Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Zigor zuzenbidea  >>  Legeria

27/2015 Legea, uztailaren 28koa, pertsonen kontrako lehergailuak eta antzeko efektua duten armak erabat debekatzeko urriaren 5eko 33/1998 Legea aldatzen duena

2015-07-28

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2015/07/29, 180. zk.

bcl_1415542204.htm

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

8471 27/2015 Legea, uztailaren 28koa, pertsonen kontrako lehergailuak eta antzeko efektua duten armak erabat debekatzeko urriaren 5eko 33/1998 Legea aldatzen duena.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala:

HITZAURREA

Biztanleria zibila liskarren ondorioen aurka babesteko printzipio orokorrari men eginez, eta gatazka armatu batean dauden alderdiek gerra egiteko metodo eta baliabideak aukeratzeko eskubidea mugagabea ez dela dioen nazioarteko printzipioa aplikatuz, nazioarteko erkidegoak —Nazio Batuen Erakundea buru duela— zenbait urrats garrantzitsu eman ditu nazioarteko distentsioa lortzeko, armamentu-norgehiagoka amaitzeko, estatuen artean konfiantza ezartzeko, eta nazioarteko kontrol zorrotz eta eraginkorraren pean desarme orokor eta osoa lortzera eramango duten aurrerapausoak emateko.

Horren ildotik, 1980ko urriaren 10ean, Genevan, onartu zen Kalte handiegiak edo bereizi gabeko ondorioak eragiten dituzten arma konbentzional batzuk debekatzeari edo murrizteari buruzko Konbentzioa (aurrerantzean, arma konbentzional batzuei buruzko Konbentzioa edo AKBK) . Gaur arte, bost protokolo onartu dira aipatutako ituna osatzeko. Horietatik bigarrenak, Minen, tranpa-armen eta bestelako gailuen erabileraren debekuei edo murrizketei buruzko Protokoloak (II. protokoloa, 1996ko maiatzaren 3an egindako zuzenketak jasotzen dituena) , xedapen zorrotzagoak jasotzen ditu. Hala ere, bigarren testuaren onarpenak izandako emaitzak ez ziren nahikoak izan, eta, azkenik, nazioarteko erkidegoak akordio bat sinatu zuen —juridikoki loteslea— pertsonen kontrako minen erabilera, biltegiratzea, ekoizpena eta transferentziak debekatzeko, baita hitzarmeneko alderdi zen herrialde bakoitzak zituen izakin guztiak suntsitzera behartzeko, bai biltegian gordetakoak bai beraien jurisdikzioko edo kontrolpeko zonalde minatuetakoak. Akordio hori, formalki Pertsonen kontrako minak erabili, biltegiratu, ekoiztu eta transferitzeko debekuari eta haien suntsipenari buruzko Konbentzioa deiturikoa (aurreratzean, Pertsonen kontrako minak debekatzeari buruzko Konbentzioa) Oslon sinatu zen, 1997ko irailaren 18an, eta 1999ko martxoan jarri zen indarrean. Pertsonen kontrako minak debekatzeari buruzko II. Protokoloa eta Konbentzioa 33/1998 Legeak aipatzen dituen tresna juridiko bakarrak dira; izan ere, pertsonen kontrako minak dira beraren aplikazio-eremu bakarra, aipatutako bi testuekin gertatzen den bezalaxe.

Hala eta guztiz ere, denbora igaro ahala gero eta handiagoa da nazioartean dagoen kezka, estatuen desarmea lortzeko eta bereizi gabeko suntsipeneko armen erabileratik biztanleria zibila babesteko. Horrela, Gerrako Hondakin Leherkorrei buruzko Protokoloa onartu zen, Genevan, 2003ko azaroaren 28an, Kalte handiegiak edo bereizi gabeko ondorioak eragiten dituzten arma konbentzional batzuk debekatzeari edo murrizteari buruzko Konbentzioaren gehigarri gisa (V. Protokoloa) . Nazioarteko zuzenbide humanitarioaren tresna berri honekin erreminta garrantzitsu bat gehitzen zaie gatazka armatuak amaitu ondoren gelditzen diren lehergailuek eragindako heriotzak, zauriak eta sufrimendua murrizteko ahaleginei. V. Protokoloan arau berriak xedatzen dira, eta, horien arabera, gatazkan dauden alderdiek gerrako hondakin leherkorrak kendu behar dituzte, eta

zibilak arma horien ondorioetatik babesteko neurriak hartu, eta, horrez gain, laguntza eman behar diete arlo horietan lan egiten duten nazioarteko eta gobernuz kanpoko erakundeei. Protokolo horrek ahalmena dauka liskarrak amaitu ondoren beti izaten diren biktima zibilen kopurua nabarmenki murrizteko, eta gerrak eragindako herrialdeei gerrako hondakin leherkorrek epe luzean dakarzkieten ondorio sozio-ekonomikoak minimoetara murrizteko. Protokoloaren bitartez, pertsonen kontrako minek eragiten duten sufrimendua murrizteko nazioarteko erkidegoak gauzatutako jarduerak osatu egiten dira.

Luku gisako munizioak erabiltzen hasi zirenetik, 1940ko hamarkadan, zibilek prezio altua ordaindu dute arma horien fidagarritasun eta zehaztasun ezagatik; izan ere, kopuru handitan jaurtiki dira zonalde zabaletan, eta heriotza eragin diete hamarka mila zibilei gerrak deboilatutako herrialdeetan, batez ere Asian, Europan eta Ekialde Hurbilean.

Luku gisako munizioak erabili diren guztietan biztanleria zibilak hainbat hamarkadatan nozitutako pairamenak ikusirik, eta AKBKren V. Protokoloak dituen gabezien aurrean, Norvegiak Osloko Prozesuari ekin zion, 2007ko otsailean. Prozesu horren xedea nazioarteko itun bat hitzartzea zen, zibilei «sufrimendu onartezinak» eragin diezazkieketen luku gisako munizioak debekatzeko. Liman, Vienan eta Wellingtonen izandako jarraipeneko mundu-konferentzien ondoren, Konferentzia Diplomatikoa izan zen Dublinen, 100 estatu baino gehiagoren partaidetzarekin, eta han Luku gisako Munizioei buruzko Konbentzioa onartu zen, 2008ko maiatzaren 30ean. Urte bereko abenduan, Oslon, 107 herrialdek sinatu zuten akordioa, nahiz eta 2010eko abuztuaren 1era arte ez zen indarrean jarri, gutxienez 30 estaturen berrespena behar baitzen horretarako. Espainiaren berrespen-tresna 2009ko ekainaren 8an gordailutu zen.

Aipatutako tresna onartuta, estatuek amaiera eman diete arma mota horren ondorioak arautzen dituen nazioarteko egitura juridikoaren puntu programatikoei. Pertsonen kontrako Minak Debekatzeari buruzko Konbentzioak; Minei, Tranpa-armei eta bestelako Gailuei buruzko II. Protokoloak; Gerrako Hondakin Leherkorrei buruzko AKBKren V. Protokoloak eta Luku gisako Munizioei buruzko Konbentzioak orain osatzen duten tresna-multzoak aukera ematen du gatazka armatuetan erabiltzen diren munizio leherkor guztiek zibilei eragiten dizkieten ondorioak, askotan tragikoak, prebenitzeko edo zuzentzeko.

Hala ere, azken konbentzio hori 2010eko abuztuaren 1ean indarrean sartu zen arren, akordio horren 9. artikuluak, nazio-mailan ezarri beharreko neurriei buruzkoak, hau xedatzen du: «Estatu alderdi bakoitzak behar diren legezko, administrazioko edo bestelako neurriak hartuko ditu, zigor-arloko zehapenak ezartzea barne, Konbentzio honen arabera estatu alderdiei debekatu zaien edozein jarduera prebenitu eta erreprimitzeko, haien jurisdikzioko edo kontrolpeko pertsonek edo lurraldean egindakoak badira». Bestalde, Pertsonen kontrako minak debekatzeari buruzko Konbentzioaren 9. artikuluan ere antzeko xedapen bat jasotzen da.

Halaber, Diputatuen Kongresuko Defentsa Batzordeak, 2009ko azaroaren 18ko bilkuran, onartutako ez-legezko proposamenean, besteak beste hau eskatzen zitzaion Gobernuari: «Gobernuak Dublinen, 2008ko maiatzaren 30ean, sinatutako Luku gisako Munizioei buruzko Konbentzioa Espainian arin aplika dadin, baita nazioartean tinko jardun dezan oraindik konbentzioarekin bat egin ez duten estatuek hala egin dezaten lortzeko».

Horrela, Luku gisako Munizioei buruzko Konbentzioa modu egokian aplika dadin, eta Defentsa Batzordean onartutako ez-legezko proposamenean xedatutakoa betez, beharrezkoa da Pertsonen kontrako lehergailuak eta antzeko efektua duten armak erabat debekatzeko urriaren 5eko 33/1998 Legea erreformatzea, pertsonen kontrako minek eta luku gisako munizioek jasotzen duten tratamendua bateratzeko, bi konbentzioek, hurrenez hurren, debekatzen baitituzte.

Artikulu bakarra. Pertsonen kontrako lehergailuak eta antzeko efektua duten armak erabat debekatzeko urriaren 5eko 33/1998 Legea aldatzea.

Pertsonen kontrako lehergailuak eta antzeko efektua duten armak erabat debekatzeko urriaren 5eko 33/1998 Lege aldatua honela geratzen da:

Bat. Legearen idazpurua honela idatzita geratzen da:

«33/1998 Legea, urriaren 5ekoa, Pertsonen kontrako lehergailuak, luku gisako munizioak eta antzeko efektua duten armak erabat debekatzeko dena.»

Bi. 1. artikuluak testu hau izango du:

«1. artikulua. Definizioak.

“Pertsonen kontrako mina” pertsona baten presentziaren, gertutasunaren edo kontaktuaren eraginez lehertzeko sortutako mina da, pertsona bat edo gehiago desgaitu, zauritu edo hiltzen duena. Ibilgailu baten, eta ez pertsona baten, presentziaren, gertutasunaren edo kontaktuaren eraginez lehertzeko diseinatutako minak, manipulazioaren aurkako gailu batez hornituak, ez dira pertsonen kontrako minatzat jotzen, horrela eratuta egoteagatik.

“Mina” lehergailu bat da, lur-zoruaren edo beste edozein azaleraren azpian, gainean edo inguruan jartzeko diseinatutakoa eta pertsona edo ibilgailu baten presentziaren, hurbiltasunaren edo kontaktuaren eraginez lehertzeko sortutakoa.

“Manipulazioaren kontrako gailua” hau da: mina baten parte izanik, mina babestea helburu duen gailua; minari konektatuta, itsatsita edo haren azpian jarrita dago, eta mina nahita edo beste edozein modutan erabiltzeko edo aktibatzeko ahalegina egiten denean aktibatzen da.

“Minak jaurtitzeko edo barreiatzeko baliabideak” pertsonen kontrako minak jaurti edo barreiatzeko bitarteko gisa berariaz sortu diren bektore edo gailuak dira.

“Luku gisako munizioa” munizio konbentzionala da, bere barruan dituen azpimunizio leherkorrak barreiatu edo askatzeko diseinatua, azpimunizio horietako bakoitza 20 kilogramo baino gutxiagokoa izanik. Definizioan ez dira sartzen:

a) Bengalak, kea, piroteknia efektuak edo radarraren aurkako neurriak («chaff» deiturikoa) jaurtitzeko edo esklusiboki aire-babes gisa erabiltzeko diseinatutako munizioa edo azpimunizioa.

b) Efektu elektriko edo elektronikoak eragiteko diseinatutako munizioa edo azpimunizioa.

c) Leku batean bereizi gabeko efektuak eta lehertu gabeko azpimunizioek dituzten arriskuak saihesteko, ezaugarri hauek guztiak dituen munizioa:

i.Munizio bakoitzak hamar azpimunizio leherkor ditu gutxienez.

ii.Azpimunizio leherkor bakoitza lau kilogramo baino astunagoa da.

iii.Azpimunizo leherkor bakoitza itu bakarra den objektu bat detektatu eta jotzeko diseinatuta dago.

iv.Azpimunizio leherkor bakoitza autosuntsiketa-mekanismo batez hornitua

dago.

v.Azpimunizio leherkor bakoitza autodesaktibazio-gailu batez hornitua dago.

“Lehertu gabeko azpimunizioa” hau da: luku gisako munizio batetik barreiatu edo askatu den —edo beste modu batez bereizi den— eta espero bezala lehertu ez den azpimunizio leherkorra.

“Azpimunizio leherkorra” munizio kobentzionala da, bere funtzioa gauzatzeko luku gisako munizio batek barreiatu edo askatzen duena, eta inpaktuaren aurretik, aldi berean, edo ondoren karga leherkor baten eztandaren bidez funtzionatzeko diseinatuta dagoena.

“Huts egindako luku gisako munizioa” hau da: disparatu, askatu, jaurti, proiektatu edo beste era batera bota den eta azpimunizio leherkorrak barreiatu edo askatu beharko zituzkeen baina hala egin ez duen munizioa.

“Abandonatutako luku gisako munizioak” erabili ez diren eta abandonatu edo baztertu diren luku gisako munizioak edo azpimunizio leherkorrak dira, abandonatu edo baztertu zituen alderdiaren kontrolpean jada ez daudenak. Erabiliak izateko prestatuta zein prestatu gabe egon daitezke.

“Bonbeta leherkorra” munizio kobentzionala da, 20 kilogramotik beherakoa, ez autopropultsatua, bere funtzioa gauzatzeko igorgailu batek barreiatu edo askatu behar duena, eta inpaktuaren aurretik, aldi berean, edo ondoren karga leherkor baten eztandaren bidez funtzionatzeko diseinatuta dagoena.

“Igorgailua” bonbeta leherkorrak barreiatu edo askatzeko diseinatutako edukiontzi bat da, barreiatzeko edo askatzeko unean aireontzi batean finkatuta dagoena.

“Lehertu gabeko bonbeta” hau da: igorgailu batetik barreiatu edo askatu den, edo beste modu batez bereizi den, eta espero zen bezala lehertu ez den bonbeta leherkorra.

“Luku gisako munizioen hondakinak” hauek dira: huts egin duten luku gisako munizioak, abandonatutako luku gisako munizioak, lehertu gabeko azpimunizioak eta lehertu gabeko bonbetak.

“Luku gisako munizioek kutsatutako eremua” hau da: luku gisako munizioen hondakinak dituela dakigun edo susmatzen dugun eremua.

“Autosuntsiketa-mekanismoa” funtzionamendu automatikoko mekanismoa gehitua da, munizioaren lehen mekanismo haslearen gehigarria, eta munizioaren suntsiketa ziurtatzen duena.

“Autodesaktibazioa”munizio bat automatikoki ez aktibo bihurtzea da, munizioaren funtzionamendurako nahitaezkoa den osagai baten agortze atzeraezina erabilita; adibidez, bateria bat.

“Transferentzia” pertsonen kontrako minak eta luku gisako munizioak naziolurralde baten barruan edo kanpoan fisikoki lekualdatzea ez ezik, pertsonen kontrako minen eta luku gisako munizioen gaineko agintea eta kontrola eskualdatzea ere bada, baina ez du barne hartzen pertsonen kontrako minen eta luku gisako munizioen hondakinak dituen lurralde baten transferentzia.

“Biktimak” pertsona hauek dira: minen, luku gisako munizioen eta bestelako lehergailuen erabileraren ondorioz bizia galdu duten edo kalte fisiko edo psikologikoa, galera ekonomikoa, gizarte-bazterkeria edo haien eskubideak gauzatzean funtsezko kaltea nozitu dutenak. Definizio horren barruan daude arma horiek zuzenean eragindako pertsonak, baita kaltetutako ahaideak eta erkidegoak ere.»

Hiru. 2. artikuluak testu hau izango du:

«2. artikulua. Erabilera, biltegiratzea, ekoizpena eta transferentzia erabat debekatzea.

1.Debekatuta dago pertsonen kontrako minak, luku gisako munizioak, bonbeta leherkorrak, antzeko efektuko armak eta Kalte handiegiak edo bereizi gabeko ondorioak eragiten dituzten arma konbentzional batzuk debekatzeari edo murrizteari buruzko 1980ko Konbentzioaren protokolo eranskinetan zehaztutako bestelako arma konbentzionalak erabiltzea, garatzea, ekoiztea, era batera edo bestera eskuratzea, biltegiratzea, kontserbatzea, transferitzea eta edonori esportatzea, zuzenean zein zeharka.

Halaber, debekatuta daude era horretako armen eta aurreko paragrafoan zehaztutako kontzeptuen finantzaketa eta publizitatea, edozein bidetatik dela ere.

Era berean, debekatuta dago lege honek edo Espainia alderditzat duten konbentzioek debekatutako jarduera batean parte hartzen laguntzea edo horretarako adore ematea edo eragitea.

Lege hau hausten bada, Zigor Kodearen arabera dagokion zehapena ezarriko

da.

2.Pertsonen kontrako minen eta luku gisako munizioen transferentzia baimenduta egongo da helburua haiek suntsitzea baldin bada.

3.Ez dira lege honek debekatutako jardueratzat hartuko Estatuak, haren pertsonal militarrak edo haren herritarrek lankidetza militarrean jardutea eta eragiketa militarretan parte hartzea luku gisako munizioei buruzko Konbentzioaren alderdi ez diren eta arma mota hori erabiltzen duten beste estatu batzuekin.

Hala ere, xedapen horrek ez du hau baimentzen:

a) Pertsonen kontrako minak edo luku gisako munizioak garatzea, ekoiztea edo modu batera edo bestera eskuratzea.

b) Pertsonen kontrako minak edo luku gisako munizioak biltegiratzea edo transferitzea.

c) Pertsonen kontrako minak edo luku gisako munizioak erabiltzea.

d) Pertsonen kontrako minen edo luku gisako munizioen erabilera berariaz eskatzea erabilitako munizioen hautaketa bere kontrol esklusiboaren pean dagoen kasuetan.»

Lau. 3. artikuluak testu hau izango du:

«3. artikulua Pertsonen kontrako minak eta luku gisako munizioak suntsitzea.

1.Estatuak pertsonen kontrako mina eta luku gisako munizio guztiak suntsitzeko edo haien suntsipena bermatzeko konpromisoa hartzen du, konbentzioak indarrean jarri ondoren eta dauden armategiak suntsitu ondoren aurkitzen direnak barne.

Defentsa Ministerioa arduratuko da Espainiaren jurisdikzioaren eta kontrolaren pean dauden pertsonen kontrako minak eta luku gisako munizioak ahalik eta epe laburrenean suntsi daitezen, betiere dagozkion konbentzioetan xedatzen diren epeen barruan (lau urte pertsonen kontrako minetarako eta zortzi urte luku gisako munizioetarako) .

Pertsonen kontrako minak eta luku gisako munizioak suntsitzeko, osasun publikoa eta ingurumena babesteko aplikatu beharreko nazioarteko, Europako eta nazioko arauak betetzen dituzten prozedurak erabiliko dira, suntsitzen diren zonaldeko ingurumen-baldintzak errespetatuz.

2.Pertsonen aurkako minak eta/edo luku gisako munizioak —edo aipatutako konbentzioek debekatzen dituzten antzeko efektuko beste arma batzuk— ekoitzi dituzten enpresa guztiek, baita edozein helbururekin arma horiek dituztenek ere, jabe diren edo kontrolpean dituzten arma guztien berri emango diote Defentsa Ministerioari, arma bakoitzaren motaren, kopuruaren eta, posible balitz, arma mota bakoitzaren lote zenbakiaren xehekapena barne, eta ahalik eta lasterren suntsituko dituzte, konbentzioek ezartzen dituzten epeen barruan betiere.

Horrez gain, lege honetan debekatzen diren armak ekoizteko instalazioak birmoldatzeko edo behin betiko ixteko programen egoeraren eta aurrerapenaren berri emango dute enpresa horiek.

3.Artikulu honetan, Pertsonen kontrako minei buruzko Konbentzioan eta Luku gisako munizioei buruzko Konbentzioan xedatzen dena egiaz betetzeko planen eta epe egokien berri emango die Gobernuak Gorte Nagusiei, urtero, Espainiako lurraldean dauden pertsonen kontrako minak eta luku gisako munizioak egiaz eta erabat suntsitzen diren arte.»

Bost. 5. artikuluak testu hau izango du:

«5. artikulua. Salbuespenak.

1.Lege honen 2. artikuluan ezarritakoa baztertu gabe, Defentsa Ministerioari baimena ematen zaio pertsonen aurkako minen eta luku gisako munizioen kopuru bat atxiki edo transferi dezan, lehergailu horiek detektatzeko, garbitzeko edo suntsitzeko teknikak garatzeko eta teknika horietan trebatzeko. Pertsonen kontrako mina eta luku gisako munizio horien kopurua ez da izango aipatutako helburuetarako beharrezkoa den gutxieneko kopurua baino handiagoa.

Pertsonen aurkako minen eta luku gisako munizioen suntsipena, lege honetako

3. artikuluan aipatutakoa, ez zaie aplikatuko aurreko paragrafoan aipatzen diren helburuetarako edukitzen direnei.

2.Lege honen 3. artikuluko 3. zenbakian ezarritako aurreikuspenak betez, pertsonen kontrako minak eta luku gisako munizioak detektatu, garbitu edo suntsitzeko teknikak garatzeko nahitaezkoak diren gutxieneko kopuruen berri emango die Gobernuak Gorte Nagusiei, helburu horrekin egin diren transferentzien berri zehatza emanez bereziki.

3.Gobernuak nahitaezkoak diren datuen eguneratzeari buruzko txostenak helaraziko dizkio Nazio Batuen Idazkaritza Nagusiari, Espainia alderdi den konbentzioen arabera.

4.Gobernuak Espainiako defentsaren doktrina jasotzen duten dokumentuak aldatuko ditu, lege honen xedapenen eta debekuen ildotik.»

Sei. 6. artikuluak testu hau izango du:

«6. artikulua. Nazioarteko lankidetza eta laguntza.

1.Gobernuak behar diren xedapen guztiak emango ditu laguntza humanitarioko programa eta proiektuetan finantza-laguntza eta lankidetza ematen jarraitzeko, helburu hori duten nazioarteko kanpainen barruan, bai alde biko kanpainetan bai alde anitzekoetan, betiere Espainiaren ekarpena eta laguntza eskatzen badute beste estatu batzuetan dauden minak eta gerrako hondakin leherkorrak —batez ere luku gisako munizioen hondakinak— detektatu, desaktibatu eta desegiteko.

2.Gobernuak beharrezkoa den urteroko aurrekontu-partiden hornikuntza emango du Nazio Batuen eta/edo helburu horiek dituzten eskualdeko erakundeen nazioarteko eta/edo eskualdeko eta/edo eskualdeko funts fiduziarioei laguntzeko, minak kentzea eta gerrako hondakin leherkorrak garbitu eta suntsitzea helburu duten programetarako (luku gisako munizioak barne) ; horrez gain, teknologiaren eta ekipo egokien prestakuntzaren ekarpena ere egingo du, horiek guztiak erabat desagerrarazten laguntzeko.

3.Gobernuak beharrezkoak diren xedapen guztiak emango ditu Espainiaren finantza-laguntzak eta lankidetzak jarrai dezaten pertsonen kontrako minen eta gerra-hondakin leherkorren —luku gisako munizioak barne— biktimei eta haien familiei eta erkidegoei laguntzeko eta lankidetzako programetarako, hauek barne hartuta: mediku-laguntza, errehabilitazioa, laguntza psikologikoa, gizarteratzea, laguntza ekonomikoa, kontzientziazioa, istripuen prebentzioa, hezkuntza, eta kaltetutako biztanlerien errehabilitazioa.

4.Alde biko akordio batengatik, edo Espainiako Erresuma kide den nazioarteko erakundeen eskariz, minak kentzeko eta gerrako hondakin leherkorrak eta luku gisako munizioak suntsitzeko eragiketetarako Espainiako Gobernuak hartzen dituen lankidetza-konpromiso edo -akordioak betetzeko, Defentsa Ministerioak teknika horietan espezialista den pertsonal militar profesionala helaraziko du berariazko misioetan, pertsonen kontrako minak eta gerrako hondakin leherkorrak —luku gisako munizioaren erabileratik eratorritakoak bereziki— detektatu, garbitu eta ezabatzeko dagozkion jarduketak gauza ditzaten.

5.Arreta berezia jarriko da lankidetza teknikoan kaltetutako herrialdeetan minak kentzeko eta gerrako hondakin leherkorrak eta lehergailu inprobisatuak desaktibatzeko adituen prestakuntzan, bereziki zentro espezializatuetan; Defentsa Ministerioaren Minak Kentzeko Nazioarteko Zentroan, besteak beste.»

Zazpi. Lehen xedapen gehigarria honela geratzen da idatzita:

«Lehenengo xedapen gehigarria. Finantzaketa.

1.Biltegietan dauden pertsonen kontrako minen suntsipenak eragindako gastuak Defentsa Ministerioari dagozkion kredituekin finantzatuko dira.

2.Luku gisako munizioen suntsipenak eragindako gastuak haien jabe direnek hartuko dituzte bere gain. Haien obligazioak betetzen ez dituzten enpresa ekoizleen edo edukitzaileen aldetik ordaina jasotzeko eskubidea izango du Estatuko

Administrazio Orokorrak, ez betetze horren ondorioz Estatuaren erantzukizun galdagarria sortzen bada.»

Azken xedapenetatik lehena. «Pertsonen kontrako minak erabili, biltegiratu, ekoiztu eta transferitzeko debekuari eta suntsipenari buruzko Konbentzioaren» eta «Luku gisako munizioei buruzko Konbentzioaren berrespena eta aplikazioa sustatzea» «».

Gobernuak, bere kanpo-ekintzaren bidez eta Estatuaren gainerako bitartekoen bidez, bere esku dituen jarduketak gauzatuko ditu oraindik hala egin ez duten estatuek Pertsonen kontrako Minei buruzko Ottawako Itunarekin eta Luku gisako Munizioei buruzko Osloko Konbentzioarekin bat egin eta berrets ditzaten.

Era berean, beharrezkoak diren ekintza eta ahalegin diplomatiko guztiak jarriko ditu abian bi kasuetan ezartzen diren arauak sustatzeko eta akordio horien kide ez diren Estatuak era horretako munizioen erabileratik etsiarazteko, bereziki gure herrialdearekin operazio militarretan lankidetzan dihardutenak eta parte hartzen dutenak.

Azken xedapenetatik bigarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2015eko uztailaren 28an.

FELIPE E.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

w.boe.es

BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO

D. L.: M-1/1958 ISSN: 02

 

 

 

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra