Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Esklabotza, morrontza, derrigorrezko lana eta esklabotzaren antzeko erakunde eta eginerak

Derrigorrezko lana ezabatzeari buruzko Hitzarmena

1957-06-25

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Laneko Nazioarteko Erakundearen Konferentzia Orokorra

Derrigorrezko lana ezabatzeari buruzko Hitzarmena

Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konferentzia Orokorrak 1957. urteko ekainaren 25ean egindako berrogeigarren bileran onetsia

Indarrean jartzea:1959ko urtarrilaren 17an, 4. artikuluarekin bat etorriz.

Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konferentzia Orokorrak,

Deitua izanik Lanaren Nazioarteko Bulegoaren Administrazio Kontseiluak Genevan egiteko, eta hiri horretan bilduta 1957ko ekainaren 5ean, berrogeigarren bileran;

Kontuan harturik derrigorrezko lanaren gaia, horixe baita bileraren aztergaien laugarren puntua,

Aintzat harturik derrigorrezko lanari buruzko hitzarmenaren xedapenak, 1930,

Aintzat harturik Esklabotzari buruzko Konbentzioa, 1926, horrek ezartzen baitu beharrezko neurri guztiak hartu beharko direla saihesteko derrigorrezko eta nahitaezko lana gertatzea esklabotzaren antzeko baldintzetan, eta Esklabotza, Esklaboen salerosketa eta Esklabotzaren antzeko erakundeak eta eginerak ezabatzeari buruzko Konbentzio osagarriak, 1956, aurreikusten duela zorren ondoriozko morrontza eta glebako jopuak ezabatzea,

Aintzat hartuta Soldatak babesteari buruzko Konbentzioa, 1949, horrek aurreikusten baitu soldata denbora-tarte erregularretan ordaindu behar dela eta debekatzen baititu ordainketa-sistemak, horien bitartez, langileari kentzen bazaio bere enpleguari amaiera emateko zinezko aukera,

Erabaki ondoren, derrigorrezko eta nahitaezko lanaren forma batzuei buruzko hainbat proposamen onestea, Nazio Batuen Gutunak aipatu eta Giza Eskubideen Nazioarteko Adierazpenak adierazi giza eskubideak urratzen dituztelako, eta

Erabaki ondoren proposamen horiek nazioarteko hitzarmen forma izatea,

Mila bederatziehun eta berrogeita hamazazpigarren urteko ekainaren hogeita bosteko datarekin, Hitzarmen hau onesten du, Derrigorrezko lanari buruzko Hitzarmena, 1957 izenarekin aipatua izan daitekeena:

1. artikulua

Hitzarmen hau berresten duen Lanaren Nazioarteko Erakundearen kide oro behartuta dago derrigorrezko eta nahitaezko lana ezabatzera eta lan horren nolanahiko forma ere, ez erabiltzera:a) Hertsatze edo hezkuntza politikorako baliabide gisa edo zigor gisa, iritzi politiko zehatz batzuk izatearren edo adieraztearren edota ezarritako ordena politiko, sozial edo ekonomikoaren aurkako ideologia azaltzearren; b) eskulana mugiarazteko eta erabiltzeko metodo gisa, ekonomia sustatzeko helburuekin; c) lanean diziplina-neurriak hartzeko moduan; d) greba aldietan parte hartzearren zigor gisa; e) Arraza-, gizarte-, nazio- edo erlijio-bereizkeriaren neurri gisa.

2. artikulua

Hitzarmen hau berresten duen Lanaren Nazioarteko Erakundearen kide oro behartuta dago neurri eraginkorrak hartzera, berehala eta osotasunean, derrigorrezko eta nahitaezko lana ezabatzeko, hitzarmen honen 1. artikuluak adierazten duenaren arabera.

3. artikulua

Hitzarmen honen berrespen formalak Lanaren Nazioarteko Bulegoko Zuzendari Nagusiari komunikatuko zaizkio, horrek erregistra ditzan.

4. artikulua

1. Zuzendari Nagusiak Lanaren Nazioarteko Erakundeko kideen artetik zeintzuen berrespenak erregistratu eta berrespen horiek egin dituzten kideek bakarrik bete beharko dute hitzarmen hau.

2.Hitzarmena indarrean jarriko da, Zuzendari Nagusiak bi kideren berrespenak erregistratu eta hamabi hilabetera.

3.Une horretatik aurrera, kide bakoitzarentzat, hitzarmen hau indarrean jarriko da, berrespena erregistratu eta hamabi hilabetera.

5. artikulua

1.Hitzarmen hau berretsi duen kide orok hori salatu ahal izango du, hitzarmena estreinakoz indarrean jarri zenetik zenbatzen hasi eta hamar urteko epealdia amaitu ondoren, Lanaren Nazioarteko Bulegoko Zuzendari Nagusiari salaketa hori erregistratzeko akta komunikatuz.Salaketak ez du ondorerik izango, salaketa erregistratu eta urtebete igaro arte.

2.Hitzarmen hau berretsi duen kide orok, aurreko paragrafoan aipatu hamar urteko epealdia amaitu ondoren, urtebeteko epean artikulu honen salaketa-eskubidea egikaritzen ez badu, beste hamar urtez bete beharko du hitzarmena, eta, aurrerantzean, hitzarmena salatu ahal izango du hamar urteko aldi bakoitza amaitzean, artikulu honetan ezarritako baldintzetan.

6. artikulua

1.Lanaren Nazioarteko Bulegoko zuzendari Nagusiak Lanaren Nazioarteko Erakundeko kide guztiei jakinaraziko dizkie erakundeko kideek komunikatutako berrespen, adierazpen eta salaketa guztien erregistroak.

2.Zuzendari Nagusiak berari komunikatu beharreko berrespenetatik bigarrenaren erregistroa jakinarazten dienean erakundeko kideei, abisua emango die kide horiei, hitzarmen hau indarrean jartzeko dataren inguruan.

7. artikulua

Lanaren Nazioarteko Bulegoko Zuzendari Nagusiak, erregistro-ondorioetarako eta Nazio Batuen Gutuneko 102. artikuluarekin bat etorriz, Nazio Batuen Idazkari Nagusiari informazio osoa komunikatuko dio, aurreko artikuluekin bat etorriz erregistratu dituen berrespen, adierazpen eta salaketa-akta guztien gainean.

8. artikulua

Lanaren Nazioarteko Bulegoko Administrazio Kontseiluak, egokitzat jotzen duen bakoitzean, Konferentziari hitzarmenaren aplikazioari buruzko oroitidazkia aurkeztuko dio, eta hausnartuko du hitzarmena oso-osoan edo zati batean berrikusteko aukera, Konferentziaren eguneko aztergaien zerrendara biltzearen komenigarritasuna.

9. artikulua

1.Konferentziak hitzarmen hau oso-osoan edo zati batean berrikusten duen hitzarmen berria eginez gero, eta hitzarmen berri horrek aurkako xedapenak izan ezean:a) Kide batek berrikuspen-hitzarmen berria berresteak berarekin ekarriko du, ipso iure, hitzarmen honen berehalako salaketa, 5. artikuluan jasotako xedapenak gorabehera, betiere, berrikuspen-hitzarmen berria indarrean jarri bada;b) berrikuspen-hitzarmen berria indarrean zein datatan jarri eta data horretatik aurrera hitzarmen honek irekia izateari utziko dio, estatu kideek berau berresteari dagokionez.

2.Edozein kasutan ere, hitzarmen honek indarrean jarraituko du, gaur egungo forma eta edukiekin, berau berretsi eta berrikuspen-hitzarmena berretsi ez duten kideei begira.

10. artikulua

Hitzarmen honen testu ingelesa eta frantsesa kautoak dira maila berean.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra