Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Quinta edición Premios Adrián Celaya

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Giza Eskubideak sustatzea eta babestea

Mundu osoan aitortuak diren giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak sustatzeko eta babesteko, norbanakoek, taldeek eta erakundeek dituzten eskubide eta eginbeharrari buruzko Adierazpena

1998-12-09

Erakundea: Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Orokorra

Mundu osoan aitortuak diren giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak sustatzeko eta babesteko, norbanakoek, taldeek eta erakundeek dituzten eskubide eta eginbeharrari buruzko Adierazpena

Biltzar Orokorrak,

BerretsizNazio Batuen Gutunaren asmoak eta printzipioak betetzeak duen garrantzia, giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak sustatzeko eta babesteko mundu osoko herrialde guztietan eta pertsona guztientzat;

Kontuan hartuta Giza Eskubideen Batzordearen 1998/7 Ebazpena, 1998. urteko apirilaren 3koa (1), horren bitartez onetsi baitzuen Batzordeak mundu osoan aitortuak diren giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak sustatzeko eta babesteko, norbanakoek, taldeek eta erakundeek dituzten eskubide eta eginbeharrari buruzko Adierazpenaren proiekturako testua,

Kontuan hartuta, halaber, Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren 1998/33 ebazpena, 1998. urteko uztailaren 30ekoa, horren bitartez Kontseiluak Biltzar Orokorrari gomendatu ziola adierazpenaren proiektua onesteko,

(1) Ikus Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren Agiri ofizialak, 1998.3(E/1998/23),  zenbakidun Gehigarria, II kap.A atala.

Jakitun izanik adierazpenaren proiektua Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren, (217 A (III) Ebazpena) berrogeita hamargarren urteurrenean onesteak duen garrantziaz

1.Onesten du mundu osoan aitortuak diren giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak sustatzeko eta babesteko, norbanakoek, taldeek eta erakundeek dituzten eskubide eta eginbeharrari buruzko Adierazpena;

2.Gonbitea luzatzen die gobernuei, Nazio Batuen sistemaren organismo eta erakundeei eta gobernuen arteko erakundeei eta gobernuz kanpoko erakundeei, areagotu ditzatela euren ahaleginak Adierazpena hedatzeko, berekiko errespetu unibertsala eta ulertzea sustatzeko, eta eskatzen dio idazkari nagusiari sar dezala Adierazpenaren testuaGiza eskubideak:nazioarteko instrumentuen bildumadeiturikoaren hurrengo argitaraldian.

85.osoko bilkura

1998ko abenduaren 9an

ERANSKINA

Mundu osoan aitortuak diren giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak sustatzeko eta babesteko, norbanakoek, taldeek eta erakundeek dituzten eskubide eta eginbeharrari buruzko Adierazpena

Biltzar Orokorrak,

BerretsizNazio Batuen Gutunaren asmoak eta printzipioak betetzeak duen garrantzia, giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak sustatzeko eta babesteko mundu osoko herrialde guztietan eta pertsona guztientzat,

Berretsiz, halaber, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren eta giza eskubideen nazioarteko Itunak duten garrantzia, horiek baitira nazioarteko ahaleginen oinarrizko osagaiak errespetu unibertsala sustatzeko eta giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak betetzeko; eta, era berean, Nazio Batuen sistemaren esparruan eta erregio-mailan giza eskubideen gainean onetsitako bestelako instrumentuen garrantzia;

Azpimarratuz nazioarteko erkidegoko kide orok bete behar duela, taldean nahiz banaka, giza eskubideen errespetua eta guztien oinarrizko askatasunak sustatzeko eta babesteko betebeharra, inolako bereizketarik egin gabe, batik bat, bereizketa horren arrazoiak badira arraza, kolore, sexu, hizkuntza, erlijioa, iritzi politikoa nahiz beste izaerakoa, jatorri nazionala edo gizarte-jatorria, egoera ekonomikoa, jaiotza edo beste edozein gizarte-baldintza, eta berretsiz betebehar hori betetzeko, Gutunarekin bat etorriz, nazioarteko lankidetza lortzeak duen garrantzi berezia;

2/ 217 A (III) Ebazpena.

3/ 2200 A(XXI) ebazpenaren eranskina.

Aitortuz,nazioarteko bakea eta segurtasuna lotuta daudela giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen gozamenarekin, eta jakitun izanik nazioarteko bake- eta segurtasun-ezak ez duela salbuesten eskubide horiek ez betetzea,

Errepikatuzgiza eskubide guztiak eta oinarrizko askatasunak unibertsalak, zatiezinak eta elkarri lotuak direla eta euren arteko harremanetan daudela, nahitaezkoa da eskubide eta askatasun horiek sustatzea eta aplikatzea modu zuzen eta ekitatearen araberako era baten bidez, horietako bakoitzaren aplikazioari dagokiona gorabehera,

Azpimarratuzestatuari dagokiola erantzukizun garrantzitsuena eta giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak sustatzeko eta babesteko eginbeharra;

Aitortuznorbanakoek, taldeek eta erakundeek duten eskubide eta eginbeharra giza eskubide eta oinarrizko askatasunarekiko errespetua eta ezagutza sustatzeko, nazio- nahiz nazioarte-mailan;

Adierazten du:

1.artikulua

Pertsona orok du eskubidea, banaka edo taldean, giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak sustatzeko, babesteko eta gauzatzeko, nazio- nahiz nazioarte-mailan.

2.artikulua

1.Estatuei dagokie erantzukizun garrantzitsua eta eginbeharra, giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak babesteko, sustatzeko eta gauzatzeko; horretarako, besteak beste, beharrezko neurriak hartuko dituzte gizarte-, ekonomia- eta politika-baldintzak edota beste mota batekoak sortzeko, eta baita beharrezko berme juridikoak ere, pertsona orok, estatuaren jurisdikzio pean dagoenak, banaka edo taldean, eskubide eta askatasun horiek eguneko jardunean goza ditzan.

2.Estatuek hartuko dituzte beharrezko neurri guztiak, legegintzazkoak, administratiboak nahiz beste izaera batekoak, Adierazpen honetan aipatu eskubide eta askatasunak benetan bermatuta daudela ziurtatzeko.

3.artikulua

Estatu barruko zuzenbidea da, giza eskubide eta oinarrizko askatasunen esparruan, Nazio Batuen Gutunarekin eta estatuaren beste nazioarteko betebeharrekin bat datorren heinean, giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak gauzatzeko eta egikaritzeko esparrua, eta bertan burutu behar dira Adierazpen honetan aipatu egintza guztiak, eskubide eta askatasun horiek sustatzeko, babesteko eta zin-zinez gauzatzeko.

4.artikulua

Adierazpen honetan xedatutako deus ere ezin izango da interpretatu halako esanahian, horrek gutxietsi edo ezeztatzen baditu Nazio Batuen Gutunaren asmoak eta printzipioak, edota mugatzen baditu Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren xedapenak, giza eskubideen nazioarteko Itunen xedapenak nahiz beste nazioarteko instrumentu edo konpromisoak, esparru honi aplikagarriak zaizkionak edo aurreko horiekiko salbuespenak ezartzen baditu.

5.artikulua

Giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak sustatzeko eta babesteko helburuarekin, pertsona orok du eskubidea, banaka edo taldean, nazio- nahiz nazioarte mailan, zertarako eta:

a) Bakean elkartzeko eta kale-agerraldiak egiteko

b) Erakundeak, elkarteak edota gobernuz kanpoko taldeak osatzeko, eta horien kide izateko eta horietan parte hartzeko;

c) Gobernuz kanpoko erakundeekin eta gobernuen arteko erakundeekin harremanetan jartzeko.

6.artikulua

Pertsona orok du eskubidea, banaka edo beste batzuekin, zertarako eta:

a) Giza eskubideei eta oinarrizko askatasunei buruzko informazio guztia ezagutu, bildu, lortu, jaso eta edukitzeko, eta estatu barruko legegintza-sisteman, sistema judizialean eta administratiboan delako eskubide eta askatasunak gauzatzeko bideei buruzko informazioa eskura izateko;

b) Hirugarrenei, giza eskubideei eta oinarrizko askatasunei buruzko iritziak, informazioak eta ezaupideak, askatasun osoz argitaratu, eman edota hedatzeko, giza eskubideen eta aplikagarri diren nazioarteko beste instrumentuetan xedatutakoarekin bat etorriz;

c) Eskubide eta oinarrizko askatasun horiek, legean nahiz errealitatean betetzen diren aztertu eta eztabaidatzeko, eta horren inguruan iritzi bat izan eta hori mantentzeko, eta arazo horiek jendeari adierazteko, aipatu bideen edota beste bide egoki batzuen bitartez.

7.artikulua

Pertsona orok du eskubidea, banaka edo taldean, giza eskubideen inguruan ideia eta printzipio berriak garatzeko eta eztabaidatzeko, eta horien onespena bultzatzeko.

8.artikulua

1.Pertsona orok du eskubidea, banaka edo taldean, aukera eraginkorra izateko, bereizkeriarik gabe, bere herrialdearen gobernuan eta arazo publikoen kudeaketan parte hartzeko.

2.Eskubide horrek barneratzen du, besteak beste, pertsona orok duena, banaka edo taldean, kritikak egiteko eta proposamenak aurkezteko, gobernuz kanpoko organo eta erakundeen aurrean eta arazo publikoen ardura duten erakundeen aurrean, horien jardunbidea hobetu dadin, eta arreta jartzeko horien zereginaren edozein arazoren gainean, horrek giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak sustatzea, babestea eta gauzatzea oztopatu edo saihesten badu.

9.artikulua

1.Giza eskubide eta oinarrizko askatasunen jardunean, Adierazpen honetan aipatu giza eskubideak sustatzea eta babestea barne, pertsona orok du eskubidea, banaka edo taldean, baliabide eraginkorrak eskura izateko eta eskubide horiek urratuz gero, babesa izateko.

2.Ondorio horietarako, ustez eskubide edo askatasunak urraturik izan ditzakeen pertsona orok du eskubidea, bere kabuz edo legez baimendutako ordezkari baten bitartez, salaketa jartzeko agintaritza judizial independente, inpartzial eta eskudunaren aurrean edota legeak ezarritako beste agintaritza baten aurrean, eta salaketa hori berehala aztertua izan dadin jendaurreko entzunaldian, eta agintaritza horretatik lortzea erabaki bat, legearekin bat datorrena, eta konponketa agintzen duena, dagokion kalte-ordaina barne, pertsona horren eskubideak edo askatasunak urratu direnean, eta behin-behineko erabakia eta epaia gauzatzea, bidegabeko atzerakuntzarik gabe.

3.Ondorio berberetarako, pertsona orok du eskubidea, banaka edo taldean, besteak beste, zertarako eta:

a) Giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen urraketen inguruan, gobernuko funtzionarioen eta organoen politikak eta egintzak, eskarien bitartez edo beste baliabide egokien bitartez, salatzeko barruko agintaritza judizial, administratibo edo legegintzazko agintaritzen aurrean edota estatuko sistema juridikoak aurreikusitako beste agintaritza eskudunaren aurrean, eta agintaritza horiek nahitaez hartu beharko dute salaketari buruzko erabakia, bidegabeko atzerakuntzarik gabe;

b) Entzunaldietara, prozeduretara eta epaiketa publikoetara joateko eskubidea, izan dezan iritzi bat nazio-arauen betetzearen inguruan eta aplikagarri diren nazioarteko betebeharren eta konpromisoen inguruan;

c) Abokatuaren laguntza edo beste aholkularitza egokia eskaintzeko eta emateko, giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak babesteko.

4.Ondorio berberetako, pertsona orok du eskubidea, banaka edo taldean, aplikagarri diren nazioarteko instrumentu eta prozedurekin bat etorriz, giza eskubide eta oinarrizko askatasunen arazoen inguruan, jakinarazpenak jasotzeko eta aztertzeko eskumen orokorra edo berezia duten nazioarteko erakundeengana jotzeko eta eurekin eragozpenik gabe harremanetan jartzeko.

5.Estatuak uste duenean bere jurisdikziopeko edozein lurraldetan giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak urratu direla, eta zentzuzko arrazoiak badaude hori sinestarazteko, berehala ikerketa inpartzial bat egingo du edo neurri egokiak hartuko ditu azterketa bat egiteko.

10.artikulua

Inork ezin izango du parte hartu, egiteagatik edo egiteko eginbeharra ez betetzeagatik, giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen urraketan, eta inor ezin izango da zigortu edo pertsegitu, halakoa gauzatzeari uko egitearren.

11.artikulua

Pertsona orok du eskubidea, banaka edo taldean, lege bidez aritzeko bere lanbidean edo ogibidean,Pertsona orok, bere lanbidea dela eta, eragina badu beste pertsonen giza duintasunean, giza eskubideetan eta oinarrizko askatasunetan, horien eskubideak eta askatasunak errespetatu eta lanbide eta ogibidearen barneko jokabide eta etika arau egokiak bete beharko ditu, nazio- eta nazioarte-mailako arauak direla horiek.

12.artikulua

1.Pertsona orok du eskubidea, banaka edo taldean, giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen urraketen aurkako jarduera baketsuetan parte hartzeko.

2.Estatuak bermatuko du agintaritza eskudunek babes dezaten pertsona oro, banaka edo taldean, edozein indarkeria, mehatxu, errepresalia, bereizkeria, egitezko edo zuzenbidezko ukazioa, presio edo beste bidegabeko edozein egintzaren aurrean, Adierazpen honetan aipatu eskubideen legezko egikaritzatik ateratzen bada halakoa.

3.Hori dela eta, pertsona orok du eskubidea, banaka edo taldean, nazio-legeen babes eraginkorra izateko, baldin eta bide baketsuen bitartez, oldartu edo aurkaratzen baditu halako egintza eta ekintzak, ez-egiteak barne, horiek estatuei egozteko modukoak badira, estatu horiek giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak urratu badituzte; era bereko eskubidea du oldartu edo aurkaratzen baditu talde edo partikularrek egindako indarkeria-egintzak, horiek giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen gozamena ukitzen badute.

13.artikulua

Pertsona orok du eskubidea, banaka edo taldean, baliabideak eskatu, jaso eta erabiltzeko, horien helburu zehatza bada giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak sustatzea eta babestea, bide baketsuak erabilita, Adierazpen honen 3. artikuluarekin bat etorriz.

14.artikulua

1.Estatuari dagokio neurriak hartzea, legegintzazkoak, administratiboak nahiz beste izaera batekoak, bere jurisdikziopean dauden pertsonen artean sustatzeko euren eskubide zibilak, politikoak, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak.

2.Neurri horien artean ondorengoak daude:

a) Giza eskubideen oinarrizko nazio-lege eta -arauak eta nazioarteko instrumentuak argitaratzea eta horiek guztion eskuragarri egotea.

b) Giza eskubideen esparruan, nazioarteko agiriak eskura izatea baldintza berdinetan, estatuaren aldizkako txostenak barne, txosten horiek giza eskubideei buruzko nazioarteko itunetan ezarritako organoei igorri zaizkiela, estatua itun horien alderdi bada, eta baita organo horien eztabaiden eta txosten ofizialen akta laburtuak ere.

3.Estatuak bermatu eta babestuko du, kasuan-kasuan, beste nazio erakunde independente batzuk sortzea eta garatzea, horien bitartez bere jurisdikziopeko lurraldean giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak sustatzeko eta babesteko, hala nola, bitartekariak, giza eskubideen batzordeak edo bestelako nazio-erakundeak.

15.artikulua

Estatuari dagokio giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen irakaskuntza sustatzea eta erraztea, hezkuntza maila guztietan, eta, era berean, jarraikoak bermatzea, hau da, abokatuak, legea betearazteko ardura duten funtzionarioak, indar armatuetako langileak eta funtzionario publikoak prestatzeko ardura dutenek aurrekoen heziketa-programetan giza eskubideen irakaskuntzarako osagai egokiak sar ditzaten.

16.artikulua

Norbanakoen, gobernuz kanpoko erakundeen eta erakunde egokien eginkizun nagusia da jendea girotzea giza eskubide eta oinarrizko askatasunen arazoen inguruan, esparru horietako hezkuntza-, gaikuntza- eta ikerkuntza-jardueren bitartez, besteak beste, nazioen artean eta arraza- eta erlijio-talde guztien artean elkar ulertzea, tolerantzia eta bakea indartzeko helburuarekin, kontuan hartuta euren jardunak zein gizarte eta erkidegotan gauzatzen dituzten eta horietan dauden pentsamolde ezberdinak.

17.artikulua

Adierazpen honetan aitortutako eskubideak eta askatasunak egikaritzeko unean, norbanakoek, banaka edo taldean, ez dute beste mugarik aplikagarri diren nazioarteko betebeharren eta konpromisoen arabera ezarritakoak baino, legeak ere halakoak zehazten dituela;  horien helburua da guztion eskubideak eta askatasunak aitortzea bakoitzari zor zaion modu eta begirunearekin eta, aldi berean, moralak, ordena publikoak eta gizarte demokratiko baten onurak galdaturiko bidezko eskakizunei erantzuna ematea.

18.artikulua

1.Pertsona orok ditu eginbeharrak erkidegoari begira eta horren barruan, berori baita leku bakarra nork bere nortasuna askatasunez eta  osotasunez garatzeko.

2.Norbanakoei, taldeei, erakundeei eta gobernuz kanpoko erakundeei dagozkie zeregin esanguratsua eta erantzukizuna non eta demokraziaren babesean, giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen sustapenean eta gizarte, erakunde eta prozesu demokratikoen aldeko eragina eta aurrerabidean.

3.Era berean, eurei dagokie laguntzeko zeregina eta erantzukizuna, egokien izan daitekeen moduan halako eskubidea sustatzeko, hain zuzen ere, pertsona orok duen eskubidea, gizarte- nahiz nazioarte-mailan ordena egokia izateko, ordena horretan  Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean eta giza eskubideen beste instrumentuetan adierazitako eskubideak eta askatasunak euren osotasunean aplika daitezen.

19.artikulua

Adierazpen honetan xedatutako deus ere ezin izango da interpretatu halako esanahian, hau da, norbanako, talde edo organoren bati edo edozein estaturi eskubidea ematen zaiola, dela jarduerak garatzeko, dela  egintzak burutzeko, horien helburua bada Adierazpen honetan aitortutako giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak ezabatzea.

20.artikulua

Adierazpen honetan xedatutako deus ere ezin izango da interpretatu halako esanahian, hau da, estatuei ahalbidetzen zaiela, norbanako, talde, erakunde edo gobernuz kanpoko erakundeen jarduerak laguntzea eta sustatzea, horiek kontraesanean badaude Nazio Batuen Gutunak barneraturiko xedapenekin.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra