Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Bereizkeriaren aurkako prebentzioa

Adiskidetzea eta Jardunbide egokien Batzordea ezartzeko Protokoloa, irakaskuntza esparruko bereizkeriaren aurkako borrokari buruzko Konbentzioak sor ditzakeen gatazkak konpontzeko ahalmenak dituena. Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen Konferentzia Orokorrak 1962ko abenduaren 10ean onetsia

1962-12-10

Adiskidetzea eta Jardunbide egokien Batzordea ezartzeko Protokoloa, irakaskuntza esparruko bereizkeriaren aurkako borrokari buruzko Konbentzioak sor ditzakeen gatazkak konpontzeko ahalmenak dituena

Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen Konferentzia Orokorrak 1962ko abenduaren 10ean onetsia

Indarrean jartzea:1968ko urriaren 24an, 24. artikuluarekin bat etorriz.

Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen Konferentzia Orokorrak, Parisen bildua, 1962ko azaroaren 9tik abenduaren 12ra, hamabigarren bileran,

Onetsita hamaikagarren bileran Irakaskuntza esparruan bereizkeriaren aurkako borrokari buruzko Konbentzioa,

Konbentzio horren aplikazioa errazteko nahiarekin,

Kontuan harturik ondorio horretarako Adiskidetze eta Jardunbide egokien Batzorde bat sortzea bidezkoa dela, estatu alderdien artean eta Konbentzioaren aplikazio edo interpretazioari dagokionez sor daitezkeen gatazkak adiskidetasunez konpondu ahal izateko,

1962ko abenduaren hamarrean Protokolo hau onesten du:

1. artikulua

Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen babespean, Adiskidetze eta Jardunbide egokien Batzordea sortzen da, instrumentu honetan Batzordea deituko dena, Konbentzioaren estatu alderdi direnen artean sor daitezkeen gatazkak adiskidetasunez konpontzeko; aurrerantzean Konbentzioa izenarekin aipatuko da, Irakaskuntzaren esparruan bereizkerien aurkako borrokari buruzkoa; batzorde horrek aipatu Konbentzioaren aplikazio eta interpretazioaren inguruko gatazkak aztertuko ditu.

2. artikulua

1.Batzordea hamaika kidek osatzen dute, eta horiek euren moraltasun jasoagatik eta inpartzialtasunagatik ezagunak diren pertsonak izan beharko dira, eta Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen Konferentzia Orokorrak aukeratuko ditu, hain zuzen ere, aurrerantzean Konferentzia Orokorra deituko dena.

2.Batzordearen kideak horren partaide izango dira izaera pertsonalarekin.

3. artikulua

1.Batzordearen kideak, Protokolo honetako estatu alderdiek helburu horrekin aurkeztutako pertsonen zerrenda batetik aukeratuko dira.Estatu bakoitzak, UNESCOren Batzorde Nazionalari kontsulta egin ondoren, lau pertsona aurkeztuko ditu, gehienez ere.Pertsona horiek Protokolo honetako estatu alderdietako nazionalak izan beharko dira.

2.Batzordearen edozein hautaketa baino lau hilabete lehenago gutxienez, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen zuzendari nagusiak, aurrerantzean zuzendari nagusia izendatuko dena, Protokolo honetako estatu alderdiak gonbidatuko ditu, bi hilabeteko epean artikulu honetako 1. paragrafoan aipatutako pertsonen izenak aurkeztera.Aurkeztutako pertsonen zerrenda alfabetikoa idatziko du eta hautaketa baino hilabete lehenago gutxienez adieraziko dio Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen Kontseilu Betearazleari, aurrerantzean Kontseilu Betearazlea izendatuko denari, eta Konbentzioaren estatu alderdiei ere.Kontseilu Betearazleak Konferentzia Orokorrari aipatutako zerrenda igorriko dio, egoki irizten zaizkion iradokizunekin batera.Konferentzia Orokorrak Kontseiluaren kideak aukeratuko ditu, hainbat karguren hautaketetarako ohikoa izaten den prozedurarekin bat etorriz.

4. artikulua

1.Batzordean ezin izango dira estatu bereko bi naziokoak egon.

2.Batzordearen kideen hautaketa egitean, Konferentzia Orokorrak irakaskuntza arloan aditu diren pertsonak bertan agertzeko ahalegina egingo du eta baita ibilbide juridiko edo judiziala duten pertsonak ere, batez ere nazioarteko esparruan.Kontuan izango du, era berean, ekitatearen araberako banaketa geografikoaren beharra eta zibilizazio forma ezberdinak eta sistema juridiko nagusiak ordezkatuta egon daitezela.

5. artikulua

Batzordearen kideak sei urterako hautatuko dira.Berriz hautatuak izan daitezke beste behin ere aurkeztuz gero.Hala ere, lehenengo hautaldian izendatutako lau kideren agintaldia bi urteren epean amaituko da, eta beste hiru kiderena lau urtera.Lehenengo hautaketa egin eta berehala, Konferentzia Orokorraren buruak kide horiek izendatuko ditu zozketa bidez.

6. artikulua

1.Kide baten heriotza edo kargu-uzte kasuan, Batzordeko buruak berehala jakinaraziko dio zuzendari nagusiari, eta honek postu hori hutsik dagoela adieraziko du, heriotzaren datatik edo kargu-uzteak eragina sortzen duen datatik aurrera.

2.Gainontzeko kideek aho batez erabakita, Batzordeko kideetako batek bere zereginak burutzeari uzten badio aldi baterako absentzia ez den beste edozein arrazoirengatik, edo bere zereginak burutzen jarraitzeko ezgaitua suertatzen bada, Batzordearen buruak zuzendari nagusia informatuko du eta postua hutsik dagoela aitortuko du.

3.Zuzendari nagusiak Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen estatu kideei eta kide izan gabe Protokolo honen alderdi diren estatuei jakinaraziko die; 23. artikuluan ezarritakoaren arabera, artikulu honetako 1 eta 2. paragrafoetan ezarritako kasuetan hutsik gelditu diren postuak zein diren.

4. Artikulu honetako 1 eta 2. paragrafoetan ezarritako kasu bakoitzean, Konferentzia Orokorrak hutsik gelditu den postuko kidea ordezkatuko du, agintaldia bukatu arte geratzen den aldia bete dezan.

7. artikulua

6. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe, Batzordearen kide oro agintaldian izango da bere ondorengoak kargua hartu arte.

8. artikulua

1.Batzordean ez badago 12 edo 13. artikuluaren arabera horren menpe utzitako gatazkan alderdi den estatuetako baten nazioko kiderik, orduan, estatu horrek, edo estatu bat baino gehiago badira, horietako bakoitzak, aukera izango du berak aukeratutako pertsona bat izendatzeko, kide ad hoc gisa.

2.Izendapen hau egiten duen estatuak kontuan izan beharko ditu Batzordearen kideei eskatzen zaizkien ezaugarriak, 2. artikuluaren 1. paragrafoaren arabera eta 4. artikuluaren 1 eta 2. paragrafoen arabera. Ad hoc izaerako kide oro, modu horretara izendatuak, zein estatuk izendatu eta estatu horretako naziokoa izan beharko da edo Protokolo honetako estatu kide bateko naziokoa; Batzordearen kide izango da modu pertsonalean.

3. Gatazkan diren estatu alderdi ezberdinek batera jokatzen dutenean, alderdi bakar bat bezala hartuko dira ad hoc izaerako kideak izendatzeko ondorioetarako. Xedapen honen aplikazio modalitateak 11. artikuluan aipatzen den Kontseiluaren Erregelamenduaren arabera egingo da.

9. artikulua

8. artikuluaren arabera izendatutako Batzordearen kideek eta ad hoc izaerako kideek, Batzordearen lanetarako diharduten denboran zehar, bideko ordainsariak eta dieta ordainsariak jasoko dituzte Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen funtsen kontura, Kontseilu Betearazleak ezarritako baldintzetan.

10. artikulua

Zuzendari nagusiak idazkaritza zerbitzuak emango dizkio Batzordeari.

11. artikulua

1.Batzordeak burua eta buruordea aukeratuko ditu bi urteko epealdirako.Agintaldia amaitzerakoan, biak berriz hauta daitezke.

2. Batzordeak bere Erregelamendua egingo du, eta horrek, ezinbestean jaso beharko ditu, besteak beste, ondorengo xedapenak:

a) Quoruma kideen bi herenek osatuko dute, eta hala denean, ad hoc izaerako kideak ere hartuko dira kontuan;

b) Batzordearen erabakiak bertan diren kideen eta ad hoc izaerako kideen gehiengoarekin hartuko dira; berdinketa kasuan, buruak kalitateko botoa izango du;

c) Estatu batek gairen bat Batzordearen menpe jartzen badu 12 edo 13. artikuluaren arabera:

i) Estatu hori, kexaren objektu denak, eta Protokolo honetako beste edozein estatu alderdik, horien naziokoetako batek gaian interesa duenean, oharrak proposa diezazkiokete idatziz Batzordeari;

ii) Estatu horrek eta kexaren objektu den estatuak eskubidea izango dute gaia aztertzen den auzitegietan ordezkariak izateko eta ahoz oharrak egiteko eskubidea ere.

3. Batzordeak, Erregelamendua lehenengo aldiz prestatzen duenean, Protokolo honetako alderdi diren estatuei testua bidaliko die proiektu moduan, eta horiek hiru hilabeteko epean egoki iruditu zaizkien ohar eta gomendioak egin ditzakete. Batzordeak Erregelamenduaren azterketa berria egingo du Protokoloaren edozein estatu alderdik halakoa eskatzen duen bakoitzean.

12. artikulua

1. Protokolo honetako estatu alderdi batek uste badu Protokoloan parte den beste estatu batek ez dituela Konbentzioaren xedapenak aplikatzen, estatu horren arduradunei adierazi ahal izango die halakoa jakinarazpen idatzi baten bitartez. Hiru hilabeteren epean, jakinarazpena jasotzen den unetik zenbatzen hasita, estatu jasotzaileak idatziz jakinaraziko dizkio kexa aurkeztu duen estatuari, halako azalpenak edo adierazpenak, eta horiek jaso beharko dituzte, egingarri eta egoki den neurrian, euren prozedura arauei buruzko argibideak, eta orobat aurkeztutako helegiteei buruzkoak, izapidetzan nahiz erabilgarri izan daitezkeenei buruz.

2. Estatu jasotzaileak jatorrizko jakinarazpena jaso zuenetik sei hilabete igaro badira eta auzia konpondu ez bada bi estatuen artean, bi aldetako negoziazioaren bitartez, edota erabil dezaketen bestelako prozeduraren bitartez, batak zein besteak eskubidea izango du auzia Batzordearen mende jartzeko, jakinarazpen bat igorriz zuzendari nagusiari eta beste estatu interesdunari.

3. Aurreko paragrafoetako xedapenek salbuesten dituzte Protokolo honetako estatu alderdiek dituzten eskubideak, estatu horiek loturik badaude nazioarteko hitzarmen orokor eta berezien bidez, euren gatazkak beste prozedura batzuen arabera konpontzeko eta, horien artean, alderdiak horretarako ados jarrita, auzia Hagako Tartekaritzarako Gorte Iraunkorraren menpe jartzeko.

13. artikulua

Protokolo hau indarrean jarri eta seigarren urte-hasieratik aurrera, Batzordea Konbentzioaren aplikazio edo interpretazioaren inguruko edozein gatazkari konponbidea aurkitzeaz ere ardura daiteke, gatazka hori aipatutako Konbentzioaren alderdi diren estatuen artean suertatzen denean edota estatu horietako batzuk edo guztiak Protokolo honen alderdi ez direnean ere, estatu horiek gatazka hori Batzordearen esku jartzea adosten badute. Batzordearen Erregelamenduak zehaztuko du estatuen arteko akordio horrek zein baldintza bete behar dituen.

14. artikulua

Batzordeak ezin izango du inolako gairik aztertu, hori Protokolo honen 12 edo 13. artikuluaren arabera bere menpe jartzen denean, guztiz ziur ez badago barneko errekurtso guztiak erabili eta agortu direla, onetsita dauden nazioarteko zuzenbidearen printzipioekin bat etorriz.

15. artikulua

Osagai berriak adierazten ez bazaizkio, Batzordeak ezin izango du aztertu dagoeneko azterturik duen gai batean.

16. artikulua

Batzordeak, bere menpe jartzen diren gai guztietan, estatu interesdunei eskatu ahal izango die beharrezko informazio guztia bere esku jar dezatela.

17. artikulua

1. 14. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe, eta beharrezkotzat iritzi duen informazio guztia jaso eta gero, Batzordeak egitateak zehaztuko ditu eta bere jardunbide egokiak eskainiko dizkie estatu interesdunei, gaiaren inguruan konponbide adiskidetsu batera heltzeko xedearekin, Konbentzioarekiko errespetuan oinarritua.

2. Edozein kasutan, Batzordeak, gehienez ere, hamazortzi hilabeteko epearen barruan, epe hori zenbatzen hasten dela, noiztik eta zuzendari nagusiak 12. artikuluaren 2 paragrafoan adierazten den jakinarazpena jasotzen duen egunetik, amaierako 3 infra paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz, txosten bat idatzi beharko du, estatu interesdunei helaraziko diena eta gero zuzendari nagusiari jakinaraziko zaiona, horrek argitara dezan. Nazioarteko Justizia Gorteari kontsulta-iritzia eskatzen zaionean, 18. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, epeak behar bezala luzatuko dira.

3. Artikulu honetako 1. paragrafoaren xedapenen arabera lortzen bada konponbidea, Batzordearen txostena egintzen azalpen labur batera eta lortutako konponbidera mugatuko da. Bestela, Batzordeak txostena idatziko du egitateen inguruan eta adiskidetzea lortzeko egindako gomendioak zein izan diren adieraziko du. Txostenak ez badu osotasunean edo zati batean adierazten Batzordearen kideek aho batez ondutako iritzia, kideetako edozeinek eskubidea izango du bere iritzi pertsonala txostenean agertzeko. Txostenean jasoko dira, gatazkaren alderdiek idatziz zein ahoz egindako adierazpenak, 11. artikuluaren 2 paragrafoaren c lerroaldean ezarritakoaren arabera.

18. artikulua

Batzordeak Kontseilu Betearazleari edo Konferentzia Orokorrari gomendatu ahal izango die, baldin eta gomendioa onartzen bada bere bileretako baten irekiera baino bi hilabete lehenago, Nazioarteko Justizia Gorteari kontsulta-iritzia eskatzea, Batzordearen menpe utzitako gai batekin lotura duen edozein zuzenbideko arazoren inguruan.

19. artikulua

Batzordeak Konferentzia Orokorraren menpe utziko du, horren bilera arrunt bakoitzean, bere eginkizunari buruzko txosten bat, Kontseilu Betearazlearen bidez helaraziko zaiona.

20. artikulua

1.Zuzendari nagusiak Batzordearen lehenengo bilerarako deialdia egingo du. Bilera hori erakundearen egoitzan egingo da, Konferentzia Orokorrak Batzordea eratu eta hiru hilabeteko epean.

2. Aurrerantzean, Batzorderako deialdia buruak egingo du, hori beharrezkoa den bakoitzean, eta horri zuzendari nagusiak helaraziko dizkio, bai eta Batzordearen gainontzeko kide guztiei ere, Batzordearen menpe ipinitako gai guztiak, Protokolo honetan ezarritakoarekin bat etorriz.

3. Artikulu honetako 2. paragrafoan ezarritakoari kalterik egin gabe, gutxienez Batzorde kideen heren batek uste duenean gai bat berak aztertu behar duela Protokolo honetan ezarritakoa aplikatuz, buruak kide horiek hala eskatuta, Batzordearen bilera baterako deialdia egingo du ondorio horietarako.

21. artikulua

Protokolo hau espainieraz frantsesez, ingelesez eta errusieraz idatzi da; lau testuak kautoak dira.

22. artikulua

1.Protokolo hau Konbentzioaren alderdi diren Hezkuntza, Zientzia eta Kulturaren Nazio Batuen Erakundearen estatu kideen berrespen eta onespenaren menpe gelditzen da.

2.Berrespen edo onespen instrumentuak zuzendari nagusiaren esku utziko dira, hark gordailutu ditzan.

23. artikulua

1.Protokolo hau Konbentzioaren alderdi izan eta Hezkuntza, Zientzia eta Kulturaren Nazio Batuen Erakundearen estatu kide ez direnen atxikipenerako zabalik egongo da.

2.Atxikipena, zuzendari nagusiaren esku instrumentu egokia gordailutzearen bitartez gauzatuko da.

24. artikulua

Protokolo hau indarrean jarriko da hamabosgarren berrespen, onespen edo atxikipen instrumentu gordailutu eta hiru hilabetera, baina bakarrik data horretan edo lehenago berrespen, onespen edo atxikipen instrumentu gordailutu duten estatuekiko.Gainontzeko estatu bakoitzarekiko, indarrean jarriko da haren berrespen, onespen eta atxikipen instrumentu gordailutu eta hiru hilabetera.

25. artikulua

Berrespen unean, onespen unean edo atxikipen unean, edo geroagoko beste une batean, edozein estatuk aitortu ahal izango du, zuzendari nagusiari egindako jakinarazpenaren bitartez, konpromisoa hartzen duela, betebehar berdina hartzen duen beste edozein estaturen aurrean, Nazioarteko Justizia Gortearen menpean jartzeko, 17. artikuluaren 3. paragrafoan ezarritako txostena idatzi ondoren, Protokolo honetan jasotako edozein gatazka, 17. artikuluaren 1. paragrafoan ezarritako prozeduraren bidez modu adiskidetsuan konpondu ez dena.

26. artikulua

1.Protokolo honetako estatu alderdi orok berori salatzeko ahalmena izango du.

2. Salaketa zuzendari orokorraren esku utziko den instrumentu idatzi baten bitartez jakinaraziko da, hark gordailutu dezan.

3.Konbentzioaren salaketak modu automatikoan dakar Protokolo honen salaketa.

4.Salaketak ondorioak sortuko ditu salaketa instrumentu jaso eta hamabi hilabete beranduago.Hala ere, Protokoloa salatzen duen estatua Protokoloaren xedapenek behartuta jarraituko du berari eragiten dioten gai guztietan eta paragrafo honetan ezarritako epea amaitu baino lehenago Batzordearen menpe jarritako gaien inguruan.

27. artikulua

Zuzendari nagusiak informatuko ditu, dela Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen estatu alderdiak, dela 13. artikuluaren arabera alderdi ez diren estatuak, dela, azkenez ere, Nazio Batuak, 22 eta 23. artikuluan aipatzen diren berrespen, onespen edo atxikipen instrumentuen gordailuaren inguruan, bai eta 25 eta 26. artikuluetan zehaztutako jakinarazpen eta salaketa instrumentuei buruz.

28. artikulua

Nazio Batuen Gutunaren 102. artikuluarekin bat etorriz, Protokolo hau Nazio Batuen Idazkaritzan erregistratuko da, zuzendari nagusiak hala eskatuta.

Horren fede emanez sinatu egiten dute, gaurko egunez, 1962ko abenduaren hamazortzian.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra