Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Gerrako krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak, genozidioa barne

Gerrako krimenen eta gizateriaren aurkako krimenen preskriba ezintasunari buruzko Konbentzioa

1968-11-26

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Orokorra

Gerrako krimenen eta gizateriaren aurkako krimenen preskriba ezintasunari buruzko Konbentzioa

Biltzar Orokorrak onetsi eta sinadura eta berrespena eta atxikimendurako irekia, 1968ko azaroaren26ko 2391 (XXIII) ebazpenean

Indarrean jartzea: 1970eko azaroaren 11an, VIII. artikuluarekin bat etorriz

Atarikoa

Konbentzio honen estatu alderdiek,

Gogoratuz Nazio Batuen Biltzar Orokorraren 1946ko otsailaren 13ko 3 (1) eta 1947ko urriaren 31ko 170 (II) ebazpenak, Gerrako krimenen estradizio eta zigorrari buruzkoak; 1946ko abenduaren 11ko 95(1) ebazpena, Nurembergeko Nazioarteko Auzitegi Militarraren estatutuak eta auzitegi horren epaiak aitortutako nazioarteko zuzenbide-printzipioak berresten dituena, eta 1966ko abenduaren 12ko 2184 (XXI) eta 1966ko abenduaren 16ko 2202 (XXI) ebazpenak, beren-beregi kondenatu dituztenak, alde batetik, biztanleria autoktonoaren eskubide ekonomiko eta politikoen urraketa eta, beste aldetik, apartheid-politika, gizateriaren aurkako krimenak direlako,

Gogoratuz Nazio Batuen Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren 1965eko uztailaren 28ko 1074 D (XXXIX) eta 1966ko abuztuaren 5eko 1158 (XLI) ebazpenak, gerrako krimen-egileak eta gizateriaren aurkako krimenak egin dituzten pertsonak zigortzeari buruzkoak,

Kontuan harturik, gerrako krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak epaitzeko eta zigortzeko adierazpen solemne, instrumentu edo konbentzioetatik bat berak ere ez duela denbora mugarik ezarri halakoetarako,

Kontuan harturik, gerrako krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak direla nazioarteko zuzenbidearen barneko deliturik larrienak,

Jakitun izanik gerrako krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak modu eraginkorrean zigortzea garrantzitsua dela, halako krimenak prebenitzeko eta giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak babesteko, eta horrek konfiantza sustatu dezakeela eta herrien arteko lankidetza biztu eta nazioarteko bakea eta segurtasunaren mesederakoa izan,

Ohartaraziz gerra krimenei eta gizateriaren aurkako krimenei, barneko zuzenbidearen arabera, delitu arruntei dagozkien manuak aplikatzeak, mundu mailako jendartean kezka larria sorrarazten duela, halako krimenengatik pertsona errudunak epaitzea eta zigortzea eragozten duelako,

Aitortuz beharrezkoa eta egokia dela, konbentzio honen bitartez eustea gerrako krimenen eta gizateriaren aurkako krimenen preskriba ezintasunaren printzipioari eta horren aplikazio unibertsala ziurtatzea,

Hurrengoa hitzartu dute:

I. artikulua

Ondorengo krimenak preskriba ezinak dira, zein datatan egin eta data hori edozein dela ere:

a) Gerrako krimenak, 1945eko abuztuaren 8ko Nurembergeko Nazioarteko Auzitegi Militarrak emandako definizioaren araberakoak, definizio hori berretsia izan dela Nazio Batuen Biltzar Orokorrak 1946ko otsailaren 13ko 3 (I) eta 1946ko abenduaren 11ko 95 (I) ebazpenen arabera, eta, batez ere, "arau-hauste larriak", 1949ko abuztuaren 12ko Genevako Hitzarmenetan aipatutakoak, gerrako biktimen babesari buruz,

b) Gizateriaren aurkako krimenak, gerra garaian nahiz bake garaian egindakoak, 1945eko abuztuaren 8ko Nurembergeko Nazioarteko Auzitegi Militarrak emandako definizioaren araberakoak, definizio hori berretsia izan dela Nazio Batuen Biltzar Orokorrak 1946ko otsailaren 13ko 3 (I) eta 1946ko abenduaren 11ko 95 (I) ebazpenen arabera; orobat, eraso armatu edo okupazioaren ondoriozko kanporatzea eta apartheid-politikatik eratorritako egintza ankerrak eta genozidio-delitua ere, 1948ko Konbentzioak, Genozidio-delitua prebenitzeari eta zehatzeari buruzkoak definitzen duena, egintza horiek zein herrialdetan egin eta herrialde horren barneko zuzenbidea urratzen ez badute ere.

II. artikulua

I. artikuluan aipatu krimenetatik bat egiten bada, konbentzio honen xedapenak aplikatuko zaizkie estatuko agintaritzaren ordezkariei, eta partikularrei, egile nahiz sopikun gisa parte hartzen dutenean edota zuzenean krimen horietako baten bat egitera bultzatzen dutenean, edota halakoak egiteko azpilana egiten dutenean, edozein dela horren garapen-maila, bai eta halakoa egitea onartzen duten estatuko agintaritzaren ordezkariei ere.

III. artikulua

Konbentzio honen estatu alderdiek konpromisoa hartzen dute beharrezko diren barne-neurriak hartzeko, legegintzazkoak nahiz beste mota batekoak izan, konbentzio honen II. artikuluak aipatu pertsonak estraditatzeko, nazioarteko zuzenbidearekin bat etorriz.

IV. artikulua

Konbentzio honen estatu alderdiek konpromisoa hartzen dute, kasuan kasuko konstituzio-prozeduren arabera, beharrezko legegintza-neurriak edo beste izaera batekoak onesteko, legearen bidez edo beste modu batez ezarritako akzio penal edo zigorraren preskripzioa ez aplikatzeko, konbentzio honen I eta II. artikuluetan aipatu krimenei, eta halakorik egonez gero, hori ezabatzeko.

V artikulua

Konbentzio hau, 1969ko abenduaren 31a baino lehenago, sinatu ahal izango dute Nazio Batuen kideek edo erakunde espezializatu edo Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundearen estatu kideek, bai eta Nazioarteko Justizia Gortearen Estatutuaren estatu alderdiek eta Nazio Batuen Biltzar Orokorrak konbentzio honen alderdi izatera gonbidatutako beste edozein estatuk ere.

VI. artikulua

Konbentzio hau berretsiko da eta berrespen-instrumentuak Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren esku utziko dira, horrek gordailutu ditzan.

VII. artikulua

V. artikuluan aipatu estatuetatik edozeinek atxikimendua eman ahal izango dio Konbentzio honi. Berrespen-instrumentuak Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren esku utziko dira, horrek gordailutu ditzan.

VIII. artikulua

1.Konbentzio hau indarrean jarriko da, berrespen- edo atxikimendu-instrumentuetatik hamargarrena zein datatan gordailutu, Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren esku utzita, eta hurrengo laurogeita hamargarren egunean.

2.Berrespen- edo atxikimendu-instrumentuetatik hamargarrena gordailutu ondoren konbentzioa berresten duen edo horri atxikimendua eman dion estatu bakoitzarentzat konbentzioa indarrean jarriko da, kasuan kasuko estatu horrek zein datatan gordailutu bere berrespen- edo atxikimendu-instrumentua eta hurrengo laurogeita hamargarren egunean.

IX. artikulua

1.Konbentzio hau indarrean jartzen den datatik zenbatuta eta hamar urteko aldia igaro ondoren, estatu alderdi orok eska dezake edozein unetan konbentzio hau berrikustea, Nazio Batuen Idazkari Nagusiari idatziz zuzendutako jakinarazpenaren bitartez.

2.Nazio Batuen Biltzar Orokorrak erabakiko ditu, eskaera horri dagokionez, kasuan-kasuan hartu beharreko neurriak.

X. artikulua

1.Konbentzio hau Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren esku utziko da, horrek gordailutu dezan.

2.Nazio Batuen Idazkari Nagusiak konbentzio honen kopia ziurtatuak bidaliko dizkie V. artikuluan aipatu estatu guztiei.

3.Nazio Batuen Idazkari Nagusiak V. artikuluak aipatu estatu guztiei jakinaraziko dizkie:

a) Konbentzio honetan jarritako sinadurak eta V, VI eta VII. artikuluen xedapenen arabera gordailututako berrespen- eta atxikimendu-instrumentuak;

b) Konbentzio hau indarrean jartzeko data, VIII. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz;

c) IX. artikuluak xedatutakoaren arabera jasotako jakinarazpenak.

XI. artikulua

Konbentzio honek 1968ko azaroaren 26ko data izango du; berebat, konbentzioaren testuak kautoak izango dira, txineraz, espainieraz, frantsesez, ingelesez eta errusieraz egindakoak.

HORI GUZTIORI AITORTUZ, hemen agerturikoek, horretarako beharrezko baimena dutela, konbentzio hau sinatu dute.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra