Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Quinta edición Premios Adrián Celaya

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Naziotasuna, aberri gabetasuna, asiloa eta errefuxiatuak

Errefuxiatuen estatutuari buruzko Konbentzioa

1951-07-26

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Nazio Batuen Erakundea

Errefuxiatuen estatutuari buruzko Konbentzioa

Errefuxiatuen eta Aberrigabeen Estatutuari buruzko Ahalguztidunen Konferentziak (Nazio Batuak), 1951eko uztailaren 26an onetsia, Biltzar Orokorrak, 1950eko irailaren 14ko 429 (V) ebazpenean egindako deialdian

Indarrean jartzea:1954ko apirilaren 22an, 43. artikuluarekin bat etorriz.

Atarikoa

Alderdi kontratugile gorenek,

Kontuan harturik Nazio Batuen Gutunak eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak, Nazio Batuen Biltzar Orokorrak 1948ko abenduaren 10ean onetsi zuenak printzipio hau berretsi dutela, alegia, gizakiek eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak izango dituztela, inolako bereizketarik gabe,

Kontuan harturik, Nazio Batuek hainbat aldiz adierazi dutela errefuxiatuenganako interesa, eta ahaleginak egin dituztela haiei ziurtatzeko euren eskubideak eta oinarrizko askatasunak egikari ditzaten ahal den modurik zabalenean,

Kontuan harturik komenigarria dela berrikustea eta indartzea errefuxiatuen estatutuari buruzko aurreko nazioarteko akordioak eta akordio berri baten bitartez, instrumentu horien aplikazioa eta instrumentu horiek errefuxiatuei ematen dien babesa zabaltzea,

Kontuan harturik asilo-eskubideak zama handia ekar dezakeela herrialde batzuentzat eta Nazio Batuek aitortu dituzten arazoen konponbide egokia ezin daitekeela lortu nazioarteko elkartasunik gabe, arazo horien irismena eta izaera nazioartekoak baitira,

Adieraziz halako gogoa, estatu guztiek, errefuxiatuen arazoak duen gizarte nahiz giza izaera aitortu eta ahal duten guztia egin dezaten arazo hori estatuen arteko tirabiren iturburua ez izateko,

Gogoan harturik errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisioaren eginkizuna dela errefuxiatuen babesa ziurtatzen duten nazioarteko konbentzioen aplikazioaren ardura, eta aitortuz arazoa konpontzeko hartutako neurriak eraginkortasunez koordinatzea estatuen eta Goi Komisarioaren arteko lankidetzaren mende dagoela,

Hurrengo xedapenak hitzartu dituzte:

I. Kapitulua: Xedapen orokorrak

1. artikulua.- “Errefuxiatu” hitza definitzea

Konbentzio honen ondorioetarako, “errefuxiatu” hitza aplikatuko zaie honako pertsona hauei:

1) Errefuxiatu gisa aitortuak izan direnei, 1926ko maiatzaren 12ko eta 1928ko ekainaren 30eko Akordioen arabera, 1933ko urriaren 28ko eta 1938ko otsailaren 10eko Konbentzioaren arabera, 1939ko irailaren 14ko Protokoloaren arabera edo Errefuxiatuen Nazioarteko Erakundearen Konstituzioaren arabera.

Errefuxiatuen Nazioarteko Erakundeak, bere jardueren aldian emandako ezezko erabakiek ez dute galaraziko errefuxiatu izaera aitortzea, atal honen 2. paragrafoan ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonei.

2) 1951eko urtarrilaren 1a baino lehenago jazotako gertaeren ondorioz eta arraza-, erlijio-, naziotasun-arrazoiengatik edota gizarte-talde zehatz baten kide izateagatik edo iritzi politikoengatik pertsegitua izango delako beldurraren ondorioz, horrek zein herrialdetako naziotasuna izan eta herrialde horretatik kanpo badago eta aipatu beldurrengatik, herrialde horren babesa jaso ezin dutenean edo nahi ez dutenean; edota naziotasunik izan gabe, ohiko bizilekua lehen zein herrialdetan izan zuen eta herrialde horretatik kanpo badago, gertaera horien ondorioz eta ezin duenean edota, delako beldurrengatik, nahi ez duelako herrialde horretara itzuli.

Naziotasun bat baino gehiago duten pertsonen kasuetan, “bere naziotasunaren herrialdekoa” esamoldeak barruratzen du pertsona horiek herrialde batzuen naziotasuna izan eta herrialde horietatik edozein; eta ezin esan daiteke pertsona batek, bere naziotasuna zein herrialdetakoa izan eta herrialde horren babesik ez duenik, pertsona horrek herrialde batzuen naziotasunak baditu eta ganorazko beldurrean oinarritutako bidezko arrazoirik gabe, bere burua jartzen ez badu herrialde horietako baten babespean.

B.1) Konbentzio honen helburuetarako, A atalaren 1. artikuluan adierazten den "1951eko urtarrilaren 1a baino lehenago jazotako gertaerak" esamoldeak biltzen ditu:

a) “1951eko urtarrilaren 1a baino lehenago Europan jazotako gertaerak”, edo

a) “1951eko urtarrilaren 1a baino lehenago Europan edo beste toki batean jazotako gertaerak”;

eta estatu kontratugile bakoitzak, sinadura-, berrespen- edo atxikimendu-unean adierazpen bat egingo du eta bertan zehaztuko du esamolde horri eman nahi dion garrantzia, Konbentzio honen arabera bere gain hartu dituen betebeharrei dagokienez.

2) “a” formula hartu duen estatu kontratugile orok edozein unetan ahal izango du bere betebeharrak zabaldu, “b” formula hartuta, Nazio Batuen Idazkari Nagusiari jakinarazi ondoren.

C. Jarraian zerrendatutako kasuetan, Konbentzio hau ez zaio aplikatuko aurreko A atalaren xedapenean barneratutako pertsona orori:

1) Pertsona horrek zein herrialdetako naziotasuna izan eta bere burua, berriro ere eta borondate osoz herrialde horren babespean jarri badu, edo

2) Naziotasuna galdu ondoren, halakoa berriro eskuratu badu borondate osoz; edo

3) Beste naziotasun bat hartu badu eta naziotasun berri horri dagokion herrialdearen babesa badu; edo

4) Beste behin ere, bere burua borondate osoz jarri badu herrialde batean, herrialde hori lehen utzi zuela edo hortik kanpora egon zela, pertsegitua izango zelako beldurrez; edo

5) Errefuxiatu gisa aitortua izan zeneko inguruabarrak desagertu direlako eta horren ondorioz, ezin badu ukatu halako babesa, bere naziotasuna zein izan eta horri dagokion herrialdearena.

Nolanahi ere, ulertzen da paragrafo honen xedapenak ez zaiela aplikatuko artikulu honen A ataleko 1. paragrafoan aipatu errefuxiatuei, horiek adierazi ahal badituzte, euren naziotasunari dagokion herrialdearen babesari uko egiteko, halako arrazoi sendoak, aurrerago nozitutako pertsekuzioetan oinarrituak.

6) Naziotasunik gabeko pertsona bada eta berori errefuxiatu gisa aitortua izan zeneko inguruabarrak desagertu badira, pertsona hori, aurrerago zein herrialdetan izan bere ohiko bizilekua eta, bertara itzultzeko moduan badago.

Nolanahi ere, ulertzen da paragrafo honen xedapenak ez zaiela aplikatuko artikulu honen A ataleko 1. paragrafoan aipatu errefuxiatuei, horiek adierazi ahal badituzte, euren naziotasunari dagokion herrialdearen babesari uko egiteko, halako arrazoi sendoak, aurrerago nozitutako pertsekuzioetan oinarrituak.

D. Konbentzio hau ez zaie aplikatuko nori eta, gaur egun, Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisioarengandik aparte, bestelako Nazio Batuen organo edo erakunde baten babesa edo laguntza jasotzen duten pertsonei.

Babes edo laguntza hori edozein arrazoirengatik amaitzen denean, eta pertsona horien egoera behin betiko konpondu ez bada, Nazio Batuen Biltzar Orokorrak horren inguruan onetsitako ebazpenen arabera, pertsona horiekipso facto izango dute Konbentzio honen erregimenaren onurak izateko eskubidea.

E. Konbentzio hau ez zaie aplikatuko nori eta, bizilekua zein herrialdetan finkatu eta herrialde horretako agintari eskudunek herrialde horren naziotasunari datxezkion eskubideak eta betebeharrak aitortzen dizkien pertsonei

F. Konbentzio honen xedapenak ez zaio pertsona bati aplikatuko, baldin eta, oinarrizko arrazoiak badira uste izateko:

a) Pertsona horrek delitua egin duela bakearen aurka, gerrako delitua edo gizateriaren aurka, delituok barruratuta egonik nazioarteko instrumentuetan, delitu horiei buruzko xedapenak jasotzen dituztenetan;

b) Delitu arrunta eta astuna egin duela, babes-herrialdetik kanpo, herrialde horretan errefuxiatu gisa onartua izan aurretik;

c) Nazio Batuen helburuen eta printzipioen aurkako egintzak egiteagatik erruduna dela.

2. artikulua. Betebehar orokorrak

Errefuxiatu orok, zein herrialdetan egon eta herrialde horri dagokionez, betebeharrak baditu, betebehar horiek bereziki legeen eta erregelamenduen aurrean men egitea dakarte, eta, era berean, ordena publikoa zaintzeko onartutako neurriak ontzat ematea.

3. artikulua. Bereizkeria debekatzea

Estatu kontratugileek Konbentzio honen xedapenak aplikatuko dizkie errefuxiatuei, inolako bereizkeriarik gabe, arraza-, erlijio- edo jatorrizko herrialde-arrazoiengatik.

4. artikulua. Erlijioa

Estatu kontratugileek, euren lurraldean dauden errefuxiatuei emango diete gutxienez euren nazionalei ematen dieten besteko tratu onuragarria, euren erlijioa praktikatzeko askatasunari eta euren semeei erlijio-heziketa emateko askatasunari dagokienez.

5. artikulua.- Konbentzio hau kontuan hartu gabe emandako eskubideak

Konbentzio honen xedapenak ezin izango dira interpretatu estatu kontratugileek, Konbentzio hau kontuan hartu gabe, errefuxiatuei emandako eskubide eta onuren kaltetan.

6. artikulua.- “Inguruabar berberetan” esamoldea

Konbentzio honen ondorioetarako, “inguruabar berberetan” esamoldeak adierazi nahi du interesdunak, errefuxiatua izango ez balitz zein baldintza eskatu eta baldintza horiek guztiak bete behar dituela (batik bat egonaldiaren eta bizialdiaren iraupenari eta aurreko horien baldintzei dagokienez) kasuan kasuko eskubidea egikari ahal izateko; errefuxiatuak, bere izaeragatik, bete ezin dituen baldintzak salbu.

7. artikulua.- Elkarrekikotasunaren salbuespena

1.Konbentzio honetan aurreikusitako xedapen mesedegarriagoei kalterik egin gabe, estatu kontratugile orok emango die errefuxiatuei orokorrean atzerritarrei ematen dien tratu berbera.

2.Estatu batean hiru urte bizi ondoren, errefuxiatu guztiek izango dute estatu kontratugileen lurraldean lege-elkarrekikotasunaren salbuespena.

3.Estatu kontratugile orok jarraituko du errefuxiatuei dagozkien eskubide eta onurak ematen, nahiz eta elkarrekikotasunik ez egon, estatu horretan Konbentzio hau indarrean jartzen den datan bertan.

4.Estatu kontratugileek borondate onez aztertuko dute, nahiz eta euren arteko elkarrekikotasun izan ez, zer eta, errefuxiatuei, 2 eta 3. paragrafoaren arabera dagozkien eskubide eta onuraz gain, beste batzuk ere emateko aukera, eta elkarrekikotasun salbuespena 2 eta 3. paragrafoetan aurreikusitako baldintzek biltzen ez dituzten errefuxiatuei ere luzatzea..

5.2 eta 3. paragrafoen xedapenak aplikatuko dira, dela Konbentzio honen 13, 18, 19, 21 eta 22. artikuluetan aurreikusitako eskubide eta onurei, dela Konbentzioan aurreikusten ez diren eskubide eta onurei ere..

8. artikulua.- Ezohiko neurrien salbuespena

Estatu atzerritar baten nazionala den pertsona, ondasun edo interesen aurka onetsi daitezkeen salbuespen-neurriei dagokienez, estatu kontratugileek ez dizkiete modu ofizialean estatu horren nazionalak diren errefuxiatuei neurri horiek aplikatuko, horretarako arrazoi bakarra bada estatu horren naziotasuna izatea.Estatu kontratugileek ezin dutenean euren legeen arabera artikulu honetan aipatu printzipio orokorra aplikatu, orduan, dagozkien kasuetan, errefuxiatuen mesederako salbuespenak emango dituzte.

9. artikulua. Behin-behineko neurriak

Konbentzio honen xedapenek ez dute eragotziko, gerra denboran edo beste inguruabar larrietan eta salbuespenekoetan, estatu kontratugile batek behin-behineko izaeraz har ditzan, pertsona zehatz bati dagokionez, halako neurriak, horiek nahitaezko iruditzen bazaizkio nazio-segurtasunerako; noiz eta delako estatu kontratugileak zehaztu arte pertsona hori benetan errefuxiatua den, eta, hala denean, neurri horiekin jarraitzea beharrezkoa den nazio-segurtasunerako.

10. artikulua.- Bizilekuan jarraitzea

1.Errefuxiatua Bigarren Mundu Gerran erbesteratua izan bada eta estatu kontratugilearen lurraldera eraman badute, eta orain hor bertan bizi bada, nahitaezko bizialdi horren epea lurralde horretan eginiko lege-bizialdi moduan hartuko da.

2.Errefuxiatua estatu kontratugile baten lurraldetik erbesteratua izan bada Bigarren Mundu Gerran, eta estatu horretara itzuli bada Konbentzio hau indarrean jarri aurretik, bertan bizilekua ezartzeko, erbesteratzearen aurreko eta atzeko aldia etengabeko aldi moduan hartuko da, etengabeko bizialdia eskatzen den kasu guztietan.<.

11. artikulua.- Itsasgizon errefuxiatuak

Estatu kontratugile baten bandera daraman itsasontziko tripulazio kide gisa eskuarki enplegatutako errefuxiatuen kasuan, estatu horrek borondate onez aztertuko du errefuxiatu horiek estatu horren lurraldean bizitzeko baimena izatea eta horiei bidaia-agiriak emateko aukera edota horiek aldi baterako estatu horren lurraldean onartzeko aukera, batik bat, beste herrialde batean bizi ahal izatea errazteko helburuarekin.

II. Kapitulua: Egoera juridikoa

12. artikulua. Estatutu pertsonala

1.Errefuxiatu bakoitzaren estatutu pertsonala zein herrialdetan izan egoitza eta herrialde horren legeak arautuko du, eta egoitzaren ezean, bizilekua zein herrialdetan izan eta herrialde horren legeak.

2.Estatu kontratugile orok errespetatu beharko ditu errefuxiatu bakoitzak aurretiaz eskuratutako eskubideak, estatutu pertsonalaren mende daudenak, bereziki, ezkontzak eragin dituenak, betiere, eskubide hori estatuaren legeriak aitortu badu, artean interesduna errefuxiatu bihurtu ez bada

13. artikulua.- Ondasun higigarriak eta higiezinak

Estatu kontratugileek errefuxiatu orori ahal den traturik mesedegarriena emango diote eta inola ere ez, orokorrean inguruabar berberetan atzerritarrei ematen zaiena baino onura gutxiago dakarrena, ondasun higiezinak eta higigarriak erosteari dagokionez eta ondasun higiezinei eta higigarriei lotutako beste eskubide, errentamendu eta bestelako kontratuei dagokienez.

14. artikulua.- Jabetza intelektualaren eta industria-jabetzaren eskubideak

Industria-jabetza babesteari dagokionez, eta batik bat, asmaketei, marrazki eta modelo industrialei, fabrika-markei, izen komertzialei eta jabetza literarioaren inguruko egile-eskubideei dagokienez, errefuxiatu orori, zein herrialdetan izan ohiko bizilekua eta herrialde horretan emango zaio herrialde horren nazionalei emandako babes berbera.Beste edozein estatu kontratugileren lurraldean emango zaio lurralde horretan zein herrialdetan izan ohiko bizilekua eta herrialde horren nazionalei emandako babes berbera.

15. artikulua.- Elkartzeko eskubidea

Elkarte ez politikoei, irabazi-asmorik gabekoei eta sindikatuei dagokienez, estatu kontratugileek estatu horien lurraldeetan legez bizi diren errefuxiatuei traturik mesedegarriena emango diete; nolanahi ere, inguruabar berberetan orokorrean atzerritarrei emandakoa baino onura gutxiago ez dakarrena.

16. artikulua Auzitegietara jotzea

1.Estatu kontratugileen lurraldean, errefuxiatu orok askatasuna izango du auzitegietara jotzeko.

2.Errefuxiatu orok, bere ohiko bizilekua zein estatu kontratugiletan izan eta estatu horrengandik jasoko du nazionalak duen tratu berbera, auzitegietara jotzeari dagokionez, gizarte-laguntza etacautio judicatum solvisalbuespena barne.

3.Errefuxiatuak ohiko bizilekua zein estatutan izan eta 2. paragrafoak aipatu gaiei dagokienez, gainerako estatu kontratugileen lurraldean halako tratua jasoko du, ohiko bizilekua zein herrialdetan izan eta herrialde horren nazionalak jasoko duen tratu bera.

III. Kapitulua: Irabazi-asmoa duten jarduerak

17. artikulua. Ordaindutako enplegua

1.Ordaindutako enplegua izateko eskubideari dagokionez, estatu kontratugile orok estatu horien lurraldeetan legez bizi diren errefuxiatuei, inguruabar berberetan herrialde atzerritarren nazionalei emandako traturik mesedegarriena emango diete.

2.Edonola ere, atzerritarrei edo atzerritarren enpleguari buruzko neurri murriztaileak, nazioko lan-merkatua babesteko hartzen direnak, ezin izango zaie errefuxiatuei aplikatu, horiek halakoetatik salbuetsita daudelako, Konbentzio hau indarrean jartzen den datatik, estatu kontratugile interesdunari dagokionez, edota ondorengo baldintzetatik bat betetzen badute:

a) Herrialdean hiru urteko bizialdia izatea;

b) Baldin eta horren ezkontideak badu, errefuxiatuak bizilekua zein herrialdetan izan eta, horren naziotasuna;Errefuxiatuak ezin izango ditu xedapen honen onurak eskatu, ezkontidea uzten badu;

c) Zein herrialdetan bizi eta, herrialde horren naziotasuna duten seme-alabaren bat edo gehiago izatea.

3.Estatu kontratugileek borondate onez aztertuko dute, ordaindutako enpleguak betetzeari dagokionez, errefuxiatu guztien eskubideak eta nazionalen eskubideak parekatzea, batez ere, estatu horietako lurraldean eskulan kontratu-programei esker eta immigrazio-planei esker sartu diren errefuxiatuentzat.

18. artikulua.- Norberaren konturako lana

Estatu kontratugile orok estatu horren lurraldean dauden errefuxiatuei ahalik eta traturik mesedegarriena emango die eta, inola ere ez, inguruabar berberetan, orokorrean atzerritarrei emandakoa baino onura gutxiago dakarrena, norberaren kontura nekazaritzan, industrian, eskulangintzan eta merkataritzan lan egiteko eskubideari dagokionez, eta merkataritza- eta industria-konpainiak ezartzeko eskubideari dagokionez.

19 artikulua.- Lanbide liberalak

1.Estatu kontratugile orok bere lurraldean legez dauden errefuxiatuei, estatu horren agintari eskudunek aitortutako diplomak dituztenei eta lanbide liberaletan jardun nahi dutenei, ahalik eta traturik mesedegarriena emango die eta, inola ere ez, inguruabar berberetan, orokorrean atzerritarrei emandakoa baino onura gutxiago dakarrena.

2.Estatu kontratugileek ahalegin guztiak egingo dituzte, euren lege eta konstituzioen arabera, errefuxiatu horiek kokatzeko metropoliaz besteko lurraldeetan, lurralde horien nazioarteko harremanen ardura dutenean.

IV. Kapitulua: Ongizatea

20. artikulua.- Errazionamendua

Biztanleria oso-osorik errazionamendu-sistemaren mende dagoenean, eta horrek banaketa orokorra arautzen duenean elikagaiak urri direlako, errefuxiatuek nazionalen tratu berbera jasoko dute.

21. artikulua.- Etxebizitza

Etxebizitza dela eta, legeek eta erregelamenduek arautzen duten heinean edota agintari ofizialen kontrolaren mende dagoen heinean, estatu kontratugileek euren lurraldeetan legez dauden errefuxiatuei ahalik eta traturik mesedegarriena emango diete eta, inola ere ez, inguruabar berberetan, orokorrean atzerritarrei emandakoa baino onura gutxiago dakarrena..

22. artikulua. Hezkuntza publikoa

1.Estatu kontratugileek nazionalei ematen dieten tratu berbera emango diete errefuxiatuei, oinarrizko irakaskuntzari dagokionez.

2.Estatu kontratugileek errefuxiatuei ahalik eta traturik mesedegarriena emango diete eta, inola ere ez, inguruabar berberetan, orokorrean atzerritarrei emandakoa baino onura gutxiago dakarrena, oinarrizko irakaskuntza ez den horri dagokionez eta, bereziki, ikasketak jasotzeari, atzerrian egindako ikasketa-ziurtagiriak aitortzeari, ordainsarien eta zamen salbuespenari eta bekak emateari dagokienez.<

23. artikulua. Laguntza publikoa

Estatu kontratugileek estatu horien lurraldeetan legez dauden errefuxiatuei euren nazionalei emandako tratu bera emango diete, laguntza eta sorospen publikoari dagokienez.

24. artikulua. Lan-legeria eta gizarte segurantza

1.Estatu kontratugileek estatu horien lurraldeetan legez dauden errefuxiatuei euren nazionalei emandako tratu bera emango diete, ondorengo gaiei dagokienez.

a) Ordainketa, familia-diru laguntzak barne, horiek ordainketa osatzen dutenean, lanorduak, laneko aparteko orduei buruzko xedapenak, ordaindutako oporrak, etxean lan egiteko murrizketak, enplegurako gutxieneko adina, lanbide-ikaste eta -heziketa, emakumeen eta nerabeen lana eta lanerako kontratu kolektiboen onurak baliatzea, gai horiek legeek eta erregelamenduek arautzen dituzten neurrian, edo administrazio-agintarien menpe dauden heinean;

b) Gizarte-aseguruak (lan-istripuei buruzko lege-xedapenak, amatasuna, baliaezintasuna, zahartzaroa, heriotza, langabezia, familia-erantzukizunak eta gizarte-aseguru plan batek aurreikusten duen beste edozein gertakizun, nazio-lege edo -erregelamenduekin bat etorriz) hori guztiori ondorengo mugen mende:

i) Xedapen egokien aukera, eskuratutako eskubideak eta eskuratu daitezkeenak gordetzeko;

ii) Zein herrialdetan izan bizilekua eta herrialde horren nazio-legeek eta -erregelamenduek xedapen berezietan arautzeko aukera, zeri buruz eta, irabaziei edo irabazietan parte hartzeari buruz, horiek osotasunean diru publikoarekin ordaindu behar direnean, edota pentsio arrunta jasotzeko araututako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonei ordaindu beharreko diru-laguntzei buruz.

2.Lan-istripuen edo lanbide-gaixotasunaren ondorioz errefuxiatu bat hiltzeagatik kalte-ordaina jasotzeko eskubidea badago, eskubide horri ez dio kalterik egingo eskubideduna estatu kontratugilearen lurraldetik kanpo bizitzeak.

3.Estatu kontratugileek errefuxiatuei zabalduko dizkiete euren artean hitzartutako edo hitzar daitezkeen erabakien onurak, gizarte-segurantzaren arloan eskuraturiko eskubide edo eskuratzeko bidean dauden eskubideei dagokienez, eta onura horiek kasuan kasuko erabakiak sinatu dituen estatuetako nazionalei aplikatzen zaizkien baldintzen mende geratuko dira soil-soilean.

4.Estatu kontratugileek borondate onez aztertuko dute errefuxiatuei aplikatzea, ahal den guztian, antzeko akordioek eragindako onurak, horiek indarrean badaude edo indarrean jarriko badira estatu kontratugile eta ez kontratugileen artean.

V. kapitulua:Administrazio-neurriak

25. artikulua.- Administrazio-laguntza

1.Errefuxiatuak eskubide baten egikaritzarako agintari atzerritarren laguntza eskuarki behar duenean eta horiengana ezin badu berak jo, errefuxiatua zein estatu kontratugilearen lurraldetan bizi eta estatu horrek hartuko ditu beharrezko xedapenak bere agintariek edo nazioarteko agintari batek eman diezaioten laguntza hori.

2.1. paragrafoan aipatu agintariek errefuxiatuei luzatuko dizkiete edo euren ikuskaritzapean halakoa egitea aginduko dute, zer eta, eskuarki atzerritarrei euren agintari nazionalek edo horien bitartez luzatuko lizkieketen agiri eta ziurtagiriak.

3. Horrela luzatutako agiri eta ziurtagiriek ordezkatuko dituzte atzerritarrei agintari nazionalek edo horien bitartez egindako agerkari ofizialak eta fede emango dute, kontrakoa frogatzen ez bada.

4.Errefuxiatu behartsuei ematen zaien salbuespenezko tratuari kalterik egin gabe, artikulu honetan aipatu zerbitzuei tasak ezarri dakieke, baina tasa horiek neurrizkoak izango dira eta antzeko zerbitzuengatik nazionalek dituzten araberakoak

5.Artikulu honen xedapenek ez diete kalterik egiten 27 eta 28. artikuluei.

26, artikulua.- Askatasunez zirkulatzea

Estatu kontratugile orok bere lurraldean dauden errefuxiatuei emango die lurralde horretan bizitzeko tokia aukeratzeko eskubidea eta bertan askatasunez zirkulatzeko eskubidea, betiere, inguruabar berberetan orokorrean atzerritarrei aplikatzen zaizkien erregelamenduak betetzen badituzte.

27. artikulua.- Nortasun-agiriak

Estatu kontratugileek estatu horien lurraldean dauden errefuxiatu orori emango dizkiote nortasun-agiriak, bidaiatzeko baliodun agiririk ez duenean.

28. artikulua.- Bidaia-agiriak

1.Estatu kontratugileek estatu horien lurraldean legez dauden errefuxiatuei bidaia-agiriak luzatuko dizkiete, lurraldetik kanpora joan ahal daitezen, hori ez egiteko ezinbesteko arrazoiak egon ezik, nazio-segurtasunari begira; Konbentzio honen eranskinaren xedapenak agiri horiei aplikatuko zaizkie<.Estatu kontratugileek estatu horien lurraldean dagoen beste edozein errefuxiaturi luzatu ahal izango dizkiote bidaia-agiri horiek; eta estatuek borondate onez tratatuko dituzte errefuxiatuak, horiek estatu horien lurraldeetan eurek legez zein herrialdetan egon eta herrialde horretako bidaia-agiririk lortu ezin dutenean.

2.Estatu kontratugileek aitortu beharko dizkiete errefuxiatuei zer eta, aldez aurreko Nazioarteko akordioen arabera partaide direnen aldetik luzatutako bidaia-agiriak, eta, era berean, aintzat hartuko dituzte agiriok, artikulu honen arabera luzatuak izan balira legez.

29.artikulua. Karga fiskalak

1.Estatu kontratugileek ez diete errefuxiatuei inolako tasarik, kargarik edo zergarik ezarriko, baldin eta halakoak estatu horiek antzeko baldintzetan diren nazionalei eskatzen edo eskatzeko moduan daudenekin bat ez badatoz edo horiek gainditzen badituzte.

2.Aurreko paragrafoan xedatutakoak ez du eragozten atzerritarrei ezarritako tasei dagozkien lege eta erregelamenduak errefuxiatuei aplikatzea, administrazio-agiriak luzatzearren, nortasun-agiriak barne.

30 artikulua.- Hartzekoen transferentzia

1.Estatu kontratugile bakoitzak, bere lege eta erregelamenduekin bat etorriz, baimena emango die errefuxiatuei, berlekukotzeko helburuarekin zein herrialdetan onartuak izan eta, herrialde horretara transferitzeko, estatu haren lurraldera eurekin eramandako hartzekoak.

2.Estatu kontratugile bakoitzak borondate onez aztertuko ditu errefuxiatuek egindako eskabideak, edonon daudela ere, onartuak izan diren herrialdean berlekukotzeko beharrezko hartzekoak transferitzeko.

31. artikulua.- Babes-herrialdean legez kanpo dauden errefuxiatuak

1.Estatu kontratugileek ezin izango diete zigor-zehapenik ezarri estatu horien lurraldeetan legez kanpo sartu diren edo bertan dauden errefuxiatuei; halakoak zuzenean heldu direnean euren bizitza edo askatasuna mehatxatuta zeuden lurraldetik, 1. artikuluan aurreikusten den moduan, baldin eta estatu horien lurraldean baimenik gabe sartu badira edo bertan badaude; horretarako, atzerapenik gabe euren buruak agintarien aurrean aurkeztuko dituzte eta bidezko arrazoiren bat adierazi beharko dute, legez kanpoko sarrera eta egonaldia zuritzeko.

2.Estatu kontratugileek errefuxiatuei ez dizkiete aplikatuko beharrezko zirkulazio-murrizketak baino; eta murrizketa horiek bakar-bakarrik aplikatuko zaizkie herrialde horretan euren egoera erregularizatu arte edota errefuxiatua beste herrialde batean onartua izan arte. Estatu kontratugileek errefuxiatu horri bidezko epe bat emango diote eta beharrezko erraztasun guztiak, beste herrialdean onartua izan dadin.o

32. artikulua.- Kanporatzea

1. Estatu kontratugileek ez dute estatu horien lurraldean legez dagoen errefuxiaturik kanporatuko, nazio-segurtasunari edo ordena publikoari begira, horretarako arrazoiak egon ezik.

2.Errefuxiatua bakar-bakarrik kanporatuko da, hala denean, indarrean dauden prozeduren arabera hartutako erabakiarekin bat etorriz.Nahitaezko nazio-segurtasun arrazoirik egon ezean, errefuxiatuari baimena emango zaio bere buruaren mesederako zuribide-frogak aurkezteko, gora jotzeko errekurtsoa jartzeko eta ondorio honetarako, ordezkariaren bitartez agintari eskudunaren aurrean edo agintari eskudunak beren-beregi izendatutako hainbat pertsonen aurrean agertzeko.

3.Estatu kontratugileek, kasu horretan, bidezko epea emango diote errefuxiatuari, epe horren barruan bidera dezan legezko onarpena beste herrialde batean.Estatu kontratugileek euren eskubidea erreserbatzen dute, epe horretan, barruko ordenaren beharrezko neurriak aplikatzeko.

33. artikulua.- Kanporatzeko eta itzultzeko debekua "(“errefusatze”)

1.Estatu kontratugile batek ezin izango du, inola ere, kanporatze- edo itzultze-neurriak direla eta, errefuxiaturik utzi halako lurraldeen mugetan, lurralde horietan bere bizitza edo askatasuna arriskuan badaude arraza-, erlijio- edo naziotasun-arrazoiengatik, gizarte-talde zehatz batekoa izateagatik, edota bere iritzi politikoengatik.

2.Hala ere, errefuxiatu batek ezin izango ditu xedapen honen onurak eskatu, baldin eta errefuxiatu hori zein herrialdetan egon eta uste bada, arrazoi oinarridunak tartean izanik, errefuxiatu hori arriskutsua dela herrialde horren segurtasunari begira, edota, delitu oso astuna egiteagatik behin betiko zigortua izan eta herrialde horren erkidegoarentzat arriskutsua dela.

34. artikulua.- Bertakotzea

Estatu kontratugileek, ahal dela, erraztasunak emango dizkiete errefuxiatuei, horiek berdinetsi eta bertakotu daitezen.Ahaleginak egingo dituzte, bereziki, bertakotze-izapideak arintzeko eta izapideen tasak eta gastuak ahalik eta gutxien izateko.

VI. Kapitulua: Xedapen iragankorrak eta betearazpen-xedapenak

35. artikulua.- Nazio-agintarien eta Nazio Batuen arteko lankidetza

1.Estatu kontratugileek, euren eginkizunak betetzeko, konpromisoa hartzen dute Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisioaren Bulegoarekin lankidetzan aritzeko, edo horren ondorengo izan daitekeen Nazio Batuen beste edozein erakunderekin; izan ere, estatu kontratugileek bereziki lagunduko diote Bulegoari Konbentzio honen xedapenak aplikatzen direla zaintzeko zereginetan.

2.Estatu kontratugileek konpromisoa hartzen dute Goi Komisarioaren Bulegoari edo horren ondorengo izan daitekeen Nazio Batuen edozein erakunderi modu egokian emateko, horiek eskatzen dituzten informazioa eta datu estatistikoak, eurok Nazio Batuen erakunde eskudunei txostenak aurkezteko. Datu horiek dira, besteak beste:

a) Errefuxiatuen egoera;

b) Konbentzio honen betearazpena, eta

c) Errefuxiatuei dagozkien lege, erregelamendu eta dekretuak, indarrean daudenak edo indarrean jarriko direnak.

36. artikulua.- Nazio-legeei eta -erregelamenduei buruzko informazioa

Estatu kontratugileek Nazio Batuen Idazkari Nagusiari jakinaraziko dizkiote Konbentzio honen aplikazioa bermatzeko aldarrikatzen dituzten lege eta erregelamenduak

37. artikula.- Aurretiaz egindako Konbentzioekiko ondorioak

28. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe, Konbentzio honek, alderdi diren artean, Akordio hauek ordezkatzen ditu: 1922ko uztailaren 5ekoa, 1924ko maiatzaren 31koa, 1926ko maiatzaren 12koa, 1928ko ekainaren 30ekoa eta 1935eko uztailaren 30ekoa; eta 1933ko urriaren 28ko eta 1938ko otsailaren 10eko Konbentzioak; 1939ko iraileko 14ko Protokoloa eta 1946ko urriaren 15eko Akordioa.

VI. Kapitulua:Azken klausulak

38. artikulua.- Eztabaidak konpontzea

Konbentzioaren interpretazioari edo aplikazioari dagokionez, alderdien arteko eztabaida oro Justiziaren Nazioarteko Gortearen mende utziko da, eztabaidan dagoen edozein alderdik hala eskatuta, betiere, eztabaida beste bide batzuetatik konpondu ez bada.

39. artikulua.- Sinadura, berrespena eta atxikimendua

1.Konbentzio hau Genevan sinatu ahal izango dute, 1951eko uztailaren 28tik aurrera eta gero Nazio Batuen Idazkaritza Nagusian gordailutuko da.Nazio Batuen Europako bulegoan sinatu ahal izango da, 1951eko uztailaren 28tik abuztuaren 31ara arte; eta berriro sinatu ahal izango da Nazio Batuen egoitzan, 1951eko irailaren 17tik, 1952ko abenduaren 31ra arte.

2.Konbentzio hau Nazio Batuen estatu kide guztiek sinatu ahal izango dute, eta baita Errefuxiatuen eta Aberrigabeen Estatutuari buruzko Ahalguztidunen Konferentziara gonbidatua izan den edozein estatuk edota ondorio horretarako Biltzar Orokorrak gonbidatu duen estatu orok.Konbentzio hau berretsi egingo da eta berrespen-atxikimenduak Nazio Batuen Idazkaritza Nagusiaren esku utziko dira, gordailupean.

3.Artikulu honen 2. paragrafoak aipatu estatuek atxikimendua eman ahal izango diote Konbentzio honi, 1951. urteko uztailaren 28tik aurrera. Atxikimendua gauzatuko da atxikimendu-instrumentua Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren esku utzita, gordailupean.

40. artikulua.- Lurralde-aplikaziorako klausula

1. Sinadura-, berrespen- eta atxikimendu-unean, estatu orok adierazi dezake Konbentzio hau zabalduko dela estatu horrek zein lurralderen nazioarteko harremanak izan bere ardurapean eta lurralde horietara, oso-osorik edo zati batean..Adierazpen horrek eragina izango du estatu interesdunarentzat Konbentzio hau indarrean jartzen den unetik bertatik.

2.Geroagoko edozein unetan, zabaltze hori Nazio Batuen Idazkari Nagusiari zuzendutako jakinarazpenaren bitartez egingo da eta eragina izango du Nazio Batuen Idazkari Nagusiak zein datatan jaso jakinarazpena eta data horren laurogeita hamargarren egunean edota estatu horrentzat Konbentzioa indarrean jartzen denetik, azken data hori geroagokoa bada.

3.Sinadura-, berrespen- eta atxikimendu-unean, Konbentzioa zabaldu ez den lurraldeei dagokienez, estatu interesdun bakoitzak aztertuko du ahalik eta lasterren beharrezko neurriak hartzeko aukera, Konbentzio honen aplikazioa zabaldua izan dadin lurralde horietara, lurralde horietako gobernuen adostasunari kalterik egin gabe, halakoa beharrezkoa bada konstituzio-arrazoiengatik.

41. artikulua.- Klausula federala

Estatu federalei edo ez bateratuei dagokienez, ondorengo xedapenak aplikatuko dira:

a) Konbentzio honen artikuluei dagokienez, horien aplikazioa botere legegile federalaren egintza legegilearen mende badago, gobernu federalaren betebeharrak dira, neurri berean, estatu ez federalak diren alderdien berberak.

b) Konbentzio honen artikuluei dagokienez, horien aplikazioa estatu, probintzia edo kantoi konstituzio egileen egintza legegilearen mende badago eta horiek, federazioaren konstituzioaren erregimenarekin bat etorriz, ez badaude behartuta neurri-legegileak hartzera, orduan, gobernu federalak, ahalik eta lasterren eta aldeko gomendioa eginda, artikulu horien testua jakinaraziko die estatu, probintzia eta kantoietako agintari eskudunei.

c) Konbentzio honen alderdi den estatu federal orok, federazioan eta bere unitate osatzaileetan indarrean dauden legeria eta eginerak aurkeztuko ditu; horretarako eskabidea igorriko dio Nazio Batuen Idazkari Nagusiak, beste estatu kontratugileetako batek hala eskatuta; eta adierazpen horrek barneratuko du Konbentzioaren xedapen zehatz bati dagokiona, eta, ildo beretik, adieraziko du xedapen hori zein neurritan gauzatu den, egintza legegile edo beste izaerako baten bidez.

42. artikulua. Erreserbak

1.Sinadura-, berrespen- edo atxikimendu-unean, estatu orok erreserbak egin ditzake konbentzioaren artikuluei buruz, horiek ez badira 1, 3, 4, 16 (1), 33 eta 36tik 46rakoak, biak barne.

2.Artikulu honen 1. paragrafoaren arabera erreserbaren bat egin duen estatu orok, edozein unetan kendu ahal izango du hori, Nazio Batuen Idazkari Nagusiari zuzendutako jakinarazpenaren bitartez.

43. artikulua. Indarrean jartzea

1.Konbentzio hau indarrean jarriko da seigarren berrespen- edo atxikimendu-instrumentua, zein datatan gordailutu eta laurogeita hamar egun geroago.

2.Seigarren berrespen- edo atxikimendu-instrumentua gordailutu ondoren, Konbentzioa berresten duen edo horri atxikitzen zaion estatu bakoitzarentzat Konbentzioa indarrean jarriko da, kasuan kasuko estatu horrek zein datatan gordailutu bere berrespen- edo atxikimendu-instrumentua eta laurogeita hamar egun geroago.

44. artikulua. Salaketa

1.Estatu kontratugile orok salatu ahal izango du Konbentzio hau edozein unetan, Nazio Batuen Idazkari Nagusiari horren inguruko jakinarazpenaren bitartez.

2.Salaketak, estatu kontratugile horri dagokionez, ondorioak sortuko ditu, Idazkari Nagusiak jakinarazpena jaso eta urtebetera.

3.40. artikuluaren arabera, adierazpena edo jakinarazpena egin duen estatu orok geroago adierazi ahal izango du, Nazio Batuen Idazkari Nagusiari zuzendutako jakinarazpenaren bitartez, Konbentzioa ez dela aplikatuko jakinarazpenean adierazitako lurralde zehatz batean.Idazkari Nagusiak jakinarazpen hori zein datatan jaso eta urtebete igaro ondoren, Konbentzioa ez da lurralde horretan aplikatuko.

45. artikulua. Berrikuspena

1.Estatu kontratugile orok edozein unetan eska dezake Konbentzio hau berrikustea, Nazio Batuen Idazkari Nagusiari horren inguruko jakinarazpena igorriz.<.

2.Nazio Batuen Biltzar Orokorrak erabakiko ditu, hala denean, eskabide horren inguruan hartu beharreko neurriak.

46. artikulua.- Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren jakinarazpenak

Nazio Batuen Idazkari Nagusiak jakinaraziko dizkie Nazio Batuen kide guztiei eta 39. artikuluan aipatu estatuei, hain zuzen ere, erakundearen kide ez direnei:

a) 1. artikuluaren B atalean aurreikusitako adierazpenak eta jakinarazpenak;

b) 39. artikuluan aurreikusitako sinadura, berrespen eta atxikimenduak:

c) 40. artikuluan aurreikusitako adierazpenak eta jakinarazpenak;

d) 42. artikuluan aurreikusitako erreserbak, egindakoak nahiz kendutakoak;

e) 43. artikuluaren arabera, Konbentzio hau indarrean jartzeko data;

f) 44. artikuluan aurreikusitako salaketak eta jakinarazpenak;

g) 45. artikuluan aurreikusitako berrikuste-eskabideak.

Hori guztiori aitortuz, behean sinatzen dutenek, behar bezala baimenduta daudela, Konbentzio hau sinatzen dute bakoitzaren gobernuen izenean.

Genevan egina, mila bederatziehun eta berrogeita hamaikako uztailaren hogeita zortzian, ale bakarrean, berori gordailutuko dela Nazio Batuen artxiboetan; berebat, frantsesez eta ingelesez egindako testuak kautoak dira; ildo beretik, behar bezala ziurtatutako kopiak emango zaizkie Estatu Batuen estatu kide guztiei eta 39. artikuluak aipatu estatuei, hain zuzen ere, kide ez direnei.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra