Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Quinta edición Premios Adrián Celaya

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Herri indigenen eta gutxiengoen eskubideak

Gutxiengo nazional edo etniko, erlijio eta hizkuntza gutxiengoen partaide diren pertsonen eskubideei buruzko Adierazpena

1992-12-08

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Orokorra

Gutxiengo nazional edo etniko, erlijio eta hizkuntza gutxiengoen partaide diren pertsonen eskubideei buruzko Adierazpena

Biltzar Orokorrak onetsia, 1992ko abenduaren 18ko 47/135 ebazpenean

Biltzar Orokorrak,

Berretsiz Nazio Batuen Gutunean aldarrikatutako oinarrizko asmoetako bat dela guztien giza eskubideak eta oinarrizko askatasunen errespetua garatzea eta suspertzea, inolako bereizketarik gabe arraza-, sexu-, hizkuntza- edota erlijio-arrazoiengatik,

Berretsiz bere ustea oinarrizko giza eskubideetan, gizakien duintasun eta balioan, gizonen eta emakumeen eskubide-berdintasunean eta nazio handi eta txikietan,

Asmoa izanik halakoetan adierazitako printzipioen egikaritza sustatzea, hala nola, Gutunean, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean, Genozidio-delitua prebenitu eta zehatzeko Konbentzioan, Arraza-bereizkeria modu guztiak ezabatzeari buruzko Nazioarteko Konbentzioan, Eskubide zibil eta politikoen Nazioarteko Itunean, Ekonomia-, Gizarte- eta Kultura-eskubideen Nazioarteko Itunean, erlijio edo sinesmenetan oinarritutako intolerantzia eta bereizkeria modu guztiak ezabatzeari buruzko Adierazpena eta Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan, bai eta nazioarteko bestelako instrumentu egokietan, mundu- edo erregio-mailan onetsitakoetan eta Nazio Batuen estatu kide desberdinen artean egindakoetan,

Oinarri hartuta etnia, erlijio eta hizkuntza gutxiengoen partaide diren pertsonen eskubideei buruzko Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren 27. artikuluaren xedapenak,

Kontuan harturik gutxiengo nazional edo etniko, erlijio edo hizkuntza gutxiengoen partaide diren pertsonen eskubideak sustatzea eta babestea lagungarri direla pertsona horiek zein estatutan bizi eta estatu horien egonkortasun politiko eta sozialerako,

Azpimarratuz gutxiengo nazional edo etniko, erlijio edo hizkuntza gutxiengoen partaide diren pertsonen eskubideak etengabe sustatzea eta gauzatzea lagungarri izango liratekeela herrien eta estatuen arteko adiskidetasuna eta lankidetza indartzeko, pertsona horiek gizarte osoaren garapenaren zati osagarri diren heinean, legearen agintean oinarritutako marko demokratikoaren barruan.

Kontuan harturik Nazio Batuek duten egin beharreko zeregin garrantzitsua, gutxiengoak babesteari dagokionez,

Kontuan izanik Nazio Batuen sistemaren barruan gaur arte egindako lana, bereziki, Giza Eskubideen Batzordeak eta Bereizkeriak prebenitzeko, eta Gutxiengoak babesteko Azpibatzordeak egindakoa, bai eta Giza Eskubideen Nazioarteko Itunen arabera ezarritako organoek eta giza eskubideei buruzko beste nazioarteko instrumentu egokiek egindakoa, gutxiengo nazional edo etniko, erlijio edo hizkuntza gutxiengoen partaide diren pertsonen eskubideak sustatzeari eta babesteari dagokienez,

Kontuan harturik zein garrantzitsu den gobernuen arteko nahiz gobernuz kanpoko erakundeek egindako lana, gutxiengoak babesteari eta gutxiengo nazional edo etniko, erlijio edo hizkuntza gutxiengoen partaide diren pertsonen eskubideak sustatzeari eta babesteari dagokienez,

Aitortuz giza eskubideei buruzko nazioarteko instrumentuen aplikazio eraginkorragoa lortzeko beharrizana, gutxiengo nazional edo etniko, erlijio edo hizkuntza gutxiengoen partaide diren pertsonen eskubideak sustatzeari eta babesteari dagokienez,

Gutxiengo nazional edo etniko, erlijio eta hizkuntza gutxiengoen partaide diren pertsonen eskubideei buruzko Adierazpen hau aldarrikatzen du,

1. artikulua

1.Estatuek gutxiengoen nazio- edo etnia-, kultura-, erlijio- eta hizkuntza-izaera eta nortasuna babestuko dituzte, eurei dagozkien lurraldeen barruan eta, oro har, nortasun hori sustatzeko baldintzak indartuko dituzte.

2. Estatuek neurri egokiak, legegintzazkoak eta bestelakoak, hartuko dituzte helburu horiek lortzeko.

2. artikulua

1. Gutxiengo nazional edo etniko, erlijio eta hizkuntza gutxiengoen partaide diren pertsonek (aurrerantzean gutxiengoen partaide diren pertsonek) eskubidea izango dute euren kultura izateko, euren erlijioa izateko eta praktikatzeko, euren hizkuntza erabiltzeko, era pribatuan zein publikoan, askatasun osoz, inoren esku-sartzerik gabe eta inolako bereizkeriarik gabe.

2. Gutxiengoen partaide diren pertsonek eskubidea dute modu eraginkorrean parte hartzeko kultura-, erlijio-, gizarte- eta ekonomia-bizitzan nahiz bizitza publikoan.

3. Gutxiengoen partaide diren pertsonek eskubidea izango dute modu eraginkorrean parte hartzeko nazio-mailan hartzen diren erabakietan eta, hala denean, erregio-mailan ere, zein izan gutxiengo hori eta horri dagokionez edota zein erregiotan bizi eta horiei dagokienez, betiere, eskubide hori bateraezina ez bada nazio-legeriarekin.

4. Gutxiengoen partaide diren pertsonek eskubidea izango dute euren elkarteak ezartzeko eta horiei eusteko.

5. Gutxiengoen partaide diren pertsonek eskubidea izango dute, inolako bereizkeriarik gabe, euren taldeko beste kideekin eta beste gutxiengoen pertsonekin harreman askeak eta baketsuak izateko eta horiei eusteko, bai eta mugaz bestaldeko harremanak izateko beste estatuetako herritarrekin, horiekin zer ikusia dutenean nazio- edo etnia-, erlijio- edo hizkuntza-loturak direla bide.

3. artikulua

1. Gutxiengoen partaide diren pertsonek euren eskubideak egikaritu ditzakete, Adierazpen honetan adierazitakoak barne, banaka zein erkidego gisa, taldeko gainontzeko kideekin batera eta inolako bereizkeriarik gabe.

2. Gutxiengoen partaide diren pertsonek ez dute inolako desabantailarik pairatuko Adierazpen honetan adierazitako eskubideak egikaritzeagatik edota egikaritu ezagatik.

4. artikulua

1. Estatuek beharrezko neurriak hartuko dituzte bermatzeko zer eta, gutxiengoen partaide diren pertsonek egikari ditzaten oso-osorik eta modu eraginkorrean euren giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak, inolako bereizkeriarik gabe eta legearen aurrean, maila berean.

2. Estatuek neurriak hartuko dituzte baldintza onuragarriak sortzeko zertarako eta, gutxiengoen partaide diren pertsonek adierazi ditzaten euren ezaugarriak eta garatu ditzaten euren kultura, hizkuntza, erlijio, tradizio eta ohiturak, salbu eta eginera zehatz batzuek nazio-legeria urratzen dutenean edota halakoak nazioarteko arauen aurkakoak direnean.

3. Estatuek neurri egokiak hartu beharko dituzte gutxiengoen partaide diren pertsonek izan ditzaten, ahal den guztietan, aukera egokiak, euren ama hizkuntza ikasteko edo ama hizkuntzan heziketa jasotzeko.

4. Estatuek, halakoa egokia denean, neurriak hartuko dituzte hezkuntza-esparruan, euren lurraldean dauden gutxiengoen historia, tradizioak, hizkuntza eta kulturaren ezaguera sustatzeko. Gutxiengoen partaide diren pertsonek aukera egokiak izan beharko dituzte, gizarteari buruzko ezaguera orokorrak eskuratzeko.

5. Estatuek neurri egokiak aztertu beharko dituzte, gutxiengoen partaide diren pertsonek bete-betean parte har dezaten herrialdearen aurrerapen eta garapen ekonomikoan.

5. artikulua

1. Nazio-politikak eta -programak planifikatu eta gauzatzeko, aintzat hartuko dira gutxiengoen partaide diren pertsonen interes legitimoak.

2. Estatuen arteko lankidetza- eta laguntza-programak planifikatzeko eta gauzatzeko aintzat hartuko dira gutxiengoen partaide diren pertsonen interes legitimoak.

6. artikulua

Estatuak lankidetzan aritu beharko dira gutxiengoen partaide diren pertsonei buruzko kontuetan, besteak beste, informazioa eta esperientzia trukaketan, bata bestearekiko elkar-ulertze eta konfiantza sustatzeko.

7. artikulua

Estatuak lankidetzan aritu beharko dira Adierazpen honetan aipatu eskubideekiko errespetua sustatzeko.

8. artikulua

1. Adierazpen honen xedapenek ez dute eragotziko estatuek nazioarteko betebeharrak betetzea, gutxiengoen partaide diren pertsonei dagokienez. Batik bat, estatuek uste onez beteko dituzte, eurok zein nazioarteko tratatu eta akordioetan alderdi izan eta tratatu eta akordio horien arabera hartutako betebeharrak eta konpromisoak.

2. Adierazpen honetan aipatu eskubideen egikaritza ulertuko da mundu osoan aitortuak diren eta pertsona guztiei dagozkien giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak gozatzeko aukerari kalterik egin gabe.

3. Estatuek, Adierazpen honetan aipatu eskubideak modu eraginkorrean goza daitezen bermatzeko ezarri dituzten neurriak ez dira hartuko,prima facie,Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean adierazitako berdintasun-printzipioaren aurkakoak balira legez.

9. artikulua

Erakunde espezializatuek eta Nazio Batuen sistemaren gainontzeko erakundeek lagunduko dute Adierazpen honetan aipatu eskubide eta printzipioak oso-osorik gauzatzen, euren eskumenen arloan.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra