Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Determinazio askerako eskubidea

Biltzar Orokorraren 1803 (XVII) Ebazpena, 1962ko abenduaren 14koa, “Baliabide naturalei buruzko subiranotasun iraunkorra” izenburukoa

1962-12-14

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Orokorra

Biltzar Orokorraren 1803 (XVII) Ebazpena, 1962ko abenduaren 14koa, “Baliabide naturalei buruzko subiranotasun iraunkorra” izenburukoa

Biltzar Orokorrak onetsia, 1962ko abenduaren 14ko 1803 (XXIX) ebazpenean

Biltzar Orokorrak,

Gogoratuz 1952ko urtarrilaren 12ko 523 (VI) eta 1952ko abenduaren 21eko 626 (VII) ebazpenak,

Aintzat harturik 1958ko abenduaren 12ko 1314 (XIII) ebazpenean xedatutakoa, horren ondorioz sortu baitzen Baliabide Naturalei buruzko Subiranotasun Iraunkorraren Batzordea, berorrek egin zezan azterketa oso bat, baliabide eta aberastasun naturalen inguruko subiranotasun iraunkorraren egoerari dagokionez, hori baita determinazio askerako eskubidearen oinarrizko osagarria, eta, aldi berean, egin zitzan eskubide hori indartzera bideratutako gomendioak; orobat, erabaki zuen herriek eta nazioek euren aberastasun eta baliabide naturalen gainean duten subiranotasun iraunkorraren gaia sakon aztertzeko unean, behar bezala kontuan hartzea estatuen eskubide eta betebeharrak, nazioarteko zuzenbidearen arabera, eta, oro har, nazioarteko lankidetza sustatzeko garrantzia, garapen bidean dauden herrialdeen garapen ekonomikorako,

Kontuan izanik 1960ko abenduaren 15eko 1515 (XV) ebazpenean xedatutakoa, horrek gomendatu baitzuen estatu orok duen eskubide subiranoa errespetatzea, aberastasuna eta baliabide naturalak erabiltzeko ,

Kontuan harturik horren inguruan har daitekeen neurri orok oinarri izan behar dituela, bai estatuak duen eskubide besterenduezina aitortzea, zertarako eta, askatasunez erabiltzeko bere aberastasunak eta baliabide naturalak, nazio-interesekin bat etorriz, bai eta estatuen independentzia ekonomikoa errespetatzea ere,

Kontuan harturik 4 infra paragrafoak ez duela inolako eraginik estatu kide baten egoeran, ondorengo estatuen eta gobernuen eskubide eta betebeharren gaiaren inguruan, halakoak badira kolonialismoaren mende egondako herrietan erabateko subiranotasuna lortu aurretik eskuratu diren ondasunen gainekoak. Modu berean, ohartarazten da estatu eta gobernuen ondorengotzaren gaia lehentasunez aztertzen ari dela Nazioarteko Zuzenbidearen Batzordean,

Kontuan harturik beharrezkoa dela nazioarteko lankidetza sustatzea garapen bidean dauden herrialdeen garapen ekonomikorako, eta garatutako herrialdeen eta garapen bidean dauden herrialdeen arteko ekonomia- eta finantza-akordioek berdintasun-printzipioak oinarri hartu behar dituztela eta, orobat, herriek eta nazioek determinazio askerako duten eskubidearen printzipioak,

Kontuan harturik laguntza ekonomikoa eta teknikoa ematea, maileguak eta atzerriko inbertsioen igoera burutu behar direla, zein estatuk halakoak jaso eta estatu horren interesen aurka dauden baldintzei men egin gabe,

Kontuan harturik aberastasun eta baliabide horien ustiapenari eta probetxuari begira, mesedegarriak diren informazio tekniko eta zientifikoak trukatzearen onura, eta horren inguruan Nazio Batuei eta beste nazioarteko erakundeei dagokien zeregin garrantzitsua,

Garrantzi berezia esleituz garapen bidean dauden herrialdeen garapen ekonomikoa sustatzeari eta horien independentzia ekonomikoa sendotzeari,

Gogoan harturik estatuek euren aberastasun eta baliabide naturalen inguruan, subiranotasun iraunkorra egikaritzeak eta indartzeak, euren independentzia ekonomikoa indartu egiten dutela,

Gogoa izanik Nazio Batuek sakonago azter dezaten baliabide naturalei buruzko subiranotasun iraunkorraren gaia, garapen ekonomikoaren esparruan nazioarteko lankidetza sustatzeko asmoz, batez ere, garapen bidean dauden herrialdeetan,

Ondorengoa adierazten du:

1.Herriek eta nazioek euren aberastasunei eta baliabide naturalei buruzko subiranotasun iraunkorra izateko eskubidea egikaritu behar da, nazio garapenaren intereserako eta dagokion estatuaren herritarren ongizaterako.

2.Baliabide horiek miatu, garatu eta erabiltzeko, eta halakoak egiteko atzerriko kapitala ekartzeko, kontuan hartu beharko dira herri eta nazio horiek modu askean emandako arau eta baldintzak, horiek ezinbestekoak edo komenigarriak ikusten badituzte herri eta nazio horiek, zertarako eta, jarduerok baimentzeko, mugatzeko edo debekatzeko.

3.Baimena ematen den kasuetan, ekarritako kapitala eta horren gehikuntzak baimen horren mende eta indarrean dagoen nazio-legearen eta nazioarteko zuzenbidearen mende geratuko dira.Lortutako onurak inbertitzaileen eta inbertsioa jasotzen duen estatuaren artean banatuko dira, kasuan-kasuan, askatasunez erabakitzen den proportzioan, betiere, zaindurik aberastasun eta baliabide naturalen inguruan, estatu horren subiranotasuna ez murriztea.

4.Nazionalizatze-, desjabetze- edo konfiskatze- arrazoiek edo zergatiek herri-onura, nazio-segurtasuna eta -interesa behar dute oinarri hartu, horiek interes partikular edo pribatu soilaren gainetik baitaude, interes hori nazional nahiz atzerritar izan arren.Kasu horietan jabeari dagokion kalte-ordaina ordainduko zaio, neurri horiek estatu batek hartzen dituenean bere subiranotasuna egikaritzeko, betiere, estatu horretan indarrean dauden arauen arabera eta nazioarteko zuzenbidearekin bat etorriz.Edozein kasutan ere, kalte-ordainaren gaiak auziren bat sortuz gero, neurriak zein estatuk hartu eta estatu horren nazio-jurisdikzioaren bideak agortu beharko dira.Edonola ere, estatu subiranoen eta beste alderdi interesdunen arteko adostasunaren bidez, auzia tartekaritzaren bitartez edo nazioarteko epai-konponketaren bidez bukatu daiteke.

5.Herrien eta nazioen baliabide naturalei buruzko subiranotasuna askatasunez eta probetxuz egikaritzea sustatu behar da estatuen elkarrekiko errespetuaren bitartez; errespetu horrek oinarri du estatuen arteko berdintasun subiranoa.

6.Garapen bidean dauden herrialdeen garapen ekonomikorako nazioarteko lankidetza, dela kapital-inbertsioetan, kapitala publikoa nahiz pribatua izan, dela ondasun eta zerbitzuen trukaketan, dela laguntza teknikoan edo informazio zientifikoen trukaketan, mesedegarria izango da herrialde horien nazio-garapen independentearen intereserako, eta oinarrituko da herri horien aberastasun eta baliabide naturalei buruzko subiranotasunaren errespetuan.

7.Herrien eta nazioen aberastasun eta baliabideei buruzko eskubide subiranoa urratzea Nazio Batuen Gutunaren printzipioen aurkakoa da eta nazioarteko lankidetzari eta bakeari eustea oztopatzen du.

8.Atzerriko inbertsioei buruzko akordioak, estatu subiranoek edo euren artean askatasunez adostuak, fede onez bete beharko dira; estatuek eta nazioarteko erakundeek modu hertsian eta zehatz-mehatz errespetatu beharko dute herrien eta nazioen aberastasun eta baliabide naturalei buruzko subiranotasuna, Gutunarekin eta ebazpen honetara bildutako printzipioekin bat etorriz.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra