Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Ezkontza eta osasun- eta enplegu-eskubidea

Ezkontzarako adostasuna, ezkontzeko gutxiengo adina eta ezkontzen erregistroari buruzko Konbentzioa

1964-11-07

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Orokorra

Ezkontzarako adostasuna, ezkontzeko gutxiengo adina eta ezkontzen erregistroari buruzko Konbentzioa.

Biltzar Orokorrak sinadura eta berrespenerako irekia, 1962ko azaroaren 7ko 1763 A (XVII) ebazpenean

Indarrean jartzea:1964ko abenduaren 9an, 6. artikuluarekin bat etorriz.

Estatu kontratugileek,

Asmoa izanik, Nazio Batuen Gutunarekin bat etorriz, guztion giza eskubide eta oinarrizko askatasunak errespetatzea eta betetzea, eta bi horien sustapena, inolako bereizkeriarik gabe arraza-, sexu-, hizkuntza- eta erlijio-arrazoiengatik.

Gogoratuz Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak 16. artikuluan esaten duela:

“1) Gizonek eta emakumeek, ezkontza-adinetik aurrera, ezkondu eta familia osatzeko eskubidea dute, inolako murrizketarik gabe, arraza, naziotasuna edo erlijioarengatik; halaber, eskubide berberak izango dituzte, ezkontzako unean, ezkontzak iraun bitartean eta ezkontza desegitean.

2) Ezkongaien adostasun aske eta osoa ez bada da,ez dago ezkontzerik,"

Gogoratuz, halaber, Nazio Batuen Biltzar Orokorrak, 1954. urteko abenduaren 17ko 843 (IX) ebazpenean, adierazi zuela ezkontza eta familiaren inguruko hainbat ohitura eta antzinako lege eta eginera bateraezinak zirela Nazio Batuen Gutunean eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean xedatutako printzipioekin,

Berretsiz estatu guztiek, barne hartuta honako betebeharra hartu dutenek edo hartu dezaketenek, hau da, autonomiarik gabeko edo zainpeko lurraldeak administratzea, lurralde horiek independentzia lortu arte, xedapen egoki guztiak hartu behar dituztela halako ohitura eta antzinako lege eta eginerak ezabatzeko, eta ziurtatu behar dutela askatasun osoa ezkontidea aukeratzeko orduan, eta erabat deuseztatu egin behar dituztela haurren arteko ezkontzak eta ezkontza-adina baino lehenagoko gazteen ezkontzak, helburu horretarako kasuan kasuko zigorrak ezarriz eta erregistro zibila edo beste mota batekoa sortuz, ezkontza guztiak bertan inskribatuak izan daitezen.

Konbentzio honen bidez ondorengo xedapenak hitzartzen dituzte:

1. artikulua

1.Legez ezin izango da ezkondu bi ezkongaien adostasun oso eta askerik gabe. Adostasuna bakoitzak adierazi beharko du, beharrezko deiak egin ondoren, ezkontza gauzatzeko agintari eskudunaren eta lekukoen aurrean, legearen arabera.

2.1. supra paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe, ez da beharrezkoa alderdietako bat aurrean egotea agintari eskuduna ziur dagoenean inguruabarrak salbuespenekoak direla eta delako alderdiak, agintari eskudun baten aurrean eta legeak ezarri bezala, bere adostasuna adierazi duela, harrezkero adostasun hori ukatu gabe.

2. artikulua

Konbentzio honen estatu alderdiek legegintza-neurriak hartuko dituzte ezkontzeko gutxiengo adina zehazteko.Adin hori bete ez duten pertsonak ezin izango dira legez ezkondu, salbu eta, agintari eskudunak, egiaztatutako arrazoiengatik eta ezkongaien mesedetan, adin-baldintza hori salbuesten duenean.

3. artikulua

Agintari eskudunak ezkontza oro inskribatuko du ondorio horretara bideratuta dagoen erregistro ofizialean.

4. artikulua

1.Konbentzio hau irekita dago, Nazio Batuen estatu kide guztiek edo bestelako erakunde espezializatuen kideek eta Nazio Batuen Biltzar Orokorrak Konbentzioan parte hartzeko gonbidatutako beste estatuek sina dezaten, 1963. urteko abenduaren 31ra arte.

2.Konbentzio hau berretsi egingo da eta berrespen-instrumentuak Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren esku utziko dira, horrek gordailutu ditzan.

5. artikulua

1.4. artikuluaren 1. paragrafoan aipatu estatu guztiek eman ahal izango diote atxikimendua Konbentzio honi.

2.Atxikimendua gauzatuko da atxikimendu-instrumentua Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren esku utzita, hark gordailutu dezan.

6. artikulua

1.Konbentzio hau indarrean jarriko da berrespen- edo atxikimendu-instrumentuetatik zortzigarrena zein datatan gordailutu eta laurogeita hamar egun geroago.

2.Berrespen- edo atxikimendu-instrumentuetatik zortzigarrena gordailutu ondoren konbentzioa berresten duen edo horri atxikimendua ematen dion estatu bakoitzarentzat konbentzioa indarrean jarriko da, kasuan kasuko estatu horrek zein datatan gordailutu bere berrespen- edo atxikimendu-instrumentua eta laurogeita hamar egun geroago.

7. artikulua

1.Estatu alderdi orok sala dezake konbentzio hau, Nazio Batuen Idazkari Nagusiari idatziz egindako jakinarazpenaren bidez.Salaketak ondorioak sortuko ditu, Idazkari Nagusiak jakinarazpena jaso eta urtebetera.

2.Konbentzio hau indarrean egoteari utziko dio salaketak zein datatan ondorioak sortu eta data horretan, salaketak zortzi baino txikiagoa den zenbatekora gutxitzen duenean estatu alderdien kopurua.

8. artikulua

Konbentzio honen interpretazio edo aplikazioaren inguruan sortutako kontu oro bi estatu kontratugile edo gehiagoren artean negoziazio bidez konpontzen ez bada, Nazioarteko Justizia Gortearen mende geratuko da, horrek konpondu dezan, gatazkan dauden alderdi guztiek hala eskatuta, salbu eta, alderdi interesdunek erabakitzen dutenenean beste modu batean konpontzea.

9. artikulua

Nazio Batuen Idazkari Nagusiak jakinaraziko dizkie Nazio Batuen kide guztiei eta Konbentzio honen 4. artikuluaren 1. paragrafoak aipatu kide ez diren estatuei:

a) 4. artikuluaren arabera jasotako sinadurak eta berrespen-instrumentuak;

b) 5. artikuluaren arabera jasotako atxikimendu-instrumentuak;

c) 6. artikuluaren arabera, konbentzio hau indarrean jarriko den data;

d) 7. artikuluaren 1. paragrafoaren arabera jasotako salaketa-jakinarazpenak;

e) 7. artikuluaren 2. paragrafoan aurreikusitakoaren araberako azkentzea.

10. artikulua

1.Konbentzio hau, Nazio Batuen artxiboetan gordailutuko da; berebat, fede emango dute, maila berdinean, txineraz, espainieraz, frantsesez, ingelesez eta errusieraz dauden testuek.

2.Nazio Batuen Idazkari Nagusiak igorriko dizkie Nazio Batuen kide guztiei eta 4. artikuluaren 1. paragrafoak aipatu kide ez diren estatuei Konbentzioaren kopia ziurtatua.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra