Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Giza Eskubideak sustatzea eta babestea

Giza Eskubideak sustatzeko eta babesteko nazio-erakundeak. Biltzar Orokorraren 48/134 Ebazpena, 1993. urteko abenduaren 20koa

1993-12-20

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Orokorra

Giza Eskubideak sustatzeko eta babesteko nazio-erakundeak

Biltzar Orokorraren 48/134 Ebazpena, 1993. urteko abenduaren 20koa

Biltzar Orokorrak,

Gogoratuz giza eskubideak sustatzeko eta babesteko nazio-erakundeei buruzko ebazpen egokiak, batik bat, 41/129 ebazpena, 1986. urteko abenduaren 4koa, 46/124, 1991. urteko abenduaren 17koa, eta Giza Eskubideen Batzordearen 1987/40, 1987. urteko martxoaren 10ekoa (1); 1988/72, 1988. urteko martxoaren 10ekoa (2); 1982/52, 1989. urteko martxoaren 7koa (3); 1990/73, 1990. urteko martxoaren 7koa (4); 1991/27, 1991. urteko martxoaren 5ekoa (5) eta 1992/54, 1992. urteko martxoaren 3koa (6); eta aintzat hartuta Batzordearen 1993/55 ebazpena, 1993. urteko martxoaren 9koa (7),

____________

(1) Ikus Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren agiri ofizialak, 1987, 5 zenbakidun Gehigarria eta zuzenketak (E/1987/18 eta hurrengoak. 1 eta 2), II. kapitulua, A atala.

(2) Ikus, 1988, 2 zenbakidun Gehigarria eta zuzenketa (E/1988/12 eta 1. zuz.), II. kapitulua, A atala.

(3) Ikus, 1989, 2 zenbakidun Gehigarria (E/1989/20), II. kap., A atala.

(4) Ikus, 1990, 2 zenbakidun Gehigarria eta zuzenketa (E/1990/22 eta 1. zuz.), II. kap., A atala.

(5) Ikus, 1991, 2 zenbakidun Gehigarria (E/1991/22), II. kap., A atala.

(6) Ikus, 1992, 2 zenbakidun Gehigarria (E/1992/22), II. kap., A atala.

(7) Ikus, 1993, 3 zenbakidun Gehigarria (E/1993/23), II. kap., A atala.

Azpimarratuz Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak (8), giza eskubideen nazioarteko Itunek (9), eta nazioarteko beste instrumentuek duten garrantzia, giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen errespetua eta betetzea sustatzeko,

Baieztatuz konponbide egokiak nazio-mailan egiteari eman behar zaiola lehentasuna, giza eskubideen esparruan nazioarteko arauak egoki aplikatzen direla bermatzeko,

Sinetsita erakunde horiek zeregin pisutsua bete dezaketela nazio-mailan, giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak sustatzeari eta babesteari dagokienez, eta, oro har, jendeari eskubide eta askatasun horien kontzientzia sortzeko eta indartzeko,

Gogoratuz Nazio Batuek bete dezaketen eginkizun eragilea, nazio-erakundeak ezartzeko, informazioa eta esperientzia trukatzeko gunea diren heinean,

Kontuan harturik horren inguruan giza eskubideak sustatzeari eta babesteari buruzko nazio-erakundeen zein tokikoen egitura eta jardueren jarraibideak, hain zuzen ere, Biltzar Orokorrak, 1978. urteko abenduaren 14an, 33/46 ebazpenean bere egin zituenak,

Begi onez ikusirik nazio-erakundeak sortu eta indartzeko mundu osoan handituz doan interesa, hori adierazi zela ondorengo bileretan, alegia, 1992. urteko azaroaren 2tik 6ra arte Tunisian egin zen Giza Eskubideen Munduko Konferentziaren Afrikarako Erregio-mailako Bileran, 1993. urteko urtarrilaren 22an San Josen egin zen Latinoamerika eta Kariberako Erregio-mailako Bileran, 1993. urteko martxoaren 29tik apirilaren 2ra Bangkoken egin zen Asiarako Erregio-mailako Bileran, 1992. urteko irailaren 30etik urriaren 2ra Ottawan, giza eskubideen nazio-erakundeei buruz egin zen Commonwealth delakoaren Mintegian, eta 1993. urteko urtarrilaren 26tik 28ra Yakartan, giza eskubideen arazoei buruz egin zen Asia eta Pazifikorako Erregio-mailako Mintegian; izan ere, interes berbera erakutsi dute berrikitan estatu kide batzuen erabakiek, giza eskubideak sustatu eta babesteko nazio-erakundeak ezartzeko,

Kontuan izanik Vienako Adierazpen eta Egintza Programa (10), hor berretsi baitzuen Giza Eskubideen Munduko Konferentziak nazio-erakundeek betetzen duten zeregin garrantzitsu eta eraikitzailea, giza eskubideak sustatzeko eta babesteko, batik bat, agintaritza eskudunei aholkua emateko duten gaitasunari dagokionez eta euren zereginari dagokionez, giza eskubideen urraketak konpontzeko eta giza eskubideei buruzko informazioa zabaltzeko eta horien inguruko hezkuntza gauzatzeko,

____________

8/ 217 A (III) Ebazpena.

9/ 2200 A(XXI) Ebazpenaren eranskina.

10/ A/KONF.157/24 (I zat.), III. kap.

Ikusirik munduan zehar erabiltzen diren hainbat irizpide, nazio-mailan giza eskubideak sustatzeko eta babesteko; azpimarratuz giza eskubideen unibertsaltasuna, zatiezintasuna eta horien arteko lotura eta nabarituz eta aitortuz irizpide horien balioa, giza eskubide eta oinarrizko askatasunen errespetu unibertsala eta eragina sustatzeko,

1.Gogoan hartzen du idazkari nagusiaren txosten gaurkotua 11/, Biltzar Orokorrak, 1191. urteko abenduaren 17an, 46/124 Ebazpenaren arabera egindakoa;

2.Berresten du giza eskubideak sustatzeko eta babesteko, nazio-legeriarekin bat etorriz, nazio-erakunde eraginkorrak ezartzeak duen garrantzia, eta, orobat, horien ordezkarien aniztasuna eta independentzia gordetzeak duena;

3.Bultzatzen ditu estatu kideak ezar ditzaten giza eskubideak sustatu eta babesteko nazio-erakundeak, edota halakoak daudenean horiek indartzeko, eta kontuan har ditzaten osagai horiek garapenerako plan nazionaletan;

4.Bultzatzen ditu estatu kideak giza eskubideak sustatzeko eta babesteko ezarritako nazio-erakundeek Vienako Adierazpenean eta Egintza Programan eta gainerako nazioarteko instrumentuetan adierazitako giza eskubideen urraketa guztiak galarazi eta eragotzi ditzaten;

5.Eskatzen dio Idazkaritzaren Giza Eskubideen Zentroari jarrai dezala ahaleginak egiten Nazio Batuen eta nazio-erakundeen arteko lankidetza indartzeko, batez ere, aholkularitza-zerbitzuei, laguntza teknikoari, informazio publikoari eta hezkuntzari dagokienez, baita Giza Eskubideei buruzko Informazio publikoaren Munduko Kanpainaren barruan ere;

6.Eskatzen dio, halaber, Giza Eskubideen Zentroari, berak ezar ditzala, estatu interesdunek hala eskatuta, giza eskubideen arloko Nazio Batuen dokumentazio- eta gaikuntza-zentroak, eta halakoak egin ditzala baliabideak erabiltzeko ezarrita dauden jardunbideak oinarri hartuta; baliabide horiek izango dira, izan ere, Giza Eskubideen esparruan aholkularitza-zerbitzuak eta laguntza teknikoa emateko Borondatezko Kontribuzioen arloko Nazio Batuen Fondoak erabilgarri dituen baliabideak,

7.Eskatzen dio idazkari nagusiari eman dezala aldeko erantzuna nazio-erakundeak ezartzeko eta indartzeko, estatu kideek egin ditzaketen laguntza-eskabideei, zertarako eta giza eskubideak sutatzeko eta babesteko; eta hori guztiori giza eskubideen esparruko aholkularitza-zerbitzuen eta lankidetza teknikoaren programaren zatia izan dadin; orobat, giza eskubideen esparruko dokumentazio eta gaikuntzarako nazio-erakundeak ezartzeko eta indartzeko,

____________

11/ A/48/340.

8.Bultzatzen ditu estatu kide guztiak har ditzaten neurri egokiak, informazio- eta esperientzia-trukaketa sustatzeko, nazio-erakunde horiek nola ezarri eta horien jardunbide eraginkorra nola gauzatu behar den gaiaren inguruan;

9.Baieztatzen du nazio-erakundeei dagokien zeregina, giza eskubideei buruzko materialak hedatzeko eta informazio publikoaren beste jarduera batzuetarako erakundeak diren heinean, jarduera horiek Nazio Batuen babespean egin eta antolatzen direnean;

10.Atsegin handiz hartu du, Tunisian, 1993. urteko abenduan, Giza Eskubideen Zentroaren menpe egindako bilera osagarriaren antolaketa, bereziki, nazio-erakundeen lankidetzari eta indartzeari begira, laguntza teknikoa sustatzeko baliabide eta bitartekoak aztertzeko asmoz, eta nazio-erakundeen arazoaren inguruan, alderdi guztiak aztertzen jarraitzeko asmoz;

11.Atsegin handiz hartzen du, halaber, nazio-erakundeen estatutuari buruzko Printzipioak, ebazpen honen eranskinean adierazten direnak;

12.

Bultzatzen du nazio-erakundeak ezartzea eta indartzea, printzipio horiek aintzat hartuta eta aitortuta estatu guztiek dutela eskubidea nazio-mailan euren betebehar bereziei egokien zaien esparrua aukeratzeko,

13.Eskatzen dio, berebat, idazkari nagusiari informazioa eman diezaiola Biltzar Orokorrari, berrogeita hamargarren bilkura-aldian, ebazpen honen aplikazioari buruz.

85. osoko bilkura

1993ko abenduaren 20an

ERANSKINA

Nazio-erakundeen estatutuari buruzko Printzipioak

Eskuduntza eta eskumenak

1. Giza eskubideak sustatzeko eta babesteko arloan, nazio-erakundea izango da eskuduna.

2.Nazio-erakundearen mandatua ahalik eta zabalena izango da, testu konstituzional eta legegile batean adieraziko da eta bertan jasoko da bere osaera eta eskuduntza-esparrua.

3.Nazio-erakundeak, besteak beste, ondorengo eskumenak izango ditu:

a) Gobernuari, parlamentuari eta beste edozein organo egokiri, agintaritza interesdunek hala eskatuta edo ofizioz jarduteko ahalmena erabilita, giza eskubideak sustatze eta babesteari buruzko alderdi guztien gaineko iritziak, gomendioak, proposamenak eta txostenak aurkeztea, aholku-emaile izaeraz; nazio-erakundeak erabakiko du horiek publiko egitea; iritziak, gomendioak, proposamenak eta txostenak, eta nazio-erakundearen edozein eskumen ondorengo arloetara zabalduko dira:

i) Legegintza- eta administrazio-izaerako xedapen guztiak, eta antolakuntza judizialari buruzkoak, giza eskubideen babesa gordetzera eta hedatzera bideratutakoak; horren inguruan, nazio-erakundeak aztertuko ditu legeria eta indarrean dauden administrazio-testuak, eta baita lege-proiektuak eta -proposamenak ere, eta giza eskubideen arloan oinarrizko printzipioak bermatzeko egoki irizten zaizkion gomendioak egingo ditu; beharrezkoa denean, nazio-erakundeak gomendatuko du, orobat, legeria berria onestea, indarrean dagoen legeria eraldatzea eta administrazio-neurriak onartzea edo eraldatzea;

ii) Giza eskubideen urraketa-egoera oro, ofizioz horren jakitun izatea erabakitzen badu;

iii) Giza eskubideen arloan orokorrean edo beste arazo bereziagoaren gainean, egoera nazionalari buruzko txostenak egitea;

iv) Gobernuari ohartaraztea herrialde osoan egon daitezkeen giza eskubideen urraketa-egoerak, egoera horiek bukatzera bideratutako neurriak proposatzea eta, hala denean, iritzi bat ematea egoerari buruz eta horren aurrean, gobernuak izan duen erantzunari buruz;

b) Legeria, erregelamenduak eta eginera nazionalak, estatua giza eskubideen zein nazioarteko instrumenturen alderdi izan eta aurreko xedapen horiek, nazio-mailakoak zein nazioartekoak bateratzeko ahaleginak sustatzea eta hori ziurtatzea, euren aplikazioa eraginkorra izan dadin,

c) Instrumentu horien berrespena  edota horiekiko atxikimendua bultzatzea eta horien aplikazioa ziurtatzea;

d) Estatuek Nazio Batuen organoei eta batzordeei, eta erregio-mailako erakundeei aurkeztu beharreko txostenak egiten parte hartzea, itunek ezarritako betebeharrak betetzeko eta, hala denean, horren inguruan iritzi bat ematea, betiere nazio-mailako erakundeari zor zaion independentziaren errespetuaren barrunbean;

e) Nazio Batuekin eta Nazio Batuen sistemaren gainerako erakundeekin, erregio-mailako erakundeekin eta giza eskubideak sustatzeko eta babesteko esparruetan eskumena duten beste herrietako erakundeekin lankidetzan aritzea;

f) Giza eskubideen esparruan, hezkuntzari eta ikerketari buruzko programak egiten elkarrekin lan egitea eta eskola-, unibertsitate- eta lanbide-arloetan hori aplikatzen parte hartzea;

g) Giza eskubideak eta bereizkeria forma guztien aurkako borroka gizarteratzea, batik bat, arraza-bereizkeria eta iritzi publikoa girotzea, gehienbat, informazio eta irakaskuntzaren bitartez, eta horretarako komunikabide guztiak erabiltzea.

Nazio-erakundeen osaera eta euren independentzia eta aniztasunaren bermeak

1.Nazio-erakundea osatzeko eta horren kideak hautaketa bidez zein beste modu batez izendatzeko prozedurak beharrezko berme guztiak eskaini behar ditu, giza eskubideak sustatzeko eta babesteko interesa duten indar sozialen (gizarte zibilaren) ordezkaritzaren aniztasuna ziurtatzeko; indar horiek interesaturik daude giza eskubideen sustapen eta babesean, batik bat, ahalmen batzuen bidez, horiek ahalbidetzen dutela jarraikoen ordezkarien lankidetza eraginkorra edota partaidetza:

a) Giza eskubideen esparruan eta arraza-bereizkeriaren aurkako borrokan gobernuz kanpoko erakunde eskudunak, sindikatuak, erakunde sozioprofesional interesdunak, batez ere, juristak, medikuak, kazetariak eta zientifiko ospetsuak;

b) Pentsamolde filosofiko eta erlijioso desberdinak,

c) Unibertsitateko irakasleak eta sona handiko adituak;

d) Parlamentua;

e) Administrazioak (horiek sartuz gero, ordezkariek eztabaidetan bakar-bakarrik aholku-emaile gisa parte hartuko dute);

2.Nazio-erakundeak azpiegitura egokia eta funts nahikoak izango ditu, bere eginkizunak ondo bete ahal ditzan.Funts horiek gehienbat langileak eta lokal propioak lortzera bideratuko dira, erakundea gobernuarekiko autonomoa izan dadin eta bere independentzia ukitzen duen finantza-kontrol bati lotuta egon ez dadin.

3.Nazio-erakundearen kideen mandatuaren egonkortasunari begira, hori gabe benetako independentziarik ez baitago, kideak ekitaldi ofizialean izendatuko dira, eta bertan zehaztuko da kideen agintaldiaren iraupena.Agintaldi hori luzatu ahal izango da, betiere osaeraren aniztasuna bermatuta badago.

Jardunbide-moduak

Nazio-erakundearen egitekoak dira, bere jardueraren esparruan:

a) Bere eskuduntza-esparruari dagozkion arazo guztiak, gobernuaren eraginpean daudenak zein bere eskumenen arabera ezagutu nahi dituztenak, askatasunez aztertzea, kideek edo edozein eskatzailek hala eskatuta,

b) Lekukotza guztiak jasotzea eta bere eskuduntza-esparruan barneratutako egoeren azterketarako beharrezko informazio eta agiriak eskuratzea;

c) Iritzi publikoari zuzentzea, zuzenean nahiz komunikabide-organo guztien bidez, batez ere, bere iritziak eta gomendioak jakinarazteko;

d) Kide guztiak erregulartasunez biltzea, edota halakoa beharrezkoa den bakoitzean, eta horretarako deialdiak behar bezala egitea;

e) Lan-taldeak ezartzea, halakoa beharrezkoa den bakoitzean, eta baita tokiko nahiz erregio-mailako atalak ere, bere eginkizunen jarduna errazteko;

f) Giza eskubideak sustatzeko eta babesteko ardura duten gainerako organoekin, horiek jurisdikzio izaerakoak izan ala ez, koordinaziopean aritzea (bereziki, arartekoa, bitartekaria edota antzeko erakundeak);

g) Gobernuz kanpoko erakundeekin harremanak ezartzea, horien ardura denean giza eskubideak sustatzea eta babestea, ekonomia eta gizartea garatzea, arrazakeriaren aurkako borroka, bereziki ahulak diren taldeak babestea (batez ere, haurrak, langile migratzaileak, errefuxiatuak, desgaitasun fisikoak eta mentalak dituzten pertsonak), eta beste arlo berezi batzuk, kontuan hartuta erakunde horiek duten zeregin garrantzitsua, nazio-erakundeen eragina hedatzearen aldetik.

Kuasijurisdikzio-eskuduntza duten batzordeen estatutuari buruzko printzipio osagarriak

Nazio-erakundeak ahalmena izango du egoera partikularrei buruzko salaketak eta demandak jaso eta aztertzeko.Beregana jo dezakete partikularrek, horien ordezkariek, hirugarrenek, gobernuz kanpoko erakundeek, elkarte eta sindikatuek eta beste edozein ordezkaritza-erakundek.Kasu horretan, aurretiaz aipatu eta batzordeen eskuduntzen barruan dauden beste gai batzuei buruzko printzipioei kalterik egin gabe, nazio-erakundeari ematen zaizkion eginkizunak ondorengo printzipioetan oinarri daitezke:

a) Lagunarteko irtenbidea aurkitzen saiatzea, adiskidetzearen bitartez edota, legeak ezarritako mugen barruan, nahitaezko erabakien bitartez edo, hala denean, beharrezkoa bada, isilpeko prozedura baten bitartez;

b) Demanda-jartzaileari jakinaraztea bere eskubideak zein diren; batez ere, eskura dituen helegiteak, eta helegite horietarako bidea erraztea;

c) Salaketa edo demanda guztien berri jakitea edo horiek beste edozein agintaritza-eskuduni igortzea, betiere legeak ezarritako mugak kontuan hartuta;

d) Agintaritza eskudunei gomendioak egitea, batez ere, legeak, erregelamenduak eta administrazio-eginerak onartzeko edo eraldatzeko, noiz eta, horiek eragozpen-iturriak direnean, demanda-jartzaileek euren eskubideak baliatu ahal izateko.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra