerbitzu teknikoek eta kontratistak zuinketa egiaztatuko dute. Horren emaitza akta batean formalizatuko da eta obra egiteko ezarritako epea kontatzen hasiko da.

135. artikulua. Ziurtagiriak ematea.

1. Administrazioak hilero, kasuan kasuko denboraldia amaitu ondoko hamar egunetan, egindako obrari dagozkion obra ziurtagiriak emanen ditu, administrazio klausula partikularren orrian besterik ezarri ezean.

Ziurtagiria emateko, obraren zuzendaritzak zerrenda balioetsia eginen du eta kontratua kudeatzen duen unitateari aurkeztuko dio, eta aldi berean haren ale bat igorriko dio kontratistari, ados dagoen ala ez adieraz dezan hamabost egun naturaleko epean, agiri hori jasotzen duenetik hasita.

Epe horretan kontratistak alegaziorik egiten ez badu, zerrenda balioetsiarekin ados dagoela ulertuko da. Kontratistak alegazioak egiten baditu eta denak edo batzuk onartzen badira, alegaziook kontuan hartuko dira hurrengo ziurtagiria edo azken ziurtagiria idazteko orduan edo kontratuaren likidazioan.

2. Ziurtagirien ordainketak konturako ordainketak dira, azken neurketaren emaitza egokia izanen delakoan egiten diren ordainketak alegia, eta berez ez dakarte ziurtagirietan sartutako unitateen onarpen edo harrerarik.

3. Obra kontratutik sortutako soldatak eta gizarte kuotak ordaintzeko bakarrik enbargatu ahal izanen dira ziurtagiriak.

HIRUGARREN ATALA

Obra kontratuaren amaiera

136. artikulua. Obren harrera.

1. Obrak amaiturik, 122.2 artikuluan ezarritako epean obrak hartzeko ekitaldi formala eginen da. Bertan ondokoak izanen dira: kontratua kudeatzen duen unitateak izendatutako fakultatibo bat, administrazioaren izenean; obrak zuzentzeko ardura duen fakultatiboa, eta kontratista, egokitzat jotzen dituen langileak lagun dituela. Obra amaierako akta eginen da ekitaldi hori dokumentatzeko.

2. Obrak behar bezala egin badira, hala adieraziko da aktan eta berme-epea hasiko da. Harrera aktaren datatik kontatuko den bi hilabeteko epearen barruan, amaierako ziurtagiria erabaki beharko da eta kontratistari jakinarazi, eta horri ordaindu ateratzen den saldoa, hala bada. Obrak behar bezala egin ez badira, berandutzagatiko zigorren kalterik gabe, obra zuzentzen duen fakultatiboak zein akats ikusi diren adieraziko du, horiek zuzentzeko jarraibide zehatzak emanen ditu eta zuzentzeko epea ezarriko. Epe hori iraganik, kontratistak akatsak konpondu ez baditu beste epe bat eman ahal izanen zaio, luzaezina, edo bestela kontratua suntsiarazi dela deklaratuko da.

3. Berme-epearen azken hamabost egunetan, obra zuzentzen duen fakultatiboak, ofizioz edo kontratistak eskaturik, obren egoerari buruzko txostena eginen du. Inolako akatsik atzematen ez bada, kontratista bere betebeharretatik aske geratuko da. Betiere, ezkutuko akatsei buruz xedatutakoa beteko da.

Txostenean obraren exekuzioaren ondoriozko akatsak agertzen badira, erabileraren ondorio ez direnak, zuzendari fakultatiboak kontratistari jarraibide egokiak emanen dizkio horiek konpontzeko, eta epea ezarriko dio. Berme-epeak indarrean iraunen du akatsak behar bezala zuzendu arte.

4. Harrera partziala egiten ahalko da erabilera publikorako ematen ahal diren faseetan egin daitezkeen obra zatietan, kontratuan ezarritakoaren arabera.

5. Salbuespen gisa, espedientean behar bezala egiaztaturik dauden interes publikoko arrazoi bereziengatik obren okupazioa edo obren erabilera publikoa erabakitzen bada aurretik harrera ekitaldi formalik egin gabe, obra horiek administrazioak hartutzat joko dira, berme-epea kontatzearen ondorioetarako.

6. Zilegi izanen da berme-eperik ez ezartzea baldin eta obrak xede praktiko iraunkorrik ez badu, edo obra mantentzeko lanak kontserbazio hutsetik haratagokoak badira, adibidez, dragatzeak.

137. artikulua. Obra kontratuaren likidazioa.

Berme-epea amaiturik, ordaindu gabeko betebeharrik badago, obraren zuzendari fakultatiboak likidazio proposamena eginen du gehienez ere hamar eguneko epean, hori kontratistari jakinaraziko zaio ados dagoen adieraz dezan, eta kontratista ados agertuz gero, kontratua likidatuko da gehienez ere hogeita hamar eguneko epean. Bermeak kitatu eginen dira, halakorik jarri bada.

138. artikulua. Akatsengatiko erantzukizuna.

Foru lege honen I. eranskineko "Higiezinen eta ingeniaritza zibileko obren eraikuntza orokorra" epigrafeak biltzen dituen obra kontratuetan, kontratistak erantzukizuna izanen du baldin eta, kontratua behar bezala ez betetzearen ondorioz, eraikuntzaren edozein elementuk ezkutuko akatsen bat badu. Erantzukizunak hamabost urte iraunen du, berme-epea amaitzen denetik hasita.

Aurreko paragrafoan ezarritakoaz gainera, kontratistak erantzukizuna izanen du baldin eta zimendu, euskarri, habe, forjatu, karga-horma edo bestelako egitura-elementuen akatsen ondorioz, hau da, eraikuntzari zuzenean erresistentzia mekanikoa eta egonkortasuna ematen dizkioten elementuen akatsen ondorioz, obran kalte materialik gertatzen bada, hamar urteko epean, obra eragozpenik gabe onartzen den edo obra onartzeko eragozpenak konpontzen diren egunetik hasita.

139. artikulua. Obra kontratua suntsiarazteko arrazoi berariazkoak.

Obra kontratua suntsiarazteko arrazoi berariazkoak dira: a) Zuinketaren egiaztapena arrazoi justifikaturik gabe berandutzea.

b) Administrazioak obren hasiera etetea, sei hilabete baino luzeagoa den epean.

c) Aldeek berariaz edo isilbidez atzera egitea edo administrazioak obrak etetea zortzi hilabete baino luzeagoa den epean.

d) Administrazioak egindako proiektu edo aurrekontuaren akats materialak, obraren aurrekontuan gutxienez ere 100eko 20an eragina badute.

II. KAPITULUA

Herri lanen emakida kontratua

LEHENBIZIKO ATALA

Xedapen orokorrak

140. artikulua. Herri lanen emakida kontratua.

1. Emakidaren xede diren herri lanak emakidadunaren arrisku eta menturara egin eta ustiatuko dira. Berak hartuko ditu bere gain herri lanak egitearen eta ustiatzearen arrisku ekonomikoak, foru lege honetan ezarritako moduan eta ondorioekin. Betiere hori guztia bateragarria izanen da lanak finantzatzeko edonolako sistemekin eta administrazioak egin ditzakeen ekarpenekin. Ekarpen horiek inoiz ere ez dira izanen kontratuaren balio zenbatetsiaren 100eko 50etik gorakoak.

2. Administrazioak agintzen ahalko du emakidadunak lanen eraikuntza proiektua egin dezala bideragarritasun azterlanean edo aurreproiektuan zehaztutako eskakizunak betez. Horri dagokionez, 133. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

141. artikulua. Herri lanen emakida kontratuaren edukia.

1. Herri lanen emakida kontratuak ondokoak bilduko ditu derrigorrez, emakidak indarrean dirauen bitartean:

a) Herri lanak ustiatzea, haien izaeraren eta helburuaren arabera.

b) Lanen kontserbazioa.

c) Lanak egokitu, zaharberritu eta modernizatzea, haietan kokatzen diren zerbitzuak edo jarduera ekonomikoak behar bezala egin ahal izateko ezaugarri tekniko eta funtzional egokiak izan ditzaten.

d) Behar diren berriztapenak eta konponketa handiak egitea, obra bakoitzak betiere elementu egokiak eduki ditzan bertan egiten diren zerbitzu eta jarduerak behar bezala burutu ahal izateko, eskakizun ekonomikoen eta gizarteko eskarien arabera.

2. Administrazio klausula partikularren orrian betebehar hauek ezarri ahal izanen dira: emakidadunak proiektatu, egin, zaindu, berritu eta konpondu beharko dituela obra nagusiaren osagarriak diren edo hari lotuta dauden obrak, alegia, obra nagusiaren helburua betetzeko beharrezkoak direnak eta haren funtzionamendua eta ustiapena hobetzea ahalbidetzen dutenak, eta halaber, obra horiekin zerikusia izan eta orrietan aurreikusita dauden ingurumen-jarduketak egin beharko dituela.

3. Obra lotuak edo osagarriak ustiapenerako edo aprobetxamendu ekonomikorako gai direnean, emakidadunaren esku utziko dira haien ustiapena eta aprobetxamendua, obra nagusiaren ustiapenarekin batera, administrazio klausula partikularren orrian zehazten den eran.

142. artikulua. Emakidaren epea.

1. Herri lanen emakidaren epea administrazio klausula partikularren orrian ezarriko da. Gehienez ere hogeita hamar urtekoa izanen da.

2. Administrazio klausula partikularren orrian ezarritako epeak berariaz luzatu ahal izanen dira aurreko idatz-zatian ezarritako mugara arte, eta foru lege honetan ezarritakoari jarraituz murriztu ahal izanen dira.

3. Administrazio klausula partikularren orrian ezarritako epea berrogeita hamar urtera arte luzatu ahal izanen da, kontratuaren oreka ekonomikoa berrezartzeko.

4. Emakida bete eta amaitutzat joko da hasieran ezarritako epea iragaten denean, edo erabaki diren luzapen nahiz murrizpenen ondoriozko epea iragaten denean.

143. artikulua. Merkataritzarako ustiatzen diren eremu osagarriak.

1. Helburua kontuan izanik, herri lanek, beren izaeraren arabera behar dituzten eremuez gainera, lur edo eremu gehiago hartu ahal izanen dituzte, jarduera osagarriak, merkataritzakoak edo industriakoak egiteko, horiek beharrezkoak edo komenigarriak badira, obren erabiltzaileei eskaintzen dieten zerbitzuagatik, eta aparteko aprobetxamendu ekonomikorako gai badira; adibidez, ostalaritzako establezimenduak, zerbitzuguneak, aisiarako eremuak, aparkalekuak, merkataritzako lokalak eta ustiatzen ahal diren beste batzuk.

Jarduera osagarri horien ezarpenari dagokionez, administrazio klausula partikularren orrian ezarritakoa eta, hala behar denean, legerian edo hirigintzako planeamendu aplikagarrian xedatutakoa beteko da.

Eremu edo gune horiek kudeaketa bateratuaren eta administrazio publiko emakida-emailearen kontrolaren printzipioari lotuta egonen dira, eta obrarekin batera ustiatuko ditu emakidadunak, zuzenean edo hirugarrenen bidez, administrazio klausula partikularren orrian ezarritako moduan.

2. Emakidako obraren osagarri diren jardueretarako eremuan dauden ondasun eta instalazioak administrazioari emanen zaizkio emakida amaitzen denean, foru lege honetan ezarritako eran.

144. artikulua. Emakida kontratuaren bidez egiten diren herri lanen finantzaketa.

1. Emakidadunak osorik edo zati batean finantzatuko ditu emakidaren xede diren herri lanak, eta betiere bere gain hartuko du arriskua, egindako inbertsioaren arabera.

2. Emakidadunak finantzaketa pribatua erabili ahal izanen du kontratuko betebeharrak betetzeko. Horretarako mailegu edo kredituak kontratatu ahal izanen ditu kreditu entitateekin, indarra duen antolamendu juridikoaren arabera. Kontratu horiek sinatu eta hilabeteko epean kontratazio organoari jakinarazi beharko zaizkio.

Halaber, emakidadunak beste finantzabide pribatu batzuk erabili ahal izanen ditu, kontratazio organoak baimena emanez gero.

3. Errentagarritasun ekonomiko edo soziala lortu beharrak edo emakidaren xede den obraren helburu publikoak edo interes orokorrak hala eskatzen duenean, administrazioak baliabide publikoak ere jarri ahal izanen ditu obra finantzatzeko. Edonola ere, arriskua emakidadunak bere gain hartzearen printzipioa errespetatuko da betiere.

4. Emakida-emaileaz gain, beste administrazio publiko batzuek ere ekarpenak egin ahal izanen dituzte emakidaren xede den herri lanaren eraikuntza finantzatzeko, kasuan kasuko hitzarmenean ezartzen den moduan, eta Estatuko edo nazioarteko beste erakunde batzuek ere finantzaketan parte hartu ahal izanen dute.

145. artikulua. Emakidadunari ordaintzea.

Emakidadunari honela ordainduko zaio: obra erabiltzeagatik administrazioak edo erabiltzaileak ordaintzen duen prezioaren bidez, merkataritza eremuaren ustiapenetik ateratako errendimenduen bidez, eta, hala denan, foru lege honetan aurreikusitakoaren arabera administrazioak berak egiten dituen ekarpenen bidez. Betiere emakidadunak arriskua bere gain hartzearen printzipioa errespetatu beharko da.

146. artikulua. Herri lanen emakida eta herri lan bereiziak egitea.

1. Bi herri lanek edo gehiagok elkarrekin lotura funtzionala dutenean, egindako obren zati bat erabiltzeagatik ordaindu behar ez bada ere herri lanaren emakida kontratuak ez du bere izaera galduko, baldin eta zati hori administrazio emakida-emailearen eskumenekoa ere bada, eta emakidaren ustiapenean eraginik badu.

2. Administrazio klausula partikularren orrian argi azalduko dira emakidaren xede den obrari dagozkion alderdiak, foru lege honetan ezarritakoari jarraituz. Ondorio horietarako, ordaintzekoa den zatia eta ordaintzekoa ez dena bereiziko dira.

Lizitatzaileek obren bi zatiak bereizten dituen ekonomi eta finantza plana aurkeztu beharko dute.

3. Nolanahi dela ere, emakidaren xede den obra erabiltzeagatik aplikatuko diren tarifak zehazterakoan, egindako obren zenbateko osoa hartuko da kontuan

BIGARREN ATALA

Emakidaren xede diren obrak egin aurreko jarduketak

147. artikulua. Bideragarritasunaren azterlana.

1. Herri lan bat emakidaren bidez egin eta ustiatzea erabaki baino lehen, emakida eman behar duen administrazioko organo eskudunak haren bideragarritasunaren azterlana egitea erabakiko du. 2. Bideragarritasunaren azterlanak hurrengo puntuei buruzko datu, analisi, txosten edo azterketak eduki beharko ditu, gutxienez ere:

a) Obraren helburua eta justifikazioa, eta obraren funtsezko ezaugarriak.

b) Obrak inguruko ekonomian eta gizartean ustez izanen duen eragina eta hura erabiltzeko sortuko den eskaria, eta emakidak ustez izanen duen errentagarritasuna.

c) Planeamendu sektorialari eta hirigintza eta lurralde planeamenduei buruz dauden datu eta txostenen balorazioa.

d) Ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioa, indarra duen legeriaren arabera beharrezkoa den kasuetan. Gainerakoetan, ingurumen-azterketa, alternatibei eta behar diren zuzenketa eta babes neurriei buruzkoa.

e) Aukeratutako soluzioaren justifikazioa. Bideak edo bestelako azpiegitura linealak aztertu badira, haien trazaduraren ezaugarriak azalduko dira.

f) Eraikuntza eta ustiapen aldietan obrak izanen dituen arrisku operatibo eta teknologikoak.

g) Egin beharreko inbertsioaren kostua, eta obra egiteko proposatzen den finantzaketa sistema. Gainera, finantzaketa iturria justifikatu behar da.

148. artikulua. Obra proiektua eta horren zuinketa.

1. Administrazio emakida-emaileak obren ezaugarri guztiak zehazten dituen kasuetan, proiektua egin, gainbegiratu eta onetsiko da eta haren zuinketa eginen da, foru lege honetako artikulu egokietan xedatutakoari jarraituz.

2. Esleipendunak proiektua aurkeztu behar duen emakidetan, obra kontraturako xedatutakoari lotuko zaizkio proiektuaren prestaketa, edukia, gainbegirapena eta zuinketa.

149. artikulua. Herri lanen emakidarako administrazio klausula partikularren orriaren edukia.

1. Herri lanen emakidarako kontratuetan, administrazio klausula partikularren orriak ondoko zehaztasunak bildu beharko ditu, 45. artikuluan aipatzen diren alderdi orokorrez gain:

a) Emakidadunari ordaintzeko sistema. Horren barrenean sartuko dira eskaintzan kontuan hartu beharreko aukera guztiak eta, halakorik bada, lanak egiten diren bitartean prezioak berrikusteko formulak eta ustiatzen diren bitartean kostuak eguneratzekoak, eta derrigorrez aipatuko da horrek tarifetan izanen duen eragina, emakidaren xedearen arabera.

b) Merkataritza eremuaren ustiapenetik atera behar diren mozkinen gutxieneko atalasea; horren azpitik ezin izanen zaie heldu emakidaren elementu ekonomikoei.

c) Herri lanen emakida kontratuaren xedearen zioz aitortzen ahal diren mozkin ekonomiko- finantzarioak eta tributuen arlokoak, eta administrazio edo entitate emakida-emaileak edo beste administrazio publiko batzuek egin litzaketen higiezin-ekarpenak edo bestelakoak. d) Sozietate emakidadunaren konpromisoa, orrian ezarritako kontabilitate eredua erabiltzeko, araudi aplikagarriari jarraituz, merkataritzarako ustiatuko diren eremu osagarrien kudeaketari legokiokeena ere barne dela, ezertan galarazi gabe eremu osagarrietako etekinak, ondorio guztietarako, emakidaren etekinetan integratzea.

e) Sozietate emakidadunaren ezaugarri bereziak, halakorik bada.

f) Proiektua egiteko epea, behar denean; obrak egiteko epea, eta haiek ustiatzeko epea, finkoa edo alda daitekeena, orrian ezarritako irizpideen arabera.

g) Lizitatzaileek aurkezten ahal dituzten aldaeren forma eta erregulazioa.

h) Aldeen eskubide eta betebehar berariazkoak, obrak egiteko aldian eta ustiatzeko aldian.

i) Zigorren araubidea, eta emakida bahitu daitekeen kasuak.

2. Administrazio klausula partikularren orrian ondokoa ezarri ahal izanen da: lizitazioan bakarka edo beste batzuekin batera parte hartzen dutenek hala egiten ahalko dutela emakidaren titular izanen den sozietate bat eratzeko konpromisoarekin. Sozietatearen eraketa eta, hala behar denean, forma ere bai, berariazko legerian zenbait motatako emakidetarako ezarritakoari lotu beharko zaizkio.

150. artikulua. Eskaintzen edukia.

1. Lizitatzaileek beren eskaintzetan jorratuko dituzte administrazio klausula partikularren orrian eskatutako alderdiak. Honakoak izanen dira, gutxienez:

a) Etorkizuneko sozietate emakidadunaren sustatzaileen zerrenda, halako sozietaterik eratzea aurreikusten bada, eta haren ezaugarriak, bai juridikoak bai finantzarioak.

b) Obrak egiteko plana. Obrak hasteko, amaitzeko eta erabiltzen hasteko datak jarri behar dira.

c) Emakidaren iraunaldia.

d) Emakidaren ekonomi eta finantza plana. Berezko dituen alderdien artean, honakoak bilduko ditu: tarifen sistema, inbertsioa, eta ustiapen kostu, ordaintzeko betebehar eta zuzeneko nahiz zeharkako finantza gastu zenbatetsiak. Berariaz aipatu beharko da zer nolako eragina izanen duten tarifetan, amortizazio aurreikuspenetan, emakidaren epean eta orriak aurreikusitako beste aldagai batzuetan obra erabiltzeko eskariaren errendimenduek eta, halakorik bada, merkataritza eremuaren ustiapenetik aterako diren mozkinek, eskaintzan aipatzen diren gutxieneko maila eta gehieneko maila, hurrenez hurren, iristen ez dutenean eta gainditzen dutenean. Betiere, merkataritza eremuko errendimenduek ez badute gainditzen administrazio klausulen orrian finkatutako gutxieneko atalasea, errendimendu horiek ezin izanen dira kontuan hartu aurrean aipatutako elementuen berrikuspenaren ondorioetarako.

e) Obraren finantzaketa mistoa denean, baliabide publikoekin finantzatu beharreko portzentajearen proposamena, administrazio klausula partikularren orrian ezarritakoen azpitik dagoena.

2. Administrazio klausula partikularren orrian finkatutako moduan eta neurrian, lizitatzaileek komenigarri iruditzen zaizkien hobekuntzak erantsi ahal izanen dituzte. Obraren egiturazko ezaugarrien, ustiapen araubidearen edo ingurumenari eta natur baliabideei kalterik ez egiteko neurriei dagozkien hobekuntzak izan daitezke, baita funtsezko hobekuntzak ere, baina ez kokapenari dagozkionak.

HIRUGARREN ATALA

Obrak egitea

151. artikulua. Obrak egitea.

1. Emakidako obrak eginen dira foru lege honetan obra kontraturako xedatutakoaren arabera, atal honetan aipatzen diren berezitasunekin.

2. Administrazioak, obrak egiteari begira, administrazio klausulen orrian ondokoa ezarri ahal izanen du: emakidadunak hirugarrenekin azpikontratatu behar duela emakidaren xede diren obren zenbateko osoaren 100eko 30, gutxienez. Lizitatzaileek portzentaje hori handitu ahal izanen dute. Azpikontratazioaren portzentajea kontratuan agertu beharko da.

3. Emakidaren xede diren obrak egiten ari diren bitartean, azpikontratazioa 110. artikuluan ezarritakoari lotuko zaio. Hala ere, 110.2 artikuluan araututako kasuan eta kaudimenaren egiaztagiriekin batera aurkezten den zerrendako azpikontratistak ordezten diren kasuetan, azpikontratista foru lege honetan ezarritako lizitazio prozeduretako baten bidez aukeratu beharko da.

4. Administrazioak obren zati bat bere kabuz egin ahal izanen du, aparteko tratamendua ahalbidetzen duten ezaugarri bereziak badituzte.

152. artikulua. Obren amaiera.

1. Obrak amaitzen direnean, administrazio emakida-emaileak egiaztapen akta eginen du. Egiaztapen akta administrazio klausula partikularren orrian xedatutakoari jarraituz eginen da eta haren edukia horrekin bat etorriko da.

2. Egindako herri lanaren balorazio agiria erantsiko zaio egiaztapen aktari, eta, behar izanez gero, ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioan ezarritako baldintzak betetzen direla dioen adierazpena ere bai. Agiri hori kontratazio organoak emanen du eta egindako inbertsioa bertan adieraziko da.

3. Administrazio emakida-emaileak obren egiaztapen akta onesteak berekin ekarriko du obrak erabilera publikorako irekitzeko baimena. Orduan hasiko da obraren berme-epea, baldin eta emakidadunak ez, beste norbaitek egin badu obra, bai eta ustiapen fasea ere.

LAUGARREN ATALA

Emakidadunaren eskubide eta betebeharrak

153. artikulua. Emakidadunaren eskubideak.

Orokorki ezarritako eskubideez gain, emakidadunak eskubide hauek izanen ditu: a) Emakidak dirauen bitartean herri lana ustiatzeko eta kontratuan ezarrita dagoen ordain ekonomikoa jasotzeko eskubidea.

b) Emakidaren oreka ekonomikoari eusteko eskubidea.

c) Herri lana egin, aldatu, zaindu eta ustiatzeko beharrezkoak diren administrazio emakida- emailearen ondasun publikoak erabiltzeko eskubidea. Eskubide horren barrenean sarturik egonen da obrak egiten ari diren bitartean azaleratzen den ura edo aurkitzen diren materialak erabiltzekoa, obrak egiteko bakar-bakarrik, kasuan kasuko ondasun publikoa kudeatzeko eskumena duen administrazioak baimena emanez gero.

d) Administrazioari ondasunak nahitaez desjabetzeko, zortasunak ezartzeko eta maizter-botaketa administratiboak egiteko prozedurak izapidetu ditzala eskatzeko eskubidea, horiek beharrezkoak badira herri lana egin, aldatu eta ustiatzeko, eta emakidadunaren eskubideak erabili ahal izateko behar diren ekintza guztiak egin ditzala eskatzeko eskubidea.

Desjabetu eta emakidari atxikita geratzen diren ondasun eta eskubideak jabari publikoan sartuko dira.

e) Hirugarrenekin kontratatzen dituen obrak nola egiten diren kontrolatzeko eskubidea, administrazioak onetsi dion planaren arabera. Eskubide horren barrenean, obren nondik norakoari buruzko informazioa eskatu ahal izanen du eta beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen bisitak egin ahal izanen ditu.

f) Obra egiteko epearen luzapena eta, horrez gainera eta horrekin loturik, emakida epearen luzapena eskatzeko eskubidea, baldin eta atzerapena ezinbesteko arrazoiengatik edo administrazio emakida- emaileari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik izan bada. Izandako atzerapenaren adinako luzapena emanen da gutxienez, non eta emakidadunak luzapen txikiagoa eskatzen ez duen.

g) Antolamendu juridikoan aitortzen zaizkion gainerakoak eta administrazio klausula partikularren orrian zehazten direnak.

154. artikulua. Emakidadunaren betebeharrak.

Emakidadunak betebehar orokor hauek izanen ditu:

a) Obrak kontratuan ezarritako moduan egitea.

b) Herri lana ustiatzea eta haren kudeaketaren arrisku ekonomikoa bere gain hartzea, kontratuan ezarritako edo kontratazio organoak gero agindutako jarraitutasunarekin eta baldintzekin.

c) Nornahiri herri lana erabiltzen uztea, berdintasunaren, unibertsaltasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioen arabera ezarritako baldintzetan, tarifa ordainduta, halakorik bada.

d) Herri lanaren ordena, kalitatea eta erabilera zaintzea. Jarraibideak eman ahal izanen ditu, administrazioari dagozkion polizia-ahalmenak ezertan eragotzi gabe.

e) Emakidari lotutako jabari publikoa babestea; bereziki, haren balio ekologikoak eta ingurumen- balioak zainduko ditu. f) Nazionalitatearen araberako bereizkeriarik ezaren printzipioa errespetatzea, hirugarrenei esleitzen dizkien hornidura kontratuetan.

g) Antolamendu juridikoan aitortzen zaizkion gainerakoak eta administrazio klausula partikularren orrian zehazten direnak.

155. artikulua. Herri lanak erabiltzea eta zaintzea.

1. Emakidadunak herri lanaren erabilerari, poliziari eta kontserbazioari buruzko arauak behar bezala aplika daitezen begiratu beharko du.

2. Herri lana ustiatzeko ardura duten langileek, inguruan agintaritzaren agenterik ez dagoenean, behar diren neurriak hartu ahal izanen dituzte herri lana behar bezala erabil dadin, eta salaketak eginen dituzte, behar izanez gero. Horretarako, frogabide gisa erabili ahal izanen dira emakidadunaren langileek behar bezala kreditaturik eta administrazio eskudunak aurrez homologatutako bitartekoekin lortzen dituzten frogak, bai eta zuzenbidean onartzen den beste edozein frogabide ere.

3. Emakidadunak herri lana erabiltzea galarazi ahal izanen die tarifa ordaintzen ez duten erabiltzaileei, ezertan ukatu gabe horri buruz sektoreko legerian ezarritakoa.

4. Emakidadunak herri lana mantendu beharko du hura egokiturik aplikagarriak diren arau teknikoetan, ingurumen arauetan, irisgarritasunari eta oztopoak kentzeari buruzkoetan eta erabiltzaileen segurtasunari buruzkoetan une bakoitzean eta zientziaren aurrerapenaren arabera xedatutakora.

Administrazio klausula partikularren orrietan administrazioak mekanismo egokiak jarri beharko ditu emakidadunak ematen duen zerbitzuaren kalitatea neurtzeko, gutxieneko maila batzuk ezarriz, zeinen urraketak kontratuaren suntsiarazpena erakar baitezake, eta sariak eman edo zigor ekonomikoak ezarri ahal izanen ditu, lortutako mailen arabera.

156. artikulua. Obra erabiltzeagatik ordaintzea.

1. Emakidadunak eskubidea izanen du obra erabiltzeagatik ordain diezaioten, administrazio klausula partikularren orrian ezarritako moduan eta artikulu honetan ezarritakoarekin bat.

2. Kontratazio organoak esleipen erabakian finkatuko ditu erabiltzaileek herri lanak erabiltzeagatik ordaindu beharreko tarifak. Tarifak gehienekoak izanen dira eta emakidadunek tarifa txikiagoak aplikatu ahal izanen dituzte komenigarria iruditzen zaienean.

3. Tarifak berrikusi eginen dira, administrazio klausula partikularren orrian zehazten den prozedurari jarraituz.

Emakidaren ekonomi eta finantza planean ezarriko da zenbateko eragina izanen duten tarifetan obra erabiltzeko eskariaren errendimenduek, eta, halakorik bada, merkataritza eremuaren ustiapenetik ateratako mozkinek, horiek eskaintzan aipatutako gutxieneko mailara iristen ez direnean edo gehieneko maila gainditzen dutenean, hurrenez hurren. 4. Administrazioak ordaindu ahal izanen du obra erabiltzeagatiko saria, erabilera kontuan izanik eta administrazio klausula partikularren orrian aurreikusitako moduan.

5. Gainera, emakidari lotuta merkataritza eremurik badago, emakidadunak horren ustiapenaren bidez lortzen diren dirusarrerak hartuko ditu ordain gisa, administrazio klausula partikularren orrian ezarritakoaren arabera.

6. Emakidadunak kontabilitatean bereiz jarri beharko ditu ekarpen publikoetatik datozen dirusarrerak eta obraren erabiltzaileek ordaindutako tarifetatik datozenak eta, egonez gero, merkataritza eremuaren ustiapenetik datozenak.

157. artikulua. Kontratuaren oreka ekonomikoari eustea.

1. Herri lanen emakida kontratuaren oreka ekonomikoari eutsiko zaio esleipena ematean onartu zen mailan, interes publikoa eta emakidadunaren interesa kontuan izanik, hurrengo idatz-zatian xedatutakoarekin bat etorriz.

2. Administrazioak kontratuaren oreka ekonomikoa berrezarri beharko du, alde baten edo bestearen mesedetan, honako kasu hauetan:

a) Administrazioak, interes publikoko arrazoiengatik, obra ustiatzeko baldintzak aldatzen baditu.

b) Administrazioaren jarduketek zuzenean kolokan jartzen badute emakidaren ekonomia.

c) Kontratuan bertan hura berrikusteko ezarritako kasuak gertatzen badira, 149.1.a) eta 150.1.d) artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

3. Aurreko idatz-zatian aipatutako kasuetan, kontratuaren oreka ekonomikoa berrezartzeko kasu bakoitzean bidezkoak diren neurriak hartuko dira. Honelako neurriak hartu ahal izanen dira: obra erabiltzeagatik ordaindu beharreko tarifak aldatzea, emakidaren epea luzatu edo murriztea, foru lege honetan ezarritako mugen barruan, eta, oro har, eduki ekonomikoa duten kontratuko klausuletan edozein aldaketa egitea.

4. Eskaintzan ezarritako gehieneko ordainketa-atalasea gainditzen den kasuetan, administrazio klausula partikularren orriak arautuko du nola itzuli behar zaion gaindikina administrazioari.

158. artikulua. Emakidadunari zigorrak ezartzea betebeharrak ez betetzeagatik.

1. Administrazio klausula partikularren orrietan emakidadunaren betebeharren ez-betetzeen katalogoa ezarriko da. Bertan ez-betetze arinak eta larriak bereiziko dira. Honako hauek zigorgarritzat joko dira: emakidadunak foru lege honetan ezarri diren debekuak osorik edo zati batean haustea; lege honen arabera derrigorrez egin behar diren jarduketak ez egitea, eta, bereziki, obrak egiteko ezarritako epeak ez betetzea; herri lanaren erabilerari, poliziari eta kontserbazioari dagozkion betebeharrak betetzeko axolagabekeria; lanaren erabilera erabat edo neurri batean etetea, horretarako bidezko arrazoirik izan gabe, eta erabiltzaileei legez baimenduta dauden kopuruak baino handiagoak kobratzea.

2. Kontratazio organoak zigor ekonomikoak ezarriko ditu. Horiek orrietan zehaztuko dira, ez-betetze motaren eta ustiapenaren garrantzi ekonomikoaren arabera. Zigorren zenbatekoa, eraikuntza fasean, obrak duen aurrekontu osoaren 100eko 10 izanen da gehienez ere. Baldin eta emakida ustiapen fasean badago, urteko zigorren zenbatekoa, gehienez, aurreko urtean herri lana ustiatuz lortutako dirusarreren 100eko 20 izanen da.

3. Ez-betetze larriek, gainera, emakidaren suntsiarazpena ekarriko dute, orrian hala aurreikusten den kasuetan.

4. Foru lege honetan aurreikusten diren kasuez gain, emakida aldi baterako bahitzea ekar dezaketen ez-betetze larriak zehaztuko dira administrazio klausula partikularren orrian, ez-betetzearen ondorioz kasu bakoitzean ezar daitezkeen zigorretatik aparte.

5. Obra egiteko fasean emakidadunari jartzen ahal zaizkion zigorren araubidea foru lege honen 103. artikuluan ezarritakoa izanen da.

6. Orrian aurreikusitako zigor araubidea gorabehera, administrazioak emakidadunari isun hertsatzaileak ere ezarri ahal izanen dizkio, ez-betetzeekin jarraitzen badu, baldin eta aurretik errekerimendua egin bazaio eta ezarri zaion epean bete ez baditu. Berariazko legeetan besterik zehaztu ezean, isunaren zenbatekoa 3.000 euro izanen da egunean.

BOSGARREN ATALA

Administrazioaren eskubide eta betebeharrak

159. artikulua. Obra egiteko ekarpen publikoak.

1. Administrazio publikoek obra egiten edo finantzatzen lagundu ahal izanen dute ekarpenak eginez. Ekarpenen zenbatekoa administrazio klausula partikularren orrian finkatuko da, edo lizitatzaileek finkatuko dute beren eskaintzetan, orrian hala ezartzen bada.

2. Aurreko idatz-zatian aipatutako ekarpen publikoak kontratazio organoaren edo horretarako hitzarmena egina duen beste edozein administrazioren diruz bestelako ekarpenak izan daitezke, administrazio klausula partikularren orrian balioetsiko direnak.

Emakidadunari ematen zaizkion ondasun higiezinak emakidari atxikitako ondarean sartuko dira, obra proiektuan aurreikusitako xederako erabiliko dira eta emakida amaitzen denean administrazioari itzuliko zaizkio. Betiere, haien gain eragina duten hirigintzako edo sektorekako antolamendu planetan xedatutakoa bete beharko da.

160. artikulua. Ustiapenerako ekarpen publikoak.

Administrazio publikoek emakidadunari ekarpen hauek egin ahal izanen dizkiote, obraren ustiapenaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko:

a) Preziorako dirulaguntzak, itzuli beharreko aurrerakinak, partaidetza-maileguak, mendeko maileguak edo bestelakoak, kontratazio organoak onesten dituenak, obra ustiatzen hasten den unetik edo ustiapen aldian zehar eman daitezen, emakidaren bideragarritasun ekonomiko- finantzarioa bermatzeko beharrezkoak izanen direla uste denean. Maileguen itzulketa eta korrituen ordainketa, korriturik sortzen bada, emakidan aurreikusitako baldintzei lotuko zaizkie. b) Aparteko kasuetan, laguntzak, baldin eta, interes publikoko arrazoiengatik, komenigarria bada herri lanaren erabilera sustatzea haren ustiapena gutxieneko errentagarritasun-atalasera iritsi baino lehen.

161. artikulua. Administrazioaren prerrogatiba eta eskubideak.

Orokorki ezarritako prerrogatiba eta eskubideez gain, administrazioak honako hauek izanen ditu:

a) Herri lana erabiltzeko gehieneko tarifak ezartzea, hala behar denean.

b) Emakidadunaren betebeharrak betetzen diren zaindu eta kontrolatzea. Horretarako, emakidaren xedearekin zerikusia duten zerbitzua, obrak, instalazioak, lokalak eta dokumentazioa ikuskatu ahal izanen ditu.

c) Emakidan esku hartzea, foru lege honetan ezarritako kasuetan, eta ustiapena bere gain hartzea, emakida bahitzen den kasuetan.

d) Emakidadunari kasuan kasuko zigorrak ezartzea betebeharrak ez betetzeagatik.

e) Herri lanaren erabilerari eta ustiapenari dagozkion polizia-eginkizunak betetzea, sektoreko berariazko legerian ezarritako eran.

h) Herri lana erabiltzeko aldi baterako baldintzak ezartzea, interes orokorreko egoera bereziei konponbidea emateko beharrezkoak direnean. Bidezkoa bada, kalte-ordaina eman beharko du.

i) Antolamendu juridikoan aitortzen zaizkion gainerakoak edo administrazio klausula partikularren orrian zehazten direnak.

162. artikulua. Herri lanaren aldaketa.

1. Interes publikoak hala eskatzen duenean, administrazioak herri lana aldatzea edo handitzea erabaki ahal izanen du, bai eta emakidaren xedearekin zuzeneko zerikusia duten obra osagarriak egitea ere, emakidak indarrean dirauen bitartean. Behar izanez gero, ekonomi eta finantza plana berrikusi eginen da inguruabar berriei egokitzeko.

2. Aldaketak emakidaren oreka ekonomikoari eragiten badio, 157. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

3. Beren ezaugarri fisiko eta ekonomikoak direla-eta ustiapen bereizia ahalbidetzen duten aldaketen kasuan beste lizitazio bat eginen da, haiek egin eta ustiatzeko.

163. artikulua. Emakidan esku hartzea.

1. Kontratazio organoak, emakidadunari entzun ondoren, emakida bahitzea erabaki ahal izanen du baldin eta emakidadunak, berarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik, denbora baterako ezin badio aurre egin herri lanaren ustiapenari eta horrek gizarteari kalte larria eragiten badio, edo bere betebeharren ez-betetze larria eginez ustiapena arriskuan jartzen badu. Kontratazio organoaren erabakia emakidadunari jakinaraziko zaio, eta horrek ezartzen zaion epean akatsa zuzentzen ez badu, bahiketa erabakia bete eginen da. Halaber bahiketa erabaki ahal izanen da foru lege honetan jasotako gainerako kasuetan, eta bertan aurreikusitako ondorioak sortuko dira.

2. Bahiketa buruturik, administrazioak berak ustiatuko du herri lana eta ezarritako kontraprestazioa jasoko du. Emakidadunaren langileak eta materialak erabili ahal izanen ditu. Administrazioak kontu- hartzaile bat edo gehiago izendatuko du, enpresa emakidadunaren zuzendaritzako langile guztien edo batzuen ordez jarduteko. Bahitutako herri lana emakidadunaren kontura eta arriskura ustiatuko da, eta bahiketa aldia amaitzen denean emakidadunari itzuliko zaio, gastu guztiak (kontu-hartzaileen ordainsariak barne) ordaindu ondoren geratzen den saldoarekin, eta ezarritako zigorren zenbatekoa kenduta, halakorik bada.

3. Bahiketa aldi baterakoa izanen da eta kontratazio organoak erabakiko du zenbat iraunen duen. Gehienez ere hiru urte iraun ahal izanen du, balizko luzapenak barne. Administrazioak, ofizioz edo emakidadunak eskaturik, bahiketa bertan behera uztea erabakiko du haren kausak desagertu direla egiaztatzen denean eta emakidadunak herri lana behar bezala ustiatzen jarraitzeko moduan dagoela frogatzen duenean. Bahiketarako ezarritako epea iraganik, emakidadunak bere betebehar guztiak beteko dituela bermatu ez badu, kontratazio organoak emakida kontratua suntsiaraziko du.

4. Emakidadunaren ez-betetzeak ustiapenerako eragozpen larriak sortu arren emakida bahitzea bidezkoa ez den kasuetan, administrazioak emakidaren kudeaketan esku hartu ahal izanen du; hau da, kudeaketa ekonomiko-finantzarioko zenbait egintza burutzeko baimena eskatu beharra ezarri ahal izanen du. Horretarako, esku hartzeko araubidea ezartzen duen ebazpenean kontu-hartzailea izendatuko da eta haren ordainsariak emakidadunaren kontura izanen dira. Ebazpen hori artikulu honetako 1. idatz-zatian xedatutakoari jarraituz izapidetuko da.

Esku-hartzeak gehienez bost urte iraunen du. Epe hori amaitutakoan administrazioak emakida bahituko du, edo bestela, emakidaren ustiapen egokia bermatuta egonez gero, esku-hartzearen araubidea kenduko du.

SEIGARREN ATALA

Emakidaren amaiera

164. artikulua. Emakida amaitzearen ondorioak.

1. Emakidadunak administrazio emakida-emaileari itzuli beharko dizkio emakidako obrak, ongi zainduta eta erabiltzeko egoera egokian, bai eta haiek ustiatzeko behar diren ondasun eta instalazioak ere, kontratuan ezarritakoaren arabera. Hori guztia harrera aktan agertuko da.

2. Merkataritzako ustiapenerako eremurik badago, bertako ondasun eta instalazioak ere administrazio emakida-emaileari emanen zaizkio, aurreko idatz-zatian esandako egoera berean eta baldintza berak betez.

3. Emakidari eta haren merkataritza eremuen ustiapenari lotutako kontratu guztiak ere amaitu eginen dira.

165. artikulua. Emakida suntsiarazteko arrazoiak.

1. Foru lege honetan orokorki ezarritakoez gain, honako hauek emakida suntsiarazteko kausak dira: a) Emakida-emailea eta emakidaduna ados jartzea.

b) Emakida bahituta egon daitekeen gehieneko epearen amaieran kontratistak bere betebehar guztiak beteko dituela bermatu ez izana.

c) Kontratazio organoa sei hilabete baino luzeagoa den epean berandutzea, kontratu bidez obligaziozko dituen kontraprestazioa, lurrak edo baliabide lagungarriak kontratistari entregatzean.

d) Kontratazio organoak herri lanaren ustiapena erreskatatzea. Erreskatea da organo kontratatzaileak bere kabuz eta bere zuhurtziaren arabera emakidari amaiera ematen diola adieraztea, titularraren kudeaketa egokia izan arren.

e) Herri lana ustiatzeari uztea, interes publikoko arrazoiengatik.

f) Administrazio emakida-emaileak kontratuaren ondoren hartutako erabakien ondorioz, herri lanaren ustiapena ezinezkoa izatea.

g) Abandonua, aldeetako batek uko egitea eta emakidadunak kontratuko bere betebehar funtsezkoak eta zerbitzuaren kalitatearen gutxieneko maila ez betetzea.

2. Aldeek suntsiarazpena adostu ahal izanen dute baldin eta emakida emakidadunaren arau-hauste larriagatik bahituta ez badago eta interes publikoko arrazoiak direla-eta kontratuaren iraupena beharrezkoa edo komenigarria ez bada.

3. Sozietate emakidadunak enpresen fusioren batean parte hartzen badu, beharrezkoa izanen da aurretiaz administrazio baimena eskuratzea, entitate bereganatzaileak edo bat-egitearen ondorioz sortzen den entitateak emakidari eutsi ahal diezaion eta emakidak sortutako eskubide eta betebehar guztietan subrogatu ahal dadin.

4. Enpresak zatitu, ekarri edo eskualdatzen diren kasuetan, dena delako eragiketaren ondorioz sortzen den entitateak edo entitate onuradunak kontratuari eutsi ahal izanen dio baldin eta kontratazio organoak horretarako baimena ematen badu berariaz, emakida esleitzeko ezarritako baldintzak gogoan, inguruabar horiek gertatzen direnean emakida-negozioa noraino dagoen garaturik kontuan hartuta.

166. artikulua. Suntsiarazpenaren ondorioak.

1. Emakida suntsiarazten denean, administrazioak emakidadunari ordainduko dio lurrak desjabetzeko, eraikuntza obrak egiteko eta emakidaren ustiapenerako behar diren ondasunak eskuratzeko egindako inbertsioen zenbatekoa. Horretarako, kontuan hartuko da haien amortizazio gradua, emakida amaitzeko geratzen den denboraren eta ekonomi eta finantza planean ezarritakoaren arabera. Ordaindu beharreko zenbateko hori sei hilabeteko epean finkatuko da, administrazio klausula partikularren orrian beste epe bat ezarri ezean. Emakidadunak bere baliabideen artean hirugarrenen finantzaketa izan badu, haiekiko betebeharrak bete ondoren geratzen dena baino ez zaio ordainduko.

2. 165.1 artikuluko c) letran azaltzen den kasuan, emakidadunak kontratua suntsiarazi ahal izanen du eta hurrengo idatz-zatian ezarritako ondorioak sortuko dira; edo bestela zor zaizkion diru- kopuruen edo hitzartutako balio ekonomikoen legezko korrituak ordaintzeko eskatu ahal izanen du, alegia, kontraprestazioa betetzeko edo itundutako ondasunak emateko ezarritako epea mugaeguneratzen denetik aurrera sortutako korrituak.

3. 165.1 artikuluko d), e) eta f) letretan azaltzen diren kasuetan, artikulu honetako 1. idatz-zatian xedatutakoa ezertan ukatu gabe, administrazio emakida-emaileak emakidadunari kalte-ordaina emanen dio eragindako kalte eta galerengatik. Kalte-ordainaren zenbatekoa zehazteko orduan, kontuan hartuko dira emakidadunak etorkizunean lor zitzakeen eta jasoko ez dituen mozkinak, eta horretarako azken bost urteetako ustiapenaren emaitzak aztertuko dira, ahal bada. Administrazioari eman behar ez dizkion obra eta instalazioen balio galera ere kontuan hartuko da, haien amortizazio graduari erreparatuta.

4. Kontratua emakidadunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik suntsiarazten denean, fidantza inkautatuko zaio eta, gainera, kontratazio organoari egindako kalteak eta galerak ordaindu beharko dizkio, inkautatutako bermearen zenbatekoa gainditzen duten kopuruan. Gainera, beraren erruz emakida suntsiarazi izanaren ondorioz eman beharreko kalte-ordainen erantzulea izanen da.

5. Kontratua aldeen arteko adostasunez suntsiarazten denean, aldeen eskubideak haien artean modu baliozkoan hitzartutakoari lotuko zaizkio.

III. KAPITULUA

Zerbitzuen emakida kontratua

167. artikulua. Zerbitzuen emakida kontratua.

1. Aurreko kapituluan ezarritakoa zerbitzuen emakida kontratuari ere aplikatuko zaio, kontratu mota horren izaerarekin bateragarria izanez gero.

2. Kontratua emakidadunaren arrisku eta menturara gauzatuko da. Hori gorabehera, administrazio klausula partikularren orrian aurreikusi ahal izanen da administrazioak ekarpenak egitea.

3. Zerbitzuen emakidarako edozein kontratu egin aurretik, zerbitzua ustiatzeko proiektua eta, behar izanez gero, obra lagungarrien proiektua egin eta onetsi beharko ditu administrazioak, eta azken kasu horretan herri lanen emakidari buruzko manuak aplikatuko dira.

4. Ez zaio kontratu mota honi aplikatuko Europar Batasuneko publizitatearen betebeharra, balio zenbatetsiak Europar Batasuneko atalasea gainditu arren.

5. Emakidaren esparruan hirugarrenei esleitzen zaizkien hornidura kontratuek nazionalitateagatiko bereizkeriarik ezaren printzipioa errespetatu beharko dute.

IV. KAPITULUA

Hornidura kontratua

168. artikulua. Produktuak fabrikatzeko kontratuak. Administrazioak zehaztutako ezaugarri bereziak izan behar dituzten produktuak fabrikatzeko kontratuak egiten direnean, horien araubide juridikoa administrazio klausula partikularren orrietan zehaztuko da, obra kontratuari buruzko arauen aplikazio analogikoaren bidez.

169. artikulua. Errentamendua eta luzapena.

Hornidura kontratua errentamendu motakoa denean, kontratistak bere gain hartuko du kontratuaren xede den produktua mantendu beharra. Mantentze kanona ordaindu behar den kasuetan, kontzeptu horrengatik ordaintzen diren kopuruak eta errentamenduaren zenbatekoa bereiz finkatuko dira, gastua kontabilizatzearen ondorioetarako.

Errentamenduan, espresuki emandako luzapena baizik ez da zilegi izanen, eta luzapen horren epea kontratuaren hasierako indarraldiaren erdia izanen da gehienez ere.

170. artikulua. Epea.

Oro har, hornidura kontratuek gehienez lau urteko epea izanen dute, luzapen guztiak barne direla.

171. artikulua. Informazioaren tratamendurako ekipo edo sistemen hornidura kontratuak.

1. Halaber hornidura kontratuak izanen dira informazioa tratatzeko ekipo eta sistemak, haien dispositiboak eta programak erosi edo errentatzeko kontratuak eta azken horien erabilera eskubidea lagatzekoak, bai eta telekomunikazioetako ekipo eta sistemenak ere.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, neurrira egiten diren ordenagailu-programak erosteko kontratua laguntza kontratutzat joko da.

2. Halaber, informazioa tratatzeko ekipoak eta sistemak, haien dispositiboak eta programak mantentzea ere horniduratzat joko da, erosketarekin edo errentamenduarekin batera kontratatzen denean.

3. Foru lege honen aplikazioaren ondorioetarako, ulertuko da:

a) Informazioa tratatzeko ekipoak direla makinak edo makina eta dispositibo multzoak, daudela elkarri loturik edo ez, informazioaren erabilera helburu batzuetarako prestatzeko behar diren eragiketak burutzeko gauza badira.

b) Ordenagailuko programa dela jarraibide edo adierazpide sekuentzia oro, sistema informatiko batean zuzenean edo zeharka erabilia izateko bada, edo eginkizun edo jarduera bat egiteko edo emaitza jakin bat lortzeko, edozein delarik ere hura adierazten eta finkatzen deneko era.

c) Programazioa dela programak sortu, aztertu, idatzi eta probatzeko eginkizunen multzoa, bai eta zerbitzu bat abian jartzeko eta klausula partikularren kasuan kasuko orrian zehazten diren lan guztiak burutzeko behar diren prestaketa jarduerak ere bai.

d) Informazioa tratatzeko sistemak direla informazioa sartu, prozesatu, bildu, atera eta kontrolatzeko gai diren ekipo eta programez osaturiko sistemak, datu bidezko eragiketen sekuentzia bat burutzea xede dutenak. e) Telekomunikazioetako ekipo eta sistemak direla informazioa arau tekniko jakinen arabera eta bide elektroniko, informatiko eta telematikoetatik igorri, garraiatu eta trukatzeko dispositiboen multzoak.

4. Horrelako hornidurak erosteko prozedura murriztuetan, administrazio klausula partikularren orrian honakoa ezarri ahal izanen da: aurkezten diren eskaintzen balioespenean begiratu egin behar dela ea eskaintza egokia den orri horretan oinarrizkotzat jotzen diren eginkizunetarako, eta esleipenik lortzen ez duten lizitatzaileei diruzko konpentsazioa eman behar zaiela lizitazioan egindako lan eta probengatik.

172. artikulua. Entrega eta harrera.

1. Kontratista beharturik dago horniduraren xede diren ondasunak entregatzera kontratuan finkatutako denboran eta tokian, administrazio klausula partikularren orrian xedatutakoari jarraituz. Kontratistaren berandutza gerta dadin ez da behar izanen aurretik administrazioak hari ohartarazpena egitea.

Kontrako ituna salbu, horniduraren xede diren ondasunak hitzarturiko lekura garraiatzeko eta entregatzeko gastuak kontratistaren kontura izanen dira.

2. Kontratistak ez du eskubiderik izanen kalte-ordainik jasotzeko administrazioari ondasunak entregatu aurretik haietan izandako galera, matxura edo kalteengatik, salbu eta, jasotzean, administrazioa berandutu egin denean.

3. Ondasunak jasotzeko egintza formala horiek entregatu ondotik egiten denean, administrazioa izanen da horien zaintzeaz arduratuko dena bi egintza horien arteko denboran.

Harrera formala egiteko orduan ondasunak hartuak izateko egoeran ez badaude, horrela jasoko da harrera aktan eta kontratistari agindu zehatzak emanen zaizkio ikusitako akatsak zuzentzeko edo beste hornidura bat egiteko, itunduaren arabera. Gainera, bidezko diren zigorrak ezarri ahal izanen dira.

173. artikulua. Prezioaren ordainketa eta ondasunetan ordaintzea.

1. Kontratistak eskubidea izanen du egiaz eman eta administrazioak formalki hartutako horniduren prezioaren ordainketa jasotzeko, kontratuan ezarritako baldintzetan.

2. Espedientean behar bezala justifikatutako arrazoi teknikoak edo ekonomikoak direla eta, administrazio klausula partikularren orrian ezarri ahal izanen da kontratuaren prezioaren zati bat dirutan ordaindu ahal izanen dela eta bestea mota bereko beste ondasun batzuk emanez, azken horien zenbatekoa inolaz ere izan gabe prezioaren 100eko 50etik gorakoa.

3. Administrazioak ondasunak entregatzeko erabakia kontratazio organoak hartuko du, hornidura kontratua esleitzeko erabiltzen den prozedura berarekin, eta erabaki horrek, berez, inbentarioko baja ekarriko du eta, hala behar denean, dagozkion ondasunak desafektatzea.

Kontratuaren prezioaren zati bat ordaintzeko administrazioak ondasunak ematen dituenean, kontratua esleitzeko irizpideetako bat hauxe izanen da: lizitatzaileak zenbateko portzentajea onartuko duen ondasun erabilien bidez ordaintzea, prezio osoaren aldean. 174. artikulua. Akatsak edo hutsak berme-epean.

1. Berme-epean frogatzen bada hornidurako ondasunetan akatsak edo hutsak daudela, administrazioak eskubidea izanen du kontratistari desegokiak direnak ordeztu ditzan edo, aski bada, horiek konpon ditzan eskatzeko.

2. Berme-epean zehar administrazioak pentsatzen badu hornidurako ondasunak nahi den helbururako gai ez direla, kontratistari egozten ahal zaizkion akats edo hutsengatik, eta helburu hura lortzeko aipatu ondasunak ordeztea edo konpontzea aski izanen ez delako ustea badago, ondasunak hartzeari uko egin ahal izanen dio, aipatu epea amaitu baino lehen, kontratistaren kontura utzirik, eta ordaintzeko betebeharraz salbuetsita geldituko da, edo, kasua bada, ordaindutako prezioa berreskuratzeko eskubidea izanen du.

175. artikulua. Kontratuaren suntsiarazpena.

1. Hornidura kontratua suntsiarazteko kausak dira, berariaz:

a) Horniduraren hasiera etetea, administrazioari egozten ahal zaion arrazoiagatik, sei hilabete baino luzeagoa den epean, entregarako ipini den datatik, salbu administrazio klausula partikularren orrian epe laburragoa ipintzen bada.

b) Horniduran atzera egitea edo kontratazio organoak urtebete baino luzeagoa den epean hornidura etetea erabakitzea, salbu administrazio klausula partikularren orrian epe laburragoa ipintzen bada.

2. Kontratua suntsiarazteak erakarriko du ondasunak eta egindako ordainketen zenbatekoak elkarri itzultzea, eta hau administrazioarendako posible edo komenigarri ez bada, honek ordaindu beharko du adostasunez jasotako horniduren prezioa.

3. Artikulu honetako 1. idatz-zatiko a) letran azaltzen den kasuan kontratua suntsiaraziz gero, kontratistak kontratuaren zenbatekoaren 100eko 3ko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea baizik ez du izanen.

4. Artikulu honetako 1. idatz-zatiko b) letran azaltzen den kasuan, kontratistak bertan behera geratu diren entregen zenbatekoaren 100eko 6 jasotzeko eskubidea izanen du, industri mozkinagatik.

V. KAPITULUA

Laguntza kontratua

LEHENBIZIKO ATALA

Xedapen orokorrak

176. artikulua. Mugak.

1. Ezin izanen dira laguntza kontratuaren xede izan agintea edo botere publikoei berez dagozkien bestelako botereak erabiliz egin behar diren zerbitzuak, ez eta zerbitzu-emakidaren xede bera dutenak ere. 2. Obra eta instalazioen egitea zaindu, gainbegiratu, kontrolatu edo zuzentzeko laguntza kontraturik ezin izanen da egin obra horien esleipena duten enpresekin eta foru lege honetan enpresa lotuez emandako definizioaren arabera haiei loturik dauden enpresekin, salbu eta administrazio klausula partikularren orrian besterik xedatzen denean, arrazoi justifikatuengatik.

Halaber ezin izanen da laguntza kontraturik egin aldi baterako laneko enpresekin.

3. Laguntza kontratuen xedea baldin bada jabetza industrial edo intelektualeko eskubide baten bitartez babes daitezkeen produktuak neurrira egitea, kontratazio organoak ustiapen ekonomikorako eskubide guztiak eskuratuko ditu, beren lurralde- eta denbora-hedadurarik handienarekin, administrazio klausulen orrietan bestelakorik ezarri ezean.

177. artikulua. Indarraldia.

1. Laguntza kontratuek gehienez lau urteko indarraldia izanen dute, luzapen guztiak barne direla. Luzapenak espresuki eman beharko dira.

Gauzatu ahal izateko urte anitzeko gastu konpromisoak behar dituzten laguntza kontratuetan, administrazio kontratatzaileari aplikatu beharreko aurrekontu legeetan adierazten diren baldintzak eta mugak ezarriko dira.

2. Aurreko idatz-zatian xedatutakoa deusetan galarazi gabe, kontratu horiek bestelako obra edo hornidura kontratuen osagarri direnean, indarraldi luzeagoa izan ahalko dute, baina kontratu nagusiaren iraupena gainditu gabe, salbu eta kontratu nagusiaren kitapenarekin loturiko lanak dauzkaten kontratuetan, horien azkeneko epea harena baino luzeagoa izanen baita, lan horiek burutzeko behar adina, alegia.

Ondorio horietarako, lan osagarritzat joko dira kontratu nagusiaren xede diren prestazioak egoki egiteko beharrezkotzat jotzen den xedea dutenak.

3. Administrazioari laguntza juridikoa emateko eta hura auzietan defendatzeko kontratuetan ez da aplikatuko artikulu honetako 1. idatz-zatian ezarritako muga; kontratuak behar adina iraun ahal izanen du, kasuko prozedura administratibo edo judizialak behin betiko amaitu arte.

178. artikulua. Proiektuaren akatsen ondorioz obren aurrekontua aldatzen denean eman beharreko kalte-ordainak.

1. Proiektuan aurreikusitako obra egiteko aurrekontuan kostu errealaren 100eko 20 baino gehiagoko aldea, bai goitik zein behetik, gertatzen bada, proiektuaren egileari leporatu ahal zaizkion akats edo omisioen ondorioz, kalte-ordain sistema bat ezarri ahal izanen da administrazio klausula partikularren orrian, alegia, proiektua egiteko kontratuaren prezioa jaistea aldearen portzentajearen arabera, gehienez ere erdira murriztuz.

2. Kalte-ordainen baremoa honakoa izanen da:

a) Aldea 100eko 20tik gorakoa eta 100eko 30etik beherakoa bada, kontratuaren prezioaren 100eko 30eko kalte-ordaina emanen da. b) Aldea 100eko 30etik gorakoa eta 100eko 40tik beherakoa bada, kontratuaren prezioaren 100eko 40ko kalte-ordaina emanen da.

c) Aldea 100eko 40tik gorakoa bada, kontratuaren prezioaren 100eko 50eko kalte-ordaina emanen da.

3. Kontratistak kalte-ordain horren zenbatekoa ebazpena jakinarazten denetik hilabeteko epean ordaindu beharko du. Espedientea izapidetu eta interesatuari entzutea hartu ondoren emanen da ebazpena.

179. artikulua. Proiektuaren akats edo hutsengatiko erantzukizuna.

1. Aurreko artikuluan xedatutakoa galarazi gabe, kontratistak erantzukizuna izanen du baldin eta administrazioari nahiz hirugarrenei kalte edo galerarik eragiten bazaie obrak egiten edo ustiatzen diren bitartean, proiektuaren akatsen edo hutsune teknikoen ondorioz edo kontratistari egozten ahal zaizkion akats material, omisio eta lege edo erregelamenduen kontrako arau-hausteen ondorioz.

2. Kontratistari eskatzen ahal zaion erantzukizunaren ondoriozko kalte-ordainaren zenbatekoa eragindako kalte-galeren zenbatekoaren 100eko 50 izanen da, betiere proiektuaren prezio itundua halako bost gehienez, eta hori jasotzen denetik hamar urte iragan arte eskatu ahal izanen da. Hirugarrenei kalte-ordain gehiago eman behar bazaie, administrazioaren kontura izanen da.

180. artikulua. Kontratuak betetzea eta harrera.

1. Kontratista izanen da egindako lanen kalitate teknikoaren eta egindako prestazioen eta zerbitzuen erantzulea, bai eta kontratuaren gauzatzean izandako omisioak, hutsegiteak, metodo desegokiak edo zuzenak ez diren ondorioak direla-eta administrazioari edo hirugarrenei eragindako ondorioena ere.

2. Kontratistaren prestazioek ez badituzte hartuak izateko baldintzak betetzen, kontratistari idatziz jarraibide egokiak emanen zaizkio, ikusitako akatsak zuzendu eta bere betebeharrak bete ditzan horretarako ezarriko zaion epean. Ez da bidezkoa izanen prestazioak hartzea harik eta jarraibide horiek bete arte, eta harrera egiten denean dagokion akta eginen da.

181. artikulua. Kontratuaren suntsiarazpena.

1. Laguntza kontratua suntsiarazteko kausak dira, berariaz:

a) Kontratuaren hasiera etetea, administrazioari egozten ahal zaion arrazoiagatik, sei hilabete baino luzeagoa den epean, kontratuan bere hasierarako ipinitako datatik, salbu administrazio klausula partikularren orrian epe laburragoa ipintzen bada.

b) Kontratuari uztea edo administrazioak urtebete baino luzeagoa den epean etetea erabakitzea, salbu administrazio klausula partikularren orrian epe laburragoa ipintzen bada.

2. Kontratu osagarriak suntsitu eginen dira, betiere, kontratu nagusia suntsiarazten denean.

3. Kontratua suntsiarazteak eskubidea emanen dio kontratistari, edozein kasutan, kontratuaren arabera benetan egin dituen eta administrazioak hartu dituen lanen prezioa jasotzeko. 4. Artikulu honetako 1. idatz-zatiko a) letran azaltzen den kasuan kontratua suntsiaraziz gero, kontratistak kontratuaren zenbatekoaren 100eko 3ko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea baizik ez du izanen.

5. Artikulu honetako 1. idatz-zatiko b) letran azaltzen diren suntsiarazpen kasuetan, kontratistak egin gabe geratuko diren lanen zenbatekoaren 100eko 6 jasotzeko eskubidea izanen du, lor zezakeen mozkinagatik.

BIGARREN ATALA

Obren proiektua egiteko eta obren zuzendaritza fakultatiborako laguntza kontratuak batera esleitzea

182. artikulua. Obren proiektua egiteko eta obren zuzendaritza fakultatiborako laguntza kontratuak batera esleitzea.

1. Obra proiektuaren prestaketa eta obren zuzendaritza fakultatiboa, biak batera lizitatu eta esleitu ahal izanen ditu administrazioak.

Lizitazio prozedura horri amaiera ematen dion ebazpenean proiektuaren prestaketa esleitu eta gastua onetsiko da, eta zuzendaritza fakultatiboa ere esleituko da, onetsitako proiektuan oinarrituta esleitu behar den obra kontratua esleitzearen baldintzaren pean. Baldintza hori administrazio klausula partikularren orrian jasoko da.

2. Beraz, 1. idatz-zatian xedatutakoaren ondorioz, obren zuzendaritza fakultatiboari dagokion gastua fiskalizatuko da obra kontratua esleitu eta gero, eta ordura arte ez da inolako eskubiderik sortuko proiektua egin duenarentzat.

HIRUGARREN ATALA

Proiektuen lehiaketa

183. artikulua. Proiektuen lehiaketa.

1. Plan edo proiektuak egiteko, bereziki lurralde antolamenduaren, hirigintzaren, arkitekturaren, ingeniaritzaren eta datu-prozesamenduaren arloetan, administrazioak proiektuen lehiaketa erabili ahal izanen du, zeinean esku hartzen baitu proiektuen lehiaketako parte-hartzaileekin loturarik ez duten pertsona fisikoek bakarrik osatutako epaimahai batek.

2. Lehiaketaren aurretik, kontratazio organoak lehiaketa egiteko arauak onetsiko ditu eta deialdiaren iragarkia argitaratuko du. Iragarkia zer agerkaritan argitaratu behar den zehazteko, parte- hartzaileentzat ezartzen ahal diren sari edo ordainketen balioari erreparatuko zaio. Lehiaketaren ondoriozko kontratuen zenbatekoa konputatuko da, halakorik bada.

Lehiaketaren zenbatekoa, BEZa aparte, 211.000 eurokoa edo gehiagokoa denean, iragarkia argitaratuko da Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean, ezarritako eredu ofizialei jarraituz.

3. Lehiaketa irekia egin ahal izanen da, edo bestela aukeraketa egin ahal izanen da aurretiaz. Lehiaketaren aurretik hautagaiak aukeratzea erabakitzen bada, aukeratzeko irizpideek argiak, objektiboak eta bereizkeriarik gabekoak izan beharko dute. Lehiaketa egiteko arauetan ezarriko da zenbat hautagairi eginen zaien gonbita proiektua aurkezteko. Bost puntuaziorik onenak lortzen dituzten hautagaiak gonbidatu beharko dira, gutxienez ere.

4. Proiektuak izenik gabe aurkeztuko dira eta aurkezleen izenak ez dira jakinen harik eta epaimahaiak bere irizpena edo erabakia aditzera eman arte.

5. Epaimahaiak askatasun osoz emanen ditu bere erabaki edo irizpenak, eta lehiaketari buruzko iragarkian adierazitako irizpideak baizik ez du erabiliko. Hala ere, sektoreko araudiari jarraituz berariazko lanbide kualifikazioa eskatzen bada, epaimahaiko kideen herenak, gutxienez, lanbide kualifikazio hori edo baliokidea eduki beharko du.

Epaimahaiko kideak administrazio prozedura arautzen duen legerian ezarritako abstentzio edo errefusatze kausei lotuta egonen dira.

6. Epaimahaiak lehiaketaren emaitzari buruzko txostena emanen du, kide guztiek sinatua. Bertan adieraziko da proiektu bakoitzak lehiaketako arauekin bat etorriz duen sailkapena, eta behar diren ohar eta gainerako argibideak erantsiko dira.

7. Proiektuen lehiaketa baten irabazleari kontratuak esleitzeko, lehiaketaren jarraipena baldin badira eta baldintzetan aurreikusirik badago, Europar Batasunean publizitaterik ez duen prozedura negoziatua erabili ahal izanen da. Irabazle bat baino gehiago egonez gero, guztiei egin beharko zaie negoziazioan parte hartzeko gonbita.

BIGARREN LIBURUA

Beste subjektu eta entitate batzuen kontratu publikoak

TITULU BAKARRA

184. artikulua. Aplikazio eremua.

Obra, hornidura eta laguntza kontratuak eta herri lan eta zerbitzuen emakidak 2.1 artikuluko e) eta f) letretan aipatutako pertsona eta entitateek egiten dituztenean, liburu honetako xedapenen arabera prestatu eta esleitu beharko dira, eta haien ondorioei eta amaierari dagokienez, zuzenbide zibileko edo merkataritza zuzenbideko xedapenek arautuko dituzte, ezertan galarazi gabe hurrengo liburuan erreklamazioetarako ezarritako araubidea.

185. artikulua. Baldintza arautzaileak.

Kontratua esleitu baino lehen, entitate kontratatzaileek kontratua arautuko duten oinarrizko baldintza juridiko, ekonomiko eta teknikoak ezarriko dituzte.

Baldintza arautzaileetan eta, lehia-elkarrizketa badago, deskripzio agirian, esleipenerako irizpideetako bakoitzari dagokion ponderazio erlatiboa ezarriko da. Ponderazio hori balio-tarte egokia finkatuz adierazi ahal izanen da.

Bidezko arrazoiak direla medio ezin bada esleipen irizpideen ponderaziorik ezarri, garrantziaren arabera ordenatuko dira, garrantzi handiena duen irizpidetik hasita beheranzko hurrenkeran. Halaber irizpideetako baten bat funtsezkoa den edo horietakoren batean eskaintzak onartzeko gutxieneko puntuazioa eskatuko den zehaztu ahal izanen dute, deusetan galarazi gabe teknikoki desegokiak diren edo kontratuko prestazioa behar bezala bermatzen ez duten eskaintzak baztertzeko ahalmena.

Baldintza arautzaileetan adierazi beharko da lizitatzaileek helbide elektroniko bat eman behar dutela, kontratazio publikoaren arloko erreklamazioa jartzen bada jakinarazpenak bide telematikoetatik egin ahal izateko.

186. artikulua. Agindu teknikoak.

Agindu teknikoak 46. artikuluko 2, 3 eta 4. idatz-zatietan xedatutakoari jarraituz formulatuko dira eta 48. artikuluetan ezarritako moduan jakinarazi beharko dira.

Haien aplikazioan ezin izanen da lehia librerako oztopo teknikorik ezarri, 47. artikuluan xedatutakoaren arabera.

187. artikulua. Kontratuak gauzatzeari buruzko betekizun sozialak edo ingurumenaren arlokoak.

Entitate kontratatzaileek betekizun zehatzak, sozialak edo ingurumen arlokoak, ezarri ahal izanen dituzte kontratuen gauzatzerako, 49. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

188. artikulua. Esleipen prozedurak.

1. Liburu honetan araututako kontratuak prozedura hauetako baten bidez esleituko dira:

a) Prozedura irekia.

b) Prozedura murriztua.

c) Prozedura negoziatua.

d) Lehia-elkarrizketa.

2. Prozedura negoziatua eta lehia-elkarrizketa foru lege honetan aurreikusitako kasuetan baizik ezin izanen dira erabili.

3. Ekonomia eta efizientzia helburu, akordioa egin ahal izanen da obra, hornidura edo laguntza kontratu batzuen baldintzak enpresa batekin edo gehiagorekin batera ezartzeko. Esparru-akordioa deituko zaio.

4. Kontratazioaren kudeaketa hobetze aldera, erosketa sistema dinamiko eta norgehiagoka elektroniko deritzen prozesu elektronikoak baliatu ahal izanen dira, foru lege honetan berariaz aurreikusitako kasuetan.

5. Publizitatea eta lehia 83. artikulutik 90.era bitartekoetan xedatutakoari lotuko zaizkio.

189. artikulua. Prozedura irekia. 1. Prozedura irekian, 64. artikuluak definitzen duen horretan, lizitazio iragarkia argitaratuko da, eta Nafarroako Kontratazioaren Atarian eskura egonen dira kontratua arautzen duten baldintza guztiak. Baldintza horiez gain agiri gehiago kontsultatu beharra badago, eta obra proiektuetan ere bai, Atari horretan agertuko da zein helbidetan eskuratzen ahal diren agiri gehigarriak.

2. Eskaintzak sekretuak izanen dira irekitzen diren arte. Idatziz aurkeztuko dira eta aparteko gutunazalean lizitatzailearen gaitasuna eta kaudimena egiaztatzeko agiriak erantsiko zaizkie.

3. Esleipenerako irizpidea eskaintza onuragarrienarena denean, eskaintza bi gutunazaletan aurkeztuko da, eskaintzen den prezioa alde batetik eta eskaintzaren gainerako baldintzak bestetik bereiziz. Prezioa isilpean gordeko da jendaurrean irekitzen den arte, eta eskaintzaren gainerako proposamenak ere isilpean gordeko dira entitate kontratatzaileak irekitzen dituen arte.

190. artikulua. Prozedura murriztua.

1. Prozedura murriztuan, 67. artikuluak definitzen duen horretan, lizitazio iragarkia argitaratuko da, eta Kontratazioaren Atarian eskura egonen dira baldintza arautzaile guztiak.

2. Lizitatzaile interesatuek parte hartzeko eskabidea aurkeztu beharko dute, beren gaitasuna eta kaudimena egiaztatzeko agiriekin batera. Entitate kontratatzaileek eskaintzak aurkezteko gonbita egin behar zaien enpresak aukeratuko dituzte. Aukeraketa horren oinarri izanen diren irizpide objektiboak baldintza arautzaileetan azalduko dira.

3. Gonbitak idatziz eginen dira eta denak aldi berean igorriko dira. Gutxienez informazio hau edukiko dute:

a) Argitaratutako lizitazio iragarkiaren edo iragarkien aipamena.

b) Eskaintzak aurkezteko azken eguna.

c) Nora bidali behar diren eskaintzak eta zein hizkuntzatan idatzi behar diren.

d) Eskaintzak irekitzeko jendaurreko ekitaldirako jarraibideak.

4. Lizitatzaileek aurkezten dituzten eskaintzak sekretuak izanen dira jendaurrean irekitzen diren arte. Prozedurako esleipen irizpidea eskaintza onuragarriena denean, eskaintza bi gutunazaletan aurkeztuko da, eskaintzen den prezioa alde batetik eta eskaintzaren gainerako baldintzak bestetik. Prezioa izan ezik, eskaintzaren alderdi guztiak jendaurreko irekiera ekitaldiaren aurretik balioetsiko dira, eta balorazioa ekitaldi horretara joaten diren lizitatzaileei jakinaraziko zaie, eskainitako prezioa ireki baino lehen.

191. artikulua. Prozedura negoziatua.

Prozedura negoziatua, 70. artikuluan definitu den hori, Europar Batasunean publizitatea izanik edo izan gabe izapidetu ahal izanen da.

Negoziazioan zehar lizitatzaile guztiei tratu berdina emanen zaie. Bereziki, ez da bereizkeriazko informaziorik emanen, hau da, lizitatzaile batzuei besteen aldean mesede egin diezaiekeen informaziorik, eta negoziatzeko gonbit guztiak idatziz egin eta aldi berean igorriko direla bermatuko da.

192. artikulua. Europar Batasunean publizitatea duen prozedura negoziatua.

1. Europar Batasunean publizitatea duen prozedura negoziatua erabiltzea bidezkoa izanen da 71. artikuluan adierazitako kasuetan.

2. Europar Batasunean publizitatea duen prozedura negoziatua erabiltzen denean, iragarkia argitaratuko da Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Kontratazioaren Atarian. Iragarki horretan baldintza arautzaile guztiak agertuko dira, interesa izan dezakeen edonoren eskura.

3. Prozeduran parte hartzeko eskabideekin batera, gaitasuna eta kaudimena egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko dira. Entitate kontratatzaileek parte hartzera gonbidatuko dituzte aurkeztutako hautagai guztiak, salbu eta iragarkian lizitatzaileen kopuru mugatua jartzen denean, betiere muga hori baldintza arautzaileetan aurreikusita egonez gero. Nolanahi dela ere, lizitatzaileen kopurua ezin izanen da hiru baino gutxiagokoa izan, ez eta lizitazio iragarkian adierazten den gehieneko kopurua baino gehiagokoa ere.

4. Entitate kontratatzaileek idatziz eta aldi berean gonbidatuko dituzte aurkeztutako hautagai guztiak edo, hala denean, aukeratutako enpresak. Gonbitean ondoko informazioak agertuko dira gutxienez ere:

a) Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarkiaren aipamena.

b) Proposamen edo eskaintzak aurkezteko azken eguna.

c) Nora bidali behar diren proposamenak edo eskaintzak, eta zein hizkuntzatan eginen den prozedura.

5. Proposamenak edo eskaintzak jasorik, lizitatzaileekiko negoziazio prozedurari ekinen zaio.

Hala ere, funtsezko baldintzetan aurreikusi eta lizitazioaren iragarkian hala ohartarazi bada, baldintza horiek aldatu ahal izanen dira, lizitatzaileek aurkeztutako soluzio edo proposamenak onartuz, eta beste kontsulta txanda bat egin ahal izanen da, baztergarria izanen dena, ezarritako esleipen irizpideak erabiliz. Kontsulta txanda baztergarri hori behar adina aldiz errepikatu ahal izanen da, baldin eta azken negoziazioa gutxienez hiru lizitatzailerekin egiten bada.

193. artikulua. Europar Batasunean publizitaterik ez duen prozedura negoziatua.

1. Publizitaterik gabeko prozedura negoziatua erabili ahal izanen da liburu honetan araututako kontratu guztietan, baldin eta kontratuaren balio zenbatetsia Europar Batasuneko atalasetik beherakoa bada. Kontratuaren balio zenbatetsia Europar Batasuneko atalasetik gorakoa izanez gero, prozedura negoziatua 73. artikuluan aipatutako kasuetan soilik erabili ahal izanen da, eta gainera, honako kasuotan:

a) Obra kontratuetan, hasierako proiektuan ageri ez diren obretarako, ezusteko gertaeren ondorioz horiek beharrezkoak badira proiektuko obrak bertan agindu bezala egin ahal izateko eta ezin badira hasierako kontratutik bereizi, teknikoki edo ekonomikoki, entitate kontratatzaileei eragozpen larriak eragin gabe. Betiere obra egiten ari den kontratistari berari eman behar zaio esleipena, eta bi kontratuen zenbateko metatua ezin da izan kontratuaren esleipen prezioaren 100eko 50etik gorakoa.

b) Laguntza kontratuetan, hasierako kontratuan ageri ez diren zerbitzuetarako, zenbait gertaeren ondorioz horiek beharrezkoak badira kontratua bere hartan gauzatu ahal izateko eta ezin badira hasierako kontratutik bereizi, teknikoki edo ekonomikoki, entitate kontratatzaileei eragozpen larriak eragin gabe. Betiere kontratua gauzatzen ari den kontratistari berari eman behar zaio esleipena, eta bi kontratuen zenbateko metatua ezin da izan kontratuaren esleipen prezioaren 100eko 50etik gorakoa.

2. Negoziazio prozesua behar bezala dokumentatuko da, eta aurkeztutako proposamen edo eskaintzak gorde eginen dira. Hala ere, BEZa kontuan hartu gabe 40.000 eurotik beherako balio zenbatetsia duten obra kontratuetan, eta BEZa kontuan hartu gabe 15.000 eurotik beherako balio zenbatetsia duen beste edozein kontratutan, eskatu beharreko agiri bakarra faktura izanen da.

194. artikulua. Lehia-elkarrizketa.

Lehia-elkarrizketa erabili ahal izanen da 75. artikuluan aurreikusitako kasuetan. Horretarako, deskripzio agiria egin beharko da. Bertan ahalik zehatzen azalduko dira estali nahi diren beharrak eta kontratuaren baldintzak. Agiri horretan, halaber, elkarrizketara gonbidatua izateko bete behar diren gutxieneko kaudimen baldintzak jasoko dira. Gainera, agiri horretan sari ekonomikoak eskaini ahal izanen dira parte-hartzea sustatzeko.

Lehia-elkarrizketaren aplikazioan 76. artikuluko 2. idatz-zatitik 8.era bitartekoetan xedatutakoari jarraituko zaio, "administrazioa" aipatzen den lekuetan haren ordez "entitate kontratatzaileak" jarrita.

Kontratua eskaintzarik onuragarrienari esleituko zaio.

195. artikulua. Dokumentazioa zuzentzea eta eskaintzak argitzea.

1. Kaudimen ekonomiko eta finantzarioa eta gaitasun tekniko edo profesionala frogatzeko dokumentazioan zerbait falta bada edo zalantzarik sortarazten bada, lizitatzaileei aurkeztu dituzten ziurtagiri eta agiriak zuzendu edo osatzeko eskatuko zaie. Horretarako bost eguneko epea emanen zaie gutxienez.

Baldintza arautzaileetan ezarri ahal izanen da hasieran dokumentazioa aurkeztu ordez lizitatzailearen erantzukizunpeko adierazpena aurkez dadila, foru lege honetan kontrataziorako ezarritako baldintzak betetzen dituela dioena. Halakoetan, esleipen proposamena suertatzen zaion lizitatzaileak gehienez zazpi eguneko epea izanen du, esleipena jakinarazten diotenetik, eskatzen diren agiriak badituela eta baliozkoak direla frogatzeko. Kasu horietan, kontratuaren esleipena jasotzeko, esleipendunak eskatzen diren agiriak aurkeztu beharko ditu.

2. Esleipen irizpidea eskaintzarik onuragarrienarena duten prozeduretan, eskaintzaren bati iluna edo zehaztugabea irizten bazaio, argibide osagarriak eskatu ahal izanen dira, betiere lizitatzaileen arteko tratu berdintasunaren printzipioa errespetatuz. Argibide osagarriek ezin izanen dute aldarazi aurkeztutako eskaintza. Argibide osagarriak emateko epea gutxienez bost egunekoa izanen da. Ezin izanen da argibide osagarririk eskatu eskainitako prezioari buruz, non ez den formula, ekuazio edo antzekoren bat erabiltzen prezioa adierazteko, halakoetan osagaiei buruzko argibideak eskatu ahal izanen baitira.

196. artikulua. Eskaintzen indarraldia.

Kontratua arautzen duten baldintzetan zehaztu beharko da aurkeztutako eskaintzek zenbat denbora iraunen duten indarrean. Epe hori iragan ondoren lizitatzaileek eskaintza kendu ahal izanen dute inolako zigorrik jaso gabe. Baldintzetan indarraldirik jarri ezean, eskaintzan bertan adierazitakoari eutsi beharko zaio.

197. artikulua. Kontratazioa hobetzeko sistemak.

Entitate kontratatzaileek esparru-akordioa, erosketa sistema dinamikoa eta norgehiagoka elektronikoa erabili ahal izanen dituzte, foru lege honen I. liburuan emandako definizio eta arauei jarraituz. Administrazio klausula eta agindu tekniko partikularren orrien aipamenak kontratua arautzeko baldintzen aipamentzat hartuko dira, eta administrazioaren aipamenak, berriz, entitate kontratatzaileen aipamentzat.

198. artikulua. Kontratua esleitzeko irizpideak.

Entitate kontratatzaileek 51.1 artikuluan ezarritako irizpideak erabiliko dituzte liburu honetan araututako kontratuak esleitzeko. Betiere emakida kontratuak eskaintza onuragarrienari esleituko zaizkio.

Bi eskaintzaren edo gehiagoren arteko berdinketa gertatzen denean 51.3 artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

199. artikulua. Eskaintza baxuegiak.

Esleipen prozedura batean eskaintza baxuegia aurkezten denean, 91. artikuluan xedatutakoa beteko da, "administrazioa" dioen lekuetan "entitate kontratatzaileak" jarrita.

200. artikulua. Hautagai eta lizitatzaileei esleipenaren gaineko informazioa ematea.

1. Entitate kontratatzaileek hautagai eta lizitatzaileei jakinaraziko dizkiete, lehenbailehen eta idatziz, lizitazio prozeduretan hartzen dituzten erabakiak, dagoeneko lizitatu den kontratuari uko egiteko arrazoiak barne direla.

2. Baztertutako hautagai edo lizitatzaileari jakinarazi beharko zaizkio, hark idatziz eskatu eta hamabost eguneko epean, beraren hautagaitza edo eskaintza baztertu izanaren arrazoiak, aukeratutako eskaintzaren ezaugarriak eta onurak, eta esleipendunaren edo esparru-akordiorako hautaturiko enpresen izena.

3. Aurretik Kontratazio Publikorako Batzordeak txostena eginda, jakinarazi gabe utzi ahal izanen dira kontratuen esleipenarekin, esparru-akordioekin edo erosketa sistema dinamikoetan parte hartzeko onarpenarekin zerikusia duten datuak, baldin eta horien zabalkundea legeak aplikatzeko oztopo izan badaiteke, interes publikoaren kontrakoa izan badaiteke edo enpresen merkataritza-interes legitimoei edo haien arteko lehia zintzoari kalte egin badiezaieke. 201. artikulua. Lizitazio prozeduraren nondik norakoari buruzko txostena.

BEZa sartu gabe 150.000 euro edo gehiagoko balio zenbatetsia duten kontratuak esleitzeko prozeduretan, entitate kontratatzaileek idatzizko txostena eginen dute, eta bertan ondokoak bilduko dituzte gutxienez:

a) Entitate kontratatzailearen izena eta helbidea, eta kontratuaren, esparru-akordioaren edo erosketa sistema dinamikoaren xedea eta zenbatekoa.

b) Aukeratutako hautagai edo lizitatzaileen izenak eta haiek aukeratu izana justifikatzen duten arrazoiak.

c) Baztertutako hautagai edo lizitatzaileen izenak eta haiek baztertu izana justifikatzen duten arrazoiak.

d) Baxuegitzat jo diren eskaintzak baztertu izanaren arrazoiak.

e) Esleipendunaren izena, haren eskaintza aukeratu izanaren arrazoiak, eta esleipendunak hirugarrenekin azpikontratatuko duen kontratu zatia edo esparru-akordioaren zatia, ezaguna bada.

f) Prozedura negoziatua erabiltzeko bidea eman duten inguruabarrak edo foru lege honetako xedapenak.

g) Lehia-elkarrizketa erabiltzeko bidea eman duten inguruabarrak.

h) Entitate kontratatzaileak kontratua edo esparru-akordioa esleitzeari edo erosketa sistema dinamikoa ezartzeari uko egin izanaren arrazoiak.

Idatzizko txosten hori Europako Batzordeari jakinarazi beharko zaio, hark eskatuz gero.

202. artikulua. Kontratuen formalizazioa.

1. Esleipena jakinarazten denetik hamabost egun iragan baino lehen formalizatuko dira kontratuak, salbu kontratazio publikoaren arloko erreklamazioaren bidean etendura erabakitzen denean.

2. Kontratua formalizatu arte ezin izanen da kontratuaren gauzatzea hasi, ezertan ukatu gabe larrialdiko kontrataziorako eta faktura besterik eskatzen ez den prozeduretarako aurreikusitakoa.

203. artikulua. Esleipenen publizitatea.

Esleipenen publizitatea 97. artikuluan ezarritakoari lotuko zaio.

204. artikulua. Esleipena, kontratua suntsiarazten den kasuetan.

Kontratua gauzatzen hasi baino lehen suntsiarazten den kasuetan, entitate kontratatzaileek kontratua esleitu ahal izanen diote eskaintzen balorazioen zerrendan, balorazio handienetik txikienera ordenatuta, hurrengo lekuan dagoen lizitatzaileari edo lizitatzaile-multzoari, betiere hala egin badaiteke, eta interesatua ados agertuz gero, beste lizitazio bat egin aurretik. Hasita dagoen kontratu bat suntsiarazten bada, 73.1.c) artikuluan aurreikusitako prozedura negoziatua erabili ahal izanen da kontratu hori gauzatzen jarraitzeko.

205. artikulua. Kontratua hirugarrenei lagatzea.

Liburu honetan aipatzen diren kontratuei 111. artikuluko arauak aplikatuko zaizkie. Betiere, administrazioari buruzko aipamenak entitate kontratatzaileei buruzko aipamentzat hartuko dira.

206. artikulua. Kontratuen baliogabetasuna.

Zuzenbide zibilean edo merkataritza zuzenbidean ezarritako arrazoiek ekarriko dute liburu honetan aipatzen diren kontratuen baliogabetasuna.

Kausa horiez gain, liburu honetan aipatzen diren kontratuak baliogabeak izanen dira haiek prestatzeko egintzaren bat edo esleipen egintza baliogabea bada, hurrengo arrazoietako baten bat tarteko:

a) Esleipendunak foru lege honetan adierazitako kausaren bat izatea lizitaziotik baztertua izateko.

b) Kontratistak kaudimen ekonomiko eta finantzariorik eta gaitasun tekniko edo profesionalik ez izatea, hori behar bezala egiaztatzen denean.

c) Lizitazioan edo kontratuaren esleipenean publizitateari, lehiari eta gardentasunari buruzko arauak ez betetzea.

HIRUGARREN LIBURUA

Erreklamazioak eta beste kontrol-neurri batzuk

I. TITULUA

Comptos Ganbera eta Kontratazio Publikorako Batzordea

207. artikulua. Comptos Ganberaren fiskalizatze lana.

Foru lege honen mendeko pertsona eta entitateek Comptos Ganberara igorriko dituzte kontratu publikoen inguruan eskatzen zaizkien datu, agiri eta aurrekari guztiak, kontratuen izaera eta zenbatekoa edozein direla ere.

208. artikulua. Kontratazio Publikorako Batzordea.

1. Kontratazio Publikorako Batzordea ekonomia arloan eskudun den departamentuari atxikita dago. Foru lege honen mendeko entitateen kontratazio publikoaren arloan kontsultarako, aholku emateko eta ebazteko organoa da; jarraibide hierarkikoei lotuta ez dagoen organo ebazle komuna, hain zuzen.

2. Haren osaera, eginkizunak eta antolaketa erregelamendu bidez zehaztuko dira. Edonola ere, Batzordeko kideek kontratazio publikoaren arloan prestakuntza berezia izan beharko dute.

3. Kontratazio Publikorako Batzordeak eginkizun hauek ditu, besteak beste: a) Txostenak egin eta, behar denean, kontratazio sistemaren alderdi administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak ukitzen dituzten arauak, neurriak edo jarraibideak proposatzea.

b) Esleipenerako irizpide eta baremoak prestatzea, foru lege honen mendeko pertsona eta entitateek erreferentzia gisa erabil ditzaten.

c) Foru lege honen mendeko pertsona eta entitateentzat eta kontratazio publikoak ukitzen dituen enpresa- eta lanbide-erakundeentzat arlo horretako gaiei buruzko txostenak egitea, bere esku- hartzea eskatzen zaionean.

d) Nafarroako Gobernuari proposatzea eredu normalizatuak, kontratuen prestaketari, esleipenari eta aldaketari buruzko agirienak, onar ditzan.

e) Txostenak ematea lizitazio baten emaitza argitaratu gabe uztearen bidezkotasunari buruz.

f) Ekonomia eta Ogasun Ministerioko Kontratazio Administratiboko Batzorde Aholku-emaileari erregelamenduz ezarritako kontratuen gainean eman behar zaion informazio estatistikoa zentralizatzea, nazioarteko arauak betetzeko.

g) Prezioen ezarpenaren inguruko arbitrajeak ebaztea administrazioaren obra kontratuetan.

h) Kontratazio publikoaren arloko erreklamazioak ebaztea.

4. Kontratazio Publikorako Batzordeak foru lege honen mendeko entitateentzako gomendioak edo gomendio orokorrak eman ahal izanen ditu, kontratazio publikoari edo kontratu jakinei buruzko azterlanetatik ateratzen diren ondorioak guztientzat interesgarriak izanez gero.

209. artikulua. Kontratuen Erregistroa.

1. Kontratazio Publikorako Batzordearen mendean Kontratuen Erregistroa izanen da, foru lege honen mendeko entitateek egiten dituztenak ezagutzeko bide emanen duena, bai eta haiek betetzeak sortutako gorabeherak ere.

2. Foru lege honen mendeko entitateek Kontratazio Publikorako Batzordeari jakinaraziko dizkiote formalizatzen dituzten kontratu guztiak, prozedura elektronikoaren bidez, Kontratazio Publikorako Batzordeak zehazten dituen ezaugarriei eta formatuari loturik. Administrazioaren obra kontratuen kasuan, kontratua gauzatzean izandako gorabeherei buruzko txostena erantsiko zaio jakinarazpen horri.

Esparru-akordio baten edo erosketa sistema dinamiko baten barrenean esleitutako kontratuak izanez gero, nahikoa izanen da hiru hilean behin, Kontratazio Publikorako Batzordeak zehazten duen prozedura elektronikoaren bidez, esleitutako kontratuen, kontratisten izenen eta prezioen zerrenda bidaltzea. Betiere, aurretik Kontratuen Erregistroari jakinarazi behar zaizkio akordioaren edo sistemaren ezarpena eta hartan parte hartzen duten kontratisten izenak.

II. TITULUA

Kontratazio publikoaren arloko erreklamazioak 210. artikulua. Kontratazio publikoaren arloko erreklamazioa.

1. Kontratu publiko baten lizitazioan eta esleipenean interesa duten enpresa eta profesionalek kontratazio publikoaren arloko erreklamazioa egin ahal izanen dute, Kontratazio Publikorako Batzordeari zuzendua, foru lege honen mendeko entitate batek esleipen prozedura batean emandako izapide-egintzen edo behin betiko egintzen aurka, egintza horiek lizitaziotik baztertzen badituzte edo haien xedeei kalte egiten badiete. Dena den, betiere aintzat hartu beharko dira foru lege honek Nafarroako Parlamentuari, Nafarroako toki entitateei eta Nafarroako Unibertsitate Publikoari buruz ezartzen dituen salbuespenak.

2. Erreklamazioa hamar eguneko epean jarri ahal izanen da, kontra egiten zaion egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

3. Arrazoi hauetako baten bat soilik hartu beharko da erreklamazioaren oinarritzat:

a) Esleipendunak foru lege honetan adierazitako kausaren bat izatea lizitaziotik baztertua izateko.

b) Esleipendunak kaudimen ekonomiko eta finantzariorik eta gaitasun tekniko edo profesionalik ez izatea.

c) Lizitazioan edo kontratuaren esleipenean publizitateari, lehiari eta gardentasunari buruzko arauak ez betetzea; bereziki, finkatu eta aplikatutako esleipen irizpideak kontuan ez hartzea.

4. Kontratazio Publikorako Batzordearen ebazpenek amaiera ematen diote administrazio bideari eta berehala betearazi beharrekoak eta lotesleak dira. Lizitazioa sustatzen duen entitateari dagokio haiek berehala betearaztea.

5. Artikulu honetan aurreikusitako erreklamazioa aukerakoa eta ordezkoa izanen da. Ez du eragotziko beste organo batzuei erreklamazio edo errekurtso gehiago aurkeztea, beste arrazoi batzuetan oinarrituak.

Kontratazio publikoaren arloko erreklamazioa jarriz gero, ezin izanen da arrazoi berean oinarritutako administrazio errekurtso gehiagorik aurkeztu.

6. Titulu honetan aurreikusten ez den orotan, administrazio prozedura arautzen duten legeek errekurtsoei buruz xedatutakoa aplikatuko da.

211. artikulua. Kautelazko neurriak.

1. Kontratu publiko baten lizitazioan eta esleipenean interesa dutenek Kontratazio Publikorako Batzordeari eskatu ahal izanen diote, gainera, aurreko artikuluan ezarritako epe berean, alegatutako arau-haustea zuzentzeko edo ukitutako interesei kalte gehiago ez eragiteko kautelazko neurriak har daitezela, esleipen prozeduran hartutako edozein erabaki edo prozedura bera etetea ere barne dela.

Erreklamazioa behar den epean aurkezten ez bada, eskaera indarrik gabe geratuko da, bai eta kautelazko neurriak ere, halakorik bada.

2. Kautelazko neurriak eskatzeko idazkia bide telematikoetatik aurkeztuko da, Nafarroako Kontratazioaren Atarian, Kontratazio Publikorako Batzordeari zuzenduta, eta Batzordeak administrazio espedientea edo kontratuaren dokumentazioa ere eskatuko dio entitate ukituari. Entitate horrek bi egun balioduneko epean aurkeztu beharko du dokumentazioa. Epe hori iraganik, eskatutako dokumentazioa aurkeztu zein ez, Kontratazio Publikorako Batzordeak ebazpen arrazoitua emanen du bost egun balioduneko epean. Epe horretan ebazpenik jakinarazi ezean, eskaerari ezezkoa eman zaiola ulertuko da, non ez den egintzaren bat edo lizitazio prozedura eteteko eskatzen, halako kasuetan epearen barrenean ebazpenik jakinarazten ez bada etenduraren eskaera onartu egin dela ulertuko baita.

3. Kautelazko neurriak eten, aldatu edo baliogabetu ahal izanen dira noiznahi, ofizioz edo alderdi interesatu batek eskaturik, ustekabean gertatu diren edo neurriak hartu zirenean ezagunak ez ziren gorabeherengatik. Ebazpen horren kontra ez da errekurtsorik onartuko, deusetan galarazi gabe prozedura nagusian ematen diren ebazpenen kontra bidezko diren errekurtsoak jarri ahal izatea.

212. artikulua. Erreklamazioa izapidetzea.

1. Erreklamazioa bide telematikoetatik aurkeztuko da, Nafarroako Kontratazioaren Atarian, Kontratazio Publikorako Batzordeari zuzendua, erregelamenduz zehazten diren baldintzak betez, 210.2 artikuluan ezarritako epean, eta helbide elektroniko bat emanen da jakinarazpenak bidaltzeko.

2. Erreklamazioa jaso ondoren, Kontratazio Publikorako Batzordeak hura izapidetzeko onartu ala ez erabakiko du hiru egun balioduneko epean. Erreklamazioa osagabea bada, bi egun balioduneko epea emanen da hura osatzeko. Erreklamazioa ez onartzeko arrazoiak honakoak izanen dira:

a) Epez kanpo aurkeztea.

b) Erreklamazio-egileak legitimaziorik ez izatea.

c) Eskabidearen akatsak ez konpontzea.

d) Kontratazio Publikorako Batzordeak eskumenik ez izatea.

e) Erreklamazioak inolako funtsik ez izatea.

Erreklamazioa ez onartzeko ebazpena erreklamazio-egileari jakinaraziko zaio, eta amaiera emanen dio administrazio bideari.

3. Erreklamazioa izapidetzeko onartuz gero, Kontratazio Publikorako Batzordeak entitate ukituari onarpen ebazpena jakinarazi eta administrazio espedientea edo kontratuaren dokumentazioa eskatuko dio. Jakinarazpenarekin batera erreklamazioaren kopia igorriko dio.

Errekurtsoa egin zaion entitateak, hiru egun balioduneko epean eta bide telematikoetatik, administrazio espedientea edo kontratuaren dokumentazioa igorri beharko du, erreklamazioari emandako erantzunarekin batera.

Administrazio espedientea edo kontratuaren dokumentazioa jasorik, erreklamazioa gainerako interesatuei jakinaraziko zaie, hiru egun balioduneko epean bidezkotzat jotzen dituzten alegazio edo frogak aurkez ditzaten. Hori dela eta, interesatuek posta elektronikoko konturik ez badute, nahikoa izanen da alegazioetarako epea Nafarroako Kontratazioaren Atarian ezartzea. 213. artikulua. Erreklamazioa ebaztea.

1. Erreklamazioari buruzko ebazpena hogei egun balioduneko epean emanen da, hura izapidetzeko onartzen denetik hasita. Epe hori iragan eta ebazpenik jakinarazi ez bada, ulertuko da erreklamazioa ezetsi dela

2. Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena eskaeraren araberakoa izanen da, eta bertan, behar bezala arrazoituta, esleipen prozeduran legez kanpo hartu diren erabakien deuseztapenari buruz ebatziko da, bai eta bereizkeriazko ezaugarri tekniko, ekonomiko edo finantzarioak honakoetatik kentzeari buruz: lizitazio iragarkitik, aldiroko iragarkietatik, administrazio klausulen eta agindu tekniko partikularren orrietatik, kontratua arautzeko baldintzetatik edo lizitazioarekin edo esleipenarekin zerikusia duten gainerako agirietatik.

3. Erreklamazioa baiesten den kasuetan, kontratua gauzatzen hasita badago eta arrazoi teknikoengatik edo ekitatearengatik esleipena indarrik gabe uztea komeni ez bada, entitate kontratatzaileak zilegi izanen du, salbuespen gisa eta behar bezala arrazoituta, Kontratazio Publikorako Batzordeak emandako ebazpena betearazi ordez kalte eta galeren ordaina ematea. Kalte-ordaina ematerakoan kontuan hartuko da erreklamazio-egileak esleipena lor zezakeela arau- hausterik egin ez balitz, eta eskaintza prestatzeko edo lizitazio prozeduran parte hartzeko egin dituen gastuak ordaindu beharko zaizkio, gutxienez.

Lehenbiziko xedapen gehigarria. Garapen arauak.

1. Nafarroako Gobernuak foru lege hau garatu eta betetzeko behar diren erregelamenduzko xedapenak emanen ditu.

2. Halaber, Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio:

a) Foru lege honen artikuluetan jarritako epeak eta zenbatekoak Europar Batasunak haien iraupenari eta zenbatekoari buruz ezarritakoari egokitzeko, eta haren testuan Europar Batasuneko zuzentarauen eranskinetatik eratorritako bidezko aldaketak sartzeko.

b) Kontratazio sistemaren alderdi administratibo, tekniko eta ekonomikoen gaineko arau, neurri edo jarraibideak onesteko. Horiek aplikagarriak izanen dira foru lege honen mendeko pertsona eta entitate guztientzat.

Bigarren xedapen gehigarria. Definizioak.

1. Foru lege honen testuak "administrazioa" aipatzen duenean, 2. artikuluko 1. idatz-zatiko a), b), c) eta d) letretan sartutako administrazio publiko, erakunde eta entitateez ari dela ulertuko da.

2. Foru lege honetan Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko organoei buruz eginiko aipamenak ulertuko dira kasuan kasuko organoei buruz eginak, Nafarroako Parlamentuari, parlamentuko erakundeei, Nafarroako toki entitateei eta Nafarroako Unibertsitate Publikoari dagokienez, bakoitzaren berariazko araudian ezarritakoari jarraituz.

3. "Idatzizkoa" edo "idatziz" terminoen bidez, irakur, kopia eta komunika daitezkeen hitz edo zenbaki multzo guztiak adierazi nahi dira. Horren barrenean daude bide elektronikoetatik igortzen eta gordetzen diren informazioak. 4. "Gutunazala" da paperez, kartoiz edo antzeko gai batez egindako estalkia, eskaintzak, parte hartzeko eskabideak eta oro har proposamenak barrenean dituena, eta halaber, laugarren xedapen gehigarrian ezarritako baldintzak betetzen dituen edozein fitxategi edo agiri elektroniko.

5. "Bide elektronikoa" da datuen tratamendurako (konpresio digitala barne) eta datuak gordetzeko ekipo elektronikoak erabiltzen dituen baliabidea, eta datuak haritik, irratitik, bide optikoetatik edo bestelako bide elektromagnetikoetatik zabaldu, igorri eta jasotzen dituena.

6. "Kontratu Publikoetarako Hiztegi Batua", CPV deritzona (Common Procurement Vocabulary), kontratu publikoetarako erreferentziako nomenklatura da, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2002ko azaroaren 5ean emandako 2195/2002 (EE) Erregelamenduan jaso zena. Erregelamendu hori Batzordeak 2003ko abenduaren 16an emandako 2151/2003 (EE) Erregelamenduaren bidez aldatu zen.

Foru lege honen aplikazio eremuari buruz interpretazio desberdinak sortzen badira, CPV nomenklatura eta I. eranskinean aipatzen den NACE nomenklatura edo CPV nomenklatura eta II. eranskinean aipatzen den CPC nomenklatura (behin-behineko bertsioa) bat ez etortzeagatik, hurrenez hurren NACE nomenklaturak eta CPC nomenklaturak izanen dute lehentasuna.

7. Zenbait pertsona, kargu edo lanposturi buruz ari denean foru lege honek genero gramatikal maskulinoko izenak erabiltzen dituen kasu guztietan (gaztelaniazko "licitador", "presidente", "consejero", "director", "secretario", "licenciado" eta abar) ulertu behar da adierazpideen ekonomia hutsagatik jokatzen dela horrela, eta postu horiek orokorrean hartzen dituela hizpide, haiek bai emakumezkoek bai gizonezkoek betetzen dituztela ere, erabateko berdintasun-baldintzetan, ondorio juridikoen ikuspegitik.

Hirugarren xedapen gehigarria. Administrazio klausula orokorren orriak.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eremuan, Nafarroako Gobernuko departamentu interesatuen ekimenez eta ekonomia arloan eskudun den kontseilariak proposaturik, eta Kontratazio Publikorako Batzordeak txostena eman ondoren, Nafarroako Gobernuak administrazio klausula orokorren orriak onetsi ahal izanen ditu Foru Komunitateko administrazioari eta haren erakunde autonomoei aplikatzeko.

Administrazio klausula orokorren orriak Nafarroako toki entitateen eremuan onesteko, haien berariazko arauak erabiliko dira.

Laugarren xedapen gehigarria. Lehiaketetan eskaintzak, parte hartzeko eskabideak, plano eta proiektuak eta kontratazio publikoaren arloko erreklamazioak bide elektronikoetatik jasotzeko baldintzak.

Lehiaketetako eskaintzak, parte hartzeko eskabideak, planoak eta proiektuak eta kontratazio publikoaren arloko erreklamazioak bide elektronikoetatik jasotzeko dispositiboek ondokoa bermatu beharko dute gutxienez, baliabide tekniko eta prozedura egokien bitartez:

a) Sinadura elektronikoak behar bezain seguruak izatea.

b) Harrera egun eta ordu zehatzak jakin ahal izatea. c) Behar adina bermatu ahal izatea igorritako datuak ez dituela inork eskuratu ahalko ezarritako epeak iragan arte.

d) Behar adina bermatu ahal izatea datuak eskuratzeko debekuaren urratzeak erraz antzeman ahal izanen direla.

e) Baimena duten pertsonek bakarrik finkatu edo aldatu ahal izatea jasotako datuen irekitze egunak.

f) Kontratuak lizitatzeko prozeduraren edo lehiaketaren edozein fasetan, aurkeztutako datuetako batzuk edo denak eskuragarri jarri ahal izateko, beharrezkoa izatea horretarako baimena duten pertsona guztien aldibereko ekintza.

g) Baimena duten pertsona guztien aldibereko ekintzak datuak eskuragarri jarri ahal izatea horretarako zehaztutako egunaren ondotik soilik.

h) Jaso eta irekitako datuak baimena duten pertsonek bakarrik eskuratu ahal izatea.

Bosgarren xedapen gehigarria. Ingurumen-kudeaketari buruzko arauak.

Baldin eta, 14. artikuluko 2. idatz-zatiko g) letran aurreikusten diren kasuetan, erakunde independenteek emandako ziurtagiriak eskatzen badira kontratistak ingurumen-kudeaketaren arloko zenbait arau betetzen dituela egiaztatzeko, hauetako bat hartuko da erreferentzia: ingurumen arloko kudeaketa eta ikuskapenerako Europar Batasuneko sistema (EMAS), edo Europako zein nazioarteko arauetan oinarritutako eta Europar Batasuneko araudia betetzen duten erakundeek ziurtatutako ingurumen-kudeaketako arauak, edo ziurtapenari buruzko Europako zein nazioarteko arauak. Foru lege honen mendeko entitateek onartu eginen dituzte Europar Batasuneko kide diren beste Estatu batzuetako erakundeek emandako ziurtagiri baliokideak. Halaber, ingurumen- kudeaketarako neurri baliokideen bestelako frogak, lizitatzaileek aurkezturikoak, onartuko dituzte.

Seigarren xedapen gehigarria. Kontrol neurriak, Nafarroako administrazio publikoen dirulaguntza jasotzen duten obra eta laguntza kontratuetan.

3. artikuluko b) eta c) letretan aipatzen diren kasuetan bidezkoa izanen da Nafarroako administrazio publikoek emandako dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar izatea, kontratuak ez badira foru lege honetan xedatutakoaren arabera esleitzen. Horrek ez du galaraziko bidezko diren beste neurri batzuk aplikatzea, dirulaguntzei buruzko berariazko araudiari jarraituz.

Zazpigarren xedapen gehigarria. Jabari publikoko ondasun higiezinen gaineko negozio juridikoak.

Kostu bidezko negozio juridiko bat, neurri batean baizik ez bada ere, baldin badatza jabari publikoko ondasun higiezin bat enpresaburu edo profesional batek ustiatzean, eta horren kontraprestazioa bada administrazioak ordainsari bat eskuratzea, negozio hori ondare-arloko legeriak arautuko du.

Zortzigarren xedapen gehigarria. Kontratuen esleipena uraren, energiaren, garraioaren eta posta zerbitzuen sektoreetan.

Uraren, energiaren, garraioaren eta posta zerbitzuen sektoreetan jardun eta foru lege honen mendean dauden entitateek, administrazio publikoek izan ezik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko martxoaren 31ko 2004/17/EE Zuzentarauaren aplikazio eremuan (uraren, energiaren, garraioen eta posta zerbitzuen sektoreetako kontratuak esleitzeko prozeduren koordinazioari buruzko zuzentaraua) sartzen diren obra, hornidura eta laguntza kontratuak esleitzerakoan, horiek arautzen dituzten administrazio legeei jarraituko diete.

Erreklamazioei dagokienez, aldiz, foru lege honetako manuak aplikatuko dira.

Bederatzigarren xedapen gehigarria. Nafarroako toki entitateen kontratazio jarduera.

Foru lege honek indarra hartzen duenetik hiru hilabeteko epean Nafarroako Gobernuak Nafarroako Parlamentura eramanen du Toki administrazioaren Foru Legea egokitzeko foru lege proiektu bat. Bertan jasoko dira Nafarroako toki entitateek beren kontratazio jardueran dituzten berezitasunak.

Hamargarren xedapen gehigarria. Atxikipen funtzionala Kontratazio Publikorako Batzordeari.

Ekonomia arloan eskudun den kontseilariak Kontratazio Publikorako Batzordeko Idazkaritzarekiko mendekotasun funtzionala ezarri ahal izanen die Ondare Zerbitzuko teknikariei, Batzordearen eginkizunak egoki betetzeko beharrezkoak direnei alegia, deusetan ukatu gabe Ondare Zerbitzuarekin duten lotura organikoaren iraupena.

Hamaikagarren xedapen gehigarria. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legea aldatzea.

1. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 117. artikuluko c) letraren testua aldatu da. Honela gelditu da:

"c) Gastu konpromisoak hartzea eta ordaintzeko aginduak ematea behar adinako krediturik izan gabe, edo foru lege honetan, kontratu publikoei buruzko lege aplikagarrietan nahiz aurrekontuei buruzko lege aplikagarrietan xedatutakoaren kontra."

2. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 117. artikuluko h) letra aurrerantzean i) letra izanen da.

3. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 117. artikuluko h) letra honela idatzita geratuko da:

"h) Kontu-hartzaileek kontratu publikoei buruzko legeen kontrako arau-hausteak hierarkiako nagusiei ez jakinaraztea, baldin eta arau-hauste horien ondorioz gastu konpromisoak hartu edo ordainketa aginduak ematen badira behar adinako krediturik izan gabe edo lege horien kontra."

Hamabigarren xedapen gehigarria. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialari buruzko azaroaren 19ko 17/1998 Foru Legea aldatzea.

Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialari buruzko azaroaren 19ko 17/1998 Foru Legearen 6. artikuluko 2. idatz-zatiaren testua aldatu da. Honela gelditu da:

"2. Kontratazio gaietan kontratu publikoei buruzko legeria beteko du, eta horren mendean ez dauden kontratuetarako, bere ondare araubiderako eta izaera publiko-administratiborik gabeko eginkizunetarako, berriz, zuzenbide pribatuari jarraituko dio." Hamahirugarren xedapen gehigarria. Kontratazio publikoaren arloko erreklamazioen araubidea Nafarroako Parlamentuari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoari aplikatzea.

1. Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak kide anitzeko organo bat sortu ahal izanen dute, jarraibide hierarkikoen mendean ez dagoena, kontratazio publikoari buruzko prestakuntza berezia duten pertsonek osatua, beren lizitazioak direla-eta aurkezten diren kontratazio publikoaren arloko erreklamazioak ebatz ditzan, foru lege honen 210. artikulutik 213.era bitartekoetan eta hura garatzeko xedapenetan ezarritakoari jarraituz.

2. Nafarroako Parlamentuak aukera eginen du, erregelamendu bidez, berariazko organo bat antolatzearen edo bere lizitazioak direla-eta aurkezten diren erreklamazioen ebazpena Kontratazio Publikorako Batzordeari igortzearen artean.

3. Foru lege honek indarra hartzen duenetik hiru hilabete iragaten badira Nafarroako Unibertsitate Publikoak 1. idatz-zatian adierazitakoa egin gabe, Kontratazio Publikorako Batzordeak ebatziko ditu kontratazio publikoaren arloko erreklamazioak, erakunde horien lizitazioen kontra jartzen direnak alegia.

Lehenbiziko xedapen iragankorra. Foru legearen aplikazioa.

Foru lege honetan xedatutakoa aplikatuko zaie legeak indarra hartzen duen egunean administrazio klausula partikularren orriak edo baldintza arautzaileak onetsita ez dituzten kontratuei.

Bigarren xedapen iragankorra. Publizitateari buruzko arau iragankorrak.

Nafarroako Kontratazioaren Ataria abian jarri arte, Europar Batasuneko atalasetik beherako prozeduretan publizitateari buruzko arau hauek beteko dira:

1. BEZa kontuan hartu gabe 1.000.000 eurotik beherako balio zenbatetsia duten obra kontratuak eta BEZa kontuan hartu gabe 100.000 eurotik beherako balio zenbatetsia duten hornidura eta laguntza kontratuak Nafarroako egunkarietan argitaratuko dira.

2. Gainerako kontratuak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko dira.

Esleipenak ere Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira, foru lege honetan hala eskatzen den kasuetan.

Hirugarren xedapen iragankorra. Kontratazio publikoaren arloko erreklamazioak jartzea.

1. Nafarroako Kontratazioaren Ataria abian jarri arte, erreklamazioak bide konbentzionaletatik aurkeztu ahal izanen dira, Kontratazio Publikorako Batzordeari zuzenduta.

2. Kontratazioa Toki administrazioaren berezitasunetara egokitzeko foru legeak indarra hartu arte, Nafarroako toki entitateen lizitazioei erreklamazioa egin ahal izanen zaie, administrazio klausulen orrian hala ezarriz gero.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetzen diren xedapenak. Indarrik gabe geldituko dira foru lege honetan xedatutakoaren kontra dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta berariaz, honako hauek:

_10/1998 Foru Legea, ekainaren 16koa, Nafarroako administrazio publikoen kontratuei buruzkoa.

_20/1985 Foru Legea, urriaren 25ekoa, gizarte zerbitzuen arloko itunei buruzkoa, foru lege honen kontra dauden zatietan, baldin eta Nafarroako administrazio publikoen kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legeak dagoeneko indargabetu ez baditu.

_150/2003 Foru Dekretua, ekainaren 23koa, Nafarroako Foru Komunitateko sozietate publikoen bitartez egin beharreko obra, zerbitzu, hornidura eta gainerako jardueren zuzeneko exekuzioa arautzen duena.

_132/1988 Foru Dekretua, maiatzaren 4koa, Kontratazio Administratiboko Batzordea sortzen duena.

_277/2002 Foru Dekretua, abenduaren 30ekoa, Kontratazio Administratiboko Batzordearen osaera aldatzen duena.

_187/2002 Foru Dekretua, abuztuaren 19koa, Kontratazio Administratiboko Batzordearen mendeko Arbitraje Batzordearen osaera eta prezio-ezarpenerako arbitraje-prozedura arautzen dituena, foru lege honen kontra dauden zatietan.

Azken xedapen bakarra. Foru legeak indarra hartzea.

Foru lege honek indarra hartuko du Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hogei egunera.

I. ERANSKINA

Obra kontratuko prestazioak

45

Eraikuntza

Sail honetakoak dira:

_eraikuntza berriak, zaharberritze obrak eta konponketa arruntak

45000000

45.1

Obren prestaketa

45100000

45.11

Higiezinen eraispena eta lur mugimenduak Mota honetakoak dira:

_eraikinak eta bestelako egiturak eraitsi eta botatzea

_eskonbroak kentzea

_lur mugimenduak: hondeaketa, betelana eta obra eremuen berdinketa, zangak irekitzea, harriak kentzea, leherketak etab.

_meategiak prestatzea: lurpeko obrak, estalkia garbitzea eta meategiak prestatzeko beste jarduera batzuk.

Ondokoak ere mota honetakoak dira:

_obra tokiak drainatzea

_nekazaritza lurrak eta basoak drainatzea

45110000

45.12

Zulaketak eta zundaketak

Mota honetakoak dira:

_eraikuntzarako, helburu geofisiko edo geologikoetarako eta bestelako helburuetarako zulaketa, zundaketa eta laginketak.

Ez dira mota honetakoak:

_petrolioa eta gas naturala ateratzeko putzuak zulatzea (ikus 11.20)

_ur putzuak zulatzea (ikus 45.25)

_meategietako putzuak hondeatzea (ikus 45.25)

_petrolioaren eta gas naturalaren prospekzioak eta azterlan geofisiko, geologiko edo sismikoak (ikus 74.20)

45120000

45.2

Higiezinen eta ingeniaritza zibileko obren eraikuntza orokorra

45200000

45.21

Eraikinen eta ingeniaritza zibileko beste obra batzuen (zubiak, tunelak etab.) eraikuntza orokorra Mota honetakoak dira:

_era guztietako eraikinak egitea

_ingeniaritza zibileko obrak egitea: zubiak (errepideetako gaineko pasabideak barne), bidezubiak, tunelak eta lurpeko pasabideak

_energia, komunikazio eta biderakuntza sare handiak

_hirietako tutueriak eta energia eta komunikazio sareak instalatzea; hirietako obra osagarriak

_eraikin aurrefabrikatuak muntatzea

Ez dira mota honetakoak:

_gasa eta petrolioa ateratzearekin zerikusia duten zerbitzuak (ikus 11.20)

_eraikin aurrefabrikatu osoak muntatzea norberak fabrikatutako piezak erabiliz, hormigoizkoak izan ezik (ikus 20, 26 eta 28. sailak)

_estadio, igerileku, gimnasio, tenis zelai, golf zelai eta beste kirol instalazio batzuetako ekipamenduak egitea, eraikinak izan ezik (ikus 45.23)

_eraikin eta obretako instalazioak (ikus 45.3)

_eraikin eta obretako akabera (ikus 45.4)

_arkitektura eta ingeniaritzako jarduerak (ikus 74.20)

_eraikuntza obrak zuzentzea (ikus 74.20)

45210000

45.22

Estalkiak eta itxiturak egitea

Mota honetakoak dira:

_teilatuak egitea

_teilatuen estalkiak egitea

_eraikinak eta balkoiak iragazkaiztea

45220000

45.23

Autobide, errepide, lurreratzeko zelai, trenbide eta kirol zentroak egitea Mota honetakoak dira:

_autobideak, kaleak, errepideak eta ibilgailuen edo oinezkoen zirkulaziorako bestelako bideak egitea

_trenbideak egitea

_lurreratzeko pistak egitea

_estadio, igerileku, gimnasio, tenis zelai, golf zelai eta beste kirol instalazio batzuetako ekipamenduak egitea, eraikinak izan ezik

_errepide eta aparkalekuetan seinaleak pintatzea

Ez dira mota honetakoak:

_aurretiazko lur mugimenduak (ikus 45.11)

45230000

45.24

Obra hidraulikoak

Mota honetakoak dira:

_ondokoak egitea:

_ubide nabigagarriak, portuetako eta ibaietako instalazioak, kirol portuak, esklusak etab.

_dikeak

_dragatze lanak

_lurpeko obrak

45240000

45.25

Bestelako eraikuntza obra espezializatuak

Mota honetakoak dira:

_hainbat motatako egiturek behar duten elementuren batean espezializatzen diren eta berariazko gaitasun edo materialak behar dituzten eraikuntza jarduerak:

_zimendatze obrak, piloteak sartzeko lanak barne

_ur putzuak egin eta zulatzea, meategi-putzuak hondeatzea

_norberak egin ez dituen altzairuzko piezak muntatzea _altzairua kurbatzea

_adreiluak eta harriak jartzea

_aldamioak eta lan-plataformak muntatu eta desmuntatzea, horien alokairua barne

_industrietako labeak eta tximiniak muntatzea

Ez dira mota honetakoak:

_aldamioak alokatzea, muntatu eta desmuntatu gabe (ikus 71.32)

45250000

45.3

Eraikin eta obretako instalazioak

45300000

45.31

Instalazio elektrikoa

Mota honetakoak dira:

_etxeetan eta bestelako eraikuntzetan ondokoak jartzea:

_kableak eta material elektrikoa

_telekomunikazio sistemak

_berokuntza instalazio elektrikoak

_etxebizitzetako antenak

_suteen kontrako alarmak

_lapurreten kontrako alarma sistemak

_igogailuak eta eskailera mekanikoak

_tximistorratzak etab.

45310000

45.32

Isolamendu termikoa, akustikoa eta bibrazioen kontrakoa

Mota honetakoak dira: _etxeetan eta bestelako eraikuntzetan isolamendu termikoa, akustikoa edo bibrazioen kontrakoa jartzea

Ez dira mota honetakoak:

_eraikinak eta balkoiak iragazkaiztea (ikus 45.22)

45320000

45.33

Iturgintza

Mota honetakoak dira:

_etxeetan eta bestelako eraikuntzetan ondokoak jartzea:

_iturgintzako instalazioa eta higiene aparatuak

_gas aparatuak

_berokuntza, aireztapen, hozkuntza edo aire girotuko aparatuak eta hodiak

_su-itzalgailu automatikoak

Ez dira mota honetakoak:

_berokuntzako instalazio elektrikoak jarri eta konpontzea (ikus 45.31)

45330000

45.34

Eraikin eta obretako beste instalazio batzuk

Mota honetakoak dira:

_errepide, portu eta aireportuetako argiak eta seinaleak jartzea

_etxeetan eta bestelako eraikuntzetan jartzea beste inon sailkatuta ez dauden aparatu eta dispositiboak

45340000

45.4

Eraikin eta obretako akabera

45400000

45.41 Entokatzea

Mota honetakoak dira:

_etxeen eta bestelako eraikuntzen barrualdean eta kanpoaldean igeltsua eta iztukua ematea, kasuan kasuko zerrendako materialak barne

45410000

45.42

Zurgintzako instalazioak

Mota honetakoak dira:

_zurez edo bestelako materialez egindako ate, leiho eta markoak, sukalde ekipatuak, eskailerak, lanerako altzariak eta antzekoak instalatzea, norberak eginak ez badira

_barruko akaberak, hala nola sabaiak, hormetarako zurezko estalkiak, trenkada mugikorrak etab.

Ez dira mota honetakoak:

_zoruan parketa eta zurezko beste estalki batzuk jartzea (ikus 45.43)

45420000

45.43

Zoruak eta hormak estaltzea

Mota honetakoak dira:

_etxeetan eta bestelako eraikuntzetan ondokoak jartzea:

_zoruetarako zeramika, hormigoi edo harri landuzko estalkiak; zoruetarako parketa eta zurezko beste estalki batzuk; horma eta zoruetarako moketa eta linoleoa, baita kautxua eta material plastikoak ere; horma eta zoruetarako terrazo, marmol, granito edo arbelezko estalkiak, eta paper pintatuak.

45430000

45.44

Pintatzea eta kristalak jartzea

Mota honetakoak dira:

_eraikinen barrualdea eta kanpoaldea pintatzea

_ingeniaritza zibileko obrak pintatzea _kristal, ispilu eta abarrekoak jartzea

Ez dira mota honetakoak:

_leihoak jartzea (ikus 45.42)

45440000

45.45

Eraikin eta obretako bestelako akaberak

Mota honetakoak dira:

_igerileku pribatuak instalatzea

_eraikinen kanpoaldea lurrunez, hondar zorrotadaz edo antzekoez garbitzea

_eraikinetako bestelako akabera obrak, beste inon aipatzen ez direnak

Ez dira mota honetakoak:

_eraikin eta obren barrualdea garbitzea (ikus 74.70)

45450000

45.5

Eraiki edo eraisteko ekipoa eta langilea alokatzea

45500000

45.50

Eraiki edo eraisteko ekipoa eta langilea alokatzea

Ez dira mota honetakoak:

_eraiki edo eraisteko ekipoa eta makineria langilerik gabe alokatzea (ikus 71.32)

(1) 3037/90 (EEE) Erregelamendua, Kontseiluarena, 1990eko urriaren 9koa, Europar Batasuneko jarduera ekonomikoen nomenklatura estatistikoari buruzkoa (L 293 AO, 1990-10-24koa, 1. or.). Batzordearen 761/93 (EEE) Erregelamenduaren bidez aldatutako Erregelamendua (L 83 AO, 1993- 04-03koa, 1. or.).

(1) CPV eta NACE bat ez datozenean, NACE nomenklatura erabiliko da.

II. ERANSKINA

Laguntza kontratuko prestazioak II. A ERANSKINA (1)

1

Mantentze eta konponketa zerbitzuak

6112, 6122, 633, 886

50100000tik 50982000ra bitartekoak (salbu 50310000tik 50324200ra bitartekoak, 50116510-9, 50190000-3, 50229000-6 eta 50243000-0)

2

Lurreko garraio zerbitzuak (2), furgoi blindatuen zerbitzuak eta mezularitza zerbitzuak barne, gutuneriaren garraioa izan ezik

712 (salbu 71235), 7512, 87304

60112000-6tik 60129300-1era bitartekoak (salbu 60121000tik 60121600ra bitartekoak, 60122200-1, 60122230-0), eta 64120000-3tik 64121200-2ra bitartekoak

3

Aireko garraio zerbitzuak: bidaiarien eta kargaren garraioa, gutuneriaren garraioa izan ezik

73 (salbu 7321)

62100000-3tik 62300000-5era bitartekoak (salbu 62121000-6, 62221000-7)

4

Gutuneriaren lurreko garraioa (3) eta airekoa

71235, 7321

60122200-1, 60122230-0 62121000-6, 62221000-7

5

Telekomunikazio zerbitzuak

752

64200000-8tik 64228200-2ra bitartekoak, 72318000-7, eta 72530000-9tik 72532000-3ra bitartekoak

6

Finantza zerbitzuak:

a) aseguru zerbitzuak b) banku zerbitzuak eta inbertsio zerbitzuak (4)

ex 81, 812, 814

66100000-1etik 66430000-3ra bitartekoak eta 67110000-1etik 67262000-1era bitartekoak (4)

7

Informatika zerbitzuak eta haiei lotutakoak

84

50300000-8tik 50324200-4ra bitartekoak, 72100000-6tik 72591000-4ra bitartekoak (salbu 72318000- 7 eta 72530000-9tik 72532000-3ra bitartekoak)

8

Ikerketa eta garapen zerbitzuak (5)

85

73000000-2tik 73300000-5era bitartekoak (salbu 73200000-4, 73210000-7, 7322000-0)

9

Kontabilitate zerbitzuak, auditoriak eta liburuak eramatea

862

74121000tik 74121250-0ra bitartekoak

10

Iritzi publikoari buruzko inkestak, ikerketak eta azterlanak egiteko zerbitzuak

864

74130000-9tik 74133000-0ra bitartekoak, eta 74423100-1, 74423110-4

11

Zuzendaritzarako aholkularien zerbitzuak (6) eta haiei lotutakoak

865, 866

73200000-4tik 73220000-0ra bitartekoak, 74140000-2tik 74150000-5era bitartekoak (salbu 74142200-8) eta 74420000-9, 74421000-6, 74423000-0, 74423200-2, 74423210-5, 74871000-5, 93620000-0

12 Arkitektura zerbitzuak; ingeniaritza zerbitzuak eta ingeniaritza zerbitzu integratuak; hiri plangintzako zerbitzuak eta paisaia-arkitekturako zerbitzuak. Zientzia eta teknologiaren arloko aholkularien zerbitzu lotuak. Saiakuntzak eta azterketa teknikoak egiteko zerbitzuak

867

74200000-1etik 74276400-8ra bitartekoak, 74310000-5etik 74323100-0ra bitartekoak eta 74874000- 6

13

Publizitate zerbitzuak

871

74400000-3tik 74422000-3ra bitartekoak (salbu 74420000-9 eta 74421000-6)

14

Eraikinak garbitzeko zerbitzuak eta onibarrak administratzeko zerbitzuak

874, 82201etik 82206ra bitartekoak

70300000-4tik 70340000-6ra bitartekoak, eta 74710000-9tik 74760000-4ra bitartekoak

15

Argitalpen eta inprenta zerbitzuak, tarifaren nahiz kontratuaren araberakoak

88442

78000000-7tik 78400000-1era bitartekoak

16

Estolderia zerbitzuak eta hondakinak ezabatzekoak: saneamendu zerbitzuak eta antzekoak

94

90100000-8tik 90320000-6ra bitartekoak, eta 50190000-3, 50229000-6, 50243000-0

(1) CPC nomenklatura (behin-behineko bertsioa), 92/50/EEE Zuzentarauaren aplikazio eremua definitzeko erabilia.

(2) Trenbideko garraio zerbitzuak izan ezik, 18. kategorian sartuta baitaude.

(3) Trenbideko garraio zerbitzuak izan ezik, 18. kategorian sartuta baitaude.

(4) Hauek izan ezik: tituluak edo bestelako finantza tresnak jaulki, erosi, saldu eta transferitzeko finantza zerbitzuak, eta banku zentralen zerbitzuak. Ondoko zerbitzuak ere kanpo gelditzen dira: lurrak, lehendik dauden eraikinak edo bestelako ondasun higiezinak erosi edo errentatzeko zerbitzuak, finantzaketa sistema edozein izanik ere, edo ondasun horien gaineko eskubideei dagozkienak; hala ere, erosketa edo errentamendu kontratua egitearekin batera, aurretik edo ondoren egiten diren finantza zerbitzuak, kontratu mota gorabehera, foru lege honetan xedatutakoaren bidez arautuko dira.

(5) Baldin eta ikerketa eta garapen zerbitzuen emaitzak entitate esleitzaileak bakarrik erabiltzen baditu, eta berak ordaintzen baditu zerbitzuak oso-osorik; baldintza horiek betetzen ez dituzten ikerketa eta garapen zerbitzuak multzo honetatik kanpo gelditzen dira.

(6) Arbitraje eta adiskidetze zerbitzuak izan ezik.

(1) CPV eta CPC ez datozenean bat, CPC nomenklatura erabiliko da.

II. B ERANSKINA

17

Ostalaritza eta jatetxe zerbitzuak

64

55000000-0tik 55524000-9ra bitartekoak, eta 93400000-2tik 93411000-2ra bitartekoak

18

Trenbideko garraio zerbitzuak

711

60111000-9, eta 60121000-2tik 60121600-8ra bitartekoak

19

Ibaietako eta itsasoko garraio zerbitzuak

72

61000000-5etik 61530000-9ra bitartekoak eta 63370000-3tik 63372000-7ra bitartekoak

20

Garraio zerbitzu osagarriak eta lagungarriak

74

62400000-6, 62440000-8, 62441000-5, 62450000-1, 63000000-9tik 63600000-5era bitartekoak (salbu 63370000-3, 63371000-0, 63372000-7) eta 74322000-2, 93610000-7

21 Zerbitzu juridikoak

861

74110000-3tik 74114000-1era bitartekoak

22

Laneratzeko eta langileak bilatzeko zerbitzuak (1)

872

74500000-4tik 74540000-6ra bitartekoak (salbu 74511000-4), eta 95000000-2tik 95140000-5era bitartekoak

23

Ikerketa eta segurtasun zerbitzuak, furgoi blindatuen zerbitzuak izan ezik

873 (salbu 87304)

74600000-5etik 74620000-1era bitartekoak

24

Hezkuntzaren eta lanbide prestakuntzaren arloko zerbitzuak

92

80100000-5etik 80430000-7ra bitartekoak

25

Gizarte eta osasun zerbitzuak

93

74511000-4, eta 85000000-9tik 85323000ra bitartekoak (salbu 85321000-5 eta 85322000-2)

26

Aisia, kultur eta kirol zerbitzuak

96

74875000-3tik 74875200-5era bitartekoak, eta 92000000-1etik 92622000-7ra bitartekoak (salbu 92230000-2)

27

Beste zerbitzu batzuk (2) (1) Lan kontratuak izan ezik.

(2) Irratidifusioko erakundeek programak erosteko, garatzeko, ekoizteko edo ekoizpenean parte hartzeko kontratuak eta irratidifusio denborari dagozkion kontratuak izan ezik.

(1) CPV eta CPC ez datozenean bat, CPC nomenklatura erabiliko da.

III. ERANSKINA

Zehaztapen teknikoak

1._Foru lege honen ondorioetarako, Europar Batasuneko zuzenbidearekin bat, definizio hauek hartuko dira kontuan:

a) Zehaztapen teknikoak: obra, material, produktu, hornidura edo zerbitzu batek izan behar dituen ezaugarriak definitzen dituzten eskakizun teknikoak, hura modu objektiboan deskribatzeko bidea ematen dutenak, entitate kontratatzaileak nahi duen xederako erabiltzeko egokia izan dadin. Eskakizun tekniko horiek barrenean har ditzakete kalitatea, errendimendua, segurtasuna edo neurriak, bai eta material, produktu, hornidura edo zerbitzuari aplikatu beharreko betekizun hauek ere: kalitatearen bermea, terminologia, ikurrak, probak eta probatzeko metodoak, ontziratzea, markatzea eta etiketatzea. Obra kontratuei dagokienez, zehaztapen teknikoetan sartzen ahal dira, halaber, kostuak definitu eta kalkulatzeko, probak egiteko, obrak kontrolatu eta onartzeko eta eraikuntzako teknika edo metodoak erabiltzeko irizpideak, bai eta entitate kontratatzaileak obra bukatuen eta haien material edo osagaien gain arau orokor edo berariazkoekin bat etorriz ezartzen ahal dituen gainerako baldintza tekniko guztiak ere.

b) Araua: onartuta dagoen normalizazio-erakunde batek onetsitako zehaztapen teknikoa, askotan edo etengabe aplikatua izateko, baina nahitaez bete beharrekoa ez dena, hasiera batean behintzat.

c) Europako araua: Europako Normalizazio Batzordeak (ENB) edo Europako Normalizazio Elektroteknikorako Batzordeak (ENEB), bi erakunde horien arau bateratuei jarraituz, Europako arautzat (EN) edo harmonizazio agiritzat (HD) onetsitako araua, edo Telekomunikazioetako Arauen Europako Erakundeak (ETSI), bere arauei jarraituz, telekomunikazioetako Europako arautzat onetsitakoa.

d) Zehaztapen tekniko bateratua: Europar Batasuneko kide diren estatuek onartutako prozedura bati jarraituz prestatu den zehaztapen teknikoa, Europar Batasuneko estatu guztietan berdin aplikatuko dela bermatzeko. Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da.

e) Egokitasun teknikoaren Europako agiria: produktu bat ezarri dioten xederako egokia dela dioen agiria, horretarako baimendutako erakunde batek emana. Produktu horrek, zer motatako obretan erabiltzen den, haientzat erregelamendu bidez eskatutako funtsezko baldintzak betetzen dituela esan nahi du.

f) Europako zehaztapen teknikoa: Europako arau baten transposizioa den Espainiako araua; zehaztapen tekniko bateratua edo egokitasun teknikoaren Europako agiria.

2._Zehaztapen teknikoen lehentasun ordena: 1. Europako arauren bat barrenean hartzen duten arau nazionalak.

2. Egokitasun teknikoaren Europako agiriak.

3. Zehaztapen tekniko bateratuak.

4. Nazioarteko arauak.

5. Europako normalizazio erakundeek egindako beste erreferentzia-sistema batzuk edo, horrelakorik ezean, arau nazionalak.

6. Egokitasun teknikoaren agiri nazionalak edo zehaztapen tekniko nazionalak, proiektu, kalkulu eta obrak egiteari buruzkoak eta produktuak funtzionamenduan jartzeari buruzkoak.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra