Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Quinta edición Premios Adrián Celaya

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Zuzenbide humanitarioa

16/2018 Errege Lege Dekretua, urriaren 26koa, Pertsonen eta salgaien legez kontrako trafikoaren aurkako zenbait neurri hartzen dituena horretarako erabiltzen diren ontziei dagokienez.

2018-10-26

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2018/10/27 260zk

 Untitled

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

14747    16/2018 Errege Lege Dekretua, urriaren 26koa, Pertsonen eta salgaien legez

kontrako trafikoaren aurkako zenbait neurri hartzen dituena horretarako erabiltzen diren ontziei dagokienez.

I

Erakunde kriminalek gero eta gehiagotan erabiltzen dituzte abiadura handiko ontzi pneumatiko eta erdizurrunak, eta, hain zuzen ere, horrek ekarri du, partez, jenero jakin batzuen kontrabandoaren igoera, batez ere drogarena eta tabakoarena.

Kontrabando-jeneroak (batez ere, haxixa, kokaina eta zigarroak) azkar sartzeko xedez -ontzi-aldaketa eginez edo hondartzan lehorreratuz- abiadura handiko ontzi pneumatiko eta erdizurrunak erabiltzea da Zerga Administrazioko Estatu Agentziako Aduana Zaintzako Zerbitzuak eta Segurtasun Indar eta Kidegoek eguneroko lanean daukaten mehatxurik handienetakoa. Azken aldi honetan, gainera, abiadura handiko ontzi horiek immigranteak legez kontra garraiatzeko ere erabiltzen ari dira.

Gaur egun, oso zaila da ontzi horiek erabiltzen dituzten organizazio kriminalen aurka egitea; izan ere, sarritan, harrapatzen dituztenean, dagoeneko lehorreratuta izaten dute droga edo tabakoa, edo pertsekuzioetan jeneroak itsasora botatzen dituzte. Kasu horietan, bereziki konplexua izaten da prozedura administratiboa edo penala abiaraztea patroien edo tripulazio-kideen aurka, eta organizazio kriminalek behin eta berriz erabiltzen dituzte ontziak legez kontrako jardueretarako. Horrek zigorgabetasun sentsazioa eragiten du herritarren artean, baita nolabaiteko ezintasuna eta adore falta ere kontrabandoa eta droga-trafikoa erreprimitzeko ardura duten indar eta kidegoetako kideen artean; izan ere, badirudi Espainiako itsasertzeko esparru batzuetan -batez ere, Gibraltarretik hurbilen-Estatuak egin beharreko kontrola oso murriztua edo erabat galarazia dagoela. Sentsazio hori begi bistakoa da abiadura handiko ontzi erdizurrunen bidez egiten diren kontrabando eta narkotrafiko jarduerak erreprimitzeari dagokionez. Jarduera horiek, sarritan, egun-argiz egiten dira, espazio publikoez gozatzen ari diren herritarrak bertan daudela, eta agintaritzako agenteek ezin izaten dituzte eragotzi, bai lehorreratzeak oso azkar egiten direlako -indar polizialei jarduteko denborarik eman gabe-, bai kontrabandistek laguntzaile ugari izaten dituztelako eta jarrera oldarkorra izaten dutelako. Egoera hori gero eta sarriago gertatzen da azken hilabeteetan, eta herritarren segurtasunerako eta osasun publikorako arriskuak gora egin du.

Legez kontrako trafikoaren eta zigorgabetasunaren arazoaz gain, abiadura handian ibiltzen diren ontzi horiek itsas segurtasunerako dakarten arriskua dago; iluntasunean ibiltzen dira askotan, inolako kokapen edo seinalizazio gailurik gabe, eta horrek beste ontzi batzuekin talka egiteko edo harrapatzeko arrisku larria eragiten du. Legez kontrako ekintza horiek erreprimitzeko ardura duten indarrek, ontzi horiei jazartzen zaizkienean, tripulaziokideen eta ontzien segurtasunerako arrisku handiak hartzen dituzte kasu askotan; izan ere, ihes egiteko, ontzi erdizurrunen pilotuek maniobra arriskutsuak egin ohi dituzte, eta hildakoak eragin dituzten istripuak ere izan dira inoiz.

Bestetik, egiaztatu da azken aldi honetan ontzi mota horiek pertsonen legez kontrako garraiorako erabili direla; hain zuzen ere, immigrante afrikarrak ekartzeko, eta horrek ordena publiko eta sozialerako mehatxu handia ekarri du.

Azkenik, kontuan hartzekoa da ontzi horiek abiadura handian eta inolako kontrolik gabe ibiltzea mehatxu nabarmena izan daitekeela toki jakin batzuetan dauden azpiegitura kritiko jakin batzuetarako (titulartasun publiko edo pribatukoak), esate baterako Bahia de Algeciras azpiegiturarako, inguru horretan horrela ibiltzea arriskutsua baita segurtasun publikorako.

Ontzi mota horien bidez egindako kontrabandoaren aurkako prebentzioa eta borroka eraginkorragoa izan dadin, Kontrabandoa Zigortzeko abenduaren 12ko Lege Organikoaren ondorioetarako, justifikatzeko modukoa da ontzi horiek jenero debekatu gisa sailkatzea, kontuan hartuta haien ezaugarri teknikoak, titulartasuna eta erabileraren xedea; beraz, konfiskatu egin ahal izango dira, baita lehorrean eta legez kontrako kargarik gabe daudenean ere, eta dagozkien zigor-espedienteak abiarazi edo bidezkoak diren salaketak egin ahal izango dira.

Jenero debekatuaren definizioa objektiboki egiten da, eta definizio horretatik kanpo geratzen dira titulartasun publikoko ontziak edo legitimoak diren erabilera jakin batzuetarako erabiltzen direnak. Hala ere, operadoreak erregistratzeko eta ontzien erabilera baimentzeko araubide bat ezarriko da erabilera horiei dagokienez, kontrola eraginkorra izan dadin eta ontziak behar ez bezala erabil ez daitezen. Nahitaezkotzat jotzen da kontrabandorako erabilitako ontziei emandako jenero debekatuaren kalifikazioa osatzea, kalifikazio hori beste kasu batzuetara ere zabalduz, baldin eta, egoera kontuan hartuta, egiaztatzea badago ontziak kontrabando-ekintzetarako erabiltzen direlako zantzu arrazionalak daudela.

Segurtasun juridikoaren printzipioak eskatzen duenez, kontuan hartu behar da ontzi mota hauen titularren egoera juridikoa zein den lege hau indarrean sartzean, eta epe iragankor osagarri bat ezarri behar da baimen eta erregistro obligazioak betetzeko.

II

Hona hemen testuaren egitura: zioen azalpena, artikulu bakarra, zeinak hamar apartatu baitauzka, xedapen iragankorra, xedapen indargabetzailea eta hiru azken xedapen.

Artikulu bakarraren 1. apartatuan ezartzen denez, RHIB (edo antzeko) ontzi mota jakin batzuk jenero debekatu gisa kalifikatuko dira, bai eta beste batzuk ere, egoera kontuan hartuta, kontrabando-ekintzetarako erabiliko direlako zantzu arrazionalak daudela egiaztatzerik badago. Zantzu horiek, kontrako frogarik izan ezean, zein diren zehaztu da.

Artikulu bakarraren hurrengo apartatuetan definizioak ezarri dira, bai eta jenero debekatu kalifikazioaren zenbait salbuespen ere; era berean, Abiadura Handiko Ontzi Pneumatiko eta Erdizurrunen Operadoreen Erregistroa sortu da, bertan inskribatzeko eta baimentzeko prozedura arautu da, ez-betetzeen ondorioak ezarri dira eta ikuskapen eta kontrol prozedura arautu da.

III

Errege lege-dekretua Konstituzioaren araberako tresna zilegia da, baldin eta, Konstituzio Auzitegiak behin eta berriro eskatu bezala (6/1983 Epaia, otsailaren 4koa, 5. oinarria; 11/2002 Epaia, urtarrilaren 17koa, 4. oinarria, 137/2003 Epaia, uztailaren 3koa, 3. oinarria, eta 189/2005 Epaia, uztailaren 7koa, 3. oinarria; 68/2007 Epaia, 10. oinarria, eta 137/2011 Epaia, 7. oinarria), presazko legegintza justifikatzen duen xedea egoera jakin batean laguntza ematea bada, Gobernuaren helburuen barruan betiere, aurreikusten zailak diren arrazoiengatik araudia berehala ematea eskatzen denean -esan nahi baita, ohiko bidea erabilita edo legeen izapidetze parlamentariorako presazko prozedura erabilita beharko litzatekeena baino epe laburragoan-, eta are gehiago prozedura hori ebaztea Gobernuaren esku ez dagoenean.

Kasu honetan bada aparteko eta presazko beharrizana; izan ere, Espainia hegoaldeko eremuetan batez ere, ontzi mota horiek kontrabandorako erabiltzea eta, azken asteotan, pertsonen legez kontrako trafikorako erabiltzea aurreikusten zaila den egoera zehatz bat da, aurre egin behar zaion egoera bat eta berehala eten beharrekoa, gainera. Arau honen xedea bat dator Gobernuaren helburuetako batekin; hau da, kontrabandoa eta pertsonen legez kontrako immigrazioa borrokatzea. Kontrabandorako eta, azken asteotan, immigranteen legez kontrako garraiorako ontzi mota hauen erabilerari dagokionez organizazio kriminalek duten jokabidea ez zen aurreikusteko moduko kontu bat, eta ontzi mota horien erabilerak eragin nabarmena dauka delituen gorakadan, eta, erabilera horren ondorioz, gora egin dute, halaber, segurtasunerako eta osasun publikorako arriskuek Espainia hegoaldeko esparru geografiko jakin batzuetako gizarte-sarean. Horrek guztiak, beraz, errege lege-dekretu hau onartzea justifikatzen du, berehala aurre egin ahal izateko eremu geografiko horietan delitu horiek eragiten ari diren alarma sozial larriari, bai eta Aduana Zaintzako Zerbitzuak eta Segurtasun Indar eta Kidegoek delitu horiek berehala geldiarazteko esparru juridiko egokia ezartzeko xedez ere.

Errege lege-dekretu honek dakartzan nobedadeen artean, nabarmentzekoa da batez ere ontzi mota horiek jenero debekatu gisa kalifikatuko direla kontrabando-araudian ezarritako ondorioetarako; izan ere, horrek eraginkortasunez lagunduko du ontzi horien bidez egindako kontrabandoa desagerrarazten (konfiskatu egin ahal izango dira, baita lehorrean eta legez kontrako kargarik gabe daudenean ere, eta dagozkien zigor-espedienteak abiarazi edo bidezkoak diren salaketak egin ahal izango dira), eta ontzi horiek erabiliz egindako legez kontrako pertsonen garraioa eragotziko da. Horrela, Estatuko organoek aukera gehiago izango dituzte azkar eta eraginkortasunez esku hartzeko organizazio kriminalek delitu horiek egiteko erabiltzen dituzten oinarrizko tresnetan. Arrazoi horiek ondo justifikatzen dute errege lege-dekretu honen onarpena, Espainiako kostaldean segurtasun publikoa kolokan jartzen duen egoera jakin bati aurre egiteko. Beraz, ziurtatuta dago badela ezinbesteko lotura bat zehaztutako presazko egoeraren eta egoera hori konpontzen laguntzeko neurri zehatzaren artean (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 29/1982 Epaia, maiatzaren 31koa, 3. oinarri juridikoa; 182/1997 Epaia, urriaren 20koa, 3. oinarri juridikoa; eta 137/2003 Epaia, uztailaren 3koa, 4. oinarri juridikoa).

Gainera, errege lege-dekretuaren figura onargarria da kasu honetan, ez baitira urratzen Konstituzioaren 86.1 artikuluan ezarritako mugak; izan ere, ez dauka eraginik Estatuaren oinarrizko erakundeen ordenamenduan, ez I. tituluan araututako herritarren eskubide, eginbehar eta askatasunetan, ez autonomia-erkidegoen araubidean, ez eta hauteskunde-zuzenbide orokorrean ere. Hain zuzen ere, herritarren eskubide, eginbehar eta askatasunei dagokienez, ez dauka eraginik jabetza-eskubidean, aldez aurretik erregistratu gabe edo baimenean ezarritako baldintzetan barik beste batzuetan erabiltzearen ondorio baino ez baita ontziak jenero debekatutzat hartzea. Erregistratzeko eginbeharra betetzen duten egungo jabeei ere ez lieke eragingo, eskuratutako eskubideak bermatzeko behar diren babesak ezarri baitira.

Errege lege-dekretuaren edukiak, beraz, Konstituzio Auzitegiaren doktrina errespetatzen du alderdi horri dagokionez; Konstituzio Auzitegiaren uztailaren 31ko 139/2016 Epaian honela dago laburbilduta:

«1.) Espainiako Konstituzioaren 86.1 artikuluaren arabera, errege lege-dekretuak ezin du eraginik sortu Espainiako Konstituzioaren I. tituluan araututako eskubide, eginbehar eta askatasunetan, baina Konstituzio Auzitegiak baldintza horren interpretazio zabala egitea baztertzen du; izan ere, horrela eginez gero, errege lege-dekretuaren figura hutsalduko litzateke, eta ez luke balioko Konstituzioaren I. tituluan sartzen diren arloei buruzko ezein alderdi arautzeko.

  • 2.) Baldintza hori errege lege-dekretuaren figura ezerezean ez gelditzeko moduan ulertu behar da; izan ere, Konstituzioaren arabera debekatzen dena da eskubide, eginbehar eta askatasun horien araubide orokor bat ezartzea edo eskubide horietako batzuen edukiaren edo oinarrizko elementuen aurka egitea (Konstituzio Auzitegiaren 111/1983 Epaia, abenduaren 2koa, 8. oinarri juridikoa, eta geroagoko batzuen bidez berretsia). (...)»

Aipatutako arrazoi horiek ondo baino hobeto justifikatzen dute Konstituzioan aipatzen den aparteko eta presazko beharrizana. Behar horrek, Konstituzioaren 86.1 artikuluaren arabera, gaitasuna ematen dio Gobernuari errege lege-dekretu hau emateko, Estatuaren politika zuzentzeko organoa den heinean. Halaber, badira hemen araudia berehala ematea justifikatzen duten salbuespenezko egoera, larritasuna eta garrantzia -esan nahi baita, ohiko bidea erabilita edo legeen izapidetze parlamentariorako presazko prozedura erabilita beharko litzatekeena baino epe laburragoan-.

IV

Errege lege-dekretu hau Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluaren 10. eta 29. apartatuetan xedatutakoaren babesean eman da; horiek, hurrenez hurren, Espainiako Estatuari esleitzen diote aduanen eta muga-zergen araubidearen eta segurtasun publikoaren gaineko eskumen esklusiboa.

Arau hau bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan jasotako erregulazio onaren printzipioekin; honako hauekin batez ere: premia, efikazia, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia. Kontrabandoa eraginkorrago erreprimitzen laguntzea bilatzen denez, hau da, interes orokorrekoa denez, ez da helburu hori lortu ahal izateko hain murriztailea ez den arautzeko beste aukerarik topatu; gainera, bat dator ordenamendu juridikoarekin, eta baliabide publikoen kudeaketa eraginkorragoa ahalbidetzen du.

Horregatik guztiagatik, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluaren baimenaz baliatuta, Ogasuneko ministroak eta Barne ministroak proposatuta, eta Ministro Kontseiluak 2018ko urriaren 26ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Ontzi jakin batzuk jenero debekatutzat hartzea.

  • 1. Jenero debekatutzat hartuko dira, Kontrabandoa Zigortzeko abenduaren 12ko Lege Organikoaren 1. artikuluaren 12. apartatuaren ondorioetarako -hartara eragotzi gabe artikulu honen 3. apartatuan xedatutakoa-, honako ontzi hauek:

  • a)  Ontzi pneumatiko eta erdizurrunak, itsas nabigazioan erabil daitezkeenak, baldin eta honako ezaugarri hauetako bat betetzen badute:

  • i.   Kroskoaren guztizko luzera, egitura pneumatikoa barne dela (hala dagokionean), 8 metrokoa edo txikiagoa dutenak, gehieneko potentzia -motor kopurua edozein dela ere-150 kilowattekoa edo handiagoa bada.

  • ii.  Kroskoaren guztizko luzera, egitura pneumatikoa barne dela (hala dagokionean), 8 metrokoa baino handiagoa dutenak.

  • b)  Aurreko apartatuan deskribatu ez diren ontzi pneumatiko edo erdizurrunak, bai eta beste edozein ontzi ere, eta tamaina txikiko itsasontziak, baldin eta kontrabando-ekintza bat egiteko edo ahalbidetzeko erabiliko direla erakusten duten elementu edo zantzu arrazionalak daudela egiaztatzen bada.

Kontrako frogarik izan ezean, elementu edo zantzu arrazionaltzat hartuko dira honako hauek:

  • i.   Ontziari edo tamaina txikiko itsasontziari aplikatzekoa zaion erregistratzeko eta matrikulatzeko eginbeharra ez betetzea.

  • ii.  Ontziaren edo tamaina txikiko itsasontziaren osagaiak modu nabarmenean aldatzea -jatorrizko eraikuntza-proiektuari dagokionez-, batez ere propultsio-potentzia beste obrarik egin gabe areagotzea ahalbidetzen duten indargarriak daudenean, tanga gehigarrietarako harguneak daudenean, edo hasieran aurreikusitako autonomia handitzea ahalbidetzen duten beste obra batzuk daudenean, baldin eta aldaketa horiek Itsasontzietako Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak behar bezala baimendu ez baditu.

  • iii.  Ontziaren edo tamaina txikiko itsasontziaren osagaiak aldatzea, hondo bikoitzak egiteko edo hasierako diseinuan aurreikusi gabeko kargak hartzeko espazioak jartzeko.

  • iv.  Posizionamenduko sistema erradioelektrikoak, bisualak, akustikoak eta laguntza teknologikoak manipulatzea, edo horiek manipulatzea ahalbidetzen duten gailuak, sistemak edo teknologiak izatea.

  • v.  Arauzko argiak izan gabe nabigatzea edo alde batetik bestera alderrai nabigatzea, abiadura-aldaketa justifikatu gabeak eginda edo egin gabe; dena den, batera zein bestera, behar bezala identifikatutako estatu-ontziak egindako seinaleei kasurik egin gabe, batez ere gelditzeko eta kontrola egiteko seinaleei kasurik egin gabe.

  • vi.  Itsasbidearen edo proposatutako jardueraren xede deklaratua ez etortzea bat inondik inora ez ondasun nautikoekin ez tripulazioaren edo ontzian dauden bidaiarien gauza edo ondasunekin.

  • vii. Ontzia edo tamaina txikiko itsasontzia detektatzea edo identifikatzea zailtzen duten ekipamendu edo materialak erabiltzea; esate baterako, radarren aurkako pintura, seinale elektronikoak moteltzeko gailuak, radar-detektagailuak, bai eta kamuflajeko pintura, egitura edo elementuak edo estatu-ontzi baten itxura edo identifikazio-markak simulatzen dituztenak ere.

Jenero debekatuaren izaera apartatu honetan aipatutako ontzien fabrikazio, konponketa, eraberritze, zirkulazio, edukitze edo salerosketara hedatuko da, bai eta barruko uren, Espainiako jurisdikziopeko itsasoaren edo alboko eremuaren edozein puntutako nabigaziora ere.

  • 2.  Errege lege-dekretu honetan ezarritako ondorioetarako, itsasontzi, ontzi eta estatu-ontzi kontzeptuak Itsas Nabigazioari buruzko uztailaren 24ko 14/2014 Legean jasotakoak dira.

Horrela, bada, honela ulertuko dira kontzeptuok:

  • a)  Tamaina txikiko itsasontzia: tonaje garbia ehun eta berrogeita hamar tonakoa baino txikiagoa duena.

  • b)  Ontzi pneumatiko edo erdizurrunak: puztu edo berriz bete daitezkeen flotagailuak dituztenak edo krosko osoa edo kroskoaren parte bat zurrunak ez diren elementuz osatua dutenak.

  • c)  Guztizko luzera: itsasontzi zibilak ikuskatu eta ziurtatzeko araudi erregulatzailean aisiako ontzietarako definitutako krosko-luzera.

  • d)  Gehieneko potentzia: ontziak dauzkan motor guztien gehieneko potentziaren batura, kilowattetan neurtua. Hala, kontrako frogarik ezean, ulertuko da gehieneko potentzia nabigagarritasun-ziurtagirian zehaztutakoa dela.

  • e)  Abiadura handiko ontzi pneumatiko eta erdizurrunen operadoreak: edozein titulu dela bide ontzien legezko edukitza dutenak.

  • 3.  Ez dira jenero debekatu gisa kalifikatuko honako ontzi pneumatiko eta erdizurrunak:

  • a)  Defentsa nazionalari atxikita daudenak.

  • b)  Atzerriko estatu-ontzi gisa hartutakoak, Espainiako uretan legez daudenak.

  • c)  Segurtasun Indar eta Kidegoen eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren ontziak, Aduana Zaintzako Zerbitzuari atxikitakoak.

  • d)  Estatuko, autonomia-erkidegoetako, hiri autonomoetako, toki erakundeetako edo horiei lotutako edo horien mendeko erakundeetako gainerako organoek beren helburuak betetzeko erabilitakoak, bai eta Espainiako Erreinuak aitortutako nazioarteko erakundeei atxikitakoak ere.

  • e)  Ontzi lagungarriak, luzera edozein dela ere, baldin eta ontzi nagusi baten zerbitzura badaude benetan eta esklusiboki.

  • f)  Apartatu honetako c) letran aurreikusi ez diren ontziak, baldin eta itsas salbamendu eta laguntzari atxikita badaude.

  • g)  Lakuetan, ibaietan eta Espainiako itsas espazioetatik kanpo barne-nabigaziorako erabilitako ontziak.

  • h)  Enpresa, kirol, ikerketa edo prestakuntza jarduerei atxikitakoak.

  • i)  Erabilera pribaturako erabilitako aisiakoak, baldin eta segurtasun arloan, arlo teknikoan eta merkaturatze arloan arauz ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Apartatu honetako f), g), h) eta i) letretan aipatutako kasuetan, jenero debekatutzat hartuak izan ez daitezen, batetik, operadoreak aldez aurretik Abiadura Handiko Ontzi Pneumatiko eta Erdizurrunen Operadoreen Erregistro Berezian inskribatuta egon beharko du, eta, bestetik, 1. apartatuaren a) letrako ontzietako bakoitzak erregistro horretako inskripzioa eta erabilera-baimena izan behar ditu. Operadoreak berak egin beharko du eskabidea aldez aurretik horretarako.

Edonola ere, errege lege-dekretu honen ondorioetarako, f), g), h) eta i) letretan ezarritako erabilerekiko lotura benetakoa eta esklusiboa izan beharko da, erabilera horietako bati edo batzuei dagokienez.

1. apartatuko a) letran aipatutako ontzien jabetzaren transmisioa edo erabileraren lagapena egiteko -horretarako erabiltzen den titulua edo hori eragiten duen prozedura judiziala edo administratiboa edozein dela ere-, ontzi horiek benetan eta esklusiboki erabili beharko dira a), b), c), d), e), f), g), h) eta i) letretan adierazitako jardueraren baterako, eta ontziak f), g), h) eta i) letretan adierazitako erabileretarako nahi dituzten eskuratzaileek edo lagapen-hartzaileek ziurtatu beharko diete transmisio-egileei edo lagapen-egileei behar bezala inskribatuta daudela Abiadura Handiko Ontzi Pneumatiko eta Erdizurrunen Operadoreen Erregistro Berezian, eta ontzia erregistro horretan inskribatuta dagoela eta erabiltzeko baimena lortu dutela.

  • 4.  Abiadura Handiko Ontzi Pneumatiko eta Erdizurrunen Operadoreen Erregistro Berezia sortuko da. Bakarra izango da Espainiako lurralde osorako, eta Zerga Administrazioko Estatu Agentzian kokatuko da, horren ardura izango baita erregistroa kudeatu eta mantentzea.

  • 5.  Inskribatzeko eta baimentzeko prozedurak, operadore nazionalen zein atzerriko operadoreen kasuan, bide elektronikotik egingo dira.

  • 6.  Abiadura Handiko Ontzi Pneumatiko eta Erdizurrunen Operadoreen Erregistro Berezian jasotako informaziorako irispidea izango dute Zerga Administrazioko Estatu Agentziako Aduanen eta Zerga Berezien Sailak, terrorismoa, krimen antolatua eta kontrabandoa ikertzeko eskumena duten Segurtasun Indar eta Kidegoek, Inteligentzia Zentro Nazionalak eta Itsasontzietako Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak (Sustapen Ministerioan integratua), eta aipatutako informazioa erakunde horiei laga ahal izango zaie interesdunen baimena izan gabe.

  • 7.  Ontziak erabiltzeko baimenean, ontzi bakoitzerako, ezarri ahal izango da baimen hori zein esparru geografikotarako den, bai eta ontzia esklusiboki baimenean zehaztutako jarduerarako edo jardueretarako erabiliko dela bermatzeko beharrezko jotzen diren baldintzak ere, lokalizazio-gailuak jartzeko betebeharra barne dela, hala badagokio.

  • 8.  Erabiltzeko baimenaren eta inskripzioaren baldintzak bete ezean, ontzia jenero debekatu gisa kalifikatuko da Kontrabandoa Zigortzeko abenduaren 12ko Lege Organikoaren 1. artikuluaren 12. apartatuan eta 2. artikuluaren 2. apartatuko b) letran ezarritakoaren ondorioetarako.

  • 9.  Artikulu honetan ezarritako eginbeharrak betetzen diren egiaztatzeko, operadoreei eta ontziei egindako ikuskapena eta kontrola nazio-lurralde osora hedatuko dira, barne hartuta jurisdikziopeko urak, barruko urak eta alboko eremua, eta Kontrabandoa Zigortzeko abenduaren 12ko Lege Organikoan eta hura garatzeko araudian adierazitako eran egingo da.

  • 10.  Erregelamendu bidez arautuko dira Abiadura Handiko Ontzi Pneumatiko eta Erdizurrunen Operadoreen Erregistro Berezia, operadoreak inskribatzeko eta ontzien erabilera baimentzeko aplikatzekoak diren prozedura eta irizpideak, abiadura handiko ontzi pneumatiko eta erdizurrunak erabiltzeko, zirkulatzeko eta edukitzeko araubidea, bai eta Abiadura Handiko Ontzi Pneumatiko eta Erdizurrunen Operadoreen Erregistro Berezia Ontzien eta Ontzi-enpresen Erregistroarekin behar bezala koordinatzeko arauak ere.

Xedapen iragankor bakarra. Ontzi hauen lehenagoko titularrei aplikatzea.

  • 1.  Errege lege-dekretu hau indarrean sartzean, artikulu bakarraren 3. apartatuko f), g), h) eta i) letretan adierazitako ontzi pneumatiko eta erdizurrunen operadore direnek sei hileko epea izango dute, errege lege-dekretu hau indarrean sartzen denetik, Abiadura Handiko Ontzi Pneumatiko eta Erdizurrunen Operadoreen Erregistro Berezian inskribatzeko eskatzeko eta ontzien baimena eskatzeko, aipatutako aginduetan ezarritakoaren arabera halakorik behar izanez gero.

  • 2.  Aurreko apartatuan aipatutako ontzien transmisio eta lagapen araubidea, artikulu bakarraren 3. apartatuan ezarritakoaren mende egongo da betiere.

  • 3.  Artikulu bakarraren 10. apartatuan aurreikusitako erregelamendua indarrean sartu arte, Abiadura Handiko Ontzi Pneumatiko eta Erdizurrunen Operadoreen Erregistroan inskribatzeko eskaerak eta ontzien erabilera baimentzeko eskaerak Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren egoitza elektronikoaren bidez egin beharko dira, honako arau hauekin bat etorriz:

  • 1. ) Abiadura Handiko Ontzi Pneumatiko eta Erdizurrunen Operadoreen Erregistroan inskribatzeko eskaeretan honako hauek zehaztu beharko dira: eskatzailearen identifikazio-datuak, artikulu bakarraren 3. apartatuko f), g), h) eta i) letretan ezarritako jardueretatik zeinetarako eskatzen den inskripzioa eta jarduera hori zein esparru geografikotan egitea proposatzen den.

  • 2. ) Ontzien erabilera baimentzeko eskaeretan honako hauek zehaztu beharko dira: eskatzailearen identifikazio-datuak, ontziaren ezaugarrien deskribapena -luzera eta motorren potentzia zehaztuta-, artikulu bakarraren 3. apartatuaren f), g), h) eta i) letretan ezarritako jardueretatik zeinetarako eskatzen den erabiltzeko baimena eta ontzi hori zein esparru geografikotan egitea proposatzen den. Eskabideari ontziaren dokumentazio teknikoa erantsi beharko zaio.

  • 3. ) Inskribatzeko eskaerei edo ontzien erabilera baimentzeko eskaerei buruzko berariazko ebazpenik eman arte, eskaera horiek behin-behinean onartutzat joko dira, baina horrek ez du inolaz ere baldintzatuko azkenean hartu beharreko erabakia.

Xedapen indargabetzailea. Arauak indargabetzea.

Indargabeturik geratzen dira errege lege-dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko arauetan dauden xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehenengoa. Arauak emateko gaikuntza.

Xedapenak emateko eta behar diren neurriak hartzeko gaikuntza eman zaie Gobernuari eta Ogasuneko ministroari, beren eskumenen esparruan, errege lege-dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betearazteko.

Azken xedapenetako bigarrena. Eskumen-tituluak.

Errege lege-dekretu hau Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluaren 10. eta 29. apartatuetan xedatutakoaren babesean eman da. Apartatu horiek Espainiako Estatuari esleitzen diote aduana eta muga-zergen araubidearen eta segurtasun publikoaren gaineko eskumen esklusiboa.

Azken xedapenetako hirugarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Madrilen, 2018ko urriaren 26an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra