Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Zigor zuzenbidea  >>  Legeria

14/2015 Lege Organikoa, urriaren 14koa, Zigor Kode Militarrarena

2015-10-14

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2015/10/15, 247. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

11070

14/2015 Lege Organikoa, urriaren 14koa, Zigor Kode Militarrarena.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege organiko hau onartu dutela eta nik berretsi egiten dudala:

HITZAURREA

I

Abenduaren 9ko 13/1985 Lege Organikoaren bidez Zigor Kode Militarra onartzeak ez zuen zigor-legeen erreforma hutsa eragin, zigor-legeak Espainiako Konstituziora egokitzea baizik; 117.5 artikulua garatu zen horretarako, zigor-lege mesedegarrienaren legezkotasun-, erruduntasun-, berdintasun- eta atzeraeragin-printzipioak aldarrikatu baitzituen. Halaber, Justizia Militarrari buruzko Lege Organikoak bereiz kodetzeari ere ekin zitzaion –Prozedura Militarrari buruzko apirilaren 13ko 2/1989 Lege Organikoan amaituta–, era horretan sistema judizial militarra konstituzio-printzipioen arabera erreformatzeko asmo atzeraezina betetzeko.

Berritasun nagusien artean, 1985eko Zigor Kode Militarrak kode osoa edo integrala izateari utzi zion, eta Zigor Kodearen zigor-arau osagarri bihurtu zen, zigor-testu komunaren zigor-lege berezitzat hartzen baitzen. Hitzaurrean jasotako asmo hori guztiz betetzerik ez zen egon, ordea, zigorrak kodetzeko prozesu komunaren orduko ziurgabetasunagatik; izan ere, hamarkada bat itxaron behar izan zen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren bidez indarrean dagoen Zigor Kodea onartu arte. Zehaztugabetasun horren ondorioz, abenduaren 9ko 14/1985 Lege Organikoa aldarrikatu arren, kode arruntaren partzialki osagarria zen Zigor Kode Militarra baino ezin izan zen onartu 1985ean, eta luzeegia ere bazen kode militar garaikideen ereduekin alderaturik.

Hala bada, Zigor Kode Militar berri bat aldarrikatu behar da, batetik, indarrean jarri zenetik igarotako denboragatik eta Indar Armatuetako Kideen Eskubideei eta Eginbeharrei buruzko uztailaren 27ko 9/2011 Lege Organikoaren ()azken xedapenetatik zortzigarrenaren

3.zenbakian ezarritako aginduagatik, eta bestetik, zigor-lege berezia izan behar delako. Hori horrela, artikuluetan testu komunean tokirik ez duten manuak bakarrik jaso behar ditu edota, tokia edukita ere, haien aurreikuspen bereziren bat egin behar bada eta horrek Konstituzioan aitortutako esparru militarraren barruan lege militarrean gehitzea justifikatzen badu.

Izan ere, Espainiako Konstituzioaren 117.5 artikulua interpretaturik konstituzio- doktrinak adierazten duenez, jurisdikzio militarraren eremua hertsiki ezinbestekoa den horretara mugatzea da haren asmoa. Kontzeptu hori, normaltasun-garaian, militarrak baino ez diren delituei dagokie, bai Indar Armatuen berezko helburu, zeregin eta xedeekin zuzeneko lotura dutelako (Indar Armatuak ezinbestekoak baitira komunitatea konstituzio- ondasun modura defendatzeko eskakizunei erantzuteko), bai horiek ezagutzeko eta balizko errepresiorako berariazko bide judizial baten beharra dagoelako.

Ondorioz, Zigor Kode Militar hau idazteko orduan ideia nagusi hau izan dugu gogoan: zigor-arauak babestutako ondasun juridikoak hertsiki militarrak izan behar dira Konstituzioaren bidez Indar Armatuei dagozkien xedeen arabera, misioak betetzeko haien

esku jarritako baliabideen arabera, eta urratzea delitu militartzat jotzen diren obligazioen eta betebeharren izaera militarraren arabera.

Baina arrazoi gehiago ere badaude Zigor Kode Militarraren sakoneko erreformari ekiteko. Lehenik, antolamendu militarra modernizatzeko prozesua, Indar Armatuen jada amaitutako profesionalizazioa, indarraren antolamendu eta lurralde-hedapenerako eredu berria, eta Espainiako unitate militarrek gure lurraldetik kanpoko nazioarteko misioetan, unitate multinazionalen edo nazioz gaindiko erakundeen barruan, etengabe parte hartzea.

Bigarrenik, Espainiak onartutako hitzarmenezko obligazioak bete beharra dago, bereziki Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren urraketak prebenitu eta zigortzeari buruzkoak, bai eta Nazioarteko Zigor Auzitegiaren Estatutuari buruzko urriaren 4ko 6/2000 Lege Organikoaren ondoriozkoak ere.

Hirugarrenik, ezinbestekoa da delitu-figura berriak gehitzea. Figura horiek, berezko Tituluan bilduta, zigor-babesa eman behar diote militarren oinarrizko eskubideen eta askatasun publikoen gauzapenari, lehen aipatu dugun Indar Armatuetako Kideen Eskubideei eta Eginbeharrei uztailaren 27ko 9/2011 buruzko Lege Organikoaren aginduz. Erreforma horiei maila teknikoko beste batzuk ere erantsi behar zaizkie 1985eko Zigor Kode Militarraren jurisprudentzia-aplikazioan izandako esperientziaren ondorioz, bai eta terminologia gaur egungo ohiko hizkuntza tekniko-juridikora egokitzeko batzuk ere.

Arrazoi horiek justifikatzen dute Zigor Kode Militar oso bat lantzea. Kode hori onartzeak aplikazio praktikoa erraztuko du, orobat, aldatu beharko liratekeen manu ugariengatik eta haren edukia nabarmen murriztuko delako, bai atal orokorrean (oinarrizko printzipioak), bai atal berezian (delitu-tipologia). Murrizketa horren ondorioz, zigor-testu militarraren artikuluak 1985ean onartutakoaren erdiak ere ez dira, zigor-lege militarra Zigor Kode komunaren osagarri bihurtzearen ondorio logikoa dena, horrela gure eremu soziokulturaleko eta Defentsa Nazionalaren arloan harreman ohikoagoa dugun herrialdeen zigor-kode edo -lege militarren oraingo ereduekin bat etorriz.

II

Lege-testu berriak bi liburu ditu; lehena xedapen orokorrei buruzkoa da, eta bigarrenean delituen sailkapena eta haien zigorrak daude. Lehen liburuan argi ikus daiteke artikuluen murrizketa, Zigor Kodea osagarri modura aplikatzeagatik. Hori horrela, kode militarretik kendu dira beharrezko ez ziren xedapen ugari, zigor-lege militarraren osagarritasun- printzipio horretan sakonduta.

Lehen liburuaren I. tituluak Zigor Kode Militarraren aplikazio-eremua arautzen du lehenik, diziplinazko arau-hauste militarrak bereizita. Lehen artikuluak Zigor Kodearen xedapenen osagarritasuna aldarrikatzen du eta, edozelan ere, haren atariko titulua aplikatu behar dela dio; zigor-testu komunean jada onartuta dauden zigor-printzipioen erreferentziarik ez da egin behar horri esker.

Kode hau Guardia Zibileko kideei nola aplikatu zehatz-mehatz araututa dago manu horretan bertan, polizia-izaerako eginkizunetan betetako zerbitzuaren berezko egintzetan sar daitezkeen ekintzez edo ez-betetzeez arduratzeko eskumen-eremu militarra salbuetsita.

Auzitegi Goreneko Bosgarren Salaren eta Gatazka Salaren jurisprudentziak, indargabetutako Zigor Kode Militarraren 7.bis artikulua interpretatuz, adierazi zuen lege- gorputz hori aplikatu beharra zegoela Guardia Zibileko kideek, militar modura, arlo militarraren berezko ondasun juridikoei eragiten dieten egitateak gauzatzen dituztenean, batez ere hauei dagokienez: diziplina, hierarkia-harremana, barneko batasuna eta kohesioa, haien esku jarritako bitartekoen eta baliabideen babesa edo eginkizunak betetzea eta polizia-zerbitzuen barruan sartzen ez diren funtsezko eginbeharrak betetzea. Hala, normaltasun-egoeretan, haren manuak Guardia Zibileko kideei aplikatzea erabakitzeko, izaera militarreko gorputz batean zigor-babesik gabe gelditu ezin diren ondasun juridikoak hautatu ditugu, hala nola II. tituluan (diziplinaren aurkako delituak) babestutakoak, bai eta segurtasun eta defentsa nazionalaren aurkako delituak (I. titulua), oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak gauzatzeari buruzko delituak (III. titulua) eta zerbitzuko eginbeharren aurkako delituak (IV. titulua) ere. Izaera polizialeko eginkizunetan

betetako zerbitzuaren berezko egintzetan sar litezkeen ekintzak edo ez-betetzeak alde batera utzi dira I., III. eta IV. tituluetan aurreikusitako kasuetan.

Indargabetu beharreko Zigor Kode Militarrak «gerra-garaiak» esamoldeari egindako aipamenen ordez, tipo penal jakin batzuetan «gatazka armatuetan» esapidea erabiliko da, 1949ko abuztuaren 12ko Genevako Hitzarmenek, haren protokolo gehigarriek eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren arloko jurisprudentzia irmoak erabilitako kontzeptu eta terminologiarekin bat etorriz.

Beren horretan utzi dira, halaber, kode militarrean tradizioz zeuden definizioak; militarra, agintari militarra, zaintzailea, nagusia, zerbitzu-egintzak, etsaia edo agindua, besteak beste, Espainiak berretsitako barneko edo nazioarteko legeriaren ondoriozko eskakizunekin eta jurisprudentziak eta doktrinak emandako zehaztapenekin bat etorriz.

II.tituluak delitu militarra arautzen du. Horixe da, hain zuzen, kode honen kontzeptu nagusia, eta horren inguruan eraikitzen da zigor-lege militarraren berezitasuna eta Zigor Kodearekiko haren izaera osagarria. Hala, delitu militarraren nozioak ez ditu barne hartzen kode militarraren atal berezian (Bigarren Liburua) zehazki delitu militartzat hartzen direnak soilik, zigor-legeria komunean inkriminatuta dauden eta hertsiki edo funtsean militarrak diren ondasun juridikoak kaltetzen dituzten jokabideak ere jasotzen baititu, betiere horrelakoak egilearen izaera militarragatik kualifikatzen badira eta, gainera, erakunde militarraren interes, zerbitzu eta eraginkortasunean eragin berezia dutelako. Ikusmolde horren arabera, delitu militartzat jotzen dira traizio-delituak eta babestutako pertsonen eta ondasunen aurkako delituak gatazka armatuaren kasuan, baldin eta horrelakoak militar batek egin baditu, bere eskumenak gehiegikeriaz erabiliz eta lege hauetan ezarritako eginbeharrak urratuz: Indar Armatuetako Kideen Eskubideei eta Eginbeharrei buruzko uztailaren 27ko 9/2011 Lege Organikoa ()edo Guardia Zibileko Kideen Eskubideak eta Eginbeharrak arautzen dituen urriaren 22ko 11/2007 Lege Organikoa). Delitu militartzat ere hartzen da matxinadarena, baina gatazka armatuaren kasuan bakarrik.

Delitu militarretan inguruabar aringarri oso kualifikatutzat hartzen da nagusiaren probokazioa edo bestelako jarduketa bidegabea, baldin eta horrek zoroaldia, itsualdia edo pasiozko antzeko beste egoera bat eragin badio mendekoari. Berrerortzea ere definitzen da, kode honen ondoreetarako.

III. tituluak zigorrak, haien motak, ondoreak, aplikazio-arauak eta betetzea arautzen ditu. Nabarmena da Zigor-sistemaren sinplifikazioa eta Zigor Kodearen sistemara egindako egokitzapena, zigor astunen eta ez hain astunen sailkapena barne. Orobat zehazten da militarrei ezarritako askatasunaz gabetzeko zigorrak betetzeko tokia, alegia espetxe militarra, baita gatazka armatuetarako aurreikusitako berezitasunak ere. Isun-zigorra (erruzko delitu jakin batzuetarako ordezko zehapen gisa erantsita), une oroko lokalizazioko zigorra eta igoeren errebokatzea ezarri dira berritasun gisa.

Zigorrak aplikatzeko orduan, Zigor Kodean adierazitako arau berak beteko dituzte auzitegi militarrek, eta zigorra indibidualizatzea arrazoituko dute epaian.

Askatasunaz gabetzeko gutxieneko zigorra hiru hilabete eta egun bateko espetxealdia ezarrita, ahalmena ematen zaie auzitegiei zigor hori gradu batean edo bitan murrizteko, Zigor Kodeko arauen arabera hori egokia bada, baina ezin da inoiz bi hilabete eta egun bat baino txikiagoa izan, diziplina-araubide militarrean aurreikusitako atxiloaldiko hirurogei eguneko gehieneko zehapenetik bereizteko.

Gizartearentzako lanen zigorraren ordez Zigor Kodean jasotako une oroko lokalizazioko zigorra ezarri da, lehena ez baita oso egokia eremu militarrean betetzeko.

Askatasunaz gabetzeko zigorrak gauzatzearen ordezko erak aplikatzeko ahalmena ematen zaie auzitegi militarrei, eta Zigor Kodean aurreikusitako segurtasun-neurriak eta ondorio erantsiak aplikatzeko gaitasuna ere izango dute.

Kode honetatik desagertzen da Estatuaren erantzukizun penala eta erantzukizun zibil subsidiarioa azkentzeari buruzko arauen aipamen oro; izan ere, Zigor Kodean horri dagozkion arauak ordezko moduan aplikatzekoak dira, osagarritasun-printzipioa betez.

III

Bigarren Liburuak, «Delituak eta haien zigorrak», delitu militarrak tipifikatzen ditu eta haien zigorrak ezartzen ditu bere bost tituluetan; espezifikoki militarrak diren ez-zilegi penalak biltzen dira horietan, eta tipifikazio zehatza dago, legezkotasun- eta zorroztasun- printzipioa errespetatzen duena, eta behar bezala zaindu eta eguneratua. Zenbait delitutan, alternatibotasun-arazoak eta errepikapen gogaikarriak saihesteko, Zigor Kodean aurreikusitako deskribapen tipikorako igorpen hutsa baino ez dago, kode honetan nagusi den osagarritasun-printzipioarekin bat etorriz.

I. tituluak, zortzi kapitulu dituenak, segurtasun eta defentsa nazionalaren aurkako delituak zigortzen ditu.

I. kapituluak modu independentean tipifikatzen ditu traizio militarreko delitutzat hartu beharreko jokabide jakin batzuk, Zigor Kodearen traizio-delituan aurreikusita ez baitaude horiek, eta, haien astuntasunagatik, kode honetan ezarritako askatasunaz gabetzeko zigor handiena ezartzen die. II. kapituluan espioitza militarra berariazko delitu militar modura zehatzen da.

III.kapituluan, Segurtasun eta Defentsa Nazionalari buruzko sekretuak eta informazioak ezagutaraztea Zigor Kodean horrela tipifikatutako jokabideetara igortzen da, gatazka armatuetan edo setio-egoeran zigorra astunagotzeko. Zigor Kodera igortzeko teknika bera eta zigortzeko ondorio berak erabiltzen dira IV. kapituluan Segurtasun eta Defentsa Nazionalaren bitartekoen edo baliabideen aurkako atentatu-delituei dagokienez. Kapitulu horretan, instalazio edo establezimendu militarra bortxatzea zigortzen da, besteak beste.

V. kapituluak delitu militartzat jotzen du bando militarrak gatazka armatuetan edo setio- egoeran ez betetzea, eta VI. kapituluak, xedapen komunen epigrafean, jokabide jakin batzuk inkriminatzen ditu traizio- eta espioitza-delituei, potentzia aliatuari (definitzen du) eta prestatze-ekintzei (konspirazioa, proposamena eta probokazioa) dagokienez.

VII. kapituluan zaintzailearen, agintari militarraren indar armatuaren (definitzen du) eta polizia militarraren aurkako delituak daude elkartuta, eta haien berezitasunak ere jasota daude gatazka armatuetan, setio-egoeran edo nazioarteko operazio baten barruan (hertsagarria edo bakezkoa).

Espainiari (haren banderari, ereserkiari edo ikur edo enblemaren bati), Konstituzioari edo Erregeri eginiko irainak eta erakunde militarrari eginiko laidoak VIII. kapituluan inkriminatzen dira subjektu aktiboa militarra denean.

Arau-hauste penal militar ohikoenak diziplinaren kontrako delituak dira, II. tituluan elkartuta daudenak.

Diziplina militarra kolektiboki haustea albaramendu-delitu militar gisa zigortzen da I. kapituluan, eta astuntasun ezberdinetako jokabideak eta prestatzeko egintzak inkriminatzen dira. Astuntasun txikieneko jokabideak diziplinazko bide militarrean zigortu ahal izatea aurreikusita dago.

II. kapituluak obedientzia ukatzearen epigrafean tipifikatzen du nagusiari irain egitea eta desobeditzea. Nagusiari egindako irainaren barruan, ohiko egitezko tratu txarrak ez ezik, sexu-askatasunaren edo -ukigabetasunaren aurkako atentatuen inkriminazioa ere gehitu da.

Desobeditze-delituan, jurisprudentzia-doktrinak ondo finkatutako moduan deskribaturik, erantzukizun kriminalaren salbuespena jasotzen da, Zigor Kodean eta Nazioarteko Zigor Auzitegiaren Estatutuan aurreikusitakoaren antzeko moduan, aginduak desobeditzeagatik, baldin eta, agindu horiek argi eta garbi, bereziki Konstituzioaren kontra, delitu diren egintzak gauzatzea badakarte, edo gatazka armatuetako lege-manu baten edo Nazioarteko Zuzenbidearen ageriko arau-hastea, argia eta eztabaidaezina, diren egintzak gauzatzea badakarte. Delitu horren ondoreetarako, nagusiaren definizio bat erantsi da Indar Armatuetako Eskubideei eta Eginbeharrei buruzko uztailaren 27ko 9/2011 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat etorriz.

III. kapituluak agintekeria inkriminatzen du eta honako jokabide hauek zigortzen ditu, besteak beste: egitezko tratu txarra, tratu apalesgarria, gizagabea edo umiliagarria, jazarpen-egintzak (sexuala eta sexu-arrazoiagatik zein profesionala), mehatxuak,

derrigortzeak, irainak eta kalumniak, bai eta intimitatearen, norberaren eta laneko duintasunaren aurkako atentatuak eta bereizkeriazko egintzak.

Kode honen berritasun garrantzitsuenetako bat III. titulua da. Oinarrizko eskubideen eta askatasun publikoen gauzapenari dagokionez militarrek eginiko delituak zigortzen ditu titulu horrek; hala bada, eskubide eta askatasun horiei babes egokia emateaz gain, Indar Armatuetako Kideen Eskubideei eta Eginbeharrei buruzko uztailaren 27ko 9/2011 Lege Organikoaren azken xedapenetatik zortzigarrenaren 3. zenbakian adierazitako agindua ere betetzen du.

Zigor Kode Militarraren titulu luzeenak (IV. titulua) zortzi kapitulutan biltzen ditu zerbitzuko eginbeharren kontrako delituak. I. kapituluak koldarkeria inkriminatzen du, bidegabearen osagai subjektibo baten bidez kualifikatuta: militarra denari eskatu dakiokeen eginbehar militarra urratzen duen norberarentzako arriskuaren beldurra.

II.kapituluak desleialtasuna jasotzen du, eta gezurrezko informazio militarra zigortzen du; horren barruan atzera egitearen ondore aringarriak aurreikusita daude.

III. kapituluak egoteko eta zerbitzua emateko eginbeharren aurkako delituak zigortzen ditu. Hala bada, lehenik, destinoa edo bizilekua uztea zigortzen du, eta horrekin batera, diziplina-araubide militarrean ezarritako epeekin izan beharreko koordinazioa zaintzen du.

Betebehar militarrak betetzea bazter uzteko asmoa egon behar da desertzio-delitu klasikoa gertatzeko, eta asmo horrexek dakar unitatean, destinoan edo bizilekuan ez egotea edo ez aurkeztea.

Kapitulu horretan batez ere inkriminatuta daude honako jokabide hauek: egoteko eginbeharra bereziki urratzea etsaiaren, matxinoen edo albarazaleen aurrean edo egoera kritikoetan, lehorrean gelditzea itsasontzia edo aireontzia irteten denean, bai eta nahita ezdeus bihurtzea eta simulatzea zerbitzutik salbuesteko ere. Kapitulua amaitzeko, prestatzeko egintzak zigortzen dituen xedapen komun bat dago.

IV. kapituluak aginteko eginbeharren aurkako delituak zigortzen ditu; hala, lehenik, gatazka armatuko hainbat egoeratan edo setio-egoeran eginbeharrak urratzea zehatzen du. Agintariaren erantzukizuna ere modu berezian arautzen da, eta mendekoen aldetiko agintekeriaren, gehiegikerien eta delitu militarren aurreko tolerantzia zigortzen da. Kapituluaren amaieran, azkenik, agintaritzan jardutean izandako gehiegikeriak zein unitatea beharrik gabeko arriskuen mende jartzea tipifikatu dira.

V. kapituluan zerbitzuaren urraketak jaso dira; arma-zerbitzu bat edo beste edozein zerbitzu une jakin batzuetan uztea inkriminatu da lehenik. Bigarrenik, zaintzaile- eginbeharren aurkako delituak arautu dira, hala nola postua bertan behera uztea, betebeharrak ez betetzea zerbitzuari kalte larria eginda edo aireko espazioak zaintzeko eginkizunak ez betetzea. Armen zerbitzu-egintzan edo agintean mozkortuta edo drogatuta egotea zigortzen da azkenik.

VI. kapituluan militarrek sorospen-eginbeharra ez betetzea zigortzen da; horien artean jasotzen dira jokabide gaitzesgarrienak, gatazka armatuan edo setio-egoeran sortutako arrisku-egoerak direlako, bai eta arrisku larrian dagoen kideari ez laguntzearen inkriminazioa ere. Zigor Kodera igorrita ere zigortzen da militarrak Administrazio Publikoekiko lankidetza-misio batean laguntzarik ez ematea.

Kode honetan berritasun handiena duen kapitulua zerbitzuko eraginkortasunaren kontrako delituei buruzkoa da (VII. kapitulua). Barne hartzen ditu jokabide zuhurtziagabeak zein babestutako ondasun juridikoan zuzenean eragiten duten eginbehar militarrak: eraginkortasuna hertsi-hertsian militarrak diren zereginak garatzeko orduan. Horrela bada, lehenik, Zigor Kodean aurreikusitako kalte jakin batzuk zigortzen dira, militar batek eragindakoak direnean, baita zuhurtziagabekeria astunaren ondoriozko bestelako jokabide kaltegarriak ere. Horrelako kalteen tipifikazioan jasotzen dira naufragioak, abordatzeak, hondartzeak, bidegabeko lurreratzeak edo beste aireontzi batekin talka egiteak eragindakoak, eta 1985eko Zigor Kode Militarraren VII. titulu desagertuan (nabigazioarekin lotutako zerbitzu-eginbeharren aurkako delituei buruzkoa) ageri ziren delitu nautiko bereizgarrienak inkriminatzen dira.

Bigarrenik, besteak beste, agindu orokor baten dolozko ez-betetzea, jasotako agindu bat zuhurgabekeriaz ez gordetzea eta jokabide jakin batzuk zigortzen dira; azken horiek

arrisku-ekintzak edo oinarrizko eginbehar militarren dolozko ez-betetzeak dira, zerbitzuari kalte larria eragiten diotenak.

Kriminologia-errealitateak gehien eskatutako berrikuntza, legeria erkatuan adibide ugari dituena, droga toxikoen, estupefazienteen edo substantzia psikotropikoen legez kanpoko trafikoaren inkriminazioa da, Zigor Kodearen tipoetara igorrita, betiere horrelakoak militar batek egiten baditu instalazio militar, itsasontzi, aireontzi, kanpamendu edo jardunetan. Egoera horiek zerbitzu-prestazioko eraginkortasunari eragiten diote zalantzarik gabe, eta ageriko arriskua dakarkiete armak eta arreta berezia behar duten bitartekoak erabiltzen dituztenei; delitu horren zigorra eremu hertsiki militarrera gehitu behar da, horrenbestez.

Kapitulu horretan tipifikatutako beste delitu nabarmen bat armen zerbitzu-egintzan izandako zuhurtziagabekeria da, horrek heriotza edo delitu diren lesioak dakartzanean. Zigor Kodean giza hilketa edo zuhurtziagabekeriazko lesioetarako aurreikusitako zigorretara igortzen da hori zigortzeko.

Azkenik, VIII. kapituluak uniforme edo bereizgarri militarrak bidegabe erabiltzea inkriminatzen du, eta zerbitzuaren beste eginbehar batzuen aurkako delitutzat hartzen du.

Horrez gain, berariaz zigortzen da militar batek delitu-jazarpena sustatzeari uzteko edo horrelakoak ez salatzeko ekintza.

Kode honen bigarren zatiko V. titulua, azkena, eremu militarreko ondarearen aurkako delituei buruzkoa da. Arau-hauste klasikoen ondoan –kreditua ustezko arretarako eskatzea–, Zigor Kodean aurreikusitako tipoetara igorrita inkriminatzen dira militar batek erregelamenduzko ekipo, material edo gauzekin lotuta egindako ebasketa, lapurreta, bidegabeko jabetze eta kalteen delituak.

Osatu egiten da Administrazio Militarrari eragiten dion kontratu batean interesak lortzeko militar bat bere izaeraz baliatzearen tipifikazioa, Zigor Kodearen 441. artikuluan aurreikusitako delitura igorrita jokabide gaitzesgarri horien zigorra osatzeko.

Halaber, kontratua ez betetzea zigorrarekin zehatzen da gatazka armatuko kasuan edo setio-egoeran, baldin eta Defentsa Nazionalaren interesak kaltetuta gertatzen badira. Titulua amaitzeko errezibitzea berariaz inkriminatzen da, eta hori zigortzeko, Zigor Kodean aurreikusitako zigor eta neurrietara igortzen du.

IV

Kode honetara bi xedapen gehigarri erantsi dira, baita dagozkion xedapen iragankorrak eta indargabetzailea ere.

Azken xedapenetatik lehenak Jurisdikzio Militarraren Eskumenari eta Antolaketari buruzko uztailaren 15eko 4/1987 Lege Organikoaren) manu ugari eta garrantzitsuak aldatzen ditu, zehazki Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak organo judizial militarretako kideen izendapenean duen esku-hartzea arautzeko. Azken xedapenetatik bigarrenak Prozedura Militarrari buruzko apirilaren 13ko 2/1989 Lege Organikoaren hainbat manu aldatzen ditu.

Azken xedapenetatik hirugarrenak eta laugarrenak beharrezko diren egokitzapenak egiten dituzte Karrera Militarrari buruzko azaroaren 19ko 39/2007 Legearen eta Guardia Zibileko Langileen Araubideari buruzko azaroaren 28ko 29/2014 Legearen artikuluetan, aldi baterako enplegu gabe uzteko zigor militarraren ondoreei dagokienez, hain zuzen.

Azken xedapenetatik bosgarrenak falta astun bat aldatzen eta berri bat gehitzen du Indar Armatuen Diziplina Araubideari buruzko abenduaren 4ko 8/2014 Lege Organikora.

V

Izapidetzean, lege organiko honetaz, aurreproiektu gisa, irizpena eman dute honako hauek: Indar Armatuetako eta Guardia Zibileko elkarte profesionalek, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Kontseilu Fiskalak, Indar Armatuetako Langileen Kontseiluak, Guardia Zibileko Kontseiluak eta Estatuko Kontseiluak.

LEHEN LIBURUA

Xedapen orokorrak

I. TITULUA

Zigor Kode Militarraren aplikazio-eremua eta definizioak

1.artikulua.

1.Zigor Kode Militarra delitu militarrak diren arau-hausteei aplikatuko zaie. Indar Armatuetako eta Guardia Zibileko kideek egindako diziplinazko arau-hausteak berariazko legeriaren arabera zuzenduko dira.

2.Zigor Kodearen xedapenak delitu militarrei osagarri gisa aplikatuko zaizkie kode honek berariaz aurreikusi gabeko kasuetan. Zigor Kodearen Atariko Titulua aplikatuko da, nolanahi ere.

3.Delitu militarra den egite edo ez-egite bati Zigor Kodean zigor astunagoa dagokionean, Jurisdikzio Militarrak kode hori aplikatuko du.

4.Kode hau Guardia Zibileko kideei eta kidego horren prestakuntza-irakaskuntzako ikasleei aplikatuko zaie honako kasu hauetan:

a)Gatazka armatuko garaian.

b)Setio-egoera indarrean dagoenean.

c)Agintzen dizkieten misio militarrak betetzean.

d)Indar Armatuetako Unitateetan dauden bitartean.

5.Aurreko zenbakian aurreikusitako kasuetatik kanpo, Zigor Kode Militarra Guardia Zibileko kideei eta kidego horren prestakuntza-irakaskuntzako ikasleei aplikatuko zaie, kode honen Bigarren Liburuko II. Tituluan delitu militar gisa aurreikusitako egiteak edo ez-egiteak direnean.

Pertsona horiei ere aplikatuko zaie Bigarren Liburuko I., III. eta IV. tituluetan tipifikatutako delituak egiteagatik; horrelako kasuetatik kanpo geldituko dira, ordea, polizia- izaerako eginkizunetan betetako zerbitzuaren berezko egintzak izan litezkeen egiteak edo ez-egiteak.

6.Nazioarteko Tratatuetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, kode honen manuak aplikagarri zaizkie bertan aurreikusitako egitate guztiei, horiek edonon eginda ere.

2.artikulua.

Kode honen ondoreetarako, militarrak dira delitua egiteko unean izaera hori dutenak, izaera hori eskuratzeari eta galtzeari buruzko legeekin bat etorriz eta, zehazki, haren berariazko legerian berariaz zehaztutako salbuespenekin:

1.Indar Armatuekin edo Guardia Zibilarekin zerbitzu profesionalen harremana dutenak, betiere izaera militarra etenda duten administrazio-egoera batera igaro ezean.

2.Erreserbistak, Indar Armatuetan aktibaturik daudenean.

3.Prestakuntza-ikastetxe militarretako ikasleak eta borondatezko erreserbista izan nahi dutenak, prestakuntza militarreko aldian.

4.Guardia Zibilaren prestakuntza-irakaskuntzako ikasleak.

5.Militarrekin parekatuta gelditzen direnak eta militartzat hartuak direnak, Alarma, Salbuespen edo Setio Egoerak arautzen duen Lege Organikoaren eta hori garatzeko arauen arabera.

6.Gatazka armatuetan edo setio-egoeran, konboi batean militarrak ez diren itsasontzi eta aireontzietako kapitainak, komandanteak edo eskifaiako kideak, militarren eskolta edo zuzendaritza badute, bai eta gerraontzietan eta Guardia Zibilaren itsasontzietan dauden pilotuak ere.

7.Gerra-presoak, Espainia bada horiek atxilotu dituena.

3. artikulua.

Kode honen ondoreetarako, hauek dira agintari militarrak:

1.Erregea, Gobernuko presidentea, Defentsako ministroa eta haien prerrogatiba edo eginkizunei datxezkien Konstituzio- edo lege-eskumenen gauzapenean ordezten dituztenak.

2.Defentsako Estatu Nagusiko burua, Defentsako idazkariordea, eta Lehor Armadako, Itsas Armadako eta Aireko Armadako Estatu Nagusiko buruak.

3.Indar, unitate, zentro edo erakundearen gainean agintea, buruzagitza edo zuzendaritza duten ofizial jeneralak edo, kargua edo eginkizuna dela eta, toki edo lurralde jakin batean jurisdikzioa egotzita dutenak.

4.Militarrak, baldin eta gatazka armatuak edo setio-egoera daudenean bereiz jarduten duen unitateko buruak badira, ekintza militarra iristen den espazioan.

5.Auzitegi Militarretako presidente auditoreak eta kideak, fiskal juridiko militarrak eta epaile togadun militarrak.

6.Estatuko lurraldetik kanpo dauden bitartean, gerraontzi edo aireontzi militarren komandanteak eta zerbitzuren baterako bereizitako ofizialak hori bete behar duten toki, ur edo esparruetan, baldin eta horietan ez badago agintari militarrik eta agindutako misio militarrari dagokionez.

7.Kanpoko operazioetan parte hartzen duten unitateetako buruak, indarra erabiltzea ekarri edo ez, unitateek operazio horietan parte hartzen dutenean, Estatuko lurraldetik kanpo dauden bitartean.

4.artikulua.

1.Zaintzailea, kode honen ondoreetarako, honako hau da: militar bat, armen zerbitzu- egintzan eta agindu bat betez, bere ardurapean utzitako postua zaintzen duena, eginkizunen arabera dagokion suzko arma agerian daramala.

2.Halakotzat ere hartzen dira hau diren militarrak:

a)Segurtasun-guardietako kideak beren eginkizunetan.

b)Transmisio, komunikazio edo informatikako sare militarren operadoreak beren eginkizunetan.

c)Zerbitzua ematen duten zentro edo estazioei ardurapean utzitako espazioak zaindu eta kontrolatzeko sistema elektronikoen operadoreak edo espazio horietako behatzaileak, beren eginkizunetan.

5.artikulua.

1.Kode honen ondoreetarako eta 44. artikuluaren 4. zenbakian xedatutakoa alde batera utzi gabe, nagusia da, beste bati dagokionez, hierarkian goragoko enplegua betetzen duen militarra, edo titular gisa edo erregelamenduzko ondorengotza bidez betetzen duen kargu edo eginkizunagatik agintaritza, agintea edo jurisdikzioa duena.

2.Nagusitzat hartuko dira, Espainiak atxilotutako gerra-presoei dagokienez, Espainiako militarrak, edozein enplegua dutela ere, haien zaintzaren ardura dutenean eta horrelako eginkizunetan.

6.artikulua.

1.Kode honen ondoreetarako, zerbitzu-egintzak dira militar bakoitzaren berariazko zereginetan dagozkion eginkizunekin zerikusia duten guztiak.

2.Kode honen ondoreetarako, armen zerbitzu-egintzak dira gauzatzeko armak erabiltzea, maneiatzea edo baliatzea eskatzen duten guztiak, haien izaera edozein izanik ere, aplikatu beharreko xedapen orokorrekin edo horri dagokionez behar bezala emandako agindu bereziekin bat etorriz, baita horiek prestatzeko egintzak ere, banakoak nahiz taldekakoak izan, zerbitzu hori emateko deiarekin batera hasten denetik guztiz bukatzen

den arte; halakotzat ere hartzen dira armen zerbitzuaren beraren aurretik edo ondoren berarekin zerikusia duten edo eragiten dioten egintza guztiak.

Halaber, horrelakotzat joko dira gerraontzien edo Guardia Zibilaren itsasontzien nabigazioarekin edo aireontzi militarren hegaldiarekin zuzeneko lotura duten egintzak. Izaera hori izango dute, orobat, transmisio, komunikazio edo informatikako zerbitzuek, espazio erradioelektriko edo zibernetikoa, irudiak edo datuak detektatu eta aztertzeko zerbitzuek eta operazio militarrak garatzen diren espazioak zaintzeko eta kontrolatzeko beste edozein zerbitzuk.

7.artikulua.

1.Dekretu honen ondoreetarako, hauek dira etsaiak:

1.Espainiarekin gatazka armatua duen alde bateko indar armatuetako kideak.

2.Alde etsai horren aginduetara, kontura edo laguntzarekin operazio armatua gauzatzen duen indar, erakunde edo talde oro.

3.Estatukoak ez diren talde armatuen indarrak, erakundeak edo taldeak, baldin eta Espainiak, nazioarteko ordenamenduarekin bat etorriz, nazioarteko operazio hertsagarri edo bake-operazio bat garatzen edo horretan parte hartzen duen esparruan jarduten badute.

4.1977ko ekainaren 8ko I. Protokoloko (1949ko abuztuaren 12ko Genevako Hitzarmenen gehigarria) 1. artikuluaren 4. zenbakiak aipatutako talde armatu antolatuak, Espainiarekin gatazka armatuetan badaude.

2.Lehor, itsas edo aireko indarrak etsaiaren edo matxinoen edo albarazaleen aurrean dago, kode honen ondoreetarako, haien kontra etsaitasun-ekintzak zuzentzeko, berehala borrokari ekiteko edo haien erasoen jomuga izateko moduko egoeran daudenean, bai eta, operazio-eremuan hedatuta egonik, gerra-operazio batean parte hartzeko edo bere indar armatua gatazka armatu batean edo nazioarteko operazio hertsagarri edo bake-operazio batean erabiltzeko deia jasotzen duenean ere.

3.Kode honen ondoreetarako, egoera kritikotzat hartzen dira pertsonen osotasunerako edo agindutako misioa betetzeko berehalako arriskua dakarten egoerak, bai eta arduradunak zerbitzuak betetzen dituen unitateari, gerraontziari edo Guardia Zibilarenari edo aireontzi militarrari arrisku larria edo berehalakoa dakarkioten egoerak ere.

8. artikulua.

Agindua da nagusi militar batek mendeko bati ematen dizkion aginduak (zerbitzuari buruzko aginduak, alegia) egokiro eta dagozkion eskumenen barruan, jarduketa zehatza betetzeko edo ez egiteko.

II. TITULUA

Delitu militarra

9.artikulua.

1.Delitu militarrak dira kode honen Bigarren Liburuan aurreikusitako dolozko edo zuhurtziagabekeriazko egiteak edo ez-egiteak.

2.Halaber, delitu militarrak dira militar batek gauzatutako beste edozein egite edo ez-egite, Zigor Kodean tipifikatuta badago, besteak beste:

a)Traizio-delituak zein babestutako pertsonen eta ondasunen aurkako delituak gatazka armatuaren kasuan, xedapen komunak barne, betiere eskumenak gehiegikeriaz erabiliz edo hauetan ezarritako eginbeharrak urratuz egiten badira: Indar Armatuetako Kideen Eskubideei eta Eginbeharrei buruzko uztailaren 27ko 9/2011 Lege Organikoa edo

Guardia Zibileko Kideen Eskubideak eta Eginbeharrak arautzen dituen urriaren 22ko 11/2007 Lege Organikoa.

b)Matxinada-delitua, nazioarteko gatazka armatuaren kasuan.

3.Zigor Kodean artikulu honen bigarren zenbakian aurreikusitako delituentzat ezarritako zigorren gehieneko muga bosten bat handituko da, betiere arau-hauste penalaren subjektu aktiboaren agintari- edo funtzionario-izaera legez jada hartu bada kontuan delitua deskribatzean edo zigortzean.

10.artikulua.

1.Delitu militarretan inguruabar aringarri oso kualifikatutzat hartuko da aldez aurretik nagusiaren aldetik probokazioa edo bestelako jarduketa bidegabea egotea, baldin eta horrek zoroaldia, itsualdia edo pasiozko antzeko beste egoera bat eragin badio subjektuari.

2.Kode honen ondoreetarako, berrerortzea dagoela joko da, baldin eta, errudunak, delitu egiten duenerako, betearazi beharreko kondena jaso badu kode honen titulu berean edo kode honen 9. artikuluaren 2. zenbakian aurreikusitakoren batean jasotako delituagatik, betiere izaera berekoak badira.

Ez dira kontuan hartuko ezereztu diren edo ezereztu beharko liratekeen aurrekariak.

III. TITULUA

Zigorrak

I. KAPITULUA

Zigorrak eta haiek klaseak

11. artikulua.

Kode honen II. liburuan jasotako delituengatik ezar daitezkeen zigor nagusiak, hala adierazitako kasuetan Zigor Kodea aplikatuta egokiak direnak alde batera utzita, honako hauek dira:

1. Astunak:

Hiru urtetik gorako espetxealdia.

Lanpostua galtzea.

Desgaikuntza absolutua gerraontzian edo aireontzi militarrean agintzeko.

2.Ez hain astunak:

Hiru hilabete eta egun batetik hiru urtera arteko espetxealdia.

Bi hilabete eta egun batetik hiru urtera arteko espetxealdia.

Enplegu-etenaldi militarra, hiru hilabete eta egun batetik hiru urtera artekoa.

Bi eta sei hilabete bitarteko isuna.

Une oroko lokalizazioko zigorra, bi hilabete eta egun batetik sei hilabetera artekoa.

Zigor erantsiak dira enplegua galtzea, enplegu-etenaldi militarra eta igoerak errebokatzea.

12.artikulua.

1.Espetxe-zigorrak bi hilabete eta egun bat iraungo du gutxienez, eta hogeita bost urte gehienez, Zigor Kodea aplikatuta salbuespen gisa ezarritakoa salbu.

2.Militarrei ezarritako askatasunaz gabetzeko zigorrak Defentsa Ministerioak izendatutako espetxeko establezimendu militarrean beteko dituzte, betiere delitu arruntagatik ezarritako askatasunaz gabetzeko zigorra, Indar Armatuetan edo Guardia

Zibilean baja ematea ere badakarrena, ez bada; horrelako kasuetan espetxeko establezimendu arruntean beteko da, gainontzeko zigortuetatik bereizita.

3.Une oroko lokalizazioko zigorra, Zigor Kodean aurreikusitakoarekin bat etorriz, zigortuaren bizilekuan beteko da edo, hala dagokionean, Defentsa Ministerioak izendatutako espetxeko establezimenduan.

4.Gatazka armatuetan, militarrei ezarritako askatasunaz gabetzeko zigorrak destinaturik dauden unitatean eta aginte militarrak izendatutako zereginetan bete ahal izango dira, kanpainaren eta diziplinaren eskakizunekin bat etorriz, aldez aurretik jakinarazita eta organo judizial jarduleak onartuta.

13.artikulua.

Gerraontzi edo aireontzi militarrean agintzeko desgaikuntza absolutuko zigorrak

horrelakoen aginteaz gabetuko dio zigortuari modu iraunkorrean.

Isun-zigorra Zigor Kodean ezarritako sistemaren bidez zehaztu eta aplikatuko da.

14. artikulua.

Kautelaz edo prebentzioz erabakita askatasunaz edo eskubideez gabetuta emandako denbora baliagarria izango da kondena betetzeko, Zigor Kodean aurreikusitako moduan.

Baliagarria izango dira, orobat, atxiloaldia eta diziplinazko atzipenaldia, baita eginkizunez gabetuta egondako denbora ere, gertaera berberengatik jasan baditu eta babestutako ondasun juridiko bera bada.

II. KAPITULUA

Zigor erantsiak

15. artikulua.

Zigor Kodean aurreikusitako zigor erantsiak ez ezik, militarrentzat hiru urte baino gehiagoko espetxe-zigorrak enplegua galtzea ere ekarriko du, eta epe hori baino gutxiago irauten duenak, berriz, enplegu-etenaldi militarraren zigor erantsia.

Dolozko delituagatik sei hilabete baino gehiagoko espetxe-zigorrera kondenatutako militarren kasuan, epaian delitutzat jotako egitateak izan zirenetik epai hori irmo bilakatu arte kondenatuak erdietsitako enplegu edo enpleguetarako igoerak errebokatzeko zigor erantsia ere ezarri ahal izango du Auzitegiak. Epaian berariaz arrazoitu beharko du hori, ordea, kode honen 19. artikuluan jasotako zigorrak indibidualizatzeko irizpideei jarraikiz.

III. KAPITULUA

Zigorren ondoreak

16. artikulua.

Edozein militarri ezarritako espetxe-zigor orok eragingo du haren iraupena ez dela zerbitzurako baliagarria izango.

17.artikulua.

1.Enplegua galtzeko zigorrak, iraunkorra denak, zigortuak Indar Armatuetan edo Guardia Zibilean baja ematea ekarriko du, horietan hartutako eskubide guztiez gabetuta, legozkiokeen eskubide pasiboak izan ezik.

2.Prestakuntza-ikastetxe militarretako ikasleentzat, gainera, zigor horrek ikastetxean baja ematea ere ekarriko du, ikasle-izaera galduta.

18. artikulua.

Enplegu-etenaldi militarreko zigorrak haren berezko eginkizun guztiez gabetuko du, kondenak irauten duen denboran. Enpleguan betetzen duen postuan geldiaraztea ere ekarriko du, eta ez da zerbitzurako baliagarria izango. Etenaldia amaiturik, bukatu egingo da enpleguko immobilizazioa, eta postu-galera behin betikoa izango da.

IV. KAPITULUA

Zigorrak aplikatzea

19.artikulua.

1.Auzitegi Militarrek delitu militarrentzat aurreikusitako zigorra ezarriko dute zigorrak aplikatzeko Zigor Kodean ezarritako arauei jarraikiz.

2.Nolanahi ere, dolozko delituak badira eta aringarri edo astungarririk ezean, legez ezarritako zigorra aplikatuko dute egoki deritzoten hedadurarekin, honako hauek kontuan harturik: errudunaren inguruabar pertsonalak, graduazioa, eginkizun militarra, horretara zerk bultzatu zuen, egitatearen berezko astuntasuna eta garrantzia, eta delitua egindako zerbitzu edo tokiarekin zer harreman duen.

3.Epaian arrazoitu beharko da egindako zigor-indibidualizazioa.

20.artikulua.

Legean zigor klase bakoitzari adierazitako gutxieneko zenbatekoek ez dituzte Auzitegi Militarrak mugatuko; izan ere, zigor hori gradu batean edo bitan murrizteko aukera ere izango dute, Zigor Kodean dagokion araua aplikatuz behar den moduan, baina inola ere ezin dute ezarri bi hilabete eta egun bat baino gutxiagoko espetxe-zigorrik.

Nagusi gisa ezarritako enplegu-galera baino gradu bat gutxiagoko zigorra enplegu- etenaldi militarrarena izango da.

21. artikulua.

Kode honetan aurreikusitako delitu militarrentzat Zigor Kodean ezarritako zigorra gizartearentzat lan egiteko zigorra bada, militarrei une oroko lokalizazioko zigorra ezarriko zaie bi hilabete eta egun batetik hiru hilabetera arteko aldiaz.

V. KAPITULUA

Askatasunaz gabetzeko zigorren betearazpena etetea, zigorrak betearaztearen

ordezko formak eta baldintzapeko askatasuna

22.artikulua.

1.Zigor Kodean aurreikusitako askatasunaz gabetzeko zigorrak betearaztearen ordezko formak aplikatu ahal izango dituzte Auzitegi Militarrek, askatasunaz gabetzeko zigorren betearazpena etetea barne.

2.Auzitegi Militarrek Zigor Kodean xedatutakoari jarraituko diote horrelako neurriak hartzeko.

3.Zigor Kodean ezarritakoarekin bat etorriz aplikatuko da baldintzapeko askatasuna.

VI. KAPITULUA

Segurtasun-neurriak eta ondorio erantsiak

23. artikulua.

Auzitegi Militarrek, hala dagokionean, Zigor Kodean aurreikusitako segurtasun-neurriak eta ondorio erantsiak aplikatuko dituzte.

BIGARREN LIBURUA

Delituak eta haien zigorrak

I. TITULUA

Segurtasun eta defentsa nazionalen aurkako delituak

I. KAPITULUA

Traizio militarra

24. artikulua.

Zigor Kodean traizio-delituarentzat aurreikusitakoa gorabehera, militarrek hamabost eta hogeita bost urte bitarteko espetxe-zigorra jasoko dute, baldin eta, etsaiaren alde egin nahian:

1.Indar, itsasontzi edo aireontzi batean agintea duena derrigortzen badute amore emateko, errenditzeko, borroka atzeratzeko edo atzera egiten hasteko.

2.Lerroetatik ihes egiten badute etsaiarekin bat egiteko.

3.Adorea kentzen duten albisteak hedatu edo zabaltzen badituzte edo beste edozein egintza ezkor egiten badute.

4.Sabotaje-egintzak egiten badituzte, gerra-operazioak oztopatzen badituzte edo beste edozein modu eraginkorrez defentsa militarrera atxikitako baliabide edo bitartekoei kalte egiten badiete.

II. KAPITULUA

Espioitza militarra

25. artikulua.

Baldin eta, atzerritar batek, gatazka armatuetan, ezkutuko edo isilpeko edo interes militarreko sailkatutako informazioa eskuratzen, zabaltzen, aldatzen edo erabilezin bihurtzen badu, eta horrek kalte egin badiezaieke segurtasun edo defentsa nazionalari, edo Indar Armatuek edo Guardia Zibilak erabilitako bitarteko tekniko edo sistemei edo interes militarreko industriei, edota hori atzerriko potentzia bati, nazioarteko elkarte edo erakunde bati jakinarazten badio, hamar eta hogei urte bitarteko espetxe-zigorra jasoko du, espioi gisa.

Delitu hori egiten duen Espainiako militarra traizio militarreko delitu baten egiletzat hartuko da, eta aurreko artikuluan aurreikusitako zigorra jasoko du.

III. KAPITULUA

Segurtasun eta defentsa nazionalei buruzko sekretuak eta informazioak

ezagutaraztea

26. artikulua.

Zigor Kodearen 277. edo 598.-603. artikuluetan aurreikusitako edozein delitu egiten duen militarrak bertan ezarritako zigorra jasoko du, baina haren gehieneko muga bosten bat handituta. Gatazka armatuetan edo setio-egoeran, dagokion zigorra baino gradu bat edo bi gehiago ezarriko da.

IV. KAPITULUA

Segurtasun edo defentsa nazionalen bitartekoen edo baliabideen aurkako

atentatuak

27. artikulua.

Militar batek, segurtasun edo defentsa nazionalen bitarteko edo baliabideen aurka egiteko asmoz, Zigor Kodearen 264.–266. edo 346. artikuluetan aurreikusitako delituren bat egiten badu, delitu horietarako aurreikusitako zigorra jasoko du baina haren gehieneko mugaren bosten bat handituta. Zigor bera ezarriko zaio Zigor Kodearen 346. artikuluan tipifikatutako delitua egiten duenari, gatazka armatuetan edo setio-egoeran, militarra ez denean.

28. artikulua.

Militar batek gezurrez salatzen badu Indar Armatuetara edo Guardia Zibilera atxikitako tokietan lehergailuak edo antzekoak daudela edo garraioa, hornidura, transmisioak edo era guztietako misio militar bat nahita oztopatzen badu, sei hilabete eta sei urte bitarteko espetxe-zigorra jasoko du.

Dagokion zigorra baino gradu bat gehiagokoa ezarriko zaio gatazka armatuetan edo setio-egoeran delitu hori egiten duenari.

29. artikulua.

Zentro, dependentzia edo establezimendu militar batean nagusiaren borondate espresu edo tazituaren aurka sartzen edo gelditzen denari, edo horrelakoak babesteko ezarritako segurtasun-neurriak urratzen dituenari hiru hilabete eta egun batetik lau urtera arteko espetxe-zigorra jarriko zaio.

V. KAPITULUA

Gatazka armatuetan edo setio-egoeran bando militarrak ez betetzea

30. artikulua.

Agintari Militarrek gatazka armatuetan edo setio-egoeran ematen dituzten bandoetan jasotako preskripzioak betetzeari uko egiten dionari edo horrelakoak betetzen ez dituenari 3 hilabete eta egun batetik 6 urtera arteko espetxe-zigorra ezarriko zaio.

VI. KAPITULUA

Aurreko kapitulutarako xedapen komunak

31.artikulua.

1.Militar batek baldin badaki traizio- edo espioitza-delitu bat egin nahian ari direla, eta ez baditu eskura dituen bitartekoak baliatzen hori saihesteko, 5 eta 15 urte bitarteko espetxe-zigorra jasoko du. Nagusiei salatu ezean, zigorra beheko erdian ezarriko da.

2.Traizio- edo espioitza-delitu batean esku hartzen dutenak salbuetsita geldituko dira, gauzatzea saihesteko behar besteko aurrerapenaz salatzen badute.

32.artikulua.

1.Titulu honen I.-V. kapituluetan aurreikusitako delituetarako ezarritako zigorrak edo ezarritako zigorra baino gradu bat gutxiagokoak ezarriko dira horrelakoak potentzia aliatu baten kontra ere egiten dituztenean.

2.Kode honen ondoreetarako, potentzia aliatutzat hartuko da Espainia tratatu edo aliantza militar edo defentsako baten bidez batuta dagoen estatu edo nazioarteko erakunde oro, bai eta beste edozein estatu edo nazioarteko erakunde, baldin eta gatazka armatu batean parte hartzen badu etsai komun baten kontra, operazio armatu batean laguntzen badu edo nazioarteko operazio hertsagarri edo bake-operazio batean parte hartzen badu nazioarteko ordenamenduarekin bat etorriz, horrelakoetan Espainiak ere parte hartzen badu.

33.artikulua.

Titulu honetako I.-V. kapituluetan aurreikusitako delituak egiteko konspirazio, proposamen eta probokazioak adierazitako zigorrak baino gradu bat gutxiagoko zigorra jasoko du.

VII. KAPITULUA

Zaintzailearen, agintari militarraren, indar armatuaren edo polizia militarraren

aurkako delituak

34. artikulua.

Zaintzailearen aginduak betetzen ez dituenak edo horiei aurka egiten dienak hiru hilabete eta egun batetik bi urtera arteko espetxe-zigorra jasoko du. Egitezko tratu txarra emanez gero, lau hilabetetik hiru urtera arteko espetxe-zigorra jasoko du, eragindako lesioen ondorioz Zigor Kodearekin bat etorriz egoki izango litzatekeen zigorra alde batera utzi gabe.

Aurreko lerrokadan ezarritako zigorrak baino gradu bat gehiagokoak ezarriko dira, honako inguruabar hauetakoren bat dagoenean:

1.Egitatea armekin edo bestelako bitarteko arriskutsuekin gauzatuz gero.

2.Ekintza gatazka armatuetan, setio-egoeran edo nazioarteko operazio hertsagarri edo bake-operazio baten barruan gertatzen bada.

35.artikulua.

1.Baldin eta militar batek Zigor Kodearen 550.–556. artikuluetan aurreikusitako delituren bat egiten badu agintari militarraren, indar armatuaren edo polizia militarraren aurka, agintaritzako agenteen eginkizunetan daudenean, han aurreikusitako zigorra jasoko du, haien gehieneko muga bosten bat handituta, baldin eta legeak ez badu aurretik kontuan hartu arau-hauste penala gauzatzen duen subjektu aktiboaren agintari- edo funtzionario-

izaera delitua deskribatu edo zehatzean. Hori guztia kode honen 21. artikuluaren aplikazioa alde batera utzi gabe.

2.Horrelako delituak gatazka armatuetan, setio-egoeran edo nazioarteko operazio hertsigarri edo bake-operazio baten barruan egiten dituenak Zigor Kodean dagozkienak baino gradu bat gehiagoko zigorrak jasoko ditu.

3.Kode honen ondoreetarako, indar armatutzat militarrak hartuko dira, baldin eta, uniformea jantzita, Indar Armatuei legez agindutako erregelamenduzko zerbitzuan ari badira eta, Guardia Zibilaren kasuan, zerbitzu hori polizia-izaerako eginkizunetan sartu ezin bada eta, nolanahi ere, gatazka armatuetan, setio-egoeran edo Indar Armatuen unitateetan integratuta daudenean.

VIII. KAPITULUA

Irainak Espainiari eta laidoak erakunde militarrari

36. artikulua.

Militar batek Espainiari, haren banderari, ereserkiari edo haren sinbolo edo ikur bati, Konstituzioari edo Erregeari irain edo laido egiten badio, hiru hilabete eta egun batetik hiru urtera arteko espetxe-zigorra jasoko du. Delitu hori publizitatearekin egiten badu, jendearen aurrean edo gatazka armatuetan edo setio-egoeran egiten badu, zigorraren gehieneko muga bosten bat handituta ezarriko zaio. Edozelan ere, enplegua galtzeko zigorra ere ezarri ahal izango da.

Militar batek intsignia edo enblema militarrei irain edo laido egiten badie, hiru hilabete eta egun batetik urtebetera arteko espetxe-zigorra jasoko du.

37. artikulua.

Militar batek Indar Armatuei, Guardia Zibilari, erakundeei edo haien kidego jakin batzuei irain egiten badie, hiru hilabete eta egun batetik urtebetera arteko espetxe-zigorra jasoko du. Baldin eta delitua publizitatearekin, jendearen aurrean edo gatazka armatuetan edo setio-egoeran egiten badu, gehieneko mugaren bosten batez handituko da haren zigorra.

II. TITULUA

Diziplinaren aurkako delituak

I. KAPITULUA

Albaramendu militarra

38. artikulua.

Militarrek, esanbidezko edo isilbidezko itun baten bidez, lau edo gehiago direnean, edota, kopuru horretara iritsi gabe, indar, eskifai edo tripulazio baten erdiak gutxienez direnean, jasotako agindu legitimoak betetzeari uko egiten badiote edo horiek betetzen ez badituzte, zerbitzuaren gainerako betebeharrak betetzen ez badituzte edo nagusi bat mehatxatzen, iraintzen edo laidoztatzen badute, bi eta hamabost urte bitarteko espetxe- zigorra jasoko dute albaramendua eragin, lagundu edo zuzendu dutenak badira, haren buruaren kasuan edo, nolanahi ere, goi-kategoriako ofizialordeak edo militarrak badira, eta urtebete eta hamar urte bitarteko espetxe-zigorra, berriz, gauzatzaile hutsak direnean. Horrez gain, enplegua galtzeko zigorra ere ezarriko da.

Aurreko lerrokadan adierazitako zigorrak, haien gehieneko mugaren bosten batez handituta, ezarriko dira, baldin eta egoera hauetakoren bat badago:

1.Gertaerak etsaien, matxinoen edo albarazaleen aurrean edo egoera kritikoetan

badira.

2.Armak baliatu badituzte.

3.Nagusi bati egitezko tratu txarra eman bazaio, eragindako lesioen ondorioz Zigor Kodearekin bat etorriz egoki izango liratekeen zigorrak alde batera utzi gabe.

39.artikulua.

Militarrek, gutxienez lau direnean, taldeko erreklamazioak edo eskaerak zalapartaka

edo armak daramatzatela egiten badituzte, urtebete eta sei urte bitarteko espetxe-zigorra jasoko dute, baldin eta albaramendua eragin, lagundu edo zuzendu dutenak badira, haren buruaren kasuan edo, nolanahi ere, esku hartzen duten goi-kategoriako ofizialordeen edo militarren kasuan, eta sei hilabete eta lau urte bitarteko espetxe-zigorra, berriz, gauzatzaile hutsak baino ez badira. Horrez gain enplegua galtzeko zigorra ere ezarri ahalko da.

Taldeko gainerako erreklamazio edo eskaerek, baita zerbitzuaren gaiak aztertzeko legez kanpoko bilerek ere, baldin eta diziplina arrisku larrian jartzen badute, hiru hilabete eta egun batetik sei hilabetera arteko espetxe-zigorra jasoko dute; eta, bestela, diziplinazko bide militarrean ere zigortu ahal izango dira.

40.artikulua.

1.Baldin eta albarazaleek jarrera hori bertan behera uzten badute lehen intimazioa eginda edo horren aurretik, egindako delituari dagokion zigorra baino gradu bat gutxiago jasoko dute.

2.Kapitulu honetan zehaztutako delituak egiteko probokatzea, konspiratzea eta proposatzea bakoitzari dagokion zigorra baino gradu bat edo bi gutxiagokoarekin zigortuko dira.

41.artikulua.

Militar batek ez baditu behar diren neurriak hartzen edo ez baditu eskura dituen arrazoizko bitartekoak erabiltzen bere agindupeko indarretan albaramendua geldiarazteko, sei hilabete eta sei urte bitarteko espetxe-zigorra jasoko du, eta enplegua galtzeko zigorra ere ezarri ahalko zaio. Delitu hori egin nahian ari direla jakin arren, nagusiei salatzen ez badie, espetxe-zigorra beheko erdian ezarriko da.

II. KAPITULUA

Obedientzia ukatzea

1. atala. Nagusiari irain egitea

42.artikulua.

1.Militar batek nagusi bati egitatezko tratu txarra ematen badio edo haren sexu- askatasunaren edo -ukigabetasunaren aurka atentatzen badu, sei hilabete eta bost urte bitarteko espetxe-zigorra jasoko du, eta, gainera, enplegua galtzeko zigorra ere ezarri ahal izango zaio, eragindako emaitza kaltegarriengatik edo sexu-askatasunaren edo -ukigabetasunaren kontra gauzatutako bestelako atentatu edo erasoengandik egokia den zigorra alde batera utzi gabe.

2.Hamar eta hogei urte bitarteko espetxe-zigorra ezarriko da, baldin eta egitatea honako hauetan gertatzen bada:

1.Gatazka armatuetan edo setio-egoeran, eta zerbitzu-egintzan edo hori dela eta gauzatzen bada.

2.Etsaien, matxinoen edo albarazaleen aurrean edo egoera kritikoetan.

3.Adierazitako zigorrak beheko erdian ezarriko zaizkio militar bati, eskua arman jartzen badu edo nagusi bati egitezko tratu txarra emateko egintzak edo agerpenak egiten baditu.

43. artikulua.

Militar batek, aurreko artikuluan aurreikusitako delituak egin gabe, nagusi bati modu larrian derrigortu, mehatxatu, kalumniatu edo iraintzen badu, aurrean dagoenean edo jendartean, idatziz edo publizitatearekin, 6 hilabete eta 3 urte bitarteko espetxe-zigorra jasoko du. Horrelako inguruabarrik ez dagoenean, zigorra beheko erdian ezarriko da.

2. ATALA. DESOBEDITZEA

44.artikulua.

1.Militar batek nagusiak zerbitzuari buruz emandako aginduak betetzeari uko egiten badio edo horiek betetzen ez baditu hiru hilabete eta egun batetik bi urtera arteko espetxe- zigorra jasoko du. Arma-zerbitzuari buruzko aginduak badira, sei hilabete eta sei urte bitarteko espetxe-zigorra ezarriko da.

2.Desobeditzea gertatzen bada gatazka armatuetan, setio-egoeran edota etsaien, matxinoen edo albarazaleen aurrean, edo egoera kritikoetan, bost eta hamabost urte bitarteko zigorra ezarriko da.

3.Militarrek ez dute erantzukizun kriminalik izango, ordea, delitu nabarmena diren egintzak gauzatzea dakarten aginduak desobedituz gero, batez ere horiek Konstituzioaren aurkakoak direnean, edo lege-mailako arau baten edo gatazka armatuen Nazioarteko Zuzenbidearen ageriko arau-haustea, argia eta eztabaidaezina, direnean.

4.Artikulu honen ondoreetarako, nagusitzat hartuko da egitura organiko edo operatiboan halakoa dena, edo titular gisa edo erregelamenduzko oinordetza bidez agintaritza, agintea edo jurisdikzioa duena.

III. KAPITULUA

Agintekeriaz jokatzea

45. artikulua.

Nagusi batek, aginte-eskumenak edo zerbitzuan duen tokia gehiegikeriaz erabilita, mendeko bati kalte larria egiten badio, zerbitzuaren interesetik kanpoko prestazioak egitera behartzen baditu edo eskubideren bat arbitrarioki gauzatzea eragozten badio, hiru hilabete eta egun batetik hiru urtera arteko espetxe-zigorra jasoko du.

46. artikulua.

Nagusi batek, egitezko tratu txarra ematen badio mendeko bati, 6 hilabetetik 5 urtera arteko espetxe-zigorra jasoko du, eragindako emaitza kaltegarrien ondorioz Zigor Kodearekin bat etorriz dagokion zigorra alde batera utzi gabe.

47. artikulua.

Nagusi batek era apalgarri, anker edo umiliagarri batez tratatzen badu mendeko bat, edo sexu-eraso edo -abusuko egintzak egiten baditu, sei hilabete eta bost urte bitarteko espetxe-zigorra jasoko du, eta, gainera, enplegua galtzeko zigorra ere ezarri ahal izango zaio, eragindako emaitza kaltegarriengatik edo sexu-askatasunaren edo -ukigabetasunaren kontra gauzatutako bestelako atentatu edo erasoengatik Zigor Kodearen arabera egokia den zigorra alde batera utzi gabe.

48. artikulua.

Baldin eta nagusi batek, mendeko batekiko, jazarpen-egintzak –sexualak eta sexu- arrazoigatik jazarpen profesionalak– egiten baditu, horri mehatxu egiten badio, derrigortzen badu, iraintzen edo kalumniatzen badu, haren intimitatearen, duintasun pertsonalaren edo

lanekoaren kontra atentatu larria egiten badu, edo bereizkeria larria dakarten egintzak egiten baditu (jaiotza, arraza- edo etnia-jatorria, sexua, sexu-orientazioa, erlijioa, sinesmenak, iritzia, desgaitasuna edo beste edozein egoera edo inguruabar pertsonal edo soziala direla eta, besteak beste), 6 hilabete eta 4 urte bitarteko espetxe-zigorra jasoko du, eta, gainera, enplegua galtzeko zigorra ere ezarri ahal izango zaio.

III. TITULUA

Militarrek oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak gauzatzeari buruzko

delituak

49. artikulua.

Militar batek, nagusi bat iraintzeko edo agintekeriako deliturik egin gabe, jendaurrean, Indar Armatuetara edo Guardia Zibilera atxikitako tokietan edo zerbitzu-egintzan, beste militar bati egitezko tratu txarra ematen badio, hura modu apalesgarri, anker edo umiliagarri batez tratatzen badu, edo sexu-eraso edo -abusu egintzak gauzatzen baditu, militar horrek sei hilabete eta hiru urte bitarteko espetxe-zigorra jasoko du, eragindako emaitza kaltegarriengatik edo sexu-askatasunaren edo -ukigabetasunaren aurka izandako eraso eta bestelako atentatuengatik Zigor Kodearen arabera legozkiokeen zigorrak alde batera utzi gabe.

50. artikulua.

Militar batek, nagusi bat iraintzeko edo agintekeriako deliturik egin gabe, jendaurrean, Indar Armatuetara edo Guardia Zibilera atxikitako tokietan edo zerbitzu-egintzan, beste militar bati oinarrizko eskubideak edo askatasun publikoak baliatzea arbitrarioki eragozten edo mugatzen badio; horren kontra jazarpen-egintzak, sexualak eta sexu-arrazoigatik zein profesionalak, egiten baditu; militar hori mehatxatzen edo derrigortzen badu; modu larrian iraindu edo kalumniatzen badu; haren intimitatearen, duintasun pertsonalaren edo lanekoaren kontra atentatzen badu; bereizkeria larria dakarten egintzak egiten baditu (jaiotza, arraza- edo etnia-jatorri, sexu, sexu-orientazio, erlijio, sinesmen, iritzi, desgaitasunagatik edo beste edozein izaera edo inguruabar pertsonal edo sozialagatik), militar horrek 6 hilabete eta 2 urte bitarteko espetxe-zigorra jasoko du.

IV. TITULUA

Zerbitzuko eginbeharren aurkako delituak

I. KAPITULUA

Koldarkeria

51.artikulua.

1.Baldin eta militar batek, norberarentzako arrisku baten beldur, bere postuan egon edo jartzeari uko egiten badio, hura uzten badu, agindutako xedea betetzen ez badu edo bere indarren beraien artean izua edo desordena larria eragin dezaketen egintzak gauzatzen baditu, zigor hauek jasoko ditu:

1.10 eta 25 urte bitarteko espetxe-zigorra, etsaien, matxinoen edo albarazaleen aurrean gertatzen bada.

2.5 eta 15 urte bitarteko espetxe-zigorra, gatazka armatuetan edo setio-egoeran gertatzen bada, aurreko zenbakian adierazitako egoeretatik kanpo, edo inguruabar kritikoetan.

2.Baldin eta delituaren egileak agintea balu, adierazitako zigorraren goiko erdia ezarriko da.

52.artikulua.

Militar batek, gatazka armatuetan, setio-egoeran edo inguruabar kritikoetan eta

norberarentzako arriskuaren beldur, dagokion postu edo misiotik salbuesteko, gaixotasuna edo lesioa duen itxura egiten badu, bere buruari halakorik eragiten badio edo beste edozein engainu egiten badu xede berberaz, 3 urte eta egun batetik 10 urtera arteko espetxe- zigorra jasoko du.

53.artikulua.

1.Militar batek, norberarentzako arrisku baten beldur, etsaiei, matxinoei edo albarazaleei bere agindupeko establezimendu edo instalazio militarra, postua, itsasontzia, aireontzia, indarra edo bestelako giza baliabideak edo bitarteko materialak ematen, errenditzen eta abandonatzen badizkie, eginbehar eta betebehar militarrek edo jasotako aginduek eskatutako defentsa-bitartekoak agortu gabe, 10 eta 20 urte bitarteko espetxe- zigorra jasoko du.

2.Militar batek kapitulazioan berarentzat baldintza abantailatsuagoak ezartzen baditu, hiru eta hamar urte bitarteko espetxe-zigorra jasoko du, eta sei hilabete eta sei urte bitarteko espetxe-zigorra, berriz, halako baldintzak beste baten edo batzuen alde ezartzen baditu horretarako arrozoi nahikorik gabe, eta, horrez gain, enplegua galtzeko zigorra ere ezarri ahalko zaio.

54.artikulua.

Aurreko kasu horietatik kanpo, baldin eta, militar batek, norberarentzako arrisku baten beldur, uztailaren 27ko 9/2011 Lege Organikoan edo urriaren 22ko 11/2007 Lege Organikoan ezarritako eginbehar militarra urratzen badu, eta horrek arriskuari aurre egitea eta beldurra gainditzea eskatzen badu, militar horrek 4 hilabete eta 4 urte bitarteko espetxe- zigorra jasoko du. Gatazka armatuetan edo setio-egoeran urte bat eta 6 urte bitarteko espetxe-zigorra ezarriko da. Bi kasuetan, gainera, enplegua galtzeko zigorra ere ezarri ahal izango da.

II. KAPITULUA

Desleialtasuna

55. artikulua.

Militar batek zerbitzuko gaiei buruzko informazio faltsua nahita ematen badu edo ezagutzen duenaren kontrako ziurtagiririk egiten badu, sei hilabete eta lau urte bitarteko espetxe-zigorra ezarriko zaio. Gatazka armatuetan edo setio-egoeran hiru urte eta hamar urte bitarteko espetxe-zigorra ezarriko da. Edozelan ere, enplegua galtzeko zigorra ere ezarri ahal izango da.

Artikulu honetan aurreikusitako kasu guztietan, dagokion zigorra baino gradu bat gutxiago ezarriko da errudunak atzera egiten badu, eta ondoreak izateko behar besteko denboraz adierazten badu egia.

III. KAPITULUA

Egoteko eta zerbitzua emateko eginbeharren aurkako delituak

1. atala. Destinoa edo bizilekua abandonatzea

56.artikulua.

1.Militar bat, indarreko araudia urratuz, unitatetik, destinotik edo bizilekutik kanpo hiru egun baino gehiagoz egoten bada edo, horretarako aukera edukita ere, aurkezten ez bada, militar horrek hiru hilabete eta egun bat eta bi urte bitarteko espetxe-zigorra jasoko du.

2.Gatazka armatuetan edo setio-egoeran, militarra agertzen edo aurkezten ez bada hogeita lau orduz baino gehiagoz, militar horrek 3 eta 6 urte bitarteko espetxe-zigorra jasoko du.

3.Aipatutako epe horiek zenbatzen hasiko dira militarra agertzen edo aurkezten ez den unetik aurrera, harik eta berriro aurkezten den arte.

2.atala Desertzioa

57.artikulua.

Militar batek, bere betebeharrak betetzea bazter uzteko asmoz unitate, destino edo bizilekutik alde egiten badu, edo, horretarako aukerarik edukita ere, egin behar duenean hara aurkeztu ezean, urtebete eta lau urte bitarteko zigorra jasoko du desertore gisa, eta enplegua galtzeko zigorra ere ezarri ahal izango zaio. Gatazka armatuetan edo setio- egoeran bost eta hamabost urte bitarteko espetxe-zigorra ezarriko da.

3. atala. Egoteko betebeharraren urraketa bereziak

58.artikulua.

1.Militar batek alde egiten badu edo egin behar duenean aurkezten ez bada, indarreko araudia urratuz, etsaien, matxinoen edo albarazaleen aurrean, absentziaren iraupena edozein izanik ere, lau eta hamar urte bitarteko espetxe-zigorra jasoko du. Gertaera hori inguruabar kritikoetan izaten bada, sei hilabete eta hiru urte bitarteko espetxe-zigorra ezarriko da.

2.Eskifai edo tripulazioko kidea den itsasontzia edo aireontzia irteten denean lehorrean gelditzen den militarrak hiru hilabete eta egun batetik sei hilabetera arteko espetxe-zigorra jasoko du. Egitate hori gatazka armatuetan edo setio-egoeran izaten bada, sei hilabete eta sei urte bitarteko espetxe-zigorra ezarriko da.

4.atala. Nahita ezdeus bihurtzea eta simulatzea zerbitzutik salbuesteko

59.artikulua.

Baldin eta, militar batek, zerbitzutik edo betebeharrak betetzetik salbuesteko edo kargutik kentzea edo zerbitzu-harremana aldatzea lortzeko, bere burua ezdeus bihurtzen badu edo onartzen badu beste batek mutilazio, gaixotasun edo bestelakoren baten bidez ezdeus bihurtzea, gaixotasuna edo lesioa simulatzen badu edo beste edozein engainu baliatzen badu, lau hilabete eta hiru urte bitarteko espetxe-zigorra jasoko du. Hiru eta hamar urte bitarteko espetxe-zigorra ezarriko zaio gertaera hori gatazka armatuetan, setio- egoeran edo inguruabar kritikoetan izaten bada.

Zigor bera jasoko du beste pertsona batek, jakinaren gainean dagoela, militar bat ezdeus bihurtzen badu edo horren itxura egitea errazten badio, aurreko lerrokadan aipatutako xede berarekin, eta zigorraren goiko erdia ezarriko da egilea osasun-langilea

bada, eragindako emaitza kaltegarriengatik Zigor Kodearen arabera ezarri beharreko zigorrak alde batera utzi gabe.

5. atala. Xedapen komuna

60. artikulua.

Kapitulu honetan zehaztutako delituak egiteko probokatzea, konspiratzea eta proposatzea bakoitzari dagokion zigorra baino gradu bat edo bi gutxiagokoarekin zigortuko dira.

Nolanahi ere, gatazka armatuetan edo setio-egoeran, probokazioak, konspirazioak eta proposamenak, baita konplizitateak ere, dagozkien delituen egileentzat aurreikusitako zigorrak jaso ahal izango dituzte.

IV. KAPITULUA

Aginteko eginbeharren aurkako delituak

1. atala. Aginteari datxezkien eginbeharrak ez betetzea

61.artikulua.

1.Indar edo unitateko agintea duen militarrek, edota gerraontzi edo aireontzi militarreko komandanteek agintea alde batera uzten badute berau abandonatuz edo bidegabe beste baten esku utziz, zigor hauek jasoko dituzte:

1.10 eta 25 urte bitarteko espetxe-zigorra, etsaien, matxinoen edo albarazaleen aurrean gertatzen bada.

2.10 eta 20 urte bitarteko espetxe-zigorra, gatazka armatuetan edo setio-egoeran gertatzen bada, aurreko zenbakian adierazitako egoeretatik kanpo, edo inguruabar kritikoetan.

3.Urtebete eta bost urte bitarteko espetxe-zigorra, gainerako inguruabarretan.

2.Gainera, enplegua galtzeko zigorra edo, hala badagokio, gerraontzi edo aireontzi militarrean agintzeko desgaikuntza absolutua ere ezarri ahal izango da.

62.artikulua.

Hiru urte eta egun batetik 10 urtera arteko espetxe-zigorra jasoko du indar edo

unitatean agintea duen militarrak zein gerraontzi edo aireontzi militarreko komandanteak, baldin eta, gatazka armatuetan:

1.Borroka-misio bat betetzeari uzten badio, etsaia borrokatzeari edo esesteari uko egiten badio hala egin behar duenean edo, gerra-operazioetan, bere eginbehar eta betebeharrak edo jasotako aginduak betetzeak eskatzen dituen bitarteko guztiak erabiltzen ez baditu.

2.Bere agindupeko plaza, establezimendua, instalazio militarra, itsasontzia, aireontzia, postua edo indarra galtzen badu, etsaiek ustekabean harrapatzen badute edo zerbitzuari kalte larria eragiten badio, bere eginbehar eta betebehar militarrekin edo jasotako aginduekin bat etorriz prebentzioko neurriak hartu ez dituelako, edo ez baditu defentsa nazionalerako gerra-material, agiri edo baliabide garrantzitsuak erabilezin bihurtzen etsaien esku erortzeko arriskua dagoenean.

63.artikulua.

1.Baldin eta indar edo unitatean agintea duen militar batek, gerraontzi edo aireontzi militarreko komandante batek agindutako misioa bertan behera uzten badu eta bere eginbehar eta betebeharrak edo jasotako aginduak betetzen ez baditu, 2 eta 8 urte

bitarteko espetxe-zigorra jasoko du, betiere gatazka armatuetan edo setio-egoeran gertatzen bada, eta urtebete eta sei urte bitarteko espetxe-zigorra, berriz, gainontzeko kasuetan. Gainera, gerraontzi edo aireontzi militarrean agintzeko desgaikuntza absolutua ere ezarri ahal izango da.

2.Egitate horiek beraiek zuhurtziagabekeria astunez eginez gero, 3 hilabete eta egun batetik 2 urtera arteko espetxe-zigorra ezarriko da. Gatazka armatuetan edo setio-egoeran 6 hilabete eta 4 urte bitarteko espetxe-zigorra ezarriko da.

64.artikulua.

Indar edo unitatean agintea duen militarrak zein gerraontzi edo aireontzi militarreko

komandanteak ez badu behar besteko diziplinarik mantentzen agindupean dituen indarretan, mendekoei agintekeriak edo eskumen-gehiegikeriak onartzen badizkie edo behar besteko arduraz ez badu jokatzen delitu militar bat eragozteko, bada, hiru hilabete eta egun batetik lau urtera arteko espetxe-zigorra jasoko du, eta gainera, enplegua galtzeko zigorra edo, hala badagokio, gerraontzi edo aireontzi militarrean agintzeko desgaikuntza absolutua ere ezarri ahalko zaio.

2. atala. Gehiegikeriak agintaritzan jardutean

65.artikulua.

1.Militar batek agintaritzan jardutean eskumen-gehiegikeriaz jokatzen badu edo, enplegua, kargua edo destinoa baliaturik, beste edozein abusu larri egiten badu, 3 hilabete eta egun batetik 2 urtera arteko espetxe-zigorra jasoko du. Baldin eta edozein pertsonaren kontra beharrik gabeko indarkeria erabiltzen edo hala egiteko agintzen badu, armak legez kanpo erabiltzea baimentzen, hori egiteko agintzen edo gauzatzen badu, lau hilabete eta lau urte bitarteko espetxe-zigorra jasoko du. Hori guztia, hala badagokio, eragindako emaitza kaltegarriengatik Zigor Kodearekin bat etorriz egokia den zigorra ezartzea alde batera utzi gabe.

2.Hiru hilabete eta egun batetik urtebetera arteko espetxe-zigorra ezarriko zaio aginte edo destino bat bidegabe edo maltzurki bere gain hartzen edo atxikitzen duen militarrari.

66.artikulua.

Militar batek bere agintepeko unitatea, itsasontzia edo aireontzia beharrik gabeko arriskupean jartzen badu misioa betetzeko, 3 hilabete eta egun batetik 2 urtera arteko espetxe-zigorra jasoko du edo, hala badagokio, gerraontzian edo aireontzi militarrean agintzeko desgaikuntza absolutuko zigorra. Garrantzi larririk izango ez balu, diziplinazko bide militarrean zehatuko da.

V. KAPITULUA

Zerbitzua haustea

1. atala. Zerbitzua bertan behera uztea

67.artikulua.

1.Militar batek arma-zerbitzu bat bertan behera uzten badu, honako zigor hau jasoko

du:

1.10 eta 20 urte bitarteko espetxe-zigorra, etsaien, matxinoen edo albarazaleen aurrean gertatzen bada.

2.5 eta 15 urte bitarteko espetxe-zigorra, gatazka armatuetan edo setio-egoeran gertatzen bada, aurreko zenbakian adierazitako egoeretatik kanpo, edo inguruabar kritikoetan.

3.Gainerako kasuetan, 3 hilabete eta egun batetik 2 urtera arteko espetxe-zigorra ezarriko da.

2.Beste edozein zerbitzu bertan behera uzteak, baldin eta gatazka armatuetan, setio-egoeran edota etsaien, matxinoen edo albarazaleen aurrean edo egoera kritikoetan gertatzen bada, sei hilabete eta sei urte bitarteko zigorra ekarriko du.

3.Aurreko zenbakietan aipatutako zerbitzuak betetzera aurkezten ez den militarrak edo betebeharrak zerbitzuari kalte larria eginez urratzen dituenak bertan aurreikusitako zigorren beheko erdia jasoko du.

2.atala. Zaintzailearen eginbeharren kontrako delituak

68.artikulua.

1.Postua bertan behera uzten duen zaintzaileak honako zigor hau jasoko du:

1.10 eta 25 urte bitarteko espetxe-zigorra, etsaien, matxinoen edo albarazaleen aurrean gertatzen bada.

2.10 eta 20 urte bitarteko espetxe-zigorra, gatazka armatuetan edo setio-egoeran gertatzen bada, aurreko zenbakian adierazitako egoeretatik kanpo, edo inguruabar kritikoetan.

3.Gainerako kasuetan, 6 hilabete eta 6 urte bitarteko espetxe-zigorra ezarriko da.

2.Zaintzaile batek ez baditu betebeharrak betetzen, eta zerbitzuari kalte larria eragiten badio, aurreko zenbakian adierazitako zigorren beheko erdia jasoko du.

69.artikulua.

Aireko espazioak zaintzeko, joan-etorriak kontrolatzeko, aireontzia gidatzeko edo itsas

edo aireko nabigazioa laguntzeko zerbitzuaren arduradun gisa dituen zereginak betetzen ez dituen militarrak urtebete eta sei urte bitarteko espetxe-zigorra jasoko du. Gatazka armatuetan, setio-egoeran edo inguruabar kritikoetan hamar urte eta hogei urte bitarteko espetxe-zigorra ezarriko da.

3.atala. Mozkorkeria edo droga toxikoengatiko intoxikazioa zerbitzu-egintzan

70.artikulua.

Baldin eta militar bat, armen zerbitzu-egintzan, nahita edo zuhurgabekeriaz mozkortzen

bada edo droga toxikoak, estupefazienteak edo gai psikotropikoak hartzen baditu, eta horren ondorioz zerbitzua emateko haren gaitasuna desagertzen edo murrizten bada, hiru hilabete eta egun batetik urtebetera arteko espetxe-zigorra jasoko du.

Baldin eta hori egiten badu edozein zerbitzu-egintzan agintea duen militar batek, 6 hilabete eta 2 urte bitarteko espetxe-zigorra ezarriko zaio.

VI. KAPITULUA

Sorospen-eginbeharra ez betetzearen delitua

71.artikulua.

1.Militar batek ez badu sorosten, ahal duenean, arrisku-egoeran dagoen indarra, unitatea, gerraontzia edo Guardia Zibilaren itsasontzia edo aireontzi militarra, Estatukoa edo aliatua izan, honako zigor hau jasoko du:

1.5 eta 15 urte bitarteko espetxe-zigorra, gatazka armatuetan edo setio-egoeran gertatzen bada.

2.Gainerako kasuetan, 2 eta 8 urte bitarteko espetxe-zigorra.

2.Aurreko zenbakian adierazitako zigorra ezarriko da, beheko erdian, arrisku- egoeran dagoen beste edozein itsasontzi edo aireontzi denean.

3.Militar batek arriskuan dagoen etsaien indarra, unitatea, itsasontzia edo aireontzia ez badu sorosten, ahal duenean, horrelakoek borrokan etsi dutenean, lau hilabete eta lau urte bitarteko zigorra jasoko du.

4.Zigor berak jasoko ditu, sorospena emateko gaitasunik ez duela, kanpoko sorospenik premiaz eskatzen ez duenak, horretarako ezintasunik ez duen arren.

72.artikulua.

1.Arrisku-egoera larrian dagoen kidea, ahal badu ere, sorosten ez duen militarrak 3 hilabete eta egun batetik 2 urtera arteko espetxe-zigorra jasoko du. Gatazka armatuetan edo setio-egoeran, 6 hilabete eta 6 urte bitarteko espetxe-zigorra ezarriko da.

2.Baldin eta militar batek, arrisku larriko, hondamendiko, zoritxarreko edo bestelako premia publikoetako kasuetan administrazio publikoekiko elkarlan-misio baten barruan, Zigor Kodearen 195. artikuluaren delitua egiten badu, bertan ezarritako zigorrak jasoko ditu, haien gehieneko mugaren bosten bat handituta, kode honen 21. artikulua aplikatzea alde batera utzi gabe.

3.Zigor berak ezarriko zaizkio sorospena emateko ezinduta egonik, ahal badu ere, kanpoko sorospena premiaz eskatzen ez duenari.

VII. KAPITULUA

Zerbitzuaren eraginkortasunaren aurkako delituak

73. artikulua.

Baldin eta militar batek, gatazka armatuetan edo setio-egoeran eta zuhurtziagabekeria astunagatik, Indar Armatuetara edo Guardia Zibilera atxikitako ondasunetan Zigor Kodearen 264.–266. artikuluetan aurreikusitako kalteak eragiten baditu, Defentsa edo Segurtasun Nazionaleko bitartekoak edo baliabideak etsaien esku erortzea eragiten badu edo operazio militar bati kalte larria egiten badio, sei hilabete eta lau urte bitarteko espetxe- zigorra jasoko du. Gatazka armatuetatik edo setio-egoeratik kanpo hiru hilabete eta egun batetik bi urtera arteko espetxe-zigorra edo bi eta sei hilabete bitarteko isuna jarriko da.

Baldin eta kalte horiek naufragio, abordatze edo hondartze, bidegabeko lurreratze bidez edo beste aireontzi batekin talka eginez eragiten badira, edo gerraontzi edo aireontzi militar bat galtzea ekarriz gero, horiez gain, gerraontzian edo aireontzi militarrean agintzeko desgaikuntza absolutuko zigorra ere ezarri ahal izango da.

74. artikulua.

Militar batek ez badu kontsigna orokor bat betetzen edo jasotako agindu bat zuhurtziagabekeriagatik betetzen ez badu, gatazka armatuetan edo setio-egoeran, lau hilabete eta hiru urte bitarteko espetxe-zigorra jasoko du. Gainerako kasuetan, dolo edo

zuhurtziagabekeria astuna badago eta zerbitzuari arrisku edo kalte larria eraginez gero, hiru hilabete eta egun batetik sei hilabetera arteko espetxe-zigorra edo bi eta sei hilabete bitarteko isuna ezarriko da.

Militarrek ez dute erantzukizun kriminalik izango, ordea, delitu nabarmena diren egintzak gauzatzea dakarten aginduak desobedituz gero, batez ere horiek Konstituzioaren aurkakoak direnean, edo lege-mailako arau baten edo gatazka armatuen Nazioarteko Zuzenbidearen ageriko arau-haustea, argia eta eztabaidaezina, direnean.

75. artikulua.

Hiru hilabete eta egun batetik bi urtera arteko espetxe-zigorra ezarriko zaie militarrei, baldin eta:

1.Indar Armatuetara edo Guardia Zibilera atxikitako tokian edo establezimenduan sutea edo kalte handiak eragin ditzaketen egintzak gauzatzen badituzte edo horrelakoak galarazten ez badituzte, edo kalte larria ekartzen badiote indarraren, unitatearen, establezimenduaren, gerraontziaren, Guardia Zibilaren ontziaren edo aireontzi militarraren segurtasunari.

2.Gerraontzian edo aireontzi militarrean droga toxikoak, estupefazienteak edo gai psikotropikoak sartzen badituzte.

3.Indar Armatuetako Kideen Eskubideei eta Eginbeharrei buruzko uztailaren 27ko 9/2011 Lege Organikoan edo Guardia Zibileko Kideen Eskubideak eta Eginbeharra Arautzeko urriaren 22ko 11/2007 Lege Organikoan ezarritakoa urratuz, beren oinarrizko eginbehar militarrak edo eginkizun espezifikoaren oinarrizko eginbehar teknikoak betetzen ez badituzte, eta horrek zerbitzuari kalte larria badakarkio, eragindako emaitza kaltegarriengatik Zigor Kodearen arabera egokia den zigorra alde batera utzi gabe. Baldin eta zenbaki honetan azaldutako egitateak zuhurtziagabekeria astunagatik gertatzen badira, 3 hilabete eta egun batetik 6 hilabetera arteko espetxe-zigorra edo 2 eta 6 hilabete bitarteko isuna ezarriko da.

76.artikulua.

Baldin eta militar batek Zigor Kodearen 368.–371. artikuluetan aurreikusitako delituren

bat egiten badu Indar Armatuetara edo Guardia Zibilera atxikitako instalazioetan, gerraontzietan, Guardia Zibilaren itsasontzietan, aireontzi militarretan, kanpamentuetan edo ariketa edo operazioak egin bitartean, bertan ezarritako zigorrak jasoko ditu haien gehieneko mugaren bosten bat handituta, baldin eta aipatutako kodeak delitua deskribatu edo zehatzeko orduan delituaren tokia edo haren subjektu aktiboaren agintari- edo funtzionario-izaera kontuan hartu ez badu. Hori guztia kode honen 21. artikuluaren aplikazioa alde batera utzi gabe.

Auzitegi Militarrek ere aplikatuko dituzte Zigor Kodearen 372.–378. bitarteko artikuluak.

77.artikulua.

1.Baldin eta militar batek, zuhurtziagabekeria astunagatik eta armen zerbitzu-egintza bat gauzatzean, heriotza edo delitu diren lesioak eragiten baditu, Zigor Kodean zuhurtziagabekeriazko giza hilketa edo lesioetarako, hurrenez hurren, adierazitako askatasunaz gabetzeko zigorrak jasoko ditu, haien gutxieneko eta gehieneko mugetan bosten bat handituta, kode honen 21. artikuluan xedatutakoa alde batera utzi gabe.

Armen zerbitzu-egintzatik kanpo, lehen aurreikusitako emaitzak dakartzan zuhurtziagabekeria profesionalari zigor berak ezarriko zaizkio.

2.Zuhurtziagabekeria astuna ez bada, hiru hilabete eta egun batetik sei hilabetera arteko espetxe-zigorra edo bi eta sei hilabete bitarteko isuna ezarriko da.

78. artikulua.

Hiru hilabete eta egun batetik 6 hilabetera arteko espetxe-zigorra edo 2 eta 6 hilabete arteko isuna jasoko dute militarrek, baldin eta, zuhurtziagabekeria astunagatik:

1.Beren kargu edo destinoa dela eta zaintzapean dituzten armak edo gerra- materiala, prozedurak edo agiri ofizialak galtzen badituzte.

2.Eramatea edo zaintzea aginduta dituzten gerra-presoek, presoek edo atxilotuek ihes egiten badute.

VIII. KAPITULUA

Zerbitzuko bestelako eginbeharren aurkako delituak

79. artikulua.

Baldin eta militar batek, jendaurrean eta nahita, uniforme, ezaugarri, bereizgarri edo intsignia militarrak zein erabiltzeko eskubiderik ez duen domina edo kondekorazioak erabiltzen baditu, hiru hilabete eta egun batetik urtebeterako espetxe-zigorra jasoko du.

80. artikulua.

Baldin eta militar batek, horretara behartuta, Jurisdikzio Militarraren eskumeneko delituak jazartzea bultzatzeari uzten badio edo horrelakoak egitearen berri jasota nagusiei berehala jakinarazi ezean, edo horrelakoak eskudun agintariei salatzen ez badizkie, hiru hilabete eta egun batetik urtebeterako espetxe-zigorra jasoko du.

V. TITULUA

Eremu militarreko ondarearen aurkako delituak

81.artikulua.

1.Baldin eta militar batek, zerbitzurako beharrak edo langileen aldeko eskubide ekonomikoak daudelako plantak eginez, ustezko arretarako aurrekontu-kreditua esleitzeko eskatzen badu, hiru hilabete eta egun batetik bi urterako espetxe-zigorra jasoko du.

2.Baldin eta horrela eskuratutako zenbatekoak bere alde aplikatuz gero, 2 eta 10 urte bitarteko zigorra ezarriko zaio, eta Auzitegiak graduatuko du hori, bereziki lortutako irabazia aintzat hartuta.

82.artikulua.

1.Baldin eta militar batek Zigor Kodean aurreikusitako ebasketaren, lapurretaren, bidegabeko jabetzearen edo kalteen delituak egiten baditu erregelamenduzko ekipoari edota kargu edo destinoagatik bere zaintza edo ardurapean dituen material edo gauzei dagokienez, Zigor Kodean horrelako delituetarako ezarritako zigorren goiko erdia jasoko du.

2.Baldin eta militarrak ez baditu bere zaintza edo ardurapean Indar Armatuen edo Guardia Zibilaren zerbitzura atxikitako ekipoa, materiala edo gauzak, bosten bat handituko da Zigor Kodean aurreikusitako zigorren gutxieneko muga.

3.Baldin eta gerra-materiala edo armak badira, haien balioa eta egilea edozein izanik ere, baita militarrak ez badira ere, zigorraren gehieneko muga bosten bat handituta ezarriko da.

4.Kode honen 21. artikulua aplikatu beharra egongo da, hala badagokio.

83. artikulua.

Baldin eta militar batek, izaera hori baliatuta, interesak lortzen baditu administrazio militarrean eragiten dion edozein kontratu edo eragiketa motatan, edo Zigor Kodearen 441. artikuluan aurreikusitako delitua egiten badu, hiru hilabete eta egun batetik hiru urtera arteko espetxe-zigorra jasoko du, eta, gainera, enplegua galtzeko zigorra ere ezarri ahal izango zaio.

84. artikulua.

Baldin eta partikular edo enpresaburu batek, gatazka armatuetan edo setio-egoeran, Administrazio Militarrarekin kontratua eginda, hartutako obligazio guzti-guztiak ez baditu betetzen edo kontratuaren xedea eragozten edo indargabetzen dutenen moduko egoera akastunean betetzen baditu horiek, Defentsa Nazionalaren interesak kaltetuta gertatuz gero, urtebete eta 8 urte bitarteko espetxe-zigorra jasoko du. Horrez gain, Zigor Kodearen 129. artikuluan aurreikusitako ondorio erantsiak ere ezarri ahal izango dira.

85. artikulua.

Norbaitek, irabaziak lortzeko asmoz, eta eremu militarreko ondarearen aurka delitu egin dela jakinda, delituaren erantzule direnei delitu horren efektuez aprobetxa daitezen laguntza ematen badie, edo efektu horiek jaso, eskuratu edo ezkutatzen baditu, delitu horretan egile edo sopikun gisa parte hartu gabe, orduan, pertsona horri Zigor Kodearen 298., 303. eta 304. artikuluek kasuak kasu aurreikusitako zigorrak eta neurriak ezarriko zaizkio.

Lehenengo xedapen gehigarria.

Gobernuak, lege hau indarrean jartzen denetik bi urteko epean, Jurisdikzio Militarraren Eskumen eta Antolamenduari buruzko uztailaren 15eko 4/1987 Lege Organikoa erreformatzeko Lege Organikoaren proiektu bat igorriko du Diputatuen Kongresura.

Bigarren xedapen gehigarria.

Organo judizial militarrek, kide bakarrekoek eta kide anitzekoek, emandako autoak eta epaiak publikoak izango dira, eta gainerako ebazpen judizialen argitaratze-sistema bera izango dute.

Ondore horretarako, Gobernuak publizitate hori bermatzeko xedapen egokiak emango ditu.

Lehenengo xedapen iragankorra. Zigor-lege mesedegarriena aplikatzea.

Kode hau indarrean jartzen den arte egindako egitate zigorgarriak indargabetutako Zigor Kode Militarraren arabera zigortuko dira, betiere Zigor Lege Militar berriaren xedapenak errudunarentzat mesedegarriagoak ez badira, horrelako kasuetan horiek aplikatuko baitira, hari entzunaldia egin ondoren.

Legerik mesedegarriena zein den zehazteko, kontuan hartuko dira, batetik, kode baten zein bestearen arau guztiak aplikatuta, egitateari legokiokeen zigorra, eta, bestetik, segurtasun-neurriak ezartzeko aukera.

Bigarren xedapen iragankorra. Epai irmoak ofizioz berrikustea.

Ofizioz berrikusiko dira kode hau indarrean jarri aurretik emandako epai irmoak guztiz edo zati batez betearazita ez daudenean, betiere haren arabera, errudunari absoluzioa edo zigor mesedegarriagoa ezarri behar bazitzaion haren manuak zalantzarik gabe aplikatuta eta epailearen erabakimena erabili gabe.

Epai horiek etorkizunean berrerortzearen ondoreetarako kontuan har ditzakeen epaileak edo auzitegiak aldez aurretik aztertu beharko du ea zigortutako egitateak jada delitu izateari utzi dion edo kode honen arabera ezarritakoa baino zigor txikiagoa dagokion.

Hirugarren xedapen iragankorra. Arau mesedegarriagoak aplikatzea irmo bihurtu ez diren epaietan.

Indargabetzen den legeriaren arabera emandako epaietan, errekurtsoa ebatzi zain daudelako epai horiek irmoak ez direnean, kode honen manuak ofizioz edo alderdiak eskatuta aplikatuko dira, betiere errudunarentzat mesedegarriagoak badira, eta hari entzunaldia egin ondoren.

Laugarren xedapen iragankorra. Berrerortzearen astungarria hautematea.

Berrerortzearen astungarria hautematearen ondoreetarako, kode berriaren titulu berean sartutzat joko dira indargabetzen den lege-gorputzean aurreikusitako delituak, horiek izen analogoa dutenean eta ondasun juridiko berari modu berean eraso egiten diotenean.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indargabetuta geratzen da Zigor Kode Militarraren abenduaren 9ko 13/1985 Lege Organikoa, bai eta lege organiko honetan ezarritakoaren aurkako xedapen guztiak ere.

Indargabetuta geratzen da Jurisdikzio Militarraren Eskumenari eta Antolaketari buruzko uztailaren 15eko 4/1987 Lege Organikoaren 13. artikuluaren amaierako lerrokada.

Azken xedapenetatik lehena. Jurisdikzio Militarraren Eskumenari eta Antolaketari buruzko uztailaren 15eko 4/1987 Lege Organikoa aldatzea.

Jurisdikzio Militarraren Eskumenari eta Antolaketari buruzko uztailaren 15eko 4/1987 Lege Organikoa honela aldatzen da:

Bat. Lege organiko honetan «gerra-garaia» esapideari egindako erreferentziak «gatazka armatuetan» adierazpenari egindakotzat hartuko dira.

Bi. 12. artikuluari 1.bis zenbakia gehitzen zaio, eta hona nola geratzen den idatzita:

«1.bis. Zigor Kodearen Bigarren Liburuaren XX. Tituluko I-VIII bitarteko Kapituluetan aurreikusitakoak, delitu eta prozedura militarrekin lotuta edo organo judizial militarrei eta espetxeko establezimendu militarrei dagokienez egindakoak.»

Hiru. 13. artikuluaren amaierako lerrokada edukirik gabe geratzen da. Lau. 23. artikuluaren 2. zenbakiak honako idazkera hau izango du:

«2. Jurisdikzio Militarraren eskumena diren diziplinaz kanpoko delitu eta faltengatiko prozedurak auzialdi bakarrean izapidetzea eta epaitzea, baldin eta horiek hauen kontrakoak badira: kapitain jeneralak, Armadako jeneralak, almirante jeneralak eta Aireko jeneralak, teniente jeneralak eta almiranteak, haien egoera militarra edozein dela ere, Auzitegi Militar Zentraleko kideak, fiskal togaduna, Auzitegi Goreneko Arlo Militarraren Salako fiskalak eta Auzitegi Militar Zentraleko fiskala.»

Bost. 23. artikuluaren 5. zenbakiak idazkera hau izango du:

«5. Defentsako ministroak ezarritako edo erreformatutako edo Auzitegi Militar Zentraleko Gobernu Salak ezarritako, berretsitako edo erreformatutako zehapenen aurka jar daitezkeen diziplina-arloko errekurtso jurisdikzionalak.»

Sei. Honela geratzen dira idatzita 27. artikuluaren lehen eta bigarren lerrokadak:

«Errege-dekretu bidez izendatuko dira Arlo Militarreko Kidego Juridikotik datozen magistratuak, Justizia Ministroak berretsita eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak proposatuta, zerbitzu aktiboaren egoeran igotzeko gaitasuna duten jeneral kontseilari togadunen eta jeneral auditoreen artean.

Izendapen-proposamena arrazoitzeko, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak merezimenduen azalpen bat eskatuko die aurrez izangaiei, eta Defentsa Ministerioari, berriz, beharrezko jotzen duen dokumentazioa.»

Zazpi. Honela geratzen dira idatzita 37. artikuluaren lehen, bigarren eta hirugarren lerrokadak:

«Errege-dekretu bidez izendatuko da Auzitegi Militar Zentraleko presidente auditorea, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak proposatuta, zerbitzu aktiboaren egoeran dauden jeneral kontseilari togadunen eta jeneral auditoreen artean. Justizia eta Defentsako ministroek aurkeztuko dute errege-dekretura, eta izendapena berretsiko dute.

Errege-dekretuz izendatuko dira Auzitegi Militar Zentraleko kide togadunak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak proposatuta, eta Auzitegi Militar Zentraleko Gobernu Salari entzun ondoren, jeneral auditoreen edo, halakorik ezean, erreserba- egoeran dauden Arlo Militarreko Kidego Juridikoko ofizial jeneralen artean. Ez da inola ere bi kide togadun baino gutxiago egongo jarduera-egoeran. Justizia eta Defentsako ministroek aurkeztuko dute errege-dekretura, eta izendapena berretsiko dute.

Izendapen-proposamena arrazoitzeko, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak merezimenduen azalpen bat eskatuko die aurrez izangaiei, eta Defentsa Ministerioari, berriz, beharrezko jotzen duen dokumentazioa.»

Zortzi. 38. artikuluaren lehenengo lerrokadak honako idazkera hau izango du:

«Baldin eta presidente auditoreak ezin badu legezko arrazoiagatik jardun, zerbitzu aktiboan daudenetatik antzinatasun handiena duen kide togadunak ordeztuko du.»

Bederatzi. Honela geratzen da idatzita 42. artikulua:

«Presidente auditoreak eta zerbitzu aktiboan dauden kide togadun guztiek osatuko dute Auzitegi Militar Zentraleko Gobernu Sala, azken horiek ordezteko aukerarik gabe.»

Hamar. Honela geratzen da idatzita 47. artikulua:

«Errege-dekretuz izendatuko dira presidente auditorea eta kide togadunak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak proposatuta, Auzitegi Militar Zentraleko Gobernu Salak jurisdikzio militarraren berezko gaietan prestakuntza eta gaitasuna egiaztatzen dituzten izangaien merezimendu profesionalei, akademikoei eta zientifiko-juridikoei buruzko txosten arrazoitua eman ostean. Txosten horretan lanbide-bizitzan izandako gorabehera guztiak ere jasoko ditu baldin eta eginkizun judizialaren jardueran zer gaitasun duten balioesteko garrantzitsuak badira.

Txosten arrazoitu hori Botere Judizialaren Kontseilu Nagusira igorritakoan, ondoren azken horren aurrean hartarako ezartzen dituen prozedurari buruzko erregelamenduzko arauak jarraituko dira, izendapen-proposamenak erabakitzeko, betiere haren iritziaren arabera askatasunez haztatuta, eta halakorik ezean, aplikagarri diren guztian, organo judizialetan aukerako izendapeneko plazak betetzea arautzen dutenak beteko dira.

Justizia eta Defentsako ministroek aurkeztuko dute errege-dekretura, eta izendapena berretsiko dute.»

Hamaika. 54. artikuluaren bigarren lerrokadak honako idazkera hau izango du:

«Agindu bidez egingo du haren izendapena Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Auzitegi Militar Zentraleko Gobernu Salak txosten arrazoitua eman ostean, 47. artikuluan adierazitako moduan eta prozedurari jarraikiz.»

Hamabi. Ezabatu egin da 63. artikuluaren bigarren lerrokada.

Hamahiru. Honela geratzen da idatzita 65. artikulua:

«Arlo Militarreko Kidego Juridikoko kideak, Auzitegi Goreneko Arlo Militarraren Salako magistratu, Auzitegi Militarretako presidente auditore edo kide togadun eta epaile togadun militar gisa izendatuak izateko, zerbitzu aktiboko egoera militarrean egon beharko dira, lege honetan aurreikusitako salbuespenak salbuespen.»

Hamalau. 66. artikuluaren 3. zenbakiak honako idazkera hau izango du:

«3. Zerbitzu aktiboko egoera uzteko adierazitako adinera iristeagatik edo lege- xedapenez edo borondatez eskatu eta onartuta beste egoera batera igarotzean hori uzteagatik. Erreserba-egoeran zeudenean izendatutako Auzitegi Militar Zentraleko kide togadunek erretiro-adina betetzen dutenean utziko dute kargua.»

Hamabost. Honela geratzen da idatzita 71. artikulua:

«63. artikuluan xedatutakoa gorabehera, atzerrian eginiko jurisdikzio militarraren eskumeneko delituen instrukzioa eta haien gaineko ardura Epaitegi Togadun Zentral Militarren eta Auzitegi Militar Zentralaren esku egongo dira, bai eta Lurraldeko Epaitegi Togadun Zentral Militarren eta Lurraldeko Auzitegi Militarraren esku –egoitza Madrilen du–, haiei dagozkien eskumenen arabera.»

Hamasei. Honela geratzen da idatzita 115. artikulua:

«Unitate independenteko buruek, bereizitako, isolatutako edo lurralde baten gainean eskumen militarrak dituzten indarrek, arlo militarreko jurisdikzioaren eskumeneko delitu bat izan dela jakin eta berehala, dena delako delitu hori haien mendeko baten aldetik edo haien eskumeneko tokian edo mugapenean egin bada, ahalik eta lasterren jakinarazi beharko diote eskumena duen epaile togadun militarrari, eta haren aginduetara dagoen ofiziala izendatu beharko dute, idazkariak lagunduta, dagokion atestatua abiaraz dezan. Hori guztia izan ditzakeen diziplinazko eskumenak alde batera utzi gabe.»

Hamazazpi. 119. artikuluaren bigarren lerrokadak honako idazkera hau izango du:

«Diziplinazko espedienteen instruktore edo idazkari ezin izango dituzte izendatu, lege honen 122. eta 140. artikuluetan ezarritakoa salbu, ezta administrazio- espedienteenak ere, kargu judiziala betetzen dutenekin, fiskalekin edo idazkari errelatoreekin lotuta jarraitutako langile militarren arloko espedienteak badira izan ezik, eta legez eskubideren baten berme gisa berariaz esleitutako eginkizunak baino ez dituzte beteko.»

Hemezortzi. 120. artikuluaren laugarren lerrokadak honako idazkera hau izango du:

«Auzitegi Militar Zentraleko Gobernu Sala izango da aurkezten dituzten kasuak ebazteko eskuduna, eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari horien berri emango dio destinoan kargutik kentzeko.»

Hemeretzi. Honela geratzen da idatzita 123. artikulua:

«Indar Armatuen Diziplina Araubideari buruzko abenduaren 4ko 8/2014 Lege Organikoan araututako falta oso astunagatiko diziplina-zehapenak eginkizun judizialak betetzen dituzten militarrei ezartzea Auzitegi Militar Zentraleko Gobernu

Salari bakarrik dagokio. Sala horri berari entzun beharko zaio Idazkaritza Errelatoretzak betetzen dituzten militarren kasuan. Eginkizun fiskalak betetzen dituztenean, fiskal togadunari entzun beharko zaio espedientean.»

Hogei. 127. artikulua edukirik gabe geratzen da.

Azken xedapenetatik bigarrena. Prozedura Militarrari buruzko apirilaren 13ko 2/1989 Lege Organikoa aldatzea.

Aldatu egiten da Prozedura Militarrari buruzko apirilaren 13ko 2/1989 Lege Organikoa, eta hona nola geratzen den:

Bat. Lege organiko honetan «gerra-garaia» esapideari egindako erreferentziak «gatazka armatuetan» adierazpenari egindakotzat hartuko dira.

Bi. Honela idatzita geratu da 398. artikuluaren 1. zenbakia:

«1. Delitu gori militarragatik auzipetuak, Zigor Kode Militarraren 9. artikuluaren

2.zenbakiko a) eta b) letretan jasotakoak barne, gutxienez hamar urteko gutxieneko muga duen espetxe-zigorra dutenak, Zigor Kodearen arabera emaitza kaltegarriagatik egoki izan litekeen zigorra kontuan harturik.»

Azken xedapenetatik hirugarrena. Karrera Militarrari buruzko azaroaren 19ko 39/2007 Legea aldatzea.

Karrera Militarrari buruzko azaroaren 19ko 39/2007 Legearen 112. artikuluaren 1. zenbakiaren a) letra honela idatzita geratzen da:

«a) Zigor Kode Militarrak edo Zigor Kodeak ezartzen duen espetxe-zigorrerako kondena jasotzean, epai irmoz, askatasunik gabe dauden bitartean eta, betiere, Indar Armatuen Diziplina Araubidearen Lege Organikoan ezarritakoari kalterik egin gabe; edota enpleguaren etete militarreko edo enplegu edo kargu publikoa eteteko zigor nagusirako edo erantsirako kondena jasotzean.»

Azken xedapenetatik laugarrena. Guardia Zibileko Langileen Araubideari buruzko azaroaren 28ko 29/2014 Legea aldatzea.

Guardia Zibileko Langileen Araubideari buruzko azaroaren 28ko 29/2014 Legearen 91. artikuluaren 1. zenbakiaren a) letra honela idatzita geratzen da:

«a) Zigor Kode Militarrak edo Zigor Kodeak ezartzen duen espetxe-zigorrerako kondena jasotzean, epai irmoz, askatasunik gabe dauden bitartean eta, betiere, Guardia Zibilaren Diziplina Araubidearen urriaren 22ko 12/2007 Lege Organikoan ezarritakoari kalterik egin gabe; edota enpleguaren etete militarreko edo enplegu edo kargu publikoa eteteko zigor nagusirako edo erantsirako kondena jasotzean.»

Azken xedapenetatik bosgarrena. Indar Armatuen Diziplina Araubideari buruzko abenduaren 4ko 8/2014 Lege Organikoa (aldatzea.

Gehitu egiten zaio Indar Armatuen Diziplina Araubideari buruzko abenduaren 4ko 8/2014 Lege Organikoaren 7. artikuluari honako zenbaki hau:

«32.bis. Militarraren portaera definitzen duten funtsezko arauak urratzen dituzten nabarmenki legez kanpoko xedeak bilatzen dituen taldea edo erakundea eratzea. Halako erakundean afiliatzea, haren kide izatea edo harekin elkarlanean aritzea edo haren jarduerak sustatzea zein iragartzea, eta beste militar batzuk hala egitera bultzatzea edo gonbidatzea.»

Azken xedapenetatik seigarrena. Eskumen-titulua.

Zigor-legeriaren arloan Konstituzioaren 149.1.6 artikuluak Estatuari esleitzen dion eskumenaren babesean eman da lege hau. Azken xedapenetatik lehena eta bigarrena Espainiako Konstituzioaren 149.1.6 artikuluan aurreikusitakoaren babesean eman dira; artikulu horrek prozesu-legegintzaren arloko eskumena esleitzen dio Estatuari. Azken xedapenetatik hirugarrena, laugarrena eta bosgarrena, hurrenez hurren, Konstituzioaren

149.1.4eta 149.1.29 artikuluetan aurreikusitakoaren babesean eman dira; artikulu horiek defentsaren eta Indar Armatuen arloko eta segurtasun publikoaren arloko eskumena esleitzen diote Estatuari.

Azken xedapenetatik zazpigarrena. Lege arruntaren izaera.

Azken xedapenetatik hirugarrenak eta laugarrenak ez dute lege organikoaren izaera.

Azken xedapenetatik zortzigarrena. Indarrean jartzea.

Lege Organiko hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera jarriko da indarrean, eta indarrean jartzen denetik egindako egitate zigorgarri guztiei aplikatuko zaie.

Horrenbestez,

Lege organiko hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2015eko urriaren 14an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra