Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >> Europako legeria

17/2017 Errege Lege Dekretua, azaroaren 17koa, Tabakismoaren aurkako osasun-neurriei buruzkoa den eta tabako-produktuen salmenta, horniketa, kontsumoa eta publizitatea arautzen dituen abenduaren 26ko 28/2005 Legea aldatzen duena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 3ko 2014/40/EB Zuzentarauaren transposizioa egiteko

2017-11-17

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2017/11/18, 280. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

13277 17/2017 Errege Lege Dekretua, azaroaren 17koa, Tabakismoaren aurkako osasun-neurriei buruzkoa den eta tabako-produktuen salmenta, horniketa, kontsumoa eta publizitatea arautzen dituen abenduaren 26ko 28/2005 Legea aldatzen duena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 3ko 2014/40/EB Zuzentarauaren transposizioa egiteko.

Espainiako Konstituzioak, 43. artikuluan, osasuna babesteko eskubidea aitortzen du, eta osasun publikoa zaintzeko eta behar diren prebentzio-neurriak hartzeko agintzen die botere publikoei.

Osasunaren Lege Orokorrak ezartzen duenez (apirilaren 25eko 14/1986 Legea), administrazio publikoek, lehentasunez, osasuna sustatzera eta gaixotasunei aurrea hartzera bideratuko dituzte euren jarduketak, eta osasunarentzat zuzenean edo zeharka ondorio negatiboak izan ditzaketen jarduerak eta produktuak saihestuko dituzte.

Bi mandatu horiekin bat etorriz, abenduaren 26ko 28/2005 Legea onartu zen (tabakismoaren aurkako osasun-neurriei buruzkoa dena eta tabako-produktuen salmenta, horniketa, kontsumoa eta publizitatea arautzen dituena).

Europar Batasunaren eremuan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 3ko 2014/40/EB Zuzentaraua onartu da, tabako-produktuak eta haiekin lotutako produktuak fabrikatu, aurkeztu eta merkaturatzeari buruz estatu kideek dituzten lege-, erregelamendu- eta administrazio-xedapenak elkarri hurbiltzen dizkiona eta 2001/37/EE Zuzentaraua indargabetzen duena. Horrela, tabako-produktuen eta haiekin lotutako produktuen barne-merkatuaren funtzionamendu ona erraztu nahi da, giza osasunaren babes maila altua oinarritzat hartuta, eta Tabakoa Kontrolatzeko Osasunaren Mundu Erakundearen Esparru Hitzarmenean hartutako betebeharrak bete nahi dira.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 3ko 2014/40/EB Zuzentarau horren zatirik handiena ekainaren 9ko 579/2017 Errege Dekretuak txertatu du Espainiako ordenamendu juridikoan, hots, tabako-produktuak eta haiekin lotutako produktuak fabrikatu, aurkeztu eta merkaturatzearekin zerikusia duten zenbait alderdi arautzen dituen errege-dekretuak. Hala ere, zuzentarauaren transposizioa osatzeko, aldaketak egin behar izan dira abenduaren 26ko 28/2005 Legean.

Hala, lehenengo eta behin, abenduaren 26ko 28/2005 Legearen 2. artikuluan zenbait definizio sartzen dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 3ko 2014/40/EB Zuzentarauan ezarritakoak, ez baitzeuden jasorik lege horretan; eta beste definizio batzuk aldatu egiten dira aipatutako zuzentarauaren edukiari egokitzeko.

Tabako-produktuak arautzeari dagokionez, abenduaren 26ko 28/2005 Legearen 3. artikuluan berariaz ezartzen da ahotik hartzeko tabakoa merkaturatzeko debekua, jada ekainaren 9ko 579/2017 Errege Dekretuan jasotakoa. Horrez gain, laugarren xedapen gehigarria aldatu egiten da, Kanarietako Autonomia Erkidegoko araubide berezia argitzeko: araubide horren edukia Kanarietako autonomia-estatutuaren aurreikuspenen eta Estatuaren eskumen esklusiboen araberakoa izango da, baina albora utzi gabe Europar Batasunaren Zuzenbidetik eratorritako araudia gero eta zabalagoa dela tabakoari buruz, eta gure ordenamendu juridikoan indarra duen eskumen-banaketaren araubidearekin uztartu beharrekoa dela.

Nikotina aska dezaketen gailuen eta horiek kargatzeko ontzien mugaz haraindiko urrutiko salmenta debekatzen da hamabigarren xedapen gehigarrian, eta haien publizitate-, sustapen- eta babesletza-araubidea aldatu egiten da hamahirugarren xedapen gehigarrian, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 3ko 2014/40/EB Zuzentarauan ezarritako mugei egokitzeko.

Aldatu egiten da honako debeku eta baldintza hauek ez betetzearen ondoriozko arau- hausteen araubidea: abenduaren 26ko 28/2005 Legean sartutako muga eta debeku berriak batetik, eta erregelamenduz ezarritako betekizun batzuk bestetik, tabako-produktuen, nikotina aska dezaketen gailuen, horiek kargatzeko ontzien eta erretzeko belarrez egindako produktuen fabrikatzaileei, inportatzaileei eta, kasua bada, banatzaileei komunikazioaren eta erregistroaren arloetan ezarritakoak eta produktu horien fabrikazioari, aurkezpenari eta merkaturatzeari buruz ezarritakoak.

Azkenik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 3ko 2014/40/ EB Zuzentarauan adierazitakoari jarraituz, aldatu egiten da maiatzaren 4ko 13/1998 Legea (tabakoen merkatuaren antolamenduari eta zerga-araudiari buruzkoa), tabako-produktuak mugaz harainditik eta urrutitik kontsumitzaileei saltzea debekatzeko.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 3ko 2014/40/EB Zuzentarauan ezarritako mugak eta debekuak lege-mailako arau batean arautu behar dira. Bada, horiek gure antolamendu juridikoan sartzeko tresna arauemaileari dagokionez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak ezartzen du ezen, aparteko eta presako beharrizana egonez gero, Gobernuak behin-behineko lege-xedapenak eman ahal izango dituela eta horiek lege-dekretuaren itxura hartuko dutela. Kasu honetan, hizpide dugun lege-aldaketa onartzeko bide ematen duen faktorea da, denborazko elementua ez ezik –alegia, aipatutako zuzentarauaren transposizioan metatutako atzerapena, transposiziorako epea 2016ko maiatzaren 20an amaitu baitzen–, kausazko elementua ere; izan ere, Espainiako Erresumaren aurkako arau-hauste prozedura bat abiarazi zuen Europako Batzordeak 2016. urteko irailean, eta, ondorioz, gerta liteke Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak berehala zehapena ezartzea eta oroharreko zenbateko bat edo hertsapen-isun bat ordainaraztea, transposizio-neurri nazionalak ez jakinarazteagatik Espainiako Erresumak Batzordearen irizpen arrazoitura egokitzeari uko egin eta gero. Bi faktore horiei, gainera, elementu materiala gehitu behar litzaieke, hots, osasun publikoaren ahalik eta babesik handiena une oro bermatzeko premia larria, zeinak kasu honetan behartu egiten baitu Europar Batasun osoan koherentziaz aplikatzera tabako-produktuei eta nikotina aska dezaketen gailuei eta horiek kargatzeko ontziei buruzko arauak harmonizatzeko neurriak.

Horrenbestez, Konstituzioaren 86. artikuluan emandako baimena baliatuz, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko ministroaren proposamenari jarraikiz, eta Ministro Kontseiluak 2017ko azaroaren 17ko bileran gaia eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Abenduaren 26ko 28/2005 Legea (tabakismoaren aurkako osasun- neurriei buruzkoa dena eta tabako-produktuen salmenta, horniketa, kontsumoa eta publizitatea arautzen dituena) aldatzea.

Aldatu egiten da abenduaren 26ko 28/2005 Legea (tabakismoaren aurkako osasun- neurriei buruzkoa dena eta tabako-produktuen salmenta, horniketa, kontsumoa eta publizitatea arautzen dituena), era honetara:

Bat. 2. artikuluko 1. apartatuan, a) eta f) paragrafoak aldatu egiten dira eta g) eta j) bitarteko paragrafo berriak gehitzen dira. Hona:

«a) Tabako-produktuak: kontsumi daitezkeen produktuak, osorik edo hein batean tabakoz eginak, genetikoki eraldatutako tabakoa izan zein ez.»

«f) Nikotina aska dezakeen gailua: iragazki baten bidez, nikotina duen baporearen kontsumorako erabil daitekeen produktua edo haren osagaiak, kartutxoak, ontziak eta kartutxorik edo ontzirik gabeko gailuak barne. Nikotina aska dezaketen gailuak erabili eta botatzekoak izan daitezke, edota kargatzeko ontzi baten eta depositu baten bidez berriz kargatu daitezkeenak edota erabilera bakarreko kartutxoen bidez berriz kargatu daitezkeenak.»

«g) Ahotik erabiltzeko tabakoa: ahotik erabiltzeko produktuak, inhalatzeko edo mastekatzeko produktuak izan ezik, osorik edo hein batean osatuta daudenak tabako-hautsez edo tabako-partikula xehez edo horien arteko edozein konbinazioz; bereziki, dosi bakarreko zorroetan edo zorro porotsuetan aurkezten direnak.

h)Kargatzeko ontzia: nikotina duen likido batez betetako ontzia, nikotina aska dezaketen gailuak kargatzeko erabil daitekeena.

i)Merkaturatzea: produktuak, fabrikatzen diren lekua edozein izanda ere, kontsumitzaileen eskura jartzea, ordainketaren bidez edo ordainketarik gabe, are urrutiko salmentaren bidez. Mugaz haraindiko urrutiko salmenten kasuan, produktuak kontsumitzailea dagoen estatu kidean merkaturatuta egon behar du.

j)Mugaz haraindiko urrutiko salmenta: kontsumitzaileei urrutitik saltzea, baldin eta produktua enkargatzen den unean kontsumitzailea estatu kide batean badago eta txikizkako establezimendua beste estatu kide batean edo hirugarren herrialde batean kokatuta badago. Txikizkako establezimendu bat estatu kide batean kokatuta dagoela ulertuko da:

1.a. Pertsona fisikoa izanez gero, estatu kide horretan badauka bere merkataritza-jardueraren zentroa.

2.a. Bestelako kasuetan, estatu kide horretan badauka bere egoitza soziala, administrazio zentrala edo merkataritza-jarduera (sukurtsalak, agentziak edo bestelako establezimenduak barne).»

Bi. Bigarren paragrafoa gehitzen zaio 3. artikuluko 4. apartatuari. Hona:

«Debekatuta dago, halaber, ahotik erabiltzeko tabakoa merkaturatzea.»

Hiru. 19. artikuluko 3. apartatuari s) eta x) bitarteko paragrafoak eransten zaizkio. Hona hemen haien testua:

«s) Ahotik erabiltzeko tabakoa merkaturatzea.

t)Tabako-produktuen, nikotina aska dezaketen gailuen, horiek kargatzeko ontzien eta erretzeko belarrez egindako produktuen fabrikatzaile eta inportatzaileek informazioa emateari buruz erregelamenduz ezartzen diren betekizunak ez betetzea.

u)Tabako-produktuen, nikotina aska dezaketen gailuen, horiek kargatzeko ontzien eta erretzeko belarrez egindako produktuen fabrikatzaile eta inportatzaileak erregistratzeari buruz erregelamenduz ezartzen diren betekizunak ez betetzea.

v)Erretzeko belarrez egindako produktuen fabrikatzaile eta inportatzaileek produktu horien aurkezpenari eta merkaturatzeari buruz erregelamenduz ezartzen diren betekizunak ez betetzea.

w)Tabako-produktuen, nikotina aska dezaketen gailuen eta horiek kargatzeko ontzien fabrikazioari, aurkezpenari, merkaturatzeari, kalitateari eta segurtasunari buruz erregelamenduz ezarritako betekizunak ez betetzea.

x)Nikotina aska dezaketen gailuen eta horiek kargatzeko ontzien mugaz haraindiko urrutiko salmenta.»

Lau. 19. artikuluko 4. apartatuari bigarren paragrafoa gehitzen zaio. Hona hemen testua:

«Halaber, arau-hauste oso astunak dira nikotina aska dezaketen gailuen eta horiek kargatzeko ontzien publizitatea egitea, haiek sustatzea eta haiek babestea, baimenduta egon ezean.»

Bost. Aldatu egiten da laugarren xedapen gehigarria, eta honela idatzita geratzen da:

«Laugarren xedapen gehigarria. Kanarietako Autonomia Erkidegoko araubide berezia.

Lege honetan xedatutakoak ez ditu ezertan eragotziko Kanarietako Araubide Ekonomiko eta Fiskalaren berezitasunak, Kanaria uharteetan kokatutako establezimenduetan tabako-produktuek duten askatasun komertzialari dagokionez. Salbuespen horrek, ordea, ez du mugatuko lege honek dakartzan gainerako aginduen aplikazioa; batez ere, 5. artikuluko a), b), c), d), e) eta f) letretan ezarritakoaren aplikazioa eta, betiere, adingabeen babesa helburu duten aginduena.

Aurrekoa gorabehera, Kanarietako Autonomia Erkidegoari dagokio, bere autonomia-estatutuaren arabera, tabakoaren sektorean garapen ekonomikoa eta jarduera ekonomiko orokorraren antolamendua bideratzeko neurriak hartzea, ezertan galarazi gabe Europar Batasunaren Zuzenbideko araudi aplikagarriak ezarritakoa eta Estatuari dagozkion eskumenak.

Kanarietako Autonomia Erkidegoak uharteetako tabako-fabrikatzaile eta -salerosleen gaineko zaintza, kontrol eta ikuskapenerako eskumenei eutsiko die.»

Sei. Beste apartatu bat eransten zaio, bosgarrena, hamabigarren xedapen gehigarriari. Hona testua:

«Bost. Debekatu egiten da nikotina aska dezaketen gailuen eta horiek kargatzeko ontzien mugaz haraindiko urrutiko salmenta.»

Zazpi. Aldatu egiten da hamahirugarren xedapen gehigarria, eta honela geratzen da idatzita:

«Hamahirugarren xedapen gehigarria. Nikotina aska dezaketen gailuen eta horiek kargatzeko ontzien publizitatearen, sustapenaren eta babesletzaren mugak.

Nikotina aska dezaketen gailuak eta horiek kargatzeko ontziak direla-eta, debekatuta dago:

a)Komunikazio komertzialak egitea informazioaren gizarteko zerbitzuetan, prentsan eta gainerako argitalpen inprimatuetan, zuzenean edo zehar bidez produktu horiek sustatzea bada helburua edo ondorioa. Salbuetsita daude produktuen salerosketan diharduten profesionalei soilik zuzendutako argitalpenak eta hirugarren herrialdeetan inprimatzen eta argitaratzen diren argitalpenak, horien helmuga nagusia Europar Batasuneko merkatua ez denean.

b)Helburutzat edo zuzeneko nahiz zeharkako ondoriotzat produktu horiek irratian sustatzea duten komunikazio komertzialak egitea.

c)Irrati-programetarako ekarpen publiko edo pribatuak egitea, nolanahikoak direla ere, helburua edo zuzeneko nahiz zeharkako ondorioa produktu horiek sustatzea bada.

d)Helburua edo zuzeneko nahiz zeharkako ondorioa produktu horiek sustatzea duen edozein ekitaldi, jarduera edo norbanakoren alde ekarpen publiko edo pribatuak egitea, nolanahikoak direla ere, hainbat estatu kide inplikatzen baditu, edo hainbat estatu kidetan egiten bada, edo beste edozein modutan mugaz haraindiko ondorioak sortzen baditu.

e)Ikus-entzunezko komunikazio komertzialak, Ikus-entzunezko Komunikazioaren Lege Orokorrak (martxoaren 31ko 7/2010 Legea) 2.24 artikuluan definitzen dituen moduan.»

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arau-indargabetzea.

Indargabeturik geratzen dira errege lege-dekretu honetan xedatutakoaren aurka doazen edo bertan jasotakoarekin bateraezinak diren edo kontraesanean dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetatik lehenengoa. Maiatzaren 4ko 13/1998 Legea (tabakoaren merkatua eta zerga-araudia antolatzeari buruzkoa) aldatzea.

Maiatzaren 4ko 13/1998 Legean (tabakoaren merkatua eta zerga-araudia antolatzeari buruzkoa), aldatu egiten da 4. artikuluko bederatzigarren apartatua, eta honela idatzita geratzen da:

«Bederatzi. Debekaturik dago tabako-produktuak saltzea eta besteak haietaz hornitzea, zuzeneko salmenta pertsonalaren edo saltzeko makinen bidez izan ezik; eta makina horiek abenduaren 26ko 28/2005 Legeak (tabakismoaren aurkako osasun-neurriei buruzkoa dena eta tabako-produktuen salmenta, horniketa, kontsumoa eta publizitatea arautzen dituena) 4. artikuluan adierazitako baldintzak bete behar dituzte.

Azken xedapenetatik bigarrena. Europar Batasunaren Zuzenbidea txertatzea.

Errege lege-dekretu honen bidez Espainiako zuzenbidean txertatzen da, zati batean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 3ko 2014/40/EB Zuzentaraua, tabako-produktuak eta haiekin lotutako produktuak fabrikatu, aurkeztu eta merkaturatzeari buruz estatu kideek dituzten lege-, erregelamendu- eta administrazio- xedapenak elkarri hurbiltzen dizkiona eta 2001/37/EE Zuzentaraua indargabetzen duena.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Madrilen, 2017ko azaroaren 17an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra