Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Euskal Autonomia Erkidegoko Tributu zuzenbidea  >>  Legeria

3/2019 Legea, martxoaren 1ekoa, Genero-indarkeriaren eta emakumeen kontrako beste indarkeria mota batzuen biktima izan direnen seme-alaben zurztasun-egoera hobetzekoa.

2019-03-01

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 03/02/2019, 53. zk.

  • I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

2975    3/2019 Legea, martxoaren 1ekoa, Genero-indarkeriaren eta emakumeen

kontrako beste indarkeria mota batzuen biktima izan direnen seme-alaben zurztasun-egoera hobetzekoa.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela eta nik berretsi egiten dudala.

Lehenengo artikulua.

Honela aldatzen da Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua:

Bat. Aldatu egiten da 42. artikuluaren 1. apartatuko c) letra, eta honela geratzen da idatzita:

«c) Prestazio ekonomikoak honako egoera hauetan: aldi baterako ezintasuna; amatasuna; aitatasuna; haurdunaldiko arriskua; edoskialdi naturaleko arriskua; minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duten adingabeen zainketa; ezintasun iraunkor kontributiboa eta baliaezintasun ez-kontributiboa; erretiroa, modalitate kontributiboan eta ez-kontributiboan; langabezia, maila kontributiboan eta asistentzialean; jarduera uzteagatiko babesa; alarguntasun-pentsioa; aldi baterako alarguntasun-prestazioa; zurztasun-pentsioa; zurztasun-prestazioa; familiartekoen aldeko pentsioa; familiartekoen aldeko subsidioa; heriotza-sorospena; laneko istripuaren edo gaixotasun profesionalaren ondoriozko heriotzaren kalte-ordainak, eta, errege-dekretu bidez eta ministerio eskudunaren titularrak hala proposatuta, erregelamenduetan zehazten diren gertakari eta egoera bereziengatik ematen direnak».

  • Bi. 216. artikuluari 3. apartatua gehitzen zaion, eta honela geratzen da idatzita:

«3. Heriotza kasuan, orobat, kausatzailearen heriotzaren arrazoia emakumeen kontrako indarkeria izan bada, legean edo Espainiak berretsiak dituen nazioarteko tresnetan ezarritako eran, haren seme-alabek zurztasun-prestazioa jasotzeko eskubidea izango dute, baldin eta, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera, erabateko zurztasunarekin pareka daitekeen egoeran badaude eta zurztasun-pentsioa sortzeko nahitaezkoak diren betekizunak betetzen ez badituzte».

Hiru. Aldatu egiten da 224. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«224. artikulua. Zurztasun-pentsioa eta zurztasun-prestazioa.

  • 1. Zurztasun-pentsiorako eskubidea izango dute, berdintasunean, hildako kausatzailearen seme-alaba guztiek, seme-alabatasunaren izaera edozein dela ere, baldin eta, heriotzaren unean, hogeita bat urte baino gutxiago badituzte edo lanerako ezinduta badaude eta kausatzailea altan edo altarekin parekatutako egoeran baldin bazegoen edo pentsioduna bazen 217.1.c) artikuluan ezarritako moduan.

Zurztasun-pentsioei aplikatzekoa izango zaie, halaber, 219.1 artikuluaren bigarren paragrafoan ezarritakoa.

Zurztasun-prestaziorako eskubidea izango dute, berdintasunean, hildako kausatzailearen seme-alaba guztiek, seme-alabatasunaren izaera edozein dela ere, baldin eta heriotzaren arrazoia emakumeen kontrako indarkeria izan bada, legean edo Espainiak berretsiak dituen nazioarteko tresnetan ezarritako eran, eta seme-alaba horiek erabateko zurztasunarekin pareka daitekeen egoeran badaude eta zurztasun-pentsioa sortzeko nahitaezkoak diren betekizunak betetzen ez badituzte. Prestazioaren zenbatekoa oinarri arautzailearen ehuneko 70 izango da, baldin eta bizikidetzako familia-unitatearen etekinak -zurtzenak barne- zati kide kopurua eginda lortzen den emaitza, urteko konputuan, ez bada unean-unean indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldataren ehuneko 75 baino handiagoa, alde batera utzita aparteko ordainsarien zati proportzionala.

Prestazioaren onuradun bat baino gehiago dagoenean, prestazioen baterako zenbatekoa oinarri arautzailearen ehuneko 118 izatera hel daiteke, eta sekula ez da izango familia-kargak barnean hartzen dituen alarguntasun-pentsioaren gutxieneko baliokidea baino txikiagoa.

  • 2. Zurztasun-pentsioaren edo zurztasun-prestazioaren onuradun izan ahalko da, baldin eta kausatzailearen heriotzaren egunean hogeita bost urte baino gutxiago baditu, besteren kontura edo bere kontura irabazizko lanik egiten ez duen kausatzailearen seme-alaba, edo, lan hori eginda ere, hartatik lortzen dituen diru-sarrerak, urteko konputuan, txikiagoak badira lanbide arteko gutxieneko soldatarako indarrean den zenbatekoa baino, orduan ere urteko konputuan.

Umezurtza ikasketak egiten ari bada eta ikasturtean zehar hogeita bost urte betetzen baditu, zurztasun-pentsioa eta -prestazioa jasotzen jarraituko du hurrengo ikasturtea hasi ondorengo hilaren lehenengo egunera arte.

  • 3. Zurztasun-pentsioa eta zurztasun-prestazioa onuradunen ardura duen pertsonari ordainduko zaizkio, erregelamenduz ezartzen denari jarraituz».

Lau. Beste idazkuntza bat eman zaie 225. artikuluaren idazpuruari eta 1. apartatuari; honela idatzita geratzen dira:

«225. artikulua. Zurztasun-pentsioaren eta -prestazioaren bateragarritasuna.

  • 1. Aurreko artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, zurztasun-pentsioa edo -prestazioa bateragarria izango da kausatzailearen ezkontide denaren edo izan denaren, edo umezurtzaren beraren, edozein lan-errentarekin, bai eta, kasua bada, hark jasotzen duen alarguntasun-pentsioarekin ere.

Zurztasun-pentsioei aplikatzekoa izango zaie 223.1 artikuluaren bigarren paragrafoan alarguntasun-pentsioei buruz ezarrita dagoena, salbu eta heriotzaren arrazoia emakumeen kontrako indarkeria izan bada, legean edo Espainiak berretsiak dituen nazioarteko tresnetan ezarritako eran; halako kasuetan, bateragarria izango da Gizarte Segurantzaren edozein araubidetako beste zurztasun-pentsio bat jasotzearekin».

Bost. 228. artikuluari beste paragrafo bat eransten zaio, bigarrena; honela dio:

«Zurztasun-prestazioa kalkulatzeko, gutxieneko kotizazio-oinarriari dagokion ehunekoa aplikatuko da, egitate eragilearen unean indarrean dauden guztien artetik».

Sei. 233. artikuluari 3. apartatua gehitzen zaio, eta honela geratzen da idatzita:

«3. Legean edo Espainiak berretsiak dituen nazioarteko tresnetan ezarritako eran emakumeen kontrako indarkeriaren biktima izan direnengatik sortutako zurztasun-pentsioaren titular diren seme-alabek eskubidea izango dute erabateko zurztasun-kasuetarako erregelamendu bidez ezarriko den gehikuntzarako.

Pentsioaren onuradun bat baino gehiago dagoenean, pentsioen baterako zenbatekoa oinarri arautzailearen ehuneko 118 izatera hel daiteke, eta sekula ez da izango familia-kargak barnean hartzen dituen alarguntasun-pentsioaren gutxieneko baliokidea baino txikiagoa.

Erabateko zurztasun-kasuetarako erregelamendu bidez ezarriko den gehikuntza oinarri arautzailearen ehuneko 70 izango da, baldin eta bizikidetzako familia-unitatearen etekinak -zurtzenak barne- zati kide kopurua eginda lortzen den emaitza, urteko konputuan, ez bada unean-unean indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldataren ehuneko 75 baino handiagoa, alde batera utzita aparteko ordainsarien zati proportzionala».

Bigarren artikulua. Klase Pasiboen Legearen testu bategina, apirilaren 30eko 670/1987 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua, aldatzea.

  • 42. artikuluari 9. apartatua gehitzen zaio, eta honela geratzen da idatzita:

  • «9. Legean edo Espainiak berretsiak dituen nazioarteko tresnetan ezarritako eran emakumeen kontrako indarkeriaren biktima izan direnengatik sortutako zurztasun-pentsioaren titular diren seme-alabek eskubidea izango dute erabateko zurztasun-kasuetarako erregelamendu bidez ezarriko den gehikuntzarako.

Pentsioaren onuradun bat baino gehiago dagoenean, pentsioen baterako zenbatekoa oinarri arautzailearen ehuneko 118 izatera hel daiteke.

Erabateko zurztasun-kasuetarako erregelamendu bidez ezarriko den gehikuntza oinarri arautzailearen ehuneko 70 izango da, baldin eta bizikidetzako familia-unitatearen etekinak -zurtzenak barne- zati kide kopurua eginda lortzen den emaitza, urteko konputuan, ez bada unean-unean indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldataren ehuneko 75 baino handiagoa, alde batera utzita aparteko ordainsarien zati proportzionala».

Lehenengo xedapen gehigarria. Finantzaketa.

Estatuaren Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko da zurztasun-prestazioa.

Bigarren xedapen gehigarria. Erabateko beste zurztasun-kasu batzuei buruzko azterlana.

Lege hau indarrean jarri eta hiru hilabeteko epean, Gobernuak azterlan bat egingo du, non babes nahikorik ez duten erabateko beste zurztasun-kasu batzuk ongi aztertu eta landuko baititu. Azterlan horretan bilduko diren proposamenen kuantifikazio ekonomikoa eta lege honen ondoriozkoa berdinak izango dira.

Xedapen iragankorra.

1. Zurztasun-pentsioaren gehikuntzaren ondorio ekonomikoek atzera egingo dute zurztasun-pentsioaren edo familiartekoen aldeko pentsioaren hasierako onarpenaren ondorio-datara.

2. Lege honetan jasota dagoen zurztasun-prestazioa onartuko da egitate eragilea legea indarrean jarri ondoren gertatzen bada.

Orobat, prestazioa onartu ahal izango da egitate eragilea data hori baino lehen gertatutakoa izanik ere, baldin eta une hartan prestazioa eskuratzeko betekizunak betetzen baziren eta eskaera-egunean oraindik ere eskubideari eusteko nahitaezkoak diren betekizunak mantentzen badira.

Azken xedapenetako lehena. Eskumen-titulua.

Lege hau Konstituzioaren 149.1.17 artikuluan xedatutakoaren babesean eman da.

Azken xedapenetako bigarrena. Gobernua gaitzea.

Lege hau garatzeko beharrezkoak diren erregelamenduzko xedapenak emango ditu Gobernuak.

Azken xedapenetako hirugarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2019ko martxoaren 1ean.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra