Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Ezkontza eta osasun- eta enplegu-eskubidea

GIB/HIESA-ren aurkako borrokarako konpromisoaren Adierazpena

2001-06-27

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Orokorra

GIB/HIESA-ren aurkako borrokarako konpromisoaren Adierazpena

Biltzar Orokorrak,

Onesten du Giza Immunoeskasiaren Birusaren eta Hartutako Immuno Eskasiaren Sindromearen (GIB/HIES) aurkako borrokarako konpromisoaren Adierazpena; Adierazpen hori ebazpen honen eranskinean barruratzen da.

8. osoko bilkura

2001eko ekainaren 27an

Eranskina

GIB/HIESA-ren aurkako borrokarako konpromisoaren Adierazpena

“Munduko krisia - munduko egintza"

1.Gu, estatuburu eta gobernuburuok eta estatu- eta gobernu-ordezkariok, 2001. urteko ekainaren 25etik 27ra Nazio Batuetan bildurik, Biltzar Orokorraren hogeita seigarren ezohiko bilerak direla eta, Biltzar hori, berehalako gai moduan egin zela, 2000. urteko azaroaren 3ko, 55/13 Ebazpenarekin bat etorriz, zertarako eta, GIB/HIESaren arazoaren alde guztiak aztertu eta horiei aurre egiteko, bai eta lortzeko guztiek har ditzaten konpromisoa koordinazioa hobetzeko eta nazio-, erregio- eta nazioarte-mailako jarduerak areagotzeko, arazoari osotasunean aurre egin dakion;

2.Kezka handiz ikusirik GIB/HIESaren munduko epidemia, berorren dimentsioengatik eta ondorio suntsitzaileengatik, arazo larria dela mundu osoan eta erronka larrienetako bat gizakiaren bizitzari eta duintasunari begira, bai eta giza eskubideak modu eraginkorrean gozatzeari begira, mundu osoan ekonomia- eta gizarte-garapena hondatzen baitu eta gizartearen maila guztiak ukitzen, hala nola, norbanakoa, familiakoa, erkidegokoa eta naziokoa;

3.Kezka handiz ikusirik, 2000. urtearen amaieran, munduan 36,1 milioi pertsonek GIB/HIESa zeukatela, horietatik %90a garapen bidean dauden herrialdetan eta %75a Hegoaldeko Sahararen Afrikan;

4.Kezka handiz ikusirik GIB/HIESaren epidemiak pertsona guztiak ukitzen dituela, aberatsak zein txiroak, inolako bereizketarik gabe adina, sexua edo arraza direla bide, eta ikusirik, gainera, garapen bidean dauden herrialdeen biztanleak direla kaltetuenak eta emakumeak, gazteak eta haurrak, batik bat, neskak direla ahulenak;

5.Kezkaturik, halaber, GIB/HIESa eragozpen larria dela, horrela zabaltzen jarraituz gero, mundu mailako garapenari begira, Milurteko Goi Bileran onetsitako helburuak lortzeko;

6.Gogoratuz eta berretsiz GIB/HIESaren inguruan aurretiaz hartutako konpromisoak:

• 2000. urteko irailaren 8ko Milurteko Adierazpenean;

• 2000. urteko uztailaren 1eko Gizarte Garapenari buruzko Munduko Goi Bileran hartutako konpromisoak betetzeko Adierazpen politikoan eta neurri eta ekimen berrietan;

• 2000. urteko ekainaren 10eko Beijing-eko Adierazpena eta Plataforma Egintza aplikatzeko Adierazpen politikoan eta neurri eta ekimen berrietan.

• 1999. urteko uztailaren 2ko Biztanleria eta Garapenari buruzko Nazioarteko Konferentziaren Egintza Programa gauzatzen jarraitzeko funtsezko neurrietan.

• 2001eko apirilaren 25eko erregio mailako deialdian; deialdi hori egin zela Asian eta Pazifikoan GIB/HIESaren aurkako neurriak onesteko;

• 2001. apirilaren 27ko GIB/HIESa, tuberkulosia eta Afrikari lotutako bestelako gaixotasun kutsakorren aurkako Adierazpenean eta Abujako Egintza Markoan;

• 2000. urteko azaroaren 18ko Estatuburu eta Gobernuburuen Hamargarren Goi Bilera Iberoamerikarraren Adierazpenean;

• 2001. urteko otsailaren 14an GIB/HIESaren aurkako Karibe osoko Aliantzan;

• 2001. urteko maiatzaren 14ko Europar Batasunaren Egintza Programan eta bertan, GIB/HIESa, malaria eta tuberkulosiaren aurkako borrokaren azkartzea, pobrezia murrizteko testuinguruan;

• 2000. urteko maiatzaren 4ko GIB/HIESa prebenitzeari buruzko Itsaso Baltikoaren Adierazpenean;

• 2001eko maiatzaren 18ko GIB/HIESari buruzko Erdialdeko Asiaren Adierazpenean;

7.Jakinik beharrezkoa dela berehalako neurriak hartzea, koordinatuak eta iraunkorrak, GIB/HIESaren epidemiari aurre egiteko, azkenengo 20 urteetan hartutako esperientzia eta eskarmentuak aintzat hartuta;

8.Kezka handiz ikusirik Afrika, batik bat, Hegoaldeko Sahararen Afrika dela egun erregiorik kaltetuena eta GIB/HIESa arazo larria dela bertan, horrek arriskuan jartzen baititu garapena, gizartearen kohesioa, egonkortasun politikoa, elikaduraren segurtasuna eta bizi-itxaropena eta berarekin baitakar zama ekonomiko izugarria; ikusirik, halaber, kontinentean dagoen egoera tragikoa, nazio-, erregio- nahiz nazioarte-mailan, berehalako eta salbuespenezko neurriak hartzea eskatzen duena;

9.Gure poza adieraziz Afrikako estatuburuek eta gobernuburuek, 2001. urteko apirilean Abujan egin zen Ezohiko Goi Bileran hartutako konpromisoengatik, batik bat, euren hitza emateagatik honako helburu hau finkatzeko, hau da, urteko nazio-aurrekontuen %15 a gutxienez bideratzea osasun-arloa hobetzera, GIB/HIESaren epidemiari aurre egiteko; halaber, aitorturik, helburu hori lortu nahi bada, herrialde horiek hartutako neurriak nazioarteko laguntza handiago batek osatu beharko dituela, herrialde horien baliabideak mugatuak baitira;

10.Aitorturik, halaber, larri ukitutako erregio asko daudela, besteak beste, Karibeko erregioa, Hegoaldeko Sahararen Afrikaren atzetik birusaren infekzio-tasa handiena duena; Asia eta Pazifikoko erregioa, bertan bizi direla GIB/HIESa duten 7,5 milioi pertsona; Latinoamerika, bertan bizi direla GIB/HIESa duten 1,5 milioi pertsona; eta erdialdeko eta ekialdeko Europa, non infekzio-tasak bizkortasun osoz areagotzen diren, eta guztiek dituztela antzeko arazoak; eta neurri zehatzak hartu ezean, epidemia eta horren ondorioak laster zabaldu daitezkeela mundu osoan;

11.Aitorturik pobrezia, azpigarapena eta analfabetismoa direla faktore garrantzitsuenetakoak GIB/HIESa zabaltzen laguntzen dituztenak, eta kezka handiz ikusirik GIB/HIESak pobrezia larriagotzen duela eta egun herrialde askotako garapenean eragina duela eta garapen hori eragozten duela; horrenbestez, osotasunean aurre egin beharko zaiola;

12.Ikusirik gatazka armatuek eta hondamendi naturalek areagotzen dutela epidemia zabaltzea;

13.Ikusirik, berebat, estigmak, isiluneak, bereizkeriak eta errealitatea ukatzeak, bai eta isil-gorde ezak, hondatu egiten dituztela prebenitzeko ahaleginak, arreta eta tratamendua, eta epidemiaren ondorioak areagotzen dituztela pertsona, familia, erkidego eta nazioengan; hartara, alderdi horiei ere aurre egin behar zaiela;

14.Azpimarratuz sexu-berdintasuna eta emakumea indartzea oinarrizko osagaiak direla emakumeak eta neskak ez daitezen izan hain ahulak, GIB/HIESaren aurrean;

15.Aitorturik GIB/HIESaren moduko pandemiaren testuinguruan, sendagaiak eskura izatea dela osagairik oinarrizkoena, arian-arian heltzeko osotasunean egikaritzera pertsona orok duen eskubidea, zertarako eta, ahalik eta osasun-maila gorena gozatzeko, fisikoa nahiz mentala;

16.Aitorturik giza eskubide eta oinarrizko askatasunak osotasunean egikaritzea munduak GIB/HIESaren pandemiaren aurrean emandako erantzunaren nahitaezko osagaia dela, batez ere, halakoa prebenitu, zaindu, babestu eta tratatzeko esparruetan, eta, oro har, horrek GIB/HIESarekiko ahultasuna murrizten duela eta GIB/HIESa duten pertsona edo kutsatzeko arriskuan daudenekin loturiko estigma eta bereizkeria saihesten dituela;

17.Aitorturik HIESaren infekzioa prebenitzea izan behar dela epidemiari begira, nazio-, erregio- eta nazioarte-mailan eman beharreko erantzunaren oinarria, eta GIB/HIESak kutsatu eta ukitutako pertsonen prebentzio, arreta, babesa eta tratamendua direla erantzun eraginkor baten osagai banaezinak, elkarren artean indartzen direnak eta epidemiaren aurkako borrokaren planteamendu orokor batean barruratu behar direnak;

18.Aitorturik beharrezkoa dela Adierazpen honetan ezarritako prebentzio-helburuak lortzea, epidemiaren zabaltzea geldiarazteko helburuarekin, eta aitorturik, berebat, herrialde guztiek jarraitu behar dutela arreta berezia eskaintzen prebentzio eraginkorra eta zabala lortzeko zereginari, zeregin horrek biltzen dituela kontzientzia hartzeko kanpainak, honako zerbitzu hauen bidez: hezkuntza, nutrizioa, osasunari buruzko informazioa eta arreta;

19.Aitorturik arreta, babesa eta tratamendua lagungarriak izan daitezkeela prebentzio eraginkor baterako, horiek areagotzen baitute gaixotasuna antzemateko proba eta borondatezko eta isilpeko laguntza onartzea, eta GIB/HIESa duten pertsonak edota talde ahulenak jartzen baitituzte harremanetan osasun-arretarekin zer ikusia duten sistemekin eta pertsona horiei eskura jartzen baitizkiete prebentzioari buruzko informazioa, laguntza psikologikoa eta baliabideak;

20.Azpimarratuz zein garrantzitsu diren faktore kulturalak, familiakoak, etikoak eta erlijiosoak epidemiaren prebentzioan eta tratamenduan, arretan eta babesean; kontuan harturik herrialde bakoitzaren berezitasunak eta giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak errespetatzeak duen garrantzia;

21.Kezka handiz ikusirik ekonomia-, gizarte-, kultura-, politika, finantza- eta zuzenbide-izaera duten faktore negatibo batzuek galarazten dituztela kontzientzia hartzea, hezkuntza, prebentzioa, arreta, tratamendua eta babesa;

22.Azpimarratuz giza baliabideen eta nazioko osasun- eta gizarte-zerbitzuen egiturak ezartzea eta indartzea oso garrantzitsua dela modu eraginkorrean eskaintzeko prebentzioa, tratamendua, arreta eta babesa;

23.Aitorturik prebentzio-, arreta- eta tratamendu-estrategiak eraginkorrak izan daitezen, beharrezkoa dela jokabidea aldatzea eta eskuragarriago egotea, besteak beste, txertoak, kondoiak, mikrobizidak, lubrikatzaileak, injekzioentzako ekipo esterilizatuak, sendagaiak, terapia antirretrobirala barne, diagnostikoa egiteko eta horri lotutako teknologiak; orobat, osagai horiek guztiak bereizkeriarik gabe eskura izateko aukera eskaini beharko dela eta ikerketa- eta garapen-jarduerak areagotu beharko direla;

24.Aitorturik, halaber, sendagaien eta horiei loturiko teknologiaren kostua, eskuragarritasuna eta eskuragaitasuna faktore garrantzitsuak direla; horrenbestez, horien alde guztiak aztertu beharko dira eta horiei heldu, eta, beharrezkoa dela, orobat, sektore pribatuaren eta enpresa farmazeutikoen lankidetzarekin, sendagai eta teknologia horien kostua murriztea;

25.Aitorturik arrazoizko prezioa, hornitzeko egitura eta osasun-sistema bideragarriak dituzten produktu farmazeutikoak ez egotea oztopoa dela herrialde askotan, GIB/HIESari erantzun eraginkor bat emateko orduan, bereziki, pertsona behartsuenentzat; orobat, gogoratuz premia gorrienean daudenentzat sendagaiak merke lortzeko egindako ahaleginak;

26.Aintzat harturik herrialdeen ahaleginak nazio-industrien berrikuntza eta ezarpena sustatzeko, nazioarteko zuzenbidearekin bateragarria den eran, sendagaiak egon daitezen eskuragarriago, biztanleriaren osasuna babesteko; eta ikusirik beharrezkoa dela sakonago ebaluatzea nazioarteko merkataritza-akordioen ondorioak, oinarrizko sendagaien edo horien tokiko fabrikazioaren sarrerari buruz eta sendagai berriak aurkitzeari buruz;

27.Balioztatuz herrialde batzuetan egin diren aurrerapenak epidemia geldiarazteko, bereziki honako hauen bitartez: politikan konpromiso eta lidergo tinkoak goreneko mailetan, erkidegoen maila barne; eskuragarri dauden baliabideen eta tradiziozko medikuntzaren erabilera eraginkorra; prebentzio, arreta, babesa eta tratamendurako estrategia erabilgarriak; hezkuntza- eta informazio-ekimenak; erkidego, gizarte zibila, GIB/HIESa duten pertsonen eta talde ahulenen arteko elkarlana; giza eskubideen sustapena eta babesa modu aktiboan; halaber, aitorturik zein garrantzitsu den gure esperientzia kolektibo eta askotarikoak partekatzea eta aprobetxatzea, erregio eta nazioarteko lankidetzarekin, barne hartuta iparralde- hegoalde, hegoalde-hegoalde lankidetza eta hiru aldeko lankidetza ;

28.Aitorturik epidemiaren aurkako borrokara bideratutako baliabideak, nazio- eta nazioarte-mailan, ez datozela bat arazoaren handitasunarekin;

29.Aitorturik oinarrizko garrantzia duela gaitasunak indartzea nazio-, erregio- eta azpierregio-mailan, GIB/HIESari aurre egiteko eta modu eraginkorrean hori eragozteko, eta horretarako beharrezkoa dela giza baliabideak, baliabide finantzarioak eta teknikoak areagotzea eta horiei eustea, nazio-mailan lankidetza eta egintza indartuz eta erregio-, azpirregio- eta nazioarte-mailan lankidetza areagotuz;

30.Aitorturik kanpoko zorrak eta zor-zerbitzuaren arazoek nabarmen mugatu dutela, GIB/HIESaren aurkako borroka finantzatzeko orduan, garapen bidean dauden herrialde askoren gaitasuna, bai eta ekonomia trantsizioan duten herrialdeena ere;

31.Berretsiz oinarrizkoa dela familiak betetzen duen eginkizuna, GIB/HIESak ukitutako eta kutsatutako pertsonen prebentzio, arreta, babesa eta tratamenduari begira; kontuan harturik kultura-, gizarte- eta politika-sistema desberdinetan askotariko familia-ereduak daudela;

32.Berretsiz, bestalde, erkidegoek betetzen duten eginkizun erabakigarriaz gain, zein garrantzitsu den elkartze sendoa egotea ondorengoen artean: gobernuak, Nazio Batuen sistema, gobernuen arteko erakundeak, GIB/HIESa duten pertsonak eta talde ahulenak, mediku-erakundeak, erakunde zientifikoak eta hezkuntza-erakundeak, gobernuz kanpoko erakundeak, enpresa-arloa, barne hartuta sendagai generikoak ikertu eta ekoizten dituzten enpresa farmazeutikoak, sindikatuak, hedabideak, parlamentarioak, fundazioak, erkidegoaren erakundeak, erlijio-erakundeak eta tradiziozko buruzagiak;

33.Aitorturik GIB/HIESa duten pertsonek, gazteek eta gizarte zibilaren eragileek dituzten lan berezia eta ekarpen garrantzitsua, GIB/HIESaren arazoaren alde guztiei aurre egiteko zereginetan, eta aitorturik, halaber, programak prestatu, planifikatu, abian jarri eta ebaluatzeko zereginetan, euren parte hartze osoa erabakigarria dela GIB/HIESaren epidemiaren aurka egintza eraginkorra garatzeko orduan;

34.Aitorturik, gainera, epidemiaren aurka borrokan dauden nazioarteko erakunde humanitarioek egindako lana, bereziki, Gurutze Gorriaren eta Ilargi Erdi Gorriaren Sozietateen Nazioarteko Federazioren boluntarioek egindakoa mundu osoan, gehien ukitutako guneetan;

35.Goraipatuz GIB/HIESari buruz Nazio Batuen Baterako Programaren Koordinazio Batzak (ONUDISA) betetako eginkizun nagusia, GIB/HIESaren arloko politikari dagokionez, eta Nazio Batuen sistemaren jardueren koordinazioa; orobat, ikusirik, 2000. urteko abenduan, Batzak GIB/HIESari buruzko Mundu mailako Marko Estrategikoa onetsi zuela eta horrek lagundu ditzakeela, halakoa bidezkoa balitz, estatu kideak eta gizarte zibilaren eragile egokiak GIB/HIESaren aurkako estrategiak aurkeztera, aintzat hartuta epidemiaren inguruabar berezia, munduko alde desberdinetan;

36.Ospe handiz adierazten dugu gure konpromisoa GIB/HIESaren krisiari aurre egiteko; horrenbestez, ondorengo neurriak hartuko ditugu, kontuan izanda egoera eta inguruabar desberdinak, munduko erregio eta herrialde desberdinetan;

Lidergoa

Lidergo sendo bat gizartearen esparru guztietan nahitaezkoa da epidemiaren aurkako egintza eraginkor bat gauzatzeko.

GIB/HIESaren aurkako borrokan gobernuen lidergoa nahitaezkoa da eta horien lana gizarte zibilaren, enpresa-elkargoen eta sektore pribatuaren parte hartze oso eta eraginkorrak osatu beharko du.

Lidergoak berarekin dakar konpromiso pertsonala eta neurri zehatzak hartzea.

Nazio-mailan

37.2003. urterako ziurtatzea nazio-mailan sektore askotariko estrategiak eta finantzazio-planak ezarri eta gauzatuko direla, GIB/HIESaren aurka borrokatzeko. Estrategia eta plan horiek honako hauek aintzat hartuko dituzte: zuzen-zuzenean epidemiari buruzkoak izatea; estigma, isilune eta errealitatea ukatzeari aurre egitea; epidemiak ukitutakoen sexu eta adinaren dimentsioa kontuan hartzea ; bereizkeria eta marjinazioa ezabatzea; gizarte zibilaren, enpresa-arloaren lankidetza barruratzea eta GIB/HIESa duten pertsonen parte hartzea, talde ahulen artean daudenak eta baita arriskuan daudenak ere, batik bat, emakumeak eta gazteak; ahal den neurrian nazio-aurrekontuen pentzutan, beste iturri batzuk baztertu gabe, nazioarteko lankidetza barne; giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak oso-osorik sustatzea eta babestea, barne hartuta ahalik eta osasun-maila gorena, fisikoa nahiz mentala gozatzeko eskubidea; genero-ikuspegia barneratzea; epidemiaren arriskua, ahultasuna, prebentzioa, arreta, tratamendua eta babesa kontuan hartzea, bai eta horren ondorioak murriztea ere; eta osasun-, hezkuntza- eta zuzenbide-sistemen gaitasuna areagotzea;

38. 2003. urterako, garapen-planetan barneratzea GIB/HIESaren lehentasunak, hau da, gaixo horren prebentzioa, arreta, tratamendua, babesa eta ondorioak murriztea, barne hartuta pobrezia ezabatzeko estrategiak, nazio-aurrekontuen esleipenak eta sektore-mailako garapen-planak;

Erregio- eta azpierregio-mailan

39. Erregio- erakunde eta -elkarteak bultzatzea eta horiek laguntzea parte har dezaten modu aktiboan krisiari aurre egiteko zereginetan; indar ditzaten lankidetza eta koordinazioa erregio-, azpierregio-mailan eta erregioen arteko mailan; eta ezar ditzaten erregio-mailako estrategia eta jarduerak, nazio-mailako jardueren hedapena babesteko;

40. GIB/HIESari buruzko erregio- eta azpierregio-ekimen guztiak babestea, besteak beste, Hiesaren aurkako Nazioarteko Aliantza, Afrikan (IPAA) eta Afrikaren Garapenerako Foroaren Adostasun eta Plan Egintza afrikarra, CEPA: buruzagiek GIB/HIESa zabaltzea geldiarazi behar dute; GIB/HIESa, tuberkulosia eta Afrikari lotutako beste gaixotasun kutsakorren aurkako Adierazpena eta Abujako Egintza Markoa;  Karibeko Erkidegoaren GIB/HIESaren aurkako Karibe osoko Aliantza; CESPAP deituriko erakundeak erregio-mailan egindako deialdia, Asian eta Pazifikoan GIB/HIESaren aurka borrokatzeko neurriak hartzeko; Itsaso Baltikoaren ekimena eta Egintza Plana; Latinoamerikako eta Karibeko GIB/HIESari buruzko lankidetza tekniko eta horizontalaren taldea, eta Europar Batasunaren Egintza Programa; GIB/HIESa, malaria eta tuberkulosiaren aurkako borroka azkartzea, pobrezia murrizteko testuinguruan;

41.Erregio-mailako planen eta ikuspuntuen moldaketa sustatzea, GIB/HIESari aurre egiteko;

42.Tokiko eta nazioko erakundeak bultzatzea eta horiei laguntzea zabaldu eta indartu ditzaten erregio-mailako aliantzak, koalizioak eta sareak;

43.Nazio Batuen Ekonomia- eta Gizarte Kontseilua bultzatzea erregio-batzordeei eska diezaien babesa ematea, kasuan kasuko mandatu eta baliabideen markoan, eurei dagozkien erregiotan, zeri eta, nazio-egintzari, GIB/HIESaren aurkako borrokan;

Mundu-mailan

44.Nazio Batuen sistemaren erakunde eskudunen aldetik egintza eta koordinazio handiagoa babestea, barne hartuta euren parte hartze osoa, GIB/HIESari begira Nazio Batuen plan estrategikoa prestatu eta gauzatzeko; plan hori aldian-aldian gaurkotu egin beharko da eta aintzat hartu beharko ditu Adierazpen honetan ezarritako printzipioak;

45.Nazio Batuen sistemaren erakunde eskudunen artean eta GIB/HIESaren aurka borrokan dauden nazioarteko erakundeen artean lankidetza zabalagoa babestea;

46.Sektore publiko eta sektore pribatuaren artean lankidetza sendoagoa sustatzea eta aliantza berriztatzaileak ezartzea, eta, 2003. urterako, sektore pribatuaren eta gizarte zibilaren laguntzaileek, GIB/HIESa duten pertsonek eta talde ahulek, GIB/HIESaren aurkako borrokan parte hartzea ahalbidetzen duten mekanismoak ezartzea eta sendotzea;N

Prebentzioa

Prebentzioa izan behar da gure egintzaren oinarria

47.2003. urterako, nazio-mailan helmuga eta epe zehatzak ezartzea, nazioartean adostutako mundu-mailako prebentzio-helburua lortzeko, hau da, HIESaren nagusitasuna murriztea %25 15 eta 24 urte bitartean dauden sexu bateko nahiz besteko gazteen artean, 2005. urterako herrialde ukituenetan, eta %25, 2010. urterako mundu osoan, eta, era berean, ahaleginak areagotzea helmuga horiek lortzeko eta genero-estereotipoen eta horri lotutako jarreren aurka borrokatzea, bai eta genero-desberdintasunen aurka, GIB/HIESaren inguruan, gizonen eta mutilen parte hartze aktiboa sustatuz;

48.2003. urterako, nazio-mailan prebentzio-helmugak ezartzea, horietan aitor eta azter daitezen halako faktoreak, horiek eragiten baitute epidemia zabaltzea eta norbanakoen ahultasuna areagotzea, betiere, HIESaren eragina murrizteko helburuarekin, noren artean eta, identifikatu daitezkeen taldeen artean, tokiko inguruabar partikularren barruan; izan ere, egun talde horiek HIESak kutsatutakoen tasa altuak dituzte eta tasa horiek handitzen doaz, edota, osasun publikoari buruz dagoen informazioaren arabera, infekzio berrien aurrean arrisku handiagoa dute;

49.2005. urterako, GIB/HIESari dagokion erantzuna areagotzea lan-munduan eta sektore publiko zein pribatuan eta egituratu gabean prebentzio- eta arreta-programak ezartzea eta gauzatzea, eta neurriak hartzea GIB/IHESa duten pertsonen babeserako lan-ingurunea sortzeko;

50.2005. urterako, nazio-, erregio- eta nazioarte-mailan estrategiak moldatzea eta horiek abian jartzen hastea, langile migratzaileek eta biztanleria mugikorrek izan ditzaten eskuragarri GIB/HIESaren prebentzio-programak, gizarte- eta osasun-zerbitzuei buruzko informazioa ematea barne;

51.2003. urterako, nazioarteko arreta-neurriak aplikatzea osasun-arretarako zerbitzuetan, HIESaren infekzioa zabaltzea saihesteko;

52.2005. urterako, ziurtatzea herrialde guztiek, bereziki ukituenek badutela prebentzio-programa sail zabala; programa horiek kontuan hartuko dituzte tokiko arau etikoak eta balore kulturalak, barneratuko dituzte informazio-, hezkuntza- eta komunikazio-jarduerak, erkidegoek hobetuen ulertzen duten hizkuntzetan, eta, berebat, euren kulturak errespetatuko dituzte, helburu zehatz batekin, hau da, arrisku-jokabideak murriztu eta sexu-jokaera arduratsua sustatzea, abstinentzia eta leialtasuna barne; eskuragarri izatea kondoiak bezalako oinarrizko gaiak, horiek gizonezko nahiz emakumeentzako izan, bai eta injekzioentzako ekipo esterilizatua ere; droga-kontsumoak eragindako kalteak murrizteko jarduerak; eskuragarri izatea laguntza psikologikoa emateko eta gaixotasuna antzemateko borondatezko eta isilpeko zerbitzuak; kutsatu gabeko odol emateak; eta sexu bidezko infekzioak tratatzeko tratamendu goiztiarra eta eraginkorra;

53.2005. urterako, ziurtatzea 15 eta 24 urte bitartean dauden sexu bateko nahiz besteko gazteen %90ek, gutxienez, eta 2010. urterako, %95ek izan ditzaten eskuragarri HIESari buruzko informazioa eta hezkuntza, barne hartuta berdinen arteko hezkuntza eta gazteentzako hezkuntza berezia, bai eta beharrezko zerbitzuek eskatutako trebetasunak garatzeko ere, horrela murriztu ahal izateko euren ahultasuna, HIESak kutsatzeari begira; guztiori gazte, guraso, familia, hezitzaile eta osasun-arretarako langileen lankidetza osoarekin;

54.2005. urterako, %20 murriztea HIESak kutsatutako bularreko haurren kopurua, eta 2010. urterako, %50, haurrak jaio baino lehen arreta-zerbitzuak jasotzen duten emakume haurdunen %80ri eskainiz HIESa prebenitzeko informazioa, laguntza psikologikoa eta beste zerbitzu batzuk ere; tratamendu eraginkorraren eskuragarritasuna areagotuz, zertarako eta, murrizteko HIESaren transmisioa amarengandik seme-alabengana, eta HIESak kutsatutako emakumeentzat eta euren bularreko haurrentzat eskuragarri jarriz tratamendu hori; orobat, HIESak kutsatutako emakumeentzat ekimen eraginkorren bidez, horien barruan direla babes psikologikoaren zerbitzuak eta borondatezko eta isil-gorde izaerako antzemate-zerbitzuak, tratamendurako eskuragarritasuna, batik bat, terapia antirretrobiralerako eta, hala denean, ama-esnearen ordezkoak eta arreta jarraituaren zerbitzuen saila izatea ere;

Arreta, babesa eta tratamendua

Arreta, babesa eta tratamendua oinarrizko osagaiak dira, egintza eraginkor batean.

55.2003. urterako, ziurtatzea nazioarteko erkidegoaren lankidetza sendoarekin, barne hartuta gobernuen arteko gobernu eta erakunde eskudunak, bai eta gizarte zibila eta enpresa-arloa, zer eta, nazio-estrategiak ezartzea osasun-arretarako sistemak indartzeko, erregio- eta nazioarte-mailako estrategien babesarekin, eta HIESaren aurkako sendagaien banaketan, sendagai antirretrobiralak barne, eragina duten faktoreei aurre egiteko; faktore horiek dira, besteak beste, eskuragarritasuna eta prezioa, prezio bereiziak finkatzea barne, eta sistema teknikoen eta osasun-arretaren gaitasuna.Halaber, presa-izaerarekin, ahal den guztia egitea, arian-arian eta modu iraunkorrean emateko HIESaren aurkako ahalik eta kalitaterik handiena duen tratamendua, barne hartuta prebentzioa eta infekzio oportunisten tratamendua eta terapia antirretrobiralaren erabilera eraginkorra, arduratsua eta zaindua; betiere, kalitatearen kontrolpean, tratamenduari dagokion atxikimendua eta horren eraginkortasuna hobetzeko, eta erresistentzia sortzeko arriskua murrizteko; modu eraikitzailean lankidetzan aritzea farmazia-arauak eta -eginerak hobetzeko, barne hartuta sendagai generikoei eta jabetza-intelektualaren araubideei aplikagarri zaizkienak;

56.2005. urterako, arreta-estrategia osoak ezartzea eta nabarmen aurrera egitea horien aplikazioan, ondorengo asmoekin:familiak eta erkidegoak emandako arreta-zerbitzuak indartzea, egituratu gabeko sektoreak emandakoak barne, eta GIB/HIESa duten pertsonei, kutsatutako haurrak barne, tratamendua emateko osasun-arretarako sistemak indartzea, eta tratamendu hori ikuskatzea, bai eta GIB/HIESak ukitutako pertsonei, senideei, familiei eta erkidegoei laguntza ematea; osasun-arretarako langileen gaitasuna areagotzea eta euren lan-baldintzak hobetzea eta horniketa-sistemak, finantzazio-planak eta beharrezko igortze-mekanismoak eraginkorragoak egitea, sendagaiak bidezko prezioan eskuragarri izateko, sendagai antirretrobiaralak barne, eta diagnostikoa egiteko teknologiak eta horiekin lotutako teknologiak eskuragarri izateko, bai eta mediku-arreta ere, leungarria eta psikosoziala, goi mailako kalitatea duena;

57.2003. urterako, nazio-estrategien ezarpena ziurtatzea, GIB/HIESak ukitutako pertsona, familia eta erkidegoei arreta psikosoziala emateko;

GIB/HIESa eta giza eskubideak

Guztion giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak egikaritzea nahitaezkoa da GIB/HIESaren aurrean ahultasuna murrizteko.

GIB/HIESa duten pertsonen eskubideekiko errespetuak egintza eraginkorra  sustatzen du.

58.2003. urterako, lege, arau eta bestelako neurriak sustatu, indartu edo kasuan-kasuan betearaztea, GIB/IHESa duten pertsonen aurkako eta talde ahulen kideen aurkako bereizkeria mota guztiak ezabatzeko, eta horiei ziurtatzeko euren giza eskubide eta oinarrizko askatasunen gozamen osoa; bereziki, horiek eskura izan ditzaten, besteak beste, hezkuntza, oinordetzarako eskubidea, enplegua, osasun-arreta, gizarte- eta osasun-zerbitzuak, prebentzioa, babesa, tratamendua, informazio eta babes juridikoa; era berean, euren intimitatea eta isil-gordea errespetatuko zaizkie; eta, oro har, estrategiak moldatzea epidemiari loturiko estigma eta gizarte-bazterketa ezabatzeko;

59.2005. urterako, kontuan harturik epidemiaren testuinguru eta izaera, eta mundu-mailan, batez beste, emakumeak eta neskak daudela GIB/HIESak gehien-gehien ukituta, nazio-estrategiak moldatzea eta horien aplikazioa azkartzea, betiere, horiek:emakumearen aurrerapena eta bere giza eskubide guztien gozamena sustatzen badute; gizonen eta emakumeen erantzukizun partekatua sustatzen badute, arriskurik gabeko sexu-harremanak ziurtatzeko; emakumeari gaitasuna ematen badiote, askatasun eta erantzukizun osoz kontrolatu eta erabaki ditzan bere sexualitateari buruzko gaiak, bere gaitasuna areagotzeko helburuarekin, HIESaren aurka babesteari begira;

60.2005. urterako, abian jartzea neurriak, emakumeek eta nerabeek izan ditzaten baldintza hobeak HIESarekin kutsatzeko arriskutik babesteko, batez ere, osasunaren arreta-zerbitzuen prestazioaren eta osasun-prestazioaren bitartez, barne hartuta sexu- eta ugalketa-osasun zerbitzuak, eta genero-berdintasuna sutatzen duen prebentzio-hezkuntzaren bitartez, kultura- eta genero-aldeak kontuan hartzen diren marko batean;

61.2005. urterako, nazio-estrategien ezarpena ziurtatzea eta horiek azkar-azkar gauzatzea, emakumea indartu dadin eta susta eta babes dezaten emakumeak duen eskubidea giza eskubideak oso-osorik gozatzeko eta GIB/HIESaren aurrean ahultasuna murrizteko, guztiori bereizkeria forma guztiak ezabatuta, bai emakumeen eta nesken aurkako indarkeria forma guztiak, besteak beste, tradizio eta ohituren araberako eginera kaltegarriak, gehiegikeria, bortxaketa eta bestelako sexu-indarkeria formak, tratu txarra eta emakumeen eta nesken salerosketa;

Ahultasuna murriztea

Ahultasun-egoeran daudenek izan behar dute lehentasuna.

Emakumea indartzea nahitaezkoa da ahultasuna murrizteko.

62.2003. urterako, HIESarekin kutsatzeko arriskua areagotzen duten jardueren prebentzio-programak osatzeko helburuarekin, jarduera horiek direla, arrisku handiko eta babes gabeko sexu-portaera eta droga injektagarrien erabilera, herrialde guztietan ezartzea estrategia, arau eta programak, horien bitartez HIESarekin kutsatzeko bereziki ahulagoak egiten dituzten faktoreak bereizteko eta horiei aurre egiteko; faktore horiek dira: azpigarapena, segurtasun ekonomiko eza, pobrezia, emakumearen indartze eza, hezkuntza eza, gizarte-bazterketa, analfabetismoa, bereizkeria, informazio eza edota babesteko produktu eza, eta emakume, neska eta mutilen sexu-esplotazio mota oro, helburu komertziala dutenak barne; halaber, aipatu estrategia, arau eta programek epidemiaren generoaren dimentsioari ekin behar diote, ahultasun hori gainditzeko hartu beharreko neurriak zehazteko eta iritsi beharreko helmugak finkatzeko;

63.2003. urterako, ahultasun hori murrizteko familiaren garrantzia aitortzen duten estrategia, arau eta programak ezarri eta indartzea, familiak hezi eta bideratzen baititu haurrak; bestalde, estrategia, arau eta programa horiek aintzat hartuko dituzte faktore kulturalak, erlijiosoak eta etikoak, haur eta gazteen ahultasuna murrizteko, honako hauek kontuan izanik:neska eta mutilei bermatzea lehen eta bigarren hezkuntzarako sarrera, nerabeentzako ikasketa-programen bitartez, GIB/HIESa barne; ingurune seguru eta babestuak, batez ere, neskentzat; gazteentzako kalitateko zerbitzuak areagotzea, informazioari, sexu-osasunari buruzko hezkuntzari eta laguntza psikologikoari dagokienez; sexu- eta ugalketa-osasunari buruzko programak sendotzea; ahal den neurrian familia eta gazteak barneratzea GIB/HIESaren arreta- eta prebentzio-programen plangintzan, betearazpenean eta ebaluazioan;

64.2003. urterako, estrategiak, arauak eta nazio-programak ezarri eta indartzea kasuan-kasuan, erregio- eta nazioarte-ekimenen babesarekin, eta parte hartzeko ikuspuntu egokia aplikatzea, identifikatu daitezkeen taldeen osasuna sustatu eta babesteko; izan ere, egun, talde horien artean HIESaren infekzio-tasak oso altuak dira eta tasa horiek areagotzen doaz, eta osasunari buruzko informazio publikoaren arabera, horiek dira arriskurik handiena dutenak edo ahulagoak direnak beste infekzio batzuei begira; izatez, hori adierazten dute honako faktore hauek, hala nola, epidemiaren tokiko historiak, pobreziak, sexu-eginerek, drogak kontsumitzeko ohiturek, bizi-baldintzek, giltzapean sartzeak, gizarte-egituren eraldaketak eta biztanleriaren mugimenduek, horiek behartuak izan edo ez;

GIB/HIESaren ondorioz ahultasun-egoeran dauden haur umezurtzak

GIB/HIESak ukitutako haur umezurtzek laguntza berezia behar dute,

65.2003. urterako, arauak eta nazio-estrategiak moldatzea eta 2005. urterako, abian jartzea, zertarako eta:gobernuen , familien eta erkidegoen gaitasuna ezartzeko eta sendotzeko, GIB/HIESak kutsatutako edo ukitutako umezurtzei eta neska-mutilei babesa eskaintzen dien ingurune bat sortzeko, eurei, besteak beste, aholkularitza eta laguntza psikosozial egokia emanez eta  eskolatzea, etxebizitza, nutrizio egokia eta gizarte- eta osasun-zerbitzuak ziurtatuz, beste haurren maila berean; eta umezurtzak eta neska-mutil ahulak babesteko tratu txar, indarkeria, esplotazio, bereizkeria, salerosketatik eta oinordetza-eskubidea galtzetik;

66.Bereizkeriarik eza eta giza eskubide guztien gozamen osoa ziurtatzea, berdintasun-baldintzetan, politika aktiboa eta agerikoa sustatuz, GIB/HIESaren ondorioz ahultasun-egoeran dauden neska-mutil umezurtzen estigmari amaiera emateko;

67.Nazioarteko erkidegoari, batik bat, herrialde emaileei, gizarte zibilaren eragileei eta sektore pribatuari eskatzea modu eraginkorrean osa ditzaten nazio-programak, GIB/HIESaren ondorioz ahultasun-egoeran dauden neska-mutil umezurtzen programak babesteko, ukitutako erregioetan eta arrisku handia duten herrialdetan, eta, berebat, bidali dezaten laguntza berezia Hegoaldeko Sahararen Afrikara;

Gizarte- eta ekonomia-ondorioak arintzea

GIB/HIESari aurre egitea garapen iraunkorrean inbertitzea da.

68.2003. urterako, GIB/HIESaren epidemiaren ekonomia- eta gizarte-ondorioak ebaluatzea eta sektore askotariko estrategiak moldatzea, zertarako eta:ondorio horiei aurre egiteko, norbanako-, familia-, erkidego- eta nazio-mailan; pobrezia erro-errotik kentzeko nazio-programak moldatu eta horren egikaritza azkartzeko, GIB/HIESaren ondorioak arindu daitezen familien diru-sarreretan, bizi-baldintzetan eta oinarrizko gizarte-zerbitzuak eskuratzeko orduan, arreta berezia eskainiz epidemiak larri ukitu dituen pertsonei, familiei eta erkidegoei; GIB/HIESaren gizarte- eta ekonomia-ondorioak aztertzeko gizartearen alor guztietan, bereziki, emakume eta adineko pertsonengan, batik bat, zaintza emateko euren eginkizunari eta GIB/HIESak ukitutako familiei begira duten eginkizunari dagokienez, eta, oro har, euren beharrizan bereziak artatzeko; ekonomia- eta gizarte-garapenaren politikak zehaztu eta egokitzeko, gizarte-babesaren politika barne, GIB/HIESaren ondorioak arindu daitezen hazkunde ekonomikoan, oinarrizko zerbitzu ekonomikoaren prestazioan, lan-ekoizpenean, sarrera fiskaletan eta baliabide publikoen defizita eragiten duten presioetan;

69.2003. urterako, nazio-mailan ezartzea marko juridiko eta arau-marko bat, lantokietan babes ditzan marko horrek GIB/HIESa duten edo horrek ukitu duten pertsonen eskubideak eta duintasuna, bai eta kutsatzeko arrisku handia dutenen pertsonena ere, enplegatzaileen eta langileen ordezkariei kontsulta eginez, eta, betiere, lan-arloan, GIB/HIESari dagokionez, nazioarteko jarraibideak aintzat hartuta;

Ikerketa eta garapena

GIB/HIESak oraindik osabiderik ez duenez gero, nahitaezkoa da ikerketan eta garapenean aurre egitea.

70.Inbertsioak areagotzea eta ikerketa azkartzea, HIESaren aurkako txertoak lantzeko eta, era berean, ikerketarako nazio-gaitasuna sustatzea, bereziki, garapen bidean dauden herrialdetan eta, batik bat, nagusitzen diren birusen anduien ikerketa, oso ukituak izan diren herrialdetan; bestalde, GIB/HIESaren arloa ikertzeko eta garatzeko nazio- nahiz nazioarte-mailan egin diren inbertsioen gehikuntza babestea eta sustatzea, barne hartuta, ikerketa biomedikoa, operazionala, soziala, kulturala eta jokaerarena, eta tradiziozko medikuntzan egin dena, helburu zehatz batzuk dituela horrek:prebentzio- eta terapia- metodoak hobetzea; prebentzioa, arreta eta tratamendua, eta GIB/HIESaren arretarako teknologiak eskuratzeko aukera azkartzea (eta infekzio oportunisten eta horiek eragindako neoplasien, eta sexu bidezko gaixotasunen arretarako), barne hartuta emakumeak kontrolatutako metodoak eta mikrobizidak, eta batik bat, HIESaren aurkako txerto egokiak, seguruak eta prezioz eskuragarriak, eta horiek aplikatzea, bai eta diagnostikoa, laborategiko probak eta prebentzio-metodoak, amak ez dezan seme-alabarik kutsatu; hobeto ulertzea zein faktorek duen eragina epidemian eta horri aurre egiteko neurriak, besteak beste, sektore publiko eta pribatuaren arteko baliabide eta aliantza gehiagoren bidez; ingurune egokia ezartzea ikerketari begira eta ziurtatzea ikerketa hori bat datorrela maila goreneko printzipio etikoekin;

71.Nazio- nahiz nazioarte-mailan, babestea eta sustatzea ikerketarako egiturak, laborategien gaitasuna, zaintza-sistema hobeak, datu-bilketa, -prozesaketa eta -hedatzea, ikertzaileen heziketa oinarrizkoa eta ikerketa klinikoa, gizarte-zientzietan espezializatuentzat eta osasun-arretarako langile eta teknikoentzat, garrantzi berezia emanez GIB/HIESak gehien ukitutako herrialdeei, bereziki, garapen bidean dauden herrialdeei eta epidemia azkar-azkar zein herrialdetan zabaldu edo hori gertatzeko arriskuan dauden herrialde horiei;

72.Neurri egokiak ezarri eta ebaluatzea, zertarako eta,  tratamenduaren eraginkortasuna, toxikotasuna, ondorioak, sendagaien arteko elkarreragina eta horiekiko erresistentzia zaintzeko; metodologiak ezartzea tratamenduaren ondorioak zaintzeko HIESaren transmisioan eta arrisku-portaeretan;

73.Nazioarteko nahiz erregio-mailako lankidetza sendotzea, bereziki, iparralde-hegoalde lankidetza eta hegoalde-hegoalde lankidetza eta hiru aldeko lankidetza, GIB/HIESaren prebentzio eta arretari begira, egokiak diren teknologia erabilgarrien transferentziari dagokionez; halaber, esperientzia eta eginera onenen trukaketa, ikertzaileen eta ikerketen emaitzen trukaketa sendotzea, eta prozesu horretan ONUSIDA deiturikoaren eginkizuna indartzea.Testuinguru horretan, eskatzea ikerketaren eta baterako teknologien azken emaitzak izan daitezen ikerketan parte hartu duten guztiena, bakoitzaren ekarpenaren arabera eta, betiere, emaitza horiei babes juridikoa eskaintzeko betebeharpean; eta baieztatzea izaera horretako ikerketa oro aurreiritzietatik aske geratu behar dela.

74.2003. urterako, ziurtatzea HIESaren tratamenduaren ikerketarako protokolo guztiak, txertoak eta terapia antirretrobiralak barne, etika-batzorde independenteek ebaluatuko dituztela; batzorde horietan parte hartuko dute GIB/HIESa duten pertsonek eta terapia antirretrobirala emateko arduradunek; halaber, protokoloek nazioarteko jarraibideak eta eginerarik onenak hartuko dituzte oinarri;

GIB/HIESa gatazkek eta hondamendi naturalek ukitutako erregioetan

Gatazkek eta hondamendi naturalek pisu handia dute GIB/HIESa zabaltzean.

75.2003. urterako, nazio-estrategiak moldatzea eta horiek aplikatzen hastea; estrategia horiek honako osagaiak barneratuko dituzte GIB/HIESaren inguruan: kontzientzia hartzea, prebentzioa, arreta eta tratamendua, horiek guztiok larrialdi-egoeretarako zabaldu diren programa edo jardueren markoan, kontuan harturik gatazka armatu, larrialdi humanitario eta hondamendi naturalen ondorioz ezegonkortu diren herriak, besteak beste, errefuxiatuak, estatu barnean lekualdatutako pertsonak eta, bereziki, emakumeak eta haurrak arrisku handiagoan daudela HIESarekin kutsatzeko; eta, hala denean, nazioarteko laguntza-programetan barneratzea GIB/HIESarekin zer ikusia duten osagaiak;

76.Nazio Batuen erakunde guztiei eta erregio- eta nazioarte-erakundeei, bai eta gobernuz kanpoko erakundeei eskatzea parte har dezaten nazioarteko laguntza hornitzen eta ematen, nori eta, gatazkek, krisi humanitarioek edota hondamendi naturalek ukitutako herrialdeei eta erregioei eta, orobat, presa-izaerarekin, barnera ditzaten euren plan eta programetan, GIB/HIESa ri begira prebentzio-, arreta- eta kontzientzia hartze-osagaiak, eta ahalegindu daitezen langileek ere izan dezaten arazoaren kontzientzia eta, azkenez ere, eman diezaieten langileei trebakuntza, gaiaren inguruan;

77.2003. urterako, nazio-estrategiak ezartzea,halakoa beharrezkoa denean, HIESa ez dadin zabaldu nazio-mailako militar-zerbitzuetara, indar armatuetara eta defentsa zibilera, eta aztertzea nola erabili zerbitzu horietako langileek izan ditzaketen ezaguerak eta heziketa, GIB/HIESaren kontzientzia hartze eta prebentzioaren inguruan; langile horiek eman dezaten laguntza izaera horretako jardueretan, barne hartuta parte hartzea,zertarako eta, larrialdirako laguntza, laguntza humanitarioa eta hondamendi eta errehabilitazio kasuetan sorospena emateko;

78.2003. urterako, ziurtatzea kontuan hartuko direla GIB/HIESari buruzko kontzientzia hartzea eta gaitasuna, generoaren osagaia barne, non eta, halako jarraibideetan, bideratuta daudenak defentsa-langile eta bestelakoengana ere, horiek bakeari eusteko nazioarteko eragiketetan parte hartzen dutenean eta, aldi berean, jarraituko da egungo hezkuntza- eta prebentzio-ahaleginak gauzatzen, barne hartuta langile horiei norabidea ematea, eurek  euren zereginetan aritu baino lehen;

Baliabideak

Ezin zaio aurre egin GIB/HIESaren erronkari, beste baliabide osagarri eta iraunkorrik gabe.

79.Ziurtatzea GIB/HIESaren aurkako munduko egintzarako emandako baliabideak, ganorazkoak, jarraituzkoak eta egokiak izatea, emaitzak erdiesteko;

80.2005. urterako, pausoz pauso helmuga orokorrera iristea, zehatzago esanda, 7000 milioi eta 10000 milioi bitartean dagoen Estatu Batuarren dolar kopurua destinatzea urteko gastuetara, epidemiari aurre egiteko, GIB/HIESaren ondorioen prebentzio, arreta, tratamendu, babesa eta arintzearen bitartez, diru-sarrera baxuak eta ertainak dituzten herrialdeetan eta GIB/HIESa azkar zabaltzen ari den herrialdeetan edo hori gertatzeko arriskuan dauden herrialdeetan, eta neurriak hartzea beharrezko baliabideak emateko, batik bat, herrialde emaileengandik datozenak, baina baita nazio-aurrekontuetatik ere, kontuan harturik gehien ukitutako herrialdeen baliabideak guztiz txikiak direla;

81.Nazioarteko erkidegoari eskatzea, ahal denean, eman dezan laguntza, dohaintza gisa, garapen bidean dauden herrialdeetan, GIB/HIESaren prebentzio, arreta eta tratamendurako;

82.Herrialdeen aurrekontu-esleipenak areagotzea GIB/HIESaren aurkako programetan eta halakoei lehentasuna ematea, hala egitea beharrezkoa denean, eta ziurtatzea ministerio guztiek eta beste erakunde interesdun egokiek funts nahikoak emango dituela;

83.Garatutako herrialdeei eskatzea, oraindik halakoa egin ez badute, ahalegindu daitezen, ahalik eta arinen lortzen euren nazio-produktu gordinaren %0,7, adostu den bezala, destinatzea laguntza ofiziala ematera, garapen orokorrerako, eta nazio-produktu gordinaren %0,15etik %0,20era, laguntza ofiziala ematera gutxien aurreratutako herrialdeen garapenerako, ikusirik GIB/HIESaren epidemiaren premia eta larritasuna;

84.Nazioarteko erkidegoari eskatzea babes eta osa ditzan garapen bidean dauden herrialdeen ahaleginak, horien artean GIB/HIESaren epidemiaren aurka borrokatzeko nazio-funts gehien nork eman eta, horien ahaleginak; horretarako, garapenerako nazioarteko laguntza gehituko da, batez ere, GIB/HIESak gehien ukitutako herrialdeen kasuetan, beren-beregi, Afrikan eta horren barruan, Hegoaldeko Sahararen Afrikan, Kariben, GIB/HIESa zabaltzeko arrisku handian dauden herrialdeetan eta ukitutako beste erregioetan, non epidemiari aurre egiteko baliabideak guztiz urriak diren;

85.GIB/HIESaren aurkako neurriak barneratzea garapenerako laguntza-programetan eta pobrezia erro-errotik kentzeko estrategietan, hala denean, eta esleitutako baliabide guztien erabilera eraginkorragoa eta gardenagoa sustatzea;

86.Nazioarteko erkidegoari eskatzea eta gizarte zibila eta sektore pribatua gonbidatzea neurri egokiak har ditzaten GIB/HIESaren gizarte- eta ekonomia-ondorioak arintzen laguntzeko, garapen bidean dauden herrialde ukituenetan;

87.Gehiago atzeratu gabe, abian jartzea ekimen areagotua zorpetutako herri txiroen mesedetan eta adostea, zer eta, herrialde horien bi aldetako zor ofizial guztia, ahalik eta arinen kitatzea, bereziki, GIB/HIESak gehien ukitutako herrialdeena; horren ordez, herrialdeek ageriko konpromisoak hartuko dituzte pobrezia erro-errotik kentzeko; halaber, eskatzea zor-zerbitzua murriztearen ekonomiak erabil daitezen pobrezia erro-errotik kentzeko programak finantzatzeko eta, batik bat, GIB/HIESaren eta bestelako infekzioen prebentzioa, tratamendua, arreta eta babesa finantzatzeko;

88.Eskatzea azkar eta modu adostuan halako neurriak har daitezen, modu eraginkorrean konpontzeko zorraren arazoak, gutxien aurreratutako herrialdeetan, diru-sarrera gutxi izan eta garapen bidean dauden herrialdetan eta diru-sarrera ertainak izan eta garapen bidean dauden herrialdeetan, bereziki, GIB/HIESak ukitutakoetan; aurrekoa egingo da modu zabalean eta ekitatearen arabera, garapenera bideratuta egongo da eta iraunkorra izango da, nazio- eta nazioarte-neurri batzuen bitartez gauzatuko da, neurri horiek ahalbidetzen baitute herrialde horiek epe luzera zorrari aurre egitea, eta horren ondorioz, gai izatea GIB/HIESaren epidemiari aurre egiteko; neurri horiek barneratu behar dituzte, kasuan-kasuan, zorra murrizteko jada dauden mekanismo egokiak, hala nola, zorra trukatzea GIB/HIESaren prebentzio, arreta eta tratamenduetara bideratutako proiektuekin;

89.GIB/HIESari lotutako ikerkuntzarako inbertsioaren gehikuntza sustatzea, nazio-, erregio- eta nazioarte-mailan, batik bat, prebentziorako teknologiak garatzeko, teknologia horiek iraunkorrak eta prezio eskuragarrikoak direla, hala nola, txertoak eta mikrobizidak, eta, berebat, plan finantzario eta logistikoen prestaketa sustatzea, txertoak erabilgarri egon ahala, arin eskuratzeko modukoak izan daitezen;

90.Mundu-mailako funts baten ezarpena babestea, presazko izaerarekin, GIB/HIESaren aurka eta osasunaren mesedetan, funts horrekin finantzatzeko berehalako neurriak eta neurri zabalagoak hartzea, epidemiaren aurka, oinarri hartuta ikuspuntu osoa prebentzio, arreta, babesa eta tratamenduaren aldetik; orobat, GIB/HIESaren aurka borrokan ari diren gobernuei laguntza ematea, besteak beste, beharrezko lehentasuna jarriz gehien ukitutako herrialdeetan, batik bat, Hegoaldeko Sahararen Afrikan eta Kariben, eta arrisku handian dauden herrialdeetan, eta, modu berean, funts horretarako ekarpenak bizkortzea, horiek iturri publiko zein pribatuetatik datozela, deialdi berezia eginez herrialde emaileei, fundazioei, enpresa-arloei, enpresa farmazeutikoak, sektore pribatua, filantropoak eta dirudun pertsonak barne;

91.2002. urterako, mundu-mailan kanpaina bat egitea sosak biltzeko sektore pribatuan eta, oro har,  biztanlerian esparruan. Kanpaina ONUSIDA deiturikoak antolatuko du, maila guztietan elkartutako interesdunen babes eta lankidetzarekin, mundu-mailako funts horretarako ekarpenak lortzeko, GIB/HIESaren aurka eta osasunaren mesedetan;

92. Funts gehiago destinatzea nazio-, erregio- eta azpierregio-batzorde eta -erakundeei, horiek eman diezaien laguntza gobernuei, nazio-, azpierregio eta erregio-mailan, krisiari aurre egiteko neurriak hartzerakoan;

93. Erakunde antolatzaile kideei eta ONUSIDA deituriko idazkaritzari herrialde horiekin lankidetzan aritzeko behar dituzten baliabideak ematea, Adierazpen honen helburuak babesteko;

Jarraipena

Oinarrizkoa da bultzadari eustea eta aurrerapenak ikuskatzea.

Nazio-mailan

94.Nazio-mailan, konpromisoak betetzea dela eta, aldizka aztertzea lortutako aurrerapenak, gizarte zibilaren eta, batik bat, GIB/HIESa duten pertsonen, talde ahulen eta beste pertsonak zaintzen dituztenen lankidetzarekin, eta aurrerapen horiek oztopatzen dituzten arazo eta eragozpenak zehaztea, eta azterketa horien emaitzak zabal hedatzea;

95. Ikuskaritza- eta ebaluazio-mekanismo egokiak ezartzea, aurrerapenak neurtzen eta ebaluatzen laguntzeko, eta ikuskaritza- eta ebaluazio-instrumentu egokiak ezartzea, datu epidemiologiko nahikoak izango dituztenak;

96. 2003. urterako, ikuskaritza-sistema eraginkorrak ezartzea edo sendotzea, kasuan-kasuan, GIB/HIESa duten pertsonen giza eskubideak sustatu eta babesteko;

Erregio-mailan

97. GIB/HIESaren gaia eta osasun publikoarekin zer ikusia duten beste gaiak barneratzea, hala denean, ministro eta estatuburu edo gobernuburuen erregio-bileretako programetan;

98. Datu-bilketa eta -prozesaketa babestea, erregio-batzorde edota erakundeek egin beharreko aldizkako azterketak errazteko; azterketa horien helburuak dira erregio-mailako estrategien betearazpenean eta erregio-mailako lehentasunen betetze-mailan lortutako aurrerapenak; halaber, azterketa horien emaitzak zabal hedatzea;

99. Herrialdeen artean informazio- eta esperientzia-trukaketa sustatzea, Adierazpen honetan jasotako neurrien aplikazioari eta konpromisoak betetzeari dagokienez, eta, bereziki, hegoalde-hegoalde lankidetza zabalagoa eta hiru aldeko lankidetza areagotua erraztea;

Mundu-mailan

100. Biltzar Orokorraren urteko bileren aldian, behar besteko denbora hartzea, gutxienez ere egun oso bat, Idazkari Nagusiaren txostena aztertu eta eztabaidatzeko; Adierazpen honetan jasotako konpromisoak betetzea izango du xede txosten horrek eta bertan zehaztuko dira konpromiso horien betetze aldera zein aurrerapen gertatu diren eta horren ondorioz zehaztuko dira jada dauden arazo eta mugak eta, aldi berean, gomendioak egingo dira, aurrera joateko beharrezko diren neurriei buruz;

101. GIB/HIESari lotutako gaiak barneratzea Nazio Batuen kasuan kasuko konferentzia eta bilera guztietako programetan;

102. Konferentziak, mintegiak, ikastaroak eta programak eta gaikuntza-ikastaroak antolatzera bideratutako ekimenak babestea, halakoak direnean Adierazpen honetan planteatutako gaiak aztertzeko, eta, testuinguru honetan, sustatzea honako hauetan parte hartzea: HIESaren infekzioaren aurkako tratamendua eskuratzeari buruz Dakarren egingo den Konferentzian; Asian eta Pazifikoan HIESari buruzko Nazioarteko Seigarren Kongresuan; Afrikan HIESa eta sexu bidezko infekzioari buruzko XII. Nazioarteko Konferentzian; HIESari buruzko XIV. Nazioarteko Konferentzian, Bartzelonan (Espainian); GIB/HIESa duten pertsonei buruzko Hamargarren Nazioarteko Konferentzian, Puerto Españan; GIB/HIESari eta sexu bidezko infekzioei buruzko Bigarren Foroan eta Latinoamerika eta Karibeko lankidetza tekniko eta horizontalaren Hirugarren Konferentzian, La Habanan, GIB/HIESa duten pertsonei buruzko Bosgarren Konferentzian, Changmainen (Tailandian), bereziki, pertsona horiek euren etxeetan eta erkidegoan zaintzeari buruz; halaber, jarduera horien emaitzak zabal hedatzea;

103. Oinarrizko sendagaiak ekitatearen arabera eskuragarriago izan daitezen, sistema batzuk ezarri eta abian jartzeko bideragarritasuna aztertzea, gobernuz kanpoko erakundeen eta beste interesdunen lankidetzarekin, zertarako eta, sistema horien bitartez sendagaien prezioak mundu osoan ikusi eta ezagutarazteko, horretarako betebeharrik egon ez arren;

Gure esker ona adierazten diegu GIB/HIESaren aurkako borrokan aurre-aurrean egon direnei, epidemiaren kontzientzia hartzeko eta horrek dakarren erronka korapilatsuei aurre egiteko;

Itxaropena dugu gobernuek euren gain hartuko dutela ekimena aurrera eramatea eta jarduera adostuak zabalduko direla, jarraikoen parte hartze oso eta aktiboa tartean dagoela, hala nola, Nazio Batuak, alde anitzeko sistema, gizarte zibila, enpresa-arloa eta sektore pribatua;

Azkenez ere, herrialde guztiei eskatzen diegu, har ditzatela beharrezko neurriak Adierazpen hau aplikatzeko, aintzat hartuta alde anitzeko eta bitariko kideen eta gizarte zibilaren elkarlana eta lankidetza zabala.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra