Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >>  >> Giza eskubideak >> Elkartzeko askatasuna

Sindikatu-askatasunari eta sindikatuko kide egiteko eskubideari buruzko Hitzarmena, 1948 (87 zk.)

1948-07-09

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konferentzia Orokorra

Sindikatu-askatasunari eta sindikatuko kide egiteko eskubideari buruzko Hitzarmena, 1948 (87 zk.)

Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konferentzia Orokorrak 1948. urteko uztailaren 9an egindako hogeita hamargarren bileran onetsia

Indarrean jartzea:1950eko uztailaren 4an, 15. artikuluarekin bat etorriz.

Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konferentzia Orokorrak,

Deitua izanik Lanaren Nazioarteko Bulegoaren Administrazio Kontseiluak San Franciscon egiteko, eta hiri horretan bilduta 1948ko ekainaren 17an, hogeita hamargarren bileran;

Erabaki ondoren hitzarmen forman onestea sindikatu-askatasunari eta sindikatuko kide egiteko eskubideari buruzko hainbat proposamen, arazo hori baita bileraren eguneko gai zerrendako zazpigarren puntua,

Kontuan harturik Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konstituzioaren atarikoan lan-baldintzak hobetzeko eta bakea bermatzeko bideen artean, “sindikatuetan elkartzeko askatasunaren printzipioa” aipatzen dela,

Kontuan harturik Filadelfiako Adierazpenak berriz aldarrikatu zuela adierazpen-askatasuna eta elkartzeko askatasuna oinarrizkoak direla etengabeko aurrerabidea ahalbidetzeko.

Kontuan harturik Lanaren Nazioarteko Konferentziak, bere hogeita hamargarren bileran, aho batez onetsi zituela nazioarteko erregelamenduaren oinarri izan behar diren printzipioak eta,

Kontuan harturik Nazio Batuen Biltzar Orokorrak, bere bileren bigarren aldian, printzipio horiek bereganatu zituela eta Lanaren Nazioarteko Erakundeari eskatu ziola jarraitzeko ahalegin guztiak egiten nazioarteko hitzarmen bat edo batzuen onespena bideratzeko,

Mila bederatziehun eta berrogeita zortzigarren urteko uztailaren bederatzian Hitzarmen hau onetsi du. Hitzarmen hori honako izen honekin ezagutzen da: Sindikatu-askatasuna eta sindikatuko kide egiteko eskubidea babesteko Hitzarmena, 1948:

I. Zatia

Sindikatu-askatasuna

1. artikulua

Hitzarmen hau Lanaren Nazioarteko Erakundearen zein kiderentzat indarrean egon eta kide hori behartuta dago ondorengo xedapenak betetzera.

2. artikulua

Langileek eta enplegatzaileek, inolako bereizketarik gabe eta aurretiazko baimenik gabe, eskubidea dute egokiak irizten dituzten erakundeak eratzeko, eta euren buruak erakunde horietako kide egiteko, horretarako baldintza bakarra dela euron estatutuak betetzea.

3. artikulua

1.Langileen eta enplegatzaileen erakundeek eskubidea dute euren estatutuak eta erregelamendu administratiboak idazteko, euren ordezkariak askatasunez aukeratzeko, euren administrazioa eta jarduerak antolatzeko eta euren ekintza-programa egiteko.

2.Agintaritza publikoek uko egin beharko diote parte hartzeari, parte hartze horrek eskubide hori mugatzen badu edo berori egikaritzea oztopatzen badu.

4. artikulua

Langileen eta enplegatzaileen erakundeak ez daude administrazio-bideko desegite edo etetearen menpe.

5. artikulua

Langileen eta enplegatzaileen erakundeek eskubidea dute federazioak eta konfederazioak eratzeko, eta horietako kide egiteko; ildo beretik, erakunde, federazio edo konfederazio orok du eskubidea langileen eta enplegatzaileen nazioarteko erakundeetako kide egiteko.

6. artikulua

Hitzarmen honen 2, 3 eta 4. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko zaie langileen eta enplegatzaileen erakundeen federazio eta konfederazioei.

7. artikulua

Langileen eta enplegatzaileen erakundeek, horien federazio eta konfederazioek nortasun juridikoa lortzea ezin da egon baldintza batzuen menpe, baldintza horien izaerak mugatzen badu Hitzarmen honen 2, 3 eta 4. artikuluetako xedapenak aplikatzea.

8. artikulua

1.Langileak, enplegatzaileak eta kasuan kasuko erakundeak, eta baita gainerako norbanakoak eta talde antolatuak ere behartuta daude legezkotasuna betetzera, Hitzarmen honek aitortzen dizkien eskubideak egikaritzeko unean.

2.Nazio-legeriak ez die kalterik egingo Hitzarmen honetan aurreikusitako bermeei eta, ildo beretik, delako legeria hori ere ezin izango da aplikatu berme horien kalterako.9. artikulua

1.Nazio-legeriak zehaztuko du Hitzarmen honetan aurreikusitako bermeak zein punturaino aplikatuko zaizkien indar armatuei eta poliziari.

2.Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konstituzioaren 19. artikuluaren 8. paragrafoan ezarritako printzipioekin bat etorriz, kide batek Hitzarmen hau berresteak ez du ekartzen, nahitaez, legeak, epaiak, ohiturak edo jada dauden erabakiak gutxiestea, horiek indar armatuen edo poliziaren kideei ematen badizkie Hitzarmen honek ezarritako bermeak.

10. artikulua

Hitzarmen honetan “erakunde” hitzak esan nahi du langileen eta enplegatzaileen erakunde oro, horren helburua bada langileen edo enplegatzaileen interesak sustatzea eta defendatzea.

II. zatia

Sindikatuko kide egiteko eskubidea babestea

artikulua

Hitzarmen hau Lanaren Nazioarteko Erakundearen zein kiderentzat indarrean egon eta kide hori behartuta dago neurri premiazko eta egokiak hartzera, langileei eta enplegatzaileei bermatzeko sindikatuko kide egiteko duten eskubidea.

III. zatia

Zenbait xedapen

12. artikulua

1.

Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konstituzioaren 35. artikuluan aipatu lurraldeak direla eta, artikulu hori Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konstituzioa zuzentzeko instrumentuak eraldatu zuela, 1946. urtean, eta bertan salbuetsi ziren delako artikuluaren 4 eta 5. paragrafoan aipatu lurraldeak; izan ere, zuzendutako artikuluaren arabera, Hitzarmena berresten duen erakundearen kide orok, ahalik eta eperik laburrenean, eta berrespena egin eta gero, jakinarazi beharko dio Lanaren Nazioarteko Bulegoko Zuzendari Nagusiari halako adierazpena, bertara bildurik:

a) Zein diren Hitzarmenaren xedapenak eraldaketarik gabe aplikatzeko lurraldeak, bertan aplikazio hori egiteko bere burua behartzen duela ;

b) Zein diren Hitzarmenaren xedapenak eraldaketekin aplikatzeko lurraldeak, bertan aplikazio hori egiteko bere burua behartzen duela eta zein diren eraldaketa horien xehetasunak;

c) Zein diren lurraldeak, bertan Hitzarmenaren xedapenak aplikaezinak direla eta aplikaezina izateko arrazoiak;

d) Zein lurraldetan gordetzen duen bere erabakia, hitzarmenaren aplikazioari buruz.

2.Artikulu honen 1. paragrafoaren a eta b lerroaldeetan zehazten diren betebeharrak, berrespenaren zatiak izango dira eta horren ondorio berberak sortuko dituzte.

3.Kide orok uko egin diezaioke, osorik edo zati batean, adierazpen berri baten bitartez, bere lehenengo adierazpenean egindako edozein erreserbari, artikulu honen 1. paragrafoaren b, c edo d lerrokaden arabera.

4.16. artikuluaren xedapenekin bat etorriz, Hitzarmen hau salatu daitekeen epealdietan zehar, kide orok Zuzendari Nagusiari adierazpen bat egin diezaioke eta bertan eralda ditzake, beste edozein gairen inguruan, aurreko beste edozein adierazpenetan jarritako baldintzak; era berean, adierazpen horretan lurralde zehatzen egoera azaldu dezake.

13. artikulua

1.Hitzarmen honetako gaien inguruan eskumena metropoliaz besteko lurralde baten agintaritzaren esku dagoenean, lurralde horretako nazioarteko harremanen kide arduradunak, lurraldeko gobernuarekin bat etorriz, Lanaren Nazioarteko Bulegoko Zuzendari Nagusiari jakinarazi ahal izango dio halako adierazpena eta bertan, lurraldearen izenean, Hitzarmen honen betebeharrak onartuko ditu.

2.Lanaren Nazioarteko Bulegoko Zuzendari Nagusiari jakinarazi ahal izango diote halako adierazpena eta bertan Hitzarmen honen betebeharrak onartuko dituzte:

a) Agintaritza erkidearen pean zein lurralde izan eta agintaritza hori duten erakundearen bi kidek edo kide gehiagok, edo;

b) Nazioarteko agintaritza orok, edozein lurralde administrazio pean izan eta horren ardura duenak, Nazio Batuen Gutunaren xedapenen arabera edota aipatu lurraldeari dagokion indarreko beste edozein xedapenen arabera.

3.Lanaren Nazioarteko Bulegoko ZuzendariNagusiari eginiko adierazpenek, artikulu honen aurreko paragrafoekin bat etorriz, adierazi beharko dute Hitzarmenaren xedapenak eraldaketekin edo eraldaketarik gabe aplikatuko diren haren lurraldean; era berean, adierazpenak zehazten duenean Hitzarmenaren xedapenak eraldaketekin aplikatuko direla, eraldaketa horiek zertan diren zehaztu beharko da.

4.Hitzarmen honen kideak, kideek edo nazioarteko agintaritza interesdunek uko egin diezaiokete, osorik edo zati batean, geroko adierazpen baten bitartez, aurretiazko beste edozein adierazpenetan adierazitako eraldaketa bat aipatzeko eskubideari.

5.16. artikuluaren xedapenekin bat etorriz, Hitzarmen hau salatu daitekeen epealdietan zehar, kideak, kideek edo nazioarteko agintaritza interesdunak Zuzendari Nagusiari adierazpen bat egin diezaiokete eta bertan eralda ditzakete, beste edozein gairen inguruan, aurreko beste edozein adierazpenetan jarritako baldintzak; era berean, adierazpen horretan lurralde zehatzen egoera azaldu dezakete, hitzarmenaren aplikazioari buruz.

IV. zatia

Azken xedapenak

14.artikulua

Hitzarmen honen berrespen formalak Lanaren Nazioarteko Bulegoko ZuzendariNagusiari komunikatuko zaizkio, erregistra ditzan.

15. artikulua

1. Zuzendari nagusiak Lanaren Nazioarteko Erakundeko kideen artetik zeintzuen berrespenak erregistratu eta berrespen horiek egin dituzten kideek bakarrik bete beharko dute hitzarmen hau.

2.Hitzarmena indarrean jarriko da, ZuzendariNagusiak bi kideren berrespenak erregistratu eta hamabi hilabetera.

3.Une horretatik aurrera, estatu kide bakoitzarentzat, hitzarmen hau indarrean jarriko da, berrespena erregistratu eta hamabi hilabetera.

16. artikulua

Hitzarmen hau berretsi duen kide orok hori salatu ahal izango du, hitzarmena estreinakoz indarrean jarri zenetik zenbatzen hasi eta hamar urteko epealdia amaitu ondoren, Lanaren Nazioarteko Bulegoko Zuzendari Nagusiari salaketa hori erregistratzeko akta komunikatuz.Salaketak ez du ondorerik izango, salaketa erregistratu eta urtebete igaro arte.

2.Hitzarmen hau berretsi duen kide orok, aurreko paragrafoan aipatu hamar urteko epealdia amaitu ondoren, urtebeteko epean artikulu honetako salaketa-eskubidea egikaritzen ez badu, beste hamar urtez bete beharko du hitzarmena, eta, aurrerantzean, hitzarmena salatu ahal izango du hamar urteko aldi bakoitza amaitzean, artikulu honetan ezarritako baldintzetan.

17. artikulua

1.Lanaren Nazioarteko Bulegoko Zuzendari Nagusiak Lanaren Nazioarteko Erakundeko kide guztiei jakinaraziko dizkie erakundeko kideek komunikatutako berrespen, adierazpen eta salaketa guztien erregistroak.

2.Zuzendari Nagusiak berari komunikatu beharreko berrespenetatik bigarrenaren erregistroa jakinarazten dienean erakundeko kideei, abisua emango die kide horiei, hitzarmen hau indarrean jartzeko dataren inguruan.

18. artikulua

Lanaren Nazioarteko Bulegoko Zuzendari Nagusiak, erregistro-ondorioetarako eta Nazio Batuen Gutunaren 102. artikuluarekin bat etorriz, Nazio Batuen Idazkari Nagusiari informazio osoa jakinaraziko dio, aurreko artikuluekin bat etorriz erregistratu dituen berrespen, adierazpen eta salaketa-akta guztien gainean.

19. artikulua

Lanaren Nazioarteko Bulegoko Administrazio Kontseiluak, egokitzat jotzen duen bakoitzean, Konferentziari hitzarmenaren aplikazioari buruzko oroitidazkia aurkeztuko dio, eta gogoeta egingo du konferentziaren eguneko aztergaien zerrendara biltzeko komenigarritasunari buruz, zer eta, hitzarmena oso-osoan edo zati batean berrikusteko aukera.

20. artikulua

1.Konferentziak hitzarmen hau oso-osoan edo zati batean berrikusten duen hitzarmen berria eginez gero, eta hitzarmen berri horrek aurkako xedapenak izan ezean:

a) Kide batek berrikuspen-hitzarmen berria berresteak berarekin ekarriko du,ipso iure, hitzarmen honen berehalako salaketa, 13. artikuluan jasotako xedapenak gorabehera, betiere, berrikuspen-hitzarmen berria indarrean jarri bada.

b) Berrikuspen-hitzarmen berria indarrean zein datatan jarri eta data horretatik aurrera hitzarmen honek irekia izateari utziko dio, kideek berau berresteari dagokionez.

2.Edozein kasutan ere, hitzarmen honek indarrean jarraituko du, gaur egungo forma eta edukiekin, berau berretsi eta berrikuspen-hitzarmena berretsi ez duten kideei begira.

21. artikulua

Hitzarmen honen testu ingelesa eta frantsesa kautoak dira maila berean.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra