Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Gizarte-ongizatea, -aurrerabidea eta -garapena

Gizarte mailan Aurreratze eta Garatze bideari buruzko Adierazpena

1969-12-11

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Orokorra

Gizarte mailan Aurreratze eta Garatze bideari buruzko Adierazpena

Biltzar Orokorrak aldarrikatua, 1969ko abenduaren 11ko 2542 (XXIV) ebazpenean

Biltzar Orokorrak,

Aintzat hartuta, Nazio Batuen kideek konpromisoa dutela, Gutunaren bitartez, neurriak hartzeko, batera nahiz bananduta, erakundearekin lankidetzan, bizitza-maila handiagoa, denentzako lan iraunkorra eta oro har, aurrerabide-baldintzak eta gizarte- eta ekonomia-garapena sustatzeko,

Berretsiz gure fedea Gutunak aldarrikatutako giza eskubide eta oinarrizko askatasunetan eta gizakien bake-, duintasun- eta balio-printzipioetan, eta gizarte justizian,

Gogoratuz halako printzipioak, besteak beste, jarraiko testuetan barneratzen direnak: Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, Giza Eskubideen Nazioarteko Itunak, Haurren Eskubideen buruzko Adierazpena, Herrialde eta Herri kolonialei independentzia emateari buruzko Adierazpena, Arraza-bereizkeria mota guztiak ezabatzeari buruzko Konbentzioa, Arraza-bereizkeria mota guztiak ezabatzeari buruzko Nazio Batuen Adierazpena, Gazteen artean bakea, elkarrekiko errespetua eta herrien arteko ulermena sustatzeari buruzko Adierazpena, Emakumearen aurkako bereizkeria-mota guztiak ezabatzeari buruzko Adierazpena eta Nazio Batuen ebazpenak,

Aintzat hartuta Lanaren Nazioarteko Erakundeak, Nekazaritza eta Elikadurarako Nazio Batuen Erakundeak, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak, Osasunaren Mundu Erakundeak, Haurrentzako Nazio Batuen Funtsak eta beste erakunde interesdunek euren konstituzio, konbentzio, gomendio eta ebazpenetan aipatu gizarte-aurrerabide arauak,

Sinetsita gizakiak bere asmoak bakar-bakarrik gizartearen ordena zuzen batean aseko dituela, eta, ondorioz, garrantzia handikoa dela gizarteak eta ekonomiak mundu osoan aurrera egiteko prozesua bizkortzea eta horrela nazioarteko bakea eta elkartasuna lortzen laguntzea,

Sinetsita, batetik, nazioarteko bakea eta segurtasuna eta bestetik, gizarte-aurrerabidea eta garapen ekonomikoa elkarren mendekoak direla eta elkarrekiko eragina dutela,

Jabeturik gizartearen garapena bakezko bizikidetzaren bitartez, adiskidetasun-harremanen bitartez eta estatuek gizarte-sistema eta sistema ekonomiko eta politiko desberdinekin duten lankidetzaren bitartez bultza daitekeela,

Azpimarratuz garapen ekonomikoaren eta gizarte-garapenaren arteko menpekotasuna, hazkunde- eta aldaketa-prozesu zabalenean, eta fase guztietan gizarte-gaiak kontuan dituen garapen orokor baterako estrategiaren garrantzia,

Deitoratuz, estatuen eta nazioarteko erkidegoaren ahaleginak gorabehera, munduan gizarte-egoerak lortu dituzten aurrerabide urriak,

Aitortuz garapen-bidean dauden herrien garapenaren erantzukizuna oinarrian herriei eurei dagokiela eta, berebat, aitortuz behar-beharrezkoa dela murriztea eta kasuan-kasuan ezabatzea ekonomiaren ikuspuntutik herri aurreratuagoen eta garapen-bidean dauden herrien arteko bizitza-mailaren desberdintasunak, eta, oro har, estatu kideen erantzukizuna dela gizartearen garapena sustatzea mundu osoan, eta, bereziki, garapen-bidean dauden herriei laguntzea eta horien hazkunde ekonomikoa bizkortzea,

Aitortuz premiazkoa dela armetarako erabiltzen diren baliabideak eta gatazketan eta hondamenetan xahutzen diren baliabideak gizartearen bakerako eta aurrerabiderako obrak egiteko erabiltzea,

Jakitun izanik zientziak eta teknologiak zer ekar diezaioketen gizateriari, giza beharrizan erkideak asetzeko,

Uste izanik estatu guztien eta nazioarteko erakunde guztien ezinbesteko zeregina dela gizartearen aurrerabidea oztopatzen duten gaitzak eta trabak ezabatzea euren bizitzatik, batik bat, desberdintasuna, esplotazioa, gerra, kolonialismoa eta arrazakeria moduko gaitzak,

Asmoa izanik gizateria ororen aurrerabidea xede horietara bultzatzeko eta hori gauzatzeko kontrako oztopo guztiak gainditzeko,

Gizarte mailan Aurreratze eta Garatze bideari buruzko Adierazpen hau ospe handiz aldarrikatzen du eta gonbitea luzatzen du har ditzaten neurriak, nazio- nahiz nazioarte-mailan, adierazpen hau izan dadin gizartearen garapenerako politiken oinarri erkidea:

I. ZATIA: PRINTZIPIOAK

1. artikulua

Herri guztiek eta gizaki guztiek dute eskubidea duintasunez bizitzeko eta gizarte-aurrerabidearen emaitzekin gozatzeko, arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, naziotasuna, jatorri etnikoa, familia- edo gizarte-egoera, iritzi politiko edo bestelakoengatik inolako bereizketarik egin gabe. Eurek, halaber, garapen hori lortzen lagundu beharko dute.

2. artikulua

Gizarte-aurrerabidea eta gizarte mailako garapena gizakiaren duintasun eta balioaren errespetuan oinarritzen dira, eta bi-biek ziurtatu behar dute giza eskubideak eta justizia soziala bultzatzea. Horretarako beharrezkoa da:

a) Berehala eta behin betiko ezabatzea herrien eta norbanakoen arteko desberdintasun- eta esplotazio-forma guztiak, kolonialismo- eta arrazakeria-formak, nazismoa eta apartheida barne, eta oro har, Nazio Batuen printzipio eta asmoen kontrako politika eta ideologia oro;

b) Eskubide zibil eta politikoak, eta eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak aitortzea eta horiek, modu eragilean, aplikatzea, inolako bereizkeriarik gabe.

3. artikulua

Gizarte mailan aurreratze- eta garatze-bidearen oinarrizko baldintzak dira:

a) Nazio-independentzia, herrialde guztiek determinazio askerako duten eskubidean oinarritzen dena.

b) Estatuen barruko gaietan eskua ez sartzeko printzipioa.

c) Estatuen subiranotasunari eta lurraldeen osotasunari errespetua.

d) Nazio bakoitzaren subiranotasun iraunkorra, natura-ondasunen eta -baliabideen gainean.

e) Estatu bakoitzaren eta, eurei dagokienean ere, nazio eta herri bakoitzaren eskubidea eta erantzukizuna euren helburuak askatasunez zehazteko, eta gizarte-garapenari begira, euren lehentasunak finkatzeko eta horiek lortzeko baliabide eta metodoak aukeratzeko, Nazio Batuen Gutunarekin bat etorriz, eta kanpotik inork eskua sartu gabe;

f) Bizikidetza baketsua, bakea, adiskidetasun-harremanak eta estatuen arteko lankidetza, euren sistema sozial, ekonomiko edo politikoen arteko desberdintasunak edozein izanik ere.

4. artikulua

Familia da gizartearen oinarrizko unitatea eta baliabide naturala, familiako kide guztiak egoki molda eta ongi izan daitezen, gehienbat haurrak eta nerabeak; hartara, familiari laguntza eman behar zaio eta, erabat, babestu egin behar da, bete-betean har ditzan erkidegoan dituen erantzukizunak.Gurasoei dagokie bakar-bakarrik askatasunez eta ardura osoz zehaztea zenbat seme-alaba izan eta noiz izan halakoak.

5. artikulua

Gizarte mailan aurreratze- eta garatze-bideek eskatzen dute giza baliabideak bete-betean erabiltzea; horrek bereziki dakartza:

a) Jende adituaren iritzian ekimen sortzaileak suspertzea;

b) Nazio zein nazioarteko izaeradun informazioa hedatzea, norbanakoak konturatu daitezen gizartean orokorrean gertatzen diren aldaketez;

c) Gizarteko lagun guztien parte-hartzea, banaka nahiz elkarteen bidez, garatze-bidearen helburu erkideak zehazteko eta gauzatzeko, betiere Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean emandako oinarrizko askatasunei zor zaien errespetua kontuan izanda;

d) Biztanleriaren alderdi ahulenei edo baztertuta daudenei bermatzea aukera berberak, gizarteak eta ekonomiak aurrera egin dezaten, benetako gizarteratzea lortzeko.

6. artikulua

Gizarte-garapenak eskatzen du pertsona orori bermatzea lan egiteko eskubidea eta enplegua askatasunez aukeratzeko eskubidea.

Gizarte mailan aurreratze- eta garatze-bideak burutzeko ezinbestekoa da gizaki guztiek lan emankorra eta gizarteari begira onuragarria izatea, eta horretan parte hartzea, eta giza eskubide eta oinarrizko askatasunekin bat etorriz, eta justiziaren printzipioekin eta jabetzaren funtzio sozialarekin bat etorriz, lurrak banatzeko beste era batzuk ezartzea eta ekoizteko beste baliabide batzuk erabiltzea, modu berri horiek gizakia esplotatzeko edozein forma bazter dezaten, denentzako jabetza-eskubide bera berma dezaten eta gizakien artean sor ditzaten benetako berdintasuna lortzeko baldintzak.

7. artikulua

Nazio batean, diru-sarrerak eta aberastasuna azkar igotzea eta aberastasun hori modu zuzenean gizakien artean banatzea dira gizarte-aurrerabide ororen oinarri; hainbatez, horiek izan behar dira kezka nagusiak estatu eta gobernu guztientzat.

Garapen-bidean dauden herrien nazioarteko merkataritza hobetzea, besteak beste, elkarren arteko harreman onuradunen bidez, eta herri horiei euren produktuak saltzea ahalbidetzen duten prezio zuzen eta ordaintzaileen bidez, behar-beharrezkoa da nazio bakoitzaren diru-sarrerak igotzeko eta gizarte-garapena sustatzeko.

8. artikulua

Gobernu bakoitzarentzat lehentasunezko zereginak eta erantzukizun garrantzitsuenak dira, besteak beste, gizarte-aurrerabidea eta biztanleriaren ongizatea ziurtatzea, gizartearen garapenerako neurrien plangintza egitea garapenerako plan orokorren barruan; helburu horretarako nazio-ahalegin guztiak suspertzea, koordinatzea edo lekukotzea eta, oro har, gizarte-egituran beharrezko aldaketak egitea.Gizartearen garapenerako neurrien plangintzan kontuan hartu behar dira nahitaez herri bakoitzean, garapen-bidean dauden guneen eta garatuta dauden guneen beharrizanen aniztasuna, eta baita hirigunetakoak nahiz nekazaritza-guneetakoak.

9. artikulua

Aurreratze- eta garatze-bideek interes orokorra dute nazioarteko erkidegoarentzat; erkidego horrek, hain zuzen ere, nazioarteko egintza adostu baten bidez, osatu behar ditu nazio-mailan hasitako ahalegin guztiak biztanleriaren bizitza-maila igotzeko.

Gizarte-aurrerabide eta hazkunde ekonomikoak eskatzen dute nazio guztiek aitor dezatela interes erkidea ingurunearen eremuak, dela lurretik haratagoko espazioa, dela itsas hondoa edo ozeano-hondoa edota horren lur azpikoa, nazio-jurisdikzioaren mugak baino haratago doana esploratzeko, zaintzeko, erabiltzeko eta ustiatzeko; eta hori guztiori soil-soilean helburu baketsuekin eta gizaki guztien mesederako, Nazio Batuen Gutunaren asmoekin eta printzipioekin bat etorriz.

II. ZATIA:HELBURUAK

Gizarte mailan aurreratze- eta garatze-bideak beti bideratu behar dira gizaki guztien bizitza materiala nahiz espiritualaren maila igotzera, jarraian aipatuko diren helburu nagusien bidez, betiere giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak eta horien betetzea kontuan izanda.

10. artikulua

a) Maila guztietan lan egiteko eskubidea bermatzea eta sindikatuak eta langile-elkarteak eratzeko eta modu kolektiboan negoziatzeko eskubidea bermatzea; enplegu osoa eta emankorra sustatzea, langabezia eta azpienplegu ezabatzea eta, oro har, lan-baldintza zuzenak eta guztientzat mesedegarriak ezartzea, baita osasuna eta lanerako segurtasun-baldintzak hobetzen dituztenak ere; egindako lanagatik ordainsari zuzena jasotzea, inolako bereizkeriarik gabe eta gutxiengo soldata nahikoa ezartzea bizi-baldintza egokiak ziurtatzeko; kontsumitzailea babestea;

b) Gosea eta elikatzeko modu okerrak ezabatzea eta elikadura egokia izateko eskubidea bermatzea;

c) Txirotasuna ezabatzea; bizitza-maila etengabe igotzea eta diru-sarrerak modu zuzenean eta ekitatearen arabera banatzea;

d) Osasunari dagokionez, osasun-maila gorenak lortzea eta biztanleria osoaren osasuna babesteko zerbitzuak ematea, ahal dela doanik;

e) Analfabetismoa ezabatzea eta guztien eskubidea bermatzea, guztiek izan ditzaten eskura kultura, derrigorrezko hezkuntza doakoa lehen mailan eta hezkuntza doakoa maila guztietan; eta bizitza osoan zehar hezkuntzaren maila orokorra igotzea;

f) Guztiei eta bereziki diru-sarrera txikikoei eta familia ugariei etxebizitzak eta zerbitzu erkide egokiak ematea.

Gizarte mailan aurreratze- eta garatze-bideak bideratu behar dira, era berean, ondorengo helburu nagusiak lortzera:

11. artikulua

a) Gaixotasun, baliaezintasun edo zahartzaroagatik, aldi baterako edo iraunkortasunez, bizimodurik atera ezin duten pertsonei gizarte-segurantza sistema zabalak eta gizarte-laguntza zerbitzuak ematera eta gizarte-zerbitzu eta gizarte-aseguruen sistemak ezartzera eta hobetzera, kontuan hartuta behar-beharrezkoa dela pertsona horien, euren familien eta euren menpekoen bizitza-maila bermatzea;

b) Amen eta haurren eskubideak babestea; haurren hezkuntza eta osasuna kontuan hartzea; emakumeen osasuna eta ongizatea babestera bideratutako neurriak hartzea, batik bat, lanean dauden emakume haurdunenak eta adin txikiko haurren amenak, eta familiaren beharrizanak betetzeko sarrera-iturri bakarra soldata izan eta hori irabazten duten amenak ere; emakumeari ematea haurdunaldiarengatik eta amatasunarengatik beharrezko lizentziak eta laguntzak,  lan egiteko eta soldata izateko eskubidea gordeta.

c) Haurren, zaharren eta ezinduen eskubideak babestea eta horien ongizatea bermatzea; eta gaixotasun fisiko edo buruko gaixotasunagatik ahulago diren pertsonak babestea;

d) Gazteak heztea justizia eta bakea, elkarrekiko errespetu eta herrien arteko ulermen moduko idealak kontuan hartuta, eta ideal horiek sustatzea euren artean; nazio-garapenaren prozesuan gazteen partaidetza bultzatzea;

e) Gizartea babesteko neurriak hartzea eta krimena eta delinkuentzia, batez ere, gazteen delinkuentzia ahalbidetzen dituzten baliabideak ezabatzea;

f) Oro har bermatzea gizaki orok, inolako bereizkeriarik gabe, ezagutuko dituela bere eskubide eta betebeharrak eta beharrezko laguntza jasoko duela bere eskubideak erabiltzeko eta babesteko.

Gizarte mailan aurreratze- eta garatze-bideak zuzendu behar dira, gainera, ondorengo helburu nagusiak lortzera:

12. artikulua

a) Beharrezko baldintzak sortzea gizarteak eta ekonomiak azkar eta etengabe aurrera egin dezaten, bereziki, garapen-bidean dauden herrietan; nazioarteko harreman ekonomikoak eraldatzea eta nazioarteko lankidetzarako metodo berriak eta onduak aplikatzea, tratu-berdintasuna izan dadin nazioen zein norbanakoen eskumena nazio bakoitzean;

b) Bereizkeria eta esplotazio modu guztiak eta gainerako praktikak eta ideologia guztiak ezabatzea, horiek Nazio Batuen Gutunaren asmoen eta printzipioen aurkakoak badira;

c) Atzerriko esplotazio ekonomiko modu guztiak ezabatzea, barne hartuta, bereziki, nazioarteko monopolioek egiten dituztenak, herri guztiek goza ditzaten bete-betean nazio-baliabideen onurak.

Gizarte mailan aurreratze- eta garatze-bideak zuzendu behar dira, azkenez, ondorengo helburu nagusiak lortzera:

13. artikulua

a) Herri garatuen eta garapen-bidean daudenen partaidetza, ekitatearen araberakoa, aurrerapen zientifiko eta teknologikoetan, etengabe areagotuz, zientzia eta teknologia erabiltzea gizartearen garapenaren mesedetan;

b) Aurrerapen zientifiko, teknologiko eta materialaren eta gizakien aurrerapen intelektual, espiritual, kultural eta moralaren artean neurriko oreka bilatzea;

c) Giza ingurumena babestea eta hobetzea.

III. ZATIA:BALIABIDEAK ETA METODOAK

Adierazpen honetan aipatu printzipioen arabera, gizarte mailan aurreratze- eta garatze-bideen helburuak lortzeko, premiazkoa da behar adinako baliabideak baliatzea, nazio eta nazioarteko egintzen bidez, eta, gehienbat, kontuan hartzea jarraian aipatuko diren baliabide eta metodoak:

14. artikulua

a) Gizarte mailan, aurreratze- eta garatze-bideen plangintza, garapen oso eta orekatuaren plangintzaren zati bat den heinean;

b) Sistema nazionalak ezartzea, halakoak behar direnean, gizarte-politikak eta -programak egiteko eta gauzatzeko, eta herri interesdunek sustatzea plangintza baten ondoren eskualdeko garapena, kontuan hartuta, betiere, eskualde bakoitzaren baldintza eta beharrizan desberdinak, batik bat, gainerako eskualdeekin alderatuta, gutxien garatu direnenak edota atzeratuta daudenenak;

c) Ikerketa soziala, soila edo aplikatua, sustatzea, eta gehienbat nazioarteko ikerketa konparatua, gizarte-garapenaren programen plangintza egiteko eta horiek gauzatzeko.

15. artikulua

a) Neurri egokiak hartzea, kasuan-kasuan gizaki guztiek parte har dezaten, modu eraginkorrean, planak eta programa nazionalak egiten eta gauzatzen gizarteak eta ekonomiak aurrera egin dezaten;

b) Neurriak hartzea herriaren partaidetza igotzeko herrien ekonomia-, gizarte-, kultura- eta politika-arloan, nazio-erakundeen bidez, gobernu edo gobernuz kanpoko erakundeen bidez, kooperatiba, nekazaritza-elkarte, langile-erakunde eta enplegu-emaile eta emakume- eta gazte-erakundeen bidez, besteak beste, gizarteak eta ekonomiak aurrera egiteko eta erkidegoa garatzeko plan nazionalak edo eskualdeko planen moduko baliabideak erabilita, betiere helburu zehatzak lortzeko, besteak beste, gizarteratze osoa, gizarte-mugikortasunaren prozesua azkartzea eta erregimen demokratikoa sendotzea.

c) Jendearen mugikortasuna, nazio-mailan zein nazioarteko mailan, gizarte mailan, aurreratze- eta garatze-bideen printzipio eta helburuen mesedetan;

d) Izaera soziala duen informazioa hedatzea, nazionala nahiz nazioartekoa izan, biztanleriak jakin ditzan gizartean orokorrean gertatzen ari diren aldaketak eta, oro har, kontsumitzailea hezteko.

16. artikulua

a) Baliabide nazionalak ahalik eta gehien mugitzea eta horiek zentzuz eta egoki erabiltzea; gizarte-, ekonomia- eta enplegu-arloetan inbertsio emankorrago eta azkarragoa sustatzea; gizartea bideratzea garapen-prozesura;

b) Garapenaren alderdi sozialak finantzatzeko beharrezko aurrekontu-baliabideak eta bestelakoak mailaz maila gehitzea;

c) Nazioaren diru-sarrerak ekitatearen arabera banatzea, besteak beste, zerga-sistema eta gastu publikoak erabilita tresna bezala, diru-sarrera horiek ekitatearen arabera banatzeko eta birbanatzeko, gizartearen aurrerakuntza sustatzeko asmoarekin;

d) Garapen-bidean dauden herrien kapital-irteera gerta ez dadin, neurriak hartzea, horiek ekonomia eta gizartearen garapenerako kaltegarriak badira.

17. artikulua

a) Industrializatze-prozesua azkartzeko neurriak hartzea biztanleria osoaren mesederako, batez ere, garapen-bidean dauden herrietan, kontuan hartuta euren alderdi soziala; azpiegitura juridiko eta instituzionala garatzea industria-arloan etengabeko eta askotariko hazkundea lortzeko; orobat, neurriak hartzea hiri-garapenak eta industrializazioak, automatizazioa barne, gizartean eragin ditzaketen kontrako ondorioak gainditzeko; halaber, oreka egokia mantentzea landa- eta hiri-garapenaren artean, eta, beren-beregi, gizakiaren lan-baldintzak onbideratzeko neurriak, gehienbat, industria-gune handietan;

b) Urbanizatzeak eta hiri-garapenak eragiten dituzten arazoei aurre egiteko erabateko plangintza;

c) Plan zabalak egitea nekazaritza sustatzeko eta horrela nekazarien bizitza-maila igotzeko eta hiri-landa harremanak erraztea eta biztanleria banatzea nazio-garapena eta gizarte-garapena orekatzeko moduan;

d) Ikuskatze egokia ezartzeko neurriak, erabil dezaten lurra gizartearen mesedetan.

Gizarte mailan, aurreratze- eta garatze-bideen helburuak lortzeak eskatzen du, era berean, ondorengo baliabide eta metodoak aplikatzea:

18. artikulua

a) Neurri egokiak, legegileak, administrazio-neurriak eta bestelakoak hartzea, guztiei eskubide politiko eta zibilak, eta ekonomia- gizarte- eta kultura-eskubideak bermatzeko;

b) Oinarri demokratikoa duten eraldaketa sozial eta instituzionalak sustatzea eta aldaketa eragitea, hori oinarrizkoa baita bereizkeria eta esplotazio modu guztiak ezabatzeko, eraldaketa horiek ekarriko dituzte ekonomia- eta gizarte-arloan garapen-tasak igotzea, baita nekazaritza-eraldaketan ere, besteak beste, horrexen bidez, lurraren jabetza eta erabilera baliagarriak izango dira justizia soziala eta garapen ekonomikoa lortzeko;

c) Nekazaritzarako ekoizpena sustatzeko eta ugaritzeko neurriak hartzea, batik bat, nekazaritza-eraldaketa demokratikoak aplikatuta, zertarako eta ziurtatzeko elikagaien hornikuntza egokia eta orekatua, horien banaketa zuzena biztanleria osoarentzat eta nutrizio mailak igotzea;

d) Neurriak hartzea etxebizitza merkeak eraikitzeko, gobernuaren laguntzarekin, nekazaritza- nahiz hiri-guneetan;

e) Garraiobide- eta komunikabide-sistemak garatzea eta hedatzea, batik bat, garapen-bidean dauden herrietan.

19. artikulua

a) Neurriak hartzea biztanleria osoari osasun-zerbitzuak doan emateko eta ziurtatzeko instalazio eta aurreneurrizko zerbitzu sendagarri eta egokiak eta gizarteari ongizatea ekarriko dioten mediku-zerbitzuak;

b) Neurri legegileak eta arau-emaileak ezartzea eta sustatzea, bideratuta daudenak gizarte-segurantza eta gizarte-zerbitzuen plan-sistema zabal bat praktikan jartzera eta dauden zerbitzuak hobetzera eta koordinatzera;

c) Neurriak hartzea eta ongizate-zerbitzuak ematea langile migratzaileei eta euren familiei, Lanaren Nazioarteko Erakundearen 97 zenbakidun Hitzarmenean xedatutakoarekin bat etorriz eta langile migratzaileei buruzko beste nazioarteko instrumentuekin ere bat etorriz;

d) Neurri egokiak ezartzea buruko gaixotasun edo gaixotasun fisiko batengatik ezinduta dauden pertsonak birgaitzeko, bereziki, haurrak eta gazteak, ahal dela izan daitezen gizartearentzat baliagarriak –neurri horien artean egon behar dira tratamenduak, protesiak eta beste aparatu teknikoak, heziketa-zerbitzuak, lanbide- eta gizarte-heziketa, prestakuntza eta lanpostu hautazkoa eta gainerako beharrezko laguntza eta ezinduak euren ezgaitasunengatik bereiziak izan ez daitezen gizarte-baldintzak sortzea.

20. artikulua

a) Sindikatuei askatasun demokratiko osoa ematea; langile guztientzat elkartzeko askatasuna, askatasun horretara biltzen dira lan-negoziazio kolektiborako eskubidea eta greba-eskubidea, eta beste langile-erakunde batzuk eratzeko eskubidea aitortzea; ekonomiak eta gizarteak aurrera egin dezaten sindikatuen ahalik eta partaidetza handiagoa bermatzea; sindikatuetako kide guztien partaidetza eraginkorra euren interesei dagozkien arazo ekonomiko eta sozialetan erabakiak hartzeko;

b) Langileen higiene- eta segurtasun-baldintzak hobetzea xedapen teknologiko eta legegile egokien bitartez eta neurri horiek aplikatzeko baldintza materialak bermatzea, eta baita lanorduak mugatzea ere.

c) Neurri egokiak onartzea lan-harremanak modu orekatu batean garatzeko.

21. artikulua

a) Nazioaren langileak eta taldeak, bereziki, administrazio-langileak, exekutiboak, profesionalak eta teknikoak behar bezala trebatzea gizartearen garapenerako eta garapen orokorraren plan eta politiketarako.

b) Neurriak hartzea hezkuntza orokorra, lanbide-heziketa eta heziketa teknikoa eta lanbide-berreziketa zabaltzeko eta hobetzeko; halaber, horiek doan eman beharko dira maila guztietan;

c) Hezkuntzaren maila orokorra igotzea; nazio-komunikabideak garatzea eta hedatzea eta horiek zentzuz eta zeharo erabiltzea biztanleria osoaren hezkuntza jarraitua bermatzeko eta gizarte-garapenaren jardueretan horien partaidetza sustatzea; aisialdia probetxugarria izatea, batez ere, haur eta nerabeena;

d) Politikak eta neurriak azaltzea, nazio zein nazioarteko mailan, ihesbide intelektuala saihesteko eta horren kontrako ondorioak konpontzeko.

22. artikulua

a) Familia, gizartearen oinarrizko unitatea den heinean, bere eginkizun nagusiak indartzera bideratutako politikak eta neurriak ezartzea eta koordinatzea;

b) Biztanleriari dagokionez, kasuan kasuko programak egitea eta ezartzea politika demografiko nazionalen arloan, gizarte-laguntzaren mediku-zerbitzuen zati bat bezala, barne hartuta hezkuntza, langile-heziketa eta familiei helaraztea beharrezko ezaupideak eta baliabideak, horiek euren eskubidea egikari dezaten, askatasunez eta erantzukizunez zehazteko, zenbat haur eta noiz izan behar dituzten horiek;

c) Haurtzaintza-zerbitzu egokiak sortzea lan egiten duten gurasoen eta horien seme-alaben mesederako.

Gizarte mailan, aurreratze- eta garatze-bideen helburuak lortzeak eskatzen du, azkenez, ondorengo baliabide eta metodoak aplikatzea:

23. artikulua

a) Garapen-bidean dauden herrien xede bezala, betiere garapenerako Nazio Batuen politikak aintzat hartuta, hazkunde ekonomikoaren tasak behar bezain altuak izatea, herri horien hazkundearen erritmoa nabari azkartzeko;

b) Laguntza gehiago ematea baldintza onuragarriagotan; laguntza horiei aplikatzea nazio-produktu gordinaren %1a, berori kalkulatzeko ekonomia arloan herri aurreratuen merkatuko prezioak kontuan hartuta; oro har, garapen-bidean dauden herriei maileguak emateko baldintzak askatzea, zehatz esateko, korritu-tasak jaistea eta maileguak itzultzeko grazia-aldiak luzatzea; eta bermatzea laguntza horiek emateko gizarte- eta ekonomia-irizpideak erabiliko direla bakar-bakarrik, edozein iritzi politikotik kanpo daudenak;

c) Ahalik eta neurri zabalenean eta baldintza onuragarrietan, laguntza teknikoaz, finantza-laguntzaz eta laguntza materialaz hornitzea, halakoek bi aldetako edo alde anitzeko izaera izan, eta nazioarteko laguntza hobeto koordinatzea garapenerako plan nazionalen helburu sozialak lortzeko;

d) Garapen-bidean dauden herriak laguntza teknikoaz, finantza-laguntzaz eta laguntza materialaz eta baldintza onuragarriez hornitzea, herri horiei errazteko euren baliabide nazionalak eta aberastasun naturalak zuzenean ustiatzea, herriek eurek goza ditzaten bete-betean euren baliabideak;

e) Nazioarteko merkataritza hedatzea berdintasun- eta ez baztertzearen printzipioen arabera; nazioarteko merkataritzan, garapen-bidean dauden herrien egoera moldatzea ekitatearen araberako harremanen bidez; garapen-bidean dauden herriak herri garatuetara esportatzeko sistema orokorra, elkarrekiko lehentasunik gabekoa eta ez baztertzailea; oinarrizko produktuei dagokienez, indarrean jartzea hitzarmen zabalak eta izaera orokorrekoak, eta nazioarteko finantza-erakundeek finantzatzea arrazoizko izakin arauemaileak.

24, artikulua

a) Nazioarteko lankidetza areagotzea ziurtatzeko nazioarteko informazio-trukaketa eta gizartearen aurrerabide- eta garapen-arloan ezaupide- eta eskarmentu-trukea;

b) Nazioarteko lankidetza tekniko, zientifiko eta kultural zabalena, eta gizarte- eta ekonomia-sistema eta garapen-maila desberdineko herriengandik jasotako eskarmentua elkarrekin erabiltzea, betiere elkarrekiko onura eta nazio-subiranotasuna gordetzea eta errespetatzea aintzat hartuta;

c) Gizarteak eta ekonomiak aurrera egin dezaten zientzia eta teknologia gehiago erabiltzea; garapen-bidean dauden herrietara teknologia eramateko eta trukatzeko xedapenak ezartzea, ezaguera praktikoak eta patenteak barne.

25. artikulua

a) Nazio- zein nazioarte-mailan neurri juridikoak eta administrazio-neurriak hartzea, giza ingurumena babesteko eta hobetzeko;

b) Ingurumeneko lurraldeetan, hala nola haratagoko espazioan, itsas hondoan edo ozeano-hondoan edota horren lur azpian, nazio-jurisdikzioaren mugak baino haratago dauden horietako baliabideak erabiltzea eta ustiatzea, nazioarteko araubide egokiekin bat etorriz. Aurrekoaren helburua da herriaren baliabide erabilgarriak osatzea herri orotan, nolanahi delarik ere horren egoera geografikoa, ekonomian eta gizartean aurrerabidea eta garabidea lortzeko, betiere, arreta berezia eskainiz garapen bidean dauden herrien interesei eta beharrizanei.

26. artikulua

Eraso baten ondorioz edo erasotzaileak legez kanpo lurralde bat okupatzearen ondorioz, gizarte-mailan zein ekonomia-mailan eragindako kalteak ordaintzea, batik bat, hori itzultzea eta konponketak ordaintzea.

27. artikulua

a) Desarmatze orokorra eta osoa gauzatzea eta ekonomiak eta gizarteak aurrera egiteko erabili daitezkeen arian-arian askatutako baliabideak bideratzea herri guztien ongizaterako, bereziki garapen-bidean dauden herrien mesederako;

b) Desarmatzea errazteko neurriak hartzea, barne hartuta, besteak beste, arma nuklearrak erabiltzeko debekua, arma kimikoak eta bakteriologikoak (biologikoak) garatzeko, ekoizteko eta biltzeko debekua eta hondakin nuklearrak ozeanoak eta barruko urak kutsatu ez ditzaten aurreikustea.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra