Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Esklabotza, morrontza, derrigorrezko lana eta esklabotzaren antzeko erakunde eta eginerak

Esklabotza, esklaboen salerosketa eta esklabotzaren antzeko erakundeak eta eginerak ezabatzeari buruzko Konbentzio osagarria

1956-09-07

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Nazio Batuen Erakundea

Esklabotza, esklaboen salerosketa eta esklabotzaren antzeko erakundeak eta eginerak ezabatzeari buruzko Konbentzio osagarria.

Ahalguztidunen Konferentziak onetsia, konferentzia hori Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak, 1956. urteko apirilaren 30eko 608 (XXI) ebazpenean deitu zuela

Genevan egina, 1956. urteko irailaren 7an

Indarrean jartzea:1957ko apirilaren 30ean, 13. artikuluarekin bat etorriz.

Atarikoa

Konbentzio honen estatu alderdiek,

Kontuan harturik askatasuna gizaki ororen berezko eskubidea dela,

Jakitun izanik Nazio Batuen herriek gizakien duintasun eta balioan duten fedea Gutunean berretsi dutela,

Kontuan harturik Biltzar Orokorrak aldarrikatu Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala dela herri eta herrialde guztiek asmo erkide hartu behar dutena, eta adierazpen horretan berresten dela esklabotzaren edo morrontzaren menpe inor ez dela egongo, eta esklabotza eta esklaboen salerosketa forma guztiak debekatuta daudela,

Aitortuz, esklabotza eta esklaboen salerosketa ezabatzera bideratutako Esklabotzari buruzko Hitzarmena, 1926. urteko irailaren 25ean¸Genevan egin zenetik, helburu horrekin hainbat aurrerapen egin direla,

Kontuan izanik 1930eko Derrigorrezko Lanari buruzko Hitzarmena, eta geroago derrigorrezko eta nahitaezko lanaren inguruan Lanaren Nazioarteko Erakundeak hartutako neurriak,

Ohartaraziz, dena den, esklabotza, esklaboen salerosketa eta esklabotzaren antzeko erakunde eta eginerak ez direla oraindik ezabatu munduaren alde guztietan,

Erabaki da, beraz, 1926. urteko Hitzarmenak, indarrean jarraitzen duenak konbentzio osagarria behar duela orain; izatez, konbentzio hori zuzenduko da esklabotza, esklaboen salerosketa eta esklabotzaren antzeko erakundeak eta eginerak ezabatzeko nazio- eta nazioarte-mailako ahaleginak indartzera,

Hurrengoa hitzartu dute:

I. ATALA.- ESKLABOTZAREN ANTZEKO ERAKUNDEAK ETA EGINERAK

1. artikulua

Konbentzioaren estatu alderdi bakoitzak egingarriak eta beharrezkoak diren legegintzazko edo beste edozein izaerako neurriak hartuko ditu, arian-arian eta ahalik eta arinen lortzeko jarraian adieraziko diren erakundeak eta eginerak ezabatzea edo baztertzea, halakoak dauden tokian daudela eta halakoentzat aplikagarria izan ala ez, esklabotzaren definizioa, Esklabotzari buruzko 1926. urteko irailaren 25ean, Genevan sinatutako Hitzarmenaren 1. artikuluan azaltzen duena:

a) Zorren ondoriozko morrontza edo zehatzago, zordunak, zorraren berme gisa, zerbitzu pertsonalak edo zein egon bere aginpidean dagoen beste baten zerbitzuak emateko konpromisoa hartu badu, zorraren berme gisa, baldin eta emandako zerbitzuak, ekitatearen arabera baloratu ondoren, ez badira erabiltzen zorra ordaintzeko, edota zorraren iraupena mugatzen ez bada edota aipatu zerbitzuen izaera zehazten ez bada;

b) Glebako jopuak, hau da, pertsona baten egoera, legez, ohituraz edo erabaki baten ondorioz behartuta dagoenean, beste pertsona baten lurretan bizitzera eta horiek lantzera, eta pertsona horri zerbitzu jakin batzuk ematera, ordainsariaren truke nahiz doanik, bere egoera eraldatzeko askatasunik gabe.

c) Erakunde edo eginera oro, horren arabera:

i) Dirutan edo jenerotan egindako ordainaren truke, gurasoek, tutoreak, familiak edo beste edozein pertsonak edota pertsona-taldeak ezkon-hitza eman dezakete emakumearen izenean edo ezkontzeko eman dezake emakumea, horri aurka egiteko bere eskubidea kontuan hartu gabe;

ii) Emakume baten senarrak, familiak edo senarraren senide-taldeak eskubidea dute emakumea hirugarren bati emateko kostubidez edo beste modu batez;

iii) Emakumea, senarra hiltzen denean, jarauntsiaren bidez beste pertsona batek bereganatu dezake;

d) Erakunde edo eginera oro, horien arabera, gurasoek, edo bietako batek, edo tutoreak haurra edo hemezortzi urtetik beherako gaztetxoa ematen badute, ordainsariaren truke ala ordainsaririk gabe, haurra bera edo gaztetxoa bera edo euren lana esplotatzeko asmoarekin.

2. artikulua

Konbentzio honen 1. artikuluaren c) atalean aipatu erakunde eta eginerekin bukatzeko, estatu alderdiek euren gain hartzen dute, halakoa behar den tokietan, ezkontzeko gutxiengo adin egokiak ezartzea, berebat, prozedura bat sustatzea, ezkonberrietako edozeinek adierazi dezan askatasunez ezkontzeko adostasuna agintari zibila nahiz erlijio agintari eskudunaren aurrean, eta, oro har, ezkontzak erregistro baten inskribatzeko bultzada ematea.

II. AtalaESKLABOEN SALEROSKETA

3. artikulua

1.Esklaboak herrialde batetik bestera garraiatzea edo garraiatzen saiatzea, edo egintza horretan laguntzea, delitu izango da Konbentzioaren estatu alderdien legeriaren arabera, eta errudun adierazi pertsonek zigor zorrotzak jasoko dituzte.

2.Estatu alderdiek beharrezko xedapen guztiak emango dituzte, euren bandera eramateko baimena duten ontziei eta aireontziei galarazteko esklaboak garraiatzea, eta egintza hori egiteagatik eta halako asmoarekin bandera nazionala erabiltzeagatik errudunak direnak zigortzeko.

b) Estatu alderdiek beharrezko neurri guztiak hartuko dituzte saihesteko, portu, aireportu eta itsasertza erabiltzea esklaboak garraiatzeko.

3.Konbentzioaren estatu alderdiek elkarrekin trukatuko dute informazioa, esklaboen salerosketa eragozteko hartutako neurrien koordinazio baliagarria lortzeko helburuarekin, eta elkarri jakinaraziko dizkie esklaboen salerosketa kasu guztiak eta halako delitua egiteko saio guztiak, horien berri dutenean.

4. artikulua

Konbentzioaren estatu alderdi baten ontzian babesten den esklabo oroipso factoaske geratuko da.

III. Atala ESKLABOTZA ETA ESKLABOTZAREN ANTZEKO ERAKUNDE ETA EGINEREI BURUZKO XEDAPEN ERKIDEAK

5. artikulua

Konbentzio honen 1. artikuluan aipatu esklabotza edo erakunde eta eginerak oso-osorik ezabatu edo baztertu ez diren edozein herrialdetan, esklabo bat edo morroi-izaerako pertsona baten organoak moztea edo suarekin, edo beste baliabide bat erabilita markatzeabere izaera adierazteko, zigorra ezartzeko edo beste edozein arrazoirengatik, edo delako egintzetan parte hartzea delitu izango da Konbentzioaren estatu alderdien legeriaren arabera, eta errudun diren pertsonek zigorra jasoko dute.

6. artikulua

1.Pertsona bat esklabo bihurtzea, edo pertsona hori bultzatzea bere askatasuna edo bere menpe dagoen pertsonarena besterentzera, esklabo bihurtu arte, edo egintza horiek egiten saiatzea edo laguntzea edo horiek gauzatzeko erabakian parte hartzea, delitu izango dira Konbentzioaren estatu alderdien legeriaren arabera, eta errudun diren pertsonek zigorra jasoko dute.

2.Konbentzio honen 1. artikuluaren lehenengo paragrafoan ezarritakoari kalterik egin gabe, artikulu honen 1. paragrafoaren xedapenetan barruratuko dira, halaber, pertsona batek bere burua edo bere menpe dagoen beste pertsona bat bultzatu izana, nora eta 1. artikuluak aipatu erakunde eta egineretatik eratorritako morroi-egoera batera, eta,oro har, tenore horretako egintzak egiteko ahalegina, edo halakoak egiten laguntzea edota halakoak gauzatzeko adostasun batean parte hartzea.

IV. ATALADEFINIZIOAK

7. artikulua

Konbentzio honen ondorioetarako:

a) “Esklabotza” da, 1926ko Esklabotzari buruzko Hitzarmenak definitzen duenaren arabera, jabetza-eskubideari egotzitako ahalmen guztiak edo batzuk zein norbanakoren gainean egikaritu eta gizaki horien egoera eta baldintza, eta “esklaboa” da egoera edo baldintza horretan dagoen gizaki oro;.

b) “Morroi-izaerako norbanakoa” esamoldeak hauxe adierazten du: Konbentzioaren 1. artikuluak aipatu erakunde edo egineretako batetik eratorritako baldintza edo egoeran dagoen norbanako oro;

c) “Esklaboen salerosketa” esamoldeak esan nahi du eta biltzen ditu honako egintzak:norbanakoa atzematea, eskuratzea edo eskualdatzea esklabotzapean jartzeko asmoarekin; esklabo bat erosteko egintza oro, gerogarrenean saltzeko edo trukatzeko; bide beretik, xede horietarako eskuratutako esklaboa xedeok gauzatzeko lagatze-egintza oro, eta, berebat, esklaboen salerosketa- eta garraio-egintza oro, edozein delarik horretarako erabiltzen den garraiobidea.

V. ATALA.- ESTATU ALDERDIEN ARTEKO LANKIDETZA ETA INFORMAZIOA IGORTZEA

8. artikulua

1.Konbentzioaren estatu alderdiek konpromisoa hartzen dute euren artean eta Nazio Batuekin lankidetzan aritzeko aurretiazko xedapenak bete ditzaten.

2.Estatu alderdiek konpromisoa hartzen dute Nazio Batuen Idazkari Nagusiari helarazteko lege, erregelamendu eta administrazio-xedapenen aleak, Konbentzio honen xedapenen ondorioetarako aldarrikatu eta indarrean jarri direnak.

3.Idazkari Nagusiak gainerako estatu alderdiei eta Ekonomia- eta Gizarte-Kontseiluari jakinaraziko dizkie jasotako datuak, 2. paragrafoaren arabera. Datu horiek baliatuko dira dokumentazio gisa, kontseiluak hasi dezakeen edozein azterketarako, horien helburua bada gomendio berriak egitea esklabotza, esklaboen salerosketa edota Konbentzioaren objektu diren erakundeak edo eginerak ezabatzearen inguruan.

VI. ATALA AZKEN XEDAPENAK

9. artikulua

Ez da onetsiko Konbentzio honi egindako inolako erreserbarik.

10. artikulua

Konbentzioaren interpretazioari edo aplikazioari dagokionez, estatu alderdien artean sortzen den edozein gatazka, negoziazioaren bidez konpondu ezin daitekeena, Nazioarteko Justizia Gortearen mende utziko da, gatazkan dauden alderdietako edozeinek hala eskatuta, betiere, horiek gatazka beste modu batean konpontzea erabaki ez badute.

11. artikulua

1.Konbentzio hau Nazio Batuen edo erakunde espezializatuen edozein estatu kidek sinatu ahal izango du, 1957. urteko uztailaren 1era arte. Estatu sinatzaileen berrespenaren menpe geratuko da, eta berrespen-agiriak Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren menpe geratuko dira, horrek gordailutu ditzan eta horien berri eman diezaien konbentzioaren estatu sinatzaileei edo konbentzioari atxikimendua eman dienei.

2.1957. urteko uztailaren 1etik aurrera, Konbentzio honi Nazio Batuen edo erakunde espezializatuaren edozein estatu kidek atxikimendua eman ahal izango dio, eta, oro har, edozein estatuk, Nazio Batuen Biltzar Orokorrak Konbentzioari atxikitzeko gonbitea luzatu badio.

Atxikimendua gauzatuko da horretarako instrumentua Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren esku utzita, horrek gordailutu dezan. Idazkari Nagusiak emango die horren berri Konbentzioaren estatu sinatzaile guztiei edo berorri atxikimendua ematen diotenei.

12. artikulua

1.Konbentzio hau aplikatuko zaie autonomiarik gabeko lurraldeei, zainpeko lurraldeei, koloniei eta metropoliaz besteko gainerako lurraldeei, horien nazioarteko harremanen ardura edozein estatu alderdik badu; alderdi interesdunak, sinadura-, berrespen- edo atxikimendu-unean, eta artikulu honen 2. paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe, adierazi beharko du metropoliaz besteko zein lurralde bakan edo batzuetan aplikatuko denipso factoKonbentzioa, aipatu sinadura, berrespen edo atxikimenduaren ondorioz.

2.Estatu alderdiaren edo metropoliaz besteko lurraldearen lege- edo konstituzio-egineren arabera, behar-beharrezkoa bada metropoliaz besteko lurraldearen aurretiazko baimena, orduan alderdiak baimen hori lortu beharko du metropoliaren estatuak Konbentzioa sinatu eta hurrengo hamabi hilabeteko epean, eta halakoa lortu duenean, idazkari nagusiari jakinaraziko dio.Konbentzioa jakinarazpen horretan aipatu lurraldeari edo lurraldeei aplikatuko zaie, idazkari nagusiak jakinarazpena jasotzen duen datatik aurrera.

3.Aurreko paragrafoan aipatu hamabi hilabeteko epea amaitu eta gero, estatu alderdi interesdunek geroago zehazten diren lurraldeetan egindako kontsulten emaitzak Idazkari Nagusiari jakinaraziko dizkiote; lurralde horiek dira metropoliaz besteko lurraldeak, bertan alderdi interesdunak duela nazioarteko harremanen ardura, betiere, lurralde horiek Konbentzioa aplikatzeko baimena eman ez badute.

13. artikulua

1.Konbentzio hau indarrean jarriko da bi estatu berorren alderdi egiten diren datan.

2.Konbentzio hau indarrean jarriko da, Estatu eta lurralde bakoitzari dagokionez, estatu horren berrespen- edo atxikimendu-instrumentuaren gordailu-datan edota lurralde horri ezarriko zaiolako jakinarazpen-datan.

14. artikulua

1.Konbentzio honen aplikazioa elkarren segidako hiru urteko aldietan banatzen da, horietako lehenengoa Konbentzioa indarrean jartzen den datatik zenbatzen hasten da, 13. artikuluaren 1. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

2.Estatu alderdi orok sala dezake Konbentzioa, Idazkari Nagusiari zuzendutako jakinarazpenaren bidez, aribidean dagoen hiru urteko aldia bete baino sei hilabete lehenago, gutxienez ere.Idazkari Nagusiak gainerako estatu alderdi guztiei informazioa emango die jakinarazpenaren inguruan, barne hartuta jakinarazpenaren jasotze-data.

3.Salaketek aribidean dauden hiru urteko aldia amaitu ondoren sortuko dituzte ondorioak.

4.12. artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz, Konbentzioa alderdi baten metropoliaz besteko lurralde bati aplikatu behar zaionean, alderdi horrek, kasuan kasuko lurraldearen baimenarekin, une horretatik eta edozein unetan jakinarazi ahal izango dio Nazio Batuen Idazkari Nagusiari Konbentzioa salatzen duela, lurralde horri dagokionez.Salaketak Idazkari Nagusiak jakinarazpenak jasotako datatik urte betera sortuko ditu ondorioak, eta Idazkari Nagusiak informazioa emango die gainerako estatu alderdiei jakinarazpenaren inguruan, barne hartuta jakinarazpen jasotze-data.

15. artikulua

Konbentzio hau, Nazio Batuen Idazkaritzaren artxiboetan gordailutuko da; berebat, kautoak izango dira txineraz, espainieraz, frantsesez, ingelesez eta errusieraz dauden testuak.Idazkari Nagusiak Konbentzioaren kopia ziurtatu kautoak luzatuko ditu estatu alderdiei igortzeko, eta baita Nazio Batuen eta erakunde espezializatuen gainerako estatu kideei.

HORI GUZTIORI AITORTUZ, behean sinatzen dutenek, kasuan kasuko gobernuak behar bezala baimenduta, konbentzio hau sinatu dute bakoitzaren sinaduraren alboan agertzen diren datetan.

Genevan EGINA, Nazio Batuen Europako bulegoan, mila bederatziehun eta berrogeita hamaseigarren urteko irailaren zazpian.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra