Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >> Europa mailako nazioarteko testuak

Europar Batasunaren Tratatuaren bertsio kontsolidatua

2010-03-30

Itzulpena nork: Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO)

Erakundea: Europar Batasuna

Argitalpena: DOUE, 2010/3/30, 83. zk.

EUROPAR BATASUNAREN TRATATUAREN BERTSIO KONTSOLIDATUA

ATARIKOA

BELGIARREN ERREGE JAUN GURENAK, DANIMARKAKO ERREGINA ANDRE GURENAK, ALEMANIAKO ERREPUBLIKA FEDERALEKO LEHENDAKARIAK, IRLANDAKO LEHENDAKARIAK, HELENIAR ERREPUBLIKAKO LEHENDAKARIAK, ESPAINIAKO ERREGE JAUN GURENAK, FRANTZIAKO ERREPUBLIKAKO LEHENDAKARIAK, ITALIAKO ERREPUBLIKAKO LEHENDAKARIAK, LUXENBURGOKO DUKE GOIEN JAUNAK, HERBEHEREETAKO ERREGINA ANDRE GURENAK, PORTUGALGO ERREPUBLIKAKO LEHENDAKARIAK, BRITAINIA HANDIKO ETA IPAR IRLANDAKO ERRESUMA BATUKO ERREGINA ANDRE GURENAK,

ERABAKI dute Europako Erkidegoak eratzearekin Europa osatzeko hasitako bidean urrats berri bat egitea,

ITURRITZAT HARTUTA Europaren oinordetza kulturazko, erlijiozko eta humanista, hortik abiatuta garatu baitira gizakiaren eskubide urraezin eta utziezinak, askatasuna, demokrazia, berdintasuna eta zuzenbide-estatua bezalako balio unibertsalak,

GOGOAN dute Europako kontinentearen zatibanaketari amaiera ematea garrantzi handikoa dela historiaren ikuspegitik, eta etorkizuneko Europa eraikitzeko oinarri sendoak jarri behar direla,

BERRETSI dute beren atxikimendua, bai askatasunaren, demokraziaren eta giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen errespetuaren printzipioekiko, eta bai zuzenbideko estatuaren printzipioarekiko ere,

BERRETSI dute beren atxikimendua oinarrizko eskubide sozialekiko, 1961eko urriaren 18an Turinen izenpetutako Europako Gutun Sozialean eta langileen oinarrizko eskubide sozialen Erkidegoko 1989ko Gutunean zehaztutako moduan hartuta,

NAHI dute, beren herrien historia, kultura eta tradizioak errespetaturik, herrion arteko elkartasuna areagotu,

NAHI dute instituzioen jarduera demokratikoa eta eraginkorra sendotu, instituzioen arteko esparru bakar batean, berei agindutako eginbeharrak hobeto bete ditzaten,

ERABAKI dute beren ekonomiak indartu eta elkarganatzea, eta, tratatu honetan eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuan xedatutakoaren arabera, diru egonkor eta bakarra edukiko duen ekonomia eta diru-batasuna sortzea,

DELIBERATU dute beren herrien gizartearen eta ekonomiaren aurrerapena sustatzea, garapen iraunkorraren printzipioa kontuan hartuta, barne-merkatua hezurmamituz, eta kohesioa eta ingurumenaren babesa indartuz, eta ekonomiaren integrazioan izandako aitzinamenduekin batera beste eremu batzuetan ere pareko aurrerapenak gertatuko direla bermatuko duten politikak garatzea,

(1) Geroago, Bulgariako Errepublika, Txekiar Errepublika, Estoniako Errepublika, Zipreko Errepublika, Letoniako Errepublika, Lituaniako Errepublika, Hungariako Errepublika, Maltako Errepublika, Austriako Errepublika, Poloniako Errepublika, Errumania, Esloveniako Errepublika, Eslovakiako Errepublika, Finlandiako Errepublika eta Suediako Erresuma Europar Batasuneko kide egin ziren.

ERABAKI dute beren herrialdeetako herritarrei herritartasun bakarra ematea,

ERABAKI dute atzerriari eta segurtasunari buruzko politika erkidea garatzea, defentsari buruzko politika erkidea arian-arian eratzea barne hartuta, politika horrekin agian 42. artikuluko xedapenen araberako defentsa bateratura iritsi ahal izateko, eta Europaren nortasuna eta burujabetasuna sendotuz, Europan eta munduan bakea, segurtasuna eta aurrerapena sustatzeko,

ERABAKI dute pertsonen zirkulazio askea bultzatzea eta beren herrien segurtasuna eta babesa bermatzea aldi berean, askatasun, segurtasun eta justiziako eremu bat ezarrita, tratatu honetako eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko xedapenen arabera,

ERABAKI dute Europako herrien arteko batasun gero eta estuagoa sortzeko bidean jarraitzea, bertan erabakiak herritarrengandik ahalik eta hurbilen hartzeko, subsidiariotasun-printzipioaren arabera,

KONTUAN harturik Europaren integrazioko bidean aurrera egiteko eman beharreko bihar-etziko urratsak,

EUROPAR BATASUNA SORTZEA erabaki dute, eta, xede horrekin, ahal osoko izendatu dituzte:

(ez da ahal osokoen zerrenda jaso)

PERTSONA HORIEK, beren ahal osoak, egoki eta behar bezala aitorturik, elkarri agertu ondoren, ondorengo xedapen hauek hitzartu dituzte:

I. TITULUA

XEDAPEN ERKIDEAK

1. artikulua

(lehengo 1. artikulua EBT)

Tratatu honen bitartez, TRATATUGILE GORENEK EUROPAR BATASUN bat eratzen dute elkarrekin —aurrerantzean «Batasuna»— eta estatu kideek eskumenak emango dizkiote helburu erkideak lortzeko.

Tratatu hau beste urrats bat da Europako herrien artean gero eta batasun estuagoa sortzeko bidean, zeinetan erabakiak ahalik eta modurik irekienean eta herritarrengandik ahalik eta hurbilen hartuko baitira.

Tratatu hau eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatua (aurrerantzean «Tratatuak») izango ditu oinarri Batasunak.

Tratatu biek balio juridiko berbera dute.

Batasunak Europako Erkidegoa ordezkatuko du eta haren ondorengo izango da.

(1) Erreferentzia hau ohartarazteko da.

Informazio zabalagoa izateko, ikusi tratatuen lehengo eta oraingo zenbakikuntzaren arteko korrespondentzia-taulak

2. artikulua

Batasunak oinarrizko balio ditu gizakiaren duintasunaren begirunea, askatasuna, demokrazia, berdintasuna, zuzenbide-estatua eta giza eskubideen errespetua, gutxiengoetako pertsonen eskubideak ere barnean direla.

Estatu kide guztiek erkide dituzte balio horiek, aniztasuna, bereizkeriarik eza, tolerantzia, justizia, elkartasuna eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna ezaugarri dituen gizartearen baitan.

3. artikulua

(lehengo 2. artikulua EBT)

1. Batasunak bakea, bere balioak eta bere herrien ongizatea sustatzea du helburu.

2. Batasunak askatasun, segurtasun eta justiziako eremua eskainiko die bere herritarrei, barneko mugarik gabe, bertan pertsonen zirkulazio askea bermatuta egon dadin, kanpoko mugen kontrolerako, asilorako, inmigraziorako, eta delitugintzari aurrea hartu eta bere kontra borrokatzeko egokiak diren neurriak hartzearekin batera.

3. Batasunak barne-merkatua ezarriko du.

Europaren garapen iraunkorraren alde egingo du lan, horretarako oinarritzat hartuta ekonomia-hazkunde orekatua eta prezioen egonkortasuna, enplegu betea eta gizartearen aurrerabidea jomuga dituen lehiakortasun handiko merkatuko ekonomia soziala, eta ingurumenaren babes-maila eta kalitatearen hobekuntza-maila handia.

Era berean, aurrerabide zientifikoa eta teknikoa ere sustatuko ditu.

Batasunak gizarteko bazterkeriaren eta bereizkeriaren aurka egingo du eta gizarte-justizia eta -babesa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, belaunaldien arteko elkartasuna eta haurren eskubideen babesa sustatuko ditu.

Batasunak estatu kideen arteko ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioa eta elkartasuna bultzatuko ditu.

Batasunak bere kultura- eta hizkuntza-aniztasunaren aberastasuna errespetatuko du eta Europaren kultura-ondarea zaintzeko eta garatzeko ardura izango du.

4. Batasunak ekonomia- eta diru-batasuna ezarriko ditu; dirua euroa izango da.

5. Munduko gainerakoekin dituen harremanetan Batasunak bere balioak eta interesak indartu eta sustatuko ditu, eta bere herritarren babesa bultzako du.

Bakea, segurtasuna, Lurraren garapen iraunkorra, herrien arteko elkartasuna eta errespetua, merkataritza aske eta zuzena, pobretasuna ezabatzea eta giza eskubideak —batez ere haurren eskubideak— babestea, nazioarteko zuzenbidea zorrotz bete eta garatzea, eta, bereziki, Nazio Batuen Gutunaren printzipioen errespetua bultzatuko ditu.

6. Batasunak bitarteko egokiak erabiliko ditu bere helburuak lortzeko, Tratatuetan ematen zaizkion eskumenen arabera.

4. artikulua

1. Tratatu honetako 5. artikuluan xedatutakoari jarraituz, Tratatuetan Batasunari ematen ez zaizkion eskumenak estatu kideei dagozkie.

2. Batasunak estatu kideak tratatuen aurrean berdinak izatea errespetatuko du, eta bai estatu horien funtsezko egitura politikoari eta konstituzio-egiturari lotuta dagoen nazio-nortasuna ere, toki- eta eskualde-autonomiari dagokionetan barne.

Batasunak estatuaren funtsezko egitekoak errespetatuko ditu, eta, bereziki, estatuaren lurralde-osotasuna bermatzea, ordena publikoa jagotea eta estatu-segurtasuna zaintzea xede dutenak.

Bereziki, estatu kide bakoitza izango da bere estatu-segurtasunaren erantzule bakarra.

3. Lankidetza leialaren printzipioaren arabera, Batasunak eta estatu kideek elkar errespetatuko dute eta elkarri lagunduko diote Tratatuetatik eratortzen diren xedeak betetzeko.

Estatu kideek egoki diren neurri orokor zein berezi guztiak hartuko dituzte, Tratatuetatik eratorritako betebeharrak eta Batasuneko instituzioen ekintzen ondorioz sortutakoak beteko direla bermatuta egon dadin.

Estatu kideek Batasunaren xedea betetzen lagunduko dute, eta ez dute parte hartuko Batasuneko helburuak lortzea arriskuan jar dezakeen ezein neurritan.

5. artikulua

(lehengo 5. artikulua EET)

1. Eskumenak emateko printzipioak agintzen du Batasunaren eskumenak mugatzeko orduan.

Subsidiariotasun- eta heinekotasun-printzipioak agintzen du Batasunaren eskumenak baliatzeko orduan.

2. Batasunak, eskumenak emateko printzipioaren indarrez, estatu kideek tratatuetan esleitu dizkioten eskumenen mugen barruan jarduten du, Tratatuetan ezarritako helburuak betetzeko.

Tratatuetan Batasunari esleitu ez zaion eskumen oro estatu kideei dagokie.

3. Estatu kideek, nahiz beren gobernu zentralaren bidez, nahiz eskualde- zein toki-erakundeen bidez, xede-ekintzaren helburuak ondo lortu ezin dituztenean, eta, xede-ekintzaren maila edo ondorioak direla-eta, helburuak Batasunaren bidez hobeto lortzeko modukoak direnean, orduantxe bakarrik, eta hein horretan, subsidiariotasun-printzipioaren indarrez hartuko du parte Batasunak bere eskumen esklusibokoak ez diren eremuetan.

Subsidiariotasun- eta heinekotasun-printzipioen aplikazioari buruzko protokoloan ezarritakoaren arabera aplikatuko dute Batasuneko instituzioek subsidiariotasun-printzipioa.

Estatu kideetako parlamentuek subsidiariotasun-printzipio hori errespetatuko dela jagongo dute protokolo horretan ezarritako prozeduraren arabera.

4. Heinekotasun-printzipioaren indarrez, Batasunaren ekintzaren edukia eta forma ez dira izango tratatuen helburuak lortzeko beharrezko den neurri horretatik gorakoak.

Subsidiariotasun- eta heinekotasun-printzipioen aplikazioari buruzko protokoloan ezarritakoaren arabera aplikatuko dute Batasuneko instituzioek heinekotasun-printzipioa.

6. artikulua

(lehengo 6. artikulua EBT)

1. Batasunak 2000ko abenduaren 7ko Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunean ezarritako eskubideak, askatasunak eta printzipioak aitortzen ditu, 2007ko abenduaren 12an Estrasburgon onartu zen bezala, Tratatuen balio juridiko berbera izango duelarik.

Gutuneko xedapenek ez dituzte inola ere zabalduko Tratatuetan Batasunari aitortzen zaizkion eskumenak.

Gutunean ezarritako eskubideak, askatasunak eta printzipioak Tratatuen interpretazioa eta aplikazioa arautzen duen Gutuneko VII. tituluko xedapen orokorrekin bat ulertuko dira. Behar bezala eduki behar dira kontuan Gutunean adierazten diren azalpenak, xedapen horien iturriak adierazten dituzte eta.

2. Batasuna Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenari atxikiko zaio.

Atxikitze horrek ez ditu aldaraziko Tratatuetan zehazten diren Batasunaren eskumenak.

3. Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenak bermatzen dituen oinarrizko eskubideak eta estatu kideen konstituzio-tradizio erkideetatik datozenak Batasunaren Zuzenbidearen osagai izango dira, printzipio orokor direnez.

7. artikulua

(lehengo 7. artikulua EBT)

1. Estatu kideetako heren batek, zein Europako Parlamentuko nahiz Batzordeko heren batek arrazoietan oinarritutako proposamena egin ondoren, Kontseiluak, bertako kideen lau bostenen gehiengoaz, eta Europako Parlamentuak onartu ondoren, estatu kideren batek 2. artikuluan jasotako balioak larri hausteko arrisku argia dagoela adierazi ahal izango du. Adierazpen hori egin baino lehen, Kontseiluak estatu kideari entzungo dio eta, prozedura berbera erabiliz, gomendio egokiak egin ahal izango dizkio.

Kontseiluak aldiro aztertu beharko du ea adierazpena egiteko erabilitako arrazoiak lehen bezain baliozkoak diren.

2. Kontseilu Europarrak, Batzordearen edo estatu kideen heren baten proposamenez, eta Europako Parlamentuak onartu ondoren, estatu kideetako batek 2. artikuluan adierazten diren balioak larri eta behin eta berriz hausten dituela adieraz dezake, aho batez; horren aurretik, dagokion estatu kide horri gonbit egingo dio horri buruz dituen oharpenak aurkez ditzan.

3. Goiko 2. paragrafoan aipatutako adierazpena egin denean, Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, kasuan kasuko estatu kideari Tratatuak aplikatzetik sortutako zenbait eskubide etetea erabaki dezake, estatu kide horretako gobernuak Kontseiluan duen ordezkariaren boto-eskubideak barne.

Etendura hori egiteko orduan, Kontseiluak kontuan hartuko ditu pertsona fisiko eta juridikoen eskubide eta betebeharretan sor ditzakeen ondorioak ere.

Tratatuen ondorioz dena delako estatu kideak dituen betebeharrek lotesleak izaten jarraituko dute, nolanahi ere, estatu horrentzat.

4. Kontseiluak gerora, gehiengo kualifikatuz, 3. paragrafoaren arabera hartutako neurriak aldatu edo baliogabetzea erabaki dezake, neurriok ezartzeko arrazoi izandako egoeran gertatutako aldaketei erantzunez.

5. Artikulu honen ondorioetarako, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 354. artikuluan ezartzen dira Europako Parlamenturako, Kontseilu Europarrerako eta Kontseilurako aplikaziokoak izango diren boto-modalitateak.

8. artikulua

1. Batasunak lehentasunezko harremanak garatuko ditu auzoko herrialdeekin, oparotasun-gunea eta auzoarte jatorreko esparrua ezartzeko, betiere, Batasunaren balioak oinarri, eta lankidetzan eraikitako harreman estu eta baketsuak ezaugarri dituela.

2. Batasunak, 1. paragrafoaren ondorioetarako, berariazko akordioak sinatu ahal izango ditu herrialde horiekin.

Akordio horietan elkarrekiko eskubideak eta betebeharrak sartu ahal izango dira, baita elkarrekin ekintzak burutzeko aukera ere.

Hitzarmenak aplikatzean, kontzertazioak egin beharko dira aldiro-aldiro.

PRINTZIPIO DEMOKRATIKOEI BURUZKO XEDAPENAK

9. artikulua

Batasunak bere herritarren berdintasunaren printzipioa errespetatuko du bere jardun guztietan, eta herritar guztiek berdin jasoko dute Batasuneko instituzio, organo eta organismoen arreta.

Estatu kideren bateko nazionalitatea daukan pertsona oro izango da Batasuneko herritar.

Batasuneko herritartasuna erantsi egiten zaio estatu kide bakoitzeko herritar izaerari ordeztu gabe.

10. artikulua

1. Batasunaren funtzionamendua demokrazia ordezkatzailean oinarrituta dago.

2. Herritarrek zuzeneko ordezkaritza izango dute Batasunean Europako Parlamentuaren bitartez.

Estatu kideetako bakoitza bere estatuburuak edo gobernuburuak ordezkatuta egongo da Kontseilu Europarrean, eta Kontseiluan, berriz, bere gobernuak ordezkatuta; ordezkari horiek demokratikoki erantzule izango dira estatu kide bakoitzeko parlamentuan zein beren herritarren aurrean.

3. Herritar orok du Batasuneko bizitza demokratikoan parte hartzeko eskubidea.

Herritarrengandik ahalik hurbilen eta herritarrentzat ahalik irekien hartuko dira erabakiak.

4. Europa mailako alderdi politikoek Europaren kontzientzia politikoa sortzen eta Batasuneko herritarren gurariak adierazten lagunduko dute.

11. artikulua

1. Instituzioek Batasunaren jardun-eremu guztietan herritarrei eta gizartea ordezkatzen duten elkarteei beren iritziak jendaurrean adierazteko eta elkarrekin trukatzeko aukera emango diete, horretarako bide egokiak erabilita.

2. Instituzioek aldiro-aldiro elkarrizketa irekia eta gardena izango dute gizartea ordezkatzen duten elkarteekin eta gizarte zibilarekin.

3. Batasunaren ekintzak koherenteak eta gardenak direla bermatzeko, Europako Batzordeak kontsulta zabalak egingo ditu alderdi interesdunekin.

4. Batasuneko herritar-multzo batek, gutxienez milioi bat herritarrez osatua eta estatu kideen kopuru esanguratsua ordezkatzen duena, Europako Batzordeari gonbit egiteko ekimena bultzatu ahal izango du, bere eskurantza-esparruaren barruan, proposamen egokia aurkez dezan, herritar horien iritziz Tratatuen aplikazio-xedeetarako Batasunaren egintza juridikoa behar duten gaiei buruz.

Mota honetako ekimen bat aurkezteko prozedurak eta baldintzak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 24. artikuluko lehenengo lerrokadaren arabera ezarriko dira.

12. artikulua

Estatuetako parlamentuek Europar Batasunak ondo funtziona dezan lagunduko dute, eta horretarako:

a)

Batasuneko instituzioetatik informazioa jasoko dute eta Batasunaren legegintzako egintzen berri ere bai, Estatuetako parlamentuek Europar Batasunean duten egitekoari buruzko protokoloaren arabera.

b)

subsidiariotasun-printzipioa errespetatu beharra zainduko dute, subsidiariotasun- eta heinekotasun-printzipioak aplikatzeari buruzko protokoloan ezarritako prozeduren arabera.

c)

parte hartuko dute askatasun-, segurtasun- eta justizia-esparruaren barruan, Batasuneko politikak esparru horretan duten aplikazioa ebaluatzeko mekanismoetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 70. artikuluaren arabera; era berean, Europol-en kontrol politikoari eta Eurojust-en jardueren ebaluazioari uztartuta egongo dira, tratatu horretako 88. eta 85. artikuluekin bat.

d)

Tratatuak berrikuspen-prozeduretan parte hartuko dute, Tratatu honetako 48. artikuluaren arabera.

e)

Batasunari atxikitzeko eskabideen berri jasoko dute, tratatu honetako 49. artikuluaren arabera.

f)

estatuetako parlamentuen eta Europako Parlamentuaren arteko lankidetzan parte hartuko dute, Europar Batasuneko estatuetako parlamentuek duten egitekoari buruzko protokoloaren arabera.

INSTITUZIOEI BURUZKO XEDAPENAK

13. artikulua

1. Batasunak badu instituzio-esparrua bere balioak sustatzeko; bere helburuak lortzeko; bere interesak eta bere herritarren eta estatu kideen interesak defendatzeko; eta bai bere politiken eta ekintzen koherentzia, eraginkortasuna eta jarraipena bermatzeko ere.

Honako hauek dira Batasuneko instituzioak:

— Europako Parlamentua

— Kontseilu Europarra

— Kontseilua

— Europako Batzordea (aurrerantzean, “Batzordea”)

— Europar Batasuneko Justizia Auzitegia

— Europako Banku Zentrala

— Kontu Auzitegia

2. Instituzio horietako bakoitzak Tratatuek emandako eskurantzen mugen barruan jardungo du, betiere, Tratatuetan ezarritako prozedurak, baldintzak eta helburuak oinarri dituela.

Instituzioek elkarrekiko lankidetzan leial jokatuko dute beti.

3. Europako Banku Zentralari eta Kontu Auzitegiari buruzko xedapenak eta gainerako instituzioei buruzko xedapen xehatuak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuan daude jasota.

4. Europako Parlamentuak, Kontseiluak eta Batzordeak laguntzaile izango dituzte Ekonomia eta Gizarte Komitea eta Eskualdeetako Komitea, aholkularitza-eginkizunetan jardungo baitute.

14. artikulua

1. Europako Parlamentuak legegintza eta aurrekontugintza beteko ditu Kontseiluarekin batera.

Kontrol politikoa egiteko eta aholku emateko eginkizunak beteko ditu, Tratatuek ezarritako baldintzetan.

Batzordeko lehendakaria hautatuko du.

2. Batasuneko herritarren ordezkariek osatuko dute Europako Parlamentua.

Ordezkarien kopurua, gehienez ere, zazpiehun eta berrogeita hamarrekoa izango da, lehendakaria kopuru horretatik kanpo gelditzen dela..

Herritarren ordezkaritza beheranzko proportziozkoa izango da, eta estatu kide bakoitzeko gutxienez sei diputatu izango dira.

Estatu kideetako bati ere ez zaio emango laurogeita hamasei eserleku baino gehiago.

Kontseilu Europarrak, Europako Parlamentuaren ekimenez eta haren onespenarekin, lehenengo lerrokadan adierazten diren printzipioen arabera, Europako Parlamentuaren osaera finkatzeko erabakia hartuko du aho batez.

3. Europako Parlamentuko diputatuak zuzeneko sugragio unibertsal aske eta isilpekoz hautatuko dira, bost urteko agintaldi baterako.

4. Europako Parlamentuak bere diputatuen artetik hautatuko ditu lehendakaria eta Mahaia.

15. artikulua

1. Kontseilu Europarrak Batasunaren garapena bultzatu, eta Batasunaren norabide eta lehentasun politiko orokorrak zehaztuko ditu.

Ez du inolako legegintza-eginkizunik beteko.

2. Estatu kideetako estatuburuek edo gobernuburuek, Kontseiluko lehendakariak eta Batzordeko lehendakariak osatuko dute Kontseilu Europarra.

Atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak ere hartuko du parte Kontseiluaren lanetan.

3. Kontseilu Europarra bi aldiz bilduko da sei hilabetero, Kontseiluko lehendakariak deituta.

Eguneko gai-zerrendak hala eskatzen duenean, Kontseilu Europarreko kideek erabaki ahal izango dute euretariko bakoitzak ministro bana izatea laguntzaile, eta Batzordeko buruak, berriz, Batzordeko kide bat eraman ahal izango du laguntzaile.

Egoeraren arabera beharrezkoa denean, Kontseiluko lehendakariak Kontseilu Europarraren bilera berezia egiteko deia egingo du.

4. Kontseilu Europarrak adostasunez hartuko ditu erabakiak, Tratatuek bestelakorik xedatu ezean.

5. Kontseilu Europarrak gehiengo kualifikatuz hautatuko du lehendakaria bi urte eta erdiko agintaldi baterako; kargu hori beste behin bakarrik bete ahal izango du pertsona berak.

Eragozpen edo falta larriren bat gertatuz gero, Kontseilu Europarrak prozedura bera erabiliz eman ahal izango dio amaiera lehendakariaren agintaldiari.

6. Kontseilu Europarreko lehendakaria:

a) Kontseilu Europarraren lanetan bera izango da buru eta sustatzaile; b) Kontseilu Europarraren lanak prestatzeko eta horiei jarraipena emateko ardura izango du, Batzordearen lehendakariarekin batera lankidetzan eta Gai Orokorren Kontseiluaren lanetan oinarrituta; c) Kontseilu Europarraren barnean kohesioa eta adostasuna sendotzen ahaleginduko da; d) Kontseilu Europarraren bileretako bakoitza amaitutakoan, txostena aurkeztuko dio Europako Parlamentuari.

Kontseilu Europarreko lehendakariak, bere mailari eta izaerari dagokienez, Batasunaren atzerri-ordezkaritza hartuko du bere gain atzerri- eta segurtasun-politika erkidearen gaietan, Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak dituen eskurantzei kalterik egin gabe.

Kontseilu Europarraren lehendakariak ezin izango du estatu kideetan inolako aginterik izan.

16. artikulua

1. Kontseiluak legegintza eta aurrekontugintza beteko ditu Europako Parlamentuarekin batera.

Politikak zehazteko eta koordinazio-lana egiteko eginkizunak beteko ditu, Tratatuek ezarritako baldintzetan.

2. Kontseilua osatzeko orduan estatu kideetako bakoitzak ordezkari bat izango du, ministro-mailakoa. Ordezkari horiek bakoitzak bere estatuko gobernua konprometitzeko adinako ahalmena izango dute, baita botoa emateko eskubidea ere.

3. Kontseiluak gehiengo kualifikatuz hartuko ditu erabakiak, Tratatuek bestelakorik xedatu ezean.

4. 2014ko azaroaren 1etik aurrera, gehiengo kualifikatuak gutxienez Kontseiluko kideen % 55 bilduko du, gutxienez hamabost kide barne dituela, eta estatu horiek gutxienez Batasuneko biztanleriaren % 65 hartu behar dute barne.

Blokeo-gutxiengoak Kontseiluko lau kide bildu behar ditu gutxienez; horrelakorik ezean, gehiengo kualifikatua lortutzat joko da.

Gehiengo kualifikatua lortzeko botoa arautzen duten gainerako modalitateak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 238. artikuluko 2. paragrafoan daude jasota.

5. Gehiengo kualifikatuaren definizioari buruzko xedapen iragankorrak 2014ko urriaren 31 arte izango dira aplikaziokoak; xedapen horiek eta 2014ko urriaren 31ren eta 2017ko martxoaren 31ren artean aplikagarriak direnak xedapen iragankorrei buruzko protokoloan ezarriko dira.

6. Kontseilua osaera ezberdinak hartuta bilduko da, Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 236. artikuluarekin bat.

Gai Orokorren Kontseiluak zainduko du Kontseiluaren osaera guztietan egindako lanak euren artean koherenteak izan daitezen.

Kontseilu Europarraren bilerak prestatuko ditu eta bileren ondorengo jarduna betetzen dela bermatuko du, Kontseilu Europarreko lehendakariarekin eta Batzordearekin harremanetan dagoela.

Atzerri Arazoetako Kontseiluak Batasunaren atzerri-ekintza landuko du, Kontseilu Europarrak zehaztutako jarraibide estrategikoak aintzakotzat hartuta, eta Batasunaren jarduna koherentea izan dadin jagongo du.

7. Estatu kideen Gobernuetako Ordezkari Iraunkorren Komitea arduratuko da Kontseiluko lanak prestatzeaz.

8. Kontseilua jendaurrean bilduko da legegintzako egintzaren proiektu bati buruz eztabaidatu eta botoa eman behar duenean.

Hori betetze aldera, Kontseiluaren saio bakoitzak bi zati izango ditu, bata, Batasunaren legegintzako egintzei buruz eztabaidatzeko, eta, bestea, legegintzakoak ez diren jardueretan aritzeko.

9. Kontseiluan estatu kideen ordezkari direnek osatuko dute lehendakaritza Kontseiluaren osaeretan, Atzerri Arazoetako osaeran izan ezik, eta, horretarako, berdintasunezko txandakatze-sistema bat erabiliko dute, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 236. artikuluetan ezarritako baldintzen arabera.

17. artikulua

1. Batzordeak Batasunaren interes orokorra sustatuko du eta horretarako ekimen egokiak bideratuko ditu.

Tratatuak aplikatzen direla eta instituzioek tratatuen arabera hartutako neurriak aplikatzen direla begiratuko du.

Batasuneko Zuzenbidea aplikatzen dela gainbegiratuko du, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren kontrolpean.

Aurrekontua gauzatuko du eta programak kudeatuko ditu.

Era berean, koordinatze-, gauzatze- eta kudeatze-eginkizunak ere beteko ditu, Tratatuek ezartzen dutenaren arabera.

Atzerri- eta segurtasun-politika erkidearen kasuan eta Tratatuek jasotako gainerako kasuetan izan ezik, Batasunaren atzerri-ordezkaritzaz arduratuko da.

Batasunaren urteko programen eta urte anitzeko programen ekimenak onartuko ditu, instituzio arteko akordioak lortzeko asmoz.

2. Batasunaren legegintzako egintzak Batzordearen proposamenez baino ezingo dira onartu, Tratatuek bestelakorik xedatu ezean.

Bestelako egintzak Batzordearen proposamenez onartuko dira Tratatuek hala ezartzen dutenean.

3. Batzordearen agintaldia bost urtekoa izango da.

Beren gaitasun orokorra eta Europarekiko duten konpromisoa aintzakotzat izanik hautatuko dituzte Batzordeko kideak, zalantzarik gabeko independentzia agertzen duten pertsonen artetik aukeratuta.

Batzordeak independentzia osoz beteko ditu bere erantzukizunak.

Batzordeko kideek, 18. artikuluaren 2. paragrafoak xedatutakoari kalterik egin gabe, ez dute eskatuko ez onartuko inongo gobernu, instituzio, organo zein organismoren jarraibiderik.

Ez dute parte hartuko beren betebeharrekin edo beren eginkizunak betetzearekin bateraezina den ezein egintzatan.

4. Lisboako tratatua indarrean jartzen denetik 2014ko urriaren 31ra bitartean izendatuko den Batzordea estatu kideetako herritar banak osatuko dute, lehendakaria eta Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkaria barne hartuta. Atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkaria lehendakariordeetako bat izango da.

5. 2014ko azaroaren 1etik aurrera, Batzordeak honako kide-kopuru hau izango du: estatu kideen kopuruaren bi heren, Batzordeko lehendakaria eta atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkaria barne direla, baldin eta Kontseilu Europarrak zenbateko hori aho batez aldatzea erabakitzen ez badu.

Batzordeko kideak estatu kideetako herritarren artetik hautatuko dira, estatu kide guztien aniztasun demografiko eta geografikoa kontuan hartzea ahalbidetuko duen txandaketa-sistema guztiz berdina erabilita estatu kide guztien artean.

Sistema aho batez ezarriko du Kontseilu Europarrak, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 244. artikuluaren arabera.

6. Batzordeko lehendakariak:

a)

norabideak zehaztuko ditu, Batzordeak horien arabera beteko baititu bere betebeharrak.

b)

Batzordearen barne-antolamendua erabakiko du, eta begiratuko du Batzordeak koherentziaz, eraginkortasunez eta kide anitzeko organo modura jardun dezan.

c)

lehendakariordeak izendatuko ditu Batzordeko kideen artetik, Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkaria izan ezik.

Batzordeko kideak dimisioa aurkeztuko du, baldin eta lehendakariak hala egiteko eskatzen badio.

Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak dimisioa aurkeztuko du, 18. artikuluaren 1. paragrafoan ezarritako prozeduraren arabera, baldin eta lehendakariak hala egiteko eskatzen badio.

7. Europako Parlamenturako hauteskundeen emaitzak aintzat hartuta, eta egoki diren kontsultak eginda, Kontseilu Europarrak, gehiengo kualifikatuz, Batzordeko lehendakari-kargua betetzeko hautagaia proposatuko dio Europako Parlamentuari.

Europako Parlamentuak hautagaia aukeratuko du, Parlamentua osatzen duten kideen gehiengoz.

Hautagaiak beharrezko den gehiengoa lortzen ez badu, Kontseilu Europarrak, gehiengo kualifikatuz, beste hautagai bat proposatuko du hilabeteko epean; ondoren, Europako Parlamentuak aukeratu beharko du prozedura bera erabilita.

Kontseiluak, lehendakari hautetsiarekin ados jarrita, Batzordeko kide izendatzeko proposatuko diren gainerako pertsonen zerrenda onartuko du.

Estatu kideek aurkeztutako proposamenetatik abiatuta aukeratuko dira pertsona horiek, betiere, 3. paragrafoaren bigarren lerrokadan eta 5. paragrafoaren bigarren lerrokadan adierazitako irizpideekin bat etorrita.

Batzordeko lehendakaria, Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkaria eta gainerako kideak Europako Parlamentuaren onarpen-botoaren menpe jarriko dira kide anitzeko organo modura.

Onespen hori oinarritzat hartuta, Kontseilu Europarrak izendatuko du Batzordea, gehiengo kualifikatuz.

8. Batzordeak kide anitzeko organo modura izango du erantzukizuna Europako Parlamentuaren aurrean.

Europako Parlamentuak, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 234. artikuluarekin bat etorriz, Batzordearen aurkako zentsura-mozio bat bozkatu ahal izango du.

Zentsura-mozio hori onartzen bada, Batzordeko kideek talde gisa eman beharko dute dimisioa, eta Batasuneko eta atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak ere Batzordean betetzen duen kargua utzi egin beharko du.

18. artikulua

1. Kontseilu Europarrak, Batzordeko lehendakariaren onespenaz, gehiengo kualifikatuz izendatuko du Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkaria.

Kontseilu Europarrak prozedura bera erabiliz amaiarazi ahal izango du haren agintaldia.

2. Goi-ordezkaria arduratuko da Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideaz.

Bere proposamenen bidez politika hori egiten lagunduko du, eta Kontseiluaren mandatari denez, politika hori gauzatuko du.

Berdin jokatuko du segurtasun- eta defentsa-politika erkideari dagokionez.

3. Goi-ordezkaria izango da Atzerri Arazoetako Kontseiluaren buru.

4. Goi-ordezkaria Batzordeko lehendakariordeetako bat izango da.

Batasunaren atzerri-ekintzaren koherentziaz arduratuko da.

Batzordearen barruan, atzerri-harremanen eremuan Batzordeari dagozkion erantzukizunez eta Batzordearen atzerri-ekintzaren beste alderdi batzuk koordinatzeaz ere arduratuko da.

Batzordearen barruan dituen erantzukizun horiek betetzean, eta soilik erantzukizun horiei dagokienez, goi-ordezkaria Batzordearen funtzionamendua arautzen duten prozedurei atxikita egongo da, baldin eta hori bateragarria bada 2. eta 3. paragrafoekin.

19. artikulua

1. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak bere baitan hartuko ditu Justizia Auzitegia, Auzitegi Orokorra eta auzitegi espezializatuak.

Tratatuen interpretazioan eta aplikazioan Zuzenbidea errespetatzen dela bermatuko du.

Estatu kideek beharrezko diren errekurtso-bide guztiak ezarriko dituzte Batasuneko Zuzenbideak babestutako eremuetan babes judizial eragingarria berma dadin.

2. Justizia Auzitegia Batasuneko estatu bakoitzeko epaile banaz osatuko da.

Abokatu nagusien laguntza izango du.

Auzitegi Orokorrak, gutxienez, estatu kide bakoitzeko epaile bana izango du.

Justizia Auzitegiko epaile eta abokatu nagusiak eta Auzitegi Orokorreko epaileak aukeratzean, zalantzarik gabeko independentzia agertzen duten pertsonak eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 253. eta 254. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten hautagaiak hartuko dira.

Estatu kideetako gobernuek izendatuko dituzte, denak ados jarrita, sei urteko epe baterako.

Epaile eta abokatu nagusi horiek, epe hori bukatutakoan, berriro ere izendatu ahal izango dira.

3. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak, Tratatuen arabera, hauei buruz emango ditu ebazpenak:

a) Estatu kideren batek, instituzioren batek edo pertsona fisiko zein juridikoren batek aurkeztutako errekurtsoei buruz;

b) epaitu aurreko arazoen kasuan, estatu kideetako jurisdikzio-organoek halaxe eskatuta, Batasuneko Zuzenbidearen interpretazioari buruz edo instituzioek onartutako egintzen baliozkotasunari buruz;

c) Tratatuetan jasotako gainerako kasuetan.

IV. TITULUA

LANKIDETZA INDARTUEI BURUZKO XEDAPENAK

20. artikulua

(lehengo 27 Aa 27 E, 40 a 40 B eta 43 a 45 artikuluak EBT eta lehengo 11 eta 11 A artikuluak EET)

1. Estatu kideek, baldin eta Batasunaren eskumen esklusiboak ez diren gaien esparruan elkarrekin lankidetza indartua ezarri nahi badute, Batasunaren instituzioak erabili eta eskumen horiek baliatu ahal izango dituzte Tratatuetako xedapen egokiak aplikatuta, eta, betiere, artikulu honetan eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 326. artikulutik 334. artikulura bitartekoetan jasotako mugen barruan eta hor zehaztutako modalitateen arabera.

Lankidetza indartuen helburua Batasunaren xedeak sustatzea, bere interesak babestea eta integrazio-prozedura sendotzea izango da.

Lankidetza indartuak estatu kide guztientzat irekita egongo dira beti, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 328. artikuluaren arabera.

2. Lankidetza indartu bat baimentzeko erabakia Kontseiluak azken irtenbide moduan onartu behar du, ondorio gisa argi ikusten duenean lankidetza horrek zituen helburuak Batasunak bere osotasunean ezin dituela zentzuzko epe batean lortu, eta lankidetza horretan, gutxienez, bederatzi estatu kidek parte hartzekotan.

Kontseiluak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 329. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera erabakiko du.

3. Kontseiluko kide guztiek parte hartu ahal izango dute eztabaidan; bozketan, ordea, lankidetza indartu batean partaide diren estatu kideek Kontseiluan dituzten ordezkariek, horiexek bakarrik hartu ahal izango dute parte.

Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 330. artikuluan ezartzen dira bozkatzeko moduak.

4. Lankidetza indartu baten esparruan onartutako egintzak lotura-indarrekoak izango dira horretan partaide diren estatu kideentzat; horientzat bakarrik.

Egintza horiek ez dira joko estatu atxikigaien onartu beharreko altxortzat.

BATASUNAREN ATZERRI-EKINTZARI BURUZKO XEDAPEN OROKORRAK ETA ATZERRIARI ETA SEGURTASUNARI BURUZKO POLITIKA ERKIDEAREN GAINEKO BERARIAZKO XEDAPENAK

1. KAPITULUA

BATASUNAREN ATZERRI-EKINTZARI BURUZKO XEDAPEN OROKORRAK

21. artikulua

1. Sortzeko, garatzeko eta zabaltzeko orduan sustagarri izan dituen printzipio berberak izango dira Batasunaren ekintzaren oinarri nazioartean diharduenean ere, mundu osora zabaldu nahi dituelako hauek:

demokrazia; zuzenbide-estatua; giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen unibertsaltasuna eta zatiezintasuna; giza duintasunaren errespetua; berdintasun- eta elkartasun-printzipioak, eta Nazio Batuen Gutuneko nahiz nazioarteko zuzenbideko printzipioen errespetua.

Lehen lerrokadan aipaturiko printzipioak beretzat ere badituzten hirugarren herrialdeekin, nazioarteko antolakundeekin, eskualdeetako antolakundeekin edo munduko antolakundeekin harremanak garatzen eta elkarteak sortzen saiatuko da Batasuna.

Arazo erkideei alde askotako konponbidea ematen saiatuko da, Nazio Batuen esparruan bereziki.

2. Nazioarteko harremanen eremu guztietan, Batasunak politika erkideak eta ekintzak zehaztu eta gauzatuko ditu, eta lankidetza-maila handia lortzen saiatuko da, honetarako:

a) bere balioen, funtsezko interesen, segurtasunaren, independentziaren eta osotasunaren alde egiteko;

b)

demokrazia, zuzenbide-estatua, giza eskubideak eta nazioarteko zuzenbideko printzipioak sendotzeko eta babesteko;

c)

bakeari eusteko, gatazkei aurrea hartzeko eta nazioarteko segurtasuna sendotzeko, Nazio Batuen Gutunaren helburuen eta printzipioen arabera, Helsinkiko Azken Aktako printzipioen arabera eta Parisko Gutunaren helburuen arabera, kanpoko mugekin zerikusia dutenak barne;

d)

garatzeko bidean dauden herrialdeetako ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren garapen iraunkorraren alde egiteko, helburu nagusi batekin: pobrezia desagerraraztea;

e)

herrialde guztiak munduko ekonomiara biltzeko ahaleginak egiteko, besteak beste nazioarteko merkataritzak dituen oztopoak arian-arian ezabatuz;

f)

ingurumenaren kalitatea eta munduko baliabide naturalen kudeaketa iraunkorra babesteko eta hobetzeko nazioarteko neurriak antolatzen laguntzeko, garapen iraunkorra lortze aldera;

g)

hondamendiren bat jasaten duten jendarteei, herrialdeei eta eskualdeei laguntzeko, berdin naturak eragindakoa edo gizakiak eragindakoa den; eta

h)

alde askotako lankidetza sendoa eta munduaren gobernamendu zuzena oinarritzat dituen nazioarteko sistema baten alde egiteko.

3. Batasunak 1. eta 2. paragrafoetan aipaturik dauden printzipioak errespetatuko ditu, eta horko helburuak lortzen saiatuko da, titulu honetan eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren bosgarren zatian jasota dauden eremuetako atzerri-ekintza eta bere gainerako politiketako atzerri-gaiak zehaztu eta aurrera eraman behar dituenean.

Batasunak begiratuko du koherentziari eusten zaiola, bai bere atzerri-ekintzaren eremu guztien artean, bai eremu horien eta bere gainerako politiken artean ere.

Kontseiluak eta Batzordeak bermatuko dute koherentzia hori, eta lankidetzan jardungo dute horretarako, Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak lagundurik.

22. artikulua

1. Kontseilu Europarrak zehaztuko ditu Batasunaren interes eta helburu estrategikoak, 21. artikuluan zehazturik dauden printzipioetan eta helburuetan oinarriturik.

Batasunaren interes eta helburu estrategikoak direla-eta Kontseilu Europarrak hartzen dituen erabakiak atzerri- eta segurtasun-politika erkideari buruzkoak eta Batasunaren atzerri-ekintzaren beste eremu batzuei buruzkoak izango dira.

Batasunaren eta herrialde edo eskualde baten arteko harremanei buruzkoak izango dira batzuk, edo gai jakin bati buruzkoak beste batzuk.

Noiz arte balio duten eta Batasunak eta estatu kideek eman beharreko baliabideak ere zehaztu beharko dute.

Kontseilu Europarrak aho batez erabakiko du, Kontseiluaren gomendio batean oinarriturik; esparrua zein, halako modalitatea erabiliko du Kontseiluak gomendio hori emateko.

Tratatuetan jasota datozen prozeduren arabera gauzatu beharko dira Kontseilu Europarraren erabakiak.

2. Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak eta Batzordeak Kontseiluan proposamenak batera aurkez ditzakete, goi-ordezkariak atzerri- eta segurtasun-politika erkidearen eremuan, eta Batzordeak, berriz, atzerri-ekintzaren gainerako esparruetan.

2. KAPITULUA

ATZERRIARI ETA SEGURTASUNARI BURUZKO POLITIKA ERKIDEAREN GAINEKO BERARIAZKO XEDAPENAK

1. ATALA

XEDAPEN ERKIDEAK

23. artikulua

Kapitulu honen indarrez, lehenengo kapituluan aurreikusitako xedapen orokorretako printzipioak dira Batasunaren ekintzaren oinarri nazioartean diharduenean, Batasunaren ekintza xedapen horien helburuen bila dabil eta xedapen horien arabera egingo da.

24. artikulua

(lehengo 11. artikulua EBT)

1. Atzerri- eta segurtasun-politika erkidean Batasunak duen eskumenak Batasunaren atzerri-politikaren eremu guztiak eta segurtasunari buruzko gai guztiak hartuko ditu bere baitan, defentsa erkidea ekar dezakeen defentsa-politika erkidea arian-arian eratzea barnean hartuta.

Berariazko arau eta prozedurek arautuko dute atzerri- eta segurtasun-politika erkidea.

Kontseilu Europarrak eta Kontseiluak zehaztu eta aplikatuko dute, eta aho batez hartu beharko dituzte erabakiak, Tratatuek bestelakorik diotenean izan ezik.

Kanpo geratzen da legegintzako egintzak onartzea.

Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak eta estatu kideek gauzatuko dute atzerri- eta segurtasun-politika erkidea, Tratatuen arabera.

Europako Parlamentuaren eta Batzordearen berariazko egitekoa arlo horretan Tratatuetan zehazten da.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ez du eskumenik izango xedapen hauei dagokienez, baina bai izango du eskumena tratatu honetako 40. artikulua errespetatzen dela kontrolatzeko eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 275. artikuluko bigarren lerrokadan aipatutako zenbait erabakiren legezkotasuna kontrolatzeko.

2. Batasunak, atzerri-ekintzarako dituen printzipioen eta helburuen eremuaren barruan, atzerri- eta segurtasun-politika erkidea zuzendu, definitu eta gauzatuko du, eta zeregin horretan, oinarri gisa, estatu kideen arteko elkartasun politikoa garatuko du, interes orokorrekoak diren gaiak zehaztu eta estatu kideen ekintzaren elkarganatze gero eta zabalagoa lortuko du.

3. Estatu kideek biziki eta baldintzarik jarri gabe bultzatuko dute Batasunaren atzerri- eta segurtasun-politika elkarrenganako leialtasunez eta elkartasunez, eta Batasunak eremu horretan egiten duena errespetatuko dute.

Estatu kideek batera jardungo dute elkarren arteko elkartasun politikoa indartu eta garatzeko.

Ez dute parte hartuko ez Batasunaren interesen aurkako ezein ekintzatan, ez eta Batasunak nazioarteko harremanetan kohesio-indar gisa duen eraginkortasuna kalte dezakeen ezein ekintzatan.

Printzipio horiek betetzen direla jagongo dute Kontseiluak eta goi-ordezkariak.

25. artikulua

(lehengo 12. artikulua EBT)

Batasunak honela gidatuko du atzerri- eta segurtasun-politika erkidea:

a) bere norabide nagusiak definituz; b) erabakiak hartuz, gauza hauek xedatzeko: i) Batasunak egingo dituen ekintzak, ii) Batasunak izango dituen jarrerak; iii) aurreko i) eta ii) tartekietan zehazturik dauden erabakiak betearazteko modalitateak; eta c) estatu kideen arteko lankidetza sistematikoa indartuz, politikak aurrera eramateko orduan.

26. artikulua

(lehengo 13. artikulua EBT)

1. Kontseilu Europarrak Batasunaren interes estrategikoak ezarriko ditu, helburuak finkatuko ditu eta atzerri- eta segurtasun-politika erkideko norabide orokorrak zehaztuko ditu, defentsako eremuan eraginak dauzkaten gaiak barne hartuta.

Beharrezko erabakiak hartuko ditu.

Nazioarteko gertakariren batek hala eskatzen badu, Kontseilu Europarreko lehendakariak Kontseilu Europarraren aparteko bilera baterako deia egingo du, gertakari hori dela-eta Batasunaren politikak zein ildo estrategikori jarraitu behar dion zehazteko.

2. Kontseilu Europarrak definituriko norabide nagusietan eta ildo estrategikoetan oinarriturik, Kontseiluak landuko du atzerri- eta segurtasun-politika erkidea, eta politika hori definitzeko eta aplikatzeko beharrezko erabakiak hartuko ditu.

Kontseiluak eta atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak Batasunaren ekintzaren batasuna, koherentzia eta eraginkortasuna jagongo dituzte.

3. Goi-ordezkariak eta estatu kideek gauzatuko dute atzerri- eta segurtasun-politika erkidea, estatu bakoitzaren eta Batasunaren bitartekoak erabilita.

27. artikulua

1. Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak ere lagunduko du, proposamenak eginez, atzerri- eta segurtasun-politika erkidea osatzen, eta bere ardurapean izango du Kontseilu Europarrak eta Kontseiluak hartutako erabakiak gauzatzea. Ordezkari hori izango da Atzerri Arazoetako Kontseiluko lehendakaria.

2. Atzerri- eta segurtasun-politika erkideari buruzko gaietan, goi-ordezkaria izango da Batasunaren ordezkaria.

Hark zuzenduko du, Batasunaren izenean, hirugarren herrialdeekiko elkarrizketa politikoa, eta hark adieraziko du Batasunaren jarrera, nazioarteko erakundeetan eta nazioarteko biltzarretan.

3. Bere aginte-lanak aurrera eramateko, goi-ordezkariak atzerri-ekintzarako zerbitzu europar bat izango du lagungarri.

Zerbitzu hori estatu kideetako zerbitzu diplomatikoekin lankidetzan arituko da, eta, osaera dela-eta, Kontseiluko Idazkaritza Nagusiko eta Batzordeko zerbitzu eskudunetako hainbat funtzionariok eta estatuetako zerbitzu diplomatikoetatik zerbitzu-eginkizunetan etorritako hainbat langilek osatuko dute.

Atzerri-ekintzarako zerbitzu europarraren antolaketa eta funtzionamendua erabaki bidez zehaztuko da; erabaki hori, goi-ordezkariaren proposamenez, Kontseiluak hartuko du, Europako Parlamentuari aurretiaz kontsulta eginda eta Batzordeak aurretiaz onespena emanda.

28. artikulua

(lehengo 14. artikulua EBT)

1. Nazioarteko egoera jakin batek Batasunaren ekintza operatibo bat eskatzen badu, Kontseiluak beharrezko diren erabakiak hartuko ditu.

Erabaki horietan zehaztuko dira helburuak, helmena eta Batasunak horretarako jarri beharreko baliabideak, baita ekintza betearazteko baldintzak eta, beharrezkoa bada, iraupena ere.

Egoera-aldaketaren bat gertatuz gero, horrek eragin nabarmena badu erabakiaren xede den gairen batean, Kontseiluak erabaki horren printzipioak eta helburuak berrikusiko ditu, eta behar diren erabakiak hartuko ditu.

2. Lehenengo paragrafoko erabakiak lotesleak izango dira estatu kideentzat, jarrerak hartzen dituztenean, eta beren ekintzak garatzen dituztenean.

3. Lehenengo paragrafoan aipaturiko erabakietako bat aplikatzean, estatu-jarrera bat hartzeko edo ekintza nazional bati ekiteko plan bat baldin badago, dagokion estatuak informazioa eman beharko du, behar besteko epea emanda, hala behar izanez gero, Kontseiluak erabaki bat adosteko astia izan dezan.

Aurrez informazioa emateko betebeharra ez zaie aplikatuko Kontseiluaren erabakiak estatu-eremura ekartzeko transposizio hutsak diren neurriei.

4. Egoeraren bilakaeraren ondorioz premia larrian badaude, eta 1. paragrafoan aipaturiko Kontseiluaren erabakietako baten berrikusketa egiten ez bada, estatu kideek beharrezko neurriak hartzeko aukera izango dute berehala, erabakiaren helburu orokorrak gogoan harturik.

Dena delako estatu kideak neurri horiei buruzko informazioa emango dio Kontseiluari berehala.

5. Baldin eta estatu kideren batek garrantzi handiko zailtasunak badauzka artikulu honetan aipatutako erabaki bat aplikatzeko, horretaz eztabaidatu eta irtenbide egokiak bilatzeko eskatuko dio Kontseiluari. Irtenbide horiekin ezin izango da 1. paragrafoan aipatutako erabakiaren helburuen aurka jokatu, ez eta ekintzaren eraginkortasuna murriztu ere.

29. artikulua

(lehengo 15. artikulua EBT)

Geografiaren arloko edo beste gai bati buruzko auzi jakinetan, Batasunaren ikuspuntua zehazteko, Kontseiluak erabakiak hartuko ditu.

Estatu kideek jagongo dute beren estatu-politikak Batasunaren jarreraren araberakoak izan daitezen.

30. artikulua

(lehengo 22. artikulua EBT)

1. Edozein estatu kidek, Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak, edo goi-ordezkariak Batzordearen babesarekin, atzerri- eta segurtasun-politika erkideari buruzko edozein gai eraman dezake Kontseilura, baita, hurrenez hurren, ekimenak edo proposamenak aurkeztu ere Kontseiluari .

2. Erabakia arin eman behar den kasuetan, goi-ordezkariak, bere kabuz edo estatu kideren batek eskatuta, Kontseiluaren bilera berezirako deia egin dezake, berrogeita zortzi orduko epean, edo, larrialdia erabatekoa bada, epe laburragoan.

31. artikulua

(lehengo 23. artikulua EBT)

1. Kontseilu Europarrak eta Kontseiluak aho batez hartu behar dituzte kapitulu honetan aipatzen diren erabakiak, kapitulu honetan bertan besterik xedatzen denean izan ezik.

Kanpo geratzen da legegintzako egintzak onartzea.

Kontseiluko kideren batek bozketan abstentzioa egiten badu, adierazpen formala gehi diezaioke abstentzioari, lerrokada honen arabera eginda. Kasu horretan, bera ez dago erabakia aplikatzera behartuta, baina Batasunarentzat loteslea dela onartu behar du. Elkarrenganako elkartasunez, ordea, dena delako estatu kideak ezin izango du inolako ekintzarik egin, erabaki horretan oinarrituta Batasunak erabakitako ekintza eragotzi edo galarazteko, eta beste estatu kideek ere errespetatu egin behar dute haren jarrera. Baldin eta, abstenitzeaz gain adierazpen hori egiten duten kontseiluko kideen kopurua gutxienez estatu kideen herena eta Batasuneko populazioaren herena ordezkatzen badute, erabaki hori ez da onartuko.

2. Goiko 1. paragrafoan xedatutakoa salbuetsita, gehiengo kualifikatuz jardungo du Kontseiluak:

Batasunaren interes eta helburu estrategikoei buruz Kontseilu Europarrak hartutako erabaki batetik abiaturik (22. artikuluaren 1. paragrafoan dago jasota erabaki horien berri), Batasunaren ekintza edo jarrera bat zehazteko erabaki bat hartu behar duenean;

Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak Kontseilu Europarraren berariazko eskari bati erantzuteko aurkeztutako proposamen batetik abiaturik (berdin dio eskari hori bere kabuz edo goi-ordezkariaren ekimenez egin dion), Batasunaren ekintza edo jarrera bat zehazteko erabaki bat hartu behar duenean;

Batasunaren ekintza edo jarrera bat zehazten duen erabaki bat aplikatzeko edozein erabaki hartu behar duenean;

ordezkari berezi bat izendatzeko erabakia hartu behar duenean, 33. artikuluaren arabera.

Kontseiluko kide batek, estatu-politikako ezinbesteko eta ageri-ageriko arrazoiak direla-eta, deklaratzen badu gehiengo kualifikatuz onartu beharreko erabaki jakin bat hartzearen aurka agertuko dela, ez da bozketa egingo.

Kasuan kasuko estatu kide horrekin harreman estuan, goi-ordezkaria estatu horrek onartzeko moduko konponbide bat aurkitzen saiatuko da.

Ezinezkoa bada konponbide hori aurkitzea, Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, gai hori Kontseilu Europarrera bidaltzeko eska dezake, han erabaki bat har dezaten, aho batez.

3. Kontseilu Europarrak erabaki bat hartu ahal izango du aho batez, Kontseiluak gehiengo kualifikatuz erabaki behar duela ezartzeko 2. paragrafoan agertzen direnez bestelako kasuetan.

4. Goiko 2. eta 3. paragrafoak ez zaizkie aplikatuko eremu militarrean edo defentsa-eremuan ondorioak dituzten erabakiei.

5. Kontseilua osatzen duten kideen gehiengoz ebatziko du Kontseiluak, prozedura-gaietan.

32. artikulua

(lehengo 16. artikulua EBT)

Estatu kideek, Kontseilu Europarraren eta Kontseiluaren baitan, kontsultak egingo dizkiote elkarri interes orokorra daukaten atzerri- eta segurtasun-politikako edozein gairen gainean, betiere, ikuspegi erkidea zehazte aldera.

Nazioarteko esparruan edozein jardunetan hasi aurretik edo Batasunaren interesetan eragina izan dezakeen edozein konpromiso hartu aurretik, estatu kide bakoitzak gainerakoei kontsulta egingo die Kontseilu Europarraren edo Kontseiluaren baitan.

Estatu kideek, beren jarduna elkarganatuz, bermatu egin behar dute Batasunak nazioarteko esparruan bere interesak eta balioak defendatzeko modua izan dezan.

Estatu kideek elkartasunez jokatuko dute beren artean.

Kontseilu Europarrak edo Kontseiluak zehaztuta badute Batasunaren ikuspuntu erkidea, lehenengo lerrokadan dioen moduan, Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak eta estatu kideetako Atzerri Arazoetako ministroek koordinaturik lan egingo dute Kontseiluan.

Estatu kideen ordezkaritza diplomatikoek eta Batasunak hirugarren herrialdeetan eta nazioarteko erakundeetan dituen ordezkaritzek elkarri lagundu beharko diote, eta ikuspuntu erkide hori zehazten eta abian jartzen lagunduko dute.

33. artikulua

(lehengo 18. artikulua EBT)

Atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariaren proposamenez, Kontseiluak ordezkari berezi bat izenda dezake, gai politiko zehatzei buruzko mandatua izango duena. Ordezkari bereziak goi-ordezkariaren agintaritzapean beteko du bere agintaldia.

34. artikulua

(lehengo 19. artikulua EBT)

1. Estatu kideek nazioarteko erakundeetan koordinatuko dute beren ekintza, baita nazioarteko biltzarrak egiten direnean ere.

Estatu kideek Batasunaren jarrera defendatu behar dute eztabaida-bilera horietan.

Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak antolatuko du koordinazio hori.

Estatu kide guztiek parte hartzen ez duten nazioarteko erakundeetan eta nazioarteko biltzarretan, parte hartzen dutenek Batasunaren jarrera defendatu behar dute.

2. Nazioarteko erakunde edo nazioarteko biltzarren batean estatu kide guztiek parte hartzen ez dutenean, interes erkideko gairen bat bada tartean, ordezkaturik dauden estatuek gainerakoak jakinaren gainean edukiko dituzte, baita goi-ordezkaria ere, 24. artikuluko 3. paragrafoarekin bat.

Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluko kide ere badiren estatu kideek beren artean abenikoa lortu eta erabat informatuta eduki behar dituzte Batasuneko gainerako estatuak eta goi-ordezkaria. Segurtasun Kontseiluko kide diren estatu kideek, beren egitekoak betetzerakoan, Batasunaren jarrerak eta interesak defendatuko dituzte, Nazio Batuen Gutuneko xedapenen indarrez dagozkien erantzukizunei kalterik egin gabe.

Nazio Batuetako Segurtasun Kontseiluaren gai-zerrendan jasotako gairen batean Batasunak zehaztua badu bere jarrera, Kontseilu horretako kideak diren estatu kideek goi-ordezkariari Batasunaren jarrera azaltzeko gonbit egiteko eskatuko dute.

35. artikulua

(lehengo 20. artikulua EBT)

Batasunak kapitulu honen indarrez hartutako jarrerak eta ekintzak zehazten dituzten erabakiak direla-eta, estatu kideen ordezkaritza diplomatiko eta kontsularrek, baita Batasunak hirugarren herrialdeetan nahiz nazioarteko biltzarretan dauzkan ordezkaritzek, eta nazioarteko erakundeetan dauzkaten ordezkaritzek ere, lankidetzan jardun behar dute erabaki horiek errespetatu eta gauzatuko direla bermatzeko.

Beren arteko lankidetza gehiago indartzeko, informazioa trukatu eta hainbat balorazio batera egingo dute.

Batasuneko herritarrek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 20. artikuluko 2. paragrafoko c) idatz-zatian jasota duten eskubidea —hirugarren herrialdeetako lurraldean babesa izateko eskubidea— aplikatzen lagunduko dute, baita Tratatu horretako 23. artikulua aplikatu beharrez hartutako neurriak ere.

36. artikulua

(lehengo 21. artikulua EBT)

Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak aldian-aldian kontsulta egingo dio Europako Parlamentuari atzerri- eta segurtasun-politika erkidearen alderdi nagusien eta oinarrizko aukeren gainean, eta segurtasun- eta defentsa-politika erkidearen gainean; politika horien bilakaeraren berri emango dio.

Europako Parlamentuaren iritziak behar bezala kontuan har daitezen zainduko du.

Ordezkari bereziak Europako Parlamentuari emandako informazioari loturik egon ahal izango dira.

Europako Parlamentuak galderak egin edo gomendioak aurkez diezazkieke Kontseiluari eta goi-ordezkariari. Bi urtetik behin, atzerri- eta segurtasun-politika erkidearen garapenean egindako aurrerapenak eztabaidatuko ditu, segurtasun- eta defentsa-politika erkidea barne hartuta.

37. artikulua

(lehengo 24. artikulua EBT)

Kapitulu honetan jasota dauden esparruetan, Batasunak estatu batekin edo bat baino gehiagorekin edo nazioarteko erakundeekin akordioak sinatu ahal izango ditu.

38. artikulua

(lehengo 25. artikulua EBT)

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 240. artikuluko xedapenei kalterik egin gabe, Politika eta Segurtasun Komite batek nazioarteko egoeraren jarraipena egingo du atzerri- eta segurtasun-politika erkideari dagozkion eremuetan, eta, Kontseiluak berak eskatuta, edo atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak eskatuta zein bere ekimenez, Kontseiluari zuzendutako irizpenak emanda, politika zehazten lagunduko du.

Adostutako politikak gauzatzea ere berak ikuskatuko du, goi-ordezkariak dauzkan eskumenei kalterik egin gabe.

Kapitulu honen esparruan, Politika eta Segurtasun Komite horren lana izango da, Kontseiluaren eta goi-ordezkariaren ardurapean, 43. artikuluan krisiak kudeatzeko jasotako operazioak politikoki kontrolatzea eta estrategikoki zuzentzea.

Krisiak kudeatzeko lanak egiteko, eta lan horiek dirauten beste denborarako, Kontseiluak zehaztutako moduan, Kontseiluak baimena eman diezaioke Komiteari lanen kontrol politikoari eta zuzendaritza estrategikoari dagozkien bidezko erabakiak har ditzan.

39. artikulua

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 16. artikuluaren arabera, eta 2. paragrafoak xedatutakoa gorabehera, Kontseiluak erabaki bat hartuko du pertsona fisikoak babesteko arauak finkatzeko estatu kideek kapitulu honen aplikazio-eremuan burutzen dituzten jardunetan pertsona bakoitzaren datuei eman behar zaien tratamenduari dagokionez; datu horiek askatasunez zirkulatzeko arauak ere emango ditu.

Arau horiek errespetatzen diren ala ez agintaritza independente batek kontrolatuko du.

40. artikulua

(lehengo 47. artikulua EBT)

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 3. artikulutik 6.era, Batasunak hainbat eskumen du aitorturik, eta, eskumen horiek baliatzeko, Tratatuen arabera hainbat prozedura erabil daiteke eta instituzioek hainbat eskurantza daukate aitorturik, eta atzerri- eta segurtasun-politika erkidea gauzatzeak ez du inolako eraginik izango ez prozedura horien aplikazioan ez eskurantza horien helmenean.

Era berean, Batasunak kapitulu honen indarrez dituen eskumenak baliatze aldera, Tratatuen arabera hainbat prozedura erabil daiteke eta instituzioek hainbat eskurantza daukate aitorturik, eta artikulu horietan aipaturiko politikak gauzatzeak ez du inolako eraginik izango ez prozedura horien aplikazioan ez eskurantza horien helmenean.

41. artikulua

(lehengo 28. artikulua EBT)

1. Kapitulu hau aplikatzeak instituzioei eragiten dizkien administrazio-gastuak Batasunaren Aurrekontuaren pentzutan izango dira.

2. Kapitulu hau aplikatzetik sortutako eragiketa-gastuak ere Batasunaren aurrekontuaren pentzutan izango dira, baina eremu militarrean edo defentsako eremuan eragin dezaketen eragiketei buruzkoak, eta Kontseiluak, aho batez, beste gauzaren bat erabakitzen duen kasuetakoak, salbuespen izango dira.

Kontseiluak beste zer edo zer erabakitzen ez badu, gasturen bat Batasunaren Aurrekontuari egozten ez zaionean, estatu kideek ordaindu beharko dute, barne-produktu gordinean oinarrituriko banaketa-klabe baten arabera.

Eremu militarrean edo defentsa-eremuan eragina daukaten operazioetatik sortutako gastuei dagokienez, baldin eta 31. artikuluko 1. paragrafoko bigarren lerrokadaren araberako adierazpen formala egin badute ordezkariek Kontseiluan, estatu kideek ez dute gastuen finantzaketan laguntzeko betebeharrik.

3. Batasunaren Aurrekontuan atzerri- eta segurtasun-politika erkidearen esparruko ekimenak finantzatzeko eta, batez ere, 42. artikuluko 1. paragrafoan eta 43. artikuluan zehazturiko misioetako bat prestatzeko dauden kredituetara bizkor iristeko aukera bermatzeko, Kontseiluak erabaki bat hartuko du, eta aukera hori gauzatzeko berariazko prozedurak zehaztuko ditu erabaki horretan. Europako Parlamentuari aurretiaz kontsulta eginda erabakiko du Kontseiluak.

Misio batzuk, 42. artikuluko 1. paragrafoan eta 309. artikuluan zehaztutakoak, estatu kideen ekarpenek osatutako hasierako funts batetik ordainduko dira, baldin eta gastu horiek Batasunaren Aurrekontuari egozten ez bazaizkio.

Kontseiluak gai hauek erabaki bidez zehaztuko ditu, eta erabaki horiek gehiengo kualifikatuz onartu beharko ditu, Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariaren proposamen bati jarraiki, hauek dira zehaztu beharrekoak:

a)

hasierako funts hori osatzeko eta finantzatzeko modalitateak, funtsari atxikitako finantza-zenbatekoak bereziki;

b)

hasierako funts hori kudeatzeko modalitateak;

c) finantza-kontrolerako modalitateak.

42. artikuluko 1. paragrafoaren eta 43. artikuluaren arabera agindutako misioa ezin bada Batasunaren Aurrekontutik ordaindu, Kontseiluak goi-ordezkariari funts hori erabiltzeko baimena emango dio.

Goi-ordezkariak Kontseiluari manu honen betearazpenaren berri emango dio.

2. ATALA

SEGURTASUN- ETA DEFENTSA-POLITIKA ERKIDEARI BURUZKO XEDAPENAK

42. artikulua

(lehengo 17. artikulua EBT)

1. Segurtasun- eta defentsa-politika erkidea atzerri- eta segurtasun-politika erkidearen zati osoa da.

Batasunari bitarteko zibil eta militarretan oinarritutako ahalbide operatiboa eskainiko dio.

Batasunak bitarteko horiek erabili ahal izango ditu Batasunetik kanpoko misioetan ere, misio horien helburua bakea gordeko dela bermatzea, gatazkei aurre hartzea eta nazioarteko segurtasuna indartzea denean, Nazio Batuen Gutunaren printzipioekin bat etorriz.

Zeregin horiek betetzean, estatu kideek emandako ahalbideetatik hartuko da laguntza.

2. Segurtasun- eta defentsa-politika erkideak bere baitan hartuko du Batasunaren defentsa-politika erkidea arian-arian eratzea ere.

Horrek defentsa erkidea ekarriko du, Kontseilu Europarrak hori aho batez erabakitakoan.

Orduan, Kontseilu Europarrak gomendioa egingo die estatu kideei ildo horretatik erabaki bat har dezaten, bakoitzak bere konstituzioko arauekin bat etorriz.

Atal honen arabera, Batasunaren politikak ez dio eragingo zenbait estatu kideren segurtasun- eta defentsa-politikaren izaera bereziari; defentsa erkidea Ipar Atlantikoko Tratatuaren Erakundearen barruan (NATO) egin behar dutela uste duten estatu kide batzuentzat Ipar Atlantikoko Tratatutik sortutako betebeharrak errespetatu egingo ditu; eta esparru horretan segurtasunari eta defentsari buruz ezarritako politika bateratuarekin bateragarri izan behar da Batasunaren politika.

3. Estatu kideek, segurtasun- eta defentsa-politika erkidea aplikatzeko asmoz, ahalbide zibilak eta militarrak utziko dituzte Batasunaren esku, Kontseiluak zehaztutako helburuak betetzen laguntze aldera.

Halaber, beren artean indar-talde multinazionalak osatzen dituzten estatu kideek ere segurtasun- eta defentsa-politika erkidearen esku utzi ahal izango dituzte ahalmenok.

Estatu kideek arian-arian beren ahalbide militarrak hobetzen joateko konpromisoa hartzen dute.

Defentsa-ahalmena, ikerkuntza, eskurapena eta armagintza garatzeko esparruko Agentziak (aurrerantzean «Europako Defentsa Agentzia») honako hauek egingo ditu: behar operatiboak zehaztu; horiek betetzeko neurriak sustatu; defentsa-arloko industria- eta teknologia-oinarria indartzeko egoki diren neurri guztiak zehaztu, eta, hala dagokionean, aplikatu; armagintzari eta ahalbideei buruzko Europako politika definitzen lagundu eta ahalbide militarrak hobetzeko zereginak ebaluatzean Kontseiluari lagundu.

4. Kontseiluak, Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariaren proposamenez edo estatu kide baten ekimenez, aho batez onartuko ditu segurtasun- eta defentsa-politika erkideari dagozkion erabakiak, artikulu honetan jasotako misioetako bati hasiera ematekoak ere barnean direla.

Goi-ordezkariak estatuetako bitartekoak eta Batasunaren tresnak erabiltzeko proposamena egin ahal izango du, hala dagokionean, Batzordearekin batera.

5. Kontseiluak, Batasunaren esparruaren barruan, misio bat burutu dezan agindu ahal izango dio estatu kideen talde bati Batasunaren balioak defendatzeko eta bere interesen alde jokatzeko.

Misio hori burutzean, 44. artikulua izango da arau.

6. Ahalbide militarretan goreneko irizpideak bete eta, misiorik zorrotz-estuenak burutze aldera, arlo horretan konpromiso lotuagoak sinatu dituzten estatu kideek lankidetza egituratu iraunkorra eratuko dute Batasunaren esparruaren barruan.

Lankidetza horrek 46. artikulua izango du arau, eta ez du eraginik izango 43. artikuluan xedatutako horretan.

7. Baldin eta estatu kide bati armaz erasotzen badiote bere lurraldean, gainerako estatu kideek laguntza eta sorospena eman beharko dizkiote, bakoitzak dituen bitarteko guztiak erabilita, Nazio Batuen Gutunaren 51. artikuluaren arabera.

Hori halaxe izango da, baina zenbait estatu kideren segurtasun- eta defentsa-politikaren berariazko izaerari kalterik egin gabe.

Esparru honetako konpromisoak eta lankidetzak gero ere Ipar Atlantikoko Tratatuaren Erakundearen barruan hartutako konpromisoei egokituko zaizkie, erakunde hori izango baita aurrerantzean ere, erakundea osatzen duten estatu kideentzat, beren defentsa kolektiboaren oinarri eta defentsa hori burutzeko organismo.

43. artikulua

1. Batasunak, 42. artikuluko 1. paragrafoan zehazturik dauden misio horietan, baliabide zibilak eta militarrak ere erabili ahal izango ditu; jardun hauek daude misio horien barruan: desarme-lanetarako jarduera bateratuak, misio humanitarioak eta erreskate-misioak, kontu militarretan aholkuak eta laguntza emateko misioak, gatazkei aurrea hartzeko eta bakeari eusteko misioak, krisia kudeatze aldera borroka-indarren parte hartzea eskatzen duten misioak, lekuren bat atzera bake-bidean jartzeko misioak eta gatazkak amaitu ondorengo egoerak egonkortzeko operazioetarako misioak.

Misio horiek denak izan daitezke terrorismoaren aurkako borrokarako lagungarri, besteak beste, hirugarren herrialdeei beren lurrean horren aurka borrokatzen lagunduz.

2. Goiko 1. paragrafoan aipaturiko misioei buruzko erabakiak Kontseiluak hartuko ditu, eta, erabaki horietan, misioaren xedea, helmena eta betetzeko arau orokorrak ere zehaztu beharko ditu.

Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak izango du, Kontseiluaren agintaritzapean, eta Politika eta Segurtasun Komitearekin etengabeko harreman estuan dagoela, misio horien alderdi zibilak eta militarrak koordinatzeko ardura.

44. artikulua

1. Kontseiluak, 43. artikuluarekin bat hartzen dituen erabakien esparruan, bere esku izango du estatu kide batzuei misio jakin bat burutzeko agintzea. Horrelakoetan, misio hori egiteko nahia eta nahikoa ahalbide izan behar dute estatuek.

Estatu kide horien artean adostuko dute misioaren kudeaketa, Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariarekin elkarturik.

2. Misio horietan parte hartzen duten estatu kideek, beren ekimenez edo estatu kide batek eskaturik, misioaren garapenaren berri emango diote Kontseiluari aldian-aldian.

Misioa burutzeak ondorio garrantzitsuak badakartza, edo 1. paragrafoan aipatutako erabakian misio horretarako zehazturiko xedea, helmena edo baldintzak aldatzea nahitaezkoa bada, parte hartzen ari diren estatu kideek berehala jakinarazi beharko diote Kontseiluari. Halakoetan, Kontseiluak beharrezko diren erabakiak hartuko ditu.

45. artikulua

1. Europako Defentsa Agentzia, 42. artikuluko 3. paragrafoan aipatua, Kontseiluaren agintaritzapean egongo da, eta eginkizun hauek izango ditu:

a)

estatu kideen ahalbide militarren inguruko helburuak finkatzen laguntzea eta estatu kideek ahalbide horiei dagokienez harturiko konpromisoak betetzen ote dituzten ebaluatzen laguntzea;

b)

premia operatiboen harmonizazioa bultzatzea eta eskuraketa-metodo eraginkorrak eta bateragarriak erabil daitezen bultzatzea;

c)

ahalbide militarren inguruko helburuak betetzeko, alderdi askotako proiektuak proposatzea eta estatu kideek aurrera daramatzaten programak eta lankidetza-programa jakinen kudeaketa koordinatzea;

d)

defentsa-teknologia ikertzeko ahaleginak babestea; ikerketa-jarduera bateratuak koordinatzea eta planifikatzea eta etorkizuneko premia operatiboei erantzuteko konponbide teknikoak aurkitzeko azterlanak koordinatzea eta planifikatzea;

e)

defentsa-arloko industria- eta teknologia-oinarria sendotzeko eta gastu militarren eraginkortasuna hobetzeko edozein neurri egoki finkatzen, eta, hala dagokionean, aplikatzen, laguntzea.

2. Hala nahi duten estatu kide guztiek parte har dezakete Europako Defentsa Agentzian.

Agentziaren estatutua, egoitza eta funtzionamendu-modua erabaki baten bidez zehaztuko dira. Kontseiluak hartuko du erabaki hori, gehiengo kualifikatuz.

Agentziaren jardueretan estatuek benetan zenbateraino parte hartzen duten ere izango du kontuan erabaki horrek.

Proiektuetan batera dabiltzan estatu kideek berariazko hainbat talde osatuko dute Agentzia barruan.

Eginkizunak betetzeko orduan, beharrezkoa bada, Agentzia Batzordearekin harremanetan egongo da.

46. artikulua

1. Goiko 42. artikuluko 6. paragrafoan aipaturik dagoen lankidetza egituratu iraunkorrean parte hartu nahi duten estatu kideek, lankidetza egituratu iraunkorrari buruzko protokoloan ahalbide militarrak direla-eta jasota dauden irizpideak betetzen eta konpromisoak onartzen badituzte, Kontseiluari eta Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariari eman beharko diote beren asmoaren berri.

2. Goiko 1. paragrafoan aipaturiko jakinarazpena egin ondorengo hiru hilabeteko epean, Kontseiluak erabaki bat hartu beharko du. Erabaki horretan zehaztuko du lankidetza egituratu iraunkorra, baita partaide diren estatu kideen zerrenda ere.

Kontseiluak, goi-ordezkariari kontsulta egin ondoren, gehiengo kualifikatuz hartuko ditu erabakiak.

3. Gerora, beste estatu kideren batek parte hartu nahi badu lankidetza egituratu iraunkorrean, Kontseiluari eta goi-ordezkariari jakinarazi beharko die.

Kasuan kasuko estatu horren parte hartzea berresteko, Kontseiluak erabaki bat hartuko du. Estatu horrek lankidetza egituratu iraunkorrari buruzko protokoloko 1. eta 2. artikuluan jasota dauden irizpideak bete eta konpromisoak onartu beharko ditu.

Kontseiluak, goi-ordezkariari kontsulta egin ondoren, gehiengo kualifikatuz hartuko ditu erabakiak.

Kontseiluko kideen artetik, estatu kide parte-hartzaileen ordezkariek besterik ez dute parte hartuko bozketan.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 238. artikuluko 3. paragrafoaren a) idatz-zatiaren arabera zehaztuko da gehiengo kualifikatua.

4. Estatu kide parte-hartzaile batek ez baditu lankidetza egituratu iraunkorrari buruzko protokoloko 1. eta 2. artikuluetan jasota dauden irizpideak betetzen, edo ez badago horko konpromisoak onartzeko moduan, Kontseiluak erabakia hartu ahal izango du, estatu horren partaidetza eteteko.

Kontseiluak gehiengo kualifikatuz hartuko du erabaki hori.

Kontseiluko kideen artetik, estatu kide parte-hartzaileen ordezkariek besterik ez dute parte hartuko bozketan, kasuan kasuko estatua alde batera utzita.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 238. artikuluko 3. paragrafoaren a) idatz-zatiaren arabera zehaztuko da gehiengo kualifikatua.

5. Estatu kide parte-hartzaileetako batek lankidetza egituratu iraunkorra uztea erabakitzen badu, Kontseiluari jakinarazi beharko dio erabaki hori; Kontseiluak aintzakotzat hartuko du estatu kide horren partaidetza amaitu dela.

6. Kontseiluak lankidetza egituratu iraunkorraren esparruan hartu beharreko erabakiak eta gomendioak, 2. paragrafotik 5.era bitartean jasota daudenez bestelakoak, aho batez onetsiko dira.

Paragrafo hau aplikatzeko orduan, partaide diren estatu kideen ordezkarien botoek besterik ez dute osatuko ahobatezkotasun hori.

VI. TITULUA

AZKEN XEDAPENAK

47. artikulua

Batasunak nortasun juridikoa du.

48. artikulua

(lehengo 48. artikulua EBT)

1. Tratatuak aldatu ahal izango dira berrikuspen-prozedura arrunt baten arabera.

Berrikuspen-prozedura erraztuen arabera ere aldatu ahal izango dira.

Berrikuspen-prozedura arrunta

2. Estatu kideetako gobernuek, Europako Parlamentuak edo Batzordeak Tratatuak berrikusteko proiektuak aurkez diezazkiokete Kontseiluari.

Proiektu horien xede izan daiteke, besteak beste, Batasunari Tratatuek esleitutako eskumenak gehitzea edo murriztea.

Kontseiluak Kontseilu Europarrari helaraziko dizkio proiektuok, eta estatuetako parlamentuei ere horien berri emango die.

3. Kontseilu Europarrak, Europako Parlamentuari eta Batzordeari aurretiaz kontsulta eginda, eta gehiengo soilez, proposatutako aldaketak aztertzearen aldeko irizpena onartzen badu, Kontseilu Europarreko lehendakariak Konbentzio baterako dei egingo du; estatuetako parlamentuen, estatu kideetako estatuburu edo gobernuburuen, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen ordezkariak izango dira Konbentzioko kide.

Diru-eremuko instituzioei buruzkoak badira aldaketak, Europako Banku Zentralari ere egingo zaio kontsulta.

Konbentzioak, berrikuspen-proiektuak aztertu, eta adostasunez onartuko du estatu kideetako gobernuen ordezkarien Biltzarrarentzako gomendioa; 4. paragrafoaren arabera.

Kontseilu Europarrak gehiengo soilez erabaki dezake, Europako Parlamentuak aurretiaz onespena emanda, Konbentzioa ez deitzea, aldaketen garrantziak ez badu horrelakorik justifikatzen.

Azken kasu horretan, Kontseilu Europarrak estatu kideetako gobernuen ordezkarien Biltzarrerako manua emango du.

4. Kontseiluko lehendakariak estatu kideetako gobernuen ordezkarien Biltzarra deituko du, tratatuetan sartu beharreko aldaketak adostasunez onar daitezen.

Aldaketak estatu kide guztiek, bakoitzak bere konstituzioko arauen arabera berretsi eta gero sartuko dira indarrean.

5. Tratatuak aldatzeko tratatu bat sinatu eta bi urteko epea igarota, estatu kideetako bostetik lauk Tratatua berretsi badute eta estatu kideetako batek edo batzuek oztopoak izan badituzte berrespen horretarako, auzia Kontseilu Europarrak aztertuko du.

Berrikuspen-prozedura erraztuak

6. Estatu kideetako gobernuek, Europako Parlamentuak edo Batzordeak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren hirugarren zatiko xedapenak, Batasunaren barne-politika eta -ekintzei buruzkoak, guztiz edo zati batean berrikusteko proiektuak aurkez diezazkiokete Kontseilu Europarrari.

Kontseilu Europarrak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren hirugarren zatiko xedapenak guztiz edo zati batean aldatuko duen erabakia har dezake.

Kontseilu Europarrak aho batez erabakiko du, Europako Parlamentuari, Batzordeari eta Europako Banku Zentralari aurretiaz kontsulta eginda, diru-eremuko instituzioei buruzko aldaketak badira.

Estatu kideek onartzen dutenean sartuko da indarrean erabaki hori, eta estatu bakoitzak bere konstituzio-arauetan ezarritakoari jarraituz onartu beharko du.

Bigarren lerrokadan jasotzen den erabakiak ezin izango ditu Tratatuek Batasunari esleitzen dizkioten eskumenak gehitu.

7. Baldin eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuak edo Tratatu honetako V. tituluak xedatzen badute Kontseiluak aho batez erabaki behar duela eremu edo gai jakin batean, Kontseilu Europarrak erabaki bat hartu ahal izango du, horren bidez, Kontseiluari eremu edo gai horretan gehiengo kualifikatuz erabakitzeko baimena emateko.

Lerrokada hau ez zaie aplikatuko eremu militarrean edo defentsako eremuan eragin dezaketen erabakiei.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuak xedatzen duenean Kontseiluak legegintza-prozedura berezi baten arabera hartuko dituela legegintzako egintzak, Kontseilu Europarrak egintza horiek legegintzako prozedura arruntaren arabera hartzea baimentzen duen erabakia hartu ahal izango du.

Kontseilu Europarrak lehenengo edo bigarren lerrokaden indarrez hartutako ekimenak estatuetako parlamentuei helaraziko zaizkie.

Ekimena parlamentuei helarazi zaienetik hasita sei hilabeteko epean estaturen bateko parlamentuak jakinarazten badu kontra dagoela, ez da lehenengo edo bigarren lerrokadetan adierazten den erabakia hartuko.

Kontra dagoenik egon ezean, Kontseilu Europarrak aipatu erabakia hartu ahal izango du.

Lehen eta bigarren lerrokadetan adierazten diren erabakiak hartzeko, Kontseilu Europarrak aho batez erabaki behar du, Europako Parlamentuak aurretiaz onespena emanda, eta hori kideen gehiengoz egingo du Parlamentuak.

49. artikulua

(lehengo 49. artikulua EBT)

Europako edozein estatuk, 2. artikuluan aipatzen diren balioak errespetatzen baditu eta balio horiek sustatzeko konpromisoa hartzen badu, Batasuneko kide izateko eskabidea egin dezake.

Eskaera horren berri emango zaie Europako Parlamentuari eta estatu kideetako parlamentuei.

Eskabidea egin nahi duen estatuak Kontseiluari zuzenduko dio eskaria, eta horrek aho batez erabaki behar du, Batzordeari kontsulta egin ondoren eta Europako Parlamentuak eskaria onartu ondoren; Parlamentuak kideen gehiengoz erabakiko du.

Kontuan izango dira Kontseilu Europarrak onartutako hautagarritasun-irizpideak.

Batasunaren oinarri diren tratatuei dagokienez, onarpen horrek dakartzan onarpen-baldintzak eta egokitzapenak estatu kideen eta eskaera egin duen estatuaren arteko akordio batez zehaztuko dira. Akordio hori estatu kontratugile guztiei aurkeztuko zaie sendets dezaten, bakoitzak bere konstituzioko arauen arabera.

50. artikulua

1. Estatu kideetako edozeinek erabaki ahal izango du, bere konstituzio-arauekin bat etorrita, Batasuna uztea.

2. Batasuna uztea erabaki duen estatu kideak Kontseilu Europarrari eman behar dio asmo horren berri.

Kontseilu Europarrak emandako argibideak oinarri, Batasunak akordio bat negoziatu eta sinatuko du estatu kide horrekin Batasuna uzteko modua ezartzeko, betiere, estatu horrek Batasunarekin etorkizunean izango duen harreman-esparrua aintzat hartuta.

Akordio hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 218. artikuluko 3. paragrafoaren arabera negoziatuko da.

Kontseiluak sinatuko du hitzarmena Batasunaren izenean gehiengo kualifikatuz, Europako Parlamentuak aurretiaz onespena emanda.

3. Tratatuak kasuan kasuko estatuan aplikatzeari utziko zaio Batasunetik bereizteko akordioa indarrean sartzen den egunean edo, horrelakorik ezean, 2. paragrafoan zehaztutako jakinarazpena egin eta handik bi urtera, baldin eta Kontseilu Europarrak, bereizi nahi duen estatu horrekin ados jarrita, aho batez epe hori luzatzea erabakitzen ez badu.

4. Batasunetik bereizi nahi duen estatuak Kontseilu Europarrean eta Kontseiluan duen ordezkariak, 2. eta 3. paragrafoen ondorioetarako, ez du parte hartuko Kontseilu Europarrean edo Kontseiluan estatu horri buruz egiten diren eztabaidetan ezta hartzen diren erabakietan ere.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 238. artikuluko 3. paragrafoko b) idatz-zatiaren arabera zehaztuko da gehiengo kualifikatua.

5. Batasunetik bereizi den estatu kideak berriz ere Batasunari atxikitzea eskatzen badu, bere eskaera hori 49. artikuluan ezarritako prozeduren arabera bideratuko da.

51. artikulua

Tratatuetako protokoloak eta eranskinak tratatuetako zati dira.

52. artikulua

1. Tratatuak ondorengoei aplikatuko zaizkie: Belgikako Erresumari, Bulgariako Errepublikari, Txekiar Errepublikari, Danimarkako Erresumari, Alemaniako Errepublika Federalari, Estoniako Errepublikari, Irlandari, Heleniar Errepublikari, Espainiako Erresumari, Frantziako Errepublikari, Italiako Errepublikari, Zipreko Errepublikari, Letoniako Errepublikari, Lituaniako Errepublikari, Luxenburgoko Dukerri Handiari, Hungariako Errepublikari, Maltako Errepublikari, Herbehereetako Erresumari, Austriako Errepublikari, Poloniako Errepublikari, Portugalgo Errepublikari, Errumaniari, Esloveniako Errepublikari, Eslovakiako Errepublikari, Finlandiako Errepublikari, Suediako Erresumari eta Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batuari.

2. Tratatuen aplikaziorako lurralde-eremua Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 355. artikuluan zehazten da.

53. artikulua

(lehengo 51. artikulua EBT)

Tratatu hau epe-muga jakinik gabe egiten da.

54. artikulua

(lehengo 52. artikulua EBT)

1. Tratatu hau tratatugile gorenek berretsiko dute, bakoitzak bere konstituzio-arauen arabera.

Berrespen-agiriak Italiako Errepublikako Gobernuak gordeko ditu.

2. Tratatu hau 1993ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean, baldin eta berrespen-agiri guztiak gordetzeko eman badira; edo, horrela izan ez bada, sinatzen azkena izan den estatuak berrespen-agiria gordetzeko eman, eta ondorengo hilaren lehenengo egunean.

55. artikulua

(lehengo 53. artikulua EBT)

1. Tratatu hau ale bakar batean idatzi da hurrengo hizkuntzetan: alemanez, bulgarieraz, txekieraz, danieraz, eslovakieraz, eslovenieraz, espainieraz, estonieraz, finlandieraz, frantsesez, grezieraz, hungarieraz, ingelesez, irlanderaz, italieraz, letonieraz, lituanieraz, malteraz, nederlanderaz, polonieraz, portugesez, errumanieraz eta suedieraz. Testu horiek guztiak kautoak dira, eta Italiako Errepublikako Gobernuaren artxiboan jasoko dira. Gobernu horrek kopia kautotu bana igorriko die gainerako gobernu sinatzaileei.

2. Tratatu hau estatu kideek zehaztuko dituzten beste hizkuntza batzuetara ere itzuli ahal izango da, baldin eta estatu horietako konstituzio-ordenamenduaren arabera maila ofiziala badute lurralde osoan edo zati batean.

Kasuan kasuko estatu kideak itzulpen horien kopia ziurtatua bidaliko du, Kontseiluaren artxiboetan gordetzeko.

HORREN FEDE EMANEZ, beheko sinatzaile ahal osokoek izenpetzen dute tratatu hau.

Maastrichten egina, mila bederatziehun eta laurogeita hamabiko otsailaren zazpian.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra