Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Zigor zuzenbidea  >>  Legeria

1/2019 Lege Organikoa, otsailaren 20koa, Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa aldatzen duena finantzen eta terrorismoaren eremuetako Europar Batasunaren zuzentarauen transposizioa egiteko eta nazioarteko arazoei ekiteko.

2019-02-20

Erakundea: ESTATUKO BURUZAGITZA

Argitalpena: EAO, 2019/02/21 ZK45

 Untitled

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

2363     1/2019 Lege Organikoa, otsailaren 20koa, Zigor Kodeari buruzko azaroaren

23ko 10/1995 Lege Organikoa aldatzen duena finantzen eta terrorismoaren eremuetako Europar Batasunaren zuzentarauen transposizioa egiteko eta nazioarteko arazoei ekiteko.

FELIPE Vl.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege organiko hau onetsi dutela eta nik berretsi egiten dudala.

HITZAURREA

I

Europar Batasuneko zuzentarauen transposizioa epean egitea da, gaur egun, Europako Kontseiluak ezarritako lehentasunezko helburu nagusietako bat. Helburu hori lortzeak are lehentasun handiagoa du une honetan, Lisboako Tratatuak transposizioak epean ez betetzeari dagokionez diseinatutako agertokia dela eta. Izan ere, halako kasuetan, Batzordeak zigor ekonomiko handiak jartzeko eska diezaioke Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari eta, gainera, zigor horiek azkar jartzeko (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 260.3 artikulua).

Espainiak, hasiera-hasieratik, tinko bete izan ditu transposizioak epe barruan egiteko helburuak. Hala ere, orain nahitaezkoa da arlo penaleko zenbait zuzentarauren transposizioa egitea, luzamenik gabe; kasu batzuetan epea igarota dagoelako eta beste batzuetan, berriz, epemuga hurbil dagoelako.

Lege organiko honen xedea da honako zuzentarau hauek transposizio bidez gure barne-ordenamenduan jasotzea: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 16ko 2014/57/EB Zuzentaraua -merkatu-abusuari aplikatu beharreko zehapen penalei buruzkoa-; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2017ko martxoaren 15eko (EB) 2017/541 Zuzentaraua -terrorismoaren aurkako borrokari buruzkoa-, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2017ko uztailaren 5eko (EB) 2017/1371 Zuzentaraua -Batasunaren finantza-interesei eragiten dien iruzurraren aurka Zuzenbide Penalaren bidez borrokatzeari buruzkoa-. Horrez gainera, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/62/EB Zuzentarauaren transposizioa osatzea ere badu xede lege organiko honek -zuzentarau hori euroari eta beste diru batzuei babes penala emateari buruzkoa da faltsifikazioei aurre egiteko-.

Zigor Kodea ere aldatzen da, organo-trafikoaren delitua prebenitzeko eta pertsegitzeko araubidea osatzeko helburuarekin, eta, horretarako, Organo-trafikoaren aurka borrokatzeari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmenean jasotako aurreikuspenetara egokitzen da -Santiago de Compostelan sinatua, 2015eko martxoaren 25ean-. Azkenik, ustelkeria delituen arauketa osatzen da, Ustelkeriaren Aurkako Estatuen Taldeak (GRECO) emandako gidalerroei jarraituz.

Funtsean, lege organiko honen bidez, batetik, arlo penalean garrantzitsuak diren eta oraindik egin gabe dauden zuzentarau-transposizioei erantzuten zaie eta, bestetik, arlo penaleko nazioarteko gai batzuk jorratzen dira.

Europako Batzordeak 2016/627 arau-haustearen prozedura formala abiarazi zuen, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 16ko 2014/57/EB Zuzentarauari lotuta -merkatu-abusuari aplikatu beharreko zehapenei buruzkoa berau-; bada, prozedura hori nahiko aurreratua dagoenez, presakoa da gure ordenamendua zuzentarau horretara egokitzea.

2014/57/EB Zuzentarauaren transposizioan hiru tipo penal bereizten dira, zuzentarauan bertan ezarritako ildoari jarraituz. Horiek horrela, Batasuneko estatuek arau-hauste penal gisa tipifikatu behar dituzte honako hauek, gutxienez kasu larriak direnean eta intentzionalitatea egon denean: lehen eskuko informazioa baliatuz egindako eragiketak, bai eta beste norbaiti lehen eskuko informazioa baliatuz eragiketak egitea gomendatzea edo horretara induzitzea ere; lehen eskuko informazioaren jakinarazpen ez-zilegia, eta merkatuaren manipulazioa, 3. etik 5.era bitarteko artikuluetan ezarritako baldintzetan. Horrek guztiak bi helburu ditu: bata, Batasuneko finantza-merkatuen osotasuna bermatzea, eta, bestea, inbertsoreen babesa eta merkatu horiekiko konfiantza handitzea. Gainera, transposizioaren ondorioz, arau-hauste penal gisa hartu behar dira adierazitako eragiketak egitera bultzatzen duten egintzak eta eragiketa horiekiko sopikuntza- eta saiakuntza-egintzak, eta, orobat, erantzukizuna eskatu behar zaie halako delitu-egitateak egiten dituzten pertsona juridikoei.

Hizpide dugun zuzentaraua arau multzo baten parte bat da, eta multzo horren barruan dago, besteak beste, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 16ko 596/2014 (EB) Erregelamendua, merkatu-abusuari buruzkoa, zeina bi arau eratorrik osatzen baitute: Batzordearen 2015eko abenduaren 17ko (EB) 2016/522 Erregelamendu Delegatuak eta Batzordearen 2016ko martxoaren 9ko (EB) 2016/957 Erregelamendu Delegatuak. Lehena, beste herrialde batzuetako banku zentral eta organismo publiko jakin batzuei aplikatu behar zaien salbuespenari, merkatuaren manipulazio-adierazleei, zabalkunde-atalaseei, atzerapenak jakinarazteko agintaritza eskudunei, aldi mugatuetan negoziatzeko baimenei eta zuzendariek nahitaez jakinarazi behar dituzten eragiketa motei buruzkoa da, eta bigarrena, berriz, abusuzko praktikak edo agindu zein eragiketa susmagarriak prebenitzeko, atzemateko eta jakinarazteko mekanismo, sistema eta prozedura egokiei eta jakinarazpen-txantiloiei aplikatu behar zaizkien erregulazioko arau teknikoei buruzkoa da.

2014/57/EB Zuzentaraua onartu aurretik, Zigor Kodearen 284. eta 285. artikuluen bidez zehatzen ziren lehen eskuko informazioa baliatuz edo merkatua manipulatuz egindako delitu-jokabide zehatzak, baina ez ziren jasotzen Europako arauan berariaz jasota zeuden kasu guztiak; horregatik, orain, legezkotasun penalaren printzipioak eskatzen duena betetzeko, kasu horiek guztiak espresuki zehatu behar dira. Aukeratu diren tipo penalek bide ematen dute merkatu-manipulazioaren eta lehen eskuko informazioa baliatuz egindako eragiketen jokabide larrienak delitu astuntzat jotzeko. Ondare juridiko babestua ez da eratzen ondarearen edukiari edo ordena sozioekonomikoari begira; nagusiki eratzen da merkatuen osotasunari eta bertan jarduten duten inbertsoreen konfiantzari begira.

Zuzentarauaren transposizioak berekin dakar Zigor Kodea berariaz aldatzea; batetik, 284. eta 285. artikuluen edukia zuzentarauaren aurreikuspenetara egokitzeko eta, bestetik, esandako manu horien helmen kontzeptuala zuzentarauaren terminoetara zabalduko duen beste manu bat eransteko.

Zigor Kodearen 284. artikulua aldatuz, delitu egiteko bitartekoen artean sartzen da prezioak aldatzeko trikimailuen eta informazio-teknologien erabilera; babesaren objektuaren barruan sartzen dira finantza-tresnekin zerikusia duten lehengaien eskurako kontratuak eta erreferentzia-indizeak, eta zigorren arloan, berriz, zehapenen kopuruak handitzea zuzentarauaren eskakizunak betetze aldera. Gainera, astungarri espezifiko bat ezartzen da, aplikatuko dena egitatearen egilea inbertsio-zerbitzuetako enpresa bateko, kreditu-erakunde bateko, kontrol-agintaritza edo agintaritza arautzaile bateko edo merkatu arautuetako edo negoziazio-zentroetako zuzentze-erakunde bateko langilea edo enplegatua den kasuetan.

Indarrean dagoen Zigor Kodearen 285. artikuluaren erreforma, berriz, zabalagoa da. Delitu-egitatea gauzatzeko modu berriak tipifikatzen dira; zehazten da legez zein kasutan jotzen den pertsona batek lehen eskuko informaziorako irispide erreserbatua duela, eta astungarri espezifiko bat ezartzen da, aplikatuko dena egitatearen erantzulea inbertsio-zerbitzuetako enpresa bateko, kreditu-erakunde bateko, kontrol-agintaritza edo agintaritza arautzaile bateko edo merkatu arautuetako edo negoziazio-zentroetako zuzentze-erakunde bateko langilea edo enplegatua den kasuetan.

Horrez gainera, beste hiru manu gehitzen zaizkio Zigor Kodeari: 285 bis artikulua -merkatuaren osotasuna edo inbertsoreen konfiantza arriskuan jartzen duen lehen eskuko informazioaren jakinarazpen ez-zilegia tipifikatzeko-; 285 ter artikulua -legezkotasun-printzipioa guztiz errespetatuz, kontzeptuzko edukiak (hala nola finantza-tresnak, kontratuak, jokabideak, eragiketak eta aurreikusitako aginduak) Europak eta Espainiak finantza-merkatuari eta -tresnei buruz emandako araudiari igortzeko-, eta 285 quater artikulua -aipatutako hiru delituen proposamen-, konspirazio- eta probokazio-egintzak espresuki zigortzeko-. Orobat, pertsona juridikoek gauzatutako egintzen gaitzespena berrantolatzen da, pertsona juridikoaren erantzukizun penala deklaratzen den kasuan, pertsona fisikoen jokabideen astuntasunarekin bat etorriz.

Aitzitik, Zuzentarauaren gainerako aurreikuspenak betetzeko, ez da beste aldaketarik egin behar Zigor Kodean. Saiakuntza-graduko egitateak zigortzeko, Zigor Kodearen 16. eta 62. artikuluetan espresuki bildutako aurreikuspenak erabil daitezke; bestalde, arau-hauste horiek egitera induzitzen duten egitateen zehapena lege-testu beraren 28. artikuluan jasota dago, eta halako jokabide ez-zilegien sopikuntza-egintzen zigorra, berriz, Zigor Kodearen 29. eta 63. artikuluen bidez xedatzen da indarrean dagoen lege-sisteman. Horrez gainera, arau beraren indarreko 288. artikuluan dago ezarrita -zuzentarauak eskatzen duen moduan ezarrita ere- pertsona juridikoek zer erantzukizun penal izango duten adierazitako delitu-egitateak gauzatzen badituzte; 31 bis artikuluan xedatutakoaren arabera, Europako arauak eskatutako kasuetan aplikatuko da erantzukizun hori. Nolanahi ere, aldaketa puntual bat egiten zaio manu horri, Zigor Kodearen 284. eta 285. artikuluetan jasotako kasuen zehapenak parekatzeko xedez.

III

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2017ko martxoaren 15eko (EB) 2017/541 Zuzentarauaren transposizioak -terrorismoaren aurkako borrokari buruzko zuzentaraua-nahitaezko egiten du legeria penala arau horren aurreikuspenetara egokitzea; izan ere, nahiz eta martxoaren 30eko 2/2015 Lege Organikoa -Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa aldatzen duena terrorismo delituei dagokienez- nabarmen aurreratu zen zuzentarauaren edukira, oraindik alderdi batzuk ez datoz bat, eta horrek aldaketa txiki batzuk egitera behartzen gaitu.

Horiek horrela, Zigor Kodearen 572. artikulua aldatu beharra dago, zeren eta (EB) 2017/541 Zuzentarauaren 15.3 artikuluak antolakunde edo talde terroristetako buruzagiei ezartzen dien gehieneko zigorra egungo erregulazioan jasota dagoena baino handiagoa baita. Desgaikuntza zigorrari dagokionez ere aldaketak egin behar dira; aurrerantzean, absolutua izango da desgaikuntza, Zigor Kodearen 55. artikuluan xedatutakoarekin sortutako antinomia saihesteko eta 579 bis artikuluan bildutakoarekin bat egiteko -579 bis artikulua martxoaren 30eko 2/2015 Lege Organikoaren bidez gehitu zen-.

Gainera, Zuzentarauaren 12 c) artikuluari jarraikiz, agiri-faltsutzea terrorismo delituen barruan sartu behar da, eta hori ez zegoen jasota Zigor Kodearen 573. artikuluan. Bestalde, helburu terroristekin egiten diren bidaiak askoz ere modu zabalagoan arautzen dira (EB) 2017/541 Zuzentarauan, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 2178 (2014) Ebazpenean baino -martxoaren 30eko 2/2015 Lege Organikoa ebazpen horretan oinarritu zen-, Zuzentarauak ez baitu galdatzen bidaiaren helmuga terroristek kontrolatutako lurralde bat izatea. Azkenik, pertsona juridikoek edozein motatako terrorismo delituak egiteagatik duten erantzukizun penala zabaldu egiten da; izan ere, orain arte terrorismoaren finantzaketa delituak baino ez zeuden aurreikusita.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2017ko uztailaren 5eko (EB) 2017/1371 Zuzentarauak, Batasunaren finantza-interesei eragiten dien iruzurraren aurka Zuzenbide Penalaren bidez borrokatzeari buruzkoa berau, halako iruzurren arauketa harmonizatua egiten du; horrez gain, haiekin estu lotutako beste jokabide batzuk ere zigortzen ditu, hala nola kapitalak zuritzea, funtzionario-eroskeria eta bidegabeko eralgitzea. Gure ordenamenduan, arlo horri buruzko lehen arauketa Europako erkidegoetako finantza-interesen babesari buruzko Hitzarmenarekin sartu zen, zeina 1995eko uztailaren 26an sinatu baitzen, eta indarrean dagoen Zigor Kodearen jatorrizko testuan islatu zen. Orain, hitzarmen hori eta berorren protokolo gehigarriak adierazi den zuzentarauak ordeztuko ditu.

Zuzentarauak berekin dakarren berritasunetako bat zera da: handitu egiten da Europar Batasunaren Ogasunaren aurka arau-hauste penala ezartzeko iruzur egin behar den kuotaren zenbatekoa. Beraz, horren ondoreetarako, zenbait artikulu egokitu dira. 306. eta 308. artikuluen aplikazioak praktikan sortzen zituen konkurtso-arazoak konpondu nahian, baterako arauketa aldeztu da.

Zuzentarauaren beste berritasun bat -4.4.b) artikuluan jasoa- funtzionario publikoaren kontzeptuaren zabalkuntza da, zeina kontuan hartu behar baita funtzionario-eroskeriaren delituetan eta bidegabeko eralgitzearen delituetan. Definizio berria, aurreko zuzentarauek arautu zutena baino hedakorragoa izateaz gain, Zigor Kodearen 427. artikuluan adierazitako kontzeptutik harago doa. Artikulu horrek arautzen zuen, hain zuzen, atzerriko eta Europar Batasuneko funtzionarioen definizioa, funtzionario-eroskeriaren delituei begira. Transposizio bidez txertatu beharreko testuaren arabera, 435 bis artikulua eransten da, zeinak ahalbidetzen baitu funtzionario horien erantzukizuna zabaltzea zuzentarauaren eremuan, baita bidegabeko eralgitzearen delituari dagokionez ere, Europako arauaren 4. artikulua oso-osorik betetze aldera.

Zuzentarauak eskatzen du, halaber, pertsona juridikoek zuzentarauan jasota dagoen delituren bat egiteak zigorgarria izan behar duela, baita delitua bidegabeko eralgitzea denean ere. Horregatik, Zigor Kodearen 31 quinquies artikuluaren salbuespenak ezertan eragotzi gabe, edozein arrazoi dela-eta baliabide publikoak kudeatzen dituzten pertsona juridikoei edo beste edozein arrazoirengatik altxor publikoaz arduratzen direnei pertsona juridikoen erantzukizuna ezartzen zaie bidegabeko eralgitzearen delituetan -zuzentarauak araututakoen artetik, tipo penal horixe zen gure ordenamenduak onartzen ez zuen bakarra-.

  • V

Beharrezkoa da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/62/EB Zuzentarauaren transposizioa osatzea -zuzentarau hori euroari eta beste diru batzuei babes penala emateari buruzkoa da faltsifikazioei aurre egiteko-.

Horren harira, zabaldu egin behar da halako delitu-egitateen erantzule penal diren pertsona juridikoei ezarri ahal zaien zehapen sorta. Gainera, komeni da Zigor Kodearen 387. artikuluaren idazkuntza hobetzea, diruaren babes penala ofizialki hura zirkulazioan jarri baino lehenagoko faseetara aurreratzen den kasuetarako; hartara zehaztasun tekniko handiagoa emango zaio manuaren idazkuntzari eta segurtasun juridiko handiagoa lortuko da. Amaitzeko, komenigarria da euroaren eta beste edozein atzerri-diruren babes penala handitzea, oro har Europar Batasunaren mugei eragiten dieten faltsifikazio-kasuak ere barnean hartzeko, ez bakarrik gure herrialdeko mugei eragiten dietenak.

  • VI

156 bis artikuluaren erreforma honen bidez, organo-trafikoaren delituaren prebentzio- eta pertsegitze-araubidea osatzen da; izan ere, pertsonen oinarrizko eskubideen urraketa larria izateaz gain, delitu horrek eraso larria egiten die ondasun juridikoei -hala nola bizitzari, osotasun fisikoari eta giza duintasunari-, eta mehatxu izugarria da osasun

publikoarentzat. Horregatik egokitzen da araubide hori Organo-trafikoaren aurka borrokatzeari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmenean jasotako aurreikuspenetara -hitzarmena Santiago de Compostelan sinatu zen, 2015eko martxoaren 25ean-.

Gai horri buruz indarrean dagoen legea aldarrikatu zenetik -Organo Erauzketari eta Transplanteei buruzko urriaren 27ko 30/1979 Legea-, gure herrialdea araudiaren aldetik erreferente bat izan da Europan eta Iberoamerikan, eta hala da oraindik ere, kontrol zorrotzak ezarrita daudelako borondatezkotasun-, altruismo- eta konfidentzialtasun-printzipioen eta irabazi-asmorik ezaren eta doakotasunaren printzipioen bidez. 30/1979 Legea Transplanterako giza organoak lortzeko, organo horien erabilera klinikorako eta lurralde-koordinaziorako jarduerak arautzen dituen eta kalitate- eta segurtasun-betekizunak ezartzen dituen abenduaren 28ko 1723/2012 Errege Dekretuaren bidez garatu zen, zeinak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko uztailaren 7ko 2010/53/EB Zuzentarauaren transposizioa egin baitzuen -zuzentarau hori transplanteetarako organoen kalitate- eta segurtasun-arauei buruzkoa da-. Hori horrela izanik ere, erreferentziazko herrialde izaten jarraitzeko, nahitaezkoa da sistema indartzea, arrisku berriak sortzen ari baitira -gero eta ugariagoak dira delinkuentzia talde antolatu transnazionalak, indarkeria, engainua eta mehatxuak erabiliz edo ustezko emailearen estutasun-egoera aprobetxatuz onura handiak ateratzen dituztenak-. Azken finean, sistemak porrot eginez gero, herritarrek konfiantza galduko lukete, eta herritarren konfiantza da, hain zuzen ere, sistemaren arrakastaren oinarria.

Horrenbestez, erreferentziazko hitzarmenak jasotako aurreikuspenekin bat eginik, jokabide tipikoak argiago mugatzen dira, kasu bereziki gaitzesgarrien zigorrak astuntzen dira, eta antolakunde edo talde kriminalaren jarduera-kasuak zehazten dira, halako moduan non gizakien salerosketa delituaren kasuei ematen zaien trataera analogoa emango baitzaie eta nazioarteko berrerortzearen astungarria gehituko baitzaie.

  • VII

1999. urtean eratu zuen Europako Kontseiluak Ustelkeriaren Aurkako Estatuen Taldea (GRECO), talde horretako estatuek ustelkeriaren aurkako parametroak maila guztietan betetzen zituztela ziurtatzeko, prozesu dinamiko baten bidez kideek ustelkeriaren aurka borrokatzeko zuten gaitasuna hobetu zezaten eta hutsuneak identifikatzea errazagoa izan zedin.

Espainiak konpromiso irmoa du ustelkeriaren aurkako borrokarekin: etengabe aritzen da lankidetzan GRECOrekin, denen artean neurri egokiak aurkitzeko. Prozesu horren ondorioz, taldeak egindako hirugarren ebaluazio-errondan hainbat ez-egite atzeman ziren martxoaren 30eko 1/2015 Lege Organikoaren bidez gauzatutako erreformetan (Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa aldatzen duena), eta ez-egite horiek operadore juridikoentzat traba izan zitezkeen iruzurraren aurka borrokatzeko garaian.

Egindako azterketaren ondoren, zalantzak zeuden ea Zigor Kodearen II. liburuaren XIII. tituluko XI. kapituluaren 4. atalean (negozioetako ustelkeria delituak) jasota zegoen eremu pribatuko ustelkeria-kasuren bat kanpoan gera zitekeen modu jakin batean deskribatu ezean. Pentsatu zen, halaber, komenigarria zela zinpekoen eta arbitroen ustelkeriari buruzko atala berrikustea, ziurtatzeko pertsona horiek inkriminatuak izango zirela, ez bakarrik funtzio publikoetan jarduten zutenean, baita halako funtzioak egiteko laguntzaile gisa jarduten zutenean edo funtzio pribatuak betetzen zituztenean ere, bai modu aktiboan bai pasiboan. Azkenik, nabarmendu zen Zigor Kodearen 427. artikuluan bilduta dagoen atzerriko funtzionario publikoen definizioa ezin zela aplikatu influentzia-trafikoaren delituetan, eta, beraz, beharrezkoa zela zehatz-mehatz argitzea atzerriko funtzionarioek zer-nolako erantzukizuna izango zuten Zigor Kodearen zati bereziaren XIX. tituluaren VI. kapituluko delituren bat egiten zutenean. Bada, zehaztasun hori 431. artikuluan geratu da jasota orain.

Erreforma honi esker, gure ordenamenduan atzeman diren arrakalak konponduko dira, GRECOren irizpideen arabera.

Artikulu bakarra. Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa aldatzea.

Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Legea honela geratzen da idatzita:

Bat. 127 bis artikuluaren 1. apartatuari beste letra bat eransten zaio, a bis) letra, eta honela geratzen da idatzita:

«a bis) Organo-trafikoaren delituak».

Bi. Aldatu egiten da 156 bis artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Organo-trafikoa sustatu, lagundu, erraztu, aditzera eman edo gauzatzen dutenei sei urtetik hamabi urtera bitarteko espetxe zigorra ezarriko zaie organoa bizirik dagoen pertsona batena bada, eta hiru urtetik sei urtera bitarteko espetxe zigorra, aldiz, hildako batena bada.

Ondore horietarako, organo-trafikotzat joko da:

  • a)  Inoren organoak modu ez-zilegian erauztea edo eskuratzea. Erauzketa edo eskuratzea ez-zilegia dela ulertuko da, inguruabar hauetakoren bat gertatzen denean:

  • 1)  Legeak ezartzen duen moduan eta baldintzak betez, bizirik dagoen emaileak adostasun libre, informatu eta adierazia eman ez duenean.

  • 2)  Emailea hilda badago, legeak eskatzen duen nahitaezko baimenik egon ez denean.

  • 3)  Organoa erauztearen edo eskuratzearen truke, emaileak edo hirugarren batek, bere onurarako edo beste norbaiten onurarako, bere kabuz edo bitarteko pertsona baten bidez, edozein motatako emaria edo ordainsaria jaso edo eskatu duenean, edota hura jasotzeko eskaintza edo hitzematea onartu duenean. Ez da emari edo ordainsaritzat hartuko organo-ematearen ondorioz sortzen diren gastuen edo sarrera-galeren ordainketa.

  • b)  Modu ez-zilegian erauzitako organoak prestatzea, babestea, gordetzea, garraiatzea, lekualdatzea, hartzea, inportatzea edo esportatzea.

  • c)  Modu ez-zilegian erauzitako organoak transplanteak egiteko edo beste xede batzuetarako erabiltzea.

  • 2.  Modu berean zigortuko dira honelakoak egiten dituztenak, nork bere onurarako edo beste norbaiten onurarako:

  • a)  Organo-emaile edo -hartzaile bat proposatu edo aurkitzeagatik edozein motatako emaria edo ordainsaria jasotzea edo eskatzea, nork bere kabuz edo bitarteko pertsona baten bidez, edota hura jasotzeko eskaintza edo hitzematea onartzea.

  • b)  Klinika, establezimendu edo kontsultategi publiko zein pribatuetan lanean ari diren edo kargua duten adituei, funtzionario publikoei edo partikularrei edozein motatako emaria edo ordainsaria eskaintzea edo ematea, nork bere kabuz edo bitarteko pertsona baten bidez, modu ez-zilegian organoak erauzi edo eskuratzeko, modu ez-zilegian erauzitako organoak ezartzeko edo egiteko horietan laguntzeko.

  • 3.  Organoaren hartzaileak transplantea onartzen badu jakinik organoaren jatorria ez dela zilegia, pertsona horri 1. apartatuan adierazitako zigor berberak ezarriko zaizkio; nolanahi ere, zigorrak gradu bat edo bi gutxiagokoak izan daitezke egitatearen eta errudunaren inguruabarrak kontuan hartuta.

  • 4.  Kasu hauetan, 1. apartatuan zehaztutako zigorrak baino gradu bat gehiagokoak ezarriko dira:

  • a) Delituaren biktimaren bizitza edo osotasun fisikoa zein psikikoa arrisku larrian jarri denean.

  • b) Biktima adingabea denean edo adinagatik, desgaitasunagatik, gaixotasunagatik edo beste egoeraren batengatik bereziki zaurgarria denean.

Bi inguruabarrak batera gertatuz gero, zigorra goiko erdian ezarriko da.

  • 5.  Aditu batek, funtzionario publiko batek edo partikular batek, bere lanbidean edo karguan aritzean, 1. eta 2. apartatuetan deskribatuta dauden jokabideak egiten baditu zentro publiko zein pribatuetan, edo azken apartatu horren b) letran jasota dagoen emaria edo ordainsaria jasotzen badu edo halakorik jasotzeko eskaintza edo hitzematea onartzen badu, pertsona horri aipatutako apartatuetan xedatutako zigorra baino gradu bat gehiagokoa ezarriko zaio, bai eta lanbide edo ogibiderako eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza bereziko zigorra ere, debekatuko diona kondenak dirauen bitartean ezein lanbide sanitariotan aritzea eta klinika, establezimendu edo kontsultategi publiko zein pribatuetan edozein motatako zerbitzuak ematea. Horrez gain, 4. apartatuan ezarritako inguruabarretako bat gertatzen denean, zigorrak goiko erdian ezarriko dira.

Artikulu honen ondoreetarako, aditu hitzak barne hartzen ditu medikuak, erizaintzako langileak eta jarduera sanitarioak edo soziosanitarioak egiten dituzten pertsonetatik beste edozein.

  • 6.  Erruduna horrelako jarduerak egiten aritzen den antolakunde edo talde kriminal bateko kidea denean, 1. apartatuan adierazitako zigorra baino gradu bat gehiagokoa ezarriko da, bai eta lanbidean, ogibidean, industrian edo merkataritzan aritzeko desgaikuntza bereziko zigorra ere kondenak dirauen bitartean. 4. apartatuan ezarritako inguruabarretako bat gertatzen denean, zigorrak goiko erdian ezarriko dira. 5. apartatuan ezarritako inguruabarra gertatzen denean, apartatu horretan adierazitako zigorrak goiko erdian ezarriko dira.

Erruduna antolakunde edo talde horietako burua, administratzailea edo arduraduna denean, zigorra goiko erdian ezarriko da; gradu bat gehiagokoa ere izan daiteke. Gradu bat gehiagoko zigorra ezarriko zaie beti, 4. apartatuan ezarritako inguruabarretako bat edo 5. apartatuan ezarritako inguruabarra gertatzen denean.

  • 7.  Baldin eta, 31 bis artikuluan ezarritakoaren arabera, pertsona juridiko bat bada artikulu honetan bildutako delituen erantzulea, lortutako onura halako hirutik halako bostera bitarteko isun zigorra ezarriko zaio pertsona horri.

66 bis artikuluan ezarritako erregelen arabera, epaile eta auzitegiek 33. artikuluko 7. apartatuaren b) letratik g) letrara arte bildutako zigorrak ere ezarri ahal izango dituzte.

  • 8.  Artikulu honetan ezarritako delituak egiteko probokatzea, konspiratzea eta proposatzea ere zigortuko dira, aurreko apartatuetan ezarritako egitateei hurrenez hurren dagokien zigorra baino gradu bat edo bi gutxiagoko zigorrarekin.

  • 9.  Artikulu honetan aurreikusita dauden zigorrak ezarriko dira, hargatik eragotzi gabe kode honen 177 bis artikuluan xedatutako delituarengatik eta benetan egindako gainerako delituengatik ezarri behar direnak.

  • 10.  Atzerriko epaile edo auzitegiek ezarritako kondenek berrerortze-ondoreak sorraraziko dituzte, baldin eta delituen izaera berbera bada, salbu eta Espainiako Zuzenbidearen arabera aurrekari penala ezereztu denean edo ezereztu daitekeenean».

Hiru. Aldatu egiten da 284. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Sei hilabetetik sei urtera bitarteko espetxe zigorra, bi urtetik bost urtera bitarteko isuna, edo lortutako edo eragindako onuraren edo saihestutako kaltearen zenbatekotik halako hirura bitarteko isuna -azken kopuru hori handiagoa denean-, eta finantza-merkatuan aktore, agente, bitartekari edo informatzaile gisa esku hartzeko bi urtetik bost urtera bitarteko desgaikuntza berezia ezarriko zaizkie honako hauei:

  • 1) Indarkeria, mehatxuak, engainua edo beste edozein trikimailu erabiliz, kontratagai diren produktu, salgai, finantza-tresna, finantza-tresnekin zerikusia duten lehengaien eskurako kontratu, erreferentzia-indize, zerbitzu edo beste edozer gauza higigarri edo higiezinen lehia asketik atera beharko litzatekeen prezioa aldatzen saiatzen direnei, hargatik eragotzi gabe egindako beste delitu batzuengatik ezarri behar zaien zigorra.

  • 2)  Norberaren kabuz, zuzenean edo zeharka, edo komunikabideren bat, Internet edo informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz, edo beste edozein bide erabiliz, enpresei edo pertsonei buruz albiste, zurrumurru edo seinale faltsuak edo engainagarriak zabaltzen dituztenei, jakinik ematen ari diren datu ekonomikoak guztiz edo partez faltsuak direla, finantza-tresnen kotizazio-prezioa edo finantza-tresnekin zerikusia duten lehengaien eskurako kontratuak aldatzeko edo mantentzeko xedez edo erreferentzia-indize baten kalkulua manipulatzeko xedez, norberarentzat edo hirugarren batentzat onurak lortuta, baldin eta inguruabar hauetakoren bat gertatzen bada:

  • a)  Onura berrehun eta berrogeita hamar mila eurotik gorakoa izatea edo zenbateko horren besteko kaltea sortzea.

  • b)  Erabilitako funtsen zenbatekoa bi milioi eurotik gorakoa izatea.

  • c)  Merkatuaren osotasunean eragin larria sortzea.

  • 3)  Transakzioak egiten dituztenei, seinale faltsuak edo engainagarriak igortzen dituztenei, edo finantza-tresna baten eskaintza, eskari edo prezioari buruz edo finantza-tresnarekin zerikusia duten lehengaien eskurako kontratuei buruz zantzu faltsuak edo engainagarriak eman ditzaketen eragiketak egiteko agindua ematen dutenei, edo, informazio hori erabilita, bere kabuz edo beste batzuekin batera, aipatutako tresnen edo kontratuen merkatuan nagusitasuna ziurtatzen dutenei, horien prezioa ezohiko mailan edo maila artifizialetan ezartzeko xedearekin, baldin eta inguruabar hauetakoren bat gertatzen bada:

  • a)  Jokabide horren ondorioz, berarentzat edo hirugarren batentzat, berrehun eta berrogeita hamar mila eurotik gorako onura lortzea edo zenbateko horren besteko kaltea sortzea.

  • b)  Erabilitako funtsen zenbatekoa bi milioi eurotik gorakoa izatea.

  • c)  Merkatuaren osotasunean eragin larria sortzea.

  • 2.  Zigorra goiko erdian ezarriko da, baldin eta inguruabar hauetakoren bat gertatzen bada:

  • 1)  Subjektuarentzat ohiko jarduna izatea aurretik aipatutako abusuzko jardueretan aritzea.

  • 2)  Lortutako onura, saihestutako galera edo eragindako kaltea nabarmen handia izatea.

  • 3.  Egitatearen erantzulea inbertsio-zerbitzuetako enpresa bateko, kreditu-erakunde bateko, kontrol-agintaritza edo agintaritza arautzaile bateko edo merkatu arautuetako edo negoziazio-zentroetako zuzentze-erakunde bateko langilea edo enplegatua bada, zigorrak goiko erdian ezarriko dira».

Lau. Aldatu egiten da 285. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Zuzenean, zeharka edo bitarteko pertsona baten bidez finantza-tresna bat eskuratzeko, eskualdatzeko edo lagatzeko egintzak egiten dituenari, edo finantza-tresna baten gaineko agindua ezerezteko edo aldatzeko egintzak egiten dituenari, 4. apartatuan ezarritako eran lehen eskuko informaziorako irispide erreserbatua erabiliz, edo hirugarren bati halako informazioa erabiliz egintza horietakoren bat gauzatzeko gomendioa egiten dionari sei hilabetetik sei urtera bitarteko espetxe zigorra ezarriko zaio, eta bi urtetik bost urtera bitarteko isuna, edo lortutako edo eragindako onuraren edo saihestutako kaltearen zenbatekotik halako hirura bitarteko isuna -azken kopuru hori handiagoa denean-, eta lanbide edo ogibiderako bi urtetik bost urtera bitarteko desgaikuntza berezia, baldin eta inguruabar hauetakoren bat gertatzen bada:

  • a)  Jokabide horren ondorioz, berarentzat edo hirugarren batentzat, bostehun mila eurotik gorako onura lortzea edo zenbateko horren besteko kaltea sortzea.

  • b)  Erabilitako finantza-tresnen balioa bi milioi eurotik gorakoa izatea.

  • c)  Merkatuaren osotasunean eragin larria sortzea.

  • 2.  Zigorra goiko erdian ezarriko da, baldin eta inguruabar hauetakoren bat gertatzen bada:

  • 1)  Subjektuarentzat ohiko jarduna izatea lehen eskuko informazioa baliatuz lehen aipatutako eragiketak egitea.

  • 2)  Lortutako onura, saihestutako galera edo eragindako kaltea nabarmen handia izatea.

  • 3.  Artikulu honetan jasota dauden zigorrak goiko erdian ezarriko dira, kasuan-kasuan, baldin eta egitatearen erantzulea inbertsio-zerbitzuetako enpresa bateko, kreditu-erakunde bateko, kontrol-agintaritza edo agintaritza arautzaile bateko edo merkatu arautuetako edo negoziazio-zentroetako zuzentze-erakunde bateko langilea edo enplegatua bada.

  • 4.  Artikulu honen ondoreetarako, lehen eskuko informaziorako irispide erreserbatua dute jaulkipen-eskubideen merkatuko jaulkitzailearen edo parte-hartzailearen administrazio-, kudeaketa- edo gainbegiratze-organoetako kideek, jaulkipen-eskubideen merkatuko jaulkitzailearen edo parte-hartzailearen kapitalean parte hartzen dutenek, beren lanbide- edo enpresa-jardueran aritzeagatik edo beren eginkizunak betetzeagatik halako informazioa ezagutzen dutenek eta delitu-jarduera baten bidez eskuratzen dutenek.

  • 5.  Artikulu honetan aurreikusitako zigorrak gradu bat gutxiagokoak izango dira, egitatearen erantzuleak, lehen eskuko informaziorako irispide erreserbatua izan gabe, aurreko apartatuan adierazitakoa ez den moduren bat erabilita informazio hori eskuratu eta erabiltzen duenean, lehen eskuko informazioa dela jakinda».

Bost. 285 bis artikulua gehitzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«Aurreko artikuluan jasota dauden kasuetatik kanpo, lehen eskuko informazioa duenak hura agerrarazten badu bere lan, lanbide edo eginkizunen ohiko jardunetik kanpo, eta horrek arriskuan jartzen badu merkatuaren osotasuna edo inbertsoreen konfiantza, pertsona horri sei hilabetetik lau urtera bitarteko espetxe zigorra, hamabi hilabetetik hogeita lau hilabetera bitarteko isuna eta lanbide edo ogibiderako urtebetetik hiru urtera bitarteko desgaikuntza berezia ezarriko zaizkio.

Artikulu honetan ezarritakoaren ondoreetarako, agerrarazi den lehen eskuko informazioa merkatu-prospekzio batean txertatutako da, baldin eta Europak finantza-merkatuen eta -tresnen gainean emandako araudiaren baldintzak bete gabe egin bada».

Sei. 285 ter artikulua gehitzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«Aurreko hiru artikuluetan jasotakoa aplikatuko zaie, halaber, Europak eta Espainiak finantza-merkatuari eta -tresnei buruz emandako araudian xedatzen diren finantza-tresnei, kontratuei, jokabideei, eragiketei eta aginduei».

Zazpi. 285 quater artikulua gehitzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«284. artikulutik 285 bis artikulura bitartekoetan ezarritako delituak egiteko probokatzea, konspiratzea eta proposatzea, hurrenez hurren, delitu bakoitzari dagokion zigorra baino gradu bat edo bi gutxiagokoarekin zigortuko dira».

Zortzi. Aldatu egiten da 286 bis artikuluaren 1. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Bere kabuz edo bitarteko pertsona baten bidez, merkataritza-enpresa edo sozietate bateko zuzendariak, administratzaileak, enplegatuak edo laguntzaileak justifikatu gabeko edozein motatako onura edo abantaila, edo halakorik jasotzeko eskaintza edo hitzematea, jaso, eskatu edo onartzen badu, eta, horren truke, salgaiak eskuratzean edo saltzean, edo zerbitzuak kontratatzean edo merkataritzako harremanetan beste bati bidegabe mesede egiten badio, orduan, pertsona horri sei hilabetetik lau urtera bitarteko espetxe zigorra, urtebetetik sei urtera bitartean industrian edo merkataritzan aritzeko desgaikuntza berezia eta onuraren edo abantailaren balioa halako hirura bitarteko isuna ezarriko zaizkio».

Bederatzi. Aldatu egiten da 288. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«Aurreko artikuluetan ezarritako kasuetan, epaia aldizkari ofizialetan argitaratzeko aginduko da, eta epaile edo auzitegiak, kaltedunak hala eskatuz gero, epaia oso-osoan edo zati batean beste edozein hedabidetan erreproduzitzea agindu ahal izango du, kondenatuaren kontura.

Baldin eta, 31 bis artikuluan ezarritakoaren arabera, pertsona juridiko bat bada kapitulu honetan bildutako delituen erantzulea, honako zigor hauek ezarriko zaizkio pertsona horri:

  • 1)  270., 271., 273., 274., 275., 276., 283. eta 286. artikuluetan aurreikusitako delituen kasuan:

  • a)  Lortu den edo lortu ahal izango litzatekeen onura halako bitik halako laura bitarteko isuna, pertsona fisikoak egindako delituari bi urte baino gehiagoko espetxe zigorra ezartzen bazaio.

  • b)  Gainerako kasuetan, lortu den, eragin den edo lortu ahal izango litzatekeen onuraren balioa halako bitik halako hirura bitarteko isuna.

  • 2)  277., 278., 279., 280., 281., 282., 282 bis, 284., 285., 285 bis eta 285 quater artikuluetan eta 286 bis artikulutik 286 quater artikulura bitartekoetan zehaztutako delituen kasuan:

  • a)  Bi urtetik bost urtera bitarteko isuna, edo lortu den edo lortu ahal izango zen onuraren balioa halako hirutik halako bostera bitarteko isuna, azken kopuru hori handiagoa denean, pertsona fisikoak egindako delituari bi urte baino gehiagoko zigor askatasun-gabetzailea ezartzen bazaio.

  • b)  Gainerako kasuetan, sei hilabetetik bi urtera bitarteko isuna, edo lortu den edo lortu ahal izango zen onuraren baliotik halako bira bitarteko isuna, azken kopuru hori handiagoa denean.

  • 3)  66 bis artikuluan ezarritako erregelen arabera, epaile eta auzitegiek 33. artikuluko 7. apartatuaren b) letratik g) letrara arte bildutako zigorrak ere ezarri ahal izango dituzte».

Hamar. Aldatu egiten da 305. artikuluaren 3. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«3. Zigor berberak ezarriko zaizkio 1. apartatuan azalduta dauden jokabideak egiten dituenari, ordaindu beharreko zenbatekoak ordaintzen ez dituenari edo legez eskuratutako onurak bidegabe erabiltzen dituenari, egitateak Europar Batasuneko Ogasunaren aurkakoak direnean, baldin eta iruzurraren zenbatekoa ehun mila eurotik gorakoa izan bada urte natural batean. Dena dela, iruzurra antolakunde edo talde kriminal baten barruan egiten denean, edo itxuraz jarduera ekonomiko erreal batean ari diren pertsonek edo erakundeek egiten dutenean, baina benetan jarduera ekonomikorik izan gabe, apartatu honetan ezarritako kopurura heltzen denetik pertsegitu ahal izango da delitua.

Iruzurraren zenbatekoa gehienez ehun mila euro eta gutxienez hamar mila euro bada, hiru hilabetetik urtebetera bitarteko espetxe zigorra ezarriko da edo aipatutako kopurutik halako hirura bitarteko isuna, eta kendu egingo zaio dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera eta zerga-onurak, zerga-pizgarriak edota Gizarte Segurantzakoak izateko eskubidea, sei hilabetetik bi urtera bitarteko epean».

Hamaika. Aldatu egiten da 308. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Norbaitek administrazio publikoetatik -Europar Batasuna barne- ehun mila euro baino gehiagoko dirulaguntzak edo laguntzak lortzen baditu, halakoak eskuratzeko beharrezkoak diren baldintzak faltsutuz edo eskuratzea eragotziko luketen baldintzak ezkutatuz, pertsona horri urtebetetik bost urtera bitarteko espetxe zigorra ezarriko zaio, bai eta isuna ere, dirulaguntza edo laguntzaren zenbatekotik halako seira bitartekoa, salbu eta artikulu honen 6. apartatuan aipatutako itzulketa egiten badu.

  • 2.  Zigor berberak ezarriko zaizkio, halaber, guztiz edo partez administrazio publikoen funtsekin -Europar Batasunaren funtsak barne- ordaindutako jarduera bat garatzean funts horiek dirulaguntzarenaz edo laguntzarenaz bestelako helburu batzuetarako erabiltzen dituenari, erabilitako kopurua ehun mila eurotik gorakoa denean, salbu eta 6. apartatuan aipatzen den itzulketa egiten badu.

  • 3.  Adierazitako zigorrez gain, erantzuleari kendu egingo zaio dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera eta zerga-onurak, zerga-pizgarriak edota Gizarte Segurantzakoak izateko eskubidea, hiru urtetik sei urtera bitarteko epean.

  • 4.  Eskuratutako zenbatekoa, iruzurraren zenbatekoa edo bidegabe aplikatutako zenbatekoa gehienez ehun mila euro eta gutxienez hamar mila euro bada, hiru hilabetetik urtebete bitarteko espetxe zigorra ezarriko da edo aipatutako kopurutik halako hirura bitarteko isuna, eta kendu egingo zaio dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera eta zerga-onurak, zerga-pizgarriak edota Gizarte Segurantzakoak izateko eskubidea, sei hilabetetik bi urtera bitarteko epean, salbu eta 6. apartatuan aipatzen den itzulketa egiten badu.

  • 5.  Artikulu honetan adierazitako zenbatekoa ezartzeko, eskuratutako, iruzur egindako edo bidegabe aplikatutako zenbateko osoa hartuko da aintzat, kontuan izan gabe jatorria administrazio publiko bakar batean edo gehiagotan dagoen.

  • 6.  Artikulu honen 1., 2. eta 4. apartatuetan aipatutako itzulketa egintzat joko da, dirulaguntza edo laguntzaren hartzaileak bidegabe jaso duen edo aplikatu zaion dirulaguntza edo laguntzak itzultzen dituenean; gainera, hartu zituen unetik dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesa gehituta itzuli beharko ditu laguntza horiek. Halaber, itzulketa egintzat jotzeko, dirulaguntza edo laguntza horiei buruzko ikuskapen- eta kontrol-jarduketei hasiera emango zaiela jakinarazi aurretik egin beharko du itzulketa, edo, halako jarduketarik izan ezean, beraren aurka Fiskaltzak, estatuaren abokatuak edo autonomia-erkidegoaren edo tokiko administrazioaren ordezkariak kereila edo salaketa jarri aurretik edo Fiskaltzak edo instrukzioko epaileak eginbideak hasi direla formalki jakiteko aukera ematen dioten jarduketak egin aurretik. Itzulketa eginez gero, subjektua ezingo da pertsegitu bere egoera erregularizatu aurretik egin zitzakeen eta erregularizatu nahi duen zorrarekin soilik zerikusia duten faltsutze instrumentalengatik.

  • 7.  Artikulu honetako 1., 2. eta 4. apartatuetako delituren batengatik prozedura penala izatea ez da eragozpen izango administrazio eskudunak bidegabe aplikatu diren dirulaguntza edo laguntzak administrazio-prozedura bidez itzultzeko eska dezan. Zenbat diru itzuli Administrazioak finkatuko du behin-behinean, eta, gero, prozesu penalean zer ebazten den, hari egokituko zaio.

Prozedura penalak ere ez du administrazioaren kobrantza-akzioa geldiaraziko; izan ere, kobratzeko jarduketak hasi ahal izango ditu Administrazioak, salbu eta epaileak, ofizioz edo alderdi batek eskaturik, aurretik bermea aurkeztu dela, betearazpen-jarduketak etetea erabakitzen badu. Berme osoa edo haren parte bat ezingo balitz eman, epaileak, salbuespen gisa, kobrantza etetea erabaki ahal izango du, bermeak guztiz edo partez salbuetsita, baldin eta betearazpenak konpondu ezin diren edo konpontzen zailak diren kalteak eragin ditzakeela ikusten badu.

  • 8. Epaile eta auzitegiek delitu honen erantzuleari gradu bat edo bi gutxiagoko zigorra ezarri ahal izango diote, baldin eta ikertu gisa zitazio judiziala egiten zaionetik bi hilabete igaro baino lehen 6. apartatuan adierazitako itzulketa egiten badu eta egitateak judizialki onartzen baditu. Era berean, aipatutako hori berdin aplikatu ahal izango zaie delituan parte hartu duten beste batzuei ere (itzultzeko betebeharra daukanaz gain eta delituaren egileaz gain), baldin eta froga erabakigarriak eskuratzen laguntzen badute beste erantzule batzuk identifikatu edo harrapatzeko, delitu-egitateak guztiz argitzeko edo betebehardunaren edo delituaren beste erantzule batzuen ondarea zein den jakiteko».

Hamabi. Aldatu egiten dira 386. artikuluaren 1. eta 5. apartatuak, eta honela geratzen dira idatzita:

«1. Zortzi urtetik hamabi urtera bitarteko espetxe zigorra ezarriko zaio eta diruaren ageriko baliotik halako hamarrera bitarteko isuna:

  • 1)  Dirua aldatzen duenari edo diru faltsua egiten duenari.

  • 2)  Diru faltsua edo aldatua esportatzen duenari edo Espainiara edo Europar Batasuneko beste edozein estatutara inportatzen duenari.

  • 3)  Faltsua dela jakinda, diru faltsua edo aldatua garraiatu, saldu edo banatzen duenari».

«5. Baldin eta, 31 bis artikuluan ezarritakoaren arabera, pertsona juridiko bat bada aurreko delituen erantzulea, diruaren ageriko balioa halako hirutik halako hamarrera bitarteko isun zigorra ezarriko zaio pertsona horri. 66 bis artikuluan ezarritako erregelen arabera, epaile eta auzitegiek 33. artikuluko 7. apartatuaren b) letratik g) letrara arte bildutako zigorrak ere ezarri ahal izango dituzte».

Hamahiru. Aldatu egiten da 387. artikuluaren lehenengo paragrafoa, eta honela geratzen da idatzita:

«Aurreko artikuluaren ondoreetarako, dirutzat hartzen da metalezko edo paperezko legezko dirua eta, oraindik ofizialki jaulki edo zirkulazioan jarri ez bada ere, legezko diru gisa zirkulazioan jartzera zuzenduta dagoena. Nazio-diruarekin parekatuko dira Europar Batasuneko beste herrialde batzuetakoak eta atzerrikoak».

Hamalau. Aldatu egiten da 423. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«Aurreko artikuluetan xedatutakoa zinpekoei eta arbitroei -Espainiakoei zein nazioartekoei-, bitartekariei, adituei, epaileak izendatutako administratzaile edo kontu-hartzaileei eta konkurtso-administratzaileei ere aplikatuko zaie, eta, halaber, funtzio publikoa betetzen duten pertsonetatik edozeini».

Hamabost. Aldatu egiten da 427. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«Aurreko artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da, orobat, deskribatutako jokabideak honako hauek egiten dituztenean edo honako hauei eragiten dietenean:

  • a)  Europar Batasuneko herrialde batean edo atzerriko beste edozein herrialdetan legegintzako edo administrazioko kargu edo enplegu batean nahiz kargu edo enplegu judizial batean aritzen den edozein pertsonari, kontuan izan gabe izendapen bidez zein hautaketa bidez jarria izan den.

  • b)  Europar Batasuneko herrialde batentzat edo atzerriko beste edozein herrialderentzat -organismo publikoa edo enpresa publikoa barne hartuta- funtzio publikoa betetzen duen edozein pertsonari, bai eta Europar Batasunarentzat edo nazioarteko beste erakunde publiko batentzat funtzio publikoa betetzen duenari ere.

  • c)  Europar Batasuneko edo nazioarteko erakunde publiko bateko edozein funtzionario edo agenteri.

  • d)  Europar Batasuneko estatu batean edo beste herrialde batean, Europar Batasunaren finantza-interesak kudeatzeko edo interes horiei buruz erabakitzeko zerbitzu publikoaren funtzioa esleitu zaion eta horretan ari den edozein pertsonari».

Hamasei. 431. artikulua honela geratzen da idatzita:

«Kapitulu honen ondoreetarako, funtzionario publiko izango dira 24. eta 427. artikuluetan zehaztu direnak».

Hamazazpi. 435. artikuluari 5. puntua gehitzen zaio, eta honela geratzen da idatzita:

«5) 31 bis artikuluan ezarritakoaren arabera kapitulu honetan jasotako delituen erantzule diren pertsona juridikoei. Halako kasuetan, zigor hauek ezarriko dira:

  • a)  Bi urtetik bost urtera bitarteko isuna, edo eragindako kaltearen edo jabetutako ondasun edo efektuen balioa halako hirutik halako bostera bitarteko isuna, azken kopuru hori handiagoa denean, pertsona fisikoak egindako delituari bost urte baino gehiagoko espetxe zigorra ezartzen bazaio.

  • b)  Urtebetetik hiru urtera bitarteko isuna, edo eragindako kaltearen edo jabetutako ondasun edo efektuen balioa halako bitik halako laura bitarteko isuna, azken kopuru hori handiagoa denean, pertsona fisikoak egindako delituari aurreko hitz-tartean jaso gabe dagoen bi urte baino gehiagoko zigor askatasun-gabetzailea ezartzen bazaio.

  • c)  Gainerako kasuetan, sei hilabetetik bi urtera bitarteko isuna, edo eragindako kaltearen edo jabetutako ondasun edo efektuen balioa halako bitik halako hirura bitarteko isuna, azken kopuru hori handiagoa denean.

66 bis artikuluan ezarritako erregelen arabera, epaile eta auzitegiek 33. artikuluko 7. apartatuaren b) letratik g) letrara arte bildutako zigorrak ere ezarri ahal izango dituzte».

Hemezortzi. 435 bis artikulua gehitzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«Kapitulu honen ondoreetarako, funtzionario publiko izango dira 24. eta 427. artikuluetan zehaztu direnak».

Hemeretzi. Aldatu egiten da 572. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Antolakunde edo talde terrorista bat sustatu, eratu, antolatu edo zuzentzen dutenei zortzi urtetik hamabost urtera bitarteko espetxe zigorra ezarriko zaie, eta desgaikuntza absolutuko zigorra kondenak irauten duen aldirako.

2. Antolakundean edo taldean modu aktiboan parte hartzen dutenei edo horien partaide direnei sei urtetik hamabi urtera bitarteko espetxe zigorra ezarriko zaie, eta desgaikuntza absolutuko zigorra kondenak irauten duen aldirako».

Hogei. Aldatu egiten da 573. artikuluaren 1. apartatuaren lehen paragrafoa, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Terrorismo delitutzat hartuko dira hauekin lotutako delitu astunak: bizitza edo osotasun fisikoaren aurkakoak; askatasunaren, osotasun moralaren, sexu-askatasun eta -ukigabetasunaren, ondarearen, baliabide naturalen edo ingurumenaren eta osasun publikoaren aurkakoak; hondamen-arriskuko delituak; suteak; agiri-faltsutzeak; Koroaren aurkakoak; atentatu delituak; armak, munizioak edo lehergailuak edukitzea, trafikagai hartzea eta gordailuan jartzea -kode honetan jasoak-, eta aireontziak, ontziak edo beste garraiobide kolektibo edo salgaien garraiobide batzuk harrapatzea, baldin eta xede hauetako edozeinekin egiten badira:»

Hogeita bat. Aldatu egiten da 575. artikuluaren 3. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«3. Zigor bera ezarriko zaio, xede hori erdiesteko, antolakunde edo talde terrorista batekin elkarlanean aritzeko edo kapitulu honetan jasotako delituetatik edozein gauzatzeko, atzerriko lurralde batera joaten denari edo bertan ezartzen denari».

Hogeita bi. Ezabatu egiten da 576. artikuluaren 5. apartatua.

Hogeita hiru. 580 bis artikulua gehitzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«Baldin eta, 31 bis artikuluan ezarritakoaren arabera, pertsona juridiko bat bada kapitulu honetan bildutako delituen erantzulea, honako zigor hauek ezarriko zaizkio pertsona horri:

  • a)  Bi urtetik bost urtera bitarteko isuna, edo eragindako kaltea halako bitik halako laura bitarteko isuna, azken kopuru hori handiagoa denean, pertsona fisikoak egindako delituari bi urte baino gehiagoko zigor askatasun-gabetzailea ezartzen bazaio.

  • b)  Gainerako kasuetan, sei hilabetetik bi urtera bitarteko isuna, edo eragindako kaltea halako bitik halako hirura bitarteko isuna, azken kopuru hori handiagoa denean.

66 bis artikuluan ezarritako erregelen arabera, epaile eta auzitegiek 33. artikuluko 7. apartatuaren b) letratik g) letrara arte bildutako zigorrak ere ezarri ahal izango dituzte».

Azken xedapenetako lehena. Europar Batasunaren Zuzenbidea eta nazioarteko Zuzenbidea txertatzea.

Lege organiko honen bidez:

  • a)  Espainiako Zuzenbidean txertatzen dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 16ko 2014/57/EB Zuzentaraua -merkatu-abusuari aplikatu beharreko zehapen penalei buruzkoa-, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2017ko martxoaren 15eko (EB) 2017/541 Zuzentaraua -terrorismoaren aurkako borrokari buruzkoa- eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2017ko uztailaren 5eko (EB) 2017/1371 Zuzentaraua -Batasunaren finantza-interesei eragiten dien iruzurraren aurka Zuzenbide Penalaren bidez borrokatzeari buruzkoa-.

  • b)  Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/62/EB Zuzentaraua Espainiako Zuzenbidean jasotzeko gauzatutako transposizioa osatzen da -zuzentarau hori euroari eta beste diru batzuei babes penala emateari buruzkoa da faltsifikazioei aurre egiteko-.

  • c)  Espainiako araudi penala Organo-trafikoaren aurka borrokatzeari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmenera egokitzen da -Santiago de Compostelan sinatua, 2015eko martxoaren 25ean-.

Azken xedapenetako bigarrena. Eskumen-titulua.

Lege hau Konstituzioaren 149.1.6 artikuluan aurreikusitakoa baliatuz ematen da, artikulu horrek legeria penalaren arloan eskumen esklusiboa ematen baitio Estatuari.

Azken xedapenetako hirugarrena. Indarrean jartzea.

Lege organiko hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogei egunera jarriko da indarrean.

Horrenbestez,

Lege organiko hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2019ko otsailaren 20an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra