Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Quinta edición Premios Adrián Celaya

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >> Europa mailako nazioarteko testuak

3/2012 Lege Organikoa, uztailaren 25ekoa, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio Espainiari Ekonomia eta Diru Batasunean Egonkortasun, Koordinazio eta Gobernantzako Tratatua berresteko. Tratatua honako hauen artekoa da: Belgikako Erresuma, Bulgariako Errepublika, Danimarkako Erresuma, Alemaniako Errepublika Federala, Estoniako Errepublika, Irlanda, Heleniar Errepublika, Espainiako Erresuma, Frantziako Errepublika, Italiako Errepublika, Txipreko Errepublika, Letoniako Errepublika, Lituaniako Erre

2012-07-25

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2012/7/26, 178. zk

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

9981

3/2012 Lege Organikoa, uztailaren 25ekoa, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio Espainiari Ekonomia eta Diru Batasunean Egonkortasun, Koordinazio eta Gobernantzako Tratatua berresteko. Tratatua honako hauen artekoa da: Belgikako Erresuma, Bulgariako Errepublika, Danimarkako Erresuma, Alemaniako Errepublika Federala, Estoniako Errepublika, Irlanda, Heleniar Errepublika, Espainiako Erresuma, Frantziako Errepublika, Italiako Errepublika, Txipreko Errepublika, Letoniako Errepublika, Lituaniako Errepublika, Luxenburgoko Dukerri Handia, Hungaria, Malta, Herbehereetako Erresuma, Austriako Errepublika, Poloniako Errepublika, Portugalgo Errepublika, Errumania, Esloveniako Errepublika, Eslovakiar Errepublika, Finlandiako Errepublika eta Suediako Erresuma, eta Bruselan sinatu zen 2012ko martxoaren 2an.

JUAN CARLOS I.a ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikus eta uler dezaten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek ondorengo lege organikoa onartu dute, eta Nik berronetsi egin dut.

ZIOEN AZALPENA Ekonomia- eta Diru-batasunaren Egonkortasun, Koordinazio eta Gobernantzako Tratatua (EKGT) 2012ko martxoaren 2an sinatu zuen Bruselan Gobernuko Presidenteak.

Itun Fiskala antolatzea, politika ekonomikoen koordinazio sendoagoa eta euroeremuaren gobernantza nazioarteko hitzarmen baten bidez bideratuko dira, EKGTren bidez, hain zuzen. Horrek ekonomia-batasun sendoagoa lortzeko bidean aurrera egitea ekarriko du, euro-eremuaren barneko koordinazio estuagoaren bidez finantza publikoen kudeaketa iraunkor, zuzen eta sendoa bermatze aldera eta finantza-ezegonkortasunaren iturri nagusietako bati aurre egite aldera.

Horri begira, EKGTk funtsezko hiru alderdi arautzen ditu: a) Aurrekontu-itunak kontu publikoetan oreka edo superabita erregistratzera behartzen ditu sinatzaileak, eta haien aurrekontu-diziplina sustatzen du; hala, aurrekontu-diziplina badutela joko da, baldin eta urteko egitura-saldoa epe ertaineko helburura iristen bada (EEH), gehienezko muga, behetik, merkatu-prezioen araberako BPGren % 0,5 izanik (betiere % 1 arte gehituko da muga hori, zor publikoaren ratioa % 60 petik egonez gero eta zorraren iraunkortasunaren arriskuak txikiak izanez gero), eta helburuak huts eginez gero, berez ezartzekoak diren zuzenketa-mekanismoak ezarriz. Arau hauek guztiak estatuetako ordenamendu juridikoetan txertatu beharko dira, eta konstituzio-mailako xedapenak lehenetsiko dira horretarako. Transposiziorik egin ezean, gerta liteke auzia jartzea Europar Batasuneko Justizia Auzitegian, eta, haren epaia bete ezean, isuna jartzea. Aurrekontu-itunak baditu beste neurri batzuk ere, hala nola gehiegizko defizitaren prozeduraren baitan diren estatuek zor publikoa jaulkitzeko planei buruzko informazioa emateko betebeharra, eta aurrekontuen eta ekonomiaren aldetik elkartzeko programa bat aurkezteko betebeharra; b) ekonomia-politiken koordinazio sendotua; c) Euro-eremuaren gobernantza, urtean gutxienez birritan euroari buruzko goi-bilerak eginez, eta bilera horiek prestatzea eta haien jarraipena egitea eurotaldearen gain utziz (Eurotik kanpo dauden estatu kideek ere parte hartzeko aukera dute, egoki deritzetenean, urtean behin gutxienez).

Halaber, 2013ko martxotik aurrera, Egonkortasuneko Europako Mekanismoa Eratzeko Tratatua - EEME berriaren bidez finantza-laguntza lortu nahi izanez gero, EEMEko dena delako kideak EKGT berretsi beharko du (Bruselan sinatu zen 2012ko otsailaren 2an, EKGTren osagarri).

EKGTren 14. artikuluak dio hitzarmena 2013ko urtarrilaren 1ean sartuko dela indarrean, baldin eta, ordurako, dirutzat euroa duten tratatugileetako hamabik berresteagiria gordailutu badute; edo, osterantzean, dirutzat euroa duen tratatugileetako batek hamabigarren berreste-agiria gordailutu eta hurrengo hilabeteko lehenbiziko egunean, beste data hori baino lehenago bada. Dirutzat euroa duten eta hitzarmena berretsi duten tratatugileei, indarrean sartzen denetik aurrera aplikatuko zaie. Dirutzat euroa duten gainerako tratatugileei, berreste-agiria gordailutu eta hurrengo hilabeteko lehenbiziko egunetik aurrera aplikatuko zaie hitzarmena.

Espainiako Konstituzioaren 93. artikuluak dio lege organikoa behar dela Konstituzioaren ondoriozko eskumenen erabilera nazioarteko erakunde edo instituzio bati esleitzen dioten tratatuak egiteko baimena emateko.

Estatu Kontseiluak hitzarmen horri buruz emandako nahitaezko irizpenaren arabera, Ekonomia- eta Diru-batasunaren Egonkortasun, Koordinazio eta Gobernantzako Tratatuaren (EKGT) 4. eta 5. artikuluetan badira Europar Batasunaren instituzioei eskumen betearazle eta jurisdikzionalen erabilera esleitzen dieten xedapenak; aurrekontuak onartzeko eta betearazteko prozesuei buruzko eskumenez eta EKren 134. eta 135. artikuluetan araututako zorpetze publikoari buruzko eskumenez ari gara, hain zuzen. Halaber, EKGTren 7. artikuluak badu xedapen bat eskumen baten erabilerari buruzko erabakia izan litekeena. Azkenik, EKGTren 10. artikuluak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 136. artikulurako eta lankidetza indartuko prozedura arautzen duten 326.etik 334.era arteko artikuluetarako igorpena egiten duenez, eskumen horien erabilerak badu dimentsio bat EBren eremukoaz bestekoa.

Hala bada, Espainiako Konstituzioaren ondoriozko eskumenen erabilera nazioarteko erakunde baten gain utzi denez, beharrezkoa da, EKren 93. artikuluaren arabera, lege organikoaren bidez baimena ematea, hitzarmena egingo bada.

Espainiaren interesa da hitzarmen hau lehenbailehen sartzea indarrean. Zor subiranoaren krisia mehatxua da euro-eremuarentzat 2010eko maiatzaz geroztik, eta Espainiari ere eragiten dio, jakina. Konfiantza-krisiak gure diru bakarraren egonkortasunari eragiten jarraitzen duenez, eta merkatuei lehenbailehen eta behin betiko konfiantza eman behar zaienez, zalantzarik gabekoa da Tratatu honen garrantzia, behin indarrean sartuz gero seinale positiboa igorriko baitzaie hala herritarrei nola finantza-merkatuei.

Hori guztia dela eta, Gobernuaren ustea da on dela Espainiak Tratatu hori berresteko sinatutako agiria lehenbailehen gordailutzea.

Artikulu Bakarra.  Berresteko baimena ematea.

Baimena ematen da Espainiak Ekonomia- eta Diru-batasunaren Egonkortasun, Koordinazio eta Gobernantzako Tratatua berrets dezan. Tratatua honako hauen artekoa da: Belgikako Erresuma, Bulgariako Errepublika, Danimarkako Erresuma, Alemaniako Errepublika Federala, Estoniako Errepublika, Irlanda, Heleniar Errepublika, Espainiako Erresuma, Frantziako Errepublika, Italiako Errepublika, Zipreko Errepublika, Letoniako Errepublika, Lituaniako Errepublika, Luxenburgoko Dukerri Handia, Hungaria, Malta, Herbehereetako Erresuma, Austriako Errepublika, Poloniako Errepublika, Portugalgo Errepublika, Errumania, Esloveniako Errepublika, Eslovakiar Errepublika, Finlandiako Errepublika eta Suediako Erresuma. Bruselan sinatu zen 2012ko martxoaren 2an.

Azken Xedapena. Bakarra.  Indarrean sartzea.

Lege organiko hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Horrenbestez, Lege organiko hau bete eta betearaz dezaten agintzen diet Espainiako herritar eta agintari guztiei.

Madrilen, 2012ko uztailaren 25ean.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

EKONOMIA- ETA DIRU-BATASUNAREN EGONKORTASUN, KOORDINAZIO ETA GOBERNANTZAKO TRATATUA Belgikako Erresumak, Bulgariako Errepublikak, Danimarkako Erresumak, Alemaniako Errepublika Federalak, Estoniako Errepublikak, Irlandak, Heleniar Errepublikak, Espainiako Erresumak, Frantziako Errepublikak, Italiako Errepublikak, Zipreko Errepublikak, Letoniako Errepublikak, Lituaniako Errepublikak, Luxenburgoko Dukerri Handiak, Hungariak, Maltak, Herbehereetako Erresumak, Austriako Errepublikak, Poloniako Errepublikak, Portugalgo Errepublikak, Errumaniak, Esloveniako Errepublikak, Eslovakiar Errepublikak, Finlandiako Errepublikak eta Suediako Erresumak, zeintzuei aurrerantzean «tratatugileak» deituko baitzaie hemen, Jabeturik betebeharra dutela, Europar Batasuneko estatu kide diren aldetik, beren ekonomia-politikak guztien intereseko kontutzat hartzeko, Asmoa Izanik Europar Batasunean ekonomiaren hazkundea areagotzeko baldintzak bideratzea, eta, horretarako, euro-eremuko ekonomia-politiken arteko koordinazio geroz eta estuagoa ezartzea; Kontuan izanik gobernuek finantza publiko sanotuak eta iraunkorrak eduki behar dituztela eta gehiegizko defizit publikoa saihestu behar dutela, euro-eremu osoaren egonkortasuna gordeko bada, eta, beraz, berariazko arauak ezarri behar direla, «aurrekontu-orekarako arau bat» eta zuzenketa-neurriak onartzeko mekanismo automatiko bat barne, Jakinik defizit publikoak ez duela gainditu behar barne-produktu gordinaren % 3 – merkatu-prezioetan neurtuta–, eta zor publikoak ez duela izan behar barne-produktu gordinaren % 60 baino handiagoa –merkatu-prezioetan neurtuta–, edo balio horretara gerturatzeko beste jaitsi behar duela, Gogoratuz tratatugileek, Europar Batasuneko estatu kide gisa, uko egin behar diotela Batasunak ekonomia-batasunaren esparrurako ezarritako helburuak erdiestea arriskuan jar dezakeen neurri oro onartzeari, batez ere kontu publikoetatik kanpo zorra pilatzea dakarten jokamoldeei.

Kontuan izanik euro-eremuko estatu kideetako estatuburuek edo gobernuburuek, joan den 2011ko abenduaren 9an, ekonomia- eta diru-batasunerako arkitektura sendotua hitzartu zutela, arkitektura sendotua eta Europar Batasunaren oinarri diren Tratatuetan oinarritua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 121., 126. eta 136. artikuluen arabera onartutako neurrien aplikazioa erraztuko duena.

Kontuan hartuz euro-eremuko estatu kideen eta Europar Batasuneko beste estatu kide batzuen xedea dela Tratatu honetako xedapenak lehenbailehen txertatzea Europar Batasunaren oinarri diren tratatuetan.

Poza agertuz Europako Batzordeak, Europar Batasunaren oinarri diren tratatuen esparruan, 2011ko azaroaren 23an euro-eremurako aurkeztu zituen legegintzako proposamenengatik, zeinak finantza-egonkortasunaren aldetik zailtasun larriak pairatzen dituzten edo pairatzeko arriskuan diren estatu kideen ekonomiaren eta aurrekontuen gainbegiratzea areagotzeari baitagozkio, eta baita aurrekontu-planetarako proiektuen jarraipena eta ebaluazioa egiteko xedapen erkideei eta estatu kideen gehiegizko aurrekontu-defizita zuzentzea bermatzeko xedapen erkideei ere; eta jakitun Europako Batzordearen asmoa dela euro-eremurako legegintzako proposamen berriak aurkeztea, zorra jaulkitzeko planen gainean aldez aurretik informazioa emateari buruz, gehiegizko defizitaren prozedura baten barruan dauden estatu kideen egiturazko erreformak xehetasunez azalduko dituzten ekonomia-lankidetzako programei buruz eta estatu kideen ekonomia-politikaren erreformarako plan handien koordinazioari buruz.

Adieraziz ezen prest dagoela Europako Batzordeak, Egonkortasun eta Hazkunderako Ituna are eta gehiago indartzearren aurkeztuko dituen proposamenen alde egiteko, proposamenok dakartenean dirutzat euroa duten estatu kideentzat epe ertaineko helburuak aldatzeko tarte berri bat ezartzea, betiere, estatu kide horiek helburuok Tratatu honetan ezarritako mugekin bat etorriz aldatzen dituztelarik.

Jakitun ezen Europako Batzordea, tratatu honen ondorioz hartutako aurrekontukonpromisoak aztertu eta gainbegiratzerakoan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren ondorioz bereganatuak dituen eskumenen esparruan jardungo dela, bereziki Tratatu horretako 121., 126. eta 136. artikuluetan xedatutakoaren arabera eskuratutakoen esparruan.

Ikusirik, bereziki, ezen gainbegiratze hori, Tratatu honetako 3. artikuluan ezarritako «aurrekontu-orekaren arauaren» aplikazioari dagokionez, gauzatuko dela tratatugile bakoitzarentzat estatu bakoitzerako epe ertainerako berariazko helburuak eta konbergentzia-egutegiak –hala balegokio– ezarriz.

Ikusirik ezen epe ertaineko helburuak eguneratu egin behar direla aldian-aldian, elkarren arteko adostasunez ezarritako metodo baten arabera, metodo horretako parametro nagusiak ere aldian-aldian berrikusi beharrekoak izanik, eta metodo horrek egokiro azaldu behar dituelarik finantza publikoek pasibo esplizito eta inplizitoetarako dakartzaten arriskuak, Egonkortasun eta Hazkunderako Ituneko helburuen jasota dagoen bezala.

Ikusirik ezen ebaluatu egin behar dela ea epe ertaineko helburuak gauzatzeko bidean behar beste aurreratu den, erabateko ebaluazio baten bidez, eta erabateko ebaluazio horren erreferentzia egiturazko saldoak izan behar duela, eta gastuaren analisi bat ere eduki behar duela, behin diru-sarreren gaineko neurri diskrezionalak kontuan hartu ondoren, Europar Batasuneko zuzenbideak xedatzen duenaren arabera –batez ere, aurrekontu-egoeren gainbegiratzea indartzeari buruzko eta ekonomia-politikak gainbegiratu eta koordinatzeari buruzko Kontseiluaren 1997ko uztailaren 7ko 1466/97

(EE) Erregelamendua, ondoren Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2011ko azaroaren 16ko 1175/2011 (EB) Erregelamenduak («Egonkortasun eta Hazkunderako Itun berrikusia») aldatu baitzuen–.

Ikusirik ezen tratatugileek sartu behar duten zuzenketa-mekanismoak xedetzat izan behar duela epe ertaineko helburuetatik edo doikuntzarako bidezidorretik izandako desbideratzeak zuzentzea, zor publikoaren dinamikaren gainean izandako inpaktu agregatua barne.

Ikusirik ezen tratatugileek «aurrekontu-orekaren araua» xedapen lotesle- iraunkor eta konstituzio-mailakoen bitartez (konstituzio-mailakoak lehenetsiko dira) nork bere estatuko ordenamendu juridikoetan txertatzeko betebeharra Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisdikzioaren pean izan behar dela, Europar Batasunaren Funtzionamendurako 273. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Gogoratuz ezen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 260. artikuluak ahalmena ematen diola Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari bere epairen bat betetzen ez duen Europar Batasuneko estatu kide bati hainbateko bat edo ertsatzeisun bat ordainarazteko, eta gogoratuz ezen Europako Batzordeak irizpideak ezarri dituela artikulu horren pean pagarazi beharreko hainbatekoaren edo ertsatze-isunaren zenbatekoa zehazteko.

Gogoratuz badela beharrizana dirutzat euroa duten eta defizit publiko aurreikusia edo erreala BPGren % 3 baino handiagoa duten estatu kide batzuei neurriak ezartzeko Europar Batasuneko defizit gehiegizkoaren prozeduraren esparruan, eta badela orobat beharrizana prozedura horren helburua nabarmenki indartzeko, hau da, dena delako estatu kide hori defizita murriztera behartzea edo hartarako adore ematea.

Gogora ekarriz defizit publikoa % 60ko erreferentziako balioa baino handiagoa duten tratatugileek betebeharra dutela defizit hori murrizteko, urtean hogeigarren parte bateko erritmoan murrizteko, alegia.

Kontuan hartuz ezen, Tratatu hau aplikatzean, errespetatu egin behar dela solaskide sozialek beren-beregi betetzen duten eginkizuna, tratatugile bakoitzaren estatuordenamendu juridikoek edo legeek aitortzen duten bezala, Nabarmenduz ezen Tratatu honetako xedapenetako bat ere ez dela interpretatu behar tratatugile bati Europar Batasunaren, haren estatu kideen edo Nazioarteko Diru Funtsaren partizipazioarekiko egonkortasun-programa baten baitan emandako finantza-laguntzaren ekonomia-politikako baldintzen aldaketa gisa.

Ikusirik ezen, ekonomia- eta diru-batasuna behar bezala jardungo bada, beharrezkoa dela tratatugileak elkarrekiko lankidetzan aritu daitezen euro-eremua behar bezala jarduteko funtsezkoak diren eremu guztietan behar diren neurriak eta ekimenak onartzeko aukera emango duen politika baten alde, betiere politika horren oinarria Europar Batasunaren funtzionamenduari buruzko Tratatuetan zehaztutako ekonomia-politikaren koordinazio-mekanismoak izanik.

Ikusirik, bereziki, ezen tratatugileen borondatea dela lankidetza indartua areago erabiltzea, hain zuzen ere Europar Batasunaren Tratatuaren 20. artikuluan ezarritakoaren arabera eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 326.etik 334. era arteko artikuluen arabera, hargatik kalterik eragin gabe barne-merkatuari, eta haien borondatea dela, halaber, dirutzat euroa duten estatu kideentzako berariazko neurriak baliatzea, hain zuzen ere Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 136. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta, halaber, dirutzat euroa duten tratatugileen artean aldez aurreko eztabaida- eta koordinazio-prozedurak baliatzea egin asmo dituzten ekonomia-politikaren erreforma garrantzitsu guztiei buruz, praktikarik egokienak ezartzearren erreferentziatzat.

Gogoratuz ezen, 2011ko urriaren 26an, euro-eremuko estatu kideetako estatu-buruek edo gobernu-buruek adostu zutela euro-eremuko gobernantza hobetzea, eta are urtean birritan gutxienez euroari buruzko goi-bilerak egitea ere, zeintzuetarako deialdia, justifikatuko duen salbuespen-egoerarik ezean, Europako Kontseiluaren bilerak edo tratatu hau berretsi duten tratatugile guztiek parte hartzen duten bilerak amaitu eta berehala egin beharko den.

Gogoratuz ezen euro-eremuko estatu kideetako eta Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetako estatu-buruek edo gobernu-buruek 2011ko martxoaren 25ean berretsi zutela Euro Plus Ituna, zeinak euro-eremuko lehiakortasuna sustatzeko funtsezko alderdiak zehazten baititu.

Nabarmenduz Egonkortasuneko Europar Mekanismoa eratzeko Tratatuak ekonomiaeta diru-batasuna indartzeko estrategia erabatekoaren osagai gisa duen garrantzia, eta Ohartaraziz ezen Egonkortasuneko Europako mekanismoaren ondoriozko programa berrien esparruan finantza-laguntza emateko, 2013ko martxoaren 1etik aurrera, dena delako tratatugileak berretsirik izan beharko duela honako tratatu hau, eta, tratatu honen 3. artikuluko 2. paragrafoak aipatzen duen transposizio-epea amaitu ondoren, artikulu horretako baldintzak bete beharko dituela.

Ikusirik ezen Belgikako Erresuma, Alemaniako Errepublika Federala, Estoniako Errepublika, Irlanda, Heleniar Errepublika, Espainiako Erresuma, Frantziako Errepublika, Italiako Errepublika, Zipreko Errepublika, Luxenburgoko Dukerri Handia, Malta, Herbehereetako Erresuma, Austriako Errepublika, Portugalgo Errepublika, Esloveniako Errepublika, Eslobakiako Errepublika eta Finlandiako Errpublika dirutzat euroa duten tratatugile direla eta, hala direnez, Tratatu honek lotu egiten dituela berreste-agiria gordailutu eta hurrengo hileko lehenbiziko egunetik hasita, baldin eta Tratatua egun horretarako indarrean badago, Ikusirik ezen Bulgariako Errepublika, Danimarkako Errepublika, Letoniako Errepublika, Lituaniako Errepublika, Hungaria, Poloniako Errepublika, Errumania eta Suediako Erresuma tratatugile direla, eta Europar Batasuneko estatu kide gisa, Tratatu hau sinatzeko egunean, artean ere diru bakarrean parte hartzeko salbuespenari atxikirik daudela eta, beraz, salbuespen hori indargabetzen ez den artean, Tratatu honetako III. eta IV. tituluetako xedapenetatik eurek hautatzen dituztenen pean bakarrik egongo direla, berreste-agiria gordailutzen duten unean edo gordailutu osteko egun batean hautatzen dituzten xedapenen pean, alegia, Honako xedapen hauek hitzartu dituzte:

I. TITULUA Objektua eta aplikazio-eremua 1. artikulua.

1.  Tratatu honen bidez, tratatugileek adosten dute, Europar Batasuneko estatu kide diren aldetik, ekonomia- eta diru-batasunaren ekonomia-zutabea sendotzea, aurrekontuitun baten bidez aurrekontu-diziplina sustatzeko arau batzuk onartuz; orobat adosten dute ekonomia-politiken koordinazioa sendotzea, eta, baita ere, euro-eremuko gobernantza hobetzea, hartara Europar Batasunak hazkunde iraunkorraren, enpleguaren, lehiakortasunaren eta gizarte-kohesioaren gaietan ezarrita dituen helburuak gauzatzen lagunduz.

2.  Honako Tratatu hau oso-osorik aplikatuko zaie dirutzat euroa duten tratatugileei.

Gainerako tratatugileei ere aplikatuko zaie, 14. artikuluan ezarritako neurrian eta baldintzen arabera.

II. TITULUA Koherentzia eta Batasuneko Zuzenbidearekiko erlazioa 2. artikulua.

1.  Tratatugileek Europar Batasunaren oinarri diren tratatuekin bat etorriz aplikatu eta interpretatuko dute tratatu hau, bereziki Europar Batasunaren Tratatuaren 4. artikuluaren 3. paragrafoarekin eta Europar Batasuneko Zuzenbidearekin bat etorriz, zuzenbide prozesala ere barne dela, zuzenbide eratorria sortzeko beharrezkoa bada.

2.  Tratatu hau aplikatuko da Europar Batasunaren oinarri diren Tratatuekin eta Europar Batasuneko Zuzenbidearekin bateragarria den heinean. Ez die eragingo Batasunak ekonomia-batasunaren eremuan jarduteko dituen eskumenei.

III. TITULUA Aurrekontu-ituna 3. artikulua.

1.  Tratatugileek, Europar Batasuneko Zuzenbidearen ondorioz harturik dituzten betebeharrez gain eta betebehar horiek eragotzi gabe, honako paragrafo honetan jasotako arauak aplikatuko dituzte:

a)  Tratatugile bakoitzaren herri-administrazioen aurrekontu-egoerak orekazkoa edo superabitezkoa izan beharko du.

b)  Paragrafo honetako a) letran ezarritako araua betetzat joko da, baldin eta herriadministrazioen urteko egiturazko saldoak Egonkortasun eta Hazkunderako Itun Berrikusian epe ertainerako ezarritako berariazko estatu-helburua betetzen badu, betiere egiturazko defizitaren beheko muga Barne Produktu Gordinaren % 0,5 izanik, merkatuprezioen arabera. Tratatugileek bermatu behar dute nork bere epe ertaineko helbururanzko konbergentzia arin egingo duela. Konbergentzia hori erdiesteko egutegia Europako Batzordeak proposatuko du, herrialde bakoitzaren iraunkortasunerako berariazko arriskuak aintzat hartuta, betiere. Epe ertainerako helbururantz zenbat aurrerapauso egin diren eta helburua nola begiratu den neurtzeko erabateko ebaluazio bat egingo da, egiturazko saldoa hartuz erreferentziatzat eta gastuaren analisi bat ere tarteko dela, dirusarrerei buruzko neurri diskrezionalak kanpoan utzita, Egonkortasun eta Hazkunderako Itun Berrikusiarekin bat etorriz.

c)  Tratatugileek aukeran izango dute aldi batez epe ertaineko helburutik edo helburu horretaranzko doikuntzaren bidetik desbideratzea, baina 3. paragrafoko b) letran ezarritako salbuespenezko egoeretan bakarrik.

d)  Zor publikoaren eta merkatu-prezioen araberako Barne Produktu Gordinaren arteko proportzioa % 60ren oso azpitik dagoenean eta finantza publikoen epe luzeko iraunkortasunerako arriskuak txikiak direnean, aukeran izango da b) letran zehaztutako epe ertaineko helburuaren beheko muga merkatu-prezioen araberako barne produktu gordinaren % 1eko egiturazko defizitera artekoa izatea.

e)  Epe ertaineko helburutik eta helburu horretaranzko doikuntza-bidetik desbideratze nabarmenak gertatzen eta atzematen badira, zuzenketa-mekanismo bat aktibatuko da automatikoki. Mekanismo horren arabera, dena delako tratatugileak neurriak ezarri beharko ditu desbideratzea epe jakin batean zuzentzeko.

2.  Lehenengo paragrafoko arauak tratatugileen estatu-zuzenbidean txertatuko dira, beranduenez ere tratatu hau indarrean sartu eta urtebetera; xedapen lotesleak baliatuko dira horretarako, iraunkorrak, eta konstituzio-mailakoak izatea lehenetsiko da, edo, bestela, estatuen aurrekontu-prozeduretan zehar begiratu eta beteko direla guztiz bermatzeko modua emango duten xedapenak. Tratatugileek nork bere estatuan ezarriko dute 1. paragrafoko e) letran aipatzen den zuzenketa-mekanismoa, betiere ezarri beharreko –are salbuespen-egoeretan ere – zuzenketa-neurriaren izaera, helmen eta egutegiari buruz eta estatuan 1. paragrafoan ezarritako arauak betetzen ote diren gainbegiratzeko ardura duten erakundeen funtzio eta beregaintasunari buruz Europako Batzordeak proposatutako printzipio erkideen oinarriaren gainean. Zuzenketa-neurri horrek erabat errespetatu beharko ditu estatuetako parlamentuen prerrogatibak.

3.  Artikulu honen ondorioetarako, gehiegizko defizitaren kasuan aplikatzekoak diren prozedurei buruzko Protokoloaren 2. artikuluan ezarritako definizioak izango dira aplikatzekoak (12 zenbakiko protokoloa, Europar Batasunaren Tratatuari erantsia).

Artikulu honen ondorioetarako, honako definizio hauek aplikatuko dira orobat:

a)  «Administrazio publikoen urteko egiturazko saldoa» dela joko da urteko saldoa zikloaren arabera doitua, behin unean uneko neurriak eta aldi baterako neurriak kanpoan utzita.

b)  «Salbuespen-egoerak» direla joko da dagokion tratatugilearen kontroletik kanpo dagoen ezohiko gertaera, administrazio publikoen finantza-egoeran eragin handia duena, edo, orobat, Egonkortasun eta Hazkunderako Itun Berrikusiaren arabera atzeraldi ekonomiko larriko aldiak, betiere dagokion tratatugilearen aldi bateko desbideratzeak ez badu arriskuan jartzen epe ertaineko aurrekontu-iraunkortasuna.

4. artikulua.

Tratatugileen zor publikoaren eta barne-produktu gordinaren arteko proportzioa gehiegizko defizitaren kasuan aplikatzekoa den prozedurari buruzko protokoloaren 1. artikuluan aipatzen den % 60ko erreferentzia-balioa baino handiagoa denean (12

zenbakiko protokoloa, Europar Batasunaren Tratatuei erantsia), tratatugileak murriztu egin beharko du, urtean batez beste hogeigarren parte bat (hori izango da erreferentzia), Gehiegizko Defizitaren prozedura arintzeari eta argitzeari buruzko Kontseiluaren 1997ko uztailaren 7ko 1467/97 (EE) Erregelamenduaren 2. artikuluan xedatutakoaren arabera (Kontseiluaren 2011ko azaroaren 8ko 1177/2011 zenbakiko (EB) Erregelamenduak aldatu zuen Erregelamendu hori). Zorraren irizpidea ez betetzeagatik gehiegizko defizitik baden edo ez ebaztea Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 126. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera ebatziko da.

5. artikulua.

1.  Europar Batasunaren oinarri diren Tratatuen arabera gehiegizko defizitaren prozedura baten pean dagoen tratatugileak aurrekontu- eta ekonomia-lankidetzako programa bat ezarriko du, eta, programa horrek gehiegizko defizitaren zuzenketa eraginkor eta iraunkorra bermatzeko onartu eta aplikatu beharko diren egiturazko erreformen azalpen xehekatua eduki beharko du. Programa horien edukia eta forma Europar Batasuneko Zuzenbidearen arabera definituko dira. Egonkortasun eta Hazkunderako Itunean ezarritako gainbegiratze-prozeduren arabera aurkeztuko zaizkio programa horiek, onar ditzaten, Europar Batasuneko Kontseiluari eta Europako Batzordeari, eta programa horien jarraipena ere gainbegiratze-prozedura horien arabera egingo da.

2.  Europar Batasuneko Kontseiluak eta Europako Batzordeak gainbegiratuko dute nola betetzen diren aurrekontu- eta ekonomia-lankidetzako programa eta haiekin lotutako urteroko aurrekontu-planak.

6. artikulua.

Tratatugileek, estatu-zorraren jaulkipenen plangintza hobeto koordinatzearren, nork bere zor publikoa jaulkitzeko planen gaineko informazioa emango diete aldez aurretik Europar Batasuneko Kontseiluari eta Europako Batzordeari.

7. artikulua.

Dirutzat euroa duten tratatugileek hitz ematen dute ezen, Europar Batasunaren oinarri diren tratatuetan ezarritako prozedura-baldintzak erabat errespetatuz, Europako Batzordeak egindako proposamenen edo gomendioen alde egingo dutela, Europako Batzordeak uste duenean dirutzat euroa duen Europar Batasuneko estatu kide batek ez duela betetzen defizitaren irizpidea gehiegizko defizitaren prozedura baten pean.

Betebehar hori ez da aplikatuko, baldin dirutzat euroa duten tratatugileen arteko gehiengo kualifikatu batek –Europar Batasunaren oinarri diren tratatuetako dagozkien xedapenekiko analogia bidez kalkulatuta–, eragiten dion tratatugilearen jarrera aintzat hartu gabe, uko egiten badio proposatutako edo gomendatutako erabakiari.

8. artikulua.

1.  Europako Batzordeari gonbidatzen zaio aurkez diezaien tratatugileei, hala dagokionean, haietako bakoitzak onartutako xedapenei buruzko txosten bat, 3. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoa betez. Baldin eta Europako Batzordeak, behin tratatugileari oharrak aurkezteko aukera eman ostean, bere txostenean ondorioztatzen badu tratatugileak ez duela bete 3. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoa, auzia Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari aurkeztuko diote tratatugile batek edo gehiagok. Baldin eta tratatugile batek uste badu, Batzordearen txostena gorabehera, beste tratatugile batek ez duela bete 3. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoa, halaber du aukeran auzia Justizia Auzitegiari aurkeztea. Bi kasuetan, Justizia Auzitegiaren epaia loteslea izango da prozedurako alderdientzat, eta epaia Justizia Auzitegiak ezarritako epean betearazteko beharrezkoak diren neurriak onartuko dituzte.

2.  Baldin eta, berak hala irizten diolako edo Europako Batzordeak hala irizten diolako, tratatugile batek uste badu beste tratatugile batek ez dituela onartu 1. paragrafoan aipatzen den Justizia Auzitegiaren epaia betetzeko beharrezkoak diren neurriak, aukeran izango du Justizia Auzitegiari aurkeztea auzia eta diru-isunak ezartzeko eskatzea, Europako Batzordeak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 260. artikuluaren esparruan ezarritako irizpideen arabera. Baldin eta Justizia Auzitegiak adierazten badu ukitutako tratatugileak ez duela bete berak emandako epaia, aukeran izango du hura hainbesteko jakin bateko diru-zenbateko bat edo ertsatzeko isun bat pagatzera behartzea, betiere egoeraren ezaugarriak aintzat hartuz, eta barne produktu gordinaren % 0,1 gainditu gabe. Dirutzat euroa duen tratatugile bati ezarritako diruzenbatekoak Egonkortasuneko Europako Mekanismoari pagatu beharko zaizkio.

Gainerako kasuetan, ordainketak Europar Batasunaren aurrekontu orokorrari egotziko zaizkio.

3.  Artikulu hau tratatugileen arteko konpromisoa da, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 273. artikuluaren araberakoa.

IV. TITULUA Ekonomia-politikak koordinatzea eta konbergentzia 9. artikulua.

Tratatugileek, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuan zehaztutako ekonomia-politikak koordinatzea oinarri hartuta, hitz ematen dute elkarlanean arituko direla, ekonomia- eta diru-batasunak behar bezala funtzionatzea eta ekonomiaren hazkundea konbergentzia eta lehiakortasun indartuen bidez sustatuko dituen ekonomiapolitika baten alde. Tratatugileek, hartara, euro-eremuak behar bezala funtzionatzeko funtsezkoak diren neurriak eta ekimenak onartuko dituzte, arlo guztietan, lehiakortasuna sustatzeko, enplegua sustatzeko, finantza publikoen iraunkortasunari laguntzeko eta finantza-egonkortasuna indartzeko helburuekin bat etorriz.

10. artikulua.

Tratatugileek, Europar Batasunaren oinarri diren Tratatuetako xedapenekin bat etorriz, adierazten dute prest direla dirutzat euroa duten estatu kideentzako berariazko neurriez baliatzeko, hala dagokionean eta beharrezkoa denean, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 136. artikuluaren arabera, bai eta lankidetza indartuaz baliatzeko ere, Europar Batasunaren Tratatuaren 20. artikuluaren arabera eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 326.etik 334.era arteko artikuluen arabera, euro-eremuak behar bezala funtzionatzeko funtsezko diren kontuetan, eta, betiere, barne-merkatuari kalterik eragin gabe.

11. artikulua.

Tratatugileek, erreferentziatzat praktikarik egokienak ezartzearren alde eta ekonomiapolitika estukiago koordinatuaren alde elkarlanean aritzearren, bermatzen dute gauzatu asmo dituzten ekonomia-politikako erreforma handi guztiak eztabaidatu egingo direla aldez aurretik, eta, hala balegokio, koordinatu egingo direla euren artean. Koordinazio horretan, Europar Batasuneko erakundeak jardungo dira, Europar Batasunaren Zuzenbideak eskatzen duen eran.

V. TITULUA Euro-eremuaren gobernantza 12. artikulua.

1.  Dirutzat euroa duten tratatugileen estatu-buruek edo gobernu-buruek Euroaren goi-bileretan saio informalak egingo dituzte, Europako Batzordeko lehendakariarekin.

Gonbita egingo zaio Europako Banku Zentraleko lehendakariari saio horietan parte har dezan.

Euroaren goi-bilerako lehendakaria dirutzat euroa duten tratatugileen arteko estatuburuen edo gobernu-buruen gehiengo soilez izendatuko da, Europako Kontseiluak lehendakaria hautatzen duen une berean, haren agintaldiarena bezalako epe baterako.

2.  Euroaren goi-bilerak beharrezko denean egingo dira, eta, gutxienez, urtean bi aldiz. Hona zer eztabaidatuko den goi-bilera horietan: dirutzat euroa duten tratatugileek diru bakarra dela-eta dituzten erantzukizun espezifikoei buruzko auziak; euro-eremuko gobernantzarekin lotutako beste kontu batzuk eta gobernantza horri aplikatzekoak zaizkion arauak; eta, orobat, politika ekonomikoaren zuzendaritzarako estrategiagidalerroak, euro-eremuko konbergentzia areagotzekoak.

3.  Dirutzat euroa dutenez besteko tratatugileen estatu-buruek edo gobernu-buruek, tratatu hau berretsi badute, euroari buruzko goi-bileretan parte hartuko dute, tratatugileen lehiakortasunari buruz, euro-eremuko arkitektura orokorraren aldaketari buruz eta etorkizunean aplikatuko zaizkien funtsezko arauei buruz egiten diren saioetan; eta, hala dagokionean, urtean behin gutxienez, Ekonomia- eta Diru-batasunaren Egonkortasun, Koordinazio eta Gobernantzako Tratatu honen aplikazioari buruz sortzen diren kontu espezifikoen gaineko eztabaidetan ere bai.

4.  Euroaren gaineko Goi-bilerako lehendakariak, bestalde, goi-bilerako saioen jarraitasuna bermatu beharko du, Europako Batzordeko lehendakariarekiko lankidetza estuan. Eurotaldeak izango du ardura Euroaren goi-bilerako saioak prestatu eta haien jarraipena egiteko, eta Euroaren goi-bilerako lehendakariak ere, gonbidatzen badute, aukeran izango du eginkizun horretarako parte hartzea.

5.  Aukeran izango da Europako Parlamentuko lehendakariari agertzeko gonbidapena egitea. Euroari buruzko goi-bilerako lehendakariak txosten bat aurkeztuko dio Europako Parlamentuari Euroaren goi-bileraren saio bakoitzaren ostean.

6.  Euroari buruzko goi-bilerako lehendakariak goi-bilerako saioen prestakizun eta emaitzen berri emango die, behar bezala, dirutzat euroa dutenez besteko tratatugileei eta Europar Batasuneko gainerako estatu kideei.

13. artikulua.

Europar Batasuneko estatu-parlamentuetako eginkizunaren gaineko Protokoloko II. tituluan (1. zenbakiko protokoloa, Europar Batasunaren Tratatuei erantsia) xedatutakoari jarraituz, Europako Parlamentuak eta tratatugileen estatu-parlamentuek Europako Parlamentuko eta estatu-parlamentuetako dagozkien batzordeetako ordezkarien biltzarra antolatzea eta sustatzea erabakiko dute elkarrekin, aurrekontu-politikez eta tratatu honetako beste gai batzuez eztabaidatzeko.

VI. TITULUA Xedapen orokorrak eta azken xedapenak 14. artikulua.

1.  Tratatugileek nork bere konstituzio-arauen arabera berretsi beharko dute tratatu hau. Berreste-agiriak Europar Batasuneko Kontseiluaren Idazkaritza Nagusian gordailutu beharko dira.

2.  Tratatu hau 2013ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean, betiere dirutzat euroa duten tratatugileen arteko hamabik berreste-agiria gordailutu badute, edo, baldin eta dirutzat euroa duen tratatugile batek berreste-agiria gordailutu eta gordailutzen den hamabigarren berreste-agiria izatea egokitzen bada, hamabigarren berreste-agiri hori gordailutu eta hurrengo hilabeteko lehenbiziko egunean. Bi egun horien artean lehenagokoa zein, huraxe hautatu beharko da.

3.  Indarrean sartzen denetik aurrera aplikatuko zaie tratatu hau dirutzat euroa izan eta tratatua berretsi duten tratatugileei. Dirutzat euroa duten gainerako tratatugileei, berreste-agiria gordailutu eta hurrengo hilabeteko lehenbiziko egunetik aurrera aplikatuko zaie tratatua.

4.  Dena den, 3. eta 5. paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, V. titulua tratatugile guztiei aplikatuko zaie, tratatu hau indarrean sartzen den egunetik aurrera.

5.  Salbuespen bati atxikirik egon –Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 139. artikuluaren 1. paragrafoak edo Danimarkari buruzko zenbait xedapenen gaineko Protokoloak (16 zenbakiko Protokoloa, Europar Batasunaren Tratatuei erantsia) ematen dituzten definizioen araberako salbuespenak, esan nahi da–, eta tratatu hau berretsi duten tratatugileei, salbuespen bat edo bestea indargabetzeko erabakia indarrean sartzen den egunetik aurrera aplikatuko zaie tratatu hau, non eta tratatugile interesatuak ez duen adierazten tratatu honen III. eta IV. tituluetako xedapen guztien edo batzuen pean lehenagoko egun batean jartzeko asmoa.

15. artikulua.

Tratatugile ez diren Europar Batasuneko estatu kideek ere aukera dute tratatu honi atxikitzeko. Atxikimendu-agiria gordailuzainarenean gordailutuz hasiko da eragina izaten atxikimendua. Nolanahi ere, gordailua egin dela jakinarazi beharko die gordailuzainak gainerako tratatugileei. Behin tratatugileek benetakotutakoan, Tratatu hau, atxikitzen den estatu kidearen hizkuntza ofizialean idatzita (hizkuntza horrek, halaber, Europar Batasuneko erakundeetako hizkuntza ofiziala eta lan-hizkuntza izan beharko du), Gordailuko artxiboetan gordailutuko da tratatu honen benetako testu gisa.

16. artikulua.

Tratatu hau indarrean sartzen den egunetik hasi eta gehienez ere bost urtean, eta, betiere, aplikazioan izandako esperientzia ebaluatu ondoren, tratatu honen edukia Europar Batasunaren esparru juridikoan txertatzeko beharrezkoak diren neurriak onartuko dira, Europar Batasunaren Tratatuan eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuan xedatutakoarekin bat etorriz.

Bruselan egina, bi mila eta hamabigarren urteko martxoaren bian.

Tratatu hau ale bakar batean idatzi da hurrengo hizkuntzetan: alemanez, bulgarieraz, danieraz, eslovakieraz, eslovenieraz, espainieraz, estonieraz, finlandieraz, frantsesez, grezieraz, hungarieraz, ingelesez, irlanderaz, italieraz, letonieraz, lituanieraz, malteraz, nederlanderaz, polonieraz, portugesez, errumanieraz eta suedieraz. Testu horiek guztiak benetakoak dira, eta gordailuzainaren artxiboetan gordailutuko dira. Gordailuzainak kopia kautotu bana igorriko dio tratatugile bakoitzari.

EKONOMIA- ETA DIRU-BATASUNAREN EGONKORTASUN, KOORDINAZIO ETA GOBERNANTZAKO TRATATUA Honako estatu hauetako ordezkari botereguztidunek sinatu dute gaur Ekonomia- eta Diru-batasuneko Egonkortasun, Koordinazio eta Gobernantzako Tratatu hau: Belgikako Erresumak, Bulgariako Errepublikak, Danimarkako Erresumak, Alemaniako Errepublika Federalak, Estoniako Errepublikak, Irlandak, Heleniar Errepublikak, Espainiako Erresumak, Frantziako Errepublikak, Italiako Errepublikak, Zipreko Errepublikak, Letoniako Errepublikak, Lituaniako Errepublikak, Luxenburgoko Dukerri Handiak, Hungariak, Maltak, Herbehereetako Erresumak, Austriako Errepublikak, Poloniako Errepublikak, Portugalgo Errepublikak, Errumaniak, Esloveniako Errepublikak, Eslovakiar Errepublikak, Finlandiako Errepublikak eta Suediako Erresumak.

Hori dela eta, sinatzaileek erabaki dute akta honi honako moldaketa hauek eranstea.

Bruselan egina, 2012ko martxoaren 2an.

ERANSKINA Ekonomia- eta Diru-batasuneko Egonkortasun, Koordinazio eta Gobernantzako Tratatua Tratatugileek, tratatua sinatzeko orduan, tratatuaren 8. artikuluari buruz sinatutako akordioa.

Ondoren adostutakoa aplikatuko da auzi bat Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari aurkeztu behar zaionean Ekonomia- eta Diru-batasunaren Egonkortasun, Koordinazio eta Gobernantzako Tratatuaren 8. artikuluaren 1. paragrafoaren bigarren esaldiaren arabera (aurrerantzean «Tratatua» deituko diogu), eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 273. artikulua oinarri hartuta, Europako Batzordeak tratatugileei igorritako txosten batean ondorioztatzen badu tratatugileetako batek ez duela bete Tratatuaren 3. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoa.

(1) Baldin Europako Batzordeak txosten batean ondorioztatzen badu tratatugileetako batek ez duela bete Tratatuaren 3. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoa, eta, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari hala adieraz dezala eskatzeko, demanda aurkeztu behar bazaio, 2. puntuan aipatzen diren demandatzaileek Justizia Auzitegiaren Idazkaritzan aurkeztu beharko dute demanda; tratatugileek hiru hilabete izango dituzte horretarako, tratatugileetako batek 3. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoa ez duela bete ondorioztatzen duen Europako Batzordearen txostena jasotzen dutenetik aurrera.

Demandatzaileak Tratatuaren 3. eta 8. artikuluen pean diren tratatugile guztien interesaren alde jardungo dira, haiekiko lankidetza estuan (auzia zein tratatugileren kontra abiarazten den, hura izan ezik), eta, betiere, Justizia Auzitegiaren Estatutuaren eta Prozedura Erregelamenduaren arabera.

(2) Demandatzaile izango dira Tratatuaren 3. eta 8. artikuluen pean egonik Europako Batzordearen txostena argitaratzen den egunean Europar Batasuneko Kontseiluaren Lehendakaritza osatzen duten hiru estatu kideen taldeko kide diren tratatugileak (Kontseiluaren Barne Erregelamenduaren 1. artikuluaren 4. paragrafoa; aldez aurretik ezarritako lehendakaritza-hirukoteak). Betiere, egun horretarako: i) Europako Batzordearen txosten baten arabera jotzen bada ez dituztela bete gabe utzi Tratatuaren 3. artikuluko 2. paragrafoaren ondorioz dagozkien betebeharrak, II) Ez badaude, beste nolabait, Justizia Auzitegiaren aurreko prozeduraren batean sartuta, 8. artikuluaren 1. eta 2. paragrafoen arabera, eta iii) Ez badie, funtsezko arrazoiengatik eta nazioarteko zuzenbidearen printzipio orokorren arabera, jarduteko ezgaitasun-kasu batek eragiten.

Estatu kideetako batek ere ez baditu irizpide horiek betetzen, aurreko lehendakaritzahirukoteko kideek izango dute ardura auzia lehengo baldintza berberen arabera Justizia Auzitegiari aurkezteko.

(3) Auzia zein tratatugileren interesaren alde aurkeztu den, tratatugile horiek behar den laguntza tekniko edo logistiko guztia emango diete demandatzaileei Justizia Auzitegiaren aurreko prozeduran, demandatzaileek hala eskatzen badiete.

(4) Justizia Auzitegiaren epaiaren ondorioz demandatzaileen gain izango diren prozesu-kostuak, beren gain hartuko dituzte tratatugileek, denek batera; auzia zein tratatugileren interesaren alde aurkeztu den, tratatugile horiek hartuko dituzte beren gain.

(5) Baldin Europako Batzordeak, txosten berri batean, ondorioztatzen badu prozedurak eragiten dion tratatugileak ez duela bete Tratatuaren 3. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoa, demandatzaileek berehala jakinarazi beharko diote idatziz Justizia Auzitegiari prozeduran atzera egiten dutela, Justizia Auzitegiaren Prozedura Erregelamenduko dagozkion xedapenen arabera.

(6) Europako Batzordeak irizten badio tratatugile batek ez dituela onartu Justizia Auzitegiaren epaia betetzeko beharrezkoak diren neurriak (Tratatuko 8. artikuluko 1. paragrafoan aipatzen direnak), Tratatuaren 3. eta 8. artikuluen pean diren tratatugileek adieraziko dute asmoa dutela 8. artikuluko 2. paragrafoan ezarritako prozedura betebetean erabiltzeko, auzia Justizia Auzitegiari aurkeztearren, betiere 8. artikuluaren 1. paragrafoa aplikatzeari begira adostutakoaren ondorioz.

1.  Elkarren segidako lehendakaritza-hirukoteen zerrenda Kontseiluaren 2009ko abenduaren 1eko 2009/908/EB Erabakiaren I. eranskinean ageri da (erabaki horren bidez ezartzen dira Kontseiluaren prestakuntza-organoen lehendakaritzaren Kontseiluko Lehendakaritzan jarduteari buruzko Europako Kontseiluaren Erabakia garatzeko arauak (AO L 322, 2009.12.9koa, 28. o., beste honek zuzendua: AO L 344.

2009.12.23, 56. or.) BULGARIAKO ERREPUBLIKAK EKONOMIA- ETA DIRU-BATASUNAREN EGONKORTASUN, KOORDINAZIO ETA GOBERNANTZAKO TRATATUAREN SINADURA DELA ETA EGINDAKO ADIERAZPENA Legebiltzarrak 2012ko urtarrilaren 27an onartutako erabakiaren arabera –Estatuaren Aldizkarian promulgatu zen, otsailaren 3an–, Bulgariak asmoa du Ekonomia- eta Dirubatasunaren Egonkortasun, Koordinazio eta Gobernantzako Tratatuaren III. tituluan xedatutakoa aplikatzeko, Legebiltzarrak berretsi ostean.

Bulgaria prest dago Tratatua osorik aplikatzeko euro-eremuari atxiki zitzaion egunetik aurrera, BELGIKAKO ERRESUMAREN ADIERAZPENA, NAZIO-LEGEBILTZARREN GAINEKOA Belgikak zehazten du ezen, bere konstituzio-zuzenbidearen arabera, bai Ordezkarien Ganbara, bai Legebiltzar Federaleko Senatua bai Komunitateetako eta Erregioetako Legebiltzarrak, zein bere eskumenen eremuan, Nazio Legebiltzarreko kide gisa jardungo direla Ekonomia- eta Diru-Batasunaren Egonkortasun, Koordinazio eta Gobernantzako Tratatuaren ondorioetarako.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra