Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Quinta edición Premios Adrián Celaya

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Esklabotza, morrontza, derrigorrezko lana eta esklabotzaren antzeko erakunde eta eginerak

Pertsonen salerosketa zigortzeari eta inoren prostituzioa esplotatzeari buruzko hitzarmena

1949-12-02

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Nazio Batuen Erakundea

PERTSONEN SALEROSKETA ZIGORTZEARI ETA INOREN PROSTITUZIOA ESPLOTATZEARI BURUZKO HITZARMENA

Onespen-data:1949ko abenduaren 2an

Indarrean jartzea:1951eko uztailaren 25ean

Mexicok berrestea:1956ko otsailaren 21ean

Aldizkari Ofizialean argitaratzea: 1956ko ekainaren 19an

Mexikon indarrean jartzea:1956ko maiatzaren 21ean

ATARIKOA

Kontuan hartuta prostituzioa eta horren ondorio okerra, pertsonen salerosketa prostituzio helburuetako, bateraezinak direla gizakien duintasun eta balioarekin eta arriskuan jartzen dutela norbanakoen, familiaren eta erkidegoaren ongizatea; kontuan hartuta emakumeen eta haurren salerosketa zigortzeari buruz, ondorengo nazioarteko instrumentuak indarrean daudela: 1.1904ko maiatzaren 18ko Nazioarteko Akordioa Emakumeen Salerosketa zigortzeko, Nazio Batuen Biltzar Orokorrak, 1948ko abenduaren 3an, onetsitako Protokoloak eraldatu zuena, 2. 1910eko maiatzaren 4ko Nazioarteko Hitzarmena, Emakumeen Salerosketa zigortzeko, aurretiaz aipatu Protokoloak eraldatu zuena, 3. 1921eko irailaren 30eko Nazioarteko Hitzarmena, Emakume eta Haurren Salerosketa zigortzeko, 1947ko urriaren 20ko Nazio Batuen Biltzar Orokorrak onetsitako protokoloak eraldatu zuena, 4. 1933ko urriaren 11ko Nazioarteko Hitzarmena Adin Nagusiko Emakumeen Salerosketa zigortzeko, aurretiaz aipatu Protokoloak eraldatua,

Kontuan hartuta Nazioen Elkarteak 1937an idatzi zuela hitzarmen-proiektu bat instrumentu horien garrantzia hedatzeko, eta

Kontuan hartuta egoeraren bilakaerak, 1937tik geroztik, bideratzen duela hitzarmen bat moldatzea, aipatu instrumentuak bakar batean elkartzeko, horrek jasoko duela 1937ko hitzarmenaren proiektuaren oinarria, eta baita hartan sartzea komenigarri diren eraldaketak,

Hortaz,

Alderdi kontratugileek

Jarraian ezarritakoari dagokionez, hitzarmen honetan erabaki dute:

1. ARTIKULUA

Hitzarmen honetan, alderdiek konpromisoa hartzen dute pertsona oro zigortzeko,  horrek besteen grinak asetzeko:

1.Beste pertsona baten prostituzioa hitzartzen badu, pertsona horren baimena izanik ere;

2.Beste pertsona baten prostituzioa ustiatzen badu, pertsona horren baimena izanik  ere;

2. ARTIKULUA

Hitzarmen honen alderdiek konpromisoa hartzen dute pertsona oro zigortzeko:

1.Prostituzio-etxea badu, jakinaren gainean etxe hori kudeatzen badu, mantentzen badu edo horren finantzazioan parte hartzen badu;

2.Jakinaren gainean eman edo hartzen badu errentan eraikin edo beste lokalen bat, edo horien edozein zati, inoren prostituzioa esplotatzeko.

3. ARTIKULUA

Nazio-legeek ahalbidetu ahala, 1 eta 2. artikuluek aipatu arau-hausteak egiteko ahaleginak eta horiek egiteko prestatze-egintza oro zigortuko dira.

4. ARTIKULUA

Nazio-legeek ahalbidetu ahala, 1 eta 2. artikuluek aipatu delitu-izaera izan dezaketen edozein egintzetan, hala nahita parte-hartzea ere zigorgarria izango da.

Nazio-legeek ahalbidetu ahala, parte hartze-egintzak arau-hauste desberdintzat joko dira, halakoa beharrezkoa bada zigorgabetasuna saihesteko.

5. ARTIKULUA

Nazio-legeen arabera, pertsona kaltetuek eskubide dutenean euren burua alderdi zibilean eratzeko, hitzarmen honek aipatu arau-haustetatik edozeini dagokionez, atzerritarrek eskubide bera izango dute, nazionalek duten baldintza berberetan.

6. ARTIKULUA

Hitzarmen honen alderdietako bakoitza prest dago onartzeko beharrezko neurri guztiak edozein lege, erregelamendu edo indarreko administrazio-xedapen indargabetzeko edo ezeztatzeko, horien arabera prostituzioan ari diren pertsonek edota horretan ari direlako susmoa norengan izan eta horiek erregistro berezi batean inskribatu behar direnean edota agiri berezi bat izan behar dutenean edota salbuespeneko baldintza bat bete behar dutenean, zaintza edo jakinarazpen helburuetarako.

7. ARTIKULUA

Nazio-legeek ahalbidetu ahala, aurreko zigorrak, hitzarmen honetan aipatu arau-hausteengatik, atzerriko estatuetan ezarritakoak, kontuan hartuko dira:

1.Berrerortzea zehazteko;

2.Arau-hauslea gaitasun gabe uzteko, bere eskubide zibilen eta politikoen egikaritzea dela eta.

8. ARTIKULUA

Hitzarmen honen 1 eta 2. artikuluetan aipatu arau-hausteak estradizio kasu moduan hartuko dira, hitzarmen honen alderdiek jada hitzartutako edo geroago hitzartu daitezkeen estradizio-itun kasuetan.

Hitzarmen honen alderdiek estradizioa hitzarmen bat egotearen menpe jartzen ez dutenetan, hitzarmen honen 1 eta 2. artikuluetan aipatu arau-hausteak, aurrerantzean, euren arteko estradizio-kasu moduan hartu beharko dituzte.

Estradizioa emango da zein estaturi egin horren eskaria eta estatu horren legeen arabera.

9. ARTIKULUA

Legeriak nazionalen estradiziorik onartzen ez duen estatuetan, euren estatura itzuli diren nazionalak, atzerrian hitzarmen honen 1 eta 2. artikuluetan aipatu arau-hausteak egin ondoren, euren estatuko auzitegiak epaitu eta zigortuko ditu.

Xedapen hori ez da aplikatuko, hitzarmen honen alderdien artean, eta antzeko kasuetan, atzerritar baten estradiziorik eman ezin denean.

10. ARTIKULUA

9. artikuluaren xedapenak ezin izango dira aplikatu erruduna estatu atzerritar batek epaitu badu eta, kondenatua izanez gero, kondena bete badu edota kondenatua izan bada edo zigorra murriztu bazaio atzerriko estatuaren legeek xedatutakoaren arabera.

11. ARTIKULUA

Hitzarmen honen xedapenetatik bat bera ere ez da hartuko alderdietako edozeinen jarrera aldez aurretik epaitzeko, nazioarteko zuzenbidean zigor-jurisdikzioaren mugak direla eta.

12. ARTIKULUA

Hitzarmen honek ez du ukitzen aipatu arau-hausteak, estatu bakoitzak, nazio-legeen arabera, definitu, epaitu eta zigortu behar dituelako printzipioa.

13. ARTIKULUA

Hitzarmen honen alderdiak behartuta daude erreguzko mandatuak gauzatzeko, hitzarmen honetan aipatu arau-hausteei dagokienez, euren lege eta nazio-egineren arabera.

Erreguzko mandatuen adierazpena egingo da:

1.Agintari judizialen arteko zuzeneko adierazpenaren bidez;

2.Bi estatuko justizia ministroen arteko zuzeneko adierazpenaren bidez, edo estatuko beste agintari eskudunaren zuzeneko adierazpenaren bidez, horrek zein estaturi egin eskaria eta estatu horretako justizia-ministroari eskatzen badio.

3.Eskaria zein estatuk egin eta estatu horretako ordezkari diplomatiko edo kontsularen bitartez, hori egiaztatuta baldin badago eskaria egin zaion estatuaren aurrean; ordezkariak zuzenean agintari judizial eskudunari edo zein estatuari egin eskaria eta estatu horren gobernuak adierazitako agintariari igorriko dizkie erreguzko mandatuak; era berean, hark agintariarengandik zuzenean jaso beharko ditu erreguzko mandatuak gauzatzeko agiriak.

1 eta 3. kasuetan, beti igorriko da erreguzko mandatuaren kopia bat, zein estaturi egin eskaria eta estatu horren agintari nagusiari.

Aurkako itunik izan ezean, erreguzko mandatuak eskaria zein agintarik egin eta horren hizkuntzan idatziko dira, baina eskaria zein estaturi egin eta horrek bere hizkuntzara itzultzea eska dezake, itzulpen hori eskaria egin duen agintaritzak, jatorrizkoaren arabera ziurtatua.

Hitzarmen honen alderdietako bakoitzak gainerako alderdiei jakinaraziko die aurretiaz aipatu adierazpenerako bideetatik zein den edo zeintzuk diren alderdiaren erreguzko mandatuetarako aitortuko dituenak.

Estatuak jakinarazpen hori egin arte, erreguzko mandatuak direla eta, ohiko prozedurak jarraituko du indarrean.

Erreguzko mandatuak gauzatzeak ez du itzulketa-erreklamaziorik eratorriko, inolako eskubide edo gastuengatik, adituen txostenen gastuak izan ezik.

Artikulu honetan xedatutakoa ezin izango da interpretatu hitzarmen honen alderdiak konprometitzeko zigor arloan euren nazio-legeekin bateraezina den froga-forma edo -metodo onestera

14. ARTIKULUA

Hitzarmen honen alderdi bakoitzak zerbitzu bat ezarri edo mantenduko du hitzarmen honek aipatu arau-hausteei buruzko ikerketen emaitzak koordinatu eta zentralizatzeko.

Zerbitzu horien esku egongo da hitzarmen honetan aipatu arau-hausteak aurreikustea eta zigortzea erraz daitekeen informazioa biltzea eta, oro har, gainerako estatuen kasuan kasuko zerbitzuekin harreman estuak mantentzea.

15. ARTIKULUA

Nazio-legeek ahalbidetu ahala, eta 14. artikuluan aipatu zerbitzuen ardura duten agintariek egoki ikusten badute, agintari horiek eman beharko dizkiete beste estatuetako kasuan kasuko zerbitzuei ondorengo datuak:

1.Hitzarmen honetan aipatu arau-hausteari edo horiek egiteko ahaleginei buruzko informazio zehatza;

2.Edozein auzipetze, atxiloketa, kondena, hitzarmen honetan aipatu arau-haustetatik zenbait egiteagatik, pertsona errudunen ez-onartze edo kanporatzeari buruzko informazio zehatza, eta pertsona horien lekualdatzeen eta beste edozelako datu egokien informazioa.

Horrela emandako datuek barneratu beharko dituzte, besteak beste, arau-hausleen deskripzioa, hatz-aztarnak, erretratuak, eragiketa-metodoak, polizia-aurrekariak eta zigor-aurrekariak.

16. ARTIKULUA

Hitzarmen honen alderdiek konpromisoa hartzen dute neurriak ezartzeko prostituzioa aurreikusteko eta prostituzioaren biktimek eta hitzarmen honetan aipatu arau-hausteen biktimek birgaitzeko eta gizarteratzeko, edota suspertzeko, hezkuntza-, -osasun-, gizarte-, ekonomia-arloek eta, oro har, horiekin lotutako zerbitzuek onar ditzaten neurri horiek.

17. ARTIKULUA

Hitzarmen honen alderdiek konpromisoa hartzen dute euren betebeharren arabera, hitzarmena betez, immigrazio eta emigrazioaren inguruan, beharrezko neurriak hartzeko eta mantentzeko, prostituzio-helburuak dituen sexu bateko zein besteko pertsonen salerosketa ezabatzeko.

Beren-beregi konpromisoa hartzen dute:

1.Beharrezko araudi-xedapenak sustatzeko, etorkinak edo emigratzaileak babesteko, eta bereziki emakumeak eta haurrak babesteko, etorrera- nahiz irteera-lekuetan eta bidaian zehar ere.

2.Xedapenak onesteko, jendeak salerosketaren arriskuaz jakitun egoteko publizitate egokia antola dadin;

3.Neurri egokiak hartzeko geltokietan, aireportuetan, itsas portuetan eta bidaietan zehar eta beste toki publikoetan zaintza bermatuta egon dadin, nazioarte-mailan saihesteko pertsonen salerosketa, prostituzio helburuekin.

4.Neurri egokiak hartzeko, agintari eskudunak jakitun egon daitezenprima facie salerosketaren errudunak edo sopikunak edo horien biktimak izan daitezkeen pertsonen etorreraz.

18. ARTIKULUA

Hitzarmen honen alderdiek konpromisoa hartzen dute, euren nazio-legeek ezarritako baldintzen arabera, prostituzioan ari diren atzerritarrengandik halako adierazpena jasotzeko, euren nortasuna eta egoera zibila finkatzeko eta euren estatutik irtetera zein arrazoik behartu zituen zehazteko.Horrela lortutako datuak pertsona horien jatorrizko estatuko agintariei jakinaraziko zaizkie, behin-behineko aberriratzeari begira.

19. ARTIKULUA

Hitzarmen honen alderdiek konpromisoa hartzen dute, euren nazio-legeek ezarritako baldintzen arabera eta xedapenak urratzeagatik auzipetze edo beste egintza bati kalterik egin gabe, ahal denean:

1.Neurri egokiak hartzeko, laguntza eta babesa emateko prostituzio-helburuekin nazioarte-mailan pertsonen salerosketaren biktima behartsuei, euren aberriratzea bideratzen den bitartean.

2.18. artikuluak aipatu pertsonak aberriratzeko, aberriratzea nahi badute edo euren gain boterea duten pertsonek erreklamatzen badituzte, edo horien kanporatzea legearen arabera agintzen bada.Aberriratzea bakar-bakarrik burutuko da helmuga-estatuarekin aurretiaz akordioa badago, aberriratu behar diren pertsonen nortasunari eta naziotasunari dagokienez, eta mugetara heldu beharreko tokiari eta datari dagokienez.Hitzarmen honen alderdi bakoitzak bere lurraldetik pertsona horiek igarotzea erraztu egingo du.

Aurreko paragrafoan aipatu pertsonek ezin badituzte itzuli aberriratze-gastuak eta ez badute ezkontiderik, ez seniderik edo tutorerik gastuak ordaintzeko, horien aberriratzea, mugarainoko, ontziratze-porturainoko edo jatorrizko estatuaren norabidean hurbilen dagoen aireporturainoko gastuak bizilekuko estatuak ordainduko ditu eta bidaiaren gainerako gastuak, jatorrizko estatuak.

20. ARTIKULUA

Hitzarmen honen alderdiek beharrezko neurriak hartuko dituzte, aurretiaz hartu ez badituzte ere, lanpostu-agentziak ikuskatzeko, horrela saihestu dadin lan bila dabiltzan pertsonak, bereziki emakumeak eta haurrak, prostituzioaren arriskuan jartzea.

21. ARTIKULUA

Hitzarmen honen alderdiek jakinaraziko dizkiote Nazio Batuen Idazkari Nagusiari euren estatuetan jada aldarrikatu dituzten lege eta erregelamenduak eta, aurrerantzean, urtero jakinaraziko dute, hitzarmen honetan aipatu gaiei buruz aldarrikatutako lege edo erregelamendu oro, eta baita hartutako neurri oro hitzarmenaren aplikazioari dagokionez.Jasotako informazioak idazkari nagusiak argitaratuko ditu aldian-aldian, eta hark igorriko dizkie Nazio Batuen kide guztiei eta halakoak izan ez arren, 23. artikuluaren arabera, modu ofizialean hitzarmen hau jakinarazi zaien estatuei ere.

22. ARTIKULUA

Hitzarmen honen alderdien artean eztabaidaren bat sortzen bada, horren interpretazioari edo aplikazioari dagokienez, eta eztabaida hori ezin bada konpondu beste bideetatik, Nazioarteko Justizia Gortearen menpe geratuko da, eztabaidako alderdietako edozeinek hala eskatuta.

23. ARTIKULUA

Hitzarmen hau Nazio Batuen kideek sinatzeko irekia geratuko da, eta beste edozein estatuk sinatzeko, horretarako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak gonbidapena igorri badio.

Hitzarmen hau berretsiko da eta berrespen-instrumentuak Nazio Batuen Idazkaritza Orokorrean gordailutuko dira.

Lehenengo paragrafoan aipatu estatuek, hitzarmena sinatu ez arren,  hitzarmenari atxikimendua eman ahal izango diote.

Atxikimendua gauzatuko da atxikimendu-instrumentu bat Nazio Batuen Idazkaritza Orokorraren esku utzita, bertan gordailutua izan dadin.

Hitzarmen honen ondorioetarako, "estatu” hitzak barneratzen ditu zein estatuk hitzarmena sinatu edo horrekiko atxikimendua eman eta estatu horren koloniak eta zainpeko lurralde guztiak; orobat, beste gainerako lurraldeak, horien nazioarteko harremanen ardura estatu horri badagokio.

24. ARTIKULUA

Hitzarmen hau indarrean jarriko da berrespen- edo atxikimendu-instrumentuetatik bigarrena zein datatan gordailutu eta laurogeita hamar egun geroago.

Hitzarmena berretsi, edo berrespen- edo atxikimendu-instrumentuetatik bigarrena gordailutu ondoren, berorri atxikimendua eman duen estatu bakoitzari dagokionez, hitzarmena jarriko da indarrean estatu horrek berrespen- eta atxikimendu-instrumentua gordailutu eta laurogeita hamar egun geroago.

25. ARTIKULUA

Indarrean jartzen denetik bost urte geroago, hitzarmenaren edozein alderdik salatu ahal izango du hitzarmena, Nazio Batuen Idazkari Nagusiari zuzendutako idatzizko jakinarazpen baten bidez.

Salaketa horrek ondoriorik sortuko ditu, salaketa egin duen alderdiari dagokionez, Nazio Batuen Idazkari Nagusiak zein datatan jaso halakoa eta urtebete geroago.

26. ARTIKULUA

Nazio Batuen Idazkari Nagusiak jakinaraziko dizkie Nazio Batuen kide guztiei eta 23. artikuluak aipatu eta kide ez diren estatuei.

a) 23. artikuluaren arabera jaso dituen sinadurak, berrespenak eta atxikimenduak;

b)24. artikuluaren arabera, hitzarmena indarrean jarritako data.

c) 25. artikuluaren arabera jasotako salaketak.

27. ARTIKULUA

Hitzarmen honen alderdi bakoitzak konpromisoa hartzen du, Konstituzioarekin bat etorriz, beharrezko legegintza-neurriak edo beste izaerakoak ezartzeko, hitzarmen honen aplikazioa bermatzeko.

28. ARTIKULUA

Hitzarmen honen xedapenek, alderdien harremanei dagokienez, atariko bigarren paragrafoaren 1, 2, 3 eta 4. ataletan aipatu nazioarteko instrumentuen xedapenak indargabetuko dituzte, eta horiek iraungitzat joko dira alderdi guztiek hitzarmenaren alderdi bihurtzen direnean.

AZKEN PROTOKOLOA

Hitzarmen honetan barruraturiko deus ere ezin izango da interpretatu, hitzarmen honetan xedatutakoak baino baldintza gogorragoak aurreikusten dituen edozein legeriaren kaltetan, legeria horrek pertsonen salerosketa zigortzera eta inoren prostituzioa ustiatzera bideratutako xedapenen aplikazioari begira baldintza gogorrago horiek ezartzen baditu.

Hitzarmenaren 23tik 26ra arteko artikuluen xedapenak, biak barne, protokolo honi aplikatuko zaizkio.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra