Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Prozedura zuzenbidea  >>  Legeria

10/2012 Legea, azaroaren 20koa, zenbait tasa arautzen dituena Justizia Administrazioaren esparruan eta Toxikologia eta Auzitegi Zientzien Institutu Nazionalaren esparruan

2012-11-20

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2012/11/21, 280. zk.

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

14301

10/2012 Legea, azaroaren 20koa, zenbait tasa arautzen dituena Justizia Administrazioaren esparruan eta Toxikologia eta Auzitegi Zientzien Institutu Nazionalaren esparruan.

JUAN CARLOS I.a ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau dakusaten eta irakurtzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek ondoko lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala.

ATARIKOA I

53/2002 Legeak, abenduaren 30ekoak, Zerga, Administrazio eta Gizarte Arloko Neurriei buruzkoak, jurisdikzio-ahala erabiltzeagatiko tasa berreskuratu zuen Justizia Administrazioaren esparruan. Eredu horrek zenbait aldaketa izan du berrikitan, zehazki Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea aldatzen duen martxoaren 24ko 4/2011 Legearen bidez, Espainian monitorioko eta munta txikiko europar prozesuak aplikatzea errazteko, horrek prozesu monitorioetara zabaldu baitzuen tasaren ordainketa, orduan detektatu ziren distortsioen aurrean. Handik laster, Bizkortze Prozesaleko Neurriei buruzko urriaren 10eko 37/2011 Legeak ere egin zuen doikuntzaren bat, aurreko erreforma zehazteko.

Erreforma partzial horiek gorabehera, badira oraindik desegokitasun batzuk esparru horretan, eta haiek beste araudi bat hartzea justifikatzen dute, tasa judizialen alderdi zehatz batzuetan sakontzeko; bereziki, 2012ko otsailaren 16ko bere 20/2012 epaian Auzitegi Konstituzionalak gure oinarrizko Arauaren araberakoak jo zituenetan.

Babes judizial eraginkorrerako eskubidea ez da nahasi behar doako justiziarako eskubidearekin. Bi errealitate juridiko desberdin dira. Konstituzioa, botere legegileari bigarren horren norainokoa arautzeko eskatzen dion unetik, aitortzen ari da herritarra gai dela Justizia Administraziotik jasotzen dituen zerbitzuak ordaintzeko. Soilik «auzitan aritzeko baliabide nahikorik ez edukitzea» egiaztatzen den egoeretan, Konstituzioak berak bermatzen du justiziaren doakotasuna.

Legeak ardura osoa jartzen du «jurisdikzio zibilean, administrazioarekiko auzienean eta lanarenean jurisdikzio-ahala erabiltzeagatiko tasa» arautzeak ez diezaion eragin justizia jasotzeko eskubideari, hau da, Konstituzioaren 24. artikuluak aldarrikatzen duen benetako babes judizialerako eskubidearen oinarrizko zati bati, gai horretaz Auzitegi Konstituzionalak sortua duen jurisprudentziarekin bat.

Auzitegi Konstituzionalak berrikitan emandako epaiak tasen konstituzionaltasuna berretsi du, eta, gainera, berariaz aitortzen du Justizia Administrazioaren kostuaren zati bat zerbitzu horretatik onurarik handiena ateratzen dutenek ordaindu behar dutela.

Auzitegietara jotzen duten herritarrek horrek dakarren kostuaren zati bat beren gain hartuta, jurisdikzio-ahala erabiltzea arrazionalizatu nahi da; aldi berean, tasak baliabide gehiago sortuko ditu, eta, haiei esker, sistema judiziala hobetuko da, eta, zehazki, doako laguntza juridikoa, Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Legeko 27. artikuluan ezarritako araubide orokorraren barruan.

II Justizia Administrazioaren esparruan tasara jotzeak hark zerga-zuzenbidean daukan kontzeptua du abiapuntu. Hartan, zuzenbide publikoko erregimenean zergadunari eragiten dioten edo mesede egiten dioten zerbitzuak ematean oinarritzen da, besteak beste, zergapeko egitatea. Halaber, zerga-karga ez da zehazten zergadunaren ahalmenaren arabera, baizik eta eman den zerbitzuaren kostutik abiatuta, eta kostu hori sekula ezin da gainditu.

Araubide berriak zabaldu egiten ditu, nabarmen, bai zergapeko egitateak, bai subjektu pasiboak. Subjektuok ez dira pertsona juridikoak soilik izango orain, baizik eta baita pertsona fisikoak ere. Aldi berean, doako laguntza juridikoa jasotzeko eskubidea aitortzen zaienen salbuespen subje ktiboa aurreikusten da. Orobat aurreikusten da bere konkurtsoa eskatzen duen zordunarentzat, fiskaltzarentzat, herri-administrazioentzat, Gorte Nagusientzat eta autonomia-erkidegoetako legebiltzarrentzat.

Lege honek lan-jurisdikziora ere zabaltzen du bere aplikazioa, baina soilik erregutzeeta kasazio-errekurtsoei dagokienez, eta hartan babesten diren interesekiko era proportzionatuan, jurisdikzio horretan jokoan diren eskubideak eta interesak kontuan harturik, eta horrek dakar berekin, era berean, munta txikiagoko tasa bat aurreikustea, errekurtso horiek jartzen dituen auzi-jartzailea langilea (besteren konturakoa nahiz autonomoa) denean. Justiziara iristeko dauzkan ezaugarri bereziengatik, zigor-jurisdikzioa bakarrik salbuesten da tasaren esparrutik.

Legeak berdin atxikitzen ditu abenduaren 30ek ake egintza prozesalak egiten uzten duen tasa.

III Tasa judiziala arautzea ez da soilik, jadanik esan denez, zerga hutsezko gaia, baizik eta baita prozesala ere. Tasaren esparru berriak ezartzen du, batetik, haren kudeaketa ekonomikoa Ogasun eta Herri Administrazio Mi nisterioari dagokiola. Baina, bestetik, kontuan hartu dira Bulego Judiziala martxan ipini izana eta idazkari judizialaren eskumenak. Hark tasa benetan ordaindu den egiaztatuko du kasu bakoitzean, eta aurreikusten da, ordainketa egin ez den kasurako, biderik ez ematea eskatu den jardun prozesalari.

Tasaren likidazioak sor ditzakeen alderdiak garatzen ditu Legeak, eta, bereziki, tasaren ordainketaren aldaketari dagozkionak, eta prozesu monitorio batetik prozesu arrunt batera igarotzeak eragingo dio, esate baterako, aldaketa horri. Auziak epaiketaz kanpo konpontzea sustatzeko oinarrizko xedearekin, ezarri da itzuli egingo dela tasaren kuota, bide hori darabilten prozesu guztietan, zerbitzuak ematearen kostuen zati bat aurreztea dakarren epaiketaz kanpoko amaiera bat iritsi denean. Idazkari judizial eskudunak prozesua epaiketaz kanpoko aipatu bide horretatik amaitu dela egiaztatu duenean itzuliko da tasaren kuota hori. Prozesuak metatzen direnean ere itzuliko da haiek abiarazi zituzten demanda bakoitzeko ordaindutako tasa, prozesuok batera izapidetzea adostu denean.

Lege honek indargabetu egiten du, baita ere, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 3. atala, zeren enplegatu publikoak funtzio publikotik aldentzea ez diren pertsonalari buruzko gaietan funtzionario publikoentzako postulazio-salbuespena atxikitzeak ez baitu jadanik zentzurik. Praktikak erakusten du ordezkaritza teknikoaren gabezia hori oztopo bilakatzen dela prozeduraren garapen arinago eta eraginkorragorako. Funtzionario publikoei dagokienez, nabarmendu behar da, halaber, salbuetsita daudela tasatik beren estatutuzko eskubideen defentsan abiatzen dituzten administrazioarekiko auzietan, eta haien egoera langileenaren parekoa da, orokorrean, lan-jurisdikzioan.

Orobat, gogorarazi behar da Bizkortze Prozesaleko Neurriei buruzko urriaren 10eko 37/2011 Legeak beste 7 zenbaki bat erantsi ziola Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legeko 241. artikuluari, eta hark kostuen barruan sartzen du jurisdikzio-ahala erabiltzeagatiko tasa. Hala, prozesu bateko garaipenak eta kostuen ordainketaren zigorra beste aldeari ezartzeak alde demandatuaren bizkar utziko du tasa ordaintzea.

IV

Bestalde, ondokoa ere arautzen du lege honek: Toxikologiako eta Auzitegi Zientzietako Institutu Nazionaleko Informazio Toxikologikoko Zerbitzuaren produktu kimikoen erregistroan fitxa toxikologikoen alta eta aldaketa egitearen tasa. Zerbitzu horrek dagokion informazioa dauka, bai prebentzio- eta sendatze-neurriak formulatzeko, bai larrialdikasuetan osasun-erantzun egokia emateko.

1971tik, Toxikologiako eta Auzitegi Zientzietako Institutu Nazionaleko Informazio Toxikologikoko Zerbitzuak zentro antitoxiko gisa dihardu, intoxikazioen eta substantzia kimikoen eraginpekoen alorrean prebentzio- eta aholkularitza-funtzioak harturik, Babes Zibileko Larrialdi Zentroarekin eta osasun alorreko agintari eskudunekin elkarlanean, osasun-alerta egoeretarako, eta telefono bidez erantzuten ditu herritar partikularrek edo osasun-profesionalek Espainiako lurralde osotik egindako kontsultak.

Intoxikazioen prebentzioan laguntzeko funtzio hori Botere Judizialaren uztailaren 10eko 6/1985 Legean dago jasota espresuki, eta Toxikologia Institutuko araudia onartzen duen maiatzaren 8ko 862/1998 Errege Dekretuko 1. eta 2. artikuluetan. Ematen den zerbitzuaren kalitatea bermatzeko beharrezko baliabide pertsonalak eta materialak egokitzera behartu du horrek Justizia Ministerioa, osasun-erantzuna aurrerapen zientifikoen eta medikoen araberakoa izatea ziurtatzen duela.

2010 arte, Estatuko eta Erkidegoko araudiek osasun-erantzun egokia emateko produktuen konposizioari buruz beharrezkoa den informazioa bakarrik ematera behartzen zituzten detergenteak, garbiketa-produktuak eta lixibak merkaturatzen zituzten enpresak.

Aurrekoa gorabehera, eta giza osasunaren eta ingurumenaren babes maila handia bermatzeko, Erkidegoko araudiak eta, zehazki, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1272/2008/EE Erregelamenduak, 2008ko abenduaren 16koak, substantziak eta nahasteak sailkatzeari, etiketatzeari eta ontziratzeari buruzkoak, irizpide harmonizatu batzuk ezartzen ditu substantzia eta nahaste kimikoak sailkatzeko eta etiketatzeko. Aipatu 1272/2008/EE Erregelamendua zuhurtasun-printzipioan oinarritzen da, eta zeregin eta betebehar zehatzak ezartzen dizkie ekoizleei, inportatzaileei eta tarteko erabiltzaileei, eta horiei dagokie, 1907/2006/EE Erregelamenduan ezarritako etiketen eta segurtasundatuen fitxen bitartez, produktuen hartzaileei babes egokia bermatzea eta funtsezko informazioa ematea, azken erabiltzaileak produktuok segurtasun osoz erabil ditzan.

Gainera, 1272/2008/EE Erregelamenduko 45. artikuluak xedatzen duenez, estatu kideek erakunde arduradun bat izendatu behar dute, eta hark bi hauek bildu behar ditu:

batetik, larrialdi-kasuetan osasun-erantzuna antolatzeko beharrezkoa den informazioa, giza osasunean dituzten ondorioengatik edo ondorio fisikoengatik arriskutsutzat jotako nahasteak merkaturatzen dituzten enpresetatik; bestetik, Substantzia eta Nahaste Kimikoen Europako Agentziak edo estatu kideek ordezko deitura bat onartu dieten nahasteek dauzkaten substantzien identitate kimikoa.

Halaber, bi betebehar ezarri zaizkie estatu kideei: ez soilik substantzia eta nahaste kimikoak ekoizten eta merkaturatzen dituzten enpresei ezarritako betebeharrak betetzen direla bermatzeko kontrolak ezartzea, baizik eta, gainera, 1907/2006/EE Erregelamenduko 126. artikuluan eta 1272/2008/EE Erregelamenduko 47. artikuluan xedatutakoak hausteagatik aplikatu beharreko zehapen-araubidea arautzea.

Erkidegoko aipatu arauak betez, 8/2010 Legea onartu zen, martxoaren 31koa, substantzia eta nahaste kimikoak erregistratzeari, ebaluatzeari, baimentzeari eta murrizteari (REACH) buruzko eta substantzia eta nahaste kimikoak sailkatzeari, etiketatzeari eta ontziratzeari (CLP) buruzko Erregelamenduetan (EE) aurreikusitako zehapen-araudia xedatzen duena.

Horregatik, eta betebehar hori betez, giza osasunean ondorioak izan ditzaketen nahasteak merkaturatzen dituzten enpresa guztiek haien konposizio kimikoa jakinarazi beharko diote Toxikologiako eta Auzitegi Zientzietako Institutu Nazionalari, eta, hala, hark osasun-informazioa eman diezaieke herritarrei, intoxikaziorik izanez gero, eta alerta toxikologikoak detekta ditzake, jasotako deietatik osasun publikoan eragin negatiboa daukan produktu kimikoren baten presentzia ondorioztatzen denean. Gainera, Substantzia eta Nahaste Kimikoen Europako Agentziak ordezko deitura kimiko bat erabiltzea baimendu dien enpresek ere Institutuari jakinarazi beharko diote substantziaren identitate kimikoa.

Giza osasunean dituzten ondorioengatik edo ondorio fisikoengatik arriskutsutzat sailkatutako nahaste kimikoak merkaturatzetik onura jasotzen duten enpresei eragiten die betebehar horrek, eta eragin zuzena dauka Informazio Toxikologikoko Zerbitzuak ematen duen laguntzan. Izan ere, Zerbitzu horrek etengabe egokitu behar ditu bere baliabide teknologikoak eta pertsonalak bere funtzioa behar bezala betetzea bermatzeko, osasun publikoaren babesaren alde.

Produktuak merkaturatzen dituzten enpresek onura handia jasotzen dute Toxikologiako eta Auzitegi Zientzietako Institutu Nazionalaren arreta toxikologikotik; dela zuzenean, merkaturatutako produktuekiko balizko intoxikazio baten ondorioak murrizten baitira, dela zeharka, azken erabiltzaileei larrialdiko osasun-informazioa eskaintzen zaielako.

Horregatik, zeharo justifikatuta dago enpresa horiek ere arreta toxikologikoa finantzatzen lagun dezaten. Horregatik, dagokion tasa sortu da, Informazio Toxikologikoko Zerbitzuak daukan eta osasun-arreta egokia eskaintzeko beharrezkoa den produktu kimikoen erregistroan produktuaren alta edo aldaketa eskatzeagatik.

Azkenik, zenbateko murriztuko tasa bat ezarri da, mikroenpresei eta enpresa txiki eta ertainei (ETE) aplikatzeko, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioaz Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioak dioenaren xederako, eta aldi baterako salbuespen bat, beren elkarteen bitartez Informazio Toxikologikoko Zerbitzuaren egungo datu-basearen kudeaketan (are ekonomikoki ere) lagundu duten enpresak konpentsatzeko. Ondore horietarako, salbuetsitzat jotzen dira 2012ko otsailaren 17an elkarte hauetan sartuta zeuden enpresa guztiak: Detergenteetako eta Garbiketa, Mantentze eta Antzeko Produktuetako Enpresa Elkartea (ADELMA), Lixiben eta Deribatuen Ekoizleen Elkarteen Federazio Nazionala (FENALYD), Banaketako Enpresa Handien Elkarte Nazionala (ANGED) eta Banatzaileen, Autozerbitzuen eta Supermerkatuen Espainiako Elkartea (ASEDAS), data horretan laga baitzioten aipatu elkarteek eta federazioak dohainik eta mugarik gabe Justizia Ministerioari Informazio Toxikologikoko Zerbitzuaren datu-basera datuak transmititzeko eta kargatzeko aplikatiboa, industriako sektore guztiek erabil ahal izan zezaten.

V Azken xedapenetan laugarrenaren helburua da 20/2012 Errege Lege Dekretuan ezarritako aparteko ordainsari baten murrizketa karrera judizialaren eta fiskalaren eta Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionario-kidegoen errealitatera egokitzea, talde horiek beren urteko ordainsarietan jasaten duten murrizketa gainerako funtzionario publikoek jasaten dutenaren baliokidea izan dadin.

Arrazoi bategatik da hori: nahiz eta 8/2010 Errege Dekretuan ordainsarien antzeko murrizketa bat erabaki zen Herri Administrazio osoko kidego bakoitzarentzat, murrizketa hori Justizia Administrazioan egiteko era Estatuko sektore publikoko beste esparru batzuetan ez bezalakoa gertatu zen, Botere Judizialaren Lege Organikoan ezarritakoaren ondorioz. Aipatu lege Organikoak eskatzen zuen soldatagatiko eta hirurtekoengatiko aparteko ordainsariak hileko ordainsari arruntaren berdinak izan zitezen Justizia Administrazioan, nahiz eta murrizketaren urteko ehuneko osoa antzekoa izan zen aipatu Administrazioan eta Estatuko Administrazio Orokorrean. Halere, hileko ordainsari arruntaren zenbatekoaren murrizketa berdina izan zen, Justiziaren esparruan, aipatu soldatagatiko eta hirurtekoengatiko edo antzinatasunagatiko aparteko ordainsariei aplikatutakoarekin; Estatuko Administrazio Orokorrean, aldiz, funtzionarioei murrizketa handiagoa aplikatu zitzaien aparteko ordainsarietan, baina apalagoa arruntetan.

Gainera, argitu egin da funtzionarioen mutualitate orokorretako eta eskubide pasiboetako kuotei aplikatu beharreko araubidea, zeina Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 29ko 2/2012 Legeko 121. artikuluaren laugarren paragrafoan dagoen ezarrita.

I. TITULUA

Jurisdikzio zibilean, administrazioarekiko auzienean eta lanarenean jurisdikzioahala erabiltzeagatiko tasa 1. artikulua.  Jurisdikzio zibilean, administrazioarekiko auzienean eta lanarenean jurisdikzio-ahala erabiltzeagatiko tasaren aplikazio-eremua.

Jurisdikzio zibilean, administrazioarekiko auzienean eta lanarenean jurisdikzio-ahala erabiltzeagatiko tasak izaera estatala du, eta berdin izango da galdagarri Estatuko lurralde osoan lege honetan aurreikusitako kasuetan, autonomia-erkidegoek beren finantzaeskumenak erabilita eska ditzaketen tasei eta gainerako zergei kalterik egin gabe, nahiz eta haiek ezingo dituzten zergapetu zergapeko egitate berak.

2. artikulua.  Tasaren zergapeko egitatea.

Honetan datza tasaren zergapeko egitatea: jurisdikzio-ahala erabiltzea, ondoko egintza prozesal hauen ondorioz:

a)  Prozesu adierazle eta epaiketaz kanpoko betearazpen-tituluen betearazpenprozesu mota guztietan demanda jartzea jurisdikzio zibilean, errekonbentzioa aurkeztea, eta prozesu monitorioaren eta prozesu monitorio europarraren hasierako eskaera.

b)  Nahitaezko konkurtsoa eskatzea eta demanda intzidentala jartzea konkurtsoprozesuetan.

c)  Demanda jartzea administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.

d)  Errekurtso berezia jartzea arau-hauste prozesalagatik jurisdikzio zibilean.

e)  Apelazio-errekurtsoak jartzea epaien aurka, eta kasazio-errekurtsoak, jurisdikzio zibilean eta administrazioarekiko auzienean.

f)  Erregutze- eta kasazio-errekurtsoak jartzea lan-jurisdikzioan.

g)  Titulu judizialen betearazpenari aurka egitea.

3. artikulua.  Tasaren subjektu pasiboa.

1.  Jurisdikzio-ahala erabilarazten duena eta tasaren zergapeko egitatea egiten duena da tasaren subjektu pasiboa.

Aurreko paragrafoan aurreikusitako ondoreetarako, ulertuko da zergapeko egitate bakarra egiten dela, demandan titulu beretik ez datozen akzio nagusi ugari metatzen direnean. Kasu horretan, tasaren zenbatekoa kalkulatzeko, metaturik gertatutako akzio bakoitzaren muntak batuko dira.

2.  Prozesuko ordezkaritzak edo abokatuak ordain dezake tasa subjektu pasiboaren izenean eta kontura, bereziki hura Espainian bizi ez denean, eta ez da beharrezkoa izango subjektu horrek identifikazio fiskaleko zenbaki bat eskuratzea autolikidazioaren aurretik. Prokuradoreak edo abokatuak ez dute zerga-erantzukizunik izango ordainketa horrengatik.

4. artikulua.  Tasaren salbuespenak.

1.  Honako hauek dira tasaren salbuespen objektibo: Demanda jartzea eta geroagoko errekurtsoak aurkeztea, gaitasunaren, semealabatasunaren eta adingabeen prozesuekin lotuta; baita seme-alaba adingabeen zaintzaz eta babespeaz edo seme-alaba adingabeen izenean guraso batek besteari erreklamatutako mantenuaz soilik diren ezkontza-prozesuak ere.

b)  Demanda jartzea eta geroagoko errekurtsoak aurkeztea, bereziki oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak defendatzeko ezarritako prozeduretan; baita hauteskunde-administrazioaren jokabidearen aurka ere.

c)  Borondatezko konkurtsoa eskatzea zordunak.

d)  Funtzionario publikoek administrazioarekiko-auzi errekurtsoa jartzea beren estatutuzko eskubideen defentsan.

e)  Prozedura monitorioaren hasierako eskaera eta hitzezko epaiketaren demanda aurkeztea, kopuruak erreklamatzeko, horien zenbatekoa bi mila eurotik beherakoa denean. Ez da aplikatuko salbuespen hori kasu hauetan: prozedura horietan, Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legeko 517. artikuluan xedatutakoaren arabera epaiketaz kanpoko betearazpen-titulu izaera duen agiri batean oinarritzen denean baliatu den uzia.

f)  Administrazioarekiko auzi-errekurtsoak jartzea, administrazio-isiltasunaren edo Administrazioaren jarduerarik ezaren aurrean errekurritzen denean.

2.  Ikuspuntu subjektibotik, honako hauek daude, dena dela, tasa horretatik salbuetsita: Doako laguntza juridikoa jasotzeko eskubidea aitortu zaien pertsonak, eskubide hori arautzen duten baldintzak betetzen dituztela egiaztatu badute.

b) Fiskaltza.

c)  Estatuko Administrazio Orokorra, autonomia-erkidegoetakoak, toki-erakundeak eta haien guztien mendeko erakunde publikoak.

d)  Gorte Nagusiak eta autonomia-erkidegoetako legebiltzarrak.

3.  Lan-jurisdikzioan, langileek, besteren konturakoak izan edo autonomoak izan, ehuneko 60ko salbuespena izango dute erregutze- eta kasazio-errekurtsoak jartzeagatik dagokien tasaren muntan.

5. artikulua.  Tasaren sortzapena.

1.  Honako une prozesal hauetan gertatzen da tasaren sortzapena jurisdikzio zibilean:

a)  Demanda-idazkia jartzean.

b)  Errekonbentzio-idazkia aurkeztean.

c)  Prozedura monitorioaren eta prozesu monitorio europarraren hasierako eskaera aurkeztean.

d)  Hartzekodunak eta gainerako legitimatuek konkurtso-deklarazioaren eskaera aurkeztean.

e)  Konkurtso-prozesuetan demanda intzidentala aurkeztean.

f)  Apelazio-errekurtsoa jartzean.

g)  Arau-hauste prozesalagatik errekurtso berezia jartzean.

h)  Kasazio-errekurtsoa jartzean.

i)  Titulu judizialen betearazpenaren aurkako idazkia jartzean.

2.  Honako une prozesal hauetan gertatzen da tasaren sortzapena administrazioarekiko auzien jurisdikzioan:

a)  Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzean, demanda-aurkezpena lagun duela edo ez.

b)  Apelazio-errekurtsoa jartzean.

c)  Kasazio-errekurtsoa jartzean.

3.  Lan-jurisdikzioan, erregutze- edo kasazio-errekurtsoa jartzean gertatzen da tasaren sortzapena.

6. artikulua.  Tasaren zerga-oinarria.

1.  Tasaren zerga-oinarria prozedura judizialaren edo errekurtsoaren muntarekin dator bat, zeina arau prozesalen arabera zehazten den.

2.  Zehaztu gabeko muntako prozedurak edo Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legeko arauen arabera munta zehazterik ez dutenak hemezortzi mila euroko muntan baloratuko dira, tasa horren zerga-oinarria ezartzeko ondoreetarako soilik.

3.  Akzioak metatzen diren kasuetan, edo uzi desberdinak erreklamatzen direnean demanda, errekonbentzio edo errekurtso-jartze berean, tasa kalkulatzeko, erabilitako uziei edo metatutako akzioei dagozkien munten batura hartuko da kontuan. Baldin eta uziren edo metatutako akzioren bat ezin bada ekonomikoki baloratu, aurreko paragrafoan aipatutako araua ezarriko zaio.

7. artikulua.  Zerga-kuota zehaztea.

1.  Nahiz eta 8. artikuluan xedatutako moduan aldatu ahal izango den, prozesu mota bakoitzaren arabera ondoko taulan zehazten den kopuru finkoa izango da galdagarri: Jurisdikzio zibilean:

Hitzezkoa eta kanbiokoa Arrunta 150 € 300 € Monitorioa, Epaiketaz monitorio kanpoko europarra eta betearazpena demanda eta titulu Nahitaezko konkurtsoa intzidentala judizialen konkurtso- betearazpenari prozesuan aurka egitea 100 € 200 € 200 € Apelazioa 800 € Kasazioa eta arau-hauste prozesalagatiko berezia 1.200 € Prozesu monitorio batean zordunak aurka egin ondoren prozesu arrunt bat egiten denean, prozesu monitorioan dagoeneko ordaindutako kopurua deskontatuko da tasatik.

Administrazioarekiko auzien jurisdikzioan: Laburtua Arrunta Apelazioa Kasazioa 200 € 350 € 800 € 1.200 € Erregutzea Kasazioa 500 € 750 € Lan-jurisdikzioan:

2.  Gainera, beste kopuru bat ere ordainduko da: aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera zehaztutako zerga-oinarriari dagokion karga-tasa aplikatuta sortzen dena, ondoko eskalaren arabera: Zenbatetik 0

Zenbateraino Tasa – % Maximo aldakorra 1.000.000 € Gainerakoa 0,5

0,25

10.000 € 8. artikulua.  Autolikidazioa eta ordainketa.

1.  Subjektu pasiboek Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak ezarritako eredu ofizialaren arabera autolikidatuko dute tasa hori, eta Altxor Publikoan sartuko dute, zergalegeria orokorrean eta artikulu hau garatzeko erregelamenduzko arauetan xedatutakoaren arabera.

2.  Tasa eredu ofizialaren arabera ordaindu delako egiaztagiria behar bezala baliozkotuko da, eta zerga horren zergapeko egitatea sortzen duen idazki prozesal ororekin batera aurkeztuko.

Baldin eta aipatu egiaztagiria aurkezten ez bada, idazkari judizialak hura ekartzeko eskatuko dio subjektu pasiboari, eta ez du bideratuko idazkia harik eta ez-egitea zuzendu arte. Autolikidazio-egiaztagiria ez aurkezteak ez du eragotziko legeria prozesalean ezarritako epeak aplika daitezen, eta, beraz, artikuluak aipu duen idazkarierrekerimenduaren ondoren ez-egitea ez zuzendu izanak egintza prozesalaren preklusioa ekarriko du, eta prozedurak jarraitu egingo du edo amaitu egingo da, zer dagokion.

3.  Baldin eta, edozein prozeduratan, subjektu pasiboak hasieran zehaztutakoa baino munta handiagoa finkatzen bada, subjektu pasiboak aitorpen eta likidazio osagarri bat aurkeztu beharko du, munta zehazten duen ebazpenaren irmotasun-datatik kontatzen hasi eta hilabeteko epean. Orobat gertatuko da subjektu pasiboak ez badu hasieran zehaztu prozeduraren munta edo prozedura desegokia bada.

Aitzitik, baldin eta organo eskudunak finkatutako munta subjektu pasiboak hasieran zehaztutakoa baino apalagoa bada, aurkeztutako autolikidazioa zuzentzeko eska dezake subjektu pasiboak, eta, hala badagokio, zerga-kuotan ordaindutako gehiegizko zatia itzultzeko, zerga-izaerako okerreko sarrerak itzultzeko araudi erregulatzailean xedatutakoaren arabera.

4.  Idazkari judizialak, behin betiko munta zehazten duen ebazpenaren jakinarazpenetik bost eguneko epean, idatziz jakinaraziko dio muntaren aldaketa organo judizialaren egoitza dagoen Tributu Administrazioko Estatu Agentziaren ordezkaritzari, dagozkion ondoreetarako.

5.  Tasa horren kuotaren zenbatekoaren ehuneko 60 itzuliko da −nahiz eta horrek sekula ez duen ekarriko berekin berandutzako interesen sortzapena− kasu hauetan:

zerga horren sortzapena dakarren edozein prozesutan auziaren epaiketaz kanpoko irtenbide bat iristen denean. Prozesua amaitzen duen eta amaitzeko modu hori idatziz jasotzen duen ebazpena irmoa den datatik izango da itzulketa horretarako eskubidea.

6.  Subjektu pasiboek tasaren kuotaren zenbatekoaren ehuneko 20ko itzulketa jasotzeko eskubidea izango dute prozesu batzuk metatzea adosten denean, baina itzulketa horrek sekula ez du ekarriko berekin berandutzako interesen sortzapena.

9. artikulua.  Tasaren kudeaketa.

1.  Artikulu honetan araututako tasaren kudeaketa Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari dagokio.

2.  Ogasun eta Herri Administrazio ministroaren aginduz arautuko dira tasa autolikidatzeko prozedurak eta ereduak.

10. artikulua.  Bitarteko telematikoen erabilpenetik datozen hobariak.

Ehuneko 10eko hobari bat ezartzen zaio jarduera judizialarengatiko tasari, jarduera horren beharra sortzen duten idazkiak aurkezteko eta epaitegiekin eta auzitegiekin diren gainerako komunikazioetarako bitarteko telematikoak erabiltzen diren kasuetarako, legeak ezarritako moduan.

11. artikulua.  Tasaren lotura.

Tasa judiziala, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legeko xedapenen esparruan, doako justizia-sistemarekin lotutzat joko da, ekitaldi bakoitzeko Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legean ezarritakoaren arabera.

II. TITULUA

Produktu kimikoen erregistroan fitxa toxikologikoen alta eta aldaketa egiteagatiko tasa 12. artikulua.  Merkaturatutako produktu kimikoen erregistroan dauden eta prebentzioeta sendatze-neurriak formulatzeko nahiz larrialdi-kasuetan osasun-erantzun egokia emateko informazioa duten fitxa toxikologikoen alta eta aldaketa egiteagatiko tasa.

Toxikologiako eta Auzitegi Zientzietako Institutu Nazionalak eskatuko du, lege honetan xedatutakoaren arabera, Informazio Toxikologikoko Zerbitzuaren produktu kimikoen erregistroan dauden eta prebentzio- eta sendatze-neurriak formulatzeko nahiz larrialdikasuetan osasun-erantzun egokia emateko informazioa duten fitxa toxikologikoen alta eta aldaketa egiteagatiko tasa.

Modu berean eskatuko da tasa, Substantzia eta Nahaste Kimikoen Europako Agentziak ordezko deitura kimiko bat onartu dien nahasteek dauzkaten substantzien identitate kimikoa jakinarazteagatik.

13. artikulua.  Zergapeko egitatea.

Honako hauek dira tasaren zergapeko egitate: Era guztietako substantzia eta nahaste kimikoak merkaturatzen dituzten subjektuek fitxa toxikologikoen alta edo aldaketa egiteko eskatzea erregistroan, eskaera hori borondatez edo gaian indarrean dagoen araudia betez egiten dutela ere.

b)  Substantzia eta Nahaste Kimikoen Europako Agentziak ordezko deitura kimiko bat onartu dien nahasteek dauzkaten substantzien identitate kimikoa Toxikologiako eta Auzitegi Zientzietako Institutu Nazionalari jakinaraztea.

14. artikulua.  Subjektu pasiboak.

Honako hauek dira tasaren subjektu pasiboak: substantzia edo nahaste kimikoak merkaturatzen dituzten eta, erantzun toxikologikoa eta, hala badagokio, osasun-alertak eskaintzeko, Toxikologiako eta Auzitegi Zientzietako Institutu Nazionaleko Informazio Toxikologikoko Zerbitzuaren erregistroan produktuen alta edo aldaketa eskatzen duten subjektuak; baita Substantzia eta Nahaste Kimikoen Europako Agentziak ordezko deitura kimiko bat erabiltzea onartu dien subjektuak ere.

15. artikulua.  Salbuespenak eta murrizketak.

Erregistratzea eskatzen duena ETE (mikroenpresa, enpresa txiki edo ertaina) bat denean, zenbateko murriztuko tasa bat aplikatuko da, 17. artikuluko 2. taularen arabera.

Eskatzaileari dagokio bere ETE izaera egiaztatzea.

16. artikulua.  Tasaren sortzapena.

Une zehatz honetan gertatzen da tasaren sortzapena: Toxikologiako eta Auzitegi Zientzietako Institutu Nazionaleko Informazio Toxikologikoko Zerbitzuaren fitxa toxikologikoen erregistroko datu-basean produktuaren alta edo aldaketa eskatzen denean.

Une honetan ere gertatzen da tasaren sortzapena: Substantzia eta Nahaste Kimikoen Europako Agentziak ordezko deitura kimiko bat onartu dien nahasteek dauzkaten substantzien identitate kimikoa Toxikologiako eta Auzitegi Zientzietako Institutu Nazionalari jakinarazten zaionean.

17. artikulua.  Zerga-kuota zehaztea.

1.  Erregistroan produktuaren alta edo aldaketa egitearen arabera, ondoko taulan zehazten den kopuru finkoa izango da galdagarri:

1. taula Zenbateko normala Tasa Tasaren zenbatekoa Datu-basean produktuaren alta egitea Dagoeneko datu-basean dagoen produktu bat aldatzea 30 € 15 € 2. taula Zenbateko murriztua Tasa Tasaren zenbatekoa Mikroenpresa Enpresa txikia Enpresa ertaina 3€ 10 € 15 € 2€ 5€ 7€ Datu-basean produktuaren alta egitea Dagoeneko datu-basean dagoen produktu bat aldatzea 2.  Edonola ere, 10.000 euroko urteko gehienezko tasa ezartzen da, enpresako, fitxa toxikologikoen alta egiteagatik, eta 5.000 eurokoa, fitxa toxikologikoak aldatzeagatik.

18. artikulua.  Autolikidazioa eta ordainketa.

1.  Subjektu pasiboek Justizia Ministerioak ezarritako eredu ofizialaren arabera autolikidatuko dute tasa hori, eta Altxor Publikoan sartuko dute, zerga-legeria orokorrean eta artikulu hau garatzeko erregelamenduzko arauetan xedatutakoaren arabera.

2.  Tasa eredu ofizialaren arabera ordaindu delako egiaztagiria behar bezala baliozkotuko da, eta zerga horren zergapeko egitatea sortzen duen eskaera ororekin batera aurkeztuko. Hura gabe, Informazio Toxikologikoko Zerbitzuak ez ditu bideratuko eskaerak, harik eta ez-egitea zuzendu arte.

19. artikulua.  Tasaren kudeaketa.

1.  Titulu honetan araututako tasaren kudeaketa Justizia Ministerioari dagokio.

2.  Justizia ministroaren aginduz arautuko dira tasaren autolikidazioaren prozedurak eta ereduak.

Lehenengo xedapen iragankorra.  Funtzionario publikoen postulazioa.

Funtzionario publikoak funtzio publikotik aldentzeaz ez diren eta lege hau indarrean jarri aurretik hasten diren administrazioarekiko auzien prozesuetan, Legeak ez du eskatuko funtzionario publikoen postulazioa.

Bigarren xedapen iragankorra.  Fitxa toxikologikoen altaren eta aldaketaren tasaren aldi baterako salbuespena.

2015eko maiatzaren 31 arte, egun hori barne, salbuetsita egongo dira fitxa toxikologikoen altaren eta aldaketaren tasatik beren elkarteen bitartez Informazio Toxikologikoko Zerbitzuaren egungo datu-basearen kudeaketan lagundu duten enpresak.

Ondore horietarako, salbuetsitzat joko dira 2012ko otsailaren 17an elkarte hauetan sartuta zeuden enpresa guztiak: Detergenteetako eta Garbiketa, Mantentze eta Antzeko Produktuetako Enpresa Elkartea (ADELMA), Lixiben eta Deribatuen Ekoizleen Elkarteen Federazio Nazionala (FENALYD), Banaketako Enpresa Handien Elkarte Nazionala (ANGED) eta Banatzaileen, Autozerbitzuen eta Supermerkatuen Espainiako Elkartea (ASEDAS).

Xedapen indargabetzaile bakarra.  Arauak indargabetzea.

Indargabetu egin da Zerga, Administrazio eta Lan arloetako Neurriei buruzko abenduaren 30eko 53/2002 Legeko 35. artikulua.

Azken xedapenetan lehenengoa.  Tasa eta Prezio Publikoei buruzko apirilaren 13ko 8/1989 Legearen aldaketa.

Aldatu egin da Tasa eta Prezio Publikoei buruzko apirilaren 13ko 8/1989 Legeko 13. artikuluko m) idatz-zatia, eta honela geratu idatzita:

«m) Jurisdikzio zibilean, administrazioarekiko auzienean eta lanarenean jurisdikzio-ahala erabiltzeagatik».

Azken xedapenetan bigarrena.  Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen aldaketa.

Indargabetu egin da Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 23. artikuluko 3. paragrafoa.

Azken xedapenetan hirugarrena.  Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen aldaketa.

Idazketa hau izango du aurrerantzean Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legeko 241. artikuluko 1. paragrafoko 7. zenbakiak:

«7.) Jurisdikzio zibilean, administrazioarekiko auzienean eta lanarenean jurisdikzio-ahala erabiltzeagatiko tasa, aginduzkoa denean».

Azken xedapenetan laugarrena.  Aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuaren aldaketa.

3. artikulua aldatu zaio, eta 5 bis artikulu bat erantsi, aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuari: Bat. 3. artikulua aldatu da, eta honela geratu idatzita:

«1. Errege lege-dekretu honen 2. artikuluan xedatutakoari jarraiki, Estatuaren 2012rako Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 29ko 2/2012 Legeko 26., 28., 29., 30., 32. eta 35. artikuluetan jasotako funtzionarioek eta estatutupeko langileek ez dute jasoko, 2012ko abenduan, inongo zenbatekorik, ez aparteko ordainsariaren kontzeptuan, ez, hala badagokio, berariazko osagarriaren ordainsari gehigarriaren edo baliokidearen kontzeptuan.

2.  2/2012 Legeko 27. artikuluan jasotako Estatuko sektore publikoko langileei errege lege-dekretu honetako 2. artikuluko 2.2 paragrafoan xedatutakoa aplikatuko zaie.

3.  Errege lege-dekretu honetako 2. artikuluan xedatutakoarekin bat, 2/2012 Legeko 31. artikuluak (Bat eta Bi paragrafoak) aipu dituen langileek ez dute jasoko, 2012ko abenduan, inongo zenbatekorik, aparteko ordainsariaren kontzeptuan; ezta Estatuaren 2011rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 22ko 39/2010 Legeko X. eranskinean ezartzen dena ere.

Edozein kasutan, soldataren eta hirurtekoen edo antzinatasunaren urteko zenbateko osoaren murrizketa-ehunekoa antzekoa izango da, aipatu kontzeptuetan, artikulu honen beraren 1. paragrafoak aipu dituen langileentzat aurreikusitakoarekin.

Horretarako, honako hauek itzuliko zaizkie langile horiei, hala badagokio: ohiko ordainsariarekin konparatuta kontzeptu horiengatiko aparteko ordainsariak karrera judizialeko eta fiskaleko kideentzat suposatzen duen ehunekoaren aldeari dagokion zenbatekoa, eta Estatuko Administrazio Orokorreko A1 azpitaldeko langileentzat suposatzen duenari dagokiona.

3 bis. 2/2012 Legeko 31. artikuluko Hiru paragrafoak aipu dituen langileei dagokienez, errege lege-dekretu honetako 2. artikuluan xedatutakoaren aplikazioa soldataren eta hirurtekoen kontzeptuei dagokienez egingo da, Botere Judizialaren Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, kontzeptu horiengatiko urteko zenbateko osoa murrizten dela, aparteko ordainsariena barne, eta murrizketaren ehunekoa antzekoa izango da, kontzeptu berdinei dagokienez, artikulu honen beraren 1. paragrafoak aipu dituen langileentzat ezarritako murrizketarenarekin, Kidego bakoitzarentzat antzeko titulazioko taldea eta azpitaldea aipatzen direla, eta aipatu murrizketa ekitaldi honetan jaso gabe gelditzen diren ordainsari arrunten eta apartekoen artean hainbanatuko da. Haiek ez dituzte jasoko, ezta ere, abenduan, honako zenbateko hauek, aparteko ordainsariak osatzen dituztelako: Estatuaren 2011rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 22ko 39/2010 Legeko XI. eranskinean jasotakoak, eta aipatu abenduari dagokionez 2009ko maiatzaren 8ko Ministroen Kontseiluaren Erabakiaren bigarren paragrafoak aipatzen dituenak (Presidentetza Ministerioaren maiatzaren 18ko 1230/2009 Aginduaren bidez argitaratu zen erabaki hori).

3 ter. 31. artikuluko laugarren paragrafoan jasotako langileei, aplika dakiekeen araudiaren arabera aplikatuko zaizkie artikulu honetan aurreikusitako murrizketak.

4.  2/2012 Legeko 31. artikuluko bosgarren paragrafoak aipu dituen Botere Judizialeko eta Fiskaltzako kideei, salbu Estatuko Fiskal Nagusiari, eta errege legedekretu honetako 2. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, soldataren eta antzinatasunaren edo hirurtekoen kontzeptuan urtean jasotako ordainsari osoaren hamalauren bat murriztuko zaie, eta Estatuaren 2011rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 22ko 39/2010 Legeko X. eranskinean ageri den eta abenduari dagokion ordainsari osoa.

Estatuko Fiskal Nagusiari, errege lege-dekretu honetako 2.5 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, aipatu 31. artikuluko bosgarren paragrafoko 2. eta 3. puntuetan aipatu karguarentzat ageri den urteko ordainsari osoaren hamalauren bat murriztuko zaio.

Ekitaldi honetan jasotzeke dauden nominen artean hainbanatuko da aipatu murrizketa, errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik hasita.

6.  Aurreko paragrafoetan ezarritakoa ez da aplikatuko, langile publikoen lanaldi osoko ordainsariak −errendimenduarentzako pizgarriak gabe− abenduaren 30eko 1888/2011 Errege Dekretuan ezarritako lanbide arteko gutxieneko soldataren 1,5 izatera iristen ez direnean urtean.

Bi. 5 bis artikulu bat erantsi da, eduki honekin:

«5 bis artikulua. Eskubide pasiboetako eta mutualitateetako kuotak 2012ko abenduan.

Estatuaren funtzionario zibilen, Indar Armatuetako langileen, karrera judizialeko eta fiskaleko kideen eta idazkari judizialen kidegoen eskubide pasiboetako kuoten hileko zenbatekoak, eta Estatuko Funtzionario Zibilen Mutualitate Orokorrerako, Indar Armatuen Gizarte Instituturako eta Mutualitate Orokor Judizialerako hileko kotizazio-kuotak modu bikoitzean ordainduko dira 2012ko abenduan».

Azken xedapenetan bosgarrena.  Eskumen-titulua.

Estatuak justizia-administrazioan, legeria prozesalean eta Ogasun Publikoan dauzkan eta Konstituzioko 149. artikuluko 1. ataleko 5., 6. eta 14. puntuetan jasota dauden eskumenen babespean ematen da lege hau.

Azken xedapenetan seigarrena.  Erregelamenduz garatzea.

Gobernuak, Justizia Ministroak eta Ogasun eta Herri Administrazio Ministroak batera proposatuta, lege honetan araututako tasak aplikatzeko beharrezkoak diren erregelamenduzko xedapen osagarriak emango ditu.

Azken xedapenetan zazpigarrena.  Indarrean jartzea.

Lege hau «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean. Aurrekoa gorabehera, 11. artikulua 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko da.

Beraz, Lege hau betetzeko eta betearazteko agintzen diet espainiar guztiei, norbanakoei eta agintariei.

Madrilen, 2012ko azaroaren 20an.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra