Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Zigor zuzenbidea  >>  Legeria

2/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, honako lege organiko hau aldatzen duena, terrorismo delituei dagokienez: 10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodearena.

2015-03-30

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2015/03/31, 77. zk.

bcl_1606305671.htm

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

3440 2/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, honako lege organiko hau aldatzen duena, terrorismo delituei dagokienez: 10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodearena.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege organiko hau onartu dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala.

HITZAURREA

Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 2178 Ebazpenak –2014ko irailaren 24an onartua– nazioarteko erkidegoaren kezka sakona jasotzen du; alegia, terrorismo-jarduera gogortu izanagatik eta munduko herrialde guztietan atentatuak egiteko deia areagotu izanagatik dagoen kezka. Ebazpen horren xedapenetan bildutako neurri multzoan, seigarren puntuan, 1373 (2001) Ebazpena ekartzen da gogora; horri jarraikiz, estatu kide guztiek zaindu behar dute terrorismo-ekintzen finantzaketan, plangintzan, prestakuntzan edo gauzatzean parte hartzen duen edo laguntzen duen oro auzipetuko dela. Horrako hori gogorarazi ondoren, 2178 Ebazpenean estatuei zera eskatzen zaie: egiazta dezatela beraien legeetan eta barneko legegintza-tresnetan delitu astunak tipifikatuta daudela, halako eran non azaldutako terrorismo-jokaerak auzipetu eta zehatu ahal izango diren, delituaren astuntasuna behar bezala jasota.

Hain zuzen ere, 2178 Ebazpenean zehatz-mehatz aipatzen diren terrorismo-ekintzak dira nazioarteko terrorismoak gizarte irekietan eragiten dituen mehatxu berrien adierazgarri nagusiak; izan ere, ekintza horien bidez, arriskuan jarri nahi dituzte zuzenbidezko estatuaren oinarriak eta mundu osoko demokrazien arteko bizikidetza-esparrua.

Jihadista kutsuko nazioarteko terrorismoaren ezaugarrietako bat da erasotzeko modu berriak erabiltzen hasi dela edo, bestera esanda, pertsonak atzeman, trebatu eta gorrotoan doktrinatzeko tresna berriak hartu dituela, bortizki erabiltzeko beraien muturreko eta indarkeriazko ideien arabera arerioak direnen aurka. Horiek horrela, mehatxu berri horien aurka borrokatzeko, demokratok legea baliatu behar dugu, horixe da-eta terroristen fanatismo totalitarioari aurre egiteko eskura dugun tresnarik eraginkorrena.

Terrorismo mota horrek nazioartean zabaldu nahi du, eta baditu lider karismadunak, zeinek mezu eta kontsignak hedatzen baitituzte Internet bidez eta, batik bat, sare sozialen bidez. Oso-oso krudelak diren mezuak argitaratzen dituzte, biztanle guztiei edo batzuei terrorea eragiteko asmoz, eta mundu osoan dituzten jarraitzaileei dei egiten diete atentatuak egin ditzaten.

Baliteke mezu horien hartzaile banakoak –behin erradikalizatuta eta doktrinatuta– adierazitako helburuen aurkako erasoak egiten saiatzea, bai eta atentatu suizidak ere.

Berebiziko garrantzia du, halaber, borrokalari terrorista lekualdatuen fenomenoak. Pertsona horiek nazioarteko antolakunde terroristetako edo haien adarretako kide izatea erabakitzen dute jihadistak nahastuta dauden gatazka armatuak gertatzen ari diren herrialdeetan, Sirian eta Iraken nagusiki. Une honetan, borrokalari terrorista lekualdatuak dira mehatxu garrantzitsuenetako bat nazioarteko erkidegoarentzat eta, bereziki, Europar Batasunarentzat, herrialde horietara joaten baitira armak eta lehergailuak erabiltzen ikasteko, beharrezko trebakuntza jasotzeko eta talde terroristen esanetara jartzeko.

Espainian terrorismoaren aurkako borrokan izan dugun eskarmentuari esker, ETAren edo GRAPOren gisako banda armatuen terrorismoari eraginkortasunez erantzuteko legeria penala dugu. Horrelako bandak lider baten edo batzuen gidaritzapean biltzen diren talde terroristak dira, egitura organiko argia dutenak, non antolakuntzako rolak banatuta dauden eta talde terroristako kideek onartutako hierarkia-harreman jakin batzuk dauden. Hori horrela izanik, antolakunde edo talde terroristetako kide zirenak edo horien zerbitzupean jardun edo horiekin elkarlanean ari zirenak zehatuz ematen zitzaion garai hartan erantzun penala terrorismoari. Hauexek ziren terrorismoaren erantzun penalaren ardatzak: antolakunde edo talde terroristaren definizioa, batetik, eta horietako kide zirenek edo nola edo hala horiekin elkarlanean aritzen zirenek egiten zituzten jokaeren tipifikazioa, bestetik.

Zigor Kodeak ez du inolaz ere baztertu behar ikuspuntu hori –alegia, antolakunde edo talde terroristek egiten dituzten jokaeren tipifikazioarena–, baina begien bistakoa da mehatxu berriek araudiaren eguneraketa eskatzen dutela, banako terrorismoaren fenomenoa eta nazioarteko erkidegoaren kezka nagusi diren jokaerak jaso ahal izateko, bat etorrita lehen aipaturiko Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 2178 Ebazpenarekin.

Lege organiko honek Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren II. liburuko XXII. tituluko VII. kapitulua aldatzen du, eta horren helburua da hain krimen larriei ematen zaien erantzun penala zorrotza izatea; hots, orain arte ezagutzen genituen terrorismo motak ez ezik, mehatxu berriek sortzen dituztenak ere sartuta egotea.

Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren II. liburuko XXII. tituluko VII. kapitulua bi ataletan banatua dago, eta 571. artikulutik 580.era bitartekoak jasotzen dira bertan.

Lehenengo atalaren izenburua «Antolakunde eta talde terroristak» da, eta orain arte indarrean zegoen erregulazioaren zigor-logika berberari eusten dio. Antolakunde edo talde terroristaren definizioa ezartzen du, bai eta antolakunde edo talde terrorista bat sustatu, eratu, antolatu edo zuzentzen dutenei zer zigor dagokien ere.

Bigarren atalaren izenburua «Terrorismo delituak» da, eta definizio berria ematen dio terrorismo delituari 573. artikuluan, oinarritzat hartuta Europar Batasuneko Kontseiluaren 2002ko ekainaren 13ko 2002/475/JAI esparru-erabakia, terrorismoaren aurka borrokatzeari buruzkoa, zeina 2008ko azaroaren 28ko 2008/919/JAI esparru-erabakiak aldatu baitzuen. Definizio horren arabera, terrorismo delitua da 1. zenbakian adierazitako ondasun juridikoen aurka delitu astunak egitea, baldin eta artikulu horretan zehaztutako helburu hauetakoren batekin egiten bada: 1) Konstituzio-ordena iraultzea, edo Estatuaren erakunde politikoen zein egitura ekonomiko eta sozialen funtzionamendua bertan behera uztea edo modu larrian ezegonkortzea, edo botere publikoak egintza bat burutzera edo ez burutzera behartzea; 2) Bake publikoa modu larrian aztoratzea; 3) Nazioarteko erakunde baten funtzionamendua modu larrian ezegonkortzea; 4) Biztanle guztiei edo batzuei terrorea eragitea.

573 bis artikuluan jasotzen da terrorismo delitu bakoitzari zer zigor dagokion, eta xedatzen da inoren heriotza eragiten bada, Zigor Kodean aurreikusitako espetxe zigor luzeena ezarriko dela.

574. artikuluan tipifikatu egiten dira armak eta lehergailuak gordailuan jartzearekin, horiek fabrikatu, trafikagai hartu nahiz horiez hornitzearekin edo horiek kokatze hutsarekin nahiz erabiltzearekin zerikusia duten jokaerak, 573. artikuluaren 1. zenbakian adierazitako helburuetako edozeinekin gauzatzen badira. Beren-beregi jasotzen da zigorra astundu egingo dela arma, gai edo aparatu nuklear, erradiologiko, kimiko edo biologikoak edo antzeko ahalmen suntsitzailea dutenak tartean badira.

575. artikuluan zera tipifikatzen da: trebatze eta doktrinatze militarra, borrokakoa edo edozein motatako armak eta lehergailuak erabiltzen erakustekoa, bai eta doktrinatze eta trebatze pasiboa ere, eta aipamen berezia egiten zaio Internet bidez edo herritar guztien eskura dauden komunikazio-zerbitzuen bidez egiten denari. Halakoak delitutzat hartzeko, nahitaezkoak dira ohikotasun ukitu bat eta elementu finalista hauxe: antolakunde terrorista bateko kide bihurtzera, horrekin elkarlanean aritzera, edo horren helburuak lortzera zuzenduta egotea. Agindu honetan tipifikatzen da, halaber, borrokalari terrorista atzerritarren fenomenoa; hau da, antolakunde terrorista bateko kide izateko, horrekin

elkarlanean aritzeko edo terrorismo delitu bat egiteko, atzerrira joaten diren pertsonen fenomenoa.

576. artikuluak terrorismoaren finantzaketarekin zerikusia duten jokaeren zigorra ezartzen du. Hor sartzen dira, edozein bide erabilita, zuzenean edo zeharka, zernahi ondasun edo balore eskatu, eskuratu, eduki, erabili, bihurtu, eskualdatu edo haiekin beste jardueraren bat egiten dutenak, baldin eta haien asmoa bada, oso-osorik edo zati batean, kapitulu honetan jasotako delituak egiteko erabiltzea, edo jakinean badaude horretarako erabiliko direla. Tipifikazioan sartuta daude zuhurtziagabekeriazko delituak; esaterako, kapital-zuriketari eta terrorismoaren finantzaketaren prebentzioari buruzko arauditik datozen eginbeharren zabarkeriazko ez-egiteak.

577. artikuluan, antolakunde, talde edo elementu terroristekin edo terrorismo delituak egiteko xedea dutenekin elkarlanean aritzeko moduen tipifikazioa eta zehapena biltzen dira. Zehatz-mehatz jasotzen dira helburu edo antolakunde terroristen zerbitzupean jardunez, pertsonak atzeman eta erreklutatzeko egiten diren ekintzak; zigorra astundu egiten da ekintzok adingabeei, babes berezia behar duten pertsonei edo salerosketaren biktima diren emakumeei zuzenduta badaude.

578.eta 579. artikuluetan, terrorismoa jendaurrean gorestea edo justifikatzea zigortzen da, eta biktimen izen ona zikindu, horiek gutxietsi nahiz umiliatzeko egintzak eta inor terrorismo delituak egitera bultzatzeko mezuak edo aginduak hedatzea ere bai. Jokaera horiek tipifikatzean, bereziki aintzat hartzen da delituak herritar guztien eskura dauden zerbitzuak edo edukiak hedatuz egin diren, hedabideak, Internet, komunikazio elektronikoko zerbitzuak edo informazioaren teknologiak erabiliz. Gainera, epaileek, kautela-neurri gisa, edukiak kentzeko erabakia har dezaketela ere xedatzen da.

579bis artikuluak zenbait zigor gehitzen ditu, artikulu horretan jasotako baldintzak gertatuz gero aplikatzekoak: batetik, erabateko desgaikuntzako zigorra, eta, bestetik, irakaskuntzaren, kirolaren eta aisialdiaren arloetako hezkuntza-lanbide nahiz -ogibiderako desgaikuntza berezia, orain arte existitzen ez zena; desgaikuntza hori epaian, hala denean, ezarritako zigor askatasun-gabetzailea baino sei urtetik hogei urte arte luzeagoa izango da. Horrez gain, delitu-jarduerak beren borondatez alde batera uzten dituztenei eta agintariei laguntza ematen dietenei zigorra arintzeko aukera jasotzen da, eta egitatea objektiboki astuntasun txikiagokoa den kasuetan ere aukera horixe izango da, erabilitako bidea edo sorturiko emaitza kontuan izanik betiere.

Azkenik, 580. artikuluan esaten da ezen atzerriko epaile edo auzitegi batek ezarritako kondena eta Espainiako epaile edo auzitegiek emandako epaiak balio berekoak izango direla terrorismo delitu guztietan, berrerortze astungarria ezartzearen ondoreetarako.

Artikulu bakarra. Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa aldatzea.

Aldatu egiten da Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren II. liburuko XXII. tituluko VII. kapitulua, eta honela idatzita geratzen da:

«VII. KAPITULUA

Antolakunde eta talde terroristak eta terrorismo delituak

1. atala. Antolakunde eta talde terroristak

571. artikulua.

Kode honen ondoreetarako, antolakunde edo talde terroristatzat hartuko dira, hurrenez hurren, 570 bis artikuluaren 1. zenbakiko bigarren paragrafoan eta 570 ter artikuluaren 1. zenbakiko bigarren paragrafoan ezarritako ezaugarriak betetzen dituzten elkarteak, horien helburua denean hurrengo atalean tipifikatutako delituren bat egitea.

572. artikulua.

1.Norbaitzuek antolakunde edo talde terrorista bat sustatu, eratu, antolatu edo zuzentzen badute, horiei zortzi urtetik hamalau urte arteko espetxe zigorra ezarriko zaie eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia, zortzi urtetik hamabost urte artekoa.

2.Norbaitzuek antolakundean edo taldean modu aktiboan parte hartzen badute, edo horien partaideak badira, horiei sei urtetik hamabi urte arteko espetxe zigorra ezarriko zaie, eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia, sei urtetik hamalau urte artekoa.

2.atala. Terrorismo delituak

573. artikulua.

1.Terrorismo delitutzat hartuko dira hauen aurka gauzatzen diren delitu astunak: bizitza edo osotasun fisikoa, askatasuna, osotasun morala, sexuaskatasuna eta -ukigabetasuna, ondarea, izadiko baliabideak edo ingurumena, osasun publikoa, hondamen-arriskuko delituak, suteak, Koroaren aurkakoak, atentatu delituak eta armak, munizioak edo lehergailuak edukitzea, trafikagai hartzea eta gordailuan jartzea –Kode honetan jasoak–, eta aireontziak, ontziak edo beste garraiobide kolektibo edo salgaien garraiobide batzuk harrapatzea, baldin eta xede hauetako edozeinekin egiten badira:

1.a Konstituzio-ordena iraultzea, edo Estatuaren erakunde politikoen zein egitura ekonomiko eta sozialen funtzionamendua bertan behera uztea edo modu larrian ezegonkortzea, edo botere publikoak egintza bat burutzera edo ez burutzera behartzea.

2.a Bake publikoa modu larrian aztoratzea.

3.a Nazioarteko erakunde baten funtzionamendua modu larrian ezegonkortzea.

4.a Biztanle guztiei edo batzuei terrorea eragitea.

2.Orobat, terrorismo delitutzat hartuko dira 197 bis eta 197 ter artikuluetan eta 264.etik 264 quater artikulura bitartean tipifikatuta dauden delitu informatikoak, betiere egitateak aurreko zenbakian adierazitako helbururen batekin gauzatzen badira.

3.Terrorismo delitu izango dira, halaber, kapitulu honetan tipifikatutako gainerako delituak.

573 bis artikulua.

1.Aurreko artikuluaren 1. zenbakian jasotako terrorismo delituak gauzatzen dituztenei zigor hauek ezarriko zaizkie:

1.a Kode honetan aurreikusitako espetxe zigor luzeena, inoren heriotza eragiten badute.

2.a Hogei urtetik hogeita bost urte arteko espetxe zigorra, norbait bahitu edo legearen aurka atxilotu eta ez dutenean jakinarazten pertsona hori non dagoen.

3.a Hamabost urtetik hogei urte arteko espetxe zigorra, 144. artikuluan jasotako abortua edo 149., 150., 157. edo 158. artikuluetan tipifikatutako lesioak eragiten badituzte, norbait bahitzen badute edo 346. eta 351. artikuluetan hurrenez hurren ezarritako kalte handi edo suteren bat sortzen badute.

4.a Hamar urtetik hamabost urte arteko espetxe zigorra, beste edozein lesio eragiten badute, edo norbait mehatxatu, derrigortu edo legearen aurka atxilotzen badute.

5.a Gauzatutako delituarentzat aurreikusitako zigorra goiko erdian ezarriko zaie –gradu bat gehiagokoa ere izan daiteke–, aurreko artikuluaren 1. zenbakian jasotako beste edozein delitu egiten badute.

2.Zigorra goiko erdian ezarriko zaie, egitateak 550. artikuluaren 3. zenbakian aipatutako pertsonen aurka edo Segurtasun Indar eta Kidegoetako edo Indar Armatuetako kideen aurka edo espetxeetako enplegatu publikoen aurka gauzatzen badituzte.

3.Aurreko artikuluaren 2. zenbakian jasotako terrorismo delituak gauzatzen dituztenei, aplikatu beharreko artikuluetan aurreikusitako zigorra baino gradu bat gehiagokoa ezarriko zaie.

4.557 bis artikuluan jasotako desordena publikoen delitua eta asaldatze nahiz albaramendu delituak antolakunde edo talde terrorista batek gauzatzen baditu, edo norbanako batek baina haien babesarekin, delitu horietarako aurreikusitako zigorra baino gradu bat gehiagokoa ezarriko da.

574. artikulua.

1.Armak edo munizioak gordailuan jartzea, gai edo aparatu lehergarri, sukoi, su-eragile edo itogarriak edota beraien osagaiak edukitzea eta gordailuan jartzea, arma, munizio, gai edo aparatu horiek fabrikatzea, trafikagai hartzea, garraiatzea nahiz horiez edonola hornitzea, edo aurreko gaiak edo bide eta trikimailu egokiak kokatze hutsa nahiz erabiltzea zortzi urtetik hamabost urte arteko espetxe zigorrarekin zigortuko da, egitate horiek 573. artikuluaren 1. zenbakian adierazitako helburuetako edozeinekin gauzatzen badira.

2.Hamar urtetik hogei urte arteko espetxe zigorra ezarriko da, arma, gai edo aparatu nuklear, erradiologiko, kimiko edo biologikoak badira, edo horien antzeko ahalmen suntsitzailea duen beste edozein.

3.Hamar urtetik hogei urte arteko espetxe zigorra ezarriko zaie 1. zenbakiko helburu horiexekin arma kimiko nahiz biologikoak garatzen dituztenei, edo material nuklearrak, elementu erradioaktiboak edo erradiazio ionizatzaileen material edo ekipo ekoizleak harrapatu, eduki, garraiatu, besteen eskuetan jarri edo manipulatzen dituztenei.

575. artikulua.

1.Bi urtetik bost urte arteko espetxe zigorra ezarriko zaio, kapitulu honetan tipifikatutako delituetatik edozein gauzatu ahal izateko, trebatzea nahiz doktrinatzea jasotzen duenari, dela militarra edo borrokakoa, dela arma kimiko edo biologikoak garatzeko tekniken ingurukoa, gai edo aparatu lehergarri, sukoi, su-eragile edo itogarriak landu edo prestatzekoa, edo horrelako arau-hausteak gauzatzeko berariazko helburua dutenak.

2.Zigor horixe bera ezarriko zaio, kapitulu honetan tipifikatutako delituren bat gauzatu ahal izateko trebakuntza jasotzeko xedez, aurreko zenbakian adierazitako edozein jarduera bere kabuz egiten duenari.

Delitu hori gauzatu dela ulertuko da norbait, xede horrekin, ohikotasunez sartzen denean herritar guztien eskura dauden lineako komunikazio-zerbitzuren batean edo hainbatetan, edo Internet bidez zein komunikazio elektronikoko zerbitzuen bidez eskura daitezkeen edukietan, baldin eta horiek egokiak badira antolakunde edo talde terrorista bateko kide izatera, harekin elkarlanean aritzera edo haren helburuak lortzeko laguntza ematera bultzatzeko, edo horretara zuzenduta badaude. Egitateak Espainian gauzatu direla ulertuko da, lurralde espainiarrean egonik sartzen denean edukietan.

Orobat, delitu hori gauzatu dela ulertuko da norbaitek, aurretik aipatutako xedearekin, agiriak eskuratzen baditu edo jabetzan badauzka, eta agirion edukiak egokiak badira antolakunde edo talde terrorista bateko kide izatera, harekin elkarlanean aritzera edo haren helburuak lortzeko laguntza ematera bultzatzeko, edo horretara zuzenduta badaude.

3.Zigor bera ezarriko zaio, xede hori erdiesteko, antolakunde edo talde terrorista batekin elkarlanean aritzeko, edo kapitulu honetan jasotako delituetatik

edozein gauzatzeko, antolakunde edo talde terrorista baten kontrolpean dagoen atzerriko lurralde batera joaten denari edo bertan ezartzen denari.

576. artikulua.

1.Edozein bide erabilita, zuzenean edo zeharka, zernahi ondasun edo balore eskatu, eskuratu, eduki, erabili, bihurtu edo eskualdatzen duenari edo haiekin beste jardueraren bat egiten duenari bost urtetik hamar urte arteko espetxe zigorra eta haien balioa halako hirutik halako bost arteko isuna ezarriko zaizkio, baldin eta haren asmoa bada, oso-osorik edo zati batean, kapitulu honetan jasotako delituak egiteko erabiltzea, edo jakinean badago horretarako erabiliko direla.

2.Ondasunak edo baloreak terrorismo delituaren erantzulearen eskura jarriz gero, gradu bat gehiagoko zigorra ezarri ahal izango da. Egintza terrorista zehatzak egiteko erabiltzen badira, egitatea egilekideei edo sopikunei dagozkien zigorrekin zigortuko da, kasuaren arabera.

3.Lehenengo zenbakian adierazitako jokabidea ondarearen aurka atentatua eginez gauzatu bada, edo estortsioa, agiri-faltsutzea edo beste edozein delitu eginez, horrelakoei dagokien zigorra baino gradu bat gehiagokoa ezarriko da, ezertan eragotzi gabe aurreko zenbakien arabera egoki den zigorra ezartzea.

4.Norbaitek lege-aginduz agintaritzarekin elkarlanean aritzeko betebehar berezia duenean terrorismoa finantzatzeko jardueren prebentzioan, eta betebehar horien betepenean zuhurtziagabekeria astuna egiteagatik 1. zenbakian deskribatutako edozein jokabide atzeman edo eragotzi ezin denean, horri, zenbaki horretan aurreikusitako zigorra baino gradu bat edo bi gutxiagokoa ezarriko zaio.

5.31 bis artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, pertsona juridiko bat artikulu honetan tipifikatutako delituen erantzulea denean, zigor hauek ezarriko zaizkio:

a) Bi urtetik bost urte arteko isuna, pertsona fisikoak egindako delituak bost urte baino gehiagoko espetxe zigorra ezarria badu.

b) Urtebetetik hiru urte arteko isuna, pertsona fisikoak egindako delituak bi urte baino gehiagoko zigor askatasun-gabetzailea ezarria badu, aurreko letraren barnean ez dagoena.

66 bis artikuluan ezarritako erregelen arabera, epaile eta auzitegiek 33. artikuluaren 7. zenbakiko b) letratik g) letrara arte jasota dauden zigorrak ere ezarri ahal izango dituzte.

577. artikulua.

1.Espetxe zigorra ezarriko zaio, bost urtetik hamar urte artekoa, bai eta isuna ere, hemezortzi hilabetetik hogeita lau hilabete artekoa, elkarlan-egintzak gauzatu, eskatu edo errazten dituenari antolakunde, talde edo elementu terrorista baten jarduera nahiz helburuekin bat egiteko edo kapitulu honetan jasotako edozein delitu gauzatzeko.

Hain zuzen ere, elkarlan-egintzak dira pertsona, ondasun zein instalazioei buruz informatzea edo horiek zelatatzea, egonlekuak edo gordailuak eraiki, atondu, laga edo erabiltzea, pertsonak ezkutatu, hartu edo toki batetik bestera eramatea, entrenamendu-saioak antolatzea edo horietara joatea, zerbitzu teknologikoak ematea, eta aurreko lerrokadako antolakunde edo talde terroristen, taldeen edo pertsonen jarduerekin elkarlanean aritzea edo horiei laguntzea, edo balio bera duen bestelako edozein egintza gauzatzea.

Aurreko lerrokadan aipatutako pertsonei buruz informatzeko edo horiek zelatatzeko egintzek arriskuan jartzen badute pertsona horien bizitza, osotasun fisikoa, askatasuna edo ondarea, zenbaki honetan aurreikusitako zigorra goiko erdian ezarriko da. Ondasun juridiko horien lesioa gertatuz gero, egitatea egilekideei edo sopikunei dagozkien zigorrekin zigortuko da, kasuen arabera.

2.Aurreko zenbakian aurreikusitako zigorrak ezarriko zaizkie pertsonak atzemateko, doktrinatzeko edo trebatzeko edozein jarduera gauzatzen dutenei, baldin eta jarduera hori zuzenduta badago, edo haren edukia dela-eta egokia bada, beste batzuei antolakunde edo talde terrorista bateko kide izatera bultzatzeko, edo kapitulu honetako edozein delitu gauzatzeko.

Zigor berberak ezarriko zaizkie lehergailuak, su-armak, bestelako armak edo substantzia kaltegarri edo arriskutsuak fabrikatu edo erabiltzeari buruz edo 573. artikuluan jasotako delituren bat gauzatzeko bereziki egokiak diren metodo edo teknikei buruz trebakuntza edo instrukzioa ematen dutenei, baldin eta asmoa bada xede horretarako erabiltzea edo jakinean badaude horretarako erabiliko direla.

Zigorrak goiko erdian ezarriko dira –gradu bat gehiagokoak ere izan daitezke–, zenbaki honetan aurreikusitako egintzak adingabeei, babes berezia behar duten desgaituei edo salerosketaren biktima diren emakumeei zuzenduta badaude, haiek delituaren egileen ezkontide, bikotekide edo sexu-esklabo bihurtzeko asmoz; horrek ez du ezertan eragozten sexu-askatasunaren aurkako delituengatik ezarri behar diren zigorrak ezartzea.

3.Baldin eta antolakunde edo talde terroristaren jarduerekin edo xedeekin elkarlanean aritzea edo kapitulu honetan deskribatutako delituetatik edozein gauzatzea zuhurtziagabekeria astunaren ondorioz gertatzen bada, sei hilabetetik hemezortzi hilabete arteko espetxe zigorra eta sei hilabetetik hamabi hilabete arteko isuna ezarriko dira.

578. artikulua.

1.Norbaitek jendaurrean goretsi edo justifikatzen baditu 572. artikulutik 577. erakoetan jasotako delituak, horien egikaritzan parte hartu duten pertsonak, edota terrorismo delituetako biktimen edo beraien senideen izen ona zikintzea edo horiek gutxiestea nahiz umiliatzea dakarten egintzak gauzatzen baditu, orduan, urtebetetik hiru urte arteko espetxe zigorra eta hamabi hilabetetik hemezortzi hilabete arteko isuna ezarriko zaizkio. Gainera, epaileak epaian bertan erabaki dezake, berak ezartzen duen denboraldian zehar, 57. artikuluan ezarritako debekuetatik bat edo batzuk jartzea.

2.Aurreko zenbakiko zigorrak goiko erdian ezarriko dira, baldin eta, egintzak gauzatzeko, hedabideen, Interneten, komunikazio elektronikoko zerbitzuen edo informazioaren teknologien bidez herritar guztien eskura dauden zerbitzuak edo edukiak hedatu badira.

3.Inguruabarrak kontuan hartuta, egitateak egokiak badira bake publikoa modu larrian aztoratzeko edo biztanle guztiei edo batzuei segurtasunik ezaren edo beldurraren sentimendu bizia sortzeko, orduan, zigorra goiko erdian ezarriko da, eta gradu bat gehiagokoa ere izan daiteke.

4.Liburu, artxibo, dokumentu, artikulu edo delitua gauzatzeko erabilitako beste edozein euskarri suntsitzea, ezabatzea edo erabilezin bihurtzea erabakiko du epaileak edo auzitegiak. Delitua informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez gauzatuz gero, edukiak kentzeko erabakia hartuko da.

Egitateak Internet edo komunikazio elektronikoko zerbitzuen bidez eskuragarri dauden zerbitzu edo edukiak erabilita gauzatu badira, epaileak edo auzitegiak zilegi ez diren eduki edo zerbitzuak kentzea erabaki ahal izango du. Subsidiarioki, ostatatze-zerbitzuen emaileei agindu ahal izango die ken ditzatela zilegi ez diren edukiak; bilatzaileei, ezaba ditzatela eduki edo zerbitzu horietara daramaten estekak, eta komunikazio elektronikoko zerbitzuen emaileei, berriz, galaraz dezatela zilegi ez diren eduki edo zerbitzuetarako sarbidea. Horretarako, nahitaezkoa da baldintza hauetakoren bat ematea:

a) Neurria egitateen astuntasunarekin eta informazioaren garrantziarekin proportzionatua izatea, eta haren hedapena ekiditeko premiazkoa ere bai.

b) Bakar-bakarrik edo nagusiki aurreko paragrafoetan jasotako edukiak hedatzea.

5.Instrukzio-epaileak ere ezar ditzake aurreko zenbakiko neurriak kautelaneurri gisa, auzia instruitzean.

579. artikulua.

1.Norbaitek mezuak edo aginduak zabaltzen baditu jendaurrean eta horien helburua bada besteren bat bultzatzea kapitulu honetako delitu bat gauzatzera, edo haien edukia dela-eta horretarako egokiak badira, orduan, delitu bakoitzarentzat aurreikusitako zigorra baino gradu bat edo bi gutxiagokoa ezarriko zaio.

2.Baten batek, jendaurrean edo pertsona multzo baten aurrean, beste norbait bultzatzen badu kapitulu honetako delitu bat gauzatzera, edo delitu horiek gauzatzeko eskatzen badio, hari ere zigor berbera ezarriko zaio.

3.Kapitulu honetan araututako delituren bat gauzatzeko xedea duten gainerako zirikatze-, konspiratzeeta proposatze-egintzak zigortu egingo dira, kapitulu honetan ezarritako egitate bakoitzari dagokion zigorra baino gradu bat edo bi gutxiagoko zigorrarekin.

4.Agindu honetan aurreikusitako kasuetan, epaileek edo auzitegiek aurreko artikuluaren 4. eta 5. zenbakietako neurriak ezarri ahal izango dituzte.

579 bis artikulua.

1.Kapitulu honetan ezarritako delituen erantzuleari, aurreko artikuluen arabera dagozkion zigorren kalterik gabe, eta delituaren astuntasuna, egindako delitu kopurua eta delitugilearen inguruabarrak kontuan hartuz, erabateko desgaikuntzako zigorra edo irakaskuntzaren, kirolaren eta aisialdiaren arloetako hezkuntza-lanbide nahiz -ogibiderako desgaikuntza berezia ezarriko zaio, eta desgaikuntza hori epaian, hala denean, ezarritako zigor askatasun-gabetzailea baino sei urtetik hogei urte arte luzeagoa izango da.

2.Kapitulu honetan jasotako delitu bat edo gehiagorengatik zigor askatasungabetzaile astunarekin kondenatua izan denari, orobat, zaintzapeko askatasun neurria ezarriko zaio, bost urtetik hamar urte artekoa; ostera, zigor askatasungabetzailea astuntasun txikiagokoa bada, urtebetetik bost urte artekoa. Dena dela, delitu bakarra bada, eta ez bada astuna, eta egileak lehenengoz delitu egin badu, auzitegiak zaintzapeko askatasun neurria ezartzea ala ez ezartzea erabaki ahal izango du, egilearen arriskutsutasun txikiagoa kontuan izanda.

3.Kapitulu honetan ezarritako delituak zigortzeko, epaile eta auzitegiek, epaian arrazoiak emanez, delitu bakoitzarentzat adierazitako zigorra baino gradu bat edo bi gutxiagokoa ezarri ahal izango dute, subjektuak, bere borondatez, delitu-jarduerak bertan behera utzi eta agintaritzaren aurrean bere burua aurkezten badu, bere partaidetzarekin gauzatutako egitateak aitortuz eta, gainera, delitua gertatzea eragozteko biziki aritzen bada agintaritzarekin elkarlanean, edo froga erabakigarriak eskuratzen laguntzen badu, beste erantzule batzuk identifikatu edo harrapatzeko nahiz bera kide izan den edo elkarlanean aritu den antolakunde, talde edo bestelako elementu terroristen jarduna edo garapena eragozteko.

4.Epaile eta auzitegiek, zioak emanez eta inguruabar zehatzak aintzat hartuz, delitu bakoitzarentzat kapitulu honetan adierazitako zigorra baino gradu bat edo bi gutxiagokoa ezarri ahal izango dute, egitatea objektiboki astuntasun txikiagokoa bada, eta erabilitako bidea edo sorturiko emaitza kontuan izanik.

580. artikulua.

Terrorismo delitu guztietan, berrerortze astungarria ezartzearen ondoreetarako, atzerriko epaile edo auzitegi batek ezarritako kondenak eta Espainiako epaile edo auzitegiek emandako epaiek balio bera izango dute.»

Azken xedapenetatik lehena. Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzea.

Aldatu egiten da Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 23. artikuluaren 4. zenbakiko e) letrako 2. puntua, eta honela idatzita geratzen da:

«2.a prozedura Espainian bizi ohi den edo Espainian dagoen atzerritar baten aurka bideratzea edo, baldintza horiek bete ez arren, terrorismo delituren bat gauzatzeko, espainiar batekin edo Espainian bizi den edo Espainian dagoen atzerritar batekin elkarlanean ari den baten aurka bideratzea;»

Azken xedapenetatik bigarrena. Eskumen-titulua.

Lege hau Konstituzioaren 149.1.6 artikuluan aurreikusitakoa baliatuz ematen da, artikulu horrek legeria penalaren arloan eskumen esklusiboa ematen baitio Estatuari.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Indarrean jartzea.

Lege organiko hau 2015eko uztailaren 1ean jarriko da indarrean.

Horrenbestez,

Lege organiko hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Sevillan, 2015eko martxoaren 30ean.

FELIPE E.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

w.boe.es

BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO

D. L.: M-1/1958 ISSN: 02

 

 

 

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra