Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Prozedura zuzenbidea  >>  Legeria

5/2018 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa erreformatzen duena; genero-indarkeriaren alorreko estatu-ituna aplikatzeko presako neurriei buruzkoa da 5/2018 Lege Organikoa.

2018-12-28

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2018/12/29 314zk

 Untitled

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

17988   5/2018 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Botere Judizialaren uztailaren

1eko 6/1985 Lege Organikoa erreformatzen duena; genero-indarkeriaren alorreko estatu-ituna aplikatzeko presako neurriei buruzkoa da 5/2018 Lege Organikoa.

FELIPE Vl.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege organiko hau onetsi dutela eta nik berretsi egiten dudala.

HITZAURREA

I

Genero-indarkeriaren alorreko estatu-itunaren neurriak

Diputatuen Kongresuaren Osoko Bilkurak genero-indarkeriaren alorreko itunaren txostena onartu zuen 2017ko irailaren 28an, eta Senatuaren Osoko Bilkurak, berriz, genero-indarkeriaren aurkako estrategiak lantzeko azterlana egiteko ponentziaren txostena onartu zuen 2017ko irailaren 13an -ondoren, abenduaren 27an, autonomia-erkidegoek, udalek, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, sindikatuek eta sozietate zibileko antolakundeek sinatu zuten, itunaren garapenerako eragile funtsezkoak diren aldetik-; bada, bi txosten horien bidez erabaki zen aurrerapausoak egingo zirela eremu horretan lanean ari diren profesionalek genero-indarkeriari buruzko benetako prestakuntza eta espezializazioa izan zezaten, elementu giltzarria baita erantzun judizial egokia erdiesteko. Estatu-itunaren 5. apartatuan -«Laguntza-erantzunik onena bermatuko duen prestakuntza sustatzea»- hainbat neurri jasotzen dira, karrera judizialeko eta fiskaleko kideen prestakuntzan sakontzera zuzenduak daudenak. Zehazki, 159. neurriak gai horietan prestakuntza espezializatu zabalagoa izatera hertsatzen ditu bai genero-indarkerian espezializatuta dauden epaitegiak, bai familien eta adingabeen epaileak. Bestalde, 160. neurriak xedatzen du gaikuntza judiziala handitu behar dela «Zuzenbide ez-diskriminatzaileari dagokionez; genero-ikuspuntua eta zeharkakotasuna sartu behar dira epailetzarako oposizioetan, Eskola Judizialean eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak urtero eskaintzen duen etengabeko prestakuntzan, eta gai horrek nahitaezkoa eta ebaluatzeko modukoa izan behar du». Horrez gain, itunak legezko erreforma bat dakar berekin; izan ere, genero-indarkeriari buruzko proba espezifikoak ezarri behar dira organo judizial espezializatuen lehiaketetan parte hartzeko betekizun gisa.

II

Hautaketa-probetan gai espezifikoak sartzea, Eskola Judizialeko prestakuntza espezializatua eta karrera judizialeko eta fiskaleko etengabeko prestakuntza

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eskumenekoak dira: epaile eta magistratuen hautaketa, prestakuntza, hobekuntza, destino-hornikuntza, igoerak, administrazio-egoerak eta diziplina-araubidea. Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorraren martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa onartu zirenetik igaro den denboran, agerian geratu da karrera judizialeko eta fiskaleko kideek diskriminaziorik ezaren printzipioari buruz ezagutzak eskuratu eta prestakuntza hobetu beharra daukatela. Horren barruan kokatzen dira, besteak beste, emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioa aztertzea eta horren gaineko prestakuntza izatea, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko neurriak barne, printzipio hori zeharkakotasunez aplikatzea jurisdikzio-funtzioaren esparruan eta genero-ikuspuntua aintzat hartzea arauak interpretatu eta aplikatzean. Gai horiek jorratzen dira, hain zuzen ere, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 310. eta 433 bis artikuluetan -Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorraren martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak emandako idazkuntzan-, zeinek hasierako eta etengabeko prestakuntza arautzen baitute. Botere Judizialaren Lege Organikoaren 310. artikuluak xedatzen du karrera judizialean eta fiskalean sartzeko eta igotzeko hautaketa-proba guztiek kontuan hartuko dutela emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioa aztertzea, genero-indarkeriaren aurkako neurriak barne, eta printzipio hori zeharkakotasunez aplikatzea jurisdikzio-funtzioaren esparruan. Etengabeko prestakuntza espezifikoaren helburuak betetzeko, nahitaezkotzat jotzen da, batetik, arlo horien gaineko ezagutzen eskurapena bermatzea eta, bestetik, arauak tratu-berdintasunaren, emakumeen eta gizonen diskriminaziorik ezaren eta genero-ikuspuntuaren irizpidearen arabera interpretatzeko eta aplikatzeko gaikuntza eskaintzea, bai oposizio-fasean, bai Eskola Judizialean ematen den ikasturte teoriko-praktikoan, bai karrera judizialeko eta fiskaleko kideei eskaintzen zaien etengabeko prestakuntzan.

III

Emakumeen aurkako indarkerian espezializatutako organo judizialetan sartzeko espezializazio-probak

Emakumeen aurkako indarkerian espezializatzeko hautaketa-probak ezartzen dira. Merkataritzaren edo adingabeen arloan dagoeneko egiten diren espezializazio-probetarako ezarrita dauden baldintza bertsuak izango dituzte proba horiek, baina berezitasun batzuekin, bermatuko dutenak emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak biltzen dituen gai zabal eta konplexua jorratzeko eta arazo horren gizarte-errealitatea ulertzeko behar diren diziplina anitzeko ezagutzak eskuratzen direla. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari dagokio halako jurisdikzio-organoetan lan egingo duten epaileak ongi aukeratzea eta zorrotz prestatzea; horretarako, lehentasunezko eta kalitate oneko espezializazio-sistema bat aurreikusi behar da, zeinaren arabera gaiari buruzko ezagutza espezifikoak egiaztatzeko probak gainditu beharko baitira. Arlo horretan interesa duten karrera judizialeko kideek parte hartu ahal izango dute probetan. Hartara, emakumeen aurkako indarkerian espezializatutako magistratu-izendapena jasoko dute, eta lehentasuna izango dute arlo horretako espezialistei gordeta dauden lanpostuen hornikuntzan.

IV

Arlo penaleko epaitegien espezializazioa bultzatzea

Estatu-itunean erabakita geratu zen arlo penaleko epaitegien espezializazioa indartuko zela, batzuetan modu esklusiboan, lan-karga handiaren ondorioz justifikatuta dagoen kasuetan, eta, beste batzuetan, beste gai batzuekin batera. Neurri horri esker, zalantzarik gabe, optimizatu egingo da erantzun instituzionala; izan ere, beste erakunde batzuek dituzten giza baliabide espezializatuekin bat egingo da, hala nola Fiskaltzak, Abokatutzak, Auzitegi Medikuntzaren Institutuak eta auzitegi-balorazio osoko unitateek dituzten baliabideekin. 1/2004 Lege Organikoan jasota dauden delitu gehienak arlo penaleko epaitegietan epaitzen dira. Botere Judizialaren Lege Organikoaren 89bis.2 artikuluak zera dio: «probintzia bakoitzean epaitegi bat edo batzuk espezializatu beharko dira, lege honen 98. artikuluan aurreikusitakoarekin bat». Xedapen hori ez da guztiz garatu, ordea. Gaur egun, arlo penalean lan egiten duten 345 epaitegietatik, hogeita sei bakarrik daude espezializatuta. Arlo penaleko epaitegien espezializazio-prozesua etenda egotearen arrazoi nagusiak bi dira: batetik, arlo penaleko epaitegi gehienek duten gehiegizko lana eta, bestetik, azken urteetan dotazio judizial berririk sortu ez izana.

V

Legearen edukia

Lege organiko honen xedea da azaldu berri ditugun neurriak betearaztea, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa presaz eta partzialki erreformatuz.

Artikulu bakarra. Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzea.

Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa honela aldatzen da:

Bat. 87. artikuluari 3. apartatua gehitzen zaio, eta honela geratzen da idatzita:

«3. Inguruabarrak aldatu direlako abiarazi behar diren neurrien berrikusketa-prozedurak hasiera batean eskudun izan zen epaileak izapidetu ahal izango ditu».

Bi. 87 ter artikuluari 6. apartatua gehitzen zaio, eta honela geratzen da idatzita:

«6. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak aztertu beharko du, bere eskumenen esparruan, prozesuak dirauen bitartean biktima eta erasotzailea aurrez aurre jartzea eragotziko duen bulegorik badagoen edo behar den, eta, hala badagokio, bulego horiek sortzea bultzatuko du, Justizia Ministerioaren eta autonomia-erkidego eskudunen laguntzarekin. Ahaleginak egingo dira, orobat, bulego horiek erabil daitezen sexu-erasoko kasuetan eta sexu-esplotazioko helburuarekin egindako gizakien salerosketako kasuetan. Bulegoek erabat irisgarriak izan behar dute beti, baldintza hori betetzea nahitaezkoa baita inguruneak, produktuak eta zerbitzuak emakume edo adingabe biktima guzti-guztientzat ulerterrazak, erabilgarriak eta baliagarriak izan daitezen».

Hiru. 87 quater artikulua gehitzen da, idazkuntza honekin:

«87 quater artikulua.

  • 1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Etxeko Indarkeriaren eta Genero Indarkeriaren aurkako Behatokiari aginduko dio ebalua ditzala emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegietatik datozen datuak eta epaitegi ez-espezifikoetan arlo horrekin lotuta aztertu diren gaienak.

  • 2.  Genero-indarkeriaren eta sexu-indarkeriaren datuei buruzko txosten bat egingo da urtero, zeina argitaratu eta bi batzorde hauei bidaliko baitzaie: batetik, Diputatuen Kongresuko genero-indarkeriaren aurkako estatu-itunaren erabakien jarraipenerako eta ebaluaziorako batzordeari, eta, bestetik, estatu-itunaren esparruan onartutako genero-indarkeriaren aurkako estrategiei buruzko Senatuaren txostenean jasota dauden erabakien jarraipenerako eta ebaluaziorako batzorde bereziari.

  • 3.  Aurreko apartatuan adierazitako informazioa Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren urteko memorian jasoko da.

  • 4.  Artikulu hau aplikatzearen ondorioz lortzen den estatistika-informazioak biktimen desgaitasun-adierazle baten bidez desagregatzeko modukoa izan behar du.

Halaber, genero-indarkeriaren biktima adingabeen estatistika-erregistro bat ezartzeko aukera eman behar du, desgaitasun-adierazle baten bidez desagregatzeko modukoa izango dena baita ere».

Lau. Bigarren paragrafoa gehitzen zaio 307. artikuluaren 2. apartatuari, eta honela geratzen da idatzita:

«Diziplina anitzeko prestakuntza-fase teorikoan, diskriminaziorik ezaren printzipioa eta gizonen eta emakumeen berdintasuna jorratzen dituzten arloak sakon aztertuko dira; bereziki, emakumeen aurkako mota guztietako indarkeriari aurre egiteko dagoen legeria berezia landuko da».

Bost. 310. artikuluaren egungo paragrafo bakarraren idazkuntza aldatzen da, eta beste paragrafo bat gehitzen da, bigarrena, idazkuntza honekin:

«Karrera judizialean eta fiskalean sartzeko eta igotzeko hautaketa-proba guztiek kontuan hartuko dute emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioa aztertzea, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko neurriak barne, eta printzipio hori zeharkakotasunez aplikatzea jurisdikzio-funtzioaren esparruan.

Gai-zerrendak diskriminaziorik ezaren printzipioari buruz eta, bereziki, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz ezagutzak eskuratzea bermatu behar du, eta azpimarra jarriko du emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko ezarrita dagoen araudi espezifikoaren ezagutzan, barnean hartuta Europar Batasunaren araudia eta Espainiak berretsi dituen berdintasunaren, diskriminazioaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren gaineko nazioarteko tresnak eta tratatuak».

Sei. Honela idatzita geratzen dira 311. artikuluaren 1. apartatuaren hirugarren paragrafoa eta 2. eta 6. apartatuak:

«Hirugarren postu hutsa jurisdikzio-ordena zibileko eta penaleko hautaketa-proben bitartez hornituko da, epaileen artean, eta espezializazio-proben bitartez, berriz, administrazioarekiko auzietako, gizarte-arloko, merkataritza-arloko eta emakumeen aurkako indarkeriaren arloko ordenetan».

«2. Eskalafoi-hurrenkeraren bidez igotzeko, beharrezkoa izango da hiru urtez epaile-lana egiazki egitea. Hautaketa- edo espezializazio-probetara aurkezteko, ordea, aski izango da bi urtez egiazki lan egitea, edozein dela ere hautagaiaren administrazio-egoera. Administrazioarekiko auzietako, gizarte-arloko, arlo zibil eta penaleko, merkataritza-arloko eta emakumeen aurkako indarkeriaren arloko ordenetako hautaketa- eta espezializazio-probetara aurkeztu ahal izango dira, orobat, magistratu-kategoria duten karrera judizialeko kideak, eta, karrera judizialean sartzeko modu gisa, karrera fiskalekoak. Kasu batean zein bestean, beharrezkoa izango da gutxienez bi urtez dagokion karreran lana egiazki egitea. Baldintza bera bete beharko dute 329. artikuluaren 4. apartatuan aipatzen diren hautaketa-probetara aurkezten direnek».

«6. Honako honen 4. apartatuan xedatutakoarekin bat aurrerantzean karrera judizialean 3. apartatuaren araberako lehiaketa mugatuaren bidez sartzen direnek ezingo dute bete bestelako jurisdikzio-ordena edo espezialitate bateko posturik, ez badituzte gainditzen lege honetan administrazioarekiko auzietarako, gizarte-arlorako, arlo zibil eta penalerako, merkataritza-arlorako eta emakumeen aurkako indarkeriaren arlorako aurreikusita dauden hautaketa- edo espezializazio-probak».

Zazpi. 312. artikuluaren 2., 3. eta 4. apartatuak honela geratzen dira idatzita:

«2. Administrazioarekiko auzietako, gizarte-arloko, merkataritza-arloko eta emakumeen aurkako indarkeriako ordenetarako espezializazio-probetan, gainera, bereziki balioetsiko dira espezialitate bakoitzaren berezko ezagutzak.

  • 3.  Ezertan eragotzi gabe 310. artikuluan ezarrita dagoena, hautaketa- edo espezializazio-probetara aurkeztu ahal izateko, genero-ikuspuntua txertatua duten etengabeko prestakuntza-jardueretan parte hartu izana egiaztatu beharko da.

  • 4.  Proba horiek zer arauren arabera egingo diren, ariketak, eta, hala badagokio, programak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak onetsiko ditu».

Zortzi. 329. artikuluaren 3 bis apartatua ezabatzen da, 6. apartatua aldatu eta 7. apartatua gehitzen da; honela geratzen dira idatzita:

«6. Merkataritza-gaietan eskudun diren administrazioarekiko auzien epaitegietan, gizarte-arloko epaitegietan, merkataritza-arloko epaitegietan, emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegietan edo lehen auzialdiko epaitegietan destinatuta dauden karrera judizialeko kideek, dagozkien ordenako espezialista-izaera eskuratzen dutenean, destino horretan jarraitu ahal izango dute».

«7. Hauen alde ebatziko dira emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegietako eta emakumeen aurkako indarkerian espezializatuta dauden arlo penaleko epaitegietako postuak hornitzeko lehiaketak: Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak erregelamendu bidez ezarritako hautaketa-probak gaindituz epaitegi horien berezko gaietako espezializazioa eskuratu dutela egiaztatu, eta eskalafoian posturik onena dutenen alde.

Halakorik ez badago, jurisdikzio-ordena penalean lanpostua betetzen urte gehien daramatela egiaztatzen duten magistratuek beteko dituzte postu horiek. Halakorik ere ez badago, 1. apartatuan ezarrita dagoen antzinatasun-hurrenkerari jarraituko zaio. Postua azken bi modu horietako baten bidez eskuratzen dutenek, destino berrian postuaz jabetu baino lehen, parte hartu beharko dute Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak erregelamenduz ezartzen dituen prestakuntza-jarduera espezifikoetan.

Postu hutsak igoeraren bidez hornitu beharrekoak badira, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak prestakuntza-jarduera espezifikoak eta nahitaezkoak ezarriko ditu, igotzea dagokien epaileek destinoetako postuez jabetu baino lehen egin beharrekoak».

Bederatzi. 330. artikuluaren 4. apartatuaren bigarren paragrafoa aldatzen da, eta artikulu horren 5. apartatuari e) letra gehitzen zaio; honela geratzen dira idatzita:

«73.6 artikuluan jasota dauden apelazio-atalak baldin badaude, atal horietako bat arduratuko da esklusiboki emakumeen aurkako mota guztietako indarkeriarekin lotutako auziez, eta atal horretako postuak emakumeen aurkako indarkerian espezialista-izaera duten magistratuek beteko dituzte. Halakorik ez badago, 5. apartatuan ezarritakoaren arabera egingo dira izendapenak; postua modu horretan eskuratzen dutenek, destino berrian postuaz jabetu baino lehen, parte hartu beharko dute Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak erregelamenduz ezartzen dituen prestakuntza-jarduera espezifikoetan».

«e) Hauen alde ebatziko dira emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegiek edo emakumeen aurkako indarkerian espezializatuta dauden arlo penaleko epaitegiek emandako ebazpen ororen aurka jartzen diren errekurtsoez bigarren auzialdian eta modu esklusiboan arduratzen diren -80.3 artikuluan xedatutakoaren arabera arduratu ere- probintzia-auzitegietako ataletako magistratuen postuak hornitzeko lehiaketak: Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak erregelamendu bidez ezarritako hautaketa-probak gaindituz epaitegi horien berezko gaietako espezializazioa eskuratu dutela egiaztatu, eta eskalafoian posturik onena dutenen alde. Halakorik ez badago, jurisdikzio-ordena penalean lanpostua betetzen denbora gehien daramatela egiaztatzen duten magistratuek beteko dituzte postu horiek. Halakorik ere ez badago, organo mistoetan denbora gehien daramatela egiaztatzen duten magistratuek».

Hamar. 433 bis artikuluaren 5. apartatua honela geratzen da idatzita:

«5. Karrera Judizialeko Etengabeko Prestakuntza Planean, diziplina anitzeko ikastaro espezifikoak jasoko dira gai hauei buruz: emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioaren babes judiziala; sexuaren ziozko diskriminazioa; diskriminazio anizkoitza eta emakumeen aurkako indarkeria; gizakien salerosketa mota guztiak, eta Zuzenbidea interpretatu eta aplikatzean genero-ikuspuntua aplikatzeko gaikuntza. Gainerako ikastaroetan ere halako prestakuntza sartuko da, zeharkakotasunez».

Lehenengo xedapen gehigarria. Planta judiziala berrikustea.

Lege hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epean, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eta autonomia-erkidegoen txostena jaso ondoren, epaitegien eta auzitegien planta berrikusiko da, emakumeen aurkako indarkerian espezializatutako arlo penaleko epaitegiak ezartzeko beharrei erantzuteko asmoz -gai-bolumen handiko herrietan modu esklusiboan arituko dira epaitegiok, eta gainerako herrietan beste gai batzuekin batera-.

Bigarren xedapen gehigarria. Desgaitasun-adierazlea emakumeen aurkako delituei buruzko estatistikan.

Gobernuak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu Estatistika Judizialaren Batzordearen eremuan, emakumeen aurkako indarkeria delituei buruz egiten diren estatistika-buletinek desgaitasun-adierazle bat izan dezaten.

Azken xedapena. Indarrean jartzea.

Lege organiko hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogei egunera jarriko da indarrean.

Horrenbestez,

Lege organiko hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2018ko abenduaren 28an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra