Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Esklabotza, morrontza, derrigorrezko lana eta esklabotzaren antzeko erakunde eta eginerak

Derrigorrezko lanari buruzko Hitzarmena

1930-06-28

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Laneko Nazioarteko Erakundearen Konferentzia Orokorra

Derrigorrezko lanari buruzko Hitzarmena

Laneko Nazioarteko Erakundearen Konferentzia Orokorrak 1930. urteko ekainaren 28an egindako hamalaugarren bileran onetsia

Indarrean jartzea: 1932. urteko maiatzaren 1ean, 28, artikuluarekin bat etorriz

Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konferentzia Orokorrak,

Deitua izanik Lanaren Nazioarteko Bulegoaren Administrazio Kontseiluak Genevan egiteko, eta hiri horretan bilduta 1930eko ekainaren 10ean, hamalaugarren bileran;

Erabaki ondoren hainbat proposamen, derrigorrezko eta nahitaezko lanari buruzkoak, horixe baita bileraren aztergaien lehenengo puntua, eta

Erabaki ondoren proposamen horiek nazioarteko hitzarmen forma izatea,

Mila bederatziehun eta hogeita hamargarren urteko ekainaren hogeita zortziko datarekin, Hitzarmen hau onesten du, derrigorrezko lanari buruzko Hitzarmena, 1930 izenarekin aipatua izan daitekeena. Hitzarmena Lanaren Nazioarteko Erakundearen kideek berretsiko dute, Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konstituzioaren xedapenekin bat etorriz.

1. artikulua

1.Hitzarmen hau berresten duen Lanaren Nazioarteko Erakundearen kide oro behartuta dago, ahalik eta arinen, derrigorrezko eta nahitaezko lan forma guztiak ezabatzera.

2.Derrigorrezko eta nahitaezko lana oso-osorik ezabatzeari begira, halakoa aldi iragankorrean erabil daiteke, soil-soilean, helburu publikoetarako eta salbuespen-tituluarekin, hurrengo artikuluetan xedatutako baldintzetan eta bermeekin.

3.Hitzarmen hau indarrean jartzen denetik bost urteko epea azkendu ondoren eta Lanaren Nazioarteko Bulegoko Administrazio Kontseiluak 31. artikuluari dagokion txostena prestatu ondoren, Kontseiluak aztertuko du derrigorrezko eta nahitaezko lan mota guztiak, beste luzamendurik gabe, ezabatzeko aukera eta, ildo beretik, hark erabakiko du ea komeni den gai hori Konferentziaren gai-zerrendan sartzea.

2. artikulua

1.Hitzarmen honen ondorioetarako, “derrigorrezko eta nahitaezko lana” esamoldeak hauxe izendatzen du: edozein zigorren mehatxupean norbanakoari eskatutako lan edo zerbitzu oro, norbanakoak halakoa egiteko bere burua borondatez eskaintzen ez duenean.

2.Edonola ere, Hitzarmen honen ondorioetarako, “derrigorrezko eta nahitaezko lana” esamoldeak ez ditu barneratzen: a) Nahitaezko soldadutzaren zerbitzuari buruzko legeen arabera eskatzen den edozein lan edo zerbitzu, horrek soilik izaera militarra duenean; b) Edozein lan edo zerbitzu, halakoa barneraturik badago herritarrek dituzten gizalegezko betebehar arrunten artean, betiere, bere burua oso-osorik gobernatzen duen herri batean; c) Norbanakoari eskatzen zaion edozein lan edo zerbitzu, epai judizialean emandako zigorra betetzeko, betiere lan edo zerbitzu hori herri-agintarien zaintza eta kontrolpean dagoenean, eta norbanakoa ez bada uzten, lagapen edo esku-emate baten ondorioz, partikularren, konpainien edo izaera pribatua duten pertsona juridikoen menpe; d) Ezinbesteko kasuetan eskatzen den edozein lan edo zerbitzu, hau da, gerra, ezbeharrak edo ezbehar mehatxu kasuetan, besteak beste, suteak, uholdeak, gosea, lurrikarak, epidemia eta epizootia gogorrak gertatzen direnean edota animalien, intsektuen edo landare-parasito kaltegarrien inbasioak gertatzen direnean, eta, oro har, biztanleria osoaren edo zati baten bizitza eta ohiko egoera arriskuan jartzen dituzten edo arriskuan jartzeko mehatxua egiten dituzten inguruabarretan; e) Auzolan txikiak, hau da, erkidegoaren kideek, erkidegoaren mesedetan egindako lanak. Horrenbestez, lan horiek erkidegoko kideei dagozkien gizalegezko betebehar normaltzat jotzen dira, betiere biztanleriak berak edo bere zuzeneko ordezkariek badute lan horiek egiteko beharrizanari buruzko iritzia emateko eskubidea.

3. artikulua

Hitzarmen honen ondorioetarako, “agintari eskudunak” esamoldeak izendatzen ditu metropoliko agintariak, edo lurralde interesdunaren agintari zentralak edo nagusiak.

4. artikulua

1.Agintari eskudunek ezin izango dute ezarri, ezta ezartzen utzi ere, derrigorrezko edo nahitaezko lanik partikularren, konpainien edo izaera pribatu duten pertsona juridikoen onurarako.

2.Hitzarmena kide batek berretsi ondoren, Lanaren Nazioarteko Bulegoko Zuzendari Bagusiak berrespen hori erregistratzen duen datan derrigorrezko eta nahitaezko lanik bada partikularren, konpainien edo izaera pribatuko pertsona juridikoen onurarako, orduan kide horrek derrigorrezko eta nahitaezko lan hori oso-osorik ezabatu beharko du, berarentzat hitzarmen hau indarrean jartzen den datatik.

5. artikulua

1.Partikularrei, konpainiei edo pertsona juridiko pribatuei egindako emakidak ez dakar derrigorrezko eta nahitaezko edozein lanik ezartzerik, horren objektua bada partikular, konpainia edo pertsona juridiko pribatu horiek erabiltzen dituzten produktuak ekoiztea eta biltzea, edota produktu horiekin merkataritzan aritzea.

2.Jada diren emakidek barneratzen badute derrigorrezko edo nahitaezko lana ezartzea dakarren xedapenik, xedapen horiek ahalik eta arinen ondorio gabe geratuko dira, hitzarmen honen 1. artikuluaren aginduak betetzeko.

6. artikulua

Administrazioko funtzionarioek, nahiz eta euren menpe dauden herriak bultzatu behar badituzte edozein motatako lana egitera, ezin izango die presiorik egin herri horiei, ez taldeka, ez banaka, partikularrentzat, konpainientzat edo pertsona juridiko pribatuentzat lana egiteko.

7. artikulua

1.Administrazio-eginkizunetan ari ez diren buruzagiek ezin izango dute derrigorrezko eta nahitaezko lanaz baliatu.

2.Administrazio-eginkizunetan ari diren buruzagiek balia dezakete derrigorrezko eta nahitaezko lana, agintari eskudunen esanbidezko baimena badute, hitzarmen honen 10. artikuluak aurreikusitako baldintzetan.

3.Legearen araberako buruzagiek, beste modu batez ordainsari egokirik jasotzen ez dutenean, behar bezala araututako zerbitzu pertsonalak izango dituzte, nolanahi ere, edozein gehiegikeria saihesteko beharrezko neurri guztiak hartuko dira.

8. artikulua

1.Derrigorrezko eta nahitaezko lana baliatzeko erabakiaren erantzukizuna lurralde interesdunaren agintari zibil nagusiei dagokie.

2.Edonola ere, agintari horiek tokiko agintari nagusiak ahalbidetuko dituzte derrigorrezko eta nahitaezko lana ezartzeko, lan horrek ez badakar berarekin langileak ohiko egoitzatik urruntzea.Aipatu agintariek, berebat, tokiko agintari nagusiak ahalbidetu ahal izango dituzte derrigorrezko eta nahitaezko lana ezartzeko, hitzarmen honen 23. artikuluan barneraturiko arauketan ezartzen diren epe eta baldintzetan, lan hori egiteko langileek euren ohiko egoitzatik urrundu behar badute, administrazioko funtzionarioak lekuz aldatu behar badira euren eginkizuna betetzeko edo administrazioko materiala garraiatu behar bada, betiere, aurreko horiek errazteko asmoarekin.

9. artikuluaHitzarmen honen 10. artikuluan adostutako aurkako xedapenak salbu, derrigorrezko eta nahitaezko lana ezartzeko ahalmena duen agintari orok ezin izango du utzi mota horretako lana baliatzea, aurretiaz ez badu egiaztatu:a) Egin beharreko zerbitzu edo lanak zuzeneko interesa duela lana zein erkidegok egin behar eta erkidego horrentzat; b) zerbitzu edo lana beharrezkoa dela, oraintxe bertan edota berehalakoan; c) Lan edo zerbitzu hori gauzatzeko ezinezkoa izan dela borondatezko eskulana aurkitzea, nahiz eta, gutxienez ere, lurralde interesdunak dituen soldata eta lan-baldintza berberak eskaini, antzeko lan edo zerbitzuetarako; d) Lan edo zerbitzu hori ez dela oraingo herriarentzat zama pisutsuegia, kontuan hartuta zer eskulan dagoen erabilgarri eta horren gaitasuna lan hori hasteko.

10. artikulua

1.Zerga gisa eskatzen den derrigorrezko eta nahitaezko lana, eta administrazio-eginkizunetan ari diren buruzagiek eskatzen duten lana, onura publikorako diren lanak egiteko, arian-arian ezabatu beharko dira.

2.Ezabatze horren zain, derrigorrezko eta nahitaezko lana zerga gisa eskatzen denean, eta derrigorrezko eta nahitaezko lana ezartzen dutenean administrazio-eginkizunetan ari diren buruzagiek, onura publikorako lanak egiteko, orduan agintari interesdunek aurretiaz ziurtatu beharko dute:a) Egin beharreko zerbitzu edo lanak interes handia duela lana zein erkidegok egin behar eta erkidego horrentzat; b) zerbitzu edo lana beharrezkoa dela, oraintxe bertan edota berehalakoan; c) Lan edo zerbitzu horiek ez direla izango herriarentzat zama pisutsuegia, kontuan hartuta zer eskulan dagoen erabilgarri eta horren gaitasuna lan hori hasteko; d) Lan edo zerbitzu hori egiteak ez duela langileak behartuko ohiko egoitzatik urruntzera; e) Lan edo zerbitzu horiek egiteko kontuan hartuko direla erlijioa, gizarte-bizitza eta nekazaritza.

11. artikulua

1. Derrigorrezko eta nahitaezko lanari lotuta bakar-bakarrik egon daitezke hemezortzi urtetik gorako eta berrogei urtetik beherako gai diren gizonezkoak. Hitzarmen honen 10. artikuluan aurreikusitako lan-kategorientzat izan ezik, hurrengo mugak eta baldintzak hartu beharko dira kontuan:a) Aurretiazko azterketa medikoa, ahal dela beti administrazioak izendatutako medikuak egina, egiaztatzeko ez dagoela inolako gaixotasun kutsakorrik eta, oro har, interesdunen gaitasun fisikoa, ezarritako lana eta lana egiteko baldintzak jasateko; b) Eskolako langileak, ikasleak eta irakasleak salbuestea, eta, orokorrean, administrazio-langileak ere; c) Erkidego bakoitzak mantentzea familia-bizitza eta gizarte-bizitza sustatzeko gai eta adin nagusiko diren gizonezkoen kopuru nahikoa; d) .Ezkontza- eta familia-loturak errespetatzea.

2.Artikulu honen 1. paragrafoaren c atalaren ondorioetarako, hitzarmenaren 23. artikuluan xedatutako araudiaren arabera finkatuko da gizonezkoen biztanleria iraunkorraren eta gaitasuna duenaren barruan zein proportziotan erreklutatuak izan daitezkeen; eta proportzio hori ezin da izan biztanleriaren %25a baino handiagoa.Proportzio hori finkatzeko, agintari eskudunek kontuan hartu beharko dute, besteak beste, biztanleriaren dentsitatea, eta horren garapen soziala eta fisikoa; urte-sasoia eta interesdunek euren herrian eta euren kontura egin behar duten lanaldia; modu orokorrean, agintariek erkidego interesdunaren ohiko bizitzaren beharrizan ekonomikoak eta sozialak errespetatu behar dituzte.

12. artikulua

1.Edozein norbanakorentzat derrigorrezko eta nahitaezko lanak ezin dezake iraun hamabi hilabeteko epe bakoitzeko hirurogei egun baino gehiago, hirurogei egun horiek biltzen dituztela lana egin behar den lekura joan-etorria egiteko beharrezko egunak.

2.Derrigorrezko eta nahitaezko lana egin behar duen langile orok ziurtagiri bat izango du, eta bertan adieraziko dira egindako derrigorrezko eta nahitaezko lanaldiak.

13. artikulua

1.Lanordu arruntei dagokienez, derrigorrezko eta nahitaezko lanari lotuta dagoen pertsona orok lan askean nagusitzen diren berberak izan beharko du, eta lanaldi arrunta gainditzen duten lanorduak ordaindu egin beharko dira, langile askeen aparteko orduei aplikatzen zaizkien tasa berberen arabera.

2.Edozein motatako derrigorrezko eta nahitaezko lanari lotuta dagoen pertsona orok astean atseden egun bat izango du, egun hori, ahal dela, bat etorriko da herrialdearen tradizio edo usadioengatik edo erlijioarengatik ospetsua den egunarekin.

14. artikulua

1.Hitzarmen honen 10. artikuluan aurreikusitako lana salbu, derrigorrezko eta nahitaezko lana, forma guztietan, dirutan ordaindu beharko da. Ordainketa egiteko kontuan hartuko dira, langileak enplegatu diren erregioan, lan-mota berberarentzat, indarrean dauden tasak, horiek baino gutxiagokoak ez izateko, ezta zein erregiotan erreklutatu eta erregio horretan indarrean daudenak baino gutxiagokoak ere.

2.Lana administrazio-eginkizunak egikaritzen dituzten buruzagiek ezartzen dutenean, ahalik eta arinen ordainduko dira soldatak, aurreko paragrafoan adierazitako tasen arabera.

3.Soldatak langileei eurei ordainduko zaizkie eta ez tribuko buruzagiari edo beste agintariren bati.

4.Lantokirako joan-etorriak egiteko behar diren egunak lan-egun bezala zenbatuko dira soldatak ordaintzeko.

5.Artikulu honek ez du eragozten langileei ematea, soldata-zati gisa, ohiko mantenua, eta mantenu hori, gutxienez ere eta balioari dagokionez, dirutan zenbatekoa izan eta horren besteko kopururaino iritsi behar da; alabaina, soldatatik ezin izango da inolako deskonturik egin, ez zergak ordaintzeko, ezta langileei, kontuan harturik enpleguaren baldintza bereziak, lanean jarrai dezaten emandako mantenua, arropa eta ostatu bereziak, ezta lanabesak eskuratzeko ere.

15. artikulua

1.Lan-istripuen ondoriozko kalte-ordainari buruzko edozein legeria eta hil edo ezindu geratu diren langileen menpe dauden pertsonentzako kalte-ordainak aurreikusten dituen edozein legeria, lurralde interesdunean indarrean dagoena edo indarrean jarriko dena, aplikatuko zaie derrigorrezko eta nahitaezko lana egiten duten pertsonei, langile askeek duten baldintza berberetan.

2.Edozelan ere, derrigorrezko eta nahitaezko lana baliatzen duen edozein agintari eskudun behartuta dago langileen bizibidea ziurtatzera, laneko istripuren edo gaixotasunen baten ondorioz, langilea ezgai geratzen denean, osorik edo zati batean, bere beharrizanak diruz laguntzeko.Halaber, agintari hori behartuta dago langilearen menpe dagoen edozein pertsonaren bizibidea ziurtatzera, lanaren ondorioz gertatutako ezgaitasun edo heriotza kasuetan.

16. artikulua

1.Derrigorrezko eta nahitaezko lanari lotuta dauden pertsonak ezin izango dira transferitu, salbuespeneko beharrizan kasuetan izan ezik, beste erregio batzuetara, bertan klima- eta elikadura-baldintzak langileok ohikoak dituztenak baino desberdinagoak direnean, euren osasun arriskuan jarri arte.

2.Langileak ezin izango dira, inola ere, lekualdatu, aurretiaz eurak kokatzeko eta euren osasuna babesteko, beharrezko garbitasun- eta ostatu-neurriak hartu ez badira.

3.Lekualdatze hori saihestu ezin denean, neurriak hartuko dira langileak egokitu daitezen klima- eta elikagai-baldintza berrietara, mediku-zerbitzu eskudunaren aurretiazko txostena jaso eta gero.

4.Langileek lan arrunta egin behar dutenean eta halakoari ohituta ez daudenean, behar-beharrezko neurriak hartu beharko dira, lan-mota horretara ohitu daitezen, batik bat, mailaz mailako entrenamendura, lan-orduetara, atseden-tarteetara eta beharrezkoak izan daitezkeen mantenua hobetzera edo gehitzera.

17. artikulua

Eraikin- eta zaintze-lanetarako derrigorrezko eta nahitaezko lana baliatzea baimendu aurretik, halakoek behartzen dituztenean langileak lantokietan bizitzera luzaroan, agintari eskudunek ziurtatu beharko dute:1) Beharrezko neurri guztiak hartu direla langileen higienea ziurtatzeko eta eurei bermatzeko nahitaezko mediku-laguntza, eta, bereziki:a) aipatu langileei azterketa medikoa egingo dietela lanean hasi aurretik, eta aldian-aldian beste azterketa batzuk, enpleguak irauten duen bitartean; b) beharrizan guztiei aurre egiteko beste mediku, anbulatorio, erizaintza, anbulantzia eta ospitale egongo direla eta, c) lantokietako osasun-baldintzak, edateko ur-hornidura, janariak, erregaia eta sukaldeko tresnak, eta, beharrezko denean, etxebizitza-baldintzak eta arropak ere egokiak direla; 2) Beharrezko neurriak hartu direla langilearen familiak biziraupena izan dezan; horretarako soldataren zati bat igorriko zaio familiari, bide seguru baten bitartez, betiere langilearen baimenarekin eta berak hala eskatuta; 3) Administrazioak bermatuko ditu langileek lantokira egin behar dituzten joan-etorriak, bere erantzukizunpean eta bere kontura egin direla eta administrazioak bidaia horiek egiteko dauden garraiobide guztiak erabili dituela; 4) Gaixotasun edo istripuren baten ondorioz langilea epe luzerako ezgai geratzen denean, langileen aberriratzea administrazioaren kontura izango da; 5) Derrigorrezko eta nahitaezko lana amaitu eta langile aske moduan geratzea nahi duen langile orok, horretarako ahalmena izango du, eta ez du galduko doan aberriratzeko eskubiderik, bi urteko epean.

18. artikulua

1.Pertsonak edo salgaiak garraiatzeko derrigorrezko edo nahitaezko lana, hala nola, zamaketariena eta txalupa-zainena, ahalik eta arinen ezabatuko da, eta ezabatu arte, agintari eskudunek arauak emango dituzte, bereziki jarraikoak zehazten dituztenak:a) nahitaez lan hori erabiltzea errazteko administrazioko funtzionarioen garraioa, euren eginkizunak betetzeko; administrazioaren materialaren garraioa eta, behar-beharrezko kasuetan, funtzionarioak ez diren pertsonen garraioa; b) garraio horietan nahitaez erabiltzea halako gizonak, azterketa medikoa igaro dutenak, hori egingarria den kasuetan eta azterketa hori igaro ondoren, lan horretarako indar nahikoak eta gai direlako adierazpena lortu dutenak; azterketa medikoa egingarria ez bada, eskulana kontratatzen duen pertsonak bermatu beharko du, bere erantzukizunpean, langileek eskatutako gaitasun fisikoa badutela eta ez dutela inolako gaixotasun kutsakorrik; c) langileek eraman dezaketen gehienezko zama; d) lantokitik bizilekura arteko gehienezko distantzia; e) hilero edo beste edozein epealditan, langileei lanagatik eskatu ahal dakizkien gehienezko lanegunak, egun horiek biltzen dituztela itzulerarako bidaiaren egunak; f) derrigorrezko eta nahitaezko lan molde hau eskatzeko baimena duten pertsonak, eta horien ahalmen-maila halakoa eskatzeko.

2.Aurreko paragrafoaren c, d eta e atalak aipatu gehienezkoa finkatzeko, agintari eskudunek kontuan izan beharko dituzte osagai egoki guztiak, batez ere, erreklutatu beharreko biztanleriaren gaitasun fisikoa, egin beharreko ibilbidearen izaera eta klimatologia-baldintzak.

3.Berebat, agintari eskudunek neurriak hartu beharko dituzte eramaileen eguneroko ibilbide arruntak ez dezan gainditu, batez beste, zortzi orduko lanaldiaren iraupenari dagokion denbora; berori zehazteko orduan aintzat hartuko dira, ez bakarrik eraman beharreko zama eta egin beharreko distantzia, ez bada, bidearen egoera, urte-aldia eta horretarako garrantzia izan dezaketen beste hainbat faktore, aldiz, beharrezkoa bada eramaileei ibilbidea egiteko ohiz kanpoko ordu batzuk, halakoak ordainduko dira ohikoak baino tasa goragokoen arabera.

19. artikulua

1.Agintari eskudunek derrigorrezko laboretara jotzea baimenduko dute bakar-bakarrik gosea eta elikadura-produktuen gabeziaren aurkako metodo gisa, eta betiere horrela lortutako elikagai edo produktuak zein norbanako edo taldek ekoiztu et horien jabetzapean geratzen badira.

2.Artikulu honek ez du eragingo erkidegoko kideak, legeak edo ohiturak ezarritako lana egiteko betebeharretatik askatzea, ekoizpena antolatzen denean, lege edo ohituraren arabera, erkidego oinarriaren gainean, eta produktu horien salmentaren ondoriozko emaitza edo onuren jabea erkidegoa denean.

20. artikulua

Errepresio kolektiboa aurreikusten duten legeek, halakoa erkidego osoari aplikatzen zaioenean, erkidegoko edozein kidek egindako delituengatik, ezin izango dute ezarri erkidego batek derrigorrezko eta nahitaezko lana egin beharra, errepresio-metodo gisa.

21. artikulua

Meategietan ezin izango da derrigorrezko eta nahitaezko lana baliatu, lurpean egin beharreko lanetarako.

22. artikulua

Hitzarmen hau berresten duten kideek Lanaren Nazioarteko Bulegoan aurkeztu beharko dituzte urteko oroitidazkiak, Hitzarmen honen xedapenen ondorioetarako hartu beharreko neurriei buruzkoak, Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konstituzioaren 22. artikuluaren arabera. Oroitidazkiok ahalik eta informaziorik zehatzena bilduko dute, lurralde interesdun bakoitzaren inguruan, lurralde horretan derrigorrezko eta nahitaezko lana zenbateraino erabili izan denari buruz, eta hurrengo puntuei buruz: egindako lanaren helburuak; gaixotasun eta heriotzei buruzko portzentajeak; lanorduak; soldatak ordaintzeko metodoak; soldata-tasak, eta interesekoa izan daitekeen beste edozein datu.

23. artikulua

1.Agintari eskudunek derrigorrezko eta nahitaezko enpleguari buruzko araudi osoa eta zehatza eman beharko dute, Hitzarmen honen xedapenak eragingarriak izan daitezen.

2.Araudi horretara bildutako arauek, batik bat, derrigorrezko eta nahitaezko lanari lotuta dagoen pertsona bakoitza ahalbidetu behar dute, horren lan-baldintzei buruzko erreklamazio guztiak agintarien aurrean egin ahal ditzan; halaber, arauok bermatuko dute erreklamazio horiek aztertu eta kontuan hartuko direla.

24. artikulua

Kasu guztietan, neurri egokiak hartu beharko dira bermatzeko derrigorrezko eta nahitaezko lanari buruzko arauak zehatz aplikatzen direla, dela lan askea zaintzeko sortutako edozein ikuskapen-erakunderen eginkizunak derrigorrezko eta nahitaezko lanera hedatuta, dela beste edozein sistema egoki erabilita.Ildo beretik, neurriak hartu beharko dira derrigorrezko lanari lotutako pertsonek ezagutu dezaten araudi horien edukia.

25. artikulua

Derrigorrezko eta nahitaezko lana legearen aurka eskatzeak, zigor-zehapenak izango ditu, eta hitzarmen hau berresten duen kide oro behartuta dago ziurtatzera legeak ezarritako zehapenak benetan eraginkorrak direla eta zehatz aplikatzen direla.

26. artikulua

1.Hitzarmen hau berresten duen Lanaren Nazioarteko Erakundearen kide oro behartuta dago berori aplikatzea bere subiranotasun, jurisdikzio, zaintza, babes, edo agintaritzapean dauden lurraldeetan, betiere kide horrek barruko jurisdikzioaren arazoetan betebeharrak onesteko eskubidea badu.Edonola ere, kide horrek Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konstituzioaren 25. artikuluaren xedapenei eutsi nahi badizkio, berrespenarekin batera adierazpen bat egin beharko du eta bertan adierazi:1) Hitzarmen honen xedapenak, eraldaketarik gabe zein lurraldetan ezarri nahi dituen eta lurralde horiek; 2) Hitzarmen honen xedapenak, eraldaketekin eta eraldaketa horiek zein diren zehaztuta, zein lurraldetan ezarri nahi dituen eta lurralde horiek; 3) Erabakimena zein lurralderi buruz gorde eta lurralde horiek.

2.Aipatu adierazpena berrespenaren osagarritzat hartuko da eta ondorio berberak eragingo ditu.Antzeko adierazpena egiten duen kide orok ahal izango die uko egin, osorik edo zatika, artikulu honen 1. paragrafoaren 2 eta 3. arabera egindako erreserbei, beste adierazpen baten bitartez.

27. artikulua

Hitzarmen honen berrespen formalak Lanaren Nazioarteko Bulegoko Zuzendari Nagusiri igorriko zaizkio, horrek gordailutu ditzan, Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konstituzioak ezarritako baldintzekin bat etorriz.

28. artikulua

1.Hitzarmen honek bakar-bakarrik behartzen ditu Lanaren Nazioarteko Bulegoan zein kidek berrespenak erregistratu eta kide horiek.

2.Hitzarmena indarrean jarriko da, Zuzendari Nagusiak Lanaren Nazioarteko Erakundearen kideen berrespenak erregistratu eta hamabi hilabetera.

3.Une horretatik aurrera, kide bakoitzarentzat, hitzarmen hau indarrean jarriko da, berrespena erregistratu eta hamabi hilabetera.

29. artikulua

Lanaren Nazioarteko Erakundearen kideen berrespenak Lanaren Nazioarteko Bulegoan erregistratu bezain laster, bulegoko Zuzendari Nagusiak Lanaren Nazioarteko Erakundearen kide guztiei jakinaraziko die egitatea.Era berean, harrezkero Erakundearen kideek jakinarazitako berrespenen erregistroaren berri emango die.

30. artikulua

1.Hitzarmen hau berretsi duen kide orok hori salatu ahal izango du, hitzarmena estreinakoz indarrean jarri zenetik zenbatzen hasi eta hamar urteko epealdia amaitu ondoren, Lanaren Nazioarteko Bulegoko Zuzendari Nagusiari salaketa hori erregistratzeko akta komunikatuz.Salaketak ez du ondoriorik izango, salaketa Lanaren Nazioarteko bulegoan erregistratu eta urtebete igaro arte.

2.Hitzarmen hau berretsi duen kide orok, aurreko paragrafoan aipatu hamar urteko epealdia amaitu ondoren, urtebeteko epean artikulu honen salaketa-eskubidea egikaritzen ez badu, beste bost urtez bete beharko du hitzarmena, eta, aurrerantzean, hitzarmena salatu ahal izango du bost urteko aldi bakoitza amaitzean, artikulu honetan ezarritako baldintzetan.

31. artikulua

Bost urteko aldi bakoitza amaitzean, hitzarmen hau indarrean jarri zenetik zenbatzen hasita, Lanaren Nazioarteko Bulegoko Administrazio Kontseiluak Konferentziari hitzarmenaren aplikazioari buruzko oroitidazkia aurkeztuko dio, eta gogoeta egingo du Konferentziaren eguneko aztergaien zerrendara biltzeko komenigarritasunari buruz, zer eta, hitzarmena oso-osoan edo zati batean berrikusteko aukera.

32. artikulua

1.Konferentziak onesten badu beste hitzarmen bat eta horrek eragiten badu aurrekoa oso-osorik edo zatika berrikustea,kide batek berrikuspen-hitzarmen berria berresteak berarekin ekarriko du, ipso iure, hitzarmen hau atzerapenik gabe salatzea, 30. artikuluan jasotako xedapenak gorabehera, betiere, berrikuspen-hitzarmen berria indarrean jarri bada.

2.Berrikuspen-hitzarmen berria indarrean zein datatan jarri eta data horretatik aurrera hitzarmen honek irekia izateari utziko dio, kideek berau berresteari dagokionez.

3.Edozein kasutan ere, hitzarmen honek indarrean jarraituko du, gaur egungo forma eta edukiekin, berori berretsi duten eta, aldiz, berrikuspen-hitzarmena berretsi ez duten estatu kideei begira.

33. artikulua

Hitzarmen honen testu ingelesa eta frantsesa kautoak dira maila berean.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra