Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Emakumearen eskubideak

Emakumearen aurkako bereizkeria-mota guztiak ezabatzeko Konbentzioa

Erakundea: Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Orokorra

Argitalpena: EAO, 1984/3/21, 69. zk.

EMAKUMEAREN AURKAKO BEREIZKERIA-MOTA GUZTIAK EZABATZEKO KONBENTZIOA

(1984ko martxoaren 21eko EAO)

Konbentzio honetako estatu-alderdiek:

Kontuan hartuta Nazio Batuen Gutunak bere ustea berresten duela, dela gizakiaren oinarrizko eskubideetan, dela gizakiaren duintasun eta balioan, dela gizonen eta emakumeen arteko eskubide-berdintasunean;

Kontuan hartuta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak bereizkeriarik ezaren printzipioa berresten duela, eta gizakiak aske jaiotzen direla aldarrikatzeaz gain, horien duintasun- eta eskubide-berdintasuna aldarrikatu duela, bai eta pertsona orok adierazpen honetako eskubide eta askatasunak aipatzeko aukera ere, inolako bereizketarik gabe eta, horrenbestez, sexu-bereizketarik gabe;

Kontuan hartuta Giza Eskubideen Nazioarteko Itunetako estatu-alderdiek duten betebeharra, gizon eta emakumeei berdintasuna bermatzeko, ekonomia-, gizarte- eta kultura-eskubide guztiak egikaritzeko orduan;

Aintzat hartuta Nazio Batuen babespean nahiz gizonen eta emakumeen eskubide-berdintasunaren alde egiteko antolakunde espezializatuen babespean hitzartutako nazioarteko konbentzioak;

Aintzat hartuta, orobat, Nazio Batuek nahiz gizonen eta emakumeen eskubide-berdintasunaren alde egiteko antolakunde espezializatuek onetsitako ebazpen, adierazpen eta gomendioak;

Kezka bizia izanik, ordea, askotariko tresna horiek gorabehera, emakumeek bereizkeria asko jasaten jarraitzen dutela egiaztatzeagatik.

Gogoratuz, emakumearen aurkako bereizkeriak eskubide-berdintasunaren eta giza duintasuna errespetatzearen printzipioak urratzen dituela; bereizkeria horrek emakumearen partaidetza zailtzen duela, gizonen baldintza berberetan, euren herrialdeko politika-, gizarte-, ekonomia- eta kultura-bizitzan; bereizkeria hori oztopo dela gizartearen nahiz familiaren ongizatea areagotzeko; eta bereizkeria horrek emakumearen aukerak zeharo garatzea moteltzen duela, euren herrialdearen nahiz gizadiaren zerbitzuan aritzeko,

Kezka bizia izanik, txirotasun-egoeran emakumeak erraztasun gutxiago dituelako, elikadura, osasun-zerbitzua, irakaskuntza-zerbitzua, trebakuntza eta enplegu-aukerak izateko, bai eta bestelako beharrizanak asetzeko ere,

Jakinik, nazioarteko ekonomia-ordena berriak, zuzentasunean eta justizian oinarritutakoak, berebiziko garrantzia izango duela gizonaren eta emakumearen arteko berdintasuna sustatzeko;

Nabarmenduz, gizonek eta emakumeek euren eskubideak oso-osoan izateko nahitaezkoa dela ezabatzea apartheida, arrazakeria, arraza-bereizkeria, kolonialismoa, neokolonialismoa, atzerritarrek gauzatutako eraso, egindako okupazio eta ezarritako mendekotasun mota guztiak, eta estatuen barne-arazoetan nahasmenduak sortzeko joera;

Adieraziz gizarte-aurrerapena eta -garapena sustatzeko, eta, ondorenez, gizonaren eta emakumearen arteko erabateko berdintasuna lortzea laguntzeko, beharrezkoa dela nazioarteko bakea eta segurtasuna indartzea, nazioarteko tentsioa baretuz; estatuen arteko lankidetza gauzatzea, euren ekonomia- eta gizarte-sistemak gorabehera; nazioarteko kontrol zurrun eta eragingarriaren mende, erabateko desarmatzea gauzatzea, eta, batik bat, nuklearra; herrialdeen arteko harremanetan justiziaren, berdintasunaren eta elkarrekiko onura lortzearen printzipioei eustea; eta kolonien nahiz atzerritarren mende edo atzerritarren okupaziopean dauden herrialdeen determinazio askerako eta independentziarako eskubidea gauzatzea, bai eta nazio-subiranotasuna eta lurralde-osotasuna errespetatzea ere;

Jakinik, herrialde baten garapen osorako, munduaren ongizaterako eta bakerako ezinbestekoa dela emakumeak esparru guztietan ahalik gehiena parte hartzea, gizonaren baldintza berberetan;

Aintzat hartuta emakumearen ekarpen handia, familiaren ongizaterako eta gizartearen garapenerako, orain arte guztiz aitortu ez dena; amatasunaren gizarte-garrantzia; eta gurasoen egitekoa, familiari zein seme-alaben hezkuntzari begira. Eta jakitun izanik emakumearen ugalketa-eginkizunak bereizkeriarik ezin duela eragin, haurren hezkuntza gizonen nahiz emakumeen baterako ardura ez ezik, gizarte osoarena ere badelako;

Aitortuz gizonaren eta emakumearen arteko erabateko berdintasuna lortzeko beharrezkoa dela gizonaren eta emakumearen ohiko egitekoa aldaraztea, gizartean nahiz familian;

Gogo hartuta, Emakumearen Aurkako Bereizkeria Ezabatzeko Adierazpenaren printzipioak aplika daitezen eta, horretarako, neurri egokiak har daitezen, bereizkeria horren mota eta agerpen guztiak bertan behera uzteko.

Hurrengoa hitzartu dute:

LEHENENGO ZATIA

1. artikulua

Konbentzio honen ondoreetarako, emakumearen aurkako bereizkeria esamoldeak agertuko du sexuan oinarritutako bereizketa, bazterketa edo murrizketa oro, halakoen xedea edo ondorioa denean kaltetzea edo deuseztatzea, politika-, ekonomia-, gizarte- nahiz kultura-esparruetan, esparru zibilean edo beste edozein esparrutan, emakumeari aitortutako giza eskubide eta oinarrizko askatasunak, eta horien izatea eta egikaritza, bere egoera zibila gorabehera, gizonaren eta emakumearen arteko berdintasuna oinarri.

2. artikulua

Estatu-alderdiek emakumearen aurkako bereizkeria kondenatzen dute, horren mota edozein dela; orobat, emakumearen aurkako bereizkeria ezabatzeko politika egitea adostu dute, atzerapenik gabe, egoki diren bide guztiak erabilita, eta, xede horrekin, euren konpromisoa da:

a) Nazio-konstituzioetan eta beste edozein legeria egokitan gizonaren eta emakumearen arteko berdintasun-printzipioa sendotzea, baldin eta oraindik hori sendotu ez badute, eta lege nahiz beste bide egoki batzuen bitartez praktikan printzipio hori gauzatzen dela ziurtatzea.

b) Emakumearen aurkako bereizkeria guztiak debekatzen dituzten neurri egokiak hartzea, legegintzazkoak eta beste izaera batekoak, kasuan kasuko zehapenekin.

c) Emakumearen eskubideen babes juridikoa ezartzea, emakumeak gizonaren eskubide berberak izan behar dituela oinarri hartuta; eta emakumearen babes eragingarria bermatzea bereizkeria-egintza ororen aurka, nazioko edo eskudunak diren auzitegien bidez eta beste erakunde publiko batzuen bidez.

d) Emakumearen aurkako bereizkeria-egintza edo -eginerarik ez gauzatzea, eta agintariek nahiz erakunde publikoek betebehar horrekin bat etorriz jardun dezatela zaintzea.

e) Neurri egoki guztiak hartzea, edozein pertsona, erakunde edo enpresak emakumearen aurka gauzatzen duen bereizkeria ezabatzeko.

f) Neurri egoki guztiak hartzea, baita legegintzazkoak ere, emakumearen aurkako bereizkeria gauzatzen duten lege, erregelamendu, usadio eta eginerak aldarazi edo indargabetzeko.

d) Emakumearen aurkako bereizkeria gauzatzen duten zigor-xedapen nazional guztiak indargabetzea.

3. artikulua

Estatu-alderdiek esparru guztietan eta, bereziki politika-, gizarte-, ekonomia- eta kultura-esparruetan, neurri egoki guztiak hartuko dituzte, baita legegintzazkoak ere, emakumearen erabateko garapena eta aurrerapena ziurtatzeko; horren xedea izango da emakumeak giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak egikaritzea eta izatea, gizonak egin ohi duen baldintza berberetan.

4. artikulua

1.Gizonaren eta emakumearen arteko berdintasuna lortzeko bidean, estatu-alderdiek behin-behineko izaerarekin neurri bereziak hartzea ez da bereizkeriatzat joko, konbentzio honetan ezarritakoaren arabera, baina arau desberdin eta bananduei eusteak ez du inola ere ondorerik izango; neurri horiek bertan behera utziko dira aukera- eta tratu-berdintasunaren helburuak betetzean.

2.Ez da bereizkeriatzat joko estatu-alderdiek amatasun-egoera babesteko neurriak hartzea, eta horien artean konbentzio honetara bildutakoak.

5. artikulua

Estatu-alderdiek neurri egoki guztiak hartuko dituzte, hurrengo helburuekin:

a) Gizonen eta emakumeen jokabidearen inguruko gizarte- eta kultura-ereduak aldaraztea, sexuetarik edozein bestea baino gutxiago edo gehiago dela uste izanagatik edo gizonen eta emakumeen eginkizun estereotipatuak direla eta, izan daitezkeen aurreiritziak eta ohiturazko nahiz bestelako eginerak ezabatzeko asmoarekin.

b) Familiako hezkuntzari dagokionez bermatzea horrek amatasunaren gizarte-eginkizuna behar bezala aintzat hartzen duela, eta gizonen eta emakumeen ardura erkidea aitortzen duela, euren seme-alaben hezkuntzari eta garapenari begira. Nolanahi ere, seme-alaben interesak lehentasuna izango du kasu guztietan.

6. artikulua

Estatu-alderdiek neurri egoki guztiak hartuko dituzte, baita legegintza-izaerakoak ere, emakume-salerosketa eta emakumearen prostituzio-esplotazio mota guztiak ezabatzeko.

II. ZATIA

7. artikulua

Estatu-alderdiek neurri egoki guztiak hartuko dituzte, emakumearen aurkako bereizkeria ezabatzeko herrialde bakoitzeko bizitza politiko eta publikoan; bereziki, hurrengo eskubideak bermatuko dizkiete emakumeei, gizonen baldintza berberetan:

a) Hauteskunde eta erreferendum publiko guztietan botoa ematea eta hautagai izatea, antolakundeetako kideak hauteskunde publikoen bidez hautatu behar direnean.

b) Gobernu-politikak azaltzean eta horiek betearaztean parte hartzea, eta kargu publikoak izatea nahiz eginkizun publiko guztiak gauzatzea gobernu-maila orotan.

c) Herrialdeko bizitza publiko eta politikoaz arduratzen diren estatuz kanpoko erakunde eta elkarteetan parte hartzea.

8. artikulua

Estatu-alderdiek neurri egoki guztiak hartuko dituzte, emakumeari bermatzeko nazioarte-mailan bere gobernua ordezkatzeko aukera eta nazioarteko erakundeetan parte hartzeko aukera, gizonen baldintza berberetan eta inolako bereizkeriarik gabe

9. artikulua

1.Estatu-alderdiek emakumeei eratxikiko dizkiete gizonei eratxikitako eskubide berberak, naziotasuna eskuratu, naziotasuna aldatu edo naziotasunari eusteko; bereziki, estatu-alderdiek bermatuko dute, emakumea atzerritar batekin ezkondu edo ezkontzak iraun bitartean senarrak naziotasuna aldatu arren, emaztearen naziotasuna berehala ez aldatzea, emaztea aberrigabe ez bihurtzea edo ezkontidearen naziotasuna hartzera ez behartzea.

2.Estatu-alderdiek emakumeari eratxikiko dizkiote gizonari eratxikitako eskubide berberak, euren seme-alaben naziotasunari dagokionez.

III. ZATIA

10. artikulua

Estatu-alderdiek egoki diren neurri guztiak hartuko dituzte emakumearen aurkako bereizkeria ezabatzeko, hezkuntza-esparruan gizonen eta emakumeen arteko eskubide-berdintasuna ziurtatzeko xedearekin, eta, bereziki, gizonen eta emakumeen arteko berdintasun-baldintzetan, ziurtatzeko:

a) Orientabide-baldintza berberak, ikasketetarako eta lanbide-trebakuntzarako, ikasketak hasteko eta diplomak lortzeko, kategoria orotako irakaskuntza-erakunde guztietan, nekazaritza-guneetan nahiz hiriguneetan; berdintasun hori bermatu beharko da eskolaurreko irakaskuntzan, irakaskuntza orokorrean, teknikoan eta lanbide-irakaskuntzan, goi-mailako irakaskuntza teknikoa barnean dela, bai eta lanbide-trebakuntza mota guztietan ere.

b) Ikasketa-programa berberak eta azterketa berberak, lanbide-maila bereko irakasleak eta kalitate bereko eskola-lokal nahiz -ekipamenduak izatea.

c) Irakaskuntza-maila eta -mota guztietan gizonen eta emakumeen eginkizun estereotipatuak ezabatzea, hezkuntza mistoa eta helburu hori lortzea ahalbidetzen duten hezkuntza-motak eraginez eta, bereziki, eskola-liburu eta -egitarauak aldaraziz nahiz irakaskuntza-metodoak egokituz.

d) Aukera berberak ikasketetarako bekak eta bestelako laguntzak lortzeko orduan.

e) Hezkuntza-osagarriko programetarako aukera berberak, programa horien artean direla alfabetatze-programa funtzionalak  eta nagusien alfabetatze-programak, batez ere, gizonaren eta emakumearen artean dagoen ezagutza-desberdintasuna ahalik arinena murrizteko.

f) Emakumeen ikasketa-uzteen tasa murriztea eta programak antolatzea, ikasketak goiz utzi dituzten gazte eta emakumeentzat.

g) Kirola eta hezkuntza fisikoa modu aktiboan egiteko aukera berberak.

h) Familiaren osasuna eta ongizatea ziurtatzea ahalbidetzen duen informazio-material zehatza izatea, horren barne daudela familia-plangintzarako informazioa eta aholkularitza.

11. artikulua

1.Estatu-alderdiek egoki diren neurri guztiak hartuko dituzte emakumearen aurkako bereizkeria ezabatzeko, enpleguaren esparruan eskubide berberak ziurtatzeko xedearekin, gizonen eta emakumeen arteko berdintasun-baldintzetan, eta bereziki hurrengo eskubideak:

a) Lanerako eskubidea, gizaki ororen eskubide besterendu ezina den heinean.

b) Enplegu-aukera berberak izateko eskubidea, enpleguari dagokionez hautatze-irizpide berberak aplikatzeko eskubidea barne harturik.

c) Lanbidea eta enplegua askatasunez aukeratzeko eskubidea, mailaz igotzeko eskubidea, enpleguan egonkortasuna eta zerbitzuko prestazio nahiz bestelako baldintza guztiak izateko eskubidea, eta lanbide-prestakuntzarako nahiz berriro trebatzeko eskubidea, horren barnean behin-behineko ikastaldia, lanbide-prestakuntza eta trebakuntza daudela.

d) Ordainsari berberak izateko eskubidea, prestazioak barne, eta tratu-berdintasunerako eskubidea, balio bereko lana egiteari dagokionez, bai eta lan-kalitatea ebaluatzeari dagokionez ere.

e) Gizarte Segurantzarako eskubidea, bereziki, jubilazioa, langabezia, gaixotasuna, ezgaitasuna, zahartzaroa edo lan egiteko beste ezgaitasun bat dagoenean, bai eta opor ordainduetarako eskubidea ere.

f) Osasuna babesteko eskubidea eta segurtasunerako eskubidea lan-baldintzetan, bai eta ugaltze-eginkizunaren babesa ere.

2.Ezkontza- edo amatasun-arrazoiengatik emakumearen aurkako bereizkeria eragotzi eta emakumeak lan egiteko duen eskubidea eragingarritasunez ziurtatzeko xedearekin, estatu-alderdiek neurri egokiak hartuko dituzte, hurrengo helburuekin:

a) Haurdunaldiarengatik edo amatasunaren ondoriozko lizentziarengatik gauzatutako kaleratzea debekatzea, bai eta kaleratzeak gauzatzean egoera zibilean oinarritutako bereizkeria ere, zehapenak ezartzeko zigorraren mende.

b) Amatasun-lizentzia ezartzea, soldata ordainduekin edo horren pareko gizarte-prestazioekin, aurretiazko enplegua, antzinatasuna edo gizarte-onurak galdu gabe.

c) Laguntza-izaerako gizarte-zerbitzuen alde egitea, horiek behar besteko kopuruan ezarriz, gurasoek batera ahal ditzaten familia-betebeharrak eta lan-ardurak; eta bizitza publikoan gurasoen parte hartzearen alde egitea, batik bat, haurrak zaintzeko zerbitzu-sarearen sorrera eta garapena suspertuz.

d) Haurdunaldian zehar emakumeari babes berezia eskaintzea, hain zuzen ere, berarentzat arriskutsuak izan daitezkeen lanetan.

3.Artikulu honetako gaien inguruko legeria babeslea aldizka aztertuko da ezagutza zientifiko eta teknologikoak aintzat hartuta, eta egoki denaren arabera berrikusi, indargabetu edo hedatuko da.

12. artikulua

1.Estatu-alderdiek egoki diren neurri guztiak hartuko dituzte emakumearen aurkako bereizkeria ezabatzeko mediku-arretaren esparruan, mediku-arretarako zerbitzuetara jo ahal izatea ziurtatzeko xedearekin, gizonen eta emakumeen arteko berdintasun-baldintzetan; zerbitzu horien artean izango dira, berebat, familia-plangintzari buruzkoak.

2.Goiko 1. paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe, estatu-alderdiek emakumeari zerbitzu egokiak bermatuko dizkiote, haurdunaldiari, erditzeari eta erditu osteko aldiari dagozkienez; hartara, doako zerbitzuak eskainiko dira, beharrezkoa denean, eta, haurdunaldiak eta edoskialdiak iraun bitartean, elikatze egokia ziurtatuko diote.

13. artikulua

Estatu-alderdiek egoki diren neurri guztiak hartuko dituzte emakumearen aurkako bereizkeria ezabatzeko ekonomia- eta gizarte-bizitzako beste esparru batzuetan, eskubide berberak ziurtatzeko xedearekin, gizonen eta emakumeen arteko berdintasun-baldintzetan, eta bereziki hurrengo eskubideak:

a) Familia-prestazioetarako eskubidea.

b) Banku-mailegu, hipoteka-mailegu eta finantza-kredituetarik beste mota batzuk lortzeko eskubidea.

c) Aisialdiko jardueretan, kiroletan eta kultura-bizitzako alde guztietan parte hartzeko eskubidea.

14. artikulua

1.Estatu-alderdiek kontuan hartuko dute, nekazaritza-arloko emakumeek zein arazo bereziei egin behar dieten aurre, eta emakume horien garrantzia euren familiaren ekonomia-biziraupenerako, ekonomiaren moneta-sektoreetatik kanpo gauzatutako lana ere aintzat hartuta; halaber, estatu-alderdiek egoki diren neurri guztiak hartuko dituzte, nekazaritza-guneetako emakumeei konbentzio honetako xedapenen aplikazioa ziurtatzeko.

2.Estatu-alderdiek egoki diren neurri guztiak hartuko dituzte nekazaritza-guneetan emakumearen aurkako bereizkeria ezabatzeko, emakumeen partaidetza ziurta dadin, gizonen eta emakumeen arteko berdintasun-baldintzetan, nekazaritzaren garapenean eta horrek eratorritako onuretan, eta, bereziki, hurrengo eskubideak ziurtatuko dizkiote emakumeari:

a) Maila guztietako garapen-planak egin eta betearaztean parte hartzea.

Mediku-arretako zerbitzu egokiak izatea, horietara familia-plangintzarako informazioa, aholkularitza eta zerbitzuak biltzen direla.

c) Gizarte Segurantzako programetatik zuzeneko onurak lortzea.

Hezkuntza- eta heziketa-mota guztiak izatea, akademikoak nahiz akademikoak ez direnak, alfabetatze funtzionalarekin zerikusia dutenak horien barne, bai eta zerbitzu erkideen eta zabaltze-zerbitzuen onurak lotzea ere, gaitasun teknikoa areagotzeko xedearekin.

e) Nork bere buruari laguntzeko taldeak nahiz kooperatibak antolatzea, ekonomia-aukerei begira berdintasuna lortzeko xedearekin, norberaren konturako edo inorentzako enpleguaren bidez.

f) Europako Erkidegoko jarduera guztietan parte hartzea.

g) Nekazaritza-kreditu nahiz -maileguak, merkaturatze-zerbitzuak eta teknologia egokiak izatea, eta nekazaritza-eraldaketako planetan eta berregite-planetan tratu bera izatea.

h) Bizitza-baldintza egokiak izatea, bereziki etxebizitzaren, osasun-zerbitzuen, elektrizitatearen eta ur-horniketaren, garraioaren eta komunikabideen esparruetan.

IV. zatia

15. artikulua

1.Estatu-alderdiek emakumeari aitortuko diote gizonarekiko berdintasuna legearen arabera.

2.Estatu-alderdiek emakumeari aitortuko dizkiote, gai zibiletan, gizonak duen gaitasun juridiko bera eta gaitasun hori gauzatzeko aukera berberak.Bereziki, estatu-alderdiek emakumeari aitortuko dizkiote kontratuak sinatzeko eta ondasunak administratzeko eskubide berberak, eta auzitegietako prozedura-etapa guztietan tratu bera eskainiko diote.

3.Estatu-alderdiek adostu dute deuseztzat hartuko dela emakumearen gaitasun juridikoa mugatzen duen kontratu oro edo beste edozein tresna pribatu, baldin eta horrek ondore juridikoa badu.

4.Estatu-alderdiek gizonari eta emakumeari eskubide berberak aitortuko dizkiete, pertsonen joan-etorri askearen eskubidea eta bizilekua nahiz egoitza aukeratzeko askatasuna barneratzen dituzten legearen aldetik.

16. artikulua

1.Estatu-alderdiek egoki diren neurri guztiak hartuko dituzte, emakumearen aurkako bereizkeria ezabatzeko ezkontzarekin eta familia-harremanekin zerikusia duten gai guztietan, eta, bereziki, hurrengoak ziurtatuko dituzte, gizonen eta emakumeen arteko berdintasun-baldintzetan:

a) Ezkontzeko eskubide bera.

b) Ezkontidea askatasunez aukeratu nahiz bere kontura eta adostasun osoz ezkontzeko eskubide bera.

c) Eskubide eta ardura berberak ezkonduta egon bitartean eta ezkontza desegitean.

d) Guraso gisa eskubide eta ardura berberak, euren egoera zibila edozein dela, seme-alabekin zerikusia duten gaietan; edozein kasutan, seme-alaben interesek lehentasuna izango dute.

e) Eskubide berberak, askatasunez eta arduraz erabakitzeko seme-alaben kopurua eta seme-alaben jaiotzen arteko denbora-tartea, eta eskubide horiek egikaritzea ahalbidetzen duten informazio, hezkuntza eta bideak izateko.

f) Eskubide eta ardura berberak, seme-alaben tutoretza, kuradoretza, zaintza eta adopzio edo antzeko erakundeei dagokienez, nazio-legerian kontzeptu horiek daudenean; edozein kasutan, seme-alaben interesek lehentasuna izango dute.

g) Senar-emazte gisa eskubide pertsonal berberak, eta horien artean abizena, lanbidea eta okupazioa aukeratzeko eskubidea.

h) Ezkontide bakoitzari eskubide berberak, ondasunen jabetza, erosketa, kudeaketa, administrazioa, gozamena eta xedatzeari dagokionez, dohainik nahiz kostu bidez.

2.Haurren ezkon-hitzek eta ezkontzak ez dute inolako ondore juridikorik izango, eta behar diren neurri guztiak hartuko dira, legegintzazkoak barne, ezkontzeko gutxieneko adina ezarri eta ezkontzaren inskripzioa nahitaez erregistro ofizial batean egiteko.

V. ZATIA

17. artikulua

1.Konbentzio hau aplikatzeko eman diren aurrerapausoak aztertzeko helburuarekin, emakumearen aurkako bereizkeria ezabatzeari buruzko komitea ezarriko da (aurrerantzean komitea deituko dena); berau osatuko dute hemezortzi adituk, konbentzioa indarrean jartzeko unean, eta hogeita hiru adituk, estatu-alderdietarik hogeita hamabosgarrenak konbentzioa berretsi edo horri atxiki ondoren, guztiak ere konbentzioaren esparruan moral aldetik ospetsuak eta gaitasun handikoak.Estatu-alderdiek hautatuko dituzte adituak, euren lurraldeko naziotasuna dutenen artean, eta aditu horiek euren eginkizunak beteko dituzte modu pertsonalean; kontuan hartuko dira bidezko banaketa geografikoa eta zibilizazio-mota desberdinen ordezkaritza, bai eta sistema juridiko nagusiak ere.

2.Komiteko kideak isilpeko botazio bidez hautatuko dira, estatu-alderdiek izendatutako pertsonen zerrenda batetik.Estatu-alderdi bakoitzak pertsona bat izendatu ahal izango du bere lurraldeko naziotasuna dutenen artetik.

3.Hasierako hautatzea egingo da konbentzio hau zein datatan indarrean jarri eta data horretatik sei hilabete igaro ondoren.Hauteskunde bakoitza zein datatan egin eta, gutxienez, data hori baino hiru hilabete lehenago, Nazio Batuetako idazkari nagusiak gutun bat bidaliko die estatu-alderdiei, euren hautagai-zerrendak bi hilabeteko epean aurkezteko gonbita eginez.Idazkari nagusiak, modu horretara izendatutako pertsona guztiekin, hurrenkera alfabetikoaren araberako zerrenda prestatuko du, pertsona horiek izendatu dituzten estatu-alderdiak zehaztuz; zerrenda horren berri estatu-alderdiei emango die.

4.Komiteko kideak estatu-alderdien bilera batean izendatuko dira; bilera horren deialdia idazkari nagusiak egingo du, eta bilera Nazio Batuen egoitzan egingo da.Bilera horretarako estatu-alderdien bi herenak osatuko du quoruma, eta komiterako hautatutzat joko dira boto gehien lortzeaz gain, bilerako estatu parte-hartzaile eta boto emaileen ordezkarien artetik botoen erabateko gehiengoa lortzen dituzten hautagaiak.

5.Komiteko kideak lau urterako aukeratuko dira.Hala ere, lehenengo hautaketan hautatutako bederatzi kideren agintaldia bi urte igaro ondoren amaituko da; lehenengo hautaketa egin eta berehala, komiteko lehendakariak zozketa bidez aukeratuko ditu bederatzi kide horien izenak.

6.Komiteko osterantzeko bost kideen hautaketa egingo da artikulu honetako 2, 3 eta 4. paragrafoetan xedatutakoaren arabera, estatuetarik hogeita hamabosgarrenak konbentzioa berretsi edo horri atxiki ondoren.Aldi horretan hautatutako bi kide gehigarriren agintaldia amaituko da bi urte igaro ondoren; euren izena komiteko lehendakariak aukeratuko du zozketa bidez.

7.Aurreikusi gabeko hutsuneak betetzeko, komitean zein estatu-alderdiko kidek utzi bere eginkizunak gauzatzeari eta horren estatuak izendatuko du beste aditu bat, bere lurraldeko naziotasuna dutenen artean, komiteak aditu hori onetsiko duelakoan.

8.Komiteko kideek, aldez aurretik biltzar orokorrak hala onetsita, zerbitzu-sariak jasoko dituzte Nazio Batuen funtsetatik, biltzarrak ezarri modu eta baldintzetan, komitearen eginkizunen garrantzia aintzat hartuta.

9.Konbentzio honen arabera, komitearen eginkizunak eragingarriak izan daitezen, Nazio Batuetako idazkari nagusiak  behar adina langile eta zerbitzu ezarriko ditu.

18. artikulua

1.Estatu-alderdiek Nazio Batuetako idazkari nagusiari txostena aurkezteko konpromisoa hartu dute, komiteak azter dezan; txosten hori izango da konbentzio honetako xedapenak eragingarri egiteko hartu dituzten legegintza-, epaiketa- eta administrazio-neurriei edo bestelako neurriei buruzkoa eta esangura horretan emandako aurrerapausoei buruzkoa. Bada, txosten hori aurkeztuko dute:

a) Kasuan kasuko estatuarentzat konbentzioa indarrean jarri eta urtebetera, eta

b) osterantzekoan, gutxienez, lau urterik behin, eta komiteak hala eskatzen duenean.

2.Txostenetan zehaztu ahal izango dira konbentzio honetako betebeharrak ez gauzatzeko orduan eragina izan duten inguruabar eta zailtasunak .

19. artikulua

1.Komiteak onetsiko du bere araudia.

2.Komiteak hautatuko du bere mahaia, bi urterako.

20. artikulua

1.Komitea, orokorrean, urtero bilduko da, gehienez ere, bi astez, konbentzio honen 18. artikuluarekin bat etorriz aurkezten zaizkion txostenak aztertzeko.

2.Komitearen bilerak, orokorrean, Nazio Batuetako egoitzan egingo dira edo komiteak egokitzat jotzen duen beste edozein tokitan.

21. artikulua

1.Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren bidez, komiteak urtero informatuko du bere jarduerez Nazion Batuetako Biltzar Orokorra, eta izaera orokorreko iradokizunak eta gomendioak egin ahal izango ditu, estatu-alderdiek igorritako txostenen eta datuen azterketak oinarri hartuta.Izaera orokorreko iradokizun eta gomendio horiek komitearen txostenera bilduko dira, estatu-alderdien oharrekin batera, halakorik balego.

2.Idazkari nagusiak komitearen txostenak igorriko dizkio Emakumearen Egoera Juridikoaren eta Gizarte-egoeraren Batzordeari, horren gaineko informazioa izan dezan.

22. artikulua

Antolakunde espezializatuek ordezkatuta egoteko eskubidea izango dute, konbentzio honetako xedapenen aplikazioa aztertzen denean, euren jarduera-esparrukoak diren xedapenei dagokienez.Komiteak gonbita egin ahal izango die antolakunde espezializatuei, txostena egin dezaten, euren jarduera-esparruetan konbentzioak duen aplikazioari buruz.

VI. ZATIA

23. artikulua

Konbentzio honetan xedatutakoak ez du eraginik izango gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko baliagarriagoa den beste edozein xedapeni begira; halako xedapenak jaso ditzaketen arauen artean izango dira:

a) Estatu-alderdi baten legeria; edo

b) Estatu horretan indarrean dagoen beste edozein konbentzio, tratatu edo nazioarteko akordio.

24. artikulua

Estatu-alderdiek konpromisoa hartu dute, nazio-esparruan behar diren neurri guztiak hartzeko, konbentzio honetan aitortutako eskubideak oso-osoan gauza daitezen.

25. artikulua

1.Konbentzio hau estatu guztiek sinatu ahal izango dute.

2.Nazio Batuetako idazkari nagusia izendatu da konbentzio honetako gordailuzain.

3.Konbentzio hau berretsi beharko da.Berreste-agiriak Nazio Batuetako idazkari orokorraren esku utziko dira gordailutu ditzan.

4.Konbentzio honi estatu guztiak atxiki ahal izango zaizkio.Atxikipena gauzatuko da atxikipen-agiria Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utzita, gordailutu dezan.

26. artikulua

1.Edozein unetan, estatu-alderdietarik edonork konbentzioaren berrikuspen-eskabidea egin ahal izango du, Nazio Batuetako idazkari nagusiari idatzizko komunikazioa eginez.

2.Nazio Batuen Biltzar Orokorrak erabakiko ditu, hala denean, eskabide horren inguruan hartu beharreko neurriak.

27. artikulua

1.Konbentzio hau indarrean jarriko da, berreste- edo atxikipen-agirietatik hogeigarrena zein datatan gordailutu, Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utzita, eta hogeita hamargarren egunean.

2.Berreste- edo atxikipen-agirietatik hogeigarrena gordailutu ondoren konbentzioa berresten edo horri atxikitzen zaion estatu bakoitzarentzat konbentzioa indarrean jarriko da, kasuan kasuko estatu horrek zein datatan gordailutu bere berreste- edo atxikipen-agiria eta hogeita hamargarren egunean.

28. artikulua

1.Estatuek berrespen- edo atxikipen-unean egindako erreserben testua Nazio Batuetako idazkari nagusiak jasoko du, eta testu hori estatu guztiei komunikatuko die.

2.Ez da onartuko konbentzioaren xedearekin eta asmoarekin bateraezina den erreserbarik.

3.Erreserba oro edozein unetan kendu ahal izango da, Nazio Batuetako idazkari nagusiari ondore horietarako jakinarazpena eginez; idazkari nagusiak horren berri emango die estatu guztiei.Jakinarazpen horrek ondoreak sortuko ditu berori jasotzeko datan.

29. artikulua

1.Konbentzioaren interpretazioari edo aplikazioari dagokionez, estatu-alderdi bi edo gehiagoren artean sortzen den eztabaida oro tartekaritzaren mende utziko da, euretako baten batek hala eskatuta, betiere, eztabaida negoziazio bidez konpondu ez bada.Tartekaritza-eskabidea aurkeztu eta sei hilabeteko epean alderdiak ez badira ados jartzen tartekaritza-motaren gainean, alderdietarik edonork utzi ahal izango du eztabaida Nazioarteko Justizia Gortearen esku, Gortearen estatutuarekin bat datorren eskabidea aurkeztuta.

2.Estatu-alderdi orok, konbentzio hau sinatu nahiz berresteko unean edo horri atxikitzeko unean, adierazi ahal izango du artikulu honetako 1. paragrafoak ez duela berau behartzen.Paragrafo horrek gainerako estatu-alderdiak ez ditu behartuko erreserba hori egin duten estatuei begira.

3.Artikulu honetako 2. paragrafoko erreserba egin duen estatu orok edozein unetan kendu ahal izango du hori, Nazio Batuetako idazkari nagusiari hala jakinarazita.

30. artikulua

Konbentzio hau, Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utziko da, gordailutu dezan; berebat, konbentzioaren testuak kautoak izango dira, arabiarrez, txinatarrez, espainolez, frantsesez, ingelesez eta errusieraz.

Horren guztiorren lekukotza gisa, behean sinatzen dutenek, behar bezala baimenduta, emakumearen aurkako bereizkeria-mota guztiak ezabatzeko Konbentzioa sinatu dute.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra