Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Haurren eskubideak

Gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena, 1973

1973-06-06

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konferentzia Orokorra

Gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena, 1973

Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konferentzia Orokorra:

Lanaren Nazioarteko Bulegoaren Administrazio Kontseiluak Genevan egiteko deialdia argitaratua, eta hiri horretan bilduta 1973ko ekainaren 6ean, berrogeita hamazortzigarren bileran;

Erabaki ondoren lanean hasteko gutxieneko adinari buruzko hainbat proposamen hartzea, bileraren aztergaien laugarren puntua dena;

Kontuan harturik ondorengo hitzarmenen xedapenak: Gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena (industria), 1919; gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena (itsasoko lana), 1920; gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena (nekazaritza), 1921; gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena (itsasontzietako biltegien jagoleak eta suginak), 1921; gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena (industriaz kanpoko lanak), 1932; gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena (berrikusia) (itsasoko lana), 1936; gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena (berrikusia) (industria), 1937; gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena (berrikusia) (industriaz kanpoko lanak), 1937; gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena (arrantzaleak), 1959; eta gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena (lurpeko lana), 1965;

Kontuan harturik gai honen inguruan arian-arian egungo instrumentuak ordeztuko dituen instrumentu orokorra hartzeko unea heldu dela, ekonomia sektore mugatuei aplikagarri zaiena, haurren lana erabat ezabatzeko asmoarekin, eta

Instrumentu horrek nazioarteko hitzarmen forma izan dezan erabaki eta gero,

mila bederatziehun eta hirurogeita hamahiruko ekainaren hogeita seiko datarekin, Hitzarmen hau onesten du, gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena, 1973 izendazio pean aipatu ahal izango dena:

 

1. artikulua

Estatu kide orok, berarentzat Hitzarmen hau indarrean dagoela, haurren lana ezabatzea ziurtatzeko nazio politika bat izateko konpromisoa hartzen du eta berebat, lanean hasteko, gutxieneko adina arian-arian igotzeko, noraino eta adingabeen oso-osoko garapen fisiko eta adimenarena ahalbidetuko duen mailaraino.

2. artikulua

1.Hitzarmen hau berresten duen estatu kide orok zehaztu beharko du, berrespenaren aitorpen erantsi batean, berari dagokion lurraldean lanean edo zereginetan hasteko gutxieneko adina zein den; orobat, lurralde horretan matrikulatutako garraiobideetan; betiere Hitzarmen honetako 4 eta 8. artikuluetan ezarritakoari kalterik egin gabe; adin hori baino gazteago den edozein pertsona ezin izango da lanean hasi ezta edozein zereginetan aritu ere.

2.Hitzarmen hau berretsi duen estatu kide orok, geroago Lanaren Nazioarteko Bulegoko zuzendari nagusiari jakinarazi diezaioke, beste aitorpen baten bitartez, hasieran ezarritako gutxieneko adina baino goragokoa ezartzen duela.

3.Artikulu honen 1. paragrafoaren arabera ezarritako gutxieneko adina, ezin izango da eskolara joateko betebeharra amaitzen den adina baino txikiagoa, eta edozein kasutan, hamabost urte baino txikiagoa.

4.Artikulu honetako 3. paragrafoko xedapenak gorabehera, estatu kide baten ekonomia eta hezkuntza baliabideak behar beste garatuta ez badaude, horrek aukera izango du, enplegatzaile eta langile interesatuen erakundeei kontsulta egin eta gero, horrelako erakundeak dauden kasuetan, hasieran hamalau urteko gutxieneko adina ezartzeko.

5.Aurreko paragrafoaren xedapenen arabera, hamalau urteko gutxieneko adina ezarri duen estatu kide bakoitzak, Hitzarmen honen aplikazioari buruz aurkeztu beharreko oroitidazkietan azaldu beharko du, Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konstituzioaren 22. artikuluaren arabera:

a) zehaztapen horretarako arrazoiek oraindik irauten dituztela, edo

b) data jakin batetik aurrera, aurreko 1. paragrafoan zer ezarri eta horren eusteari uko egiten diola.

3. artikulua

1.Lanaren izaeragatik edo berori gauzatzen den baldintzengatik, adingabeen osasunarentzat, segurtasunarentzat edo moralitatearentzat arriskutsua izan daitekeen edozein lan edo zeregin motatan hasteko gutxieneko adina ezin izango da hamazortzi urtetik beheragokoa izan.

2.Artikulu honetako 1. paragrafoa zein lan edo zeregin motari aplikatzen zaion zehaztuko dute nazio legeriak edo agintari eskudunak, enplegatzaile eta langile interesatuen erakundeei kontsulta egin eta gero, horrelako erakundeak daudenean.

3.Artikulu honetako 1. paragrafoan ezarritakoa gorabehera, nazio legeriak edo agintari eskudunak, enplegatzaile eta langile interesatuen erakundeei kontsulta egin eta gero, horrelako erakundeak daudenean, hamasei urtetik aurrera zereginetan aritzea edo lan egitea baimen dezakete, betiere nerabeen osasuna, segurtasuna eta moralitatea guztiz bermatuta gelditzen bada, eta hauek, dagokien jarduera alorrean lanbide irakaskuntza edo heziketa zehatz eta egokia jaso dutela bermatzen bada.

4. artikulua

1.Beharrezkoa izango balitz, agintaritza eskudunak, enplegatzaile eta langile interesatuen erakundeei kontsulta egin eta gero, horrelako erakundeak daudenean, Hitzarmen honen aplikaziotik kanpo utz ditzakete lan edo zeregin kategoria mugatuak, hauen inguruan aplikazio arazo berezi eta garrantzitsuak agertzen badira.

2.Hitzarmen hau berresten duen estatu kide orok, Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konstituzioaren 22. artikuluaren arabera aurkeztuko duen lehen oroitidazkian zerrendatu beharko ditu, artikulu honetako 1. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, alde batera utzi dituen kategoriak, horretarako arrazoiak azalduz eta geroagoko oroitidazkietan alde batera utzitako jardueren inguruko egoera azaldu beharko du, bere legeriaren eta egineren arabera, eta Hitzarmen hau kategoria horien gain zein neurritan aplikatzen duen edo aplikatzeko asmo duen .

3.Artikulu honek ez du baimentzen Hitzarmenaren aplikaziotik kanpo uztea 3. artikuluan jasotzen diren lan edo zeregin motak.

5. artikulua

1.Estatu kide baten ekonomia eta administrazio-zerbitzuak behar beste garatuta ez badaude, horrek aukera izango du, enplegatzaile eta langile interesatuen erakundeei kontsulta egin eta gero, horrelako erakundeak daudenean, Hitzarmen honen hasierako aplikazioa  mugatzeko.

2.Artikulu honetako 1. paragrafoa onesten duen estatu kide orok zehaztu beharko du, berrespenaren aitorpen erantsi batean, zein jarduera ekonomikoren arlori edo zein enpresa motari aplikatuko dizkion Hitzarmen honen xedapenak.

3. Hitzarmen honen xedapenak aplikatu beharko dira, gutxienez, ondorengoetan: meategi eta harrobietan; manufaktura-industrietan; eraikuntzan, elektrizitate zerbitzuetan, gasa eta uretan; saneamenduetan; garraioetan, biltegiratzean eta komunikazioetan, eta batez ere, merkataritzarako ekoizpena egiten duten landaketa eta beste nekazaritza-ustiategietan, alde batera utzita familia enpresak edo tamaina txikikoak, lekuan lekuko merkatuarentzat ekoizten dutenak eta soldatapeko langileak jarraitutasunez enplegatzen ez dituztenak.

4.Artikulu honen babespean Hitzarmen honen aplikazio esparrua mugatu duen estatu kide orok:

a) Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konstituzioaren 22. artikuluaren arabera aurkeztu behar dituzten oroitidazkietan azaldu beharko dute, Hitzarmen honen aplikazio esparrutik kanpo dauden jarduera alorretan adingabeen eta haurren lan edo zereginen egoera orokorra eta Hitzarmen honetako xedapenen aplikazio zabalago baten bidean zein aurrerapen lortu dituen;

b) edozein unetan aplikazio esparrua zabal dezake Lanaren Nazioarteko Bulegoko zuzendari nagusiari bidalitako aitorpen baten bitartez.

6. artikulua

Hitzarmen hau ez zaio aplikatuko haurrek edo adingabeek hezkuntza orokorreko eskoletan; lanbide heziketarako eskoletan edo eskola teknikoetan edo heziketarako bestelako erakundeetan egindako lanari, ezta gutxienez hamalau urte dituzten pertsonek enpresetan egindako lanari ere, betiere lan hori agintaritza eskudunak ezarritako baldintzetan gauzatzen bada, enplegatzaile eta langile interesatuen erakundeei kontsulta egin eta gero, horrelako erakundeak daudenean, eta ondorengoen kide direnean:

a) hezkuntza edo heziketa ikastaro batena, horren erantzule nagusia heziketa eskola edo erakundea denean;

b) osotasunean edo nagusiki enpresa batean gauzatzen den heziketa programa batena, agintaritza eskudunak onetsia; edo

c) orientazio programa batena, lanbide edo heziketa mota baten aukeraketa erraztera bideratua dagoena.

7. artikulua

1.Nazio legeriak hamahiru urtetik hamabost urte arteko pertsonek lan arinetan lan egitea edo zereginetan aritzea baimen dezake, ondorengo baldintzetan:

a) beraien osasun edo garapenerako kaltegarri ez direnean; eta

b) horiek berez duten izaeragatik, kaltetzen ez dutenean, dela eskolara joatea, dela agintaritza eskudunak onartutako orientazio programetan edo lanbide heziketan parte hartzea, dela, azkenez ere, jasotzen duten hezkuntzaren aprobetxamendua.

2.Nazio legeriak, gutxienez hamabost urteko pertsonek lan egitea edo zereginetan aritzea ere onets dezake, nahiz eta horiek oraindik eskolara joateko betebeharpekoak izatea, aurreko paragrafoaren a) eta b) lerrokadetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten lanetan.

3.Agintaritza eskudunak zehaztuko du zein jardueretan baimen daitekeen lana edo zeregina artikulu honetako 1 eta 2. paragrafoekin bat etorriz eta ordu kopurua xedatzeaz gain, lan edo zeregin hori zein baldintzetan gauzatu ahal izango den ere xedatuko du.

4.Artikulu honetako 1 eta 2. paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, 2. artikuluko 4. paragrafoko xedapenen aplikazioa hautatu duen estatu kideak, aukera izango du, xedapen horien aplikazioa jarraitzen duen denboran zehar, hamahiru eta hamabost urteko adinak ordezteko, artikulu honetako 1. paragrafoan, hamabi eta hamalau urteko adinengatik, eta hamabost urteko adina, artikulu honetako 2. paragrafoan, hamalau urteko adinagatik.

8. artikulua

1.Agintaritza eskudunak eman ahal izango ditu, enplegatzaile eta langile interesatuen erakundeei kontsulta egin eta gero, horrelako erakundeak daudenean, eta banakako baimenen bidez, Hitzarmen honetako 2. artikuluak ezartzen duen lanean edo zereginean onartua izateko debekuarekiko salbuespenak, horien helburuetako bat bada emanaldi artistikoetan parte hartzea.

2.Horretara emandako baimenak, baimen horien xede diren lana edo zereginaren ordu kopurua mugatuko dute eta berori zein baldintzatan gauzatu beharko den ere zehaztuko dute.

9. artikulua

1.Agintaritza eskudunak beharrezko neurri guztiak aurreikusi beharko ditu, baita zehapen egokiak ezarri beharra izatea ere, Hitzarmen honen xedapenen aplikazio eragingarria ziurtatzeko.

2.Nazio legeriak edo agintaritza eskudunak, Hitzarmen honek ondorioak sor ditzan xedapenak zein izan eta xedapen horien betearazteko erantzule diren pertsonak zehaztu beharko dituzte.

3.Nazio legeriak edo agintaritza eskudunak, enplegatzaileak eraman behar dituen eta agintaritza eskudunaren eskura jarri behar dituen erregistro eta beste dokumentuak zein diren zehaztuko ditu.Erregistro horiek izena eta abizenak eta adina edo jaiotze data adierazi beharko dituzte, halakoa posible den neurrian, behar bezala ziurtatuak eta hamazortzi urte baino gazteago diren pertsonen datuak bilduko dituzte, horiek enplegatzaileak zuzenean enplegatuak izan edo berarentzat lan egiten dutenak.

10. artikulua

1. Hitzarmen honek, artikulu honetan ezarritako baldintzetan, eraldatzen ditu Gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena (industria), 1919; gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena (itsasoko lana), 1920; gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena (nekazaritza), 1921; gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena (itsasontzietako biltegien jagoleak eta suginak), 1921; gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena (industriaz kanpoko lanak), 1932; gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena (berrikusia) (itsasoko lana), 1936; gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena (berrikusia) (industria), 1937; gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena (berrikusia) (industriaz kanpoko lanak), 1937; gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena (arrantzaleak), 1959, eta gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena (lurpeko lana), 1965.

2. Hitzarmen hau indarrean sartzean, gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena (berrikusia) (itsasoko lana), 1936; gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena (berrikusia) (industria), 1937; gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena (berrikusia) (industriaz kanpoko lanak) 1937; gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena (arrantzaleak), 1959, eta gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena (lurpeko lanak), 1965, berrespen berriak jasotzeko zabalik egongo dira.

3. Gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena (industria), 1919; gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena (itsasoko lana), 1920; gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena (nekazaritza), 1921, eta gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena (itsasontzietako biltegien jagoleak eta suginak), 1921, berrespen berriak jasotzeko zabalik egoteari utziko diote horien alderdi diren estatu guztiek uzte horri adostasuna eman diotenean Hitzarmen honen berrespenaren bidez edo Lanaren Nazioarteko Bulegoko zuzendari nagusiari jakinarazitako adierazpenaren bidez.

4.Hitzarmen honen betebeharrak onetsiak izan direnean:

a) gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena (berrikusia) (industria), 1937 delakoaren alderdi den estatu kide batengatik, eta Hitzarmen honen 2. artikuluaren arabera, estatu horrek hamabost urte baino beheragokoa ez den gutxieneko adina ezarri duenean lanean hasteko, izan ere, horrek aurrekoak ekarriko du,ipso iure, Hitzarmen horren berehalako salaketa,

b) gutxieneko adinari buruzko Hitzarmenean (industriaz kanpoko lanak), 1932, industriaz kanpoko lana definitzen den bezala, Hitzarmen horren alderdi den estatu kide batengatik, horrek ekarriko du, ipso iure, Hitzarmen horren berehalako salaketa,

c) industriaz kanpoko lanaz den bezainbatean, gutxieneko adinari buruzko Hitzarmenean (berrikusia) (industriaz kanpoko lana), 1937, zehazten den moduan, Hitzarmen horretako alderdi den estatu kide batengatik, eta betiere Hitzarmen honetako 2. artikulua betez ezarritako gutxieneko adina hamabost urtetik beherakoa ez bada, horrek ekarriko du,ipso iure, Hitzarmen horren berehalako salaketa,

d) itsasoko lanari dagokionez, gutxieneko adinari buruzko Hitzarmen (berrikusia) (itsasoko lana), 1936 delakoaren, alderdi den kide batengatik, eta betiere Hitzarmen honen 2. artikulua betez ezarritako gutxieneko adina hamabost urtetik beherakoa ez bada edo kideak zehazten badu Hitzarmen honen 3. artikulua itsasoko lanari aplikatzen zaiola, horrek ekarriko du,ipso iure, Hitzarmen horren berehalako salaketa,

e) itsasoko arrantzako lanari dagokionez, gutxieneko adinari buruzko Hitzarmen (arrantza), 1959 delakoaren, alderdi den kide batengatik, eta betiere Hitzarmen honen 2. artikulua betez ezarritako gutxieneko adina hamabost urtetik beherakoa ez bada edo kideak zehazten badu Hitzarmen honen 3. artikulua itsasoko arrantzako zereginei aplikatzen zaiela, horrek ekarriko du, ipso iure, Hitzarmen horren berehalako salaketa,

f) gutxieneko adinari buruzko Hitzarmen (lurpeko lana), 1965 delakoaren, alderdi den kide batengatik, eta Hitzarmen honen 2. artikulua betez Hitzarmen horren arabera ezarritako adina baino txikiagoa ez den gutxieneko adina ezarri duena edo Hitzarmen honen 3. artikuluaren arabera adin hori meatzetako lurpeko lanetan aplikatuko dela zehaztu duena, horrek ekarriko du,ipso iure, Hitzarmen horren berehalako salaketa,

Hitzarmen hau indarrean jartzean.

5.Hitzarmen honen betebeharren onespenak ekarriko du:

a) gutxieneko adinari buruzko Hitzarmen (industria), 1919 delakoaren salaketa, bere 12 artikuluarekin bat etorriz,

b) nekazaritzari dagokionez, gutxieneko adinari buruzko Hitzarmen (nekazaritza), 1921 delakoaren salaketa, bere 9 artikuluarekin bat etorriz,

c) itsasoko lanari dagokionez, gutxieneko adinari buruzko Hitzarmen (itsasoko lana), 1920 delakoaren salaketa, bere 10. artikuluarekin bat etorriz, eta gutxieneko adinari buruzko Hitzarmen (itsasontzietako biltegien jagoleak eta suginak), 1921 delakoarena, 12. artikuluarekin bat etorriz,

Hitzarmen hau indarrean jartzean.

11. artikulua

Hitzarmen honen berrespen formalak Lanaren Nazioarteko Bulegoko zuzendari nagusiari komunikatuko zaizkio, horrek erregistratu ditzan.

12. artikulua

1.Zuzendari nagusiak Lanaren Nazioarteko Erakundeko kideei dagokienez, zuzendari nagusiak zein berrespen erregistratu eta berrespen horiek egin dituzten kideak bakarrik daude behartuta Hitzarmen hau betetzeko.

2.Hitzarmena indarrean jarriko da, zuzendari nagusiak bi kideren berrespenak erregistratu eta hamabi hilabetera.

3.Une horretatik aurrera, estatu kide bakoitzarentzat, hitzarmen hau indarrean jarriko da, berrespena erregistratu eta hamabi hilabetera.

13. artikulua

1.Hitzarmen hau berretsi duen estatu kide orok hori salatu ahal izango du, hitzarmena estreinakoz indarrean jarri zenetik zenbatzen hasi eta hamar urteko epealdia amaitu ondoren, Lanaren Nazioarteko Bulegoko zuzendari nagusiari salaketa hori erregistratzeko akta komunikatuz.Salaketak ez du ondoriorik izango, salaketa erregistratu eta urtebete igaro arte.

2.Hitzarmen hau berretsi duen estatu kide orok, aurreko paragrafoan aipatu hamar urteko epealdia amaitu ondoren, urtebeteko epean artikulu honetako salaketa-eskubidea egikaritzen ez badu, beste hamar urtez bete beharko du hitzarmena, eta, aurrerantzean, hitzarmena salatu ahal izango du hamar urteko aldi bakoitza amaitzean, artikulu honetan ezarritako baldintzetan.

14. artikulua

1.Lanaren Nazioarteko Bulegoko zuzendari nagusiak Lanaren Nazioarteko Erakundeko kide guztiei jakinaraziko dizkie erakundeko kideek komunikatutako berrespen, adierazpen eta salaketa guztien erregistroak.

2.Zuzendari nagusiak berari komunikatu beharreko berrespenetatik bigarrenaren erregistroa jakinarazten dienean erakundeko kideei, abisua emango die kide horiei, hitzarmen hau indarrean jartzeko dataren inguruan.

15. artikulua

Lanaren Nazioarteko Bulegoko zuzendari nagusiak, erregistro-ondorioetarako eta Nazio Batuen Gutuneko 102. artikuluarekin bat etorriz, Nazio Batuetako idazkari nagusiari informazio osoa komunikatuko dio, aurreko artikuluekin bat etorriz erregistratu dituen berrespen, adierazpen eta salaketa-akta guztien gainean.

16. artikulua

Laneko Nazioarteko Bulegoko Administrazio Kontseiluak, egokitzat jotzen duen bakoitzean, Konferentziari hitzarmenaren aplikazioari buruzko oroitidazkia aurkeztuko dio, eta gogoeta egingo du konferentziaren eguneko aztergaien zerrendara biltzeko komenigarritasunari buruz, zer eta, hitzarmena oso-osoan edo zati batean berrikusteko aukera.

17. artikulua

1.Konferentziak hitzarmen hau oso-osoan edo zati batean berrikusten duen hitzarmen berria eginez gero, eta hitzarmen berri horrek aurkako xedapenak izan ezean:

a) Estatu kide batek berrikuspen-hitzarmen berria berresteak berarekin ekarriko du,ipso iure, hitzarmen honen berehalako salaketa, 13. artikuluan jasotako xedapenak gorabehera, betiere, berrikuspen-hitzarmen berria indarrean jarri bada;

b) berrikuspen-hitzarmen berria indarrean zein datatan jarri eta data horretatik aurrera hitzarmen honek irekia izateari utziko dio, estatu kideek berau berresteari dagokionez.

2.Edozein kasutan ere, hitzarmen honek indarrean jarraituko du, gaur egungo forma eta edukiekin, berori berretsi duten eta, aldiz, berrikuspen-hitzarmena berretsi ez duten estatu kideei begira.

18. artikulua

Hitzarmen honen testuaren bertsioak, ingelesez eta frantsesez, kautoak dira maila berean.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra