Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Nafarroako Foru Komunitatearen zuzenbidea  >>  Legeria

8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa

2006-06-20

Erakundea: Nafarroako Parlamentua

Argitalpena: NAO, 2006/6/30, 78. zk.

8/2006 FORU LEGEA, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa. NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela,

NAFARROAKO SEGURTASUN PUBLIKOARI BURUZKO FORU LEGEA.

ZIOEN AZALPENA

1

Espainiako Konstituzioak, Nafarroako Foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak, Toki araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak, Segurtasun indar eta kidegoei buruzko martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoak eta Nafarroako polizia kidegoei buruzko Foru Legearen testu bateginak (urriaren 14ko 213/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia) ezarri dute, funtsean, Nafarroako segurtasun publikoari buruzko Foru Lege honen oinarri izanen den eskumen-markoa. Testuinguru horretan, kontuan izanik Nafarroako administrazio publikoen menpeko polizia-kidegoen aniztasuna eta gizartean segurtasunaz dagoen kezka gero eta zabalagoa, beharrezkoa da Nafarroako Foru Komunitateak segurtasun publikoaren arloan dituen eskumenak segurtasun sistema koordinatu eta bakarrean antolatuko dituen araua egitea. Sistema horrek gai izan behar du herritarren segurtasuna bermatuko duten politika errealista, praktiko eta eraginkorrak ezarri eta garatzeko, erakundeen leialtasunaren printzipioari hertsiki lotuta eta, horrenbestez, esku hartu behar duten administrazio publiko guztien eskumenak erabat errespetatuz. Arau horrek foru legea izan behar du ezinbestean, haren helburuen lorpena ekarriko duten neurri, betebehar eta eskubide guztiak ezarri ahal izan daitezen.

2

Foru lege honen xedea da Nafarroan segurtasun publikoko sistema egokia eratzea, administrazio publiko guztiak partaide izanen dituena eta osagarritasunaren, lankidetzaren, koordinazioaren, elkarri informazioa ematearen eta erakundeen leialtasunaren printzipioetan oinarrituko dena. Gainera, herritarrei parte hartzeko aukera emanen die segurtasun kontseiluen bitartez. Foru lege honek, beraz, ardura partekatzeko eskatzen die Nafarroako Gobernuari eta administrazio nafarrei, bereziki udalei, eta ildo beretik koordinazio eta plangintzarako tresnak ezartzen ditu, besteak beste tokiko segurtasun batzordeak, lankidetza hitzarmenak, polizia-informazioen sistema bateratua eta hainbat motatako segurtasun planak. Azken batean, foru lege honen bidez eraginkortasuna areagotu nahi da eskura dauden baliabideak zentzuz eta iraunkortasunez erabiltzeko eta bide horretatik herritarren segurtasunaren inguruan emaitza egokiak lortzeko.

Herritarrei begira, segurtasun publikoko sistemak, eta bereziki poliziaren jarduerak, herritarrentzako zerbitzu publikoen ereduari jarraitzen dio eta halako zerbitzuen printzipioak ditu oinarri: gizartearen eskariari egokitzea, proportzionaltasuna eta arrazionaltasuna, hurbiltasuna eta erantzun azkarra, polizien ekintza multiformea, eraginkortasuna, erantzunaren planifikazioa eta emaitzen ebaluazioa, eta segurtasunarekin zerikusia duten baliabide eta bitarteko guztien arteko harremanak. Polizia- jardueraren funtsezko printzipio horietatik abiatu behar da gaurko polizia-sistemaren bilakaera, gizartearen kontrako portaerei aurre egin edo erantzuteko ekintza hutsetatik metodo modernoagoetara pasatzeko. Erantzuna polizia-jardueraren osagai nagusia izanik ere, metodo berrietan prebentzio jarduera ere lehenesten da, bai eta plangintzan eta azterketan oinarritutako teknika berriak ere, guztiz praktiko eta metodikoak, behin eta berriz gertatzen diren edo poliziaren esku ez dauden alderdiak dituzten segurtasun arazoei aurre egiteko. Printzipio horiek aplikatu ahala, zalantzarik gabe polizia herritarrei hurbilduko zaie eta azkenik gizartearekin bat egindako polizia lortuko da, herritar eta erakundeen arteko lotura estuagoa sustatzeko gai izanen dena, gizartearen batasun handiagoaren oinarri gisa.

Beste alde batetik, Foru Komunitateko lurralde eremu guztietan segurtasunaren planifikazio orokorra eginez, Segurtasun Plan Orokorretik eta udalerrietako nahiz udalez gaindiko planetatik abiatuta, polizia-erakunde guztien eginkizun bakarra ezartzen da, alegia, herritarren interes orokorren alde lan egitea eraginkortasunez, elkarrekin koordinaturik eta indarra duen legeriak ezartzen duen esparruan. Horrek lan-filosofia bateratua sortuko du, planifikatutako xedeak lortzera bideratua.

3

Foru lege hau dela medio, administrazio publikoek, agintariek, polizia-kidegoek eta segurtasunarekin zerikusia duten gainerako zerbitzu publiko edo pribatuek batera parte hartu ahal izanen dute segurtasun publikoari buruzko politiken diseinuan, aplikazioan eta ebaluazioan. Berrikuntza nagusia, ordea, herritarrek beren segurtasun arazoen konponketan parte hartu ahal izatea da. Parte-hartze horri esker sistemak berak eta hura osatzen duten polizia-zerbitzuek hobeki ezagutu eta ulertu ahal izanen dituzte delinkuentzia, indarkeria eta, oro har, herritarrek beren ingurune hurbilean segurtasun eza dela-eta jasaten dituzten arazoak.

Espainiako Konstituzioak herritarren segurtasunaren kontzeptua darabil ordena publiko tradizionalaren ordez. Aldaketa garrantzitsu horrek eragin handia du legea betearazi behar duten erakundeen funtzionamenduan, izan ere ikuspegi horretatik segurtasun publikoak berezko osagaia baitu giza elementua, jendea hain zuzen. Horrela herritarrak leku nagusia hartzen du, alde batetik botere publikoen arretagune nagusia eta bestetik bere segurtasunaren funtsezko eragilea delako. Ildo horretan, segurtasun publikoaren arloko politikak egiteko edozein prozesuk sustatu eta erraztu egin behar du herritarrek ere politika horiek formulatzeko ardura har dezaten, segurtasun zerbitzuen eta herritarren edo horien elkarteen arteko lankidetzan sakondu behar du eta, oro har, segurtasun publikoaren arloko administrazioari bidea eman behar dio herritarrengana gehiago hurbiltzeko. Esparru horretan kokatu behar dugu foru lege hau, beraren bidez segurtasun kontseiluak eratuko baitira Foru Komunitatean. Egunero gizartean bizikidetza garatzeko prest agertzen diren sektore zabalenei lekua eskaini nahi zaie kontseilu horietan eta segurtasun politikaren diseinu berria lortu nahi da, orain arte nagusi izan den eskema itxia gaindituta, segurtasuna ez baita poliziaren eta erakunde espezializatuen kontua bakarrik.

4

Foru legeak honako egitura du: sei kapitulutan bildutako hogeita zortzi artikulu, bi xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat eta azken bi xedapen.

I. kapituluan foru legearen xedea eta helburuak definitzen dituzten xedapen orokorrak daude. Segurtasun publikoko sistemaren printzipio nagusiak azaltzen dira eta segurtasunaren arloan eskumenak dituzten administrazio publikoen arteko harremanak arautzen dituztenak zehazten dira, bai eta Nafarroako administrazio publikoen menpeko polizia-kidegoen jardueraren oinarri izanen diren printzipioak ere; eta, azkenik, herritarrekiko harremanei buruzko printzipioak jasotzen dira.

II. kapitulua segurtasun publikoko sistemaren antolaketaren gainekoa da. Arlo horren antolamendu administratiboa biltzen du, berariazko eginkizunak esleitzen dizkie administrazio autonomikoari eta toki administrazioari, eta segurtasun publikoaren eremuko parte-hartze eta koordinazio organoak arautzen ditu, hala nola Herritarren Segurtasunerako Kontseilua, toki kontseiluak, Segurtasun Publikorako Departamentu arteko Batzordea eta segurtasunerako toki batzordeak.

III. kapituluak udaltzaingoen koordinazioaz dihardu, Nafarroako Gobernuari eginkizunak esleitzen dizkio eta Nafarroako Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordea arautzen du.

IV. kapituluak segurtasunaren planifikazioaz dihardu eta plan motak, planen gutxieneko edukia eta haien onespena arautzen ditu.

V. kapituluak administrazio publikoen arteko harremanei buruz dihardu eta horiek sustatzeko tresnak ezartzen ditu, hala nola, informazio estatistikoak, polizia-informazioen sistema bateratua edo Nafarroako Gobernuarekiko lankidetza hitzarmenak. Gainera, Foruzaingoaren eta udaltzaingoen arteko eginkizun-mugaketa arautzen du eta polizia-kidego bakoitzari dagozkion eginkizunak finkatzen, baita baterako eginkizunak ere.

VI. kapituluak herritarrekiko harremanei buruz dihardu, herritarrei beren ordezkaritza organoen bidez segurtasun publikoaren arloko lanetan parte hartzeko eskubidea onartzen die, bai eta kexa eta eskaerak egiteko eskubidea ere, eta, azkenik, Nafarroako administrazio publikoei beren segurtasun zerbitzu publikoen gutun bana egiteko agintzen die.

Foru legearen azken zatiko xedapen gehigarrian adierazten da Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko zein agintarik duten eskumena segurtasun arloko zehapenak ezartzeko, Herritarren segurtasunaren babesari buruzko Lege Organikoan eta Segurtasun pribatuari buruzko Legean xedatutakoaren arabera. Halaber, beste xedapen gehigarri bat dauka, segurtasun publikoko laguntzaileei buruzkoa.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta helburuak.

1. Foru lege honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateak segurtasun publikoko gaietan dituen eskumenak, batez ere polizia arlokoak, segurtasun sistema orokor batean antolatzea. Sistema horrek partaide izanen ditu administrazio publiko guztiak, bai eta segurtasunaren arloan erantzukizuna duten koordinazio organoak eta herritarrek parte hartzekoak, eta beraren bidez herritarren segurtasuna bermatzeko politika errealista, praktiko eta eraginkorrak ezarri eta garatuko dira.

2. Zehazki, hona hemen foru lege honen helburuak: a) Herritarren eskubide eta askatasunak, bake publikoa, bizikidetza egokia eta batasun soziala eraginkortasunez bermatuko dituzten prebentzio eta babes politika publikoen ezarpena eta garapena sustatzea.

b) Segurtasun publikoarekin zerikusia duten administrazio, agintari eta zerbitzuen arteko lankidetzan eta koordinazioan sakontzea.

c) Herritarrei bermatzea Nafarroako Foru Komunitate osoan segurtasun zerbitzuak homogeneotasunez jasotzeko duten eskubidea.

d) Segurtasun kontuetan administrazio eta agintaritza publikoek ardurak partekatu ditzaten eta, halaber, herritarrek segurtasun arloko politiken sorreran eta jarraipenean parte har dezaten sustatu eta erraztea.

e) Bide ematea segurtasun publikoaren arloko administrazioa herritarrei gehiago hurbiltzeko eta haren funtzionamendua bizkortzeko.

f) Herritarren konfiantza lortzea, hau da, herritarrei erakustea polizia eta botere publikoak lanean ari direla eta eraginkortasunez arduratzen direla segurtasunaren inguruko egiazko arazoez.

2. artikulua. Segurtasun publikoko sistema.

Nafarroako segurtasun publikoko sisteman honakoak biltzen dira: Foru Komunitatean segurtasun gaietan eskumena duten erakunde eta agintariak, polizia-kidegoak eta segurtasunaren arloko gainerako zerbitzu publikoak, eta segurtasunaren arloko koordinazio eta parte-hartze organoak.

Halaber, Nafarroako segurtasun publikoko sistemako partaide dira segurtasun-zerbitzu pribatuak, foru lege honetan eta haiek arautzen dituen araudian xedaturiko moduan.

3. artikulua. Oinarrizko printzipioak.

1. Foru lege honetan ezarritako segurtasun publikoko sistema gauzatzeko, segurtasunaren eremuan ari diren administrazio publiko eskudunek beren jardunean printzipio hauek beteko dituzte: erakundeen leialtasuna, osagarritasuna, elkarri informazioa ematea, lankidetza, koordinazioa eta laguntza.

2. Segurtasun publikoko sistemak, eta bereziki Nafarroako administrazio publikoen menpeko polizia- kidegoen jarduerak, ondoko printzipio hauek izanen ditu oinarri:

a) Arrisku eta mehatxuei aurrea hartzea.

b) Gizartearen eskariaren arabera jardutea.

c) Gizartearen aurkako egintzen kontrolaren proportzionaltasuna eta arrazionaltasuna.

d) Presentzia orokorra eta iraunkorra lurralde guztian, herritarrekiko hurbiltasuna eta laster erantzutea.

e) Kideen jarduketak askotarikoak izatea, espezializazioa ukatu gabe. f) Ekintzaren eraginkortasuna eta bitartekoen nahiz baliabideen esleipenaren efizientzia.

g) Arazoak identifikatzea, erantzuna planifikatzea eta emaitzak ebaluatzea.

h) Segurtasunarekin zerikusirik izan eta bazterkeriaren aurkako borrokan eginkizunen bat duten erakunde, zerbitzu eta antolakunde publiko zein pribatuekin elkarreragin-harremanak izatea.

3. Gizartearen aurkako egintzarik ezak frogatzen du segurtasun sistemaren eraginkortasuna, eta ez halako egintzen aurkako polizia-jardunaren nabarmentasunak.

4. Herritarrekiko harremanetan, segurtasun publikoko sistema integralak partaidetzaren, gardentasunaren eta informazioaren printzipioak ditu oinarri.

4. artikulua. Definizioak.

Foru lege honek agintzen duenerako, honako definizioak hartuko dira aintzat:

a) Gizartearen aurkako egintzak dira portaerari buruzko arau aldarrikatu edo onartuen aurkako portaerak, berez edo beren emaitzen ondorioz kalte egiten diotenak gizarte harremanetan behar den harmoniari.

b) Prebentzioa da gizartearen aurkako egintzaren kausak deuseztatzea, edo, deuseztatzerik ez badago, balizko egilearen asmoa aldaraztea, ekintzari uko egin diezaion.

II. KAPITULUA

Segurtasun sistemaren antolaketa

5. artikulua. Nafarroako Gobernua.

1. Konstituzioak, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoak eta indarra duen legeriak ezarritako eskumen-esparruan, Nafarroako Gobernuari dagokio eskubide eta askatasunen erabilera librea babestea eta herritarren segurtasuna bermatzea Foru Komunitatean, deusetan galarazi gabe Estatuko agintari eta segurtasun indar eta kidegoen eskumeneko eginkizunak eta beste botere publiko batzuen ahalmen eta betebeharrak.

2. Aurreko idatz-zatian adierazitakoaren arabera, Nafarroako Gobernuari dagokio:

a) Segurtasun publikoaren arloko helburu orokorrak eta funtsezko gidalerroak finkatzea.

b) Nafarroako Segurtasun Plan Orokorra onestea.

c) Zehapen ahalmena erabiltzea, foru lege honetan ezarritako moduan.

d) Foru lege honek eta indarra duten gainerako legeek ematen dizkioten beste eginkizun guztiak betetzea.

6. artikulua. Segurtasun publikoaren arloan eskumena duen departamentua. Segurtasun publikoaren arloko eskumena ematen zaion departamentua, Nafarroako Gobernuak ezarritako helburu orokorren arabera, Foru Komunitateko herritarren babesari eta segurtasunari buruzko politika gauzatzeko ardura duen organoa da, eta berari dagozkio, ildo horretan, Foruzaingoaren goi zuzendaritza, udaltzaingoen koordinazioa eta foru lege honetan eta indarra duen antolamenduko gainerako arauetan ezartzen zaizkion beste eginkizun guztiak.

7. artikulua. Segurtasun publikoaren arloko agintari publikoak.

1. Foru lege honen ondorioetarako honakoak dira segurtasun publikoaren arloko goi agintari publikoak:

a) Arlo horretako eskumena ematen zaion departamentuko kontseilari titularra.

b) Alkateak, beren eskumenen esparruan eta udal eremuan.

2. Segurtasun publikoaren arloan eskumena duen kontseilariak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Gobernuaren segurtasun politika betearaztea.

b) Nafarroako Foruzaingoaren goi zuzendaritza aurrera eramatea.

c) Herritarren segurtasuna zaindu eta berrezartzeko behar diren jarduketak egin daitezela agintzea.

d) Nafarroako udaltzaingoen koordinazioa sustatzea.

e) Prestakuntzarako eta espezializaziorako politikak sustatu eta koordinatzea.

f) Nafarroako Herritarren Segurtasunerako Kontseiluko buru gisa jardutea.

g) Nafarroako Segurtasun Plan Orokorra Nafarroako Gobernuari aurkeztea, onets dezan.

h) Foru lege honen helburuak lortzeko behar diren ekintzak sustatu eta koordinatzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruan.

i) Nafarroako segurtasun publikoaren gaineko urteko txostenak Nafarroako Gobernuari aurkeztea, onets ditzan.

j) Zehapenak ezartzeko ahalmena erabiltzea, foru lege honetan eta indarra duten gainerako legeetan agintzen zaion moduan.

k) Segurtasun publikoaren arloan indarra duten xedapenek ezartzen dioten beste edozein eginkizun.

3. Alkateek ondoko eginkizunak izanen dituzte, ezertan galarazi gabe toki legeriak esleitzen dizkien gainerako eginkizunak:

a) Segurtasun gaietan Udalaren jarduketak antolatu eta zuzentzea, indarra duen antolamenduari jarraituz.

b) Tokiko Segurtasun Batzordeko buru gisa jardutea eta haren erabakiak bete daitezen begiratzea. c) Udaltzaingoaren edo, hala tokatzen denean, albienteen goi agintari gisa jardutea, segurtasunarekin zerikusia duten jarduketetan.

d) Foru lege honen helburuak betetzeko behar diren ekintzak sustatu eta koordinatzea udal eremuan.

e) Tokiko segurtasun plana onestea eta udaleko osoko bilkurari haren berri ematea.

f) Udaleko osoko bilkurari tokiko segurtasun planaren aplikazioaren eta gorabeheren berri ematea urtero.

g) Zehatzeko ahalmena erabiltzea, indarra duen legeriak agintzen dien moduan.

h) Foru lege honek eta segurtasun publikoaren arloan indarra duten gainerako legeek ematen dizkieten gainerako eginkizunak.

8. artikulua. Nafarroako polizia-kidegoak.

1. Nafarroako Foruzaingoa eta udaltzaingoak dira Nafarroako administrazio publikoen polizia berekia.

2. Foruzaingoak Nafarroako Foru Komunitatea izanen du jarduteko lurralde-eremua.

3. Udaltzaingo bakoitzak bere udalerria izanen du jarduteko lurralde-eremua, premiazko egoera berezietan izan ezik, halakoetan udal mugapetik kanpo jardun ahal izanen baitu, toki entitateek horretarako sinatutako lankidetza hitzarmenetan edo koordinazio planetan ezarritako baldintzak betez. Segurtasun publikoaren arloan eskumena duen departamentuak oniritzia eman beharko du aurretiaz. Alabaina, larrialdietan nahikoa izanen da laguntza behar duen lurraldeko agintari eskudunak aurretiaz laguntza eskatzea.

Halaber, toki korporazioetako agintariak babesteko eginkizunak betetzen ari direnean, udal mugapetik kanpo jardun ahal izanen dute, segurtasun publikoaren arloan eskumena duen departamentuaren baimenarekin, jarduketa horiek oso-osorik Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde-eremuaren barrenean egiten dituztenean.

4. Foru Komunitateko erakunde berekietako polizia-kidegoen arteko harremanak arautzen dira segurtasun-sistema orokorra antolatzen duten printzipioei loturik; bereziki, osagarritasun, koordinazio, laguntza, lankidetza eta elkarri sorostearen printzipioei, batez ere tokiko segurtasun batzordeen baitan. Segurtasun publikoaren arloko eskumenen titular den departamentuaren eta udalen artean sinaturiko hitzarmenek udalerri bakoitzeko baldintzetara egokitu eta zehaztu behar dituzte printzipio horiek.

5. Gobernuak, batez ere segurtasun publikoaren arloko eskumenen titular den departamentuaren bitartez, bai eta udalek ere, beren baterako organoen baitan sustatu behar dituzte beren segurtasun- zerbitzuen plangintza operatiboa eta baliabideen esleipen efizientea eta baterako aprobetxamendua, polizia-informazioko sistemen integrazioa eta antolaketa eta operazio arloetako estandarren homogeneizazioa.

9. artikulua. Herritarren Segurtasunerako Kontseilua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko Herritarren Segurtasunerako Kontseilua sortu da.

2. Herritarren Segurtasunerako Kontseilua segurtasun gaietan kontsultak egiteko eta parte hartzeko organo gorena da Nafarroako Foru Komunitatean.

3. Kontseiluak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Administrazio publikoei aholku ematea, une eta toki bakoitzean segurtasun publikorako politika egokia diseinatu behar duten erakunde espezializatuei gomendioak emanez eta gizartearen barneko gertaera kolektiboei bereziki kontu eginez.

b) Nafarroako segurtasun publikoaren egoera orokorra aztertu, ikertu eta ebaluatzea, herritarren segurtasunaren inguruko erreferente adierazgarrienak oinarri harturik, portaeren azterketak eta egoeren analisiak sustatuz, segurtasun indar eta kidegoetako kideen lanak euskarria izan dezan inguruabar zehatz eta baloragarrietan.

c) Herritarren bizikidetza lasaia eragozten ahal duten eragileak zaintzea, hala nola xenofobia, arrazakeria, kaleko indarkeria eta taldeen indarkeria edo antzeko gertaerak, herritarren edo gizarteko balio funtsezkoenen kalterako izan daitezkeen gatazka eta arriskuei aurrea hartzeko.

d) Nafarroako segurtasun egoera hobetzeko neurri orokorrak sustatzea eta segurtasun publikoarekin zerikusia duten administrazio publiko guztien zerbitzuak hobetzeko ekimenak bultzatzea.

e) Foru Komunitateko segurtasun publikoa dela eta Nafarroako Gobernuak onesten duen urteko txostena ikustea.

f) Indarra duten arauetan ezartzen zaizkion gainerako eginkizunak.

4. Herritarren Segurtasunerako Kontseilua segurtasun publikoaren arloko eskumena duen departamentuari atxikiko zaio. Departamentu horrek behar adinako laguntza teknikoa eman beharko dio bere eginkizunak egoki bete ditzan.

5. Kontseilua menpean duen departamentuak berariaz kontusail bat sortuko dio bere funtzionamenduari eusteko eta bere eginkizunetan bidezko diren jarduketak egiteko.

6. Herritarren Segurtasunerako Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua erregelamenduz zehaztuko dira, foru dekretu bidez. Betiere, zein departamenturi dagoen atxikita, hango kontseilaria izanen du buru, eta honakoak kide izanen ditu:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkariak.

b) Nafarroako toki entitateen ordezkariak.

c) Gizarteko interesak ordezkatzen dituzten herritar erakunde edo entitateen ordezkariak.

Halaber, kontseilukide izaten ahalko dira Estatuko administrazioaren, epaileen eta fiskalen ordezkariak, haien erakundeek hala erabakitzen badute. 7. Nafarroako Segurtasun Kontseiluko buruak proposatu eta Kontseiluak hala erabakiz gero, herritarren segurtasunerako eskualde kontseiluak eratu ahal izanen dira. Horiek Kontseiluaren menpekoak izanen dira, eta udalerria baino eremu zabalagoa hartuko dute.

10. artikulua. Herritarren segurtasunerako toki kontseiluak.

1. Udaltzaingoa duten udalerrietako alkateek herritarren segurtasunerako toki kontseiluen sorrera sustatu ahal izanen dute beren eskumenen esparruan.

2. Herritarren segurtasunerako toki kontseiluek alkatea edo berak eskuordetutako pertsona izanen dute buru, eta horrek kontseiluko kideak honakoen artetik aukeratuko ditu:

a) Herritarren segurtasunarekin zerikusia duten udal zerbitzuak.

b) Udalerriko bizilagun eta herritarren elkarteak, edota entitateen, erakundeen edo elkarteen bestelako edozein ordezkaritza.

3. Herritarren segurtasunerako toki kontseiluek beren udalerrietan segurtasun egoera hobetzeko neurriak aztertuko dituzte eta organo eskudunei proposatuko dizkiete.

4. Herritarren segurtasunerako toki kontseiluek berek eginen dituzte beren funtzionamendurako arauak.

11. artikulua. Segurtasun Publikorako Departamentu arteko Batzordea.

1. Segurtasun Publikorako Departamentu arteko Batzordea sortu da. Segurtasun publikoari lotutako gaietan (barne gaiak, justizia, garraioa, errepideak, trafikoa eta bide-segurtasuna, ikuskizun publikoak, gizarte zerbitzuak, adingabeen babesa, genero-indarkeria, hezkuntza, osasuna, ingurumena, ekonomia eta ogasuna, toki administrazioa eta abar) eskumena duten departamentuetako zuzendari nagusiek osatzen dute.

2. Batzordeburua eta idazkaria segurtasun publikoaren arloko eskumena duen departamentukoak izanen dira. Batzordeburuak beste zuzendari nagusi batzuei edo zerbitzu-zuzendariei deitu ahal izanen die Batzordeak esku artean dituen gaiek hala eskatzen dutenean.

3. Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko departamentuen jarduketak koordinatuko direla bermatzea, segurtasun publikoan eraginik badute.

b) Departamentu guztietan plangintza sustatu eta bultzatzea, segurtasun publikoari buruzko politika orokorra departamentuetako jarduketa sektorialetara eramateko.

c) Nafarroako Segurtasun Publikorako Plan Orokorra nola eta zenbateraino betetzen den zaintzea.

4. Batzordeak bilera egin beharko du Nafarroako Segurtasun Publikorako Plan Orokorra ezagutzeko. Horrez gain, Batzordeburuak haren bilerarako deia eginen du sei hilean behin, gutxienez. 5. Segurtasun Publikorako Departamentu arteko Batzordearen funtzionamendua, gainerako guztian, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen III. tituluko III. kapituluan kide anitzeko organoentzat ezarritakoari lotuko zaio.

12. artikulua. Nafarroako Segurtasun Batzordea.

Nafarroako Segurtasun Batzordea Foruzaingoaren eta Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen arteko koordinaziorako organo gorena da, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 51. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritakoarekin bat.

13. artikulua. Tokiko Segurtasun Batzordeak.

1. Udaltzaingoa duten udalerrietan Tokiko Segurtasun Batzordea eratu beharko da.

2. Batzorde hori lankidetza eta koordinaziorako organoa izanen da udalerrian diharduten polizia- kidegoentzat.

3. Tokiko Segurtasun Batzordeko burua udalerriko alkatea izanen da, eta batzordekideak ondokoak izanen dira:

a) Herritarren segurtasunaren arloko zinegotzi eskuordea.

b) Udaltzainburua.

c) Foruzainburua edo berak eskuordetzen duen foruzain aginteduna.

d) Guardia Zibileko eta Polizia Kidego Nazionaleko buruak edo beraiek eskuordetzen dituztenak, Estatuko administrazioak hala erabakitzen badu.

4. Batzordeburuak eta batzordekideek nahi dituzten teknikariak eramaten ahal dituzte Tokiko Segurtasun Batzordearen bileretara. Teknikari horiek hizpidea izanen dute, baina ez boto eskubiderik.

5. Aztertu beharreko gaien arabera, Tokiko Segurtasun Batzordearen bileretara joan ahal izanen dira, hizpidearekin baina boto eskubiderik gabe, entitate, erakunde eta elkarteen ordezkariak, bai eta herritarren segurtasunarekin zerikusia duten zerbitzuen arduradunak ere, batzordeburuak deituz gero.

6. Tokiko Segurtasun Batzordeek eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Udalerriko segurtasun publikoaren egoera aztertu eta baloratzea, eta beharrak nahiz eskura dauden baliabideak ebaluatzea.

b) Tokiko segurtasun plana prestatzen parte hartzea, haren betetzea zaintzea eta haren jarraipena eta ebaluazioa egitea.

c) Udalerrian diharduten segurtasun kidego eta zerbitzuen arteko lankidetza, koordinazio eta laguntzarako bideak eta prozedurak ezartzea. d) Udalerrian diharduten segurtasun pribatuko zerbitzuak ezagutzea. Horretarako, zerbitzu horien arduradunei Batzordearen aurrera agertzeko eskatu ahal izanen zaie.

e) Indarra duen antolamenduan ezartzen zaizkion gainerako eginkizunak.

7. Tokiko Segurtasun Batzordeak udalerrian diharduten polizia kidegoen lanak koordinatzeko mahaia izendatu ahal izanen du, eta hura osatuko duten poliziaburuak izendatu, honako eginkizunak bete ditzan:

a) Batzordeak hartzen dituen erabakiak betearazi.

b) Udalerrian diharduten segurtasun kidego eta zerbitzuen arteko informazio trukea bermatu.

c) Udalerriko segurtasun kidego eta zerbitzuen jarduketen arteko koordinazio operatiboa ziurtatu.

d) Segurtasun kidego eta zerbitzuen arteko lankidetza, koordinazioa eta laguntza hobetzeko proposamenak prestatu eta Batzordeari aurkeztu, udalerrian eraginkortasun eta efizientzia areagotze aldera.

8. Betiere, segurtasun indar eta kidegoek zeinek bere agintari organikoen aginduetara jardun beharko dute zuzenean.

III. KAPITULUA

Udaltzaingoak koordinatzea

14. artikulua. Koordinazioa.

Kapitulu honen ondorioetarako, koordinaziotzat hartuko da sistema egokiak zehaztea jarduketa irizpideak harmonizatu ahal izateko, elkarri informazioa emateko, langileen eta baliabide materialen hornidura homogeneoa izateko eta administrazio eskudunen arteko harremanetarako mekanismoak sortzeko, udaltzaingoek parte hartzen duten segurtasun publikoko sistema osoan burutu behar dituzten ekintzen integrazioa lortze aldera.

15. artikulua. Eginkizunak.

1. Udaltzaingoen koordinazio gaietan Nafarroako Gobernuari dagozkion eginkizunak segurtasun publikoaren arloko eskumenak dituen departamentuak beteko ditu.

2. Udaltzaingoen koordinazioak honako eginkizun hauek bilduko ditu:

a) Udaltzaingoen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko erregelamenduek bete beharreko oinarrizko arauak ezartzea.

b) Udaltzaingoen homogeneizazioa sustatzea honako arlo hauetan: baliabide teknikoak, uniformeak, defentsarako bitartekoak, ordainsariak eta kreditazio sistema.

c) Udaltzaingoetan sartzeko hautapenari eta oinarrizko prestakuntzari buruzko irizpideak finkatzea eta horretarako behar diren baliabideak ezartzea. d) Udaltzainen lanbide prestakuntzaren hobekuntza sustatzea, behar diren baliabideak ezarriz, hala nola prestakuntza ikastaroak, hobekuntzakoak, espezializaziokoak eta sustapenekoak, Nafarroako Segurtasun Eskolaren bidez.

e) Datu-igorpen eta datu-base informatizatuen sistema orokorra sustatzea.

f) Ukituriko toki entitateen artean izan litekeen lankidetza antolatzea, aldi baterako edo aparteko beharrizanak asetzeko.

g) Babes zibilaren arloko jarduketak koordinatzea.

h) Baterako jarduketak egitea bide segurtasuna hobetzeko.

i) Udaltzaingoen eraginkortasuna hobetzeko behar diren azterlan eta neurriak sustatzea.

j) Toki entitateei segurtasun publikoaren gainean aholku ematea behar den neurrian.

k) Indarra duen legerian ezartzen den beste edozein.

3. Aurreko idatz-zatian zehaztutako eginkizunak betetzerakoan beti errespetatuko dira udalen autonomia eta udaltzaingoaren gain dituzten eskumenak.

4. Nolanahi ere, Nafarroako Gobernuari dagokio, segurtasun publikoaren arloan eskumena duen kontseilariaren proposamenari jarraituz, 2. idatz-zatiko a) eta b) letretan zehaztutako eginkizunei buruzko arau orokorrak ematea, Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeak txostena egin ondoren; txosten horrek aldekoa izan beharko du, proposamenaren xedea ordainsari osagarriak homogeneizatzea denean.

16. artikulua. Nafarroako Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordea.

1. Nafarroako Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordea ezarri da, segurtasun publikoaren arloan eskumena duen departamentuaren erakunde aholku-emaile gisa, udaltzaingoen koordinazioa dela- eta dagozkion eginkizunak bete ditzan.

2. Batzorde hori arestian aipatu departamentuari atxikia egonen da. Batzordeko kideak honakoak izanen dira:

a) Mahaiburua: segurtasun publikoaren arloko eskumena duen departamentuko kontseilaria.

b) Buruordea: barne gaietan eskumena duen zuzendari nagusia.

c) Kideak: toki entitateen hamar ordezkari eta segurtasun publikoaren arloan eskumena duen departamentuaren hiru ordezkari.

d) Idazkaria: batzordea atxikita duen departamentuko funtzionario bat, hizpidearekin baina boto eskubiderik gabe.

3. Toki entitateak ordezkatzen dituzten batzordekideak segurtasun publikoaren arloan eskumena duen kontseilariak hautatuko ditu udaltzaingoa duten udalerrietako ordezkarien artetik, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak proposaturik. Segurtasun publikoaren arloko departamentu eskuduna ordezkatzen duten batzordekideak eta idazkaria departamentu horretako kontseilariak izendatuko ditu.

4. Bileretara joan ahal izanen dira, hizpidearekin baina boto eskubiderik gabe, beste administrazio publiko batzuen ordezkariak, bai eta aztertu beharreko gaietan adituak diren teknikari edo aholkulariak ere, batzordeburuak eskaturik dei egiten zaienean.

5. Batzordeak berak eginen ditu bere antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko arauak. Betiere bilera arruntak edo bereziak egin beharko ditu. Bilera arruntak urtean behin eginen dira, eta bilera bereziak batzordeko kideen heren batek eskatu edo batzordeburuak erabakitzen duenean.

6. Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Udaltzaingoak ukitzen dituzten xedapen orokorren proiektuei buruz derrigorrezko txostenak egitea.

b) Administrazio publikoetako organo eskudunei egokitzat jotzen dituen neurriak proposatzea udaltzaingoen zerbitzuak hobetzeko eta haien baliabide teknikoak homogeneizatzeko.

c) Batzordeburuak eskatzen dion beste edozein gairi buruzko txostenak egitea dituen eskumenen esparruan.

d) Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

IV. KAPITULUA

Segurtasun arloko plangintza

17. artikulua. Segurtasun planak.

1. Segurtasun publikorako planak antolamendu tresnak dira, beraien bidez zehazten baita segurtasun kidego eta zerbitzuek nola jokatu behar duten, segurtasun publikoa, eskubide eta askatasun publikoen erabilera baketsua eta pertsona nahiz ondasunen babesa ukitzen dituzten egoerei aurrea hartzeko edo erantzuteko orduan.

2. Segurtasun planak orokorrak edo bereziak izan daitezke, hau da, segurtasun egoera orokorrari edo segurtasun kontu zehatzei buruzkoak, eta udalerri baterako, udalerri batzuetarako edo Nafarroako Foru Komunitate osorako egin daitezke.

18. artikulua. Nafarroako Segurtasun Plan Orokorra.

1. Nafarroako Segurtasun Plan Orokorrean segurtasun publikoaren arloko aurreikuspen orokorrak biltzen dira, Nafarroako Foru Komunitateko bizikidetza baketsua eta pertsona nahiz ondasunen segurtasuna ukitzen dituzten arrisku, jarduketa eta baliabideenak - baita segurtasun pribatukoak direnenak ere-.

2. Nafarroako Segurtasun Plan Orokorra prestatzea segurtasun publikoaren arloko eskumena duen departamentuaren eginkizuna da. Plana egiterakoan kontuan hartu behar dira Nafarroako Herritarren Segurtasunerako Kontseiluaren gomendioak. 3. Nafarroako Gobernuari dagokio Nafarroako Segurtasun Plan Orokorra onestea, segurtasun publikoaren arloan eskumena duen departamentuko kontseilariaren proposamenari jarraituz, eta Segurtasunerako Departamentu arteko Batzordeari eta Nafarroako Herritarren Segurtasunerako Kontseiluari erakutsi ondoren.

4. Nafarroako Segurtasun Plan Orokorrak tokiko eta udalez gaindiko segurtasun planak egiteko gidalerroak eta irizpide teknikoak ezarriko ditu, horien arteko koordinazioa eta integrazioa lortzeko, toki autonomia errespetatuz betiere.

19. artikulua. Planak onestea.

1. Segurtasun publikoaren arloan eskumena duen departamentuko kontseilariari dagokio udalez gaindiko segurtasun planak onestea. Hark onespenaren berri eman beharko die planak eragiten dien tokiko segurtasun batzorde eta koordinazio nahiz parte-hartze organoei.

2. Alkateei dagokie tokiko segurtasun plana onestea beren udalerrietan. Gainera, plan bereziak onetsi ahal izanen dituzte, udalerriko segurtasun egoeraren arabera.

Alkateek onetsitako segurtasun planak segurtasun publikoaren arloan eskumena duen departamentuko kontseilariari igorri beharko zaizkio jakinaren gainean egon dadin, eta haien eraginpeko koordinazio eta parte-hartze organoei jakinarazteko.

20. artikulua. Planen edukia.

1. Segurtasun planak egiterakoan aintzat hartu beharko dira goi mailako organoek segurtasun publikoaren arloan ezarritako politiken helburuak eta Nafarroako Segurtasun Plan Orokorrean ezarritako gidalerro teknikoak, bai eta parte hartzeko organoen gomendioak ere.

2. Segurtasun planek kontuan hartu beharko dituzte, bakoitzak bere eremuan, babes zibileko eta bide segurtasunerako planetan eta eragiten ahal dieten gainerakoetan dauden aurreikuspenak.

3. Segurtasun planen edukiak egitura homogeneoa izanen du. Gutxienez ondoko gai hauei buruzko argibide eta aurreikuspenak bildu beharko ditu:

a) Planaren eremuko segurtasun egoeraren azterketa.

b) Helburu orokorren eta lehentasunen definizioa.

c) Helburuak lortzeko erabili ahal izanen diren bitarteko eta baliabideak, segurtasun pribatukoak barne.

d) Burutu behar diren ekintzak; prebentzioa helburu nagusi duten ekintzak eta gertaerei aurre egin edo erantzuteko jarduketak bereizi beharko dira.

e) Ekintza horien lehentasun ordena, aplikazioaren egutegia, jarraipen eta ebaluaziorako metodo egokiak eta indarraldia.

V. KAPITULUA Administrazio publikoen arteko harremanak

21. artikulua. Printzipioak.

Segurtasunaren arloko eskumenak dituzten administrazio publikoek ondoko printzipioei eutsi behar diete elkarren arteko harremanetan:

a) Erakundeen leialtasuna, eta gainerako administrazioei dagozkien eskumenak erabat errespetatzea.

b) Elkarri informazioa ematea.

c) Osagarritasuna, lankidetza, koordinazioa eta laguntza, jarduketak egitean eta zerbitzuak ematean.

22. artikulua. Informazio estatistikoa.

1. Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Estatistika Sistemaren bidez eta indarra duen araudiarekin bat, estatistikako jarduera sustatu behar du, Nafarroako segurtasun publikoaren egiazko egoera ezagutu eta aztertzeko informazio nahikoa eta koherentea izateko, beste administrazio publiko batzuetako informazio estatistikoekin erkatu ahal izateko eta herritarren segurtasunarekin zerikusia duten administrazio publikoko eremuetan erabakiak hartzerakoan informazio hori erabili ahal izateko.

2. Segurtasun publikoaren arloko eskumena duen departamentuak urtero txostena eginen du Nafarroako Foru Komunitateko barne-segurtasunari buruz, Nafarroako Estatistika Planak arautzen dituen estatistika-jardueretan oinarritua. Txosten hori agintari eta organo interesatuei eman beharko zaie; bereziki, Nafarroako Foru Komunitateko Segurtasun Batzordeari, Nafarroako Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeari, Segurtasunerako Departamentu arteko Batzordeari, tokiko segurtasun batzordeei eta herritarren segurtasunerako kontseiluei.

23. artikulua. Polizia-informazioak.

1. Polizia Datuen Tratamendurako Zentroa sortu da, polizia-zerbitzuen eginkizunak betetzeko behar diren informazioak bildu, gorde, landu, sailkatu eta kontserbatzeko.

2. Polizia Datuen Tratamendurako Zentroa segurtasun publikoaren arloko gaietan eskumena duen departamentuaren menpekoa izanen da eta haren egitura eta funtzionamendua bat etorriko dira datu pertsonalen babesari buruzko Lege Organikoan eta indarra duten gainerako legeetan xedatutakoarekin.

3. Segurtasun publikoaren arloko eskumenak dituen departamentuak polizia-informazioen sistema bateratua kudeatu eta mantendu beharko du. Udaltzaingo bakoitzak sistema horretan sartzeko eta parte hartzeko bete beharreko baldintzak alde biko atxikipen hitzarmenean arautu beharko dituzte arestian aipatu departamentuak eta kasuan kasuko udalak, kontuan izanik datuak eskuratu, kontsultatu eta trukatzeko protokoloak eta departamentuko titularrak ezartzen duen aplikazio informatikoaren erabilera.

4. Segurtasun publikoaren arloko eskumenak dituen departamentuak poliziaren intereseko informazioaren trukea sustatu beharko du, bai Foruzaingoaren eta bestelako segurtasun indar eta kidegoen arteko trukea eta bai Europar Batasunean polizien lankidetza eta koordinazioa antolatzeko eskumenak dituzten erakundeekikoa ere.

5. Nafarroako Foruzaingoko eta udaltzaingoetako agintari eta kideak beharturik egonen dira beren eginkizunetarako beharrezkoa duten informazioa elkarri ematera, gaia dela-eta bidezkoa izan daitekeen isilpea eragotzi gabe eta lege aplikagarriak erabat errespetatuz, bereziki datu pertsonalen babesari buruzkoak.

6. Udaltzaingoa duten toki entitateek segurtasun publikoaren arloan eskumena duen departamentuari ondoko informazioak bidali beharko dizkiote urtero, lehen hiruhilekoan, departamentu horrek ezartzen dituen irizpide bateratuen arabera prestatuak:

a) Aurreko urtean emandako zerbitzuen oroitidazkia.

b) Delitu, hutsegite eta denetariko gorabeheren erregistro-datuak.

c) Giza baliabide eta baliabide materialen dotazioak.

24. artikulua. Lankidetza hitzarmenak.

1. Nafarroako Gobernuak, segurtasun publikoaren arloko eskumenak dituen departamentuaren bitartez, lankidetza hitzarmenak sinatu ahal izanen ditu gainerako administrazio publikoekin, segurtasun arloan haiek dituzten eskumenen eremuetan, ondoko xede hauek betetzeko:

a) Zerbitzuetan, bereziki polizia-zerbitzuetan, koordinazioa eta lankidetza antolatzeko moduak eta prozedurak zehaztea, eta segurtasunaren esparru guztietan politika publikoak garatzeko jarduketak ere bai.

b) Udaltzaingorik ez duten udalei Nafarroako Foruzaingoak laguntza ematea, udaltzain zerbitzuak eginez.

c) Udaltzaingoa duten udalei Nafarroako Foruzaingoak laguntza ematea aldi baterako edo berariazko zerbitzuak eginez, garrantziagatik edo espezializazioagatik beren baliabideekin ezin bete dituztenean.

d) Toki berean diharduten eta partekatuak diren polizia-zerbitzuen jarduna eta baterako ekintzak planifikatzea.

2. Lankidetza hitzarmenetan batzordeen edo lan taldeen eraketa aurreikusi ahal izanen da aurreikusitako jarduketak burutzeko, bai eta zainketa eta kontrol organoen eraketa ere. Organo horiek, hitzarmena sinatzen duen udalak udaltzaingoa baldin badu, tokiko segurtasun batzordeei lotu behar zaizkie.

3. Nolanahi ere, segurtasun kidegoen arteko lankidetza hitzarmenak formalizatzeko tresnek, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 88.4 artikuluan eskatzen diren baldintza orokorrez gain, ondokoak ezarri beharko dituzte:

a) Xedeak eta helburuak. b) Kidegoen arteko zerbitzu mugatze eta banatzea.

c) Zerbitzu partekatuetan jarduteko protokoloak.

d) Poliziaren presentziaren estandar orokorrak.

e) Polizia-informazioaren arloko lankidetzaren eremua eta protokoloak.

f) Ekintzen koordinazioaren arloko lankidetzaren eremua eta protokoloak.

g) Informazioa bildu eta lantzeko prozedurak.

h) Emaitzak ebaluatzeko prozedurak.

i) Jendeari argibideak emateko prozedurak.

4. Lankidetza hitzarmenek bermatu egin behar dute herritarrek eduki eta kalitate bereko segurtasun zerbitzuak jasoko dituztela, bizi diren tokian bizi direla ere, eta ezaugarri soziodemografiko berdintsuak dituzten udalerrietan segurtasun zerbitzuak parekoak izanen direla.

25. artikulua. Eginkizunen mugaketa Foruzaingoaren eta udaltzaingoen artean.

1. Hauek dira Nafarroako Foruzaingoaren eginkizunak:

a) Herritarren segurtasunerako polizia-lanak, hau da, Foru Komunitateko agintariak babestea, Foru Komunitateko erakundeen egoitzak zaintzea, manifestazioetan eta ekitaldi jendetsuetan herritarrak babestea, eta esku hartzea ordena berrezartzeko edota pertsonak, ondasunak eta herritarren segurtasuna babesteko.

b) Polizia administratiboko lanak.

c) Polizia judizialeko lanak.

d) Hiriarteko trafikoa zaindu eta antolatzea.

2. Hauek dira udaltzaingoen eginkizunak:

a) Herritarren segurtasunerako polizia-lanak, hau da, toki korporazioetako agintariak babestea eta haien eraikin eta instalazioak zaintzea.

b) Hiriko trafikoa zaintzeko polizia-lanak, atestatuen instrukzioa barne.

c) Polizia administratiboko lanak, udal eskumenen eremuan.

d) Manifestazioetan eta ekitaldi jendetsuetan herritarrak babesten eta ordena mantentzen laguntzea, Tokiko Segurtasun Batzordeak zehazten duenaren arabera.

e) Polizia judizial gisa dagozkien eginkizunak, indarra duen araudiarekin bat.

f) Polizia komunitarioko lanak, herritarren bizikidetzaren eta tokiko zerbitzu publikoen eremuetan. 3. Hauek dira Foruzaingoak eta udaltzaingoek partekatuta dituzten eginkizunak:

a) Hurbileko polizia-lanak eta herritarrei laguntza eta sorospena ematea.

b) Gatazka pribatuak adiskidetasunez konpontzeko esku hartzea, hala eskatzen bazaie.

c) Espazio publikoak zaintzea.

4. Aurreko idatz-zatian aipatutako eginkizun partekatuetan Nafarroako Foruzaingoko eta udaltzaingoetako langileak elkarrekin aritzen direnean, kasuan kasuko lankidetza hitzarmenean zehaztutako agintariak arduratuko dira ekintzaren zuzendaritzaz, edo Tokiko Segurtasun Batzordea, kasua bada; edo, besterik ezean, esku hartzen duten kidegoetako buruek batera zehaztuko dute nork hartu behar duen zuzendaritza.

VI. KAPITULUA

Herritarrekiko harremanak

26. artikulua. Herritarren eskubideak.

Herritarrek eskubidea izanen dute segurtasun publikoaren arloko eginkizunetan parte hartzeko, foru lege honetan araututako herritarren segurtasunerako kontseiluetan ordezkariak dituzten entitateen eta elkarteen bidez.

27. artikulua. Kexak eta eskaerak.

1. Herritarrek segurtasun arloko agintariei nahi dituzten kexak eta eskaerak aurkeztu ahal izanen dizkiete emandako segurtasun zerbitzuei buruz eta agenteen jardunari buruz.

2. Bai segurtasun publikoaren arloan eskumena duen departamentuak eta bai udalek, beren polizia- kidegoek herritarrei laguntzeko dituzten bulegoen bitartez, herritarren kexak eta eskaerak jasotzeko eta erantzunak emateko zerbitzua eskaini beharko dute.

28. artikulua. Segurtasun zerbitzu publikoen gutuna.

Nafarroako Herritarren Segurtasunerako Kontseiluak txostena egin eta gero, Nafarroako administrazio publikoek segurtasun zerbitzu publikoen gutun bana ezarri beharko dute. Gutun horietan jasoko dira herritarrek arlo horretan dituzten eskubide eta betebeharrak, indarra duen legeriari jarraituz.

Lehenbiziko xedapen gehigarria. Segurtasun arloko zehapenak ezartzeko eskumena duten Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko agintariak.

1. Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoaren xedapen gehigarrian ezarritakoaren ondorioetarako, honakoak dira agintari eskudunak:

a) Nafarroako Gobernua, 600.000 euro arteko isunak eta arau-hauste oso larri, larri edo arinengatiko gainerako zehapenak ezartzeko. b) Segurtasun publikoaren arloko eskumenak dituen departamentuko kontseilaria, 300.000 euro arteko isunak eta arau-hauste oso larri, larri edo arinengatiko gainerako zehapenak ezartzeko.

c) Segurtasun publikoaren arloko eskumenak dituen zuzendari nagusia, 60.000 euro arteko isunak eta arau-hauste oso larri, larri edo arinengatiko gainerako zehapenak ezartzeko.

2. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren esparruan, eta Segurtasun Pribatuari buruzko ekainaren 30eko 23/1992 Legearen 4. xedapen gehigarrian ezarritakoaren ondorioetarako, honakoak dira agintari eskudunak:

a) Segurtasun publikoaren arloan eskumenak dituen departamentuko kontseilaria, hutsegite oso larriei dagokienez.

b) Segurtasun publikoaren arloan eskumenak dituen zuzendari nagusia, hutsegite larriei eta arinei dagokienez.

Bigarren xedapen gehigarria. Nafarroako udaltzaingoetako segurtasun publikoko laguntzaileak.

Nafarroako udaltzaingoek, urriaren 14ko 213/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen testu bateginaren 27. artikuluan ezarritakoa gorabehera, poliziaren laguntzaile eginkizunak beteko dituzten langileak kontrata ditzakete aldi baterako, administrazio-araubidean, ohiz kanpoko edo aldi baterako beharrizanei erantzuteko. Langile horiek beteko dituzten eginkizunak soilik izanen dira ondasunen, zerbitzuen, instalazioen eta egoitza ofizialen zaintza, trafiko arauei jarraituz bide-trafikoa antolatzea, herritarren sorospen- eginkizunetan eta babes zibilaren arlokoetan parte hartzea eta administrazio izaera duten arauak bete daitezen zaintzea. Eginkizun horietarako, agintaritzaren agentetzat hartuko dira. Langile horiek Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen D mailakoak izanen dira eta beren eginkizunetan jardutean ez dute suzko armarik eramanen. Zerbitzua ematen hasi aurretik frogatu beharko dute gainditua daukatela Nafarroako Segurtasun Eskolak ematen duen Nafarroako polizia kidegoetako segurtasun publikoko laguntzaileen ikastaroa.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetzeen araubidea.

Indarrik gabe utzi dira Nafarroako polizia kidegoei buruzko Foru Legearen testu bateginaren (urriaren 14ko 213/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia) II. tituluko III. kapitulua (19 eta 20. artikuluak) eta V. kapitulua (23, 24 eta 25. artikuluak), bai eta foru lege honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko arau guztiak ere.

Azken xedapenetan lehenbizikoa. Erregelamenduzko arauak emateko gaikuntza.

Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio foru lege hau garatu eta betearazteko behar diren erregelamenduzko arau guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena. Indar hartzea.

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra