Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Prozedura zuzenbidea  >>  Legeria

4/2013 Lege Organikoa, ekainaren 28koa, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia eraberritzeari buruzkoa, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duena

2013-06-28

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2013/6/29, 155. zk.

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

7061

4/2013 Lege Organikoa, ekainaren 28koa, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia eraberritzeari buruzkoa, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duena.

JUAN CARLOS I.a ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusi eta aditzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege organiko hau onartu dutela, eta, Nik, hemen, berretsi egiten dudala.

HITZAURREA Konstituzioaren 122.2 artikuluaren arabera, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia epaileen gobernurako organoa da. Gainera, eta bertan jasotzen den moduan, lege organiko batek ezarriko ditu haren estatutua, eta kideen bateraezintasun-araubidea eta eginkizunak; batez ere, izendatze, igotze, ikuskatze eta diziplina-araubideari dagokionez.

Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoan garatu zen konstituzioxedapen hori, II. Liburuko II. Tituluan.

Horrenbestez, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren aldaketa oro Konstituzioaren 122. artikuluaren arabera gauzatuko da, han jasotzen baitira Kontseilua eratzeko errespetatu beharreko parametroak.

Gau egun, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak aldaketa sakona behar du egiturari nahiz funtzionamenduari dagokionez, hartara, urteetan zehar agerian jarri diren arazoei aurre egin eta egitura eraginkorragoa izan dezan.

I.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eskudantziak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eskudantziak ez dira funtsean aldatzen.

Legez aitortzen zaizkion eskudantziak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren helburuarekin bat etor daitezela aurreikusten da, ez besterik. Hona hemen nola: Gobernuari epaile eta magistratuen karrerako gorabeheren kudeaketa kentzea, haren independentzia ez dadin zeharka baldintzatuta geratu.

Horrenbestez, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Konstituzioaren 122.2

artikuluan jasotzen diren eskudantziak –izendatze, igotze, ikuskatze eta diziplinaaraubidea– eta nukleo horrekin hertsiki loturik dauden eskudantziak gauzatu beharko ditu.

Horrekin lotuta, hiru berritasun azpimarratu behar dira. Lehenik eta behin, Kontseiluaren nazioarteko jarduera oro Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioarekin koordinatu beharko da. Izan ere, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren konstituzio- nahiz lege-eskudantziak nazioartera ere zabal daitezke egoera jakin batzuetan; era berean, ez da ahaztu behar nazioarteko lankidetzak esparru guztietan duen gero eta garrantzia handiagoa. Dena den, Konstituzioaren 97. artikulua bete beharko da uneoro, Gobernuari kanpo-politikaren zuzendaritza esleitzen diona.

Azpimarratu beharreko beste berritasun bat Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren erregelamendugintzarako ahala da, zeina, oro har, barneko edo etxeko esparruari buruzkoa izan behar baita. Salbuespen gisa, erregelamendugintza-ahala ad extra ere aitortzen zaio, Lege Organiko honetan aurreikusten diren jardun judizialen alderdi osagarri batzuetan.

Azken berritasunak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak organo instituzional gisa duen autonomiarekin du zerikusia. Autonomia horretaz baliatuz, Kontseiluak bere aurrekontua prestatzen du, eta atal independente baten gisa txertatzen da Estatuko Aurrekontu Orokorretan. Era berean, gogorarazten da ezen, Kontseiluaren aurrekontua prestatu eta gauzatzeko orduan, Aurrekontuen Lege Orokorrean aurreikusitakoa bete behar dela eta ohiko kontrolak egin behar direla.

Horrez gain, ohartarazi behar da ezen, eratzen den esparru berri horren barnean, Kontseiluak modu autonomoan jardungo duela aurrerantzean ere, bere aurrekontuproposamena landu eta bere gastu propioa gauzatzen duelako, hain zuzen; hau da, ez dago beste inoren mende aurrekontuei dagokienez. Bestalde, erregelamendu berrira egokitzeko helburuarekin, xedatzen da ezen, erreforma indarrean sartu ondoren egingo den Kontseiluaren lehen aurrekontuan, berrian berri justifika daitezela erakundearen premia ekonomiko guztiak.

Azkenik, eta botere judizialaren gobernuaren organo gorena den neurrian, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak botere publiko guztiei aplikatu beharreko aurrekontuen iraunkortasunari eta egonkortasunari buruzko printzipioak bete behar ditu, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 1. artikuluan aurreikusten denari jarraituz.

II.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideak hautatzea Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideak izendatzeko sistema erreformaren alderdi erabakigarrietako bat da, eta horrenbestez, honako hautaketa-sistema hau diseinatu da: batetik, karrera judizialeko kide guztiek –elkarte judizial bateko kideak izan ala ez– prozesuan parte hartzeko aukera bermatuko du, eta, bestetik, Kongresuari eta Senatuari, herri-subiranotasunaren ordezkariak diren neurrian, kide horiek izendatzeko ardura esleitzen die. Hautaketa-sistema horrek hiru oinarri ditu. Batetik, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideak hautagaien merezimendu- eta gaitasun-irizpideen arabera hautatuko dira. Bestetik, karrera judizialeko kide guztiak izendatu ahalko dira kontseiluko kide, baldin eta beste epaile eta magistratu batzuen edo elkarteren baten gutxieneko berme kopuru bat badute. Eta, azkenik, jatorri judizialeko kideak izendatzean, kontuan hartzea elkarte bateko kide diren epaile eta magistratuen eta elkarte bateko kide ez direnen arteko proportzio erreala.

Azkenik, kontuan hartuz Konstituzioaren 122.3 artikuluan adierazten dena –jatorri judizialeko kideak «kategoria judizial guztietako epaile eta magistratuen artean» aukeratuko dira–, hori izanik Konstituzioaren xedea, izendatutako kideak kategoria guztietako epaileak eta magistratuak izan daitezela aurreikusten da.

III.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia eratzean blokeoak ezabatzea Kontseiluaren gaur egungo araudiaren arabera, kontseiluaren agintaldia amaitu eta artean ez bada berritu, luzatu egiten da haren agintaldia, eta luzerako, gainera. Fenomeno hori saihestu egin behar da ahal den neurrian. Horrela, Kontseiluaren agintaldia luzatzeko aukera ezeztatu egiten da, Ganberek, ez Senatuak ez Kongresuak, izendapen-agindua betetzen ez duten egoera oso salbuespenezkoan izan ezik; horrenbestez, Kontseilua eratzeko, nahikoa izango dira Ganbera horietako bakarrak izendatutako kideak, zeren eta, kopuru horri, izendapena egiteko agindua bete ez duen Ganberak bere garaian izendatu zituen kideak gehituko baitzaizkio. Ez ganbera batek ez besteak ez baditu izendatzen dagozkien kideak, orduan bakarrik, Kontseiluak jardunean jarraituko du, ganberetako batek lege-agindua bete arte.

Hala, bada, Ganberek beti izango dute eskura erakundeek behar bezala jardutea eragozten duten egoera nabarmenki desegokiak saihesteko aukera.

IV.  Kontseiluko kidearen kargua lanaldi partzialean betetzea Kontseiluko kideek lanaldi partzialean beteko dute kargua –Batzorde Iraunkorra osatzen dutenek izan ezik–, eta beraz, eginkizun jurisdikzionalarekin batera gauzatuko dute, jatorri judiziala badute, edo dagokion lanbidearekin batera, gaitasun aitortuko juristen txandan hautatuak izan badira. Neurri horrek onurak dakartza, zalantzarik gabe; esate baterako, kideek gertuagotik ezagutuko dute gobernatu behar duten errealitatea.

Horrez gain, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren antolaketa eta funtzionamenduaren diseinu berria dela-eta, organo horren lanaren zati bat Legelarien Kidegoko funtzionarioek gauzatu ahal izango dute, baita erabaki beharreko gaiak bideratu eta prestatzekoak ere.

Horregatik, Batzorde Iraunkorreko kideek bakarrik jardungo dute esklusibotasunez, eta, hori, behar bezala justifikatzen da haren konfigurazio berrian. Arauaren arabera, Batzorde Iraunkorrari dagozkio Osoko Bilkurari edo legez finkatutako Batzorderen bati berariaz esleitzen ez zaizkion eskudantzia guztiak, haren funtzionamenduaren bizkortasunerako eta eraginkortasunerako. Dena den, Batzorde Iraunkorraren osaeran pluraltasun handiagoa ahalbidetzeko, hura urtero berritzea aurreikusten da, hartara, kide guztiek –Diziplina Batzordea osatzen dutenek salbu– partaide izateko aukera izan dezaten.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kide gehienek lanaldi partziala izatearen xedea da erakundearen administrazio egokiari eta eraginkortasun ekonomikoari laguntzea; gainera, horrela, orain arte kide gisa jarduteko interesik ez zuten karrera judizialeko nahiz kanpoko pertsonek sartu ahal izango dute Kontseiluan, zeren eta, osterantzean, beren jarduera profesionala eten beharko bailukete esklusibotasunez lan egiteko.

V.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko organoen artean eskumenak banatzea Kontseiluaren antolaketari eta funtzionamenduari dagokionez, eskumenak haren organoen artean beste modu batera banatzea aurreikusten da.

Lehenik eta behin, Kalifikazio Batzordea kentzen da, eta beraz, Batzorde Iraunkorrak hartuko ditu bere gain Osoko Bilkurak bere iritziaren arabera egin beharreko izendapenak prestatzeko eginkizunak. Irizpide meritokratikoen araberako hautaketa-logikaren arabera, Batzorde Iraunkorrak bere esku du hautagai bakoitzaren ezaugarriak Osoko Bilkuraren aurrean aurkeztea, inolako arazorik gabe, beste edozein esparrutan ohikoak diren irizpide berberen arabera.

Horrela, eta momentuz diziplina-erregimena alde batera utzita, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren funtzionamenduari buruzko eskudantzia horiek Batzorde Iraunkorraren eta Osoko Bilkuraren esku geratuko dira, batik bat. Bizkortasuna eta eraginkortasuna bermatzearren, asmoa da Osoko bilkurak ebatzi beharreko gaiak irizpenerako tarte zabal samarra ematen dutenak bakarrik izatea. Nolanahi ere, benetan garrantzitsuak diren erabaki guztiak Osoko Bilkuraren esku izango dira aurrerantzean ere: Auzitegi Goreneko lehendakariak eta magistratuak izendatzea, Kontseiluaren erregelamenduak onestea, aurrekontua onartzea, eta abar. Laburbilduz, Osoko Bilkurari ez zaio inolako botererik kentzen, ezta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren egituran duen toki nagusia gutxiesten ere. Gertatzen den gauza bakarra zera da: ez duela aurrerantzean eskumen orokorrik izango Batzorde Iraunkorraren erabakien kontra aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoen gainean ebazteko.

Horrela diseinatutako egitura batek ez du zerikusirik eskema presidentzialistarekin, Batzorde Iraunkorrari baitagokio, funtsean, Osoko Bilkuraren eskumeneko ez diren erabakiak hartzea, eta ez lehendakariari.

Kontseiluaren antolaketari eta funtzionamenduari buruzko aurreikuspenei dagokienez, komeni da ondoren agertzen diren berritasunak nabarmentzea. Batetik, Auzitegi Goreneko lehendakariak Auzitegi Goreneko lehendakariordearen laguntza jasoko du, eta hala badagokio, ordezkatu ere egingo du.

Lehendakariorde bat izatea bereziki garrantzitsua da Auzitegi Gorenarentzat, azken hogeita hamar urtean Kontseiluak ia guztiz bereganatu baititu hurrenez hurren hautatu diren lehendakariak, eta lehendakaritza unitarioa kendu hari. Lehendakariordea lehendakariaren konfiantzakoa izan behar da beti, baina lehendakariak ezin izango du izen jakin bat ezarri.

Eskakizun bikoitz horiek bateragarri egiteko, Kontseiluaren Osoko Bilkurak aukeratuko du lehendakariordea, betiere lehendakariak proposamena egin ostean. Era berean, Osoko Bilkuraren eskumen berria izango da Auzitegi Goreneko lehendakariordearen kargu-uztearen kausei buruz ebaztea; gainera, hark kargua utzi beharko du, behar bezala justifikatutako kausaren bat izanez gero, baina, horretarako, Osoko Bilkurako kideen hiru bostenen aldeko botoa beharko da.

Bestalde, hau da bigarren berritasuna: Kontseilua profesionalizatu egiten da, hartara karrerako epaile eta magistratuen gorabeherak kudeatzeko administrazioa izan dadin.

Bost urtez behin osorik berritu behar den erakundea izanik –horrek erakundearen jarraitutasun-eza eragiten du, hein batean–, Kontseiluko Legelarien Kidegoaren barnean legelari kopuru jakin bat iraunkorra izango da; lehiaketa-oposizio bidez hautatuko dira, eta betiere, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak bermatuko dira, eta eginkizun teknikojuridikoak beteko dituzte Kontseiluaren barnean. Neurri honen ondorio ekonomikoei dagokienez, gaur egungo legelari-plazak pixkanaka amortizatzea aurreikusten da.

Horrenbestez, barne-berrantolaketarako neurri bakarra txertatu da organoaren eraginkortasuna areagotzeko, eta horrek ez du, inola ere, kostua handituko.

Azken berritasuna Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak orain arte izan duen arazo handienetako batekin loturik dago: erabakiak hartzeko blokeoa. Araudi berriaren arabera, erabaki guztiak botoen gehiengo soilez hartuko dira, Lege Organikoak berariaz beste zerbait agintzen duenean izan ezik.

VI.  Diziplina Batzordearen eraldaketa Testuan jasotzen den berritasun handienetako bat da Diziplina Batzordearen eraldatzea, hartara, Diziplina Batzordea ez dadin inkisiziozkoa izan aurrerantzean: ezin da organo beraren gain izan prozedura hasteko erabakitzea, instruktorea izendatzea eta azkenean zigortu edo ez erabakitzea. Egia da diziplina-ahala gobernu-tresna bat dela, baina, hala eta ere, Estatuaren ius punendi delakoaren adierazpen bat ere bada, eta, hori dela eta, diziplina-ahala ere funtsezko berme jakin batzuekin baliatu behar da.

Hori gogoan izanik, eta gaur egun dugun esparru berme-emailea kontuan hartuta, figura berri bati esleitzen zaizkio prozedura abian jarri eta bideratzeko eta kargu-orria formulatzeko eginkizunak: Diziplina-akzioaren Eragileari, hain zuzen. Karrera judizialean esperientzia handia duen norbait izango da Diziplina-akzioaren Eragilea, eta arauhausteak ikertzea eta salatzea izango ditu eginkizun. Diziplina-prozeduran akusazioprintzipioa txertatzeko onura ekartzeaz gain, instrukzioa profesionalizatzen eta arrazionalizatzen lagundu ere egingo du; orain arte magistratuei esleitu izan zaie eginkizun hori, eta beren ohiko jarduera utzi gabe bete behar zuten.

Diziplina-akzioaren Eragilea ez da Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren organo bat, haren mendeko kargu bat baizik. Batzorde Iraunkorrak haren jarduerarik eza zuzendu ahal izango du, eta ofizioz edo alderdi batek hala eskatuta, diziplina-prozedura bat has dezan edo jarrai dezan agindu ahal izango dio.

Eskema horretan, Diziplina Batzordea «epaimahai» bat bakarrik izango da, hau da, arau-hauste larri edo oso larriengatiko diziplina-prozedurak epaituko ditu, eta dagozkion zigorrak ezarriko. Kasu batzuetan, Diziplina Batzordeak administrazio-bidea amaitzen du, eta beraz, ezin izango da haren erabakien aurka gora jo Osoko Bilkurara. Dena den, ez da horregatik bestelakotzen Konstituzioak Kontseiluari diziplina arloan esleitzen dion eginkizuna. Hona zergatik: Lehenik eta behin, Diziplina Batzordearen osaera bera –Kontseilu bakoitzaren bost urteko aldian zehar, pertsona berberak izango ditu kide, organoa profesionalizatzearren – Osoko Bilkuraren proportzioaren araberakoa da: hiru kide gaitasun aitortuko juristen txandatik hautatuko dira, eta beste lauak, ordea, txanda judizialetik. Hartara, Konstituzioaren agindua betetzen da, alegia, epailetzaz kanpoko juristak izango dituen organo kolegiatu batek –nahiz eta kideen gutxiengo izan, nabarmena izan behar du jurista horien kopuruak – epaitu behar dituela epaile eta magistratuen diziplinako arau-hausteak.

Bigarrenik, Diziplina-akzioaren Eragileak arau-hauslea zerbitzutik kentzeko zigorra ezartzea proposatzen duenean, Osoko Bilkuraren eskumena izango da prozedura ebaztea, zigorraren larritasuna dela eta.

Denboran zehar artikuluen zenbakiak eduki ezberdinarekin bikoiztu eta nahasterik sor ez dadin, eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren arautegiari egitura sistematiko berri bat emateko –aurrekoa baino zabalagoa, ezinbestean–, beste liburu bat sartzen da Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoan: VIII. Liburua, hain zuzen, gai horri buruz lehendik zeuden artikuluak aldatu beharrean.

VII.  Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei buruzko eta haiek gizarteratzeari buruzko Lege Organikoa aldatzea (4/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 11koa) Aldatu egiten da 32. artikulua, nazioarteko babesa jasotzen duten pertsonak sartzeko haren aplikazio-eremuan, eta, hartara, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2011/51/EB Zuzentarauan aurreikusitakoa betetzeko (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2011/51/EB Zuzentaraua, 2011ko maiatzaren 11koa, Kontseiluaren 2003/109/EE Zuzentaraua aldatzen duena).

Gainera, aldatu egiten da 57. artikulua ere, babes indartuko araubide bat jasotzearren nazioarteko babesa jasotzen duten pertsonak kanporatzen dituztenerako, betiere iraupen luzeko egoiliarren araubideaz gozatzen badute. Horrela, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2011/51/EB Zuzentarauan aurreikusitakoa beteko da aldi berean (Kontseiluaren 2011/51/EE Zuzentaraua, 2011ko maiatzaren 11koa, Kontseiluaren 2003/109/EE Zuzentaraua aldatzen duena).

Artikulu bakarra.  Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzea.

VIII. Liburua eta azken xedapen bat gehitzen zaizkio Botere Judizialari buruzko Lege Organikoari (6/1985 Lege Organikoa, uztailaren 1ekoa); hona hemen nola: Bat. Beste liburu bat, VIII. Liburua, gehitzen zaio, «Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaz » izenekoa; honako hau dio:

«I. TITULUA Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eskudantziak 558. artikulua.

1.  Botere Judizialaren gobernua Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari dagokio, eta nazio osoan gauzatuko ditu bere eskumenak, Konstituzioari eta Lege Organiko honi jarraituz.

2.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Madrilen du egoitza.

559. artikulua.

Epaitegi eta Auzitegietako lehendakari eta gainerako gobernu-organoak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren mende egongo dira beren gobernu-eginkizunak gauzatzen dituzten bitartean.

560. artikulua.

1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak honako eskudantzia hauek izango ditu:

1.  Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko lehendakariaren izendapena proposatzea, Lege Organiko honetan ezarritakoaren arabera.

2.  Epaileen, magistratuen eta Auzitegi Goreneko magistratuen izendapena proposatzea.

3.  Konstituzio-auzitegiko bi magistraturen izendapena proposatzea, Lege Organiko honetan ezarritakoaren arabera.

4.  Estatuko Fiskal Nagusia izendatu aurretik, Gobernuak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari entzutea.

5.  Estatuko konstituzio-organoen arteko eskudantzia-gatazkak eragitea, Konstituzio Auzitegiari buruzko Lege Organikoan ezarritakoaren arabera.

6.  Epaile eta magistratuen aukeraketan parte hartzea, legez ezarritakoaren arabera.

7.  Epaile eta magistratuen prestakuntza eta hobekuntza, lanpostuen zuzkidura, igoera, administrazio-egoera eta diziplina-araubidearen arloko gaiak ebaztea.

8.  Auzitegien goi-ikuskaritza gauzatzea, eta Auzitegietako Gobernu Salen eta lehendakarien ohiko ikuskatze-jarduera koordinatu eta gainbegiratzea.

9.  Epaitegi eta Auzitegietako gobernu-organoei jarraibideak ematea, haiei dagozkien gaiei buruz, eta haiek hartutako erabakien aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoak ebaztea.

10.  Auzitegi Gorenaren eta gainerako organo judizialen epaien eta argitaratzekoak irizten zaizkien gainerako ebazpenen argitaratze ofiziala zaintzea.

Administrazio eskudunek txostena egin ostean, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak arau bidez zehaztuko du epaien liburu elektronikoak, haien bildumak, trataera, hedapena eta ziurtapena lantzeko modua, horrela, haien zuzentasuna, benetakotasuna eta sarbidea bermatzeko, eta datu pertsonalen babeserako legeria betetzen dela bermatzeko.

11.  Eskola Judizialaren egitura eta funtzionamendua arautzea, eta haren zuzendaria eta irakasleak izendatzea.

12.  Dokumentazio Judizialaren Zentroaren egitura eta funtzionamendua arautzea, eta haren zuzendaria eta gainerako langile guztiak izendatzea.

13.  Auzitegi Goreneko lehendakariordea, Diziplina-akzioaren Eragilea eta Auzitegietako ikuskapen-burua izendatzea.

14.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Kabinete Teknikoko zuzendaria izendatzea.

15.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Legelarien Kidegoan sartzeko oposizio-lehiaketa arautzea eta iragartzea.

16.  Erregelamendu-ahala gauzatzea, baina Botere Judizialaren Lege Organikoan jasotzen diren aurreikuspenak garatuz soilik, honako esparru hauetan:

a)  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren antolaketa eta funtzionamendua.

b)  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren langileak, funtzio publikoaren legediaren esparruan.

c)  Epaitegi eta Auzitegien gobernu-organoak.

d)  Jardun judizialen publizitatea.

e)  Ebazpen judizialen argitalpena eta berrerabilpena.

f)  Egun eta ordu baliodunak izendatzea, eta entzunaldi publikoen orduak finkatzea.

g)  Organo judizialak eratzea haien egoitzaz kanpo.

h)  Organo judizialen espezializazioa.

i)  Gaiak eta txostenak banatzea.

j)  Organo jurisdikzionalen guardiako araubidea.

k)  Espainiako organo judizialek nazioko nahiz nazioarteko lankidetza jurisdikzionalaren esparruan duten jarduketaren antolaketa eta kudeaketa.

l)  Justizia Administrazioan erabiltzen diren sistema informatikoen bateragarritasun-estandarrak eta -oinarriak finkatzea.

m)  Elkarte judizialen erregimen juridikoa eta epaile eta magistratuen estatutua osatzen duten eskubide eta betebeharrak gauzatzeko baldintza osagarriak, erregelamenduzko garapen horrek legedian berritasunik edo aldaketarik eragiten ez duen neurrian.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren erregelamenduzko xedapenek ez dituzte, zuzenean nahiz zeharka, harekin loturarik ez duten pertsonen eskubideak eta betebeharrak kaltetuko edo arautuko.

17.  Aurrekontu propioa landu eta gauzatzea, Lege Organiko honetan ezarritako eran.

18.  Bere zerbitzura lan egiten duten funtzionarioen zerrenda onestea.

19.  Datuen babesari dagokionez, Justizia Administrazioaren esparruan Kontrol Agintaritzarekin batera lan egitea. Era berean, haren eskumenak hartuko ditu bere gain, epaile eta magistratuen jarduketari dagokionez bakarrik, fitxategi judizialen erabilera dela eta.

20.  Herritarrek Justizia Administrazioarekiko dituzten kexak jasotzea.

21.  Justizia Ministerioarekin batera, eta hala badagokio, autonomia-erkidegoei entzun ondoren (haien eskumeneko gaiei eragiten dietenean), organo jurisdikzional batek bere gain har dezakeen lan-karga zehazteko egokitzat jotzen diren lanaren arrazionalizazio-, antolaketa- eta neurketa-sistemak lantzea eta onartzea.

Epaileari edo magistratuari diziplina-ondorioetarako eskatu dakiokeen lan-karga zehaztea Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari dagokio.

22.  Organo judizial jakin batzuetan beharrezkoak izan daitezkeen laguntzaneurriak proposatzea, haien beharra behar bezala justifikatu ondoren.

23.  Justizia Administrazioaren ezohiko funtzionamenduak eragindako ondareerantzukizuneko espedienteen txostena egitea.

24.  Botere Judizialaren Lege Organikoak esleitzen dizkion gainerako eskumenak.

2.  Garapen-erregelamenduen proiektuek epaile eta magistratuen elkarte profesionalen eta eragina jasan dezaketen interesak ordezkatzeko eginkizuna legez aitortua duten korporazio profesionalen edo beste era bateko elkarte batzuen txostena beharko dute. Estatuko Administrazioak ere esku hartuko du, Justizia Ministerioaren bitartez, eta autonomia-erkidegoek ere bai, betiere erregelamenduaren edukiarekin zerikusia duten eskumenak badituzte edo eskumen horiek eta Kontseilu Nagusiarenak koordinatzea beharrezkoa bada. Beharrezkotzat jotzen diren kontsultak eta aldez aurretiko azterlanak bilduko dira, baita proiektuari buruzko legezkotasun-txosten bat ere.

Dena den, genero-eraginari buruzko aldez aurreko txosten bat egin beharko da beti.

Proiektuaren gaiak eragiten badio, entzun egingo zaio Ministerio Fiskalari, batik bat artikulu honetako 1.16 paragrafoaren d) eta f) idatz-zatitik j) idatz-zatira jasotzen diren egoeretan.

3.  Artikulu honetako 1.16 paragrafoko l) idatz-zatian aurreikusitako ondorioetarako, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Administrazio judizial elektronikoaren Estatuko Batzorde Teknikoaren onespenaren esku utziko ditu programa eta aplikazio informatikoen definizioa eta balioztatze funtzionala, estatu osorako ezarriz kudeaketa prozesalaren helburu nagusiak, prozedurak eta ebazpen-ereduak.

Dena den, Justizia Ministerioari eta Justizia Administrazioaren zerbitzura dauden bitarteko materialen inguruko eskumenak dituzten gainerako administrazioei dagokie neurri horiek guztiak programa eta aplikazio informatikoetan modu teknikoan txertatzea.

4.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, artikulu honetan aurreikusitako legezko eskudantziak gauzatzeko orduan, gastuak gehitzea eragiten duten neurriak onartzen baditu, gastu horri aurre egin beharko dion Administrazio eskudunaren txostena beharko da, aldekoa.

561. artikulua.

1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren txostena bete beharko dute honako gai hauei buruzko xedapen orokorrek eta lege-aurreproiektuek:

1.  Botere Judizialaren Lege Organikoaren aldaketak.

2.  Mugapen judizialak zehaztu eta aldatzea, bai eta haien hiriburuak ere.

3.  Epaile eta magistratuen, idazkari judizialen eta Justizia Administrazioaren zerbitzura dauden langileen plantilla organikoa zehaztu eta aldatzea.

4.  Epaile eta magistratuen estatutu organikoa.

5.  Idazkari judizialen eta Justizia Administrazioaren zerbitzura lan egiten duten gainerako langileen estatutu organikoa.

6.  Arau prozesalak edo funtsezko eskubideak ohiko auzitegietan babesteari dagozkion alderdi juridiko-konstituzionaletan eragiten duten arauak.

7.  Auzitegien eratzeari, antolaketari, funtzionamenduari eta gobernuari eragiten dieten arauak.

8.  Presondegiko araubideari buruzko arauak eta lege penalak.

9.  Gobernuak, Gorte Nagusiek edo, hala badagokio, autonomia-erkidegoetako legebiltzarrek egokitzat jotzen dituzten gainerako gaiak.

2.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak hogeita hamar egun izango ditu txostena egiteko; epe hori ezingo da luzatu. Igorpen-aginduan txostena urgentziazkoa dela zehazten bada, epe hori hamabost egunekoa izango da. Salbuespen gisa, txostena igorri duen organoak epea luzatu ahal izango du kasuaren ezaugarrien arabera.

3.  Gobernuak Gorte Nagusietara igorriko du txostena, lege-aurreproiektuen kasuan.

562. artikulua.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren nazioarteko jarduera guztiak Kanpo Arazoetako Ministerioaren lankidetzarekin gauzatuko dira, bere eskumenak baliatzean hark finkatzen dituen kanpo-politikaren esparruko arauei jarraituz, eta, betiere, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak nazioarteko lankidetza jurisdikzionalaren arloan dituen eskumenak eragotzi gabe, Lege Organiko honetan xedatzen den moduan.

563. artikulua.

1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, urtero-urtero, epaitegi eta auzitegien eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren beraren egoerari, funtzionamenduari eta jarduerei buruzko memoria bat igorriko du Gorte Nagusietara; bertan, Konstituzioak eta legeek botere judizialari esleitzen dizkioten eginkizunak behar bezala garatzeko zer baliabide, instalazio eta langile beharko diren zehaztuko da.

2.  Halaber, generoak esparru judizialean duen eraginari buruzko kapitulu bat gaineratuko da memoria horretan.

3.  Ganberen erregelamenduekin bat etorriz, Gorte Nagusiek memoriaren edukia eztabaidatu eta Auzitegi Goreneko lehendakariaren agerraldia eskatu ahal izango dute, memoria horren inguruan izan ditzaketen galderei erantzuteko.

564. artikulua.

Aurreko artikuluan aurreikusitako egoera horretan salbu, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideek eta Auzitegi Goreneko lehendakariak ez dute izango Ganberetan agertzeko betebeharrik beren eginkizunak direla eta.

565. artikulua.

1.  Esleitu zaizkion eskudantziak gauzatzeko, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak bere aurrekontua prestatuko du, organo konstituzional gisa duen autonomiaz baliatuz.

2.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren aurrekontua prestatu eta egikaritzeko orduan, aurrekontuei buruzko legedia orokorra bete beharko du uneoro.

3.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren gastuaren barne-kontrola, Estatuko Auditore eta Kontu-hartzaileen Goi Mailako Kidegoko funtzionario batek gauzatuko du, zeina Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren mende egongo baita; bestalde, kanpo-kontrola Kontu Auzitegiaren esku egongo da.

4.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, hau da, Botere Judizialaren gobernu-organo gorena, aurrekontuaren egonkortasun- eta iraunkortasunprintzipioen pean dago.

II. TITULUA Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideak I. KAPITULUA Kideak izendatu eta ordezkatzea 566. artikulua.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia Auzitegi Goreneko lehendakariak eta hogei kidek osatuko dute; horietatik hamabi karrera judizialeko jarduneko zerbitzuan dauden epaileak edo magistratuak izango dira, eta beste zortziak, ordea, gaitasun aitortuko juristak.

567. artikulua.

1.  Gorte Nagusiek izendatuko dituzte Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko hogei kide, Konstituzioan eta Lege Organiko honetan zehazten den moduan.

2.  Ganbera bakoitzak hamar kide aukeratuko ditu, hura osatzen duten kideen hiru bostenen gehiengo bidez; horietatik lau beren lanbidean hamabost urte baino gehiago daramatzaten gaitasun aitortuko juristak izango dira, eta beste seiak, ordea, txanda judizialeko kideak, Titulu honetako II. Kapituluan aurreikusitako moduan.

3.  Juristen txandan, karrera judizialean jardunean egon ez baina hamabost urte baino gehiagoko lanbide-esperientzia duten epaileak edo magistratuak aukeratu ahal izango dira; horretarako, karrera judizialean duten antzinatasuna eta beste lanbide juridiko batzuetan izandako esperientzia-urteak hartuko dira kontuan.

Baten batek kide izendatua izateko hautagaitza aurkezten badu eta indarrean den legediaren arabera bateraezina den karguren bat okupatzen badu, kargu horri uko egiteko txostena formalizatu beharko du, hautatua izanez gero.

4.  Era berean, Ganberek hiru ordezko izendatuko dituzte kide izendatua izateko txanda bakoitzerako, eta ordezkapena egin behar izanez gero zein hurrenkerari jarraituko zaion ere finkatuko dute.

5.  Ezingo dira izendatu Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kide agintaldia amaitu duten Kontseiluko kideak.

568. artikulua.

1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia osorik berrituko da bost urtez behin, osatzen den egunetik kontatzen hasita. Diputatuen Kongresuko eta Senatuko lehendakariek Kontseilua epe barruan berritzeko behar diren neurriak hartu beharko dituzte.

2.  Horretarako, eta Ganberek Kontseiluaren berritze-prozesua abian jarri ahal izan dezaten, epe hori amaitu baino lau hilabete lehenago Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko eta Auzitegi Goreneko lehendakariak xedatuko du:

a)  Erakunde judizialen erregistroko eta herronketako datuak igortzea Diputatuen Kongresuko eta Senatuko lehendakariei, egun horretan Kontseiluak bere esku dituenak.

b)  Txanda judizialari dagozkion kideak izendatzeko hautagaitzak aurkezteko epea irekitzea.

Auzitegi Goreneko lehendakariak egintza horien berri emango die Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Osoko Bilkurako kideei, hura gauzatu ondoren egiten den lehen ohiko bilkuran.

569. artikulua.

1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideak Erregeak izendatuko ditu errege-dekretu bidez; Erregearen aurrean zin edo promes egingo dute beren karguaz jabetzeko orduan, eta eratze-saioa egingo dute ostean.

2.  Karguaz jabetzea eta eratze-saioa aurreko Kontseiluaren agintaldia amaitu eta hurrengo bost egunetan gauzatuko da, Lege Organiko honetako 570.2

artikuluan aurreikusitako kasuan salbu.

570. artikulua.

1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusi berriaren eratze-saioaren egunean Ganberetako batek ez badu kideen aukeraketa egin, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia beste Ganbarak izendatutako hamar kideekin eta izendapen-epea bete ez duen Ganbarak bere momentuan izendatu zituen Kontseiluko hamar kideekin osatuko da, eta, une horretatik aurrera, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak bere eskudantzia guztiak gauzatu ahal izango ditu.

2.  Legez aurreikusitako epean bi Ganberek ez badute kideen izendapena gauzatu, agintaldia amaitu duen Kontseiluak jardunean jarraituko du Kontseilu berria osatu bitartean; dena den, ordura arte ezin izango da Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko lehendakari berria hautatu.

3.  Nahiz eta kideak izendapenak egiteko legezko epea amaitu ostean izendatu, haien kargua ez da, inola ere, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko agintaldi horren bost urteak baino gehiago luzatuko, aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuan salbu.

4.  Izendapen-epea bete ez duen Ganberak kideak izendatu ostean, legez aurreikusitako Batzorderen bateko kide izanik kargua utzi duten kideak ordezkatu beharko dira. Kide berriak Osoko Bilkurak aukeratuko ditu, betiere kargua utzi duten kideak zein txandaren bidez hautatu ziren kontuan hartuta, eta dagokion Batzordea osatuko dute, hura berritu bitartean.

5.  Kideak Kontseilu berria osatu ostean izendatu izana ez da justifikazio gisa erabiliko ordura arte hartu diren erabakiak berrikusteko.

571. artikulua.

1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideek beren kargua behar baino lehenago uzten badute, ordezkatu egingo dira; Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko lehendakariak dagokion Ganberari egingo dio jakinarazpena, horrela, hark kide berri baten izendapen-proposamena egin dezan, betiere Lege Organiko honetako 567.4 artikuluan ezartzen denari jarraituz.

2.  Kide berriak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren agintaldia amaitu bitartean beteko du bere kargua.

II. KAPITULUA Jatorri judizialeko kideak izendatzeko prozedura 572. artikulua.

Txanda judizialaren bidez izendatzekoak diren Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideen izendapena Lege Organiko honetan xedatutakoaren arabera egingo da.

573. artikulua.

1.  Karrera judizialean jarduneko zerbitzuan dagoen edozein epaile edo magistratuk aurkeztu ahal izango du txanda judizialaren bidez kide gisa hautatua izateko hautagaitza, non eta ez dagoen lege honen arabera hori galarazten duten egoeretako batean.

2.  Kide gisa izendatua izateko hautagaitza aurkeztu nahi duen epaile edo magistratuak, bateraezina den karguren bat betetzen badu, kargu horri uko egiteko txostena formalizatu beharko du, hautatua izanez gero.

574. artikulua.

1.  Bere hautagaitza aurkeztu nahi duten epaile edo magistratuek karrera judizialean jarduneko zerbitzuan dauden hogeita bost kideren bermea edo legearen arabera osatutako erakunde judizial baten bermea ekarri beharko dute hautagaitzak aurkezteko epea irekitzen den momentuan.

2.  Aurreko paragrafoan aipatzen diren epaile, magistratu edo erakunde judizialek hamabi hautagai abalatu ahal izango dituzte gehienez ere.

575. artikulua.

1.  Hautagaitzak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko lehendakariak epe hori irekitzeko agindua eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

2.  Jatorri judizialeko txandaren bidez kide izendatua izateko hautagaitza aurkeztu nahi duen epaileak edo magistratuak kide gisa izendatua izateko bere asmoa jasoko duen agiri bat igorriko dio, idatziz, Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko lehendakariari. Idatzi horrez gain, hautagaitza aurkezten duenaren ustez Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak garatu beharko lituzkeen jardun-ildoen justifikazio-memoria bat igorri beharko dio, baita hautagai gisa aurkezteko legez eskatzen zaizkion hogeita bost abalak edo dena delako elkarte judizialaren abala ere.

576. artikulua.

1.  Hauteskunde Batzordeari dagokio txanda judizialaren bidez Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kide izateko hautagaitzak aurkezteko prozesuan agertzen diren gai guztiak ebaztea eta hautagaitzak aldarrikatzea.

2.  Auzitegi Goreneko Salako lehendakari zaharrenak –bera izango da batzordeko buru – eta honako bi kide hauek osatuko dute Hauteskunde Batzordea: Auzitegi Goreneko magistratu zaharrenak eta berrienak; Auzitegi Goreneko gobernu-idazkariak jardungo du idazkari, hitz egiteko bai, baina botoa emateko eskubiderik gabe.

3.  Hauteskunde Batzordea eratuko da txanda judizialaren bidez Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kide izateko hautagaien izendapen-prozedura abian jarri eta hurrengo hiru egunetan, eta hautagaiak aurkezteko prozedura behin betiko amaitu ostean desegingo da, hala badagokio, administrazioarekiko auzierrekurtsoak ebatzi ostean.

4.  Hauteskunde Batzordea biltzeko deialdia haren lehendakariak egingo du, beharrezkotzat jotzen duenean. Bilkura egin ahal izateko, kide guztiek edo haien ordezkariek bertaratu beharko dute.

5.  Lehendakaria bertaratu ezean, Auzitegi Gorenaren Salako hurrengo lehendakariak hartuko ditu haren eginkizunak, antzinatasunaren arabera. Era berean, magistratu zaharrena eta berriena Auzitegi Goreneko hurrengo magistratu zaharrenak eta berrienak ordezkatuko dituzte, hurrenez hurren. Idazkaria bertaratu ezean, antzinatasun handiena duen Auzitegi Goreneko idazkariak ordezkatuko du.

6.  Hauteskunde Batzordearen erabakiak gehiengo soil bidez hartuko dira.

7.  Hautagaitzak aurkezteko epea amaitu ostean, Hauteskunde Batzordeak legez eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituzten hautagaien zerrenda argitaratuko du hurrengo bi egunetan.

8.  Zerrenda jendaurrean jarriko da Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren intranetean, eta argitaratu eta hiru egunera jo ahal izango da aurkeztutako hautagaitzen aurka.

9.  Epe hori igaro eta hurrengo hiru egunetan, Hauteskunde Batzordeak aurka egiteak ebatziko ditu, eta hautagaiak aldarrikatzeko erabakia argitaratuko du berehala.

577. artikulua.

1.  Hautagaitzen behin betiko aldarrikapenaren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da erabakia argitaratu eta bi eguneko epean.

2.  Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salari dagokio administrazioarekiko auzi-errekurtsoari buruz ebaztea; errekurtsoa jarri eta hiru eguneko epean ebatzi beharko du.

578. artikulua.

1.  Aurreko artikuluan aipatutako epeak igarotakoan, Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko lehendakariak behin betikotzat onartutako hautagaitzak igorriko dizkie Kongresuko eta Senatuko lehendakariei, bi Ganbera horiek txanda judizialeko kideak izendatu ditzaten, betiere Lege Organiko honetako 567. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

2.  Txanda judizialeko kideak izendatzerakoan, Ganberek kontuan hartuko dute, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko orduan, zenbat epaile eta magistratu diren karrera judizialean elkarte judizial batzuetako eta besteetako kide eta zenbat ez.

3.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko txanda judizialeko hamabi kideak izendatzeko, honako kopuru hauek errespetatu beharko dira gutxienez: Auzitegi Goreneko hiru magistratu, karrera judizialean hogeita bost urte baino gehiagoko antzinatasuna duten hiru magistratu, eta antzinatasunari atxiki gabeko sei epaile edo magistratu. Aipatutako kategoria horietakoren batean kide hautagairik ez balego, hutsik dagoen kargua hurrengo kategoriari dagokion kopuruari erantsiko zaio, arau honetan zehaztutako hurrenkeraren arabera.

III. KAPITULUA Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideen estatutua 579. artikulua.

1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideek, Batzorde Iraunkorra osatzen dutenek salbu, jarduneko zerbitzuan jarraituko dute karrera judizialekoak edo funtzionario-kidego batekoak direnean, eta beren lanbidean jarraituko dute abokatuak edo auzitegiko prokuradoreak direnean edo beste edozein lanbide liberal gauzatzen dutenean.

2.  Batzorde Iraunkorra osatzen duten kideek esklusibotasunez gauzatuko dute beren kargua Batzorde Iraunkorreko kide diren bitartean eta, hala badagokio, zerbitzu berezien administrazio-egoerara pasatuko dira beren jatorrizko kidegoan.

3.  Kidearen erabateko arduraldiko kargua ez da bateragarria izango esparru judizialeko beste gobernu-erantzukizun batzuekin. Kidearen kargua erabateko arduraldian gauzatzen denean, indarrean den legediaren arabera interesatua ordezkatuko duen pertsonak hartuko ditu bere gain gobernu-erantzukizun horiek.

4.  Kideek dagozkien Osoko Bilkura eta Batzorde guztietara joan beharko dute, behar bezala justifikatutako kausaren bat izan ezean.

580. artikulua.

1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kidearen funtzioa bateraezina izango da hauteskunde bidezko beste edozein kargu publikorekin; dagokien kidegoan zerbitzu ematea izango da salbuespen bakarra.

2.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideen kasuan, Estatuko Administrazio Orokorraren zerbitzura dauden langile eta agintarientzat legez zehaztutako abstentzio- eta ezespen-kausa berak bete beharko dira. Betiere, gai batean interes zuzena edo zeharkakoa izanez gero, edo gai batean esku hartuta kide gisa duten jardunaren inpartzialtasun objektiboari eragitea gertatu ahal bada, abstenitu egingo dira.

3.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideek ezin izango dute Kontseiluko kide izate hori baliatu ez arrazoitzat hartu beren lanbideetan.

4.  Kide-karguari dagozkion betebeharrak oso modu larrian hutsegin direla joko da aurreko paragrafoan zehaztutako debekua urratzen denean, eta kidekargua Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eskudantzien baliatze egokiarekin loturarik ez duten helburu publiko edo pribatuetarako erabiltzen denean ere bai.

Horrelako egoeraren bat gertatuz gero, Osoko Bilkurak bere esku izango du araua hautsi duen kidea kargutik kentzea, hiru bostenen gehiengoak hala erabakita.

581. artikulua.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideak ez dira aginduzko mandatuaren menpe egongo.

582. artikulua.

1.  Kideek izendatuak izan diren bost urteak igaro ondoren bakarrik utziko dute beren kargua, baita Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko lehendakariak onartutako uko egitearen ostean ere, edo, ezgaitasun, bateraezintasun edo karguko betebeharrak modu larrian ez betetzeagatik, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Osoko Bilkuran hiru bostenen gehiengo bidez erabakitzen denean.

2.  Jatorri judizialeko kideek karrera judizialean jarduneko zerbitzuan egoteari uzten diotenean ere utziko dute beren kargua, Lege Organiko honetako 579.2

artikuluan aurreikusten den kasuan izan ezik; baita ere, Lege Organiko honetan aurreikusitako erretiro edo beste edozein kausa dela-eta, karrera judizialaren kide izateari uzten diotenean ere.

583. artikulua.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideen erantzukizun zibila eta penala Auzitegi Goreneko magistratuentzat zehaztutako izapideen bidez exigituko da.

584. artikulua.

Beren agintaldian zehar, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideak ezin izango dira igo Auzitegi Goreneko magistratu edo Konstituzio Auzitegiko magistratu kategoriara; era berean, ezin izango dira izendatu karrera judizialeko izendapen libreko beste edozein kargutarako edo merezimenduak kontuan hartzen diren beste edozein kargutarako.

III. TITULUA

Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko lehendakaria, Auzitegi Goreneko lehendakariordea, eta Auzitegi Goreneko Lehendakaritza Kabinetea eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia I. KAPITULUA Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko lehendakaria, eta Auzitegi Goreneko lehendakariordea 585. artikulua.

Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko lehendakaria Nazioko agintari judizial nagusia da, eta Botere Judizialaren eta haren gobernuorganoaren ordezkaritza hartzen du bere gain; hala, bada, horren araberako trataera eta ohoreak dagozkio.

586. artikulua.

1.  Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko lehendakari hautatua izateko, ezinbesteko baldintza izango da karrera judizialeko kide izatea eta Auzitegi Goreneko magistratuaren kategoria izatea, eta, horrez gain, Auzitegi Goreneko Salako lehendakari izateko eskatzen diren baldintzak betetzea; edo, bestela, gaitasun aitortuko jurista izatea eta lanbidean hogeita bost urte baino gehiagoko antzinatasuna izatea.

2.  Urte gehien dituen kidea izango da Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia eratzeko saioan buru; eratzeko saio horretan, hautagaitza guztiak aurkeztu eta jakinarazi beharko dira jendaurrean, eta kide bakoitzak izen bat baino ezingo du proposatu.

3.  Kideak hurrengo hiru eta sei egun arteko epean egingo den saio batean aukeratuko dira, eta izenezko bozketan Osoko Bilkurako kideen hiru bostenen gehiengoa lortzen duen pertsona izango da aukeratua; lehen bozketan hautagairik aukeratzen ez bada, bigarren bozketa egingo da lehen bozketan boto gehien jaso dituzten bi hautagaien artean, eta horien artean boto gehien jaso dituen pertsona izango da aukeratua.

4.  Auzitegi Goreneko lehendakaria Erregeak izendatuko du Gobernuko presidenteak berretsitako errege dekretu bidez.

5.  Auzitegi Goreneko lehendakariak Erregearen aurrean zin edo promes egin beharko du, eta Goi Auzitegi horren Osoko Bilkuraren aurrean jabetuko da bere karguaz.

587. artikulua.

1.  Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko lehendakariaren agintaldia bat etorriko da hura hautatu duen Kontseiluko lehendakariarenarekin.

2.  Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko lehendakaria behin bakarrik berraukeratu eta izendatu ahal izango da beste agintaldi baterako.

588. artikulua.

1.  Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko lehendakariak honako kausa hauengatik utziko du bere kargua:

1.  Bere agintaldia amaitzeagatik; hura hautatu duen Kontseiluaren agintaldia amaitzen den egun berean amaituko da, betiere.

2.  Uko egiteagatik.

3.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Osoko Bilkuraren erabaki bidez, ezgaitasun nabarmenagatik edo karguko betebeharren ez-betetze larriagatik, Osoko Bilkurako kideen hiru bostenek hala jotzen dutenean.

2.  Artikulu honetako bigarren eta hirugarren kausak Gobernuari jakinaraziko zaizkio Justizia Ministerioaren bitartez. Kasu horietan, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko eta Auzitegi Goreneko beste lehendakari bat izendatuko da.

589. artikulua.

1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko eta Auzitegi Goreneko lehendakaria hautatu osteko Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren lehen Osoko Bilkuran Auzitegi Goreneko lehendakariordea hautatuko da.

2.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Osoko Bilkurak izendatuko du Auzitegi Goreneko lehendakariordea, gehiengo osoz, lehendakariak proposatuta.

Proposatua izateko, ezinbestekoa izango da Auzitegi Goreneko magistratukategoria izatea, zerbitzu aktiboan egotea eta Auzitegi Goreneko Salako lehendakari izateko baldintzak betetzea.

3.  Auzitegi Goreneko lehendakariak egindako proposamena kideei jakinaraziko zaie, gutxienez zazpi egun lehenago, eta, ondoren, argitaratu egingo da.

4.  Bozketan gehiengo osoa lortzen ez bada, Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko lehendakariak beste proposamen bat egin beharko du.

5.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Osoko Bilkurak bere esku du Auzitegi Goreneko lehendakariordeari kargua utzaraztea behar bezala justifikatutako kausa bat tarteko; betiere, Osoko Bilkurako kideen hiru bostenaren aldeko botoa beharko du.

590. artikulua.

Lehendakariordeak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko eta Auzitegi Goreneko lehendakariaren kargua beteko du, jarduneko lehendakari gisa, lehendakariak, legez ezarritako kasuan, bere kargua behar baino lehenago utzi eta lehendakari berri bat izendatu bitartean.

591. artikulua.

1.  Lehendakariordeak beharrezkoa den laguntza guztia eskainiko dio Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko lehendakariari, hark bere eginkizunak modu egokian bete ditzan. Hartara, lehendakaria ordezkatuko du haren kargua hutsik dagoenean, lehendakaria ez dagoenean edo gaixo dagoenean, edo legez aurreikusitako beste kausaren bat denean.

2.  Lehendakariaren eskuordetze bidez, Auzitegi Goreneko lehendakariordeak Auzitegi Goren horretako Kabinete Teknikoaren goi-zuzendaritza gauzatu ahal izango du; orobat lehendakariak berariaz eskuordetu dizkion eginkizun guztiak ere, behar bezala justifikatutako kausaren bat tarteko.

592. artikulua.

Auzitegi Goreneko lehendakariordea Auzitegi horretako Gobernu Salako berezko kidea izango da; Sala horri eta lehendakariari dagokie Auzitegi Gorenaren funtzionamendu egokia bermatzeko erabakiak hartzea, baita Gobernu Salak hartutako erabakiak zehazki gauzatzen direla bermatzea ere.

593. artikulua.

1.  Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko lehendakaria, karrera judizialetik badator, zerbitzu berezien administrazio-egoeran sartuko da.

Karrera judizialetik ez badator, jatorrizko kidegoan zegokion administrazio-egoera izango du.

2.  Auzitegi Goreneko lehendakariordeak bost urtez beteko du bere kargua, Lege Organiko honetako 589.5 artikuluan aurreikusitako kasuan izan ezik; bitarte horretan, zerbitzu aktiboaren administrazio-egoeran jarraituko du.

3.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko eta Auzitegi Goreneko lehendakariaren eta lehendakariordearen erantzukizun zibila eta penala Auzitegi Goreneko magistratuentzat ezarritako izapideen bitartez exijituko da.

II. KAPITULUA

Auzitegi Goreneko Lehendakaritzaren Kabinetea eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia 594. artikulua.

1.  Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko lehendakariak Lehendakaritzaren Kabineteko zuzendariaren laguntza jasoko du, eta lehendakariak berak libreki izendatu eta kargutik kenduko du.

2.  Auzitegi Goreneko magistratu batek, edo Auzitegi Goreneko magistratukategoria bereganatzeko legez eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituzten gaitasun aitortuko juristek, edo karrera judizialeko kideek bakarrik gauzatu ahal izango dute Lehendakaritza Kabineteko zuzendari-kargua.

3.  Lehendakaritza Kabineteko zuzendariak lehendakariari lagunduko dio bere funtzioetan, lehendakariak agindutako eginkizunak gauzatuko ditu eta Lehendakaritzako Idazkaritza Zerbitzuak zuzenduko ditu, Auzitegi Gorenean nahiz Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian.

4.  Kargua gauzatzen duen bitartean, Lehendakaritza Kabineteko zuzendaria, ordezkaritza eginkizunetarako, Auzitegi Goreneko magistratutzat hartuko da.

5.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamenduan ezarriko da Lehendakaritza Kabinetearen egitura eta funtzionamendua.

IV. TITULUA Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren organoak 595.  artikulua.

1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, lehendakariaren esku utzitako eginkizunez gain, Osoko Bilkuran edo Lege Organiko honetan aurreikusten diren batzordeen bitartez gauzatzen ditu bere eskumenak.

2.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian honako Batzorde hauek izango dira: Batzorde Iraunkorra, Diziplina Batzordea, Ekonomia Batzordea eta Berdintasun Batzordea.

596. artikulua.

Auzitegi Goreneko lehendakariordeak Lege honetan berariaz aurreikusten diren eginkizunak bakarrik gauzatuko ditu Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian.

I. KAPITULUA Lehendakaritza 597. artikulua.

Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Lehendakaritza Auzitegi Goreneko lehendakari-karguari berez dagokion eginkizun bat da.

598. artikulua.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Lehendakaritzari dagokio:

1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia ordezkatzea.

2.  Osoko Bilkuraren eta Batzorde Iraunkorraren saioetarako deialdia egin eta horietan buru izatea; gainera, kalitatezko boto bidez erabakiko du, berdinketa gertatuz gero.

3.  Osoko Bilkuraren eta Batzorde Iraunkorraren saioen eguneko zerrenda finkatzea.

4.  Osoko Bilkurari eta Batzorde Iraunkorrari egokitzat jotzen dituen alderdiak proposatzea, haien eskumeneko gaietan.

5.  Gai bat ebatzi edo aztertzeko batzorde txostengileen izendapena proposatzea.

6.  Bere sinadurarekin, Osoko Bilkuraren eta Batzorde Iraunkorraren erabakiak baimentzea.

7.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko organo teknikoen jardueren goizuzendaritza.

8.  Erakundeen arteko komunikazioa zuzentzea.

9.  Auzitegi Goreneko Bigarren edo Hirugarren Saletako Magistratua proposatzea, alegia, Konstituzioaren 18.2 eta 3. artikuluan aitortzen diren funtsezko eskubideei eragiten dieten Inteligentzia Zentro Nazionalaren jardueretarako baimenei buruz ebazteko eskumena duena, bai eta, kargua utziz gero, kanpoan egonez gero edo ezintasuna izanez gero, bera ordezkatuko duen Auzitegi Goreneko Sala horietako magistratua ere.

10.  Lehendakaritza Kabineteko zuzendaria eta Komunikazio Bulegoko zuzendaria, eta lehendakariaren zerbitzura dauden behin-behineko langileak izendatzea eta kargutik kentzea.

11.  Osoko Bilkurari Auzitegi Goreneko lehendakariordearen, idazkari nagusiaren eta idazkariorde nagusiaren izendapena proposatzea, eta azken bi horien kasuetan, kargutik kentzea erabakitzea.

12.  Lanak enkargatu ahal izango dizkie kide jakinei edo lantaldeei, lan horiek iraunkorrak edo mugagabeak ez badira.

13.  Lege Organiko honetan aurreikusten diren gainerako eginkizunak.

II. KAPITULUA Osoko Bilkura 599. artikulua.

1.  Osoko Bilkurari dagokio:

1.  Konstituzio-auzitegiko bi magistratuen izendapena proposatzea, hiru bostenen gehiengo bidez; izendatu, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak izendatuko ditu.

2.  Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko lehendakariaren izendapena proposatzea, Lege Organiko honetan aurreikusten den eran; halaber, Osoko Bilkurari dagokio Estatuko Fiskal Nagusiaren izendapenari buruzko aldez aurreko txostena egitea.

3.  Auzitegi Goreneko lehendakariordea, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko idazkari nagusia eta idazkariorde nagusia izendatzea, Lege Organiko honetan aurreikusitako eran.

4.  Iritzirako tartea ematen duten edo merezimenduak aintzat hartzea dakarten izendapenak edo izendapen-proposamenak eta sustapenak gauzatzea.

5.  Estatuko konstituzio-organoen arteko eskudantzia-gatazkak eragitea.

6.  Batzordeak osatuko dituzten kideak izendatzea.

7.  Erregelamenduak egiteko ahala gauzatzea, Lege honetan aurreikusitako eran.

8.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren aurrekontua onartzea, eta, haren exekuzioari buruz kontu ematen denean, kontu emate hori jasotzea.

9.  Urteko memoria onestea.

10.  Zigor-proposamenak karrera judizialetik kentzea eragiten duenean, diziplina-espedienteak ebaztea.

11.  Diziplina Batzordearen zehapen-erabakien aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoak ebaztea.

12.  Gobernuak edo legegintza-ganberek beraren irizpenaren pean utzi dituen lege-aurreproiektuei edo xedapen orokorrei buruzko txostenak onestea.

600. artikulua.

1.  Osoko Bilkurak hilean behin egingo du ohiko saioa, lehendakariak deialdia egiten duenean.

2.  Lehendakariak egokitzat jotzen duenean edo bost kidek eskatzen dutenean, ezohiko bilkura egingo da aurreko artikuluan adierazitako eskumenen bat gauzatzeko. Orobat Osoko Bilkurari esleitutako eskumenen bat epe barruan gauzatzeko beharrezkoa bada.

3.  Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko lehendakaria hautatzeko saioan hamabi kide beharko dira, gutxienez, Osoko Bilkura osatutzat emateko.

4.  Gainerako kasuetan, hamar kide eta lehendakaria beharko dira, gutxienez, Osoko Bilkura osatutzat emateko.

III. KAPITULUA Batzorde Iraunkorra 601. artikulua.

1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Osoko Bilkurak urtero hautatuko ditu Batzorde Iraunkorra osatuko duten kideak.

2.  Batzorde Iraunkorra Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko lehendakariak –bera izango da buru – eta beste bost kideek osatuko dute: txanda judizialean izendatutako hiru kide eta gaitasun aitortuko juristen txandan izendatutako bi kide. Diziplina Batzordeko kideak izan ezik, Batzorde Iraunkorreko gainerako kideak urtero txandakatuko dira.

3.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak behar bezala zehaztuko ditu, Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamenduan, kide titularrak ordezkatzeko kasuak eta modua Batzorde Iraunkorraren bilkuretara joateko aldi baterako ezintasuna edo huts-egite justifikaturen bat denean, hartara, Batzorde horren osaera zuzena eta funtzionamendu egokia bermatzeko.

602. artikulua.

1.  Batzorde Iraunkorrari dagokio Lege Organiko honek Lehendakaritzari, Osoko Bilkurari, Diziplina Batzordeari, Berdintasun Batzordeari edo Ekonomia Batzordeari berariaz esleitzen ez dizkion Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eskudantzia guztiak gauzatzea.

2.  Aurreko paragrafoan xedatutakoa eragotzi gabe, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamenduak dagozkien eskumenak esleitu ahal izango dizkie zerbitzuburuei, baldin Osoko Bilkurarenak ez badira eta haiek baliatzeko irizpen-ahalik behar ez bada. Kasu horretan, Batzorde Iraunkorraren aurrean gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da zerbitzuburuen ebazpenen aurka.

3.  Dena den, Batzorde Iraunkorrak Osoko Bilkuraren bilkurak prestatuko ditu, eta haren erabakiak zehazki gauzatzen direla bermatuko du.

IV. KAPITULUA Diziplina Batzordea eta Diziplina-akzioaren Eragilea 603. artikulua.

1.  Osoko Bilkurak Diziplina Batzordea osatuko duten kideak aukeratuko ditu; haien agintaldia bost urtekoa izango da, dagozkion ordezkapenen kasuan salbu.

2.  Diziplina Batzordea zazpi kidek osatuko dute: txanda judizialeko lau kidek eta juristen txandako gaitasun aitortuko hiru kidek.

3.  Diziplina Batzordeak, jarduteko, kide guztiak bertan izatea beharko du, eta kategoria edo antzinatasun handiena duen jatorri judizialeko kidea izango du lehendakari.

4.  Batzordekideren bat aldi batez ezindurik egonez gero edo bidezko kausaren bat tarteko huts eginez gero, Batzorde Iraunkorrak ordeztu egingo du jatorri bereko beste kide bat aukeratuz.

604. artikulua.

1.  Diziplina Batzordeari dagokio arau-hauste larri edo oso larriengatik abiarazitako diziplina-espedienteak ebaztea, eta, hala badagokio, epaile eta magistratuei dagozkien zigorrak ezartzea, proposatutako zigorra zerbitzutik kentzea denean salbu.

2.  Aurreko zenbakian aipatzen diren Diziplina Batzordearen zehapenerabakien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, hilabete bateko epean, Osoko Bilkuraren aurrean.

3.  Halaber, auzitegietako barne-gobernuko organoen zehapen-erabakien aurka jarritako gorako errekurtsoez arduratuko da.

605. artikulua.

Diziplina-akzioaren Eragileari dagokio organo judizialen funtzionamenduari buruzko kexak eta salaketak jasotzea, diziplina-espedienteak abiarazi eta haien instrukzioa bideratzea, eta Diziplina Batzordearen aurrean karguak aurkeztea.

606. artikulua.

1.  Diziplina-akzioaren Eragilea Osoko Bilkurak izendatuko du, eta, haren agintaldia, izendatu zuen Kontseiluarenaren berdina izango da.

2.  Plaza hutsik dagoenean, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak deialdi bat egingo du hura Auzitegi Goreneko magistratuen eta karrera judizialean hogeita bost urte baino gehiagoko antzinatasuna duten magistratuen artean hautatuz betetzeko.

3.  Lehen bozketan, gehiengo osoa lortu duen pertsona hautatuko da, eta gehiengo hori inork lortu ezean, bigarren bozketa egingo da; bertan, boto gehien lortzen dituen pertsona hautatuko da Diziplina-akzioaren Eragile.

4.  Diziplina-akzioaren Eragileak zerbitzu berezietan jarraituko du karrera judizialean, eta bere karguari dagozkion eginkizunak gauzatuko ditu, ez besterik.

5.  Diziplina-akzioaren Eragilea gaitasun ezagatik edo bere betebeharrak modu larrian ez betetzeagatik bakarrik kendu ahal izango da kargutik, Osoko Bilkurak gehiengo osoaren bidez hala erabakita.

6.  Baldin eta, ezohiko egoera fisiko edo legaletan, Diziplina-akzioaren Eragileak ezin baditu bere eginkizunak aldi batez gauzatu, Batzorde Iraunkorrak ordezkatu egingo du, ezintasunak irauten duen eperako, Diziplina-akzioaren Eragileari eskatzen zaizkion baldintza berak betetzen dituen magistratu batekin.

7.  Kargua betetzen duen bitartean, Diziplina-akzioaren Eragileari Auzitegi Goreneko ohorezko magistratuaren ohorezko tratua emango zaio.

607. artikulua.

1.  Diziplina-akzioaren Eragileak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko legelarien laguntza izango du; Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamenduan ezarriko da Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko zenbat legelari izango dituen laguntzaile.

2.  Diziplina-akzioaren Eragilearen agindupean dauden Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko legelariek ezin izango dute beste inolako eginkizunik gauzatu, eta beren zerbitzu-harremanarekin hertsiki loturik dauden gaietan bakarrik egongo dira Idazkaritza Nagusiaren mende.

3.  Diziplina-akzioaren Eragileari dagokio diziplina-espedienteak bideratzea.

Salbuespen gisa, Eragileak, berariaz eta behar bezala arrazoituz, laguntzaile dituen Kontseiluko legelarietako baten esku –karrera judizialekoa izan beharko du– utzi ahal izango ditu diziplina-espedienteko instrukzio-egintza batzuk.

4.  Epaile eta magistratuek Diziplina-akzioaren Eragilearekin lan egin behar dute nahitaez. Eragileak bere esku izango du epaile edo magistratu espedientaturen baten presentzia eskatzea, dagokion Auzitegiko lehendakariaren bitartez; hark txostena egin beharko du zerbitzua horniturik dagoela egiaztatuz, hartara, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak zerbitzu-eginkizuna eman ahal izan diezaion dena delako epaile edo magistratuari, dagokion lekualdaketa egiteko.

608. artikulua.

1.  Diziplina-akzioaren Eragileak erabakitzen badu diziplina-espedienterik ez abiaraztea edo dagoeneko abian den beste bat artxibatzea, errekurtsoa jarri ahal izango da Batzorde Iraunkorraren aurrean.

2.  Batzorde Iraunkorrak errekurtsoa baietsiz gero, dagokion diziplinaespedientea abiaraziko da, edo abian den espedienteak aurrera egin dezan erabakiko.

3.  Batzorde Iraunkorrak, ofizioz, diziplina-espediente bat abiarazi edo aitzinaraztea agindu ahal izango dio Diziplina -akzioaren Eragileari.

V. KAPITULUA Ekonomia Batzordea 609. artikulua.

1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Ekonomia Batzordeko kideak hautatuko ditu urtero, eta, horien artean, Batzordeko lehendakaria izendatuko du.

2.  Ekonomia Batzordeak bost kide izango ditu.

3.  Ekonomia Batzordeak, jarduteko, hiru batzordekide bertan izatea beharko du, gutxienez.

4.  Ekonomia Batzordeari dagokio Kontseiluaren Osoko Bilkurak agindutako ekonomia eta finantza arloko azterlanak eta proiektuak gauzatzea, gerentziaren finantza- eta kontabilitate-jarduera kontrolatzea, eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren ekonomia arloko eginkizunak behar bezala garatu ahal izateko beharrezkoak direnak.

5.  Era berean, Batzorde Iraunkorrak Ekonomia Batzordearen esku utzi ahal izango du Kontseiluaren urteko aurrekontu-proiektuaren zirriborroa; dena den, Batzorde Iraunkorrak onartu beharko du zirriborroa, Osoko Bilkurari aurkeztu aurretik.

VI. KAPITULUA Berdintasun Batzordea 610. artikulua.

1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Osoko Bilkurak Berdintasun Batzordeko kideak hautatuko ditu, urtero, bere kideen artean, betiere emakume eta gizonezkoen arteko presentzia orekatuaren printzipioa aintzat hartuta.

2.  Berdintasun Batzordea hiru kidek osatuko dute, eta lanbide juridikoan antzinatasun handiena duen kidea izango du buru.

3.  Berdintasun Batzordeak, jarduteko, kide guztiak bertan izatea beharko du.

Kideren bat aldi batez ezindurik badago edo bidezko kausa bat tarteko huts egiten badu, Batzorde Iraunkorrak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko beste kide bat izendatuko du haren ordez, sexu berekoa, ahal izanez gero.

4.  Berdintasun Batzordeak aholku emango dio Osoko Bilkurari, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eskudantziak baliatzean gizonen eta emakumeen arteko berdintasun-printzipioa aktiboki gauzatzeko beharrezkoak edo komenigarriak diren neurriei buruz, eta, bereziki, erregelamenduek generoaren gainean dakarten eraginari buruzko aldez aurreko txostenak egingo ditu, eta karrera judizialean berdintasun-parametroak hobetzeko neurriak proposatuko.

5.  Era berean, Berdintasun Batzordeari dagokio etxeko indarkeria eta generoindarkeriaren esparruan emandako erantzun judiziala aztertzea eta haren jarraipena egitea; horretarako, Etxeko eta Genero Indarkeriaren aurkako Behatokiaz edo horretarako ezarritako beste edozein tresnaz baliatuko da.

V. TITULUA

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren organo teknikoak eta langileak I. KAPITULUA Xedapen orokorrak 611. artikulua.

1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak bere eskudantziak modu egokian gauzatzeko behar dituen organo tekniko guztiak izango ditu, Osoko Bilkurak eta Batzordeek ebatzi behar dituzten gaiak bideratu eta prestatzeko helburuarekin.

2.  Lege Organiko honetan aurreikusten ez den guztirako, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamenduan behar bezala zehaztuko da organo teknikoen kopurua, eta haiek osatzen dituzten kideen egitura, eginkizunak eta izendatzeko modua.

3.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko organo teknikoen osaera eta, hala badagokio, kideen kopurua Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Langileria Erregelamenduan zehaztuko da.

4.  Bereziki, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren organo teknikoak izango dira honako hauek: Idazkaritza Nagusia, Ikuskapen Zerbitzua, Kabinete Teknikoa, Eskola Judiziala, Agiri Judizialen Zentroa eta Komunikazio Bulegoa.

5.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren zerbitzura egongo den kontuhartzailea Batzorde Iraunkorrari atxikita geratuko da.

6.  Ezingo da, inola ere, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak esleitutako eskudantzietatik kanpoko funtzioak gauzatuko dituen organo teknikorik sortu.

II. KAPITULUA Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren organo teknikoak 1. atala.  Idazkaritza Nagusia 612. artikulua.

1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Idazkaritza Orokorra edukiko du, idazkari nagusiak zuzendua; idazkari nagusia karrera judizialean gutxienez hamabost urteko antzinatasuna duten magistratuen edo beren lanbidean gutxienez hamabost urteko esperientzia duten gaitasun aitortuko juristen artean izendatuko da.

2.  Idazkari nagusia Osoko Bilkurak izendatuko du –lehendakariak proposamena egin ostean –, eta lehendakariak bere esku izango du hura kargutik libreki kentzea.

3.  Honako hauek dira idazkari nagusiaren eginkizunak:

1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren zerbitzura dauden langileak eta organo tekniko guztiak zuzentzea eta koordinatzea, Lehendakaritza Kabineteari dagozkionak salbu.

2.  Aurrekontuaren prestatze, gauzatze eta likidatze egokia bermatzea, eta horren guztiaren berri lehendakariari eta Osoko Bilkurari ematea, hark onespena eman dezan.

3.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren egintzak kudeatu, bideratu eta dokumentatzea.

4.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamenduak esleitzen dizkion gainerako eginkizunak.

4.  Idazkari nagusia Osoko Bilkuraren eta Batzorde Iraunkorraren saio guztietara joago da, hitz egiteko ahalarekin baina botoa emateko ahalik gabe. Era berean, legez aurreikusitako gainerako Batzordeetara joan ahal izango da, hitz egiteko ahalarekin baina botoa emateko ahalik gabe.

613. artikulua.

1.  Idazkari nagusiari, idazkariorde nagusiak lagunduko dio, eta ordezkatu ere hark ordezkatuko du, hala balegokio.

2.  Lehendakariak dagokion proposamena egin ostean, Osoko Bilkurak idazkariorde nagusia izendatuko du Kontseiluan gutxienez bost urtez zerbitzua eskaini duten Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko Legelarien Kidegoko kideen artean; era berean, lehendakariak bere esku du hura kargutik libreki kentzea.

614. artikulua.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Idazkaritza Nagusian, Zerbitzu Nagusi bat izango da; haren barruan izango dira Gerentzia eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren organoei zerbitzu erkideak eskaintzen dizkieten departamenduak.

2. atala.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Ikuskapen Zerbitzua 615. artikulua.

1.  Ikuskapen Zerbitzuak, Batzorde Iraunkorraren mende, Lege Organiko honetako 560. artikuluko 1.8 paragrafoan aipatzen diren Justizia Administrazioaren zerbitzuek behar bezala funtzionatzen dutela egiaztatu eta kontrolatuko du; horretarako, Kontseiluak erabakitako jardun eta bisitaldiak egingo ditu, betiere auzitegien gobernu-organoen eskumenak eragotzi gabe eta gobernu-organo horiekin batera lan eginez.

2.  Dena den, Auzitegi Gorenaren ikuskapena haren lehendakariak gauzatuko du, edo haren idazkariordeak, eskuorde gisa.

3.  Ikuskapen Zerbitzuburua Diziplina-akzioaren Eragilearen modu berean izendatu eta kenduko da kargutik. Ikuskapen-zerbitzuburu izateko hautatuak zerbitzu berezien egoeran jarraituko du, eta Auzitegi Goreneko magistratuaren tratua emango zaio karguan dagoen bitartean.

4.  Harez gain, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamenduan zehaztutako magistratu eta idazkari judizialek osatuko dute Ikuskapen Zerbitzua.

5.  Beren zerbitzuak Ikuskapen Zerbitzuan eskaintzen dituzten magistratuak edo idazkari judizialak zerbitzu berezien egoeran geratuko dira.

3. atala.  Kabinete Teknikoa 616. artikulua.

1.  Kabinete Teknikoa da Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko organoei aholku eta laguntza tekniko eta juridikoa eskaintzeaz arduratzen den organoa, baita haren eginkizunak betetzeko beharrezkoa den administrazio-jarduera garatzen duen organoa ere.

2.  Kabineteko zuzendari batek eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamenduak zehazten duen abokatu kopuruak osatuko dute Kabinete Teknikoa, baita haren eginkizunak modu egokian garatu ahal izateko beharrezkoak diren langileek ere.

3.  Kabinete Teknikoko zuzendari izendatua izateko, gutxienez hamabost urtean lanbide juridiko bat gauzatu izana egiaztatu beharko da.

4. atala.  Eskola Judiziala 617. artikulua.

1.  Eskola Judizialari dagokio epaile eta magistratuen aukeraketari eta prestakuntzari dagozkion eskumenak Lege Organiko honetan eta Eskola Judizialaren Erregelamenduan zehazten den moduan garatzea eta gauzatzea.

2.  Eskola Judizialeko zuzendaria izateko, karrera judizialean gutxienez hamabost urteko antzinatasuna duen magistratua izatea beharko da.

618. artikulua.

1.  Batzorde Iraunkorrak hautatuko ditu, merezimendu-lehiaketa bidez, Eskola Judizialeko irakasleak.

2.  Izendapena bi urterako izango da hasieran, eta urtero-urtero berritu ahal izango da, baina, guztira, ezingo du iraun hamar urte baino gehiago.

3.  Zerbitzu berezietan geratuko dira karrera judizialeko kidegoan edo, hala badagokio, jatorriko funtzionario-kidegoan.

4.  Eskola Judizialean ere eskaini ahal izango dituzte beren zerbitzuak, iraupen mugatuko lan-kontratuaren erregimenean.

5. atala.  Agiri Judizialen Zentroa 619. artikulua.

1.  Agiri Judizialen Zentroa Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren organo tekniko bat da, eta haren eginkizunak izango dira legegintzako, jurisprudentziako eta doktrinako informazio juridikoa hautatu, antolatu, tratatu, hedatu eta argitaratzea.

2.  Agiri Judizialen Zentroari dagokio Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari laguntzea, epaitegi eta auzitegien jardueraren eraginkortasuna areagotzeko sistema informatikoak harmonizatzeko erabakiak har ditzan.

3.  Lanbide juridiko bat hamabost urte baino gehiagoan gauzatu duela egiaztatzen duen pertsonak bakarrik izendatu ahal izango dira Agiri Judizialen Zentroko zuzendari.

6. atala.  Komunikazio Bulegoa 620. artikulua.

1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Komunikazio Bulegoari dagozkio komunikazio instituzionalarekin loturiko eginkizunak.

2.  Komunikazio Bulegoa Lehendakariaren mende egongo da, eta hark libreki izendatu eta kenduko du kargutik Bulegoko zuzendaria.

3.  Komunikazio Bulegoko zuzendari-kargua komunikazio publikoan esperientzia egiaztatua duen profesional batek hartuko du bere gain.

III. KAPITULUA Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko langileak 621. artikulua.

1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian Legelarien Kidego bat izango da.

Bertan sartzeko, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak bermatuko dituen hautapen-prozesu bat gauzatuko da.

2.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Legelarien Kidegoa izaera iraunkorreko legelariz nahiz aldi baterako legelariz osaturik egongo da. Legelarien plantillako plaza kopurua, diren iraunkorrak nahiz aldi baterakoak, Kontseiluaren Osoko Bilkurak zehaztuko ditu erregelamenduz.

3.  Legelari iraunkorrek Zuzenbide Lizentziatura edo Zuzenbide Graduaren titulu baliokidea izan beharko dute, eta oposizio-lehiaketa bidez sartuko dira kidego horretan; oposizio-lehiaketa hori Osoko Bilkura bidez onartu eta «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratutako irizpideen araberakoa izango da.

4.  Aldi baterako legelariek karrera judizialeko edo fiskaleko kide izan beharko dute, Idazkari Judizialen Kidegokoak izan behar dute, edo Administrazio Publikoetako A1 Azpitaldeko kidego bateko karrerako funtzionario izan beharko dute; merezimendu-lehiaketa bidez sartuko dira kidego horretan, eta bi urteko eperako –hasiera batean– izendatuko dira; urtez urte berritu ahal izango dute kargua, baina, kargualdiak, guztira, ezingo du iraun hamar urte baino gehiago.

5.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Legelarien Kidegoko plaza bat iraunkortasunez betetzeagatik kidego horretan zerbitzu aktiboan dauden legelariak borondatezko eszedentzia-egoeran geratuko dira dagokien kidegoan edo karreran.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren zerbitzura dauden gainerako legelariak beren jatorrizko administrazioan zerbitzu berezietan daudela joko da.

622. artikulua.

1.  Idazkariorde Nagusi, Ikuskapen Zerbitzuburu, Kabinete Teknikoko Zuzendari, Eskola Judizialeko Zuzendari, Agiri Judizialen Zentroko Zuzendari eta Komunikazio Bulegoko Zuzendariaren kargua betetzen duten pertsonei Legelari Nagusi deituko zaie.

2.  Zerbitzuburuko buruzagitza-postu horiek, hutsik geratzen direnean beteko dira.

3.  Zerbitzuko buruzagitza horiek bost urtez behin berrituko dira; Osoko Bilkurari dagokio postu horiek beteko dituzten pertsonak izendatzea, Komunikazio Bulegoko zuzendariarena izan ezik, Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko lehendakariari baitagokio hura izendatzea.

623. artikulua.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko legelariek Kontseiluaren organo batean edo bestean gauzatu ahal izango dituzte beren eginkizunak, Lege Organiko honetan eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamenduan jasotako eran.

624. artikulua.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren organo teknikoetan beren zerbitzuak eskaini ahal izango dituzte, halaber, Justizia Administrazioaren zerbitzura dauden karrera judizial eta fiskaletako, Idazkari Judizialen Kidegoko, Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoko, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako Kidegoko, Laguntza Judizialeko Kidegoko kideek eta Administrazio Publikoetako funtzionarioek, betiere dagozkien lanpostu-zerrendetan zehazten diren kopuruak kontuan hartuta.

625. artikulua.

1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko organo teknikoetako lanpostuak merezimendu-lehiaketa bidez hornituko dira, Lege Organiko honetan edo, hala badagokio, hura arautzen duten erregelamenduetan aurreikusten diren kasuetan izan ezik.

2.  Merezimendu-lehiaketaren bidez maila altuagoko lanpostuak lortu dituztenak bi urteko eperako izendatuko ditu Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Osoko Bilkurak; epe hori urtez urte luzatzeko aukera izango da, baina, gehienez ere, hamar urtez eman ahal izango da zerbitzu, eta beren jatorrizko Administrazioan zerbitzu berezien egoeran daudela joko da.

3.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren organo teknikoetako gainerako lanpostuetan zerbitzuak eskaintzen direnean, lanpostu horiek betetzen dituzten funtzionarioak beren jatorrizko kidegoetan zerbitzu aktiboan daudela joko da.

4.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko lanpostu bat betetzen duten bitartean, Kontseiluko Langileei buruzko Erregelamendua bete beharko dute.

626. artikulua.

1.  Izaera teknikoa duten lanpostu jakin batzuk merezimendu-lehiaketa bidez hornitzea aurreikus dezake Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamenduak (erregelamendu horretan zehazten den kasuan kasuko kidegoko funtzionarioen artean aukera eginez), hura betetzeko behar den prestakuntza zehatz juridikoaz bestekoa dela eta.

2.  Nolanahi ere, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko organo teknikoetako goi-mailako lanpostuak betetzeko, beharrezkoa izango da Administrazio Publikoetako A1 azpitaldeko kidego bateko kide izateko eskatzen den titulazioa.

627. artikulua.

1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian zerbitzu ematen duten funtzionario guztiek haren Langileei buruzko Erregelamendua bete beharko dute, eta han aurreikusten ez den guztirako, Estatuko funtzio publikoari buruzko legedia orokorrean jasotakoa.

2.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Osoko Bilkurak lanpostuen zerrenda onetsiko du, zeinaren bide antolatzen baitira langileak.

3.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian zerbitzu ematen duten langile ez-funtzionarioek dagokion Langileei buruzko Erregelamendua bete beharko dute, eta han aurreikusten ez denerako, aplikagarria zaien Estatuko araudia.

IV. KAPITULUA Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideen ordainsariak 628. artikulua.

1.  Beren kargua esklusibotasunez gauzatzen duten Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideen ordainsaria izango da beren garrantziaren arabera Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean bakar eta esklusibo gisa finkatutakoa.

2.  Beren eginkizunak esklusibotasunez gauzatzen ez dituzten Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideek Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean zehaztutako dietak jasoko dituzte Osoko Bilkuretara eta Batzordeetara joateagatik; dena den, kidearen kargua izateagatik ez dute beste ordainsaririk jasotzeko eskubiderik izango, zerbitzu-arrazoiengatik dagozkien kalte-ordainak salbu.

3.  Kideen karguarekin batera Estatuko Administrazioan edo beste edozein Administrazio edo Instituzio publikotan zerbitzu ematen duten kideek Batzorde eta Osoko Bilkuretara joateagatik izango duten ordainsaria, beren lanpostuan jasotzen dutena gehituta, ezingo da izan beren kargua erabateko arduraldian gauzatzen duten kideena baino handiagoa.

VI. TITULUA Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren egintzen erregimena 629. artikulua.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren organoen deliberamenduak ezkutuan egingo dira, eta beraz, organo horietako kideek isilpean gorde beharko dute informazioa.

630. artikulua.

1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren kide anitzeko organoen erabakiak kide bertaratuen gehiengo soilarekin onartuko dira, Lege Organiko honetan beste zerbait xedatzen den kasuetan izan ezik. Organoaren buru den pertsonak kalitateko botoa izango du berdinketa kasuan.

2.  Kideek halabeharrez joan, parte hartu eta bozkatu behar dute Osoko Bilkuran eta Batzordeetan erabaki beharreko gaietan. Legez onartutako kausaren bat tarteko denean bakarrik abstenitu ahal izango dira. Era berean, erabakiaren izaerak bide ematen duenean bakarrik eman ahal izango da boto zuria; inolaz ere ez diziplina arloko gaietan eta errekurtsoei buruzko erabakietan.

3.  Bozketa izen bidezkoa izango da beti, eta ez da isilpekoa izango; haren emaitza aktan jasota geratuko da. Kideek aktak ezagutzeko eskubidea izango dute.

4.  Beren eskudantziak behar bezala gauzatzeko, kideek Kontseiluaren jarduera zehatzei buruzko dokumentazioa eskatu ahal izango diote Batzorde Iraunkorrari. Batzorde horrek erabakiko du norainokoak izango diren kideei eman beharreko dokumentazioaren hedadura eta mugak, egindako eskaeraren izaera kontuan hartuta.

631. artikulua.

1.  Gehiengoarekin bat ez datorren kideak boto partikularra formulatu ahal izango du, idatziz eta behar bezala arrazoituta; boto partikularra aktan jasota geratuko da, bozketa amaitu ondoren erabakia hartu eta hurrengo bi egunetan.

2.  Osoko Bilkurak txostenak egiteko eskumena erabiltzen duenean, behar bezala arrazoitutako boto partikularrak onartutako erabakiaren testuan txertatuko dira, eta dagokion organoari igorriko zaion dokumentazioari gehituko zaio testu hori.

632. artikulua.

1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren organoen erabakiak behar bezala arrazoitu beharko dira beti.

2.  Izendapen-proposamenen inguruko erabakiak hartzen diren Osoko Bilkuretan, erabakiaren arrazoien berri jasoko da; gainera, hautagai bat besteen aldean zergatik hobetsi eta hautatu den justifikatuko duten merezimendu- eta gaitasun-alderdiak adieraziko dira.

3.  Motibazio hori Batzorde Iraunkorrak egindako proposamenaren motibazioa aipatuz egin ahal izango da, hara bidaliz, harekin bat datorren heinean.

633. artikulua.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko organoen erabakiak idazkari nagusiak dokumentatuko ditu, eta dena delako organoan buru izan denak sinatuko ditu.

634. artikulua.

1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren lehendakari eta magistratuen izendapenei buruzko erabakiak Errege Dekretu izango dira, eta beraz, Erregeak sinatuta eta Justizia Ministroak berretsita egongo dira.

2.  Epaileak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak izendatuko ditu agindu bidez.

3.  Horiek guztiak «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratuko dira.

635. artikulua.

1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak onartutako erregelamenduak «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratuko dira.

2.  Gainerako erabakiak –behar bezala dokumentatuak eta boto partikularrak erantsita – bete edo ezagutu behar dituzten pertsonei eta organoei jakinaraziko zaizkie.

636. artikulua.

1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren erabakiak berehala betearaztekoak izango dira, alde batera utzi gabe Lege Organiko honetan aurreikusitako aurkatze-araubidea.

2.  Dena den, erabaki horien aurkako errekurtsoa jartzen denean, errekurtsoa ebazteko eskumena duen agintariak, ofizioz edo alderdi batek hala eskatuta, bere esku du betearazpena eteteko erabakitzea, betearazpenak konpontzeko zailak edo ezinezkoak diren kalteak eragin baditzake edo legez hala ezarrita badago.

637. artikulua.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari dagokio bere egintza propioak betearaztea; bere zerbitzuko organo teknikoek betearaziko dituzte, Estatuko Administrazioak eta autonomia-erkidegoek lagunduta, beharrezkoa izanez gero.

638. artikulua.

1.  Prozedura batekin jarraitzeko ezintasuna edo babesik eza eragiten duten izapide-egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Batzorde Iraunkorraren aurrean.

2.  Osoko Bilkuretan eta Batzorde Iraunkorrean hartutako erabakiek amaiera emango diote administrazio-bideari, eta Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzietako Salaren aurrean jarri ahal izango da haien aurkako errekurtsoa. Kontu horien gainean ebaztea Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzietako Salaren lehendakariak eta Sala horretako gainerako ataletako lehendakariek osatutako atal bati dagokio –Administrazio Auzietarako Salaren lehendakaria izango du buru atal horrek –.

3.  Espedientepean dagoen epaileak edo magistratuak izango du Diziplina Batzordeak hartutako erabakien aurka egiteko legezko ahalmena.

4.  Ministerio Fiskalak ere izango du Diziplina Batzordearen akordioen aurka egiteko legezko ahalmena.

639. artikulua.

1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak bere eskudantziak behar bezala betetzeko beharrezkoak diren kontratuak egin ahal izango ditu, betiere sektore publikoko kontratuei buruzko legerian jasotzen denari jarraituz.

2.  Batzorde Iraunkorra izango da kontratazio-organoa, eta egindako kontratuen berri eman beharko dio Osoko Bilkurari.

640. artikulua.

1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eragindako kalte-ordainen ordainketa Administrazio Publikoen ondare-erantzukizunari buruzko erregimenaren araberakoa izango da.

2.  Ondare-erantzukizunaren gaineko erreklamazioa Ministro Kontseiluari aurkeztuko zaio, eta hark ebatziko du.

641. artikulua.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren egintzak epaiketan defendatzea Estatuko Abokatutzari dagokio.

642. artikulua.

1.  Lege Organiko honetan eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren erregelamenduetan aurreikusten ez den guztirako, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren egintzen forma, errekurtso eta prozedurari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen lege-xedapenak hartuko dira kontuan, aplikagarriak diren neurrian; dena den, Estatuko Kontseiluak ez du inola ere esku hartu beharrik izango.

2.  Aurreko paragrafoan xedatutakoa ez da aplikagarria izango diziplinakontuetan.

3.  Eskubideak deklaratzeko egintzak badira, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Osoko Bilkurari dagokio, kideen gehiengo osoz, bai ofiziozko berraztertzea bai, beharrezkoa denetan, aurretiazko kaltegarritasun-deklarazioa ere.» Bi.  Azken xedapenetako lehenbizikoa gehitzen zaio, eta, beraz, aurrerantzean, oraingo azken xedapenetako lehena bigarrena izango da:

«Lege Organiko honen VIII. Liburuko V. Tituluak lege arruntaren maila du.» Lehen xedapen gehigarria.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak onetsitako erregelamenduak indarrean izango dira aurrerantzean ere, Lege Organiko honekin bateragarriak badira.

Bigarren xedapen gehigarria.

Ganberek arautuko dute Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideak hautatzeko prozedura, eta beraz, kide horiek izendatzeko orduan, ahalik eta gardentasun eta publikotasun handiena bermatzeko moduko mekanismoak ezarriko dira, betiere emakume eta gizonen arteko berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 14. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz.

Lehen xedapen iragankorra.

1.  Behin Botere Judizialaren lehen Kontseilu Nagusia Lege Organiko honetan jasotzen denari jarraituz eratu ostean, hura bere organo guztiak izendatzen eta eratzen hasiko da berehala, Lege Organiko honetan xedatutakoari jarraituz.

2.  Horretarako, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamendu berri bat eta Langileen Erregelamendu berri bat emango ditu sei hilabeteko epean, Lege Organiko honetan jasotakoari egokitzeko.

Bigarren xedapen iragankorra.

Behin Botere Judizialaren lehen Kontseilu Nagusia Lege Organiko honetakoan xedatutakoaren arabera eratu ostean, hark Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Legelarien Kidegoan sartzeko oposizio-lehiaketa baterako deialdia egingo du urtero, plantilla guztiz eratu arte. Kontseiluak, urtero, deialdi bakoitzaren berri emango dio Ministerio eskudunari, eta enpleguaren eskaintza publikoan jasoko da; deialdian ezingo dira sartu bost plaza baino gehiago.

Hirugarren xedapen iragankorra.

1.  Botere Judizialaren lehen Kontseilu Nagusia Lege Organiko honetan xedatutakoaren arabera eratu ostean, hark zerbitzuak bertan ematen dituzten pertsonak ordezkatuko ditu, pixkanaka eta dagozkion kasuetan, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Legelarien Kidegoko kideen bidez, kideok beren karguaz jabetzen diren neurrian.

2.  Aurreko paragrafoan aipatzen diren gaur egungo plazen amortizaziorako, Batzorde Iraunkorrak finkatutako irizpideak hartuko dira kontuan; Lege Organiko hau indarrean sartu eta hiru hilabeteko epean finkatuko ditu irizpide horiek, eta argitara emango dira.

3.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Legelarien Kidegoko plantillako plaza guztien deialdia egiten den unean, Kidego horretako kide ez diren pertsonek ezin izango dute gauzatu haientzat gordetako eginkizunik.

4.  Lege Organiko hau indarrean sartzean Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian zerbitzu ematen zuten pertsonek –jatorrizko kidegoetan zerbitzu aktiboko egoeran egonik – aukeran izango dute aurrerantzean ere zerbitzu ematea. Kontseiluaren egitura berrian dagokien karguaren titular izango dira, eta egitura horretan karguari dagozkion ordainsariak jasoko dituzte, edo aurretik betetzen zuten lanpostuaren parekoari dagozkionak. Maila handiagoko lanpostuak, berriz, berehala amortizatuko ditu Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, legez aurreikusitako kausaren bat dela-eta hutsik geratzen direnean.

5.  Lege honetan aurreikusitako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Legelarien Kidegoa sortzeagatik eta bigarren xedapen iragankorrean eta xedapen honen aurretiko paragrafoetan jasotzen diren jarduerak gauzatzeagatik ezingo da sortu inolako kostuigoerarik.

Laugarren xedapen iragankorra.

Botere Judizialaren lehen Kontseilu Nagusia Lege Organiko honetan xedatutakoaren arabera eratu ostean, hark, hiru hilabeteko epean, Ikuskapen Zerbitzua antolatzeko irizpideak onartuko ditu; izan ere, Ikuskapen Zerbitzua Lege Organiko honetan esleitzen zaizkion eginkizunetatik eratorritako antolaketa-egitura berriari egokitu beharko zaio.

Bosgarren xedapen iragankorra.

1.  Lege Organiko honetan xedatutakoaren arabera osatutako Botere Judizialaren lehen Kontseilu Nagusiaren lehen aurrekontuan, erakundearen finantza-premia guztiak behar bezala justifikatu beharko dira, aurreko aurrekontuei men egin gabe, horrela, premia horiek antolaketa eta araudi berriari egokitzeko.

2.  Aipatutako aurrekontuan justifikatu diren premiei egokitzeko, lanpostuen zerrenda berri bat prestatuko da, eta, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko funtzionarioak antolatuko dira haren bidez, Lege Organiko honetan aurreikusitakoaren arabera.

Seigarren xedapen iragankorra.

Botere Judizialaren lehen Kontseilu Nagusia Lege Organiko honetan xedatutakoaren arabera osatzen den unetik aurrera, Botere Judizialaren Lege Organikoan Kalifikazio Batzordeari buruz esaten diren guztiak, kalifikazio-esparrua aldatzen ez den bitartean, Batzorde Iraunkorrari dagozkiola joko da.

Zazpigarren xedapen iragankorra.

1.  Botere Judizialaren lehen Kontseilu Nagusia Lege Organiko honetan xedatutakoaren arabera osatzen den unetik aurrera, eta Botere Judizialaren Lege Organikoan diziplina-esparrua aldatzen ez den bitartean, lege horretan diziplinaespedienteen instruktore delegatuei buruz esaten diren guztiak Diziplina-akzioaren Eragileari eta hari laguntzen dioten Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Legelariei dagozkiola joko da.

2.  Aurreko paragrafoan aurreikusitako unetik aurrera, Diziplina-ekintzaren Eragileak, edo, hala badagokio, Batzorde Iraunkorrak erabakiko du diziplina-prozedura abiaraztea, betiere Lege Organiko honetan xedatutakoari jarraituz.

Zortzigarren xedapen iragankorra.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko administrazio-prozedurak, bada, abiarazi diren unean indarrean den legediaren arabera arautuko dira, kasu guztietan.

Bederatzigarren xedapen iragankorra.

1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusi berria osatu ostean, dagozkion aurrekontualdaketak egingo dira kideen ordainsari-erregimen berria Lege honetako aurreikuspenei egokitzeko.

2.  Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean Osoko Bilkuretara edo Batzordeetara joateagatik jaso beharreko dieten zenbatekoa finkatu bitartean, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideei, Konstituzioan aurreikusitako beste organo batzuentzat xedaturikoaren antzeko dieta-erregimen bat aplikatuko zaie.

Hamargarren xedapen iragankorra.

Lege hau indarrean sartu ostean, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko prozedura honako aurreikuspen hauei egokituko zaie lehen aldiz:

1.  Prozedura Lege Organiko honetako 568. artikuluan aurreikusitako moduan abiaraziko da –Lege hau indarrean sartu eta hurrengo egunean–, eta bertan jasotzen den lau hilabeteko epea ez da aplikagarria izango.

2.  Horretarako, egun horretan, Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko lehendakariak ganberen eskura jarriko ditu Kontseiluko herronkei eta Kontseiluaren esku diren erakunde judizialen erregistroari buruzko datuak.

3.  Lege honetako 572. artikulutik 577. artikulura bitartean ezarritako prozedura amaitu eta hautagaitza guztiak bi ganberen eskura jarri ostean, ganberek hilabete bateko epea izango dute kideak izendatzeko. Baldin ganbera horietako batek ez badu epe horretan izendapenik egiten, 570. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da, eta aukeran izango da Kontseilua berritzea.

4.  Gaur egungo Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren agintaldia aurreko paragrafoan aipatutako epea amaitu aurretik bukatzen bada, aurrerantzean ere bere eginkizunak gauzatuko ditu, Kontseilu berria eratu bitartean.

5.  Lege honek indargabetutako araudiaren arabera gauzatutako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko jarduketek ez dute inolako baliorik izango.

Xedapen indargabetzailea.

1.  Lege Organiko hau indarrean sartzen den unean bertan indargabetu egingo da Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoko II. Liburuko II. Titulua, Kontseiluko kideak berritzeari, izendatzeari eta hautatzeari, eta Kontseiluaren beraren eratzeari dagokionez.

2.  Lege Organiko honetan xedatutakoaren arabera hautatutako lehen Kontseilua eratzen den egunean bertan indargabetu egingo da Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoko II. Liburuko II. Tituluaren gainerako guztia, bai eta Lege Organiko honetan xedatutakoaren aurka doazen Lege horretako arauak nahiz maila bereko edo baxuagoko xedapenak ere.

3.  Lege Organiko hau indarrean sartzen den unean bertan indargabetu egingo da 1/2013 Lege Organikoa, apirilaren 11koa, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko prozesuari buruzkoa, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 112. artikuluaren indarraldia eta, partez, 114. artikuluaren indarraldia eteten duena.

Azken xedapenetako lehena. Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzea.

Aldatu egiten da Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoko 175. artikuluko 3. paragrafoa; hona nola geratzen den idatzita:

«3.  Ikuskapen-espedientea ikuskatutako organoari buruzko txostenekin osatuko da; txostenok dagozkion abokatuen elkargoek, prokuradoreek edo, lanarloko jurisdikzioaren kasuan, lan-harremanetako graduatuek aurkeztu ahal izango dituzte, eragiten dieten orotan. Horretarako, ikuskapen-jarduera nola egingo den jakinaraziko zaie, behar besteko aurrerapenarekin».

Azken xedapenetako bigarrena. Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haiek gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoa aldatzea.

Aldatu egiten dira Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haiek gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren 32. eta 57. artikuluak; hona nola geratzen diren idatzita: Bat.  3 bis paragrafo berria eta 32. artikuluko 5. paragrafoko e) idatz-zati berria gehitu dira; hona hemen:

«3 bis. Espainiak edo Europar Batasuneko beste estatu kide batek nazioarteko babesa aitorturik Espainian bizi diren atzerritarrek aukeran izango dute Espainian iraupen luzeko bizilekua izateko baimena eskatu eta lortzea, erregelamendu bidez zehazten diren baldintzak betez gero.

Ez zaio Espainiako iraupen luzeko egoiliar izatea aitortuko nazioarteko babesa duen pertsonari, baldin Europar Batasuneko arau aplikagarriei eta erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzei jarraituz estatutua ezeztatu, eten, amaitu edo berritzea ukatu bazaio.» «e)  Beste estatu kide baten nazioarteko babesa jaso duen pertsonak dagokion baimena lortu ostean, Estatu horretako agintariek babes hori etetea edo ezeztatzea erabakitzen dutenean.» Bi. Beste paragrafo bat, 11.a, gehitzen zaio 57. artikuluari. Hona hemen:

«11.  Baldin indarrean den araudiari jarraituz, Espainiak erabakitzen badu Europar Batasuneko beste estatu kide batek aitortutako nazioarteko babesa jasotzen duen iraupen luzeko egoiliar bat kanporatzea, atzerritartasun-gaietan eskumena duten Espainiako agintariek informazioa eskatuko diete estatu kide horretako agintari eskudunei, ea oraindik ere nazioarteko babesaren onuradun izaten jarraitzen ote duen jakiteko. Eskaera horri hilabete bateko epean erantzun beharko zaio, eta, osterantzean, nazioarteko babesak indarrean jarraitzen duela joko da.

Iraupen luzeko egoiliarrak nazioarteko babesaren onuradun izaten jarraitzen badu, estatu kide horretara kanporatua izango da.

Aurreko paragrafoetan xedatutakoa aplikagarria izango da Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetako agintariek egindako eskaeretan, Espainiak nazioarteko babesaren onuradun izendatu dituen atzerritarren kasuan.

Espainiak, nazioarteko bere betebeharrekin bat etorriz, eta Europar Batasuneko arauak kontuan hartuta, bere esku du iraupen luzeko egoiliarra kanporatzea nazioarteko babesa eskaini dion Europar Batasuneko estatu kideaz besteko herrialde batera, baldin eta hark Espainiako segurtasuna arriskuan jartzen duela pentsatzeko nahikoa arrazoi badaude, edo, larritasun bereziko delitu batengatik zigortua izanik, Espainiarentzako arriskutsua dela uste bada. Dena den, Espainiako agintariek nazioarteko babesa aitortu duten kasuetan, Espainian indarrean den legedian jasotako nazioarteko babesa ezeztatzeko prozedura bideratu ostean bakarrik kanporatu ahal izango da pertsona hori.» Hiru.  Azken xedapen honetako lehenengo paragrafoan jasotako aginduek ez dira organikoak izango.

Azken xedapenetako hirugarrena.

1.  Lege Organiko hau «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideak berritu, izendatu eta hautatzeari eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia eratzeari dagokionez.

Era berean, lege organiko honetako azken xedapenetako bigarrena «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

2.  Gainerako Lege Organiko guztia Botere Judizialaren lehen Kontseilu Nagusia Lege Organiko honen arabera eratzen den egunean sartuko da indarrean.

Beraz, Lege organiko hau bete eta betearaz dezaten agintzen diet Espainiako herritar eta agintari guztiei.

Madril, 2013ko ekainaren 28a.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko jarduneko presidentea, SORAYA SÁENZ DE SANTAMARÍA ANTÓN

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra