Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Quinta edición Premios Adrián Celaya

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Zuzenbide humanitarioa

Nazioarteko izaera ez dute gatazka armatuetako biktimen babesari buruzko 1949ko abuztuaren 12ko Ginebrako Hitzarmenei protokolo osagarria (II. Protokoloa)

1977-06-08

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Gatazka Armatuetan aplikagarria den nazioarteko giza zuzenbidearen berresteari eta garapenari buruzko Konferentzia diplomatikoa

Nazioarteko izaera ez dute gatazka armatuetako biktimen babesari buruzko 1949ko abuztuaren 12ko Ginebrako Hitzarmenei protokolo osagarria (II. Protokoloa)

Gatazka Armatuetan Aplikagarria den Berresteari eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren Garapenari buruzko diplomazia Konferentzia 1977ko ekainaren 8an onartua.

Indarrean jartzea:1978ko abenduaren 7an, 95. artikuluarekin bat etorriz.

Atarikoa

Alderdi kontratugile gorenak,

Gogoratuz, 1949ko abuztuaren 12ko Ginebrako Hitzarmenentzat erkidea den 3. artikuluak berretsitako printzipio humanitarioek nazioarteko izaera ez duen gatazka armatu kasuan gizakiari zor zaion errespetuaren oinarria eratzen dutela,

Gogoratuz, baita ere, giza eskubideen inguruko nazioarteko tresnek oinarrizko babesa eskaintzen diotela gizakiari,

Halako gatazka armatuetako biktimei babes hobea bermatzeko beharra azpimarratuz,

Gogoratuz, indarrean dagoen zuzenbidean aurreikusi gabeko kasuetan, gizakia printzipio humanitarioen eta kontzientzia publikoaren eskaeren babespean gelditzen dela,

Hurrengoa hitzartu dute:

I. TITULUA:PROTOKOLO HONEN ESPARRUA

1. artikulua:Aplikazio-esparru materiala

1.Protokolo honek, 1949ko abuztuaren 12ko Ginebrako Hitzarmenentzat erkidea den 3. artikulua garatu eta osatzen duena, horren gaur egungo aplikazio baldintzak aldarazi gabe, nazioarteko gatazka armatuetako biktimen babesari buruzko 1949ko abuztuaren 12ko Ginebrako Hitzarmenen Protokolo osagarriaren (I. Protokoloa) 1. artikuluagatik babestuta ez dauden gatazka armatu guztiei aplikatuko zaizkie, eta alderdi kontratugile goren baten lurraldean  bere indar armatuen artean eta indar armatu disidente edo antolatutako talde armatuen artean garatzen denean, azken hauek erantzule den agintari baten zuzendaritzapean aipatu lurraldearen zati batean kontrola egikaritzen duenean, eta kontrol hori hain handia izanik non operazio militar jarraitu eta bateratuak egin ditzatela eta baita Protokolo hau ezarri ere.

2.Protokolo hau ez da barne tentsio egoeretan eta barruko istilu egoeretan aplikatuko, esaterako, matxinadak, indarkeriazko noizbehinkakoak eta isolatutako egintzak eta bestelako antzeko egintzak, gatazka armatuak ez direnak.

2. artikulua:Aplikazio-esparru pertsonala

1.Protokolo hau, izaera kaltegarria duen inolako bereizkeriarik gabe aplikatuko da, hau da, arraza, kolore, sexu, hizkuntza, erlijio edo sinesmen, iritzi politikoak edo beste izaera batekoak, nazio jatorria edo jatorri soziala, aberastasuna, jaiotza edo beste baldintzaren bat edo beste edozein antzeko irizpideko arrazoiengatik (aurrerantzean "izaera kaltegarria duen bereizketa" bezala izendatua), 1. artikuluko esanguran gatazka armatu batek eragiten dien pertsona guztiei.

2.Gatazka armatua amaitzean, gatazka horrekin lotura duten arrazoiengatik askatasun gabetze baten edo murrizte baten objektu izan diren pertsona guztiak, bai eta gatazka eta gero arrazoi berdinengatik neurri horien objektu izan direnak, 5 eta 6. artikuluetan ezarritako babesa izango dute askatasun gabetze edo murrizte hori amaitu arte.

3. artikulua:Esku-hartze eza

1.Ezingo da Protokolo honen xedapenez baliatu estatu baten burujabetza urritzeko objektuarekin edo legezko bide guztien bitartez estatuan legea eta ordena mantendu edo berrezartzeko edo nazio batasuna eta estatuaren lurralde osotasuna defendatzeko gobernuaren ardura den erantzukizuna urritzeko.

2.Ezingo da Protokolo honen xedapenik adierazi gatazka zein lurraldetan gertatu eta alderdi kontratugile goren horren gatazka armatuan edo barne edo kanpo gaietan parte hartzeko justifikazio gisa, parte hartzea zuzenean edo zeharka eginda, arrazoia edozein izanik ere.

II. TITULUA:GIZA TRATUA

4. artikulua:Oinarrizko bermeak

1.Borrokaldietan zuzenean parte hartzen ez duten pertsona guztiak, edo horietan parte hartzeari utzi diotenean, askatasunaz gabetuak egon edo ez, euren pertsona, ohorea, euren sinesmenak eta euren erlijio eginerak errespetatuak izateko eskubidea dute.Inguruabar guztietan gizatasunak tratatuak izango dira, izaera kaltegarria duen inolako bereizkeriarik gabe.Debekatuta gelditzen da inor bizirik ez gelditzeko agindua ematea.

2.Aurreko xedapenen izaera orokorrari kalterik egin gabe, 1. paragrafoan aipatzen diren pertsonei dagokienez denbora eta leku guztietan debekatuta daude eta egongo dira, ondorengoak:

a) pertsonen bizitzaren, osasunaren eta osotasun fisiko edo mentalaren aurkako atentatuak, batik bat, erailketa eta tratu krudelak, hala nola, tortura eta ebaketak edo gorputz zigor mota oro;

b) zigor kolektiboak;

c) pertsonak bahiturik hartzea;

d) terrorismo egintzak;

e) duintasun pertsonalaren aurkako atentatuak, bereziki tratu umiliagarri eta apalesgarriak, indarkeria, derrigortutako prostituzioa eta apaltasunari atentatu den edozein modu;

f) esklabotza eta esklaboen salerosketa, horren mota guztietan;

g) lapurreta;

h) aipatutako egintzak gauzatzearekin mehatxu egitea.

3.Haurrei behar dituzten zaintzak eta laguntza emango zaizkie eta, bereziki ondorengoak:

a) hezkuntza jasoko dute, erlijio edo moral hezkuntza barne, gurasoen nahien araberako edo, gurasorik ez badute, haur horien zaintza duten pertsonen araberako;

b) aldi batez banandurik dauden familien elkartzea errazteko neurri egokiak hartuko dira;

c) hamabost urtetik beherako umeak ez dira indar edo talde armatuetan erreklutatuak izango eta ez da baimenduko borrokaldietan horien parte hartzea;

d) hamabost urtetik beherako umeentzat artikulu honetan ezarritako babes berezia, ume horiei aplikatzen jarraituko da, c) ataleko xedapenak gorabehera, borrokaldietan zuzenean parte hartu badute eta harrapatuak izan badira;

e) beharrezkoa izango balitz, neurriak hartuko dira, eta posible denean gurasoen baimenarekin edo legearen edo ohituraren arabera lehen buruan haurren zaintza duten pertsonen baimenarekin, borrokaldiak gertatzen diren gunetik haurrak aldi baterako lekualdatzeko, herrialdeko beste gune seguruago batera eta haurren segurtasuna eta ongizatearen alde arituko diren pertsonek lagunduta joan daitezen.

5. artikulua – Askatasunaz gabetutako pertsonak

1.4. artikuluko xedapenez gain, gatazka armatuarekin zerikusia duten arrazoiak direla eta askatasunaz gabetuta dauden pertsonei dagokienez, hauek barneratuak edo atxilotuak egon, ondorengo xedapenak errespetatuko dira gutxienez:

a) zauritu eta gaixoak 7. artikuluaren arabera tratatuko dira;

b) paragrafo honetan aipatzen diren pertsonak, tokiko biztanleriaren neurri berdinean jasoko dituzte elikagaiak eta edateko ura, eta osasungarritasun eta higiene bermeak izango dituzte eta klimaren gogortasunen aurkako babesa eta gatazka armatuaren arriskuen aurkako babesa izango dute;

c) banakako laguntzak edo laguntza kolektiboak jasotzeko baimena izango dute;

d) euren erlijioa praktikatzeko aukera izango dute eta, hala eskatzen dutenean eta hori bidezkoa denean, zeregin erlijiosoak gauzatzen dituzten pertsonen laguntza espirituala jasoko dute, esaterako, kapilauena;

e) lan egin behar duten kasuan, tokiko biztanleria zibilak dituen lan baldintzak eta antzeko bermeak izango dituzte.

2.Euren posibilitateen neurrian, 1. paragrafoan aipatzen diren pertsonen barneratze edo atxiloketaren erantzuleek, euren eskumenen mugen barruan, pertsona horiei buruzko ondorengo xedapenak ere errespetatuko dituzte:

a) familia bereko gizon eta emakumeei batera ostatu ematen zaienean salbu, emakumeak gizonezkoentzat diren lokaletatik ezberdinak diren beste batzuetan egongo dira eta modu zuzenean emakumeen zaintzapean egongo dira;

b) aipatu pertsonek gutunak eta posta-txartelak bidali eta jasotzeko baimena izango dute, nahiz eta agintari eskudunak horien kopurua muga dezakeen beharrezkoa dela iruditzen bazaio;

c) barneratze eta atxiloketa lekuak ez dira borroka guneen inguruetan kokatu behar.1. paragrafoan aipatzen diren pertsonak lekualdatu egingo dira barneratze edo atxiloketa lekuak gatazka armatuaren ondorioz arriskuan gelditzen direnean, beti ere horien lekualdatzea segurtasun baldintza nahikoekin gauza daitekeenean;

d) pertsona horiei mediku azterketak egingo zaizkie;

e) ez dira arriskuan jarriko horien osasuna ezta osotasun fisiko edo mentala ere, inolako  egite edo ez egite bidegaberen bitartez.Ondorioz, artikulu honetan aipatzen diren pertsonei edozein ebakuntza mediku egitea debekatzen da, ebakuntza hori bere osasun egoeragatik egin behar ez bada eta orokorrean onartuta dauden mediku arauekin bat ez datorrenean, antzeko mediku inguruabarretan aplikatuko liratekeenak askatasunaz gabetu gabeko pertsonei.

3.1. paragrafoko xedapenetan agertzen ez diren pertsonak baina edozein modutan askatasuna mugatuta dutenak, gatazka armatuarekin zerikusia duten arrazoiengatik, gizatasunez tratatuak izango dira 4. artikuluan eta artikulu honetako 1 a), c) eta d) eta 2 b) paragrafoetan xedatutakoarekin bat etorriz.

4.Askatasunaz gabeturik dauden pertsonak askatzea erabakitzen bada, erabaki hori hartzen dutenek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte halako pertsonen segurtasuna bermatzeko.

6. artikulua:Zigor eginbideak

1.Artikulu hau gatazka armatuarekin zerikusia duten gauzatutako zigor arau hausteen auzipetzeari eta zehapenari aplikatuko zaio.

2.Arau hauste baten errudun dela adierazi den pertsonari ez zaio zigorrik ezarriko ezta inolako zigorrik exekutatuko ere, ez bada ezinbesteko independentzia eta inpartzialtasun bermeak eskaintzen dituen auzitegi baten epaiaren bidez.Batik bat:

a) prozedurak ezarriko du akusatua atzerapenik gabe informatu behar dela egozten zaion arau-haustearen zehaztapenen inguruan eta epaiketa baino lehen gauzatzen diren egintzetan eta epaiketa bitartean, akusatuari eskubide eta beharrezko defentsa bide guztiak bermatuko dizkio;

b) inor ezin da arau-hauste batengatik zigortu ez bada beraren norbanako zigor erantzukizunean oinarrituta ez bada;

c) inor ez da egite edo ez egite batengatik zigortuko, zuzenbidearen arabera egintza hori gauzatzerako unean delitua ez bazen, eta arau-haustea gauzatzerako unean aplikagarri litzatekeen zigorra baino larriagoa den beste bat ere ez da ezarriko; arau-haustea gauzatu eta gero, legeak zigor larriagoa ezartzea aginduko balu, delitugileak horren onura izango du;

d) arau-hauste bat gauzatu izanaz akusatua den pertsona errugabea dela uste izango da legearen arabera bere erruduntasuna frogatzen ez den bitartean;

e) arau-hauste bat egiteaz akusatua izan den pertsona orok epaitua den bitartean bertan egoteko eskubidea izango du;

f) inor ezingo da behartu bere buruaren aurka adierazpenik egitera ezta nork bere burua errudun aitortzera ere;

3.Kondenatua izan den pertsona oro informatua izango da, bere kondenaren unean, errekurtso judiziala eta beste mota batekoa aurkezteko duen eskubideaz, bai eta eskubide horiek egikaritzeko dituen epeen inguruan ere.

4.Ez da heriotza zigorra ezarriko arau haustea egiteko unean 18 urtetik behera zituzten pertsonen aurka, eta zigor hori ez da exekutatuko haurdun dauden emakumeen gain ezta adin txikiko haurrak dituzten amen gain.

5.Borrokaldiak amaitzerakoan, boterean dauden agintariek posible den amnistiarik zabalena ematen saiatuko dira gatazka armatuan parte hartu duten pertsonei edo askatasunaz gabeturik dauden pertsonei, gatazka armatuarekin zerikusia duten arrazoiak direla eta barneraturik edo atxiloturik daudenak.

III. TITULUA:ZAURITUAK, GAIXOAK ETA ITSASOAN GALDUTAKOAK

7. artikulua:Babesa eta laguntza

1.Zauritu, gaixo eta itsasoan galdutako guztiak, gatazka armatuan parte hartzaileak izan edo ez, errespetatuak eta babestuak izango dira.

2.Inguruabar guztietan gizalegez tratatuko dira eta posible den neurrian eta ahalik eta eperik laburrenean, beraien egoerak behar dituen osasun zaintzak jasoko dituzte.Horien artean ez da inolako bereizkeriarik egingo mediku-irizpideetan oinarrituta ez badago.

8. artikulua:Bilaketa

Inguruabarrek ahalbidetzen duten guztietan, eta batik bat borrokaldi baten ostean, atzerapenik gabe posible den neurri guztiak hartuko dira zaurituak, gaixoak eta itsasoan galdutakoak bilatu eta jasotzeko, lapurreta eta tratu txarren aurka babesteko helburuarekin eta beharrezko laguntza izango dutela ziurtatzeko, eta hildakoak bilatzeko, beraien gauzak kendu ez diezazkieten eta beraien gorpuzkiei destino begirunetsua emateko.

9. artikulua:Osasun eta erlijio langileen babesa

1.Osasun eta erlijio langileak errespetatuak eta babestuak izango dira.Euren zereginak gauzatzeko erabilgarri dagoen laguntza guztia emango zaie eta ez zaie behartuko beraien misio humanitarioarekin bateraezinak diren zereginak gauzatzera.

2.Ezingo da eskatu osasun langileek, euren misioaren betepenean, lehentasuna eman diezaiotela pertsonaren baten tratamenduari, salbu eta mediku arrazoiak direla bide.

10. artikulua:Mediku misioaren babes orokorra

1.Ez da inor zigortuko deontologiaren arabera mediku egintza bat gauzatu izanagatik, egintza horren inguruabarrak edo onurak edozein izanik ere.

2.Mediku egintza bat gauzatzen duten pertsonak ezingo dira behartu deontologiaren aurkakoak edo zaurituak eta gaixoak babestera zuzendutako bestelako mediku arau batzuen aurkakoak diren egintzak edo lanak gauzatzera, edo Protokolo honen aurkakoak direnak, ezta aipatu arau edo xedapenek eskatutako egintzak gauzatzeari uko egin diezaiotela ere.

3.Legeria nazionalean xedatutakoari kalterik egin gabe, mediku ekintza bat gauzatzen duten pertsonen betebehar profesionalak errespetatuko dira, beraiek sorotsi dituzten zauritu eta gaixoen inguruan jaso dezaketen informazioari dagokionez.

4.Legeria nazionalean ezarritakoari kalterik egin gabe, mediku ekintza bat gauzatzen duen pertsona ezingo da inolaz ere zehatua izan sorosten dituen edo sorotsi dituen zauritu edo gaixoen inguruko informazioa ez emateagatik edo ematera ukatzeagatik.

11. artikulua:Osasun unitate eta garraiobideen babesa

1.Osasun unitateak eta osasun garraiobideak errespetatuak eta babestuak izango dira une oro eta ez dira erasoen objektu izango.

2.Osasun unitate eta garraiobideei zor zaien babesa bakarrik amaitu ahal izango da horiek etsairo egintzak egiteko erabiltzen direnean beraien zeregin humanitarioa alde batera utzita.Hala ere, babesa amaitu egingo da larderia baten ondoren, beharrezkoa denean zentzuzkoa den epe bat ezarrita, ondorerik sortzen ez duenean.

12. artikulua:Ikur bereizgarria

Dagokion agintari eskudunaren zuzendaritzapean, osasun eta erlijio langileek eta osasun unitate eta garraiobideek hondo zuri baten gainean gurutze gorriaren, ilargi erdi gorriaren edo lehoiaren eta eguzki gorriaren ikur bereizgarria eramango dute.Ikur hori inguruabar guztietan errespetatu beharko da.Ezingo da bidegabe erabili.

IV. TITULUA:BIZTANLERIA ZIBILA

13. artikulua:Biztanleria zibilaren babesa

1.Biztanleria zibilak eta pertsona zibilek operazio militarretatik eratorritako arriskuen aurkako babes orokorra izango dute.Babes hau eragingarri egiteko, inguruabar guztietan ondorengo arauak izango dira kontuan.

2.Biztanleria zibila eta pertsona zibilak, izaera hori izateagatik, ez dira erasoen jomuga izango.Debekatuta gelditzen dira indarkeria egintzak eta mehatxuak, horien helburu nagusia biztanleria zibila izutzea denean.

3.Pertsona zibilek Titulu honek ematen duen babesa izango dute, salbu eta borrokaldietan zuzenean parte hartzen badute eta parte hartze horrek irauten duen bitartean.

14. artikulua:Biztanleria zibilaren biziraupenerako ezinbestekoak diren ondasunen babesa

Debekatuta gelditzen da, borroka metodo gisa, pertsona zibilei gosea jasanaraztea.Ondorioz, debekatu egiten da helburu horrekin biztanleria zibilaren biziraupenerako ezinbestekoak diren ondasunak erasotzea, lapurtzea edo erabiltezin uztea; ondasun horiek izango dira, besteak beste, elikagaiak eta elikagai horiek ekoizten dituzten nekazal guneak, uztak, abereak, edateko uraren instalazioak eta erreserbak eta ureztaketa egiteko obrak.

15. artikulua:Indar arriskutsuak dituzten obra eta instalazioen babesa

Indar arriskutsuak dituzten obra edo instalazioak, hau da, presak, dikeak eta energia elektrikodun zentral nuklearrak, ez dira erasoen xede izango, nahiz eta xede militarrak izan, halako erasoek indar horien askapena eragin dezaketenean eta ondorioz, biztanleria zibilaren artean heriotz ugari eragin ditzaketenean.

16. artikulua:Ondasun kultural eta kultu lekuen babesa

Gatazka Armatu kasuan Ondasun Kulturalak Babesteko 1954ko maiatzaren 14ko Hagako Hitzarmeneko xedapenei kalterik egin gabe, debekatuta gelditzen da herrien kultura- edo espiritu-ondarea osatzen duten monumentu historiko, artelan edo kultu lekuen kontra zuzendutako borroka egintzak gauzatzea, eta esfortzu militarraren mesedetan erabiltzea.

17. artikulua:Nahitaezko lekualdaketen debekua

1.Ezingo da biztanleria zibilaren lekualdaketa agindu gatazkarekin lotura duten arrazoiengatik, ez bada hala eskatzen dutela pertsona zibilen segurtasunak edo premiazko arrazoi militarrek.Halako lekualdaketa bat gauzatu beharko balitz, posible den neurri guztiak hartuko dira biztanleria zibila ostatu, osasungarritasun, higiene, segurtasun eta elikadura baldintza egokietan hartua izan dadin.

2.Ezingo da biztanleria zibila behartu euren berezko lurraldetik joatera gatazkarekin lotura duten arrazoiak direla eta.

18. artikulua:Laguntza elkarteak eta laguntza egintzak

1.Alderdi kontratugile gorenen lurraldean ezarritako laguntza elkarteek, hala nola Gurutze Gorriaren erakundeek (Ilargi Erdi Gorria, Lehoia eta Eguzki Gorria), euren zerbitzuak eskain ditzakete beraien ohiko zereginak gauzatzeko gatazka armatuaren biktimei dagokienez.Biztanleria zibila eskaini ahal izango da, baita bere ekimen propioaren bidez ere, zaurituak, gaixoak eta itsasoan galdutakoak jaso eta zaintzeko

2.Biztanleria zibila gabezia izugarriak jasaten ari denean bere biziraupenerako ezinbestekoa den hornitzean gabezia dela eta, esaterako, elikagaiak eta osasun hornigaiak falta izatea, orduan, alderdi kontratugile gorena interesatuaren baimenarekin biztanleria zibilaren mesedetan laguntza egintzei ekingo zaie, egintza horiek izaera humanitario eta inpartziala izango dute soilik eta izaera kaltegarririk gabeko inolako bereizketarik gabe gauzatuko dira.

V. TITULUA:AZKEN XEDAPENAK

19. artikulua:Hedapena

Protokolo hau ahalik eta zabalen hedatu behar da.

20. artikulua:Sinadura

Protokolo hau Hitzarmeneko alderdi direnak sinatzeko zabalik geratuko da Azken Aktaren sinaduratik sei hilabete geroago eta zabalik jarraituko du hamabi hilabetetako aldian zehar.

21. artikulua:Berrespena

Protokolo hau ahalik eta azkarren berretsiko da.Berrespen tresnak Suitzako Kontseilu Federalaren esku gordailatuko dira, Hitzarmenen gordailuzaina dena.

22. artikulua:Atxikipena

Protokolo hau, Protokoloaren sinatzaile izan gabe Hitzarmenen alderdi diren guztien atxikipenera zabalik egongo da.Atxikipen tresnak gordailuzainaren esku gordailatuko dira.

23. artikulua:Indarrean jartzea

1.Protokolo hau indarrean jarriko da bi berrespen edo atxikipen tresna gordailatu eta sei hilabetetara.

2.Geroago berresten duen edo atxikitzen den Hitzarmenetako alderdi bakoitzarentzat, Protokolo hau indarrean jarriko da alderdi horrek bere berrespen edo atxikipen tresna gordailatu eta sei hilabetetara.

24. artikulua:Zuzenketak

1.Alderdi kontratugile goren orok zuzenketa bat edo batzuk proposa diezazkioke Protokolo honi.Proposatutako edozein zuzenketaren testua gordailuzainari komunikatuko zaio, eta honek, alderdi kontratugile goren guztiekin eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komitearekin kontsula egin eta gero, proposatutako zuzenketa aztertzeko konferentzia bat deitzea komenigarria ote den erabakiko du.

2.Gordailuzainak alderdi kontratugile gorenak eta Hitzarmenetan alderdi direnak gonbidatuko ditu konferentzia horretara, Protokolo honen sinatzaile izan edo ez.

25. artikulua:Salaketa

1.Alderdi kontratugile goren batek Protokolo hau salatzen duen kasuan, salaketak ondoreak sortuko ditu salaketa tresna jaso eta sei hilabete geroago.Hala ere, sei hilabeteak igarotakoan salaketa egin duen alderdia 1. artikuluan ezarritako egoeran aurkitzen bada, salaketak ez du ondorerik sortuko gatazka armatua amaitu baino lehen.Gatazka horrekin lotutako arrazoiak direla eta askatasun gabezia edo murrizketa baten objektu izan diren pertsonak, Protokolo honen xedapenen onurak izaten jarraituko dute behin betiko askatasuna lortzen duten arte.

2.Salaketa idatziz jakinaraziko zaio gordailuzainari.Azken honek alderdi kontratugile goren guztiei komunikatuko die.

26. artikulua:Jakinarazpenak

Gordailuzainak alderdi kontratugile gorenak eta Hitzarmenetan alderdi direnak, Protokolo honen sinatzaile izan edo ez, ondorengoaren inguruan informatuko ditu:

a) Protokolo honetan agertzen diren sinadurak eta berrespen eta atxikipen tresnen gordailua, 21 eta 22. artikuluekin bat etorriz;

b) Protokolo hau indarrean jartzeko data, 23. artikuluarekin bat etorriz;

c) jasotako komunikazio eta adierazpenak, 24. artikuluaren arabera.

27. artikulua:Erregistroa

1.Behin Protokolo hau indarrean jarri denean, gordailuzainak Nazio Batuen Idazkaritzari igorriko dio horren erregistro eta argitaratzea gauzatzeko helburuarekin, Nazio Batuen Gutunaren 102. artikuluarekin bat etorriz.

2.Gordailuzainak, Protokolo honen inguruan jasotzen dituen berrespen, atxikipen eta salaketa guztien inguruan ere informatuko du Nazio Batuen Idazkaritza.

28. artikulua:Testu kautoak

Protokolo honen jatorrizkoa, zeinaren testu arabiarra, txinera, espainola, frantsesa, ingelesa eta errusiera era berean kautoak direnak, gordailuzainaren esku gordailatuko da, eta horrek kopia ziurtatuak bidaliko ditu Hitzarmenetan alderdi diren guztiei.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra