Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Determinazio askerako eskubidea

Herrialde eta herri kolonialei independentzia emateari buruzko Adierazpena

1960-12-14

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Orokorra

Herrialde eta herri kolonialei independentzia emateari buruzko Adierazpena

1960ko abenduaren 14ko Biltzar Orokorraren 1514 (XV) ebazpena

Biltzar Orokorrak,

Aintzat harturik munduko herrialdeek Nazio Batuen Gutunean aldarrikatu dutela euren fedea berresteko erabakia, zertan eta, gizon-emakumeen oinarrizko eskubideetan, gizakien duintasun eta balioan, gizon-emakumeen eskubide-berdintasunean eta herrialde handi eta txikietan; eta, oro har, gizarte-aurrerabidea sustatzeko eta bizitza-maila hobetzeko, betiere, askatasun kontzeptu zabalagoaren barruan,

Jakitun izanik beharrezkoa dela egonkortasun- nahiz ongizate-baldintzak eta harreman baketsu eta adiskidetsuak sortzea, eskubideen berdintasun-printzipioen eta herriek duten determinazio askerako eskubide-printzipioen errespetuan oinarritzen direnak; eta giza eskubide eta oinarrizko askatasunen errespetu unibertsala eta eskubide eta askatasun horien eraginkortasuna ziurtatzea, inolako bereizketarik gabe, arraza-, sexu-, hizkuntza- edo erlijio-arrazoiengatik,

Aitortuz menpeko herri guztiek duten askatasun gogo sutsua, eta herri horiek duten zeregin erabakigarria euren independentzia lortzeko,

Jakitun izanik herri horiei askatasuna ukatzeak edo galarazteak gero eta gatazka gehiago sortzen dutela, eta hori mehatxu larria dela munduko bakeari begira,

Kontuan harturik Nazio Batuei dagokien zeregin garrantzitsua, bitarteko gisa sustatzeko independentziaren aldeko mugimendua, zainpeko lurraldeetan eta autonomoak ez diren lurraldeetan,

Aitortuz munduko herriek gogo biziz nahi dutela kolonialismoari amaiera ematea, bere forma guztietan,

Sinetsita kolonialismoarekin jarraitzeak nazioarteko lankidetza ekonomikoaren garapena galarazten duela, menpeko herrien gizarte-,kultura- eta ekonomia-aurrerabidea oztopatu eta Nazio Batuen bake unibertsalaren idealaren aurka egiten duela,

Berretsiz herriek, euren helburuetarako, ahal dutela euren aberastasuna eta baliabide naturalak askatasunez erabili, elkarrekiko onuraren printzipioan oinarritutako nazioarteko lankidetza ekonomikoaren betebeharrei eta nazioarteko zuzenbidearen betebeharrei kalterik egin gabe,

Sinetsita askatasun-prozesua geldiezina eta atzeraezina dela, eta, krisi larriak saihesteko beharrezkoa dela kolonialismoarekin eta horren inguruko bereizkeria-eginera guztiekin amaitzea,

Ospatuz azken urteetan menpeko lurralde askok lortu dutela askatasuna eta independentzia, eta aitortuz oraindik independentziarik lortu ez duten herrialdeek gero eta joera sendoagoak adierazten dituztela askatasunaren alde,

Sinetsita herri guztiek dutela eskubide besterenduezina askatasun osoa, euren subiranotasuna egikaritu eta nazio-lurraldea osotasunean izateko,

Solemnitate osoz aldarrikatzen du kolonialismoarekin eta horren forma eta adierazpen guztiekin azkar eta baldintzarik gabe amaitzeko beharrizana;

Eta ondorio horretarako

Adierazten du:

1.Herriek atzerritarren mende eta horien azpian eta esplotaziopean izatea oinarrizko giza eskubideak ukatzea da, Nazio Batuen aurka doa eta nazioen arteko bakea eta lankidetza kolokan jartzen ditu.

2.Herri guztiek dute determinazio askerako eskubidea; eskubide horren arabera, askatasunez zehazten dute euren egoera politikoa eta, berebat, askatasunez lortzen dute euren ekonomia-, gizarte- eta kultura-garapena.

3. Politika-, ekonomia-, gizarte- edo hezkuntza-ordena kontuan ez hartzea ezin izango da aitzakia izan independentzia atzeratzeko.

4.Menpeko herriek independentzia osoa izateko eskubidea modu baketsuan eta askatasunez egikari dezaten, beharrezkoa izango da egintza armatu oro edota herri horiei zuzendutako edozein izaerako errepresio-neurri oro amaitzea, eta, halaber, beharrezkoa izango da nazio-lurraldearen osotasuna errespetatzea.

5.Zainpeko eta autonomo ez diren lurralde eta gainerako lurralde guztietan, oraindik independentziarik lortu ez dutenetan, berehalako neurriak hartu beharko dira lurralde horien herriei boterea emateko, baldintza eta erreserbarik gabe, euren borondatearekin eta askatasunez adierazitako nahiekin bat etorriz, eta inolako bereizketarik egin gabe arraza-, sinesmen- edo larru kolore-arrazoiengatik, haiek izan ditzaten erabateko askatasuna eta independentzia.

6.Herrialde baten lurraldearen nazio-unitatea eta -osotasuna oso-osorik edo zati batean urratzera bideratutako ahalegin oro bateraezina da Nazio Batuen Gutunaren asmo eta printzipioekin.

7.Estatu guztiek bete beharko dituzte, leialtasunez eta modu hertsian, Nazio Batuen Gutunaren xedapenak, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalarenak eta adierazpen honenak, betiere, oinarri hartuta, herrien arteko berdintasuna, gainerako estatuen barneko gaietan parte hartzerik ez izatea eta herri guztien eskubide subirano eta lurralde osotasunarekiko errespetua.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra