Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Bereizkeriaren prebentzioa

Arraza eta arrazaren inguruko aurreiritziei buruzko Adierazpena. Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen Konferentzia Orokorrak onetsia eta aldarrikatua, Parisen bildua bere hogeigarren bileran, 1978ko azaroaren 27an

1978-11-27

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Nazio Batuak

Arraza eta arrazaren inguruko
aurreiritziei buruzko Adierazpena
Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako
Nazio Batuen Erakundearen
Konferentzia Orokorrak onetsia eta
aldarrikatua, Parisen bildua bere
hogeigarren bileran, 1978ko azaroaren
27an
Atarikoa
Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako
Nazio Batuen Erakundearen
Konferentzia Orokorra, Parisen bildua,
bere 20. bileran, 1978ko urriaren 24tik
azaroaren 28ra,
Gogoratuz, 1945ko azaroaren 16an
onetsitako Unesco-ren Konstituzioaren
Atarikoan esaten dela “amaitu berri den
gertatuko gizakiaren duintasuna,
berdintasuna eta elkarrekiko errespetua
diren printzipio demokratikoak ukatu
izan ez balira, eta, aurreiritziez eta
ezjakintasunaz baliatuz, printzipio
horiek gizakien eta arrazen
ezberdintasunaren dogmarengatik
ordezkatuak izateko borondaterik
gabe”, eta Konstituzio horren I.
artikuluaren arabera, Unescok “bakea
eta segurtasunaren alde lan egiteko
konpromisoa hartzen du, hezkuntza,
zientzia eta kulturaren bitartez nazioen
arteko lankidetza indartuz, justizia,
legea, giza eskubide eta oinarrizko
askatasunen errespetu unibertsala
ziurtatzeko helburuarekin, horiek
aitortzen baitzaizkie, Nazio Batuen
Gutunean, munduko herri guztiei
arraza, sexu, hizkuntza edo erlijio
bereizketarik gabe”,
Aitorturik Unesco sortu zenetik hiru
hamarkada baino gehiago pasa
ondoren, printzipio horiek gaurko
egunean Konstituzioan erregistratuko
zireneko garaian bezain garrantzitsuak
izaten jarraitzen dutela,
Jakitun izanik aspalditik menperatuak
izan ziren herrialde gehienek euren
burujabetza berreskuratzeko
bideraturiko deskolonizazio prozesua
eta bestelako aldaketa historikoez, hain
zuzen ere, nazioarteko erkidegoa talde
unibertsal eta anitza egin duena eta
arrazismoaren izurritea ezabatzeko eta,
gizarte- eta politika-bizitzaren eremu
guztietan horrelako adierazpen
gorrotagarriak bukatzeko aukera
berriak sortu dituztenak esparru
nazional zein nazioartean,
Jabeturik giza espeziearen berezko
batasunaz eta horren ondorioz, gizaki
guztien eta herri guztien funtsezko
berdintasunaz, filosofia, moral eta
erlijioaren adierazpen gorenek aitortu
dituztenak, hain juxtu ere, horiexek
egun ere etika eta zientzia bateratzera
jotzen dituen ideala islatzen dutela,
Jabeturik herri eta giza talde guztiak,
horien osaketa eta jatorri etnikoa
edozein izanik ere, euren izaera
propioarekin zibilizazioen eta kulturen
aurrerabideari laguntzen diotela;
zibilizazio eta kultura horiek osatzen
dutela euren aniztasunean eta
elkarrekiko harremanei esker,
gizateriaren ondare erkidea,
Atxikipena berretsiz, zeri eta Nazio
Batuen Gutunak eta Giza Eskubideen
Adierazpen Unibertsalak
aldarrikatutako printzipioei, bai eta giza
eskubideei buruzko nazioarteko Itunen
eta nazioarteko ekonomiaren ordena
berria ezartzeari buruzko
Adierazpenaren aplikazioa sustatzeko
borondatea,
Erabakia hartuta, era berean, arraza-
bereizkeria mota guztiak ezabatzeko,
Nazio Batuen Adierazpenaren eta
nazioarteko Konbentzioaren aplikazioa
sustatzeko,
Aintzat harturik genozidio delitua
saihestu eta zigortzeko nazioarteko
Konbentzioa, apartheid krimenaren
errepresiorako eta hori zigortzeari
buruzko nazioarteko Konbentzioa eta
gerra krimenen eta gizateriaren
aurkako krimenen preskriba
ezintasunari buruzko Konbentzioa,
Gogoratuz dagoeneko Unescok onetsi
dituen nazioarteko instrumentuak, eta
bereziki irakaskuntza alorrean
bereizkeriaren aurkako borrokari
buruzko Konbentzioa eta Gomendioa,
irakasleen egoerari buruzko
Gomendioa, nazioarteko lankidetza
kulturalaren printzipioen Adierazpena,
nazioarteko elkar ulertze, lankidetza eta
bakerako hezkuntza eta giza eskubide
eta oinarrizko eskubideen inguruko
hezkuntzari buruzko Gomendioa,
zientzia ikertzaileen egoerari buruzko
Gomendioa eta bizitza kulturalean
herritarren parte hartze eta ekarpenari
buruzko Gomendioa,
Kontuan izanik Unescok bildutako
adituek onetsi dituzten arrazaren
arazoari buruzko lau adierazpenak,
Berretsiz hogeita zortzigarren bilkura
aldian Nazio Batuen Biltzar Orokorrak
definitutako Arrazismoaren eta Arraza-
bereizkeriaren aurkako Borrokaren
Hamarkadaren Programaren
aplikazioa, eta horretan parte hartzeko
nahia, modu kementsu eta
erakargarrian,
Ikusirik kezka handiz arrazismoak,
arraza-bereizkeriak, kolonialismoak eta
apartheidak munduan kalte izugarriak
eragiten jarraitzen dutela, beti forma
berritzaileen pean, hala giza
eskubideen printzipioen aurkakoak
diren legeria xedapenak eta gobernu
eta administrazio eginerak
mantentzearen bidez, nola injustizia eta
gizakiaren gutxiespen ezaugarriak
dituen politika eta gizarte egituren eta
harreman eta jarreren
iraunkortasunagatik; hain zuzen ere
horiek bazterketa, mespretxua eta
esplotazioa eragiten dituzte, edo
egoera ahuleko talde kideen nahitaezko
asimilazioa,
Haserrea adieraziz, gizakiaren
duintasunaren aurkako eraso hauen
aurrean, deitoratuz herrien arteko elkar
ulertzeari aurka egiten dioten oztopoak
eta kezkatuta, nazioarteko bakea eta
segurtasuna modu larrian haustea ekar
dezaketen arriskuaren aurrean,
arraza eta arraza aurreiritziei buruko
Adierazpen hau onetsi eta ospe handiz
aldarrikatzen du;
Lehenengo artikulua
1. Gizaki guztiak espezie berekoak dira
eta jatorri berbera dute. Duintasun eta
eskubideetan berdinak direla jaiotzen
dira eta guztiak dira gizateriaren kide.
2. Norbanako eta talde guztiek
desberdinak izateko eskubidea dute,
bakoitzak bere burua horrela
kontsideratzeko eta horrela ere
kontsideratua izateko. Hala ere, bizitza
modu ezberdinak eta
ezberdintasunerako eskubidea ezin dira
inolako aitzakia izan arraza-
aurreiritzientzat; eta ezin dute legez
edo egitez ezelako bereizkeria
eginerarik legezkotu, ezta apartheid
politika oinarritu ere, horixe baita, izan
ere,arrazismoaren muturreko moldea.
3. Jatorrizko nortasunak ez du inolako
eraginik izango gizakiek modu
ezberdinean bizitzeko duten
ahalmenean, ezta kultura, ingurumen
eta historiaren aniztasunean
oinarritutako ezberdintasunetan, edota
kultura nortasuna gordetzeko
eskubidean ere.
4. Munduko herri guztiek badituzte
ahalmen berak, garapen intelektual,
tekniko, sozial, ekonomiko, kultural eta
politiko osoa lortzeko aukera ematen
dietenak.
5. Herri ezberdinen arteko emaitza
ezberdinak, faktore geografiko,
historiko, politiko, ekonomiko, sozial eta
kulturalengatik ulertzen dira euren
osotasunean. Ezberdintasun hauek
ezin dira inola ere aitzakia gisa erabili,
nazioen eta herrien arteko sailkatze
hierarkizatuak egiteko.
2. artikulua
1. Arraza edo etnia taldeen berezko
nagusitasuna edo gutxiagotasuna
aipatzen duen teoria guztiek, dela
batzuei besteak, ustez gutxiago
direlakoan, menderatu edo ezabatzeko
eskubidea ematen dietenak, dela
arraza ezberdintasunean oinarritutako
iritziak, ez dute inolako oinarri
zientifikorik eta gizateriaren printzipio
moral eta etikoen aurkakoak dira.
2. Arrazismoak ideologia arrazistak,
arraza aurreiritzietan oinarritutako
jarrerak, bereizkeria jokabideak,
egiturazko xedapenak eta praktika
instituzionalizatuak biltzen ditu, arraza
ezberdintasunak eragiten dituztenak,
bai eta taldeen arteko bereizkeria
harremanak morala eta zientziaren
bitartez justifika daitezkeelako ideia
faltsua ere; legeria- edo
erregelamendu-xedapenen bidez edo
bereizkeria jardueren bidez adierazten
da, edota gizartearen aurkakoak diren
sinesmen eta egintzen bidez; horren
biktimen ibilbidea oztopatzen du, hori
praktikan jartzen dutenak galbidera
eramaten ditu, nazioak zatitzen ditu
bere baitan, nazioarteko lankidetzarako
oztopoa da eta herrien artean liskar
politikoak sortarazten ditu; nazioarteko
zuzenbidearen oinarrizko printzipioen
aurkakoa da eta, horren ondorioz,
nazioarteko bakea eta segurtasuna
modu larrian nahasten ditu.
3. Arraza aurreiritziak, historian zehar
botere ezberdintasunei lotua egon
denak, oinarri gabekoa izan eta egun
norbanakoen eta giza taldeen arteko
ekonomia eta gizarte arrazoi
ezberdinengatik areagotzeko eta
ezberdintasun horiek justifikatzeko
joera ere badu.
3. artikulua
Bateraezina da nazioarteko ordena
bidezko batekin eta era berean, giza
eskubideen errespetua bermatzen duen
ordena batekin, edozein bereizketa,
bazterketa, murrizketa edo
lehentasuna, hauen oinarria arraza,
kolorea, etnia edo nazio jatorria, edo
arrazismo arrazoietan oinarritutako
erlijio intolerantzia dela; izan ere, horrek
estatuen berdintasun subiranoa eta
herrien determinazio askerako
eskubidea suntsitu edo arriskuan
jartzen du edota gizaki guztien edo giza
talde guztien garapen osorako
eskubidea modu arbitrario edo
diskriminatzaileak mugatzen du;
bestalde, eskubide honek berdintasun
baldintzetan halakoetara heltzea dakar,
hau da, garatzeko baliabideetara nahiz
errespetuzko giro batean zibilizazioaren
eta kultura nazional eta unibertsalen
baloreak modu kolektiboan eta
banakakoan gauzatzera.
4. artikulua
1. Arraza edo etnia arrazoietan
oinarritutako oztopo oro, gizakiek euren
nortasuna askatasunez gauzatzearen
aurkakoa zein beraien arteko
komunikazio askea zailtzen duena,
gizaki oro duintasun eta eskubideetan
berdina dela adierazten duen
printzipioaren aurkakoa da, eta
onartezina.
2. Apartheida printzipio horren urratze
larrienetakoa da eta, genozidioa
bezala, nazioarteko bakea eta
segurtasuna modu larrian hausten duen
gizateriaren aurkako krimena da.
3. Badira gizateriaren kontzientzia eta
duintasunaren aurkako krimen diren
bestelako arraza bereizketa eta
bereizkeria politika eta eginerak, horiek
liskar politikoak sor ditzakete eta
nazioarteko bakea eta segurtasuna
modu larrian hautsi.
5. artikulua
1. Kulturak, gizaki guztien lana eta
gizateriaren ondare erkideak, eta
hezkuntzak, hitz honen zentzurik
zabalenean, euren egokitzapenerako
gero eta eragingarriagoak diren bideak
eskaintzen dizkiete gizon eta
emakumeei; bideok, aukera ematen die
horiei, ez bakarrik duintasun eta
eskubideetan berdinak jaiotzen direla
baieztatzeko, ezpada ere giza talde
guztiek nazio mailan eta nazioartean
kultura nortasuna eta berezko kultura
bizitzaren garapenerako duten
eskubidea errespetatu behar dutela
aitortzeko, kontuan izanda talde
bakoitzari dagokiola askatasun osoz
erabakitzea ustez euren
nortasunarentzat ezinbestekoak diren
baloreak mantentzea nahi duten, eta
hala denean, eurok moldatzea edo
indartzea.
2. Estatuak, bere konstituzio
printzipioekin eta prozedurekin bat
etorriz, bai eta agintari eskudun guztiek
eta irakasle guztiek, erantzukizuna dute
herrialde guztietako hezkuntza
baliabideak arrazismoari aurre egiteko
erabil daitezen ahalegintzeko, batik bat
programa eta testu-liburuetan giza
batasunaren eta aniztasunaren
inguruko oinarrizko ezagutza zientifiko
eta etikoak jaso daitezen lan eginez eta
edozein herriren aurkako bereizketa
gorrotagarririk ager ez dadin; helburu
horiekin, irakasleen heziketa ziurtatu
behar dute; eskola-sistemaren
baliabideak biztanleria talde guztien
eskura jarri, arraza izaerako inolako
murrizketa eta bereizkeriarik gabe; era
berean, eta arraza edo etnia talde jakin
batzuei ezarritako murrizketak
konpontzeko neurri egokiak hartu behar
dituzte, murrizketa horiek heziketa
maila eta bizi-mailari dagozkienean,
bereziki haurrei horien transmisioa
saihesteko helburuarekin.
3. Aholkatzen zaie komunikabide
handiei eta horiek kontrolatzen
dituztenei edo horien zerbitzura
daudenei , bai eta erkidego nazionalen
barnean antolatutako talde orori, Giza
Eskubideen Adierazpen Unibertsalean
jasotako printzipioak behar bezala
kontuan izanda, batik bat, adierazpen
askatasunaren printzipioa, elkar
ulertzea, tolerantzia eta pertsona eta
giza taldeen arteko adiskidetasuna
susta ditzatela, eta berebat,
arrazismoa, bereizkeria eta arraza
aurreiritziak ezabatzen lagun dezatela,
batez ere saihestuz, pertsonak eta giza
talde ezberdinak modu estereotipatu,
partzial, aldebakarreko edo maltzurrean
aurkeztea. Arraza eta etnia taldeen
arteko komunikazioa elkarrekiko
prozesua izan behar da, hain zuzen
ere, ahalbidetzen duena euren
nortasuna oso-osorik adieraztea eta
hala ulertuak izatea, erabateko
askatasunez. Horren ondorioz,
komunikabide handiak komunikazio
mota hau errazten duten pertsonen eta
taldeen ideietara zabaldu beharko
lirateke.
6. artikulua
1. Estatuak bere gain hartzen ditu
funtsezko erantzukizunak, zer eta, giza
eskubideen eta oinarrizko askatasunen
aplikazioan norbanako guztiek eta giza
talde guztiek duintasun eta eskubideen
guztizko berdintasun baldintzetan
halakoak goza ditzaten.
2. Bere eskumenaren esparruan eta
bakoitzaren konstituzio xedapenekin
bat etorriz, estatuak neurri egoki
guztiak hartu beharko ditu, baita lege
bidez ere, batik bat hezkuntza, kultura
eta informazioaren esparruan,
arrazismoa, propaganda arrazista,
arraza bereizketa eta apartheida
saihestu, debekatu eta ezabatzeko
xedearekin; era berean, ezagueren eta
natur zientzia eta gizarte zientzietako
ikerketen emaitzen zabalkundea
bultzatuko du, horien helburuak direla
arraza aurreiritzien eta jokabide
arrazisten arrazoiak eta euren
prebentzioa, kontuan izanda, behar den
moduan, Giza Eskubideen Adierazpen
Unibertsalean eta Eskubide Zibil eta
Politikoen Nazioarteko Itunean jasotako
printzipioak.
3. Helburu horiek lortzeko arraza-
bereizkeria debekatzen duen legeria,
bera bakarrik, nahikoa izan ez
daitekeenez gero, estatuari dagokio,
modu berean, hori osatzea, dela arraza
bereizkeria kasuak aldiro ikertzeaz
arduratuko den sail administratibo
baten bitartez, dela arraza bereizkeria
ekintzen aurkako baliabide juridikoen
esparru zabal baten bidez, dela
irismen handiko heziketa eta ikerketa
programen bidez, arraza aurreiritzi eta
arraza-bereizkeriaren aurka
borrokatzera zuzenduak, dela, azkenez
ere, politika, gizarte, hezkuntza eta
kultura gaiei buruzko neurri positiboak
dakartzaten programen bitartez, giza
taldeen arteko elkarrekiko benetako
errespetua bultzatzeko. Inguruabarrek
halakoa bidezkotzen dutenean, gizarte-
egoera ahuleko taldeen maila hobetzea
sustatzeko programa bereziak aplikatu
beharko dira eta, talde horiek
naziokoak direnean, erkidegoarentzat
erabakigarriak diren prozesuetan horien
parte hartze eragingarria lortzeko
programak ere.
7. artikulua
Neurri politiko, ekonomiko eta
sozialekin batera, zuzenbidea da
norbanakoen artean duintasuna eta
eskubideetan berdintasuna lortzeko
bide nagusienetako bat, eta
propaganda, antolakuntza eta eginera
oro baztertzeko, horiek arraza eta etnia
taldeen ustezko nagusitasunean
oinarritutako ideia eta teoriek bultzatzen
dituztenean edota arraza gorroto edo
bereizkeria justifikatu edo eragin nahi
dutenean. Estatuek neurri juridiko
egokiak hartu beharko dituzte eta euren
zerbitzu guztiek neurri horiek bete eta
aplikatzen dituztela zaindu, kontuan
izanda, behar den legez, Giza
Eskubideen Adierazpen Unibertsalean
jasotako printzipioak. Neurri juridiko
horiek esparru politiko, ekonomiko eta
sozial egoki batean barneratu behar
dira, beraien aplikazioa aldezteko.
Norbanakoek eta gainontzeko
erakunde juridikoek, publiko zein
pribatu izanik ere, kontuan izan
beharko dituzte horiek eta bide egoki
guztien bitartez lagundu beharko dute
biztanleria osoak eurok ulertu eta
praktikan jar ditzaten.
8. artikulua
1. Norbanakoek badute eskubidea,
nazio mailan eta nazioartekoan, euren
ahalmen guztiak egikaritzea ahalbidetu
dezakeen ordena ekonomiko, sozial,
kultural eta juridikoa izan dadin, eta
egikaritze hori eskubide eta aukera
berdintasunean gauza dadin;bestalde,
badituzte euren eginbeharrak lagun
hurkoekiko, hala bizi diren gizartean
nola nazioarteko erkidegoan. Horren
bultzatzeko, arrazismoa eta arraza
aurreiritzien aurka borrokatzeko eta
arraza bereizkeria mota guztiak
ezabatzeko betebeharra dute, euren
eskura duten bide guztiak horretara
jarrita.
2. Aurreiritzi, jokabide eta eginera
arrazistei dagokienean, natur zientzia,
gizarte zientzia eta kultura ikerketetako
adituak, bai eta zientzia antolakunde
eta elkarteak, modu zabalean diziplina
artekoa den oinarriaren gain ikerketa
objektiboak egitera deituak dira; estatu
guztiek halakoak bultzatu behar dituzte.
3. Bereziki adituei dagokie horretan
laguntzea, batez ere, euren esku
dauden baliabide guztiak erabilita,
beraien lanak modu iruzurtian
aurkeztuak izan ez daitezen eta
herritarrek euren emaitzak ulertu
ditzaten.
9. artikulua
1. Gizaki eta herri guztien berdintasun
printzipioa, duintasun eta eskubideetan,
beraien arraza, kolore edo jatorria
edozein izanik ere, orokorrean
nazioarteko zuzenbideak onetsi eta
aitortutako printzipioa da. Horren
ondorioz, estatuak egindako arraza
bereizkeria modu oro nazioarteko
zuzenbidearen urratzea da, eta horrek
estatuaren nazioarteko erantzukizuna
dakar.
2. Neurri bereziak hartu behar dira
norbanakoen eta giza taldeen
duintasun eta eskubide berdintasuna
bermatzeko, hori beharrezkoa den
edozein lekutan; neurri horiei, arraza
esparruan diskriminatzailea izan
daitezkeelako itxura ematea saihestu
behar da. Horri dagokionez, arreta
berezia eman behar zaie gizarte eta
ekonomiaren aldetik egoera ahulean
diren arraza eta etnia taldeei, horren
helburua izanik, berdintasun osoa eta
bereizkeria eta murrizketarik gabeko
esparruan legeen eta erregelamenduen
babesa bermatzea, bai eta indarrean
dauden gizarte neurrien onurak,
bereziki ostatuari, enpleguari eta
osasunari dagokienean, euren kultura
eta baloreen jatortasuna
errespetatzeko, eta euren sustapen
soziala eta profesionala errazteko,
batez ere heziketaren, eta sustapen
soziala nahiz lanbidekoaren bitartez.
3. Atzerriko jatorria duten biztanleria
taldeek, batik bat langile migratzaileek
eta euren familiek, eurok zein herrik
hartu eta herri horren garapenean
laguntzen dutenek, euren segurtasuna,
duintasuna eta euren kultura baloreen
errespetua bermatzera zuzendutako
neurri egokiak izan beharko dituzte, eta
eurok jasotzen dituen ingurumenean
egokitzeko eta sustapen profesionala
errazteko; izan ere, horien xedea da
euren jatorrizko herrialdeetara
geroagoko itzulera eta herrialde horien
garapenean laguntzea: modu berean
haurrei euren ama hizkuntza irakasteko
aukera izatea ere aldeztu beharko
litzateke.
4. Nazioarteko harreman
ekonomikoetako desorekak arrazismoa
eta arraza aurreiritziak areagotzea
eragiten dute; hartara, estatu guztiek
nazioarteko ekonomiaren
berregituraketan lagundu beharko
lukete, ekitate zabalago batean oinarri
hartuta.
10. artikulua
Nazioarteko erakundeak, erakunde
unibertsalak eta erregio mailakoak,
gobernukoak eta gobernuz kanpokoak
gonbidatuak dira, euren eskumen eta
baliabideen mugen barruan, lankidetza
eta laguntza eman dezaten Adierazpen
honetan jasotako printzipioen guztizko
aplikazioan; honela, gizaki guztien
borroka bidezkoari laguntzen diote,
duintasun eta eskubideetan berdinak
jaio diren gizakiok, arrazismoa, arraza
bereizketa, apartheida eta
genozidioaren askatasun ezaren eta
zapalkuntzaren aurka jardun dezaten
eta munduko herri guztiak oinaze
horietatik aske bizi daitezen betiko.
Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra