Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Zigor zuzenbidea  >>  Legeria

2/2019 Lege Organikoa, martxoaren 1ekoa, Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa aldatzekoa ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak zuhurtziagabekeriaz gidatzeari eta istripu-lekutik alde egiteagatiko zehapenari dagokienez.

2019-03-01

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 03/02/2019, 53. zk.

  • I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

2973    2/2019 Lege Organikoa, martxoaren 1ekoa, Zigor Kodeari buruzko azaroaren

23ko 10/1995 Lege Organikoa aldatzekoa ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak zuhurtziagabekeriaz gidatzeari eta istripu-lekutik alde egiteagatiko zehapenari dagokienez.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege organiko hau onetsi dutela eta nik berretsi egiten dudala:

HITZAURREA

Gizartearen eskari argiaren ondorio da lege organiko hau; izan ere, oinezkoei eta txirrindulariei eragiten dieten istripuak ugaritu egin dira ibilgailu motordunak edo ziklomotorrak zuhurtziagabekeriaz gidatzeagatik. Lege honen oinarrian, hiru ardatz daude:

  • 1.a Lege-xedapenez zuhurtziagabekeria astuntzat joko diren hiru kasu sartuko dira, baita astuntasun txikiagoko zuhurtziagabekeriaren benetako interpretazioa ere.

  • 2.a Gisa horretako jokabideentzat zigorrak handituko dira.

  • 3.a Istripu-lekutik alde egitearen delitua sartuko da.

Lehenengoari dagokionez, adierazi beharra dago aldaketarekin lege izaera eman nahi zaiola Fiskaltzak eta jurisprudentziak dagoeneko adostuta zeukaten jarduerari, eta horren erakusle dira, batetik, bide-segurtasunari buruzko Estatuko Fiskaltza Nagusiaren 10/2011 Zirkularra eta, bestetik, pertsonen osotasuna arriskuan jarriz gidatzea ausarkeriaz gidatzea dela jotzea, baldin eta Zigor Kodearen arazoaren 23ko 10/1995 Lege Organikoak 379. artikuluan jasotako baldintzak ematen badira.

Horrela, zigorrik handiena bermatzen da heriotza eragiten duten jokabide bereziki larrien kasuan, batez ere ibilgailu motordunaren edo ziklomotorraren gidariak droga toxiko, sorgorgarri, substantzia psikotropiko edo edari alkoholdunen eraginpean edo gehiegizko abiaduraz gidatzen badu. Berariaz aitortzen da badirela gidariaren zabarkeria bereziaren adierazle diren inguruabar jakin batzuk, eta horiek zuhurtziagabekeria astunaren zigor-ondorioak izan behar dituztela argi eta garbi.

Gisa horretako jokabideentzat zigorrak handitzeko bi bide proposatzen dira. Batetik, artikulu berri bat gehitzea, 142 bis artikulua. Horren arabera, epaileak edo auzitegiak bederatzi urte arteko espetxe zigorra ezarri ahal izango du ibilgailu motordunak zuhurtziagabekeriaz gidatzeak hainbat hildako eragiten baditu, edota hildakoak eta zauritu larriak.

Gauza bera gertatzen da 152 bis artikulua gehitzearekin; izan ere, gradu bat gehiagoko zigorra ezarri ahal izango da 152.1.2 edo 152.1.3 artikuluan adierazitako lesioak jasan dituzten hainbat pertsona badago, edo gradu bi gehiagokoa lesionatuen kopurua oso altua bada.

Bestetik, zigorrak handitzearena 382. artikuluan ere islatzen da, izan ere, ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak gidatzeko eskubideaz gabetzeko zigorra sartu da paragrafo berri batean; zigor hori, konkurtso-erregelak aurreikusitakoarekiko osagarria da, zeinak xedatzen baitu delitu astunenaren zigorra goiko erdian ezarriko dela, baldin eta emaitza kaltegarria eragiten bada ausarkeriaz gidatzearen ondorioz -381. artikuluan aurreikusia eta zigortua-.

Hirugarren ardatzari dagokionez, istripu-lekutik alde egitearen delitua sartuko da eta aparteko idazketa izango du bide-segurtasunaren aurkako delituei buruzko Zigor Kodearen IV. kapituluan, ulertzen baita jokabide desberdina dela, eta oraingoan bai, dolozkoa eta aldez aurretiko zuhurtziagabekeriazko edo halabeharrezko jokabidearekiko independentea. Kasu honetan zigortu nahi dena da lesionatuta edo hilda egon daitekeen norbait atzean uzten duela dakienaren gaiztakeria intrintsekoa, baita biktimekiko elkartasun eza ere, garrantzi penala baitu atzean utzi aurretik gertatutako istripuan izandako zuzeneko inplikazioagatik. Hori guztia, oinezkoek, txirrindulariek edo edozein ibilgailu motordunen edo ziklomotorren gidariek, trafiko-istripuren bat izanez gero, artatuak izateko dituzten zilegizko itxaropenak aintzat hartuta. Helburua da lesio-kasuetan arau-pilaketarik ez gertatzea tipo penal horren eta Zigor Kodearen 195.3 artikuluan ezarrita dagoen sorospen-eginbeharra ez betetzearen delituaren artean. Horretarako, testuan aurreikusitakoaren arabera, sorospen-eginbeharra ez betetzearen delitua subsidiarioa izango da bestearekiko, lesio larriak jasaten dituzten pertsonen kasuei dagokionez, nahiz eta sorospen-eginbeharra ez betetzeak eskatzen dituen arrisku nabari eta larriaren betekizunak egon ez.

Artikulu bakarra. Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa aldatzea.

Aldatu egiten da Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa, eta honela geratzen da idatzita:

Bat. Honela idatzita geratzen da 142. artikulua:

«142. artikulua.

  • 1. Norbaitek, zuhurtziagabekeria astunaren ondorioz, beste baten heriotza eragiten badu, zuhurtziagabekeriazko giza hilketaren errudun gisa, urtebetetik lau urte arteko espetxe zigorra ezarriko zaio.

Zuhurtziagabekeriazko giza hilketa ibilgailu motorduna edo ziklomotorra erabiliz egiten denean, ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak gidatzeko eskubideaz gabetzen duen zigorra ere ezarriko da, urtebetetik sei urte artekoa. Apartatu honen ondorioetarako, zuhurtziagabekeria astuntzat joko da, nolanahi ere, gidatzean 379. artikuluan zehaztutako inguruabarretatik baten bat emateak egitatea gertatzea ekartzen badu.

Zuhurtziagabekeriazko giza hilketa su-arma erabiliz egiten denean, su-armak eramateko edo edukitzeko eskubideaz gabetzen duen zigorra ere ezarriko da, urtebetetik sei urte artekoa.

Giza hilketa lanbide-zuhurtziagabekeriaren ondorioz egiten denean, lanbide, ogibide edo karguan aritzeko desgaikuntza bereziko zigorra ere ezarriko da, hiru urtetik sei urte artekoa.

  • 2. Norbaitek, astuntasun txikiagoko zuhurtziagabekeriaren ondorioz, beste baten heriotza eragiten badu, hiru hilabetetik hemezortzi hilabete arteko isun zigorra ezarriko zaio.

Giza hilketa ibilgailu motorduna edo ziklomotorra erabiliz egiten denean, ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak gidatzeko eskubideaz gabetzen duen zigorra ere ezarri ahalko da, hiru hilabetetik hemezortzi hilabete artekoa. Astuntasun txikiagoko zuhurtziagabekeriatzat joko da, astuntzat kalifikatzen ez bada, trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko arauen arau-hauste astunaren ondorioz gertatu bada egitatea, betiere arau-haustearen entitatea epaileak edo auzitegiak balioetsi ondoren.

Giza hilketa su-arma erabiliz egiten denean, su-armak eramateko edo edukitzeko eskubideaz gabetzen duen zigorra ere ezarri ahalko da, hiru hilabetetik hemezortzi hilabete artekoa.

Apartatu honetan zehaztutako delitua pertsegitu ahalko da, soilik laidotuak edo haren legezko ordezkariak salaketa aurkezten badu».

  • Bi. Artikulu berri bat gehitzen da, 142 bis artikulua; hauxe dio:

«142 bis artikulua.

Aurreko artikuluko 1. zenbakian aurreikusitako kasuetan, epaileak edo auzitegiak, zioak emanez eta egoki uste duen hainbatean, gradu bat gehiagoko zigorra ezarri ahal izango du, baldin eta egitateak larritasun nabaria badu, kontuan hartuta sortu den arriskuak eta arreta izateko eginbehar urratuak zer funts eta garrantzi berezi duten, eta pertsona bi edo gehiagoren heriotza eragin badu edota baten heriotza eta gainerakoei 152.1.2 edo 152.1.3 artikuluaren arabera delitu diren lesioak eragin badizkie. Gradu bi gehiagoko zigorra ezarri ahal izango du hildakoak asko badira».

Hiru. Honela idatzita geratzen da 152. artikulua:

«152. artikulua.

  • 1. Norbaitek, zuhurtziagabekeria astunaren ondorioz, aurreko artikuluetan ezarritako lesioetako bat eragiten badu, honako zigor hauek ezarriko zaizkio, sortutako arriskua eta izandako emaitza kontuan hartuta:

  • 1 .a Hiru hilabetetik sei hilabete arteko espetxe zigorra edo sei hilabetetik hemezortzi hilabete arteko isuna, 147. artikuluko 1. apartatuko lesioen kasuan.

  • 2 .a Urtebetetik hiru urte arteko espetxe zigorra, 149. artikuluko lesioen kasuan.

  • 3 .a Sei hilabetetik bi urte arteko espetxe zigorra, 150. artikuluko lesioen kasuan.

Egitateak ibilgailu motorduna edo ziklomotorra erabiliz gauzatzen direnean, ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak gidatzeko eskubideaz gabetzeko zigorra ere ezarriko da, urtebetetik lau urte artekoa. Apartatu honen ondorioetarako, zuhurtziagabekeria astuntzat joko da, nolanahi ere, gidatzean 379. artikuluan zehaztutako inguruabarretatik baten bat emateak egitatea gertatzea ekartzen badu.

Lesioak su-arma erabiliz eragiten direnean, su-armak eramateko edo edukitzeko eskubideaz gabetzeko zigorra ere ezarriko da, urtebetetik lau urte artekoa.

Lesioak lanbide-zuhurtziagabekeriaren ondorioz egiten direnean, lanbide, ogibide edo karguan aritzeko desgaikuntza bereziko zigorra ere ezarriko da, sei hilabetetik lau urte artekoa.

  • 2. Norbaitek, astuntasun txikiagoko zuhurtziagabekeriaren ondorioz, 147.1, 149. eta 150. artikuluetan ezarritako lesioren bat eragiten badu, hiru hilabetetik hamabi hilabete arteko isun zigorra ezarriko zaio.

Egitateak ibilgailu motorduna edo ziklomotorra erabiliz gauzatzen direnean, ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak gidatzeko eskubideaz gabetzen duen zigorra ere ezarri ahalko da, hiru hilabetetik urtebete artekoa. Astuntasun txikiagoko zuhurtziagabekeriatzat joko da, astuntzat kalifikatzen ez bada, trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko arauen arau-hauste astunaren ondorioz gertatu bada egitatea, betiere arau-haustearen entitatea epaileak edo auzitegiak balioetsi ondoren.

Lesioak su-arma erabiliz eragiten direnean, su-armak eramateko edo edukitzeko eskubideaz gabetzen duen zigorra ere ezarri ahalko da, hiru hilabetetik urtebete artekoa.

Apartatu honetan zehaztutako delitua pertsegitu ahalko da, soilik laidotuak edo haren legezko ordezkariak salaketa aurkezten badu».

Lau. Artikulu berri bat gehitzen da, 152 bis artikulua; hauxe dio:

«152 bis artikulua.

Aurreko artikuluko 1. zenbakian aurreikusitako kasuetan, epaileak edo auzitegiak, zioak emanez eta egoki uste duen hainbatean, gradu bat gehiagoko zigorra ezarri ahal izango du, baldin eta egitateak larritasun nabaria badu, kontuan hartuta sortu den arriskuak eta arreta izateko eginbehar urratuak zer funts eta garrantzi berezi duten, eta 152.1.2 edo 152.1.3 artikuluaren arabera delitu diren lesioak eragin badizkie hainbat pertsonari. Gradu bi gehiagoko zigorra ezarri ahal izango du lesionatuak asko badira».

Bost. Honela idatzita geratzen da 382. artikulua:

«382. artikulua.

379., 380. eta 381. artikuluetako egintzengatik aurretik ohartemandako arriskuaz gain delitu den emaitza kaltegarria eragiten denean, emaitzaren larritasuna edozein izanda ere, epaile edo auzitegiek zigor astunena jasotzen duen arau-haustea bakarrik hartuko dute aintzakotzat, zigorra goiko erdian ezarriko dute eta, edozein kasutan, sortutako erantzukizun zibilaren ordaina ematera kondenatuko dute erruduna.

Emaitza kaltegarria 381. artikuluko delitu batekin gertatzen denean, manu honetan aurreikusitako ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak gidatzeko eskubideaz gabetzeko zigorra ezarriko da goiko erdian, edozein kasutan».

Sei. Artikulu berri bat gehitzen da, 382 bis artikulua; hauxe dio:

«382 bis artikulua.

  • 1. Ibilgailu motordun edo ziklomotor baten gidariak, 195. artikuluan jasotako kasuak alde batera utzita, bere borondatez eta berarentzat edo hirugarrenentzat arriskurik egon gabe, istripu bat eragin ondoren istripu-lekutik alde egiten badu, istripu horretan pertsona bat edo gehiagoren heriotza edo 152.2 artikuluaren arabera delitu diren lesioak eragin ondoren, zigorra ezarriko zaio istripu-lekutik alde egitearen delitugile gisa.

  • 2. Artikulu honetan jasotako egitateei, gidariaren zuhurtziagabekeriazko ekintza batek eragindakoak badira, sei hilabetetik lau urte arteko espetxe zigorra ezarriko zaie eta ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak gidatzeko eskubideaz gabetzea urtebetetik lau urte bitartean.

  • 3. Istripu-lekutik alde egitea eragin duten egitateak halabeharrezkoak badira, hiru hilabetetik sei hilabetera arteko espetxe zigorra ezarriko da eta ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak gidatzeko eskubideaz gabetzea sei hilabetetik bi urte artean».

Azken xedapen bakarra. Indarrean jartzea.

Lege organiko hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Horrenbestez,

Lege organiko hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2019ko martxoaren 1ean.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra