Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >> Europako legeria

1/2017 Legea, apirilaren 18koa, Lurralde espainiarretik edo Europar Batasuneko beste estatu kide batetik legez kontra ateratako kultura-ondasunak itzultzeari buruzkoa, zeinaren bidez Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/60/EB Zuzentaraua Espainiako ordenamenduan txertatzen baita

2017-04-18

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2017/04/19, 93. zk.

 

I. XEDAPEN OROKORRAK

 

ESTATUKO BURUZAGITZA

4258

1/2017 Legea, apirilaren 18koa, Lurralde espainiarretik edo Europar

 

Batasuneko beste estatu kide batetik legez kontra ateratako kultura-ondasunak

 

itzultzeari buruzkoa, zeinaren bidez Europako Parlamentuaren eta

 

Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/60/EB Zuzentaraua Espainiako

 

ordenamenduan txertatzen baita.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela eta nik berretsi egiten dudala:

ATARIKOA

Europako kultura-politikaren oinarria Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuaren 151. artikuluan aurkitzen da; izan ere, artikulu horrek honela dio: «Erkidegoak estatu kideetako kulturak loratzen lagunduko du, betiere, nazio- eta eskualde-aniztasunarekiko begirunea gordez, eta aldi berean, kultura-ondare komuna nabarmenduz». Hori ikusirik, estatu kideek beren ondare nazionaltzat hartzen dituztenak definitzeko eskubidea dute, bai eta ondare horien babesa bermatzeko beharrezko xedapenak ematekoa ere.

Adierazitako oinarri hori dela-eta, ulertzekoa da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 36. artikuluak zergatik dioen 34. eta 35. artikuluetan –zirkulazio askea ahalbidetzen duen barne-merkatuan inportazio eta esportazioaren gainean murrizketa kuantitatibo guztiak ezabatzeari buruzkoak– xedatutakoa ez dela oztopo izango inportazio, esportazio edo iraganbidea debekatu edo murrizteko, horrela egiteko justifikatzen duten arrazoiak badaude; besteak beste, honako hauekin loturiko arrazoiak: ordena publikoa, moraltasuna eta segurtasun publikoa, pertsona eta animalien osasunaren eta bizitzaren babesa, landareen babesa, ondare artistiko, historiko edo arkeologiko nazionalaren babesa, edo industria- eta merkataritza-jabetzaren babesa.

Beraz, egokitzat jo zen sistema bat ezartzea estatu kideei itzuli ahal izateko haien ondare nazional gisa –artikulu horrek xedatutakoarekin bat– sailkatutako kultura-ondasunak, ondasun horiek dena delako lurraldetik atera direnean tratatuek edo 1992ko abenduaren 9an Kontseiluak kultura-ondasunen esportazioari buruz emandako 3911/92 (EEE) Erregelamenduak xedatutakoa hautsita; eta horregatik, Kontseiluak 93/7/EEE Zuzentaraua –Europar Batasunaren estatu kide baten lurraldetik legez kontra ateratako kultura-ondasunak itzultzeari buruzkoa– eman zuen martxoaren 15ean, estatu bakoitzean aplikazio ahalik eta errazen eta eraginkorrena izango zuen sistema ezar zedin, baina sistemaren aplikazio- eremua kategoria komun batzuen barruko kultura-ondasunei mugatua. Zuzentaraua, eremu horretan, estatu kideen arteko lankidetzarako lehen urratsa izan zen, barne-merkatuaren testuinguruan eta nazio-arau aplikagarrien elkarrekiko gero eta aitorpen handiagoa lortzera bideratua.

Zuzentarauak estatu kide baten lurraldetik legez kontra ateratako ondasunak itzultzeko betebeharra ezartzen zuen, ondasunaren edukitzaileak edo ukandunak betebeharrekoa baitzen; gainera, lankidetzan aritzeko eta ituntzeko betebeharra ezartzen zuen kultura- ondasuna zegoen lurraldea berea duen estatu kidearentzat, bai eta, itzultzeko betebehar hori bete ezean, estatu errekeritzaileak estatu errekerituaren auzitegi eskudunen aurrean itzulketa-akzioa egikaritu ahalko zuela ere.

Zuzentarauak kultura-ondasunen itzulketaz ari zenean honela sailkatuta dauden kultura-ondasunen itzulketaz ari zen: «balio artistiko, historiko edo arkeologikoa duten altxor nazionalak», legeria eta administrazio-prozedura nazionalekin bat, betiere, zuzentarauaren eranskinean adierazitako kategoriaren batekoak baziren edo museoetako, liburutegietan gordetzen diren artxibo edo funtsetako edo elizaren erakundeetako inbentarioetan agertzen ziren bilduma publikoen parte baziren.

Zuzentarauaren transposizioa abenduaren 23ko 36/1994 Legearen bidez abiarazi zen. Lege hori Kontseiluaren martxoaren 15eko 93/7/EEE Zuzentaraua –Europar Batasunaren estatu kide baten lurraldetik legez kontra ateratako kultura-ondasunak itzultzeari buruzkoa– Espainiako ordenamendu juridikoan txertatzearena da.

Abenduaren 23ko 36/1994 Legea lege prozesal labur gisa idatzi zen eta Erkidegoak emandako testuaren atal bat baino ez zuen jasotzen. Eta horregatik, hain zuzen, nahikoa garatu ez zelako, legea aplikatu behar izan dutenek behin eta berriro jo behar izan dute Erkidegoaren testura.

Gerora, legearen aldaketa egin zen ekainaren 15eko 18/1998 Legearen bidez, hain zuzen, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1997ko otsailaren 17ko 96/100/EEE Zuzentaraua txertatu zuen legearen bidez; zuzentarau horrek 93/7/EEE Zuzentarauaren eranskina aldatu zuen eta sailkapen berriak sartu zituen. 93/7/EEE Zuzentaraua berriro aldatu zen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2001eko ekainaren 5eko 2001/38/

EEZuzentarauaren bidez; zuzentarau horrek berrikuntzak sartu zituen 93/7/EEE Zuzentarauaren eranskinaren B ataleko azken paragrafoan, eta horien arabera, 2002ko urtarrilaren 1etik, euroa moneta gisa duten estatu kideek Erkidegoaren legeriak aurreikusitako balioak eurotan aplikatuko dituzte zuzenean.

Aurreko guztia gorabehera, herrialdeek itzulketen inguruan egindako jakinarazpen kopuru txikiek lankidetzaren eta kontsulten arloan gabezia nabarmenak zeudela erakutsi zuten, nazioetako agintaritza zentralen artekoari dagokienez. Agerian gelditu zen aplikazioaren maiztasun txikia, besteak beste, Batzordeak Kontseiluari, Europako Parlamentuari eta Europako Ekonomia eta Gizarte Komiteari 2005eko abenduaren 21ean aurkeztutako txostenean (Kontseiluaren 93/7/EEE Zuzentarauaren aplikazioari buruzko bigarren txostena) Arazo praktikoak sortu zituzten aplikazio errealaren eremuan honako hauek: zuzentarauaren eranskinean jasotako kategorietan antzinatasunari eta diruzko balioari buruzko murrizketak –zuzentarauaren eranskinean agertzen diren kategorietan jasoak—, balio ekonomikoa tasatzeko ardura duten organoen zehaztasun eza, bilduma nazionalei lotzeko erreferentzia interpretatzeko arazoak eta, bereziki, itzultzeko demandak aurkezteko epe laburrak, bai eta horiekin loturiko kostuei loturikoak ere.

Aurreko txosten batek ere egiaztatu zuen zuzentarauaren transposizioaren ondoriozko egintza juridikoen eragina marjinala izana zela kultura-ondasunen legez kontrako salerosketaren jaitsieran, halaber, azpimarratzen zuen administrazio-lankidetzaren eta agintaritza interesdunek elkarri pasatu behar dioten informazioaren egituraketa hobeak zuzentarauaren eta erregelamenduaren aplikazioaren emaitzak hobetuko lituzkeela. Kontseiluaren kultura-ondasunen esportazioari buruzko 3911/92 (EEE) Erregelamenduaren eta Europar Batasunaren estatu kide baten lurraldetik legez kontra ateratako kultura- ondasunak itzultzeari buruzko 93/7/EEE Zuzentarauaren aplikazioari buruz Batzordeak Kontseiluari, Europako Parlamentuari eta Europako Ekonomia eta Gizarte Komiteari, 2000ko maiatzaren 25ean, bidalitako txostena da hori.

Espainian, bereziki, zuzentarauaren aplikazioak kultura-ondasunen itzulketa lortzeko sistemaren mugak erakutsi zituen.

Arrazoi horiek guztiak aintzat hartuta, eta Erkidegoaren esparruaren barruan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014/60/EB Zuzentaraua –estatu kide baten lurraldetik legez kontra ateratako kultura-ondasunak itzultzeari buruzkoa, eta 1024/2012 (EB) Erregelamendua aldatzen duena– onartu da 2014ko maiatzaren 15ean, zeinak zenbait berrikuntza sartzen dituen.

Hasteko eta behin, egungo zuzentarauak ez du ondasunak sailkatzen dituen eranskinik. Halaber, nabarmendu behar da Barne Merkatuaren Informazio Sistema (BMIS) sartu dela, eta haren gainean esaten da kultura-ondasunetarako bereziki diseinaturiko modulu berezia martxan jarri beharko dela zuzentarauaren aplikazioa hobea eta homogeneoagoa lortzeko.

Era berean, agintaritza zentrala izendatu da.

Gainera, beste estatu kide batean aurkitutako kultura-ondasuna zuzentarauak jasotakoarekin bat datorren edo ez egiaztatzeko epea zabaltzen da eta sei hilabetekoa izango da aurrerantzean. Orobat, itzulketa-akzioa egikaritzeko epea urte batekoa izatetik hiru urtekoa izatera pasatzen da, kultura-ondasuna berea duen estatu kideak, zeinaren lurraldetik legez kontra atera baitzen, hura non dagoen eta edukitzailea zein den dakien egunetik. Bukatzeko, aipamen berezia eskatzen da «elizaren beste erakunde batzuentzat», gidalerro argiak ezartzen dira beharrezkoa zen arreta egon den edo ez zehazteko, eta dagokion txostena Europako Batzordeari bidaltzeko epea zabaltzen da, bereziki 2015eko ekainaren 12an argitaratutako «Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/60/EB Zuzentarauaren huts-zuzenketa»ren ondoren; zuzentarau hori estatu kide baten lurraldetik legez kontra ateratako kultura-ondasunak itzultzeari buruzkoa da, eta 1024/2012 (EB) Erregelamendua aldatzen du

Lege honen bidez 2014/60/EB Zuzentarauaren transposizioa egiten da, eta hark egindako errekerimendu guztiak betetzen ditu, itzulketa-akzioa arautuz eta hura egikaritzeko honako hauetara jo beharra ezarriz: Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legeak hitzezko epaiketei buruz xedatutako arauak, legitimazio aktiboari eta pasiboari buruzkoak, demanda onartzeko eta ematen den epaiaren edukiarekin loturiko betekizun bereziak eta, bukatzeko, inoiz egin beharreko bidezko kalte-ordainari buruzko arau bereziak. Halaber, lege honek Barne Merkatuaren Informazio Sistemaren aipamena egiten du eta zuzentarauak xedatzen dituen epe-aldaketak jasotzen ditu.

1. artikulua. XEDEA.

Espainiaren lurraldetik legez kontra atera diren eta Europar Batasunaren beste estatu kide baten lurraldean diren kultura-ondasunak Espainiara itzultzeko baldintzak arautzea da lege honen xedea, bai eta Espainiako agintarien aurrean aurkez daitezkeen itzulketa- akzioenak ere, hau da, Europar Batasuneko beste estatu kideren baten lurraldetik legez kontra atera diren eta Espainiaren lurraldean dauden kultura-ondasunekin loturik aurkez daitezkeen itzulketa-akzioenak.

2.artikulua. DEFINIZIOAK.

Lege honen ondoreetarako, termino hauek honela ulertuko dira:

1.a «Kultura-ondasuna» honako ezaugarri hauek dituena da:

a)«Ondare artistiko, historiko edo kultural» gisa sailkatua egotea –Europar Batasuneko estatu kideren baten lurraldetik legez kontra atera aurretik edo ondoren– estatuaren edo eskualdearen legeekin edo administrazio-prozedura nazionalekin bat, eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuak 36. artikuluak xedatutako esparruaren barruan.

b)Elizaren erakundeen inbentarioetan jasota egotea, bilduma publikoen parte izatea edo honako hauetako baten barruan zerrendatutako kategoria batekoa izatea: Espainiako Ondare Historikoaren ekainaren 25eko 16/1985 Legea; autonomia-erkidegoek, ondare historiko eta kulturalaren arloan, beren eskumenekin bat eman dituzten legeak; Kontseiluaren 2008ko abenduaren 18ko 116/2009 (EE) Erregelamendua –kultura- ondasunen esportazioari buruzkoa, titulartasun publikokoa nahiz pribatukoa izan—; edo Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/60/EB Zuzentaraua –estatu kide baten lurraldetik legez kontra ateratako kultura-ondasunak itzultzeari buruzkoa, eta 1024/2012 (EB) Erregelamendua aldatzen duena—, 2015eko ekainaren 12an argitaratutakoa baita.

2.a «Bilduma publikoak»: kultura-ondasunek osatua izanik, publiko gisa sailkatuak daudenak estatu kide baten legeriarekin bat, eta estatu kide horren edo haren tokiko edo eskualdeko agintaritzaren baten jabetzakoak, edo haren lurraldean dagoen erakunde batena, baldin eta erakunde hori estatuarena bada edo tokiko edo eskualdeko agintaritzaren batena, edo horietako edozeinek finantzatzen badu zati handi batean.

3.a «Estatu kide baten lurraldetik legez kontra atera izana»:

a)Estatu kide baten lurraldetik atera izana, horretarako ondare nazionala babestearen arloko haren legeria hautsiz, ondaretzat hartzen delarik titulartasun publiko edo pribatuko kultura-ondasun babestuek osatutakoa, edo 116/2009 (EE) Erregelamenduaren edo Kontseiluaren xedapenak hautsiz, edo

b)Itzulia ez izatea legearekin bat aldi baterako atera ondoren, edo aldi baterako irteera horretarako jarritako beste edozein baldintza haustea.

4.a «Estatu kide errekeritzailea»: kultura-ondasuna legez kontra zein lurraldetatik atera den, lurralde hori berea duen estatua.

5.a «Estatu kide errekeritua»: estatu kideren baten lurraldetik legez kontra atera den kultura-ondasuna dagoen lurraldea, lurralde hori berea duen estatu kidea.

6.a «Itzulketa»: kultura-ondasunaren itzulketa materiala egitea estatu kide errekeritzailearen lurraldera.

7.a «Edukitzailea»: kultura-ondasunaren edukitza materiala norbere kontura duena.

8.a «Ukanduna»: kultura-ondasunaren edukitza materiala inoren kontura duena.

3.artikulua. Agintaritza zentrala.

1.Kulturako Estatu Idazkaritza edo ondare historikoaren arloan, une bakoitzean, haren eskumenak bereganatzen dituen Estatuaren Administrazio Orokorraren goi-organoa hartuko da agintaritza zentraltzat.

2.Dena delako estatuan eskumena duen agintaritza zentralak estatu kideen agintaritza nazionalen arteko hitzarmena lortzeko lankidetzan ariko da eta hori sustatuko du, eta haren helburua izango da, bereziki:

a)Estatu kide errekeritzaileak eskatua, haren lurraldetik legez kontra ateratako kultura-ondasun zehatz bat aurkitzea eta edukitzaile/ukanduna identifikatzea. Eskaerarekin batera bilaketa erraztuko duen edozein informazio baliagarri aurkeztu beharko da, bereziki ondasunaren kokapenari edo balizko kokapenari dagokiona.

b)Estatu kide interesdunei ondasunak aurkitu direla jakinaraztea, kultura-ondasunak norberaren lurraldean aurkitu direnean, baldin eta arrazoiak badaude ondasunak beste estatu kide baten lurraldetik legez kontra atera direla pentsatzeko.

c)Estatu kide errekeritzailearen agintaritza eskudunei dena delako ondasuna kultura- ondasuna dela egiazta dezaten erraztea, betiere, egiaztapen hori b) letran aurreikusitako jakinarazpenaren ondorengo sei hilabeteetan egiten bada. Egiaztapena horretarako ezarritako epean egin ezean, ez dira aplikatuko d) eta e) letretan jasotakoa.

d)Kultura-ondasunaren kontserbaziorako beharrezko diren neurriak hartzea, estatu kide interesdunarekin lankidetzan.

e)Itzulketa-prozedura saihestu dadin ekiditea, beharrezko diren zuhurtziazko neurriak hartuta.

f)Edukitzailearen edo ukandunaren eta estatu kide errekeritzailearen arteko bitartekari gisa jardutea itzulketa arloari dagokionez. Ildo beretik, eta 6. artikuluak xedatutakoa eragotzi gabe, arbitraje-prozedura aplikatzea ahalbidetu ahalko du estatu kide errekerituaren legeria nazionalarekin bat, baina horretarako estatu kide errekeritzaileak eta edukitzaileak edo ukandunak adostasuna eman beharko dute formalki.

3.Autonomia-erkidegoen eta Estatuaren Administrazio Orokorraren organo eskudunen arteko elkarlana ahalbidetuko da Espainiako Ondare Historikoaren Kontseiluaren bidez.

4.artikulua. Barne Merkatuaren Informazio Sistema.

Barne Merkatuaren Informazio Sistemaren bidez, estatuaren agintaritza zentral eskuduna lankidetzan arituko da Europar Batasuneko beste estatu kideetako agintaritza zentralekin. Era berean, lapurtu diren edo dena delako lurraldetik legez kontra atera diren kultura-ondasunei buruzko kasuekin loturiko informazio egokia zabaldu ahalko du, betiere, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Legeak xedatutako bermeak errespetatuta.

5.artikulua. Espainiako jurisdikzio-organo eskudunak.

Jurisdikzio-ordena zibileko organoak izango dira eskudunak Europar Batasuneko estatu kide batetik legez kontra atera diren eta Espainiako lurraldean dauden kultura- ondasunen itzulketa-akzioaz arduratzeko, prozedura-legeek eta zibilek xedatutakoarekin bat.

6.artikulua. Prozesu aplikagarria.

Itzulketa-akzioa Espainiako auzitegien aurrean egikaritzearen ondoriozko prozesuak Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legeak xedatutakoarekin bat arautuko dira, lege honetan bertan aurreikusten ez denari dagokionez, eta hitzezko epaiketetarako ezarritako arauek xedatutakoaren arabera izapidetuko dira, hurrengo artikuluetan jasotzen diren berezitasunak aintzat hartuta.

7.artikulua. Legitimazioa.

1.Estatuak, errekeritzaile den aldetik, bere lurraldetik legez kontra atera den kultura- ondasunaren edukitzailearen edo ukandunaren aurka itzulketa-akzioa aurkeztu ahalko du estatu kide errekerituaren auzitegi eskudunen aurrean.

2.Kultura-ondasuna zein lurraldetatik atera den legez kontra, lurralde hori berea duen Europar Batasuneko estatu kideak eta ez beste inork izango du legitimazioa itzulketa- akzioa egikaritzeko.

3.Erreklamatzen den ondasuna eduki edo ukaiten dutenek eta ez beste inork izango dute legitimazio pasiboa.

8.artikulua. Itzulketa-akzioaren xedea.

Akzioak kultura-ondasunaren itzulketa baino ez du jasoko, beraz, akzio hori ezin izango da hedatu erreklama daitezkeen beste arazoetara, hain zuzen, ekintza zibilen, zigor arlokoen edo bestelakoen bidez eta Espainiako ordenamendu juridikoaren arabera bidezkoak izan daitezkeen eta erreklamatu daitezkeenetara.

9.artikulua. Itzulketa-akziorako epeak.

1.Itzulketa-akzioa hiru urteko epean baino ezingo da egikaritu, estatu kide errekeritzailean eskumena duen agintaritza zentralak kultura-ondasuna non dagoen eta edukitzailea edo ukanduna nor den dakien momentutik kontatua.

2.Edonola ere, itzulketa-akzioa hogeita hamar urteko epean iraungi egingo da, kultura-ondasuna estatu kide errekeritzailearen lurraldetik legez kontra atera den egunetik.

3.Aurreko zenbakian xedatutakoa gorabehera, estatu kide errekeritzailearen legeriarekin bat babes bereziko erregimenaren babespekoak diren bilduma publikoen eta elizaren erakundeen edo beste erlijio-erakundeen inbentarioen barruko ondasunen itzulketa hirurogeita hamabost urteko epean iraungi egingo da, salbu eta, estatu kidearekiko aldebiko akordioen esparruan epe handiagoa ezarri bada, edo estatu kide errekeritzailearen legeriak aurreikusten badu ekintza ez dela iraungi egingo.

10.artikulua. Demanda onartzea.

1. Demandarekin batera honako hauek aurkeztu beharko dira:

a)Erreklamatutako ondasunaren deskribapena jasotzen duen eta lege honen 2. artikuluarekin bat kultura-ondasun gisa sailkatua dagoela egiaztatzen duen agiria.

b)Estatu errekeritzailearen agintaritza eskudunen deklarazioa, zeinetan adierazten baita kultura-ondasuna bere lurraldetik legez kontra atera dela eta demanda aurkeztean inguruabar horrek bere horretan jarraitzen duela.

2.Legeek xedatutakoarekin bat egin den aldi baterako espedizioen kasuan, legez kontrakoa izatera pasatu denean, demandan zehaztu beharko da legez kontrakotasun hori espediziorako epea bukatu eta gero itzultzeko betebeharra ez betetzeagatik den edo aldi baterako espedizioaren beste baldintzaren bat ez betetzeagatik.

3.Epaileak demanda ez onartzeko autoa emango du, ofizioz eta alderdiei entzun gabe, demandarekin batera aurreko zenbakietan adierazitako agiriak aurkezten ez badira, edo 1. zenbakiko b) letran adierazitako agintaritza eskudunen deklarazioak egiaztatzen ez badu, oraindik ere, hau da, demanda aurkezteko unean, kultura-ondasunaren irteerak legez kontrakoa izaten jarraitzen duela.

4.Estatu kide errekeritzailearen agintaritza zentralak estatu kide errekerituaren agintaritza zentralari jakinaraziko dio, berandutu gabe, dena delako objektua itzultzeko demanda aurkeztu dela. Informazio hori Barne Merkatuaren Informazio Sistemaren bidez emango da, datu pertsonalen babesaren arloan aplikagarri diren legegintzako xedapenekin bat, eta jakinarazpenerako beste baliabideak erabiltzea eragotzi gabe.

Estatu kide errekerituan eskumena duen agintaritza zentralak beste estatu kideetako agintaritza zentralak jakinaren gainean jarriko ditu, berandutu gabe.

11.artikulua. Epaiaren edukia.

1.Epaileak kultura-ondasuna estatu kide errekeritzailearen lurraldera itzul dadila aginduko du frogatua geratzen bada kultura-ondasuna dela eta dena delako estatuaren lurraldetik legez kontra atera dela.

2.Prozesuan egiaztatu diren inguruabarren arabera bidezkotzat jotzen den kalte- ordaina aitortuko zaio edukitzaileari epaian bertan, baldin eta ondasuna onustez eskuratu duela eta eskuratzeko momentuan behar besteko arretaz jardun duela frogatzen badu.

Ondasuna eskuratzean edukitzaileak behar besteko arretaz jardun duen edo ez zehazteko, kontuan hartuko dira eskurapenarekin loturiko inguruabar guztiak, bereziki, honako hauek: ondasunaren jatorriari buruzko dokumentazioa, estatu kide errekeritzailearen zuzenbideak eskatzen dituen irteera-baimenak, zer gisatan jardun duten alderdiek, ordaindutakoa, edukitzaileek lapurtutako kultura-ondasunen erregistroetan – horiek irisgarri direnean– kontsulta egin duen, eta zentzuz jokatuta lortu ahal izan duen eta egoki den beste edozein informazio, edo egoera berean pertsona zentzudun batek egingo zuen beste edozein kudeaketa-jarduera.

3.Dohaintza edo oinordetza kasuetan, dohaintza edo oinordetzaren bidez edukitzaile dena eta ondasuna utzi diona erregimen beraren pean egongo dira, hau da, edukitzaile berriari ez zaio erregimen aldekoagoa aplikatuko.

4.Prozesu horietan emandako epaien aurka apelazio-errekurtsoa aurkeztu ahalko

da.

12.artikulua. Ondasunaren jabetza itzulketaren ondoren.

Itzulketaren ondoren, estatu kide errekeritzailearen barne-legeriak xedatutakoaren

arabera arautuko da ondasunaren jabetza.

13.artikulua. Bidezko kalte-ordaina eta gastuak.

1.Estatua bera errekeritzailea denean, 11.2 artikuluak xedatzen duen bidezko kalte- ordaina ordaindu beharko du itzultzeko epaia irmoa den momentuan, erreklamatzen den kultura-ondasuna kontserbatzeko egindako gastuekin batera ordaindu ere.

2.Estatu errekeritzailea beste estatu kide bat denean, epaia exekutatu aurretik, bidezko kalte-ordaina ordaindu egin beharko da.

3.Kultura-ondasuna itzultzeko agintzen duen epaia exekutatzearen ondoriozko gastuak estatu kide errekeritzaileak ordaindu beharko ditu.

4.Bidezko kalte-ordaina eta epaia exekutatzearen ondoriozko gastuak ordaintzeak ez du eragotziko estatu kide errekeritzaileak zenbateko horiek kultura-ondasuna bere lurraldetik legez kontra atera zuten pertsonei erreklamatzeko duen eskubidea gauzatu ahal izatea.

14.artikulua. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/60/EB Zuzentarauaren transposizioa egiten duen legearen aplikazioari buruzko txostena.

Gobernuak lege honen aplikazioari buruzko txostena aurkeztuko dio Europako Batzordeari 2020ko abenduaren 18a baino lehen, eta data horretatik aurrera bost urtetik behin.

Lehenengo xedapen gehigarria. Europako Esparru Ekonomikoari aplikatzea.

Europar Batasunaren kide izan gabe, Europako Esparru Ekonomikoan integratuak dauden estatu kideei, zeinak ondore guztietarako errekeritzaile edo errekerituak izan daitezkeen, lege hau aplikatuko zaie Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/60/EB Zuzentaraua betetzen badute, eta betetzen duten momentutik. Zuzentarau hori Europar Batasuneko estatu kide baten lurraldetik legez kontra ateratako kultura-ondasunak itzultzeari buruzkoa da, eta 1024/2012 (EB) Erregelamendua aldatzen du.

Bigarren xedapen gehigarria. Aldi baterako aplikazio-eremua.

Lege hau aplikatuko zaie ere 1993ko urtarrilaren 1a baino lehen estatu kideen lurraldeetatik atera direnei, eta 9. artikuluan jasotzen den iraungipen-epea zenbatzen hasteko eguna honako lege hau indarrean jartzen den eguna izango da.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arau-indargabetzea.

Lege hau indarrean jartzen denean, bertan ezarritakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak indargabeturik geratuko dira, bereziki, honako hauek:

36/1994 Legea, abenduaren 23koa, Kontseiluaren martxoaren 15eko 93/7/EEE Zuzentaraua – Europar Batasuneko estatu kide baten lurraldetik legez kontra atera diren kultura-ondasunak itzultzeari buruzkoa– Espainiako ordenamendu juridikoan txertatzearena.

211/2002 Errege Dekretua, otsailaren 22koa, abenduaren 23ko 36/1994 Legearen barruko zenbait balio eguneratzen dituena; lege hori Kontseiluaren martxoaren 15eko 93/7/EEE Zuzentaraua – Europar Batasuneko estatu kide baten lurraldetik legez kontra atera diren kultura- ondasunak itzultzeari buruzkoa– Espainiako ordenamendu juridikoan txertatzearena da.

Azken xedapenetatik lehena. Eskumen-tituluak.

Lege hau Espainiako Konstituzioaren 149. artikuluaren 1. zenbakiko 28. puntuan eta 149. artikuluaren 2. zenbakian xedatutakoaren babespean eman da, salbu eta, 5. artikulutik 13.era doazenak, horiek Estatuak prozesu-legeriaren eta legeria zibilaren arloan

duen eskumen esklusiboaren babespean –Konstituzioaren 149. artikuluaren 1. zenbakiaren 6. eta 8. puntuetan xedatua– eman baitira.

Azken xedapenetatik bigarrena. Europar Batasunaren Zuzenbidea txertatzea.

Lege honen bidez, Espainiako zuzenbidean txertatzen da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/60/EB Zuzentaraua; zuzentarau hori Europar Batasuneko estatu kide baten lurraldetik legez kontra atera diren kultura- ondasunak itzultzeari buruzkoa, eta 1024/2012 (EB) Erregelamendua aldatzen du.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2017 apirilaren 18an.

Felipe e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra