Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Prozedura zuzenbidea  >>  Legeria

13/2015 Lege Organikoa, urriaren 5ekoa, Prozedura Kriminalaren Legea aldatzen duena, prozesuko bermeak sendotzeko eta ikerketa teknologikorako neurriak arautzeko

2015-10-05

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2015/10/06, 239. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

10725 13/2015 Lege Organikoa, urriaren 5ekoa, Prozedura Kriminalaren Legea aldatzen duena, prozesuko bermeak sendotzeko eta ikerketa teknologikorako neurriak arautzeko.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege organiko hau onetsi dutela eta nik berretsi egiten dudala.

HITZAURREA

I

Prozedura Kriminalaren Legearen testu artikulatua prestatzeko Erakunde Batzordeak, zeina Ministro Kontseiluaren 2012ko martxoaren 2ko Erabakiaren bidez sortu baitzen, zigor-arloko prozesuari buruzko kodearen proposamena aurkeztu zuen, eta, gaur egun, jendaurreko informazioaldian eta eztabaidagai dago. Bada, agiri horretan, zigor-arloko justiziaren sistema errotik aldatzea proposatzen da, eta, aldaketa hori abian jartzeko, adostasun zabala behar da. Eztabaida-fasea ez da amaitu oraindik; izan ere, zigor-arloko prozesuaren eredu berriari buruz ahalik eta adostasun handiena lortuko delako konfiantza dugu. Haatik, eztabaidak jarraitzen duen bitartean, derrigorrezkoa da berehala aurre egitea zenbait konturi, ezin baitute itxaron arauzko testu berriak ehun urtetik gora dituen Prozedura Kriminalaren Legea ordeztu arte.

Gai horien artean daude prozesu-eskubideak sendotzea, Europar Batasuneko Zuzenbideak galdatzen duenaren arabera, eta ikerketa teknologikorako neurriak arautzea, Konstituzioak bermatzen dituen intimitaterako eskubideei, komunikazioen sekretuari eta datu pertsonalen babesari dagozkien eremuetan.

II

Gai horiek arautuz, lege honek zuzenean eragiten die Espainiako Konstituzioaren 18. eta 24. artikuluei, lege organikoaren eremu propioan eragina duten aldaketa juridikoak —substantiboak eta prozesalak— eransten baititu, Konstituzioan jasotako oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak garatzen dituen neurrian.

Urte guztiotan zehar, ez da egon oinarri gisa balia zitekeen irizpide erkiderik zehaztu ahal izateko Prozedura Kriminalaren Legearen zein edukik egon behar zuen lege organikoaren erreserbaren mende eta, aldiz, zein beste edukiren erregulazioa gauzatu behar zen lege arruntaren bitartez. Askotan igo izan dira mailaz prozedurei buruzko arauak: batzuetan, Konstituzio Auzitegiak «elkarri lotutako gaiak» deitu dituenen aplikazioan, hau da, «lotura tematikoari, sistematikotasunari edo legegintza-politika onari lotutako arrazoiak direla eta, lege organikoari erreserbatutako gaiekin batera sartzea egoki ikusi izan diren» gaiak (KAE 5/1981); beste batzuetan, berariaz izaera organikoa izan behar duten legeei eragiten dietelako, eta hori da, adibidez, Botere Judizialaren Lege Organikoaren edo Zigor Kodearen kasua.

Are gehiago, oso kontuan hartzekoa da oinarrizko eskubide batzuen lege-garapenari eta berorien funtsezko edukiaren mugaketari buruzko Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziak aldaketak izan dituela urte guztiotan zehar, eta aldaketa horiek,

ezinbestean, eragina izan dutela, beren edukiak direla medio, Konstituzioaren 81.1 artikuluaren erreserban sartu beharrekoak diren erregulazioetan.

Orain bultzatzen ari den Prozedura Kriminalaren Legearen erreformak barnean hartzen ditu bai oinarrizko eskubideak garatzen dituzten neurriak, bai prozesu-izaera soila duten beste batzuk. Bigarren horiek, berez, gai organikoen beharrezko osagarriak ez direnez, hobestekoa jotzen da halakoak maila desberdinetako arau independenteen bitartez izapidetzea.

Horregatik guztiagatik, lege honek xede dituen izaera organikoko aurreikuspenetan (auzipetuen eta atxilotuen edo presoen prozesu-eskubideak sendotzea eta Konstituzioaren

18.artikulua mugatzen duten ikerketa-neurrien erregulazioa) zentratzen den legegintza- ekimena maila organikoa duen AD HOC egindako arau batean erregulatzearen aldeko hautua egin da.

III

Beharrezkoa da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko urriaren 22ko 2013/48/EB Zuzentarauaren transposizioa egitea barne-ordenamenduan; zuzentarau hori zigor-arloko prozesuetan eta Europako atxilotzeko aginduari dagozkion prozeduretan letraduaren laguntza izateko eskubideari, askatasun-gabetzearen unean hirugarren bati horren berri emateko eskubideari eta askatasunaz gabetuta dagoen bitartean hirugarrenekin eta agintari kontsularrekin komunikatzeko eskubideari buruzkoa da. Horretarako, Prozedura Kriminalaren Legearen 118., 509., 520. eta 527. artikuluak aldatzen dira eta 520 ter artikulu berri bat gehitzen da, Europar Batasuneko Zuzenbideak galdatzen dituen aurreikuspenak sartuta; horien artean, atxilotuak izango duen abokatu-laguntzaren araubidea nabarmentzen da.

Zigor-arloko prozesuetan letraduaren laguntza izateko eskubidea, hirugarren bati askatasun-gabetzearen berri emateko eskubidea eta askatasunaz gabetuta dagoen bitartean hirugarrenekin eta agintari kontsularrekin komunikatzeko eskubidea Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 3., 5., 6. eta 8. artikuluetan xedatutakoan funtsatzen dira, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak egindako interpretazioaren arabera. Prozedura Kriminalaren Legean egiten diren aldaketek erraztu egingo dute eskubide horiek aplikatzea eta defentsaren funtsezko alderdiak bermatuko dituzte zigor-arloko prozesuan.

Horregatik, Prozedura Kriminalaren Legearen oraingo 118. artikulua —defentsa- eskubidea arautzen duena— aldatzen da, eta argi eta zehazki aitortzen da egintza zigorgarri bat gauzatu izana egozten zaion pertsona orok egikaritu ahalko duela bere defentsa-eskubidea, legean aurreikusitakoak beste mugarik gabe, eta ikertutako egintza zigorgarria egozten zaionetik zigorra azkendu arteko denbora finkatzen da eskubide hori egikaritzeko denbora-tarte gisa. Defentsa-eskubidearen oinarrizko edukia da askatasunez izendatutako abokatu baten laguntza izatea, edo, halakorik ezean, ofiziozko abokatu batena, zeinarekin komunikatu eta elkarrizketatu ahalko baita isilpean, edozein momentutan, egintza zigorgarri bat egozten zaion unetik; gainera, abokatu hori aurrean egongo da deklarazio guztietan eta gauzatzen diren identifikazio- eta bekaldura- eginbideetan edo egitateak berreraikitzeko eginbideetan.

Aipamen berezia eskatzen du ikertu edo auzipetuaren eta abokatuaren arteko komunikazioen konfidentzialtasunaren aitortzari dagokion auziak, zeina mugatua izan ahalko baita inguruabar jakin batzuk biltzen diren kasuan, hala nola ikertutako delitu- egitatean abokatuak parte hartu duelako zantzu objektiboak egotea.

Ikertu edo auzipetuaren eskubide guztiak hizkera ulergarrian eta hartzailearen inguruabar pertsonaletara egokituta jakinaraziko zaizkio, hau da, adina, heldutasun-maila edo desgaitasuna kontuan hartuta.

Atxilotutako edo askatasunaz gabetutako pertsonak direnean, eskubide horiek Prozedura Kriminalaren Legearen 520. artikuluan jasotzen dira, zeina zorrozki egokitzen baita Europako araudiaren eskakizunetara; izan ere, aipamen berezia egiten dio, beste eskubide batzuen artean, atxilotuak abokatua izendatzeko duen eskubideari eta harekin isilpeko elkarrizketa izateari, baita poliziak, fiskalak edo agintaritza judizialak haren deklarazioak jaso aurretik ere. Geografikoki urrun egoteagatik letraduaren laguntza

berehala jaso ezin bada, atxilotuari telefono bidezko komunikazioa edo bideokonferentzia erraztuko zaio, komunikazioa ezinezkoa den kasuetan izan ezik. Araututa geratzen dira, orobat, askatasunaz gabetua izan dela familiako bati jakinarazteko eskubidea, berak hautatutako hirugarren batekin telefonoz komunikatzeko eskubidea eta agintari kontsularrekin komunikatzeko eskubidea, atxilotua edo presoa atzerritarra denean.

Arau honetan, atxilotutako ikertuaren estatutua osatze aldera, xedatzen da polizia- atestatuak atxiloketa non eta zer ordutan izan den jaso behar duela nahitaez, eta epailearen esku edo aske non eta zer ordutan utzi den ere bai. Konstituzioan jasota dauden atxilotuaren ohore-, intimitate- eta irudi-eskubideak segurtatzeko xedez, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren doktrinari segituz, zeinak atxiloketak giza duintasuna errespetatzea eskatzen baitu, eta ez dadila izan atxiloketak berez dakarrena baino zama astunagoa, lege-testura eraman da atxiloketa erabakitzen dutenek eta hura praktikara eramateaz arduratzen direnek izan dezatela eskubide horiek zaintzeko obligazioa, Estatuko Fiskaltza Nagusiaren eta Barne Ministerioaren jarraibideek jada gogorarazten zuten bezala. Babes horrek ezin dezake ahaztuta utzi, hala ere, informatzeko oinarrizko eskubideari zor zaion errespetua, Konstituzioaren 20. artikuluan jasotzen den bezala eta Konstituzio Auzitegiaren doktrinaren arabera, zuzenbidezko estatuaren adierazpen gisa.

«Espetxeratze inkomunikatua» deitzen dena ere berrikusten da erreforma honetan, berori Europar Batasunaren Zuzenbidearen eskakizunetara egokitzeko helburuarekin. 527. artikuluaren erregulazio berriak atxilotzeko modalitate hori aplikatzea ahalbidetzen du legez aurreikusitako oinarriak biltzen direnean, 509. artikuluari emandako idazketa berriaren arabera. Gainera, ahalmena ematen zaio epaileari eskubide batzuk muga ditzan, kasu bakoitzaren premien arabera –murrizketa hori ezingo zaie guztiei automatikoki eta bereizketarik gabe aplikatu–, eta hertsiki ezinbestekoa den denboraz.

Adingabeei dagokienez, zer gertatu den eta non zainduta dauden jakinaraziko zaie, ahalik eta azkarren, haien guraso-ahala, tutoretza edo egitezko zaintza egikaritzen dutenei, eta Fiskaltzako adingabeen atalen esku utziko dira. Interes-gatazkarik balego adingabeen eta guraso-ahala, tutoretza edo egitezko zaintza egikaritzen dutenen artean, defendatzaile judizial bat izendatuko zaio, eta hari emango zaio aipatutako informazioa.

Gaitasuna judizialki aldatuta duten pertsonen kasuan, haien tutoretza edo egitezko zaintza egikaritzen dutenei emango zaie informazioa, eta egitate horren berri emango zaio Fiskaltzari.

Azkenik, arau espezifiko bat gehitzen da Espainiako lurraldetik urrun dauden itsas eremuetako atxiloketen kasurako, halako kasuetarako lege-aurreikuspenik ez izatearen ondorioz gertatzen ziren egoerei erantzuna emateko.

IV

Prozedura Kriminalaren Legeak ezin izan du saihestu denboraren iragana. Teknologia berrien erabilpenarekin zerikusia duten delinkuentzia modu berrituek agerian utzi dute ez dela inondik ere nahikoa orain arteko arau-esparrua, oso bestelako denbora batzuetarako pentsatuta baitzegoen. Komunikazio telematikoan oinarritutako sistemek sortutako informazio-fluxuek gaizkilearen helmenean dauden aukeren berri ematen dute, baina, era berean, ikerketarako tresna ahaltsuak ere eskaintzen dizkiete botere publikoei. Horrela, oreka zail bat lortu beharra dago molde berriko fenomenologia kriminalari aurre egiteko Estatuaren ahalmenaren eta gure sistema konstituzionalak herritar bakoitzari hirugarrenen aurrean bermatzen dion esklusiorako espazioaren artean. Epaileek eta auzitegiek delituaren ikerketan Estatuak dituen mugak zehazteko egindako ahaleginari inolako meriturik kendu gabe, lege-erregulazioaren xede izan behar zuena jurisprudentzia- sormenaren esku utzi izanak, dudarik gabe, defizit bat ekarri du gure prozesu-sistemaren kalitate demokratikoari dagokionez, eta esan behar da bai dogmatikak eta bai nazioaz gaindiko instantziek gogorarazi dutela gabezia hori. Duela gutxi, Konstituzio Auzitegiak gogora ekarri du ez dagoela gehiago atzeratzerik zigor-arloko prozesuetan ikertuaren pribatutasunean egiten diren mutur-sartzeei buruzko erregulazioa. Gaur-gaurkoz, ez dute estaldurarik eta berorien konponbidea ez dago lortzerik Konstituzioaren ikuspegitik onar daitezkeen mugak gainditzen dituen integrazio analogikoaren espediente boluntarista

batera jotzearekin. Horrela baizik ezingo da eragotzi orain bizi dugun egoera sortzen ari den eragin negatiboa zigor-arloko prozesuan mugatuak izan daitezkeen zenbait eskubide konstituzionaletan.

Korrespondentzia idatzia eta telegrafikoa geldiaraztea eta irekitzea 579. artikulu berri batean eguneratzen da, non bere aplikazio-eremu materiala mugatu eta, aldi berean, iraun dezakeen gehieneko epeak eta baimen judizialaren premiaren salbuespenak arautzen baitira, jurisprudentziako doktrina finkatu baten arabera. Bereziki, nabarmendutako lehenengo alderdiari dagokionez, erreformak, ikerketa-bitarteko hau baimentzen duten delituen zerrendatze kasuistiko bat onartzen duten beste eredu konparatu batzuek ez bezala, artikulu honen 1. zenbakian definitzen diren hiru betebeharretako edozein nahitaez biltzea –ez-metagarria– hautatzen du, eta erreferentzia izango dira beste ikerketa-neurri batzuen aplikazio-eremua finkatzeko. Horietan lehenengoak izaera kuantitatiboko muga generiko gisa lan egiten du, zigorraren larritasunari lotuta: dolozko delituak, hiru urteko espetxealdia baino luzeagoko gehieneko muga duten zigorrarekin zehatuak. Baldintza horrekin batera, beste bi eransten dira: talde edo antolakunde kriminal baten barruan egindako delituak izatea, edota terrorismo delituak izatea. 579 bis artikulu berri bat gehitzen da, eginbide horren emaitza zigor-arloko beste prozesu batean erabiltzeari dagokiona, bereziki «ustekabeko aurkikuntzen» tratamenduari eta, beste prozesu horretan, neurriaren jarraipenari buruzkoa; horretarako, beharrezkoa izango da egoera hori baliozkotzen duen beste auto judizial bat. Aurreikuspen horrek jarraibide gisa balioko du ikerketa teknologikorako gainerako neurrientzat.

Ikerketa teknologikorako gainerako neurriak izan dira arreta-xede Prozedura Kriminalaren Legearen II. liburuko VIII. tituluko V. kapitulutik VII.era bitartekoetan, eta guztiei aplikatzekoak izango zaizkie IV. kapituluan gehitutako xedapen erkideak. Berrantolatu egin da titulu horretako sistematika tradizionala, jada atzeratu ezin den gai horren erregulazioari leku egin diezaion. Era horretan, eskema formal historiko bat baliatzen da; izan ere, zaharkitzetik eratorritako arazo praktikoak gorabehera, Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak askotan landu du gaia, eta hori abantaila bat da.

Egoki ikusi da Konstituzio Auzitegiak injerentzia-egintzaren baliozkotasunaren erabakitzaile definitu dituen printzipioen aldarrikapen arauemailea. Neurri orok espezialitate-printzipioari erantzun beharko dio. Horrek eskatzen du delako jarduketak egitate zigorgarri zehatz bat argitzea izan behar duela xede, eta, hortaz, galarazita gelditzen direla prospekzio izaerako ikerketa teknologikorako neurriak, Konstituzioaren interpretatzaile gorenetik jaiotako doktrinak aditzera ematen duen kontzeptuarekin bat etorririk, hau da, irailaren 11ko 253/2006 epaiarekin. Ikerketa teknologikorako neurriek, gainera, egokitasun-, salbuespen-, beharrizan- eta proportzionaltasun-printzipioak ase behar dituzte, eta horiek biltzen direla behar bezala justifikatu beharko da gaikuntza egiten duen ebazpen judizialean, non epaileak neurriaren izaera eta hedadura erabakiko dituen ikerketa jakin bati eta espero diren emaitzei lotuta.

Erreformak egoki irizten dio gaikuntza egiten duen ebazpen judizialaren eskaeraren eta edukiaren alderdi formalak bertan behera ez uzteari. Auzitegietako praktikan gertatu ohi da poliziaren eskaerek eta geroagoko ebazpen judizialek argudiatze laburra izatea, eta horrek zioak emateko betebehar konstituzionala urra dezake. Efektu hori ekiditea du xede eskaera horren edukia halako xehetasunez erregulatzeak, bai eta, kasua hala bada, injerentzia- neurria gaitzen duen ebazpen judizialarena ere. Xedapen erkideak, era berean, gainerako forma-kontuetara ere hedatzen dira: luzapen-eskaera, iraupenaren arau orokorrak, sekretua, neurriaren kontrola, hirugarren pertsonei eragitea, informazioa beste prozedura batean erabiltzea, neurria etetea edo erregistroak suntsitzea. Eginbide bakoitzak alderdi horietako batzuk modulatuko ditu, eta bere berezitasunari dagozkion arau espezifikoen arabera eraenduko da.

Komunikazio telefonikoak eta telematikoak intertzeptatzeari dagokionez, aplikazio- eremu materiala erabaki behar denean, lehen azaldutako irizpide berberari jarraituko zaio igorpen bidez, baina delituen zerrendara gehitzen dira tresna informatikoen edota informazioaren edo telekomunikazioaren beste zeinahi teknologiaren bitartez egindako delituak.

Erregulazio berrian garrantzi propioa ematen zaie prozesu-legean tratamendu arauemailerik izan ez duten komunikazio telematikoaren arloko beste forma batzuei. Hutsune horri lotutako zailtasunak biderkatu egin dira praktikan, komunikazio elektronikoek sortutako datuak kontserbatzeko operadoreen obligazioa arautzea bilatzen duen legeriaren jurisprudentzia-interpretazioaren eraginez, zeinak bigarren mailako elementuak izatera degradatu baititu oso zabalduta dauden komunikazio telematikoaren arloko hainbat tresna –adibidez, SMS mezuak edo posta elektronikoa–, nahitaez sakrifikatzen baitira horiek epailearen erabaki baten indarrez telefonoan esku sartzeko agintzen den bakoitzean. Kontzepzio horri aurre eginez, telefono bidez edota komunikazio telematiko, logiko edo birtualeko zeinahi beste bitarteko edo sistemaren bitartez egiten diren edozein motatako komunikazioetan esku sartzea eta haiek miatzea baimentzen du testu berriak. Baina horien guztien intertzeptazioa –bere tresna-izaera propio eta berezituan– testuak aldarrikatzen dituen printzipio orokorren pean jartzen du. Neurri horrekin bilatzen da epailea bera izan dadila, ikerketaren xede den egitatearen larritasuna haztaturik, Estatuak komunikazio partikularretan egin beharreko injerentziaren norainokoa erabakitzen duena. Berori gaitzen duen ebazpenak, hortaz, neurriaren eremu objektiboa eta subjektiboa zehaztu beharko ditu. Hau da, arrazoitu egin beharko du, printzipio haien argitan, komunikazio telefonikoak sakrifikatzea ez dela nahikoa, eta ikerketak, horrez gainera, SMSak, MMSak edo norabide bikoitzeko beste zeinahi motatako komunikazio telematikoak intertzeptatzea eskatzen duela.

Esku-hartzearen hasierako iraupena hiru hilabetekoa izango da, luzeenera jota, baina epe hori luzatu ahal izango da, aldez aurretik eskaera arrazoitua eginda, iraupen bereko hurrenez hurrengo epeetan, harik eta hemezortzi hilabeteko gehieneko epera iritsi arte, betiere hura eragin zuten arrazoiak mantentzen badira. Era horretan, bi alderdi hauen arteko oreka bilatzen da: batetik, gizartearen kontrako delitu larrienak ikertzeko eginbide horiez baliatzeko dagoen beharra; eta, bestetik, muga kronologikoak ezartzeak duen garrantzia, neurri horiek ukitutako herritarren pribatutasunean botere publikoek egiten duten interferentzia alferrikako denboraz luzatzea ekidite aldera.

Epailearen eskura jarritako euskarrien benetakotasuna eta osotasuna segurtatze aldera, beharrezkoa da sistema zentraletik hustutako informazioa bermatuko duen zigilatze-sistema bat edo sinadura elektronikoa erabiltzea. Neurri hori beste jurisdikzio- ordena batzuetan formatu elektronikoan prozesura gehitutako dokumentuen baliozkotasun osorako eskatzen denaren paraleloa da eta Auzitegi Goreneko Bigarren Salaren jurisprudentzia-lerro bati dagokio.

Prozedurari amaiera ematen zaionean, jatorrizko grabazioak ezabatzeko eta desagerrarazteko baldintzak eta moduak finkatzea xede duen arau batekin osatzen da erregulazioa. Neurri horrekin, bere edukiaren kariaz, ukituaren intimitatea konpondu ezinezko eran kaltetu lezakeen materialak zabaltzea eragotzi nahi da.

Zenbait delitu-egitateren ikerketa egiteko orduan, trafikoko datu elektronikoak edo hari lotutakoak prozesura gehitzea garrantzi erabakigarriko kontua izan daiteke. Erreformak Komunikazio elektronikoetako eta komunikazio-sare publikoetako datuak kontserbatzeari buruzko urriaren 18ko 25/2007 Legeak finkatutako irizpidea onartzen du, eta agintzen du baimen judiziala eduki behar dela datu horiek agente ahaldunei lagatzeko, betiere komunikazio-prozesuei lotutako datuak badira. Kasu honetan bakarrik baimenduko da halako datuak prozesura gehitzea: proportzionaltasun-printzipioari lotutako arrazoiengatik, komunikazioen bortxa-ezintasuna sakrifikatzea justifikatzen duen delitu bat ikertzen denean. Banakako tratamendu juridikoa ematen da poliziako agenteek txartel edo terminal jakin baten IMSIra, IMEIra, IP helbidera eta beste identifikazio- elementu batzuetara irispidea izan dezaten, gai horri buruzko Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia finkatuarekin bat eginez. Gailu elektroniko baten titulartasunari edo identifikazioari dagozkion eta komunikazio-prozesuekin loturarik ez duten datuen lagapena ere araututa geratzen da. Fiskaltzak edo Polizia Judizialak, bere eginkizunak betetzean, baimen judiziala eduki beharrik gabe izango du berorietara sartzeko ahalmena.

Esperientziak erakusten du, delitu jakin batzuen ikerketan, ezinbestekoa gerta daitekeela gailu elektronikoak erabiltzea ahozko komunikazio irekiak jasotzeko eta grabatzeko. Orain arte zigor-arloko prozesuaren erregulaziotik kanpo egon den gai bat da hori, eta berorren norainokoari bi ideia giltzarriren arabera ekiten zaio. Lehenengoa da instrukzio-epaileak legitimatu behar duela, nahitaez, injerentzia-egintza; bigarrena, beharrezkoa dela espezialitate-, salbuespen-, egokitasun-, beharrizan- eta proportzionaltasun-printzipio gidariek jardutea neurria justifikatzen duten elementu gisa. Neurri hori ikertuak izango dituen elkartze jakin batzuetarako soilik erabaki ahal izango da, eta zehatz-mehatz identifikatu beharko dira zaintzapean edukiko diren lekua edo lokalak. Beraz, ezingo da baimendu izaera orokorreko edo bereizkuntzarik gabeko ahozko elkarrizketak jasotzea eta grabatzea eta, ondorioz, entzuteko gailua eta, kasua hala denean, hari lotutako kamerak, desaktibatu egin beharko dira jasotze-baimenaren xede zen elkarrizketa amaitu bezain azkar, 588 quater c artikuluak dioenaren arabera.

Segimendu eta lokalizaziorako gailu teknikoen erabilpenaren erregulazioari ere heltzen dio erreformak. Pertsona baten intimitatean botere publikoek haren kokapen espazialaren ezagutza izateak izan dezakeen eragina kontuan hartuta, instrukzio-epailearen eskumena izango da praktika hori baimentzea. Kapitulu berean, baimen judiziala eduki beharrik gabe espazio publikoan irudia grabatzea ahalbidetzen da, egintza horrek gure Konstituzioaren testuko 18. artikuluan jasotako oinarrizko eskubideetako bakar bati ere eragiten ez dion neurrian.

Legearen asmoa araudiko beste hutsune bat betetzea da. Biltegiratze masiboko gailu informatikoen miaketaz eta ekipamendu informatikoen urruneko miaketaz ari gara. Lehenengoari dagokionez, erreformak zalantzarik gabe argitzen du komunikaziorako eta, kasua hala denean, informazioa biltegiratzeko erabiltzen diren tresna horiek konbikzio- pieza soilak baino zerbait gehiago direla. Horrela ulertzen da berorien edukirako irispideari buruzko erregulazio zorrotza. Urruneko miaketari dagokionez –Europako hainbat legeriatan jada jasota dagoen eginbidea–, halako neurria ezartzeak inplikatzen duen injerentzia-maila handiak justifikatzen du neurriaren eremu objektiboa sendotu izana; horretarako, hura gaitu dezaketen delituen NUMERUS CLAUSUS erako zerrenda zehazten eta neurriaren denbora- iraupena mugatzen da: hilabeteko epea, zeina iraupen bereko aldietan luza daitekeen, hiru hilabeteko gehieneko epera iritsi arte.

Azkenik, ikerketa teknologikoaren arloko eginbideei dagokienez, erreformak segurtatze- neurri gisa begiesten du datuak kontserbatzeko agindua, zeinaren helburua sistema informatiko batean biltegiratuta dauden mota guztietako datu eta informazio zehatzak babesten direla bermatzea baita, harik eta berorien lagapena egiteko baimen judiziala lortzen den arte. Era horretan, gerora frogabide gisa gehitzea edo, kasua hala bada, haien auzitegiko analisia ez da ezerezean geratuko, berez hain hegakor diren elementuak desagertu, aldatu edo narriatu direlako. Arau honek 2001eko azaroaren 23ko Ziberdelinkuentziari buruzko Hitzarmenaren –2010eko maiatzaren 20an berretsi zuen Espainiak– 16. artikulua hartzen du erreferentziatzat; aginduak laurogeita hamar eguneko gehieneko indarraldia izango du, eta lagapena baimendu arte edo ehun eta laurogei egun bete arte luzatu ahalko da.

Alferrikakoa da azaltzea agente estaliak izan dezakeen garrantzia zenbait delitu- modalitate pertsegitzeko orduan. Horrela bada, ikerketa teknologikorako aurreko neurri horiei estuki lotuta, erreformak eguneratu egiten du agente estaliak esleituta dituen zereginetan baliabide horiek erabiltzeko modua. Zehazki, alde batetik, agente estaliek irudiak lortzeko eta elkarrizketak grabatzeko aukera izatea aurreikusten da, betiere horretarako berariazko baimen judiziala lortzen badute; eta, bestetik, agente informatiko estaliaren figura erregulatzen da, zeinak baimen judiziala beharko baitu komunikazio-kanal itxietan jarduteko (kanal irekietan, berorien izaera dela eta, ez da baimenik behar) eta, era berean, baimen berezi bat beharko du (bai ebazpen judizial berean, nahikoa zio emanez modu bereizian, bai beste ebazpen batean), ikerketa bat egiten ari dela, beren edukia dela- eta artxibo ez-zilegiak trukatzeko edota bidaltzeko.

V

Erreformaren xedea da, orobat, Prozedura Kriminalaren Legearen hizkera gaur egungo garaietara egokitzea eta, bereziki, legean bereizkuntzarik gabe eta inolako zehaztasun kontzeptualik gabe erabiltzen diren zenbait adierazpide ezabatzea, hala nola egotzi terminoa, hitz horrekin izendatzen baita susmo soil batzuk direla-eta ikerketapean dagoen pertsona bat, nahiz eta delako subjektuari buruz ez den existitzen egitate zigorgarri bat egin izana judizialki eta formalki egozteko moduko behar adinako zantzurik. Helburu horrekin bildu zen Hizkera Juridikoaren Argitasunerako Batzordea, zeinen gomendioak kontuan hartu baitziren lege honetako arauak idazteko orduan. Batzordearen ondorioen artean dago esandako hitzaren konnotazio negatiboak eta estigmatizatzaileak ekidin behar direla, eta hizkera zigor-arloko prozesuaren fase bakoitzean gertatzen den errealitatera egokitu behar dela. Arrazoi horiek direla eta, egotzi hitzaren ordez beste egokiago batzuk erabili behar dira, hala nola ikertu eta auzipetu, prozesuaren fasearen arabera. Erreformak bere egin ditu ondorio horiek. Horrela, hitz horietako lehenengoak delitu batekin duen erlazioagatik ikerketapean dagoen pertsona identifikatzeko balioko du; auzipetu terminoarekin, berriz, oro har, kausaren instrukzioa amaitu ostean, agintaritza judizialak delitu-egitate jakin batean parte hartu izana formalki egozten dion pertsona izendatuko da. Lege honen idazketa-prozesuan doikuntza kontzeptual eta terminologiko horren arabera jokatu bada ere, hogeigarren zenbakian, aurrez aipatu diren termino horiek ordezten dira Prozedura Kriminalaren Legearen gainerako artikuluetan. Edonola ere, ordezte horrek ez du eraginik ikertua edo auzipetua une horretan aurkitzen den prozesu-egoerarekiko erlazioa definitzeko erabiltzen diren beste izendapen batzuetan. Horrela, lehenean mantentzen dira «akusatu» edo «prozesatu» terminoak, eta bata zein bestea «auzipetu» hitzaren lekuan erabili ahalko da prozesuaren dagokion fasean.

VI

Lege honetan aurreikusitako arauak berau indarrean jarri ostean abian jartzen diren zigor-arloko prozedura guztiei izango zaizkie aplikatzekoak. Hala ere, ikertuaren eta atxilotuaren estatutuari eta ikerketa teknologikorako neurriei dagozkien aurreikusitako bermeak berehala operatiboak izan daitezen abian dauden prozeduretan, xedatzen da berme horiek nagusitu behar dutela orobat beroriek indarrean jarri ostean erabakitzen diren poliziaren eta fiskalaren eginbideetan, eta ebazpen eta jarduketa judizialetan. Horrek ez du esan nahiko, inola ere, orduan indarrean zegoen legeriaren arabera lehendik emandako ebazpenen edo egindako jarduketen baliozkotasuna zalantzan jar daitekeenik.

Artikulu bakarra. Prozedura Kriminalaren Legea aldatzea.

Prozedura Kriminalaren Legea honela geratzen da aldatuta:

Bat. 118. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«118. artikulua.

1.Egitate zigorgarri bat egozten zaion edozein pertsonak egikaritu ahal izango du defentsa-eskubidea —jarduketetan esku hartuz egitate horren berri ematen zaionetik—, atxilotua izan denean edo beste edozein kautela-neurri ezarri zaionean edo haren auzipetzea erabaki denean; horretarako, justifikatu gabeko atzerapenik gabe, honako eskubide hauei buruzko argibideak emango zaizkio:

a)Egozten zaizkion egitateen berri izateko eskubidea, bai eta ikerketaren eta egotzitako egitateen xedean gertatutako aldaketa esanguratsuen berri ere. Ahalik eta informaziorik zehatzena eman beharko zaio, defentsa-eskubideaz modu eragingarrian balia dadin.

b)Defentsa-eskubidea babesteko behar adinako aurrerapenarekin jarduketak aztertzeko eskubidea, eta, edozein kasutan ere, deklarazioa hartu aurretik.

c)Legean xedatutakoaren arabera, bere defentsa-eskubidea egikaritzeko, zigor-arloko prozesuan jarduteko eskubidea.

d)Abokatua askatasunez izendatzeko eskubidea, 527. artikuluaren 1 a) zenbakian xedatutakoa aintzat hartuta.

e)Doako laguntza juridikoa eskatzeko eskubidea, horretarako prozedura eta hura lortzeko baldintzak.

f)Doako itzulpena eta interpretazioa izateko eskubidea, 123. eta 127. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

g)Isilik egoteko eskubidea eta, nahi ez badu, deklaraziorik ez egitekoa, eta egiten zaion galdera bati edo gehiagori ez erantzutekoa.

h)Nork bere buruaren aurka deklaraziorik ez egiteko eta nork bere burua errudun ez aitortzeko eskubidea.

Zenbaki honetan aditzera ematen den informazioa hizkera ulergarrian eta hartzailearentzat eskuragarri den moduan emango da. Ondorio horietarako, informazioa egokitu egingo zaie hartzailearen adinari, heldutasun-mailari, desgaitasunari eta eskura jartzen zaion informazioaren garrantzia ulertzeko gaitasuna aldarazten duten gainerako inguruabar pertsonalei.

2.Defentsa-eskubidea legean berariaz aurreikusitakoak beste mugarik gabe egikarituko da, ikertutako egitate zigorgarria egozten den momentutik zigorra azkentzen den arte.

Defentsa-eskubideak barnean hartzen du askatasunez izendatutako abokatu baten laguntza edo, halakorik ezean, ofiziozko abokatu batena, zeinarekin komunikatu eta elkarrizketatu ahalko baita isilpean, poliziak, fiskalak edo agintaritza judizialak haren deklarazioak jaso aurretik ere, 527. artikuluan xedatutakoa ezertan eragotzi gabe; gainera, abokatu hori aurrean egongo da deklarazio guztietan eta gauzatzen diren identifikazio- eta bekaldura-eginbideetan eta egitateak berreraikitzeko eginbideetan.

3.Prozesuan jardun ahal izateko, prokuradoreak pertsona ikertuak ordezkatuko ditu, eta abokatuak, haiek defendatu; horiek ofizioz izendatuko dira, ikertuek izendatu ez eta hori eskatzen dutenean, eta, beti, horretarako lege-gaitasunik ez dutenean.

Prokuradorea edo abokatua izendatu ez badute, horretarako errekerimendua egingo zaie —errekerimendua jasota ere, izendatzen ez badute, ofizioz izendatuko zaizkie—, betiere haien aholkua beharrezkoa denean edo errekurtsoa jartzeko haien jarduna nahitaezkoa denean.

4.Ikertu edo auzipetuaren eta abokatuaren arteko komunikazio guztiak konfidentzialak izango dira.

Elkarrizketa edo komunikazio horiek jaso badira edo haietan esku sartu bada lege honetan araututako eginbideren bat egikaritzen zen bitartean, epaileak aginduko du grabazioa ezabatzeko edota geldiarazitako korrespondentzia hartzaileari entregatzeko, eta inguruabar horiek jasota geratuko dira jarduketetan.

Lehenengo paragrafoan xedatutakoa ez da aplikatzekoa izango frogatzen bada badirela ikertutako delitu-egitatean abokatuak parte hartu duelako edo, ikertuarekin edo auzipetuarekin batera, beste arau-hauste penal batean inplikatuta dagoelako zantzu objektiboak, Espetxeei buruzko Lege Orokorrean xedatutakoa ezertan eragotzi gabe.

5.Salaketa edo kereila onartzen bada, edota, edozein prozesu-jardunen ondorioz delitua pertsona zehatz bati edo batzuei egotzi eta jarduketa hori onartzen bada, horren berri emango zaie berehala ustezko erantzuleei.»

Bi. 6. eta 7. zenbaki berriak gehitzen zaizkio 282 bis artikuluari, eta honela geratzen dira idatzita:

«6. Instrukzio-epaileak baimena eman ahalko die Polizia Judizialeko funtzionarioei komunikazioko kanal itxietan eduki ditzaketen komunikazioetan identitate faltsuarekin jarduteko, artikulu honetako 4. zenbakian aipatzen den

delituren bat edo 588 ter a artikuluan aurreikusitako beste edozein delitu argitzeko xedez.

Agente informatiko estaliak, horretarako baimen espezifikoarekin, beren edukia dela-eta zilegi ez diren artxiboak trukatu edo bidali ahalko ditu, bai eta aipatutako artxibo ez-zilegi horien identifikaziorako aplikatutako algoritmoen emaitzak aztertu ere.

7.Agente estaliaren bitartez aurrera eramaten ari den ikerketa batean, epaile eskudunak agentearen eta ikertuaren artean aurreikusitako elkartzeetan irudiak hartzea eta berorietan egon daitezkeen elkarrizketak grabatzea baimendu ahalko du, baita etxe baten barruan gertatzen diren kasuan ere.»

Hiru. 509. artikuluan, 1. eta 2. zenbakiak aldatzen dira eta 4. zenbaki berri bat gehitzen da. Honela geratzen dira idatzita:

«1. Instrukzio-epaileak edo auzitegiak, salbuespenezko kasuan eta ebazpen ziodunaren bitartez, atxilotze edo espetxeratze inkomunikatua erabaki ahalko du inguruabar hauetakoren bat biltzen bada:

a)pertsona baten bizia, askatasuna edo osotasun fisikoa arriskuan jar dezaketen ondorio larriak ekiditeko presako beharrizana, edo

b)zigor-arloko prozesua larriki arriskuan jartzea ekiditeko instrukzio-epaileen berehalako jarduketa baten presako beharrizana.

2.Aurreko zenbakian aipatutako arriskuak saihesteko presazko eginbideak gauzatu behar direnez gero, horiek egiteko behar den denbora bakarrik iraungo du inkomunikazioak. Inkomunikazioa ezin izango da izan bost egunekoa baino luzeagoa. Espetxeratzea kausan erabaki bada 384 bis artikuluan aipatutako delituetako baten ondorioz, edo bi pertsonak edo gehiagok elkarrekin hitzartuta edo modu antolatuan egindako beste delitu batzuen ondorioz; inkomunikazioa luzatu ahal izango da bost egun baino luzeagoa izango ez den epe batez.»

«4. Ezin izango zaie atxilotze inkomunikaturik ezarri ezein kasutan hamasei urtez azpiko adingabeei.»

Lau. Idazketa berria ematen zaie 520. artikuluaren 1., 2., 3., 4., 5. eta 6. zenbakiei, eta 2 bis, 7. eta 8. zenbaki berriak gehitzen dira artikulu horretan, eduki hau izango dutenak:

«1. Atxiloketa eta behin-behineko espetxeratzea atxilotuari edo presoari berari, haren ospeari eta ondareari kalte gutxien egiteko moduan egingo dira. Neurria erabakitzen dutenak, hura gauzatzeaz arduratzen direnak eta ondorengo lekualdatzeak egiten dituztenak, atxilotuaren edo presoaren ohore-, intimitate- eta irudi-eskubide konstituzionalak zaintzeaz arduratuko dira, informatzeko askatasunerako oinarrizko eskubidea errespetatuz.

Prebentziozko atxiloketak ezin izango du iraun egitateak argitzeko ikerketek zenbat denbora iraun eta hori baino gehiago. Lege honetan ezarritako epeetan, eta, edozein kasutan ere, hirurogeita hamabi orduko gehieneko epean, atxilotua aske utzi edo agintari judizialaren esku jarri beharko da.

Atestatuan adierazi beharko da atxiloketa non eta zer ordutan izan den, eta agintari judizialaren esku edo, hala bada, aske non eta zer ordutan utzi den ere bai.

2.Atxilotuta edo preso dagoen pertsona orori, hizkera erraz eta ulergarrian, berehala eta ulertzen duen hizkuntza batean, informazioa emango zaio idatziz, berari egozten zaizkion egitateei eta askatasun-gabetzea eragin duten zioei buruz, bai eta hark dituen eskubideei buruz ere, eta bereziki:

a)Isilik egoteko eskubidea, hala nahi badu, deklaraziorik egin gabe; egiten zaion galdera bati edo batzuei ez erantzuteko eskubidea; edo deklarazioa epailearen aurrean bakarrik egingo duela adierazteko eskubidea.

b)Nork bere buruaren aurka deklaraziorik ez egiteko eta nork bere burua errudun ez aitortzeko eskubidea.

c)Abokatu bat izendatzeko eskubidea, 527. artikuluaren 1.a) zenbakian xedatutakoa ezertan eragotzi gabe, eta haren laguntza jasotzeko eskubidea justifikatu gabeko atzerapenik gabe. Geografikoki urrun egoteagatik letraduaren laguntza berehala jaso ezin bada, atxilotuari telefono bidezko komunikazioa edo bideokonferentzia erraztuko zaio, komunikazio hori ezinezkoa den kasuetan izan ezik.

d)Atxilotzearen edo askatasun-gabetzearen legezkotasuna aurkaratzeko funtsezko jarduketetako elementuez baliatzeko eskubidea.

e)Berak nahi duen familiakoari edo pertsonari, justifikatu gabeko atzerapenik gabe, askatasunaz gabetuta dagoela eta zer lekutan daukaten zaintzapean jakinarazteko eskubidea. Atzerritarrek eskubidea izango dute aurreko inguruabarrak beren herrialdeko bulego kontsularrari jakinarazteko.

f)Berak aukeratutako hirugarren batekin telefonoz komunikatzeko eskubidea, justifikatu gabeko atzerapenik gabe. Komunikazio hori poliziako funtzionario baten aurrean egingo da, edo, hala badagokio, epaileak edo fiskalak izendatzen duen funtzionarioaren aurrean, 527. artikuluan xedatutakoa ezertan eragotzi gabe.

g)Bere herrialdeko agintari kontsularren bisita jasotzeko, haiekin komunikatzeko eta korrespondentzia izateko eskubidea.

h)Doako interpretea izateko eskubidea, baldin eta gaztelania edo kasuko jarduketaren hizkuntza ofiziala ulertzen edo hitz egiten ez duen atzerritarra bada, edo gorra, entzumen-desgaitasuna duena edo hizkuntza-arloko beste zailtasunen bat duen pertsona baldin bada.

i)Mediku forentseak edo haren legezko ordezkoak aztertua izateko eskubidea; edo, bestela, atxilotuta dagoen erakundekoak; edo Estatuaren nahiz beste administrazio publiko baten mendeko beste mediku batek.

j)Doako laguntza juridikoa eskatzeko eskubidea, horretarako prozedura eta hura lortzeko baldintzak.

Argituko zaio, halaber, zein den gehienezko epea atxiloketa egiten denetik agintaritza judizialaren esku utzi arte, eta zein den atxiloketaren legezkotasuna aurkaratzeko prozedura.

Ezinezkoa bada atxilotuak ulertzen duen hizkuntza batean eskubideen deklarazioa izatea, interprete baten bidez emango zaio –lehenbailehen– eskubideen berri. Orduan, eskubideen idatzizko deklarazioa entregatuko zaio –bidezkoa ez den atzerapenik gabe– ulertzen duen hizkuntza batean.

Kasu guztietan izango du atxilotuak –atxiloketak dirauen artean– eskubideen idatzizko deklarazioa eskuetan izateko aukera.

2 bis. Aurreko zenbakian aditzera ematen den informazioa hizkera ulergarrian eta hartzailearentzat eskuragarri den moduan emango da. Ondorio horietarako, informazioa egokitu egingo zaie atxilotuaren adinari, heldutasun-mailari, desgaitasunari eta eskura jartzen zaion informazioaren garrantzia ulertzeko gaitasuna murritzarazten duten gainerako inguruabar pertsonalei.

3.Atxilotua atzerritarra denean, haren herrialdeko kontsulari atxiloketaren eta dagoen zaintza-lekuaren berri emango zaio, eta agintari kontsularrarekin komunikatzea baimenduko zaio. Atxilotuak nazionalitate bat baino gehiago baditu, aukeratu ahal izango du zein agintari kontsularri jakinarazi behar zaion askatasunaz gabetuta dagoela eta norekin komunikatu nahi duen.

4.Adingabea baldin bada, Fiskaltzako adingabeen atalen esku utziko da, eta zer gertatu den eta haren zaintza-tokiaren berri emango zaie haren guraso-ahala, tutoretza edo egitezko zaintza egikaritzen dutenei, adingabea dela seguru jakin bezain azkar.

Interes-gatazkarik balego adingabearen guraso-ahala, tutoretza edo egitezko zaintza egikaritzen dutenekin, defendatzaile judizial bat izendatuko zaio eta hari jakinaraziko zaio atxilotu dutela eta non dagoen.

Baldin eta atxilotuak bere gaitasuna judizialki aldatuta badu, artikulu honetako 2. zenbakian aurreikusitako informazioa haren tutoretza edo egitezko zaintza egikaritzen dutenei komunikatuko zaie, Fiskaltzari ere horren berri emanez.

Atxilotutako adingabea edo gaitasuna judizialki aldatuta duena atzerritarra bada, atxiloketaren berri emango zaio, ofizioz, haren herrialdeko kontsulari.

5.Atxilotuak askatasunez izendatuko du abokatua; hala ez bada, ofiziozko abokatu batek lagunduko dio. Ezein agintari edo agentek ez dio abokatuaren izendatzeari buruzko inolako gomendiorik egingo, bere eskubidearen berri ematetik harago.

Atxilotua zaintzapean daukan agintaritzak berehala jakinaraziko dio Abokatuen Elkargoari atxilotuak bere laguntzarako izendatu duen abokatuaren izena, hura lokaliza dezaten eta enkargu profesionala eman diezaioten, edota, kasua hori bada, ofiziozko abokatua izendatzeko eskatuko dio.

Atxilotuak ez badu abokaturik izendatu, edo hautatuak enkarguari uko egin badio, edo aurkitu ez badute, Abokatuen Elkargoak, berehala, ofiziozko txandako abokatua izendatuko du.

Izendatutako abokatua ahalik eta azkarren joango da atxilotua dagoen zentrora, betiere enkargua jaso duenetik hiru orduko gehieneko epearen barruan. Esandako epearen barruan agertuko ez balitz, Abokatuen Elkargoak ofiziozko txandako beste abokatu bat izendatuko du zeina ahalik eta azkarren joango baita atxilotuarengana, betiere adierazitako epearen barruan; horrek ez du ezertan eragotziko agertu ez denari legokiokeen diziplina-erantzukizuna galdatzea.

6.Abokatuaren laguntza honako hau izango da:

a)Kasua hala denean, atxilotuari edo presoari artikulu honetako 2. zenbakian adierazitako eskubideen inguruko informazioa emateko eskatzea, eta, beharrezkoa bada, i) letran zehaztutako mediku-azterketa eginaraztea.

b)Atxilotuak egiten dituen deklarazio-eginbideetan, atxilotua identifikatzeko egiten direnetan eta hark parte hartzen duen egitateak berreraikitzeko eginbideetan esku hartzea. Abokatuak eskatu ahalko dio berak esku hartu duen eginbidea gauzatu duen epaileari edo funtzionarioari, behin eginbidea amaituta, komenigarritzat jotako gorabeherak adieraztea edo gehitzea, bai eta eginbidea gauzatzean gertatutako edozein intzidentzia aktan jasotzea ere.

c)Eskatzen dizkioten eginbideak gauzatzeko onespena emateak edo ukatzeak izan ditzakeen ondorioei buruzko informazioa ematea atxilotuari.

Atxilotuak aurka egiten badio aho-frotisaren bitartez laginak hartzeari, DNAren bidez lortutako identifikatzaileei buruzko poliziaren datu-basea arautzen duen urriaren 8ko 10/2007 Lege Organikoaren aurreikuspenen arabera, instrukzio- epaileak, Polizia Judizialak edo Fiskaltzak eskatuta, eginbide hori nahitaez betearaztea agindu ahalko du ezinbesteko gutxieneko neurri hertsagarriak erabilita, betiere kasuaren inguruabarrekiko proportzionatuak badira eta atxilotuaren duintasuna errespetatzen badute.

d)Atxilotuarekin isilpean elkarrizketatzea, baita poliziak, fiskalak edo agintaritza judizialak haren deklarazioak jaso aurretik ere, 527. artikuluan xedatutakoa ezertan eragotzi gabe.

7.Ikertu edo auzipetuaren eta abokatuaren arteko komunikazio guztiak konfidentzialak izango dira, 118. artikuluaren 4. zenbakian aurreikusten den bezalaxe eta salbuespen berberekin.

8.Atxilotuak edo presoak, hala ere, uko egin diezaioke abokatuaren arauzko laguntzari, baldin eta atxiloketaren egitateak zirkulazio-segurtasunaren kontrako delitutzat baino ez badaude tipifikatuta eta, betiere, eskubidearen edukiari eta uko egitearen ondorioei buruzko informazio argia eta nahikoa ematen bada hizkera errazean eta ulergarrian. Atxilotuak edonoiz errebokatu dezake uko egitea.»

Bost. 520 ter artikulu berria gehitzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«520 ter artikulua.

Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 23.4.d) artikuluan aurreikusten diren delituak ustez egin izanagatik itsas eremuetan atxilotu diren pertsonei kapitulu honetan onartutako eskubideak aplikatuko zaizkie, atxiloketa egin den itsasontzian edo hegazkinean existitzen diren bitarteko pertsonal eta materialekin bateragarri gertatzen diren neurrian, eta aske edota agintaritza judizial eskudunaren esku utzi beharko dira ahal den bezain azkar, betiere ezingo delarik gainditu gehieneko hirurogeita hamabi orduko epea. Atxilotua epailearen esku jartzea itsasontziak edo hegazkinak dituen bitarteko telematikoen bidez egin ahal izango da, distantzia-arrazoiengatik edo haren isolamendu-egoeragatik ezinezkoa denean atxilotua agintari judizialaren aurrera fisikoki eramatea aipatutako epearen barruan.»

Sei. 527. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«1. 509. artikuluko kasuetan, atxilotua edo presoa eskubide hauez gabetu ahalko da, kasuaren inguruabarrek hala justifikatzen badute:

a)Bere konfiantzako abokatu bat izendatzea.

b)Komunikatzeko eskubidea duen pertsona guztiekin edo haietako batekin komunikatzea, agintari judizialarekin, Fiskaltzarekin eta mediku forentsearekin izan ezik.

c)Bere abokatuarekin isilpean elkarrizketatzea.

d)Berak edo bere abokatuak jarduketetarako irispidea izatea, atxiloketaren legezkotasuna aurkaratu ahal izateko funtsezko elementuetarakoa izan ezik.

2.Inkomunikazioa edo aurreko zenbakiko beste eskubide baten murrizketa auto bidez erabakiko da. Eskubideen murrizketa Polizia Judizialak edo Fiskaltzak eskatzen duenean, 1. zenbakian aurreikusitako neurrietatik eskatu direnak erabakita daudela ulertuko da hogeita lau orduko gehieneko epe batez, zeinaren barruan epaileak iritzia eman beharko baitu, bai egindako eskaerari buruz, bai jarduketen sekretua erabakitzearen egokitasunari buruz. Inkomunikazioa eta atxilotuari edo presoari aurreko zenbakian aipatutako salbuespenen bat aplikatzea auto bidez erabaki beharko dira, eta araubide orokorraren salbuespen bakoitza ezartzea justifikatzen duten zergatiak arrazoitu beharko dira, 509. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Epaileak kontrolatuko ditu egiatan inkomunikazioaren baldintzak, eta, horretarako, informazioa eskatu ahal izango du atxilotuaren edo presoaren egoera eta haren eskubideak errespetatzen direla egiaztatzeko.

3.Komunikatzeko eskubidea duen pertsona guztiekin edo haietako norbaitekin komunikatzeko eskubidea murriztu zaion atxilotuari maiztasun honekin egingo zaizkio mediku-azterketak: gutxienez bi azterketa hogeita lau ordutik behin, medikuaren irizpidearen arabera.»

Zazpi. II. liburuko VIII. tituluaren izenburua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«VIII. TITULUA

Konstituzioaren 18. artikuluan onartutako eskubideak mugatzen dituzten

ikerketa-neurriak»

Zortzi. 545. artikulutik 572.era artekoak II. liburuko VIII. tituluko I. kapitulu berri batean biltzen dira, izenburu honekin:

«I. KAPITULUA

Toki itxian sartu eta hori miatzea»

Bederatzi. 573. artikulutik 578.era artekoak II. liburuko VIII. tituluko II. kapitulu berri batean biltzen dira, izenburu honekin:

«II. KAPITULUA

Liburuak eta paperak miatzea»

Hamar. 579. artikulutik 588.era artekoak II. liburuko VIII. tituluko III. kapitulu berri batean biltzen dira, izenburu honekin:

«III. KAPITULUA

Korrespondentzia idatzia eta telegrafikoa geldiarazi eta irekitzea»

Hamaika. 579. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«579. artikulua. Korrespondentzia idatzia edo telegrafikoa.

1.Epaileak erabaki ahalko du ikertuak bidaltzen edo jasotzen duen korrespondentzia pribatua, posta bidezkoa eta telegrafikoa, geldiaraztea, faxak, burofaxak eta igorpenak barne, bai eta haiek ireki edo aztertzea ere, baldin eta zantzuen arabera bitarteko horien ondorioz kausaren egitate edo inguruabar garrantzizkoren bat ezagutarazi edo egiaztatzea lor badaiteke, betiere ikerketaren xedea delitu hauetakoren bat bada:

1.a Dolozko delituak, gutxienez hiru urteko espetxealdiko gehieneko muga duten zigorrarekin zehatuak.

2.a Talde edo antolakunde kriminal baten barruan egindako delituak.

3.a Terrorismo delituak.

2.Epaileak ebazpen ziodunean erabaki ahalko du, gehienez hiru hilabeteko epean, zeina aldi berdinetan edo laburragoetan luzatu ahalko den, hemezortzi hilabeteko gehieneko epea osatu arte, ikertuaren postazko komunikazioak eta telegrafikoak begiratzea, bai eta delituak egiteko baliagarri izan dakizkiokeen gainerako komunikazioak ere.

3.Urgentziako kasuan, talde armatuen edo elementu terroristen jarduketarekin lotura duten delituak bilatzeko ikertzen denean eta artikulu honen aurreko zenbakietan aurreikusitako neurria ezartzea ezinbestekoa egiten duten arrazoi funtsatuak daudenean, Barne ministroak edo, haren faltan, Segurtasuneko estatu- idazkariak agindu ahal izango du neurria. Neurri hori epaile eskudunari jakinaraziko zaio berehala, edozein kasutan ere hogeita lau orduko gehieneko epearen barruan, eta neurria hartzea justifikatu duten arrazoiak, egindako jarduketa, zer eratan gauzatu den eta haren emaitza jaso beharko dira. Epaile eskudunak, berak ere zioak emanez, jarduketa errebokatu edo berretsi beharko du, hirurogeita hamabi orduko gehieneko epean, neurria agindu zenetik zenbatuta.

4.Ez da baimen judizialik beharko kasu hauetan:

a)Posta bidezko igorpenak, beren kanpoko ezaugarriak direla-eta eskuarki korrespondentzia pertsonalerako erabiltzen ez direnak, baizik eta salgaien garraio eta trafikorako, edota beren kanpoko aldean adierazten dutenak barruan zer daukan.

b)Komunikazio irekiaren lege-formatuaren barruan korrespondentzia bidaltzeko beste forma batzuk, non nahitaezkoa den edukiari buruzko adierazpen bat jasota izatea kanpoko aldean edota berariaz adieraztea ikuskapena baimenduta dagoela.

c)Ikuskapena aduanetako arautegiarekin bat etorririk egiten den kasuetan, edota mota jakin bateko igorpenak arautzen dituen posta-arauen arabera bidezkoa denean hura egitea.

5.Eskaera eta eskatutako neurriari dagozkion geroko jarduketak pieza banandu eta sekretuan gauzatuko dira, kausaren sekretua berariaz erabaki beharrik gabe.»

Hamabi. 579 bis artikulu berria sortzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«579 bis artikulua. Beste prozedura batean lortutako informazioaren erabilpena eta ustekabeko aurkikuntzak.

1.Korrespondentzia idatzia eta telegrafikoa geldiarazi eta irekitzearen emaitza ikerketarako bitarteko edo frogabide gisa erabili ahal izango da zigor-arloko beste prozesu batean.

2.Ondorio horretarako, injerentziaren zilegitasuna egiaztatzeko behar diren xehetasunen lekukotzak hartuko dira. Ezinbesteko aurrekarien artean sartuko dira, edozein kasutan ere, neurria hartzeko hasierako eskaera, hura erabakitzen duen ebazpen judiziala eta jatorrizko prozeduran emandako luzapen-eskaera eta ebazpen judizial guztiak.

3.Ustekabean aurkitutako delituaren ikerketarako neurri honekin jarraitzeko, beharrezkoa izango da epaile eskudunaren baimena, eta, horretarako, epaileak jarduketaren eginbidea egiaztatuko du, ustekabeko aurkikuntza egin zeneko esparrua eta bere garaian hura barnean hartzeko neurria eskatzearen ezintasuna ebaluatuz. Era berean, jakitera emango da ea eginbideak sekretuak izaten jarraitzen duten, deklarazio hori zigor-arloko beste prozesuan errespetatua izan dadin; sekretua zer unetan ezagutarazten den jakinaraziko da.»

Hamahiru. II. liburuko VIII. tituluan IV. kapitulu berri bat sortzen da, izenburu eta eduki hauekin:

«IV. KAPITULUA

Xedapen erkideak: komunikazio telefonikoak eta telematikoak intertzeptatzea; gailu elektronikoak erabiliz ahozko komunikazioak jasotzea eta grabatzea; segimendurako, lokalizaziorako eta irudiak jasotzeko gailu teknikoak erabiltzea; informazioaren biltegiratze masiboko gailuen miaketa, eta ekipamendu informatikoen urruneko miaketa.

588. bis a artikulua.

Printzipio gidariak.

1.Kausen instrukzioak irauten duen artean, kapitulu honetan araututako ikerketa-neurriren bat hartzea erabaki ahalko da, betiere neurriaren espezialitate-, egokitasun-, salbuespen-, beharrizan- eta proportzionaltasun-printzipioetara guztiz lotzen den baimen judiziala tartean bada.

2.Espezialitate-printzipioak galdatzen du delitu zehatz baten ikerketari lotuta egon beharko duela neurriak. Ezingo dira baimendu delituak prebenitzea edo aurkitzea edota oinarri objektiborik gabeko susmoak argitzea xede duten ikerketa teknologikorako neurriak.

3.Egokitasun-printzipioak eremu objektiboa eta subjektiboa eta neurriaren iraupena zehazteko balioko du, haren erabilgarritasunaren arabera.

4.Salbuespen- eta beharrizan-printzipioak aplikatuz, kasu hauetan soilik erabaki ahalko da neurria:

a)ikerketaren ezaugarriak kontuan hartuta, eskura ez daudenean ikertuaren edo auzipetuaren oinarrizko eskubideei begira hain astunak ez diren eta egitatea argitzeko berdin balio lezaketen beste neurri batzuk, edo

b)ikertutako egitatearen aurkikuntza edo egiaztapena, egilearen edo egileen zehaztapena, haren egonlekua zein den jakitea, edo delituaren efektuen lokalizazioa larriki zailduta gertatzen denean aipatutako neurri horretara jo gabe.

5.Kapitulu honetan araututako ikerketa-neurriei kasu honetan soilik iritziko zaie proportzionatuak: kasuaren inguruabar guztiak kontuan harturik, ukitutako eskubideen eta interesen sakrifizioa handiagoa ez denean neurria hartzetik interes publikorako eta hirugarrenentzat ondorioztatzen den onura baino. Gatazkan dauden interesak haztatzeko, interes publikoaren balorazioa egitatearen larritasunean, haren garrantzi sozialean, ekoizpeneko eremu teknologikoan, existitzen diren zantzuen trinkotasunean eta eskubidea murriztearekin lortu nahi den emaitzaren garrantzian oinarrituko da.

588 bis b artikulua. Baimen judizialaren eskaera.

1.Epaileak ofizioz edo Fiskaltzaren edo Polizia Judizialaren eskariz erabaki ahal izango ditu kapitulu honetan araututako neurriak.

2.Fiskaltzak edo Polizia Judizialak instrukzio-epaileari ikerketa teknologikorako neurri bat eskatzen dionean, honako hauek jaso beharko ditu eskaerak:

1.a Ikerketaren xede den egitatearen deskribapena eta ikertuaren edo neurriak ukitutako beste edonoren identitatea, datu horiek ezagutzen badira.

2.a Neurria ezarri beharra justifikatzen duten arrazoien azalpen xehatua, 588 bis a artikuluan ezarritako printzipio gidarien arabera. Era berean, injerenzia- egintzarako baimena eskatu aurreko ikerketan agerian geratu diren kriminaltasun- zantzuak azaldu beharko dira.

3.a Ikertuaren edo auzipetuaren identifikazio-datuak eta, kasua hala bada, neurria betearazi ahal izateko erabilitako komunikabideak.

4.a Neurriaren hedapena, haren edukia espezifikatuta.

5.a Esku-hartzearen kargu egingo den Polizia Judizialeko unitate ikertzailea. 6.a Neurria betearazteko modua.

7.a Eskatzen den neurriaren iraupena.

8.a Neurria aurrera eramango duen subjektu behartua, ezagutzen bada.

588 bis c artikulua. Ebazpen judiziala.

1.Instrukzio-epaileak baimendu edo ukatu egingo du eskatutako neurria, auto ziodunaren bidez, Fiskaltzari entzun ondoren. Ebazpen hori hogeita lau orduko gehieneko epean emango da, eskaera aurkezten denetik zenbatuta.

2.Aurreko artikuluetan adierazitako baldintzaren bat betetzen den edo ez ebazteko beharrezkoa den guztietan, epaileak, aurreko zenbakian aipatutako epe hori etenda, eskaeran adierazitakoa are gehiago sakontzea edo argitzea eskatu ahalko du.

3.Neurria baimentzen duen ebazpen judizialak, gutxienez, honako hauek zehaztuko ditu:

a)Ikerketaren xede den egitate zigorgarria eta bere kalifikazio juridikoa, neurriak oinarritzat dituen arrazoizko zantzuak adierazita.

b)Ikertuen identitatea eta neurriak ukitutako beste edonorena, ezaguna baldin

bada.

c)Injerentzia-neurriaren hedapena, norainokoa zehaztuz eta 588 bis a artikuluan ezarritako printzipio gidariak betetzeari buruzko zioak espezifikatuz.

d)Esku-hartzearen kargu egingo den Polizia Judizialeko unitate ikertzailea.

e)Neurriaren iraupena.

f)Nola eta zenbatetik behin emango dion eskatzaileak epaileari neurriaren emaitzei buruzko informazioa.

g)Zer helburu bilatzen den neurriarekin.

h)Neurria aurrera eramango duen subjektu behartua, ezagutzen bada, laguntzeko eta sekretua gordetzeko eginbeharra berariaz aipatuta, bidezko denean; horrela egin ezean, desobeditze delitua egingo lukeela ohartaraziko zaio.

588 bis d artikulua. Sekretua.

Eskaera eta eskatutako neurriari dagozkion geroko jarduketak pieza banandu eta sekretuan gauzatuko dira, kausaren sekretua berariaz erabaki beharrik gabe.

588 bis e artikulua. Iraupena.

1.Kapitulu honetan araututako neurriek haietako bakoitzarentzat zehaztutako iraupena izango dute, eta ezingo dute gainditu egitateak argitzeko behar- beharrezkoa den denbora.

2.Epaile eskudunak neurria luzatu ahalko du auto ziodunaren bitartez, ofizioz edo aldez aurretik eskatzaileak eskaera arrazoitua eginda, betiere hura eragin zuten arrazoiak mantentzen badira.

3.Behin neurriarentzat emandako epea igaro denean haren luzapena erabaki gabe edo, kasua hala bada, luzapena amaituta dagoenean, neurria etenda geratuko da ondorio guztietarako.

588 bis f artikulua. Luzapen-eskaera.

1.Luzapen-eskaera Fiskaltzak edo Polizia Judizialak zuzenduko dio epaile eskudunari, emanda dagoen epea amaitu aurreko behar besteko aurrerapenarekin. Kasu guztietan, honako hauek hartuko ditu barnean:

a)Neurriaren emaitzaren txosten xehatua.

b)Neurriaren jarraipena justifikatzen duten arrazoiak.

2.Eskaera aurkeztu ondorengo bi eguneko epean, epaileak, auto ziodun baten bidez, neurriari amaiera ematea edo hura luzatzea ebatziko du. Ebazpena eman aurretik, argibideak edo informazio gehiago eskatu ahal izango du.

3.Behin luzapena emanda, haren zenbaketa erabakitako neurriaren epea amaitu zen datatik hasiko da.

588 bis g artikulua. Neurriaren kontrola.

Polizia Judizialak neurriaren garapenaren eta emaitzen berri emango dio instrukzio-epaileari, hark zehazten duen moduan eta maiztasunarekin, eta beti, edozein arrazoi dela-eta neurriari amaiera ematen zaionean.

588 bis h artikulua. Hirugarren pertsonei eragitea.

Ondorengo kapituluetan araututako ikerketa-neurriak erabaki ahal izango dira, baita hirugarren pertsonei eragiten dietenean ere, haietako bakoitzari dagozkion xedapen espezifikoetan arautzen diren kasuetan eta baldintza zehatzekin.

588 bis i artikulua. Beste prozedura batean lortutako informazioaren erabilpena eta ustekabeko aurkikuntzak.

Beste prozedura batean lortutako informazioen erabilpena eta ustekabeko aurkikuntzak 579 bis artikuluan xedatutakoaren arabera arautuko dira.

588 bis j artikulua. Neurria etetea.

Epaileak neurria etetea erabakiko du hura abian jartzea justifikatu zuten inguruabarrak desagertzen direnean edo bistakoa denean haren bitartez ez direla lortzen bilatzen zituzten emaitzak eta, edozein kasutan, behin neurriarentzat baimendutako epea igaro denean.

588 bis k artikulua. Erregistroak suntsitzea.

1.Ebazpen irmoaren bitartez prozedurari amaiera ematen zaionean, esandako neurria betearaztean erabilitako sistema elektroniko eta informatikoetan jasota egon daitezkeen jatorrizko erregistroak ezabatzeko eta desagerrarazteko aginduko da. Kopia bat gordeko da idazkari judizialaren zaintzapean.

2.Gordetako kopiak suntsitzea erabakiko da zigor-exekuziotik bost urte igaro direnean edota delitua edo zigorra preskribatuta geratu direnean, edo largespen askea dekretatu denean edo ikertuari buruzko absoluzio-epai irmoa eman denean, betiere, Auzitegiaren iritziz, haiek gordetzea beharrezkoa ez baldin bada.

3.Auzitegiek behar diren aginduak emango dizkiote Polizia Judizialari, aurreko zenbakietan aurreikusitako suntsiketa gauza dezan.»

Hamalau. II. liburuko VIII. tituluan V. kapitulu berri bat sortzen da, izenburu eta eduki hauekin:

«V. KAPITULUA

Komunikazio telefonikoak eta telematikoak intertzeptatzea

1.atala. Xedapen orokorrak

588 ter a artikulua. Baldintzak.

Komunikazio telefonikoak eta telematikoak intertzeptatzeko baimena kasu honetan soilik eman ahal izango da: ikerketaren xedea lege honetako 579.1 artikuluan aipatutako delituren bat denean, edo tresna informatikoen edota informazioaren, komunikazioaren edo komunikazio-zerbitzuen arloko beste edozein teknologiaren bitartez egindako delituak direnean.

588 ter b artikulua. Eremua.

1.Esku-hartzearen xede diren terminalak edo komunikabideak ikertuak eskuarki edo noizean behin erabiltzen dituenak izan beharko dira.

2.Judizialki erabakitako esku-hartzeak komunikazioen edukietara eta trafikoko datu elektronikoetara edo komunikazio-prozesuari lotuetara irispidea izatea baimendu ahalko du, baita komunikazio zehatz bat ezartzen den edo ez aintzat hartu gabe gertatzen direnetara ere, ikertutako subjektuak berorietan parte hartzen badu, igorle edo hartzaile gisa, eta ikertua titular edo erabiltzaile den terminalei edo komunikabideei eragin ahalko die esku-hartze horrek.

Esku sartu ahal izango da biktimaren terminaletan edo komunikabideetan ere, haren bizitzarako edo osotasunerako arrisku larria aurreikus daitekeenean.

Artikulu honetan aurreikusitako ondorioetarako, trafikoko datu elektronikoak edo haiei lotutakoak izango dira komunikazio elektronikoen sare baten bidez komunikazioa bideratzearen ondorioz sortzen diren guztiak, hura erabiltzailearen

eskura jartzetik sortzen direnak eta informazio-gizartearen zerbitzu bat edo antzeko izaerako komunikazio telematiko bat ematetik sortzen direnak.

588 ter c artikulua. Hirugarrenari eragitea.

Hirugarren pertsona baten terminaletatik edo komunikazio telematikoko bitartekoetatik igorritako komunikazioen esku-hartze judiziala erabaki ahal izango da, inguruabar hauek biltzen badira:

1.a frogatuta badago ikertutako subjektua hartaz baliatzen dela informazioa igorri edo jasotzeko, edo

2.a titularra pertsona ikertuarekin elkarlanean ari bada haren xede ez-zilegietan, edo haren jardueratik onura lortzen badu.

Delako esku-hartzea baimendu ahal izango da ikerketaren xede den gailua hirugarren batzuek maleziaz erabiltzen dutenean ere, bide telematikoz, titularrak ezer jakin gabe.

588 ter d artikulua. Baimen judizialaren eskaera.

1.Baimen judizialaren eskaerak, 588 bis b artikuluan aipatutako betekizunak ez ezik, beste hauek ere barnean hartu beharko ditu:

a)abonatu-zenbakiaren, terminalaren edo etiketa teknikoaren identifikazioa,

b)esku-hartzearen xede den konexioaren identifikazioa edo

c)kontrolatu nahi den telekomunikazio-bitartekoa identifikatzeko behar diren

datuak.

2.Neurriaren hedadura zehazteko, baimen judizialaren eskaerak hauetakoren bat izan ahalko du xedetzat:

a)Komunikazioaren edukiaren erregistroa eta grabazioa, eraginpean izango diren komunikazio erak edo motak adierazita.

b)Haren jatorria edo jomuga ezagutzea, komunikazioa gauzatzen ari den

unean.

c)Komunikazioaren jatorriaren edo jomugaren kokapen geografikoa.

d)Trafikoko beste datu batzuk –lotura dutenak edo ez, baina komunikazioari balio erantsia ematen diotenak– ezagutzea. Kasu horretan, eskaerak zehatz jasoko du zein datu lortu behar diren.

3.Urgentziako kasuan, talde armatuen edo elementu terroristen jarduketarekin lotura duten delituak bilatzeko ikertzen denean eta artikulu honen aurreko zenbakietan aurreikusitako neurria ezartzea ezinbestekoa egiten duten arrazoi funtsatuak daudenean, Barne ministroak edo, haren faltan, Segurtasuneko estatu- idazkariak agindu ahal izango du neurria. Neurri hori epaile eskudunari jakinaraziko zaio berehala, edozein kasutan hogeita lau orduko gehieneko epearen barruan, eta neurria hartzea justifikatu duten arrazoiak, egindako jarduketa, zer eratan gauzatu den eta haren emaitza jaso beharko dira. Epaile eskudunak, berak ere zioak emanez, jarduketa errebokatu edo berretsi beharko du, hirurogeita hamabi orduko gehieneko epean, neurria agindu zenetik zenbatuta.

588 ter e artikulua. Laguntzeko eginbeharra.

1.Telekomunikazio-zerbitzuak ematen dituztenak, telekomunikazio-sare batera edo informazio-gizartearen zerbitzuetara irispidea izateko zerbitzuak ematen dituzten guztiak eta, edozein modutan, telefono bidez edo komunikazio telematiko, logiko edo birtualeko beste zeinahi bitarteko edo sistema erabilita komunikazioak errazten laguntzen duten pertsona guztiak behartuta daude epaileari, Fiskaltzari eta neurria gauzatzeko izendatutako Polizia Judizialeko agenteei telekomunikazioetan

esku sartzeari buruzko autoak betetzea errazteko beharrezkoa den laguntza eta lankidetza ematera.

2.Laguntza eskatu zaien subjektuek agintariek eskatutako jarduerei buruz sekretua gordetzeko obligazioa izango dute.

3.Aurreko eginbehar horiek betetzen ez dituzten subjektu behartuek desobeditze delitua egin ahalko dute.

588 ter f artikulua. Neurriaren kontrola.

588 bis g artikuluan xedatutakoa betetzeko, Polizia Judizialak juezaren eskura jarriko ditu, honek zehazten duen maiztasunarekin eta euskarri digital desberdinetan, interesekoak jotzen dituen pasarteen transkripzioa eta egindako grabazio osoak. Haietako bakoitzaren jatorria eta jomuga adieraziko dira eta, zigilatze-sistema baten, sinadura elektroniko aurreratu baten edo fidagarria den beste egiaztatze-sistema baten bidez, ordenagailu zentraletik komunikazioak grabatuak izan diren euskarri digitaletara hustutako informazioaren benetakotasuna eta osotasuna ziurtatuko da.

588 ter g artikulua. Iraupena.

Esku-hartzearen hasierako gehieneko iraupena –baimen judizialaren datatik zenbatuta– hiru hilekoa izango da, iraupen bereko hurrenez hurrengo epeetan luzatu ahalko dena, hemezortzi hilabeteko gehieneko epera iritsi arte.

588 ter h artikulua. Luzapen-eskaera.

Luzapen-eskaera funtsatzeko, Polizia Judizialak, kasua hala denean, elkarrizketetako pasarte jakin batzuen transkripzioa aurkeztuko du; hain zuzen ere, neurria mantentzeari buruzko erabakia hartzeko garrantzitsuak diren elkarrizketetakoak.

Ebazpena eman aurretik, epaileak argibideak edo informazio gehiago eskatu ahal izango du, grabatutako elkarrizketen eduki osoa barne.

588 ter i artikulua. Alderdiek grabazioetara irispidea izatea.

1.Behin sekretua ezagutarazi eta esku-hartze neurriaren indarraldia iraungi denean, grabazioen eta egindako transkripzioen kopiak emango zaizkie alderdiei. Baldin eta grabazioan pertsonen intimitateari dagozkion alderdiei buruzko datuak badaude, esandako horiek aipatzen ez diren zatien grabazioa eta transkripzioa soilik entregatuko da. Berariaz adierazi beharko da entregatutako transkripzioan ez dagoela jasota grabazio osoa.

2.Behin grabazioak aztertu direnean eta epaileak zehaztutako epean, euskarrietan jasotako informazioaren bolumena kontuan hartuta, alderdietako edozeinek eskatu ahalko du kopietan jaso daitezela kanpoan utziak izan diren eta berak garrantzizkoak jotzen dituen komunikazioak. Instrukzio-epaileak, komunikazio horiek entzun edo aztertu ostean, erabakiko du kanpoan utziko diren edo kausara gehituko diren.

3.Instrukzio-epaileak injerentzia gauzatu dela jakinaraziko die intertzeptatutako komunikazioetan parte hartu duten pertsonei, eta ukitutako komunikazio zehatzen berri emango die, salbu eta ezinezkoa bada, ahalegin neurrigabea eskatzen badu edo etorkizuneko ikerketei kalte egin badiezaieke. Jakinarazi zaion pertsonak hala eskatzen badu, komunikazio horien grabazioaren edo transkripzioaren kopia entregatuko zaio, horrek beste pertsona batzuen intimitaterako eskubidean eraginik ez duen heinean edo injerentzia-neurria hartzea erabaki den prozesuko helburuen kontra ez doan neurrian.

2.atala. Trafikoko datu elektronikoak edo haiei lotuak prozesura gehitzea

588 ter j artikulua. Zerbitzu-emaileen artxibo automatizatuetan dauden datuak.

1.Komunikazio elektronikoei dagozkien datuak atxikitzeari buruzko legeria betetzeko, edo arrazoi komertzialak edo beste mota batekoak tarteko direla, zerbitzu-emaileek edo komunikazioa errazten duten pertsonek beren ekimen propioz kontserbatutako datu elektronikoak, komunikazio-prozesuei lotuta baldin badaude, baimen judiziala dagoen kasuan soilik laga ahalko dira prozesura gehitzeko.

2.Datu horiek ezagutzea ikerketan aurrera egiteko ezinbestekoa den kasuetan, baimena eskatuko zaio epaile eskudunari zerbitzu-emaileen artxibo automatizatuetan jasota dagoen informazioa eskuratzeko, datuen bilaketa gurutzatua edo adimenduna barne, betiere ezagutu beharreko datuen izaera eta beroriek lagatzea justifikatzen duten arrazoiak zehazten baldin badira.

3.atala. Erabiltzaileak, terminalak eta konektagarritasunerako gailuak identifikatzeko behar diren datuetarako irispidea

588 ter k artikulua. IP zenbaki bidezko identifikazioa.

Interneten egindako delituen prebentzio- eta aurkikuntza-funtzioak egikaritzen ari direla, Polizia Judizialeko agenteek delituren bat egiteko erabilia izaten ari den IP helbide baterako irispidea izango balute eta ez baleude jasota ekipamendu informatikoaren edo hari dagokion konektagarritasunerako gailuaren identifikazioa eta lokalizazioa, ezta erabiltzailearen identifikazio pertsonaleko datuak ere, instrukzio-epaileari eskatuko diote galda diezaiela 588 ter e artikuluaren arabera laguntzeko eginbeharra duten agenteei, terminalaren edo konektagarritasunerako gailuaren identifikazioa eta lokalizazioa eta susmagarriaren identifikazioa ahalbidetuko duten datuak lagatzeko.

588 ter l artikulua. Terminalen identifikazioa aparatuaren edo haren osagaien identifikazio-kodeak jasota.

1.Ikerketa baten esparruan ezinezkoa izan baldin bada abonatu-zenbaki jakin bat zein den jakitea eta hori ezinbestekoa bada ikerketaren helburua lortzeko, Polizia Judizialeko agenteek telekomunikazioko aparatuaren edo haren osagairen baten identifikazio-kodeak edo etiketa teknikoak ezagutzea ahalbidetzen duten artifizio teknikoak erabili ahal izango dituzte, hala nola IMSI edota IMEI zenbakiak eta, oro har, teknologiaren egoeraren arabera, erabilitako komunikazio-ekipamendua edota telekomunikazio-sarera sartzeko erabilitako txartela identifikatzeko balio dezakeen beste zeinahi bitarteko tekniko.

2.Behin aparatuaren edo haren osagairen baten identifikazioa ahalbidetzen duten kodeak lortu dituztenean, Polizia Judizialeko agenteek eskatu ahalko diote epaile eskudunari komunikazioetan esku sartzeko baimena, 588 ter d artikuluan ezarritakoaren arabera. Eskaeraren bidez, jurisdikzio-organoari jakinarazi beharko diote aurreko zenbakian aipatzen diren artifizioak erabili dituztela.

Auzitegiak ebazpen zioduna emango du esku sartzeko baimena emateko edo ukatzeko, 588 bis c artikuluan ezarritako epearen barruan.

588 ter m artikulua. Titularren edo terminalen edo konektagarritasunerako gailuen identifikazioa.

Fiskaltzak edo Polizia Judizialak, bere eginkizunak betetzean, telefono-zenbaki baten edo beste edozein komunikabideren titulartasuna jakin behar duenean, edota, kontrako noranzkoan, komunikabide baten telefono-zenbakia edo identifikazio- datuak behar dituenean, zuzenean jo ahal izango du telekomunikazio-zerbitzuak, telekomunikazio-sare baterako irispidea edo informazio-gizartearen zerbitzuak

ematen dituztenetara, eta azken hauek eskatzen zaiena betetzeko obligazioa izango dute; horrela egin ezean, desobeditze delitua egingo luketela ohartaraziko zaie.»

Hamabost. II. liburuko VIII. tituluan VI. kapitulu berri bat sortzen da, izenburu eta eduki hauekin:

«VI. KAPITULUA

Gailu elektronikoak erabiliz ahozko komunikazioak jasotzea eta grabatzea

588 quater a artikulua. Ahozko zuzeneko komunikazioen grabazioa.

1.Ikertutako pertsonak, bide publikoan edo beste eremu ireki batean, bere bizilekuan edo beste zeinahi toki itxitan, izaten dituen ahozko zuzeneko komunikazioak jasotzea eta grabatzea ahalbidetuko duten gailu elektronikoak ipintzea eta erabiltzea baimendu ahal izango da.

Entzuteko eta grabatzeko gailuak bizilekuaren kanpoko aldean zein barruko aldean edota toki itxian ipini ahal izango dira.

2.Ikertuaren bizilekuan edo pribatutasuna egikaritzeko beste espazioren batean sartzea beharrezkoa den kasuan, esandako toki horietara sartzearen bidezkotasuna adierazi beharko du horretarako gaikuntza ematen duen ebazpenak bere zioetan.

3.Elkarrizketa pribatuen entzuketa eta grabazioa irudien lorpenarekin osatu ahal izango da, neurria erabaki duen ebazpen judizialak irudi-hartze hori berariaz baimentzen duen kasuan.

588 quater b artikulua. Baldintzak.

1.Aurreko artikuluan aipatzen diren gailuen erabilpena ikertuak beste pertsona batzuekin izango dituen elkartze batean edo gehiagotan gerta daitezkeen komunikazioetara lotuta egon beharko da, eta, horretarako, ikerketan hori aurreikustera daramaten zantzuak agerian geratu behar izan dira.

2.Honako baldintza hauek biltzen direnean soilik baimendu ahal izango da:

a)Ikerketapean dauden egitateek delitu hauetakoren batekin lotura dutenean:

1.a Dolozko delituak, gutxienez hiru urteko espetxealdiko gehieneko muga duten zigorrarekin zehatuak.

2.a Talde edo antolakunde kriminal baten barruan egindako delituak.

3.a Terrorismo delituak.

b)Zentzuz aurreikus daitekeenean gailuen erabilpenak datu funtsezkoak eta froga gisa garrantzia dutenak ekarriko dituela egitateak argitzeko eta berorien egilea identifikatzeko.

588 quater c artikulua. Ebazpen judizialaren edukia.

Neurria baimentzen duen ebazpen judizialak, 588 bis c artikuluan araututako betebeharrez gainera, zaintzapean jarriko den lekuaren edo lokalen aipamen zehatza jaso beharko du, bai eta ikertuaren zein elkartze zainduko diren ere.

588 quater d artikulua. Neurriaren kontrola.

588 bis g artikuluan xedatutakoa betetzeko, Polizia Judizialak agintaritza judizialaren esku utziko du grabazio eta irudien jatorrizko euskarria edota benetako kopia elektronikoa eta, harekin batera, interesekoak jotzen dituen elkarrizketen transkripzioa ere aurkeztu beharko du.

Txostenean, neurriaren egikaritzan eta segimenduan parte hartu duten agente guztiak identifikatuko dira.

588 quater e artikulua. Etetea.

588 bis j artikuluan aurreikusitako arrazoiren batengatik neurria eten denean, beste elkartze batzuetan sor daitezkeen elkarrizketen grabazioak egiteko edo une horietako irudiak jasotzeko, baimen judizial berri bat beharko da.»

Hamasei. II. liburuko VIII. tituluan VII. kapitulu berri bat sortzen da, izenburu eta eduki hauekin:

«VII. KAPITULUA

Irudiak jasotzeko, segimendurako eta lokalizaziorako gailu teknikoen

erabilpena

588 quinquies a artikulua. Leku edo espazio publikoetan irudiak jasotzea.

1.Polizia Judizialak, zeinahi bitarteko tekniko erabilita, pertsona ikertuaren irudiak lortu eta grabatu ahal izango ditu, berau toki edo espazio publiko batean dagoenean, beharrezkoa baldin bada hura identifikatzeko, delituaren tresnak edo efektuak lokalizatzeko edota egitateak argitzen lagunduko duten datu garrantzizkoak lortzeko.

2.Neurria aurrera eraman ahal izango da ikertuak ez diren beste pertsona batzuei eragiten dienean ere, betiere, hala egin ezean, modu garrantzitsuan murrizten bada zaintzaren erabilgarritasuna, edota pertsona horien, ikertuaren eta ikerketaren xede diren egitateen arteko erlazioen zantzu funtsatuak badaude.

588 quinquies b artikulua. Segimendurako eta lokalizaziorako gailu edo bitarteko teknikoen erabilpena.

1.Premiazko arrazoi egiaztatuak biltzen direnean eta neurria proportzionatua denean, epaile eskudunak baimendu ahal izango du segimendurako eta lokalizaziorako gailuak edo bitarteko teknikoak erabiltzea.

2.Baimenak zer bitarteko tekniko erabiliko den zehaztu beharko du.

3.588 ter e artikuluan aipatzen diren zerbitzu-emaileak, agenteak eta pertsonak behartuta daude epaileari, Fiskaltzari eta neurria gauzatzeko izendatutako Polizia Judizialeko agenteei segimendua agintzen duten autoak betetzea errazteko beharrezkoa den laguntza eta lankidetza ematera; horrela egin ezean, desobeditze delitua egingo luketela ohartaraziko zaie.

4.Segimendurako eta lokalizaziorako gailua edo bitarteko teknikoa berehala abian jarri ezean ikerketa zapuztuko delako arrazoizko beldurra izateko urgentziako arrazoiak biltzen direnean, Polizia Judizialak halakoak ipini ahal izango ditu, baina ahalik eta azkarren eman beharko dio egindakoaren berri agintari judizialari, edozein kasutan ere hogeita lau orduko gehieneko epearen barruan, eta epaileak hartutako neurria berretsi edo eten dezake epe berean. Azkeneko kasu horretan, ezarritako gailutik lortutako informazioak ez du prozesuan inolako ondoriorik izango.

588 quinquies c artikulua. Neurriaren iraupena.

1.Aurreko artikuluan aurreikusitako segimendu eta lokalizaziorako gailu teknikoak erabiltzeko neurriak hiru hilabeteko gehieneko iraupena izango du, baimena eman den datatik zenbatuta. Salbuespen gisa, epaileak aldi berdineko edo laburragoko hurrenez hurrengo luzapenak erabaki ahalko ditu, hemezortzi hilabete osatu arte gehienera, neurriarekin lortutako emaitzek hala justifikatuko balute.

2.Jasotako informazioa barruan duten jatorrizko euskarriak edo benetako kopia elektronikoak entregatuko dizkio Polizia Judizialak epaileari, hark eskatzen dituenean, eta beti, ikerketak amaitzen direnean.

3.Aurreko artikuluetan aipatutako segimendu eta lokalizaziorako gailu teknikoen bidez lortutako informazioa behar bezala zaindu eta jagon beharko da haren bidegabeko erabilpena eragozteko.»

Hamazazpi. II. liburuko III. tituluan VIII. kapitulu berri bat sortzen da, izenburu eta eduki hauekin:

«VIII. KAPITULUA

Informazioaren biltegiratze masiboko gailuen miaketa

588 sexies a artikulua. Zioak banan-banan emateko beharra.

1.Etxebizitza baten miaketa egitean, ordenagailuak, komunikazio telefoniko edo telematikorako tresnak edota informazio digitalaren biltegiratze masiboko gailuak atzematea edo datuen gordailu telematikoetarako irispidea aurreikusita dagonenean, instrukzio-epailearen ebazpenak, kasua hala denean, horretarako ahalmena duten agenteek esandako gailuetan jasota dagoen informaziora irispidea izatea legitimatzen duten arrazoiak eta justifikazioak azaldu beharko ditu bere arrazoibidean.

2.Aurreko zenbakian aipatzen diren gailuetako edozeinen konfiskatze soilak —etxebizitza baten miaketa-eginbidean gauzatua— ez du legitimatzen haren edukira irispidea izatea, hargatik eragotzi gabe irispide hori, geroago, epaile eskudunak baimendu ahal izatea.

588 sexies b artikulua. Ikertuaren etxetik kanpo konfiskatutako gailu elektronikoetako informaziorako irispidea.

Aurreko artikuluaren 1. zenbakian aurreikusitako betebeharra aplikatzekoa izango da, orobat, ordenagailuak, komunikaziorako tresnak edota datuen biltegiratze masiboko gailuak, edo datuen gordailu telematikoetarako irispideak, etxebizitza baten miaketarekin zerikusirik ez duen beste eginbide batean konfiskatzen badira ere. Horrelakoetan, agenteek epaileari jakinaraziko diote gisa horretako gailuak konfiskatu dituztela. Epaileak irizten badio ezinbestekoa dela haiek gordetzen duten informaziora irispidea izatea, horretarako baimena eman beharko du.

588 sexies c artikulua. Baimen judiziala.

1.Atal honetan aipatzen diren gailuetan jasotako informaziora irispidea izatea baimentzen duen instrukzio-epailearen ebazpenak finkatuko ditu miaketaren baldintzak eta norainokoa, eta datu informatikoen kopiak egitea baimendu ahal izango du. Berak finkatuko ditu, orobat, datuen osotasuna eta haiek babesteko bermeak ziurtatzeko beharko diren baldintzak, kasua halakoa denean, adituaren irizpen bat ematea posible izan dadin.

2.Delituaren xedea edo tresna direnean edo hori justifikatzen duten beste arrazoi batzuk daudenean salbu, datu edo artxibo informatikoak dituzten euskarri fisikoak konfiskatzea ekidingo da, horrek kalte larria eragin diezaiokeenean haren titularrari edo jabeari eta haien kopia bat lortu daitekeenean datuen benetakotasuna eta osotasuna bermatzen diren baldintzetan.

3.Kapitulu honetan xedatutakoaren arabera, miaketa egiten ari direnek edo informazio-sistemara edo haren parte batera irispidea dutenek arrazoi funtsatuak dituztenean bila dabiltzan datuak beste sistema informatiko batean edo haren zati batean biltegiratuta daudela uste izateko, miaketa hedatu ahal izango dute, betiere datuetarako irispidea zilegi bada hasierako sistemaren bitartez, edo haren helmenean badaude. Miaketaren hedatze hori epaileak baimendu beharko du, hasierako ebazpenean baimendu ez bazen. Urgentziako kasuan, Polizia Judizialak edo fiskalak gauzatu ahal izango du miaketa, baina berehala adieraziko dio epaileari —edozein kasutan ere, hogeita lau orduko gehieneko epearen barruan— zer

jarduketa gauzatu den, zer eratan egin den eta zer emaitza izan duen. Epaile eskudunak, berak ere zioak emanez, jarduketa errebokatu edo berretsi beharko du, hirurogeita hamabi orduko gehieneko epean, intertzeptazioa agindu zenetik zenbatuta.

4.Artikulu honen aurreko zenbakietan aurreikusitako neurria ezinbestekoa egiten duen interes konstituzional legitimo bat hautematen den urgentziako kasuetan, konfiskatutako gailuan gordetako datuen zuzeneko azterketa egin ahalko du Polizia Judizialak, eta berehala jakinaraziko dio —edozein kasutan, hogeita lau orduko gehieneko epearen barruan—, idatzi ziodun baten bidez, epaile eskudunari, eta hor jasoko ditu neurria hartzea justifikatu zuten arrazoiak, zer jarduketa gauzatu den, zer eratan egin den eta zer emaitza izan duen. Epaile eskudunak, berak ere zioak emanez, jarduketa errebokatu edo berretsi beharko du, 72 orduko gehieneko epean, neurria agindu zenetik zenbatuta.

5.Ikerketaz arduratzen diren agintariek eta agenteek agindu ahalko diote sistema informatikoaren funtzionamendua edo hartan gordetako datu informatikoak babesteko aplikatutako neurriak ezagutzen dituen edozein pertsonari eman dezala beharrezkoa den informazioa, betiere horretatik ez bada harentzat zama neurrigabea eratortzen; horrela egin ezean, desobeditze delitua egingo lukeela ohartaraziko zaio.

Xedapen hau ez zaie aplikatuko ikertuari edo auzipetuari, ahaidetasun- arrazoiengatik deklaratzeko obligaziorik ez duten pertsonei eta, 416.2 artikuluaren arabera, sekretu profesionalaren kariaz deklaraziorik egin ezin dutenei.»

Hemezortzi. II. liburuko VIII. tituluan IX. kapitulu berri bat gehitzen da, izenburu eta eduki hauekin:

«IX. KAPITULUA

Ekipamendu informatikoen urruneko miaketak

588 septies a artikulua. BALDINTZAK.

1.Epaile eskudunak baimendu ahal izango du identifikazio-datuak eta kodeak erabiltzea eta software bat instalatzea, ahalbidetu dezaten, urrunetik eta telematika bidez, titularrek edo erabiltzaileek jakin gabe, ordenagailu baten, gailu elektroniko baten, sistema informatiko baten, datu informatikoen biltegiratze masiboko tresna baten edo datu-base baten edukia aztertzea, betiere delitu hauetako bat ikertzeko bada:

a)Antolakunde kriminalen barruan egindako delituak.

b)Terrorismo delituak.

c)Adingabeen edo gaitasuna judizialki aldatuta duten pertsonen kontra egindako delituak.

d)Konstituzioaren aurkako delituak, traizio delituak eta nazio-defentsari buruzkoak.

e)Tresna informatikoen bidez edota informazioaren beste zeinahi teknologia, telekomunikazio edo komunikazio-zerbitzuren bitartez egindako delituak.

2.Miaketa baimentzen duen ebazpen judizialak honako hauek zehaztu beharko ditu:

a)Neurriaren xede diren ordenagailuak, gailu elektronikoak, sistema informatikoak edo haien parteak, datuak biltegiratzeko bitarteko informatikoak edo datu-baseak, datuak edo beste eduki digital batzuk.

b)Neurriaren norainokoa, kausarako garrantzitsuak diren datuak edo artxibo informatikoak nola eskuratu eta atzemango diren eta informazioa kontrolatzeko erabiliko den softwarea.

c)Neurria betearazteko baimena duten agenteak.

d)Kasua hala denean, datu informatikoen kopiak egiteko eta kontserbatzeko baimena.

e)Biltegiratutako datuen osotasuna babesteko beharrezkoak diren neurriak, bai eta atzitutako sistema informatikoa eskuraezin egiteko edo esandako datuak ezabatzeko neurriak ere.

3.Urruneko miaketa egiten ari diren agenteek arrazoiak baldin badituzte uste izateko bila dabiltzan datuak beste sistema informatiko batean edo haren parte batean biltegiratuta daudela, epaileari horren berri emango diote, eta epaileak miaketa hedatzea baimendu ahal izango du.

588 septies b artikulua. Laguntzeko eginbeharra.

1.Zerbitzu-emaileak eta 588 ter e artikuluan adierazitako pertsonak eta miaketaren xede den sistema informatikoaren edo datu-basearen titularrak edo arduradunak behartuta daude agente ikertzaileei neurria ezartzeko eta sistemara irispidea izateko beharrezkoa den laguntza eta lankidetza ematera. Halaber, behartuta daude bildutako datuak eta informazioa aztertu eta ikusi ahal izateko beharrezkoa den laguntza ematera.

2.Ikerketaz arduratzen diren agintariek eta agenteek agindu ahalko diote sistema informatikoaren funtzionamendua edo hartan gordetako datu informatikoak babesteko aplikatutako neurriak ezagutzen dituen edozein pertsonari eman dezala beharrezkoa den informazioa eginbidea ongi burutzeko.

Xedapen hau ez zaie aplikatuko ikertuari edo auzipetuari, ahaidetasun- arrazoiengatik deklaratzeko obligaziorik ez duten pertsonei eta, 416.2 artikuluaren arabera, sekretu profesionalaren kariaz deklaraziorik egin ezin dutenei.

3.Laguntza eskatu zaien subjektuek agintariek eskatutako jarduerei buruz sekretua gordetzeko obligazioa izango dute.

4.Artikulu honetako 1. eta 2. zenbakietan aipatzen diren subjektuak 588 ter e artikuluaren 3. zenbakian araututako erantzukizunaren pean egongo dira.

588 septies c artikulua. Iraupena.

Neurriak, gehienera, hilabeteko iraupena izango du, eta aldi berdinetan luzatu ahal izango da, hiru hilabeteko gehieneko epera heldu arte.»

Hemeretzi. II. liburuko VIII. tituluan X. kapitulu berri bat sortzen da, izenburu eta eduki hauekin:

«X. KAPITULUA

Segurtatze-neurriak

588 octies artikulua. Datuak kontserbatzeko agindua.

Fiskaltzak edo Polizia Judizialak edozein pertsona fisiko edo juridikori eskatu ahalko dio bere eskura dagoen biltegiratzeko sistema informatiko batean jasota dauden datu edo informazio zehatzak kontserbatu eta babes ditzala harik eta haiek laga ahal izateko dagokion baimen judiziala lortzen den arte, aurreko artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Datuak laurogeita hamar eguneko gehieneko epe batez kontserbatuko dira, eta epe hori behin bakarrik luzatu ahalko da lagapena baimentzen den arte edo ehun eta laurogei egun betetzen diren arte.

Errekeritua behartuta egongo da laguntza ematera eta eginbide horren garapenari buruzko sekretua gordetzera, 588 ter e artikuluaren 3. zenbakian azaldutako erantzukizunaren pean.»

Hogei. 967. artikuluaren 1. zenbakia aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Epaiketa egiteko zitazioak egiten zaizkienean salatzaileari, ofendituari edo kaltedunari eta ikertuari, zitazio horietan jakitera emango zaie abokatuen laguntza izan dezaketela, hala nahi izanez gero, eta auzian baliatzen saiatuko diren frogabideekin agertu behar direla. Ikertuari egindako zitazioarekin batera, aurkeztutako kereila edo salaketaren kopia emango da.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa ezertan eragotzi gabe, gutxienez sei hilabeteko gehieneko mugako isun zigorra berekin dakarten delitu arinak epaitzeko orduan, defentsa eta ordezkapeneko arau orokorrak aplikatuko dira.»

Hogeita bat. Terminoak ordeztea.

1.120., 309 bis, 760., 771., 775., 779., 797. eta 798. artikuluetan, «egotzi» substantiboaren ordez «ikertu» idatziko da, singularrean edo pluralean, nola dagokion.

2.325., 502., 503., 504., 505., 506., 507., 508., 511., 529., 530., 539., 544 ter, 764., 765., 766. eta 773. artikuluetan, «egotzi» substantiboaren ordez «ikertu edo auzipetu» idatziko da, singularrean edo pluralean, nola dagokion.

3.141. artikuluan «egotziak edo prozesatuak» dioen tokian «ikertuak edo auzipetuak» idatziko da.

4.762., 780. eta 784. artikuluetan, «egotzi» substantiboaren ordez «auzipetu» idatziko da, singularrean edo pluralean, nola dagokion.

5.503 eta 797. artikuluetan «egotzi» adjektiboaren ordez «ikertu» idatziko da.

Lehenengo xedapen gehigarria. Kostuen aurreikuspena.

Arau honetako neurriek ez dute pertsonal-zuzkidura gehiagorik ekarriko, ez eta ordainsari edo pertsonal-gastu gehiagorik ere.

Bigarren xedapen gehigarria. Erreferentziak ordeztea.

Beste lege-testu batzuetako xedapenek Prozedura Kriminalaren Legearen 579. artikuluan aurreikusitako komunikazio telefoniko edo telematikoen esku sartzeari erreferentzia egiten diotenean, esandako legearen II. liburuko VIII. tituluan xedatutakoaz ari direla ulertuko da.

Xedapen iragankor bakarra. Aplikatzekoa den legeria.

1.Lege hau aplikatuko zaie berau indarrean jarri ondoren abiarazitako zigor-arloko prozedurei.

2.Legea indarrean jarri ostean erabakitzen diren poliziaren eta fiskalaren eginbideei, ebazpenei eta jarduketa judizialei ere aplikatuko zaie lege hau, izapidetzen ari diren zigor- arloko prozeduretan.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indargabeturik geratzen dira Prozedura Kriminalaren Legearen 387. eta 395. artikuluak eta lege honetan ezarritakoaren aurkako xedapen guztiak.

Azken xedapenetatik lehena. Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzea.

Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 57.1, 65, 73.3, 82.1, 87.1, 87 ter. 1 eta 89 bis 2 eta 3 aldatzen dira, eta honela geratzen dira idatzita:

Bat. 5. puntu berri bat gehitzen zaio 57. artikuluaren 1. zenbakiari.

«5.a Delituen ondoriozko konfiskazio autonomoaren prozedurak, haietaz arduratzeko eskudun baldin badira.»

Bi. 7. puntu berri bat gehitzen zaio 65. artikuluari, oraingoaren ordez, zeina 8.a izango baita aurrerantzean:

«7.a Delituen ondoriozko konfiskazio autonomoaren prozedurak, haietaz arduratzeko eskudun baldin badira.

8.a Legeek esleituriko beste edozein.»

Hiru. e) letra berri bat gehitzen zaio 73. artikuluaren 3. zenbakiari, eta honela geratzen da idatzita:

«e) Delituen ondoriozko konfiskazio autonomoaren prozedurak, haietaz arduratzeko eskudun baldin badira.»

Lau. 82. artikuluaren 1. zenbakian 2. puntuko bigarren paragrafoa aldatzen da eta 6. puntu berri bat gehitzen da. Honela geratzen dira idatzita:

«2.a Probintziako instrukzio-epaitegiek eta zigor-arloko epaitegiek emandako ebazpenen aurka legearen arabera jar daitezkeen errekurtsoak.

Instrukzio-epaitegiek delitu arinen epaiketetan emandako ebazpenen aurkako errekurtsoen kasuan, magistratu bakar batez osatuko da auzitegia, banaketa-txanda bidez.»

«6.a Delituen ondoriozko konfiskazio autonomoaren prozedurak, haietaz arduratzeko eskudun baldin badira.»

Bost. 87. artikuluaren 1. zenbakian b) letra aldatzen da eta h) letra berri bat gehitzen da. Honela geratzen dira idatzita:

«b) Orobat dagokie legeak ezarritako kasuetan eta dekretu bidezko prozesuetan epaia ematea, akusazioaren araberakoa.»

«h) Delituen ondoriozko konfiskazio autonomoaren prozedurak, haietaz arduratzeko eskudun baldin badira.»

Sei. 89 bis artikuluaren 2. zenbakia aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«2. Legeak zehaztutako delituen ondoriozko kausak auzipetuko dituzte zigor- arloko epaitegiek.

Emakumearen kontrako indarkeriaren epaitegiek instruitutako auzien ardura hartzeko xedearekin, eta gai kopurua kontuan izanik, probintzia bakoitzean epaitegi bat edo batzuk espezializatu beharko dira, lege honen 98. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Zigor-arloko epaitegiei dagokie orobat, batetik, instrukzio-epaitegiek delitu astunen edo astuntasun txikiagoko delituen ondoriozko kausetan emandako epaiak betearaztea, eta, bestetik, Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetako agintari eskudunek igorritako diru-zehapenak betetzeko ebazpenak aitortzea eta betearaztea, zehapenok Espainiako lurraldean bete behar direnean, bai eta delituen ondoriozko konfiskazio autonomoaren prozedurak betearaztea ere —haietaz arduratzeko eskudun baldin badira—.»

Zazpi. 89 bis artikuluaren 3. zenbakia aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«3. Madrilgo hirian, zigor-arloko epaitegi zentral bat edo batzuk izango dira, jurisdikzioa Espainia osoan dutenak. Epaitegi horien ardura izango dira, prozesu- legeek hala ezartzen duten kasuetan, 65. artikuluan adierazitako delituen ondoriozko kausak eta legeek adierazitako bestelako gaiak.

Zigor-arloko epaitegi zentralei dagokie, orobat, instrukzioko epaitegi zentralek delitu astunen edo astuntasun txikiagoko delituen ondoriozko kausetan emandako epaiak betearaztea eta delituen ondoriozko konfiskazio autonomoaren prozedurak betearaztea —haietaz arduratzeko eskudun baldin badira—.»

Azken xedapenetatik bigarrena. Eskumen-titulua.

Lege hau Espainiako Konstituzioaren 149.1.6. artikuluak prozesu-legeriaren arloan Estatuari egozten dion eskumen esklusiboaren babesean ematen da.

Azken xedapenetatik lehena Espainiako Konstituzioaren 149.1.5. artikuluan jasotako justizia-administrazioaren alorreko eskumen esklusiboen babesean eman da.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Europar Batasuneko Zuzenbidea txertatzea.

Lege honen bitartez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko urriaren 22ko 2013/48/EB Zuzentaraua Espainiako Zuzenbidean txertatzen da; zuzentarau hori zigor-arloko prozesuetan eta Europako atxilotzeko aginduari dagozkion prozeduretan letraduaren laguntza izateko eskubideari, askatasunaz gabetzeko unean hirugarren bati horren berri emateko eskubideari eta askatasunaz gabetuta dagoen bitartean hirugarrenekin eta agintari kontsularrekin komunikatzeko eskubideari buruzkoa da.

Azken xedapenetatik laugarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabete igarotakoan jarriko da indarrean, artikulu bakarraren bat, hiru, lau, bost eta sei zenbakiak izan ezik, zeinak 2015eko azaroaren 1ean jarriko baitira indarrean.

Horrenbestez,

Lege organiko hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2015eko urriaren 5ean.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra