Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >> Europa mailako nazioarteko testuak

Protokoloak estatuetako parlamentuek Europar Batasunean duten egitekoari buruzkoa

2010-03-30

Itzulpena nork: Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO)

Erakundea: Europar Batasuna

Argitalpena: DOUE, 2010/3/30, 83. zk.

PROTOKOLOAK

ESTATUETAKO PARLAMENTUEK EUROPAR BATASUNEAN DUTEN EGITEKOARI BURUZKOA

TRATATUGILE GORENEK,

GOGOAN IZANDA estatu kide bakoitzaren konstituzio-antolaketari eta -praktikari dagokiola zehaztea nola kontrolatu behar duen parlamentuak Batasunaren jarduerei buruz gobernuak daukan jardueran;

ASMOA IZANIK estatuetako parlamentuek parte-hartze handiagoa izan dezaten Europar Batasunaren jardueretan, eta, orobat, Batasunaren lege-egintza proiektuei buruz eta interes bereziko beste kontu batzuei buruz iritzia emateko gaitasun handiagoa izan dezaten.

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari eta Energia Atomikoaren Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuari gaineratuko zaizkio eranskin gisa.

I. TITULUA

ESTATUETAKO PARLAMENTUENTZAKO INFORMAZIOA

1. artikulua

Europako Batzordeak zuzen-zuzenean igorriko dizkie Europako Batzordearen kontsulta-agiriak (liburu berdeak, liburu zuriak eta komunikazioak) estatuetako parlamentuei, argitaratu bezain laster.

Era berean, Europako Batzordeak urteko legegintza-programa igorriko die estatu kideetako parlamentuei, bai eta legegintza-programazioko edo politika-estrategiako beste edozein tresna ere; Europako Parlamentuari eta Kontseiluari igortzen dien une berean igorriko dizkie

2. artikulua

Europako Parlamentuari eta Kontseiluari igortzen zaizkien lege-egintza proiektuak estatuetako parlamentuei igorriko zaizkie.

Protokolo honen helburuetarako, honako hauek joko dira “lege-egintza proiektutzat”: Europako Batzordearen proposamenak, estatu kideen multzo baten ekimenak, Europako Parlamentuaren ekimenak, Justizia Auzitegiaren eskaerak, Europako Banku Zentralaren gomendioak eta Europako Inbertsio Bankuaren eskaerak, legegintzako egintza bat onartzea xede dutenak.

Europako Batzordeak zuzen-zuzenean igorriko dizkie estatuetako parlamentuei bere baitan abiarazitako lege-egintza proiektuak, Europako Parlamentuari eta Kontseiluari igortzen zaizkien une berean.

Europako Parlamentuak zuzen-zuzenean igorriko dizkie estatuetako parlamentuei bere baitan abiarazitako lege-egintza proiektuak.

Kontseiluak estatuetako parlamentuei igorriko dizkie estatu kideen talde batetik, Justizia Auzitegitik, Europako Banku Zentraletik edo Europako Inbertsio Bankutik sortutako lege-egintza proiektuak.

3. artikulua

Estatuetako parlamentuek, lege-egintza proiektu bat subsidiariotasun-printzipioarekin bat ote datorren adierazteko, irizpen arrazoitu bat igorri ahal diete Europako Parlamentuko presidenteari, Kontseiluko presidenteari eta Europako Batzordeko presidenteari; subsidiariotasun-printzipioaren eta heinekotasun-printzipioaren aplikazioari buruzko Protokoloak ezarritako prozeduraren arabera egingo du hori.

Baldin eta lege-egintza proiektua estatu kideen talde batek abiarazia bada, Kontseiluko presidenteak estatu kide horietako gobernuei igorriko dizkie irizpen arrazoituak.

Baldin eta lege-egintza proiektua Justizia Auzitegiak, Europako Banku Zentralak edo Europako Inbertsio Bankuak abiarazia bada, Kontseiluko presidenteak dagokion instituzio edo organoari igorriko dizkio irizpen arrazoituak.

4. artikulua

Lege-egintza proiektua Batasuneko hizkuntza ofizialetan idatzirik estatuetako parlamentuen esku uzten den unetik, proiektu hori Kontseiluaren behin-behineko gai-zerrendan sartzen den arte —onartua izan dadin edo legegintza-prozedura batean horri buruzko jarrera bat har dadin—, zortzi asteko tarte bat utzi beharko da.

Presako kasuetan, salbuespenak egin ahal izango dira, eta Kontseiluaren egintzan edo jarreran aipatuko dira salbuespen horien arrazoiak.

Behar bezala arrazoitutako presako kasuetan izan ezik, ezin izango da inolako akordiorik egin lege-egintza proiektu baten gainean.

Lege-egintza proiektu bat Kontseiluaren behin-behineko gai-zerrendan sartu eta proiektu horri buruzko jarrera bat hartu arte, hamar eguneko tartea igaro beharko da, behar bezala arrazoitutako presako kasuetan izan ezik.

5. artikulua

Kontseiluaren bileretako gai-zerrendak eta bilera horietako emaitzak, lege-egintza proiektuez eztabaida egiteko Kontseiluak egiten dituen bileretako aktak barne, estatuetako parlamentuei igorriko zaizkie zuzen-zuzenean, estatu kideetako gobernuei igortzen zaien une berean.

6. artikulua

Kontseilu Europarrak Europar Batasunaren Tratatuko 48. artikuluaren 7. paragrafoaren lehenbiziko edo bigarren lerrokadez baliatzea aurreikusten duenean, estatuetako parlamentuei emango zaie Kontseilu Europarraren ekimenaren berri, erabaki bat hartu baino sei hilabete lehenago, gutxienez.

7. artikulua

Kontu Auzitegiak urteroko txostena igorriko die estatuetako parlamentuei, informazioa emate aldera, Europako Parlamentuari eta Kontseiluari igortzen dien une berean.

Estatu kide baten parlamentu-sistema ez bada ganbera bakarrekoa, sistema hori eratzen duten ganberei aplikatuko zaizkie 1. artikulutik 7.era artekoak.

II. TITULUA

PARLAMENTUEN ARTEKO LANKIDETZA

9. artikulua

Europako Parlamentuak eta estatuetako parlamentuek elkarrekin zehaztuko dute nola sustatu eta antolatu Batasunaren barruan burutu beharreko parlamentu arteko lankidetza eraginkor eta erregularra.

10. artikulua

Batasunaren Gaietan Espezializatutako Parlamentuetako Organoen Biltzarrak egokitzat jotzen duen edozein ekarpen aurkeztu ahal izango die Europako Parlamentuari, Kontseiluari eta Batzordeari.

Biltzar horrek, gainera, estatuetako parlamentuen eta Europako Parlamentuaren (haren batzorde berezituak barne) artean informazioaren eta jardunbide egokien berri trukatzea sustatuko du.

Orobat, biltzar horrek parlamentu arteko biltzarrak antola ditzake gai berezien gainean aritzeko, bereziki atzerri- eta segurtasun-politika erkideari buruzko gaiez eztabaidatzeko, segurtasun- eta defentsa-politika erkidea tarteko.

Biltzarraren ekarpenek ez dituzte behartuko estatuetako parlamentuak, eta ekarpenak direla-eta ez da haien jarrera aldez aurretik juzgatuko.

SUBSIDIARIOTASUN- ETA HEINEKOTASUN-PRINTZIPIOEN APLIKAZIOAZ.

TRATATUGILE GORENEK,

ASMOA IZANIK erabakiak Batasuneko herritarrengandik ahalik eta hurbilen har daitezen ahaleginak egin;

DELIBERATUTA Europar Batasunaren Tratatuko 5. artikuluan adierazitako subsidiariotasun- eta heinekotasun-printzipioak aplikatzeko baldintzak ezartzera eta printzipio horien aplikazioa kontrolatzeko sistema bat ezartzera,

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaizkio:

1. artikulua

Instituzio bakoitzak etengabe zaindu beharko du Europar Batasunaren Tratatuko 5. artikuluan zehaztutako subsidiariotasun- eta heinekotasun-printzipioak errespetatzen direla.

2. artikulua

Legegintzako egintza bat proposatu aurretik, Batzordeak kontsulta ugari eta zabalak egingo ditu.

Kontsulta horiek kontuan hartu beharko dituzte, hala dagokionean, aurreikusitako ekintzek eskualdeei eta tokian tokikoei dagokienez izango dituzten eraginak.

Presa berezia duten kasuetan, Batzordeak ez du horrelako kontsultarik egingo.

Batzordeak bere proposamenean emango ditu hartutako erabakiaren arrazoiak.

3. artikulua

Protokolo honen helburuetarako, honako hauek joko dira “lege-egintza proiektutzat”: Europako Batzordearen proposamenak, estatu kideen multzo baten ekimenak, Europako Parlamentuaren ekimenak, Justizia Auzitegiaren eskaerak, Europako Banku Zentralaren gomendioak eta Europako Inbertsio Bankuaren eskaerak, legegintzako egintza bat onartzea xede dutenak.

4. artikulua

Europako Batzordeak, estatuetako parlamentuei igorriko dizkie bere lege-egintza proiektuak, bai eta proiektu aldatuak ere; Europar Batasuneko legegileari bidaltzen dizkien une berean bidaliko dizkie.

Europako Parlamentuak bere lege-egintza proiektuak igorriko dizkie estatuetako parlamentuei, bai eta proiektu aldatuak ere.

Kontseiluak estatuetako parlamentuei igorriko dizkie estatu kideen talde batek, Justizia Auzitegiak, Europako Banku Zentralak edo Europako Inbertsio Bankuak abiarazitako lege-egintza proiektuak, bai eta proiektu aldatuak ere.

Onartu ahala, Europako Parlamentuaren legegintzako ebazpenak eta Kontseiluaren jarrerak estatuetako parlamentuei helaraziko dizkiete haiek.

5. artikulua

Lege-egintza proiektuak justifikatu egingo dira subsidiariotasun- eta heinekotasun-printzipioei dagokienez.

Lege-egintza proiektu orok fitxa bat eduki behar du, subsidiariotasun-printzipioa eta heinekotasun-printzipioa nola betetzen diren ebaluatzeko behar diren xehetasunekin.

Fitxa horretan finantza-eragina ebaluatzeko behar diren osagaiak aipatu behar dira, eta, zuzentaraua baldin bada, estatu kideek garatu behar duten araudian izango dituen ondorioak, eta, hala badagokio, eskualde-mailako legerian izango dituenak ere bai.

Europar Batasunaren helburu bat Batasunaren mailan hobeki irits daitekeelako ondorioa arrazoitu egin beharko da, adierazle kuantitatiboen eta kualitatiboen bitartez.

Lege-egintza proiektuek kontuan hartu beharko dute zer karga berri, dela finantzen arlokoa nahiz administraziokoa, ekarriko dieten Batasunari, estatuetako gobernuei, eskualdeetako gobernuei, tokian tokiko agintaritzei, eragile ekonomikoei eta hiritarrei; hain zuzen ere, karga hori minimizatu eta iritsi beharreko helburuaren heinekoa izan dadin egin beharko dute hori.

6. artikulua

Estatuetako parlamentu orok eta parlamentu horietako ganbera orok, legegintzako egintza baten proiektua igortzen denetik kontatzen hasita zortzi eguneko epean, txosten arrazoitu bat igorri ahalko die Europako Parlamentuko lehendakariari, Kontseiluko lehendakariari eta Batzordeko lehendakariari, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialetan idatzita; bertan, proiektua subsidiariotasun-printzipioari zergatik ez zaion egokitzen azaldu beharko du.

Estatuko parlamentu bakoitzaren edo estatuko parlamentuetako ganbera bakoitzaren egitekoa da, hala dagokionean, legegintzako eskumenak dituzten eskualdeetako parlamentuei kontsultatzea.

Baldin eta lege-egintza proiektua estatu kideen talde batek abiarazia bada, Kontseiluko lehendakariak estatu kide horietako gobernuei igorriko dizkie irizpen arrazoituak.

Baldin eta lege-egintza proiektua Justizia Auzitegiak, Europako Banku Zentralak edo Europako Inbertsio Bankuak abiarazia bada, Kontseiluko presidenteak dagokion instituzio edo organoari igorriko dio irizpena.

7. artikulua

1. Estatuetako parlamentuek edo estatuko parlamentu bateko ganberetako edozeinek igorritako irizpen arrazoituak hartu beharko dituzte kontuan Europako Parlamentuak, Kontseiluak eta Batzordeak, bai eta, hala dagokionean, estatu kideen taldeak, Justizia Auzitegiak, Europako Banku Zentralak edo Europako Inbertsio Bankuak, baldin eta lege-egintza proiektua berek abiarazia bada.

Estatuko parlamentu bakoitzak bina boto izango ditu, estatu horretako parlamentu-sistemaren arabera banatuak.

Bi ganberetako parlamentu-sistemetan, ganbera bakoitzak boto bana izango du.

2. Europar lege-egintza proiektu bat berriro aztertu beharko da baldin eta proiektu horrek subsidiariotasun-printzipioa errespetatzen ez duelako egin diren irizpen arrazoituek estatuetako parlamentuei esleitutako boto-kopuru osoaren heren bat ordezkatzen badute (lehenbiziko lerrokadaren bigarren paragrafoaren arabera esleitutako boto-kopuru osoa, alegia).

Atalase hori laurden batera jaitsiko da baldin eta lege-egintza proiektua Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 76. artikuluan (justizia, segurtasun eta askatasun-eremuari buruzkoa) oinarriturik badago.

Atzera berriz aztertuta, Batzordeak edo, hala badagokie, estatu kideen taldeak, Europako Parlamentuak, Justizia Auzitegiak, Europako Banku Zentralak edo Europako Inbertsio Bankuak –baldin eta horiek badira lege-egintza proiektuaren eragile– hiru aukera izango ditu: proiektuari bere horretan eustea, aldatzea edo erretiratzea.

Erabaki hori arrazoitu egin beharko da.

3. Gainera, baldin eta, legegintza-prozedura arruntaren barnean, irizpen arrazoituek adierazten badute lege-egintza proiektu batek ez duela errespetatzen subsidiariotasun-printzipioa, eta irizpen arrazoitu horiek estatuetako parlamentuei esleitutako boto-kopuru osoaren gehiengo soila ordezkatzen badute (lehenbiziko idatz-zatiaren bigarren paragrafoaren arabera esleitutako boto-kopuru osoa, alegia), proposamena berriro aztertu beharko da.

Azterketa horren ondoren, Batzordeak erabaki dezake proposamenari eutsi, aldatu edo kentzea.

Proposamenari eustea erabakitzen badu, Batzordeak justifikatu egin beharko du zergatik uste duen dena delako proposamen horrek subsidiariotasun-printzipioa errespetatzen duela; irizpen arrazoituaren bitartez egin beharko du hori.

Batzordearen irizpen arrazoitu hori, hala nola estatuetako parlamentuek egiten dituztenak, Europar Batasuneko legegileari igorri beharko zaizkio, aintzat har ditzan legegintza-prozeduran.

a)

Legegileak (Europar Batasuneko parlamentuak eta Kontseiluak), lehenbiziko irakurraldia amaitu baino lehen, aztertuko du ea legegintzako proposamena bat datorren subsidiariotasun-printzipioarekin; aurkeztutako arrazoien artean, estatuetako parlamentu gehienek beren egiten dituztenak hartuko ditu aintzat, bai eta Batzordearen irizpen arrazoitua ere.

b)

Baldin eta legegileak uste badu, Kontseiluko kideen % 55eko gehiengoa edo Europako Parlamentuan emandako botoen gehiengoa medio, legegintza-proposamena ez datorrela bat subsidiariotasun-printzipioarekin, baztertu egingo da.

8. artikulua

Baldin eta estatu kide batek, legegintzako egintza batek subsidiariotasun-printzipioa hautsi izanagatik errekurtsoa aurkezten badu, berdin delarik Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 263. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera aurkezten duen edo bere antolamendu juridikoaren arabera helarazten duen bere parlamentuaren edo haren ganberetako baten izenean, orduan, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak eskumena izango du errekurtso hori ebazteko.

Artikulu horretan ezartzen diren prozedurekin bat etorriz, Eskualdeetako Komiteak ere errekurtsoak jarri ahal izango ditu legegintzako egintzen aurka, baldin eta, horiek onartzeko, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuak komiteari kontsultatzea eskatzen badu.

Batzordeak, urtero, Europar Batasunaren Tratatuko 5. artikuluaren aplikazioari buruzko txostena aurkeztuko die Kontseilu Europarrari, Europako Parlamentuari eta estatuetako parlamentuei.

Urteko txosten hori Eskualdeen Komiteari eta Ekonomia eta Gizarte Komiteari ere helarazi beharko zaie.

EUROPAR BATASUNEKO JUSTIZIA AUZITEGIAREN ESTATUTUAZ

TRATATUGILE GORENEK,

ASMOA IZANIK Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 281. artikuluan jasotako Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren estatutua ezarri,

BAT ETORRI DIRA ondoko xedapenetan, Europar Batasunaren Tratatuari, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari eta Energia Atomikoaren Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuari eranskin gisa gehituko zaizkienak:

1. artikulua

Europar Batasuneko Justizia Auzitegia Tratatuetan, Energia Atomikoaren Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuan (EAEE Tratatua) eta estatutu honetan xedatutakoarekin bat etorriz eratuko da, eta hala beteko ditu bere egitekoak.

I. TITULUA

EPAILEEN ETA ABOKATU NAGUSIEN ESTATUTUA

2. artikulua

Bere eginkizunei ekin aurretik, epaile orok, Justizia Auzitegiaren aurrean, jendaurreko bilkura batean, zin egin beharko du bere eginkizunak inpartzialtasun osoz eta kontzientziaz beteko dituela eta eztabaiden isilekotasuna ez duela inola ere hautsiko.

3. artikulua

Epaileek jurisdikzio-immunitatea izango dute.

Epaileek, beren eginkizunak utzi eta gero ere, immunitatea izango dute berek ofizialki egindako egintzei buruz, hitzez eta idatziz egindako adierazpenak barne.

Justizia Auzitegiak, Osoko Bilkuran bilduta, kendu egin dezake immunitatea.

Erabakia Auzitegi Orokorreko edo auzitegi espezializatu bateko kide bati buruzkoa denean, dagokion auzitegiari aurretiaz kontsulta eginda erabakiko du Justizia Auzitegiak.

Baldin eta, immunitatea kendu eta gero, epaileren baten aurka akzio penalen bat baliatzen bada, estatu kide bakoitzean estatuko jurisdikzio-organo goreneko magistratuak epaitzeko eskumena duten agintariek baino ezingo dute epaitu epaile hori.

Europar Batasunaren pribilegio eta immunitateen gaineko protokoloko 11. artikulutik 14.era artekoak eta 17. artikulua aplikatu ahal izango zaizkie Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko epaileei, abokatu nagusiei, idazkariari eta txostengile-ondokoei, aurreko lerrokadetan epaileen jurisdikzio-immunitateari buruz jasotako xedapenei kalterik egin gabe.

4. artikulua

Epaileek ezin izango dute bete inolako eginkizun politikorik nahiz administratiborik.

Ezin izango dute ordaindutako edo ordaindu gabeko inolako lanbide-jarduerarik bete, Kontseiluak, gehiengo soilez eta salbuespenez, baimena eman ezik.

Epaileek, beren eginkizunei ekiten dietenean, zinez aginduko dute beren kargutik sortutako betebeharrak errespetatuko dituztela, bereziki beren agintaldia amaitu eta gero zenbait eginkizun edo onura onartzeko orduan erakutsi beharreko zintzotasun- eta diskrezio-eginbeharrak, bai beren agintaldiak dirauen artean eta bai hori amaitu eta gero ere.

Zalantzazko kasuetan, Justizia Auzitegiak erabakiko du.

Erabakia Auzitegi Orokorreko edo auzitegi espezializatu bateko kide bati buruzkoa denean, dagokion auzitegiari aurretiaz kontsulta eginda erabakiko du Justizia Auzitegiak.

5. artikulua

Aldikako berrikuntza-kasuak eta heriotza-kasuak alde batera, epaileen agintaldia dimisioz eta banaka amaituko da.

Epaileren batek dimisioa ematen badu, Justizia Auzitegiko lehendakariari zuzendu behar dio dimisio-gutuna, eta horrek Kontseiluko lehendakariari igorriko dio.

Azken jakinarazpen horrekin kargua hutsik geldituko da.

Salbu eta 6. artikulua aplikatu behar den kasuetan, epaileek beren karguetan jarraituko dute, harik eta beren ondorengoa eginkizunak betetzen hasi arte.

6. artikulua

Epaileak beren eginkizunetatik kentzeko nahiz epaileei pentsioa edo ordezko beste edozein onura jasotzeko eskubidea kentzeko, Justizia Auzitegiko epaileek eta abokatu nagusiek aho batez adierazi behar dute kargurako eskatutako ezaugarriak galdu dituztela edota ez dituztela betetzen beren karguei dagozkien betebeharrak.

Interesdunak ez du eztabaida horietan parte hartuko.

Interesduna Auzitegi Orokorreko edo auzitegi espezializatu bateko kide denean, dagokion auzitegiari aurretiaz kontsulta eginda erabakiko du Justizia Auzitegiak.

Idazkariak Justizia Auzitegiaren erabakiaren berri emango die Europako Parlamentuko eta Batzordeko lehendakariei, eta berak jakinaraziko dio Kontseiluko lehendakariari ere.

Erabaki horrek epaileren bat bere eginkizunetatik kendu eta ordeztea badakar, azken jakinarazpen horrekin kargua hutsik geldituko da.

7. artikulua

Agintaldia amaitu aurretik beren eginkizunak uzten dituzten epaileen ordez jarritakoak agintaldia amaitzeko gelditzen den tarterako izendatuko dira.

8. artikulua

Aurreko 2.etik 7.era bitarteko artikuluetako xedapenak abokatu nagusiei ere aplikatuko zaizkie.

II. TITULUA

JUSTIZIA AUZITEGIAREN ANTOLAKETA

9. artikulua

Epaileak hiru urtetik behin berrituko dira, zatika, txanda batean hamalau epaile aldatuko dira, eta bestean hamahiru.

Abokatu nagusiak hiru urtetik behin berrituko dira, zatika; aldi bakoitzean lau abokatu nagusi aldatuko dira.

10. artikulua

Idazkariak Justizia Auzitegiaren aurrean zin egingo du bere egitekoak inpartzialtasun osoz eta kontzientziaz beteko dituela eta eztabaidetako isilekotasuna ez duela inola ere hautsiko.

11. artikulua

Justizia Auzitegiak idazkariaren ordez beste bat jarri ahal izango du, hark ezintasunen bat izanez gero.

12. artikulua

Funtzionarioak eta beste agente batzuk atxikiko zaizkio Justizia Auzitegiari, auzitegiaren funtzionamendua bermatzeko.

Idazkariaren mende egongo dira denak, lehendakariaren agintaritzapean.

13. artikulua

Justizia Auzitegiaren eskariz, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, legegintzako prozedura arruntaren arabera, txostengile-ondokoak izendatzea aurreikus dezakete, eta horien estatutua ezarri.

Justizia Auzitegiari aurkeztutako gaien izapideak egiten parte hartzeko eta txostengilea den epailearekin lankidetzan aritzeko dei egin ahal izango zaie txostengile-ondokoei, Prozedura Erregelamenduan zehaztutako baldintzetan.

Txostengile-ondokoak independentzia-berme guztiak eskaintzen dituzten pertsonen artean aukeratuko dira, eta behar besteko gaitasun juridikoa izan behar dute; Kontseiluak izendatuko ditu gehiengo soilez.

Justizia Auzitegiaren aurrean zin egingo dute beren eginkizunak inpartzialtasun osoz eta kontzientziaz beteko dituela eta eztabaiden isilekotasuna ez duela inola ere hautsiko.

Epaileek, abokatu nagusiek eta idazkariak Justizia Auzitegiak egoitza duen herrian bertan izan behar dute bizilekua.

15. artikulua

Justizia Auzitegiak etenik gabe jardungo du.

Epaileen oporraldien iraupena Justizia Auzitegiak finkatuko du, zerbitzuaren premiak kontuan hartuta.

16. artikulua

Justizia Auzitegiak hiru eta bost epailez osatutako salak eratuko ditu.

Epaileek beren artetik hautatuko dituzte saletako lehendakariak.

Bost epaileko saletako lehendakariak hiru urterako hautatuko dira.

Behin berritu ahal izango da beren agintaldia.

Sala Nagusia hamahiru epailek osatuko dute.

Justizia Auzitegiko lehendakaria izango da bertako lehendakari ere.

Sala Nagusiko kide izango dira, halaber, bost epaileko saletako lehendakariak eta Prozedura Erregelamenduan zehazten diren baldintzetan izendatutako beste epaile batzuk ere.

Estatu kide batek eskatzen duenean jardungo du Justizia Auzitegiak Sala Nagusi moduan, bai eta prozesuan alderdi den Batasuneko instituzioren batek eskatuta ere.

Justizia Auzitegiak Osoko Bilkuran jardungo du, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 228. artikuluko 2. paragrafoa, 245. artikuluko 2. paragrafoa, 247. artikulua edo 286. artikuluko 6. paragrafoa aplikatuz gai bat aurkezten zaionean.

Justizia Auzitegiak, era berean, ardurapean duen gairen batek berebiziko garrantzia duela uste duenean, gai hori Osoko Bilkuraren eskuetan uzteko erabakia hartu ahal izango du, abokatu nagusiari entzun ondoren.

17. artikulua

Justizia Auzitegiak baliozko erabakiak hartu ahal izateko, epaileen kopurua bakoitia izan behar da beti.

Hiru zein bost epailez osatutako salen erabakiak baliozkoak izateko, hiru epailek hartu behar dute parte beti.

Sala Nagusiaren erabakiak baliozkoak izateko, bederatzi epailek hartu behar dute parte beti.

Justizia Auzitegiaren Osoko Bilkurako erabakiak baliozkoak izateko, hamabost epailek hartu behar dute parte beti.

Sala bat osatzen duten epaileetako batek bertaratzeko ezintasunen bat badu, beste sala bateko epaile bat hara joateko eskatu ahal izango da, betiere, Prozedura Erregelamenduan zehaztutako baldintzetan.

Epaileek eta abokatu nagusiek ezingo dute gairen bat ebazten parte hartu, baldin eta, aurretik, gai horretan agente, aholkulari edo alderdiren baten abokatu gisa parte hartu badute edota gai horren inguruan epaimahaiko kide gisa, ikerketa-batzorderen bateko kide gisa edo beste edozein eratara erabakiak hartzeko deitu badituzte.

Baldin eta epaile edo abokatu nagusiren batek, arrazoi bereziren bat tarteko, gai zehatzen baten epaiketan edo azterketan ezin duela parte hartu irizten badio, lehendakariari eman behar dio horren berri.

Lehendakariaren iritziz, epaile edo abokatu nagusiren batek, arrazoi bereziren bat tarteko, gai zehatzen batean parte hartu behar ez badu edo ondoriorik aurkeztu behar ez badu, hala jakinarazi behar dio interesdunari.

Artikulu hau aplikatzeko orduan zailtasunik agertzen bada, Justizia Auzitegiak erabakiko du.

Parte batek ezingo du epaile baten nazionalitatea arrazoitzat aipatu Justizia Auzitegiaren edo bertako salaren baten osaera aldatzeko eskatzeko, ez eta Justizia Auzitegian edo bertako salaren batean bere nazionalitateko epaile bat falta denik ere.

III. TITULUA

JUSTIZIA AUZITEGIAREN AURREKO PROZEDURA

19. artikulua

Estatu kideek, baita Batasuneko instituzioek ere, ordezkaritza izango dute Justizia Auzitegian gai bakoitzerako aukeratutako agentearen bidez; agenteak aholkulari edo abokatu baten laguntza jaso ahal izango du.

Estatu kide izan gabe Europako Esparru Ekonomikoaren gaineko Akordioan alderdi diren estatuek eta akordio horretan jasotako EFTAko Zaintzako Organoak ordezkaritza berbera izango dute.

Beste alderdiak abokatu batek ordezkatuko ditu.

Estatu kide baten edo Europako Esparru Ekonomikoaren gaineko Akordioan parte den beste estatu baten jurisdikzio-organoren baten aurrean jarduteko gaituta dauden abokatuek baino ezin dute alderdi bat ordezkatu edo alderdi horri lagundu Justizia Auzitegian.

Justizia Auzitegian ager daitezen agente, aholkulari eta abokatuek beren eginkizunak independentziaz gauzatzeko beharrezko eskubideak eta bermeak izango dituzte, Prozedura Erregelamenduak zehaztutako balditzetan.

Justizia Auzitegiak, bestalde, bertan agertutako ahokulariei eta abokatuei dagokienez, epaitegiei eta auzitegiei gai horretan eskuarki aitortutako ahalak izango ditu, Erregelamendu horretan bertan zehaztutako baldintzetan.

Estatu kideren bateko herritar diren unibertsitate-irakasleek, beren estatuko legediak auzitan jarduteko eskubidea aitortzen badie, artikulu honetan abokatuei onartutako eskubideak izango dituzte Justizia Auzitegian.

Justizia Auzitegiaren aurreko prozedurak bi aldi izango ditu:

idatzia bata, eta ahozkoa bestea.

Idatzizko aldian, alderdiei eta aurkatutako egintzak eman dituzten Batasuneko instituzioei demandak, alegazioak, erantzunak eta oharrak jakinaraziko zaizkie, eta, hala egokituz gero, baita kontra-erantzunak edota beste edozein pieza edo dokumentu lagungarri nahiz horien kopia ziurtatuak ere.

Idazkariaren erantzukizunpean egingo dira jakinarazpenak, Prozedura Erregelamenduan zehaztutako hurrenkeran eta epeetan.

Ahozko aldian, bestalde, hauek sartzen dira: epaile txostengileak aurkeztutako txostena irakurtzea, Justizia Auzitegiak agenteei, aholkulariei eta abokatuei entzutea, eta abokatu nagusiak aurkeztutako ondorioak entzutea, bai eta lekukoei eta adituei ere, egoki bada.

Baldin eta, Justizia Auzitegiaren iritziz, gaiak ez badakar zuzenbidearen aldetik inolako arazo berririk, Justizia Auzitegiak, abokatu nagusiari entzunda, gaia abokatu nagusiaren ondoriorik gabe epaitzea erabaki ahal izango du.

21. artikulua

Justizia Auzitegian prozedura hasteko, demanda bat zuzenduko zaio idazkariari.

Demandan, demandatzailearen izena eta helbidea jaso behar dira, eta sinatzailearen zerizana, demandatutako alderdiaren edo alderdien izena, auziaren mamia, uziak, eta alegatutako arrazoien azalpen laburra.

Demandarekin batera, hala badagokio, deuseztatzea nahi den egintza aurkeztu behar da, edo, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 265.. artikuluan aipatutako hipotesiaren kasuan, artikulu horretan jasotako errekerimenduaren eguna ziurtatu dezan agiri bat.

Aipatutako agiriok demandari eransten ez bazaizkio, idazkariak interesdunari dei egingo dio, zentzuzko epe baten barruan agiriok aurkezteko; horrelakoetan, ordea, ezin izango da preklusiorik alegatu, baldin eta prozesuaren egoera errekurtsoa jartzeko epea iragan ondoren erregularizatzen bada.

22. artikulua

Energia Atomikoaren Europako Erkidegoa (EAEE) eratzeko Tratatuko 18. artikuluan aipatutako kasuetan, Justizia Auzitegiari errekurtsoa jartzekotan, idazkariari zuzendutako idazkiaren bidez egingo da.

Idazkian demandatzailearen izena eta helbidea jaso beharko dira eta sinatzailearen zerizana, bai eta zein erabakiren aurka jartzen den errekurtsoa, auzilarien izena, auziaren mamia, uziak, eta alegatutako arrazoien azalpen laburra ere bai.

Idazkiarekin batera, aurkatu den Arbitrajeko Komitearen erabakiaren kopia egiaztatu bat aurkeztu behar da.

Justizia Auzitegiak errekurtsoa ezesten badu, Arbitrajeko Komitearen erabakia behin betikoa izango da.

Baldin eta Justizia Auzitegiak, prozesuko alderdiren baten ekimenez eta bidezkoa bada, Arbitrajeko Komitearen erabakia deuseztatzen badu, berriz ekin ahal izango zaio prozedurari Arbitrajeko Komitearen aurrean.

Justizia Auzitegiak erabakitako zuzenbide-arazoei lotu behar zaie Arbitrajeko Komitea.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 267. artikuluan aipatzen diren kasuetan, prozedura eteten duen eta gaia Justizia Auzitegiari aurkezten dion estatuko jurisdikzio-organoaren erabakia jurisdikzio-organo horrek berak jakinaraziko dio Justizia Auzitegiari.

Ondoren, Justizia Auzitegiko idazkariak auzian diren alderdiei, estatu kideei eta Batzordeari jakinaraziko die erabaki hori, bai eta baliozkotasun edo interpretazio arazoengatik zalantzan jarri den egintza onartu duen Batasuneko instituzio, organo edo organismoari ere.

Azken jakinarazpen hori jasotzen denetik bi hilabeteko epean, alderdiek, estatu kideek, Batzordeak eta, hala dagokionean, baliozkotasun edo interpretazio arazoengatik zalantzan jarri den egintza onartu duen Batasuneko instituzio, organo edo organismoak eskubidea izango dute Justizia Auzitegiari alegazio edo ohar idatziak aurkezteko.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 267. artikuluan aipatzen diren kasuetan, Justizia Auzitegiko idazkariak dagokion jurisdikzio-organo nazionalaren erabakia jakinaraziko die estatu kide izan gabe Europako Esparru Ekonomikoaren gaineko Akordioan alderdi diren estatuei eta akordio horretan jasotako EFTAko Zaintzako Organoari; jakinarazpena egiten denetik bi hilabeteko epean, eta akordio horren aplikazio-eremuetakoren bat ukituta gelditzen bada, alegazio edo ohar idatziak aurkeztu ahal izango dizkiote Justizia Auzitegiari.

Kontseiluak eta hirugarren estatu batek edo batzuek eremu jakin bati buruz egindako akordioaren bidez estatu horiei alegazio edo ohar idatziak aurkezteko ahalmena ematen zaienean, baldin eta estatu kide bateko jurisdikzio-organo batek akordio horren aplikazio-eremuari eragiten dion epaitu aurreko arazo bat aurkezten badio Justizia Auzitegiari, arazo hori aurkeztu duen jurisdikzio-organo nazionalak hirugarren estatu horiei ere jakinaraziko die erabakia. Herrialde horiek, orduan, alegazio edo ohar idatziak aurkeztu ahal izango dizkiote Justizia Auzitegiari, jakinarazpena egiten denetik bi hilabeteko epean.

23 bis artikulua (*)

Prozedura-erregelamenduak prozedura bizkortua ezarri ahal izango du, eta askatasun-, segurtasun- eta justizia-esparruari buruzko epaiketa aurreko igorpenetarako, presazko prozedura.

Prozedura horietan, 23. artikuluan finkatutakoa baino epe laburragoa aurreikus daiteke idatzizko oharrak edo alegazioak aurkezteko eta, 20. artikuluko laugarren lerrokadan xedatutakoa gorabehera, baita abokatu nagusiaren ondoriorik eza ere.

Presazko prozedurak alderdiak eta beste interesdun batzuk —23. artikuluaren arabera idatzizko oharrak edo alegazioak aurkezteko baimena dutenak— mugatzea ere aurreikus dezake eta, premia berealdikoa bada, prozeduraren idatzizko aldia kentzea ere bai.

(*) 2008/79/CE, Euratom Erabakiaren bitartez sartutako artikulua (2008.1.29ko EO L, 29.zka, 42. or.).

Justizia Auzitegiak berak egoki iritzitako agiri guztiak aurkezteko eta informazio guztiak emateko eskatu ahal izango die alderdiei.

Erantzuna ezezkoa bada, aktan jasota utziko du.

Justizia Auzitegiak estatu kideei eta auzian alderdi ez diren instituzio, organo eta organismoei ere prozesurako berak beharrezko iritzitako informazio guztiak eskatu ahal izango dizkie.

25. artikulua

Justizia Auzitegiak edonoiz agindu ahal izango dio peritu-irizpen bat egiteko berak aukeratutako edozein pertsona, korporazio, bulego tekniko, batzorde edo organori.

26. artikulua

Lekukoei entzun ahal izango zaie, Prozedura Erregelamenduak zehaztutako baldintzetan.

27. artikulua

Justizia Auzitegiak, bertaratzen ez diren lekukoei dagokienez, gai horretan epaitegiei eta auzitegiei orokorrean aitortutako ahalak izango ditu, eta diru-zehapenak ezarri ahal izango ditu, Prozedura Erregelamenduak zehaztutako baldintzetan.

28. artikulua

Lekukoek eta perituek zinpean egin dezakete deklarazioa, bai Prozedura Erregelamenduan ezarritako formularen arabera, bai lekuko edo aditu bakoitzaren estatuko legedian jasotako moduan.

29. artikulua

Lekukoek eta perituek egoitza duten tokiko agintari judizialen aurrean deklaratzeko agindua eman ahal izango du Justizia Auzitegiak.

Auto hori bete ahal izateko, Prozedura Erregelamenduak zehaztutako baldintzetan jakinaraziko zaio eskumenak dituen agintaritza judizialari.

Erreguzko gutuna betetzearen ondorioz sortutako agiriak Justizia Auzitegiari igorri behar zaizkio modu berean.

Justizia Auzitegiak ordainduko ditu gastuak, hala dagokienean, gero alderdiei ordainarazteko aukerari kalterik egin gabe.

30. artikulua

Lekukoek eta perituek zina hausten badute, arlo zibilean jurisdikzioa duen auzitegi nazional batean egindako delitutzat hartuko dute estatu kideek egintza hori.

Justizia Auzitegiak salaketa egin ondoren, kasuan kasuko estatuak jazarri egingo ditu delitu horren egileak horretan eskumenak dituen bertako jurisdikzio-organoaren aurrean.

31. artikulua

Ikustaldia jendaurrekoa izango da, Justizia Auzitegiak, arrazoi larriak tarteko, kontrakorik adierazi ezik, ofizioz edo alderdiak eskatuta.

32. artikulua

Ikustaldian, Justizia Auzitegiak galdeketa egin ahal izango die perituei eta lekukoei, bai eta alderdiei ere.

Hala ere, alderdiek beren ordezkarien bidez baino ezingo dute jardun epaiketan.

33. artikulua

Ikustaldi bakoitzeko, akta bat jaso behar da; akta hori lehendakariak eta idazkariak sinatu behar dute.

34. artikulua

Lehendakariak zehaztuko ditu ikustaldi-txandak.

35. artikulua

Justizia Auzitegiaren eztabaidak sekretupean egin eta hala gordeko dira.

36. artikulua

Epaiak arrazoitu egingo dira.

Eztabaidetan parte hartu duten epaileen izenak aipatuko dira bertan.

37. artikulua

Epaiak, lehendakariak eta idazkariak sinatuko dituzte.

Jendaurreko saio batean irakurriko dira.

38. artikulua

Justizia Auzitegiak erabakiko du kostuen gainean.

39. artikulua

Justizia Auzitegiko lehendakariak prozedura laburtu baten bidez erabakiko du Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 278. artikuluan eta EAEE Tratatuko 157. artikuluan jasotako etendura lortu nahi duten uziei buruz, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 279. artikuluarekin bat etorriz behin-behineko neurriak emateari buruz, edo Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuaren 299. artikuluaren laugarren lerrokadaren edo EAEE Tratatuko 164. artikuluko hirugarren lerrokadaren arabera egintzen nahitaezko betearazpena eteteari buruz. Prozedura laburtu horri, beharrezkoa den heinean, ez zaizkio estatutu honetan jasotako zenbait arau aplikatuko, eta Prozedura Erregelamenduan arautuko da prozedura hori.

Lehendakaria ezintasun-egoeraren batean badago, beste epaile batek egingo du haren ordezkoa, Prozedura Erregelamenduak zehaztutako baldintzetan.

Lehendakariaren ebazpena, edo haren ordezkoarena, behin-behinekoa baino ez da izango, eta inola ere ez du baldintzapean jarriko Justizia Auzitegiaren erabakia gai nagusiari dagokionez.

40. artikulua

Estatu kideek eta Batasuneko instituzioek laguntzailekide moduan har dezakete parte Justizia Auzitegiaren esku jarritako auzietan.

Eskubide bera izango dute Batasuneko organoek eta organismoek eta beste edozein pertsonak ere, baldin eta Justizia Auzitegiari aurkeztutako auzi baten ebazpenean interesen bat erakuts badezakete.

Pertsona fisikoek eta juridikoek ez dute esku hartu ahal izango estatu kideen arteko, Batasuneko instituzioen arteko, edo eskatu kideen eta batasuneko instituzioen arteko auzietan.

Bigarren lerrokadan xedatutakoari kalterik egin gabe, estatu kide izan gabe Europako Esparru Ekonomikoaren gaineko Akordioan parte diren estatuek eta akordio horretan aurreikusitako EFTAko Zaintzako Organoak laguntzailekide gisa esku har dezakete Justizia Auzitegiari aurkeztutako auzietan, auziok aipatutako akordio horren aplikazio-eremuren bati buruzkoak direnean.

Esku hartzeko demandaren uziek helburu bakarra izango dute, alderdietako baten uziak bultzatzea, besterik ez.

41. artikulua

Alderdi demandatuak, behar bezala epatuta egonda, demandari idatziz erantzuten ez badio, auzi-iheseko epaia emango da horretaz.

Epaiari aurkapena jarri ahal izango zaio, jakinarazpenetik hilabeteko epean.

Justizia Auzitegiak kontrako erabakirik hartu ezik, aurkapen horrek ez du auzi-iheseko epaia betearaztea etengo.

42. artikulua

Estatu kideek, Batasuneko instituzio, organo edo organismoek zein beste edozein pertsona fisikok edo juridikok, Prozedura Erregelamenduak zehaztutako kasuetan eta baldintzetan, hirugarrengotza jar dezake emandako epaien aurka, nahiz eta agertzeko deirik jaso ez, baldin eta epai horiek beren eskubideei kalte egiten badiete.

43. artikulua

Epairen baten esanahiaz eta helmenaz zalantzarik izanez gero, Justizia Auzitegiari dagokio epai hori interpretatzea, alderdiak eskatuta edo horretan interesa duela froga dezan Batasuneko instituzioak eskatuta.

Justizia Auzitegiari epaia berrikustea eskatu ahal izateko, nahitaezkoa izango da eragin erabakigarria izan dezakeen egintzaren bat aurkitu izana; hain zuzen, epaia eman aurretik ez Justizia Auzitegiak ez berrikustea eskatu duen alderdiak ezagutzen ez zutena.

Justizia Auzitegiaren epai bat behar da berrikuste-prozedurarako; gertakari berri bat dagoela jaso behar da berariaz epai horretan, eta, dituen ezaugarriak kontuan hartuta, bide ematen duela berrikustea onartzeko; beraz, demanda hori prozeduran onartzeko modukoa dela deklaratuko du.

Ezingo da inolako berrikuste-demandarik aurkeztu epai-egunetik hamar urte igaro eta gero.

45. artikulua

Prozedura Erregelamenduan distantziaren araberako epeak finkatuko dira.

Epeak amaitu direla-eta ezingo da preklusiorik aurkeztu, baldin eta interesdunak ustekabeko edo ezinbesteko kasuren bat gertatu dela egiaztatzen badu.

46. artikulua

Kontratuz kanpoko erantzukizuna dela-eta Batasunaren aurka baliatutako akzioek bost urtera preskribituko dute, akziook eragin zituen gertakaria gertatu zenetik zenbatuta.

Preskripzioa geldiarazi egingo da, bai Justizia Auzitegiari demanda aurkeztuta, bai aurre-erreklamazioa eginez; kaltetuak hori Batasunean eskumenak dituen instituzioan aurkeztu ahal izango du.

Azken kasu horretan, demanda bi hilabeteko epean aurkeztu beharko da, horrela baitago xedatuta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko 263. artikuluan; hala dagokionean, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko 265. artikuluaren bigarren lerrokadan jasotako xedapenak izango dira aplikagarri.

Artikulu hau Europako Banku Zentralaren kontratuz kanpoko erantzukizunen arloko akzioei ere aplikatuko zaie.

IV. TITULUA

AUZITEGI OROKORRA

47. artikulua

Auzitegi Orokorrari eta bertako kideei ere 9. artikuluko lehenengo lerrokada, 14. eta 15. artikuluak, 17. artikuluko lehenengo, bigarren, laugarren eta bosgarren lerrokadak eta 18. artikulua aplikatuko zaizkie.

Auzitegi Orokorreko idazkariari ere aplikatuko zaizkio, mutatis mutandis, 3. artikuluko laugarren lerrokada eta 10., 11. eta 14. artikuluak.

48. artikulua

Auzitegi Orokorra hogeita zazpi epailek osatuta egongo da.

49. artikulua

Auzitegi Orokorreko kideei abokatu nagusiaren eginkizunak betetzeko dei egin ahal izango zaie.

Abokatu nagusi horren eginkizuna izango da Auzitegi Orokorraren esku jarritako zenbait gairi buruz ondorio arrazoituak aurkeztea —auzitegi horri bere xedeak betetzen laguntzeko— jendaurrean eta inpartzialtasun eta independentzia osoz, .

Auzitegi Orokorraren Prozedura Erregelamenduan finkatuko dira gai horiek hautatzeko irizpideak eta abokatu nagusiak izendatzeko moduak.

Auzitegi Orokorreko kide bat gai baten gainean abokatu nagusi izateko izendatzen denean, kide horrek ezingo du parte hartu gai hori ebazten.

50. artikulua

Auzitegi Orokorrak hiru eta bost epailez osatutako salak eratuko ditu.

Epaileek beren artetik hautatuko dituzte saletako lehendakariak.

Bost epaileko saletako lehendakariak hiru urterako hautatuko dira.

Behin berritu ahal izango da beren agintaldia.

Prozedura Erregelamenduan arautuko da salen osaketa eta sala bakoitzari dagozkion gaiak esleitzeko modua.

Prozedura Erregelamenduan jasotako zenbait kasutan, Auzitegi Orokorrak Osoko Bilkuran edo kide bakarreko organo moduan jardun dezake.

Prozedura Erregelamenduan, halaber, Auzitegi Orokorra Sala Nagusi moduan eratzea xedatu ahal izango da zehaztutako kasuetarako eta zehaztutako baldintzetan.

51. artikulua

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 256. artikuluko 1. paragrafoan aipatzen den arauan xedatutakoa gorabehera, Justizia Auzitegiaren eskumenekoak izango dira —auzitegi horren eskumenekoak baino ez— Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 263. eta 265. artikuluetan jasotzen diren errekurtsoak, estatu kide batek jartzen baditu:

a)

Europako Parlamentuak edo Kontseiluak, edo, batera dihardutela, bi instituzio horiek, onartutako egintzen aurka edo erabakitzeari huts egin izanaren aurka, honako hauek salbuespen izanik:

- Kontseiluak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108. artikuluko 2. paragrafoko hirugarren lerrokadaren arabera hartutako erabakiak.

- merkataritza babesteko neurriei buruz Kontseiluak onartutako erregelamendu batekin bat etorriz, Kontseiluak berak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 207. artikuluaren arabera onartutako egintzak;

- Kontseiluak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 291. artikuluko 2. paragrafoaren arabera betearazpen-eskumenak baliatzeko gauzatzen dituen egintzak.

b)

Batzordeak onartutako egintza baten aurka edo erabakitzeari huts egin izanaren aurka, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 331. artikuluko 1. paragrafoaren arabera.

Justizia Auzitegiaren eskumenekoak izango dira –auzitegi horren eskumenekoak baino ez–, era berean, artikulu horietan beretan jasotzen diren errekurtsoak, baldin eta errekurtso horiek Batasuneko instituzio batek jarri baditu Europako Parlamentuak, Kontseiluak, aldi berean batak eta besteak, edo Batzordeak egintza bat onartu duela-eta, edo erabakitzeari huts egin diola-eta, edo baldin eta errekurtso horiek instituzio batek jarri baditu Europako Banku Zentralak egintza bat onartu duela-eta, edo erabakitzeari huts egin diola-eta.

52. artikulua

Justizia Auzitegiko lehendakariak eta Auzitegi Orokorreko lehendakariak elkarren arteko adostasunez finkatuko dute Justizia Auzitegiari atxikitako funtzionarioek eta gainerako agenteek Auzitegi Orokorrean zerbitzuak betetzeko zein baldintza bete behar dituzten, Auzitegi Orokorraren funtzionamendua bermatuta egon dadin.

Zenbait funtzionario edo agente Auzitegi Orokorreko idazkariaren mende egongo dira bertako lehendakariaren agintaritzapean.

53. artikulua

Auzitegi Orokorrean jarduteko prozedura III. tituluan arautu da.

Beharrezkoa den heinean, bertako Prozedura Erregelamenduak zehaztu eta osatuko du Auzitegi Orokorrean jarduteko prozedura.

Prozedura Erregelamenduak salbuespenak jarri ahal izango dizkie 40. artikuluko laugarren lerrokadari eta 41. artikuluari, jabetza intelektualaren eremuan sortutako auzien ezaugarri bereziak kontuan izateko.

Aurreko 20. artikuluko laugarren lerrokadan xedatutakoa gorabehera, abokatu nagusiak idatziz aurkez ditzake bere ondorioak arrazoituta.

54. artikulua

Auzitegi Orokorrari zuzendutako errekurtsoren bat edo prozesuko beste egintzaren bat noizbait hutsegitez Justizia Auzitegiko Idazkaritzan aurkezten bada, idazkaritza horrek berehala bidali beharko dio Auzitegi Orokorreko Idazkaritzari; era berean, Justizia Auzitegiari zuzendutako errekurtsoren bat edo prozesuko beste egintzaren bat noizbait hutsegitez Auzitegi Orokorreko idazkaritzan aurkezten bada, idazkaritza horrek berehala helarazi beharko dio Justizia Auzitegiko Idazkaritzari.

Auzitegi Orokorrak errekurtso bat ebazteko ardura izateko eskumenik ez duela uste badu, Justizia Auzitegiaren eskumenekoa delako, Justizia Auzitegiari igorriko dio.

Era berean, Justizia Auzitegiak errekurtsoa ebazteko ardura izateko eskumenik ez duela uste badu, Auzitegi Orokorraren eskumenekoa delako, Auzitegi Orokorrari igorriko dio, eta halakoetan hark ezin utziko dio bere eskumena baliatzeari.

Justizia Auzitegiari eta Auzitegi Orokorrari biei xede berbera duten gaiak aurkezten bazaizkie, edo interpretazio-arazo berbera mahaigaineratzen dutenak, edo egintza berberaren baliozkotasuna zalantzan jartzen dutenak, Auzitegi Orokorrak, alderdiei entzun ondoren, eten egin ahal izango du bere jarduna, harik eta Justizia Auzitegiak epaia eman arte edo, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 263. artikuluaren arabera jarritako errekurtsoak badira, Auzitegi Orokorrak utzi egin ahal izango dio bere eskumena baliatzeari, Justizia Auzitegiak errekurtso horiek ebatzi ahal izan ditzan.

Baldintza berberetan, Justizia Auzitegiak ere bere ardurapeko prozedura etetea erabaki dezake; horrelakoetan, prozedurari Auzitegi Orokorrean emango zaio jarraipena.

Estatu kide batek eta Batasuneko instituzio batek egintza berberari jartzen badiote aurkapena, Auzitegi Orokorrak bere eskumenak baliatzeari utziko dio, Justizia Auzitegiak errekurtso horiek ebatzi ahal izan ditzan.

55. artikulua

Auzitegi Orokorreko idazkariak alderdi guztiei jakinaraziko dizkie, baita estatu kide guztiei nahiz Batasuneko instituzioei ere, auzian Auzitegi Orokorrean parte hartu ez arren, bai Auzitegi Orokorrak prozesua amaitzeko emandako ebazpenak, bai edukizko arazoa zati batean ebatzita utz dezatenak, bai eskumenik ezaren edo onartezintasunaren salbuespenen bati buruzko prozesuko intzidenteak amaitzen dituztenak.

56. artikulua

Kasazio-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Justizia Auzitegiari bi hilabeteko epean, aurkapena jaso duen ebazpena jakinarazten denetik hasita, bai Auzitegi Orokorrak prozesua amaitzeko emandako ebazpenen aurka, bai edukizko arazoa zati batean ebatzita utz dezatenen aurka, baita eskumenik ezaren edo onartezintasunaren salbuespenen bati buruzko prozesuko intzidenteak amaitzen dituztenen aurka ere.

Kasazio-errekurtsoa edozein alderdik aurkeztu ahal izango du, baldin eta bere uziak erabat edo zati batean ezetsi badira.

Hala ere, estatu kide edo Batasuneko instituzio ez diren laguntzailekideek kasazio-errekurtsoa jarri ahal izateko, Auzitegi Orokorraren ebazpenak nahitaez eragin behar die zuzenean, bestela ezin izango dute horrelako errekurtsorik jarri.

Batasunaren eta bere agenteen auziak salbuespen direla, Auzitegi Orokorrean auzian esku hartu ez duten estatu kideek eta Batasuneko instituzioek ere jar dezakete kasazio-errekurtsoa.

Aipatu berri diren estatu kideak eta instituzioak lehen auzialdian esku hartu duten estatu kideen zein instituzioen egoera berberean egongo dira.

57. artikulua

Pertsonaren batek parte hartzeko egindako eskaria ezetsi bada, pertsona horrek kasazio-errekurtsoa jarri ahal izango dio Justizia Auzitegiari, parte hartzeko bere eskaria ezetsi duen Auzitegi Orokorraren ebazpenaren aurka, ezesteko ebazpenaren jakinarazpena jaso eta bi asteko epean.

Prozedurako alderdiek kasazio-errekurtsoa jarri ahal izango dute Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 278. eta 279. artikuluen edo 299. artikuluko laugarren lerrokadaren ondorioz edo EAEE Tratatuko 157. artikuluaren edo 164. artikuluko hirugarren lerrokadaren ondorioz Auzitegi Orokorrak hartutako edozein ebazpenen aurka, ebazpenaren jakinarazpenetik bi hilabeteko epean.

Artikulu honetako lehenengo eta bigarren lerrokadetan aipatutako kasazio-errekurtsoa 39. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera ebatziko da.

58. artikulua

Justizia Auzitegian aurkeztutako kasazio-errekurtsoa zuzenbide-arazoetara mugatuko da.

Errekurtsoak arrazoi hauek izan beharko ditu oinarri: Auzitegi Orokorraren eskumenik eza, auzitegiko prozedurako irregulartasunak, errekurtso-jartzailearen interesak kaltetzen dituzten heinean, eta Auzitegi Orokorrak Batasuneko Zuzenbidea haustea.

Kostuak ezartzea eta kostuen zenbatekoa ez dira, berez, kasazio-errekurtsoa jartzeko arrazoi.

59. artikulua

Auzitegi Orokorraren ebazpen baten aurkako kasazio-errekurtsoaren prozedurak bi aldi izango ditu Justizia Auzitegian: idatzia bata, eta ahozkoa bestea.

Justizia Auzitegiak, abokatu nagusiari eta alderdiei entzun ondoren, ahozko aldirik egin gabe eman dezake ebazpena, Prozedura Erregelamenduak zehazten dituen baldintzetan.

60. artikulua

Kasazio-errekurtsoa jartzeak ez du etete-ondoriorik izango, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 278. eta 279. artikuluetan edo EAEE Tratatuko 157. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 280. artikuluan xedatutakoa gorabehera, erregelamendu bat deuseztatzen duten Auzitegi Orokorraren ebazpenek eragina izateko, nahitaez, estatutu honetako 56. artikuluko lehenengo lerrokadan aipatutako epea iraungi behar da, edo bestela, aipatutako epean kasazio-errekurtsoren bat jarri baldin bada, aurretik errekurtsoa ezetsi behar da; hala ere, alderdi bakoitzak eskubidea izango du Justizia Auzitegian demanda bat jartzeko, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 278. eta 279. artikuluen edo EAEE Tratatuko 157. artikuluaren indarrez deuseztatutako europar erregelamenduaren eraginak etetea lortzeko nahiz beste edozein behin-behineko neurri hartzeko.

61. artikulua

Kasazio-errekurtsoa baiesten bada, Justizia Auzitegiak deuseztatu egingo du Auzitegi Orokorraren ebazpena.

Kasu horretan, Justizia Auzitegiak bi aukera izango ditu, auzia berak ebatzi behin betiko, auziaren egoerak hala egiten uzten badu, edo gaia Auzitegi Orokorrari bihurtu, horrek ebatzi dezan.

Auzia Auzitegi Orokorrari bihurtuz gero, Justizia Auzitegiaren ebazpenean erabakitako zuzenbide-arazoak lotura-indarrekoak izango dira Auzitegi Orokorrarentzako.

Auzia dela eta, Auzitegi Orokorrean esku hartu ez duen estatu kideren batek edo Batasuneko instituzioren batek jarritako kasazio-errekurtsoa baiesten denean, Justizia Auzitegiak, beharrezkoa baderitzo, berak adieraz dezake zein diren Auzitegi Orokorrak deuseztatutako ebazpenaren ondorioen artean behin betikotzat hartu beharrekoak, auzian alderdi direnentzat.

62. artikulua

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 256. artikuluko 2. eta 3. paragrafoetan adierazitako kasuetan, lehen abokatu nagusiak Auzitegi Orokorraren ebazpena berraztertzeko proposatu ahal izango dio Justizia Auzitegiari, Batasuneko Zuzenbidearen batasuna edo koherentzia hausteko arrisku larria dagoela uste duenean.

Auzitegi Orokorrak ebazpena eman ondoko hilabeteko epean aurkeztu beharko da proposamena.

Justizia Auzitegiak, lehen abokatu nagusiak proposamena aurkezten dionetik hilabeteko epean, ebazpena berraztertzea bidezkoa den ala ez erabakiko du.

62 bis artikulua

Berriz aztertu beharreko gaiei buruzko erabakia emateko, Justizia Auzitegiak presazko prozedura erabiliko du, Auzitegi Orokorrak igorritako autoetan oinarrituta.

Estatutu honetako 23. artikuluan aipatzen diren interesdunek eta Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuaren 256. artikuluko 2. paragrafoan aipatzen diren kasuetan, Auzitegi Orokorrean bideratutako prozedurako alderdiek eskubidea izango dute Justizia Auzitegian alegazio edo ohar idatziak aurkezteko, berariaz ezarritako epean, berriz aztertu beharreko gaien inguruan.

Justizia Auzitegiak ahozko aldia irekitzeari buruz erabaki dezake ebazpena eman baino lehen.

62 ter artikulua

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 256. artikuluko 2. paragrafoan aurreikusitako kasuetan, berraztertzeko proposamenak eta berraztertzeko prozedura hasteko erabakiak ez dute etendura eragingo, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 278. eta 279. artikuluetan xedatutakoari kalterik egin gabe.

Justizia Auzitegiak adierazten badu Auzitegi Orokorraren ebazpenak Batasuneko Zuzenbidearen batasuna edo koherentzia hausten duela, Justizia Auzitegiak gaia Auzitegi Orokorrari igorriko dio berriz, eta Justizia Auzitegiaren ebazpenean erabakitako zuzenbide-arazoak lotura-indarrekoak izango dira Auzitegi Orokorrarentzat; Justizia Auzitegiak berak adieraz dezake zein diren Auzitegi Orokorrak deuseztatutako ebazpenaren ondorioen artean behin betikotzat hartu beharrekoak, auzian alderdi direnentzat.

Dena dela, berrazterketaren emaitza kontuan hartuta, auziaren ebazpena Auzitegi Orokorraren erabakiaren oinarri diren egitatezko apreziazioen ondorio bada, Justizia Auzitegiak behin betiko ebatziko du auzia.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 256. artikuluko 3. paragrafoan aurreikusitako kasuetan, berraztertzeko proposamenik edo berraztertze-aldia irekitzeko erabakirik ez badago, aurkeztutako galderei Auzitegiak emandako erantzunak 62. artikuluko bigarren lerrokadan berariaz ezarritako epea bukatzean izango du eragina.

Berraztertze-aldia irekitzen bada, berrazterketari dagokion erantzunak aldi hori amaitzean izango du eragina, Justizia Auzitegiak besterik erabaki ezik.

Justizia Auzitegiak adierazten badu Auzitegi Orokorraren ebazpenak Batasuneko Zuzenbidearen batasuna edo koherentzia hausten duela, berraztertu beharreko gaiei Justizia Auzitegiak emandako erantzunak Auzitegi Orokorrak emandakoa ordezkatuko du.

IV bis TITULUA

JURISDIKZIO SALAK

62. quater artikulua

Auzitegi espezializatuen eskumenei, osaketari, antolaketari eta prozedurari buruzko xedapenak, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 257. artikuluaren ondorioz ezarriak, estatutu honetako eranskinean daude jasota.

V. TITULUA

AZKEN XEDAPENAK

63. artikulua

Justizia Auzitegiaren eta Auzitegi Orokorraren Prozedura Erregelamenduek estatutu hau aplikatzeko beharrezko xedapen guztiak jasoko dituzte, bai eta, beharrezkoa den heinean, estatutu hau osatzekoak ere.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari aplikatu beharreko hizkuntza-araubideari buruzko arauak Kontseiluaren erregelamendu baten bidez ezarriko dira; Kontseiluak aho batez erabakiko du.

Erregelamendu hori onetsiko da, dela Justizia Auzitegiak eskatuta eta Batzordeari eta Europako Batzordeari aurretiaz kontsulta eginda, dela Batzordeak proposatuta eta Justizia Auzitegiari eta Europako Parlamentuari aurretiaz kontsulta eginda.

Arau horiek onartzen diren arte, Justizia Auzitegiaren Prozedura Erregelamenduan eta Auzitegi Orokorraren Prozedura Erregelamenduan hizkuntza-araubideari buruz ezarritako xedapenak izango dira aplikagarri.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 253. eta 254. artikuluetan xedatutakoa gorabehera, xedapen horiek aldatzeko edo indargabetzeko, Kontseiluaren aho bateko onespena beharko da.

I. ERANSKINA

EUROPAR BATASUNEKO FUNTZIO PUBLIKOKO AUZITEGIA

1. artikulua

Batasunaren eta bere eragileen arteko auziak ebazteko eskumena Europar Batasuneko Funtzio Publikoko Auzitegiak —aurrerantzean «Funtzio Publikoko Auzitegia»— izango du lehen auzialdian; Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 270. artikuluaren ondorioz; bere eskumen izango dira, halaber, edozein organo edo organismoren eta horien langileen arteko auziak baldin eta horien gaineko eskumena Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak esleituta badu.

2. artikulua

Funtzio Publikoko Auzitegia zazpi epailek osatuko dute.

Justizia Auzitegiak hala eskatzen badu, Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, epaileen kopurua handitu ahal izango du.

Epaileak sei urteko aldi baterako izendatuko dira.

Irteten diren epaileak berriz izendatu ahal izango dira.

Hutsik gelditzen diren kargu guztiak beste epaile bat sei urterako izendatuz beteko dira.

3. artikulua

1. Epaileak Kontseiluak izendatuko ditu, Europar Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 257. artikuluaren laugarren lerrokadaren arabera; aldez aurretik, ordea, artikulu honetan aipatzen den komiteari kontsulta egin beharko dio.

Epaileak izendatzeko orduan, Funtzio Publikoko Auzitegiaren eraketa orekatua izan dadila zainduko du Kontseiluak; ildo horretatik, geografia-irizpideen aldetik, ahalik eta aukera zabalena egingo du estatu kideetako herritarrei eta ordezkatutako sistema juridiko nazionalei dagokienez.

2. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 257. artikuluko laugarren lerrokadan adierazitako eskakizunak betetzen dituzten herritar guztiek aurkeztu ahal izango dute hautagaitza baldin eta Batasuneko herritartasuna badute.

Hautagaitza horiek aurkezteko eta tramitatzeko baldintzak eta erak Kontseiluak ezarriko ditu Justizia Auzitegiaren gomendioa entzunda.

3. Batzorde bat osatuko da, Europako Justizia Auzitegiko eta Auzitegi Orokorreko kide ohien artean eta jurista aditu ezagunen artean aukeratutako zazpi pertsonez osatua.

Kontseiluak erabakiko ditu batzordeko kideen izendapena eta funtzionamendu-arauak Justizia Auzitegiko lehendakariaren gomendioa entzunda.

4. Batzordeak hautagaiak Europar Batasuneko Funtzio Publikoko Auzitegiko epaileari dagozkion zereginak betetzeko gai diren adieraziko du irizpen batean.

Irizpenarekin batera, batzordeak maila gorena eta egokiena duten hautagaien zerrenda ere aurkeztuko du.

Zerrenda horretan proposatutako hautagaien kopura Kontseiluak izendatu beharreko epaileen kopurua halako bi izango da gutxienez.

4. artikulua

1. Epaileek beren artean aukeratuko dute Batasuneko Funtzio Publikoko Auzitegiko lehendakaria hiru urterako.

Agintaldia berritu egin daiteke.

2. Funtzio Publikoko Auzitegiak hiru epailez osatutako salak eratuko ditu.

Prozedura-erregelamenduan aurreikusitako kasuetan, osoko bilkuran, bost epaileko salan edo epaile bakarreko salan hartu ahal izango ditu erabakiak.

3. Funtzio Publikoko Auzitegiko lehendakaria osoko bilkurako eta bost epaileko salako buru izango da.

Hiru epaileko salen lehendakariak 1. paragrafoan adierazitako baldintzetan izendatuko dira. Funtzio Publikoko lehendakariari hiru epaileko sala bat esleitzen bazaio, bera izango da buru.

4. Prozedura Erregelamenduak arautuko ditu osoko bilkuraren eskumenak eta quoruma, baita salen osaketa eta gaiak horiei nola esleitu ere.

5. artikulua

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren Estatutuko 2.etik 6.era bitarteko artikuluak, 14. eta 15. artikuluak, 17. artikuluko lehenengo, bigarren eta bosgarren paragrafoak eta 18. artikulua Funtzio Publikoko Auzitegiari eta horko kideei ere aplikatuko zaizkie.

Estatutuko 2. artikuluan aurreikusitako zin-egitea Justizia Auzitegiaren aurrean egingo da, eta auzitegi horrek berak hartuko ditu 3., 4. eta 6. artikuluetan aipatzen diren erabakiak, betiere, Funtzio Publikoko Auzitegiari kontsultatu ondoren.

6. artikulua

1. Funtzio Publikoko Auzitegia Justizia Auzitegiaren eta Auzitegi Orokorraren zerbitzuez baliatuko da.

Justizia Auzitegiko lehendakariak edo, hala dagokionean, Auzitegi Orokorreko lehendakariak finkatuko du, Funtzio Publikoko Auzitegiko lehendakariarekin adostuta, zein baldintzatan emango dituzten zerbitzuak Funtzio Publikoko Auzitegian Justia Auzitegira edo Auzitegi Orokorrera atxikitako funtzionarioek eta gainerako eragileek, Futzio Publikoko Auzitegiak funtziona dezan.

Zenbait funtzionario edo gainerako eragile Funtzio Publikoko Auzitegiko idazkariaren menpe egongo dira, auzitegi horretako lehendakariaren agintaritzapean.

2. Funtzio Publikoko Auzitegiak izendatuko du bertako idazkaria, eta berak ezarriko du idazkariaren estatutua.

Auzitegi honetako idazkariari Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren Estatutuko 3. artikuluko laugarren lerrokada eta 10., 11. eta 14. artikuluak aplikatuko zaizkio.

7. artikulua

1. Funtzio Publikoko Auzitegian jarduteko prozedura Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren Estatutuko III. tituluan dago araututa, 22. eta 23. artikuluetan izan ezik. Beharrezko denean, prozedura hori Funtzio Publikoko Auzitegiaren prozedura-erregelamenduaren bitartez zehaztu eta osatuko da.

2. Auzitegi Orokorreko hizkuntza-araubideari buruzko xedapenak Funtzio Publikoko Auzitegiari ere aplikatuko zaizkio.

3. Prozeduraren idatzizko aldiak demandaren eta erantzuteko idazkiaren aurkezpena hartuko ditu barne, salbu eta Funtzio Publikoko Auzitegiak prozesuko idazkien bigarren truke bat behar dela erabakitzen badu.

Idazkien bigarren trukea egiten denean, Funtzio Publikoko Auzitegiak ahozko aldirik egin gabe hartu ahal izango du erabakia alderdiak ados badaude,.

4. Prozeduraren edozein alditan, baita demanda jarri ondoren ere, Funtzio Publikoko Auzitegiak auzia modu adiskidetsuan konpontzeko aukerak aztertuko ditu, eta horrelako irtenbide bat errazten saiatuko da.

5. Funtzio Publikoko Auzitegiak erabakiko du kostuen gainean.

Prozedura Erregelamenduko berariazko xedapenak errespetatuz, prozesua galtzen duen alderdia kostuak ordaintzera kondenatuko da, hala erabakitzen bada.

8. artikulua

1. Funtzio Publikoko Auzitegiari zuzendutako errekurtsoren bat edo prozesuko beste egintzaren bat noizbait hutsegitez Justizia Auzitegiko edo Auzitegi Orokorreko Idazkaritzan aurkezten bada, idazkaritza horrek berehala bidali beharko dio Funtzio Publikoko Auzitegiko Idazkaritzari. Era berean, Justizia Auzitegiari edo Auzitegi Orokorrari zuzendutako errekurtsoren bat edo prozesuko beste egintzaren bat noizbait hutsegitez Funtzio Publikoko Auzitegiko idazkaritzan aurkezten bada, idazkaritza horrek berehala helarazi beharko dio Justizia Auzitegiko edo Auzitegi Orokorreko Idazkaritzari.

2. Funtzio Publikoko Auzitegiak errekurtso bat ebazteko eskumenik ez duela uste badu, Justizia Auzitegiaren edo Auzitegi Orokorraren eskumenekoa delako, Auzitegi Orokorrari igorriko dio.

Era berean, Justizia Auzitegiak edo Auzitegi Orokorrak errekurtso bat Funtzio Publikoko Auzitegiaren eskumena dela uste badu, errekurtsoa jaso duen jurisdikzio-organoak Funtzio Publikoko Auzitegiari igorriko dio; eta horrek ezin izango dio uko egin bere eskumenari.

3. Auzitegi Orokorrean eta Funtzio Publikoko Auzitegian interpretazio-auzi berbera azaltzen duten edo egintza berberaren baliozkotasuna zalantzan jartzen duten arazoak aurkezten direnean, Funtzio Publikoko Auzitegiak, alderdiei entzun ondoren, prozedura eten ahal izango du, Auzitegi Orokorrak bere epaia eman arte.

Auzitegi Orokorrean eta Funtzio Publikoko Auzitegian gai berberari buruzko errekurtsoak aurkezten direnean, Funtzio Publikoko Auzitegiak uko egingo dio bere eskumenari, Auzitegi Orokorrak errekurtso horiei buruzko erabakia eman dezan.

9. artikulua

Kasazio-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Auzitegi Orokorrari bi hilabeteko epean, aurkatua izan den ebazpena jakinarazten denetik hasita, bai Funtzio Publikoko Auzitegiak prozesua amaitzeko emandako ebazpenen aurka, bai edukizko arazoa zati batean ebatzita utz dezatenen aurka, baita eskumenik ezaren edo onartezintasunaren salbuespenen bati buruzko prozesuko intzidenteak amaitzen dituztenen aurka ere.

Kasazio-errekurtsoa edozein alderdik aurkeztu ahal izango du, baldin eta bere uziak erabat edo zati batean ezetsi badira.

Hala ere, estatu kideetako edo Batasuneko instituzio ez diren laguntzailekideek kasazio-errekurtsoa jarri ahal izateko, Funtzio Publikoko Auzitegiaren ebazpenak nahitaez eragin behar die zuzenean, bestela ezin izango dute horrelako errekurtsorik jarri.

10. artikulua

1. Pertsonaren batek parte hartzeko egindako eskaria ezetsi bada, pertsona horrek kasazio-errekurtsoa jarri ahal izango dio Auzitegi Orokorrari, parte hartzeko bere eskaria ezetsi duen Funtzio Publikoko Auzitegiaren ebazpenaren aurka, ezesteko ebazpenaren jakinarazpena jaso eta bi asteko epean.

2. Prozedurako alderdiek kasazio-errekurtsoa jarri ahal izango dute Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 278. eta 279. artikuluen edo 299. artikuluko laugarren lerrokadaren ondorioz edo EAEE Tratatuko 157. artikuluaren edo 164. artikuluko hirugarren lerrokadaren ondorioz Funtzio Publikoko Auzitegiak hartutako edozein ebazpenen aurka, ebazpenaren jakinarazpenetik bi hilabeteko epean.

3. Auzitegi Orokorrak prozedura laburtu baten bitartez erabaki ahal izango ditu 1. eta 2. paragrafoetan aipatzen diren kasazio-errekurtsoak; prozedura laburtu horri, beharrezkoa den heinean, ez zaizkio estatutu honetan jasotako zenbait arau aplikatuko, eta Auzitegi Orokorreko Prozedura Erregelamenduan arautuko da prozedura hori.

11. artikulua

1. Auzitegi Orokorrean aurkeztutako kasazio-errekurtsoa zuzenbide-arazoetara mugatuko da.

Errekurtsoak arrazoi hauek izan beharko ditu oinarri: Funtzio Publikoko Auzitegiaren eskumenik eza; auzitegiko prozedurako irregulartasunak, dagokion alderdiaren interesak kaltetzen dituzten heinean, eta Funtzio Publikoko Auzitegiak Batasuneko Zuzenbidea urratzea.

2. Kostuak ezartzea eta kostuen zenbatekoa ez dira, berez, kasazio-errekurtsoa jartzeko arrazoi.

12. artikulua

1. Auzitegi Orokorrean kasazio-errekurtsoa jartzeak ez du etete-ondoriorik izango, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 278. eta 279. artikuluetan edo EAEE Tratatuko 157. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

2. Funtzio Publikoko Auzitegiaren ebazpen baten aurkako kasazio-errekurtsoaren prozedurak bi aldi izango ditu Auzitegi Orokorrean: idatzia eta ahozkoa.

Auzitegi Orokorrak, alderdiei entzun ondoren, ahozko aldirik egin gabe eman dezake ebazpena, Prozedura Erregelamenduak zehazten dituen baldintzetan.

13. artikulua

1. Kasazio-errekurtsoa baiesten bada, Auzitegi Orokorrak Funtzio Publikoko Auzitegiaren ebazpena deuseztatuko du eta berak ebatziko du auzia.

Auziaren egoerak horretarako aukerarik ematen ez badu, Funtzio Publikoko Auzitegiari itzuliko dio gaia, horrek ebatz dezan.

2. Auzia Funtzio Publikoko Auzitegiari bihurtuz gero, Auzitegi Orokorraren ebazpenean erabakitako zuzenbide-arazoak lotura-indarrekoak izango dira Funtzio Publikoko Auzitegiarentzat.

BANKU ZENTRALEN EUROPAKO SISTEMAREN ETA EUROPAKO BANKU ZENTRALAREN ESTATUTUEI BURUZKOA

TRATATUGILE GORENEK,

ASMOA IZANIK Banku Zentralen Europako Sistemaren eta Europako Banku Zentralaren estatutuak ezartzea —Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 129. artikuluko 2. paragrafoan daude aurreikusita—,

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaizkio:

1. KAPITULUA

BANKU ZENTRALEN EUROPAKO SISTEMA

1. artikulua

Banku Zentralen Europako Sistema

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 282. artikuluaren 1. paragrafoari jarraituz, Europako Banku Zentralak (EBZ) eta estatuetako banku zentralek Banku Zentralen Europako Sistema (BZES) osatuko dute.

EBZak eta diru gisa euroa darabilten estatu kideetako banku zentralek Eurosistema osatuko dute.

BZESk eta EBZak Tratatuetan eta estatutu honetan xedatutakoaren arabera beteko dituzte beren eginkizunak.

II. KAPITULUA

BZES-REN HELBURUAK ETA EGINKIZUNAK

2. artikulua

Helburuak

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 127. artikuluaren 1. paragrafoaren eta 282. artikuluaren 2. paragrafoaren arabera, BZESren lehen eginkizuna izango da prezioen egonkortasunari eustea.

Helburu horri kalterik egin gabe, eta Batasunaren helburuak betetzen laguntzeko, BZESk babesa emango die Batasunaren ekonomia-politika orokorrei, horrela xedatzen baita Europar Batasunaren Tratatuko 3. artikuluan.

BZESk lehia askeko merkatu-ekonomia irekiaren printzipioaren arabera jardungo du, baliabide-esleipen eragingarria bultzatuz eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 119. artikuluak ezartzen dituen printzipioak betez.

3. artikulua

Funtzioak.

3.1. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 127. artikuluko 2. paragrafoari jarraituz, BZESk oinarrizko eginkizun hauek izango ditu:

- Batasunak daukan diru-politika zehaztu eta gauzatzea,

- Tratatuko 219. artikuluko xedapenekin bat datozen dibisa-trukeak egitea;

- estatu kideen dibisen erreserba ofizialak gorde eta kudeatzea;

- ordainketa-sistemaren funtzionamendu ona sustatzea.

3.2. Tratatu horretako 127. artikuluaren 3. paragrafoaren arabera, 3.1 artikuluaren hirugarren marra estatu kideetako gobernuek maniobrako dibisa-funts ofizialak eduki eta kudeatzeko moduari kalterik egin gabe ulertu behar da.

3.3. Tratatu horretako 127. artikuluaren 5. paragrafoari jarraituz, BZES lagungarri izango da kreditu-erakundeen zuhurtziazko gainbegiratzeari eta finantza-sistemaren egonkortasunari dagokienez agintari eskudunek burutzen dituzten politikak ondo kudeatzeko.

4. artikulua

Kontsulta-eginkizunak

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 127. artikuluaren 4. paragrafoari jarraituz:

a)

a) Kontsulta egingo zaio EBZari:

- bere eskumenen eremuan sartzen diren Batasunaren egintza-proposamenei buruz;

- Estatuetako agintariek bere eskumenen eremuan sartzen diren lege-xedapenen proiektuei buruz, betiere, 41. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera Kontseiluak ezarritako mugak eta baldintzak errespetatuta;

b)

EBZak zuzenean aurkeztu ahal izango dizkie irizpenak Batasuneko kasuan kasuko instituzio, organo edo organismoei edo estatuetako agintariei, bere eskumenen eremuan sartzen diren gaiei buruz.

5. artikulua

Estatistika-informazioa biltzea

5.1. BZESren eginkizunak bete ahal izateko, EBZak beharrezkoa den estatistika-informazioa bilduko du estatuetako banku zentralen laguntzarekin. Informazio hori estatuetako agintari eskudunengandik edo zuzenean ekonomia-eragileengandik jaso ahal izango du.

Horretarako, lankidetzan jardungo du Batasuneko instituzio, organo edo organismoekin, estatu kideetako eta hirugarren herrialdeetako agintari eskudunekin eta nazioarteko erakundeekin.

5.2. Estatuetako banku zentralek, ahal den neurrian, 5.1. paragrafoan aipatutako eginkizunak beteko dituzte.

5.3. Behar denean, EBZak laguntza emango du bere eskumenen eremuko sektoreetan estatistikak nola bildu, egin eta banatu behar diren erregulatuko duten arauak eta jokaerak harmonizatzeko.

5.4. Kontseiluak zehaztuko du, 41. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituz, zein pertsona fisiko eta juridikok bete behar dituzten informazio-eskakizunak, isilekotasun-araubidea, eta betearazteko eta zehatzeko xedapenak.

6. artikulua

Nazioarteko lankidetza

6.1. Nazioarteko lankidetzaren esparruan, BZESri esleitutako eginkizunei dagokienez, EBZak erabakiko du nola egongo den ordezkatuta BZES.

6.2. EBZak eta, hark onartzen duenean, estatuetako banku zentralek nazioarteko diru-instituzioetan parte hartu ahal izango dute.

6.3. Aurreko 6.1 eta 6.2 artikuluetako xedapenak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 138. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe ulertu behar dira.

III. KAPITULUA

BZES-REN ANTOLAKETA

7. artikulua

Independentzia

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 130. artikuluan azaltzen denez, Tratatuek eta estatutu hauek ematen dizkieten ahalmenak erabiltzen dituztenean eta dagozkien eginkizunak eta eginbeharrak betetzen ari direnean, EBZak, estatuetako banku zentralek edo horien artezkaritza-organoetako kideek ez dute onartuko Batasuneko instituzio, organo eta organismoek, estatu kideetako gobernuek edo beste edozein organismok emandako jarraibiderik, ez eta horrelakorik eskatuko ere.

Batasuneko instituzio, organo edo organismoek eta estatu kideetako gobernuek konpromisoa hartzen dute printzipio hori betetzeko eta EBZeko edo estatuetako banku zentraletako artezkaritza-organoetan eragiten ez saiatzeko, horiek beren eginkizunak betetzen ari direnean.

8. artikulua

Printzipio orokorra

BZES EBZeko artezkaritza-organoek arteztuko dute.

9. artikulua

Europako Banku Zentrala

9.1. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 282. artikuluaren 3. paragrafoan xedatutakoari jarraituz, EBZak nortasun juridiko propioa izango du. Gainera, estatu kide bakoitzean, estatu-mailako legeriak pertsona juridikoei ematen dien gaitasun juridikorik handiena izango du eta, zehazki, ondasun higigarri eta higiezinak eskuratu eta saldu ahal izango ditu, eta jardun judizialetan alderdi izan ahal izango da.

9.2. Tratatu horretako 127. artikuluaren 2., 3. eta 5. paragrafoetan BZESri esleitzen zaizkion eginkizunak betetzen direla bermatzea izango da EBZaren eginkizuna, eta, hori, berezko jardueren bitartez egin ahal izango du, estatutu hauen arabera, edo, bestela, estatuetako banku zentralen bitartez, 12. artikuluko 1. paragrafoan eta 14. artikuluan xedatutakoaren arabera.

9.3. Tratatu horretako 129. artikuluaren 1. paragrafoan xedatutakoarekin bat, EBZaren artezkaritza-organoak Gobernu Kontseilua eta Batzorde Betearazlea izango dira.

10. artikulua

Gobernu Kontseilua

10.1. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 283. artikuluaren 1. paragrafoan xedatutakoaren arabera, Gobernu Kontseilua honako hauek osatuko dute: Batzorde Betearazleko kideek eta diru gisa euroa duten estatu kideetako banku zentraletako gobernadoreek.

10.2. Gobernu Kontseiluko kide bakoitzak boto bat izango du.

Gobernu Kontseiluko kideak hogeita bat baino gehiago badira, Batzorde Betearazleko kideek boto bana izango dute eta boto-eskubidea duten gobernadoreen kopurua hamabost izango da.

Gobernadoreen boto-eskubidea arau hauen arabera esleitu eta txandakatuko da:

- Gobernadoreak hamabost baino gehiago eta hogeita bi baino gutxiago badira, bi taldetan banatuko dira, kasuan kasuko estatu kideak bere banku zentralaren bitartez diru gisa euroa darabilten estatu kideetako guztirako barne-produktu gordinean –merkatuko prezioan– eta diru-instituzio finantzarioen batutako guztirako balantzean duen partaidetzaren tamainaren arabera.

Estatuek merkatuko prezioko guztirako barne-produktu gordinean eta diru-instituzio finantzarioen batutako guztirako balantzean dituzten partaidetzei 5/6 eta 1/6eko pisuak esleituko zaizkie hurrenez hurren.

Lehenengo taldean bost gobernadore egongo dira eta bigarrenean gainerakoak.

Lehenengo taldeko gobernadoreen boto-eskubidearen maiztasuna ez da izango bigarren taldekoena baino txikiagoa, nahiz eta lehenengo taldeak lau boto izango dituen eta bigarrenak hamaika,

- kopurua hogeita bira iristen denean, gobernadoreak hiru taldetan banatuko dira, aipatutako irizpideetan oinarritutako sailkapenaren arabera.

Lehenengo taldea bost gobernadorek osatuko dute eta lau boto izango ditu.

Bigarren taldea gobernadoreen kopuru osoaren erdiak osatuko du, zatikiak hurrengo zenbaki osoa hartuz biribilduko dira, eta zortzi boto izango ditu talde horrek.

Hirugarren taldea gainerako gobernadoreek osatuko dute eta hiru boto izango ditu,

- talde bakoitzean, gobernadoreek epe berbererako izango dute boto-eskubidea,

- merkatuko prezioko guztirako barne-produktu gordinean bakoitzak duen partaidetza kalkulatzeko, 29. artikuluko 2. paragrafoa aplikatuko da. Diru-instituzio finantzarioen batutako guztirako balantzea kalkulatzeko, berriz, kalkulua egiteko unean Batasunean indarrean dagoen estatistika-sistema erabiliko da,

- merkatuko prezioko guztirako barne-produktu gordina estatutuetako 29. artikuluko 3. paragrafoaren arabera doitzen denean edo gobernadoreen kopurua handitzen denean, taldeen tamaina edo osaera berrikusiko da azaldutako printzipioei jarraituz,

- kide guztien bi herenak eskatuta –berdin da boto-eskubidea duten ala ez–, Gobernu Kontseiluak beharrezko neurri guztiak hartuko ditu adierazitako printzipioak aplikatzeko, eta txandaketa-sistemaren ezarpena atzeratzea erabaki ahal izango du gobernadoreen kopurua 18tik gorakoa izan arte.

Boto-eskubidea norbera bertaratuz gauzatuko da.

Hala ere, 12. artikuluko 3. paragrafoan aipatzen den barne-erregelamenduak aukera eman ahal izango du Gobernu Kontseiluko kideek botoa telekonferentziaz eman dezaten.

Halaber barne-erregelamenduak xedatuko du Gobernu Kontseiluaren bileretara luzaroan joan ezin diren Gobernu Kontseiluko kideek ordezkoak izendatu ahal izango dituztela Gobernu Kontseiluan beren ordez jardun dezaten.

Aurreko paragrafoetako xedapenek ez dute eraginik izango 10.3, 40.2 eta 40.3 artikuluen arabera Gobernu Kontseiluko kide guztiei –berdin da boto-eskubidea duten ala ez– dagokien boto-eskubidean.

Estatutu hauetan kontrakorik adierazi ezean, Gobernu Kontseiluak boto-eskubidea duten kideen gehiengo soilez hartuko ditu erabakiak.

Berdinketa gertatuz gero, lehendakariaren botoa izango da erabakigarria.

Gobernu Kontseiluaren bozketetan, boto-eskubidea duten kideen bi hereneko quoruma beharko da.

Quorumik ez badago, lehendakariak bilera berezi baterako deialdia egin dezake eta, bilera horretan, erabakiak hartu ahal izango dira aipatutako quoruma bete ez arren.

10.3. Gobernu Kontseiluko kideen botoak haztatu egingo dira estatuetako banku zentralek EBZaren kapital harpidetuan duten partaidetzaren arabera, 28., 29., 30., 32. eta 33. artikuluei jarraituz hartzen diren erabaki guztietan.

Batzorde Betearazleko kideen botoen haztapena zero izango da.

Gehiengo kualifikatuz hartzen diren erabakiak onartzeko, nahitaezkoa izango da aldeko botoek, gutxienez, EBZaren kapital harpidetuaren bi herenak, eta, gutxienez, akziodunen erdiak ordezkatzea.

Gobernadore bat ezin bada bozketa-lekuan egon, ordezko bat izenda dezake bere boto haztatua eman dezan.

10.4. Bilerak isilpekoak izango dira.

Gobernu Kontseiluak bere gogoeten emaitzak jendaurrean jartzea erabaki dezake.

10.5. Gobernu Kontseilua urtean hamar aldiz bilduko da gutxienez.

11. artikulua

Batzorde Betearazlea

11.1. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 283. artikuluaren 2. paragrafoko lehenengo lerrokadan xedatutakoari jarraituz, Batzorde Betearazlea lehendakariak, lehendakariordeak eta beste lau kidek osatuko dute.

Kideek arduraldi esklusiboz beteko dituzte beren eginkizunak.

Kideetako inork ezin izango du beste lanbide ordaindu edo ordaindu gabe batean jardun, Gobernu Kontseiluaren salbuespenezko baimena eduki ezik.

11.2. Tratatu horretako 283. artikuluaren 2. paragrafoko bigarren lerrokadarekin bat etorriz, Batzorde Betearazleko lehendakaria, lehendakariordea eta gainerako kideak Kontseilu Europarrak izendatuko ditu, erabakia gehiengo kualifikatuz hartuta, diru- edo banku-gaietan ospe handia eta lanbide-esperientzia zabala duten pertsonen artetik, Kontseiluaren gomendioz eta Europako Parlamentuari eta Gobernu Kontseiluari aurretiaz kontsulta eginda.

Kideon agintaldia zortzi urtekoa izango da, eta ezin izango da berritu.

Estatu kideetako herritarrak baino ezin izango dira Batzorde Betearazleko kide izan.

11.3. Batzorde Betearazleko kideen enplegu-baldintzak eta, zehazki, soldatak, pentsioak eta gizarte-segurantzako gainerako onurak Europako Banku Zentralarekin sinatutako kontratuetan adierazitakoak izango dira, eta Gobernu Kontseiluak ezarriko ditu Gobernu Kontseiluak izendatutako hiru kidez eta Kontseiluak izendatutako beste hiru kidez osatutako komite baten proposamenez.

Batzorde Betearazleko kideek ez dute boto-eskubiderik izango lerrokada honetan aipatzen diren gaietan.

11.4. Baldin eta Batzorde Betearazleko kideren batek ez baditu dagoeneko betetzen bere eginkizunak betetzeko eskatzen diren baldintzak, edo bere jokabidean falta larriren bat egin badu, Justizia Auzitegiak bere kargutik kendu ahal izango du, Gobernu Kontseiluaren edo Batzorde Betearazlearen eskariz.

11.5. Bilkuretara bertaratu diren Batzorde Betearazleko kide guztiek izango dute boto-eskubidea. Bakoitzak boto bat eman ahal izango du.

Besterik xedatu ezean, emandako botoen gehiengo soilez hartuko ditu erabakiak Batzorde Betearazleak.

Berdinketa gertatuz gero, lehendakariaren botoa izango da erabakigarria.

Botoa emateko moduak 12. artikuluko 3. paragrafoan aipatutako barne-erregelamenduan zehaztutakoak izango dira.

11.6. Batzorde Betearazlea arduratuko da EBZaren ohiko kudeaketaz.

11.7. Batzorde Betearazlean posturen bat hutsik gelditzen bada, beste kide bat izendatuko da hura betetzeko, 11.2. paragrafoan adierazitakoa aplikatuz.

12. artikulua

Artezkaritza-organoen erantzukizunak

12.1. Gobernu Kontseiluak beharrezko jarraibide eta erabakiak hartuko ditu BZESri esleitutako eginkizunak Tratatuen eta estatutu hauen arabera betetzen direla bermatzeko. Gobernu Kontseiluak zehaztuko du Batasunak izango duen diru-politika, barne hartuta, hala badagokio, erdibideko diru-helburuei buruzko erabakiak, oinarrizko interes-tasak eta BZESko erreserba-hornidura; berak ezarriko ditu, halaber, politika hori betetzeko jarraibideak.

Batzorde Betearazleak Gobernu Kontseiluaren jarraibide eta erabakiak beteko ditu diru-politika gauzatzean.

Horretarako, beharrezko aginduak emango dizkie estatuetako banku zentralei.

Batzorde Betearazleak zenbait ahal jaso ditzake eskuordetzan Gobernu Kontseiluak hala xedatzen duenean.

Posible eta egoki irizten zaionean eta, betiere, artikulu honetan xedatutakoari kalterik egin gabe, Europako Banku Zentralak estatuetako banku zentraletara jo ahal izango du BZESren eginkizunei dagozkien eragiketak gauzatzeko.

12.2. Batzorde Betearazlea arduratuko da Gobernu Kontseiluaren bilerak prestatzeaz.

12.3. Gobernu Kontseiluak onartuko du EBZaren eta horko artezkaritza-organoen barne-antolaketa finkatuko duen barne-erregelamendua.

12.4. Gobernu Kontseiluak 4. artikuluan aipatutako kontsulta-eginkizunak beteko ditu.

12.5. Gobernu Kontseiluak 6. artikuluan aipatutako erabakiak hartuko ditu.

13. artikulua

Lehendakaria

13.1. Lehendakaria edo, bera ez badago, lehendakariordea izango da EBZeko Gobernu Kontseiluko eta Batzorde Betearazleko buru.

13.2. Lehendakariak edo berak izendatutako pertsonak ordezkatuko du EBZa kanpoan, betiere, 38. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

14. artikulua

Estatuetako banku zentralak

14.1. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 131. artikuluan xedatutakoari jarraituz, estatu kide bakoitzak bermatuko du ea bere barneko legeria, estatuko banku zentralaren estatutuak ere barnean direla, bateragarria denez Tratatuekin eta estatutu hauekin.

14.2. Estatuetako banku zentraletako estatutuek berariaz xedatuko dute estatu bateko banku zentraleko gobernadorearen agintaldia bost urtekoa izango dela gutxienez.

Gobernadorea kargutik kentzeko arrazoi bakarra izango da dagoeneko ez betetzea karguari dagozkion eginkizunak betetzeko eskatzen diren baldintzak edo arau-hauste larria egitea.

Eragindako gobernadoreak edo Gobernu Kontseiluak Justizia Auzitegian jarri ahal izango dituzte horrelako erabakien aurkako errekurtsoak, baldin eta Tratatuak edo horien aplikazioari buruzko edozein arau juridiko hausten badituzte.

Bi hilabeteko epean emango zaie hasiera ekintza horiei, erabakia argitaratzen denetik edo demandatzaileari jakinarazpena egiten zaionetik kontatzen hasita edo, jakinarazpenik ezean, demandatzaileak erabakiaren berri jakin duenetik.

14.3. Estatuetako banku zentralak BZESren barruan egongo dira, eta beren jarduera bat etorriko da Europako Banku Zentralaren jarraibide eta aginduekin. Gobernu Kontseiluak behar diren neurriak hartuko ditu EBZaren jarraibide eta aginduak betetzen direla bermatzeko, eta dagokion informazio guztia bidaltzeko eskatuko du.

14.4. Estatuetako banku zentralek estatutu hauetan zehaztutakoez besteko eginkizunak ere bete ahal izango dituzte, salbu eta Gobernu Kontseiluak, emandako botoen bi hereneko gehiengoz, eginkizun horiek BZESren helburu eta zereginak eragozten dituztela erabakitzen badu.

Eginkizun horiek estatuetako banku zentralen erantzukizunpean burutuko dira eta ez dira hartuko BZESren funtziotzat.

15. artikulua

Informazio-betebeharrak

15.1. EBZak BZESren jarduerei buruzko txostenak egin eta argitaratuko ditu, gutxienez hiru hilez behin.

15.2. Astero, BZESren finantza-egoera bateratua argitaratuko da.

15.3. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 284. artikuluaren. 3. paragrafoan xedatutakoari jarraituz, EBZak aurreko urteko eta uneko urteko diru-politikari buruzko eta BZESren jarduerei buruzko txostena aurkeztuko die urtero Europako Parlamentuari, Kontseiluari eta Batzordeari.

15.4. Artikulu honetan aipatutako txosten eta egoera-orriak interesdunen esku jarriko dira doan.

16. artikulua

Banku-billeteak

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 128. artikuluko 1. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, Gobernu Kontseiluak izango du Batasunean euroaren billeteak jaulkitzeko eskubide esklusiboa. EBZak eta estatuetako Banku Zentralek jaulki ahal izango dituzte billete horiek. EBZak eta estatuetako banku zentralek jaulkitako billeteak izango dira Batasunean erabilera legaleko billete bakarrak.

EBZak errespetatu egingo ditu, ahal den neurrian, banku-billeteak jaulki eta diseinatzeko ohiturak.

IV. KAPITULUA

BZES-REN DIRU-EGINKIZUNAK ETA ERAGIKETAK

17. artikulua

EBZarekin eta estatuetako banku zentralekin irekitako kontuak

Beren eragiketak burutzeko, EBZak eta estatuetako banku zentralek kontuak ireki ahal izango dizkiete kreditu-erakundeei, erakunde publikoei eta merkatuan parte hartzen duten beste batzuei eta, berme gisa, aktiboak onartu ahal izango dituzte, kontuko idazpenen bidez adierazitako balio-tituluak barne.

18. artikulua

Merkatu irekiko eragiketak eta kreditu-eragiketak

18.1. BZESren helburuak eta eginkizunak betetzeko, EBZak eta estatuetako banku zentralek honako hauek egin ahal izango dituzte:

- finantza-merkatuetan eragiketak egin ahal izango dituzte zuzenean salduz eta erosiz (eskura eta epera), edo berrerosteko eragiketen arabera, balio-tituluak eta bestelako bitarteko negoziagarriak maileguan utzi edo hartuz, bai eurotan edo bestelako dirutan, bai metal preziatuetan,

- kreditu-eragiketak egin ahal izango dituzte kreditu-erakundeekin eta merkatuko gainerako partaideekin, maileguak berme egokietan oinarrituz.

18.2. EBZak edo estatuetako banku zentralek egiten dituzten merkatu irekiko eragiketen eta kreditu-eragiketen printzipio orokorrak Europako Banku Zentralak berak ezarriko ditu, estatuetako banku zentralak eragiketok egiteko prest daudela aitortzeko baldintzen iragarpena barne.

19. artikulua

Gutxieneko erreserbak

19.1. Diru-politikaren helburuak betetzeko, EBZak estatu kideetan finkatuta dauden kreditu-erakundeei galdatu ahal izango die gutxieneko erreserba bat izan dezaten EBZeko eta estatuetako banku zentraletako kontuetan, betiere, 2. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

Gobernu Kontseiluak ezarri ahal izango ditu galdatutako kopurua kalkulatu eta zehazteko moduak. Ez-betetzeren bat gertatuz gero, EBZak penalizazio-interesak ezarri ahal izango ditu, bai eta antzeko eragina duten bestelako zigorrak ere.

19.2. Artikulu hau aplikatzeko, gutxieneko erreserbei dagokien oinarria eta erreserben eta horien oinarrien artean onar daitezkeen gehienezko koefizienteak zehaztuko ditu Kontseiluak; bai eta ez-betetze kasuetan jarri beharreko zehapenak ere, betiere, 41. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera.

20. artikulua

Diru-kontroleko beste tresna batzuk

Gobernu Kontseiluak egoki iritzitako diru-kontroleko beste metodo operatibo batzuk erabiltzea erabaki dezake, emandako botoen bi hereneko gehiengoz, 2. artikuluko xedapenak errespetatzen badira.

Kontseiluak, 41. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituz, metodo horien norainokoa zehaztuko du, hirugarrenei betebeharrak ezartzen dizkietenean.

21. artikulua

Erakunde publikoekiko eragiketak

21.1. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 123. artikuluan xedatutakoari jarraituz, debeku da EBZak eta estatu kideetako banku zentralek zorpekoak onartzea edo beste edozein kreditu-mota ematea Batasuneko instituzio, organo eta organismoei, gobernu zentralei, eskualdeko edo tokian tokiko agintariei edo beste agintari publiko batzuei, eta estatu kideetako zuzenbide publikoko erakunde zein enpresa publikoei; debeku da, halaber, EBZak edo estatuetako banku zentralek aurreko guztiei zor-tresnak zuzenean erostea ere.

21.2. Europako Banku Zentralak eta estatuetako banku zentralek 21.1. artikuluan aipatzen diren erakundeen agente fiskal gisa jardun ahal izango dute.

21.3. Artikulu honetako xedapenak ez zaizkie aplikatuko kreditu-erakunde publikoei; izan ere, kreditu-erakunde horiek, banku zentralek likideziaz hornitzen dituztenean, estatuetako banku zentralek eta EBZak kreditu-erakunde pribatuei ematen dieten tratu berbera izango dute.

22. artikulua

Konpentsazio- eta ordainketa-sistemak

EBZak eta estatuetako banku zentralek bitartekoak eskaini ahal izango dituzte, eta Europako Banku Zentralak erregelamenduak eman, honako xede honekin: konpentsazio- eta likidazio-sistema eraginkor eta kaudimendunak bermatzea hala Batasunaren barruan nola hirugarren herrialdeekiko harremanean.

23. artikulua

Kanpo-eragiketak

EBZak eta estatuetako banku zentralek honako hauek egin ahal izango dituzte:

- hirugarren herrialdeetako banku zentralekin eta finantza-instituzioekin eta, hala dagokionean, nazioarteko erakundeekin harremanak finkatu,

- metal preziatuko eta atzerri-diruko aktiboak, era guztietakoak, eskuratu eta saldu eskura edo epera,

«Atzerri-diruko aktiboak» esamoldearen barruan sartzen dira edozein herrialdetako dirutan edo kontu-unitatetan ematen diren balio-tituluak eta gainerako aktiboak, horiek edukitzeko era dena dela,

- artikulu honetan aipatzen diren aktiboak eduki eta horiek kudeatu,

- era guztietako banku-transakzioak egin hirugarren herrialdeei eta nazioarteko erakundeei dagokienez, maileguak emateko eta hartzeko eragiketak barne.

24. artikulua

Bestelako eragiketak

Beren eginkizunen ondorio diren eragiketez gain, EBZak eta estatuetako banku zentralek beste eragiketa batzuk egin ditzakete administrazio-zereginetarako edo langileentzako.

V. KAPITULUA

ZUHURTZIAZKO GAINBEGIRATZEA

25. artikulua

Zuhurtziazko gainbegiratzea

25.1. Kreditu-erakundeen zuhurtziazko gainbegiratzea eta finantza-sistemaren egonkortasuna direla eta, Batasunak zuzenbidearen arabera lotura-indarra duten egintzak planteatzen dituenean, EBZak aholku eman ahal izango die Kontseiluari, Batzordeari eta estatu kideetako agintari eskudunei, eta horiek ere aholkua eskatu ahal izango diote hari egintza horien helmenaz eta aplikazioaz.

25.2. Kontseiluak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 127. artikuluaren ondorioz onartutako edozein europar lege dela eta, EBZak berariazko eginkizunak bete ahal izango ditu kreditu-erakundeen eta bestelako finantza-erakundeen zuhurtziazko gainbegiratzeari lotutako politikei dagokienez, baina aseguru-etxeak salbuespen izango dira.

VI. KAPITULUA

BZES-REN XEDAPENAK

26. artikulua

Finantza-kontuak

26.1. EBZaren eta estatuetako banku zentralen ekonomia-ekitaldia urtarrilaren lehenengo egunean hasi eta abenduaren azken egunean bukatuko da.

26.2. EBZaren urteko kontuak Batzorde Betearazleak eramango ditu, Gobernu Kontseiluak ezarritako printzipioen arabera.

Kontuak Gobernu Kontseiluak onartuko ditu eta, ondoren, argitaratu egingo dira.

26.3. 26.3 Analisi eta kudeaketa beharrei begira, Batzorde Betearazleak BZESren balantze bateratua egingo du. Bertan, BZESko estatuetako banku zentralen aktiboak eta pasiboak sartuko dira.

26.4. Artikulu hau aplikatze aldera, estatuetako banku zentralek hasitako eragiketei dagozkien kontabilitate-prozedurak eta informazio-prozedurak estandarizatzeko behar diren arauak ezarriko ditu Gobernu Kontseiluak.

27. artikulua

Auditoretza

27.1. EBZaren eta estatuetako banku zentralen kontuak Gobernu Kontseiluak gomendatu eta Kontseiluak onartutako kanpoko kontu-ikuskari independente batek kontrolatuko ditu.

Kontu-ikuskariek ahal osoak izango dituzte EBZaren eta estatuetako banku zentralen liburu eta kontu guztiak aztertzeko, eta horien transakzioei buruz osoki jakinaren gainean egoteko.

27.2. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 287. artikuluaren xedapenak honetarako baizik ez dira aplikatuko: EBZaren kudeaketaren eraginkortasuna aztertzeko.

28. artikulua

EBZaren kapitala

28.1. EBZaren kapitala 5.000 milioi eurokoa izango da.

Kapitala handitu egin ahal izango da, Gobernu Kontseiluak erabaki baten bitartez ebatzitako zenbatekoan. Gobernu Kontseiluaren erabakia 10. artikuluko 3. paragrafoan ezarritako gehiengo kualifikatuz hartuko da, 41. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituz, Kontseiluak ezarritako muga eta baldintzen barruan.

28.2. Estatuetako banku zentralak izango dira EBZaren harpidedun eta akziodun bakarrak.

Kapitalaren harpidetza 29. artikuluan xedatutakoaren arabera ezarritako klabearen arabera egingo da.

28.3. Gobernu Kontseiluak erabakiko du, 10.3. artikuluan ezarritako gehiengo kualifikatuz, zenbateraino eta nola jarriko den kapitala.

28.4. Protokolo honetako 28.5 artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, Estatuetako banku zentralek EBZaren kapitalean harpidetuta dituzten akzioak ezin izango dira transferitu, pignoratu edo enbargatu.

28.5. Baldin eta 29. artikuluan aipatzen den klabea doitzen bada, estatuetako banku zentralek beren artean transferituko dituzte kapitala ordezkatzen duten akzioak, haien banaketa doitutako klabeari dagokiola bermatzeko behar den zenbatekoa dela muga.

Gobernu Kontseiluak finkatuko ditu transferentzia horien zehaztapen eta baldintzak.

29. artikulua

Kapitala harpidetzeko klabea

29.1. EBZaren kapitala harpidetzeko klabea 1998an finkatu zen lehenengo aldiz, BZES sortu zenean. Klabe hori zehazteko, estatu bakoitzeko banku zentralari haztapen bat esleituko zaio klabe horretan, honako hauek batuz:

- BZES eratu aurreko azkenaurreko urtean kasuan kasuko estatu kideko biztanleriak Batasuneko biztanlerian zuen partaidetzaren % 50

- Kasuan kasuko estatu kideko barne-produktu gordinak Batasuneko merkatu-prezioko barne-produktu gordinean zuen partaidetzaren % 50, BZES eratu aurreko azkenaurreko urtea baino lehenagoko bost urteetan erregistratutakoaren arabera.

Portzentajeak gora ala behera biribilduko dira 0,0001 puntu portzentualen multiplorik hurbilenera iritsi arte.

29.2. Batzordeak artikulu hau aplikatzeko erabili behar diren estatistika-datuak emango ditu, 41. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera Kontseiluak hartutako neurriei jarraituz.

29.3. Estatuetako banku zentralei esleitutako haztapenak bost urtean behin doituko dira BZESren eraketaren ondoren, 29.1. paragrafoarekiko analogiaz. Doitutako klabea aplikatzean, hurrengo urteko lehenengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

29.4. Gobernu Kontseiluak beharrezko neurriak hartuko ditu artikulu hau aplikatu ahal izateko.

30. artikulua

Erreserbako kanpo-aktiboak EBZera transferitzea

30.1. Estatuetako banku zentralek, 28. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, estatu kideetako diruak, euroak, Nazioarteko Diru Funtsaren igorpen-eskubide bereziak eta erreserba-posizioak ez diren erreserbako kanpo-aktiboak emango dizkiote Europako Banku Zentralari, 50.000 milioi euroren zenbateko baliokidea osatu arte.

Eratu ondoren EBZak estatutu hau aplikatuz zein proportzio jaso behar duen erabakiko du Gobernu Kontseiluak, bai eta ondoren egin beharko zaizkion ekarpenen zenbatekoa ere.

EBZak eskubide osoa izango du transferitzen zaizkion kanpo-erreserbak edukitzeko eta kudeatzeko, bai eta estatutu hauetan ezarritako helburuetarako erabiltzeko ere.

30.2. Estatu bakoitzeko banku zentralaren ekarpena EBZaren kapital harpidetuan duen partaidetzaren arabera finkatuko da.

30.3. EBZak ekarpenaren baliokide den aktiboa abonatuko dio estatu bakoitzeko banku zentralari.

Gobernu Kontseiluak zehaztuko du aktibo horien izena eta ordainketa.

30.4. EBZak erreserbako kanpo-aktibo gehiago eskatu ahal izango ditu, eta 30.1. artikuluan ezarritako muga gainditu 30.2 artikuluko xedapenak betez, beti ere Kontseiluak 41. artikuluko prozedurari jarraituz ezarritako baldintzak eta mugak errespetatuta.

30.5. EBZak Nazioarteko Diru Funtsaren igorpen-eskubide bereziak eta erreserba-posizioak eduki eta kudeatu ahal izango ditu, bai eta aktibo horien batera-jartzea xedatu ere.

30.6. Gobernu Kontseiluak gainerako beharrezko neurriak hartuko ditu artikulu hau aplikatu ahal izateko.

31. artikulua

Estatuetako banku zentralek dauzkaten erreserbako kanpo-aktiboak

31.1. Nazioarteko erakundeekiko betebeharrak betetzeko, estatuetako banku zentralek transakzioak egin ahal izango dituzte 23. artikuluaren arabera.

31.2. Gainerako eragiketak, hau da, 30. artikuluko transferentziak egin ondoren estatuetako banku zentralen esku dauden erreserbako kanpo-aktiboekin egiten diren gainerako eragiketak eta estatu kideek atzerriko dirutako maniobrako funts ofizialekin egiten dituzten transakzioak, 31.3. artikuluaren arabera finkatuko diren mugak gainditzen badira, EBZak onartu beharko ditu, Batasunaren diru-politikan eta kanbio-tasaren politikan koherentzia bermatzeko.

31.3. Gobernu Kontseiluak ezarriko ditu eragiketa horiek egiteko gida-lerroak.

32. artikulua

Diru-sarrerak esleitzea estatuetako banku zentralei

32.1. BZESren diru-politikaren eginkizuna betetzeagatik estatuetako banku zentralek eskuratzen dituzten sarrerak —hemendik aurrera «diru-sarrerak» deituko baitzaie— ekitaldi bakoitzaren amaieran esleituko dira artikulu honetako xedapenen arabera.

32.2. Estatu bakoitzeko banku zentralaren diru-sarreren zenbatekoa eta zirkulazioko billeteetan dituzten aktiboetatik eta kreditu-erakundeen gordailuetatik datozen urteroko diru-sarrerena berdinak izango dira.

Estatuetako banku zentralek Gobernu Kontseiluak ezarriko dituen gida-lerroen arabera identifikatuko dituzte aktibo horiek.

32.3. Baldin eta euroa sartu ostean, Gobernu Kontseiluaren iritzia bada estatuetako banku zentralen balantzearen egiturek ez dutela 32.2. paragrafoa aplikatzeko aukerarik ematen, Gobernu Kontseiluak, 32.2. paragrafoan xedatutakoa gorabehera, erabaki ahal izango du, gehiengo kualifikatuz, diru-sarrerak bestelako metodo baten bitartez neur daitezela, betiere bost urte baino luzeago joko ez duen aldi baterako.

32.4. Estatu bakoitzeko banku zentralaren diru-sarreren zenbatekoa murriztu egingo da banku zentral horrek kreditu-erakundeei ordaindutako interesen zenbatekoaren arabera (gordailu irekien gainean ordaindutako interesen zenbatekoaren arabera, alegia), 19. artikuluari jarraituz.

Gobernu Kontseiluak erabaki ahal izango du estatuetako banku zentralei kalteak ordain dakizkiela banku-billeteak jaulkitzeari lotuta izandako gastuengatik edo, salbuespenezko egoeretan, BZESrako egindako diru-politikako eragiketen ondorioz izandako galera espezifikoengatik.

Kalte-ordaina Gobernu Kontseiluak egoki iritzitako eran egingo da. Zenbateko horiek estatuetako banku zentralen diru-sarrerekin konpentsatu ahal izango dira.

32.5. Estatuetako banku zentralen diru-sarreren batuketa, banku zentral horietako bakoitzak dauzkan EBZeko akzio ordainduen proportzioan esleituko zaizkie estatuetako banku zentralei, Gobernu Kontseiluak 33. artikuluko 2. paragrafoaren arabera hartuko dituen erabakiei kalterik egin gabe.

32.6. Diru-sarreren esleipenetik datozen balantzeen konpentsazioa eta likidazioa Gobernu Kontseiluak emandako gida-lerroei jarraituz egingo ditu EBZak.

32.7. Gobernu Kontseiluak beharrezko neurriak hartuko ditu artikulu hau aplikatzeko.

33. artikulua

EBZaren mozkin eta galera garbiak esleitzea

33.1. EBZaren mozkin garbiak ordena honetan transferituko dira:

a)

Gobernu Kontseiluak zehaztutako zenbatekoa, mozkin garbien % 20 gainditu ezingo duena, erreserba-funts orokorrera transferituko da, kapitalaren % 100aren baliokide den mugarekin;

b)

Gainerako mozkin garbiak EBZeko akziodunen artean banatuko dira, bakoitzak ordainduta dituen akzioen arabera.

33.2. EBZak galerak dituenean, defizita EBZaren erreserba-funts orokorraren bitartez konpentsatu ahal izango da edo, beharrezko denean eta Gobernu Kontseiluak hala erabakita, kasuan kasuko ekonomia-ekitaldiko diru-sarreren bitartez, betiere, 32. artikuluko 5. paragrafoan ezarritakoaren arabera estatuetako banku zentralei esleitutako proportzioan edo zenbateko horietaraino.

VII. KAPITULUA XEDAPEN OROKORRAK

34. artikulua

Egintza juridikoak

34.1. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 132. artikuluari jarraituz:

- Erregelamenduak egingo ditu, BZESren estatutuetako 3.1 artikuluko lehenengo marran eta 19.1, 22 edo 25.2 artikuluetan zehaztutako eginkizunak betetzeko beharrezkoa denean, eta 41. artikuluan aipatu eta Kontseiluak egindako egintzetan ezarritako kasuetan,

- Tratatuetan eta BZESren estatutuetan BZESri agindutako eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren erabakiak hartuko ditu,

- gomendioak egin eta irizpenak emango ditu.

34.2. EBZak berak erabaki dezake ea bere erabakiak, gomendioak eta irizpenak jendaurrera aterako dituen.

34.3. Estatutuetako 41. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera Kontseiluak ezarritako mugen barruan eta baldintzetan, EBZak baimena du erregelamenduei eta erabakiei dagozkien betebeharrak betetzen ez dituzten enpresei isunak eta aldizkako hertsatze-isunak ezartzeko.

35. artikulua

Kontrol judiziala eta lotutako gaiak

35.1. EBZaren ekintzak eta ez-egiteak Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ikuskatu eta interpretatuko ditu, Tratatuetan finkatutako kasuetan eta ezarritako baldintzen arabera.

EBZak akzioak has ditzake Tratatuetan ezarritako kasuetan, horietan ezarritako baldintzen arabera.

35.2. EBZaren eta bere hartzekodun, zordun edo hirugarrenen artean sortzen diren auziak kasuan kasuko estatuko auzitegi eskudunek ebatziko dituzte, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari emandako eskumenei kalterik egin gabe.

35.3. EBZak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 340. artikuluan ezarritako betebeharren araubidea bete behar du. Estatuetako banku zentralak erantzule izango dira beren barne-zuzenbidearen arabera.

35.4. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak jurisdikzioa izango du EBZak berak edo beste norbaitek haren izenean egiten dituen kontratuetako arbitraia-klausulei buruz epaiak emateko, diren klausulok zuzenbide publikoaren nahiz pribatuaren pekoak.

35.5. EBZak Europar Batasuneko Justizia Auzitegian akzioak hasteko erabakia Gobernu Kontseiluak hartuko du.

35.6. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak jurisdikzioa izango du estatuetako banku zentralek Tratatuen eta estatutu hauen ondorio diren betebeharrak betetzeari buruz sortzen diren auzietan.

Baldin eta EBZak uste badu estatu bateko banku zentralak ez duela bete estatutu hauek ezarritako betebeharren bat, irizpen arrazoitu bat emango du horri buruz, betiere estatuko banku zentralari alegazioak aurkezteko aukera eman ondoren.

Dagokion estatuko banku zentralak EBZak ezarritako epean irizpenari men egiten ez badio, Europako Banku Zentralak Europar Batasuneko Justizia Auzitegira jo ahal izango du.

36. artikulua

Langileak

36.1. EBZeko langileen kontratazio-baldintzak Gobernu Kontseiluak finkatuko ditu Batzorde Betearazleak proposaturik.

36.2. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak jurisdikzioa izango du EBZaren eta bere langileen arteko auzietan, betiere, enplegu-baldintzetan ezarritako mugak eta baldintzak errespetatuta.

37. artikulua

Lanbideko sekretua

37.1. EBZeko eta estatuetako banku zentraletako artezkaritza-organoetako kideek eta langileek ezingo dute informaziorik zabaldu, ezta beren postuak utzi ondoren ere, baldin eta, bere izaeragatik, lanbideko sekretuaren menpe badago informazio hori.

37.2. Europar Batasunaren legeek sekretu-betebeharrarekin babesten dituzten datuetara irispidea duten pertsonak lege horien pean egongo dira.

38. artikulua (lehengo 39. artikulua)

Sinatzaileak

EBZak hirugarrenen aurrean legezko konpromisoa hartuko du lehendakariaren edo Batzorde Betearazleko bi kideren sinaduraren bitartez edo erakunde horren izenean sinatzeko lehendakariaren behar bezalako baimena duten EBZeko bi langileren sinaduraren bitartez.

39. artikulua (lehengo 40. artikulua)

Pribilegioak eta immunitateak

EBZak bere eginkizunak betetzeko behar dituen pribilegioak eta immunitateak izango ditu estatu kideen lurraldean, betiere, Europar Batasuneko pribilegioen eta immunitateen gaineko protokoloan zehaztutako baldintzetan.

VIII. KAPITULUA

ESTATUTUEN ALDAKETA ETA LEGEDIA OSAGARRIA

40. artikulua (lehengo 41. artikulua)

Estatutuak aldatzeko prozedura sinplifikatua

40.1. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 129. artikuluaren 3. paragrafoaren arabera, BZESren estatutuetako 5.1, 5.2, 5.3, 17, 18, 19.1, 22, 23, 24, 26, 32.2, 32.3, 32.4, 32.6, 33.1 a) eta 36. artikuluak alda ditzakete Kontseiluak eta Europako Parlamentuak, legegintza-prozedura arruntaren arabera, dela EBZaren gomendio bati jarraituz eta Batzordeari kontsulta egin ondoren, dela Batzordearen proposamen bati jarraituz eta EBZari kontsulta egin ondoren.

40.2. Kontseilu Europarrak aho batez onartutako erabaki baten bitartez aldatu ahal izango da 10.2 artikulua, bai Europako Banku Zentralaren gomendioz, Europako Parlamentuari eta Batzordeari aurretiaz kontsulta eginda, bai Batzordearen gomendioz, Europako Parlamentuari eta Europako Banku Zentralari aurretiaz kontsulta eginda.

Aldaketa horiek indarrean sartzeko, estatu kideek onartu egin behar dituzte, nork bere konstituzio-arauen arabera.

40.3. EBZak artikulu honen arabera egiten dituen gomendioak Gobernu Kontseiluak aho batez onartu beharko ditu.

41. artikulua (lehengo 42. artikulua)

Legeria osagarria

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 129. artikuluaren 4. paragrafoaren arabera, Kontseiluak, bai Batzordearen proposamenaren gainean eta aldez aurretik Europako Parlamentuari eta EBZari aholkua eskatuta, bai EBZaren gomendioren baten gainean eta aldez aurretik Europako Parlamentuari eta Batzordeari aholkua eskatuta, estatutu honetako 4, 5.4, 19.2, 20, 28.1, 29.2, 30.4 eta 34.3. artikuluetan aipatutako xedapenak onartuko ditu.

IX. KAPITULUA

XEDAPEN IRAGANKORRAK ETA BESTELAKO XEDAPENAK BZES-RAKO

42. artikulua (lehengo 43. artikulua)

Xedapen orokorrak

42.1. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 139. artikuluan aipatzen diren salbuespenek esan nahi dute estatutu hauetako artikuluetatik ondoren aipatzen direnek ez diotela eskubiderik emango edo betebeharrik ezarriko kasuan kasuko estatu kideari:

3, 6, 9.2, 12.1, 14.3, 16, 18, 19, 20, 22, 23, 26.2, 27, 30, 31, 32, 33, 34 eta 49.

42.2. Tratatu horretako 139. artikuluaren arabera salbuespen bati helduta dauden estatuetako banku zentralek gorde egingo dituzte diru-politikaren arloan dituzten eskumenak, barne-zuzenbidearen arabera.

42.3. Tratatu horretako 139. artikuluaren arabera, «estatu kideak» aipamenak «diru gisa euroa darabilten estatu kideak» esan nahiko du estatutu hauetako artikulu hauetan: 3, 11.2 eta 19.

42.4. «Estatuetako banku zentralak» esapideak «diru gisa euroa darabilten estatuetako banku zentralak» esan nahiko du estatutu honetako artikulu hauetan: 9.2, 10.2, 10.3, 12.1, 16, 17, 18, 22, 23, 27, 30, 31, 32, 33.2 eta 49.

42.5. «Akziodunak» aipamenak «diru gisa euroa darabilten estatuetako banku zentralak» esan nahiko du 10.3 eta 33.1 artikuluetan.

42.6. «BZESren kapital harpidetua» esapideak «diru gisa euroa darabilten estatu kideetako banku zentralek harpidetutako EBZaren kapitala» esan nahiko du 10.3 eta 30.2 artikuluetan.

43. artikulua

EBZaren eginkizun iragankorrak

EBZaren ardurakoak izango dira Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 141. artikuluaren 2. paragrafoan jasotako Europako Diru Institutuaren (EDI) lehengo eginkizunak, hau da, estatu kide baten edo gehiagoren salbuespenak direla eta, euroa indarren sartu ondoren ere burutu behar direnak.

Europako Banku Zentralak Tratatu horretako 140. artikuluan zehazten diren salbuespenen ezabaketa prestatzeko txostenak emango ditu.

44. artikulua (lehengo 45. artikulua)

EBZeko Kontseilu Nagusia

44.1. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 129. artikuluko 1. paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe, Kontseilu Nagusia EBZaren hirugarren artezkaritza-organoa izango da.

44.2. Hauek izango dira Kontseilu Nagusiko kideak: EBZaren lehendakaria eta lehendakariordea, eta estatuetako banku zentraletako gobernadoreak.

Batzorde Betearazleko gainerako kideek boto-eskubiderik gabe parte hartu ahal izango dute Kontseilu Nagusiaren bileretan.

44.3. Kontseilu Nagusiaren ardura guztiak estatutu honetako 46. artikuluan ageri dira zehaztuta.

45. artikulua (lehengo 46. artikulua)

Kontseilu Nagusiaren Barne Erregelamendua

45.1. Lehendakaria edo, bera ez badago, lehendakariordea izango da EBZeko Gobernu Kontseiluko eta Batzorde Betearazleko buru.

45.2. Kontseiluko lehendakariak eta Batzordeko kide batek Kontseilu Nagusiko bileretan parte hartu ahal izango dute, boto-eskubiderik gabe.

45.3. Kontseilu Nagusiko bilerak lehendakariak prestatuko ditu.

45.4. Hamabigarren artikuluko 3. paragrafoan xedatutakoa gorabehera, Kontseilu Nagusiak bere barne-erregelamendua onartuko du.

45.5. EBZa arduratuko da Kontseilu Nagusiaren Idazkaritzaz.

46. artikulua (lehengo 47. artikulua)

Kontseilu Nagusiaren ardurak

46.1. Kontseilu Nagusiak:

- 43. artikuluan aipatzen diren zereginak burutuko ditu;

- laguntza emango du 4. artikuluan eta 25.1 artikuluan aipatzen diren aholkularitza-eginkizunetan.

46.2. Kontseilu Nagusiak:

- laguntza emango du 5. artikuluan aipatzen den estatistika-informazioa biltzen,

laguntza emango du EBZaren jarduerei buruz 15. artikuluan aipatzen diren txostenak egiten,

- laguntza emango du, 26. artikulua aplikatu ahal izateko, 26.4 artikuluan jasotzen diren arauak ezartzen,

- laguntza emango du, 29. artikulua bera aplikatu ahal izateko, 29.4 artikuluan jasotzen diren gainerako neurriak ezartzen,

- laguntza emango du, EBZeko langileak kontratatzeko, 36. artikuluan aipatzen diren baldintzak finkatzen.

46.3. Kontseilu Nagusiak laguntza emango du euroaren inguruko salbuespenen bati helduta dauden estatu kideetako moneten kanbio-tasa ezin aldatuzko eran finkatzeko, betiere, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 140. artikuluko 3. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

46.4. EBZaren lehendakariak Gobernu Kontseiluaren erabakien berri emango dio Kontseilu Nagusiari.

47. artikulua (lehengo 48. artikulua)

EBZaren kapitalari buruzko xedapen iragankorrak

Estatu bakoitzeko banku zentralari haztapen bat esleituko zaio, 29.1 artikuluaren arabera, EBZaren kapitala harpidetzeko klabean.

Salbuespen bati helduta dauden estatu kideetako banku zentralek, 28. artikuluko 3. paragrafoan xedatutakoa gorabehera, ez dute harpidetutako kapitala ordainduko, non eta Kontseilu Nagusiak EBZaren funtzionamendu-kostuetan laguntzeko gutxieneko portzentaje bat ordaindu behar dela erabakitzen ez duen. Erabaki hori hartzeko, gutxienez, Europako Banku Zentralaren kapital harpidetuaren bi heren, eta, gutxienez, akziodunen erdia ordezkatzen duen gehiengoa beharko da.

48. artikulua (lehengo 49. artikulua)

EBZaren kapital, erreserba eta horniduren ordainketa geroratua

48.1. Salbuespena ezabatu zaion estatu kide bateko banku zentralak EBZaren kapital harpidetuaren dagokion zatia ordainduko du, diru gisa euroa darabilten estatu kideetako gainerako banku zentralen neurri berean, eta kanbio-erreserbako aktiboak transferituko dizkio EBZari, 30.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Transferitu beharreko zenbatekoa finkatzeko, batetik, EBZera une horretara arte transferituta dauden erreserbako aktiboek, gorago aipatutakoek, eurotan duten balioa hartu behar da, une horretako kanbio-tasaren araberakoa eta 30.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, eta, bestetik, kasuan kasuko estatuko banku zentralak harpidetutako akzioen kopurua zati gainerako estatuetako banku zentralek dagoeneko ordaindu dituzten akzioen kopurua; batetik sortzen den kopurua eta bestetik ateratako koefizientea biderkatu behar dira azkenik.

48.2Berrogeita zortzigarren artikuluko lehenengo paragrafoaren arabera egin behar den ordainketaz gain, kasuan kasuko banku zentralak bere ekarpena egingo du EBZaren erreserbetan, erreserben baliokide diren horniduretan eta salbuespena ezabatu aurreko urteko abenduaren 31ko galera eta irabazien kontuaren saldoari dagozkion erreserba eta hornidurei esleitu behar zaien zenbatekoan.

Ekarpen hori zenbatekoa den finkatzeko, batetik, erreserben zenbatekoa hartuko da (lehenago zehaztua eta Europako Banku Zentralaren balantze onartuan kontsignatua), eta, bestetik, kasuan kasuko banku zentralak harpidetutako akzioen kopurua zati gainerako banku zentralek dagoeneko ordaindu dituzten akzioen kopurua; batetik sortzen den kopurua eta bestetik ateratako koefizientea biderkatu behar dira azkenik.

48.3. Estatu bat edo batzuk Batasuneko kide bihurtzen direnean, eta beren banku zentralak BZESn parte hartzen hasten direnean, automatikoki handituko da, batetik, EBZak harpidetuta duen kapitala, eta, bestetik, EBZera transferitu ahal izango den kanbio-erreserbako aktiboen kopururako muga ere bai.

Gehikuntza hori zenbatekoa izango den zehazteko, hala kontzeptu batean nola bestean une horretan diren kopuruak koefiziente honekin (betiere kapital-harpidetzerako doitutako banaketa-klabearen barruan) biderkatu behar dira: sartzen diren estatuetako banku zentral berrien haztatzearen eta dagoeneko BZESko kide diren estatuetako banku zentralen haztatzearen arteko koefizientearekin.

Estatu bakoitzeko banku zentralak banaketa-klabearen barruan izango duen haztapena 29. artikuluko 1. paragrafoarekiko analogiaz kalkulatuko da, 29. artikuluko 2. paragrafoaren arabera. Estatistika-datuetarako erabiliko diren erreferentzia-aldiak haztapenen bost urtez behingo azken doikuntzarako erabilitako berberak izango dira (29. artikuluaren 3. paragrafoaren arabera egin beharreko haztapenetarako, alegia).

49. artikulua (lehengo 52. artikulua)

Estatu kideetako diruaren izendapena duten banku-billeteen trukea

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 140. artikuluaren 3. paragrafoaren arabera, kanbio-tasa aldatu ezinezkoak finkatu ondoren, Gobernu Kontseiluak hartu beharreko neurri guztiak hartuko ditu, ondo bermatuta gera dadin estatu kideetako diruaren izendapena duten banku-billeteak, kanbio-tasa finko aldatu ezinezkoa dutenak, dagokien parekotasun-balioan trukatzen dituztela estatuetako banku zentralek.

50. artikulua (lehengo 53. artikulua)

Xedapen iragankorren aplikagarritasuna

Salbuespenen bati heldu dioten estatu kideak dauden artean, 42.etik 47.era arteko artikuluak aplikatuko dira.

EUROPAKO INBERTSIO BANKUAREN ESTATUTUEI BURUZ

TRATATUGILE GORENEK,

ASMOA IZANIK Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 308. artikuluan aurreikusten diren Europako Inbertsio Bankuaren estatutuak ezartzea,

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaizkio:

1. artikulua

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 308. artikuluaren bitartez sortutako Europako Inbertsio Bankua, aurrerantzean «Bankua», tratatu horren eta estatutu hauen arabera eratuko da, eta horietan ezarritakoari jarraituz beteko ditu egitekoak eta jarduna.

2. artikulua

Bankuaren xedea Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 309. artikuluan zehaztutakoa da.

3. artikulua

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 308. artikuluari jarraituz, estatu kideak izango dira Bankuko kideak.

4. artikulua

1.Bankuak 164.808.169.000 euroko kapitala izango du. Kapital horren harpidetza honela banatuko da estatu kideen artean:

Alemania

Frantzia

Italia

Erresuma Batua

Espainia

Belgika

Herbehereak

Suedia

Danimarka

Austria

Polonia

Finlandia

Grezia 2 003 725 500 Portugal 1 291 287 000 Txekiar Errepublika 1 258 785 500 Hungaria 1 190 868 500 Irlanda 935 070 000 Errumania 863 514 500 Eslovakia 428 490 500 Eslovenia 397 815 000 Bulgaria 290 917 500 Lituania 249 617 500 Luxenburgo 187 015 500 Zipre 183 382 000 Letonia 152 335 000 Estonia 117 640 000 Malta 69 804 000

Estatu kideen erantzukizuna, harpideturik eta ordaindu gabe duten kapital-kuotarainokoa izango da soilik.

2. Kide berri bat sartuz gero, harpidetuta dagoen kapitala handitu egingo da, kide berri horren ekarpenaren neurrian.

3. Gobernadore Kontseiluak harpidetuta dagoen kapitala handitzea erabaki ahal izango du, aho batez.

4. Harpidetutako kapitalaren kuota ezin izango da laga edo pignoratu, eta enbargaezina izango da.

5. artikulua

1. Harpidetutako kapitala estatu kideek ordainduko dute estatutuen 4. artikuluko 1. paragrafoan ezarritako zenbatekoetan bakoitzari dagokion kopurutik % 5na aldiko, batez beste.

2. Harpidetutako kapitala handituz gero, gobernadore-kontseiluak aho batez erabakiko du ehuneko zenbat ordaindu behar den, eta ordainketa hori nola egingo den.

Dirutan ordaintzekotan, euroak soilik onartuko dira.

3. Harpidetutako kapitalaren saldoa ordaintzeko galdatu ahal izango du Administrazio Kontseiluak, baldin eta Bankuaren betebeharrei aurre egiteko beharrezkoa bada.

Halakoetan ere, estatu kide bakoitzak harpideturik duen kapital-kuotaren arabera ordainduko du.

6. artikulua

(lehengo 8. artikulua)

Bankua Gobernadore Kontseiluak, Administrazio Kontseiluak eta Zuzendaritza Batzordeak administratu eta zuzenduko dute.

7. artikulua

(lehengo 9. artikulua)

1. Gobernadore-kontseilua estatu kideek hautatutako ministroek osatuko dute.

2. Gobernadore Kontseiluak Bankuaren kreditu-politikaren gida-lerro orokorrak ezarriko ditu, betiere, Batasunaren helburuekin bat.

Gobernadore-kontseiluak gida-lerro horiek bete daitezen zainduko du.

3. Gainera gobernadore-kontseiluak beste eginbehar hauek izango ditu:

a) harpidetutako kapitala handitzeari buruzko erabakia hartuko du, 4. artikuluko 3. paragrafoarekin eta 5. artikuluko 2. paragrafoarekin bat etorriz; b) 9. artikuluko 1. paragrafoaren aplikazioari dagokionez, finantziazio-eragiketei aplikagarri zaizkien printzipioak zehaztuko ditu Bankuaren misioaren esparruan; c) Administrazio Kontseiluko eta Zuzendaritza Batzordeko kideak izendatu eta kargutik kentzeko 11. eta 13. artikuluetan jasotako eskumenak baliatuko ditu, bai eta 11. artikuluko 1. paragrafoko bigarren lerrokadan jasotakoak ere; d) Osorik edo partzialki estatu kideen lurraldetik kanpo egin behar diren inbertsio-eragiketetarako finantziazioa eman behar den erabakiko du 16. artikuluaren 1. paragrafoarekin bat etorriz; e) Administrazio Kontseiluak egindako urteko txostena onartuko du; f) Urteko balantzea eta galera-irabazien kontua onartuko ditu; g) Estatutu hauek ematen dioten gainerako eskumen eta ahalmenak gauzatuko ditu; h) Bankuaren barne-erregelamendua onartuko du.

4. Tratatuak eta estatutu hauek osatzen duten esparruaren barruan, Bankuaren jarduna eteteari eta, behar izanez gero, likidatzeari buruzko edozein erabaki aho batez hartzeko eskumena izango du Gobernadore Kontseiluak.

8. artikulua

(lehengo 10. artikulua)

Estatutu hauetan bestelakorik xedatu ezean, gobernadore-kontseiluak kontseilua osatzen duten kideen gehiengoa beharko du erabakiak hartzeko.

Gehiengo horrek, gainera, harpidetutako kapitalaren % 50 izan beharko du gutxienez.

Gehiengo kualifikaturako, hemezortzi boto eta harpidetutako kapitalaren % 68 beharko da.

Bileran bertan nahiz ordezkaturik dauden kideen abstentzioak ez du oztopatuko aho batez hartu beharreko erabakiak hartzea.

9. artikulua

(lehengo 11. artikulua)

1. Administrazio-kontseiluak finantzaketa-baimenei buruzko erabakiak hartuko ditu, batez ere kreditu eta berme gisa eman beharreko finantzaketari buruzkoak eta jesapenak ixteari buruzkoak; maileguen interes-tasak finkatuko ditu, baita komisio eta kargak zenbatekoak izango diren ere.

Gehiengo kualifikatuak hala erabakitzen badu, bere eskurantza batzuk zuzendaritza-batzordeari eskuordetzan eman ahal izango dizkio.

Eskuordetza hori zein baldintza eta modutan egin behar den ere erabakiko du, eta nola gauzatzen den ikuskatuko.

Administrazio-kontseiluak Bankua behar bezala administratu dadin zainduko du; Bankuaren kudeaketa, Tratatuetako xedapenekin eta Estatutuekin eta Gobernadore Kontseiluak ezarritako gida-lerro orokorrekin bat datorrela bermatuko du.

Ekitaldia amaitutakoan, Administrazio Kontseiluak txosten bat aurkeztu beharko dio Gobernadore Kontseiluari, eta horrek onartutakoan, argitara eman behar du.

2. Administrazio-kontseilua hogeita zortzi administratzailek eta ordezko hamazortzi administratzailek osatuko dute.

Administratzaileak Gobernadore Kontseiluak izendatuko ditu, bost urterako.Estatu kideek administratzaile bana izango dute, eta Batzordeak ere bat izango du.

Ordezko administratzaileak ere Gobernadore Kontseiluak izendatuko ditu, bost urterako, eta aukeraketa honela egingo da:

- Alemaniako Errepublika Federalak bi ordezko aukeratuko ditu,

- Frantziako Errepublikak bi ordezko aukeratuko ditu,

- Italiako Errepublikak bi ordezko aukeratuko ditu,

- Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batuak bi ordezko aukeratuko ditu,

- Espainiako Erresumak eta Portugalgo Errepublikak, ados jarrita, ordezko bat aukeratuko dute,

- Belgikako Erresumak, Luxenburgoko Dukerri Handiak eta Herbehereetako Erresumak, ados jarrita, ordezko bat aukeratuko dute,

- Danimarkako Erresumak, Irlandak, Heleniar Errepublikak eta Errumaniak, ados jarrita, bi ordezko aukeratuko dituzte,

- Estoniako Errepublikak, Letoniako Errepublikak, Lituaniako Errepublikak, Austriako Errepublikak, Finlandiako Errepublikak eta Suediako Erresumak, ados jarrita, bi ordezko aukeratuko dituzte,

- Bulgariako Errepublikak, Txekiar Errepublikak, Zipreko Errepublikak, Hungariako Errepublikak, Maltako Errepublikak, Poloniako Errepublikak, Esloveniako Errepublikak eta Eslovakiako Errepublikak, ados jarrita, hiru ordezko aukeratuko dituzte,

- eta Batzordeak, ordezko bat aukeratuko du.

Administrazio-kontseiluak kontseiluan boto-eskubiderik gabe parte hartzeko gonbita egingo die sei adituri:

hiru kide izango dira, eta beste hiru, ordezko.

Administratzaileen eta ordezkoen agintaldia berritu egin ahal izango da, amaitutakoan.

Barne-erregelamenduan Administrazio Kontseiluaren bileretan parte hartzeko moduak eta ordezko administratzaileei eta hautatutako adituei aplikatu beharreko xedapenak ezarriko dira.

Zuzendaritza Batzordeko lehendakaria edo, hura falta denean, lehendakariordeetako bat izango da buru Administrazio Kontseiluaren bilkuretan, baina ez du bozketan parte hartuko.

Administrazio Kontseiluko kideak erabateko independentzia eta gaitasuna dutela bermatzen duten pertsonen artetik aukeratuko dira; Bankuaren aurrean baino ez dute erantzungo.

3. Administratzaile batek bere egitekoak burutzeko behar diren ezaugarriak betetzeari uzten badio soilik kendu ahal izango du hura kargutik Gobernadore Kontseiluak; erabakia hartzeko gehiengo kualifikatua beharko da.

Urteko txostena onartzen ez bada, Administrazio Kontseiluak dimititu egin beharko du.

4. Karguduna hilda, kargutik kenduta, edo bere borondatez nahiz taldean dimisioa emanda, kargua hutsik geratuz gero, ordezkoa izendatuko da, 2. paragrafoan xedatutakoari jarraiki. Kontseilu osoa berritzekoa ez bada behintzat, izendapen horiek agintaldia amaitu artekoak izango dira.

5. Administrazio Kontseiluko kideen lansariak Gobernadore Kontseiluak finkatuko ditu.

Administratzaileek eta ordezkoek izan ditzaketen bateraezintasunak ere hark zehaztuko ditu.

10. artikulua

(lehengo 12. artikulua)

1. Administratzaileek boto bana izango dute administrazio-kontseiluan.

Nolanahi ere, botoa eskuordetzan eman ahal izango dute, Bankuaren barne-erregelamenduak ezar ditzan baldintzetan.

2. Estatutu hauetan kontrakorik xedatu ezik, erabakiak hartu ahal izateko, Administrazio Kontseiluan boto-eskubidea duten kideen heren baten aldeko botoa behar da eta, betiere, harpidetutako kapitalaren ehuneko berro-aita hamar ordezkatzen badute.

Gehiengo kualifikaturako, aldeko hamazortzi boto eta harpidetutako kapitalaren ehuneko hirurogeita zortzi beharko da.

Bankuaren barne-erregelamenduak ezarriko du zenbateko quoruma beharko den Administrazio Kontseiluaren akordioak baliozkoak izan daitezen.

11. artikulua

(lehengo 13. artikulua)

1. Zuzendaritza-batzordea, administrazio-kontseiluak proposatu eta gobernadore-kontseiluak sei urterako izendatutako lehendakari batek eta zortzi lehendakariordek osatuko dute.

Agintaldia berritu egin daiteke.

Gobernadore-kontseiluak zuzendaritza-batzordeko kideen kopurua aldatu ahal izango du, aho batez.

2. Administrazio-kontseiluak gehiengo kualifikatuarekin proposatzen badu, gobernadore-kontseiluak zuzendaritza-batzordeko kideak beren kargutik kendu ahal izango ditu, gehiengo kualifikatua alde badago.

3. Zuzendaritza Batzordea Bankuaren ohiko administrazio-gaien kudeaketaz arduratuko da, lehendakariaren agintaritzapean eta Administrazio Kontseiluak kontrolatuta.

Batzorde horrek Administrazio Kontseiluak hartu beharreko erabakiak prestatuko ditu, bereziki jesapenak ixteari eta finantzaketa —batez ere kreditu nahiz berme gisakoa— emateari buruzkoak. Gainera, erabaki hori betearazteaz arduratuko da.

4. Zuzendaritza Batzordeak gehiengo kualifikatua beharko du jesapenak ixteko eta finantzaketa —batez ere kreditu eta berme gisakoa— emateko proiektuei buruzko irizpenak onartzeko.

5. Gobernadore Kontseiluak Zuzendaritza Batzordeko kideen lansariak finkatu, eta beren egitekoekiko bateraezintasunak zein diren ezarriko du.

6. Lehendakaria edo, horrek ezin duenean, lehendakariordeetako bat izango da Bankuaren ordezkari, judizio nahiz judizioz kanpoko kontuetan.

7. Bankuko langileek lehendakariaren agintaritzapean jardungo dute.

Lehendakariaren ardura izango da haiek kontratatzea eta kaleratzea.

Langileak aukeratzean, gaitasun pertsonalak eta lanbide-prestakuntza ez ezik, estatu kideetako herritarren artean oreka bat mantentzeko modua ere izango da kontuan.

Barne-erregelamenduak ezarriko du zein organok izango duen langileei aplikatu beharreko xedapenak onartzeko eskumena.

8. Zuzendaritza Batzordeak eta Bankuko langileek Bankuaren aurrean baino ez dute erantzungo, eta beren egitekoak independentzia osoz burutuko dituzte.

12. artikulua

(lehengo 14. artikulua)

1. Sei kidek osatutako komite batek, gobernadore-kontseiluak gaitasuna kontuan izanda izendatuko baititu, Bankuaren jarduna bankuetako jardunbide egokienei lotzen zaien begiratuko du, eta Bankuaren kontuak egiaztatuko.

2. Lehen paragrafoan aipatutako komite horrek Bankuaren eragiketak eta liburuak zuzenak diren aztertuko du urtero.

Ildo horretatik, Bankuaren eragiketak estatutu hauetan eta barne-erregelamenduan ezarritako izapide eta prozedurei jarraituz egin diren egiaztatuko du.

3. Lehen paragrafoan aipatutako komiteak behar bezala egiaztatuko du Bankuaren finantzen egoera-orriak eta Administrazio Kontseiluak ezarritako urteko kontuetan finantzei buruz jasotzen diren informazioak zintzo islatzen dituztela Bankuaren finantzen egoera —aktiboa zein pasiboa— eta kasuan kasuko urtealdiko eragiketen emaitzak eta diruzaintzako fluxuak.

4. Barne-erregelamenduan zehaztuko da 1. paragrafoan aipatutako komiteko kideek zer-nolako kualifikazioa izan behar duten, eta komitearen funtzionamendurako baldintzak eta moduak ere han ezarriko dira.

13. artikulua

(lehengo 15. artikulua)

Bankuak estatu kide bakoitzak izendatutako agintariaren bidez izango ditu harremanak estatu kide horrekin.

Finantza-eragiketak egiteko, kasuan kasuko estatu kideko banku zentralera edo horrek baimendutako beste finantza-instituzioetara jo ahal izango du.

14. artikulua

(lehengo 16. artikulua)

1. Bankuak bere lan-eremuaren antzekoetan lan egiten duten nazioarteko erakunde guztiekin lankidetzan jardungo du.

2. Bankuak ahalegina egingo du bere eragiketen jasotzaile diren herrialdeetako bankuekin eta bestelako finantza-instituzioekin lankidetzan aritu ahal izateko baliagarri diren harreman-mota guztiak ezartzeko.

15. artikulua

(lehengo 17. artikulua)

Estatu kide batek edo Batzordeak eskatuta edo bere kabuz, Gobernadore Kontseiluak estatutu hauetako 7. artikuluari jarraituta ezarritako gida-lerroak interpretatuko eta osatuko ditu, betiere, ezarri zireneko baldintza berak errespetatuz.

16. artikulua

(lehengo 18. artikulua)

1. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 309. artikuluan zehaztutako manuaren barruan, Bankuak, estatu kideen Europako lurraldeetan burutu beharreko inbertsioetarako finantzabideak emango dizkie estatu kideei nahiz enpresa pribatu eta publikoei, batez ere kreditu eta berme gisako finantzabideak, eta betiere, bestelako baliabiderik lortzen ez bada arrazoizko baldintzetan.

Nolanahi ere, Administrazio Kontseiluak proposatu eta Gobernadore Kontseiluaren gehiengo kualifikatua lortuz gero, Bankuak erabat nahiz zati batean estatu kideen lurraldetik kanpo gauzatzekoak diren inbertsioak ere finantza ditzake.

2. Ahal den neurrian, beste finantzabide batzuk ere erabiltzen direnean soilik emango dira maileguak.

3. Mailegua estatu kide ez den enpresa edo kolektibitate bati ematen zaionean, mailegua eman aurretik, Bankuak baldintza gisa jarriko du, nahiz inbertsioa jaso behar duen lurraldea kokatuta dagoen estatu kideak berme bat ematea, nahiz behar besteko bestelako bermeak lortzea, nahiz zordunak finantza-sendotasuna erakustea.

Gainera, Gobernadore Kontseiluak 7. artikuluko 3. paragrafoko b) idatz-zatiari jarraituz ezarritako printzipioek eratzen duten esparruaren barruan, eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 309. artikuluan aurreikusitako eragiketak egiteko beharrezkoa bada, Administrazio Kontseiluak arrisku-profil jakin bat erakusten duen eta, beraz, jarduera berezitzat jotzen den finantzaketa oro zein baldintza eta modutan burutu erabakiko du, gehiengo kualifikatuarekin.

4. Bankuak bermeak eman ahal izango ditu enpresa publiko nahiz pribatuek edo bestelako kolektibitateek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 309. artikuluan aurreikusitako eragiketak burutzeko kontratatutako jesapenetarako.

5. Bankuak mailegu eta bermeen bidez agindutako zenbatekoa ezin izango da izan, guztira, harpideturik duen kapitalaren, erreserben, esleitu gabeko horniduren eta galdu-irabazien kontuaren gaindikinen % 250 baino gehiago.

Kasuan kasuko kontu-sailetan pilatutako kopurua kalkulatzeko, Bankuak partaidetza-mota orotan, ordainduta nahiz ordaindu gabe, harpideturik duen kopurua kendu beharko zaio lehenengo.

Bankuak partaidetza gisa ordainduta duen kopurua ezingo da izan, inolaz ere, kapitalean liberaturik, erreserbetan, esleitu gabeko horniduretan eta galdu-irabazien kontuaren gaindikinetan guztira duen zatia baino handiagoa.

Salbuespen gisa, Bankuaren jarduera berezietarako —gobernadore-kontseiluak eta administrazio-kontseiluak 3. paragrafoari jarraituz erabakitakoetarako adibidez—, berariazko zuzkidura bat gordeko da erreserbetan.

Paragrafo honetan ezarritakoa Bankuaren kontu bateratuei ere aplikatuko zaie.

6. Kanbioak dituen arriskuetatik babesteko, Bankuak egoki iruditzen zaizkion klausulak sartuko ditu maileguen eta bermeen kontratuetan.

17. artikulua

(lehengo 19. artikulua)

1. Bankuak ematen dituen maileguen interes-tasak, bai eta komisio eta bestelako kargak ere, kapital-merkatuan gailentzen diren baldintzetara egokitu beharko dira, eta horietatik etorriko diren sarrerak Bankuari bere betebeharrei aurre egiteko, gastuak eta arriskuak ordaintzeko, eta, 22. artikuluari jarraituz, erreserba-funtsa eratzeko aukera emateko moduan kalkulatuko dira.

2. Bankuak ez du inolako murrizketarik egingo interes-tasetan.

Baldin eta, finantzatu beharreko inbertsioaren izaera berezia dela-eta, interes-tasa murriztea komeni bada, estatu kide interesdunak edo beste agintaritza batek interes horietarako hobariak eman ahal izango ditu, hobari horiek ematea Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 107. artikuluan aurreikusitako arauekin bateragarri den heinean.

18. artikulua

(lehengo 20. artikulua)

Finantzaketa-eragiketetan Bankuak honako printzipio hauek bete behar ditu:

1. Bankuaren funtsak ahalik eta erarik arrazoizkoenean erabil daitezen jagongo du.

Bankuak soilik emango ditu maileguak edo bermatuko ditu jesapenak baldin eta:

a)

Ziur bada interesak ordaindu eta kapitala amortizatuko dizkiotela, produkzio-sektoreko enpresek egin beharreko inbertsioen kasuan, ustiapenaren mozkinekin eta, bestelako inbertsioak direnean, inbertsioa hartu behar duen lurraldeko Estatuak sinatutako konpromiso baten bidez edo beste eraren batean,

b)

inbertsio hori gauzatuta, oro har, produktibitate ekonomikoa hazten laguntzen bada eta barne-merkatuaren ezarpenerako eta funtzionamendurako balio badu.

2. Ez du enpresetako partaidetzarik eskuratuko, ez eta horien kudeaketan inolako erantzukizunik hartuko bere gain, baldin eta bere eskubideen babesa hala eskatzen ez badu bere kredituak berreskuratuko dituela ziurtatzeko.

Nolanahi ere, Gobernadore Kontseiluak 7. artikuluko 3. paragrafoko b) idatz-zatiari jarraituz ezarritako printzipioek eratzen duten esparruaren barruan, eta Europar Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 309. artikuluan aurreikusitako eragiketak egiteko beharrezko bada, Administrazio Kontseiluak, gehiengo kualifikatuarekin, merkataritza-enpresa baten kapitalean zein baldintza eta modutan parte hartu erabakiko du; oro har, mailegu edo berme baten osagarri gisa, eta, betiere, inbertsio edo programa bat finantzatzeko beharrezko bada.

3. Kredituak kapital-merkatuan laga ahal izango ditu, eta, horrelakoetan, obligazioak edo beste titulu batzuk jaulkitzeko eskatu ahal izango die mailegu-hartzaileei.

4. Ez berak, ez eta estatu kideek ezin izango dute inor behartu mailegatutako diru-kopurua estatu kide jakin batean erabiltzera.

5. Maileguak emateko, baldintza modura ezarri ahal izango du nazioarteko lizitazioak antolatzea.

6. Ez du inbertsiorik finantzatuko, ez osorik, ez zati batean, baldin eta inbertsioa egin behar den lurraldeko estatu kidea kontra badago.

7. Kredituen inguruko jardunaren osagarri gisa, Bankuak laguntza teknikoko zerbitzuak bermatu ahal izango ditu. Baldintzak eta moduak, estatutu hauei jarraituz, gobernadore-kontseiluak zehaztuko ditu, erabakiak gehiengo kualifikatuz hartuta.

19. artikulua

(lehengo 21. artikulua)

1. Enpresa edo erakunde publiko nahiz pribatu orok zuzenean aurkeztu ahal izango dio finantzaketa-eskaera Bankuari.

Batzordearen edo inbertsioa egin behar den estatu kidearen bidez ere aurkeztu ahal izango da eskabidea.

2. Eskaerak Batzordearen bidez bideratzen badira, inbertsioa egin behar deneko estatu kideari aurkeztuko zaio irizpena eman dezan.

Estatu kidearen bidez bideratuz gero, Batzordeari aurkeztuko zaio irizpena eman dezan.

Enpresak zuzenean aurkeztutakoan, estatu kide interesdunari eta Batzordeari, biei aurkeztuko zaie, irizpena eman dezaten.

Estatu kide interesdunek eta Batzordeak gehienez bi hilabeteko epean eman beharko dute irizpena. Epe horretan erantzunik ez bada, proiektuak eragozpenik eragiten ez duela iritzi ahal izango dio Bankuak.

3. Administrazio-kontseiluak zuzendaritza-batzordeak aurkezten dizkion finantza-eragiketei buruzko erabakiak hartuko ditu.

4. Zuzendaritza Batzordeak aurkezten zaizkion finantza-eragiketak estatutu hauetan eta, batez ere, 16. eta 18. artikuluetan, xedatutakoari lotzen zaizkion aztertuko du. Zuzendaritza Batzordea finantzaketaren alde agertzen bada, administrazio-kontseiluari aurkeztuko dio proposamena, berrets dezan; egoki iritzitako baldintzak jarri ahal izango ditu aldeko irizpena emateko.

Zuzendaritza Batzordea finantzaketa ematearen kontra agertzen bada, irizpenarekin batera beharrezkoak diren agiriak aurkeztu beharko dizkio Administrazio Kontseiluari.

5. Zuzendaritza Batzordearen irizpena kontrakoa bada, Administrazio Kontseiluak aho batez baino ezin izango du eman aipatu finantziazioa.

6. Batzordearen irizpena kontrakoa bada, Administrazio Kontseiluak aho batez soilik eman ahal izango du aipatutako finantziazioa, baina Batzordeak hautatuta izendatutako administratzaileak ez du botorik izango.

7. Zuzendaritza Batzordearen eta Batzordearen irizpenak, biak badira finantzaketaren kontrakoak, Administrazio Kontseiluak ezin izango du aipatutako finantziazioa eman.

8. Bankuaren eskubideak eta interesak babesteko onartu diren inbertsioei buruzko finantziazio-eragiketa bat berregituratzeko nahikoa arrazoi denean, Zuzendaritza Batzordeak berehala hartuko ditu beharrezkotzat jotzen dituen premiazko neurriak, baina berehala eman beharko dio horren berri Administrazio Kontseiluari.

20. artikulua

(lehengo 22. artikulua)

1. Bankuak bere xedea betetzeko beharrezko dituen baliabideak maileguan hartuko ditu kapitalen merkatuan.

2. Bankuak estatu kideetako kapital-merkatuan lortu ahal izango du dirua maileguan, merkatu horiei aplikatu beharreko lege-xedapenen esparruan.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 139. artikuluko 1. paragrafoan ezarritakoaren ildotik doan salbuespen bati heldutako estatu kideren bateko agintari eskudunak arrazoi bakar batengatik agertu ahal izango dira kontra: estatu horretako kapitalen merkatuan gorabehera larriak sor daitezkeela pentsatzeko arrazoiak egotea.

21. artikulua

(lehengo 23. artikulua)

1. Bankuak eskura dituen eta bere betebeharrei aurre egiteko berehala behar ez dituen baliabideak honela erabili ahal izango ditu:

a) kapitalak diru-merkatuetan inbertitu ahal izango ditu;

b) tituluak erosi eta saldu ahal izango ditu, 18. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoa salbu;

c) bere helburuekin erlazionatutako beste edozein finantza-eragiketa burutu ahal izango du.

2. Bankuak, 23. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, inbertsio horien kudeaketan, ez du bere maileguak egiteko edo jaulkitako jesapen edo emandako bermeak direla-eta hartutako konpromisoak betetzeko ezinbestekoa ez den inolako dibisa-arbitrajerik egingo.

3. Artikulu honen aplikazio-eremuan, Bankuak estatu kideetako agintari eskudunekin edo banku zentral nazionalekin bat etorriz jardungo du.

22. artikulua

(lehengo 24. artikulua)

1. Harpidetutako kapitalaren % 10aren pareko erreserba-funtsa eratuko da, gehienez, arian-arian.

Bankuaren konpromisoen egoerak horretarako bide ematen badu, administrazio-kontseiluak erreserba gehigarriak eraikitzea erabaki ahal izango du.

Erreserba-funts hori guztiz osatu gabe dagoen bitartean, honako hauek baliatu ahal izango dira elikatzeko:

a) Estatu kideek 5. artikuluari jarraituz ekarri beharreko diru-kopuruekin Bankuak eman dituen maileguek sortutako interesak;

b) a) idatz-zatian aipatutako maileguak itzultzetik jasotako diru-kopuruekin Bankuak emandako maileguek sortutako interesak, baldin eta sarrera horiek Bankuaren betebeharrei aurre egiteko eta gastuak ordaintzeko beharrezkoak ez badira.

2. Erreserba-funtseko baliabideak funtsaren helburuei edonoiz aurre egin ahal izateko moduan erabili beharko dira.

23. artikulua

(lehengo 25. artikulua)

1. Bankuak beti izango du baimena Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 309. artikuluan zehaztutako helburuarekin bat datozen finantza-eragiketak egiteko dauzkan aktiboak dirutzat euroa ez duten estatu kideetako monetara transferitzeko, betiere, estatutu hauetako 21. artikuluan xedatutakoa kontuan izanda.

Bankua, ahal duen neurrian, horrelako aldaketarik ez egiten saiatuko da, behar duen dirutan behar beste aktibo baditu erabilgarri edo bihurgarri.

2. Bankuak, diru gisa euroa ez duen estatu kide baten dirutan dauzkan aktiboak hirugarren herrialde baten dibisa bihurtu ahal izateko, estatu kide horren adostasun beharko du.

3. Bankuak nahieran xedatu ahal izango ditu ordaindua duen kapital-zatia eta hirugarren herrialdeetako merkatuetan maileguan hartutako dibisak.

4. Estatu kideek konpromisoa hartzen dute Bankuaren zordunen esku behar beste dibisa jartzeko Bankuak beren lurraldean egin beharreko inbertsioetarako eman edo bermatutako maileguen kapitala itzultzeko eta interesak ordaintzeko.

24. artikulua

(lehengo 26. artikulua)

Estatu kide batek estatutu hauen ondorioz dagozkion betebeharrak betetzen ez baditu, batez ere, dagokion kuota ordaintzeari edo bere jesapenen zerbitzua ziurtatzeari buruzko betebeharra, gobernadore-kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, estatu kide horri edo estatu horretako herritarrei maileguak edo bermeak ematea etenda uztea erabaki dezake.

Erabaki horrek ez ditu, ez estatua, ez eta estatu horretako herritarrak, Bankuarekiko dituzten betebeharrak betetzetik salbuetsiko.

25. artikulua

(lehengo 27. artikulua)

1. Gobernadore-kontseiluak Bankuaren jarduna etetea erabakitzen badu, jarduera guztiak geldiaraziko dira luzamendurik gabe, Bankuaren ondasuna erabili, babestu eta zaintzeko eta bere konpromisoak kitatzeko behar-beharrezkoak diren eragiketak izan ezik.

2. Likidatzekotan, Gobernadore Kontseiluak likidatzaileak izendatuko ditu, eta likidazio hori burutzeko aginduak emango dizkie.

Langileen eskubideak babes daitezen zainduko du.

26. artikulua

(lehengo 28. artikulua)

1. Bankuak estatu kide bakoitzean bertako legeriak pertsona juridikoei aitortzen dien gaitasun juridikorik zabalena izango du; bereziki ondasun higigarriak eta higiezinak erosi eta besterendu ahal izango ditu, eta epaitegietan agertu ahal izango da.

2. Bankuaren ondasunak ezin izango dira inola errekisatu edo desjabetu.

27. artikulua

(lehengo 29. artikulua)

Alde batetik Bankua, eta, bestetik, mailegu-emaileak, mailegu-hartzaileak eta hirugarrenak direla-eta sortzen diren auziak, kasuan kasuko estatuko jurisdikzio-organo eskudunek ebatziko dituzte, betiere, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari emandako eskumenei kalterik egin gabe.

Nolanahi ere, Bankuak arbitraje-prozedura bat aurreikusi ahal izango du kontratu batean.

Bankuak egoitza izan behar du Estatu kide guztietan.

Hala ere, egoitza berezi bat zehaztu ahal izango du kontratu batean.

Bankuaren ondasun eta aktiboak ezin izango dira enbargatu, ez eta nahitaez betearazteko prozedurapean jarri, erabaki judizial batez izan ezik.

28. artikulua

(lehengo 30. artikulua)

1. Gobernadore-kontseiluak, aho batez, nortasun juridikoa eta finantza-autonomia izango dituzten filialak edo beste erakunde batzuk sortzea erabaki ahal izango du.

2. Gobernadore Kontseiluak aho batez onartuko ditu 1. paragrafoan jasotako erakundeen estatutuak. Estatutu horietan honako hauek zehaztuko dira bereziki: erakundearen helburuak, egitura, kapitala, kideak, egoitza, finantza-baliabideak, jarduteko tresnak eta kontu-ikuskaritzako prozedurak, eta Bankuaren artezkaritza-organoekiko harremana.

3. Bankuak erakunde horien kudeaketan parte hartzeko ahalmena izango du, eta harpidetutako kapitalean ere lagundu ahal izango du, Gobernadore Kontseiluak aho batez ezarritako zenbatekora iritsi arte.

4. Europar Batasunaren pribilegioen eta immunitateen gaineko protokoloa Bankuari aplikatzen zaizkion baldintza beretan aplikatuko zaie 1. paragrafoan jasotako erakundeei, —Europar Batasuneko Zuzenbidea aplikatzen zaien heinean—; beren organoetako kideei —beren lanean— eta langileei.

Nolanahi ere den, Europar Batasunaz eta Bankuaz bestelako kideek erakunde horietatik eskubidez jaso ditzaketen dibidenduei, gainbalioei eta bestelako errenta-motei, aplikagarri zaien legeriako zerga-xedapenak aplikatuko zaizkie.

5. Ondoren zehaztuko diren mugen barruan, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak eskumena izango du Europar Batasuneko Zuzenbidea aplikagarri zaien organismoetako organoek hartutako neurriekin zerikusia duten auziez arduratzeko.

Organismo horretako edozein kidek —organismoko kide den heinean— eta estatu kideek neurri horien aurkako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 263. artikuluan ezarritako baldintzetan.

6. Gobernadore Kontseiluak, aho batez, erabaki ahal izango du Batasuneko Zuzenbidepeko erakundeetako langileak Bankuarekin erkide diren araubideetan sartzea, bakoitzak bere barne-prozedurari jarraituz.

EUROPAR BATASUNEKO INSTITUZIOEN ETA ZENBAIT ORGANO, ORGANISMO ETA ZERBITZUREN EGOITZAK EZARTZEARI BURUZ

ESTATU KIDEETAKO GOBERNUETAKO ORDEZKARIEK

IKUSIRIK Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 341. artikulua eta Energia Atomikoaren Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuko 189. artikulua,

GOGORATUZ ETA SENDETSIZ 1965eko apirilaren 8ko Erabakia, eta, etorkizuneko instituzio, organo, organismo eta zerbitzuen egoitzei buruzko erabakiei kalterik egin gabe,

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari eta Energia Atomikoaren Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuari gaineratuko zaizkio eranskin gisa.

Artikulu bakarra

a)

Europako Parlamentuaren egoitza Estrasburgon egongo da, eta bertan egingo dira hileko osoko bilkuren 12 aldi partzialak, aurrekontuen bilkura barne.

Osoko bilkuren aldi partzialak Bruselan egingo dira.

Europako Parlamentuaren batzordeak Bruselan bilduko dira.

Europako Parlamentuko Idazkaritza Nagusiak eta bere zerbitzuek Luxenburgon jarraituko dute.

b)

Kontseiluaren egoitza Bruselan egongo da.

Apirilean, ekainean eta urrian, Luxenburgon egingo ditu batzarrak Kontseiluak.

c)

Batzordearen egoitza Bruselan egongo da.

Luxenburgon kokatuko dira 1965eko apirilaren 8ko Erabakiko 7., 8. eta 9. artikuluetan zerrendatutako zerbitzuak.

d)

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren egoitza Luxenburgon egongo da.

e)

Kontu Auzitegiaren egoitza Luxenburgon egongo da.

f)

Ekonomia eta Gizarte Komitearen egoitza Bruselan egongo da.

g)

Eskualdeetako Komitearen egoitza Bruselan egongo da.

h)

Europako Inbertsio Bankuaren egoitza Luxenburgon egongo da.

i)

Europako Banku Zentralaren egoitza Frankfurten egongo da.

j)

Poliziaren Europako Bulegoaren (Europol) egoitza Hagan egongo da.

EUROPAR BATASUNAREN PRIBILEGIO ETA IMMUNITATEEI BURUZ

TRATATUGILE GORENEK,

AINTZATETSIZ Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 343. artikuluaren eta Energia Atomikoaren Europako Erkidegoa (EAEE) eratzeko Tratatuaren 191. artikuluaren arabera, Europar Batasunak eta EAEEk beren xedea betetzeko beharrezko diren pribilegioez eta immunitateez gozatuko dutela estatu kideen lurraldean.

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari eta Energia Atomikoaren Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuari gaineratuko zaizkio eranskin gisa.

1. KAPITULUA

EUROPAR BATASUNAREN ONDASUNAK, FUNTSAK, AKTIBOAK ETA ERAGIKETAK

1. artikulua

Batasunaren lokalak eta eraikinak bortxaezinak dira.

Halaber, erregistro, errekisa, konfiskazio edo desjabetze orotik salbuetsirik egongo dira.

Batasunaren ondasunei eta aktiboei ezin izango zaie premiamendu administratiborik edo judizialik dakarren ezein neurririk ezarri Justizia Auzitegiaren baimenik gabe.

2. artikulua

Batasunaren artxiboak bortxaezinak dira.

3. artikulua

Batasuna, bere aktiboak, bere sarrerak eta gainerako ondasunak salbuetsita egongo dira zuzeneko zerga guztietatik.

Estatu kideetako gobernuek, ahal den guztietan, neurri egokiak hartuko dituzte ondasun higigarrien eta higiezinen prezioan sartutako zeharkako zergen edo salmenta-zergen kopurua igortzeko edo itzultzeko, Batasunak, bere erabilera ofizialerako, mota horretako zergak eta sariak hartzen dituen erosketa garrantzitsuak egiten dituenean.

Xedapen horiek aplikatzeak, dena dela, ez du ondoriotzat izan beharko Batasunaren barruko lehia faltsutzea.

Onura publikoko zerbitzuen ordainketa baino ez diren zerga, tasa eta eskubideei dagokienez, ez da inolako salbuespenik emango.

4. artikulua

Batasuna salbuetsita egongo da inportazio-esportazioen gaineko aduana-zerga, debeku eta murrizketa guztietatik, bere erabilera ofizialera bideratutako salgaiei dagokienez; era horretan inportatutako salgaiak ezingo dira laga, ordain bidez edo dohainik, inportatuak izan diren estatuaren lurraldean, non eta lagapen hori ez den egiten estatu horretako gobernuak onartutako baldintzetan.

Batasuna, era berean, salbuetsita egongo da inportazio-esportazioen gaineko aduana-zerga, debeku eta murrizketa guztietatik, bere argitalpenei dagokienez.

II. KAPITULUA

KOMUNIKAZIOAK ETA IGAROBAIMENAK

5. artikulua

(lehengo 6. artikulua)

Beren komunikazio ofizialetarako eta beren dokumentu guztiak helarazteko, Batasuneko instituzioek, estatu kide bakoitzaren lurraldean, estatu horrek ordezkaritza diplomatikoei ematen dien tratu bera jasoko dute.

Batasuneko instituzioen korrespondentzia ofiziala eta gainerako komunikazio ofizialak ezin izango dira zentsuraren menpe egon.

6. artikulua

(lehengo 7. artikulua)

Batasuneko instituzioetako lehendakariek igarobaimenak eman ahal izango dizkiete instituzio horietako kideei eta agenteei Kontseiluak gehiengo soilez onar dezan eran; igarobaimen horiek bidaia-dokumentu baliozkotzat aintzatetsiko dituzte estatu kideetako agintariek.

Funtzionarioentzako eta agenteentzako igarobaimenak Funtzionarioen Estatutuan eta Batasuneko beste agenteei aplikatu beharreko araubidean ezartzen diren baldintzetan emango dira.

Batzordeak akordioak egin ahal izango ditu igarobaimen horiei buruz, hirugarren estatuen lurraldean ere bidaia-dokumentu baliozkotzat aintzatetsiak izateko.

III. KAPITULUA

EUROPAKO PARLAMENTUKO KIDEAK

7. artikulua

(lehengo 8. artikulua)

Ez zaio jarriko administrazio-mailako edo bestelako murrizketarik Europako Parlamentuko kideek zirkulatzeko duten askatasunari, Europako Parlamentuaren bilera-lekura doazenean edo handik itzultzen direnean.

Aduanei eta truke-kontrolari dagokienez, Europako Parlamentuko kideek jasoko dituzte:

a)

beren gobernutik, aldi baterako eginkizun ofizialetan atzerrira bidaiatzen duten goi-funtzionarioei ematen zaizkien erraztasun berak.

b)

Gainerako estatu kideen gobernutik, aldi baterako eginkizun ofizialetan dauden atzerriko gobernuen ordezkariei ematen zaizkien erraztasun berak.

8. artikulua

(lehengo 9. artikulua)

Europako Parlamentuko kideak ezin izango dituzte bilatu, atxilotu edo auzibidean jarri beren betebeharrak burutzean adierazitako iritziak edo emandako botoak direla eta.

9. artikulua

(lehengo 10. artikulua)

Europako Parlamentuaren bilkura-aldian, parlamentuko kideek immunitatea izango dute:

a)

Beren estatuaren lurraldean, bertako parlamentuko kideei aintzatesten zaizkien immunitate berberak izango dituzte;

b)

Beste edozein estatu kideren lurraldean, atxiloketen eta epaitegien ekintzen aurkako immunitatea.

Immunitatea aplikatuko zaie kideei, orobat, Europako Parlamentuaren bilera-lekura bidaiatzen ari direnean edo handik itzultzen ari direnean.

Immunitatea ezin izango da alegatu Europako Parlamentuko kide bat delitu gori-gorian atzematen dutenean eta immunitatea ez da eragozpen izango Europako Parlamentuak bere kideetako bati pribilegio hori eteteko eskubidea baliatzeko orduan.

IV. KAPITULUA

EUROPAR BATASUNAREN INSTITUZIOEN LANEAN PARTE HARTZEN DUTEN ESTATU KIDEEN ORDEZKARIAK

10. artikulua

(lehengo 11. artikulua)

Batasuneko instituzioen lanean parte hartzen duten estatu kideen ordezkariek, beren aholkulariek eta aditu teknikoek, beren eginkizunak betetzean eta bilera-lekuetara egiten dituzten joan-etorrietan, ohiturazko pribilegioez, immunitateez eta erraztasunez gozatuko dute.

Artikulu hau Batasuneko organo aholku-emaileetako kideei ere aplikatuko zaie.

EUROPAR BATASUNEKO FUNTZIONARIOAK ETA ENPLEGATUAK

11. artikulua

(lehengo 12. artikulua)

Estatu kide bakoitzaren lurraldean eta beren nazionalitatea edozein dela ere, Batasuneko funtzionarioek eta beste agente batzuek:

a)

Jurisdikzio-immunitatea izango dute, ahozko zein idatzizko adierazpenak barne, modu ofizialean egiten dituzten egintzei dagokienez, betiere, behar bezala errespetatuz Tratatuetako xedapenak eta, zehazki, funtzionarioek eta agenteek Batasunaren aurrean duten erantzukizunari buruzko arauei dagozkienak eta Batasunaren eta bere funtzionarioen eta beste agente batzuen arteko auzietan Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak duen eskumenari dagozkionak;

Immunitate horretaz gozatzen jarraituko dute, beren egiteko ofizialak laga ondoren ere.

b)

immigrazio-murrizketei edo atzerritarren erregistroaren formaltasunei lotuta ez dira egongo, ez eurak, ez beren ezkontideak, ezta euren mende dauden familiakoak ere.

c)

diru- edo truke-arauei dagokienez, ohituraz nazioarteko erakundeetako funtzionarioei aintzatesten zaizkien erraztasun berak aintzatetsiko zaizkie.

d)

Dagokien estatuan beren postua lehen aldiz betetzen hasitakoan, beren altzariak eta beren gauzak frankizian inportatzeko eskubidea izango dute, bai eta, estatu horretan duten postua lagatzean, beren altzariak eta beren gauzak frankizian berresportatzeko eskubidea ere, kasu batean zein bestean, eskubide hori baliatzen deneko estatuko gobernuak beharrezkotzat jotzen dituen baldintzei atxikita;

e)

Beren erabilera pertsonalerako automobila frankizian inportatzeko eskubidea izango dute, beren azken bizilekuko estatuan edo herritarrak diren estatuan hango barne-merkatuko baldintzetan eskuratua, bai eta frankizian berresportatzeko eskubidea ere, kasu batean zein bestean, eskubide hori baliatzen deneko estatuko gobernuak beharrezkotzat jotzen dituen baldintzei atxikita.

12. artikulua

(lehengo 13. artikulua)

Batasuneko funtzionarioek eta beste agente batzuek Batasunak ordaintzen dizkieten soldaten, alokairuen eta ordainsarien gaineko zerga bat ordaindu beharko dute Batasunaren mesedetan, betiere, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak legegintzako prozedura arrunta erabiliz onartutako erregelamenduen bidez eta instituzio interesdunei kontsultatu ondoren ezarritako prozedurari jarraituz.

Batasuneko funtzionarioak eta beste enplegatu batzuk salbuetsita egongo dira Batasunak ordaindutako soldaten, alokairuen eta ordainsarien gaineko estatu-mailako zergetatik.

13. artikulua

(lehengo 14. artikulua)

Errentaren eta ondarearen gaineko zergak eta oinordetzen gaineko zerga aplikatze aldera, bai eta Batasuneko estatu kideen artean zergapetze bikoitza ekiditeko sinatutako hitzarmenak aplikatze aldera ere, Batasuneko funtzionarioak eta beste agente batzuk, baldin eta, Batasunaren zerbitzuko eginkizunak betetze hutsagatik, Batasunaren zerbitzuan sartzeko unean zuten egoitza fiskalari dagokion estatuaz besteko estatu kide baten lurraldean (estatu hori ez den beste estatu batean, hain zuzen) bizilekua hartzen badute, egoitza azken estatu horretan gorde izan balute bezala aintzatetsiko dira, bai beren bizilekuko estatuan, bai egoitza fiskalari dagokionean, estatu hori Batasuneko kide bada.

Xedapen hau ezkontideari ere aplikatuko zaio, bere kabuz irabazizko jarduera bati atxikita ez dagoen heinean, bai eta artikulu honetan aipatutako pertsonen ardurapeko eta zaintzapeko seme-alabei ere.

Aurreko lerrokadan aipatzen diren pertsonei dagozkien ondasun higigarriak, bizilekuko estatuaren lurraldean kokatuta badaude, oinordetzen gaineko zergatik salbuetsita egongo dira estatu horretan. Horrelako ondasunak, zerga hori aplikatu ahal izateko, egoitza fiskalaren estatuan egongo balira bezala aintzatetsiko dira, hirugarren estatuen eskubideen eta zergapetze bikoitzari buruzko nazioarteko hitzarmenetako xedapenen balizko aplikazioari kalterik egin gabe.

Nazioarteko beste erakunde batzuen zerbitzuan eginkizunak betetzeagatik soilik eskuratutako edozein egoitza, aldiz, ez da aintzat hartuko, artikulu honetako xedapenak aplikatzerakoan.

14. artikulua

(lehengo 15. artikulua)

Batasuneko funtzionarioei eta beste agente batzuei aplikatu beharreko gizarte-prestazioen araubidea Europako Parlamentuak eta Kontseiluak finkatuko dute legegintzako prozedura arruntaren arabera onartutako erregelamenduen bidez eta instituzio interesdunei kontsultatu ondoren.

15. artikulua

(lehengo 16. artikulua)

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak zehaztuko dute, legegintzako prozedura arruntaren arabera onartutako erregelamenduen bidez eta gainerako instituzio interesdunei kontsultatu ondoren, Batasuneko funtzionarioen eta beste enplegatu batzuen zein kategoriari aplikatuko zaizkien, osorik edo zati batean, 11. artikuluko, 12. artikuluaren bigarren lerrokadako eta 13. artikuluko xedapenak.

Kategoria horietan sartuta dauden funtzionarioen eta beste enplegatu batzuen izenak, mailak eta helbideak aldian-aldian jakinaraziko zaizkie estatu kideetako gobernuei.

BATASUNEAN BAIMENDUTAKO HIRUGARREN ESTATUEN ORDEZKARITZEN PRIBILEGIOAK ETA IMMUNITATEAK

16. artikulua

(lehengo 17. artikulua)

Batasunaren egoitza dagoen estatu kideak ohiko pribilegioak eta immunitateak emango dizkie Batasunean baimendutako hirugarren estatuetako ordezkaritzei.

VII. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

17. artikulua

(lehengo 18. artikulua)

Pribilegioak, immunitateak eta erraztasunak Batasunaren interesetan soilik emango zaizkie funtzionarioei eta beste enplegatu batzuei.

Batasuneko instituzio guztiak behartuta egongo dira funtzionario bati edo beste agente bati emandako immunitatea etetera, baldin eta beren ustez immunitate hori etetea ez bada Batasunaren interesen aurkakoa.

18. artikulua

(lehengo 19. artikulua)

Batasuneko instituzioek, protokolo hau aplikatzeko orduan, dagokien estatu kideetako agintari arduradunekin lankidetzan jardungo dute.

19. artikulua

(lehengo 20. artikulua)

Batzordeko kideei ere aplikatuko zaizkie 11. artikulutik 14.era bitartekoak (biak barne) eta 17. artikulua.

20. artikulua

(lehengo 21. artikulua)

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko epaileei, abokatu nagusiei, idazkariari eta txostengile-ondokoei ere aplikatuko zaizkie 11. artikulutik 14.a bitartekoak (biak barne) eta 17. artikulua, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren estatutuari buruzko protokoloko 3. artikuluan epaileen eta abokatu nagusien jurisdikzio-immunitateari buruz jasotako xedapenei kalterik egin gabe.

21. artikulua

(lehengo 22. artikulua)

Protokolo hau Europako Inbertsio Bankuari, bere organoetako kideei, bere langileei eta beraren jardueretan parte hartzen duten estatu kideetako ordezkariei ere aplikatuko zaie, Bankuaren estatutuen gaineko protokoloko xedapenei kalterik egin gabe.

Europako Inbertsio Bankua, bestalde, salbuetsita egongo da antzeko izaerako edozein zergapetze fiskal edo parafiskaletatik bere kapitaletan edozein gehitze gertatzen denean, bai eta bankuak bere egoitza duen estatuan horrekin lotuta egon daitezkeen askotariko formaltasunetatik.

Bankuaren desegitea eta likidazioa ez dira inola ere zergapean egongo.

Bankuaren eta bere organoen jarduera, azkenik, beren estatutuetan ezarritako baldintzetan gauzatzen denean, ez da negozio-bolumenaren gaineko zergaren menpe egongo.

22. artikulua

(lehengo 23. artikulua)

Protokolo hau Europako Banku Zentralari, bere organoetako kideei eta bere langileei ere aplikatuko zaie, Banku Zentralen Europako Sistemaren eta Europako Banku Zentralaren estatutuen gaineko protokoloan xedatutakoari kalterik egin gabe.

Europako Banku Zentrala salbuetsita egongo da, halaber, antzeko izaerako edozein zergapetze edo kargatatik bere kapitalean edozein gehitze gertatzen denean; gauza bera gertatzen da bankuak bere egoitza duen estatuan horrekin lotuta egon daitezkeen askotariko tramiteekin ere.

Bankuaren eta bere organoen jarduera, Banku Zentralen Europako Sistemaren eta Europako Banku Zentralaren estatutuetan ezarritakoaren arabera, ez da negozio-bolumenaren gaineko inolako zergaren menpe egongo.

BATASUNA GIZA ESKUBIDEAK ETA OINARRIZKO ASKATASUNAK BABESTEKO EUROPAKO HITZARMENARI ATXIKITZEKO AKORDIOA DELA-ETA, EUROPAR BATASUNAREN TRATATUKO 6. ARTIKULUAREN 2. PARAGRAFOAK EZARRITAKOARI BURUZ

TRATATUGILE GORENEK,

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaizkio:

1. artikulua

Batasuna Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenari atxikitzeko akordioa (aurrerantzean, «Europako Hitzarmena»), Europar Batasunaren Tratatuko 6. artikuluko 2. paragrafoan dago aurreikusia; Batasunaren berariazko ezaugarriak gorde daitezen xedatuko du, baita Batasunaren Zuzenbidearen berariazko ezaugarriak ere, bereziki honako hauei dagokienez:

a) Batasunak Europako Hitzarmenaren kontrol-erakundeetan izan dezakeen parte-hartzeari buruzko berariazko moduei;

b) Hirugarren estatuek jarritako errekurtsoak eta banakako errekurtsoak estatu kideei edo, egoki denean, Batasunari zuzentzen zaizkiola ziurtatzeko beharrezko mekanismoei.

2. artikulua

Lehen artikuluan aipatzen den akordioak ziurtatuko du atxikitze horrek ez diela erasango Batasunaren eskumenei edo haren instituzioen eskurantzei.

Era berean, akordioak ziurtatuko du bere xedapenetatik batek ere ez diela eragingo, ez estatu kideek Europako Hitzarmenari, eta, bereziki, hari buruzko protokoloei dagokienez duten egoerari, ez estatu kideek Europako Hitzarmenaren 15. artikuluarekin bat etorriz hitzarmen horretatik salbuetsiz hartzen dituzten neurriei, ez eta estatu kideek Europako Hitzarmenaren 57. artikuluarekin bat etorriz hitzarmen horri egindako erreserbei ere.

3. artikulua

Lehen artikuluan aipatutako akordioko ezein xedapenek ez dio eragingo Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 344. artikuluari.

EUROPAR BATASUNAREN TRATATUAREN 16. ARTIKULUKO 4. PARAGRAFOA ETA EUROPAR BATASUNAREN FUNTZIONAMENDUARI BURUZKO TRATATUAREN 238. ARTIKULUKO 2. PARAGRAFOA, 2014KO AZAROAREN 1ETIK 2017KO MARTXOAREN 31RA ARTE, BATETIK, ETA 1017KO APIRILAREN 1ETIK AURRERA, BESTETIK, NOLA APLIKATU BEHAR DIREN ZEHAZTEN DUEN KONTSEILUAREN ERABAKIARI BURUZ

TRATATUGILE GORENEK,

KONTUAN HARTUZ Lisboako Tratatua onartzean, funts-funtsezkoa zela Kontseiluaren erabaki bat, Europar Batasunaren Tratatuko 16 c artikuluko 4. paragrafoa eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 238. artikuluko 2. paragrafoa, 2014ko azaroaren 1etik 2017ko martxoaren 31ra arte, batetik, eta 2017ko apirilaren 1etik aurrera, bestetik, nola aplikatu behar diren zehazteko (aurrerantzean «Erabakia» deituko baitiogu).

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaizkio:

Artikulu bakarra

Erabakia edo horko edozein xedapen aldatu edo indargabetzeko edota horren aplikazio-eremua edo zentzua Batasunaren beste egintza juridiko baten bitartez zeharka aldatzeko proiekturik badago, Kontseilu Europarrak proiektu horri buruzko hausnarketa egingo du Kontseiluak aztertu baino lehen, eta adostasunez hartuko du erabakia, Europar Batasunaren Tratatuko 15. artikuluko 4. paragrafoaren arabera.

EUROPAR BATASUNAREN TRATATUKO 42. ARTIKULUAK EZARRITAKO LANKIDETZA EGITURATU IRAUNKORRARI BURUZ

TRATATUGILE GORENEK,

IKUSIRIK Europar Batasunaren Tratatuko 42. artikuluko 6. paragrafoa eta 42. artikulua

GOGOAN IZANDA Batasuna estatu kideen ekintzaren elkarganatze gero eta handiago bat lortzean oinarritutako atzerri- eta segurtasun-politika erkidea gauzatzen ari dela;

GOGOAN IZANDA segurtasun- eta defentsa-politika erkidea atzerri- eta segurtasun-politika erkidearen zati bat dela; bitarteko zibil eta militarretan oinarritutako ahalbide operatiboa bermatzen diola Batasunari; bitarteko horiek Batasunetik kanpo erabil ditzakeela Batasunak Europar Batasunaren Tratatuko 43. artikuluan aipatutako misioetarako (bake-gordetzea, gatazkei aurrea hartzea eta nazioarteko segurtasuna indartzea), Nazio Batuen Gutunaren printzipioekin bat etorriz; zeregin horiek betetzea bere gain hartzen dutela estatu kideek «indar-multzo bakarraren» printzipioarekin bat etorriz eskainitako ahalbide militarrak erabiliz.

GOGOAN IZANDA Batasunaren segurtasun- eta defentsa-politika erkideak ez diola erasango zenbait estatu kideren segurtasun- eta defentsa- politika berariazkoari.

GOGOAN IZANDA Batasunaren segurtasun- eta defentsa-politika erkideak Ipar Atlantikoko Tratatuaren araberako betebeharrak, hau da, beren defentsa erkidea Ipar Atlantikoko Tratatuko Erakundean gauzatuta ikusten duten estatu kideen betebeharrak errespetatzen dituela –erakunde horrek bere kideen defentsa kolektiboaren oinarria izaten jarraituko du–, eta bateragarria dela esparru horretan ezarritako segurtasun- eta defentsa-politika erkidearekin.

SINETSITA segurtasun- eta defentsa-politika erkidearen arloan Batasunak paper tinkoagoa izateak Aliantza Atlantikoa berritu baten bizitasunari lagunduko diola, "Berlin Plus" direlako akordioekin bat etorriz;

DELIBERATUTA ziurtatzera Batasuna gai dela nazioarteko erkidegoan dituen erantzukizunak bete-betean bere gain hartzeko;

AITORTUZ Nazio Batuen Erakundeak Batasunaren laguntza eska dezakeela Nazio Batuen Gutunaren VI. eta VII. kapituluen arabera bere gain hartutako misioak premiaz abian jartzeko;

AITORTUZ segurtasun- eta defentsa-politika indartzeak ahaleginak eskatuko dizkiela estatu kideei ahalbideen eremuan;

JABETUTA segurtasunari eta defentsari buruzko europar politikako urrats berri bati ekiteak dagokien estatu kideen ahalegin deliberatu bat dakarrela;

GOGOAN IZANDA zein garrantzitsua den Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkaria erabat lot dakien lankidetza egituratu iraunkorreko lanei;

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaizkio:

1. artikulua

Lankidetza egituratu iraunkorra, Europar Batasunaren Tratatuko 42. artikuluaren 6. paragrafoak aipatzen duena, estatu kide guztientzat egongo da irekita, Lisboako Tratatua indarrean sartzen den egunetik, baldin eta honako konpromiso hauek hartzen badituzte:

a)

beren defentsa-ahalbideen garapenari modu trinkoago batean ekitea, beren estatu-mailako ekarpenak garatuz eta, egoki denean, arlo hauetan parte hartuz: indar multinazionaletan, Europako defentsako ekipamendu-programa nagusietan, eta defentsa-ahalbideen garapen, ikerketa, eskurapen eta armamentuko Agentziaren jardueran («aurrerantzean, Europako Defentsa Agentzia»), eta

b)

Ahalmena izatea, beranduenez ere 2007an, bai estatu-mailan, bai indar-talde multinazional bateko taldekide gisa, aurreikusitako misioetarako berariazko borroka-taldeak hornitzeko, maila taktikoan gudu-talde gisa egituratuak, sostengu-elementuekin (besteak beste, garraioa eta logistika), Europar Batasunaren Tratatuko 43. artikuluan aipatzen diren misioei ekiteko gai izango direnak 5 eta 30 eguneko epe batean, bereziki Nazio Batuen Erakundearen eskaerei erantzunez, eta 30 eguneko hasierako aldi batean iraun dezaketenak eta gutxienez 120 egun arte luza daitezkeenak.

2. artikulua

Lehen artikuluan ezarritako helburuak lortzeko, lankidetza egituratu iraunkorrean parte hartzen duten estatu kideek konpromiso hauek hartuko dituzte beren gain:

a)

Lisboako Tratatua indarrean sartzen denetik, lankidetzan aritzea, defentsa-ekipamenduen arloko inbertsio-gastuen mailari dagozkion helburu onartuak lortzeari begira, eta helburu horiek aldian behin berrikustea, segurtasun-ingurunearen eta Batasunaren nazioarteko erantzukizunen arabera;

b)

ahal den neurrian, beren defentsa-tresnak elkarri hurbilduko zaizkio, eta, bereziki, beharrizan militarrak zenbatekoak diren harmonizatuko da, beren defentsa-bitartekoak nahiz -ahalbideak batera jarri eta, hala behar izanez gero, espezializatu egingo dira, prestakuntzaren eta logistikaren arloetan lankidetza sustatuta;

c)

neurri konkretuak hartuko dira, beren indarren erabilgarritasuna, elkarreragingarritasuna, malgutasuna eta hedatze-ahalmena areagotzeko, eta, horretarako, bereziki, indar-proiekzioari dagozkion helburu erkideak identifikatuko dira, estatu-mailan erabakiak hartzeko prozedurak berrikusteko aukera ere barne hartuta.

d)

elkarrekin lan egitea, besteak beste ikuspegi multinazionalen bidez, eta beharrezko neurriak hartzen dituztela ziurtatzeko, eta honi dagokionez Ipar Atlantikoko Tratatuaren Erakundearen barruan bere gain hartuak dituzten konpromisoei kalterik egin gabe, ahalbideen garapen-mekanismoaren esparruan antzematen diren gabeziak estaltzeko.

e)

parte hartzea, egoki denean, ekipamendu-programa erkideak edo europarrak garatzen, Europako Defentsa Agentziaren esparruan.

3. artikulua

Europako Defentsa Agentziak ahalbideen inguruko ekarpenak ebaluatzen lagunduko du (parte hartzen duten estatu kideen aldizkako ebaluazioa egingo du), bereziki 2. artikuluan oinarrituz ezarriko diren irizpideekin (besteak beste) bat etorriz egindako ekarpenak, eta horri buruzko txostenak aurkeztuko ditu gutxienez urtean behin.

Ebaluazioa oinarri gisa erabili ahal izango da Kontseiluak hartutako Europako gomendioetarako eta erabakietarako, alegia, hark Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 46. artikuluarekin bat etorriz hartutako gomendio eta erabakietarako.

EUROPAR BATASUNAREN FUNTZIONAMENDUARI BURUZKO TRATATUKO 42. ARTIKULUARI BURUZ

TRATATUGILE GORENEK,

KONTUAN HARTUZ Europar Batasunaren Tratatuko 42. artikuluko 2. paragrafoan jasotzen diren xedapenak osoki aplikatzeko beharrizana,

KONTUAN HARTUZ Batasunak 42. artikuluaren arabera gauzatuko duen politikak ez diola eragingo Batasuneko zenbait estatu kideren segurtasun- eta defentsa-politikaren izaera bereziari; errespetatu egingo dituela Ipar Atlantikoko Tratatuak zenbait estaturentzat —defentsa bateratua Ipar Atlantikoko Tratatuaren Erakundearen barruan (NATO) egin behar dutela uste duten estatuentzat— ezarritako betebeharrak, bateragarria izan behar duela esparru horretan ezarritako segurtasun- eta defentsa- politika erkidearekin.

BAT ETORRI DIRA honako xedapen honetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaio:

Europar Batasunak, Mendebaldeko Europar Batasunarekin batera, beren artean lankidetza sendoagoa izateko akordioak prestatuko ditu.

DEFIZITA GEHIEGIZKOA BADA APLIKATU BEHARREKO PROZEDURARI BURUZ

TRATATUGILE GORENEK,

ASMOA IZANIK Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 126. artikuluak aipatzen dituen gehiegizko defizitaren prozedura motak ezartzea,

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaizkio:

1. artikulua

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 126. artikuluaren 2. paragrafoan aipatzen diren erreferentzia-balioak honako hauek izango dira:

- aurreikusitako edo benetako defizit publikoaren eta merkatu-prezioen araberako barne produktu gordinaren arteko proportzioari dagokionez, % 3,

- zor publikoa eta merkatu-prezioen araberako barne produktu gordinaren arteko proportzioari dagokionez, % 60.

2. artikulua

Tratatu horretako 126. artikuluaren eta protokolo honen ondorioetarako, honela ulertu behar dira honako hauek:

- "publikoa" izango da herri administrazioei dagokiena, hau da Administrazio Zentralari, Eskualde edo Toki Administrazioari eta Gizarte Segurantzaren funtsei dagokiena, merkataritza-eragiketak salbuetsita, Kontu Ekonomiko Integratuen Europako Sistemak zehazten duenaren arabera;

- "Defizita", zorpetze garbiaren bolumena izango da, Kontu Ekonomiko Integratuen Europako Sistemak zehazten duenaren arabera;

- "inbertsioa", kapital finkoa eratze gordina izango da, Kontu Ekonomiko Integratuen Europako Sistemak zehazten duenaren arabera,

- "Zorra", urte bukaeran bizirik dirauen zor gordin guztia izango da, haren balio nominala hartuta, gobernu orokorreko sektoreen barruan kontsolidatua lehenbiziko marran ezarritako definizioaren arabera.

3. artikulua

Defizita gehiegizkoa denetan aplikatu beharreko prozedura eraginkorra izango dela bermatzeko, estatu kideetako gobernuek, prozedura horri jarraituz, gobernu orokorraren defiziten ardura izango dute, 2. artikuluko lehenengo marran zehaztutakoarekin bat etorriz.

Estatu kideek bermatu beharko dute estatuek aurrekontu gaietan dituzten prozedurek aukera emango dietela arlo horretan dituzten betebeharrei aurre egiteko, betebehar horiek Tratatuetatik eratorritakoak direlarik.

Estatu kideek Batzordeari aldian-aldian eta luzamendurik gabe, aurreikusitako nahiz benetako defiziten berri emango diote, baita beren zorren mailaren berri ere.

4. artikulua

Batzordeak emango ditu protokolo hau ezartzeko erabili beharreko datu estatistikoak.

ELKARGANATZE-IRIZPIDEEI BURUZKOA

TRATATUGILE GORENEK,

ASMOA IZANIK Batasunaren gidari izango diren elkarganatze-irizpideak ezartzea, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 140. artikuluak jasotako salbuespenetako bati helduta dauden estatu kideen salbuespenak indargabetzeko erabakia hartu ahal izateko,

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaizkio:

1. artikulua

Prezioen egonkortasunari buruzko irizpidea, Tratatuko 140. artikuluko 1. paragrafoaren lehenengo marran jasotzen dena, honela ulertuko da: kasuan kasuko estatu kideak prezioetan egonkortasun-maila iraunkorra eduki behar du, eta estatu kide horren batez besteko inflazio-tasa, azterketa egin aurretik urtebetez begiratuta, ezin da prezioetan egonkortasun maila onena izan duten hiru estatu kideena baino % 1,5 handiagoa izan.

Inflazioa neurtzeko, oinarri konparagarri baten gainean Kontsumoko Prezioen Indizea (KPI) erabiliko da, hori estatu bakoitzak nola zehazten duen kontuan harturik.

2. artikulua

Aurrekontu publikoaren egoerari buruzko irizpidea, Tratatu horretako 140. artikuluko 1. paragrafoaren bigarren marran jasotzen dena, honela ulertuko da: azterketa egiteko garaian, kasuan kasuko estatu kidea ez da Kontseiluaren erabaki baten hartzaile izango, baldin eta horretan adierazten bada Tratatu horretako 126. artikuluko 6. paragrafoaren arabera estatu kide horretan gehiegizko defizita dagoela.

3. artikulua

Europako diru-sistemaren truke-tasen mekanismoan parte hartzeari buruzko irizpidea, Tratatuko 140. artikuluaren 1. paragrafoko hirugarren marran jasotakoa, honela ulertu behar da: kasuan kasuko estatu kideak Europako diru-sistemaren truke-tasen mekanismoak ezarritako ohiko fluktuazio-marjinak errespetatu behar ditu, tentsio larririk gabe, eta, gutxienez, azterketa egin aurreko bi urteetan.

Zehazki, kasuan kasuko estatu kideak ez du, adierazitako aldi horretan, bere ekimenez, bere diruaren tasa zentral bilaterala debaluatuko euroarekiko.

4. artikulua

Interes-tasak elkarganatzeari buruzko irizpidea, Tratatuko 140. artikuluko 1. paragrafoaren laugarren marran jasotakoa, honela ulertuko da: azterketa egin aurretik urtebetez kasuan kasuko estatu kideak gorde duen epe luzeko interes nominala batez beste ez dela prezioetan egonkortasun maila onena izan duten hiru estatu kideena baino % 2 handiagoa izango.

Interes-tasak neurtzeko, estatuak epe luzean dituen bonoekiko edo parekagarri suertatzen diren beste balio-titulu batzuekiko egingo da, herrialde bakoitzak zehaztu edo erabaki duena kontuan harturik.

5. artikulua

Batzordeak emango ditu protokolo hau ezartzeko erabili beharreko datu estatistikoak.

6. artikulua

Batzordeak proposaturik eta Europako Parlamentuari, EBZari eta Ekonomia eta Finantza Komiteari aurretiaz kontsulta eginda, Kontseiluak aho batez xedapen egokiak hartuko ditu Tratatuaren 140. artikuluak aipatzen dituen elkarganatzeko irizpideen gaineko xehetasunak zehazteko helburuz, eta horiek orduan protokolo hau ordeztuko dute.

EUROTALDEARI BURUZ

TRATATUGILE GORENEK,

ASMOA IZANIK Europar Batasunean ekonomiaren hazkundea areagotzeko baldintzak bideratzea, eta, horretarako, euro-eremuko politika ekonomikoen arteko koordinazio geroz eta estuagoa ezartzea;

JABETUTA beharrezkoa dela diru gisa euroa darabilten estatu kideen artean elkarrizketa sendotuari eusteko balio duten xedapen bereziak ezartzea, euroa Europar Batasuneko estatu kide guztien diru bakarra noiz bihurtuko zain,

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaizkio:

1. artikulua

Diru gisa euroa darabilten estatu kideetako ministroek bilera informalak edukiko dituzte.

Bilera horiek behar diren guztietan egingo dira, diru bakarrari dagokionez estatu kideek elkarren artean dituzten berariazko erantzukizunei loturiko gaiak aztertzeko.

Batzordeak parte hartuko du bileretan.

Europako Banku Zentralari ere egingo zaio gonbita, eta bilera horiek prestatzeaz diru gisa euroa darabilten estatu kideetako finantza-arloko ministroen ordezkariak eta Batzordeko ordezkariak arduratuko dira.

2. artikulua

Diru gisa euroa darabilten estatu kideetako ministroek lehendakari bat hautatuko dute estatu kide horien arteko gehiengoz, bi urte eta erdiko aldi baterako.

BRITAINIA HANDIKO ETA IPAR IRLANDAKO ERRESUMA BATUAREN GAINEKO ZENBAIT XEDAPENI BURUZ

TRATATUGILE GORENEK,

AITORTUZ Erresuma Batua ez dagoela behartuta eta ez duela euroa onartzeko konpromisorik hartu, harik eta bere gobernuak eta parlamentuak, nork bere aldetik, hori egiteko erabaki bat hartu arte,

AINTZATETSIZ 1996ko urriaren 16an eta 1997ko urriaren 30ean Erresuma Batuko Gobernuak Kontseiluari jakinarazi ziola ez zuela ekonomia- eta diru-batasunaren hirugarren fasean parte hartzeko asmorik,

BEGIRATUZ Erresuma Batuko Gobernuaren jokaerari, hau da, dituen zorpetze-beharrak zorra sektore pribatuari salduz finantzatzeko jokaerari,

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaizkio:

1. Erresuma Batua ez da euroa onartzera behartuta egongo, non eta Kontseiluari jakinarazten ez dion horretarako asmoa duela.

2. Erresuma Batuko Gobernuak 1996ko urriaren 16an eta 1997ko urriaren 30an Kontseiluari egindako jakinarazpenak kontuan izanda, 3.etik 8.era bitarteko puntuak eta 10. puntua aplikatuko zaizkio Erresuma Batuari.

3. Erresuma Batuak bere eskumenak gordeko ditu diru-politikaren arloan, bere barne-legeriaren arabera.

4. Honako hauek ez zaizkio Erresuma Batuari aplikatuko: Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 119. artikuluko bigarren lerrokada, 126. artikuluko 1., 9. eta 11. paragrafoak, 127. artikuluko 1.tik 5.era bitarteko paragrafoak, 128. artikulua, 130., 131., 132., 133. eta 138. artikuluak, 140. artikuluko 3. paragrafoa, 219. artikulua, 282. artikuluko 2. paragrafoa, lehenengo eta azken esaldiak salbu; 282 artikuluko 5. paragrafoa eta 283. artikulua.

Tratatu horretako 121. artikuluko 2. paragrafoa ere ez zaio aplikatuko, euro-eremuari oro har dagozkion ekonomia-politikaren orientabide orokorren zatiak onartzeaz den bezainbatean.

Xedapen horietan Batasunari edo estatu kideei buruz egiten diren aipamenek ez diote eragingo Erresuma Batuari; estatuetako banku zentralei buruzkoek, berriz, ez diote eragingo Ingalaterrako Bankuari.

5. Erresuma Batua gehiegizko defizit publikoa saihesten ahaleginduko da.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 143. eta 144. artikuluak aurrerantzean ere aplikatuko zaizkio Erresuma Batuari.

134. artikuluko 4. paragrafoa eta 142. artikulua salbuespen bati helduta balego bezala aplikatuko zaizkio Erresuma Batuari.

6. Erresuma Batuaren boto-eskubidea eten egingo da 4. puntuan aipatzen diren artikuluetan zehazten diren Kontseiluaren egintzei dagokienez eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 139. artikuluko 4. paragrafoko lehenengo lerrokadan aipatzen diren kasuetan.

Xede horretarako, Tratatu horren 139. artikuluko 4. paragrafoko bigarren lerrokada aplikatuko da.

Halaber, Erresuma Batuak ez du inolako eskubiderik izango EBZeko Batzorde Betearazleko lehendakaria, lehendakariordea eta gainerako kideak izendatzen parte hartzeko, Tratatu horretako 283. artikuluko 2. paragrafoko bigarren lerrokadan xedatutakoaren arabera.

7. Banku Zentralen Europako Sistemaren eta Europako Banku Zentralaren estatutuen («Estatutuak») gaineko protokoloko artikulu hauek ez zaizkio Erresuma Batuari aplikatuko: 3, 4, 6, 7, 9.2, 10.1, 10.3, 11.2, 12.1, 14, 16, 18, 19, 20, 22, 23, 26, 27, 30, 31, 32, 33, 34 eta 49.

Artikulu horietan Batasunari edo estatu kideei buruz egiten diren aipamenek ez diote eragingo Erresuma Batuari; estatuetako banku zentralei buruzkoek, berriz, ez diote eragingo Ingalaterrako Bankuari.

Estatutuetako 10.3 eta 30.2 artikuluetan "Europako Banku Zentralaren kapital harpidetu"ari egiten zaizkion aipamenek ez dute barne hartuko Ingalaterrako Bankuak harpidetutako kapitala.

8. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 141. artikuluko 1. paragrafoak eta Estatutuen 43tik 47ra bitarteko artikuluek eragina izango dute, salbuespen bati helduta dagoen estatu kideren bat egon zein ez egon, aldaketa hauek dituztela:

a)

EBZaren eta EDIren funtzioei 43. artikuluan egiten zaizkien erreferentziek barne hartuko dituzte euroa indarrean sartu ondoren Erresuma Batuak euroa ez onartzea erabaki izanagatik oraindik burutu behar diren funtzioak.

b)

b) 46. artikuluan aipatzen diren funtzioez gain, EBZak aholkua eta laguntza emango du Kontseiluak Erresuma Batuari buruz hartu beharreko edozein erabakiren prestaketan ere, baldin eta erabaki hori protokolo honetako 9. puntuko a) eta c) idatz-zatietan xedatutakoaren arabera hartzen bada.

c)

Ingalaterrako Bankuak EBZaren kapitalaren bere harpidetza ordainduko du, haren funtzionamendu-gastuetarako ekarpen gisa, salbuespen bati helduta dauden estatu kideetako banku zentralen baldintza beretan.

9. Erresuma Batuak edozein unetan jakinarazi diezaioke Kontseiluari euroa onartzeko asmoa duela.

Kasu horretan:

a)

Beharrezko baldintzak betetzen baditu baino ez du izango eskubidea euroa onartzeko Erresuma Batuak.

Kontseiluak, Erresuma Batuaren eskariz eta baldintzen arabera eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 140. artikuluko 1. eta 2. paragrafoetan ezarritako prozedurarekin bat etorriz, beharrezko baldintzak betetzen ote dituen erabakiko du.

b)

Ingalaterrako Bankuak bere kapital harpidetua ordainduko du, atzerri-erreserbako aktiboak EBZera intsuldatuko ditu, eta salbuespena kendu zaion estatu kide baten baldintza beretan lagunduko die haren erreserbei.

c)

Kontseiluak, Tratatuko 140. artikuluaren 3. paragrafoan ezarritako baldintzen eta prozeduraren arabera, Erresuma Batuak euroa onartzea ahalbidetzeko beharrezko beste neurri guztiak hartuko ditu.

Baldin eta Erresuma Batuak euroa artikulu honetan xedatutakoaren arabera onartzen badu, protokolo honetako 3tik 8ra bitarteko puntuek eragina galduko dute.

10. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 123. artikuluan eta 21.1 artikuluan eta estatutuetako 21.1 artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, Erresuma Batuko Gobernuak Ingalaterrako Bankuarekin daukan kreditu-lerroari («Ways and Means facility») eutsi ahal izango dio Erresuma Batuak euroa onartzen ez badu eta onartzen duen arte.

DANIMARKARI BURUZKO ZENBAIT XEDAPENEN GAINEAN

TRATATUGILE GORENEK,

KONTUAN HARTUZ Danimarkako Konstituzioak bere salbuespenari uko egin aurretik erreferenduma egitea ekar dezaketen zenbait xedapen dauzkala,

AINTZATETSIZ 1993ko azaroaren 3an Danimarkako Gobernuak Kontseiluari jakinarazi ziola ez zuela ekonomia- eta diru-batasunaren hirugarren fasean parte hartzeko asmorik;

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaizkio:

1. Danimarkako Gobernuak 1993ko azaroaren 3an Kontseiluari egindako jakinarazpena kontuan izanda, Danimarkak salbuespen bat izango du. Salbuespen horren ondorioz, Tratatuetan eta BZESren estatutuetan salbuespenei buruz diharduten artikulu eta xedapen guztiak aplikatu beharko zaizkio Danimarkari.

2. Salbuespenaren indargabetzeari dagokionez, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko 140. artikuluan ezarritako prozedura Danimarkaren eskariz baino ez da hasiko.

3. Salbuespen-egoera indargabetzen bada, protokolo honetako xedapenek aplikatu beharrekoak izateari utziko diote.

DANIMARKAZ

TRATATUGILE GORENEK,

ASMOA IZANIK bereziki Danimarkari dagozkion arazo batzuk konpontzea,

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaizkio:

Banku Zentralen Europako Sistemaren eta Europako Banku Zentralaren estatutuen gaineko protokoloko 14. artikuluko xedapenek ez diote eragingo Danimarkako Banku Nazionalak Danimarkako Erresuman Batasunaren baitakoak ez diren aldeei dagokienez duen eskubideari, alde horiei dagozkien eginkizunak betetzeko duen eskubideari, alegia.

FRANTZIAZ

TRATATUGILE GORENEK,

ASMOA IZANIK Frantziari buruzko berariazko puntu bat aintzat hartzea,

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaizkio:

Frantziak Kaledonia Berrian, Polinesia Frantsesean, eta Wallis eta Futunan dirua jaulkitzeko pribilegioa gordeko du bere estatu-legeek ezarritako baldintzen arabera, eta soilik berak izango du eskubidea Ozeano Bareko Finantza Erkidegoko frankoaren parekotasuna finkatzeko.

EUROPAR BATASUNAREN ESPARRUAN SARTUTAKO SCHENGENGO ALTXORRARI BURUZ

TRATATUGILE GORENEK,

OHARTUTA Schengengo altxorraren xedapenak, hau da, muga erkideetako kontrolen ezabatze mailakatuari buruzko akordioak –1985eko ekainaren 14an eta 1990eko ekainaren 19an Europar Batasuneko zenbait estatu kidek Schengenen sinatu zituzten akordioak, hain zuzen–, bai eta haiekin lotutako zenbait akordio eta haietan oinarrituz hartutako zenbait arau ere, Europar Batasunean txertatu direla 1997ko urriaren 2ko Amsterdamgo Tratatuaren bitartez,

ASMOA IZANIK Schengengo altxorra gordetzea, Amsterdamgo Tratatua indarrean sartu zenez geroztik garatu den bezala, eta altxor hori garatzea, Batasuneko herritarrei barneko mugarik gabeko askatasun-, segurtasun- eta justizia-esparru bat eskaintzeko helburua lortzen laguntzeko,

KONTUAN HARTUZ Danimarkaren jarrera berezia;

KONTUAN HARTUZ Irlandak eta Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batuak ez dutela parte hartzen Schengengo altxorraren xedapen guztietan; eta, nolanahi ere, aurreikuspen bat egin beharko litzatekeela, estatu kide horiei altxor honetako beste xedapen batzuk osorik edo zati batean onartzea ahalbidetzeko;

AITORTUZ, ondorioz, beharrezko dela Tratatuetan zenbait estatu kideren arteko lankidetza indartuari buruz xedatutakoaz baliatzea,

KONTUAN HARTUZ Islandiako Errepublikarekin eta Norvegiako Erresumarekin harreman berezi bat edukitzeko beharra, bi estatu horiek Europako Iparraldeko Pasaporte Batasunaren xedapenek behartzen baitituzte, Europar Batasuneko kide diren estatu nordikoekin batera,

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaizkio:

1. artikulua

Ondoren aipatzen diren herrialde hauek guztiek baimena dute beren artean lankidetza indartua ezartzeko Kontseiluak zehaztutako xedapenei dagozkien arloetan, «Schengengo altxorra» eratzen dutenetan, alegia: Belgikako Erresumak, Bulgariako Errepublikak, Txekiar Errepublikak, Danimarkako Erresumak, Alemaniako Errepublika Federalak, Estoniako Errepublikak, Heleniar Errepublikak, Espainiako Erresumak, Frantziako Errepublikak, Italiako Errepublikak, Zipreko Errepublikak, Letoniako Errepublikak, Lituaniako Errepublikak, Luxenburgoko Dukerri Handiak, Hungariako Errepublikak, Maltako Errepublikak, Herbehereetako Erresumak, Austriako Errepublikak, Poloniako Errepublikak, Portugalgo Errepublikak, Errumaniak, Esloveniako Errepublikak, Eslovakiako Errepublikak, Finlandiako Errepublikak eta Suediako Erresumak.

Lankidetza hori Batasuneko instituzioen eta zuzenbidearen esparruan gauzatuko da eta Konstituzioaren xedapen egokiak aintzat hartuz.

2. artikulua

Schengengo altxorra 1. artikuluan aipatutako estatu kideei aplikatuko zaie, betiere, atxikitze-tratatuari eta -aktari buruzko protokoloko 3. artikuluari kalterik egin gabe. Kontseiluak berak ordeztuko du Schengengo akordioen bidez eratutako Batzorde Betearazlea.

3. artikulua

Schengengo altxorraren garapen bat dakarten neurriak hartzean Danimarkak izango duen parte hartzea, bai eta neurri horiek abian jartzea eta Danimarkan aplikatzea ere, Danimarkaren jarreraren gaineko protokoloko xedapen egokiek arautuko dute.

4. artikulua

Irlandak eta Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batuak, noiznahi eskatu ahal izango dute Schengengo altxorraren xedapen batzuetan edo guztietan parte hartzea.

Kontseiluak eskaera horri buruzko erabaki bat hartuko du. Lehen artikuluan aipatzen diren kideak eta dagokion estatu kidearen gobernuko ordezkaria aho batez ados jarrita hartuko du erabakia.

5. artikulua

1. Schengengo altxorra garatzeko proposamenak eta ekimenak Tratatuetan dagozkien xedapenen menpe egongo dira.

Testuinguru honetan, baldin eta Irlandak edo Erresuma Batuak, edo biek, Kontseiluko lehendakariari idatziz eta arrazoizko epe batean, parte hartu nahi dutela jakinarazten ez badiote, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 329. artikuluko 1. paragrafoan aipatzen den baimena 1. artikuluan aipatzen diren estatu kideei eta Irlandari edo Erresuma Batuari eman zaiela joko da, euretako edozeinek kasuan kasuko lankidetza-arloetan parte hartu nahi duenean.

2. Baldin eta, 4. artikuluaren arabera hartutako erabaki bat dela-eta, ondorioa ateratzen bada Irlandak edo Erresuma Batuak jakinarazpen hori egin dutela, hala eta ere, Kontseiluari jakinarazi ahal izango diote, idatziz, ez duela parte hartu nahi dena delako proposamen edo ekimen horretan; hiru hilabeteko epea izango dute horretarako. Hala eginez gero, Irlandak edo Erresuma Batuak ez dute erabaki horretan parte hartuko. Azken jakinarazpen horren ondoren, Schengengo altxorra garatzeko neurri hori onartzeko prozedura bertan behera utziko da 3. edo 4. paragrafoetan ezarritako prozedura amaitu artean edo prozeduraren edozein unetan jakinarazpen horri atzera eragiten zaion artean.

3. Bigarren paragrafoan aipatzen den jakinarazpena egin duen estatu kideari ez zaio aplikatzen jarraituko Kontseiluak 4. artikuluaren arabera hartutako ezein erabaki. Eta, aplikatzeari utzi, Kontseiluak erabakitako heinean utziko zaio, erabaki horretan proposatutako neurria indarrean sartzeko aurreikusten den egunetik bertatik, eta, betiere, Kontseiluak geroago, Batzordeak proposaturik eta gehiengo kualifikatuz hartuko duen erabaki batean zehaztuko diren baldintzen arabera. Erabaki hori honako irizpide hauen arabera hartuko da: Kontseilua saiatuko da dena delako Estatu horren parte hartzea ahalik eta zabalena izan dadin, eta, orobat, Schengengo altxorraren alderdi batzuen eta besteen eraginkortasunari eragozpen larririk ez ezartzen eta aldi berean haien arteko koherentzia zaintzen. Batzordeak ahal bezain laster aurkeztuko ditu proposamenak, 2. paragrafoan aipatzen den jakinarazpena gertatuz geroztik. Batzordeak proposamena aurkeztu eta lau hilabeteko epearen barruan emango du bere iritzia Kontseiluak, hala behar izanez gero elkarren segidako bi bileretarako deia egin ostean.

4. Behin lau hilabeteko epe hori igarotakoan Kontseiluak ez badu erabakirik hartu, estatu kide batek berehala eskatu ahal izango du auzia Kontseilu Europarrari igor dakiola. Hala gertatzen bada, Kontseilu Europarrak, Batzordeak proposaturik, erabaki bat hartu beharko du hurrengo bileran, gehiengo kualifikatuz, betiere 3. paragrafoan aurreikusitako irizpideekin bat etorriz.

5. Baldin eta, 3. eta 4. paragrafoetan aurreikusitako prozeduraren amaieran, Kontseiluak edo, hala badagokio, Kontseilu Europarrak, ez badu erabakirik hartu, amaitutzat emango da Schengengo altxorra garatzeko neurria onartzeko prozeduraren etendura.

Baldin eta neurri hori geroago hartzen bada, Kontseiluak 4. artikuluaren arabera onartutako erabaki oro indarrean sartzekoa den egunetik bertatik utziko zaio estatu kideari aplikatzeari, eta, utzi ere, Batzordeak erabakitako heinean eta baldintzen arabera utziko zaio aplikatzeari. Hala egingo da non eta, neurria onartu aurretik, dena delako estatu kide horrek ez duen kentzen 2. paragrafoan aurreikusitako jakinarazpen hori. Batzordeak, beranduenez ere, neurria onartzeko egunean emango du bere iritzia.

Erabakia onartzerakoan, Batzordeak 3. paragrafoan aurreikusitako irizpideak errespetatu beharko ditu.

6. artikulua

Islandiako Errepublika eta Norvegiako Erresuma Schengengo altxorra abian jartzearekin eta altxor horren areagoko garapenarekin elkartuko dira.

Bidezko prozedurak adostuko dira horretarako, Kontseiluak estatu horiekin hitzartuko duen akordio baten bidez, 1. artikuluan aipatutako Kontseiluko kideen aho bateko erabakiz. Akordio horrek, besteak beste, protokolo hau aplikatzeak sortutako edozein finantza-ondoriotan Islandiak eta Norvegiak duten parte-hartzeari buruzko xedapenak jasoko ditu.

Kontseiluak, aho batez, akordio independente bat hitzartuko du Islandiarekin eta Norvegiarekin, alde batetik, Irlandaren eta Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batuaren eta, bestetik, Islandiaren eta Norvegiaren arteko eskubideak eta betebeharrak zehazteko, estatu horiei aplikatuko zaizkien Schengengo altxorreko eremuetan.

7. artikulua

Europar Batasunean estatu kide berriak onartzeko negoziazioetan, Batasuneko kide bihurtu nahi duen estatu orok oso-osorik onartu behar ditu Schengengo altxorra eta instituzioek altxor horren eremuan hartutako beste neurri batzuk.

EUROPAR BATASUNAREN FUNTZIONAMENDUARI BURUZKO TRATATUKO 26. ARTIKULUAREN ZENBAIT ALDERDI ERRESUMA BATUAN ETA IRLANDAN APLIKATZEARI BURUZKOA

TRATATUGILE GORENEK,

ASMOA IZANIK Erresuma Batuari eta Irlandari buruzko zenbait arazo konpontzea,

IKUSIRIK urte askoan bidaia-akordio bereziak izan direla Erresuma Batuaren eta Irlandaren artean,

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaizkio:

1. artikulua

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 26. eta 77. artikuluetan xedatutakoa gorabehera, tratatu horren ondorioz onartutako edozein neurritan, Europar Batasunaren Tratatuan edo Batasunak edo bere estatu kideek hirugarren estatu batekin edo batzuekin hitzartutako nazioarteko edozein akordiotan xedatutakoa gorabehera, Erresuma Batuak eskubidea izango du bere lurraldean sartu nahi duten pertsonei beharrezko iritzitako kontrolak egiteko beste estatu kide batzuekin dituen mugaldeetan, xede hauetarako:

a)

Erresuma Batuaren lurraldean sartzeko duten eskubidea egiaztatzeko, bai estatu kideetako herritarrena, bai Batasunaren Zuzenbideak emandako eskubideez baliatzen diren haien ardurapeko pertsonena, baita, Erresuma Batuarentzat lotura-indarrekoa den akordio batek horrelako eskubideak ematen dizkienean, beste estatu batzuetako herritarrena ere; eta

b)

beste pertsona batzuei Erresuma Batuan sartzeko baimena ematen dien ala ez erabakitzeko.

Ez Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 26. eta 77. artikuluek, ez Tratatu horren ez Europar Batasunaren Tratatuko beste edozein xedapenek ez dio inolako kalterik egingo Erresuma Batuak horrelako kontrolak onartzeko edo egiteko duen eskubideari.

Artikulu honetan Erresuma Batuaz egiten diren aipamenek Erresuma Batuaren mendeko beste lurralde batzuk ere hartuko dituzte, haien kanpo-harremanak bere gain hartuak baditu.

2. artikulua

Erresuma Batuak eta Irlandak beren artean akordioak egiten jarrai dezakete pertsonek beren lurraldeen artean (Bidaia Eremu Erkidea edo "the Common Travel Area") zirkulatzeari buruz, protokolo honetako 1. artikuluko lehenengo lerrokadako a) Idatz-zatian aipatutako pertsonen eskubideak erabat errespetatuta.

Ondorioz, akordio horiei eusten dieten bitartean, protokolo honetako 1. artikuluan xedatutakoa Erresuma batuari aplikatzen zaion modu eta baldintza berberetan aplikatuko zaio Irlandari ere.

Ez Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 26. eta 77. artikuluek, ez Tratatu horretako edo Europar Batasunaren Tratatuko beste edozein xedapenek, ez horien ondorioz onartutako edozein neurrik, ez die eragingo akordio horiei.

3. artikulua

Beste estatu kideek eskubidea izango dute, protokolo honetako 1. artikuluan ezarritako xede horietako beretarako, Erresuma Batutik edo kanpo-harremanak Erresuma Batuaren menpe dituen beste edozein lurraldetatik edo Irlandatik —protokolo honetako 1. artikuluko xedapenak Irlandari aplikatzen zaizkion heinean— beren lurraldean sartu nahi duten pertsonen gain horrelako kontrolak ezartzeko beren mugaldeetan edo beren lurralderako edozein sarrera-gunetan.

Ez Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 26. eta 77. artikuluek, ez Tratatu horren ez Europar Batasunaren Tratatuko beste edozein xedapenek ez dio inolako kalterik egingo Erresuma Batuak horrelako kontrolak onartzeko edo egiteko duen eskubideari.

ERRESUMA BATUAK ETA IRLANDAK ASKATASUN-, SEGURTASUN- ETA JUSTIZIA-ESPARRUARI BURUZ DUTEN JARRERARI BURUZ.

TRATATUGILE GORENEK,

ASMOA IZANIK Erresuma Batuari eta Irlandari buruzko zenbait arazo konpontzea,

IKUSIRIK Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 26. artikuluaren zenbait alderdi Erresuma Batuari eta Irlandari aplikatzeari buruzko protokoloa,

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaizkio:

1. artikulua

Hirugarren artikuluan xedatutakoari men eginez, Erresuma Batuak eta Irlandak ez dute parte hartuko Kontseiluak hartzen dituen neurri hauetan: Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko hirugarren zatiaren V. tituluaren ondorioz proposatutakoetan.

Kontseiluan aho batez onartu behar diren erabakietan, Kontseiluko kide guztien adostasuna behar izango da, Erresuma Batuko eta Irlandako gobernuen ordezkariak salbuetsita daudela.

Artikulu honen ondorioetarako, gehiengo kualifikatua Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 238. artikuluko 3. paragrafoaren arabera zehaztuko da.

2. artikulua

Lehen artikuluaren ondorioz, eta 3., 4. eta 6. artikuluei kalterik egin gabe, Erresuma Batuan eta Irlandan ez da lotura-indarrekoa edo aplikatu beharrekoa izango Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko hirugarren zatiko V. tituluko ezein xedapen, ez eta kapitulu horren indarrez hartutako ezein neurri, Europar Batasunak kapitulu horren ondorioz egindako nazioarteko akordioen ezein xedapen, eta xedapen edo neurri horietako edozein interpretatzeko Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak emandako ezein ebazpen ere. Xedapen, neurri edo erabaki horietako ezeinek ez du eraginik izango bi estatu horien eskumen, eskubide eta betebeharretan, ezta Europar Batasunaren eta Erkidegoaren altxorrean ere; eta ez da Europar Batasunaren Zuzenbidearen parte izango, horiek Erresuma Batuan eta Irlandan aplikatzen zaizkion eran.

3. artikulua

1. Baldin eta Kontseiluari proposamen edo ekimen bat aurkezten bazaio Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko hirugarren zatiko V. tituluaren indarrez, Erresuma Batuak edo Irlandak, aurkeztu zaionetik hiru hilabeteko epean, Kontseiluko lehendakariari jakinarazi ahal izango diote, idatziz, proposatzen den neurri hori hartzen eta aplikatzen parte hartu nahi dutela; horren ondoren, neurri hori finkatzeko eta aplikatzeko eskubidea izango du batak edo besteak.

Kontseiluan aho batez onartu behar diren egintzetan, Kontseiluko kide guztien adostasuna beharko da, jakinarazpen hori egin ez duen edo duten kideena izan ezik..

Paragrafo honen arabera hartutako neurriak lotura-indarrekoak izango dira neurri horiek hartzean parte hartu duten kide guztientzat.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 70. artikulua aplikatuz onartutako neurrietan, Erresuma Batuak eta Irlandak Tratatu horren hirugarren zatiaren V. tituluak arautzen dituen arloei buruzko ebaluazioetan nola parte hartuko duten zehaztuko da, alegia, zein baldintzen arabera parte hartuko duten.

Artikulu honen ondorioetarako, gehiengo kualifikatua Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 238. artikuluko 3. paragrafoaren arabera zehaztuko da.

2. Baldin eta, arrazoizko denbora-aldi baten ondoren, ezin bada onartu 1. paragrafoan aipatutako neurrietakoren bat Erresuma Batuak edo Irlandak parte hartuz, Kontseiluak, 1. artikuluarekin bat etorriz, Erresuma Batuaren eta Irlandaren parte-hartzerik gabe hartuko du neurri hori.

Kasu horretan 2. artikulua aplikatuko da.

4. artikulua

Kontseiluak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko hirugarren zatiaren V. tituluaren ondorioz neurri bat onartu ondoren, Erresuma Batuak edo Irlandak, edozein unetan, Kontseiluari eta Batzordeari jakinarazi ahal izango diete neurri hori onartzeko beren asmoa eta nahia.

Hala gertatuz gero, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 331 artikuluaren 1. paragrafoan aurreikusten den prozedura mutatis mutandis aplikatuko da.

4 bis artikulua

1. Protokolo honetako xedapenak Erresuma Batuari eta Irlandari aplikatuko zaizkio, are Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko hirugarren zatiaren V. tituluaren ondorioz proposatutako edo onartutako neurriei dagokienez ere, baldin eta lehendik zegoen neurri bat, Estatu horiek behartzen dituena, aldatzen badute.

2. Hala ere, baldin eta Kontseiluak, Batzordearen proposamenez, erabakitzen badu Erresuma Batuak edo Irlandak lehendik dagoen neurri baten bertsio aldatuan parte hartu ezean neurri hori bideraezin bihurtzen dela gainerako estatu kideentzat edo Batasunarentzat, orduan, estatu horiei eskatu ahal izango die jakinarazpen bat aurkezteko 3. edo 4. artikuluen arabera. Horrelakoetan, 3. artikuluaren aplikazioari dagokionez, beste epe bat hasiko da, bi hilabetekoa, Kontseiluak erabakia hartu duenetik kontatzen hasita.

Kontseiluaren erabakiaren ondoren bi hilabeteko epea igaro bada eta Erresuma Batuak edo Irlandak ez badute 3. artikuluaren edo 4. artikuluaren araberako jakinarazpenik egin, lehendik dagoen neurria ez da aurrerantzean loteslea izango estatu horientzat, eta ez zaie aplikatuko, salbu eta kasuan kasuko estatu kideak 4. artikuluaren araberako jakinarazpena egin badu aldatzeko neurria indarrean sartu aurretik.

Goian xedatutakoak, aldatzeko neurria indarrean sartzen den egunetik aurrera izango du eragina, edo bi hilabeteko epea amaitzen denetik, data hori geroagokoa bada.

Paragrafo honen aplikazioaren ondorioetarako, Kontseiluak, gaia zehatz eztabaidatu ondoren, aldatzeko neurria hartzeko orduan parte hartzen ari diren edo hartu duten estatu kideen ordezkarien gehiengo kualifikatuz hartuko du erabakia.

Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 238. artikuluko 3. paragrafoaren a) idatz-zatiaren arabera zehaztuko da Kontseiluaren gehiengo kualifikatua.

3. Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz eta Batzordearen proposamenez, erabaki dezake Erresuma Batuak edo Irlandak jasan ditzatela lehendik dagoen neurri batean parte hartzeak ezinbestean eta halabeharrez eragingo dituen finantza-ondorio zuzenekoak.

4. Artikulu honek ez dio 4. artikuluari kalterik egingo.

5. artikulua

Baldin eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko hirugarren zatiko V. tituluaren ondorioz onartutako neurri batek ez badu lotzeko indarrik estatu kide jakin batzuentzat, estatu kide horiek ez dute jasango neurri horren inolako finantza-eraginik, instituzioei eragindako administrazio-gastuez beste, baldin eta Kontseiluko kide guztiek ez badute bestelakorik erabakitzen, Europako Parlamentuari aurretiaz kontsulta eginda eta aho batez.

6. artikulua

Protokolo honetan adierazten diren kasuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko hirugarren zatiko V. tituluaren indarrez Kontseiluak hartu duen neurri batek lotura-indarra duenean Erresuma Batuarentzat edo Irlandarentzat, Tratatuetan neurri horrekin zerikusia duten xedapenak aplikatu ahal izango zaizkio Estatu horri.

6 bis artikulua

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko hamaseigarren artikuluan oinarrituz ezarritako arauak, Tratatu horretako hirugarren zatiko V. tituluko 4. edo 5. kapituluen aplikazio-eremuetan sartzen diren jardueretan dihardutenean estatu kideek datu pertsonalei eman beharreko tratamenduari buruzkoak, hein jakin batean baizik ez dute lotura-indarrik izango Erresuma Batuarentzat edo Irlandarentzat: hain zuzen ere, Europar Batasuneko arauetan epaileen arteko zigor-zuzenbidearen eta polizia-lankidetzaren arloetako lankidetza-motak arautzen dituztenek lotzeko indarra duten hein berean, izan ere, lankidetza horren eremuan errespetatu behar baitira hamaseigarren artikuluan oinarriturik ezarritako xedapenak.

7. artikulua

Europar Batasunaren esparruan txertatutako Schengengo altxorraren gaineko protokoloari kalterik egin gabe hartu behar dira 3. eta 4. eta 4 bis artikuluak.

8. artikulua

Irlandak idatziz jakinarazi ahal izango dio Kontseiluari ez duela jarraitu nahi protokolo honetako xedapenei atxikita.

Kasu horretan, Tratatuko xedapen arruntak aplikatuko zaizkio Irlandari.

9. artikulua

Irlandari dagokionez, Protokolo hau ez zaio aplikatuko Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 75. artikuluari.

DANIMARKAREN JARRERARI BURUZ

TRATATUGILE GORENEK,

GOGOAN IZANDA, Kontseilu Europarraren baitan 1992ko abenduaren 12an Edinburgon bilduta, Europar Batasunaren Tratatuari dagokionez Danimarkak mahaigaineratutako arazo batzuei buruz estatuburuek eta gobernuburuek hartu zuten erabakia,

OHARTUTA herritartasunari, ekonomia- eta diru-batasunari, defentsa-politikari, eta justizia- eta barne-gaiei dagokienez Danimarkak duen jarreraz, Edinburgoko Erabakian ezartzen den moduan,

JABETUTA Edinburgoko Erabakiak sortutako araubide juridikoa Tratatuen babesean mantentzeak arras mugatuko duela Danimarkak Europar Batasunaren lankidetza-esparru garrantzitsuetan parte hartzea, eta jakinik komenigarria izango dela Europar Batasunerako altxorraren osotasuna bermatzea askatasunaren, segurtasunaren eta justiziaren eremuan;

ASMOA IZANIK, hortaz, proposatutako neurriak hartzeko garaian Danimarkari parte hartzeko aukera emango dion esparru juridikoa ezartzea —Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko hirugarren zatiaren V. tituluan oinarrituta— eta Danimarkak, bere konstituzio-arauei jarraituz ahal duenean, aukera horri atxikitzeko duen asmoa txalotuz,

OHARTUTA Danimarkak ez duela eragotziko gainerako estatu kideek beren lankidetza garatzen jarraitzea, baldin eta Danimarka lotuko ez duten neurriak badira,

GOGOAN IZANDA Europar Batasunaren esparruak barne hartzen duen Schengengo altxorraren gaineko protokoloaren 3. artikulua,

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaizkio:

I. ZATIA

1. artikulua

Danimarkak ez du parte hartuko Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko hirugarren zatiaren V. tituluaren indarrez proposatutako neurriak hartzen dituenean Kontseiluak.

Kontseiluan aho batez onartu behar diren erabakietan, Kontseiluko kide guztiek egon behar dute ados, Danimarkako ordezkaria salbuetsita dagoela.

Artikulu honen ondorioetarako, gehiengo kualifikatua Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 238. artikuluko 3. paragrafoaren arabera zehaztuko da.

2. artikulua

Danimarkan ez da lotura-indarrekoa edo aplikatu beharrekoa izango Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko hirugarren zatiko V. tituluko ezein xedapen, Batasunak titulu horren indarrez egindako nazioarteko akordioetako ezein xedapen, xedapen edo neurri horietako edozein interpretatzeko Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak emandako ezein erabaki edo titulu horren ondorioz aldatutako edo alda daitekeen edozein neurri. Xedapen, neurri edo erabaki horietako ezeinek ez du eraginik izango Danimarkaren eskumen, eskubide eta betebeharretan, ezta Batasunaren edo erkidegoaren altxorrean ere; eta ez da Batasunaren Zuzenbidearen parte izango, horiek Danimarkari aplikatzen zaizkion moduan.

Zehazki, polizia-arloko lankidetzaren eta zigor-arloko lankidetza judizialaren esparruan Batasunak Lisboako Tratatua indarrean jarri aurretik emandako egintzak, aldatzen badira ere, aldaketarik gabe aplikatuko zaizkio Danimarkari, eta lotesleak izango dira.

2 bis artikulua

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko hirugarren zatiko V. tituluaren 4. edo 5. kapituluen aplikazio-eremuan sartzen diren jarduerak gauzatzearren Estatu kideek tratatu horretako 16 bis artikuluaren indarrez ezarritako arauei, datu pertsonalen tratamenduari buruzkoak badira, protokolo honetako 2 artikulua aplikatuko zaie.

3. artikulua

Danimarkak ez du 1. artikuluan aipatzen diren neurrien finantza-ondoriorik jasango, instituzioei eragindako administrazio-gastuak izan ezik.

4. artikulua

1. Zati honek hartzen dituen esparruetan Schengengo altxorra garatzeko proposamen edo ekimen bati buruz Kontseiluak neurriren bat hartuz gero, Danimarkak sei hilabeteko epean ebatziko du, erabakia hartu denetik aurrera, neurri hori bere legerian sartuko duen ala ez.

Hala eginez gero, neurri horrek Danimarkaren eta neurri horrek lotzen dituen gainerako estatu kideen artean Nazioarteko Zuzenbideko betebeharra sortuko du.

2. Danimarkak neurri bat ez aplikatzea erabakitzen badu, 1. paragrafoaren zentzuan, hartu beharreko neurri egokiak aztertuko dituzte Danimarkak eta neurri horrek lotzen dituen estatu kideak.

II. ZATIA

5. artikulua

Europar Batasunaren Tratatuko 26. artikuluko 1. paragrafoaren, 42. artikuluaren eta 43tik 46ra bitarteko artikuluen aplikazio-eremuaren barruan kontseiluak hartzen dituen neurriei dagokienez, Danimarkak ez du parte hartuko defentsaren esparruan eragina duten Europar Batasuneko erabakiak eta ekintzak egiteko eta aplikatzeko jardunean.

Horrenbestez, Danimarkak ez du horiek onartzeko jardunean parte hartuko.

Haatik, Danimarkak ez du eragotziko Europar Batasuneko gainerako estatu kideek arlo horretan lankidetzan jarraitzea.

Danimarkak ez du neurri horien ondoriozko gastu operatiboak finantzatzen laguntzeko betebeharrik izango, ezta ahalbide militarrak Europar Batasunaren esku jartzeko betebeharrik ere.

Kontseiluan aho batez onartu behar diren egintzetan, Kontseiluko kide guztiek egon behar dute ados, Danimarkako ordezkaria salbuetsita dagoela.

Artikulu honen ondorioetarako, gehiengo kualifikatua Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 238. artikuluko 3. paragrafoaren arabera zehaztuko da.

III. ZATIA

6. artikulua

Aurreko 1., 2. eta 3. artikuluak ez dira aplikatuko hirugarren herrialdeek zehazten dituzten neurrietan, baldin eta herrialde horietako herritarrek estatu kideetako kanpoko mugak zeharkatzeko bisa behar badute, eta ez dira aplikatuko bisa-eredu bateratu bati dagozkion neurrietan ere.

IV. ZATIA

7. artikulua

Noiznahi, Danimarkak, bere konstituzio-arauei jarraituz, Europar Batasuneko gainerako estatu kideei jakinarazi ahal izango die ez duela protokolo hau, osorik zein zati batean, baliatu nahi.

Kasu horretan, Danimarkak Europar Batasunaren esparruan garai horretan indarrekoak diren bidezko neurri guztiak aplikatuko ditu.

8. artikulua

1. Danimarkak, 7. artikuluari kalterik egin gabe, bere konstituzio-arauen arabera, jakinarazi ahal izango die Europar Batasuneko gainerako estatu kideei eranskinean azaltzen diren xedapenek osatuko dutela I. zatia, jakinarazpena egin eta hurrengo hileko lehen egunetik aurrera.

Kasu horretan, 5.etik 8.era bitarteko artikuluak berriro zenbakituko dira.

2. Schengengo altxor osoa eta altxor hori garatzeko hartu diren neurriak, baldin eta orain arte Danimarkarentzat nazioarteko Zuzenbideko betebehar gisa lotura-indarra izan badute dute, Europar Batasunaren Zuzenbide gisa izango dira lotura-indarrekoak Danimarkarentzat, lehen paragrafoan adierazitako jakinarazpena indarrean jarri eta sei hilera.

ERANSKINA

1. artikulua

3. artikuluan xedatutakoari eutsita, Danimarkak ez du parte hartuko Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko hirugarren zatiaren V. tituluaren indarrez proposatutako neurriak hartzen dituenean Kontseiluak.

Kontseiluan aho batez onartu behar diren egintzetan, Kontseiluko kide guztiek egon behar dute ados, Danimarkako ordezkaria salbuetsita dagoela.

Artikulu honen ondorioetarako, gehiengo kualifikatua Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 238. artikuluko 3. paragrafoaren arabera zehaztuko da.

2. artikulua

Lehenengo artikuluaren indarrez eta 3., 4. eta 8. artikuluen erreserban, Danimarkan ez da lotura-indarrekoa edo aplikatu beharrekoa izango Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko hirugarren zatiko V. tituluko ezein xedapen, Batasunak titulu horren indarrez egindako nazioarteko akordioetako ezein xedapen eta xedapen edo neurri horietako edozein interpretatzeko Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak emandako ezein erabaki. Xedapen, neurri edo erabaki horietako ezeinek ez du eraginik izango Danimarkaren eskumen, eskubide eta betebeharretan, ezta Batasunaren edo erkidegoaren altxorrean ere; eta ez da Batasunaren Zuzenbidearen parte izango, horiek Danimarkari aplikatzen zaizkion moduan.

3. artikulua

1. Kontseiluari Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko hirugarren zatiko V. tituluaren indarrez proposamen edo ekimen bat aurkezten bazaio, aurkeztu zaionetik hiru hilabeteko epean, Danimarkak Kontseiluko lehendakariari jakinarazi ahal izango dio, idatziz, proposatzen den neurri hori hartzen eta aplikatzen parte hartu nahi duela; horren ondoren, neurri hori hartzeko eta aplikatzeko eskubidea izango du Danimarkak.

2. Arrazoizko epea igaro ondoren, 1. paragrafoan aipatutako neurrietako bat ezin bada Danimarkaren parte-hartzearekin hartu, Kontseiluak, 1. artikuluari jarraituz, Danimarkaren parte-hartzerik gabe hartu ahal izango du 1. paragrafoan aurreikusten den neurria.

Kasu horretan 2. artikulua aplikatuko da.

4. artikulua

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko hirugarren zatiko V. Tituluaren araberako neurri bat hartu ondoren, Danimarkak neurri hori onartzeko asmoa jakinarazi ahal izango die Kontseiluari eta Batzordeari edozein momentutan.

Hala gertatuz gero, Tratatu horren 331. artikuluaren 1. paragrafoan aurreikusten den prozedura mutatis mutandis aplikatuko da.

5. artikulua

1. Protokolo honetako xedapenak Danimarkari aplikatuko zaizkio, are Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko hirugarren zatiaren V. tituluaren ondorioz proposatutako edo onartutako neurriei dagokienez ere, baldin eta lehendik zegoen neurri bat, Estatu hori behartzen duena, aldatzen badute.

2. Hala ere, Kontseiluak, Batzordearen proposamenez, erabakitzen badu Danimarkak lehendik dagoen neurri baten bertsio aldatuan parte ez hartzeak neurri hori bideraezin bihurtzen duela gainerako estatu kideentzat edo Batasunarentzat, estatu horri eskatu ahal izango dio jakinarazpen bat aurkezteko 3. edo 4. artikuluen arabera. Horrelakoetan, 3. artikuluaren aplikazioari dagokionez, bi hilabeteko beste epe bat hasiko da, Kontseiluak erabakia hartu duenetik kontatzen hasita.

Kontseiluaren erabakiaren ondoren bi hilabeteko epea igaro bada eta Danimarkak ez badu 3. edo 4. artikuluaren araberako jakinarazpenik egin, lehendik dagoen neurria ez da aurrerantzean loteslea izango estatu horrentzat, eta ez zaio aplikatuko, salbu eta aldatzeko neurria indarrean sartu aurretik 4. artikuluaren araberako jakinarazpena egin badu.

Goian xedatutakoak, aldatzeko neurria indarrean sartzen den egunetik aurrera izango du eragina, edo bi hilabeteko epea amaitzen denetik, data hori geroagokoa bada.

Paragrafo honen aplikazioaren ondorioetarako, Kontseiluak, gaia zehatz eztabaidatu ondoren, aldatzeko neurria hartzeko orduan parte hartzen ari diren edo hartu duten estatu kideen ordezkarien gehiengo kualifikatuz hartuko du erabakia.

Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 238. artikuluko 3. paragrafoaren a) idatz-zatiaren arabera zehaztuko da Kontseiluaren gehiengo kualifikatua.

3. Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz eta Batzordearen proposamenez, lehendik dagoen neurrian parte hartzeari uzteak ezinbestean eta halabeharrez eragin ditzan zuzeneko finantza-ondorioak Danimarkak bere gain har ditzala erabaki dezake.

4. Artikulu honek ez dio 4. artikuluari kalterik egingo.

6. artikulua

1. Schengengo altxorra garatzen duen neurri bat behin betiko hartu, eta gehienez sei hilabetetara aurkeztu beharko da 4. paragrafoan adierazten den jakinarazpena.

Danimarkak ez badu Schengengo altxorra garatzeko neurri bati buruzko jakinarazpena 3. edo 4. artikuluen arabera aurkezten, neurri egokiak hartzea aztertuko dute Danimarkak eta neurri horrek lotzen dituen estatu kideek.

2. Schengengo altxorra garatzen duen neurri bati buruz 3. artikulua aplikatzearren egindako jakinarazpen oro, ezinbestean, 3. artikuluaren araberako jakinarazpena izango da neurri hori garatzeko gerora jorratzen den proposamen edo ekimen orori dagokionez, betiere, proposamen edo ekimen horrek Schengengo altxorra garatzen badu.

7. artikulua

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 16. artikuluan oinarrituz ezarritako arauak, Tratatu horretako hirugarren zatiko V. tituluko 4. edo 5. kapituluen aplikazio-eremuetan sartzen diren jardueretan dihardutela estatu kideek datu pertsonalak tratatzen dituztenekoari dagozkionak, hein jakin batean baizik ez dute lotura-indarrik izango Danimarkarentzat: hain zuzen ere, Europar Batasuneko arauetan epaileen arteko zigor-zuzenbidearen eta polizia-lankidetzaren arloetako lankidetza-motak arautzen dituztenek lotzeko indarra duten hein berean, izan ere, lankidetza horren eremuan errespetatu behar baitira 16. artikuluan oinarriturik ezarritako xedapenak.

8. artikulua

Honako zati honetan adierazten diren kasuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko hirugarren zatiko V. tituluaren indarrez Kontseiluak hartu duen neurri bat Danimarkarentzat lotura-indarrekoa denean, neurri horrekin lotzen diren Tratatuetako xedapenak aplikatu ahal izango zaizkio Danimarkari.

9. artikulua

Kontseiluak, kide guztien adostasunez eta Europako Parlamentuari kontsulta egin ondoren besterik erabaki ezik, Kontseiluak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko hirugarren zatiko V. tituluaren indarrez neurri bat onartzen badu eta neurri hori Danimarkarentzat loteslea ez bada, Danimarkak ez du neurri horren inolako finantza-ondoriorik jasango, instituzioei eragindako administrazio-gastuak izan ezik

KANPOKO MUGAK IGAROTZEA DELA-ETA, ESTATU KIDEEK DITUZTEN KANPO-HARREMANEI BURUZ

TRATATUGILE GORENEK,

KONTUAN HARTUZ estatu kideek beren kanpoko mugetan kontrol eraginkorrak bermatzeko beharra dutela, egoki denean, hirugarren herrialdeekin lankidetzan arituz,

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaizkio:

Kanpoko mugak igarotzea dela-eta jasotako neurriei buruzko xedapenek —Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 77. artikuluko 2. paragrafoko b) idatz-zatian daude sartuta— ez diote kalterik egingo estatu kideek hirugarren herrialdeekin akordioak negoziatzeko edo hitzartzeko duten eskumenari, betiere Batasunaren Zuzenbidea eta dagozkien nazioarteko gainerako akordioak errespetatzen badituzte.

EUROPAR BATASUNEKO HERRITARREI ASILOA EMATEARI BURUZ

TRATATUGILE GORENEK,

AINTZATETSIZ Europar Batasunaren Tratatuko 6. artikuluko 1. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, Batasunak Oinarrizko Eskubideen Gutunean ezarritako eskubideak, askatasunak eta printzipioak aitortzen dituela,

AINTZATETSIZ Europar Batasunaren Tratatuko 6. artikuluko 3. paragrafoarekin bat etorriz, Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenak bermatzen dituen oinarrizko eskubideak Batasunaren Zuzenbidearen parte direla printzipio nagusi gisa,

AINTZATETSIZ Justizia Auzitegiak eskumena duela Batasunak Europar Batasunaren Tratatuko 6 artikuluko 1. eta 3. paragrafoen interpretazioan eta aplikazioan Zuzenbidea errespetatzen duela bermatzeko,

AINTZATETSIZ Europar Batasunaren Tratatuko 49. artikuluarekin bat etorriz, Europako edozein estatuk, Batasuneko kide bihurtzeko eskaera egiten duenean, Europar Batasunaren Tratatuko 2. artikuluan ezarritako balioak errespetatu behar dituela,

GOGOAN IZANDA Europar Batasunaren Tratatuko 7. artikuluak mekanismo bat ezartzen duela estatu kide batek balio horien urratze larri eta iraunkor bat egiten duenean zenbait eskubide eteteko,

GOGOAN IZANDA estatu kide bateko herritar orok, Batasuneko herritar denez, estatutu eta babes berezia duela eta estatu kideek estatutu eta babes berezi hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko bigarren zatiko xedapenekin bat etorriz bermatu behar dutela,

GOGOAN IZANDA Tratatuek barneko mugarik gabeko esparru bat ezartzen dutela eta Batasuneko herritar orori estatu kideen lurraldean askatasunez zirkulatzeko eta bizilekua hartzeko eskubidea ematen diotela,

ASMOA IZANIK asilo-prozedurara jotzeko aukera eragoztea aurreikusita dauden xedeetarako ez beste batzuetarako baliatzen bada,

AINTZATETSIZ protokolo honek Iheslarien Estatutuari buruzko 1951ko uztailaren 28ko Genevako Hitzarmeneko xedea eta helburuak errespetatzen dituela,

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaizkio:

Artikulu bakarra

Kontuan hartuta Europar Batasuneko estatu kideek oinarrizko eskubideei eta askatasunei ematen dieten babes-maila, estatu kideak elkarrentzat jatorri-herrialde seguruak direla aintzat hartuko da, asilo-gaien inguruko ondorio juridiko eta praktiko guztietarako.

Ondorioz, estatu kide bateko herritar batek egindako asilo-eskaera, beste estatu kide batek ondorengo kasuetan baino ezingo du aintzat hartu edo, aztertzeko modukotzat jota, onargarri dela aitortu:

a) Baldin eta, asilo-eskatzailearen estatu kideak –herritarra deneko estatuak–, Amsterdamgo Tratatua indarrean sartuz geroztik, Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmeneko 15. artikuluko xedapenez baliatuta, bere lurraldean hitzarmen horren arabera dituen betebeharretatik askatzeko neurriak hartzeari ekiten badio;

b) Baldin eta Europar Batasunaren Tratatuko 7. artikuluko 1. paragrafoan aipatutako prozedura hasia bada eta harik eta Kontseiluak edo, egoki denean, Kontseilu Europarrak asilo-eskatzailearen estatu kidearen inguruko –herritarra deneko estatu kidearen inguruko, – erabaki bat hartu arte;

c) Baldin eta Kontseiluak, Europar Batasunaren Tratatuko 7. artikuluko 1. paragrafoarekin bat etorriz, asilo-eskatzailearen estatu kidearen inguruko –herritarra deneko estatu kidearen inguruko – erabaki bat hartua badu, edo, Kontseilu Europarrak, Europar Batasunaren Tratatuko 7. artikuluko 2. paragrafoan oinarrituz, asilo-eskatzailearen estatu kidearen inguruko erabaki bat hartua badu;

d) Baldin eta estatu kide batek bere kabuz hala erabakiko balu, beste estatu kide bateko herritar baten eskaeraren inguruan; kasu horretan, Kontseiluari berehala emango zaio horren berri.

Nabarmen funtsik gabekoa delako ustean oinarrituta egingo zaio aurre asilo-eskaerari, eta inola ere ez dio erasango, kasuak zernahi izan daitezkeela ere, estatu kideak erabakiak hartzeko duen ahalmenari.

ESKUMEN PARTEKATUEN ERABILERARI BURUZ

TRATATUGILE GORENEK,

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaizkio:

Artikulu bakarra

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 2. paragrafoko 2. artikulua —partekatutako eskumenei buruzkoa— dela eta, Batasunak esparru jakin batean neurriak hartu baditu, eskumena gauzatzeko orduan, Batasunaren egintzaren bitartez eraendutako elementuak baino ez dira sartuko, beraz, ez da gaiaren esparru osoa sartuko.

INTERES OROKORREKO ZERBITZUAK

TRATATUGILE GORENEK,

ASMOA IZANIK interes orokorreko zerbitzuen garrantzia nabarmentzea,

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaizkio:

1. artikulua

Europar Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 14. artikuluari jarraituz, Batasunaren balio erkideek, ekonomia-interes orokorreko zerbitzuei dagokienez, zehazki honako printzipio hauek hartzen dituzte barne:

- nazio, eskualde eta toki agintariek funtsezko zeregina eta diskrezio-ahalmen handia dute erabiltzaileen beharretatik ahalik eta hurbilen egon behar duten ekonomia-intereseko zerbitzuak emateko, enkargatzeko eta antolatzeko orduan;

- ekonomia-interes orokorreko zerbitzuak askotarikoak dira, eta geografia, gizarte eta kultura egoera desberdinen ondorioz erabiltzaileek izan ditzaketen beharrak eta lehentasunak ere oso desberdinak dira;

- Zerbitzuok kalitate eta segurtasun handikoak izan behar dute eta, ekonomiaren ikuspuntutik eskuragarriak; tratu-berdintasuna bermatu behar dute eta irisgarritasun unibertsala eta erabiltzaileen eskubideak sustatu behar dituzte.

2. artikulua

Tratatuetako xedapenek ez dute inolako eraginik izango estatu kideek ekonomikoak ez diren interes orokorreko zerbitzuak emateko, enkargatzeko eta antolatzeko duten eskumenean.

BARNE MERKATUA ETA LEHIA

TRATATUGILE GORENEK,

AINTZATETSIZ barne-merkatuak, Europar Batasunaren 3. artikuluan zehazten den eran sistema bat duela lehia ez faltsutzea bermatzen duena,

HAUXE adostu dute:

Ondorio horietarako, Batasunak, beharrezkoa denean, tratatuetako xedapenen esparruan neurriak hartuko ditu; zehazki, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 352. artikuluarekin bat datozen neurriak.

Protokolo hau Europar Batasunaren Tratatuko eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko eranskin gisa agertuko da.

EKONOMIA-, GIZARTE- ETA LURRALDE-KOHESIOARI BURUZ

TRATATUGILE GORENEK,

GOGOAN IZANDA Europar Batasunaren Tratatuko 3. artikuluak, beste helburu batzuen artean, estatu kideen arteko ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioa eta elkartasuna sustatzea aipatzen duela eta aipatutako kohesioa Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 4. artikuluko 2. paragrafoko c) idatz-zatian zerrendatutako eskumen partekatuko eremuen artean agertzen dela.

GOGOAN IZANDA hirugarren zatiko XVIII. tituluan ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioari buruz ezarritako xedapenek, oro har, oinarri juridikoa eskaintzen dutela Batasunak arlo honetan bideratuko duen ekintza sendotzeko eta areago garatzeko, funts berri bat eratzeko aukera barne hartuta;

GOGOAN IZANDA Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 177. artikuluko xedapenek Kohesio Funtsa eratzea aurreikusten dutela,

EGIAZTATUZ Europako Inbertsio Bankua diru-kopuru handiak, gero eta handiagoak, mailegatzen ari dela eskualde ahulenen mesedetan,

EGIAZTATUZ egitura-funtsetatik datozen baliabideak esleitzeko moduetan malgutasun handiagoa izateko nahia dagoela,

EGIAZTATUZ herrialde batzuetako programetan eta proiektuetan Batasunak duen parte-hartze maila modulatzeko nahia dagoela,

EGIAZTATUZ, baliabide propioen sisteman, estatu kideen oparotasun erlatiboa kontuanago hartzeko proposamena dagoela,

BERRESTEN dute ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioaren sustapena funtsezkoa dela Batasunaren garapen osorako eta arrakasta iraunkorrerako,

BERRESTEN dute, Batasunak kohesioaren arloan dituen helburuak lortzeko egitura-funtsek zeregin aipagarria izaten jarraitu behar dutelako uste sendoa,

BERRESTEN DUTE, Europako Inbertsio Bankuak bere baliabideetatik gehienak ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioaren sustapenari eskaintzen jarraitu behar duelako uste sendoa, eta beren gogo ona adierazten dute Europako Inbertsio Bankuaren kapital-beharrak berrikusteko, xede horretarako beharrezko den heinean,

ADOSTU dute Kohesio Funtsak Batasunaren finantza-ekarpenak ekar ditzala, ingurumenaren eta Europa barruko sareen arloetako proiektuetarako, Batasunaren barruan bi baldintza hauek betetzen dituzten estatu kideetan: Europar Batasuneko batez bestekoaren % 90etik beherako per capita NPG edukitzea eta ekonomia elkarganatzeko baldintzak betetzera bideratutako programa bat edukitzea, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 126. artikuluan xedatutakoaren arabera.

ADIERAZTEN DUTE egitura-funtsetatik datozen finantza-bitartekoak esleitzean malgutasun handiagoa ahalbidetzeko duten asmoa, egitura-funtsen oraingo erregulazioaren arabera estali gabe dauden berariazko beharretarako.

ADIERAZTEN DUTE prest daudela egitura-funtsei dagozkien programen eta proiektuen esparruan Batasunak dituen parte-hartze mailak modulatzeko, oparotasun txikiena duten estatu kideen aurrekontu-gastuetan gehiegizko igoerak gerta ez daitezen,

AITORTZEN dute ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioa lortzeko bidean egindako aurrerapena aldian behin zaintzeko beharra, eta horri buruzko beharrezko neurri guziak aztertzeko gogo ona azaltzen dute,

ADIERAZTEN dute asmoa dutela baliabide propioen sisteman estatu kide bakoitzak duen ekarpen-ahalmena kontuanago hatzeko, bai eta, oparotasun txikieneko estatu kideentzat, baliabide propioen oraingo sisteman dauden elementu atzerakorrak zuzentzeko bitartekoak aztertzeko ere,

BAT DATOZ protokolo hau Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari eranskin gisa eransteko.

ESTATU KIDEETAKO IRRATI-ZABALKUNDE PUBLIKOAREN SISTEMARI BURUZ

TRATATUGILE GORENEK,

AINTZATETSIZ estatu kideetako irrati-zabalkunde publikoaren sistema zuzenean lotzen dela gizarte bakoitzak demokrazia, gizarte eta kulturako gaietan dituen beharrekin eta komunikabideen pluraltasuna zaindu beharrarekin,

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaizkio:

Tratatuetako xedapenak estatu kideek irrati-zabalkundearen zerbitzu publikoa finantzatzeko duten ahalmenari kalterik egin gabe izango dira, betiere, finantzaketa hori irrati-zabalkundeko erakundeei ematen bazaie estatu kide bakoitzak zerbitzu publiko horren eginkizunak izendatu, zehaztu eta antolatuta dauzkan moduan bete ditzan, eta, bestetik, finantzaketa horrek Batasuneko merkataritza-baldintzei eta lehiakortasunari interes komunaren kontrakoa litzatekeen neurri batean erasaten ez badie, betiere, zerbitzu publiko horren eginkizuna gauzatzen dela kontuan hartuta.

OINARRIZKO ESKUBIDEEN GUTUNA POLONIARI ETA ERRESUMA BATUARI APLIKATZEARI BURUZ

TRATATUGILE GORENEK,

AINTZATETSIZ Batasunak Oinarrizko Eskubideen Gutunean jasotako eskubide, askatasun eta printzipioak aitortzen dituela Europar Batasunaren Tratatuko 6. artikuluan;

AINTZATETSIZ Gutuna aplikatzeko orduan zorrotz bete behar direla Gutunaren beraren 6. artikuluan eta VII. tituluan jasotako xedapenak;

AINTZATETSIZ 6. artikulu horrek berak ezartzen duela Gutuna Poloniako eta Erresuma Batuko auzitegiek aplikatu eta interpretatuko dutela, artikulu horretan bertan ematen diren azalpenak zorrotz betez;

AINTZATETSIZ Gutunak eskubideak eta printzipioak jasotzen dituela;

AINTZATETSIZ Gutunak xedapen zibil eta politikoak ez ezik, xedapen ekonomiko eta sozialak ere jasotzen dituela;

AINTZATETSIZ Gutunak Batasunean onartutako eskubide, askatasun eta printzipioak berresten dituela eta eskubideak agerikoago egiten dituela, baina ez duela eskubide edo printzipio berririk sortzen;

GOGOAN IZANDA Poloniak eta Erresuma Batuak, Europar Batasunaren Tratatuaren, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren eta, oro har, Batasuneko Zuzenbidearen ondorioz dituzten betebeharrak;

OHARTUTA Poloniak eta Erresuma Batuak Gutunaren aplikazioaren zenbait alderdi zehatz daitezela nahi dutela;

ASMOA IZANIK, beraz, Gutuna nola aplikatu zehaztea, Poloniaren eta Erresuma Batuaren legeria eta administrazio-jarduera eta Poloniako eta Erresuma Batuko auzitegien aurrean Gutunari heltzeko aukera kontuan hartuta.

BERRETSIZ protokolo honetan Gutunaren berariazko xedapenen funtzionamenduari egiten zaizkion erreferentziek ez diotela eragiten Gutuneko gainerako xedapenen funtzionamenduari;

BERRETSIZ protokolo honek ez diola gutunaren aplikazioari eragiten gainerako estatu kideetan;

BERRETSIZ protokolo honek ez diela eragiten Poloniak eta Erresuma Batuak Europar Batasunaren Tratatuaren, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren eta, oro har, Batasuneko Zuzenbidearen ondorioz dituzten gainerako betebeharrei;

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaizkio:

1. artikulua

1. Gutunak ez dio Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari edota Polonia edo Erresuma Batuko beste edozein auzitegiri eskumen gehigarririk ematen Poloniako edo Erresuma Batuko legezko edo erregelamenduzko xedapenak edo administrazio-xedapen, -jarduera edo -egintzak Gutuneko oinarrizko eskubide, askatasun eta printzipioekin bateragarriak ez direla ebazteko.

2. Zehazki, eta zalantzarik ez uzteko, Gutunaren IV. tituluan xedatutakoak ez du, Poloniari edo Erresuma Batuari dagokienez, justiziaren aurrean defenda daitekeen eskubiderik sortzen, salbu eta Poloniak edo Erresuma Batuak eskubide horiek beren legeria nazionalean sartu badituzte.

2. artikulua

Gutuneko xedapenen bat praktika eta legeria nazionalei buruzkoa bada, ez da Polonian edo Erresuma Batuan aplikatuko baldin eta xedapen horretan jasotzen diren eskubideak edo printzipioak Poloniako edo Erresuma Batuko legerian edo praktikan onartuta ez badaude.

HOLANDARREN ANTILLETAN FINDUTAKO PETROLIO-PRODUKTUAK EUROPAR BATASUNERA INPORTATZEARI BURUZ

TRATATUGILE GORENEK,

ASMOA IZANIK xehetasun batzuk ematea Holandarren Antilletan findutako petrolio-produktuak Europako Ekonomia Erkidegora inportatzean aplikatu beharrekoa den elkartruke-sistemari buruz,

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaizkio:

1. artikulua

Protokolo hau aplikatu beharko zaie Bruselako Nomenklaturako 27.10, 27.11, 27.12, ex 27.13 (parafina, petrolio- edo arbel-argizaria eta parafina-hondarrak) eta 27.14 sailetako petrolio-produktuei, estatu kideetan kontsumitzeko inportatuak badira.

2. artikulua

Holandarren Antilletan findutako petrolio-produktuei estatu kideak Batasunarekin elkartzean sortzen diren tarifa-onura berberak emateko konpromisoa hartzen dute bere gain estatu kideek, protokolo honetan ezarritako baldintzetan.

Xedapen horiek baliodunak izango dira, zernahi direla ere estatu kideek aplikatutako jatorrizko arauak.

3. artikulua

1. Baldin eta Batzordeak, estatu kide baten eskariz edo bere ekimenez, egiaztatzen badu Holandarren Antilletan findutako petrolio-produktuek, 2 supra artikuluan adierazitako sistemaren arabera Batasunera inportatuta, benetako arazoak eragiten dituztela estatu kide baten edo batzuen merkatuan, erabaki bat hartuko du. Erabaki horrek ezarriko du kasuan kasuko estatu kideek inportazio horien gaineko aduana-zergak sartuko, gehituko edo birsartuko dituztela egoera horri aurre egiteko beharrezko den neurrian eta beharrezko den aldirako.

Horrela sartzen, gehitzen edo birsartzen diren aduana-zergen tasek ezingo dituzte gainditu hirugarren herrialdeei produktu horietarako beretarako aplikatzen zaizkien aduana-zergak.

2. Aurreko paragrafoko xedapenak edozein kasutan aplikatu ahal izango dira, Holandarren Antilletan findu eta Batasunera inportatutako petrolio-produktuak urtean 2 milioi tonara iristen direnean.

3. Batzordeak aurreko paragrafoetan oinarrituz hartutako erabakiak Kontseiluari jakinaraziko zaizkio, estatu kide baten eskaria ukatzera bideratuak barne direla.

Kontseiluak, edozein estatu kideren eskariz, horien ardura hartu ahal izango du bere gain eta, edozein unetan, aldatu edo baliogabetu.

4. artikulua

1. Baldin eta estatu kide batek uste badu Holandarren Antilletan findutako petrolio-produktuek, berak zuzenean edo beste estatu kideren batek 2 supra artikuluan adierazten den sistemaren arabera inportatuta, benetako arazoak eragiten dituztela bere merkatuan, eta beharrezkoa dela berehalako ekintza bat arazoei aurre egiteko, bere kabuz erabaki ahal izango du inportazio horiei aduana-zergak aplikatzea. Zerga horien tasak ezingo ditu gainditu hirugarren herrialdeei produktu horietarako beretarako aplikatzen zaizkien aduana-zergak.

Erabakia Batzordeari jakinaraziko dio, eta horrek erabaki bat hartuko du hilabeteko epean. Erabaki horrek ezarriko du estatuak hartutako erabakiak manten daitezkeen edo aldatu edo ezabatu behar diren.

Hirugarren artikuluko 3. paragrafoa aplikatu behar zaio Batzordearen erabaki horri.

2. Baldin eta Holandarren Antilletan findutako petrolio-produktuek, zuzenean edo beste estatu kideren baten bidez, 2 supra artikuluan adierazitako sistemaren arabera EEEko estatu batera edo batzuetara inportatuta, urte natural batean protokolo honen eranskinean adierazitako tona-kopurua gainditzen badute, estatu kide horrek edo horiek 1. paragrafoan oinarrituz uneko urterako hartutako neurriak zilegitzat joko dira.

Batzordeak, ezarritako tona-kopurua iritsi dela bere buruari ziurtatu ondoren, hartu diren neurriak aintzakotzat izango ditu.

Kasu horretan, beste estatu kideek ez dute gaia Kontseiluaren aurrera eramango.

5. artikulua

Baldin eta Batasunak petrolio-produktuei murrizketa kuantitatiboak aplikatzea erabakitzen badu, zernahi etorkikoak direla ere, murrizketa horiek Holandarren Antilletatik datozen horrelako produktuen inportazioei ere aplikatu ahal izango zaizkie.

Kasu horretan, lehentasunezko tratua emango zaie Holandarren Antillei, hirugarren herrialdeen aldean.

6. artikulua

1. Kontseiluak 2tik 5era bitarteko artikuluetako xedapenak berrikusiko ditu, aho batezko erabaki baten bidez, Europako Parlamentuari eta Batzordeari aurretiaz kontsulta eginda, hirugarren herrialdeetatik eta herrialde elkartuetatik datozen petrolio-produktuei buruzko jatorriaren definizio erkidea hartzen denean, edo erabakiak kasuan kasuko produktuei buruzko merkataritza-politika erkide baten esparruan hartzen direnean, edo energia-politika erkide bat ezartzen denean.

2. Berrikuspen hori egiten denean, dena dela, abantaila baliokideak mantendu beharko dira edozein kasutan Holandarren Antillen mesedetan, modu egoki batean eta petrolio-produktuen 2 milioi eta erdiko gutxieneko kopuru baterako.

3. Artikulu honetako 2. paragrafoan aipatzen diren abantaila baliokideei dagozkien Batasunaren konpromisoak, beharrezko bada, estatuka banatu ahal izango dira, protokolo honen eranskinean adierazitako tona-kopuruak kontuan izanda.

Protokolo hau abian jartzeko, Batzordeak begiratuko du Holandarren Antilletan findutako petrolio-produktuak estatu kideetara nola inportatzen diren.

Estatu kideek Batzordeari jakinaraziko diote –eta hura zabaltzen saiatuko da– xede horri buruzko informazio erabilgarri guztia, hark gomendatutako administrazio-baldintzekin bat etorriz.

PROTOKOLOAREN ERANSKINA

Holandarren Antilletan findutako petrolio-produktuak Europar Batasunera inportatzeari buruzko protokoloko 4. artikuluko 2. paragrafoa aplikatzeko, tratatugile gorenek erabaki dute Antilletatik datozen petrolio-produktuen bi milioi tonako kopurua honela esleituko dela ondorengo estatu kideen artean

Alemania

625 000 tona

Belgika-Luxenburgoko Ekonomia Batasuna

200.000 tona

Frantzia

75.000 tona

Italia

100.000 tona

Herbehereak

1 000 000 tona

DANIMARKAN ONDASUN HIGIEZINAK ESKURATZEARI BURUZKO ZENBAIT XEDAPENEZ

TRATATUGILE GORENEK,

ASMOA IZANIK Danimarkari dagozkion zenbait berariazko arazo konpontzea,

BAT ETORRI DIRA honako xedapen honetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaio:

Tratatuetan xedatutakoa gorabehera, ohiko bizilekutarako etxebizitza ez diren ondasun higiezinak eskuratzeari buruz indarrean dagoen legeria mantendu ahal izango du Danimarkak.

EUROPAR BATASUNAREN FUNTZIONAMENDUARI BURUZKO TRATATUKO 157. ARTIKULUARI BURUZ

TRATATUGILE GORENEK,

BAT ETORRI DIRA honako xedapen honetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaio:

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 157. artikulua aplikatzeko, gizarte-segurantzako lanbide-araubide baten araberako prestazioak ez dira lansaritzat joko, 1990eko maiatzaren 17aren aurreko enplegu-aldiei egotzi ahal bazaizkie; salbuespen izango da langileek edo beren eskubidedunek, data hori baino lehenago, auzitegietan akzioren bat hasia badute, edo, aplikatu beharreko Zuzenbide nazionalaren arabera, erreklamazio baliokideren bat aurkeztua badute.

GROENLANDIARI APLIKATU BEHARREKO ARAUBIDE BEREZIAZ

Artikulu bakarra

1. Groenlandiatik datozen arrantza-produktuen merkatu-antolakunde erkideari atxikitako produktuak, Batasunera inportatutakoak, betiere, merkatu-antolakunde erkidearen mekanismoak errespetatuta daudela, salbuetsita egongo dira aduana-zergetatik eta ondorio baliokidea duten ordainarazpenetatik, bai eta kopuru-murrizketetatik edo ondorio baliokidea duten neurrietatik ere, baldin eta Batasunaren eta Groenlandiarako agintaritza eskudunaren arteko akordio batean oinarrituz, Groenlandiako arrantza-tokietara sartzeko aukerak gogokoak badira Batasunarentzat.

2. Produktu horien inportazio-araubideari buruzko neurriak, neurri horiek hartzeari buruzko bestelako neurriak barne, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 43. artikuluan jasotako prozeduraren arabera hartuko dira.

IRLANDAKO KONSTITUZIOAREN 40.3.3 ARTIKULUARI BURUZ

TRATATUGILE GORENEK,

BAT ETORRI DIRA honako xedapen honetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari eta Energia Atomikoaren Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuari gaineratuko zaie eranskin gisa.

Tratatuetako, Energia Atomikoaren Europako Erkidegoa eratzen duen Tratatuko edo Tratatu horiek aldatzeko edo osatzeko Tratatuetako ezein xedapenek, ez eta Tratatu horiek aldatzen edo osatzen dituzten tratatu eta egintzetako ezein xedapenek ez dio eragingo Irlandako Konstituzioaren 40.3.3 artikuluaren aplikazioari, artikulu horrek Irlandan behar duen aplikazioari, alegia.

XEDAPEN IRAGANKORREZ

TRATATUGILE GORENEK,

AINTZATETSIZ xedapen iragankorrak ezartzea nahitaezkoa dela Lisboako Tratatua indarrean jarri aurretik aplikagarri ziren tratatuetako xedapen instituzionaletatik Tratatuaren beraren xedapenetara igarotzeko modua antolatzeko,

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari eta Energia Atomikoaren Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuari gaineratuko zaizkio eranskin gisa.

1. artikulua

Protokolo honetan, «Tratatuak» hitzarekin honako hauek adierazi nahi dira: Europar Batasunaren Tratatua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatua eta Energia Atomikoaren Europako Erkidegoa eratzeko Tratatua.

I. TITULUA

EUROPAKO PARLAMENTUARI DAGOZKION XEDAPENAK

2. artikulua

Europar Batasunaren Tratatuko 14. artikuluko 2. paragrafoko bigarren lerrokadarekin bat etorriz, Europako Parlamentuaren osaera zehazten duen erabaki bat onartuko du Kontseilu Europarrak, Europako Parlamenturako 2009ko hauteskundeak baino nahikoa lehenago.

Legegintzaldia (2004-2009) amaitu artean, Europako Parlamentuko kideen osaera eta kopurua Lisboako Tratatua indarrean sartu zenean zen berbera izango da.

II. TITULUA

GEHIENGO KUALIFIKATUARI BURUZKO XEDAPENAK

3. artikulua

1. Europar Batasunaren Tratatuko 16. artikuluko 4. paragrafoak dioenez, paragrafo horretan eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 238. artikuluko 2. paragrafoan agertzen diren xedapenek, Kontseilu Europarreko eta Kontseiluko gehiengo kualifikatuaren zehaztapenari buruzkoek, 2014ko azaroaren 1etik aurrera izango dute eragina.

2. 2004ko azaroaren 1etik 2017ko martxoaren 31ra, erabaki bat gehiengo kualifikatuz hartu behar denean, Kontseiluko edozein kidek eskatu ahal izango du erabakia 3. paragrafoan zehazten den gehiengo kualifikatuaren bitartez hartzeko. Kasu horretan, 3. eta 4. paragrafoak aplikatuko dira.

3. 2014ko urriaren 31ra arte, ondoko xedapenak egongo dira indarrean, betiere, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 235. artikuluko 1. paragrafoko bigarren lerrokadan xedatutakoa errespetatuz.

Kontseilu Europarrak edo Kontseiluak akordioren bat gehiengo kualifikatuz hartu behar dutenean, honela haztatuko dira kideen botoak:

Belgika

Luxenburgo

Bulgariak

Hungaria

Txekiar Errepublika

Malta

Danimarka

Herbehereek

Alemania

Austria

Estonia

Polonia

Irlanda

Portugal

Grezia

Errumaniak

Espainia

Eslovenia

Frantzia

Eslovakia

Italiak

Finlandia

Txipre

Suedia

Letonia

Erresuma Batuak

Lituania

Tratatuen arabera erabakiak Batzordearen proposamenez hartu behar direnean, gutxienez, berrehun eta berrogeita hamabost boto beharko dira alde, betiere, kopuru horretan kideen gehiengoa ordezkatuta dagoela.

Beste kasuetan, kideen bi herenak ordezkatzen dituzten gutxienez 255 aldeko boto badaude hartuko dira akordioak.

Kontseilu Europarrak edo Kontseiluak egintza bat gehiengo kualifikatuz onartzen dutenean, Kontseilu Europarreko edo Kontseiluko edozein kidek eska dezake egiazta dadila gehiengo kualifikatua osatzen duten estatu kideek gutxienez Batasuneko biztanleriaren % 62 ordezkatzen dutela.

Baldintza hori betetzen ez dela agerian geratzen bada, egintza ez da onartuko.

4. Tratatuetan xedatutakoaren aplikazioz Kontseiluko kide guztiek bozketan parte hartzen ez dutenean, hau da, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 238. artikuluko 3. paragrafoaren arabera zehaztutako gehiengo kualifikatua aplikatu behar denean, 2014ko urriaren 31ra arte, gehiengo kualifikatua honela definituko da: 3. paragrafoan ezarritako boto haztatuen proportzio berdina eta Kontseiluko kideen kopuruaren proportzio berdina eta, egoki denean, dagokien estatu kideen biztanleriaren ehuneko berdina.

III. TITULUA

KONTSEILUAREN OSAEREI BURUZKO XEDAPENAK

4. artikulua

Europar Batasunaren Tratatuko 16 C artikuluko 6. paragrafoko lehen lerrokadan aipatzen den erabakia indarrean sartzen den arte, Kontseilua paragrafo horretako bigarren eta hirugarren lerrokadetan ezarritako osaeretan bil daiteke, bai eta Gai Orokorren Kontseiluak gehiengo soilez hartutako erabaki baten bidez ezar dezan zerrendan jasotako beste osaeretan ere.

BATZORDEARI BURUZKO XEDAPENAK, BATASUNAREN ATZERRI ETA SEGURTASUN POLITIKA ERKIDEKO GOI-ORDEZKARIA BARNE

5. artikulua

Lisboako Tratatua indarrean sartzeko egunean jardunean dauden Batzordeko kideek eginkizunak betetzen jarraituko dute, beren agintaldia amaitzen den arte.

Hala ere, Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkaria izendatzen den egunean, amaitu egingo da goi-ordezkariaren nazionalitate bera duen kidearen agintaldia.

V. TITULUA

KONTSEILUKO IDAZKARI NAGUSIAREN GAINEKO XEDAPENAK, ATZERRI- ETA SEGURTASUN-POLITIKA ERKIDEKO GOI-ORDEZKARI BAITA, ETA KONTSEILUKO IDAZKARIORDE NAGUSIAREN GAINEKO XEDAPENAK

6. artikulua

Kontseiluko idazkari nagusiaren agintaldia, atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkari baita, eta Kontseiluko idazkariorde nagusiaren agintaldia amaitu egingo dira Lisboako Tratatua indarrean sartzeko egunean.

Kontseiluak idazkari nagusi bat izendatuko du, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 240. artikuluko 2. paragrafoarekin bat etorriz.

VI. TITULUA

ORGANO AHOLKU-EMAILEEN GAINEKO XEDAPENAK

7. artikulua

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 301. artikuluan aipatzen den erabakia indarrean sartzen den arte, Ekonomia eta Gizarte Komiteko kideen banaketa ondorengoa izango da:

Belgika

Espainia

Bulgariak

Frantzia

Txekiar Errepublika

Italiak

Danimarka

Txipre

Alemania

Estonia

Lituania

Irlanda

Luxenburgo

Grezia

Hungaria

Malta

Eslovakia 9

Herbehereak 12

Finlandia 9

Austria 12

Suedia 12

Polonia 21

Erresuma Batua 24

Portugal 12

Errumaniak 15

Eslovenia 7

8. artikulua

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 305. artikuluan aipatzen den erabakia indarrean sartzen den arte, Eskualdeetako Komiteko kideen banaketa ondorengoa izango da:

Belgika 12

Bulgariak 12

Txekiar Errepublika 12

Danimarka 9

Alemania 24

Hungaria 12

Malta 5

Herbehereak 12

Austria 12

Estonia 7

Polonia 21

Portugal 12

Irlanda 9

Errumaniak 15

Grezia 12

Eslovenia 7

Espainia 21

Eslovakia 9

Finlandia 9

Suedia 12

Erresuma Batua 24

Lituania 9

Frantzia 24

Italia 24

Zipre 6

Letonia 7

Luxenburgo 6

VII. TITULUA

LISBOAKO TRATATUA INDARREAN SARTU AURRETIK EUROPAR BATASUNAREN TRATATUKO V. ETA VI. TITULUEN ONDORIOZ ONARTUTAKO EGINTZEI BURUZKO XEDAPEN IRAGANKORRAK

9. artikulua

Lisboako Tratatua indarrean sartu aurretik Batasuneko instituzio, organo eta organismoek Europar Batasunaren Tratatuko V. eta VI. tituluen indarrez onartutako egintzen ondorio juridikoek beren horretan jarraituko dute tratatuen aplikazioaren ondorioz indargabetu, deuseztatu edo aldatzen ez badira.

Gauza bera gertatuko da estatu kideek Europar Batasunaren Tratatuan oinarrituta beren artean egindako hitzarmenekin.

10. artikulua

1. Lisboako Tratatua indarrean sartu aurretik polizien arteko lankidetzaren eta gai penaletako lankidetza judizialaren esparruan Batasunak onartutako egintzei dagokienez, Tratatua indarrean jartzen denean, instituzioen eskurantzak hauek izango dira, behin-behinean:

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 258. artikuluaren arabera Batzordeak dituen eskurantzak ez dira aplikagarri izango; Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Europar Batasunaren Tratatuko VI. tituluaren arabera (Lisboako Tratatua indarrean jarri aurreko bertsioan) dituen eskumenak, berriz, indarrean egongo dira gero ere, baita Europar Batasunaren Tratatuko 35. artikuluaren 2. paragrafoaren arabera onartu badira ere.

2. Lehenengo paragrafoan aipatutako egintzaren bat aldatzen bada, paragrafo horretan aipatzen diren instituzioei tratatuetan esleitutako eskurantzak aplikatuko dira, aldatutako egintzari dagokionez eta egintza hori aplikatuko den estatu kideei dagokienez.

3. Nolanahi ere, 1. paragrafoan aipatzen den xedapen iragankorrak ez du eraginik izango bost urtean, Lisboako Tratatua indarrean sartu ostean.

4. Hirugarren paragrafoan ezarritako epea amaitu baino sei hilabete lehenago, beranduenez, Erresuma Batuak Kontseiluari jakinarazi ahalko dio ez dituela onartzen, 1. paragrafoan aipatutako egintzei dagokienez, paragrafo horretan aipatzen diren instituzioei tratatuetan esleitzen zaizkien eskurantzak.

Erresuma Batuak jakinarazpen hori egin badu, 1. paragrafoan aipatutako egintza guztiak ez dira aplikatuko 3. paragrafoan ezarritako epea amaitzen denetik. Erresuma Batuari 2. paragrafoaren arabera aplikagarri zaizkion egintza aldatuei, berriz, ez zaie lerrokada hau aplikatuko.

Kontseiluak egoki diren neurriak ezarriko ditu, iragankorrak nahiz aurretik esandakoari darizkionak. Gehiengo kualifikatuz eta Batzordearen proposamenez ezarriko ditu.

Erresuma Batuak ez du parte hartuko erabaki hori hartzeko orduan.

Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 238. artikuluko 3. paragrafoaren a) idatz-zatiaren arabera zehaztuko da Kontseiluaren gehiengo kualifikatua.

Kontseiluak, Batzordearen proposamenez eta gehiengo kualifikatuz, erabaki bat eman ahal izango du zera ezartzeko, Erresuma Batuak bere gain hartuko dituela egintza horietan parte hartzeari uzteak halabeharrez eta ezinbestean ekarriko lituzkeen zuzeneko ondorio finantzarioak.

Gerora, edozein momentutan, Erresuma Batuak Kontseiluari jakinarazi ahal izango dio 4. paragrafoaren lehenengo lerrokadaren arabera dagoeneko aplikatzen ez zaizkion egintzetan parte hartu nahi duela. Horrelakoetan, Europar Batasunaren esparruan integratuta dagoen Schengengo altxorrari buruzko Protokoloaren edo Erresuma Batuak eta Irlandak askatasun-, segurtasun- eta justizia-esparruarekiko duten jarrerari buruzko Protokoloaren dagozkion xedapenak aplikatuko dira, kasuan kasu.

Instituzioek tratatuetan ezarritako eskurantzak izango dituzte egintza horiei dagokienez.

Kasuan kasuko protokoloak aplikatzeko orduan, Batasuneko eta Erresuma Batuko instituzioek ahaleginak egingo dituzte Erresuma Batuak ahalik eta partaidetza-mailarik handiena berreskura dezan Batasunak askatasun-, segurtasun- eta justizia-espazioaren esparruan duen altxorrean; betiere, horrek, praktikan, osagai desberdinen funtzionamenduan eragin larririk izan ez dezan ziurtatuz eta osagai horien arteko koherentzia errespetatuz.

IKATZAREN ETA ALTZAIRUAREN EUROPAKO ERKIDEGOAREN TRATATUAREN ETA IKATZAREN ETA ALTZAIRUAREN IKERKETA FUNTSAREN AMAIERAREN FINANTZA-ONDORIOEI BURUZ

TRATATUGILE GORENEK,

GOGOAN IZANDA Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoaren ondare aktibo eta pasiboaren elementu guztiak 2002ko uztailaren 23an zeuden moduan Europako Erkidegoari eskualdatu zitzaizkiola 2002ko uztailaren 24az geroztik,

KONTUAN IZANDA komenigarria dela funts horiek ikatzaren eta altzairuaren industriarekin lotzen diren sektoreetako ikerketarako erabiltzea, eta, ondorio horretarako, arau zehatz batzuk ezarri beharko direla,

BAT ETORRI DIRA honako xedapen hauetan, eta Europar Batasunaren Tratatuari eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuari erantsiko zaizkio:

1. artikulua

1. Likidazio-eragiketen ondorioz sor daitezkeen gehikuntzen edo murrizketei kalterik egin gabe, Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoaren ondare aktiboaren eta pasiboaren elementuen balio garbia –Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoaren 2002ko uztailaren 23ko balantzean adierazten dena– Europar Batasunaren ondaretzat joko da –ikatzaren eta altzairuaren industriarekin lotzen diren sektoreetako ikerketari zuzentzen zaion ondaretzat, hain zuzen ere–. «Likidatzen den Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoa» izendatuko zaio. Likidazioaren itxieraren ondoren, ondare horri «Ikatzaren eta Altzairuaren Ikerketa Funtsaren Aktibo» deituko zaio.

2. Ondare horrek sortzen dituen sarrerak, hots, "Ikatzaren eta Altzairuaren Ikerketa Funtsa" ikatzaren eta altzairuaren industriarekin lotzen diren sektoreetako ikerketarako soilik erabiliko da –ikerketako esparru-programaz kanpo–, betiere, protokolo honetan eta honen indarrez onartzen diren egintzetan xedatutakoaren arabera.

2. artikulua

Kontseiluak, Europako Parlamentuak onartu ondoren eta legegintzako prozedura berezi baten bitartez, protokolo hau aplikatzeko beharrezko diren xedapen guztiak ezarriko ditu, funtsezko printzipioak barne.

Kontseiluak onartuko ditu, Batzordeak proposatu eta Europako Parlamentuari kontsulta egin ondoren, Ikatzaren eta Altzairuaren Ikerketa Funtsaren ondarea kudeatzeko finantza-jarraibideak; jarraibide horiek hainbat urterako izango dira. Orobat onartuko ditu funts hori ikertzeko programarako jarraibide teknikoak.

3. artikulua

Protokolo honen eta beraren ondorioz onartutako egintzen kontrako xedapenik ezean, Tratatuetan ezarritako xedapenak aplikatuko dira.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra