Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Gizarte-ongizatea, -aurrerabidea eta -garapena

Garapenerako eskubideari buruzko Adierazpena

1986-12-04

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Orokorra

Garapenerako eskubideari buruzko Adierazpena

Biltzar Orokorrak onetsia, 1986ko abenduaren 4ko 41/128 ebazpenean

Biltzar Orokorrak,

Kontuan hartuta Nazio Batuen Gutunaren asmo eta printzipioak, nazioarteko lankidetza gauzatzeari buruzkoak, bereizketarik egin gabe, arraza-, sexu-, hizkuntza- edo erlijio-arrazoiengatik, nazioarteko arazoak konpontze aldera, arazo horiek ekonomia, gizarte, kultura edo giza izaerakoak direnean, eta guztion giza eskubideen zein oinarrizko askatasunen errespetua garatu nahiz suspertze aldera.

Aitortuz garapena prozesu globala dela, ekonomia, gizartea, kultura eta politika ukitzen dituena, eta beti bilatzen duela biztanleria osoaren eta norbanako guztien ongizatea hobetzea, garapenean parte-hartze aktiboa, askea eta esanguratsua eta garapen horrek eragindako onuren banaketa zuzena oinarri hartuta,

Kontuan izanik, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren xedapenenekin bat etorriz, pertsona orok duela gizarte-ordena eta nazioarteko ordena izateko eskubidea, orden horretan, pertsona horrek oso-osorik bere eskubideak eta Adierazpen honetan aipatu askatasunak gauzatzeko,

Gogoratuz Ekonomia,Gizarte eta Kultura Eskubideen Nazioarteko Ituna, eta Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna, eta bi-bion xedapenak,

Gogoratuz, bestalde, Nazio Batuen eta beste erakunde espezializatuen akordioak, itunak, ebazpenak, gomendioak eta gainerako instrumentu egokiak, hain zuzen ere gizakiaren garapen osoari eta herri guztien aurrerapen eta garapen ekonomikoari nahiz sozialari buruzkoak; eta, aurrekoetan barneratuta ere, deskolonizazioari buruzko instrumentuak, bereizkerien prebentzioa, giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak errespetatu eta betetzea, nazioarteko bakea eta segurtasuna mantentzea eta estatuen artean geroagoko adiskidetasun- eta lankidetza-harremanak sustatzea, Gutunarekin bat etorriz,

Gogoratuz herri guztiek determinazio askerako duten eskubidea, eta horren ondorioz, halakoen eskubidea euren izaera politikoa askatasunez zehazteko eta euren ekonomia-, gizarte- eta kultura-garapena gauzatzeko,

Gogoratuz, halaber, herrien eskubidea, euren subiranotasuna oso-osorik gauzatzeko, euren baliabide eta aberastasun natural guztien gainean, betiere giza eskubideen inguruan nazioarteko bi itunek xedatutakoaren arabera,

Jakitun izanik, Gutunaren arabera, guztiontzako giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen  errespetu unibertsala eta eragina sustatzeko betebeharraz, betiere, inolako bereizketarik egin gabe, arraza, kolore, sexu, hizkuntza, erlijio, politika edo bestelako iritzia, nazio- edo gizarte-jatorria, ekonomia-maila, jaiotza edo beste edozein ezaugarri dela bide,

Kontuan harturik herrien eta norbanakoen aurkako giza eskubideen urratze nabarmenak eta ugariak ezabatzeak lagundu egingo duela gizateriaren zatirik handiena garatzeko inguruabar egokiak sortzen; izan ere, herri eta norbanako horiek dira jarraiko egoeren barruan egon daitezkeenak: kolonialismoa, neokolonialismoa, apartheida, arrazakeria eta arraza-bereizkeria forma guztiak, atzerritarren menderatzea eta okupazioa, nazio-subiranotasunaren, -batasunaren eta -lurraldearen osotasunaren aurkako erasoak eta mehatxuak eta bestelako gerra-mehatxuak,

Kezkaturik, besteak beste, eskubide zibil, politiko, ekonomiko eta sozialen ukatzeak oztopo larriak sor ditzakeelako, oztopo horiek gizakien garapena eta bakoitzaren errealizazio pertsonala eragozten dituztela, eta kontuan hartuta giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak zatiezinak eta elkarri lotuta daudela, eta, era berean, garapena bultzatzeko helburuarekin, berehala eta arreta osoz aztertu beharko litzatekeela eskubide zibilak, politikoak, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak aplikatzea, bultzatzea eta babestea; beraz, hori guztiori kontuan hartuta eta horren ondorioz ere, hainbat giza eskubide eta oinarrizko askatasunen bultzatzeak, errespetatzeak eta gozatzeak ezin duela, inola ere, justifikatu beste giza eskubide eta oinarrizko askatasun batzuen ukazioa,

Kontuan hartuta nazioarteko bakea eta segurtasuna ezinbesteko osagaiak direla garapenerako eskubidea gauzatzeko,

Berretsiz desarmatzearen eta garapenaren artean lotura estua dagoela, desarmatzearen inguruan emandako aurrerapenek zeharo bultzatuko lituzketela garapenaren aurrerabideak, eta desarmatze-neurrien ondorioz lortutako baliabideak bideratu beharko liratekeela ekonomiak eta gizarteak aurrera egin dezaten eta herri guztiek ongizatea izan dezaten, batik bat, garapen-bidean dauden herriek,

Aitortuz gizakia dela elementurik nagusiena garapen-prozesuan eta horregatik garapen-politika orok gizakia hartu behar duela garapenaren parte-hartzaile eta onuradun nagusi bezala,

Aitortuz herrien eta pertsonen garapenerako baldintza onuragarriak sorraraztea dela kasuan kasuko estatuen betebeharrik garrantzitsuena,

Jakitun izanik giza eskubideak, nazioarte-mailan, sustatzeko eta babesteko ahaleginekin batera nazioarteko beste ordena ekonomikoa ezartzeko ahaleginak ere behar direla,

Berretsiz garapenerako eskubidea giza eskubide besterenduezina dela eta garapenerako aukera-berdintasuna eskumena dutela herrialdeek zein halakoak osatzen dituzten norbanakoek ere,

Garapenerako eskubideari buruzko ondorengo Adierazpena aldarrikatzen du:

1. artikulua

1.Garapenerako eskubidea giza eskubide besterenduezina da; berorren arabera, gizaki guztiek eta herri guztiek dute eskubidea ekonomia-, gizarte-, kultura- eta politika-garapenean parte hartzeko eta giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak oso-osorik gauzatzeko, garapen hori lortzen laguntzeko eta berori gozatzeko.

2.Garapenerako eskubideak dakar, berebat, herriek determinazio askerako duten eskubidea egikaritzea, eskubide horretara batzen dela gizakiak aberastasun eta baliabide naturalen gainean duen eskubide besterenduezina gauzatzea, betiere giza eskubideen inguruan nazioarteko bi itunen xedatutakoaren arabera,

2. artikulua

1.Gizakia garapenaren elementurik nagusiena da eta garapenerako eskubidearen parte-hartzaile aktiboa eta onuraduna izan behar du.

2.Gizaki guztiek dute, banaka edo taldean, garapenaren erantzukizuna, kontuan izanik bere giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak errespetatzeko beharra eta gizakiaren beraren betebeharrak erkidegoarekiko; izan ere, hori da gizakia askatasunez eta osotasunean pertsona egiteko eremu bakarra, eta, ondorenez, gizakiek garapenerako ordena politiko, sozial eta ekonomiko egokia sustatu eta babestu behar dute.

3.Estatuek garapenerako politika egokiak egiteko eskubidea eta eginbeharra dute biztanleria osoaren eta norbanako guztien ongizatea hobetzeko helburuarekin, betiere, garapenean parte-hartze aktiboa, askea eta esanguratsua eta garapen horrek eragindako onuren banaketa zuzena oinarri hartuta,

3. artikulua

1.Estatuen eginbehar nagusiena da nazio nahiz nazioarteko baldintza onuragarriak sorraraztea, garapenerako eskubidea gauzatzeko.

2.Garapenerako eskubidea gauzatzeak berarekin dakar nazioarteko zuzenbidearen printzipioak osotasunean errespetatzea, estatuen arteko adiskidetasun- eta lankidetza-harremanei dagokienez, Nazio Batuen Gutunarekin bat etorriz.

3.Estatuen eginbeharra da elkarrekin lan egitea garapena lortzeko eta garapenerako oztopoak ezabatzeko.Estatuek euren eskubideak eta eginbeharrak gauzatu beharko dituzte nazioarteko ordena ekonomiko berria sustatzeko, betiere kontuan izanik ordena berri horrek oinarri hartuko dituela, besteak beste, berdintasun subiranoa, elkarren arteko mendekotasuna, estatu guztien arteko interes erkidea eta lankidetza; eta sustatu beharko dute giza eskubideen betetzea eta horien gozamena.

4. artikulua

1.Estatu guztien eginbeharra da neurriak hartzea, banaka edo modu kolektiboan, nazioarteko garapenerako politika egokiak egin daitezen, garaperenerako eskubidea osotasunean gauzatzea errazteko helburuarekin.

2.Garapen-bidean dauden herrien garapen azkarragoa sustatzeari begira, egintza iraunkorra behar da.Garapen-bidean dauden herrien ahaleginen osagarri bezala, ezinbesteko da nazioarteko lankidetza eraginkorra, herri horiei emateko baliabide eta erraztasun egokiak garapen globala sustatzeko.

5. artikulua

Estatuek neurri indartsuak hartuko dituzte herrien eta norbanakoen aurkako giza eskubideen urratze nabarmenak eta ugariak ezabatzeko; izan ere, herri eta norbanako horiek dira jarraiko egoeren barruan egon daitezkeenak: apartheida, arrazakeria eta arraza-bereizkeria forma guztiak, kolonialismoa, atzerritarren menderatzea eta okupazioa, nazio-subiranotasunaren, -batasunaren eta -lurraldearen osotasunaren aurkako erasoa, atzerritarren esku-sartzea eta mehatxuak, bestelako gerra-mehatxuak eta herriek determinazio askerako duten oinarrizko eskubidea aitortzeko ukazioa.

6. artikulua

1.Estatu guztiek elkarrekin lan egin behar dute giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen errespetu unibertsala eta eragina sustatzeko, bultzatzeko eta indartzeko, inolako bereizketarik egin gabe, arraza-, sexu-, hizkuntza- edo erlijio-arrazoiengatik.

2.Giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak zatiezinak dira eta elkarri lotuta daude, eta arreta bera eta berehalako hausnarketa egin behar da eskubide zibilak, politikoak, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak aplikatzeko, bultzatzeko eta babesteko orduan.

3.Estatuek neurriak hartu behar dituzte garapenerako oztopoak ezabatzeko, halakoak sortzen baditu eskubide zibilen nahiz politikoen eragin-ezak, edota, modu berean, eskubide ekonomiko, sozial edo kulturalen eragin-ezak.

7. artikulua

Estatu guztiek sustatu behar dute nazioarteko bakea eta segurtasuna ezartzea, mantentzea eta indartzea eta, helburu horretarako, euren esku dagoen guztia egin behar dute desarmatze orokorra eta osoa lortzeko, nazioarteko kontrol eraginkorraren pean, eta baita desarmatze-neurri egokien ondorioz lortutako baliabideak erabiltzea garapen globala lortzeko ere, bereziki, garapen-bidean dauden herrien kasuan.

8. artikulua

1.Estatuek beharrezko neurri guztiak hartuko dituzte, nazio-mailan, garapenerako eskubidea gauzatzeko eta, era berean, bermatuko dute, besteak beste, aukera-berdintasuna guztientzat, zertarako eta oinarrizko baliabideak, hezkuntza, osasun-zerbitzuak, elikagaiak, enplegua eta sarreren banaketa zuzena lortzeko.Neurri eraginkorrak hartu behar dira lortzeko emakumeek modu aktiboan parte har dezaten garapen-prozesuan.Behar-beharrezkoa da ekonomia- eta gizarte-aldaketak egitea zuzengabekeria sozialak ezabatzeko.

2.Estatuek jendea bultzatu behar dute parte har dezan arlo guztietan, partaidetza hori baita garapenerako eta giza eskubide guztiak oso-osorik gauzatzeko eragile nabarmena.

9. artikulua

1.Adierazpen honetan aipatu garapenerako eskubidearen alderdi guztiak dira zatiezinak eta elkarri lotuta daude eta bakoitza interpretatu behar da eurok osatzen duten multzoaren testuinguruan.

2.Adierazpen honetan xedatutakoa ezin da ulertu Nazio Batuen asmo eta printzipioen kaltetan, ezta edozein estatuk, taldek edo pertsonak edozelako jarduera garatzeko edo edozelako egintza egiteko eskubidea duenik ere, horiek Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak eta giza eskubideen nazioarteko itunek ezarritako eskubideak urratzen badituzte.

10. artikulua

Neurriak hartu behar dira ziurtatzeko garapenerako eskubidea gauzatzen dela eta mailaz maila indartzen doala, ildo beretik, neurri horiek bildu behar dituzte neurri politikoak, legegileak eta beste izaerakoak, nazio-mailan nahiz nazioarte-mailan.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra