Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Nafarroako Foru Komunitatearen zuzenbidea  >>  Legeria

7/2003 Foru Legea, otsailaren 14koa, Turismoari buruzkoa

2003-02-14

Erakundea: Nafarroako Parlamentua

Argitalpena: NAO, 2003/2/21, 23. zk.

7/2003 FORU LEGEA, otsailaren 14koa, Turismoari buruzkoa. NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela

TURISMOARI BURUZKO FORU LEGEA.

ZIOEN AZALPENA I

Nafarroako Foru Komunitatea, gero eta gehiago, turismoaren balioak garatzen ari da bere lurraldean, bere berezko izaerari eta kultura-, natura- eta monumentu-ondareari lotuak gehienbat.

Azken urte hauetan faktore batzuk elkartu dira turismoari buruzko foru lege bat lehenbailehen ematera behartzen zutenak. Turismoaren eredua aldatu da, orain gehiago bilatzen baita jarduera horren nolakoa zenbatekoa baino eta gainera ohi ez bezalako aukera turistikoak eskaini nahi baitira, eskari berriak asetzeko. Hori dela eta areagotu egin da turismoaren garrantzia. Horrekin batera, Foru Komunitatean sektore bat pizten ari da, hemen beti egon bada ere, orain herritarrak konturatzen ari baitira haren esanahiaz eta haren ahalmenaz. Ildo horri lotuz, turismoaren alorrean eskumena duen departamentuak berriki prestatu du Nafarroan 2001-2004 urteetan sektore turistikoa sendotu eta garatzeko plan estrategikoa, sektore horretan diharduten eragileek kemenez parte hartuta. Plan hori funtsezko osagai bat da, horretan bildu baitira Nafarroako turismoaren puntu sendoak eta ahulak eta gero batean egin beharreko urratsak ere bai.

Plan estrategiko horren zehaztapenetariko bat da turismoari buruzko foru legearen beharra. Izan ere, Nafarroako Foru Komunitatea horrelakorik ez duten lurraldeetariko bat da, nahiz eta Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoko 44. artikuluko 13. idatz-zatiak alor horretan espresuki erabateko eskumenak aitortzen dizkion. Erabateko eskumen hori bakarrik Nafarroako diziplina turistikoari buruzko azaroaren 17ko 14/1997 Foru Legearen bidez garatu da. Lege horrek, bere izenak dioenez, diziplina eta zehapen araubidea besterik ez ditu biltzen. Foru lege honen xedeak garatzeke zegoen alor batean Nafarroako autogobernua bultzatzea ez ezik Turismorako plan estrategikoan espresuki eta behin eta berriro aipatzen den beharra betetzea ere badira. Gainera halaxe eskatzen dute Nafarroako eragile turistikoek. Horrez gain, Estatuko arautegi osagarria Konstituzioa baino lehenagokoa da eta aldatu beharreko eredu gainditu eta zaharkitu bati dagokio.

II

Foru lege honen xede den sektore turistikoaren egoera askotarikoa da. Izan ere, turismoa antolatu beharraz gain, badira beste lehentasun batzuk, hala nola, Nafarroako baliabide turistikoak baloraraztea eta Nafarroa helburu turistiko gisa sustatzea. Turismoan diharduten eragile publiko eta pribatuek helburu horiexek lortu behar dituzte elkarlanean eta modu koordinatuan arituz, jarduketak bateratu eta ildo berak nabarmentzeko eta alfer-lana saihesteko. Ez dugu ahanzten ahal turismoaren garapenak Nafarroan helburu nagusi duela nafarren eskuetan bizitza kalitatea mantentzeko eta hobetzeko tresna eta aukera multzoa uztea.

Ikuspegi horretatik, Nafarroako sektore turistikoaren arazoen alderdi nabarmenenak foru lege honen printzipio bihurtu dira, halakoxetzat jotzen baitituzte horretan dihardutenek. Printzipio horiek arauketaren oinarri ez ezik, bereziki botere publikoen eta eragile pribatuen jarduketaren mami bihurtu behar dute jarduera turistikoetan. Foru lege honetako 4. artikuluan aipatzen diren printzipioetan, lehenbizikoa, Nafarroa helmuga turistiko bakartzat jotzea da. Horren ondorioz herrialdea osorik hartuta sustatuko da. Horrez gain, eragileek elkarlanean eta koordinaturik jardun beharko dute eta bestalde, kalitatea, ingurune eta kultur ondarearekiko begirunea eta haien jasangarritasuna izanen dira nahitaezkoak turismo jarduerak gauzatzean.

III

Baldintza horietan, foru legeak zazpi titulu, 69 artikulu, xedapen gehigarri bat, xedapen iragankor bat, bi xedapen indargabetzaile eta hiru azken xedapen dauzka.

I. tituluak foru legearen xedea, haren aplikazio esparrua, haren helburuak eta haren printzipioak biltzen ditu. Guztiz nabarmentzekoa da 4. artikulua, jadanik aipatua, foru legea arautzen duten printzipioak biltzen baititu. Izan ere, horiek jarduera turistikoak garatzeko printzipioak ere badira, oinarrizkoak eta funtsezkoak. Horrexegatik sartu dira I. titulu horretan. Aipatzekoa da Nafarroa helmuga turistikotzat jotzeko lehen printzipioa bat datorrela Nafarroako Parlamentuak 2000ko maiatzaren 24an onetsitako erabakiarekin.

II. tituluaren gaia turismoan parte hartzen duten administrazio publikoen eskumenak dira. Foru legean eskumen banaketa zehatz bat egiten da, Foru Komunitateko administrazioari eta toki entitateei ematen zaizkienak bereizten baitira, udal autonomiaren printzipioa guztiz errespetatuz. Betiere, titulu horretan foru legeko 4. artikuluko bigarren printzipioa gauzatzen da, administrazio publikoen arteko elkarlanerako tresnak finkatzen baitira eta gainera eragile pribatuek parte hartuko baitute turismorako politika zehazterakoan.

III. tituluan jarduera turistikoa antolatzen da. Gauza berria da 12. artikuluan jarduera turistikoari buruz foru legean erabiltzen diren kontzeptu nagusien zerrenda bat osatzea: baliabide turistikoa, jarduera turistikoa, enpresa turistikoa, enpresaz bestelako entitate turistikoa eta establezimendu turistikoa. Jarduera turistikoaren araubide juridikoari dagokionez, foru legean ez da aukeratu baimena, administrazioak esku hartzeko ohiko araubidea bada ere. Alor honetan administrazioaren kontrol bakarra Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzea izanen da. Horrela aldez aurreko baimena eman beharrean kreditazioa eginen da, ohitura modernoagoa baita, inskribatzerakoan egiten dena. Askatasunez jarduteko araubide honetan gainera administrazioaren isiltasun positiboa ezartzen da. Hori dena kasu batzuetan aldez aurretiko sailkapena edo titulu-lizentzia eskatzea galarazi gabe, toki entitateen lizentzia egokiak lortuta. Gero, III. tituluarean ondorengo kapituluetan jarduera turistiko guztiak arautzen dira, orain arte arautegi batean ere aipatzen ez direnak: ostatua, sukaldaritza, bitartekotza turistikoa, jarduera osagarriak eta lanbide turistikoak. Haietariko bakoitzean gutxieneko araubide zehatz bat ere ematen da. Arauketa zehatzagoa erregelamenduaren esku uzten da, egunero sektore turistikoan gertatzen diren aldaketa garrantzitsuak direla eta, araudia sektore horren aldakortasunera egokitu ahal izateko.

IV. tituluan turismoaren alorreko eskubide etabetebeharrak aipatzen dira. Erabiltzaile turistikoen eskubide eta betebeharrak nabarmentzen dira, haiexek baitira zerbitzu turistikoen azken kontsumitzaileak. Horregatik kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideen babesari buruzko araudian orokor gisa aipatzen diren eskubide eta betebeharrak espresuki zehazten dira. Hona hemen eskubide horiek: informazioa, kalitatea, dokumentazioa eta fakturak, bereizkeriarik eza eta segurtasuna.

V. tituluan baliabide turistikoak arautzen dira, alor hori asko ere asko nabarmendu baitzuen Turismorako Plan Estrategikoak. Orain lege egiten da, gero, garatzerakoan, baliabide horiek balioztatu, babestu eta hobetu daitezen. Nafarroa egoera berezian dagoenez, natur baliabideei eta monumentuei garrantzi berezia ematen zaie, irizpide gisa hartuz aprobetxamendu turistikoa eta haien zainketa bateragarri egitea.

VI. tituluak turismoa ezagutarazi eta sustatzea ukitzen du. Horretan behar gorri bat aipatzen da. Izan ere, ezagutarazpena nahitaezko jarduera bat da Nafarroa turisten helmuga bihurtzeko, turismo, natura eta monumentuen alorretan baliabide garrantzitsuak baititu. Foru Legeko 4. artikuluan jasotako printzipioak oinarria, ezagutarazpen turistikoaren alderdi garrantzitsuak dira hurrengo hauek: Nafarroaren irudia indartzea helmuga turistiko bakar gisa, eta eragile publiko eta pribatu guztien arteko elkarlana. Ezagutarazteaz gain, Foru Komunitateko administrazioak Nafarroako sektore turistikoa sustatu behar du kalitatearen printzipio orokorra praktikan jartzearen ildoan. Egiteko horien ondorio dira argibide turistikoak (non, berriro ere, elkarlan eragaginkorra beharrezkoa den), sektorearen profesionalizazioa eta elkartegintza, sektorea sustatu eta hobetzeko ahaleginak biltzeko.

Diziplina turistikoari buruzko VII. titulua neurri handi batean Nafarroako diziplina turistikoari buruzko azaroaren 17ko 14/1997 Foru Legeak urraturiko bideari lotu zaio. Lege hori orain espresuki indargabetzen da. Gainera, aldaketa batzuk ere sartu dira, bai egiturazkoak, legezko argitasun handiagoa eskaintzeko, bai edukizkoak, bertako aginduak zehapenei buruzko Estatuko oinarrizko legeek alor horretan eginiko aldaketetara egokitzeko.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru lege honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean sektore turistikoa arautu, haren helburu eta printzipioak ezarri, Nafarroako administrazio publikoek zerbitzu turistikoak emateko jarduerak eta kalitatea antolatu eta sustatzeko egin beharrekoak zehaztu, turismoaren alorrean dihardutenen eskubide eta betebeharrak finkatu eta Nafarroako baliabide turistikoak sendotzea.

2. artikulua. Aplikazio esparrua.

Foru lege hau jarduera turistikoan diharduten subjektu guztiei aplikatuko zaie eta bereziki:

a) Nafarroako Foru Komunitatean turismoan diharduten pertsona fisiko eta juridiko guztiei.

b) Sektore turistikoaren alorrean esku hartzen duten administrazio publikoei eta haien menpeko entitate, erakunde edo pertsona publiko edo pribatuei, sektore horretan badihardute.

c) Turistei edo jarduera eta zerbitzu turistikoak darabiltzatenei.

d) Nafarroako Foru Komunitatean diharduten enpresa turistikoen titular edo kudeatzaileen elkarteei. 3. artikulua. Helburuak.

Foru lege honen helburuak hauexek dira:

a) Turismoa bultzatzea, gizartean eta ekonomian eragina duen sektorea baita, lana eta aberastasuna sortzen duena.

b) Nafarroako Foru Komunitatea helmuga turistiko gisa ezagutaraztea.

c) Turismoa bultzatzea, ez bakarrik jarduera ekonomiko gisa, baizik eta Nafarroako eskualdeak, kultura, ekonomia eta gizartea ezagutzeko gizarte-balio gisa ere bai.

d) Nafarroako administrazio publikoek turismoaren alorrean dituzten eskumenak bereiztea eta haien jarduketak elkarlanean eta lankidetzan koordinatzea.

e) Jarduera turistikoa antolatzea ingurumenarekiko errespetuarekin bateragarri eginez.

f) Turisten edo erabiltzaile turistikoen eskubideak babestea.

g) Baliabide turistikoak babestu eta sendotzea.

h) Sektoreko profesionalen heziketa eta espezializazioa bultzatzea.

4. artikulua. Printzipioak.

Hona hemen foru lege honen oinarrizko printzipioak:

a) Nafarroak tratamendu bateratua izanen du helmuga turistiko gisa ezagutarazten denean, Nafarroako Foru Komunitateak bere aniztasunagatik daukan potentziala bilduz.

b) Administrazio publikoen, haien erakunde, organo administratiboen eta partzuergo turistikoen, enpresa eta establezimendu turistikoen arteko harremanak koordinazio, elkarlan eta lankidetzaren printzipioei lotuz arautuko dira.

c) Jarduera turistikoen garapenaren kalitatea.

d) Nafarroako Foru Komunitatean sustatuko den turismoak begirunea, hobekuntza eta jasangarritasuna kontuan hartuz lagundu beharko du Nafarroako herritarrak, bertako espazio fisiko eta naturala eta kultur ondarea garatzen.

e) Sustapen turistikoa, Nafarroako eskualdeen arteko orekarako eta landa bizitza mantendu eta garatzeko faktore estrategikoa den aldetik.

II. TITULUA

Administrazioen eskumenak eta antolamendua

I. KAPITULUA

Eskumenak 5. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eskumenak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari dagozkio turismoaren alorreko eskumen hauek:

a) Foru Komunitateko turismorako politika prestatu eta aplikatzea.

b) Nafarroaren irudia helmuga turistikotako bultzatzea.

c) Foru Komunitatean turismoa planifikatu, antolatu eta sustatzea.

d) Foru lege hau erregelamendu bidez garatzea eta 3. artikuluan aipatzen diren helburuak lortzeko behar diren arauak eman eta neurriak hartzea.

e) Turismoaren sustapena eta argibide turistikoak Nafarroan koordinatzea.

f) Sektore turistikoan kalitate programak sustatzea.

g) Inskripzio, sailkapen, ikuskapen eta zehapen arloetako administrazio-ahalmenak erabiltzea, foru lege honetan xedatu bezala.

h) Sektore turistikoaren profesionalizazioa bultzatzea.

i) Turismoko erregistroak sortu eta kudeatzea eta sektore turistikoko estatistikak egitea.

j) Legeek eta bestelako arauek turismoari buruz ematen dizkioten bestelako eskumen guztiak.

k) Ostatu-emaleen, bisitarien eta merkatuaren gaineko azterlanak egitea aldizka, eta horiek turismo enpresen eta enpresaburu elkarteen esku uztea.

2. Eskumen horiek erabiltzean, Foru Komunitateko administrazioa saiatuko da, behar denean, Estatuko administrazio orokorrarekin koordinatzen eta hitzartzen, baita toki entitateekin ere.

6. artikulua. Toki entitateen eskumenak.

Nafarroako toki entitateei eskumen hauek dagozkie turismoaren arloan.

a) Turismoari loturiko baliabide, jarduera eta bestelako kontuak sustatu eta bultzatzea, beren interesekoak badira, Foru Komunitateko administrazioarekin koordinaturik.

b) Baliabide turistikoak babestu eta zaintzea, bereziki ingurune naturala eta monumentu ondarea.

c) Turismoaren alorrean Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekin elkarlanean aritzea.

d) Enpresa eta establezimendu turistikoei dagokienez, legeen arabera dagozkien baimenak ematea.

e) Beren eskumeneko azpiegitura turistikoen politikak garatzea.

f) Ordenamendu juridikoaren arabera dagozkien zerbitzuak kudeatzea.

g) Legeek turismoari buruz ematen dizkieten beste eskumen guztiak. 7. artikulua. Administrazioen arteko harremanak.

Administrazioen eta haien menpeko erakundeen arteko harremanak eragingarritasun, koordinazio, elkarlan, lankidetza eta informazio-trukaketaren printzipioen araberakoak izanen dira.

II. KAPITULUA

Administrazioaren antolamendua

8. artikulua. Turismoaren antolamendua alorrean eskumena duen Departamentuan.

1. Foru Komunitateko administrazioak turismoari buruzko eskumenak unean-unean bere gain dituen departamentuaren bidez erabiliko ditu eta, departamentu horren barruan, ezarririk daukan egitura administratiboaren bidez.

2. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren eskumenak erabiliko dira Nafarroako Gobernuari kide anitzeko organoa den aldetik dagozkion eskumenak galarazi gabe eta Foru Komunitateko administrazioko beste departamentuekiko elkarlanean.

3. Eskumen horiek erabiltzeko, turismoaren alorrean eskudun den departamentuak organo eta erakunde hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Turismo Kontseilua.

b) Departamentu arteko Turismo Batzordea.

c) Turismo Partzuergoak.

9. artikulua. Nafarroako Turismo Kontseilua.

1. Nafarroako Turismo Kontseilua turismoaren alorrean Foru Komunitateko administrazioaren kontsulta eta aholku organoa da.

Nafarroako Turismo Kontseiluari eginkizun hauek dagozkio:

a) Turismoaren alorrean Foru Komunitateko administrazioari aholkuak ematea.

b) Turismoaren alorrean eskudun den departamentuak eskatzen dizkion azterlanak prestatu eta txostenak egitea, haien artean plan estrategikoei eta kalitate planei buruzkoak.

c) Turismoaren alorrean eskudun den departamentuak gai horri buruzko politika zehaztu eta aurrera eramateko eskatzen dion laguntza ematea.

d) Turismoa sustatu eta sektore turistikoa hobetzeko egokitzat jotzen dituen ekimenak aurkeztu eta neurriak proposatzea.

e) Foru Komunitateko administrazioak ematen dizkion bestelako ahalmen guztiak.

3. Nafarroako Turismo Kontseiluak turismoaren alorrean eskudun den departamentuaren ordezkari bat izanen du buru eta bertan ordezkaturik egonen dira Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, partzuergo turistikoak, enpresa turistikoen elkarteak, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofiziala eta erregelamendu bidez ezartzen diren erakunde, elkarte edo entitateak ere.

Turismo Kontseilura, gonbidatuta, prestigio handiko profesionalak joaten ahalko dira, baldin eta haien ekarpenak garrantzitsuak izan badaitezke kontseiluaren eginkizunetarako.

4. Haren osaera, antolaketa eta funtzionamendua erregelamendu bidez ezarriko dira.

10. artikulua. Departamentu arteko Turismo Batzordea.

1. Departamentuen arteko Turismo Batzordea Foru Komunitateko administrazioak turismoa koordinatzeko duen organoa da.

2. Batzordeburua izanen da turismoaren alorrean eskumena duen kontseilaria eta bertan ordezkaturik egonen dira Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun departamentua; Herrilan, Garraio eta Komunikazio departamentua; Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza departamentua; Hezkuntza eta Kultura departamentua; eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura departamentua. Gainera, aztertzen diren gaien arabera, beste departamentu batzuetako ordezkariei ere eskatzen ahalko zaie bertan ager daitezela.

3. Haren osaera, antolamendua eta funtzionamendua erregelamendu bidez ezarriko dira.

11. artikulua. Turismo Partzuergoak.

1. Turismo Partzuergoak toki-eremuan diharduten udal-entitateen eta enpresa pribatuen elkarlanerako eta koordinaziorako guneak dira. Nafarroako toki administrazioari buruzko Foru Legean xedaturikoaren arabera, nortasun juridiko berezko eta beregaina izanen dute eta partzuergoko toki entitateek turismoan dituzten eskumenak erabiliko dituzte, haiek esleitu badizkiete, hala nola:

a) Euren jarduera eremuko jarduera turistikoak sustatu, zabaldu eta bultzatzea. Halaber, eskualdeetako ekonomia dibertsifikatzeko elementu izatea, enplegua sortuz eta biztanleen bizibideari lagunduz, biztanleen errenta eta bizitzaren nahiz zerbitzuen maila hobetuz.

b) Baliabide turistikoen gainean zerikusia izan dezaketen gizarte eragile guztiei arlo horretako informazioa eman eta sentsibilizatzea, batez ere bertako biztanleei eta toki-entitateei, eta espresuki ematen zaizkien baliabideen ustiapena zuzenean kudeatzea.

c) Turismoaren alorrean eskumena duen administrazioari sektorea hobekien garatzeko komeni diren proposamen eta gomendioak igortzea.

Foru lege honi dagokionez, eginkizun horiek garatzen dituzten partzuergoak joko dira turismo partzuergotzat.

2. Aurreko idatz-zatiak esanak esan, jarduera turistikoetan alorrean eskudun den departamentuarekin elkar lanean aritzeko, departamentu horrek erabakitzen ahalko du zer betebehar eta baldintza bete beharko dituzten partzuergoek.

III. TITULUA Jarduera turistikoaren antolamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

12. artikulua. Kontzeptuak.

Foru lege honetako kontzeptuak:

1. Baliabide turistikoa: Nafarroako errealitate fisiko, geografiko, sozial edo kulturaleko ondasun materiala edo era askotako agerpena, turisten etorrera erakar dezakeena.

Ikuspegi horretatik, turisten etorreratzat joko da pertsonak beren etxetik kanpora joan eta han egonaldia egitea.

2. Jarduera turistikoa: xede gisa duena baliabide turistikoak gozatu, aurkitu eta ezagutzeko aukera eskaintzea, haiei buruzko informazioa ematea eta haiek zaindu eta sustatzea, horretarako zenbait zerbitzu emanez, hala nola ostatua, mantenu edo sukaldaritza, aisia, argibideak, bitartekotza, ezagutarazte eta merkaturatzea, eta biltzar, mintzaldi eta antzeko ekitaldien antolaketa; halaber, Foru Komunitateko administrazioak horrela sailkatzen duen beste edozein jarduera.

3. Enpresa turistikoa: bere izenean, ohiko jarduera gisa eta irabazi asmoarekin, jarduera turistiko bat egin edo zerbitzu turistiko bat ematen duen pertsona fisiko edo juridikoa. Jarduera ohikoa dela ulertuko da edozein baliabideren bidez zerbitzu turistikoen publizitatea egiten denean.

4. Enpresaz bestelako turismo entitatea: garapen turistikoa edo zenbait jarduera turistiko bultzatzea xede duena, irabazi asmorik gabe.

5. Establezimendu turistikoa: unitate funtzional beregain bat osatzen duten ondasun higigarri eta higiezinen multzoa, titularrak zerbitzu turistiko bat egoki emateko antolatu eta prestatzen duena.

13. artikulua. Jarduera turistikoen araubide juridikoa.

1. Jarduera turistikoak libreak dira. Muga bakarrak aplikatzekoak diren lege eta erregelamenduen ondoriozkoak dira.

2. Aurreko idatz-zatia gorabehera, enpresa eta establezimendu turistikoek eta enpresaz bestelako entitate turistikoek, jarduera hasi baino lehen, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribaturik egon beharko dute eta bestelako erakundeek zeinek bere eskumenen arabera eskatzen ahal dizkieten lizentzia edo baimenak eduki.

3. Erregistroan sailkatu eta inskribatzeko kontuan harturiko baldintza eta betebeharrak nabarmen aldatuz gero, aldaketa hori bertan adierazi beharko da. Betiere, nabarmentzat hartuko dira establezimendu turistikoetako postuen kopurua aldatzea, zerbitzuak gehitzea eta erabilera turistikoa eta titulartasuna aldatzea.

4. Inskripzioaren xede izan den jarduera elkarren segidan bi urtetik goiti utziz gero inskripzioa ofizioz indargabetuko da. 5. Aldez aurretik Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatu beharra izan eta inskribatu gabe edo inskripzioa baliogabetuta zerbitzu turistikoak ematea edo edozein hedabideren bitartez haien publizitatea egitea jarduera klandestinotzat joko da.

6. Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatu baino lehen, turismo administrazioak jarduera sailkatuko du, hala behar denean. Sailkapen horrek horretarako kontuan hartzen diren betebeharrak betetzen direino iraunen du eta ofizioz edo aldeak eskaturik berraztertzen ahalko da, bidezko diren izapidaketak egin ondoren. Ulertuko da inskribatzeko eskabideak onartu direla eskatzaileari ebazpenik jakinarazi gabe hiru hilabete pasatzen direnean, aurkezten direnetik aurrera.

7. Jarduera turistikoengatik ematen diren zerbitzuen prezioak libreak dira. Prezioen tarifak betiere erabiltzaileen eskura izanen dira eta establezimendu turistikoan ikusgai.

8. Establezimendu turistiko guztiak publikoak dira; edonor sartzen ahal da haietan. Muga bakarrak izanen dira haien izaera eta tamaina, indarra duten legeak eta, kasua bada, zerbitzu eta instalazioak erabiltzeko establezimenduko barne arauak.

Establezimendu turistiko publikoetan sartzeko askatasuna ezin izanen da mugatu jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi edo pertsonaren edo giza taldearen beste edozein gorabehera edo izaera kontuan hartzen duen bereizkeriazko inolako irizpideren arabera.

14. artikulua. Nafarroako Turismo Erregistroa.

1. Nafarroako Turismo Erregistroa erregistro publiko administratibo bat da. Haren xedea da inskribatzea establezimendu turistikoak, enpresa turistikoak, enpresaz bestelako entitate turistikoak eta bere jarduera turistikoagatik erregelamendu bidez zehazten den beste edozein establezimendu edo pertsona.

2. Enpresa eta establezimendu turistikoak ofizioz inskribatuko dira edo interesatuak eskaturik. Ulertuko da inskribatzeko eskabideak onartu direla aurkezten direnetik hiru hilabete pasatzen direnean, eskatzaileari horri buruzko ebazpenik jakinarazi ez bazaio.

3. Inskripzioa nahitaezkoa izanen da enpresa turistikoendako eta haien establezimenduendako, enpresaz bestelako entitate turistikoendako eta arauturik dauden jarduera turistikoendako. Gainerako kasuetan inskripzioa aukerakoa izanen da.

Betiere, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzea nahitaezko baldintza izanen da turismoaren alorreko dirulaguntzak kobratu ahal izateko.

4. Erregelamendu bidez Erregistroaren antolamendu eta funtzionamenduaren arauak, inskripzioen prozedura eta edukia eta haiek kreditatzeko era ezarriko dira.

II. KAPITULUA

Ostatu turistikoaren jarduera

15. artikulua. Kontzeptua. 1. Ostatu turistikoa jendeari irekiriko establezimendua da, eskatzen duten erabiltzaile turistikoei aldi baterako ostatu zerbitzua ematen diena, diru truk, bestelako zerbitzu osagarriak emanda edo eman gabe.

2. Foru lege honetatik kanpo gelditzen dira:

a) Entitate pribatuek beren kideek ez bestek erabiltzeko zerbitzua ematen duten ostatuak.

b) Eskola, kultura, ingurumen, erlijio edo kirolaren alorreko jarduera nagusien menpeko ostatu osagarria, turismorako merkaturatzen ez bada.

c) Erakunde ofizial, ongizate, laguntza edo lan alorretarako ostatuak edo administrazioak gazteendako edo zaharrendako programen barruan darabiltzanak, berariazko arauak izanen baitituzte.

d) Ostatu turistikoen mota bakoitzean espresuki baztertzen direnak.

3. Ostatu turistikoa ustiategi bakarreko irizpideari jarraituz antolatuko da, halako moldez non enpresa-titulartasun bakarrekoa izanen den jarduera, establezimendu bakoitzean edo ostatu multzo bakoitzean, eraikin edo horren zati homogeneo bakoitzean; betiere, foru lege honetan aurreikusten den ostatu motaren bati dagokionean.

16. artikulua. Motak, kategoriak eta bereizgarriak.

1. Ostatu turistikoko establezimenduak honelaxe sailkatzen dira:

a) Hotelak.

b) Kanpaleku turistikoak.

c) Turismoko aterpetxeak.

d) Landa-etxeak.

e) Turismoko apartamentuak.

f) Arau berezien xede den beste edozein.

2. Erregelamendu bidez ostatuak kategorien arabera sailkatuko dira. Sailkapen horretan zerbitzu eta instalazioen kalitatea baloratuko dira. Betiere, honako hauek hartuko dira aintzakotzat:

a) Establezimendua dagoeneko eraikinaren edo eremuaren kokagunea eta beste inguruabarrak.

b) Logelen, bainugelen eta bezero guztiek erabiltzeko instalazioen egoera eta hornidura.

c) Ezgaituendako zerbitzuak.

d) Zerbitzu osagarriak.

e) Eskaintzaren kalitatea, oro har, instalazioei eta zerbitzuei dagokienez. f) Establezimendua zaindu, mantendu eta hobetzeko eginiko ahaleginak eta ingurumena zaindu, energia aurreztu eta energia berriztagarriak erabiltzekoak ere bai.

3. Arrazoiak emanda, turismo arloko administrazioak establezimendu bat salbuesten ahalko du foru lege honetan edo hau garatzen duten erregelamenduetan ezartzen diren gutxieneko betebehar teknikoetakoren batetik, inskribatu edo kategoria batean sartzerakoan, gertatzen diren inguruabarrengatik ez betetze hori instalazioen eta egin ditzakeen hobekuntzen orotariko balorazioarekin orekatzen bada.

4. Ostaturako establezimendu guztietan nahitaezkoa izanen da atari nagusiaren ondoan erregelamendu bidez xedatzen denaren araberako plaka normaldu bat erakustea, non establezimendu motaren eta haren sailkapenaren bereizgarria agertuko baita.

5. Ostaturako establezimenduek egiten duten publizitatean eta fakturetan haien kategoriak agertu beharko du.

17. artikulua. Ostaturako establezimenduen kalitate baldintzak.

1. Ostaturako establezimendu guztiek hirigintza, eraikuntza, etxegintza, instalazio, osasun, kontsumo, segurtasun, higiene eta ingurumenaren babesaren alorretan indarra duten arauak bete beharko dituzte.

2. Turismorako establezimendu guztiak behartuak daude beren instalazioak ongi zaintzera eta sailkapen eta erregistrorako gutxieneko baldintzak mantentzera.

3. Kategorien araberako sailkapenaren osagarri, erregelamendu bidez kalitatearen araberako sailkapen sistema bat ezartzen ahalko da, instalazio, zerbitzu eta langileen gaitasunaren kalitatea baloratu eta frogatzen dituena.

18. artikulua. Hotelen arloko establezimenduak.

1. Hotelen arloko establezimenduak mota hauetakoak izan daitezke:

a) Hotela: establezimendu mota honek eraikin oso bat edo haren zati bereizi bat hartu behar du. Sarrerak, eskailerak eta, behar izanez gero, igogailuak eduki beharko ditu, bezeroek bereizirik eta bakarrik erabiltzekoak, eta erregelamendu bidez ezartzen diren betebehar teknikoak bete.

Salbuespen gisa eraikin oso batzuk hartzen dituzten hotelak ere onartuko dira, multzo arkitektoniko homogeneo bat osatzen badute.

b) Landa hotela: landa ingurunean dagoena, balio arkitektoniko bereziko ondasun higiezin batean kokatua, edo eskualdeko arkitektura tradizionalaren araberakoa dena eta erregelamendu bidez ezartzen diren ezaugarri eta betebehar tenikoak betetzen dituena.

c) Hotel-apartamentua: bere egituragatik eta bere zerbitzuengatik ostatu unitatean bertan elikagaiak gorde, prestatu eta kontsumitzeko egoki diren instalazioak dauzkan establezimendua, erregelamendu bidez ezartzen diren betebehar teknikoak betetzen dituena. d) Hostala: hotelen motakoa ez bada ere, erregelamendu bidez ezartzen diren betebehar teknikoak betetzen dituen establezimendua.

e) Pentsioa: hotelen edo hostalen motakoa ez bada ere, erregelamendu bidez ezartzen diren betebehar teknikoak betetzen dituen establezimendua.

2. Erregelamendu bidez ezartzen denean, hotelen arloko establezimenduei espezializazio bat aitortzen ahalko zaie, ezaugarrien, egoeraren, instalazio osagarrien eta eskaintzen dituzten zerbitzuen arabera, baita establezimenduaren eskari motaren arabera ere.

19. artikulua. Turismorako kanpalekuak.

1. Kanpaleku turistikoa da ongi mugaturiko lurra, egokitua eta behar diren instalazio eta zerbitzuak dauzkana, pertsonei aire zabalean bizitzeko toki bat aldi baterako emateko erabiltzen dena, diru truk, oporretarako edo turismorako, betiere kanpadendak, karabanak edo toki batetik bestera eraman daitezkeen antzeko tresnak erabilita.

2. Kanpaldi libreak, gazteen kanpaldiek eta turismorako kanpalekuetatik kanpo egiten diren kanpaldiek berariazko arauak izanen dituzte.

3. Artikulu honetako lehenbiziko idatz-zatian xedatutakoa gorabehera, turismoaren alorrean eskumena duen organoak baimena ematen ahalko du, eremuak ehunekoa gainditzen ez duenean eta erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzak betetzen dituenean, osagai finko hauek paratzeko, erabiltzaileen edo langileen taldekako beharrak betetzekoez gain:

a) Ostaturako erabiltzen direnak, aurrefabrikatuak, zurezkoak edo antzekoak, bungalow motakoak, kanpalekuaren titularrak ustiatzen baditu.

b) Askorentzako logeletan ostatu emateko erabiltzen diren instalazioak.

4. Erregelamendu bidez zehaztuko dira turismorako kanpalekuei eta haien kategoriei eskatzen ahal zaizkien betebehar teknikoak.

20. artikulua. Turismorako aterpetxeak.

1. Turismorako aterpetxeak dira publikoari ohiko jarduera gisa, lanbidez eta diru truk askorentzako logeletan ostatu zerbitzua eskaintzen dioten establezimenduak, inguruneari loturiko jarduera batekin batera.

2. Ez dira turismorako aterpetxeak:

a) Turismorako kanpalekuetan askorentzako logeletan ostatu emateko erabiltzen diren instalazioak.

b) Askorentzako logeletako ostatuak, talde edo erakunde bateko kidea izatea bada haiek erabiltzeko baldintza.

c) Askorentzako logeletan diru ordainik gabe ematen denean ostatu, edo pagatzen den dirua dohaintza bada edo ostatu ematen duenarendako gastuen ordain hutsa bada. d) Gazteen aterpetxeen sareko gazteen aterpetxeak, berariazko araudia izanen baitute.

3. Erregelamendu bidez zehaztuko dira turismorako aterpetxeei eta haien kategoriei eskatzen ahal zaizkien betebeharrak.

21. artikulua. Landa-etxeak.

1. Landa-etxeak dira ostatu ematen duten establezimenduak, mantenua barne edo ez, diru truk, eraikina landa ingurunean badago eta haren ezaugarri estetikoak eskualdeko arkitektura tradizionalarenak badira.

2. Erregelamendu bidez zehaztuko dira landa-etxeei eskatzen ahal zaizkien betebehar teknikoak eta gutxieneko zerbitzuak, bai eta mota eta kategoriak ere.

22. artikulua. Turismorako apartamentuak.

1. Turismorako apartamentuak dira etxebizitza-eraikinak, etxeak, villak, txaletak edo antzekoak edo haien multzoak, diru truk eta egun, aste edo hilabeteka ostatu ematen dutenak, elikagaiak eta zerbitzuak zaindu, prestatu eta jateko instalazio eta ekipo egokiak barne, norbaitek bertan berehala ostatu hartzeko moduan, erregelamandu bidez ezartzen diren betebeharrak betetzen badituzte.

2. Betiere jendearen arretarako bulego bat eduki beharko dute, langilez behar bezala hornitua.

III. KAPITULUA

Sukaldaritza

23. artikulua. Kontzeptua.

1. Sukaldaritza establezimenduak dira ohiko jarduera gisa, lanbidez eta diru truk jendearendako instalazio finko edo mugikorretatik janariak eta edariak ematen dituztenak, bertan jan-edateko.

2. Foru lege honetatik kanpo gelditzen da taldekako sukaldaritza soziala; alegia, sukaldaritza zerbitzuak ematea laguntza, erakunde, eskola, unibertsitate, gizarte eta lan alorretako jantokietan, eta talde batzuendako eta ez erabiltzaile guztiendako direnetan.

24. artikulua. Motak eta sailkapena.

1. Sukaldaritza establezimenduak mota hauetakoak izan daitezke:

a) Jatetxeak.

b) Kafetegiak.

c) Beraien berezitasunak direla-eta, erregelamendu bidez ezartzen diren tabernak.

d) Erregelamendu bidez ezartzen diren bestelako establezimenduak. 2. Jatetxeak dira sukaldaritza zerbitzuak ematen dituzten establezimendu batzuk, non erregelamenduz ezarritako gainerako baldintzak betetzeaz gain, janariak ordutegi zehatz batean kontsumitzen baitira, eta, batez ere, bereizitako jangeletan.

3. Kafetegiak dira sukaldaritza zerbitzua prestakuntza erraz eta lasterreko plater bakun edo konbinatuen bidez ematen dutenak, barran eta mahaian, irekita dauden denbora guztian.

4. Sukaldaritza enpresetako instalazio eta zerbitzuen ezaugarriak, espezialitateak, zerbitzu mota eta kalitate betebeharrak erregelamendu bidez ezarriko dira mota guztietarako, bai eta kategorien araberako sailkapena ere.

IV. KAPITULUA

Bitartekotza turistikoa

25. artikulua. Kontzeptua eta motak.

1. Bitartekotza turistikoa zerbitzu turistikoaren erabiltzailearen eta eskaintzailearen artekoa da, baita produktu turistikoaren antolamendua ere.

2. Hona hemen bitartekotza turistikoko enpresak:

a) Bidai agentziak.

b) Enpresa turistikoen elkarteak, haien helburua enpresa elkartuen eskaintzak batera merkaturatzea bada.

c) Erreserba bulegoak.

d) Biltzar, azoka eta bileren antolamendu profesionala xede dutenak.

e) Zerbitzu turistikoen merkaturatzea, bitartekotza eta antolamendua eta turismo argibideak xede dituztenak, bidai agentziaren berezko xedea ez direnean eta erregelamendu bidez halakotzat hartzen direnean.

26. artikulua. Bidai agentziak.

1. Bidai agentziak dira modu profesional eta komertzialean zerbitzu turistikoen bitartekotzan eta antolamenduan baizik ez diharduten enpresak.

2. Bidai agentziaren legezko izaera eta izendapen hori aurreko idatz-zatian aipatzen diren enpresek baizik ez dute izanen. Bidaia eta bidaiak hitzak haien jardueren izenburu edo azpi-izenburu osotako edo haien zatitako erabiltzen ahalko dituzte legez bidai agentziak direnek bakarrik.

3. Bidai agentziak, haien jardueren arabera, hiru motatakoak izan daitezke:

a) Handizkakoak: txikikazko agentziei eskaintzeko xedez era guztietako zerbitzu eta zerbitzu-sorta turistikoak proiektatu, prestatu eta antolatzen dituztenak. Beren produktuak ezin dizkiote zuzenean eskaini erabiltzaileari edo turistari. b) Txikizkakoak: handizkako agentzien produktua merkaturatu eta zuzenean erabiltzaile edo kontsumitzaileari saltzen dizkiotenak edo erabiltzaileendako zuzenean zerbitzu eta zerbitzu-sorta turistikoak proiektatu, prestatu, antolatu eta/edo saltzen dituztenak. Beren produktuak ezin dizkiete eskaini beste agentziei.

c) Handizkako-txikizkakoak: aurreko bi taldeen jarduerak egin ditzaketenak.

4. Bidai agentzien titulu-lizentzia eskuratzeko betebeharrak erregelamendu bidez ezarriko dira.

5. Titulu-lizentziarik gabe publikoari bidaiak eskaintzea eta bidai agentzien berezko merkataritza jarduerak egin edo iragartzea intrusismo profesionaltzat joko da, salbu eta kapitulu honetan aipatzen diren gainerako enpresak izanez gero.

27. artikulua. Bitartekotzarako bestelako enpresak.

1. Gainerako bitartekotza enpresek xede bakartzat izanen dute enpresa turistikoen eskaintzak batera merkaturatzea. Erabiltzaile turistikoak Nafarroako Foru Komunitatean hartu eta lurralde horretan zerbitzu turistikoak eskaini baizik ez dute eginen.

2. Enpresa hauei eskaturiko betebeharrak erregelamendu bidez zehaztuko dira.

V. KAPITULUA

Jarduera turistiko osagarriak

28. artikulua. Kontzeptua eta motak.

1. Jarduera turistiko osagarriak dira diru truk modu profesional eta ohikoan bezeroen aisialdi eta atsedenerako zerbitzuak eskaintzen dituztenak, direla kulturakoak, jolasak, kirolak, naturakoak edo antzekoak.

2. Enpresa hauek bete beharko dituzten baldintzak erregelamendu bidez zehaztuko dira.

VI. KAPITULUA

Lanbide turistikoak

29. artikulua. Lanbide turistikoak.

Foru lege honi dagokionez, lanbide turistikoak dira gaikuntza berezi bat behar dutenak, enpresa turistikoetan berariazko zerbitzuak ohiko moduan eta diru truk ematekoak, baita argibideak, sorospena, laguntza, entretenimendua eta itzulpenak egitekoak ere, eta titulu, baldintza eta betebeharren arabera erregelamendu bidez ezartzen direnak ere bai.

IV. TITULUA

Turismoaren alorreko eskubide eta betebeharrak

30. artikulua. Erabiltzaile turistikoen eskubide eta betebeharrak. 1. Erabiltzaile turistikoak dira zerbitzu turistikoren baten azkeneko hartzaileak diren pertsona fisiko edo juridikoak.

2. Zerbitzu turistikoen erabiltzaileek foru lege honetan aipatzen diren eskubide eta betebeharrak izanen dituzte, kontsumitzaile eta erabiltzaileak diren aldetik dagozkien eskubideak eta bestelako arauek aitortu edo ezartzen dizkieten eskubide edo betebeharrak galarazi gabe.

31. artikulua. Erabiltzaile turistikoen eskubideak.

Erabiltzaile turistikoek berariazko eskubide hauek izanen dituzte:

a) Eskaintzen zaizkien ondasun eta zerbitzuen gainean informazio egiazkoa, osoa eta zehatza kontratua izenpetu aitzin hartzeko eskubidea. Informazio hori ematen duten enpresa eta establezimendu turistikoendako loteslea izanen da.

b) Ondasun eta zerbitzuen kalitatea kontratuaren araberakoa izateko eskubidea.

c) Beste alde kontratatzailearengandik kontratuko baldintzak frogatzen dituzten agiriak lortzeko eskubidea, baita legeen arabera eginiko fakturak ere.

d) Zerbitzu turistikoak erabiltzerakoan arraza, sorterri, sexu, erlijio, iritzi edo norberaren edo giza- taldearen beste edozein gorabeheragatik bereizkeriarik ez jasateko eskubidea.

e) Hartzen dituen zerbitzu turistikoetan bere eta bere ondasunen segurtasuna bermaturik edukitzeko eskubidea, indarra duten erregelamenduetan xedatu bezala.

f) Kexak eta erreklamazioak aurkezteko eskubidea.

g) Kontsumoko Arbitraje Batzordeari helegiteak aurkezteko eskubidea.

32. artikulua. Erabiltzaile turistikoen betebeharrak.

Erabiltzaile turistikoek berariazko betebehar hauek izanen dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko ingurune, gizarte eta kulturarekiko begirunea izatea.

b) Bisitatzen dituzten tokietako eta zerbitzuak ematen dizkieten enpresa eta establezimenduen berezko agindu eta arauak betetzea, legeen kontrakoak ez badira.

c) Establezimendu turistikoak ongi erabiltzeko higiene eta bizikidetzarako emaniko arauak betetzea eta beste erabiltzaile turistikoak, enpresa eta establezimendu turistikoetako langileak, establezimenduak berak, eta erabiltzen dituzten instalazio eta jabetzak errespetatzea.

d) Kontrataturiko zerbitzuen prezioa pagatzea. Kexa edo erreklamazio bat aurkezteak ez du inoiz ere salbuetsiko ordaindu beharretik.

e) Eskainiriko zerbitzuak erabiltzeko arauak errespetatzea.

33. artikulua. Enpresa turistikoen eskubideak. Enpresa turistikoek eskubide hauek izanen dituzte:

a) Bere establezimenduen instalazio, ezaugarri eta berariazko eskaintzari buruzko argibideak Nafarroako Foru Komunitateko turismo administrazioaren katalogo, direktorio, gidaliburu eta informazio sistemetan agertzeko eskubidea, administrazio hark ezartzen dituen baldintzetan.

b) Foru Komunitateko administrazioak sustapen turistikorako egiten dituen ekintzetan parte hartzeko eskubidea, hark ezartzen dituen baldintzetan.

c) Bere ekitaldiak egin eta bere zerbitzuak eskaintzeko behar den inskripzioa turismo administraziotik lortzeko eskubidea, foru lege honetan ezartzen diren kasuetan.

d) Sektorea garatzeko turismo administrazioak ezarririko laguntzak eskatzeko eskubidea.

e) Bere bidez edo sektoreko elkarteen bidez, Nafarroako Foru Komunitatean turismoa garatzeko edozein ekitaldi proposatzeko eskubidea.

f) Eskaintzen dituzten zerbitzuak erabiltzeko arauak emateko eskubidea, indarra duten legeen kontra jotzen ez badute.

34. artikulua. Enpresa turistikoen betebeharrak.

Enpresa turistikoek foru lege honetan eta hau garatzen duten arauetan ezartazen diren betebeharrak izanen dituzte; partikularki, ondokoak:

a) Bezero edo erabiltzaileei eskaintzen zaizkien zerbitzuen edukia, baldintzak eta prezioa aurretiaz jakinaraztea.

b) Kontratuko baldintzen arabera, zerbitzuak kalitaterik handienaz ematea eta ezarri edo itunduriko prezioen arabera fakturatzea.

c) Zerbitzuen prezioak eta sailkapenaren bereizgarria ikus daitekeen tokian jartzea.

d) Arraza, sorterri, sexu, erlijio, iritzi edo norberaren edo giza-taldearen beste edozein gorabeheragatik bereizkeriaz ez tratatzea erabiltzaileak eta ordenamendu juridikoan ezarri bezala ezgaituei establezimenduetan sartzeko erraztasunak ematea.

e) Instalazioak eta zerbitzuak funtzionatu eta erabiltzeko ongi edukitzea eta erabiltzaileari tratu zuzen eta egokia ematea.

f) Erabiltzaileari kexak eta erreklamazioak aurkezteko behar dituen agiriak ematea, hark hala eskatuz gero.

g) Administrazio publikoei beren eskumenak erabiltzeko behar dituzten argibide eta agiriak ematea.

h) Jarduera, establezimendua edo enpresa ukitzen duen beste edozein legetan ezartzen diren betebeharrak betetzea.

i) Beren erantzukizunpeko balizko arriskuen aurrean, erantzukizun zibila bermatuko duen poliza kontratatzea, formari eta zenbatekoari dagokionez ezartzen den moduan. V. TITULUA

Baliabide turistikoak

35. artikulua. Definizioa.

Baliabide turistikoak dira foru lege honetako 12.1 artikuluan orokorki definitzen direnak. Partikularki, baliabide turistikoak dira Nafarroako Foru Komunitateko ondare natural, geografiko eta kulturalaren osagaiak, haren ohitura, aztura eta tradizioak, ostatu eta sukaldaritzarako azpiegiturak eta enpresa turistikoen beste edozein ekarpen.

36. artikulua. Baliabide turistikoen antolamendua.

1. Turismo administrazioak, baliabide turistikoak ordenatzeko plan bat eginen du, helburuak, beharrizanak eta lehentasunak zehazteko xedearekin. Planak arreta berezia paratuko dio herritarren bizitza kalitatea hobetzeari eta kultura ondarearen eta ingurumenaren babesari eta kontserbazioari.

2. Horretarako, Foru Komunitaeko administrazioak, bestelako administrazioekin eta entitate publiko eta pribatuekin elkarlanean, behar diren azterlan, estatistika, inbentario eta bestelako baliabideak prestatuko ditu.

37. artikulua. Natur baliabide turistikoak.

1. Foru administrazioko beste departamentuen eskumenak eta haiekiko derrigorrezko koordinazioa deusetan galarazi gabe, turismoaren alorrean eskudun den departamentuak natur baliabide turistikoak ingurumenarekiko begirunea eta jasangarritasuna irizpide hartuta sustatuko ditu.

2. Foru Komunitateko administrazioa eta toki entitateak elkarrekin koordinaturik arituko dira natur baliabide turistikoak zentzuz erabiltzeko moduan eskaintzearren, irizpide berak erabilita, turismoarekin batera ingurumenarekiko erabateko begirunea ahalbidetzeko.

3. Nafarroako foru administrazioko beste departamentu batzuetako eskumenak eta hauekin beharrezkoa den koordinazioa deusetan galarazi gabe, turismo alorreko eskumenak dituen departamentuak informazio seinaleztapen bateratua gauzatzeko programa eginen du. Programa honek, inguruarekiko errespetua, informazio zuzentasuna eta argitasuna irizpide gisa hartuz, turismo baliabide eta zerbitzuen erabilpen zentzuzkoa sustatuko du.

38. artikulua. Kultur baliabide turistikoak.

Foru Komunitateko beste departamentuen eskumenak eta haiekiko derrigorrezko koordinazioa galarazi gabe, turismoaren alorrean eskudun den departamentuak sustatuko du kultur ondasunak baliabide turistikotako erabil daitezela, betiere haien babes araubidea bermaturik.

39. artikulua. Baliabide turistikoen babes berezia.

1. Baliabide turistikoen kalitatea berariaz babestu eta luzaz modu jasangarrian mantendu ahal izateko, Foru Komunitateko administrazioak eremu batzuk asetzat edo trinkotasun berezikotzat deklaratu eta eremu horretako jarduera turistikoak antolatu ahalko ditu. 2. Deklarazio hori ukituriko udalek txostena eman eta gero eginen da, eta berarekin ekarriko du eremuko jarduera turistikoak antolatzeko plan bat onestea. Plan horrek jarduera horiek mugatuko ditu eta baliabide turistikoei kalte egitea saihestuko du, bai eta baliabide horietara behar bezalako kalitate bermerik gabe iristea ere.

VI. TITULUA

Turismoa ezagutarazi eta sustatzea

40. artikulua. Eskumenak.

1. Nafarroa helmuga turistiko gisa ezagutarazi eta sustatzea Foru Komunitateko administrazioari dagokio, Estatuko administrazio orokorraren eta toki entitateen eskumenak galarazi gabe.

2. Eskumen horiek erabiliko ditu esleiturik dauzkan Foru Komunitateko administrazioko departamentuak.

3. Jarduera turistikoak ezagutaraztean printzipio hau hartuko da kontuan: Nafarroa, bere osotasunean, helmuga turistiko bakarra dela eta, beraz, Nafarroako Foru Komunitatearen identifikazioak betiere agertu beharko duela.

4. Aurreko idatz-zatian xedaturikoa deusetan galarazi gabe, helmuga turistikoko berariazko kanpainak sustatzen ahalko ditu, non Nafarroako Foru Komunitateko osagai edo eskualde berezi bat nabarmendu edo zehaztuko baita.

41. artikulua. Turismorako ezagutaraztea.

1. Turismorako ezagutarazteari dagokionez, Foru Komunitateko administrazioak Nafarroaren irudia helmuga turistiko gisa indartu eta ezagutarazteko egoki diren neurriak hartuko ditu.

2. Hona hemen haren egitekoak, lankidetza publiko eta pribatuaren barruan, Estatuaren eskumenak galarazi gabe:

a) Nafarroa turismorako ezagutarazteko programa eta kanpainak taxutu eta egitea.

b) Nafarroa ezagutarazi eta hari buruzko informazioa emateko argitalpen turistikoak argitaratzea.

c) Gaikako turismoa eta zenbait produktu edo helmuga turistiko xede dituzten ezagutarazpen plan eta programak garatzea.

d) Kalitateko marka eta elkarteak indartu eta sustatzeko ekintzak bultzatzea.

e) Turismo argibideetarako sistema eragingarriak garatzea.

42. artikulua. Sustapena.

1. Foru Komunitateko administrazioak Nafarroako sektore turistikoa sustatuko du, betiere printzipio gisa harturik esleituriko baliabide publikoen eragingarritasuna eta kalitate turistikorik handiena lortzea. 2. Horretarako, turismoaren alorrean eskudun den departamentuak dirulaguntzak ematen ahalko ditu jarduera turistikoen pizgarri izan daitezen, bereziki enpresa eta establezimendu turistikoen kalitatearena.

3. Dirulaguntza haiek Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorraren menpe egonen dira.

4. Foru Komunitateko administrazioak, Nafarroako Turismo Kontseiluarekin eta jarduera turistikoaren garapenean eta sustapenean zeresana duten gainerako eragileekin bat, urte anitzeko ekintza plana eginen du. Plan horrek bertan aipatzen den denbora-tartean jarraitu beharreko estrategia ezarriko du, bai eskualdeetan beharrezkoak diren ekipamendu eta zerbitzuen alorreko inbertsioei dagokienez, baita ezagutarazpen eta komunikazio alorreko jarduerei dagokienez ere.

5. Planak gutxienez ondokoak jasoko ditu:

a) Eskaintza turistikoaren eta dituen defiziten azterlana.

b) Oinarrizko baliabide turistikoen inbentarioa.

c) Baliabide turistikoen oinarrizko ezaugarriak.

d) Eskariaren azterketa eta gerta daitekeen bilakaeraren aurreikuspenak.

e) Turismoaren eraginak ebaluatzeko irizpideak.

f) Udalerri turistikoen eta turismorako interesguneen zerrenda.

g) Turismoari dagokionez aseak dauden eremuak.

h) Turismoaren kalitatea eta lehiakortasuna hobetzeko neurriak.

i) Turismo-baliabideak sustatzeko, babesteko eta seinaleztatzeko interesgarri jotzen diren azterlanak.

43. artikulua. Argibide turistikoak.

1. Erakunde ofizialek Nafarroako Foru Komunitateari buruz edozein hedabidetan ematen dituzten argibide turistikoak foru lege honetako 4. artikuluan xedaturiko printzipioei jarraituko zaizkie eta komunikazioaren egiazkotasuna, homogeneotasuna eta eragingarritasuna izanen dituzte irizpide.

2. Udalen autonomia galarazi gabe, Foru Komunitateko administrazioak beharrezkoak diren tresnak sortuko ditu argibide turistikoen alorrean ekitaldi koordinatuak egiteko, eta alor honetan toki entitateei behar dituzten laguntzak emanen dizkie, Nafarroako argibide turistikoen sistema sendotzeko, betiere zerbitzu-ematearen homogeneotasuna, jarduera adierazten duen irudiaren ezaugarritasuna eta informazio-euskarrien modernizazioa irizpide.

44. artikulua. Dinamizazio planak eta helmugen kalitatekoak. 1. Turismoaren alorrean eskumena duen Foru Komunitateko administrazioko departamentutik Nafarroako eskualdeen dinaminazio turistikoko planak bultzatuko dira.

2. Horrekin batera, helmuga turistikoetarako kalitate planak sustatuko dira eta kalitate turistikoko gutunak sortzeari bultzada emanen zaio.

3. Foru Komunitateko administrazioak eskualde batean turismoari dagokionez lehentasunez jarduteko sustapen bereziko plan edo neurriak onartzen ahalko ditu, bertako ekonomia eta enpleguaren egoera berezia eta eskualdearen balio turistikoak kontuan hartuta.

45. artikulua. Sektore turistikoaren profesionalizazioa.

Foru Komunitateko administrazioak sektore turistikoko giza baliabideen profesionalizazioa sustatuko du. Horretarako prestakuntza planak bultzatuko ditu, bai integralak, bai sektorekakoak.

46. artikulua. Elkartegintzaren sustapena.

Foru Komunitateko administrazioak sektore turistikoaren barruan elkartegintza sustatuko du, bai esparru publikoan bai pribatuan, bertako ahaleginak bildu eta jarduketak koordinatzeko.

VII. TITULUA

Diziplina turistikoa

I. KAPITULUA

Ikuskapen turistikoa

47. artikulua. Turismoaren ikuskapena.

Foru Komunitateko administrazioan turismoaren alorrean eskudun den departamentuari dagokio turismoari buruzko arautegia betearazteko ikuskapen lanak egitea.

48. artikulua. Eginkizunak.

Turismoaren alorrean eskudun den departamentuaren ikuskapen zerbitzuek eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Turismoaren alorrean indarra duten xedapenak betetzen direla zaindu eta egiaztatzea eta behar diren txostenak egitea.

b) Erabiltzaileen erreklamazio eta salaketen xede diren gertaerak egiaztatu, azpiegitura turistikoen betekizunei buruz informatu eta dirulaguntzak jaso dituzten inbertsioak burutu direla egiaztatzea.

c) Instalazio eta zerbitzu turistikoen kalitatea kontrolatzea, haien baldintzak begiratuz.

d) Lege edo erregelamenduen bidez esleitzen zaizkien beste ikuskapen eginkizunak.

49. artikulua. Ikuskapen turistikoko zerbitzuak. 1. Ikuskapen turistikoko zerbitzuetako langileak, beren eginkizunetan dihardutenean, agintaritzat joko dira eta indarra duten arauek agintariei ematen dizkieten babes eta ahalmenak izanen dituzte. Beren eginkizunak hobeki egiteko beharrezkotzat jotzen dutenean, Foru Komunitateko administrazioko edo beste administrazio eta erakunde publikoetako langile eta zerbitzuen lankidetza eskatzen ahalko dute.

2. Ikuskatzaileek kreditazio bat izanen dute, beren eginkizunetan jardutean erakutsi beharko dutena.

3. Ikuskapena betiere konfidentziala izanen da. Ikuskatzaileek isiltasun profesionalaren betebeharra zorrozki bete beharko dute.

50. artikulua. Lankidetzaren betebeharra.

1. Enpresa eta jarduera turistikoen titularrek turismo ikuskapeneko zerbitzuko langileei, beren eginkizunetan dihardutenean, jarduera turistikoari loturiko bulego, instalazio, agiri, liburu eta erregistroak eskuratzen eta aztertzen utzi beharko diete. Haien ordezkariek eta haien menpekoek betebehar bera izanen dute, establezimenduaz edo jarduera turistikoaz arduratzen badira.

2. Ikuskatzaileek, bere eginkizunetan dihardutela beharrezkotzat jotzen badute, interesatuei eskatzen ahalko diete, arrazoiak emanda, bere egoitzan ager daitezela, horretarako deian aipatzen den konturako.

3. Turismoaren alorrean eskudun den departamentuak baliabideak ezarriko ditu eginiko ikuspenak eta haien emaitzak behar bezala kontrolatu eta ezagutzeko.

4. Ikuskapen zerbitzuek beren eginkizunetan aritzeko beharrezkotzat jotzen dituzten argibide guztiak eskatzen ahalko dizkiete erakunde ofizialei, lanbide erakundeei, sindikatuei eta kontsumitzaile elkarteei.

51. artikulua. Ikuskapeneko aktak.

1. Ikuskaldi bakoitzean, ikuskatzaileak akta bat egin beharko du, haren emaitza biltzen duena.

2. Aktak honelakoak izanen dira:

a) Turismoari buruzko arauak betetzen direla adieraztekoa.

b) Ikuskapenari eragozpenak jarri zaizkiola adieraztekoa.

c) Ohartaraztekoak, erraz betetzen ahal diren betebeharrak ez betetzeagatik, eta betiere ez-betetze horien ondorioz erabiltzaileendako kalterik sortzen ez bada.

d) Turismoari buruzko arauak hauts ditzaketen gertaerak adieraztekoa.

3. Akta izenpetu beharko dute ikuskapena egin duen ikuskatzaileak eta establezimendu edo jarduera turistikoaren titularrak edo honen legezko ordezkariak eta, halakorik ezean, une horretan dagoen arduradunak, zeinak kopia bat gordeko baitu. Izenpe horrek frogatuko du aktaren eta haren edukiaren berri duela, baina ez du esan nahi ados dagoenik. Pertsona horiek akta izenpetu nahi ez badute, ikuskatzaileak halaxe adierazi beharko du aktan eta zergatiak ere bai, eginbide batez. 4. Ikuskapen zerbitzuek beren eskumenetan dihardutela egiten dituzten aktetan agertzen diren gertaerak egiazkotzat joko dira, kontrakoa frogatu ezik.

II. KAPITULUA

Zehapen araubidea

1. ATALA

Arau-hausteak

52. artikulua. Arau-hauste administratiboak.

1. Turismoaren alorreko arau-hauste administratiboak dira foru lege honetan tipifikatzen diren egite edo ez-egiteak.

2. Turismoaren alorreko arau-hauste administratiboak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

3. Foru lege honetan aipatzen diren arau-hausteak honelaxe preskribituko dira: oso larriak hiru urtera, larriak bi urtera eta arinak sei hilabetera.

Arau-hausteek preskribitzeko epea araua hausten den egunetik zenbatzen hasiko da.

4. Etengabeko jarduera baten ondoriozko arau-hausteetan, preskribitzeko epea hasiko da jarduera arau-hauslea bukatzen den egunean edo bestela araua hausten duen azkeneko egintza egiten denean.

5. Preskripzioa etenen da zehapen espedientea interesatuari jakinarazita irekitzean.

53. artikulua. Arau-hauste arinak.

Hona hemen arau-hauste arinak:

a) Kontrataturiko zerbitzuak haien izaeraren eta hitzarturiko baldintza eta zehaztapenen arabera ez egitea.

b) Establezimendu turistikoetako lokal, instalazio, altzari eta tresnen aurkezpen eta funtzionamendu baldintzetan akatsak izatea.

c) Erabiltzaileak ongi ez tratatzea.

d) Bezeroari prezioaren parte bat ezkutatzea, eskatu ez dituen edo adierazi ez diren prestazioak emanez.

e) Kontratatu ez diren zerbitzu edo ondasunak erabili edo kontsumitzera behartzea, edo eskaini ez diren baldintzetan.

f) Turismoaren alorrean eskudun den administrazioari establezimenduaren titulartasunaren aldaketak edo turismoari buruzko arautegiak eskatzen dituen argibideak ez jakinaraztea. g) Enpresa, instalazio edo zerbitzuaren araubide eta funtzionamendu egokirako eta erabiltzailea babesteko berme gisa ezarritako kontratu, agiri, faktura, argibide edo erregistroei buruzko arauak, nahitaez bete beharrekoak, ez betetzea.

h) Kontratua bukatutzat emateko edo egin beharreko zerbitzuak bertan behera uzteko arauak ez betezea.

i) Erreklamazio orririk ez edukitzea edo eduki bai baina eskatuz gero horrelakorik ez ematea.

j) Turismo enpresarekiko harremanaren baldintzak frogatzen dituzten agiri guztiak eta, betiere, legez eginiko fakturak, bezeroari ez ematea.

k) Erregelamendu bidez ezarritako establezimenduetan nahitaez erakutsi beharreko bereizgarriak ez edukitzea edo, erakutsita ere, eskaturiko betebeharrak haiek ez betetzea.

l) Produktu eta zerbitzuei eta haien prezioei buruzko publizitatea arautzen duten xedapenak ez betetzea.

m) Zerbitzu batzuk arautu ditzaketen agindu berezien publizitaterik eza.

n) Establezimenduaren egitura, tamaina edo ezaugarriak administrazioari jakinarazi gabe aldatzea, jakinaraztea beharrezkoa denean.

ñ) Kanpaleku turistikoetan kanpaleku unitatearenak ez diren osagaiak jarraian paratu edo kokatzeko baimena ematea.

o) Oro har, turismoari buruzko arautegian ezarririko baldintza, betebehar eta debekuak ez betetzea, baldin eta larriak edo oso larriak ez badira.

54. artikulua. Arau-hauste larriak.

1. Hona hemen arau-hauste larriak:

a) Legez gaiturik ez dagoen norbaitek zerbitzu edo jarduera turistikoak egin edo ematea.

b) Jarduera turistiko bat sailkatu edo bertan jardun ahal izateko inskripzio, titulu, lizentzia, jakinarazpen edo nahitaezko gaikuntzarako betebehar edo baldintzak ez betetzea edo aldatzea.

c) Sailkapenaren arabera dagozkion izen, errotulu edo bereizgarrien ordez beste batzuk erabiltzea.

d) Kontratuaren xede den zerbitzuren bat ez ematea edo itundutako kalitate, kantitate edo izaerako baldintzak ez betetzea.

e) Bezeroei askatasunez sartzen ez uztea edo haiek kanporatzea, justifikazioarik gabe.

f) Zerbitzuak publizatean agertzen direnak baino prezio garestiagoetan ematea edo prezioei buruz indarra duten xedapenak bete gabe.

g) Turismo ikuskapenari edo administrazioko beste organo eskudun batzuei uko egin edo eragozpenak jartzea. h) Jarduera turistikoen subjektuek eskaintzen dituzten zerbitzuen funtsezko osagaiei buruz engainua edo nahasmena sortzen ahal duen publizitatea.

i) Zerbitzua postu erreserbaren arabera ez ematea, dauden postuak baino gehiago kontratatzeagatik.

j) Azpiegitura edo funtzionamenduko akatsak zuzentzeko turismo administrazioak emaniko epeak ez betetzea, horretarako justifikazioarik gabe.

k) Turismoari buruzko arautegiak eskatzen dituen aseguruen eta fidantzen bermeen zenbatekoa gaurkoturik ez edukitzea.

l) Kanpaleku turistikoetan kanpinlari egoiliarrak onartzea eta debeku diren kanpaleku-unitateak paratzea.

Kanpinlari egoiliarrak dira kanpaleku turistikoan ohiko bizilekua dutenak.

m) Zerbitzu turistikoak emateko legez gaitu gabeko bulego, lokal, ibilgailu edo pertsonak erabiltzea edo gaiturik egonda ere jadanik erabiltzeko moduan ez daudenak erabiltzea.

n) Zuzenak ez diren argibideak ematea edo agiri faltsuak aurkeztea.

ñ) Arau-hauste arinetan berrerortzea.

2. Artikulu honi dagokionez, berrerortzea da urtebetean izaera bereko arau-haustea bitan baino gehiagotan egitea, bide administratiboan ebazpen irmoaren bidez halaxe adierazi denean.

55. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

1. Hona hemen arau-hauste oso larriak:

a) Turismoari buruzko arautegia haustea, Nafarroaren interes turistikoei, kasuan kasuko lanbide edo jarduera turistikoaren prestigioari edo orokorrean bezeroei kalte larria egiten badie.

b) Erabiltzaileak bereizkeriaz tratatzea, baldin eta arraza, sorterri, sexu, erlijio, iritzi edo norberaren edo giza-taldearen beste edozein inguruabarrengatik egiten bada.

c) Turismo establezimendu bat ireki edo jarduera turistikoan aritzeko titulu, lizentzia edo nahitaezko gaikuntza inskribatu edo emateko funtsezko kontuak doluz aldatzea.

d) Arau-hauste larrietan berrerortzea.

2. Artikulu honi dagokionez, berrerortzea da urtebetean izaera bereko arau-hauste bi edo gehiago egitea, bide administratiboan ebazpen irmoaren bidez halaxe adierazi denean.

56. artikulua. Subjektu erantzuleak.

1. Turismoaren alorreko arau-hausteen subjektu erantzuleak dira enpresa, establezimendu edo jarduera turistikoaren titularrak diren pertsona fisiko eta juridikoak. Titulartzat joko dira, bestela frogatu ezik, nahitaezko lizentzia edo erregistro administratiboa bere izenean daukatenak. Arau- haustea lanbide edo jarduera bat gaikuntza administratiborik gabe egitea baldin bada, erantzulea jarduera egiten duen pertsona fisiko edo juridikoa izanen da edo emaniko zerbitzuaren faktura egiten duena.

2. Enpresa, establezimendu edo jarduera turistikoen titularrak, enpresa, establezimendu edo jarduerari loturiko edozeinek eginiko arau-hausteen erantzule izanen dira; hala ere, horrek ez du ezertan eragotziko zuzenbideko akzioak erabili ahal izatea arau-hausleei kasuko kalte-ordainak eskatzeko.

2. ATALA

Zehapenak

57. artikulua. Zehapen motak.

1. Foru lege honetan eta turismoaren alorreko beste xedapenetan ezarritakoaren kontrako arau- hauste administratiboek zehapen hauek sortuko dituzte.

a) Ohartaraztea.

b) Isuna.

c) Jarduera turistikoak etetea edo establezimendua ixtea.

d) Titulua kentzea edo establezimendua ixtea.

2. Indarra duen arautegiaren arabera bere jardueretan aritzeko nahitaezko gaikuntza ez edukitzeagatik establezimenduak edo instalazioak ixtea, batetik, edo gaikuntza hori lortu arte kasua bada eta horretarako eskaera tramitazioan dagoenean erabaki daitekeen funtzionamendu-etetea, bestetik, ez dira zehapentzat hartuko. Turismoaren alorrean eskudun den departamentuko titularrak erabakiko du ixtea edo etetea, interesatuari entzun ondoren. Neurri hori hartuko da zehapen espedientea irekitzeko aukera deusetan galarazi gabe.

3. Arau-hauste oso larriengatik ezarririko zehapenak hiru urtera preskribituko dira, arau-hauste larriengatik ezarririkoak bi urtera eta arau-hauste arinengatik ezarririkoak urtebetera.

Zehapenek preskribitzeko epea zehapena ezartzen duen ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik hasiko da.

Preskripzioa etenen da betearazpen prozedura hastean, interesatuari jakinarazita.

58. artikulua. Zehapen administratiboak.

1. Arau hauste arinak zehatzen ahalko dira:

a) Ohartaraztearekin.

b) 1.200 euro arteko isunarekin.

2. Arau hauste larriak 6.000 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira. 3. Arau-hauste oso larriak 60.000 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira.

4. Zehapen osagarri edo nagusi gisa, jarduera eteten ahalko da edo establezimendua edo instalazioa ixten, gehienez ere sei hilabetez, arau-hauste larrietan, eta gehienez ere urtebetez, arau- hauste oso larrietan.

5. Arau-hauste oso larrietan berreroriz gero, zehapen osagarri edo nagusi gisa, titulua kentzen ahalko da eta establezimendua behin betikoz ixten.

6. Jarduerak eten edo establezimendua ixteko erabakia kasuan kasuko udalari jakinaraziko zaio.

7. Arau-hauste oso larrietan, zehapen osagarri gisa, zehapenaren xede den jardueran aritzeko arau- hausleak Nafarroako Foru Komunitateari eskatu eta harengandik lorturiko edozein dirulaguntza edo laguntza finantzario eten edo kendu ahalko da.

59. artikulua. Zehapenen mailaketa.

Zehapenak proportzionaltasun printzipioaren arabera ezarriko dira, kontuan hartuz arau-haustea egitean gertatu diren gorabeherak; hauek bereziki:

a) Arau-hausteak nahita egin diren edo errepikatu egin diren.

b) Ukituriko pertsonei eginiko kaltea.

c) Kalteturiko pertsonak zenbat diren.

d) Modu ez-zilegian lortutako etekinaren zenbatekoa.

e) Enpresaren ahalmen ekonomikoa.

f) Nafarroaren irudi turistikoarendako eta sektore turistikoarendako ondorio kaltegarriak.

g) Berrerortzea.

h) Prozedura irekitzea eragin zuten akatsak espedientea izapidatzen ari deino zuzentzea.

60. artikulua. Hertsatzeko isunak.

Aurreko artikuluetan aurreikusiriko zehapenak galarazi gabe, turismoaren alorrean eskudun den departamentuak, ekintza arau-hauslea eten edo bukatzeko edo hala bada ez-egitea zuzentzeko errekerimenduan ezarririko epeak bukatu ondoren, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 99. artikuluan xedaturikoaren arabera, hertsatzeko isunak ezartzen ahalko ditu. Haietariko bakoitzaren zenbatekoak arau- hausterako ezarririko isunaren ehuneko hamar eginen du gehienez.

61. artikulua. Organo eskudunak.

Foru lege honetan aipatzen diren zehapenak ezartzeko organo eskudunak hauexek dira:

a) Alor horretan eskudun den departamentua, eskumena Nafarroako Gobernuari ez badagokio. b) Arau-hauste oso larrietarako, Nafarroako Gobernua, establezimendua behin betikoz itxi behar baldin bada.

3. ATALA

Zehapen prozedura

62. artikulua. Printzipioak.

Turismoaren alorrean zehapenak ezartzeko ahalmena Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko IX. tituluko printzipioekin bat etorriz erabiliko da.

63. artikulua. Hasiera.

1. Turismoaren alorrean zehapenak ezartzeko prozedura ofizioz hasiko da organo eskudunak erabakita, jarduketa hauetariko edozeinen ondorioz:

a) Turismo Ikuskapenak eginiko aktaren ondorioz.

b) Ustezko arau-hauste baten berri izan duen agintaritza edo administrazio organoak jakinarazita.

c) Establezimendu turistikoetako erreklamazio orrietan jasotako kexa edo salaketaren ondorioz.

d) Indarra duen arautegian ezarririkoaren arabera aurkezturiko erreklamazio edo salaketaren ondorioz.

e) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan turismoaren alorrean eskudun den organoak hala erabakita, edozein baliabideren bidez ustezko arau-hauste baten berri duenean.

2. Prozedurari ekin baino lehen, egintzak argitzeko, aldez aurretik informazioa biltzea agindu ahalko da. Horren arabera, gertaerak aztertu ondoren, erabakiko da inolako arau-hausteren zantzurik badenentz, eta, behar denean, zehapen prozedurari ekinen zaio.

64. artikulua. Zuhurtasunezko neurriak.

1. Salbuespen gisa, baldin eta segurtasuna eta zerbitzu turistikoen erabiltzailearen interes ekonomikoak arrisku larrian badaude, edo Nafarroako irudi turistikoa arrisku larri eta agerikoan badago, erabakitzen ahalko da, zuhurtasunez, establezimendua berehala ixtea edo instalazioak zigilatzea, edo jarduera etetea, akatsak zuzentzeko behar deneino, eta gehienez ere espedientea ebatzi arte.

2. Espedientea irekitzeko agintaritza eskudunak izanen du eskumena zuhurtasunezko neurria hartzeko, arrazoiak emanda, interesatuari entzun ondoren.

65. artikulua. Adiskidetzea eta zuzentzea.

1. Zehapen prozedura izapidatu aitzin edo horrekin batera ustezko arau-hausleari aukera emanen zaio eginiko kaltea ordaintzeko edo eginiko akats administratiboak zuzentzeko. 2. Borondatezko adiskidetzea, zerbitzu turistikoak ematen dituzten enpresek kontsumitzaile eta erabiltzaileei eginiko kaltea ordaintzeko, interes partikular bat nagusi deneko erreklamazioetan egiten ahalko da bakarrik, interes hori zenbatzen ahal denean.

Bi aldeak kontsumoaren arbitraje sistemaren esanetara jartzeak borondatezko adiskidetzearen ondorio berak izanen ditu.

3. Akats administratiboak zuzentzen ahalko dira bakarrik arau-haustearen eta haren ondoriozko kaltearen zenbatekoak horretarako bidea ematen duenean.

4. Adiskidetzeak eta zuzentzeak berekin ekarriko dute jarduketak artxibatzea edo haien sailkapenaren larritasuna arintzea.

5. Adiskidetu eta zuzentzeko prozeduren izapidaketak arau-haustearen preskripzioa eta zehapen prozedurak ebazteko epearen zenbaketa etenen dituzte.

66. artikulua. Arau-hauste administratiboak eta jurisdikzio penala.

1. Administrazioaren ustez arau-hausteak arlo penalekoak izan daitezkeenean, organo administratiboak halaxe jakinaraziko dio ministerio fiskalari eta ez du zehapen prozedurarekin segituko, epaileek, kasua bada, bere ebazpena eman arte.

2. Halaber, organo administratiboak prozedura eten eginen du zehapen prozedura administratiboaren xede diren egintzetarako prozedura penal abian dela jakin badeza.

3. Zehapen penala ezarriz gero, zehapen administratiborik ez da ezarriko. Ez bada jotzen deliturik edo faltarik izan denik, administrazioak zehapen prozedurarekin segitzen ahalko du, jurisdikzio eskudunak frogatutzat jotzen dituen gertaerak oinarri hartuta, kasua bada.

67. artikulua. Iraungitzea.

1. Zehapen prozedurak iraungitzat joko dira, eta jarduerak artxibatuko dira, prozedurak hasteko erabakia hartzen denetik sei hilabete igaro ondoren haien ebazpena eman eta jakinarazi ez denean.

2. Aurreko idatz-zatian ezarririko epea kontatzean honako hauek kenduko dira: interesatuari egotz dakizkiokeen geldiarazpenak, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikuluko 5. idatz-zatian aipaturiko etendurak eta foru lege honetako 65. artikuluan aurreikusiriko kasua. Gainera, legez ezarririkoaren arabera erabakitzen diren ebazpena emateko epeen luzapenak ere kontuan hartuko dira.

3. Espedientea artxibatuz gero, halaxe jakinaraziko zaio inputatuari.

68. artikulua. Exekutibotasuna eta helegiteak.

1. Foru lege honetan xedaturikoaren arabera zehapenak ezartzen dituzten ebazpen administratiboak exekutiboak izanen dira bide administratiboa amaitzen dutenean.

2. Zehapen prozedurako ebazpenen aurka, interesatuek bidezko diren helegiteak aurkezten ahalko dituzte, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuaren eta administrazioaren araubide juridikoari buruzko apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legean, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedaturikoarekin bat.

69. artikulua. Zehapenen erregistroa.

1. Turismoaren alorrean eskudun den departamentuan zehapen erregistro bat izanen da. Bertan foru lege hau urratzeagatik ezarririko zehapen irmoak idatziko dira.

2. Ohar horiek zehapenak preskribitzeko epea igaro ondoren ezabatuko dira.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Udalerri turistikoak eta turismorako gune interesgarriak

1. Udalerri turistikotzat eta turismorako gune interesgarritzat joko dira urte anitzeko ekintza planak hala izendatzen dituenak.

2. Aldez aurretik, erregelamendu bidez ezarriko dira izendapen hori jaso ahal izateko turismo udalerri turistikoek bete beharko dituzten baldintzak.

3. Udalerri bat udalerri turistikoen katalogoan azaltzeak ekarriko du bertako bisitari-multzoaren zati bat aintzat hartzea, dagokion dirulaguntzaren ehunekoa zehazte aldera eta inbertsioak finantzatzeko planetan inbertsioaren errentagarritasun koefizientea zehazte aldera.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Izapidatzen ari diren zehapen prozedurak.

Foru lege honek indarra hartzean hasita dauden zehapen prozedurak, hasi ziren momentuan indarra zuten xedapenen arabera izapidatu eta ebatziko dira.

LEHEN XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Foru lege honetan xedaturikoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak indarrik gabe gelditzen dira, bereziki Diziplina turistikoari buruzko azaroaren 17ko 14/1997 Foru Legea.

BIGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Foru lege honek indarra hartzean, Nafarroako Foru Komunitatean ez da aplikatuko 1972ko abuztuaren 11ko Ministerioaren Agindua, zeinaren bidez onetsi baitzen enpresa turistikoetako establezimenduen zuzendarien estatutua.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENA

Zenbatekoak gaurkotzea

Foru lege honetan aurreikusiriko zehapenen zenbatekoak Nafarroako Foru Komunitateko aurrekontuei buruzko legeetan berrikusi eta gaurkotu ahalko dira. AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Erregelamendu bidezko garapena baimentzea

Esku ematen zaie Nafarroako Gobernuari eta turismoaren alorrean eskudun den kontseilariari foru lege hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak emateko.

AZKEN XEDAPENETAN HIRUGARRENA

Indarrean sartzea

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra