Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Prozedura zuzenbidea  >>  Legeria

41/2015 Legea, urriaren 5ekoa, Prozedura Kriminalaren Legea aldatzen duena, zigor-arloko justizia bizkortzeko eta prozesuko bermeak sendotzeko

2015-10-05

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2015/10/06, 239. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

10726 41/2015 Legea, urriaren 5ekoa, Prozedura Kriminalaren Legea aldatzen duena, zigor-arloko justizia bizkortzeko eta prozesuko bermeak sendotzeko.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela eta nik berretsi egiten dudala:

HITZAURREA

I

Prozedura Kriminalaren Legearen testu artikulatua prestatzeko Erakunde Batzordeak, zeina Ministro Kontseiluaren 2012ko martxoaren 2ko Erabakiaren bidez sortu baitzen, zigor-arloko prozesuari buruzko kodearen proposamena aurkeztu zuen, eta, gaur egun, jendaurreko informazioaldian eta eztabaidagai dago. Bada, agiri horretan, zigor-arloko justiziaren sistema errotik aldatzea proposatzen da, eta, aldaketa hori abian jartzeko, adostasun zabala behar da. Eztabaida-fasea ez da amaitu oraindik; izan ere, zigor-arloko prozesuaren eredu berriari buruz ahalik eta adostasun handiena lortuko delako konfiantza dugu. Haatik, eztabaidak jarraitzen duen bitartean, derrigorrezkoa da berehala aurre egitea zenbait konturi, ezin baitute itxaron arauzko testu berriak ehun urtetik gora dituen Prozedura Kriminalaren Legea ordeztu arte.

Lege honetan, lege organiko bidez garatzeko beharrik ez duten gai hauek arautuko dira —erregulazio paraleloa izango dute maila horretako arau batean—: a) zigor-arloko justizia bizkortzeko xedapen eraginkorrak ezartzeko beharra, atzerapen bidegaberik egon ez dadin; b) konfiskazio autonomoaren prozedura; c) oro har, bigarren auzialdia ezartzea; d) kasazio-errekurtsoa zabaltzea, eta e) berrikusteko errekurtso berezia erreformatzea.

II

Badira neurri batzuk, erraz ezartzekoak izateaz gain, alferrikako atzerapenak ekiditen dituztenak, alderdien eskubideei inolako kalterik eragin gabe: a) lotura-arauak aldatzea, eta haiek aplikatzea auzitegien eskumenak zehazterakoan; b) polizia judizialak egile ezagunik ez duten delituen atestatuak auzitegietara eta Fiskaltzara bidaltzeko araubidea erreformatzea; c) instrukziorako gehieneko epeak ezartzea, eta d) zigor-arloko prozedura monitorioa arautzea.

Lotura-arauen erreformak prozesuaren gaia osatzeko irizpideen arrazionalizazioa dakar berekin, ahalik eta eduki egokiena izan dezaten eta prozesua bizkor eta eraginkortasunez bidera dadin. Horrekin lortu nahi da, batetik, kausak automatikoki ez metatzea, eta, bestetik, makroprozesuetan gertatzen den prozesuko elefantiasia eragoztea. Elkarri lotuta egoteagatik auziak metatzeak zentzua du bakar-bakarrik Prozedura Kriminalaren Legearen 17. artikuluko 1. eta 2. zenbakietan adierazitako inguruabarrak gertatzen direnean eta gaien gaineko ardura bananduta hartzea baino komenigarriagoa denean. Lotura-arauak eta -baldintzak ematen diren ala ez instrukzio-epaileak soilik baloratuko du. Erreformaren berrikuntzetako bat da analogia edo zerikusi hutsa ez dela hartuko lotura-arrazoitzat, eta metatzea soilik justifikatuko dela Fiskaltzak, legezkotasunaren eta interes publikoaren defendatzaile den aldetik, hala eskatzen duenean eta epaileak uste duenean egitateak argitzeko eta erantzukizunak zehazteko egokiena dela, salbu eta metatzeak prozesua gehiegi zaildu edo atzeratzen badu, eta, betiere, eskumena aldarazten

ez bada. Horrela, gainera, kausak ez dira ibiliko, orain arte bezala, epaitegietan atzera- aurrera, gaiaren gaineko ardura nork hartu behar duen argitu nahian, zer eta pertsona berari hainbat delitu leporatzen zaizkiolako bakarrik.

Beste bizkortze-neurri bat, erraz jar daitekeena praktikan, hau da: egile ezagunik ez duten polizia-atestatuak kudeatzeko, Justizia Administrazioaren giza baliabideak eta baliabide materialak zentzugabe ez erabiltzea. Izan ere, hala erabiliz gero, epaitegietan alferrikako eginbideak irekitzen dira, eta, gero, berehala artxibatzen Fiskaltzaren oniritziarekin. Lan hori sobera dago, eta nahasgarria da. Kontrol judizial egokia bermatzeko, aski da atestatu horiek polizia judizialak gordetzea, epaileek eta fiskalek eskura izan ditzaten. Hala ere, agintaritza judizialari bidali behar zaizkio, derrigor, bereziki kontuz ibiltzekoak diren gaiei buruzko atestatuak; hala nola bizitzaren, osotasun fisikoaren eta sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delituei edo ustelkeriarekin lotutako delituei buruzkoak. Beste atestatu mota batzuk ere bidali behar zaizkio. Hain zuzen ere, polizia judizialak, lehenengo hirurogeita hamabi orduak igarota, egilea identifikatzera zuzenduriko eginbideren bat egin badu eta horrek emaitzak eman baditu, atestatu hori bidali egin behar zaio. Helburua da poliziaren ikerketa autonomorik ez egotea eta kausek, hasierako egoera ezertan aldatu ez bada behintzat, epaitegietan amai dezaten eragoztea.

Bestalde, lehen aipaturiko Erakunde Batzordearen proposamenari berriro helduz, instrukzioa amaitzeko, Prozedura Kriminalaren Legearen 324. artikuluan jasotako hilabeteko epearen ordez —eskasa eta eraginik gabea—, gehieneko epe errealistagoak ezartzen dira, eta epe horiek igarotzeak prozesuko ondoreak sortuko ditu. Gai errazak eta gai konplexuak bereizten dira, eta instrukzio-organoari dagokio hasierako kalifikazioa erabakitzea. Gai konplexuen luzapena onar daiteke, Fiskaltzak, Konstituzioaren 124. artikuluaren arabera legezkotasunaren bermatzaile den aldetik, hala eskatzen badu eta, betiere, pertsonatutako alderdiak entzun ondoren; kasu guztietarako, aparteko luzapena onar daiteke, pertsonatutako edozein alderdik hala eskatzen badu eta gainerako alderdiak entzun badira. Malgutasun handiz egingo da hori, baina denborazko epe iraganezin bat ezarrita betiere, bai sumarioa edo aurretiazko eginbideak amaitzeko, bai egoki den erabakia hartzeko —prozedurarekin jarraitzea tarteko fasean, edo jardunak largestea—. Epe arruntak ezartzeko —sei eta hemezortzi hilabete, gaia erraza edo konplexua den, hurrenez hurren—, instrukzioaren batez besteko iraupen-epeak hartu dira erreferentziatzat, estatistika judizialeko eta fiskaleko azterlanetan jasotakoaren arabera. Beraz, epe horiek fidagarriak dira, eta, agortu aurretik, instrukzio-eginbideek beren helburuak bete beharko dituzte. Hala ere, sistemak baditu arau batzuk epeak instrukzioaren errealitatera egokitzeko; esaterako, hasiera batean erraztzat jotako kausa konplexu izatera igaro daiteke, eta jardunaren sekretua aitortzeak —horixe gertatuko da komunikazioetan esku sartuz gero— ez du eragingo epeen zenbaketan, zeina, kasu horretan, eten egingo baita. Beste horrenbeste gertatuko da instruktoreak behin-behineko largespena erabakitzen badu, uste duelako ez dela posible kausaren izapidetzean behar bezala aurrera egitea edozein arrazoirengatik. Erregulazio berri honen amaierako klausulan, aipatutako epeak ez betetzearen zigorgabetasun-arrisku oro ezabatzen da; izan ere, epeak agortutakoan jarduna automatikoki artxibatzeko aukera kentzen da, salbu eta kausaren largespen askea edo behin-behinekoa bidezkoa den kasuetan.

Batzordeak proposatutakoaren ildotik orain ere, osagarri modura, dekretu bidezko prozesua ezartzen da. Zigor-arloko prozedura monitorio bat da, Fiskaltzak prestatutako zehapen-proposamena epai irmo bihurtzeko aukera ematen duena, aurreikusitako betekizun objektibo eta subjektiboak betetzen badira eta auzipetuak ados dagoela adierazten badu, letraduaren nahitaezko laguntza izanik. Zuzenbide konparatuan arrakasta frogatua izan duen ereduari jarraituz, zigor-arloko justizia bizkortzeko mekanismo bat abian jartzen da, defentsa-eskubidea guztiz errespetatzeaz gain, oso eraginkorra dena organo judizialei lan-karga arintzeko eta astuntasun txikiko delituei zigor-erantzun azkarra emateko, litekeena baita halako delituei isun zigorra edo gizartearentzako lanak ezartzea. Erreformaren helburua da larritasun txikiagoko delituen zigor-arloko kausak aurretiaz ebazteko bidea ezartzea, eta hura aplikatu ahal izatea haien prozedura edozein izanik ere. Beraz, hala delitu arinei nola astuntasun txikiagoko delituei aplika dakieke, baldin eta

erreformaren aplikazio-eremuaren barrukoak badira, Fiskaltzak hala eskatzen badu eta instrukzio-fasea amaitu ez bada. Aukera ematen du, halaber, jarduna instrukzio-epaitegira bidaliz Fiskaltzaren ikerketa-eginbideen fasea amaitzeko, eta horrek ez dakar berekin egitatearen berri ematea bakarrik, baita, de facto, epaia emateko eta zigorra ezartzeko eskaera ere. Hori guztia benetan aplikatzen denean, instrukzioak eta geroko ahozko epaiketak nabarmen murriztuko dira, eta horrek prozeduren «tarteko fasea» laburtzen lagunduko du.

III

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 3ko 2014/42/EB Zuzentarauak, zeina Europar Batasunean delituaren tresnak eta produktua enbargatzeari eta konfiskatzeari buruzkoa baita, eskatzen die estatu kideei hura ezartzeko moduak antola ditzatela; batez ere, konfiskazio figura berriak eraginkorrak izateko. Beraz, konfiskazio autonomoaren prozesua arautzen da; hari esker, delituaren ondoriozko ondasunen titulartasuna kendu ahal izango da, nahiz eta egilea epaitzea ezinezkoa izan. Prozedura orekatua da: batetik, berezkoa duen bizkortasuna eta, bestetik, demandatuentzako bermeak uztartzen ditu. Prozedura Zibilaren Legearen hitzezko prozedurara igortzea aukeratu da, eta horrek mesede egiten dio segurtasun juridikoari. Hala ere, prozeduraren berezitasunak gehitu dira artikuluetan, bai eta prozedura laburtuan oinarritutako errekurtso- sistema bat ere. Konfiskatutako ondasunen exekuzio-fasea ere jasota dago, eta hari lotutako ikerketa Fiskaltzak zuzenduko du, fase prejudizialean dituen ikerketa-eginkizunak ezertan eragotzi gabe. Erregulazio honek aintzat hartu behar ditu Zigor Kodearen erreformak konfiskazioari buruz sartutako aldaketak. Horregatik, orain —haren osagarri—, konfiskazioak uki ditzakeen hirugarrenek aukera izango dute prozeduran parte hartzeko. Haien eskubideak, prozedura horretan ez ezik, deuseztatzeko errekurtsoa ezartzearekin ere bermatzen dira, beste behin Prozedura Zibilaren Legera igorriz, baldin eta ebazpena ematean ez bada kontuan hartu hirugarren hori kausan interesdun dela.

IV

Nahiz eta Botere Judizialaren Lege Organikoak zenbait aurreikuspen organiko ezarrita izan zigor-arloko prozesuan bigarren auzialdia orokortzeko —Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren 14.5 artikuluan jasotako eskubide onartua garatzeko, zeinaren arabera delitu batengatik kondenatua izan den orok eska baitezake goragoko auzitegi batek kausa berrikus dezan—, probintzia-auzitegiek eta Auzitegi Nazionaleko zigor-arloko salak emandako epaien kontrako apelazio-errekurtsoen prozesu-erregulaziorik ez dagoenez gero —organo judizial horien aurrean epaiketa egin behar izan da—, egoerak kaxkarra izaten jarraitzen du, eta hori konpentsatu egin behar izaten da, kasazio- errekurtsoaren arrazoiak malgutasun handiagoz ulertuz. Bada, horrek ahuldu egiten du Auzitegi Gorenak zigor-arloko legearen interpretatzaile nagusi gisa duen eginkizuna. Horregatik, bigarren auzialdia orokortzen da, eta gaur egun zigor-arloko epaitegiek prozesu laburtuan emandako epaien apelaziorako aurreikusita dagoen erregulazio bera ezartzen da, Konstituzioaren eta Europaren eskakizunetara egokituta betiere. Beharrezkotzat jo da apelazio-errekurtsoaren erregulazioa osatu eta lege-aurreikuspen berriak eranstea, errekurtsoaren oinarri gisa froga baloratzean egindako okerrari eta ad quem organoak inguruabar horietan eman dezakeen epaiaren edukiari buruzkoak. Azken xedea da arlo horretako erregelamendua Konstituzioaren doktrinara egokitzea; bereziki, arartegabekotasun-printzipiotik eratorritako eskakizunetara. Akusazioak lehenengo arrazoi hori alegatzen duenean errekurtsoaren oinarritzat, hala absoluzio-epaia deuseztatzeko xedez nola kondena-epaian ezarritako baldintzak astuntzeko xedez, frogaren nahikotasunik edo arrazionaltasunik eza justifikatu beharko du edo esperientzia-arauetatik nabarmen aldentzen dela edo gauzatutako frogaren baten gaineko arrazoibidearen omisioa gertatu dela, baldin eta frogak garrantzitsuak badira edo haien deuseztasuna bidegabeki deklaratu bada. Halakoetan, apelazio-auzitegiak ahalmen mugatuak izango ditu: epaia deusez deklaratuko du bidezkoa denean, eta deklarazio horren irismena ezarriko du; hau da, a quo

organoaren ebazpenari soilik eragiten dion edo ahozko epaiketari ere bai —azken kasu horretan, erabakiko du organoa beste kide batzuekin eratu behar den ala ez, haren inpartzialtasuna bermatzeko xedez—.

V

Bigarren auzialdiaren erreformaz gain, kasazioa ere eraldatu beharra dago, zigor- arloko doktrina bateratzeko eginkizuna modu eraginkorrean bete dezan. Gaur egun, delituen ehuneko txiki batek baino ez du kasazio-errekurtsoa baliatzeko aukera. Hori dela eta, probintzia-auzitegiek egiten dute bateratze-interpretazioa, eta horrek ez du ziurtatzen Espainia osoan tratamendu homogeneoa ematen zaionik gai horri. Gainera, Zigor Kodeari elkarren segidako erreformak egin zaizkio, gizartearen eskakizunei erantzuteko, Europako zuzentarauen transposizioa egiteko edo nazioarteko araudiak betetzeko; bada, azkeneko erreformak —martxoaren 30eko 1/2015 Lege Organikoa— dezente aldarazi du lege substantibo hori. Horiek horrela, derrigorrezkoa da kasazio-errekurtsoaren esparru materiala aldatzea, Auzitegi Gorenak arlo horietan eskatzekoa den uniformetasuna ekar dezan.

Beste delitu batzuek kasazio-errekurtsoa baliatzeko aukera izate aldera, erreformak hainbat neurri ezartzen ditu, kontrapisu gisa funtzionatuko dutenak eredua orekatzeko eta erabat bideragarria izateko. Lehenik, legea haustearen ondoriozko kasazio-errekurtsoa orokortzen da, baina 849. artikuluaren lehenengo arrazoiari mugatuta egongo da. Gainerako arrazoiak astuntasun handiagoko delituetarako gordetzen dira. Bigarrenik, kasazio-errekurtsotik kanpo geratzen dira behin betikoak ez diren epaiak; hots, lehen auzialdian emandako ebazpenen deuseztasuna deklaratzera mugatzen direnak, uste baita egoera horietan kasazioa alferrikako izapide luzagarria izango litzatekeela. Hala ere, horrek ez du kentzen Auzitegi Gorenak kausaren gaineko ardura izatea, aurkaratze-bide hori irekita geratuko baita behin deuseztasun-kausak ebatzirik. Azkenik, errekurtsoak kasazio-interesik ez badu, errekurtsoaren izapidetzea ez onartzeko aukera ere jasotzen da, baina probintzia-auzitegiek edo Auzitegi Nazionaleko zigor-arloko salak emandako epaien kontrako errekurtsoak direnean soilik. Salako kide guztiek, aho batez, «labur arrazoitutako» probidentzia eman beharko dute horretarako. Kasazio-interesik baden ala ez erabakitzeko, hainbat alderdi hartu behar dira aintzat; hala nola errekurritutako epaia Auzitegi Gorenak emandako jurisprudentzia-doktrinaren aurka doan argi eta garbi; ebazten dituen gaiei buruz probintzia-auzitegien kontraesanezko jurisprudentzia dagoen, edo bost urte baino gutxiago indarrean daramaten arauak aplikatzen dituen —azken kasu horretan, ez du egon behar Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia-doktrina finkaturik, eduki bera edo antzekoa duten lehenagoko arauei buruz—.

Modu horretan, Auzitegi Gorenaren bigarren salaren doktrina existituko da gai guztietan —substantiboak, prozesukoak eta konstituzionalak—.

VI

Amaitzeko, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaiak betetzeko legezko bide bat ezarri beharra dago Espainiako antolamenduan —orain arte, jurisprudentzia- interpretazioaren estaldura besterik ez zuen—, eta horrek berekin dakar berrikuspen- errekurtsoaren arrazoiak aldatzea. Zenbait kasuren hobekuntza teknikoaz gain, zigor- arloko epaiak aurkaratzeko aukera eransten da, baldin eta kontraesanean badaude, geroago, beste jurisdikzio-ordena batean, itzultzekoa ez den arazo prejudizial bati buruz emandako epai batekin. Aurkaratu ahal izango dira, orobat, konfiskazio autonomoaren prozeduretan emandako epaiak, baldin eta, geroago, prozedura nagusian emandako zigor- arloko epaiak ez badu egiaztatutzat jotzen konfiskazioaren oinarrian zegoen delitu-egitatea.

Artikulu bakarra. Prozedura Kriminalaren Legea aldatzea.

Prozedura Kriminalaren Legea modu honetan aldatzen da:

Bat. 14. artikuluaren 3. zenbakia aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«3. Delituen ondoriozko kausen gaineko ardura izan eta horien epaitza emateko, delitua zein epai-barrutitan gertatu eta epai-barruti horretako zigor- arlokoak, edo emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegiaren epai-barrutiko zigor-arloko epaileak edo jarduteko berezko eremua duen epaile zentralak, hori ere zigor-arlokoa, baldin eta legeak delitu horientzat ezarritako zigorra bada bost urte baino gehiago irauten ez duen zigor askatasun-gabetzailea edo edozein kopurutako isuna, edo, hamar urte baino gehiagoko iraupena ez duten zigorretatik beste edozein, horien izaera kontuan hartu gabe, bakarka, batera edo hautabidez ezarri arren; horrek ez du ezertan eragozten delitua zein tokitan gertatu eta toki horretako guardiako instrukzio-epaileak adostasun-epaia emateko duen eskumena, ezta emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaile eskudunak duena ere, 801. artikuluan ezarritako baldintzen arabera, ezta instrukzio-epaitegiek dekretu bidezko prozesuan epaia emateko duten eskumena ere. Eskumena izango du, orobat, delitu arinen ondoriozko auzien ardura izan eta horien epaitza emateko, intzidentalak izan zein izan ez, delituon egileei nahiz beste pertsona batzuei egozteko modukoak badira, betiere delitu arina egin izanak edo horren frogak haiekin zerikusia izanez gero.»

Bi. 17. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Delitu bakoitzak kausa bakar bat eratuko du.

Dena den, elkarri lotuta dauden delituak kausa berean ikertu eta epaituko dira, egitateak argitzeko eta erantzukizunak zehazteko komenigarria bada egitateen ikerketa eta frogak batera gauzatzea, salbu eta horrek prozesua gehiegi zailtzen edo atzeratzen badu.

2.Jurisdikzioa esleitu eta eskumenak banatzeko ondoreetarako, elkarri lotuta dauden delitutzat hartzen dira honako hauek:

1.a Bilduta dauden pertsona bik edo gehiagok egindakoak.

2.a Pertsona bik edo gehiagok toki eta aldi ezberdinetan egindakoak, baldin eta horretarako ados jarri badira.

3.a Beste delitu batzuk egiteko edo horien betearazpena errazteko baliabide gisa egindakoak.

4.a Beste delitu batzuen zigorgabetasuna lortzeko egindakoak.

5.a Faboratze errealaren eta pertsonalaren delituak eta kapitalak zuritzea, aurretiko delituari dagokionez.

6.a Hainbat pertsonek egindakoak, baldin eta elkarrekiko lesioak edo kalteak eragiten badira.

3.Delituak, elkarri lotuta egon ez arren, pertsona berak gauzatu baditu eta delituen artean analogia edo lotura badago, organo judizial beraren eskumenekoak direnean, kausa beraren barruan epai daitezke, Fiskaltzak hala eskatuta, egitateak argitzeko eta erantzukizunak zehazteko komenigarria bada egitateen ikerketa eta frogak batera gauzatzea, salbu eta horrek prozesua gehiegi zailtzen edo atzeratzen badu.»

Hiru. 284. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Polizia judizialeko funtzionarioek delitu publikoaren berri izan bezain laster, edo, eginbideen instrukzioa aurreneurri moduan gauzatu behar badute delitu pribatuaren ondorioz, hori agintari judizialari edo Fiskaltzaren ordezkariari jakinaraziko diote, hori egin ahal badute prebentziorako eginbideak gauzatzeari utzi gabe. Bestelako kasuan, horixe egingo dute, eginbideok bukatu bezain laster.

2.Hala ere, delituak egile ezagunik ez duenean, polizia judizialak atestatua gordeko du Fiskaltzak eta agintaritza judizialak eskura izan dezaten, baina ez die bidaliko, salbu eta hauetako inguruabarren bat gertatzen bada:

a)Bizitzaren, osotasun fisikoaren, sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delituak edo ustelkeriarekin lotutako delituak izatea.

b)Atestatua ireki eta hirurogeita hamabi ordu igaro ondoren eginbideren bat egitea eta horrek emaitzak ematea.

c)Fiskaltzak edo agintaritza judizialak atestatua bidaltzeko eskatzea.

Delituaren Biktimaren Estatutuaren apirilaren 27ko 4/2015 Legearen 6. artikuluan jasotako eskubide onartuaren arabera, polizia judizialak salatzaileari jakinaraziko dio hirurogeita hamabi orduko epearen barruan egilea identifikatzen ez badute, agintaritzari ez zaiola jarduna bidaliko; hala ere, salatzaileak eskubidea izango du Fiskaltzaren edo instrukzio-epaitegiaren aurrean salaketa berriro egiteko.

3.Baldin eta armak, tresnak eta edozein motatako efektuak jaso badituzte, eta horiek delituarekin zerikusia izan ahal badute, eta delitua eginiko tokian bertan edo toki horretatik hurbil aurkitu badira, edo errudunaren esku badira edo beste toki ezagun batean, horiek dauden tokia, denbora eta egoera adierazteko eginbidea ere gauzatuko dute, alderdi horiek zehatz-mehatz deskribatuta, horiei eta aurkikuntzaren inguruabarrei buruzko ideia zehatza egin ahal izateko. Aipatutako deskribapenaren ordez, erreportaje grafikoa ere gehitu ahal izango dute. Eginbidea sinatuko du haiek noren esku aurkitu eta pertsona horrek.

4.Delituaren biktimarenak izan litezkeen efektuak konfiskatuz gero, biktimari horren berri emango zaio. Konfiskazioak ukitutako pertsonak neurriaren aurkako errekurtsoa aurkeztu ahal izango du, edonoiz, instrukzio-epailearen aurrean, 334. artikuluaren hirugarren paragrafoan xedatutakoaren arabera.»

Lau. 295. artikuluaren lehenengo paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Polizia judizialeko funtzionarioek ezin izango dute hogeita lau ordu baino gehiago egon agintaritza judizialari edo Fiskaltzari gauzatu dituzten eginbideen berri eman gabe, ezinbesteko kasuan eta 284. artikuluaren 2. zenbakian aurreikusitako kasuan izan ezik.»

Bost. 300. artikulua kentzen da.

Sei. 324. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Instrukzio-eginbideak gauzatzeko, sei hilabeteko epea egongo da gehienez, sumarioa edo aurretiazko eginbideak hasteko autoaren egunetik aurrera.

Nolanahi ere, epe hori agortu baino lehen, instruktoreak, Fiskaltzak hala eskatuta eta alderdiei entzunda, instrukzioa konplexutzat jo ahal izango du hurrengo zenbakian jasotako ondoreetarako, baldin eta, gerora agertutako gorabeherak direla eta, ikerketa ezin bada ezarritako epean arrazoiz osatu, edo artikulu honen hurrengo zenbakian jasotako inguruabarretako batzuk aldi berean gertatzen badira gerora.

2.Instrukzioak, konplexutzat jotzen bada, hemezortzi hilabete iraun dezake. Kausaren instruktoreak epe hori luzatu ahal izango du, epe bereko edo laburragoko aldietan, Fiskaltzak hala eskatuta eta alderdiei entzunda. Luzapenaren eskaera idatziz aurkeztu behar da, gehieneko epea agortu baino hiru egun lehenago, gutxienez.

Luzapenaren eskaera ezesten duen autoaren kontra ezingo da errekurtsorik aurkeztu; dena den, eskaera berriro aurkezteko aukera izango da prozesuaren une egokian.

Ikerketa konplexu izango dira honako hauek:

a)Talde edo antolakuntza kriminalei buruzkoak.

b)Zigortzekoak diren egitate ugari xede dituztenak.

c)Ikertu edo biktima asko tartean dituztenak.

d)Peritu-txostenen edo organo judizialak eskatutako kolaborazioen beharra dutenak, dokumentu asko edo azterlan konplexuak aztertu behar badira.

e)Atzerrian jardunak egitea eskatzen dutenak.

f)Pertsona juridiko-pribatuen edo publikoen kudeaketa ikuskatzea eskatzen dutenak.

g)Terrorismo delituei buruzkoak.

3. Artikulu honetan adierazitako epeak kasu hauetan etengo dira:

a)Jardunaren sekretua gordetzea erabakiz gero, horrek irauten duen denboran.

b)Kausaren behin-behineko largespena erabakiz gero.

Sekretua ezagutarazten denean edo eginbideak berriro irekitzen direnean, ikerketak aurrera jarraituko du, aurreko zenbakietan adierazitako epeak bete arte, ezertan eragotzi gabe hurrengo zenbakian aurreikusitako luzapena adosteko aukera.

4.Salbuespen gisa, aurreko zenbakietan ezarritako epeak igaro baino lehen, edo, bestela, adostutako luzapenarenak igaro baino lehen, Fiskaltzak edo pertsonatutako edozein alderdik hala eskatuz gero, instruktoreak instrukzioa amaitzeko beste gehieneko epe bat ezartzeko aukera izango du, betiere horretarako arrazoiak badaude eta gainerako alderdiak entzun baditu.

5.Fiskaltzak edo, hala badagokio, alderdiek ez badute erabili aurreko zenbakiak ematen dien ahalmena, ezingo dituzte eskatu lege honen 627. eta 780. artikuluetan jasotako ikerketa-eginbide osagarriak.

6.Epaileak instrukzioa amaituko du haren xedea bete dela uste duenean. Gehieneko epea edo luzapenen epeak igarotakoan, instruktoreak sumarioa amaitzeko autoa emango du; prozedura laburtua bada, berriz, 779. artikuluaren arabera dagokion ebazpena. Instruktoreak ez badu eman zenbaki honetan aipatutako ebazpenetako bat bera ere, Fiskaltzak epaileari eskatuko dio egoki den erabakia har dezala. Halakoetan, instrukzio-epaileak hamabost egun izango ditu eskaerari buruz erabakitzeko.

7.Legezko epeak igaro aurretik adostutako ikerketa-eginbideak baliozkoak izango dira, nahiz eta epeak igaro ondoren jaso.

8.Jarduna ez da inoiz artxibatuko artikulu honetan adierazitako gehieneko epeak igarotze hutsagatik, ez badira gertatzen 637. eta 641. artikuluetan aurreikusitako inguruabarrak.»

Zazpi. 790. artikuluaren 2. zenbakiari hirugarren paragrafoa eransten zaio, eta honela geratzen da idatzita:

«Akusazioak absoluzio-epaia deuseztatzeko edo kondena-epaia astuntzeko alegatzen badu frogak baloratzean okerra egin dela, derrigorrezkoa izango da justifikatzea egitateen motibazioan nahikotasunik edo arrazionaltasunik eza izan dela, esperientzia-arauetatik nabarmen aldendu dela edo gauzatutako froga baten edo batzuen gaineko arrazoibidearen ez-betetzea gertatu dela, baldin eta frogak garrantzitsuak badira edo haien deuseztasuna bidegabeki deklaratu bada.»

Zortzi. 792. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Apelazio-epaia emango da ahozko ikustaldia egin eta hurrengo bost egunetan, edo auzitegiak jarduna jaso eta hurrengo hamar egunetan, ikustaldia egitea bidezko gertatu ez denean.

2.Apelazio-epaiak ezingo du kondenatu lehen auzialdian absolbitua izan den auzipetua, eta ezingo du astundu ere 790.2 artikuluaren hirugarren paragrafoan ezarritakoaren arabera frogak baloratzean egindako okerra dela-eta ezarri zaion kondena-epaia.

Hala ere, epaia (absoluzio- edo kondena-epaia) deuseztatu egin daiteke, eta, halakoetan, errekurritutako ebazpena eman zuen organoari itzuliko zaio jarduna.

Apelazio-epaiak zehatz adieraziko du deuseztasunak ahozko epaiketari eragiten dion ala ez; orobat, erabakiko du inpartzialtasun-printzipioa dela-eta lehen auzialdiko organoaren osaera aldatu behar den ala ez, kausa berriro epaitzeko.

3.Apelatutako epaia deuseztatzen denean prozeduraren funtsezko formaren bat urratzeagatik, auzitegiak aginduko du, epaitzaren edukian sartu gabe, prozedura berriro jartzea falta egin zen uneko egoeran; horrek ez du eragozten faltarik gabe eduki bera izango luketen egintzek beren baliozkotasunari eustea.

4.Apelazioan emandako epaiaren aurka kasazio-errekurtsoa jarri ahal izango da bakar-bakarrik 847. artikuluan aurreikusitako kasuetan, epai irmoen berrikuspenari buruz xedatutakoa ezertan eragotzi gabe, eta hurrengo artikuluan ezarritako kasuetan, akusaturik gabe emandako epai irmoen aurkaratzeaz denaz bezainbatean. Apelazioan emandako epaiaren aurka errekurtsorik aurkezten ez bada, autoak epaitegira itzuliko dira epaitza betearaz dadin.

5.Epaia jakinaraziko zaie delituaren ondoriozko ofenditu eta kaltedunei, kausan alderdi gisa agertu ez arren.»

Bederatzi. IV. liburuari III bis titulua eransten zaio, izenburu eta eduki hauekin:

«III bis TITULUA

Dekretu bidezko prozesua

803 bis a artikulua. Dekretu bidezko prozesuaren eskakizunak.

Fiskaltzak ikerketa-eginbideak hasitakoan edo prozedura judiziala abiarazita dagoenean, noiznahi, instrukzio-fasea amaitu arte, dekretu bidezko prozesua baliatu ahal izango da, nahiz eta ikertuari ez egin deklaratzeko deia. Horretarako, ordea, eskakizun hauek guztiak bete beharko dira:

1.a Delituari isun zigorra, gizartearentzako lanak edo urtebete baino gutxiagoko espetxe zigorra ezartzea eta, Zigor Kodearen 80. artikuluan ezarritakoaren arabera, zigor hori eten ahal izatea, ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak gidatzeko eskubideaz gabetzen duen zigorra ezarria izan zein ez.

2.a Fiskaltzaren iritziz, ezarri beharreko zigorra isun zigorra edo gizartearentzako lanak izatea, edo, bestela, ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak gidatzeko eskubideaz gabetzen duen zigorra.

3.a Kausan ez egotea pertsonatuta ez herri-akusaziorik, ez akusazio partikularrik.

803 bis b artikulua. Xedea.

1.Fiskaltzak emandako dekretu bidezko prozesuaren xedea zigor-arloko akzio bat da, isun zigorra edo gizartearentzako lanak ezartzeko edo, hala badagokio, ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak gidatzeko eskubideaz gabetzen duen zigorra ezartzeko egikaritzen dena.

2.Horrez gain, gauza itzularaztera edo kalteen ordaina jasotzera zuzendutako zigor-arloko akzioa ere izan dezake xedetzat.

803 bis c artikulua. Zigorra ezartzeko proposamenaren dekretuaren edukia.

Zigorra ezartzeko proposamenaren dekretua Fiskaltzak emango du, eduki honekin:

1.a Ikertua identifikatzeko datuak.

2.a Zigortzekoa den egitatearen azalpena.

3.a Egindako delitua, eta frogaren aipamen laburra.

4.a Espetxe zigorraren ordez beste zigor bat ezarri behar dela uste badu, horretarako dauden arrazoien azalpen laburra.

5.a Proposatutako zigorrak. Prozedura honen ondoreetarako, Fiskaltzak isun zigorra edo gizartearentzako lanak proposatu ahalko ditu, edo, bestela, ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak gidatzeko eskubideaz gabetzen duen zigorra, legez aurreikusitakoarekin alderaturik gehienez heren bat murriztuta, nahiz eta horrek berekin ekarri Zigor Kodean jasotako gutxieneko muga baino zigor laburragoa ezartzea.

6.a Itzulketaren eta kalte-ordainen eskaerak, halakorik badago.

803 bis d artikulua. Instrukzio-epaitegira bidaltzea.

Fiskaltzak zigorra ezartzeko ematen duen proposamen-dekretua instrukzio- epaitegira bidaliko da, hark baimena eman dezan eta ikertuari dekretua jakinaraz diezaioten.

803 bis e artikulua. Baimen-autoa.

1.Instrukzio-epaitegiak zigorra ezartzeko proposamenaren dekretua baimenduko du, baldin eta 803 bis a artikuluan ezarritako eskakizunak betetzen badira.

2.Instrukzio-epaitegiak ez badu dekretua baimentzen, hura ondorerik gabe geratuko da.

803 bis f artikulua. Autoaren jakinarazpena eta agertzeko zitazioa.

1.Instrukzio-epaitegiak, behin dekretua baimentzeko autoa emanik, autoa bera eta dekretua auzipetuari jakinaraziko dizkio, eta dei egingo dio epaitegira esandako egunean ager dadin.

2.Dekretuaren jakinarazpenean, agerraldiaren helburua zein den esango zaio auzipetuari, eta letraduaren laguntza izatea nahitaezkoa dela ere bai. Halaber, jakinaraziko zaio ez agertzeak zer ondorio dakartzan, eta, agertzen bada, dekretuan jasotako proposamena onartzeko ala ez onartzeko eskubidea duela. Horrez gain, zera azalduko zaio: kausan letraduaren defentsarik ez badu, konfiantzazko abokatu baten aholkularitza izan behar duela edo ofizioko abokatua eskatu behar duela hurrengo artikuluan adierazitako epea igaro baino lehen.

803 bis g artikulua. Letraduaren laguntza eskatzea.

Auzipetuak ez badu letraduaren laguntzarik, ofizioko abokatu bat izendatuko zaio, aholkuak eta laguntza eman diezazkion.

Agerraldia egin ahal izateko, ofizioko abokatua izendatzeko eskaera agerraldiaren eguna baino bost egun baliodun lehenago aurkeztu behar da.

803 bis h artikulua. Agerraldia.

1.Zehapen-proposamena onartzeko, auzipetuak instrukzio-epaitegian agertu behar du letraduarekin.

2.Auzipetua ez bada agertzen, edo zigorrei, itzulketei edo kalte-ordainei buruz Fiskaltzak egindako proposamena guztiz edo zati batez baztertzen badu, proposamen hori ondorerik gabe geratuko da. Auzipetua letradurik gabe agertzen bada, epaileak agerraldia etengo du 746. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta beste egun bat finkatu du.

3.Agerraldian, epaileak, letradua aurrean dela, ziurtatu beharko du auzipetuak ulertzen duela zigorra ezartzeko proposamenaren dekretuak zer esan nahi duen eta hura onartzeak zer ondorio dakartzan.

4.Agerraldia, hasieratik bukaerara, ikus-entzunezko baliabideak erabiliz erregistratuko da, eta, hori materialki ezinezkoa bada, arau orokorren arabera dokumentatuko da.

803 bis i artikulua. Dekretua kondena-epai bihurtzea.

Baldin eta auzipetuak zigor-proposamena osorik onartzen badu agerraldian, instrukzio-epaitegiak proposamena ebazpen judizial irmo bihurtuko du, eta hiru egun izango ditu kondena-epaiaren forma eta ondoreekin dokumentatzeko. Epai horren aurka ezingo da errekurtsorik aurkeztu.

803 bis j artikulua. Zigorra proposatzeko dekretuaren eraginkortasunik eza.

Zigorra proposatzeko dekretua eragingabe bilakatzen bada —instrukzio- epaitegiak ez duelako baimendu, auzipetua ez delako agertu edo auzipetuak ez duelako dekretua onartu—, haren edukiak ez du Fiskaltza lotetsiko, zeinak kausarekin jarraituko baitu egoki den bidea erabilita.»

Hamar. IV. liburuan III ter titulua eransten da, izenburu eta eduki hauekin:

«III ter TITULUA

Konfiskazioak ukitutako hirugarrenen esku-hartzea eta konfiskazio

autonomoaren prozedura.

I. KAPITULUA

Konfiskazioak uki ditzakeen hirugarrenen esku-hartzea zigor-arloko

prozesuan.

803 ter a artikulua. Prozesura deitzeko ebazpen judiziala.

1.Epaileak edo auzitegiak, ofizioz edo alderdiak hala eskatuta, erabakiko du konfiskazioak uki ditzakeen pertsonek zigor-arloko prozesuan esku hartzea, baldin eta, jasota dauden egitateetatik, hauek ondoriozta badaitezke arrazoiz:

a)konfiskatzeko eskatzen den ondasuna ikertua edo auzipetua ez den beste hirugarren batena dela, edo

b)badirela beste hirugarren batzuk, konfiskatzeko eskatzen den ondasunaren gaineko eskubideen titular direnak eta konfiskazioak uki ditzakeenak.

2.Ukitutako hirugarrenek prozeduran esku hartzea alde batera utzi ahal izango da honelakoetan:

a)ezin izan bada identifikatu edo lokalizatu konfiskatzeko eskatzen den ondasunaren gaineko eskubideen titular izan litekeena, edo

b)egitateak badaude, zeinetan oinarrituta ondoriozta baitaiteke prozeduran esku hartzeko uziaren funts izan den informazioa ez dela benetakoa, edo konfiskatzeko eskatu diren ondasunen ustezko titularrak ikertuari edo auzipetuari lotutako bitarteko pertsonak direla edo harekin ados jarrita jarduten dutela.

3.Epaileak ebazpena ematen badu hirugarrenek prozeduran esku hartzea bidegabea dela adierazteko, ebazpen horren aurka apelazio-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da.

4.Konfiskazioak ukitutako pertsonak epaileari edo auzitegiari esaten badio ez dagoela konfiskazioaren aurka, ez da erabakiko haren esku-hartzea prozeduran edo bertan behera utziko da lehendik adostua zegoena.

5.Konfiskazioak ukitutako pertsonaren deklarazioa jasotzea erabakiz gero,

416.artikuluaren edukiaren berri emango zaio hari.

803ter b artikulua. Esku-hartzearen berezitasunak eta ukitutako hirugarrena epaiketara joateko zitazioa.

1.Konfiskazioak uki dezakeen pertsonak zigor-arloko prozesuan esku hartu ahal izango du esku-hartzea erabakitzen den unetik aurrera, baina bere ondasunei, eskubideei edo egoera juridikoari zuzenean eragiten dieten alderdiei dagokienez soilik; kanpoan utziko dira auzipetuaren erantzukizun penalarekin lotutako arazoak.

2.Konfiskazioak ukitutako hirugarrenaren esku-hartzerako, nahitaezkoa izango da letraduaren laguntza.

3.Konfiskazioak ukitutako pertsonak epaiketara joateko zitazioa jasoko du lege honetan xedatutakoaren arabera. Zitazioan adieraziko zaio bera bertan izan gabe ere epaiketa egin ahal izango dela eta eskatutako konfiskazioari buruz ebatzi ahalko dela.

Konfiskazioak ukitutako pertsonak legezko ordezkaritzaren bidez esku har dezake epaiketan; ez du zertan fisikoki han egon.

4.Konfiskazioak ukitutako pertsona ez agertzeak ez du eragotziko epaiketak aurrera egitea.

803 ter c artikulua. Epaia jakinarazi eta aurkaratzea.

Konfiskazioaren epaia ukitutako pertsonari jakinaraziko zaio, alde batera utzita prozesuan agertu den ala ez eta ezertan eragotzi gabe 803 ter a artikuluaren 2. zenbakian xedatutakoa. Ukitutako pertsonak lege honetan jasotako errekurtsoak aurkez ditzake epaiaren aurka. Dena den, bere ondasunei, eskubideei edo egoera juridikoari zuzenean eragiten dieten erabakietara mugatuko du errekurtsoa; kanpoan utzi beharko ditu auzipetuaren erantzukizun penalarekin lotutako arazoak.

803 ter d artikulua. Konfiskazioak ukitutako hirugarrena ez agertzea.

1.Konfiskazioak ukitutako hirugarrena —lege honen arabera zitazioa jaso zuena— agertzen ez bada, hura auzi-iheslaritzat joko da. Ukitutako hirugarrenaren auzi-ihesa Prozedura Zibilaren Legeak demandatu auzi-iheslariari buruz ezarritako arauen bidez arautuko da, barne hartuta jakinarazpenei, epaiaren kontrako errekurtsoei eta, auzi-iheslariak hala eskatu duelako, epai irmoa hutsaltzeari buruzko arauak. Nolanahi ere, epaia hutsalduz gero, hirugarrenaren ondasunei, eskubideei edo egoera juridikoari zuzenean eragiten dieten erabakietara mugatuko da hura. Halakoetan, ziurtagiria bidaliko da epaia eman zuen lehen auzialdiko auzitegira — baldin eta hutsaltze-epaia ez badu berak eman—, eta, jarraian, arau hauek beteko dira:

a)Hamar eguneko epea emango zaio hirugarrenari konfiskazio-demandari erantzuteko idazkia aurkez dezan, froga-proposamen eta guzti, eragiten dion erabakirako garrantzitsuak diren egitateei dagokienez.

b)Idazkia epe barruan aurkezturik, jurisdikzio-organoak froga onargarria den ala ez erabakiko du auto bidez, eta, arau orokorren arabera, ikustaldiaren eguna finkatuko du. Ikustaldiaren xede bakarra izango da hirugarrenaren aurkako akzio zibila epaitzea, edo zigor-arloko akzioa dela-eta haren ondasunek, eskubideek edo egoera juridikoak jasan dituen eraginak epaitzea.

c)Epaiaren aurka, lege honetan araututako errekurtsoak jarri ahal izango dira.

Demandari erantzuteko idazkia ez bada aurkezten epe barruan, edo hirugarrena ez bada agertzen ikustaldira behar bezala ordezkatuta, epaia emango da, izapide gehiagorik gabe; epai hori bat etorriko da ukitutako erabakietan hutsaldu zenarekin.

2.Aurreko zenbakian adierazitako eskubide berberak aitortuko zaizkio konfiskazioaren berri izan ez duelako hura aurkaratu ezin izan duen ukitutako hirugarrenari.

II. KAPITULUA

Konfiskazio autonomoaren prozedura

803 ter e artikulua. Xedea.

1.Titulu honetan arautzen den konfiskazio autonomoaren prozeduraren xede izan daiteke ondasun, efektu edo irabazien konfiskazioa —edo haien balio baliokidearena— eskatzeko erabili den akzioa, lehendik egikaritu ez bada, 803 ter p artikuluan xedatutakoa salbu.

2.Zehazki, kasu hauetan aplika daiteke prozedura:

a)Fiskalak akusazio-idazkian ondasunen konfiskazioa soilik eskatzen duenean, eta, hura zehazteko, espresuki, prozedura hori erreserbatzen duenean.

b)Prozedura eskatzeko arrazoia denean orain hilik dagoen norbaitek egindako zigortzekoa den egitatea, edo, auzi-iheslaria delako edo epaiketan agertu ezin duelako, epaitu ezin den norbaitek egindakoa.

3.Fiskalak akzioa erreserbatzen badu, konfiskazio autonomoaren prozedura bakarrik hasi ahal izango da auzipetuaren erantzukizun penalei buruz ebazteko prozesua epai irmo bidez amaituta dagoenean.

803 ter f artikulua. Eskumena.

Hauek dira konfiskazio autonomoaren prozeduraz arduratzeko eskumena dutenak:

a)epai irmoa eman duen epailea edo auzitegia,

b)etendako zigor-arloko kausaren gaineko ardura duen epailea edo auzitegia,

edo

c)kausa hasteke dagoenean, hura epaitzeko eskumena duen epailea edo auzitegia, 803 ter e artikuluan adierazitako inguruabarretan.

803 ter g artikulua. Prozedura.

Konfiskazio autonomoaren prozedurari aplikatzekoak dira Prozedura Zibilaren Legearen II. liburuaren III. tituluan arautzen den hitzezko epaiketaren arauak, kapitulu honetan ezarritakoekin kontraesanean ez badaude.

803 ter h artikulua. Fiskaltzaren esklusibotasuna akzioa egikaritzeko.

Fiskaltzak baino ez du egikarituko konfiskazio autonomoaren prozedurako konfiskatze-akzioa.

803 ter i artikulua. Letraduaren laguntza.

Konfiskazioak uki ditzakeen ondasun edo eskubideak dituzten pertsona guztiei aplikatuko zaizkie auzipetuak letraduaren laguntza izateko duen eskubideari buruz lege honetan jasotako arauak.

803 ter j artikulua. Legitimazio pasiboa eta epaiketara joateko zitazioa.

1.Konfiskatu beharreko ondasunekin duten lotura ikusita, akzioa noren kontra zuzendu eta pertsona horiek jasoko dute epaiketara joateko zitazioa demandatu gisa.

2.Auzipetu auzi-iheslariak zitazioa jasoko du; horretarako, etendako prozesuan izan zuen prozesuko ordezkariari jakinarazpena bidaliko zaio, eta auzitegiko iragarki- oholean ediktua jarriko da.

3.Konfiskazioak ukitutako hirugarrenak 803 ter b artikuluaren 3. zenbakian aurreikusitakoaren arabera jasoko du zitazioa.

803 ter k artikulua. Auzipetu auzi-iheslariaren edo gaitasuna judizialki aldatuta duen auzipetuaren agerraldia.

1.Etendako prozesuan auzi-iheslaritzat jotako auzipetua ez bada agertzen konfiskazio autonomoaren prozeduran, prokuradorea eta ofizioko abokatua izendatuko zaizkio, zeinek haren ordezkaritza eta defentsa hartuko baitute beren gain.

2.Etendako zigor-arloko prozesuan agertzeko gaitasuna judizialki aldatuta duen auzipetuak konfiskazio autonomoaren prozeduran egingo duen agerraldia Prozedura Zibilaren Legearen arauen bidez arautuko da.

803 ter l artikulua. Konfiskazio autonomoa eskatzeko demanda.

1.Konfiskazio autonomoaren demanda idatziz aurkeztuko da; agiri horretan, alderdi hauek jasoko dira, bereizita eta zenbakituta:

a)Eskaera zeinen kontra aurkezten den, eta pertsona horien helbideak.

b)Konfiskatu nahi diren ondasunak.

c)Zigortzekoa den egitatea, eta egitate horrek ondasunekin duen lotura.

d)Zigortzekoa den egitatearen kalifikazio penala.

e)Eskaera zeinen kontra zuzentzen den eta pertsona horren egoera ondasunari dagokionez.

f)Konfiskazioaren legezko oinarria.

g)Froga-proposamena.

h)Kautela-neurrien eskaera; hala badagokio, justifikatu egin beharko da zergatik diren beharrezkoak konfiskazioaren eraginkortasuna bermatzeko.

2.Demanda onartuz gero, organo eskudunak ebazpen hauek emango ditu:

1.a Eskatu diren kautela-neurriak onartu edo baztertuko ditu.

2.a Legitimazio pasiboa duten alderdiei konfiskazio-demanda jakinaraziko die, bai eta hogei eguneko epea eman ere prozesuan pertsona daitezen eta konfiskazio- demandari erantzuteko idazkia aurkez dezaten.

3.Behin kautela-neurriak onarturik, haien aurka egiteko edo haiek aldatu edo kentzeko eta ordezko kauzioa emateko, Prozedura Zibilaren Legearen III. liburuaren VI. tituluan jasotakoa beteko da, kapitulu honetan ezarritako arauekin kontraesanean ez badago.

803 ter m artikulua. Konfiskazio-demandari erantzuteko idazkia.

1.Konfiskazio-demandari erantzuteko idazkiak demandatzailearen alegazioak bilduko ditu, zeinak lotuta egongo baitira demanda-idazkian azaldutakoarekin.

2.Demandatuak ez badu aurkezten erantzun-idazkia epe barruan, edo atzera egiten badu, organo eskudunak ondasun, efektu edo irabazien behin betiko konfiskazioa —edo haien balio baliokidearena— onartuko du.

803 ter n artikulua. Frogari buruzko ebazpena, eta ikustaldia.

Organo eskudunak auto bidez emango du proposatutako frogari buruzko ebazpena; auto horretan, ikustaldiaren eguna eta ordua finkatuko ditu, arau orokorren arabera. Ebazpen horren aurka ezingo da errekurtsorik jarri, baina froga- eskaera berriro aurkez daiteke epaiketan.

803 ter o artikulua. Epaiketa eta epaia.

1.Prozedura Zibilaren Legearen 433. artikuluan xedatutakoaren arabera egingo da epaiketa, eta epaileak edo auzitegiak ebazteko epaia emango du 20 eguneko epean, amaiera-egunetik kontatzen hasita. Epaian, erabaki hauetakoren bat hartuko du:

1.a Konfiskazio-demanda baiestea eta ondasunen behin betiko konfiskazioa onartzea.

2.a Konfiskazio-demanda zati batez baiestea eta egoki den zenbatekoaren besteko behin betiko konfiskazioa onartzea. Halakoetan, ondorerik gabe geratuko dira gainerako ondasunei dagokienez hartutako kautela-neurriak.

3.a Konfiskazio-demanda ezestea eta, aurkakotasun-arrazoiak daudelako, bidegabea dela adieraztea. Kasu horretan, kautela-neurri guztiak geratuko dira ondorerik gabe.

2.Epaiak konfiskazio-demanda guztiz edo zati batez baiesten badu, kaltedunak identifikatuko dira eta egoki diren kalte-ordainak ezarriko.

3.Kostuei buruzko erabakiak lege honen arau orokorrak beteko ditu.

803 ter p artikulua. Konfiskazio-epaiaren ondoreak.

1.Epaiak gauza epaituaren ondore materialak izango ditu, akzioa noren aurka zuzendu eta pertsona horiei dagokienez eta aurkeztu den eskatzeko arrazoiari dagokionez, zeinak konfiskazioa onartzeko funtsezko egitateak biltzen baititu zigortzekoa den egitateari eta demandatuaren ondasunen egoerari buruz.

2.Aurreko zenbakian ezarritako gauza epaituaren ondore materiala alde batera utzita, konfiskazio autonomoaren prozeduraren epaiaren edukia ez da loteslea izango auzipetuari beranduago egin ahal zaion epaiketan.

Auzipetuaren aurkako zigor-arloko prozesuan —halakorik badago—, ez da eskatuko eta ez da epaituko konfiskazio autonomoaren prozeduran gauza epaituaren ondoreekin ebatzitako ondasunen konfiskazioa.

3.Konfiskatzen diren ondasunak lege honetan eta Zigor Kodean aurreikusitako helburuetarako erabiliko dira.

4.Balio jakin bat ezarri denean konfiskaziorako, konfiskazioaren xede izan den pertsonari eskatuko zaio dagokion diru-kopurua ordain dezala adierazitako epean; bestela, hainbat ondasun izendatu beharko ditu, konfiskazio-agindua betearazteko besteko balioa dutenak.

Errekerimenduari erantzun ezean, hurrengo artikuluan jasotako eran jokatuko da konfiskazio-agindua betearazteko.

803 ter q artikulua. Fiskaltzaren ikerketa.

1.Fiskaltzak, Aktiboak Berreskuratu eta Kudeatzeko Bulegoaren bidez edo beste agintari batzuen edo polizia judizialeko funtzionarioen bidez, konfiskazioaren xede izan den pertsonaren titulartasuneko ondasun edo eskubideak lokalizatzeko behar diren ikerketa-eginbideak gauzatu ahal izango ditu.

Fiskaltzak agintariei edo funtzionarioei laguntza eskatzen badie, haiek behartuta daude laguntzera —gainerakoan, desobeditze delitua egingo dute—, ez bada haien jardunaren arauek bestelakorik xedatzen dutela edo aintzat hartu beharreko mugak eta murrizketak ezartzen dituztela; halakoetan, fiskalari esango diote zer arrazoi izan dituzten hartutako erabakia hartzeko.

2.Fiskalak uste badu ikerketa-eginbideak egin behar direla eta, horretarako, baimen judiziala behar bada, konfiskazio-prozeduraren gaineko ardura izan duen epaileari edo auzitegiari aurkeztuko dio eskaera.

3.Horrez gain, Fiskaltzak finantza-erakundeetara, organismo eta erregistro publikoetara eta pertsona fisiko zein juridikoetara jo ahal izango du, betearazpenpeko

alderdiaren ondasun eta eskubideen zerrenda ezaguna eman dezaten; betiere, haien araudi espezifikoaren eremuan.

803 ter r artikulua. Errekurtsoak, eta epai irmoa berrikustea.

1.Zigor-arloko prozesu laburtuari aplikatzen zaizkion errekurtso berberak aplika dakizkioke konfiskazio autonomoaren prozedurari.

2.Epai irmoa berrikusteko arauak aplika dakizkioke konfiskazio autonomoaren prozedurari.

803 ter s artikulua. Auzipetu auzi-iheslaria eta ukitutako hirugarrena ez agertzea.

Auzipetu auzi-iheslaria eta ukitutako hirugarrena konfiskazio autonomoaren prozeduran ez agertzea 803 ter d artikuluan xedatutakoaren arabera arautuko da.

803 ter t artikulua. Auzipetu auzi-iheslariaren edo gaitasuna judizialki aldatuta duen pertsonaren aurkako konfiskazio-eskaera metatzea beste auzipetu baten aurkako kausan.

Auzipetu auzi-iheslariaren edo gaitasuna judizialki aldatuta duen pertsonaren aurka egindako kausak aurrera jarraitzen badu beste auzipetu bat edo batzuk epaitzeko, kausa berean metatu ahal izango da lehenengoen aurkako konfiskazio autonomoaren akzioa.

803 ter u artikulua. Beste konfiskazio-eskaera bat aurkeztea.

Fiskalak epaileari edo auzitegiari eska diezaioke beste konfiskazio-agindu bat eman dezala, honako kasu hauetan:

a)jakiten bada badirela beste ondasun, efektu edo irabazi batzuk konfiskazioa aplikatu behar zaienak, zeinen existentzia edo titulartasuna ezezaguna baitzen konfiskazio-prozedura hasi zenean, eta

b)lehendik ez bada ebatzi haien konfiskazioaren bidezkotasunari buruz.»

Hamaika. 846 ter artikulua gehitzen da; honela dio:

«1. Jurisdikziorik eza edo largespen askea dela-eta prozesuaren amaiera dakarten autoen kontra eta probintzia-auzitegiek edo Auzitegi Nazionaleko zigor- arloko salak lehen auzialdian emandako epaien kontra, apelazio-errekurtsoa jar daiteke egoki den lurraldeko Justizia Auzitegi Nagusiko arlo zibileko eta zigor-arloko salen aurrean eta Auzitegi Nazionaleko apelazio-salaren aurrean, hurrenez hurren, eta haiek epaian ebatziko dute.

2.Justizia Auzitegi Nagusiko arlo zibileko eta zigor-arloko sala eta Auzitegi Nazionaleko apelazio-sala hiru magistratuz osatuta egongo dira, eta aurreko zenbakian adierazitako apelazio-errekurtsoen gaineko eskumena izango dute.

3.Artikulu honen 1. zenbakiko ebazpenen kontra aurkezten diren apelazio- errekurtsoak lege honen 790., 791. eta 792. artikuluen arabera arautuko dira. Dena den, artikulu horietan zigor-arloko epaitegiei egiten zaizkien aipamenak errekurritutako ebazpena eman zuen organoari dagozkiola ulertuko da, eta auzitegiei egiten zaizkien aipamenak, berriz, errekurtsoaren gaineko eskumena duen organoari.»

Hamabi. 847. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Kasazio-errekurtsoa bidezkoa izango da honelakoetan:

a)Legea haustearen eta forma urratzearen ondorioz, hauen aurka:

1.a Justizia Auzitegi Nagusiko arlo zibileko eta zigor-arloko salak auzialdi bakarrean edo apelazioan emandako epaiak.

2.a Auzitegi Nazionaleko apelazio-salak emandako epaiak.

b)849. artikuluaren 1. puntuan aurreikusitako arrazoiaren lege-haustearen ondorioz, probintzia-auzitegiek eta Auzitegi Nazionaleko zigor-arloko salak apelazioan emandako epaien aurka.

2.Salbuetsita daude lehen auzialdian emandako epaien deuseztasun- deklarazioa egitera mugatzen direnak.»

Hamahiru. 848. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«Kasazio-errekurtsoa jarri ahal izango da —legea haustearen ondoriozkoa soilik— legeak espresuki halako errekurtsoak jartzeko aukera baimentzen duen autoen aurka, bai eta probintzia-auzitegiek edo Auzitegi Nazionaleko zigor-arloko salak lehen auzialdian edo apelazioan emandako behin betiko autoen aurka ere, jurisdikziorik eza edo largespen askea dela-eta prozesuaren amaiera badakarte eta kausa auzipetuaren aurka zuzendu bada egozpen oinarriduna biltzen duen ebazpen judizialaren bidez.»

Hamalau. Bigarren paragrafoa eransten zaio 889. artikuluari, eta honela geratzen da idatzita:

«889. artikulua.

Errekurtsoaren onarpena ukatzeko, erabakia aho batez hartu beharko da. 847.1.b) artikuluan jasotako kasua izanik, kasazio-errekurtsoa izapidetzeko ez

onartzea erabaki daiteke labur-labur arrazoitutako probidentzia emanda. Horretarako, ordea, aho batez erabaki behar da ez dagoela kasazio-interesik.»

Hamabost. 954. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Epai irmoak berrikusteko eska daiteke kasu hauetan:

a)Norbait zigor-arloko epai irmo bidez kondenatu denean, eta, horretarako, froga gisa honelakoren bat baloratu denean: gerora faltsu jo den agiria edo lekukotza; indarkeriaren edo derrigortzearen bidez auzipetuari ateratako aitorpena, edo hirugarren batek egindako edozein egitate zigorgarri. Alderdi horiek, betiere, epai irmoaren bidez adierazita egon behar dute helburu horrekin egindako zigor- arloko prozeduran. Kondena-epaia ez da beharrezkoa izango, aldiz, helburu horrekin abiarazitako zigor-arloko prozesua preskripzioagatik, auzipetua auzi-iheslari izateagatik edo hil izanagatik edo funtsaren balorazioa ez dakarren beste edozein arrazoirengatik artxibatzen bada.

b)Zigor-arloko epai irmo bidez magistratu edo epaile parte-hartzaile bat prebarikazio delituarengatik kondenatu denean, berrikusi nahi den epaia eman zen prozesuko ebazpen bati jarraikiz, eta hori gabe epaitza ezberdina izango litzatekeenean.

c)Egitate eta auzipetu beraren gainean bi epai irmo eman direnean.

d)Epaia eman ondoren egitate edo froga-osagai berriak agertu direnean, zeinak, garai hartan aurkeztu izan balira, absoluzioa edo astuntasun txikiagoko kondena ekarriko baitzuketen.

e)Zigor-arloko auzitegiak arazo prejudizial bat ebatzi eta gero, zigor-arlokoa ez den auzitegi batek —zigor-arloko epaiarekin kontraesanean den arazoa ebazteko eskudun denak— epai irmoa ematen duenean.

2.Konfiskazio autonomoaren epai irmoa berrikusteko arrazoi izango da kontraesana egotea epai horretan frogatutzat jotako egitateen eta zigor-arloko epai irmoan —halakorik ematen bada— frogatutzat jotakoen artean.

3.Ebazpen judizial irmo bat berrikusteko eska daiteke Giza Eskubideen Europako Auzitegiak deklaratzen duenean ebazpen hori eman izanak Giza

Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenean eta haren protokoloetan aitortutako eskubideren bat bortxatzen duela, betiere bortxaketa horrek, bere izaeragatik eta larritasunagatik, ondore iraunkorrak badakartza eta haiek geldiarazteko modu bakarra berrikuspena bada.

Kasua hori bada, honek bakarrik eska dezake berrikusketa: errekurtso mota hori aurkezteko legitimaturik egonik, Giza Eskubideen Europako Auzitegian demandatzaile izan zenak. Eskaera aurkezteko epea urtebetekoa izango da, aipatutako auzitegiaren epaia irmo bihurtzen denetik zenbatzen hasita.»

Hamasei. 964. artikuluaren 1. zenbakia aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«1. 962. artikuluan jaso ez diren kasuetan, polizia judizialak delitu arinaren ezaugarriak dituen egitate baten berri duenean, berehala atestatua eratuko du, eta guardiako epaitegiari igorriko dio, inolako atzerapenik gabe; betiere, lege honen 284. artikuluan jasotako kasu salbuetsiren bat ez bada. Atestatu horretan, alderdi hauek jasoko dira: gauzatutako eginbideak; ofendituari edo kaltedunari eskainitako akzioak —eskaintza hori 109., 110. eta 967. artikuluen arabera egingo da—, eta, edukiz gero, helbide elektroniko bat eta telefono-zenbaki bat, zeinetara bidaliko baitira egin behar diren komunikazio eta jakinarazpenak. Halakorik ematerik ez badute, edo espresuki hala eskatzen badute, posta arruntez bidaliko zaizkie jakinarazpenak, adierazten duten egoitzara.»

Hamazazpi. 985. artikuluari beste paragrafo bat eransten zaio, eta honela geratzen da idatzita:

«985. artikulua.

Delituaren ondoriozko kausetan epaiak ematen direnean, epai horien betearazpena dagokio epai irmoa eman duen auzitegiari.

Dekretu bidezko prozesuan ematen diren epaien betearazpena, berriz, epaia eman duen auzitegiari dagokio, delitua arina bada.»

Hemezortzi. Bosgarren xedapen gehigarria eransten da, eta honela geratzen da idatzita:

«Bosgarren xedapen gehigarria. Aktiboak Berreskuratu eta Kudeatzeko Bulegoa.

1.Aktiboak Berreskuratu eta Kudeatzeko Bulegoa administrazio-organo bat da, eta bere eginkizunen artean du delitu-jardueren ondoriozko efektuak lokalizatu, berreskuratu, gorde, administratu eta diru bihurtzea, zigor-arloko eta prozesuko legerian aurreikusitako moduan.

Aktiboak Berreskuratu eta Kudeatzeko Bulegoak, bere eginkizunak eta xedeak betetzeko beharrezkoa denean, erakunde publiko eta pribatuen laguntza eskatu ahal izango du, eta erakunde horiek behartuta daude laguntza ematera, beren araudi espezifikoaren arabera.

2.Konfiskazioaren ebazpen judizial irmoa eman baino lehen Aktiboak Berreskuratu eta Kudeatzeko Bulegoari esleitzen zaizkion baliabideak gordailu eta kontsignazio judizialen kontuaren bidez kudea daitezke, efektuak enbargatzearen edo aldez aurretik diru bihurtzearen ondorioz lortutako dirua bada. Gainerako ondasunak, inguruabarren arabera, administrazio publikoei aplikatzekoa den legerian aurreikusitako moduetan kudea ditzake bulegoak. Diruaren interesak eta ondasunen etekin eta fruituak kudeaketa-kostuak ordaintzeko erabiliko dira, bulegoari dagozkionak barne. Gainerako zenbatekoa gorde egingo da, konfiskazioaren ebazpen judizial irmoak xedatzen duenaren ondorioz.

Konfiskazioaren ebazpen judizial irmoa emandakoan, lortutako baliabideak diru bihurtuko dira, eta eskuratzen den zenbatekoa Prozedura Kriminalaren Legearen 367 quinquies artikuluan jasotako eran aplikatuko da. Gainerako zenbatekoa eta

prozesuan zehar ondasunen kudeaketaren ondorioz lortutako produktua Altxorrera transferituko dira zuzenbide publikoko sarrera gisa. Horri, Aktiboak Berreskuratu eta Kudeatzeko Bulegoaren funtzionamendu- eta kudeaketa-gastuak —Justizia Ministerioaren aurrekontuan zuzkituak— kenduko zaizkio, eta geratzen den kopuruaren ehuneko 50, asko jota, hurrengo zenbakian adierazitako helburuei lotuko zaie. Diru-sarrera horiek kreditua sortuko dute Justizia Ministerioaren aurrekontuan, Aurrekontu Lege Orokorrean ezarritakoaren arabera.

Kudeaketa-kostuak eta aurreko paragrafoetan jasotako gastuak erregelamendu bidez ezarriko den eran onetsiko dira.

3.Hauek dira Aktiboak Berreskuratu eta Kudeatzeko Bulegoak konfiskazio- ebazpen judizialen ondorioz eskuratzen dituen baliabideen berezko xedeak:

a)delituaren biktimei laguntzeko programak babestea, delituaren biktimen laguntzarako bulegoak bultzatu eta diruz hornitzea barne,

b)delituaren prebentziora eta delitugilea tratatzera zuzendutako gizarte- programak babestea,

c)delituak prebenitzeko, ikertzeko, pertsegitzeko eta erreprimitzeko jarduerak ugaritzea eta hobetzea,

d)nazioartean lankidetzan aritzea kriminaltasun-modu larrien aurka borrokatzeko,

e)eta erregelamendu bidez ezartzen diren beste batzuk.

4.Urtean urteko Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legean, xedapen honetan adierazitako xedeei loturik egongo den ehunekoa finkatuko da. Loturiko baliabideak banatzeko irizpideak Ministro Kontseiluaren erabaki baten bidez ezarriko dira urtero.»

Hemeretzi. Seigarren xedapen gehigarria eransten da, eta honela geratzen da idatzita:

«Seigarren xedapen gehigarria. Prozedura.

Prozesu berezietarako ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, hautabidez zein batera zigor arin batekin eta astuntasun txikiagoko batekin zigortuta dauden delituak prozedura laburtuaren bidez bideratuko dira, edo, bestela, delitu jakin batzuk azkar epaitzeko prozeduraren bidez edo dekretu bidezko prozesuaren bidez.»

Xedapen gehigarri bakarra. Kostuen aurreikuspena.

Arau honetako neurriek ez dute pertsonal-zuzkidura gehiagorik ekarriko, ez eta ordainsari edo pertsonal-gastu gehiagorik ere.

Xedapen iragankor bakarra. Aplikatzekoa den legeria.

1.Lege hau aplikatuko zaie berau indarrean jarri ondoren abiarazitako zigor-arloko prozedurei.

2.954. artikulua lege hau indarrean jarri ondoren irmo bihurtzen diren epaiei ere aplikatuko zaie.

954.artikuluaren 3. zenbakian aurreikusitako kasua aplikatuko zaie Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaiei, baldin eta legea indarrean jarri ondoren irmo bihurtzen badira.

3.324. artikulua lege hau indarrean jartzen den egunean izapidetzen ari diren prozedurei aplikatuko zaie. Ondore horietarako, lege hau indarrean jartzen den egunetik hasiko dira zenbatzen lege honetan instrukziorako ezarritako gehieneko epeak.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe geratzen dira lege honetan ezarritakoaren aurkako xedapenak.

Azken xedapenetatik lehena. Hipoteka Legea aldatzea.

Hipoteka Legearen 20. artikuluaren zazpigarren paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«Ezin daiteke demanda, enbargo, xedatze-debeku nahiz legeak ezarritako beste edozein debekuren idatzoharrik egin, prozedura erregistroko titularra ez den pertsona baten kontrakoa denean. Prozedura kriminaletan eta konfiskaziokoetan, kautela-neurri moduan, prebentziozko enbargoaren idatzoharra edo ondasunak xedatzeko debekuaren idatzoharra egin daiteke, epaile edo auzitegiaren iritzirako, zantzu arrazoizkoak daudenean ondasunen benetako titularra auzipetua dela pentsatzeko, eta hori manamenduan agerrarazi behar da.»

Azken xedapenetatik bigarrena. Eskumen-titulua.

Lege hau Espainiako Konstituzioaren 149.1.6 artikuluaren babesean ematen da, artikulu horrek prozesuko legeriaren gaineko eskumen esklusiboa ematen baitio Estatuari.

Azken xedapenetatik lehena Espainiako Konstituzioaren 149.1.8 artikuluak erregistro eta tresna publikoen gainean emandako eskumen esklusiboen babesean ematen da.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Europar Batasuneko Zuzenbidea txertatzea.

Lege honen bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 3ko 2014/42/EB Zuzentaraua —Europar Batasunean delituaren tresnak eta produktua enbargatzeari eta konfiskatzeari buruzkoa— Espainiako Zuzenbidean txertatzen da.

Azken xedapenetatik laugarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabete igarotakoan.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2015eko urriaren 5ean.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra