Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Desgaituen eskubideak

Pertsona Desgaituen Aukera-berdintasunari buruzko Erabereko Arauak

1993-12-20

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Orokorra

Pertsona Desgaituen Aukera-berdintasunari buruzko Erabereko Arauak

 

Nazio Batuen Biltzar Orokorrak onetsiak, bere bileren berrogeita zortzigarren aldian, 1993ko abenduaren 20ko46/96 ebazpenaren bitartez (1994ko martxoaren 4an, A/RES/48/96 agirian argitaratua)

 

AURKIBIDEA:

BERDINTASUN-BALDINTZETAN PARTE HARTZEKO BETEKIZUNAK

Kontzientzia hartze zabalagoa

Mediku-arreta

Birgaikuntza

Laguntza-zerbitzuak

BERDINTASUN BALDINTZETAN PARTE HARTZEKO AURREIKUSTEN DIREN ARLOAK

Irismen-aukerak

Hezkuntza

Enplegua

Diru-sarrerak mantentzea eta gizarte segurantza

Familia-bizitza eta osotasun pertsonala

Kultura

Jolas- eta kirol-jarduerak

Erlijioa

BETEARAZTE-NEURRIAK

Informazioa eta ikerketa

Arau- eta plangintza-gaiak

Legeria

Politika ekonomikoa

Lanak koordinatzea

Pertsona desgaituen erakundeak

Langileen gaikuntza

Desgaitasunari buruzko programak nazio-mailan gainbegiratzea eta ebaluatzea, Erabereko Arauak aplikatzeari dagokionez

Lankidetza teknikoa eta ekonomikoa

Nazioarteko lankidetza

GAINBEGIRATZE-MEKANISMOA

1. artikulua. Kontzientzia hartze zabalagoa

Estatuek neurriak hartu behar dituzte gizarteak kontzientzia zabalagoa har dezan pertsona desgaituei begira, horien eskubideen, beharrizanen, aukeren eta parte hartzearen aurrean.

1.Estatuak arduratuko dira agintari eskudunek zabal dezaten programa eta zerbitzu erabilgarriei buruzko informazio gaurkotua, pertsona desgaituentzat, familientzat eta arlo horretan lan egiten duten profesionalentzat eta, oro har, jendearentzat.Pertsona desgaituentzako informazioa eskuragarria izan behar da.

2.Estatuek hasi eta bultzatu behar dituzte pertsona desgaituei buruzko eta desgaitasun arloko politikei buruzko informazio-kanpainak, zertarako eta mezu bat zabaltzeko, hau da, pertsona horiek herritarrak direla eta beste guztien eskubide eta betebehar berberak dituztela, eta modu horretan justifikatzeko, euren parte-hartze osoa oztopatzen duten eragozpenak ezabatzeko neurriak.

3.Estatuek komunikabideak bultzatu behar dituzte, horiek aurkez dezaten pertsona desgaituen irudi positiboa; horri buruz, pertsona desgaituen erakundeei kontsulta egin behar zaie.

4.Estatuak arduratuko dira hezkuntza publikoko programek adierazi dezaten parte-hartze eta berdintasunaren printzipioa, horrek dituen alde guztiak barne.

5.Estatuek pertsona desgaituak eta euren familiak, eta baita erakunde interesdunak gonbidatu behar dituzte, desgaitasunarekin zer ikusia duten esparruei buruzko hezkuntza publikoko programetan parte hartzera.

6.Estatuek sektore pribatuko enpresak bultzatu behar dituzte euren jardueren alde guztietan desgaitasunari buruzko gaiak sar ditzaten.

7.Estatuek hasi eta sustatu behar dituzte pertsona desgaituek euren eskubideaz eta aukeraz kontzientzia zabalagoa hartzera bideratutako programak.Autonomia zabalagoak eta gizartean bete-betean parte-hartzeko baldintzak sortzeak ahalbidetuko dute pertsona horiek eskura dituzten aukerak aprobetxatzea.

8.Kontzientzia zabalagoa hartzeko sustapen-lanak alde garrantzitsua behar du izan, haur desgaituen hezkuntzan eta birgaikuntza-programetan.Pertsona desgaituek elkarri lagundu diezaiokete kontzientzia zabalagoa har dezaten, eta horretarako euren erakundeen jardueretan parte hartuko dute.

9.Kontzientzia zabalagoa hartzeko sustapen-lanak haur guztien hezkuntzako zatia izan behar du eta, oro har, irakasleen heziketa-ikastaroetarako eta profesional guztien gaikuntzarako osagarrietako bat.

Estatuek ziurtatu behar diete mediku-zerbitzua pertsona desgaituei.

1.Estatuek ahaleginak egingo dituzte diziplina anitzeko talde profesionalek zuzendutako programak eskaintzeko, horien helburua dela urritasunen antzemate goiztiarra, ebaluazioa eta tratamendua.Era horretan horien ondorio kaltegarriak saihestu, gutxitu edo ezabatu ahal izango dira.Programa horiek bermatu behar dute parte-hartze osoa, dela, norbanako mailan, pertsona desgaituena eta euren familiena, dela, pertsona desgaituen erakundeena, plangintza- eta ebaluazio-mailetan.

2.Tokiko erkidegoen langileak trebatu egin behar dira parte hartu dezaten, besteak beste, esparru hauetan, hala nola, urritasunak goiz antzematen, lehen mailako laguntza ematen eta zerbitzu egokiak eskaintzen.

3.Estatuak arduratuko dira pertsona desgaituek, bereziki bularreko haurrek eta haurrek eurek izan dezaten gizarteko gainerako kideek duten kalitate bereko mediku-laguntza, betiere sistema berean.

4.Estatuak arduratuko dira mediku eta paramediku langile oro gai izan dadin eta behar bezala hornituta egon dadin, pertsona desgaituei mediku-laguntza emateko eta eskura izan ditzan tratamendurako teknologia eta metodo egokiak.

6.Estatuak arduratuko dira pertsona desgaituek aldian-aldian har ditzaten gaitasun funtzionala mantentzeko edo gehitzeko behar dituzten tratamendu eta medikamentuak.

3. artikulua. Birgaikuntza (*)

(*) Birgaikuntza, desgaitasun arloko politikaren kontzeptu garrantzitsuena izanik, atarikoaren 23. paragrafoan definitzen da.

Estatuek ziurtatuko dute pertsona desgaituentzako birgaikuntza-zerbitzuak ematea, horiek lor ditzaten autonomia- eta mugigarritasun-maila egokia izatea eta halakoa gordetzea.

1.Estatuek pertsona desgaitu guztientzat egin behar dituzte birgaikuntza nazio-programak.Programa horiek pertsona horien egiazko beharrizanetan oinarrituko dira eta erabateko parte hartze- eta berdintasun-printzipioetan.

2.Programa horiek barneratuko dute jardueren sail zabala, hala nola, oinarrizko gaikuntza, zuzenduta dagoena hobetzera zer eta, funtzio baten jarduera, hori norabidetuta badago funtzio bera konpentsatzera; pertsona desgaitu eta euren familientzako aholkularitza, autonomia sustatzea eta aldizkako zerbitzuak ematea, berbarako, ebaluazioa eta orientazioa.

3.Birgaikuntzarako sarbidea izango dute halakoa eskatzen duten pertsona guztiek, barne hartuta desgaitasun larriak eta anitzak dituzten pertsonek ere.

4.Pertsona desgaituak eta euren familiak prest egon beharko dira dagozkien birgaikuntza-zerbitzuak sortzen eta antolatzen parte hartzeko.

5.Birgaikuntza-zerbitzuak pertsona desgaitua zein tokiko erkidegotan bizi eta erkidego horretan ezarriko dira.Edonola ere, kasu batzuetan, birgaikuntza-ikastaro bereziak, epe mugatukoak, antola daitezke etxean bertan, ikusten bada hori dela modurik egokiena gaikuntza-maila zehatz bat lortzeko.

6.Pertsona desgaituak eta euren familiak bultzatu behar dira zuzenean parte har dezaten birgaikuntzan, adibidez, esperientziadun irakasle, hezitzaile edo aholkulari gisa.

7.Estatuek pertsona desgaituen erakundeek hartutako esperientzia baliatu behar dute, birgaikuntza-programak egiteko edo ebaluatzeko orduan.

Estatuak arduratuko dira laguntza-zerbitzuak, baliabide osagarriak barne, ezartzeko eta horiek pertsona desgaituei eskaintzeko, lagungarri izan daitezen halakoak pertsona horien egunerokotasunean autonomia maila igotzeko eta euren eskubideak egikaritzeko.

1.Aukera-berdintasuna lortzeko neurri garrantzitsuenen artean, estatuek eman behar dituzte ekipoa eta baliabide osagarriak, laguntza pertsonala eta interprete-zerbitzuak, pertsona desgaituen beharrizanen arabera.

2.Estatuek babestu behar dituzte ekipoa eta baliabide osagarriak garatzea, fabrikatzea, banatzea eta konpontze-zerbitzuak, bai eta horren inguruko ezaguera zabaltzea ere.

3.Helburu horrekin, orokorrean dauden ezaguera teknikoak aprobetxatu beharko dira.Goi mailako teknologia-industria duten estatuek, halakoa erabili beharko dute oso-osorik, ekipoaren eta baliabide osagarrien maila hobetzeko.Garrantzitsua da baliabide osagarri xumeenen eta merkeenen garapena eta fabrikazioa sustatzea, ahal dela tokiko materialak eta produkzio-bideak erabilita.Pertsona desgaituek, halaber, artikulu horiek fabrikatzen parte har dezakete.

4.Estatuek aitortu behar dute ekipoa edo baliabide osagarriak behar dituzten pertsona desgaituek halakoak eskura izan behar dituztela kasuan-kasuan, horiek lortzeko finantza-gaitasuna barne.Beharrezkoa izan daiteke ekipoa eta baliabide osagarriak doan ematea, edo pertsona horiek edo euren senideek halakoak erosteko moduko prezioan.

5.Gailu osagarriak eta ekipoa emateko birgaikuntza-programetan, estatuek kontuan izango dituzte haur desgaituen beharrizan bereziak, gailu osagarrien eta ekipoaren diseinu eta iraupenari dagokienez, eta horien egokitasuna, zein haur izango diren horien hartzaileak eta euren adina aintzakotzat hartuta.

6.Estatuek babestu behar dute laguntza pertsonaleko programak eta interpretazio-zerbitzuak egitea eta eskura jartzea, batik bat, desgaitasun larriak eta anitzak dituzten pertsonen kasuan.Programa horiek igo egingo lukete pertsona desgaituen parte hartze-maila egunerokotasunean, etxean, lantokian, eskolan eta aisialdian.

7.Laguntza pertsonaleko programak moldatu behar dira zein pertsona desgaituk erabili halakoak eta pertsona desgaitu horiek izan dezaten indar erabakigarria programa horiek gauzatzeko orduan.

5. artikulua. Sarbide-aukerak

Estatuek aitortu behar dute sarbide-aukeren garrantzia, gizartearen esparru guztietan aukera-berdintasuna lortzeko prozesuan.Edozein izaerako desgaitasunak dituzten pertsonentzako, estatuek:a) egintza-programak ezarri behar dituzte, inguru fisikoa eskuragarria izan dadin, eta b) neurriak hartu behar dituzte, informazioa eta komunikazioa eskura egon daitezen.

a) Inguru fisikoa eskura izatea

1.Estatuek neurriak hartuko dituzte inguru fisikoan parte hartzearen inguruko oztopoak ezabatzeko.Neurri horiek izan daitezke arauak egitea eta jarraibideak ezartzea eta halako legeak aldarrikatzeko aukerak aztertzea, horiek ziurtatzen badute gizartearen sektore desberdinak eskura izatea, esaterako, etxebizitzak, eraikinak, garraiobide publikoak eta beste garraiobideak, kaleak eta aisialdirako beste tokiak.

2.Estatuak arduratuko dira arkitektoek, eraikuntza-teknikoek eta inguru fisikoa diseinatu eta eraikitzen dituzten beste profesionalek lor dezaten informazio egokia desgaitasunaren inguruko politikari buruz eta sarbidea ziurtatzera bideratutako neurriei buruz.

3.Inguru fisikoa diseinatzeko eta eraikitzeko, hasiera-hasieratik aintzat hartuko dira sarbidea ziurtatzeko neurriak.

4.Sarbidea ziurtatzeko neurriak eta xedapenak egiten direnean, pertsona desgaituen erakundeei kontsulta egin beharko zaie.Erakunde horiek, halaber, hasierako plangintzaren fasetik hasita, toki-mailan parte hartuko dute obra publikoen proiektuak diseinatzen direnean, sarbide-aukerak ahalik eta gehien bermatzeko helburuarekin.

b) Informazioa eta komunikazioa eskura izatea

5.Pertsona desgaituek eta, hala denean, euren familiek eta euren alde egiten dutenek fase guztietan izan behar dute eskura diagnostikoari, euren eskubideei eta eskuragarri dauden zerbitzu eta programei buruzko informazio osoa.Informazio hori aurkeztu behar da modu batez, hain zuzen ere, pertsona desgaituentzat eskuragarria izan dadin.

6.Estatuek estrategiak egokitu behar dituzte informazio- eta dokumentazio-zerbitzuak eskuragarriak izan daitezen pertsona desgaituen talde desberdinentzako.Ikusmen-urritasuna duten pertsonei informazio- eta dokumentazio-idatzia emateko, Braille-sistema, grabazioak, inprimatzeko letra handiak eta beste teknologia egokiak erabili beharko dira.Ildo beretik, entzumen-urritasunak edo ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonei ahozko informazioa emateko, teknologia egokiak erabili beharko dira.

7.Kontuan hartuko da zeinu-hizkuntza erabiltzea haur gorren hezkuntzan, eta baita euren familia eta erkidegoetan ere.Halaber, zeinu-hizkuntza interpretatzeko zerbitzuak egon behar dira gorren eta gainerako pertsonen arteko ulermena errazteko.

8.Kontuan hartuko dira, berebat, beste mota bateko komunikazio-desgaitasunak dituzten pertsonen beharrizanak.

9.Estatuek komunikabideak sustatu behar dituzte, hauen zerbitzuak eskuragarriak izan daitezen, batik bat, telebista, irratia eta egunkariak.

11.Pertsona desgaituen erakundeei kontsulta egin behar zaie pertsona horiek komunikabideak eskuragarri izatera bideratutako neurriak hatzen direnean.

6. artikulua. Hezkuntza

Estatuek aitortu behar dute aukera-berdintasunaren printzipioa lehenengo, bigarren eta goi mailako hezkuntzan, desgaitasuna duten haur, gazte eta helduentzat, horiek ingurune integratuetan badaude, eta arduratuko dira pertsona desgaituen hezkuntza izan dadin hezkuntza-sistemaren osagaia.

1.Ingurune integratuetan pertsona desgaituen hezkuntzaren ardura irakaskuntza-agintariek dute orokorrean.Pertsona desgaituen hezkuntzak osagaia behar du izan, hezkuntzaren plangintza nazionalean, ikasketa-planen egikeran eta eskola-antolamenduan.

2.Ohiko eskoletako hezkuntzak eskatzen ditu interpretazio-zerbitzuak eta beste laguntza-zerbitzu egokiak.Desgaitasun desberdinak dituzten pertsonei erraztuko zaizkie, euren beharrizanen araberako baldintza egokiak eta laguntza-zerbitzuak.

3.Guraso-talde edo -elkarteek eta pertsona desgaituen erakundeek hezkuntza-prozesuaren maila guztietan parte hartu behar dute.

4.Irakaskuntza derrigorrezkoa den estatuetan, desgaitasun mota eta maila desberdinak, larrienak barne, dituzten haurrek ere irakaskuntza jasoko dute.

5.Arreta berezia eskaini behar zaie ondorengo taldeei:

a) Desgaitasuna duten haur oso txikiei;

b) Desgaitasuna duten eskolaurreko haurrei;

c) Desgaitasuna duten helduei, batez ere, emakumeei.

6.Pertsona desgaituen heziketari buruzko xedapenak irakaskuntza orokorrean sartzeko, estatuek:

a) Eskoletan eta, oro har, erkidegoan ere, bereganatutako politika argi, ulergarri eta onesgarria izan beharko dute.

b) Ikasketa-plan malguak eta moldagarriak ahalbidetu behar dituzte, horiei osagai desberdinak gehitzea ere egingarri izanik, premien arabera.

c) Kalitatezko material didaktikoak eman behar dituzte eta irakasleen eta langile laguntzaileen etengabeko heziketa ezarri.

7.Hezkuntza integratuaren programak, erkidegoan oinarri dutenak, eranskin erabilgarritzat hartuko dira, zertarako eta, pertsona desgaituei errazteko diru aldetik bideragarri izan daitezkeen heziketa eta hezkuntza.Erkidegoan oinarri duten nazio-programak erabili behar dira erkidegoen artean sustatzeko baliabideen erabilera eta zabalkundea, pertsona desgaituei tokiko hezkuntza emateko helburuarekin.

8.Irakaskuntza orokorreko sistemak ezin dituenean pertsona desgaitu guztien beharrizanak bete, orduan irakaskuntza berezia ezartzeko aukera aztertu beharko da helburu zehatz batekin, hau da, ikasleak prestatzea irakaskuntza orokorreko sisteman ikasi dezaten.Halako heziketaren kalitatea irakaskuntza orokorrari aplikatzen zaizkion arau eta helburu berberek bideratuko dute eta horri hertsiki lotuta egongo da.Desgaitasuna duten ikasleei, gutxienez, desgaitasunik gabeko ikasleei ematen zaien baliabide portzentaje bera emango zaie, euren heziketarako.Estatuek lortu behar dute irakaskuntza bereziko zerbitzuak mailaz maila sartzea irakaskuntza orokorrean.Aitortzen da kasu batzuetan irakaskuntza berezia izan daitekeela modurik egokiena desgaitasuna duten ikasle batzuk hezteko.

9.Pertsona gorrek eta gor eta itsuek komunikatzeko duten behar bereziak kontuan hartuta, beharbada egokiagoa da horiek heztea halako arazoak dituzten pertsonentzako eskoletan edo irakaskuntza orokorreko eskoletako gela eta atal berezietan.Beren-beregi zaindu beharko da heziketak, batez ere hasieran, kontuan hartu dituela kultura inguruko desberdintasunak, pertsona gorrek edota gorrek eta itsuek lor ditzaten benetako komunikazioa eta autonomiarik zabalena.

Estatuek aitortu behar dute halako printzipioa, alegia, pertsona desgaituek giza eskubideak egikaritzeko ahalmena izan behar dutela, batik bat enpleguari dagokionez.Nekazaritza-guneetan nahiz hiriguneetan, aukera-berdintasuna egon behar da lan-merkatuan enplegu produktiboa eta ordaintzeko modukoa lortzeko.

1.Lan-arloko legeria- eta erregelamendu-xedapenek ezin dute pertsona desgaiturik bereizi, ezta euren enpleguari oztoporik jarri ere.

2.Estatuek modu aktiboan lagunduko dute pertsona desgaituak lan-merkatuan sar daitezen.Laguntza aktibo hori hainbat neurriren bitartez lor daiteke, besteak beste, lanbide-gaikuntza, pizgarrietan oinarritutako kuota-planak, enplegu erreserbatua, enpresa txikientzako maileguak eta diru-laguntzak, esklusibotasun kontratuak edota lehenespeneko ekoizpen-eskubideak, zerga-salbuespenak, langile desgaituak dituzten enpresei kontratuen gainbegiratzea edo beste mota bateko laguntza teknikoa ematea.Estatuek enplegatzaileak sustatu behar dituzte, horiek arrazoizko doikuntzak egin ditzaten,  pertsona desgaituak hartzeko.

3.Estatu mailako neurrien programek barneratu behar dituzte:

a) Lantokiak eta lanpostuak diseinatzeko eta egokitzeko neurriak, eskuragarriak izan daitezen desgaitasun mota desberdinak dituzten pertsonentzat.

b) Teknologia berriak erabiltzeko eta baliabideak, tresnak eta ekipo osagarriak garatzeko eta sortzeko laguntza, eta desgaituek halakoak eskura izateko neurriak, enplegua lor eta gorde dezaten.

c) Heziketarako, lanerako eta babeserako zerbitzu egokiak ematea, besteak beste, laguntza pertsonala eta interpretazio-zerbitzuak.

4.Estatuek kanpainak hasi behar dituzte eta halakoak sustatu, jendea sentsibiliza dadin zertarako eta, lortzeko pertsona desgaituen gain eragina duten jarrera ezkorrak eta aurreiritziak gainditzea.

5.Enplegatzaile gisa, estatuek baldintza onuragarriak sortuko dituzte arlo publikoan, pertsona desgaituen enpleguarentzat.

6.Estatuak, langile-erakundeak eta enplegatzaileak lankidetzan ariko dira ziurtatzeko, besteak beste, bidezko baldintzak kontratazioari eta maila-igoerari dagokienez; enplegu-baldintzak; ordainketa-tasak; lan-giroa hobetzera bideratutako neurriak, lesioak eta osasuna okertzea saihesteko; eta lan-istripuengatik lesioak izan dituzten langileen birgaikuntzarako neurriak.

7.Helburua beti izan behar da pertsona desgaituek enplegua lortzea lan-merkatu irekian.Pertsona desgaituen beharrizanak modu horretan bete ezin diren kasuan, sail txikiak sor daitezke enplegu babestu eta erreserbatuekin.Garrantzitsua da programa horien kalitatea ebaluatzea; ebaluazio horrek kontuan hartuko ditu programa horien egokitasuna eta nahikotasuna, pertsona desgaituek lan-merkatuan enplegua lortzeko aukerei buruzkoak.

8.Neurriak hartu behar dira pertsona desgaituak sartzeko heziketa- eta enplegu-programetan, sektore pribatuan nahiz egituratu gabeko sektorean.

9.Estatuak, langile-erakundeak eta enplegatzaileak lankidetzan ariko dira pertsona desgaituen erakundeekin, heziketa- eta enplegu-aukerak sortzera bideratutako neurri guztiak ontzeko, bereziki, ordutegi malgua, lanaldi partziala, lanpostua partekatzeko aukera, norberaren konturako enplegua eta pertsona desgaituen laguntzaileen zaintza.

Estatuen ardura da pertsona desgaituei gizarte segurantza ematea eta diru-sarrerak mantentzea.

1.Estatuak arduratuko dira pertsona desgaituei laguntza egokia ematen, diru-sarrerei dagokienez, desgaitasunagatik edo horrekin zer ikusia duten faktoreengatik, aldi baterako euren diru-sarrerak galdu dituztenean, diru-sarrera txikia dutenean edo enplegu-aukerarik ez dutenean.Estatuak arduratuko dira laguntza ematerakoan kontuan hartzeko desgaituek eta euren familiek izan ditzaketen gastuak, desgaitasunaren ondorioz.

2.Gizarte segurantza, gizarte-aseguruak edota biztanleriarentzat gizarte-ongizate beste edozein plan duten herrialdeetan edo halako sistema ezartzen ari diren herrialdeetan, estatuak arduratuko dira sistema horrek baztertu ez ditzan pertsona desgaituak, ezta bereizkeriarik egin, euren aurka.

3.Halaber, estatuak arduratuko dira pertsona desgaitua zaintzen duten pertsonek ziurtatuta izan ditzaten diru-sarrera bat edo gizarte segurantzaren babesa.

4.Gizarte segurantza-sistemak pizgarriak aurreikusi behar dute pertsona desgaituen diru-sarrerak sortzeko ahalmena berrezartzeko. Sistema horiek lanbide-heziketa eman edota halakoa antolatzen, garatzen edo finantzatzen lagundu behar dute.Era berean, kolokazio-zerbitzuak erraztu behar dituzte.

5.Gizarte segurantza-programek pizgarriak eman behar dituzte, halaber, pertsona desgaituek enplegua bila dezaten, diru-sarrerak sortzeko aukerak ezarri edo berrezartzeko helburuarekin.

6.Diru-sarrerak osatzeko diru-laguntzak mantendu egin behar dira desgaitasun-baldintzek irauten duten bitartean, betiere, halakoak gordetzeak pertsona desgaituek enplegua ez bilatzeko ondorioa ekartzen ez badu.Diru-laguntza horiek bakar-bakarrik murriztuko dira edo amaitutzat eman, pertsona horiek diru-sarrera egokia eta segurua lortzen dutenean.

7.Gizarte segurantzaren hornitzailerik garrantzitsuena sektore pribatua non izan eta herrialde horietan, estatuek sustatu behar dute, tokiko erkidegoen artean, gizarte-ongizate erakundeen eta familien artean, enplegua eskuratzeko asmoz, nork bere buruari laguntza emateko neurriak eta pizgarriak ezartzea, pertsona horiek egin ditzaten enpleguarekin zerikusia duten jarduerak.

Estatuek sustatu behar dute pertsona desgaituen parte-hartze osoa familia-bizitzan.Sustatu behar dute haien osotasun pertsonalerako eskubidea eta, oro har, arduratuko dira legeriak ez dezala bereizkeriarik egin pertsona desgaituen aurka, sexu-harremanei, ezkontzari eta ugaltzeari dagokienez.

1.Pertsona desgaituak euren familiekin bizitzeko moduan egon behar dira.Estatuek bultzatu behar dute familia-orientazioan sartzea modulu egokiak, desgaitasunari buruz eta familia-bizitzan horrek dituen ondorioei buruz.Pertsona desgaitua duten familiei aldi baterako zaintza-zerbitzuak edo etxeko laguntza erraztu behar zaizkie.Estatuek beharrezkoak ez diren oztopo guztiak ezabatuko dituzte, horiek oztopo badira desgaitasuna duen haurra edo heldua zaintzea edo adoptatzea nahi duten pertsonentzat.

2.Pertsona desgaituei ezin zaie kendu sexualitatea bizitzeko aukerarik, ezta sexu-harremanak izateko edo haurrak izateko aukerarik ere.Kontuan harturik pertsona desgaituek zailtasunak izan ditzaketela ezkontzeko edo familia sortzeko, estatuek sustatu behar dute orientazio-zerbitzu egokiak ezartzea.Pertsona desgaituek beste pertsonek duten aukera bera izango dute familia-plangintza metodoak eskuratzeko, eta euren gorputzaren funtzionamendu sexualari buruzko informazioa jasotzeko.

3.Estatuek sustatu behar dituzte halako neurriak, zertarako eta pertsona desgaituen, batez ere, gazte eta emakume desgaituen ezkontzari, sexualitateari eta aitatasun eta amatasunari buruz diren jarrera ezezkorrak aldatzeko, halako jarrerok nagusiak baitira oraindik gizartean.Komunikabideak bultzatu behar dira, zeregin garrantzitsua izan dezaten aipatu jarrera ezezkorrak ezabatzeko.

4.Behar beharrezkoa da pertsona desgaituak eta euren familiak ondo informatuta egotea, sexu-abusuaren eta tratu txarren aurrean hartu beharreko aurreneurriei buruz.Pertsona desgaituak familian, erkidegoan edo erakundeetan tratu txarren aurrean bereziki ahulagoak dira; horrenbestez, irakatsi egin behar zaie tratu txarrak nola saihestu, jakin dezaten noiz diren tratu txarren biktimak eta horien berri eman dezaten.

Estatuen ardura da pertsona desgaituak gizarteratu daitezen eta parte har dezaten kultura-jardueretan, berdintasun-baldintzetan.

1.Estatuen ardura da pertsona desgaituek izan dezaten aukera euren gaitasun sortzailea, artistikoa eta intelektuala erabiltzeko, ez bakarrik bere mesederako, baita erkidegoa aberasteko ere, hiriguneetan nahiz nekazaritza-guneetan.Jarduera horien adibideak dira dantza, musika, literatura, antzertia, arte plastikoak, pintura eta eskultura.Garapen bidean dauden herrietan, bereziki azpimarratuko dira tradiziozko eta garai honetako forma artistikoak, hala nola, txotxongilo-antzerkia, deklamazioa eta ahozko kontakizunak.

2.Estatuek sustatu behar dute pertsona desgaituek sarbidea izan dezaten kultura-jarduerak egiten diren tokietan edo kultura-zerbitzuak ematen diren tokietan, besteak beste, antzokietan, museoetan, zinemetan eta liburutegietan; eta, oro har, arduratuko dira pertsona horiek halakoetara joan daitezen.

3.Estatuek hasi behar dute baliabide tekniko bereziak garatzeko eta erabiltzeko prozesua, hain zuzen ere, pertsona desgaituek eskuragarri izan ditzaten literatura, film zinematografikoak eta antzertia.

Estatuek bermatu behar dituzte pertsona desgaituek izan ditzaten aukera-berdintasunak jolas- eta kirol-jarduerak egiteko, eta horretara bideratutako neurriak hartuko dituzte.

1.Estatuek neurriak hartu behar dituzte pertsona desgaituek sarbidea izan dezaten jolas- eta kirol-jarduerak egiten diren tokietan, besteak beste, hoteletan, hondartzetan, estadioetan eta gimnasioetan.Neurri horiek barneratuko dute jolas- eta kirol-programen langile arduradunei emandako laguntza, barne hartuta sarbidea ziurtatzeko metodoak garatzera bideratutako proiektuak eta parte hartze-, informazio- eta gaikuntza-programak.

2.Turismo-agintariek, bidaia-agentziek, hotelek, borondatezko erakundeek eta bestelako erakundeek, jolas-jarduerak edo turismo-bidaiak antolatzen dituztenek, jende mota guztiei eskaini behar dizkiete euren zerbitzuak, aintzakotzat hartuta pertsona desgaituen beharrizan bereziak.Proiektu hori burutu ahal izateko heziketa berezia eman beharko da.

3.Kirol-erakundeak bultzatu behar dira, susta ditzaten pertsona desgaituek kirol-jardueretan parte hartzeko aukerak.Kasu batzuetan, halakoetan sarbidea izatea bermatzen duten neurriak nahikoak izan zitezkeen parte hartzeko aukerak sortzeko.Beste kasu batzuetan, ordea, konponketa bereziak edo joko bereziak beharko dira.Estatuek pertsona desgaituen parte hartzea babestu beharko dute, nazio- nahiz nazioarte-mailako lehiaketetan.

4.Kirol-jardueretan parte hartzen duten pertsona desgaituek eskura izango dute gainerako parte hartzaileek izan ditzaketen kalitate bereko heziketa eta entrenamendua.

5.Jolas- eta kirol-jardueren antolatzaileek pertsona desgaituen erakundeei argibideak eskatuko dizkiete, pertsona horientzako zerbitzuak ezartzen dituztenean.

Estatuek neurriak hartzea sustatuko dute, pertsona desgaituek parte har dezaten euren erkidegoetako erlijio-bizitzan, beste herritarren maila berean.

1.Estatuek, erlijio-agintariekin batera, neurriak hartzea sustatu behar dute, bereizkeria oro ezabatzeko eta pertsona desgaituek eskura izan ditzaten erlijio-jarduerak.

2.Estatuek sustatu behar dute desgaitasunarekin zer ikusia duten kontuei buruzko informazioa banatzea, erlijio-antolakunde eta -erakundeen artean.Estatuek bultzatu behar dute, berebat, erlijio-agintariek sar dezaten, erlijio-lanbidean aritzeko heziketa-programetan eta erlijio irakaskuntza-programetan desgaitasun-arloko politikei buruzko informazioa.

3.Estatuek edo erlijio-erakundeek, pertsona desgaituek, beste herritarren maila berean, erlijio-jardueretan parte hartzera bideratutako neurriak hartzen dituztenean, kontsulta egingo diete pertsona desgaituen erakundeei.

13. artikulua. Informazioa eta ikerketa

Estatuek bereganatuko dute azken erantzukizuna pertsona desgaituen bizi-baldintzei buruzko informazioa bildu eta hedatzeko eta arlo guztien ikerketa zabala sustatzeko, pertsona desgaituen gain eragina duten eragozpenak barne.

1.Estatuek, aldian-aldian, pertsona desgaituen bizi-baldintzei buruzko estatistikak egingo dituzte, sexuaren arabera eta beste informazioen arabera sailkatuta. Datuak biltzeko jarduerak nazio-erroldekin eta etxez etxeko inkestekin batera egin daitezke, unibertsitateekin, ikerketa-institutuekin eta pertsona desgaituen erakundeekin lankidetzan. Galdeketek barneratuko dituzte programei eta zerbitzuei buruzko galderak eta horien erabiltzeari buruzkoak ere.

2.Estatuek desgaitasunari buruzko datu-basea ezartzeko aukera aztertuko dute, datu-baseak biltzen dituela zerbitzu eta programa erabilgarriei buruzko estatistikak eta pertsona desgaituen talde desberdinei buruzkoak, aintzat hartuta pertsonen bizitza pribatua eta osotasuna babesteko beharrizana.

3.Estatuek hasi eta sustatuko dituzte pertsona desgaituen eta euren familien gain eragina duten gizarte-, ekonomia- eta parte hartze-arazoei buruzko ikerketa-programak. Ikertzaileek bereganatuko dituzte desgaitasunaren arrazoiak, tipoak eta maiztasuna, jada diren programen erabilgarritasuna eta eraginkortasuna, eta zerbitzuak eta laguntza-neurriak garatzeko eta ebaluatzeko beharrizana.

4.Estatuek landu eta moldatu behar dituzte nazio-inkestak egiteko terminologia eta irizpideak, pertsona desgaituen ardura duten erakundeekiko lankidetzan.

5.Estatuek erraztuko dute pertsona desgaituen parte hartzea datu-bilketan eta ikerketan.Ikerketa horiek egiteko, batik bat, desgaitasun kalifikatuak dituzten pertsonak kontratatuko dira.

6.Estatuek babestuko dute esperientziak eta ikerketetatik eratorritako ondorioak elkartrukatzea.

7.Estatuek neurriak hartuko dituzte desgaitasunari buruzko informazioa eta ezaguerak hedatzeko politika- eta administrazio-instantzia guztietara, nazio-, erregio- eta toki-mailan.

Estatuak arduratuko dira desgaitasunari buruzko kontuak sar daitezen arau- eta plangintza-jarduera guztietan, kasuan kasuko herrialdean.

1.Estatuek pertsona desgaituentzako politika egokiak hasi eta aurreikusi behar dituzte nazio-mailan eta bultzatu eta babestu behar dituzte erregio- eta toki-mailako neurriak.

2.Estatuen eginkizuna da pertsona desgaituek esku hartzea pertsona desgaituen intereseko plan eta programekin zer ikusia duten erabaki guztietan edo euren egoera ekonomikoan edo sozialean eragina dutenetan.

3.Pertsona desgaituen beharrizanak eta interesak garapen-plan orokorretan sartu behar dira, bereiz aztertu beharrean.

4.Pertsona desgaituen egoera dela eta, estatuen azken erantzukizunak ez ditu gainerakoak salbuesten, eurei dagokien erantzukizunetik.Gizartean zerbitzuak emateko, jarduerak antolatzeko edo gizartean informazioa emateko ardura dutenak bultzatu behar dira, eurek onar dezaten zer eta, pertsona desgaituek zerbitzu horiek eskura izatea lortzeko erantzukizuna.

5.Estatuek erraztuko dizkiete tokiko erkidegoei pertsona desgaituentzako programak egitea eta neurriak hartzea.Halakoa lortzeko modu bat da gidaliburuak edo egiaztapen-zerrendak egitea eta tokiko langileei gaikuntza-programak ematea.

Estatuak behartuta daude oinarri juridikoak sortzera, pertsona desgaituen parte hartze osoa eta berdintasuna lortzera bideratutako neurriak hartzeko.

1.Nazio-legerian adierazi behar dira, halaber, pertsona desgaituen eskubideak eta eginbeharrak, bertan eskaintzen baitira herritarren eskubideak eta eginbeharrak.Estatuen eginkizuna da pertsona desgaituek euren eskubideak egikari ditzaten ardura izatea, eskubide zibilak eta politikoak barne, beste herritarren maila berean.Estatuak ahaleginduko dira pertsona desgaituen erakundeek parte har dezaten pertsona desgaituen eskubideei dagozkien nazio-legeak egiten, eta lege horiek ebaluatzen.

2.Beharrezkoa izan daiteke, beharbada legegintza-neurriak hartzea, pertsona desgaituen bizitzaren aurkako eragina izan dezaketen baldintzak ezabatzeko, besteak beste, jazarpena eta biktimizazioa.Pertsona desgaituen aurkako bereizkeria-xedapen oro ezabatu egin behar da.Nazio-legeriak zehapen egokiak ezarri behar ditu bereizkeria ezaren printzipioak urratzen badira.

3.Pertsona desgaituei buruzko nazio-legeriak bi forma desberdin onar ditzake.Eskubide eta eginbeharrak legeria orokorrean sar daitezke edo, aitzitik, legeria berezian ager daitezke.Pertsona desgaituentzako legeria berezia hainbat modutan ezar daiteke:

a).Desgaitasunari buruzko kontuak beren-beregi aintzat hartzen dituzten lege bereiziak aldarrikatuz.

b) Desgaitasunari buruzko kontuak gai jakin batzuen inguruko legetan barruratuz.

c) Indarrean dauden lege-xedapenak interpretatzeko testuetan, pertsona desgaituak zehatz-mehatz aipatuz.

Beharbada egokia izango litzateke aukera horietako batzuk batera erabiltzea.Azter daiteke, orobat, talde horiei begira, egintza positiboen gaineko xedapenak sartzea.

4.Estatuek aintzat har dezakete demandak aurkezteko arauzko mekanismo ofizialak ezartzeko aukera, pertsona desgaituen interesak babesteko helburuarekin.

Estatuei dagozkie programen finantza-erantzukizuna eta pertsona desgaituen aukera-berdintasunak sortzera bideratutako nazio mailako neurriak.

1.Estatuek gobernuaren organo guztien aurrekontu arruntetan sartuko dituzte desgaitasunarekin zer ikusia duten kontuak, nazio-, erregio- eta toki-mailan.

2.Estatuak, gobernuz kanpoko erakundeak eta beste erakunde interesdunak elkarrekin arituko dira, pertsona desgaituen intereserako diren proiektuak eta neurriak nola babestu eta horretarako modurik eraginkorrena zehazteko.

3.Estatuek aztertu behar dute neurri ekonomikoak aplikatzeko aukera, hau da, maileguak, zerga-salbuespenak, helburu bereziko diru-laguntzak eta funts bereziak, beste batzuen artean, zertarako eta, gizartean pertsona desgaituen parte hartzea bultzatzeko eta babesteko, betiere beste herritarren maila berean .

4.Estatu askotan beharbada komenigarri izan daiteke garapen-funtsa ezartzea desgaitasunarekin zer ikusia duten kontuentzako, funts horrek babestuko lituzke hainbat proiektu esperimental eta erkidegoetan nork bere buruari laguntza emateko programak ere.

Estatuen erantzukizuna da koordinaziorako nazio-batzordeak edo antzeko erakundeak ezartzea, nazio-mailan desgaitasunarekin zer ikusia duten kontuak bilduko dituztenak.

1.Koordinaziorako nazio-batzordeak edo antzeko erakundeak izaera iraunkorra izan behar du eta oinarriak behar ditu izan arau juridikoetan eta administrazio-araubide egokian.

2.Sektore arteko eta diziplina anitzeko osaketa lortzeko, beharbada, komenigarriena da erakunde publikoetako nahiz pribatuetako ordezkariak ekartzea batzordera.Ordezkari horiek etor daitezke kasuan kasuko ministerioetatik, pertsona desgaituen erakundeetatik eta gobernuz kanpoko erakundeetatik.

3.Pertsona desgaituen erakundeek eragin argia izan behar dute koordinaziorako nazio-batzordearen gain, ziurtatzeko haien kezkak behar bezala helarazten direla batzorde horretara.

4.Koordinaziorako nazio-batzordeak autonomia eta baliabide nahikoak izan behar ditu bere eginkizunak betetzeko, erabakiak hartzeko gaitasunari begira eta erantzukizuna izango du goragoko gobernu buruzagien aurrean.

Estatuek pertsona desgaituen erakundeei aitortu behar diete pertsona horiek, nazio-, erregio- eta toki-mailan ordezkatzeko duten eskubidea.Estatuek aitortu behar diete, berebat, pertsona desgaituen erakundeei horiek duten aholku-emaile izaera, desgaitasunari buruzko kontuen inguruan erabakiak hartzeko esparruan.

1.Estatuek sustatu eta babestuko dute, ekonomiaren aldetik eta beste baliabide batzuen bitartez, pertsona desgaituak, euren senideak eta euren eskubideen defendatzaileak biltzen dituzten erakundeak sortzea eta indartzea.Estatuek aitortu behar dute erakunde horiek badutela euren zeregina desgaitasun-arloan politika bat eratzeko bidean.

2.Estatuek etengabeko komunikazioa izan behar dute pertsona desgaituen erakundeekin eta horien parte hartzea ziurtatu behar dute politika ofizialak eratzeko bidean.

3.Pertsona desgaituen erakundeen zeregina izan daiteke beharrizanak eta lehentasunak zehaztea; pertsona desgaituen bizitzarekin zer ikusia duten zerbitzuak eta neurriak planifikatzen, gauzatzen eta ebaluatzen parte hartzea, jendea sentsibilizatzea eta eraldaketa egokiak sustatzea.

4.Pertsona desgaituen erakundeek, nork bere buruari laguntza emateko instrumentuak diren heinean, errazten eta sustatzen dituzte hainbat arlotan gaitasunak garatzeko aukerak, kideen arteko elkarrekiko laguntza eta informazioaren trukaketa.

5.Pertsona desgaituen erakundeek hainbat modutan garatu dezakete euren aholku-emaile izaera, dela gobernuak finantzatutako erakundeen zuzendaritza-organoetan ordezkaritza iraunkorra izanik, dela batzorde publikoen partaidea izanik edota proiektu desberdinei buruzko jakitate espezializatuak emanez.

6.Pertsona desgaituen erakundeen aholku-emaile izaera iraunkorra izan behar da, estatu eta erakundeen arteko iritzi- eta informazio-trukaketa garatzeko eta horretan sakontzeko.

7.Erakunde horiek ordezkaritza iraunkorra izan behar dute koordinaziorako nazio-batzordean edo antzeko erakundeetan.

8.Pertsona desgaituen tokiko erakundeak garatu eta sustatu behar dira, eragina izan dezaten erkidego-mailan erabakitzen  diren gaietan.

Estatuek ziurtatu behar dute pertsona desgaituekin zer ikusia duten zerbitzu eta programak planifikatzen eta eratzen zein langilek parte hartu eta horien heziketa egokia, maila guztietan.

1.Estatuak arduratuko dira desgaitasun arloan agintari zerbitzu-emaileak euren langileei heziketa egokia eskain diezaieten.

2.Desgaitasun-arloko profesionalen heziketan nahiz gaikuntza orokorraren programetan, gaitasunari buruzko informazioa ematerakoan, behar bezala adierazi behar da parte hartze osoaren eta berdintasunaren printzipioa.

3.Estatuek heziketa-programak egin behar dituzte, pertsona desgaituen erakundeei kontsulta eginez, eta pertsona horiek, halaber, irakasle, hezitzaile edo aholkulari gisa parte hartuko dute langileen heziketa-programetan.

4.Erkidegoko langileen heziketak garrantzi estrategikoa handia du, batez ere, garapen bidean dauden herrietan.Heziketa pertsona desgaituei ere eman behar zaie eta aintzat hartu behar dira balioen hobekuntza eta konpetentzia eta teknologia egokiak, eta baita pertsona desgaituek, gurasoek, senideek eta erkidegoko kideek eginerak gauzatzeko aurrera eraman ditzaketen gaitasunak ere.

Estatuen erantzukizuna da zerbitzuak ematea eta nazio-programak gauzatzea eta horiek modu iraunkorrean ebaluatzea eta gainbegiratzea, pertsona desgaituen aukera-berdintasuna lortzeari dagokionez.

1.Estatuek aldian-aldian eta modu sistematikoan desgaitsaun-arloko nazio-programak ebaluatu behar dituzte eta ebaluazio horien oinarriak nahiz emaitzak hedatu.

2.Estatuek landu eta hartu behar dituzte desgaitasunari buruzko zerbitzu eta programak ebaluatzeko terminologia eta irizpideak.

3.Irizpide horiek eta terminologia hori pertsona desgaituen erakundeekiko lankidetzan egin behar dira, hain zuzen ere, kontzeptuak eta plangintza eratzen diren lehenengo unetik bertatik.

4.Estatuek, desgaitasun-arloan nazio-ebaluaziorako arau erkideak moldatzera bideratutako nazioarteko lankidetzan parte hartu behar dute. Estatuek koordinaziorako nazio-batzordeak bultzatu behar dituzte, horiek jarduera horretan parte har dezaten.

5.Desgaitasun-arloko programa desberdinen ebaluazioa plangintza-fasean hasi behar da, zertarako eta lortu ahal izateko programen eraginkortasun osoa zehaztea, politika horren helburuak gauzatzeko unean.

Estatuenherrialde industrializatuen nahiz garapen bidean dauden herrienbetebeharra da lankidetzan aritzea eta neurriak hartzea pertsona desgaituen bizi-baldintzak hobetzeko, garapen-bidean dauden herrietan.

1.Pertsona desgaituen aukera-berdintasuna lortzera bideratutako neurriak garapen orokorreko programek bildu behar dituzte, errefuxiatu desgaituenak barne.

2.Neurri horiek barneratuko dira lankidetza forma guztietan, lankidetza hori teknikoa eta ekonomikoa, bi aldetakoa edo alde anitzekoa, gobernukoa edo gobernuz kanpokoa izanik ere. Arduradunek desgaitasunari buruzko arazoen kontua aterako dute lankidetzaren gain euren kideekin izaten dituzten iritzi-trukaketan.

3.Lankidetza tekniko eta ekonomiko programak planifikatu eta aztertzerakoan, arreta berezia jarri behar da programa horiek pertsona desgaituen egoeran izan ditzaketen ondorioen gain. Garrantzitsua da oso pertsona desgaituei eta euren erakundeei kontsulta egitea, pertsona horiengana zuzendutako garapen-proiektuei buruz. Batzuek eta besteek parte hartu behar dute zuzenean aipatu proiektuak egin, gauzatu eta ebaluatzen.

4.Lankidetza ekonomiko eta teknikorako lehentasuna duten arloen artean hauek egon behar dira:

a) Giza baliabideak garatzea, pertsona desgaituen ezaguera, gaitasunak eta aukerak hobetuz eta pertsona horientzako enplegua sortzeko jarduerak eginez.

b) Desgaitasunarekin zer ikusia duten teknologia eta ezaguera teknikoak garatzea eta hedatzea.

5.Estatuak bultzatu behar dira, halaber, babestu dezaten pertsona desgaituen erakundeak ezartzea eta indartzea.

6.Estatuek neurriak hartu behar dituzte lankidetza tekniko eta ekonomiko programen administrazioaren maila guztietan parte hartzen duten langileek ezaguera gehiago izan dezaten, desgaitasunarekin zer ikusia duten kontuetan.

Estatuek modu aktiboan parte hartuko dute nazioarteko lankidetzan, pertsona desgaituen aukera-berdintasuna lortzeari dagokionez.

1.Nazio Batuetan, erakunde espezializatuetan eta beste gobernuen arteko erakunde interesatuetan parte hartu behar dute estatuek, desgaitasunari buruzko politika eratzeko.

2.Bidezkoa denean, estatuek desgaitasunari buruzko kontuak aintzat hartuko dituzte maila orokorreko negoziazioetan, besteak beste, arauen, informazio-trukaketen eta garapen-programen gainean egiten direnetan.

3.Estatuek ezaguera eta esperientzien trukaketa sustatu eta babestu behar dute ondorengoen artean:

a) Desgaitasunari buruzko kontuez interesa duten gobernuz kanpoko erakundeen artean.

b) Ikerketa-erakundeen eta ikertzaileen artean, horien lanak desgaitasunari buruzko kontuekin zer ikusia dutenean.

c) Tokian tokiko programen ordezkarien eta desgaitasun-arloko profesional taldeen artean.

d) Pertsona desgaituen erakundeen artean.

e) Koordinaziorako nazio-batzordeen artean.

4.Estatuak saiatuko dira Nazio Batuek eta erakunde espezializatuek, eta gobernuen arteko eta parlamentuen arteko organo guztiek, mundu- edo erregio-izaerakoek, aintzat har ditzaten euren zereginetan pertsona desgaituen erakunde guztiak, mundu- nahiz erregio-mailakoak.

1.Gainbegiratze-mekanismoaren helburua da Erabereko Arauen aplikazio eraginkorra sustatzea.Mekanismo horrek estatu guztiei emango die laguntza Erabereko Arauen aplikazio-maila ebaluatzeko eta lortutako aurrerapenak neurtzeko.Gainbegiratzea baliatu behar da oztopoak zehazteko eta neurri egokiak iradokitzeko, arauak modu eraginkorrean aplikatu daitezen.Gainbegiratze-mekanismoak kontuan hartuko ditu estatu bakoitzaren ekonomia-, gizarte- eta kultura-ezaugarriak.Beste osagai esanguratsua izan behar da, berebat, aholkularitza-zerbitzuak ematea eta estatuen artean esperientziak eta informazioa trukatzea.

2.Pertsona desgaituentzako aukera-berdintasunei buruzko Erabereko Arauak gainbegiratu egin behar dira Gizarte Garapenerako batzordearen bileren aldietan.Beharrezkoa denean, errelatore berezia izendatuko da, hiru urteko eperako eta aurrekontu-baliabideen kontura. Errelatorea desgaitasun-arloan eta nazioarteko erakundeetan eskarmentu handikoa izango da, gainbegira dezan Erabereko Arauen aplikazioa.

3.Ekonomia- eta Gizarte-Kontseiluak aholkularitza-erakunde gisa aitortutako pertsona desgaituen nazioarteko erakundeak gonbidatuko ditu eta pertsona desgaituek ordezkatzen dituzten erakundeak, azken hauek oraindik erakunde gisa eratu gabe egon arren, horiek, kontuan hartuta desgaitasun-mota desberdinak eta beharrezkoa den geografiaren araberako banaketa orekatsua, osa dezaten aditu-talde bat, Errelatore bereziak eta, bidezkoa denean, Idazkaritzak ere kontsulta egin diezaioten  talde horri.

4.Errelatore bereziak bultzatuko du aditu-taldea, horrek azter ditzan Erabereko Arauen sustapena, aplikazioa eta gainbegiratzea, emaitzak jakinarazi ditzan eta kasuan kasuko aholkularitza eman eta iradokizunak egin ditzan.

5.Errelatore bereziak galdera-zerrenda bat igorriko die estatuei, Nazio Batuen sistemaren erakundeei eta gobernuen arteko eta gobernuz kanpoko erakundeei, pertsona desgaituen erakundeak barne.Galdera-zerrendak Erabereko Arauak estatuetan aplikatzeko planak aipatu beharko ditu. Galderak hautatuak izango dira eta arau bereizle kopuru zehatza bilduko dute, ebaluazio sakona egin ahal izateko Errelatore bereziak prestatuko ditu galderak, aditu-taldeari eta Idazkaritzari kontsulta eginez.

6.Errelatore berezia ahaleginduko da zuzeneko elkarrizketa hasteko  estatuekin eta tokiko gobernuz kanpoko erakundeekin, eta txostenean sartu nahi duen informazioari buruzko euren iritziak eta oharrak bilduko ditu. Errelatore bereziak Erabereko Arauen aplikazio eta gainbegiratzeari buruzko aholkularitza emango du, eta galdera-zerrendaren erantzunak prestatzen lagunduko du..

7.Politikak koordinatzeko eta garapen iraunkorrerako Idazkaritzak duen Saila, desgaitasunari buruzko kontuen gainean, Nazio Batuen koordinazio-zentro gisa, eta Garapenerako Nazio Batuen Programak eta Nazio Batuen beste erakunde eta mekanismoak, besteak beste, erregio-batzordeak, erakunde espezializatuak eta erakundeen arteko bilerak, Errelatore bereziarekiko lankidetzan arituko dira, nazio-mailan Erabereko Arauak aplikatu eta gainbegiratzeko alorrean.

8.Errelatore bereziak, Idazkaritzarekin batera, prestatuko ditu txostenak eta horiek Gizarte Garapenerako Batzordeari aurkeztuko zaizkio, 34 eta 35. bileren epealdietan. Txosten horiek prestatzeko unean, Errelatore bereziak aditu-taldeari kontsulta egingo dio.

9.Estatuek koordinaziorako nazio-batzordeak eta antzeko erakundeak bultzatuko dituzte, parte har dezaten aplikazio eta gainbegiratze prozeduretan. Nazio-mailan desgaitasunari buruzko kontuetan, koordinazio-zentroak diren heinean, batzorde horiek bultzatu egin behar dira, eurek ezar ditzaten Erabereko Arauak gainbegiratzearen koordinaziora zuzendutako prozedurak. Beharrezkoa da pertsona desgaituen erakundeak bultzatzea , horiek gainbegiratze prozeduran modu aktiboan parte har dezaten, maila guztietan.

10.Aurrekontuetatik kanpoko baliabiderik badago, komenigarria da sortzea Erabereko Arauei buruzko aholkulari-postu bat edo batzuk, erregioen arteko mailan, horiek estatuei zuzeneko zerbitzuak emateko, adibidez:

a) Nazio- eta erregio-mailan heziketa-mintegiak antolatzeko Erabereko Arauen edukiari buruz.

b) Estrategiak sustatzeko jarraibideak eratzea, Erabereko Arauak aplika daitezen.

c) Erabereko Arauak aplikatzeari dagokionez, eginera egokienei buruzko informazioa hedatzeko.

11.34. bileren epealdian, gizarte garapenerako batzordeak lantalde bat ezarriko du, osaera irekia izango duena, eta lantalde horren ardura izango da Errelatore bereziaren txostena aztertzea eta gomendioak ematea Erabereko Arauak aplikatzeko formak hobetzeari buruz.Batzordeak, Errelatore bereziaren txostena aztertu ondoren, lantalde irekiaren bitartez, kontsultak egingo dizkiete pertsona desgaituen nazioarteko erakundeei eta erakunde espezializatuei, ekonomia- eta gizarte-kontseiluaren batzorde organikoen erregelamenduaren 71 eta 76. artikuluekin bat etorriz.

12.Errelatore bereziak mandatu-aldia amaitu eta bileren hurrengo epealdian, gizarte garapenerako batzordeak aztertuko ditu aukerak, dela mandatua eraberritzeko, dela beste Errelatore berezi bat izendatzeko, dela beste berrikuspen-mekanismoa ezartzeko, eta Ekonomia- eta Gizarte-Kontseiluari egingo dizkio gomendio egokiak.

13.Erabereko Arauen aplikazioa sustatzeko helburuarekin, estatuak bultzatu behar dira laguntza eman diezaioten ezinduentzat Nazio Batuek duten Borondatezko Funtsari.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra