Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Quinta edición Premios Adrián Celaya

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >> Europako legeria

8/2017 Errege Lege Dekretua, maiatzaren 12koa, Salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua ematen duten langileen araubidea aldatzen duena, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2014ko abenduaren 11ko epaia betetzeko —C-576/13 auzigaia (2009/4052 arau-hauste prozedura)—

2017-05-12

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2017/05/13, 114. zk.

 

I. XEDAPEN OROKORRAK

 

ESTATUKO BURUZAGITZA

5270

8/2017 Errege Lege Dekretua, maiatzaren 12koa, Salgaiak manipulatzeko

 

portu-zerbitzua ematen duten langileen araubidea aldatzen duena, Europar

 

Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2014ko abenduaren 11ko epaia betetzeko

 

—C-576/13 auzigaia (2009/4052 arau-hauste prozedura)—.

ZIOEN AZALPENA

I

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2014ko abenduaren 11ko epaiak (C-576/13 auzigaia, 2009/4052 arau-hauste prozedura) Espainiako Erresuma kondenatu du, salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuaren lege-araubideak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 49. artikulua urratzen duela iritzita, honako baldintza hauek ezartzen baitizkie jarduera hori egin nahi duten enpresei:

portuko estibatzaileen kudeaketarako sozietate anonimo (SAGEP) baten kapitalean partaidetza izatea, eta

sozietate anonimo horrek haien esku jartzen dituen langileak lehentasunez kontratatzea, eta halako langileen gutxieneko kopuru bat kontratatzea oinarri iraunkorrean.

Epai horrek ez du aurrez zehazten legez aplikatu beharreko formularik, baina onargarritzat jotzen ditu aukera hauek:

estibatze-enpresek berek, langile iraunkorrak edo aldi baterakoak askatasunez kontrata ditzaketelarik, beren burua lan-indarrez hornitzeko erabiliko dituzten enplegu- bulegoak kudeatzea eta langileen prestakuntza antolatzea, edo

enpresa pribatuek kudeatutako langile-erreserba bat sortzea; enpresa horiek aldi baterako laneko agentzia gisara jardungo lukete eta estibatze-enpresen esku jarriko lituzkete langileak.

Errege lege-dekretu honen xedea da Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren ebazpena betetzea, barne-zuzenbidea aldatuz, bateragarria izan dadin Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 49. artikuluak aldarrikatzen duen kokatzeko askatasunarekin. Hala ere, Auzitegiak berak aitortu du langileen babesa eta portu-uretako segurtasunaren bermea bidezko helburuak direla eta arloko araudia inspiratu dezaketela. Horregatik, mantendu egiten da estibatzaileek beren lanetan aritzeko lanbide- gaikuntza egokia eduki beharra.

II

Lege-aldaketaren bidez, salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuko langileen kudeaketari buruzko egungo araubideko arau gehienak kentzen dira. Araubide hori Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bateginean jasorik dago. Hala, berariaz indargabetzen dira testu bategin horretako hainbat artikulu, eta aldatu egiten dira beste batzuk, zeinen arau-proiekzioak iraun behar baitu, baina egoera berriari egokituta.

Baina, salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuaren eremuan kontratatzeko askatasunaren printzipioa aldarrikatzen bada ere, hiru urteko trantsizio-prozesu bat ezarri beharra dago, igarotze ordenatua ahalbidetzeko, horrela eginez, aukera ematen baitzaie SAGEPetako langileei lehendik dituzten lan-eskubideei euts diezaieten lehiatzeko askatasunaren jokaleku berrian. Horretarako, bermatu egiten da Portu Administrazioak finantza-babesa emango diela sektorearen konfigurazio berrirako beharrezkoak diren eragiketei.

Trantsizio-aldian SAGEPek iraun ahal izango dute, eta, kasu eta une bakoitzean behar den neurrian finantzatu ahal izan daitezen, honako betebehar hau ezartzen zaie, halaber, salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuan aritzeko lizentziaren titular diren enpresei: SAGEPetatik datozen langileak eskatzea —hasiera batean ehuneko hirurogeita hamabosteko portzentajean, eta geroago eta portzentaje txikiagoan— orain arte langile horiexek egin dituzten jardueretarako.

Trantsizio-aldia amaitutakoan, SAGEPek beren jarduera garatzen jarraitu ahal izango dute lehiatzeko askatasunaren araubidearekin bat, baldin eta aldi baterako laneko enpresentzat ezarritako betekizun orokorrak betetzen badituzte.

III

Errege lege-dekretu honek lau artikulu, bi xedapen gehigarri, hiru xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta bost azken xedapen ditu.

Artikuluetan, arau-aldaketari bide eman dion ratio legisa azaltzen da, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak, C-576/13 auzigaiaz, 2014ko abenduaren 11n emandako epaia betetzera bideratua; eta salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuaren eremuan kontratatzeko-askatasunaren printzipioa ezartzen da, halako moduan non operadoreek ez baitute parte hartu beharrik izango portuko langileak haien esku jarriko dituen inongo enpresatan, eta askatasun osoz kontratatu ahal izango dituzte langileok, baldin eta horien lanbide-gaikuntza bermatzera bideratutako betekizunak betetzen badira.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak espresuki iradoki duen ildoari jarraituz, portuetako enplegu-zentroak sortzea aurreikusten da. Horien helburua izango da, hain zuzen ere, portuko langileek enplegu erregularra izatea salgaiak manipulatzeko portu- zerbitzuan, bai eta langileoi prestakuntza eman eta salgaiak manipulatzeko portu- zerbitzurako lizentzia edo merkataritzako portu-zerbitzuetarako baimena duten enpresei haiek aldi baterako lagatzea ere; beraz, zentro horiek aldi baterako laneko enpresa gisa jardungo dute sektorearentzat berariaz, eta indarreko legeriaren arabera aldi baterako laneko enpresei eskatzen zaien Lan Administrazioaren baimena beharko dute. Estibatze- enpresek ez dute parte hartu beharrik izango sortzen diren zentroetan, ez eta zentro horiek eskaintzen dizkieten langileak lehentasunez kontratatu beharrik ere.

IV

Lehenengo xedapen gehigarriak Lan Zuzenbidearen iturrien sistemako printzipio klasiko bat du abiapuntu: Legea hitzarmen kolektiboaren gainetik dago. Hala ere, bi ordenen arteko araugintza-gatazkak luza ez daitezen —halakoek beti sortzen baitituzte segurtasun juridikorik eza eta interpretatzeko zailtasunak—, urtebeteko gehieneko epea ezartzen du hitzarmen kolektiboak behar den neurrian egokitu daitezen lege-aurreikuspen berrietara. Adierazitako epean egokitzapen hori egiten ez bada, deuseztatu egingo dira, ope legis, salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuaren edo merkataritzako portu-zerbitzuen eremuan kontratatzeko askatasuna murrizten duten xedapenak edo lehia mugatzen dutenak.

Hitzarmenezko araudi aplikagarriaren aldaketak banakako lan-baldintzen funtsezko aldaketa ekar lezakeela kontuan izanik, langileei eskubidea aitortzen zaie beren kontratua hutsaltzeko, baldin eta funtsezko kaltea eragiten bazaie, eta kalte-ordaina jasotzeko; kalte- ordain horren zenbatekoa, berriz, lan-baldintzen funtsezko aldaketarengatik kontratua amaitzen den kasuetarako ezarritakoa izango da.

V

Zuzenbide iragankorreko aurreikuspenek garrantzi berezia hartzen dute errege lege- dekretu honetan, giltzarri baitira arau-esparru berrirako trantsizio ordenatua egiteko. Ekonomia nazionalerako zein kanpo-merkataritzarako estrategikoa den eta milaka langile enplegatzen dituen sektore batentzat proiektatu da arau-esparru hori, eta behar bezala baloratu behar dira sektore horretako langileen interesak.

Lehenengo xedapen iragankorrak trantsizio-aldiaren iraupena zehazten du: hiru urte, errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera. Bitarte horretan, gaur egun dauden SAGEPak mantendu ahal izango dira, eta horiekin lan-kontratu indarduna duten langileek beren araubide juridikoari eutsiko diote. Aldi horretako lehenengo seihilekoa amaitu baino lehen, SAGEPetako akziodunek banaka erabaki beharko dute aurrera jarraitu ala sozietatetik banandu nahi duten. Banantzea erabakitzen dutenen akzioak sozietatean irauten duten akziodunek erosiko dituzte, edo, halakorik egon ezean, amortizatu egingo dira eta, ondorioz, kapitala murriztu egingo da.

Akziodun batek ere ez badu SAGEPean iraun nahi, sozietatea desegin egingo da Kapital Sozietateen Legean ezarritako arau orokorrei jarraituz.

Portu Administrazioak nahitaez bereganatu beharko ditu 2014ko abenduaren 11 (Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaiaren eguna) baino lehen sortutako lan- pasiboak, nahitaezko lege-sistema baten ondorioz sortuak direlako, eta, bestalde, lehendik kokatuta dauden operadore pribatuen lehia-egoera eta zerbitzu horretan ex novo hasten diren operadoreena parekatu nahi direlako. Hori dela-eta, errege lege-dekretu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera portuko langileen eta SAGEPen artean indarrean dauden lan- kontratuak amaitzen badira —kontratua amaitu osteko hiru urteetan erretiro-adinera helduko diren langileen kontratuak izan ezik—, edo salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuan aritzeko lizentzien titular diren enpresek, egun hori baino lehenagotik, SAGEPetatik etorritako langileekin legearen aginduz lan-araubide arruntean sinatuta dauzkaten kontratuak amaitzen badira, Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginak —urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua— 51. eta 52. artikuluetan aurreikusitako arrazoietako edozeinengatik amaitu ere, langileek kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango dute; kalte-ordainaren zenbatekoa kontratua arrazoi objektiboengatik amaitzen denerako ezarritakoa izango da, eta kasuan kasuko SAGEParen eremu geografikoan eskumena duen portu-agintaritzak egin beharko dio aurre, ex lege betebehar gisa.

Bistan denez, iraungo duten SAGEPek halako jarduera maila bat mantendu beharko dute trantsizio-aldian beren burua finantzatzeko, eta horixe hartzen du kontuan bigarren xedapen iragankorrak. Hori dela-eta, salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko lizentzien titular diren enpresek, autoprestazio-araubidea dutenek izan ezik, SAGEPetatik datozen portuko langileen bidez egin beharko dute beren jardueraren zati bat, trantsizio- aldian. Dena dela, aukera hauek izango dituzte portzentaje horiek betetzeko: SAGEPei zuzenean langileak eskatzea; SAGEPetatik datozen langileak eskatzea portuetako enplegu-zentroei edo aldi baterako laneko beste enpresa batzuei, zeinetan ez baitute parte hartzen; SAGEPetatik datozen langileak beren plantilletan sartzea, edo portuetako enplegu-zentroetan edo aldi baterako laneko beste enpresa batzuetan sartzea, zeinetan parte hartzen baitute. Jardueraren portzentaje hauek bete beharko dira: lehenengo urtean ehuneko 75, bigarren urtean ehuneko 50 eta hirugarren urtean ehuneko 25.

Hirugarren xedapen iragankorrak kontuan hartzen du Cartagenako Portuko Estibatze eta Desestibatze Lanen Estatu Sozietatearen egoera ezohikoa.

VI

Xedapen indargabetzaileak garrantzi berezia du errege lege-dekretu honetan. Berariaz amaiera ematen dio Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bategineko artikulu askoren indarraldiari, artikulu horiek Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2014ko abenduaren 11ko epaian jasotako adierazpenekin bat ez datozelakoan. Epai horrek agintzen du Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 49. artikuluak aldarrikatzen duen kokatzeko askatasunaren printzipioa aplika dadila salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuari dagokionez. Eta indarrik gabe uzten du Langileen Estatutuaren 2.1.h) artikulua ere, lan-harreman berezitzat jotzen duena portuko estibatzaileen eta SAGEPen artekoa. Izan ere, aurreikuspen horrek zentzua galdu du lege- esparruaren aldaketaren ondorioz.

Amaitzeko, azken xedapenetatik lehenak Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bategineko manu batzuk aldatzen ditu, horien aurreikuspenak, irismen txikiagokoak, lege-esparru berriarekin bateragarri egiteko; eta hurrengoek, berriz,

lurralde nazional osoan bete-betean aplikagarria den errege lege-dekretu hau emateko eskumen esklusiboa Estatuak izatearen konstituzio-oinarria azaltzen dute, erregelamenduzko garapenerako eskumena Ministro Kontseiluari eta Sustapeneko eta Enpleguko ministroei esleitzen diete, bakoitzari bere arloan, ondorengo erregelamendu bidezko garapena zehazten dute, Europako Erkidegoko zuzenbidea Estatuko zuzenbidean txertatu izana jasotzen dute, eta errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dela indarrean xedatzen dute.

VII

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak epaia eman zuenetik denbora igaro da, eta Europako Batzordeak Espainiako Erresumaren aurkako demanda jarri du, ez direlako hartu epaia betetzeko hartu beharreko neurriak. Horrexek justifikatzen du errege lege- dekretu honetan bildutako neurriak hartzea, eta, era berean, Espainiako Konstituzioaren

86.artikuluak honelako arau-figura erabili ahal izateko eskatzen duen inguruabarra gertatu da, aparteko eta presako beharrizana baitago.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak jasotzen duen baimena baliatuta, Sustapeneko ministroaren proposamenez, eta Ministro Kontseiluak 2017ko maiatzaren 12ko bileran eztabaidatu ondoren,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Errege lege-dekretu honen xedea da salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko langileen araubidea ezartzea, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak C-576/13 auzigaiari buruz 2014ko abenduaren 11n eman zuen epaian xedatutakoa betetzeko.

2.artikulua. Salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko portuko langileak kontratatzeko askatasuna.

1.Salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko langileen kontratazioa librea da, baina portuko langileen profesionaltasuna bermatzeko ezarritako betekizunak bete behar dira aldez aurretik.

2.Salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko, ez da beharrezkoa lizentziaren titularrek parte hartzea portuko langileak haien esku jartzea xede soziala duen inongo enpresatan.

3.artikulua. Salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko langileen gaikuntzari buruzko betekizunak.

1.Abenduaren 13ko 988/2013 Errege Dekretuaren VIII. eranskinean («Portuetako karga-, estibatze-, deskarga-, desestibatze- eta ontzi-aldaketa lanak») ezarritako profesionaltasun-ziurtagiria duten langileek burutu beharko dituzte salgaiak manipulatzeko zerbitzuaren barruko jarduerak. Errege-dekretu horrek Itsasoa eta Arrantza lanbide-arloari dagozkion bederatzi profesionaltasun-ziurtagiri sortu zituen.

Aurretik adierazitako ziurtagiri hori lortzeko, lanekoak ez diren praktika profesionalak egin beharko dira portu-instalazioetan, erregelamenduek xedatutakoarekin bat.

2.Errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denean honako kasu hauetan dauden langileek ez dute aurreko zenbakian azaldutako profesionaltasun-ziurtagiria eduki beharrik izango:

a)Frogatzen dutenek errege lege-dekretu hau indarrean jarri aurretik 100 lanaldi baino gehiago egin dituztela salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuan, Europar Batasuneko edozein herrialdetan, edota maiatzaren 23ko 2/1986 Errege Lege Dekretuaren 2.g) artikuluaren babesean zerbitzu horretatik kanpo sailkatuta dauden karga-, estibatze-,

desestibatze-, deskarga- eta ontzi-aldaketa lanetan. Estatuko Portuek homologatutako frogagiria aurkeztu beharko dute.

b)Ontziko langileak, ontzi barruan horrelako jarduerak egiten badituzte Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bateginean onartutako egoeretan eta baldintzetan.

4.artikulua. Portuetako enplegu-zentroak.

1.Portu-lanen prestazioaren izaera irregularrerako egokitzapena ahalik eta azkarren egin dadin, pertsona natural edo juridikoek eta nortasun juridikorik gabeko elkarte eta entitateek portuetako enplegu-zentroak sortu ahal izango dituzte, ezertan kaltetu gabe legeria indardunari jarraituz horretarako eratuta dauden edo era litezkeen aldi baterako laneko enpresak eta beste enpresa batzuk. Enplegu-zentro horien xedea izango da portuko langileak salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuan enplegatzea, eta, halaber, langileok aldi baterako lagatzea salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko lizentzia edo merkataritzako portu-zerbitzuetarako baimena duten enpresei. Zentroen jarduketa-eremu geografikoa lurralde nazional osora hedatu ahal izango da, eta portu berean zentro bat baino gehiago sortu ahal izango dira.

2.Portuetako enplegu-zentroak sortzeko, ekainaren 1eko 14/1994 Legeak (Aldi Baterako Laneko Enpresak Arautzen dituena) 2. artikuluan eskatzen duen baimena lortu beharko da. Zentro horiei bete-betean aplikatuko zaizkie bai lege hori, bai horrelako enpresei aplikatu beharreko gainerako araudia.

Lehen xedapen gehigarria. Hitzarmenezko araudia.

1.Errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik urtebete igaro baino lehen, indarra duten hitzarmenezko arauak dekretu honetan eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 49. artikuluan xedatutakoari egokitu beharko zaizkio.

Epe hori amaitu eta gero, hitzarmen kolektiboetako xedapenak erabat deusezak izango dira ez badute betetzen aurreko paragrafoan ezarritakoa, edo kontratatzeko askatasuna murrizten badute salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuaren eta merkataritzako portu- zerbitzuen eremuan, edota lehia mugatzen badute.

2.Errege lege-dekretu honetara egokitzeko hitzarmenezko arauak indarrean jartzen direnetik zenbatuta —egokitzapena aurreko zenbakian xedatutako epean eginez gero— hiru hilabeteko epean, lan-kontratua hutsaltzeko eskubidea izango dute langileek, baldin eta hitzarmen kolektiboaren aldaketak funtsezko kaltea eragiten badie; kalte-ordaina jasotzeko eskubidea ere izango dute, hain zuzen, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duen Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategineko 41. artikuluan aurreikusitako zenbatekoarena. Errege lege-dekretu horretako lehen xedapen iragankorreko

4.zenbakiak ezarritako ordainketa-araubidea aplikatuko zaie ordainketa horiei.

Bigarren xedapen gehigarria. Portu bati atxikita egoteagatik lotuta dauden enpresen hitzarmen kolektiboa.

Portu berari atxikita egoteagatik lotutako enpresek —bakoitza beraren izenaz identifikatuta— Langileen Estatutuaren 87.1 artikuluan ezarritakoa betez negoziatzen dituzten hitzarmen kolektiboek Langileen Estatutuaren 84.2 artikuluan aipatzen diren hitzarmenen aplikazio-lehentasun bera izango dute.

Langileak ordezkatuz negoziatzeko legitimazioa Langileen Estatutuaren 87.2 artikuluan ezarritakoa izango da. Portu bati atxikita egoteagatik lotutako enpresak ordezkatuz negoziatzeko legitimazioa beroriei dagokie, bai eta enpresak ordezkatzen dituzten enpresaburuen elkarteei ere.

Lehen xedapen iragankorra. Portuko estibatzaileen kudeaketarako sozietate anonimoak.

1.Errege lege-dekretu hau indarrean jartzean, egokitzapenerako hiru urteko trantsizio-aldia hasiko da. Egungo SAGEPek aldi horren amaierara arte iraungo dute,

lehenago azkentzen ez badira, eta mantendu egingo dute beren xedea, hau da, portuko langileak eskura jartzea salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzurako lizentzien edo merkataritzako zerbitzuak emateko baimenen titularrei, titular horiek sozietateko akziodunak izan edo ez izan.

Amaierara arte, errege lege-dekretu honetan ezarritakoaren bidez arautuko dira, eta, ordezko gisa, Kapital Sozietateen Legearen testu bateginak, uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuak, ezarritakoa bete beharko dute.

Trantsizio-aldia amaitutakoan, irauten duten SAGEPak azkendu ahal izango dira, edo beren jardueran jarraitu ahal izango dute, horretarako ekainaren 1eko 14/1994 Legeak (Aldi Baterako Laneko Enpresak Arautzen dituena) 2. artikuluan eskatzen duen baimena lortuta. Bete-betean aplikatuko zaie lege hori, bai eta horrelako enpresei buruzko gainerako araudia ere.

SAGEPak aldi baterako laneko enpresa gisa araututa egon arte edo azkendu arte, haien akziodunek sozietatearen pasibo eta obligazio guztien erantzukizun pertsonala eta mankomunatua izango dute, sozietatearen kapitalean duten partaidetzaren neurrian.

Trantsizio-aldia amaitutakoan irauten duten SAGEPek lehia librean jardungo dute portuetako enplegu-zentroekin eta aldi baterako laneko gainerako enpresekin, kasua bada.

2.Errege lege-dekretu hau indarrean jartzean SAGEPekin kontratu indarduna duten langileei trantsizio-aldian edozein arrazoirengatik kontratua azkentzen bazaie, SAGEPek ezingo dituzte berriro kontratatu harik eta aldi baterako laneko enpresa gisa erregulatuta egon arte.

3.Trantsizio-aldiko lehen sei hilabeteak igaro baino lehen, SAGEPetako akziodunek SAGEPean jarraitu nahi duten edo harengandik bereizi nahi duten erabaki beharko dute, banaka. Bereizi nahi duten akziodunek hala egin ahal izango dute, trantsizio-aldia amaitu aurretik, beren akzioak salduz SAGEPean jarraitu nahi dutenei, horietako bakoitzaren partaidetzaren arabera hainbanatuta; eta barruan jarraitu nahi duten akziodunek kontabilitate-balio garbiaren arabera erosi beharko dituzte akzioak. Bereizteko erabakia jakinarazten denetik hasita sei hilabeteko epea egongo da salmenta hori egiteko. Salmenta, osorik edo zati batean, ezin bada epe horretan egin, akzioak SAGEParen kargura amortizatuko dira, eta ondorioz kapitala murriztu egingo da.

Prozesu hori amaitu eta gero, SAGEPean geratzen diren akziodunek sozietatearen kapitalaren banaketa berri bat adostu ahal izango dute, eta akziodun berriak onartu, baten batek bere borondatez atxikitzea erabakitzen badu, libreki adostutako partaidetzarekin.

Akziodun batek ere ez badu SAGEPean iraun nahi, sozietatea desegin egingo da Kapital Sozietateen Legean ezarritako arau orokorrei jarraituz.

4.Salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko lizentzien egungo titularren lehia- egoera eta zerbitzu hori ematen hasiko diren titular berriena berdintze aldera, errege lege- dekretu hau indarrean jarri ondoren, edozein unetan, 2014ko abenduaren 11 baino lehenagotik indarrean dauden SAGEPetako langileen lan-kontratuak azkentzen badira, edo salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko lizentziaren titular diren enpresek, legearen aginduz, SAGEPetatik etorritako langileekin egun hori baino lehen lan-araubide arruntean sinatutako lan-kontratuak azkentzen badira, Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 51. eta 52. artikuluetan aurreikusitako edozein arrazoirengatik eta haietan aurreikusitako baldintzekin bat, langile horiek kontratatuta eduki dituen SAGEParen eremu geografikoko portu-agintaritzak nahitaez bere gain hartu beharko ditu, oso-osorik, arrazoi horrengatik bidezkoak diren kalte-ordainak (alegia, Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 53. artikuluan ezarritako zenbatekoa), kontratuak egin zirenetik azkendu arte sortutakoak, edo, trantsizio-aldia lehenago amaitzen bada, trantsizio-aldia amaitu arte sortutakoak.

Ez da neurri hori aplikatuko langileak ez badu portuko estibatzaile gisa etenik gabe jardun, edo langilea erretiro-adinera heltzekoa bada, itsasoko langileen araubide bereziaren arabera, kontratua azkendu ondoko hiru urteetan.

Kasuan kasuko portu-agintaritzak ordaindu beharko ditu zenbateko horiek. Aldez aurretik eskabidea aurkeztu beharko da, frogagiriak eta egiaztagiriak erantsita. Portu- agintaritzak, langile horietako bakoitzagatik, zenbateko horiek ordainduko dizkio langileen

enplegatzaileari kontratua azkentzen den unean, eskabidea aurkezten denetik aurrera hiru urteko epean banatuta. Aldez aurretik aztertu egingo ditu aurkeztutako agiriak, ea errege lege-dekretu honetan ezarritakoarekin bat datozen. Enplegatzaileak portu-tasen subjektu pasiboak direnean, portu-agintaritzak erabakiko du berak bere gain hartutako kalte- ordainek tributu horien kuoten zenbatekoa txikituko dutela.

Portu-agintaritzak bere gain hartutako kostu horrek ez du ondoriorik izango portu-tasen koefiziente zuzentzaileak ezartzeko errentagarritasunen kalkuluan, Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bateginaren 166. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Bigarren xedapen iragankorra. Egokitzapenerako trantsizio-aldian SAGEPetako langileak erabiltzea.

1.Lehen xedapen iragankorrean egokitzapenerako ezarritako trantsizio-aldian, salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzurako lizentzien titular diren enpresa guztiek —autoprestazio- araubidea baimenduta daukatenek izan ezik— errege lege-dekretu hau indarrean jartzean kasuan kasuko portuan dagoen SAGEPeko langileekin burutu beharko dituzte salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuan enpresak egiten dituen jarduerak eta Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bateginaren 130.3.c) artikuluaren amaierako tartekian ezarritakoaren arabera salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzutzat jotzen ez diren merkataritza-jarduerak —urte arteko zenbatekoan, lehen urtean, gutxienez, jardueren ehuneko 75eraino—; azken kasu horretan, baldin eta estibatze-sektorean haien eskaintza berdintsua edo onuragarriagoa bada kalitatearen eta kostuaren aldetik.

Portzentaje hori ehuneko 50 izango da trantsizio-aldiko bigarren urtean eta ehuneko 25 hirugarren urtean. Langileak eta horien kostua esleitzerakoan baldintza berak aplikatuko zaizkie enpresa guztiei, SAGEPeko akziodunak izan edo ez izan.

2.Portzentaje horiek lortzeko, honako modalitate hauetako bat baliatu ahal izango da, edo bien batura:

a)SAGEPak eskura jarritako langileak erabiltzea, edo SAGEPetik etorri eta portuetako enplegu-zentro batek edo aldi baterako laneko enpresa batek eskura jarritako langileak erabiltzea (zentro horretako edo aldi baterako laneko enpresa horretako partaide izan gabe).

b)SAGEPetatik datozen langileak kontratatzea.

Azken kasu horretan, konputatu egingo dira salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko lizentzien titular diren enpresek edo halakoak partaide dituzten portuetako enplegu- zentroek eta aldi baterako laneko enpresek SAGEPetako langileekin sinatutako kontratuak; azken bi kasu horietan, partaidetzaren araberako proportzioan konputatuko dira.

Baliozkotzat konputatuko dira, b) letraren ondorioetarako, SAGEPean dirauten langileek onartzen ez dituzten eskaintza izendun edo izengabeak, eskaintza egokiak baldin badira; eta, a) letraren ondorioetarako, SAGEPak eskura jarritako langileak nahiko ez izateagatik estaltzen ez diren eskaintzak.

3.Egokitzapenerako trantsizio-aldian arau-hauste astuntzat joko da xedapen iragankor honetan ezarritakoa ez betetzea, Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bateginaren ondorio zehatzaileetarako.

Hirugarren xedapen iragankorra. Cartagenako Portuko Estibatze eta Desestibatze Lanen Estatu Sozietatea.

Trantsizio-aldia amaitzen denetik sei hilabete igaro baino lehen, Cartagenako Portuko Estibatze eta Desestibatze Lanen Estatu Sozietatea azkendu ahal izango da, edo bere jardueran jarraitu ahal izango du, horretarako ekainaren 1eko 14/1994 Legeak (Aldi Baterako Laneko Enpresak Arautzen dituena) 2. artikuluan eskatzen duen baimena lortuta. Bete- betean aplikatuko zaio lege hori, bai eta horrelako enpresei buruzko gainerako araudia ere.

Lehen xedapen iragankorrean SAGEPei buruz ezarritakoa eta bigarren xedapen iragankorrean SAGEPetatik datozen langileak trantsizio-aldian kontratatzen jarraitu

beharrari buruz ezarritakoa Cartagenako Portuko Estibatze eta Desestibatze lanen Estatu Sozietateari ere aplikatuko zaio, hurrengo paragrafoan xedatutakoa izan ezik.

Portu Agintaritzak sozietatearen kapitalean parte hartzeari utziko dio sei hilabeteko epean, gehienez, errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik hasita. Horretarako, haren akzioak besterendu egingo dira, edo, horrelakorik ezean, kapital soziala murriztu egingo da, eta hark kontabilitateko balio garbiaren itzulketarako eskubidea izango du.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauen indargabetzearen norainokoa.

Berariaz indargabeturik geratzen dira xedapen hauek:

a)Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bateginaren 82.2.d), 98.1.l), 117.1.n), 130.3.c (azken tartekia) 130.5, 142., 143., 144., 145., 146., 147., 148., 149., 150., 151., 152., 153., 154., 155. eta 245.6 artikuluak, zortzigarren xedapen gehigarria, bederatzigarren xedapen gehigarria, hemeretzigarren xedapen gehigarria, hogeita hamaikagarren xedapen gehigarria, bigarren xedapen iragankorreko 2.b) zenbakia eta bosgarren xedapen iragankorra (irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hori).

b)Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 2.1.h) artikulua (urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hori).

c)Era berean, indargabeturik geratzen dira errege lege-dekretu honetan ezarritakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetatik lehena. Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bategina, irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia, aldatzea.

Bat. Aldatu egiten da 113. artikuluaren 4. zenbakiko n) letra, eta honela geratzen da idatzita:

«Lizentzia azkentzeko arrazoiak; halakoen artean izan beharko dira, lege honen

119.artikuluan ezarritako arrazoiez gainera, zerbitzu publikoko betebeharrak, zerbitzua ematearen inguruko segurtasun-eskakizunak eta ingurumena babesteko bidezkoak diren betebeharrak ez betetzeari dagozkionak.»

Bi. 130. artikuluaren 3. zenbakiko i) letra honela geratzen da idatzita:

«Portuetako instalazioetan emakida- edo baimen-araubidean egiten diren eragiketak, instalazio horiek zuzeneko lotura badute itsas terminal horietan, emakidaren xedearen arabera, mugitzen diren salgai propioen transformaziorako plantekin, prozesamendu industrialerako instalazioekin edo ontziratze-instalazioekin; salbu eta salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko lizentziaren titular den enpresa batek egiten dituenean eragiketa horiek.

Aurreko paragrafoan aipatutako instalazioetan —emakida edo baimen bidez esleitutakoak— salgaiak manipulatzeko zerbitzuko jarduerak egiten dituzten langileek maiatzaren 12ko 8/2017 Errege Lege Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako baldintzak bete behar dituzte. Dekretu horrek salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko langileen araubidea aldatzen du, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak C-576/13 auzigaiari buruz 2014ko abenduaren 11n emandako epaia betetzeko (2009/4052 arau-hauste prozedura).»

Hiru. 133. artikuluaren 1. zenbakia honela geratzen da idatzita:

«Lege honen ondorioetarako, autoprestaziotzat honako hau joko da: erabilera partikularreko bidaiari- edo salgai-terminal bateko emakidadunak edo titularrak bere kabuz egitea, hurrenez hurren, bidaiarientzako zerbitzuak edo salgaiak manipulatzeko zerbitzuak.

Autoprestaziotzat joko da, halaber, ontzi-konpainia batek bere kabuz egitea portu- zerbitzu bat edo gehiago, ontzi barruko zerbitzuetarako ontziratu dituen bere langileak

eta bere materiala erabiliz, hirugarrenekin prestazio horretarako inolako kontraturik egin gabe. Distantzia laburreko itsas garraioko zerbitzu erregularren eta itsasoko autobideen kasuan, benetako ro-ro ontziak, ro-pax ontziak, con-ro ontziak eta ferryak erabiltzen direnean, konpainiek lehorreko beren langileak ere baliatu ahal izango dituzte bidaiarientzako zerbitzuak eta salgaiak manipulatzeko zerbitzuak beren kabuz egiteko. Inola ere ezin izango zaie horrelakorik baimendu Pariseko Memorandumaren txostenean urtero argitaratzen den zerrenda beltzeko estatu bateko bandera duten ontziei, ez eta, bandera edozein dutela ere, ikuskapen-araubide berrian arrisku handikotzat edo arrisku oso handikotzat jotzen diren ontziei ere.»

Lau. 307. artikuluaren 1. zenbakiko c) letra honela geratzen da idatzita:

«Estibatze- edo desestibatze-eragiketetarako ezarritako araudia ez betetzea.»

Azken xedapenetatik bigarrena. Konstituzio-oinarria.

Errege lege-dekretu hau laneko legeriaren, Estatuko Ogasunaren, interes orokorreko portuen eta nabigazio zibilaren arloetan Estatuari dagozkion eskumen esklusiboen babesean ematen da, Konstituzioaren 149.1.7, 149.1.14 eta 149.1.20 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Erregelamendu bidezko garapena.

1.Gobernuak errege lege-dekretu hau garatzeko eta aplikatzeko behar diren erregelamenduzko arauak eman ahal izango ditu, ezertan eragotzi gabe Sustapeneko ministroak eta Enpleguko eta Gizarte Segurantzako ministroak beren erregelamendu-ahala baliatzea legez ezarritako eran.

2.Gobernuak 2017ko martxoaren 30eko bitartekaritza-proposamena biltzeko errege lege-dekretua onartuko du. Proposamenaren bidez, amaiera ematen zaio erakunde sindikalen, enpresaburuen elkarteen eta Gobernuaren arteko hiru aldeko bitartekaritza- lanari.

Proposamen horren xedea da SAGEPetako egungo langileen enpleguari eustea, bai eta estibatze-sektorearen antolaketa eta produktibitatea hobetzea ere. Horretarako, erakunde sindikalen eta enpresaburuen elkarteen arteko erabakia hartu beharko da, eta laguntza-sistema ezarriko zaie langile zaharrenei. Sistema hori erregelamendu bidez garatuko da, eta I. eranskinean jaso da.

Azken xedapenetatik laugarrena. Europako zuzenbidea txertatzea.

Errege lege-dekretu honen bidez betetzen da Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak C-576/13 auzigaiari buruz 2014ko abenduaren 11n emandako epaia.

Azken xedapenetatik bosgarrena. Indarrean jartzea.

1.Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

2.Hala ere, lehen xedapen iragankorreko 4. zenbakia ez da indarrean jarriko harik eta Europako Batzordeak berariaz adierazi arte hura estatu-laguntzen araubidearekin bateragarria dela.

Madrilen, 2017ko maiatzaren 12an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

I. ERANSKINA

Bitartekaritza-proposamena, salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuaren lan-

antolamendu berriaren lan-ondoreei buruzkoa

Nik, Marcos Peña jaunak, bitartekaria naizen aldetik, hauxe

ADIERAZTEN DUT:

−  2017ko otsailaren 21etik, bitartekari aritzea proposatu zidatenetik, honako bilera hauek egin ditut bitartekari gisa:

1.2017ko otsailaren 21a. Bitartekaritza-lanari ekin zaio.

2.2017ko otsailaren 22a. Hiru bilera egin dira, bat langileen ordezkariekin, beste bat enpresaburuen ordezkariekin eta hirugarren bat aurreko talde biekin batera. Gaiak zehaztu dira.

3.2017ko otsailaren 28a. Negoziazioaren inguruko orientazioa eman da honako hau lortzeko:

a)enplegu-jarraitutasuna;

b)enpresen lehiakortasuna.

4.2017ko martxoaren 8a. ANESCOren eta sindikatu-ordezkaritzaren proposamenen berri eman da.

5.2017ko martxoaren 15a. Gobernua mahaira bildu da, eta Sustapeneko ministroak honako dokumentu hau aurkeztu du: «Hirutariko akordioa, estibatze-sektorean enpleguari eusteko eta produktibitatea hobetzeko».

6.2017ko martxoaren 21a. Sindikatu-ordezkaritzaren proposamenak zehaztu dira.

7.2017ko martxoaren 23a. ANESCOren proposamenak zehaztu dira.

8.2017ko martxoaren 29a. ANESCO elkarteko kideek eta UGT eta CCOO koordinakundeak «Estibatzaile Sektoreko hasierako akordioa» aurkeztu dute. Gobernuaren ordezkariek baztertu dute sektorearentzako diru-laguntzen goranzko aldaketa eta subrogazioa.

Bitartekariak alderdiei iragarri die bere bitartekaritza-proposamena aurkezteko prest dagoela.

−  Negoziatzen  40  egun  eman  ondoren,  alderdien  elkar  ulertzeko  jarrera  ona  eta akordioa lortzeko denek egindako ahalegina ikusten bada ere, bitartekari gisa, akordio «globala» lortzea ezinezkoa dela uste dut. Hartara, nire eginkizunari amaiera emateko, alderdiei bitartekaritza-proposamen formala egin behar diedala uste dut. Proposamena

onartzea haien borondatearen eta ez besteren mende egongo da, bidezkoa denez.

−  Komeni da azpimarratzea «bitartekaritza» eta «negoziazioa» kontzeptu ezberdinak direla. Kasu honetan «negoziazioa» irekiko duen «bitartekaritza»z ari gara, hau da, sektorea egoera juridiko berrira egokitzea ahalbidetuko duen negoziazioa.

Gure ustez, zehaztapen juridiko hori ematen denean, elkar ulertzea ahalbidetu da. Duda barik, aurrerapenak egin dira. Aurrerapen esanguratsuak izan dira, bai Gobernuaren, bai langileen eta enpresen ordezkaritzen aldetik; baina, bada garaia, gutxieneko eta ezinbesteko erabaki batzuk —negoziazioarekin aurrera jarraitzeko oinarri izango direnak— hartzeko, bestela, beharrik gabe negoziazioa trabatua geratzeko arriskua dago eta.

Hori dela eta, proposamen honetan ezinbestean sartu behar dira prozesuan funtsezkotzat hartu diren gaiak, eta horiei erantzuna eman behar zaie. Gai horiek dira enpleguari eustea, produktibitatea hobetzea eta balizko moldaketak egiteko laguntzak ematea. Alderdi guztiek behin eta berriro onartu dituzte konpromiso horiek, eta haien

inguruan gutxieneko oinarri partekatua eraiki daiteke.

−  Proposatzen  diren  neurriak  zehaztu  aurretik,  ezinbestekoa  da  horiek  ulertzeko funtsezko zenbait gogoeta azaltzea, ahal denetan, eztabaidagaiei buruzko zailtasunak argitzen lagunduko baitute. Hori lortzea ez zen posible izango bitartekaritzan honako hauen laguntzarik izan ez balitz: Nuria García Piñeiro, Javier Gómez Hortigüela eta Francisco González de Lena.

AURRETIAZKO GOGOETAK

Bitartekaritza salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko lan-araubidearen arauketa berriaren ondoriozko negoziazioen eremuan izan da; berrikuntza hori Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2014ko abenduaren 11ko epaia betetzeko egin da. Deskribapen horrek agerian jartzen ditu negoziazio-prozesuaren berezitasunak, izan ere, lan-harremanetan eta negoziazio kolektiboetan ohiko protagonista diren sindikatu- eta enpresa-ordezkariekin batera Gobernua aritu da; Gobernuari dagokio enpresa-jardueraren arau-antolamendua eta lan- harremanen sistemaren arauketa burutzea, bai eta europar eremuan lotesle gisa definitu diren irizpideak praktikan jartzeko agente gisa jardutea ere. Orientazio hori geroago ikusiko dugu estatu-arauen eta hitzarmenezko arauen arteko egituraketa aipatzen denean.

Bitartekaritza-lanaren gai nagusia enpresa-jarduera antolatzeko araubide berriaren lan-ondoreak direnez, bitartekaritzak esparru arautzaile orokorraren erreferentziatzat hartu ditu, besteak beste, 4/2017 Errege Lege Dekretuan jasotako irizpide eta formulak, bereziki, gaur egungo portuko estibatzaileen kudeaketarako sozietate anonimoekin eta etorkizuneko portuetako enplegu-zentroekin zerikusia dutenak, epaiak berak enpresa-taldeak eratzeko formula onartzen baitu.

Bitartekariaren ustez, enpresa-jarduera baten antolamendu berriaren lan-ondoreen arauketa zuzenbide iragankorraren arauketa tipikoa da; izan ere, arauketa berria indarrean jartzen denean, aurreko arauketaren arabera sortutako egoera juridikoak emango dira, eta egoera horietan segurtasun juridikoa babesteko, arau iragankor espezifikoak ezartzea komeni da. Horrekin lotuta, aurreko arauketaren babespean sortu eta garatu diren lan- harremanak —banakakoak eta kolektiboak— daudela bereziki kontuan hartzen da, eta harreman horiei dagokienez, arauketa berriaren eragina zenbait printzipiorekin bateragarri izan beharko litzateke, besteak, beste, enplegua zaintzearen edo autonomia kolektiboaren garapenaren printzipioekin, horiek ere, Erkidegoaren altxorraren zati baitira.

Arauketa iragankorra izanik, araudi berria ezarri ondoren aplikagarria izango den araubide juridiko erkidearen aldean berezitasun-elementu batzuk eduki ahalko ditu; elementu horiek arauketa orokorrarekiko neurritsuak izan beharko dira, haien espezifikotasunari dagokionez, eta arauketa honen berezko helburuak aintzat hartu beharko dituzte.

Europar Batasuneko ordenamenduan jasota dauden enpresa-jarduera antolatzeko printzipioen araberakoa izango da epaiaren ondoriozko esparru arautzaile berria. Ordenamendu horretan lan-arloko gaiak ere araututa daude, besteak beste, langileen eskubideei eustea —enpresak eskualdatzen direnean edo kaleratze kolektiboak egiten direnean—; edo beste gai batzuk, adibidez, kontratu-publikoei buruzkoak, horietan ere lan- arloko xedapenak biltzen baitira.

Ez da bitartekari honen lana Erkidegoaren altxor horren eta arau nazionaletara ekartzeko arauen interpretazioa egitea, baina, duda barik, lan-arloko europar esparru arautzaile horrek eragina izango du EBko arauen ondorioz egin behar den enpresa- jardueraren arauketa berriaren lan-ondoreen arauketan.

Horren harira, bitartekaritza-lanean bereziki kontuan hartzen dira EBko araudiaren honako hauek: erakunde ekonomikoa, jarduera ekonomiko bat egiteko baliabide antolatuen multzotzat hartuta; langileen eskubideei eustea posiblea den, enpresak arrazoi teknikoengatik, ekonomikoengatik edo antolaketari lotutako arrazoiengatik eskualdatzen direnean eta horrek lanpostua edo lan-baldintzak aldatzea eragiten duenean; kontsulten xedea kaleratze kolektiboen kasuan, kaleratzeak ekiditeko edo murrizteko edo horien ondorioak arintzeko, besteak beste, laguntzeko neurri sozialak baliatuta, bereziki, kaleratutako langileei berregokitzen edo birmoldatzen laguntzeko. Eta, era orokorragoan, kontuan hartzen dira, honako bi hauen arteko orekarekin loturiko Europako irizpide arautzaileak eta jurisprudentziakoak: enpresaren askatasuna, alde batetik, eta eskubide sozialak eta enpleguaren helburuak, bestetik. Irizpide horien isla espezifikoa ikusten da kontratazio publikoaren arloan, enpresen ondorengotza kasuetan, izan ere, horien hitzarmenezko tratamendua eta kontratazio horretan enplegua babesteko legezko klausulak sartzea onartzen da.

Aurreko irizpideak honako hauek biltzen dituen egoerari aplikatu behar zaizkio: batetik, arauketa juridiko batetik beste batera aldatzeko iragate-faseen berezitasuna, eta, bestetik, portuetako lanen jarduerak berez dituen ezaugarri bereziak (jardueraren etenak

eta horrek lan-zerbitzua emateko premietan izaten dituen ondorioak). Bitartekariaren ustez, abiapuntua izan daiteke pentsatzea indargabetutako errege lege-dekretuan diseinatutakoaren pareko enpresa-esparruan langile-lagapenaren jarduera sortuko dela, hain zuzen, jarduera ekonomikoa burutzeko baliabide antolatuen multzoaz osaturiko jarduera, eta aurreko araubidearekin bat jarduera hori burutzen zen bezala beteko dela. Hala eta guztiz ere, lagapen-jarduera horretan enpresa askok —bereizi gabe— parte hartuko lukete, eta horrek, arauen bidez, enpresa bakoitzarekiko zuzeneko subrogazioa suposatuko duen enplegu-jarraitutasunerako formularik ezartzea eragozten du. Eta, edonola ere, esparru arautzailearen aldaketak berekin dakar antolaketa aldaketa, nahiko garrantzia izango duena lan-arloko neurriak har daitezen justifikatzeko.

Konplexutasun hori dela-eta, komeni da estatuko araudia eta hitzarmenezko araudia —hots, negoziazio kolektiboa, hori baita lan-adierazpen espezifikoena— konbinatuko dituen arauketa-teknika erabiltzea, horien guztien bidez, egungo estibatzaileek duten enpleguan jarrai dezaten ahalbidetzeko. Aldi berean, estatuko arauak, alde batetik, lan-arauketa erkidea egoera iragankor horietara egokitzeko izan daitezke eta, bestetik, laguntza publikoko neurriak —lan egoeratan trantsizioa erraztu eta negoziazio kolektiboa lagunduko dutenak— diseinatzeko; eta negoziazio kolektiboak neurrien aplikazioa sustatuko luke.

Negoziazioan zehar, Gobernuak formula zabala aurkeztu du portuko langileei laguntza emateko kontratua hutsaltzen denean. Eta portuko langileen enplegu- jarraitutasunerako formulak ere aurkeztu zituen; arazo hori sindikatu- eta enpresa- ordezkaritzen proposamenetan ere jasota dago. Halaber, askotariko formulazioen bidez, Gobernuak, sindikatuek eta enpresaburuen elkarteek portuen produktibitatea hobetzeko bideak proposatzen dituzte. Eta horrela egiten jarraitu behar dute.

Gai-multzo horren barruan zenbait arazo agertzen da: gai juridikoak eta lan-arlokoak (esaterako, subrogazioa eta haren berme-formulak, legezkoak ala hitzarmenezkoak); lan- harremanen arlokoak (esaterako, lanaren antolaketari buruzkoak); enpleguaren eta lan- baldintzen moldaketak; eta administrazioaren ekintzen arlokoak (esaterako, portuen sektorea berregituratzeko laguntza publikoei buruzkoak).

Hiru arlo horietako ekintzak koordinatzea eta egituratzea formula egokia izan liteke gai horiei buruz dauden jarrera desberdinak puntu erkide batera eraman ahal izateko. Bitartekaritza-eskaintza orientatzen duen ideia nagusia hori litzateke, eta negoziazioan adierazitako jarrera desberdinen azterketan du abiapuntu, jarrera horien artean bateragarri diren ahalik eta elementu gehien hartu nahi ditu.

Ildo horretatik, portuko langileentzako laguntzak portuen produktibitatea hobetzeko neurriek gizartean izango duten eragina murrizteko baliagarri izango lirateke, eta mota horretako lan-neurriak —horietan enplegu-jarraitutasunerako bermea zeregin nagusia izango du— antolatuko dituen negoziazio kolektiboa errazten da.

Europar askatasun ekonomikoekin bateragarria den enpresa-jardueraren arauketa- esparruarekiko koherente izateko, berezitasun-elementuak dituen lan-arauketa hori honela aplikatuko da: enpresek araubide juridiko erkidearen arabera, laguntza-sistemak alde batera utzita, jardun nahi badute, hori egiteko aukera edukiko dute; enpresa horiek lan-araudi erkideari eta negoziazio kolektiboari soilik men egingo diote. Horrela eginez, eta negoziazioaren gai nagusietako bat aipatzearren, hitzarmenezko subrogaziorako alternatiba zabalduko litzateke; sektoreko negoziazio kolektiboaren ondoriozko araubide juridiko espezifikoa aplikatuko litzaioke, eta negoziazio hori laguntzen eremura hedatuko litzateke.

Hori guztia kontuan hartuta, alderdiei bitartekaritza-proposamen hau egin zaie.

BITARTEKARITZA

A)Enplegu-jarraitutasuna.

Ardatz nagusiak funtsezko hiru gogoeta dira:

a)Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaia betetzeko, araudi iragankorra ezarri behar da.

b)Araudi horretan, kontuan hartuta jarduerak martxan jarraitzen duela, enplegu- jarraitutasuna bermatu behar da.

c)Araudiaren izaeran, bitartekaritzarena berarena baita, bi baldintza daude: legea eta hitzarmena.

1.Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaia betetzeko arauketan araudi iragankorra ezarriko da, epaiaren ondoriozko enpresa-jardueraren antolamendu berriaren lan-ondoreei aplikatzeko.

Araudi iragankor horren abiapuntu gisa kontuan hartu behar da portuetako enpresen aldi baterako beharrei erantzuteko portuko langileak haien eskura jartzen dituen enpresa- jardueraren sektorea lan-indarra funtsezko jarduera duen sektorea dela, eta jarduera ekonomikoa burutzeko baliabide antolatuen multzoa osatzen duela.

2.Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaiaren irismen mugatua —enpresak ez daude behartuta SAGEPetan inskribaturik egotera, ezta sozietate anonimo horiek proposatzen dituzten langileen kontratazioari lehentasuna ematera ere— eta indargabetutako errege lege-dekretuan jasotako enpresa-jarduera antolatzeko eskema kontuan hartuta, araudi berriak –Gobernuak egoki irizten dion forma juridikoa izango baitu– portuko langileak eskura jartzeko enpresa-jarduerak martxan jarraitzeko egoera eratuko du. Enpresen eskualdaketetan aplikatzen den langileen eskubideei eusteko araudia aplikatuko da egoera horretan ere, jarraian zehazten den bezala.

3.Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaiaren ondoriozko enpresa- jardueraren berrantolaketaren garrantzia hain da handia, ezen antolaketa-kausa osatzen baitu, Langileen Estatutuan ezarritako ondoreetarako. Hori dela-eta enpresak eskualdatzearen arloan Langileen Estatutuaren 44. artikuluak xedatutako arauen aplikazioa egokitu ahalko da langileekin lotutako lan-neurriak hartu beharraren arabera. Neurri horien antolamendua negoziazio kolektiboari dagokio. Hori horrela, enpresaburuaren subrogazioaren printzipioaren formulazio legalaren osagarri izango dira hitzarmenezko subrogazioaren formulazioak, eta horiekin batera egituratuko da.

B) Antolaketaren eta produktibitatearen hobekuntzak.

−  Azken bileran, enpresen eta langileen ordezkariek «hasierako akordioa» aurkeztu zuten, eta honako hau da haren lehen atalaren izena: «Antolaketaren eta produktibitatearen hobekuntzak sektorean». Aurreakordio hori, osorik, jaso da bitartekaritza-lanean, izan ere, a) 3. zenbakian jasotako xedeei zentzuz erantzuten diela ulertzen baita. Gainera, hobekuntza horiek aurkeztu zirenean ez zen piztu eztabaida esanguratsurik.

−  Hori  horrela,  dokumentu  hori  Bitartekaritza  Proposamenean  jasoko  da,  jarraian zehazten den bezala:

«Antolaketaren eta produktibitatearen hobekuntzak sektorean.

Langileen Estatutuaren Legearen 20. artikuluan jasotakoa aplikatze aldera, salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuaren lizentziaren enpresa titularrak, enplegu-emailea den aldetik, portuko langileen lan-jarduera zuzendu, antolatu eta kontrolatu behar du. Jarduera portuetako enplegu-zentroen bidez, portuko estibatzaileen kudeaketarako sozietate anonimo eraldatuen bidez, edo aldi baterako laneko enpresen bidez egiten baldin bada, ahalmen hori bera izango dute enpresa horiek.

Eskuak eta helmuga zehazteko ituna (itsasontzietan) hainbat hamarkadatan zehar sendotu den praktika da, hortaz, praktika hori aldatzeak, zuzentze- eta antolatze- ahalmenetan sakontzeko, berekin ekarriko du alderdi bien kultura aldatzea.

Laburbilduz, enpresei dagokie portuko jarduerak egiteko behar diren langileak esleitzea. Ahalmen hori egikarituko bada, portu bakoitzak produktibitatea hobetzeko malgutasun-baldintzak negoziatu behar ditu, eta horretarako, hamabost eguneko epean, portu bakoitzean negoziazio kolektiborako legitimazioa duten subjektuek konpromisoa hartzen dute arestian aipatutako helburuak lortzeko akordioak negoziatu eta lortzeko.

Aldez aurretik, tokiko erabilera eta usadioarekin bat egindako izendapen eta destinoak aldatzen dituzten agindu eta jarraibideen berri eman beharko diote enpresek

portu bakoitzaren tokiko hitzarmen kolektiboaren sektore batzorde paritarioari (alderdi soziala); halaber, konpromisoa hartzen dute ezarritako lan-baldintzak berrikusteko eta, kasuan denean, behar diren akordioak hartzeko. Berrikuspen horren esparruan eta arestian aipatutako zuzendaritza- eta antolaketa-ahalmenak urratu gabe, sindikatuek konpromisoa hartzen dute, portu bakoitzeko enpresek hartutako neurriekin desadostasunik egonez gero, ez dela hartuko sindikatuen ekintza-neurririk, harik eta Estatuko Negoziazio Batzordeak gaiari buruzko ebazpena eman arte.

Adierazitako epean akordioa lortzen ez baldin bada, Estatuko Negoziazio Batzordearen aurrean aurkeztuko dira desadostasunak, ebazpena eman dezan. Desadostasunik egonez gero, IV. Esparru Akordioan ezarritako gatazkak konpontzeko prozedurak baliatuko dira (bitartekaritza eta arbitrajea). Edonola ere, behin betiko ebazpena, gehienez ere, bi hilabeteko epean eman beharko da, Estatuko Negoziazio Batzordeari gatazka aurkezten zaionetik zenbatuta.

Era berean, sektoreko estatu-akordioan jasoko dira itundutako malgutasun-neurriak, eta negoziatzeko prozesuan zehar alderdi biek aurkeztutako proposamenak hartuko dira erreferentziatzat.

Sektoreko estatu-hitzarmen kolektiboak eragiten dien portuen lehiakortasuna hobetzeko tresna gisa, aurreko neurriez gain, sektoreko estatu-hitzarmen kolektiboak eragiten dien portuko langileen soldatak % 10 murriztea erabaki da. Kasua denean, soldaten murrizketa aplikatuko zaie salgaiak manipulatzeko zerbitzuko langileei, baldin eta hileko diru-sarrera gordinak (bider hamabi hilabete) lanbide arteko gutxieneko soldata bider hiru eginda lortzen den zenbatekoaren % 5 baino handiagoak badira. Portu bakoitzean legitimaturik dauden alderdiak ados jarrita, beste aukera bat da, arestian aipatu den

%10eko murrizketa osoaren edo murrizketaren zati baten ordez, barne-malgutasuneko beste neurri batzuk aplikatzea.

Alderdiek erabaki dute egungo kapitulu hauetan jasota dauden gaiek sektoreko estatu-esparruko ahalmen esklusiboak izaten jarraituko dutela: III. kapituluan (Portu- zereginei atxikitzeko moduak); IV.ean (Lan-baldintzak; deialdiak; lanaldia; atsedenaldiak; lanaldi motak; lanaren antolaketa; urteko oporraldiak; soldataren egitura, mugikortasun funtzionala eta polibalentzia) eta V.ean (Lanbide-sailkapena; lanbide-prestakuntza; lan- arriskuen prebentzioa eta berdintasunaren sustapena). Aurrekoa horrela izango da, baina hargatik eragotzi gabe etorkizuneko negoziazio-prozesuetan eta modernitatearen printzipioaren babesean, alderdiek era autonomoan erabaki dezaten garapena beheragoko eremuetara berbidaltzea edo horiek eskuordetzea garapenerako».

−  Dokumentu honetan sektoreko estatu-negoziazio kolektiboaren esparrua aipatzen da, eta negoziazio kolektiboari zor zaion beharrezko errespetuaren ondoreetarako, bitartekariak «Laguntza-sistema aplikatzeko sektoreko akordioa» azpimarratu nahi du, C letran jasota baitago (Portuko langileentzako laguntzak). Lehen zerrendatu diren neurrietako asko jaso behar dira akordioan, horrela eginez, laguntza-sistemak ahalbidetutako enplegu-jarraitutasunaren helburua laguntzen baita, bai eta bitartekaritza honetan aipatu dugun araudi iragankorrean horiek integratzea ere.

C)Portuko langileentzako laguntzak.

−  Gobernuak  portuko  langileentzako  laguntza-sistema  osatu  nahi  du,  eta  horrek berekin dakar sistema hori araudi berrian txertatzea, enpresen eskualdaketari buruzko legezko eta hitzarmenezko arauketekin bat antolatuta, laguntzeko neurriak errazago har

daitezen eta behar besteko babes juridikoa izan dezaten.

−  Beraz, dokumentu horren edukia bitartekaritza-proposamenean jasoko da, jarraian zehazten den bezala, eta geroago edukiaren hiru alderdiko aplikazioa egin dadin bultzatzen du:

«Portuko langileei laguntza ematea.

Salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko langileen kudeaketaren aurreko araubidea ezabatzeak harekin dakar, iragate-prozesu ordenatua sustatze aldera, laguntza publikoak ematea kontratua beren borondatez hutsaltzea —adina dela-eta edo barne-

zuzenbidea Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren ebazpenera egokitzeak eragingo dien kaltea dela-eta— erabakitzen duten langileei. Hona, zehazki:

a)Portuko estibatzaileek laguntza jaso ahalko dute, baldin eta otsailaren 24ko 4/2017 Errege Lege Dekretua baliozkotzen den egunean 60 hilabete edo gutxiago falta bazaizkie erretiro arrunta hartzeko. Errege dekretu horren bidez aldatzen da salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua ematen duten langileen araubidea, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2014ko abenduaren 11ko epaia betetzeko —C-576/13 auzigaia (2009/4052 arau-hauste prozedura)—.

b)Era berean, diru-laguntza horiek jasotzen dituzten langileei Gizarte Segurantzan egin behar diren kotizazioak, hitzarmen bereziak eginez gauzatuko baitira, bermatzen zaizkie erretiroa hartzeko legezko adina bete arte.

c)Laguntza horiek jaso nahi dituzten langileek banaka jakinarazi beharko dute.

d)Baja eman aurreko sei hilabeteetan kontzeptu guztiak aintzat hartuta jaso dituzten ordainsarien batez bestekoaren % 70ari dagokion zenbatekoa izango da laguntza».

−  Laguntza-sistema  aplikatzeko,  egokitzapen-neurrien  antolamendu  orokorra sektoreko negoziazio kolektiboan landuko da, sistemaren eremu berekoa izango baita. Laguntza-sistema aplikatzeko sektoreko akordioaren eremuan sartzea ezinbesteko baldintza izango da sistema erabili ahal izateko.

AZKEN GOGOETAK

Bitartekaritza honen oinarri juridikoek haren funtsezko alderdiak egituratzeko balio dute. Hona hemen funtsezko alderdi horiek zeintzuk diren: enpleguari eustea, nahikotzat jotzen den lege-tresnaren bidez; sektorearen antolaketa hobean laguntzea, indarreko legeria gordez; eta Gobernuaren laguntza hitzartzea, kalterik txikiena eragite aldera.

Negoziazioan zehar gai batzuk agertu dira, eta bitartekariak, bere ustez, esanguratsuenak zirenak hartu ditu bere proposamena egiteko. Bitartekaritzari dagokionez, alderdiek, alderdi guztiek akordioa onartzen badute, bitartekaritza-proposamenean jasotzen diren ekintzak garatzeko konpromisoak ere bereganatzen dituzte. Ekintza horietarako ere prozedura espezifikoak ezartzen dira; besteak beste, arauketa arauemailea eta negoziazio kolektiboa. Bitartekaritzaren hartzaileek erabaki beharko dute hura praktikan jartzeko konpromisoak gauzatzeko formulak, formula horiei jarraipena egiteko teknikak eta aplikatzean sor daitezkeen desadostasunak ebazteko bitartekaritza- eta arbitraje- prozedurak.

Apirilaren 4a, asteartea, 13:00ak baino lehen, alderdiek bitartekariari jakinaraziko diote zer erabaki duten, eta kontuan hartu behar dute bitartekaritza ezin dela zatitu, eta onartu zein baztertu, bitartekaritza osoa baztertu ala onartuko dutela.

Madrilen, 2017ko martxoaren 30ean.–Marcos Peña, bitartekaritzako burua.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra