Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Ezkontza eta osasun- eta enplegu-eskubidea

Ezkontzarako adostasuna, ezkontzeko gutxiengo adina eta ezkontzen erregistroari buruzko Gomendioa

1956-11-01

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Orokorra

Ezkontzarako adostasuna, ezkontzeko gutxiengo adina eta ezkontzen erregistroari buruzko Gomendioa.

1965. urteko azaroaren 1eko Biltzar Orokorraren 2018 (XX) Ebazpena

Biltzar Orokorrak,

Aitortuz komenigarria dela familia-gunea indartzeko bidea zabaltzea, familia baita gizartearen oinarrizko muina; aitortuz, halaber, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 16. artikuluaren arabera, gizon eta emakumeek eskubidea dutela ezkontzeko eta familia osatzeko, behin horretarako adina dutenean, ezkontzari dagokionez eskubide berberak dituztela, eta ezkontzeko ezinbestekoa dela ezkongaien adostasun aske eta osoa,

Gogoratuz 1954. urteko abenduaren 17ko 843 (IX) ebazpena,

Gogoratuz, gainera, Esklabotza, Esklaboen salerosketa eta Esklabotzaren antzeko Erakundeak eta Eginerak ezabatzeari buruzko 1956. urteko Konbentzio Osagarriaren 2. artikulua; artikulu horretan xedapen batzuk zehazten direla ezkontzeko adinari, ezkongaien adostasunari eta ezkontzen erregistroari buruz,

Gogoratuz, halaber, Nazio Batuen Gutunaren 13. artikuluaren 1. paragrafoko B atalarekin bat etorriz, Biltzar Orokorrak gomendioak egin ditzakeela denon giza eskubide eta oinarrizko askatasunak gauzatzen laguntzeko, bereizkeriarik gabe, arraza-, sexu- hizkuntza- edo erlijio-arrazoiengatik,

Gogoratuz, horrez gain, Ekonomia- eta Gizarte-kontseiluak, Gutunaren 64. artikuluarekin bat etorriz, Nazio Batuen estatu kideekin informazioa lortzeko akordioak moldatu ditzakeela, zeri buruz eta, Kontseiluaren eskumenaren gaien inguruan bere gomendioak eta Biltzar Orokorrak egin dituenak betetzeko hartu diren neurriei buruz,

1.Gomendatzen du arlo horretan oraindik lege-xedapenik edo bestelakorik hartu ez duten estatu kideek premiazkoa egin dezatela, konstituzio-prozeduraren eta tradiziozko eginera eta erlijio-egineren arabera, ondorengo printzipioak gauzatzeko nahitaezkoak diren lege-xedapenak edo bestelakoak hartzeko:

1. printzipioa

a) Legez ezin izango da ezkondu bi ezkongaien adostasun oso eta askerik gabe. Adostasuna bakoitzak adierazi beharko du, beharrezko deiak egin ondoren ezkontza gauzatzeko agintari eskudunaren eta lekukoen aurrean, legearen arabera.

b) Ahalorde bidezko ezkontza bakar-bakarrik baimenduko da agintari eskudunak ziur daudenean alderdi bakoitzak adostasun askea eta osoa adierazi duela, agintari eskudun baten aurrean eta lekukoen aurrean, legeak ezarri bezala, harrezkero adostasun hori ukatu gabe.

II printzipioa

Estatu alderdiek beharrezko legegintza-neurriak hartuko dituzte ezkontzeko gutxiengo adina zehazteko; adin hori inoiz ere ez da izango hamabost urtetik beherakoa; eta adin hori bete ez duten pertsonak ezin izango dira legez ezkondu, salbu eta, agintari eskudunak, egiaztatutako arrazoiengatik eta ezkongaien mesedetan, adin-baldintza hori salbuesten duenean.

III printzipioa

1. Agintari eskudunak ezkontza oro inskribatuko du ondorio horretara bideratuta dagoen erregistro ofizialean.

2. Gomendatzen du estatu kideek jar dezatela agintari eskudunen esku, ahalik eta arinen eta ahal dela, gomendioa onetsi den datatik hurrengo hemezortzi hilabeteren barruan, zer eta, ebazpen honetan dagoen Gomendioa, ezkontzeko adostasuna, gutxiengo adina eta ezkontzen erregistroa barneratzen duena, horri dagozkion legegintza-neurriak edo bestelakoak hartuak izan daitezen;

3. Gomendatzen du estatu kideek, ahalik eta arinen eta agiri honen 2. paragrafoak aipatu xedapenak onetsi eta gero, Idazkari Nagusiari jakinarazi diezazkiotela Gomendio honen arabera hartu dituzten neurriak, gomendio hori agintari eskudunaren edo eskudunen esku jartzeko, Idazkariari adieraziz, era berean, zein diren agintari horiek;

4. Gomendatzen du, berebat, estatu kideek aurkez diezaiotela Idazkari Nagusiari txosten bat, hiru urte igaro ondoren, eta aurrerantzean bost urterik behin, euren legeriari eta eginerei buruz, Gomendio honek xede dituen gaietan; txostenean adieraziko dira zenbateraino gauzatu diren edo gauzatuko diren Gomendioaren xedapenak eta Gomendioa egokitzeko edo aplikatzeko beharrezkotzat jo dituzten edo jotzen dituzten eraldaketak;

5. Idazkari Nagusiari eskatzen dio presta dezala Emakumearen Izaera Juridiko eta Sozialaren Batzordearentzat gobernuengandik jasotako txostenak biltzen dituen agiria, Gomendioaren oinarrizko hiru printzipioak abian jartzeko metodoei buruz;

6. Emakumearen Izaera Juridiko eta Sozialaren Batzordea gonbidatzen du azter ditzan estatu kideengandik jasotako txostenak, Gomendio hau betetzeko, eta informa dezala horri buruz Ekonomia- eta Gizarte-kontseilua, egokiak irizten zaizkion gomendioak eginez.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra