Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Zigor zuzenbidea  >>  Legeria

Urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoa, adingabeen erantzukizun penala arautu duena

2000-01-12

Itzulpena nork: Deustuko Unibertsitatea. Euskal Gaien Institutua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioa. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2000/1/13, 11. zk.

Urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoa, adingabeen erantzukizun penala arautu duena

EAO, 11. zk., urtarrilaren 13koa

Azaroaren 25eko 15/2003 Legea Organikoa, Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa aldarazi duena, barne hartuta (EAO, 283. zenbakia, 2003ko azaroaren 26koa)

ZIOEN AZALPENA

I

1. Adingabeen erantzukizun penala arautu behar duen lege organiko hau aldarrikatzeko premia zegoen. Hala ezarri zuten, dela ekainaren 5eko 4/1992 Lege Organikoak, Adingabeen Epaitegien Eskumen eta Prozedurari buruzkoak, dela Diputatuen Kongresuan 1994ko maiatzaren 10ean onetsitako mozioak, dela, azkenez ere, azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren, hau da, Zigor Kodearen, 19. artikuluak.

2. 4/1992 Lege Organikoak sorrera du Konstituzio Auzitegiaren 36/1991 epaian, otsailaren 14koan. Epai horrek adierazi zuen konstituzioaren aurkakoa zela Adingabeen Auzitegi Babesleei buruzko Legearen 15. artikulua; lege horren testu bategina 1948ko ekainaren 11koa da. Lege berri horrek esparru malgua ezarri du adingabeen epaitegiek zehatz ditzaten horiei aplikagarri zaizkien neurriak, adingabeok zigor-legeak hausten dituzten heinean. Horretarako, aintzat hartuko da adingabearen interesa. Ondorio horietarako, adingabeak dira hamabi urtetik hamasei urterako gizabanakoak.

Legeak, aldi berean, Fiskaltzari aitortzen dizkio prozesu barneko ekimena eta prozesuaren bukaera agintzeko eskumen zabalak. Helburua du horrek prozesuak sor ditzakeen ondorio kaltegarriak baztertzea.

Orobat, talde teknikoa moldatzen du, bera ezinbesteko tresna izan dadin, neurriok eskuratu nahi duten helburua erdiesteko. Geroenean ere, zehatzaile-hezitzaile izaera duen prozedura ezartzen du. Lege berriak horri esleitzen dizkio Espainiako konstituzio-antolamenduak ematen dituen berme guztiak, Konstituzio Auzitegiaren epaiarekin eta Haurraren Eskubideei buruzko 1989ko azaroaren 20ko Itunaren 40. artikuluarekin bat etorriz.

Lege organiko horrek bere buruari aitortu zion beren beregi «berehalako eraldaketaren izaera, adingabeen eraldaketarako legeria eraberritua zati batez bada ere aurreratzen duena, eta horrez geroko lege-neurriak eskatzen dituena». Horren ondorioz, argi dago lege organiko honen egokiera, hauxe baita premiazko lege-eraldaketa hori. Abiaburu ditu haren idaztea eragin zuten oinarrizko printzipioak (batik bat, adingabearen goreneko interesarena), Espainiako konstituzio-antolamenduaren bermeak eta nazioarteko zuzenbidearen arauak, arreta berezia jarriz Haurraren Eskubideei buruzko 1989ko azaroaren 20ko Itunean. Hortaz, gizarte espainiarrak izan zitzakeen igurikimenak, aldian aldikoak zein iraunkorrak, bete nahi izan dira.

3. Adingabearen babesari buruzko esparru juridikoa hobetzeko neurriak direla eta, Diputatuen Kongresuak aho batez onetsi zuen, 1994ko maiatzaren 10ean, halako mozio berezia. Horren printzipioek, funtsean behinik behin, asmoa agertzen dute zigor-arloko adinnagusitasuna hemezortzi urtean jartzeko; halaber, lege baten aldarrikatzea eskatzen dute. Hartara, aldarrikatze horrek barneratu beharko luke «gazte eta adingabearen zigor-legea, eta bertara batuko da zigor-arloko adin-nagusitasunera iritsi ez diren gazteen erantzukizun- galdaketa; betiere, erantzukizun horrek zimentarri izan behar du araua hautsi duten adingabeen berreziketa, banako-, familia- eta gizarte-inguruabarrak aintzat hartuta, eta, areago, gogoan izan behar ditu gai honetan autonomia-erkidegoek dituzten eskumenak…».

4. Zigor Kodea azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren bidez onetsi zen. Lege-testu horren 19. artikuluak hemezortzi urtean finkatu du zigor- arloko adin-nagusitasuna. Artikulu horren arabera, orobat, nahitaezkoa da adin hori baino gazteagoko adingabeen erantzukizun penala beren beregi arautzea lege berezi batean.

Eskabide horri ere erantzuna emateko onetsi da lege organiko hau. Dena den, Zigor Kodeak puntu honetan xedatzen duena osatu beharra dago bi esangura berezitan.

Lehendabizikoz, tinko eutsi behar zaio halako printzipioari, alegia, adingabeen erantzukizun penalak baduela, adinekoenaren aurrean, izaera hezitzaile lehenetsia. Horrek arauketa juridiko osoan bere eragina zabaltzen du, eta berez dakar desberdintasun nabariak izatea arlo bateko eta besteko zehapenen esanahi eta prozeduren artean, betiere justizia-eskaera egin duen ororen berme erkideei kalterik egin gabe.

Bigarrenez, Zigor Kodeak hemezortzi urteko adin-muga ezarri du adingabeen erantzukizun penala zehazteko, eta horrek gutxieneko beste muga bat behar du. Hortik hasi behar da erantzukizuna eskatzeko aukera, eta hori hamalau urtean finkatu da. Horretarako oinarria da haurrak adin hori baino gazteagoak izan eta egiten dituzten arau- -hausteak ondoriorik gabekoak izatea, eta, gizarte-asaldura sor dezaketen kasuetan ere, egoki dira horiei erantzuna emateko familiarteko eta laguntza zibilen esparruak, estatuko epai-antolakuntza zehatzailearen parte-hartzerik gabe.

5. Modu berean, lege organiko hau idazteko irizpen eragileak izan dira, besterik ezin eta, Konstituzio Auzitegiaren doktrinan barneratuak, batez ere, otsailaren 14ko 36/1991 eta martxoaren 17ko 60/1995 epaietan. Bi-bion oinarri juridikoak aintzat hartu dira. Hor daude, besteak beste, adingabeen epaitegietan eginiko prozedurek bete behar dituzten bermeak eta oinarrizko eskubideei zor zaien begirunea. Hala ere, hori guztia prozedura arruntari egin dakizkiokeen bestelako moldaketei kalterik egin gabe, moldaketa horiek ahalbidetzen baitute prozedura-motaren izaera eta helburua kontuan hartzea. Zenbait neurri hartzera dator hori, neurriok ezin baitira zehatzaileak izan, aurrezaintza berezira zuzendutakoak baino, adingabea birsartzeko eta haren goreneko interesera babesteko; hartara, horiek neurtu behar dira zientzia ez-juridikoen alorretan bilatu behar diren irizpideen bitartez.

II

6. Oraintsu aipatu diren printzipio, irizpide eta jarraibideen ondorenez, esan daiteke lege organiko honen idazkera asmoz gidatu dutela jarraiko printzipio orokorrek: arauak hausten dituzten adingabeei aplikatu beharreko prozedura eta neurriak zigor-izaerakoak dira formaren aldetik, edukiaren aldetik, ostera, zehatzaile-hezitzaileak izan behar dira; beren beregi berme guztiak aitortu behar dira, bermeok konstituzio- eskubideen zaintzak eta adingabearen interesari zor zaizkion eskakizun bereziek eratortzen dituztenean; arauak hausten dituzten adingabeen arloan, ondorio prozesal eta zehatzaileetarako tarte batzuk bereizi behar dira; kasu zehatzaren inguruabarrak direla-eta komenigarri diren neurriak hartzeko eta betearazteko, malgutasunez jokatu behar da; adingabeen eraldaketa eta babesari lotuta dauden erakunde autonomikoek eskumena izan behar dute, epaian ezarritako neurriak betearazteko; eta, halaber, betearazpen horren gaineko kontrol judiziala gauzatu behar da.

7. Lege organiko hau, zalantzarik gabe, xedapen zehatzailea da, arauak hausten dituzten adingabeei benazko erantzukizun juridikoa eskatzea garatzen baitu. Nolanahi ere, Zigor Kodean eta bestelako zigor-lege berezietan delitu edo falta gisa tipifikaturiko egintzei dagokie erantzukizun hori.

Arauak hausten dituen adingabeari erreakzio juridikoa zuzentzen zaio, eta erreakzio horrek esku-sartze hezitzailea izan nahi du, indar berezikoa, adinekoen zigor- zuzenbidearen osterantzeko xede funtsezkoak beren beregi baztertuz, hala nola, egintzaren eta zehapenaren artean proportzioa izatea edota arauen jasotzaileei larderia eragitea. Horrekin eragotzi nahi da adingabearentzat ondorio makurra izan dezakeen oro, kasurako, biktimak edo beste gizabanako partikular batzuek akzioa egikaritzea.

Bistan da adingabeen zigor-zuzenbidean lehenetsi behar dela, prozeduraren eta hartu beharreko neurrien osagai eragile moduan, adingabearen goreneko interesa.

Interes hori zientzia ez-juridikoetako aditu-talde batek neurtu behar du irizpide tekniko eta ez-formalisten bidez. Horrek ez du baztertzen neurrien aplikazioa printzipio orokor eta bermatzaileei egokitu beharra, berbarako, akusazio-printzipiora, defentsa- printzipiora edo errugabetasun-presuntzioari buruzkora.

8. Haatik, legeak ezin du ahantzi adingabeak eginiko ekintzaren ondoriozko kaltedun edo biktimaren interes berezia. Horretarako, prozedura berezia, arina eta formalismo gutxikoa ezarri behar da, hala denean, kalte-galeren ordaina emateko. Ildo beretik, adingabeen epaileari ahalmen zabalak eman behar zaizkio, auzi nagusiaren agiri eta lekukotza esanguratsuenak auzira batzeko.

Biktimen interes eta premiak direla eta, legeak ezarri du, modu iraultzaile batez bada ere, ekintzen arduraduna zein adingabe izan eta horrekin erantzukizun solidarioa dutela haren guraso, tutore, hartzaile edo zaintzaileek. Epaileak erantzukizun hori molda dezake. Edonola ere, legeak gogoratu du aplikagarriak direla azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, eta abenduaren 11ko 35/1995 Legea, Indarkeriazko Delituen eta Sexu Askatasunaren aurkako Delituen Biktimak Laguntzeko eta Sorostekoa.

Legeak arautzen du, berebat, kaltedunaren esku-hartzea, hamasei urtekoak baino nagusiagoak direnek eginiko delitu astunen prozeduretan. Helburu du horrek biktimaren interesa jagotea, egintzak argitzeko eta horiek jurisdikzio- ordena eskudunaren barruan epaitzeko tenorean, adingabearen prozedura hezitzaile eta zehatzailea kutsatu gabe.

Lege honek eskubide zabala ezarri du biktimek parte har dezaten. Biktimei prozeduretan esku-hartzeko aukera ematen zaie, besteak beste, frogak proposatu eta egiteko, ondorioak formulatzeko eta errekurtsoak jartzeko.

Hala ere, parte-hartze hori modu mugatu batez ezarri da, adingabeen arloan ez baita onartzeko modukoa gizabanakoek alderdi akusatzaile izateko duten eskubidea, horretarako diren prozesu-eskubide eta karga guztiekin.

Hemen ez dago, ez ekintza kriminalaren ondorioz kalteturik gertatu direnen akzio partikularrik, ezta herritarren akzio popularrik ere, kasu horietan gizarte eta estatuaren interes lehenetsia bat datorrelako adingabearenarekin.

9. Konstituzio Auzitegiak adierazitako jarraibideen arabera, eta jarraibideok lehen aipatu direla kontuan hartuta, berme-sistema ezarri da prozesuko uziari egokitua. Horrek bermatzen du zehapena ezarriko dela errugabetasunpresuntzioa gainditu ondoren, baina heziketa-irizpideak eta adingabearen interesa balioesteko irizpideak oztopatu gabe, irizpideok ezinbestekoak baitira prozesu honetan. Aldi berean ere, gutxieneko esku-hartzearen printzipioa malgutasunez erabiltzen da. Horrek esan nahi du aintzakotzat hartzen direla prozedura ez irekitzeko aukerak edo prozedura horri uko egitekoak, aldez aurretiko konponketa edo araua hautsi duenaren eta biktimaren arteko adiskidetzea, eta ezarritako neurriaren baldintzapeko etetea edo neurri hori betearazpen bitartean ordeztea.

Epaile arrunta izango da eskudun. Epaile horrek magistratu-kategoria izango du, eta, ahal den neurrian, espezialista izango da. Horrek bermatu egiten du eztabaidapeko eskubideen babes judiziala eragingarria izatea. Bestalde,

Fiskaltzaren jarrera oso garrantzitsua da. Erakunde horrek izaera bikoitza du: alde batetik, Konstituzioaren aginduz, justiziaren ekintza sustatzeko eginkizuna bete behar du, legezkotasuna defendatzearekin batera; beste alde batetik, adingabeen eskubideak zaindu behar ditu, haien interesa jagonez.

Adingabearen letraduak prozesuaren fase guzti- guztietan hartu behar du parte. Une oro, espedientearen edukia zein den jakin behar du, frogabideak proposa ditzake, eta, zenbait egintza burutzen badira adingabearen interesa balioesteko eta neurria betearazteko, egintza horietan guztietan parte hartuko du; neurria aldatzeko eska dezake, modu berean ere.

Kautela-neurriak hartzeaz denaz bezainbatean, hori alderdiak aurkatasuneko entzunaldian hala eskatuta burutuko da; entzunaldi horretan, bereziki balioetsiko da, beste behin ere, adingabearen goreneko interesa.

Doktrinaren batasuna babesteko asmoarekin, auzitegi nagusietako adingabeen aretoek* bereganatu dute errekurtsoen sistema arrunta. Areto horiek sortu eta, bertan, magistratu espezialistak arituko dira. Horrek ziurtatu eta sendotu egingo du babes judizialaren eragingarritasuna, legeak proposatzen dituen helburuen eretzean.

Ildo beretik ere, doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa azpimarratu behar da. Errekurtso hori kasurik larrienei erreserbatzen zaie, adinekoen gaineko prozesu penalarekin bat eginez. Horrela, adingabeak zehatzeko zuzenbidearen eremuan ere, doktrina-batasunaren bermea indartu da, Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia dela medio.

* Abenduaren 22ko 9/2000 Lege Organikoaren 2. xedapen gehigarriaren arabera, auzitegi nagusietako adingabeen aretoak aipatzen direnean, ulertu behar da aipamen hori egiten zaiela probintziako audientziei.

10. Goian aipatutako printzipioekin bat etorriz, zalantza-ñimiñorik gabe, hamalau urtekoa izatea adin-muga bihurtu da zigor-arloan adingabe direnei erantzukizun zehatzailea eskatzeko. Legea aplikatzeko esparruan, eta gauzatutako egitateen ondorioak mailakatzeko orduan, bi tarte bereizi behar dira, alegia, hamalau urtetik hamasei urte artekoena, eta hamazazpi eta hemezortzi urtekoena. Talde batek eta besteak ezaugarri desberdinak dituzte, eta, ezaugarri horiek direla bide, tratamendu desberdina ezarri behar da, zientziaren eta zuzenbidearen ikuspuntutik. Hamasei urtekoak baino nagusiagoak direnen tartean, astuntze berezia ezarri da, delituak indarkeriaz, larderiaz edo gizabanakoak arriskuan jarriz burutu direnerako.

Lege hau hemezortzi urtekoak baino nagusiagoak eta hogeita bat urte baino gazteagoak direnei aplika dakieke, indarreko Zigor Kodearen 69. artikuluak ezarri duen moduan. Epaileak hori erabaki dezake, egilearen inguruabar pertsonalak, haren heldutasun-maila, eta egitateen izaera eta larritasuna kontuan hartuta.

Lege honen ondoreetarako, gizabanako horiei orokorrean «gazte» deritze.

Erantzun berezia behar duten egoeren artean, beren beregi arautu dira kasu zehatz batzuk; kasu horietan, adingabeak zorotasun-sintomak ditu, edo, bestela, haren erantzukizuna aldarazten duten bestelako inguruabarrak gertatzen dira. Adingabea halako egoeretan izanez gero, Fiskaltzak neurri zehatzak sustatu behar ditu, adingabearen interesarekin bat datozenak; horrez gain, Fiskaltzak sustatu behar du legeetan ezarritako babes-organismoak eratzea.

Legearen arabera, bestalde, zuhurtziagabekeriazko egite eta ez-egiteak ezin dira zehatu erregimen itxiko barneratzea dakarten neurriekin.

11. Aipatu berri diren orientabideekin bat eginez, eta ikusmira zehatzaile-hezitzaileari erreparatuz, legeak katalogo zabala ezartzen du aplikatzeko moduko neurriei buruz. Betiere, adingabearen goreneko interesari lehentasuna eman behar zaio, epaileak neurririk egokiena malgutasunez hartzean. Horretarako, aintzakotzat hartu behar da zeintzuk diren kasuan kasuko inguruabarrak eta zein bilakaera izan duen zehatutako gizabanakoak, neurria betearazi den bitartean.

Jokabideen inguruko zientziek helburu zehatza ezarri diote zerrendatutako neurri bakoitzari; helburu hori, orientabide gisa, zioen azalpen honetako III. atalean aipatuko da.

12. Behin neurriak epaiketa bidez ezarri eta gero, autonomia-erkidegoetako erakunde publikoei dagokie neurri horiek betearaztea, erakundeok adingabeak babestu eta eraldatzeko eginkizuna betetzen duen heinean. Eginkizun hori burutzean, adingabeen epaileak nahitaezko kontrola izango du erakundeon gainean.

Lehen esana geratu den bezala, hezkuntza eta heziketaren arloko espezialistek adingabearen interesari erreparatu behar diote; izan ere, espezialista horiek hurbilagoko esparruetan dihardute, estatua bera baino hurbilago, hain zuzen.

Alderdiek hala eskatuta, eta epaitegiko talde teknikoei eta autonomia-erkidegoko erakunde publiko eskudunari entzun eta gero, adingabeen epaileak ahalmen zabalak erabil ditzake, ezarritako neurriak eteteko edo ezarritako horiek beste batzuekin ordezteko. Zentzuzkoa denez, horrekin ezin dira urratu edo gutxitu prozesuko bermeak, horixe baita arautegi berriaren oinarrizko helburuetatik bat. Gainera, adingabeen epaileak ahalbide dezake adingabearen gurasoek parte hartzea neurriak eta horien ondorioak aplikatzerakoan.

13. Legearen testuinguruan, berebiziko interesa sorrarazi dute eragindako kaltea konpontzeko gaiek, bai eta delitugilearen eta biktimaren arteko adiskidetzeek ere. Halako egoeretan, gutxieneko esku-hartzearen printzipioa aplikatu behar da, eta talde teknikoak bitartekaritza-eginkizuna burutu behar du. Horren guztiaren ondorioz, gerta daiteke espedientea ez hastea, espediente hori largestea edo ezarritako neurria bukatzea. Berriro ere, nabariro hobetsi dira hezkuntza-irizpideak eta birgizarteratze- irizpideak, gizarte-defentsaren gainetik, defentsa hori, aurrezaintza orokorrean oinarritzen den neurrian, beharbada etorkizunerako kaltegarri gerta baitaiteke.

Bai eragindako kaltea konpontzean, bai delitugilea eta biktima adiskidetzean, ofentsagileak eta arau-haustearen ondoriozko kaltedunak adostasuneko hitzarmena egiten dute; adingabeak hitzarmen hori bete ondoren, haren jarreraren ondorioz sortutako gatazka juridikoa bukatu egiten da.

Adiskidetzearen helburu zehatza da biktimak betetasun psikologikoa jasotzea araua hautsi duen adingabearen kontura; adingabe hori eragindako kalteaz damutu, eta barkamena eskatzeko prest egon behar da.

Neurria aplikatuko da, adingabea benetan damutu eta barkamena eskatu, eta ofendituak hori onartu eta barkamena ematen duenean.

Kaltea konpontzean, aldiz, adostasuna ez da lortzen betetasun psikologikoaren bitartez bakarrik; horrez gain, zerbait gehiago behar da: adingabeak konpromisoa hartzen du biktimarekin edo kaltedunarekin eragindako kaltea konpontzeko, eta konpromiso hori betetzen du, dela gizartearentzako lanak eginez, dela zenbait ekintza burutuz, ekintza horiek subjektuaren beharrizanetara egokiturik eta onuraduna biktima edo kalteduna bera izanik.

III

14. Ezarritako neurria zentzarazpena denean, egoitza judizialean egintza bat bakarrik burutzen da, eta, egintza horretan, epaileak adingabeari adierazten dio, zehatz-mehatz eta argiro-argiro, adingabe horrek burututako egitateak zergatik diren onartezinak gizartearen ikusmiratik; adingabe horri azaltzen dio egitate horiek zer-nolako ondorioak izan dituzten edo izan zitzaketen berarentzat eta biktimarentzat; eta, etorkizunerako, zenbait gomendio ere ematen dizkio.

15. Gizartearentzako prestazioen neurria ezin da ezarri adingabearen adostasunik gabe; ezintasun hori bat dator Espainiako Konstituzioaren 25.2 artikuluarekin. Neurri horren ondorioz, jarduera zehatz bat burutu behar da, aldez aurretik finkatutako saioetan zehar; jarduera hori onuragarria izango da, gizartearentzat orokorrean nahiz edozein arrazoiren ondorioz beharrizanean dauden gizabanakoentzat.

Ahal den neurrian, bateratu egingo dira, batetik, neurriaren ondorioz zein jarduera agindu eta jarduera horren izaera, eta, bestetik, adingabearen egitateek zein ondasun juridikori kalte egin eta ondasun horien izaera.

Neurri horren bereizgarria da adingabeak neurria betearazten duen bitartean ulertzea gizarteak edo gizarteko gizabanako zehatz batzuek bidegabe ondorio kaltegarriak jasan dituztela, adingabe horren jokabidearen ondorioz.

Subjektuak ulertu behar du okerretara jardun zuela, gizartearen gaitzespen formala merezi duela, eta berari eskatutako lanak kaltea konpontzeko egintza zuzenak direla.

16. Barneratze-neurrien kasuan, arriskutsutasun handiagoa atzematen da; horixe erakusten du gauzatutako egitateen izaera larriak. Kasurik adierazgarrienetan, egitate horiek indarkeriaz, larderiaz edo gizabanakoak arriskuan jarriz burutu dira.

Neurri honen lehentasuneko helburua da ingurune zehatz bat prestatu eta ingurune horrek hezkuntza-baldintza egokiak izatea, adingabearen jokabideak gizartearen kalterako zein joera edo gabezia izan eta halako joera edo gabeziak berriro ere orientatzeko. Horretarako, aldi batean behintzat, noiz eta nahitaezkoa denean, araua hautsi duen adingabeari ezarriko zaio haren askatasuna fisikoki murrizten duen erregimen berezia.

Murrizketa hori handiagoa edo txikiagoa izan daiteke, eta, horren arabera, barneratze-mota desberdinak ezarri dira, jarraian azalduko den bezala.

Edozein kasutan ere, barneratzeak norberaren segurtasunerako giroa sortu behar du horretan parte hartzen duten guztientzat, dela profesionalentzat, dela araua hautsi duten adingabeentzat. Horregatik, nahitaezkoa da egotaldiaren baldintzak zuzenak izatea, adingabeen garapen psikologikoa behar bezalakoa izan dadin.

Erregimen itxiko barneratzea ezartzen denean, horren helburua da adingabeak gizarte-gaitasunerako behar beste baliabide eskuratzea, gizartean erantzukizuneko jokabidea izateko. Horretarako, kontrol-kudeaketa burutu behar da ingurune murrizgarrian, eta, arian-arian, autonomia aitortu behar zaio adingabeari.

Erregimen erdi-irekiko barneratzea ezartzen denean, horrek esan nahi du hezkuntza-proiektu berezia badela; proiektu horren barruan, hasiera-hasieratik, oinarrizko helburuak burutzen dira gizarteko gizabanako eta erakundeekin bat eginez. Adingabeak zentroan bertan du egoitza, eta zentro horretako programa eta barneko erregimena aplikatzen zaizkio.

Erregimen irekiko barneratzea ezartzen denean, adingabeak hezkuntza- proiektuko jarduera guztiak burutzen ditu inguruneko zerbitzu normalizatuetan. Adingabe horren ohiko bizilekua zentroan bertan dago.

Bestalde, barneratze terapeutikoa kasu jakin batzuetan ezartzen da. Kasu horietan, adingabeek ingurune egituratua behar dute, alkoholaren edo bestelako drogen menpe daudelako edota euren psikismoan disfuntzio esanguratsuak atzeman direlako. Ingurune egituratu horretan, programazio terapeutikoa gauza daiteke, tratamendu anbulatorioa ez delako egokia, adingabearen baldintzak edo haren ingurunekoak kontuan hartuta. Baina, bestetik, ez dira arrisku-baldintzak gertatzen, adingabe horri erregimen itxiko barneratzea aplikatzera behartuko luketenak.

17. Eguneko zentro batera joan beharra ezartzen denean, gizartean bete- -betean integratutako zentro batera eramaten da adingabea; zentro horretan, hezkuntza-jarduerak burutzen dira adingabearen gizarte-gaitasuna sendotzeko.

Neurri horren xedea da adingabeari ingurune egituratua eskaintzea eguneko ordu askotan zehar; ingurune horretan, gizarte- hezkuntzako zenbait jarduera burutzen dira, haren familia-giroan atzeman diren gabeziak konpentsatzeko.

Eguneko zentroaren bereizgarria da toki horretan adingabearen gizarte-hezkuntzako proiektuaren mamia gauzatzea. Dena den, adingabea joan daiteke beste toki batzuetara ere, aisialdiko nahiz kulturako beste baliabide batzuk erabiltzeko.

Hortaz, adingabeari neurri hau ezartzen zaionean, adingabe horrek bere etxean edo familiaren etxean izan dezake oraindik bizilekua, edo, bestela, harrerako erakundean.

18. Ezarritako neurria zaintzapeko askatasuna denean, araua hautsi duen adingabea zaintza eta jagotzapean dago epaian ezarritako denboran zehar. Langileria espezializatuak burutzen ditu zaintza eta jagotza horiek, adingabeak trebetasun, gaitasun eta jarrera egokiak beregana ditzan, gizabanako moduan eta gizartearen barruan bere nortasuna behar bezala gara dadin.

Zaintzapeko askatasunak dirauen bitartean, adingabeak bete beharko ditu, orobat, epaileak lege honekin bat etorriz ezar diezazkiokeen betebeharrak eta debekuak.

19. Gizarte-hezkuntzako zereginak betetzeko neurria ezartzen denean, adingabeak hezkuntza-izaerako jarduera bereziak burutu behar ditu, gizartean birsartzea errazteko.

Neurri hau autonomoa, edo, osterantzean, beste neurri konplexuago baten osagarria izan daiteke.

Neurria autonomoa izanez gero, horren xedea da adingabearen beharrizan zehatzak asetzea, halako beharrizanak igarri direlako eta beharrizan horiek haren oso-osoko garapena oztopatzen dutelako.

Neurria izan daiteke, besteak beste, adingabea bertaratu eta horrek parte hartzea gizartean jadanik abian dagoen programa batean, edo, bestela, neurria betearazi behar duten profesionalek «ad hoc» programa bat sortu eta adingabeak horretan parte hartzea.

Gizarte-hezkuntzako zereginen adibide gisa, hurrengoak aipa daitezke: zereginetarako tailer batera, konpentsazio-hezkuntzako gela batera edo enplegua prestatzeko ikastaro batera joatea; gizarte-kulturaren sustapenerako jarduera egituratuetan parte hartzea; gizarte-gaitasuna ikasteko tailerretara joatea etab.

20. Tratamendu anbulatorioko neurria ezarri ahal izateko, adingabeak bere bizimoduan baldintza egokiak izan behar ditu, programa terapeutiko batean parte hartzeko, eta, horri esker, euren adikzio-prozesuak edo psikismoan dituzten akats esanguratsuak gainditzeko.

Horregatik, neurri hau aplikatzen zaie alkoholaren edo bestelako drogen menpe dauden adingabeei, baldin eta, beren onurarako, mendetasun hori gizartean bertan tratatzerik badago; tratamendu horretan, osasun-laguntza eta laguntza psikologikoa konbina daitezke.

Neurri hau oso egokia izan daiteke, halaber, desoreka psikologikoak edo psikismoko asaldurak daudenean, eta horien tratamendua barneratzerik gabe burutu ahal denean.

Tratamendu anbulatorioaren eta gizarte-hezkuntzako zereginen artean, desberdintasun argia dago: gizarte-hezkuntzako zereginaren helburua da trebakuntza heziketaren bitartez lortzea; horretarako, ez da metodologia klinikorik erabiltzen, baizik eta psikohezkuntzako orientazioa duena.

Tratamendu anbulatorioa uler daiteke, bestalde, gizarte-hezkuntzako zeregin berezi moduan, ondo definitutako arazo bati aurre egiteko.

21. Asteburuko egotaldia, izatez, neurri zehatz bat definitzeko esamoldea da. Neurri horren bidez, adingabea bere etxean egon behar da ostiral arratsalde edo gauetik igande gaua arte, salbu eta epaileak agindutako zereginak, gizarte-hezkuntzakoak, burutu behar dituenean.

Praktikan, neurri honek asteburuko atzipenaldiaren osagaiak nahasten ditu gizarte-hezkuntzako zereginen edo gizartearentzako prestazioen osagaiekin.

Neurri hau egoki gerta daiteke adingabe jakin batzuekin, horiek asteburuetan txikizio-egintzak edo eraso arinak burutzen dituztenean.

22. Ezarritako neurria bada gizabanako, familia edo heziketa-talde batekin bizi beharra, neurri horrek adingabeari eskuratu nahi dio, elkarbizitza horren bitartez, gizarteratzeko giro positiboa. Hartara, epaileak zehazturiko epean zehar, adingabea biziko da, nahiz gizabanako batekin, nahiz berea ez den familiarekin, nahiz heziketa-talde batekin, azken horrek bere gain konpromisoa hartzen badu adingabearen baitan familiak gizartearen alde sor ditzakeen gizarte- eta sentimendu-jarrerak garatzeko.

23. Neurri erantsia da motor-bizikletak edo ibilgailu motordunak gidatzeko baimena edo berori eskuratzeko eskubidea, edota ehizan aritzeko edo arma-motetatik edozein erabiltzeko administrazio- baimenak kentzea. Neurri hori ezar daiteke, baldin eta egintzak lotura badu adingabeak egiten duen jarduerarekin eta jarduera horrek ere administrazio-baimena behar badu.

24. Azkenez, agerian jarri behar da neurri bakoitzak oinarrian dituen zientzia- printzipioak eta heziketa-irizpideak, hona labur-labur ekarri direnak, zabalago arautu beharko direla, lege organiko honen garapenerako egingo den erregelamenduan.

ATARIKO TITULUA

1. artikulua. Adierazpen orokorra

1. Lege hau aplikatuko da hamalau urtekoak baino nagusiagoak eta hemezortzi urtekoak baino gazteagoak diren gizabanakoei erantzukizuna eskatzeko, baldin eta horiek Zigor Kodean edo lege berezietan delitu edo falta gisa tipifikatutako egintzak gauzatu badituzte.

2. Lege honek adingabeentzat xedatutakoa aplikatuko zaie, halaber, hemezortzi urtekoak baino nagusiagoak eta hogeita bat urte baino gazteagoak diren gizabanakoei, lege honen 4. artikuluan agindutakoaren arabera.

3. Lege hau zein gizabanakori aplikatu eta gizabanako horiek izango dituzte Konstituzioan eta antolamendu juridikoan aitorturiko eskubide guztiak, eta, bereziki, urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoan, Adingabearen Babes Juridikoari buruzkoan, Haurraren Eskubideei buruzko 1989ko azaroaren 20ko Itunean eta Espainiak balio osoz adingabeak babesteko eginiko itunen arauetan aitortutakoak.

4. Lege hau zein gizabanakori aplikatzen zaion zehazteko, honen artikuluetan adingabe hitzak bere barruan hartzen ditu oraindik hemezortzi urte bete ez dituzten gizabanakoak; gazte hitzak, berriz, adin hori baino nagusiagoak direnak.

Aurrekoari kalterik egin gabe, lege honek adingabea edo adingabeak besterik gabe aipatzen dituenean, ulertuko da horiek direla beronen aplikazio-esparruan sartzen direnak.

LEHENENGO TITULUA

LEGE HONEN APLIKAZIO-ESPARRUA

2. artikulua. Adingabeen epaileak. Euren eskumena

1. Adingabeen epaileak eskudunak dira lege honen 1. artikuluan zein gizabanako aipatu eta gizabanako horiek gauzaturiko egintzak epaitzeko. Eskudun dira, orobat, euren epaiak betearazteko, lege honek autonomia-erkidegoei adingabeak babestu eta eraldatzeko eratxikitzen dizkien eskumenei kalterik egin gabe.

2. Adingabeen epaileak eskudunak dira, halaber, erantzukizun zibilak epaitzeko, horiek sortzen badira lege hau aplikagarri duten gizabanakoen egintzak direla eta.

3. Delitu-egintza non gertatu eta bertako adingabeen epaileari dagokio eskumena, lege honen 20.3 artikuluan arauturikoari kalterik egin gabe.

3. artikulua. Hamalau urtekoak baino gazteagoak diren gizabanakoen araubidea

Aurreko artikuluetan aipatu egintzen egilea hamalau urtekoa baino gazteagoa bada, ez zaio lege honen araberako erantzukizuna eskatuko; bai, ordea, aplikatuko Kode Zibilean eta indarreko beste xedapenetan adingabeen babesari buruz agindutakoa.

Fiskaltzak adingabeak babesteko erakunde publikoari igorriko dizkio, lekukotzaren bidez, adingabearen zehaztasunik beharrenak, haren egoera balioesteko; erakunde horrek, adingabearen inguruabarrak aintzat harturik, sustatu beharko ditu harentzat egokien diren babes- neurriak, urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoari jarraiki.

4. artikulua. *. Hemezortzi urtekoak baino nagusiagoak diren gizabanakoen araubidea

* Abenduaren 10eko 9/2002 Lege Organikoaren xedapen iragankor bakarraren arabera, urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoak, adingabeen erantzukizun penala arautu duenak, ezarritakoa eten egingo da 2007ko urtarrilaren 1a arte, 18 eta 21 urte bitarteko arau-hausleei dagokienez.

1. Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren 69. artikuluaren arabera, lege hau aplikatuko zaie hemezortzi urtekoak baino nagusiagoak eta hogeita bat urtekoak baino gazteagoak diren gizabanakoei, delitu-egitateak egozten zaizkienean, baldin eta instrukzioko epaile eskudunak hala adierazten badu auto bidez, behin Fiskaltzari, egotziaren letraduari eta lege honen 27. artikuluak aipatzen duen talde teknikoari entzun eta gero.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatzeko nahitaezko baldintzak dira:

1) Egotziak falta edo delitu ez hain astuna egin izana, gizabanakoengan indarkeriarik edo larderiarik erabili gabe, edota bizitzarako edota osotasun fisikorako arrisku larririk sortu gabe, halako egintzak Zigor Kodean edo bestelako zigor-lege berezietan tipifikatuta dauden heinean.

2) Epai irmoaren bidez kondenatua ez izatea, delitu-egintzak hemezortzi urte bete ondoren burutu badira.

Ondorio horretarako, ez dira aintzat hartuko aurreko kondenak, zuhurtziagabekeriazko delitu edo faltak direla eta, ezta ezabatuak izan diren zigor-aurrekariak ere, edo ezabatu beharrekoak, Zigor Kodearen 136. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3) Egotziaren inguruabar pertsonalak eta zentzumen-mailak lege honen aplikazioa hobestea, bereziki talde teknikoak bere txostenean hala gomendatu badu.

3. Aurreko paragrafoetan adierazitakoa ebazten duen autoaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da hiru eguneko epean. Horren gaineko eskumena auzitegi nagusi egokiko adingabeen aretoak izango du, aurreko eraldaketa- errekurtsorik gabe.

Gora jotzea gauzatuko da Prozedura Kriminalaren Legeak ezarritako araubide orokorraren arabera.

Auto hori, behin irmo izan eta gero,Fiskaltzari igorriko zaio, lege honetan ezarritako prozeduraren izapideak egiteko.

5. artikulua. Adingabeen erantzukizuna.

Oinarriak 1. Adingabeak erantzule izango dira, lege honen arabera, baldin eta 1. artikuluan zerrendaturiko egintzak gauzatu badituzte eta eurongan ez badago indarreko Zigor Kodean arauturiko erantzukizun kriminala salbuesteko edo azkentzeko arrazoirik.

2. Aurrekoa gorabehera, indarreko Zigor Kodearen 20. artikuluko 1, 2 eta 3. zenbakietan ezarritako inguruabarrak zein adingaberengan egokitu eta adingabe horiei aplikatuko zaizkie, beharrezkoa denean, lege honen 7.1 artikuluko d) eta e) letretan aipatzen diren neurri terapeutikoak.

3. Lege honen artikuluetan adierazitako adinak beti ulertu behar dira egintzak noiz gauzatu eta une horri begira; hartara, prozedura hasi aurretik edo horren izapidetza bitartean adin hori betetzeak ez du eraginik izango lege honek adingabeen epaile eta fiskalei emandako eskumenean.

6. artikulua. Fiskaltzak parte hartzea

Fiskaltzari dagokio legeek adingabeei aitortzen dizkieten eskubideak defendatzea, euren intereserako burutu behar den jarduna ikuskatzea eta prozeduraren bermeak betetzea; horretarako, hark zuzen-zuzenean zuzenduko du egitateen ikerketa, eta aginduko du polizia judizialak gauzatzea egitate horiek eta adingabeak horietan izan duen parte-hartzea egiaztatzeko jarduna, prozedura bera bultzatuz.

II. TITULUA

NEURRIAK

7. artikulua. Adingabeei ezartzeko moduko neurrien hurrenkera

1. Adingabeen epaileek ezar ditzaketen neurriak, eskubideei eragindako murrizketaren arabera zerrendatuta, jarraikoak dira:

a) Erregimen itxiko barneratzea.

Neurri honen menpe dauden gizabanakoak zentroan biziko dira, eta bertan egingo dituzte formazio, heziketa, lan eta aisiaren inguruko jarduerak.

b) Erregimen erdi-irekiko barneratzea.

Neurri honen menpe dauden gizabanakoak zentroan biziko dira, baina zentrotik kanpo egingo dituzte formazio, heziketa, lan eta aisiaren inguruko jarduerak.

c) Erregimen irekiko barneratzea.

Neurri honen menpe dauden gizabanakoek inguruneko zerbitzu normalizatuetan gauzatuko dituzte heziketa-programaren jarduera guztiak; ohiko egoitza zentroan izan eta bertan biziko dira, hango programa eta barne-araudiaren arabera.

d) Barneratze terapeutikoa.

Izaera horretako zentroetan, heziketa-laguntza espezializatua edo tratamendu berezia egingo da. Tratamendu horren jasotzaileak izango dira, besteak beste, anomalia edo aldakuntza psikikoak dituzten gizabanakoak, edari alkoholdunen, droga toxikoen edo gai psikotropikoen menpe daudenak edota oharmenean aldakuntza dutenak, baldin eta horien ondorioz aldakuntza larria badute errealitatearen gaineko kontzientzian.

Neurri hau bera bakarrik aplika daiteke, edo, bestela, artikulu honetan ezarritako neurrietatik beste edozeinen osagarri gisa.

Interesdunak mendekotasuna gainditzeko sendabidea ezesten badu, epaileak beste neurri bat aplikatu beharko dio, haren inguruabarrekin bat datorrena.

e) Tratamendu anbulatorioa.

Aurretiaz izendatutako zentrora joan beharko dira neurri horren menpe dauden gizabanakoak. Bertan, adituen laguntza jasoko dute, eta han izan beharko dira adituek eurek ezarritako aldietan. Finkatutako gida-lerroak bete beharko dituzte, horrela tratamendu egokia emango baitzaio euren anomalia edo aldakuntza psikikoari, edari alkoholdunen, droga toxikoen edo gai psikotropikoen kontsumo- mendekotasunari eta, orokorrean, oharmenean dituzten aldakuntzei.

Neurri hau bera bakarrik aplika daiteke, edo, bestela, artikulu honetan ezarritako neurrietatik beste edozeinen osagarri gisa.

Interesdunak mendekotasuna gainditzeko sendabidea ezesten badu, epaileak beste neurri bat aplika diezaioke, haren inguruabarrekin bat datorrena.

f) Eguneko zentrora joatea.

Neurri horren menpe dauden gizabanakoak euren ohiko egoitzan biziko dira, eta gizartean bete-betean integraturik dagoen zentrora joango dira, laguntza, hezkuntza, heziketa, lan edota aisialdiko jarduerak burutzeko.

g) Asteburuko egotaldia.

Neurri horren menpe dauden gizabanakoak euren egoitzan edo zentro batean egongo dira, askoz jota, hogeita hamasei ordutan zehar, ostiral arratsalde edo gauetik igande gaua arte, epaileak agindutako zereginak, gizarte-hezkuntzakoak, burutzeko behar duten denbora kenduta.

h) Zaintzapeko askatasuna.

Neurri horretan, kontrolatu behar da zertan diharduen neurriaren menpe dagoen gizabanakoak, baita ea gizabanako hori ikastegira, lanbide-heziketako zentrora edo lantegira doan, kasuan-kasuan. Gizabanako horri laguntza ematen saiatu behar da, halaber, arau-haustea eragin zuten faktoreak gaindi ditzan.

Neurri honen ondorioz, hala denean, gizarte-hezkuntzako gida-lerroak bete beharko dira, horrelakoak ezarri baditu kontrola egiten duen erakunde publikoak edo profesionalak. Gida-lerro horiek bat etorri behar dira esku-hartze programarekin; programa hori beren beregi helburu horretarako prestatu behar da, eta adingabeen epaileak onetsi behar du.

Neurri honen menpe dagoen gizabanakoak elkarrizketak izan behar ditu, orobat, profesional horrekin, esku-hartze programan ezarri bezala. Eta, hala denean, epaileak ezarritako jokarauak bete beharko ditu. Jokarau horiek, besteak beste, ondoren ezarritako bat edo batzuk izan daitezke:

1) Kasuan kasuko ikastegira erregulartasunez joan beharra, baldin eta interesdunak nahitaezko hezkuntza oinarrizkoa egin behar badu. Epaileari egiaztatu behar zaio erregulartasunez joate hori eta, hala denean, ez-joateak justifikatu behar zaizkio, horretarako eskaria egiten den guztietan.

2) Heziketa, kultura, hezkuntza, lanbide, lan, sexu-hezkuntza edo bide-hezkuntzako programak nahiz horien antzekoak ezartzen direnean, horietan parte hartu beharra.

3) Toki, establezimendu edo ikuskizun zehatz batzuetara joateko debekua.

4) Aurretiaz epailearen baimena lortu gabe, bizilekutik alde egiteko debekua.

5) Toki zehatz batean bizi beharra.

6) Adingabeen epailearen aurrean edo izendatutako profesionalaren aurrean agerraldi pertsonala egin beharra, egindako jardueren berri emateko eta horiek justifikatzeko.

7) Epailearen ustez komenigarri diren beste betebehar guztiak betetzea. Epaileak, ofizioz edo Fiskaltzak hala eskatuta, halako betebeharrak ezar ditzake epaiaren menpe dagoena gizartean sar dadin berriro; baina neurri horiek ezin diote inoiz ere kalterik egin hark gizabanako gisa duen duintasunari.

i) Beste norbaitekin edo beste familia edo hezkuntza-talde batekin bizitzea.

Neurri honen menpe dagoen gizabanakoa, epaileak ezarritako denboraldian zehar, beste norbaitekin edo bere familiaz besteko familia batekin edo hezkuntza- -talde batekin bizi behar da; horiek guztiak egokiro hautatuko dira, adingabea gizarteratze-prozesuan orientatzeko.

j) Gizartearentzako prestazioak.

Neurri hori ezin da ezarri adingabearen adostasunik gabe. Neurri honen menpe dagoen gizabanakoak aldez aurretik finkatutako zenbait jarduera burutu behar ditu; jarduera horiek ordaindu gabekoak dira, eta gizartearentzat interesgarri edo beharrizanean daudenentzat onuragarri gertatzen dira.

Ahal den neurrian, jarduera horien izaera lotuko da adingabearen egitateek zein ondasun juridikori kalte egin eta ondasun horien izaerarekin.

k) Gizarte-hezkuntzako zereginak burutzea.

Neurri honen menpe dagoen gizabanakoak, barneratzerik gabe eta zaintzapeko askatasunik gabe, jarduera zehatz batzuk burutu behar ditu; jarduera horiek hezkuntza-edukia dute, eta euren helburua da adingabearen gizarte-gaitasuna gara dadin erraztea.

l) Zentzarazpena.

Neurri honen kasuan, adingabeen epaileak errieta egiten dio adingabeari; errieta horren helburua da adingabeak ulertzea berak burutu dituen egitateak larriak direla eta larriak izan direla edo izan zitezkeela, orobat, egitate horien ondorioak. Berebat, adingabeari galdatzen zaio etorkizunean halako egitaterik ez burutzeko.

m) Motor-bizikletak edo ibilgailu motordunak gidatzeko baimena edo baimen hori lortzeko eskubidea kentzea, edota ehizarako administrazio-baimenak nahiz edozein motatako armak erabiltzeko administrazio-baimenak kentzea.

Neurri hori erantsi gisa ezar daiteke, delitua edo falta egin bada motor- bizikleta edo ibilgailu motorduna erabiliz edo arma bat erabiliz, kasuan-kasuan.

n*) Erabateko desgaikuntza.

* Abenduaren 22ko 7/2000 Lege Organikoaren 2.1 artikuluak gehitu du 1. paragrafoaren n) letra.

Laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat etorriz, erabateko desgaikuntzaren neurriak behin betiko kentzen dizkio ohore, enplegu eta kargu publiko guztiak hori zein gizabanakori ezarri eta berorri, nahiz eta halakoak hautazkoak izan. Ezgaitasuna dakar, orobat, horiek guztiak nahiz beste edozein ohore, kargu edo enplegu publikoak lortzeko, eta kargu publikoetarako hautatua izateko, neurriak dirauen artean.

2. Barneratze-neurriek bi denboraldi desberdin izango dituzte: lehenengo denboraldia kasuan kasuko zentroan burutuko da artikulu honen aurreko paragrafoan egindako deskripzioaren arabera; bigarren denboraldia zaintzapeko askatasunaren erregimenean burutuko da epaileak aukeratutako modalitatean.

Iraupena, guztira, ezin da izan 9. artikuluak ezartzen duena baino luzeagoa.

Talde teknikoak argibideak eman beharko ditu bi denboraldi horien edukiari buruz, eta epaileak epaian bertan adieraziko du zein den bakoitzaren iraupena.

3. Neurri egokia edo egokiak aukeratzeko, Fiskaltzak eta adingabearen letraduak, euren postulazioetan, eta epaileak, epaian bertan, malgutasunez hartuko dituzte kontuan, egitateen inguruko froga eta balioespen juridikoa, eta, batez ere, adingabearen adina, familia- eta gizarte-inguruabarrak, nortasuna eta interesa. Azken bi horiek talde teknikoen txostenetan jasoko dira, eta, hala denean, adingabeak babestu eta eraldatzeko erakunde publikoen txostenetan, halakoak eman behar direla lege honen 27. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Epaileak zioak jaso behar ditu epaian, eta xehetasunez azaldu behar du zergatik aplikatzen duen neurri zehatz bat; adierazi behar du, halaber, zenbat iraungo duen neurri horrek, adingabearen interesa balioetsi ahal izateko.

8. artikulua. *. Akusazio-printzipioa

* Azaroaren 25eko 15/2003 Lege Organikoak artikulu horren lehenengo lerrokada eraldatu du; lege horrek Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa aldarazi du. Lerrokada honen eraldaketa indarrean jarri da 2003ko azaroaren 27an (EAO, 283. zk., azaroaren 26koa).

Adingabeen epaileak ezin du ezarri Fiskaltzak edo akusatzaile partikularrak eskaturiko neurriak baino eskubideen murrizketa handiagoa edo denbora luzeagokoa dakarren neurririk.

Era berean, 7.1.a), b), e), d) eta g) arauetan ezarritako neurri askatasungabetzaileen iraupena ezin da inoiz izan egitate berberaren ondorioz subjektuari ezarriko litzaiokeen zigor askatasun- gabetzailea baino luzeagoa, subjektuak, adin nagusiko izanez gero, Zigor Kodearen arabera erantzukizuna duela adierazi izan balitz.

9. artikulua. Neurriak aplikatzeko erregelak

7.3 artikuluan ezarritakoa gorabehera, neurriak aplikatzeko honako erregela hauek izango dira kontuan:

1) Falta gisa kalifikatu badira egitateak, neurri moduan bakarrik ezar daiteke zentzarazpena; asteburuko egotaldia, askoz jota, lau asteburukoa; gizartearentzako prestazioak, askoz jota, berrogeita hamar ordurako; eta gida-baimena nahiz bestelako administrazio-baimenak kentzea.

2) Erregimen itxiko barneratzea aplikatu ahal izateko, nahitaezkoa da egitateen deskripzioan eta kalifikazio juridikoan ezartzea egitate horiek pertsonen aurkako indarkeriaz edo larderiaz burutu direla, edo, bestela, jardutean arrisku larrian jarri dela pertsonen bizitza edo osotasun fisikoa.

3) Neurrien iraupena ezin da izan bi urtetik gorakoa. Ondore horietarako, zenbatu egingo da, lege honen 28.5 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, hala denean, adingabeak kautela-neurriaren ondorioz jadanik bete duen denbora.

Ezarritako neurria gizartearentzako prestazioak egitea izan bada, horrek ezin du izan ehun ordutik gorako iraupena.

Ezarritako neurria asteburuko egotaldia izan bada, horrek ezin du zortzi asteburutik gorako iraupenik izan.

4) Egitateak burutzeko unean gizabanakoak hamasei urte baditu, neurrien iraupena, askoz jota, bost urtekoa izan daiteke, baldin eta delitua pertsonen aurkako indarkeriaz nahiz larderiaz burutu bada, edo jardutean arrisku larrian jarri bada pertsonen bizitza edo osotasun fisikoa, eta talde teknikoak bere txostenean aholkatzen badu neurria luzatzea.

Kasu horietan, ezarritako neurria gizartearentzako prestazioak egitea bada, horren iraupena berrehun ordu artekoa izan daiteke; eta asteburuko egotaldia bada, ordea, hamasei asteburukoa.

5*) Salbuespenez, aurreko erregelan ezarritako kasuak oso-oso larriak badira, eta epaiak beren beregi hori adierazten badu, epaileak erregimen itxiko barneratze-neurria ezarri beharko du urtebetetik bost urte arte; horren osagarri gisa, ondoz ondo, zaintzapeko askatasunaren beste neurri bat ezarriko du, hezkuntza-laguntza eta guzti, askoz jota, beste bost urterako.

* Abenduaren 22ko 7/2000 Lege Organikoaren 2.2 artikuluaren arabera idatzi dira 5. erregelako 1 eta 3. lerrokadak.

Lege honen 14 eta 51.1 artikuluetan xedatutakoaz baliatu ahal izateko, nahitaezkoa da barneratze-neurria benetan betetzen hasi denetik lehenengo urtea igarotzea.

Hori guztia, laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoari kalterik egin gabe.

Zaintzapeko askatasunaren neurria auto ziodunean berretsi beharko da barneratzea bukatutakoan, aldez aurretik Fiskaltzari, adingabearen letraduari eta adingabeak babestu edo eraldatzeko erakunde publikoaren ordezkariari entzunez; eta neurri hori burutuko dute indarreko Zigor Kodearen 105.1 artikuluan ezarritakoaren arabera zigorrak betearazteko ardura zein erakunde publikok izan eta erakunde publiko horiek.

Artikulu honen ondoreetarako, kasu batean berrerortzea antzeman bada, beti ulertuko da oso-oso larria dela.

6) Zuhurtziagabekeriazko egite edo ez-egiteak ezin dira zehatu erregimen itxiko barneratze-neurriekin.

7) Fiskaltzaren postulazioan, edo prozeduran emandako ebazpen horretan, lege honen 5.2 artikuluan ezarritako inguruabarretatik bat edo batzuk jasotzen badira, beronen 7.1 artikuluko d) eta e) letretan deskribatutako neurri terapeutikoak bakarrik ezarri ahal izango dira.

10. artikulua. Preskripzioa

1. Adingabeek eginiko delitu-egintzen preskripzio-denbora da:

1. Bost urtekoa, delitua astuna bada eta Zigor Kodeak hamar urte baino gehiagoko zigorra ezartzen badio.

2. Hiru urtekoa, beste edozein delitu astun gertatuz gero.

3. Urtebetekoa, delitua ez bada hain astuna.

4. Hiru hilabetekoa, falta izanez gero.

2. Neurrien epea bi urtetik gorakoa bada, hiru urtekoa izango da horien preskripzio-denbora.

Gainerako neurrien preskripzio-denbora bi urtekoa izango da, salbu eta zentzarazpenaren, gizartearentzako prestazioen eta asteburuko zereginetarako atzipenaldiaren kasuan, horien preskripzio-denbora urtebetekoa baita.

3. Delitu-egintza burutu badu hemezortzi urtekoa baino nagusiagoa eta hogeita bat urtekoa baino gazteagoa den gizabanakoak, preskripzio-denbora izango da Zigor Kodearen arauek ezarritakoa.

11. artikulua. Arau-hausteen arteko pilaketa

1. Adingabeak egitate anitz burutu eta horien gaineko erantzukizuna badu, neurri bat edo batzuk ezarriko zaizkio, lege honen 7.3 eta 9. artikuluetan adierazitako irizpideak kontuan hartuta.

2. Hala eta guztiz ere, jokabide berberak bi arau-hauste edo gehiago eragiten baditu, edo jokabide hori beharrezko bidea bada beste bat burutzeko, horietatik larriena bakarrik hartuko da kontuan neurri egokia aplikatzeko.

12. artikulua. Arau-hauste jarraituak gertatzea edo biktima anitz izatea

Arau-haustea jarraitua denean, edo, bat bakarrik izanik, biktima anitz dagoenean, epaileak epaiaren menpeko gizabanakoari neurri bat bakarrik ezarriko dio; horretarako, erreferentzia gisa hartuko du burututako egitaterik larriena, eta, 9. artikuluko erregelekin bat etorriz, neurriari gehieneko hedadura emango dio, salbu eta adingabearen interesa kontuan hartuta komeni denean neurriaren hedadura txikiagoa izatea.

13. artikulua. Neurri batzuk ezartzea

Epaiaren menpeko gizabanakoari neurri batzuk ezartzen bazaizkio prozedura berean, eta neurri horiek ezin badira aldi berean bete, epaileak entzun egingo du talde teknikoaren ordezkariak eta adingabeak babestu edo eraldatzeko erakunde publikoaren ordezkariak esan beharrekoa, eta, Fiskaltzak eta adingabearen letraduak hala proposatuta, neurri horiek guztiak nahiz horietatik batzuk ordez ditzake, edo guztiak elkarren segidan betetzea ezar dezake; azken kasu horretan, neurriak betetzeko epe osoa ezin da izan neurririk astunenaren ondorioz ezartzen den denboraren bikoitza baino luzeagoa.

14. artikulua. Ezarritako neurria aldaraztea

1. Epaileak, ofizioz edo Fiskaltzak nahiz adingabearen letraduak hala eskatuta, edozein unetan eraginik gabe utz dezake ezarritako neurria, horren iraupena labur dezake edo beste batekin ordez dezake; horretarako, aldez aurretik entzun egin behar die Fiskaltzari eta adingabearen letraduari, eta txostena eskatu behar dio talde teknikoari, eta, hala denean, adingabeak babestu edo eraldatzeko erakunde publikoari, eta, gainera, aldarazpena adingabearentzat onuragarria izan behar da, eta adingabe horri behar beste azaldu behar zaio haren jokabideak merezi duen gaitzespena.

2. Aurreko kasuetan, epaileak auto ziodunean emango du erabakia, eta, auto horren aurka, lege honetan araututako errekurtsoak jarri ahal izango dira.

15. artikulua. Kondenatua adin nagusikoa izatea

Adingabe bati lege honetan ezarritako neurrietatik bat ezarri bazaio, eta adingabe horrek adin-nagusitasuna eskuratzen badu, neurria betetzeari eutsiko dio neurria zein epaitan ezarri eta epai horretan proposatutako helburuak erdietsi arte, aurreko artikuluetan ezarritako irizpideak aintzakotzat hartuta.

Aurreko lerrokadan ezarritakoa gorabehera, barneratze-neurriak ezarri bazaizkio jadanik hogeita hiru urte bete dituen gizabanakoari, edo, behin neurriok ezarri eta gero, horien betetzea ez bada bukatu gazteak adin hori lortzean, adingabeen epaileak Fiskaltzari entzungo dio, eta, lege honen 14 eta 51. artikuluetan xedatutakoari kalterik egin gabe, neurri horiek espetxean betetzeko aginduko du, Espetxeen Lege Organiko Orokorrean agindutako erregimen arruntarekin bat etorriz.

III. TITULUA

PROZEDURAREN INSTRUKZIOA

LEHENENGO KAPITULUA

Erregela orokorrak

16. artikulua. Espedientea hastea

1. Fiskaltzari dagokio prozeduren instrukzioa, prozedura horiek gauzatu behar badira lege honen 1. artikuluan aipatutako egitateen ondorioz.

2. Norbaitek aurreko paragrafoan aipatutako egitate baten berri badu, eta egitate hori, ustez behintzat, hemezortzi urtekoa baino gazteagoa den adingabe batek burutu badu, hori Fiskaltzari adierazi behar dio, eta Fiskaltzak salaketaren izapidetza onartu edo ezetsiko du, egitateak, zantzuen arabera bederen, delitu diren ala ez kontuan hartuta; Fiskaltzak zainduko ditu berari bidali zaizkion piezak, agiriak eta efektuak, eta, hala denean, bere ustez egoki diren eginbideak burutuko ditu, egitatea bera eta adingabeak hori burutzean izan duen erantzukizuna egiaztatzeko. Fiskaltzak jarduna artxibatzeko erabakia har dezake, egitateak ez badira delitu edo euren egilea ezezaguna bada.

Salaketaren gainean emandako ebazpena jakinarazi egin behar zaie salaketa nortzuek egin eta horiei.

3. Behin aurreko paragrafoan aipatutako jarduna burutu eta gero, Fiskaltzak adingabeen epaileari adieraziko dio espedientearen hasiera; epaile horrek hasiera emango die, bestalde, izapidetzako eginbide egokiei.

4. Adingabeen epaileak, aldi berean, erantzukizun zibilaren pieza banandua irekiko du; pieza horren izapideak egingo dira lege honen 64. artikuluan ezarritakoaren arabera.

5. Lehenengo artikuluan aipatutako egitateak batera burutu badituzte zigor- arloan adin-nagusiko direnek eta lege honen 1 eta 4. artikuluetan aipatutako adinak kasuan-kasuan dituztenek, auzi horren gaineko eskumena duen instrukzio-epaileak, egotzien adina egiaztatu eta berehalakoan, beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu, adin-nagusikoei begira ikerketa-jarduera arrakastatsua izan dadin ziurtatzeko; bestalde, Fiskaltzari beharrezkoak diren zehaztasunen lekukotza igortzeko aginduko du, artikulu honen 2. paragrafoan ezarritako ondoreetarako.

17. artikulua. Adingabeak atxilotzea

1. Agintariek eta funtzionarioek adingabearen atxiloketan parte hartzen dutenean, hori egin beharko dute adingabeari kalterik gutxien dakarkion eran, eta haien betebeharra izango da adingabeari azaltzea, hizkera argi eta ulergarrian, eta berehalakoan, zein egitate egozten zaion, zergatik izan den atxilotua eta zein eskubide dagokion, bereziki, Prozedura Kriminalaren Legeko 520. artikuluak zein eskubide aitortzen dion; haien betebeharra da, orobat, eskubide horiek errespeta daitezen bermatzea.

Era berean, agintari eta funtzionarioek berehalakoan jakinarazi behar dizkiete atxiloketa eta zaintza-tokia adingabearen legezko ordezkariei eta Fiskaltzari.

Atxilotutako adingabea atzerritarra denean, atxiloketa jakinaraziko zaie kontsulatuetako agintari eskudunei, baldin eta adingabearen ohiko bizilekua Espainiatik kanpo badago edo horixe eskatzen badute adingabeak berak edo haren legezko ordezkariek.

2. Atxilotuaren aitorpen oro haren letraduaren aurrean egingo da, bai eta adingabearen gaineko guraso-ahala, tutoretza edo zaintza egitez edo zuzenbidez betetzen dutenen aurrean ere, salbu eta, azken kasu horretan, inguruabarren arabera kontrakoa egokiagoa denean.

Azken horiek izan ezean, aitorpena Fiskaltzaren aurrean egingo da, eta espedientearen instruktoreaz besteko gizabanako batek izango du haren ordezkaritza.

3. Atxiloketak dirauen bitartean, adingabeak gela egokietan zainduko dira, eta gela horiek eta adin-nagusikoentzat erabiltzen direnak bananduta egon beharko dira; adingabeek behar dituzten arretak, babesa, gizarte-laguntza, laguntza psikologikoa, osasun-laguntza eta laguntza fisikoa eskuratuko dituzte, betiere, haien adina, sexua eta banakako ezaugarriak kontuan hartuta.

4. Poliziako funtzionarioek adingabea atxilotzen dutenean, atxiloketa horrek ezin du iraun egitateak argitzeko zein ikerketa burutu eta ikerketa horietarako behar-beharrezkoa den denbora baino gehiago; eta, edozein kasutan, hogeita lau orduko gehieneko epean, adingabe atxilotuari askatasuna eman behar zaio edo Fiskaltzaren esku utzi behar da.

Hala denean, Prozedura Kriminalaren Legeko 520bis artikuluan xedatutakoa aplikatuko da, eta adingabeen epaileari eskumena eratxikiko zaio manu horretan agindutako ebazpen judizialak emateko.

5. Adingabea Fiskaltzaren esku utziz gero, horrek ebazpena eman beharko du atxiloketa noiz gertatu eta hurrengo berrogeita zortzi orduetan; ebazpena izango da adingabeari askatasuna emateari buruz, hurrengo artikuluan aipatutako uko-egiteari buruz edo espedientea hasteari buruz. Fiskaltzak adingabeen epaile eskudunaren esku utziko du adingabea, eta horri kautela-neurri egokiak hartzeko eskatuko dio 28. artikuluan ezarritakoaren arabera.

6. Adingabearen kasuan, Habeas Corpus prozeduraren gaineko eskumena izango du askatasunez gabetutako adingabea zein tokitan egon eta toki horretako instrukzio-epaileak; hori ez badago egiaztatuta, atxiloketa zein tokitan gertatu eta bertako epailea; aurrekorik izan ezean, eskumena izango du adingabe atxilotuaren egonlekuari buruz azken berriak zein tokitan izan eta bertako epaileak.

Adingabeak berak eragin badu Habeas Corpus prozedura, atxiloketaren gainean zein indar publikok erantzukizuna izan eta indar horrek Fiskaltzari jakinaraziko dio hori berehalakoan; gainera, indar publikoak bide emango dio prozedurari, hori arautzen duen lege organikoarekin bat etorriz.

18. artikulua. Espedientea hasteari uko egitea, hezkuntza- nahiz familiaeremuan adingabea zuzentzeagatik

Fiskaltzak espedientea hasteari uko egin diezaioke, baldin eta salatutako egitateak delitu ez hain astunak badira eta pertsonen aurka indarkeriarik edo larderiarik erabili gabe burutu badira, edota faltak besterik ez badira, Zigor Kodean nahiz zigor-lege berezietan egindako tipifikazioaren arabera.

Kasu horretan, Fiskaltzak ordu arteko jarduna igorriko dio adingabeak babesteko erakunde publikoari, lege honen 3. artikuluan ezarritakoa aplika dadin.

Atal honetan xedatutakoa ulertuko da, erantzukizun zibileko pieza egokiaren izapidetzari kalterik egin gabe.

Edozein modutan ere, egiaztatuta badago adingabeak aurretiaz izaera bereko beste egitate batzuk burutu dituela, Fiskaltzak hasiera eman beharko dio espedienteari, eta, hala denean, lege honen 27.4 artikuluak baimentzen duenaren arabera jardun beharko du.

19. artikulua. Espedientea largestea, adingabearen eta biktimaren arteko adiskidetzearen ondorioz edota kaltea konpontzearen ondorioz

1. Era berean, Fiskaltzak atzera egin dezake espedientean, egitateen larritasuna eta egitateon nahiz adingabearen inguruabarrak kontuan hartuta, eta, bereziki, egitateak burutzean indarkeria edo larderia larririk erabili ez izana gogoan izanik; horrez gain, aintzakotzat hartuko du adingabea biktimarekin adiskidetzea, edo adingabeak kaltea konpontzeko konpromisoa bereganatzea, halakoa eragin bazaio biktimari edo delituaren ondorioz kalteturik gertatu denari, edota hezkuntza-jarduera betetzeko konpromisoa bereganatzea, talde teknikoak bere txostenean hori proposatu badu.

Espedientean atzera egin ahal izateko, nahitaezkoa da adingabeari egotzitako egitatea delitu ez hain astuna edo falta izatea.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondoreetarako, adiskidetzea gertatu dela ulertuko da, adingabeak eragindako kaltea aitortu eta biktimari barkamena eskatu ondoren, biktimak haren barkamen-eskeak onartzen dituenean; eta kaltea konpondu dela ulertuko da, adingabeak biktimarekin edo kaltedunarekin horren mesederako edo gizartearen onerako zenbait ekintza burutzeko konpromisoa hartu eta konpromiso hori benetan betetzen duenean.

Horrek guztiak ez dio kalterik egiten alderdiek ituna egin izanari, erantzukizun zibilaren ondoriozko akzioa, lege honetan ezarrita dagoena, egikaritzeari buruz, delitu edo faltak erantzukizun hori eratortzen duen neurrian.

3. Talde teknikoak bitartekaritza-lana egingo du adingabearen eta biktima edo kaltedunaren artean, aurreko paragrafoan aipaturiko ondorioetarako. Talde horrek Fiskaltzari adieraziko dizkio adostutako konpromisoak eta horien betetze-maila.

4. Behin adiskidetzea gertatu eta gero, edo biktimarekin edo egindako delitu nahiz faltaren ondoriozko kaltedunarekin bereganatutako konponketa-konpromisoa bete eta gero, edo bata edo besteak ezin badira gauzatu adingabearen borondatetik kanpoko arrazoien ondorioz, Fiskaltzak bukatutzat joko du instrukzioa, eta jarduna largetsi eta artxibatzea eskatuko dio epaileari, horretarako jarduna hari bidaliz.

5. Adingabeak ez badu kaltea konpontzen edo ez badu erabakitako hezkuntza- jarduera burutzen, Fiskaltzak espedientearen izapidetzari ekingo dio.

6. Delitu edo faltaren biktima adingabea edo ezgaia denean, artikulu honek aipatzen duen konpromisoa bereganatuko du haren legezko ordezkariak, betiere adingabeen epaileak hala onetsita.

20. artikulua. Espediente-batasuna

1. Delitu-egitate bakoitzeko, Fiskaltzak prozedura bat hasiko du, delitu- egitateak elkarri lotuta daudenean izan ezik.

2. Adingabe edo gazte berberaren aurka, zenbait prozeduraren izapideak egiten badira, prozedura horiek guztiak adingabearen espediente pertsonalean artxibatuko dira, hain zuzen ere,

Fiskaltzak adingabeari buruz ireki duen espediente horretan. Modu berean, eginbideak artxibatuko dira adingabeen epaitegi eskudunean.

3. Espedienteko adingabeari zenbait delitu eratxiki bazaizkio, eta delitu horiek lurralde desberdinetan burutu badira, adingabearen egoitza zein tokitan izan eta toki hori izango da kontuan, espediente bakar batean delitu horien guztien gaineko eskumena zein organo judizialek duen zehazteko, bai eta aplikatu beharreko neurrien betearazpena zein erakunde publikori dagokion ezartzeko; modu subsidiarioan, kontuan hartuko dira Prozedura Kriminalaren Legeko 18. artikuluan aipatutako irizpideak.

21. artikulua. Organo eskudunari bidaltzea

Adingabeen epaitegiak ez badauka egitateen gaineko eskumenik, Fiskaltzak erabakiko du jarduna lege-aginduz eskumena duen organora bidaltzea.

22. artikulua. Espedientea hastea

1. Espedienteari hasiera ematen zaion unetik, adingabeak honako eskubide hauek izango ditu:

a) Adingabeari argibideak eman behar dizkio epaileak, Fiskaltzak edo poliziako agenteak, berari dagozkion eskubideei buruz.

b) Adingabeak bera defendatuko duen abokatua izenda dezake, eta ofiziozko abokatua izateko eskubidea du; abokatuarekin isilpeko elkarrizketak izan ditzake, baita aitorpena egin aurretik ere.

c) Atariko ikerketan zehar, bai eta epaiketako prozesuan zehar ere, burutu beharreko eginbideetan parte har dezake, eta, hurrenez hurren, eginbideak egin daitezen proposa eta eska dezake.

d) Berari zuzen-zuzenean dagozkion ebazpenetatik edozein eman aurretik, epaileak edo auzitegiak entzun egin behar dio adingabeari.

e) Prozeduraren egoera eta gradua edozein izanik ere, adingabeak sentimeneko laguntza eta laguntza psikologikoa izan behar ditu, eta bertan izan behar dira gurasoak edo adingabeak aipatzen dituen beste gizabanako guztiak, adingabeen epaileak hori baimentzen badu.

f) Adingabeen epaitegiari atxikita talde teknikoa dagoenez gero, talde horretako zerbitzuek laguntza eman behar diote adingabeari.

2. Espedientea hasi eta batera, hori jakinarazi behar zaio adingabeari, 24. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

Helburu hori erdiesteko, adingabeen epaitegiko idazkariak, behin Fiskaltzaren eskutik espedientearen hasieraren berri jaso eta gero, adingabeari eta horren legezko ordezkariei eskatuko die hiru eguneko epean letradua izendatzeko; ohartarazi egingo die hala egin ezean adingabeari ofiziozko letradua izendatuko zaiola, abokatuen elkargo egokian espezialisten txanda osatzen dutenen artean.

3. Era berean, Fiskaltzak espedientean kaltedun gisa agertzen denari jakinaraziko dio, espedientearen instrukzioan hori jasotzen den unetik, kaltedunak aukera duela berari dagozkion akzio zibilak egikaritzeko; horretarako, adingabeen epailearen aurrean ager daiteke, horrek egingo baititu izapideak, erantzukizun zibilari buruzko piezaren barruan.

23. artikulua. Fiskaltzaren instrukzio- -jarduna

1. Fiskaltzaren instrukzio-jardunak helburu izango du adingabeak egitateetan zein parte-hartze izan duen balioestea, haren jokabideak zein gaitzespen merezi duen adierazteko; helburu du, orobat, hezkuntza- eta zehapen-izaerako neurri zehatzak proposatzea, betiere egitatearen eta egilearen inguruabarrekin bat datozenak, eta, batez ere, adingabearen beraren interesari ondo uztartzen zaizkionak, interes hori auzian bertan balioetsiko da eta.

2. Fiskaltzak adingabearen letraduari erakutsiko dio espedientea, horrek zenbat aldiz eskatu eta beste horrenbeste; horretarako epea ez da izango hogeita lau ordutik gorakoa.

3. Fiskaltzak ezin izango du bere kabuz eginbiderik burutu, eginbide horiek oinarrizko eskubideak murrizten badituzte; aitzitik, epaitegiari eskatu beharko dio ikerketek emaitza ona izan dezaten beharrezkoak direnak egitea.Adingabeen epaileak eskari horren gaineko erabakia hartuko du auto ziodunean.

Eginbide horiek burutuz gero, hori dokumentatu egingo da pieza bananduan.

24. artikulua. Espedientearen inguruko isil-gordea

Fiskaltzak, adingabeak edo horren familiak hala eskatuta, eta auto ziodunaren bidez, adingabeen epaileak espedientearen isil-gordea dekreta dezake osorik edo zati batez, instrukzioak dirauen artean edo instrukzioaren denboraldi zehatz batean zehar.

Edonola ere, adingabearen letraduak oso-osorik jakin behar du espedientearen edukia, alegazioen izapidea burutzerakoan.

Epaitegiak intzidente horren izapideak egingo ditu pieza bananduan.

25. artikulua. *. Akusazio partikularra

* Azaroaren 25eko 15/2003 Lege Organikoak artikulu hori eraldatu du; lege horrek Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa aldarazi du. Artikulu honen eraldaketa indarrean jarri da 2003ko azaroaren 27an (EAO, 283. zk., azaroaren 26koa).

Lege honen 61. artikuluan ezarritako akzioei kalterik egin gabe, prozeduran akusatzaile partikular gisa agertu ahal izango dira delitutik zuzeneko ofentsa hartu duten pertsonak, euren gurasoak, jaraunsleak, edo legezko ordezkariak, haiek adingabe edo ezgai direnean; prozeduran alderdi izateak eratortzen dituen ahalmenak eta eskubideak izango dituzte, eta, horien artean, besteak beste, hurrengoak:

a) Akusazio partikularra egikaritu ahal izango dute prozeduran zehar.

b) Lege honek aipatzen dituen neurriak ezartzea eragin ahal izango dute.

c) Jarduna ikusi ahal izango dute, eta eskatu eta erabakitako eginbideak jakinaraziko zaizkie.

d) Frogabideak proposatu ahal izango dituzte delitu-egitateari buruz eta hori egitean gertatutako inguruabarrei buruz, salbu eta adingabearen psikologia-, hezkuntza-, familia- eta gizarte- egoerari dagozkion arazoetan.

e) Dela instrukzio-fasean, dela entzunaldi- fasean, frogak egiten direnean, horietan parte hartu ahal izango dute; ondore horietarako, organo jarduleak bekaldura-froga egitea ezets dezake, baldin eta, hori eskatu arren, oinarrizkoa ez bada egitateak ikertzeko edo adingabeak horietan zein parte-hartze izan duen jakiteko.

f) Prozeduran zehar zein intzidenteren izapidetza egin eta intzidente horietan guztietan eurei entzungo zaie.

g) Adingabeari ezarritako neurriak aldarazi edo ordeztu behar direnean, eurei entzungo zaie.

h) Egindako ikustaldi edo entzunaldietan parte hartu ahal izango dute.

i) Lege honen arabera bidezkoak diren errekurtsoak jarri ahal izango dituzte.

Behin adingabeen epaileak akusatzaile partikularra bertan agertzea onartu eta gero, horri bidaliko zaio lege honen arabera gauzatutako jardun osoa, eta, akusatzaile horrek bere interesak defenda ditzan, izapide guztietan parte hartzea ahalbidetuko da.

26. artikulua. Adingabearen letraduak proposaturiko eginbideak

1. Adingabearen letraduak Fiskaltzari eskatuko dio beharrezkotzat jotzen dituen eginbide guztiak burutzeko.

Fiskaltzak horien onarpenari buruzko erabakia hartuko du ebazpen ziodunean; ebazpen hori letraduari jakinarazi eta adingabeen epaileari horren berri emango dio.

Burutu gabeko eginbideei dagokienez, letraduak berriz eska ditzake halakoak, edozein unetan, adingabeen epaitegian.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, letraduak proposatzen badu adingabeak aitorpena egitea, Fiskaltzak hori espedientean jaso beharko du, salbu eta instrukzioa bukatuta egon eta espedientea adingabeen epaitegiari bidali zaionean.

3. Adingabearen letraduak zenbait eginbide proposatu baditu, eginbide horiek eragina badute adingabearen edo beste gizabanako batzuen oinarrizko eskubideen gain, eta Fiskaltzak eskabideari egoki baderitzo, fiskaltza horrek adingabeen epailearengana joko du lege honen 23.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz; horri kalterik egin gabe, letraduak ahalmena du adingabeen epaileari eskari berbera egiteko, artikulu honen 1. paragrafoan ezarritako baldintzetan.

27. artikulua. Talde teknikoaren txostena

1. Espedientearen instrukzioan zehar, Fiskaltzak talde teknikoari eskatuko dio txostena egin edo aurretiaz igorritakoak eguneratzea; ondore horietarako, talde teknikoa Fiskaltzaren menpe egongo da eginkizunari dagokionez, haren mendetasun organikoa edozein izanda ere. Talde teknikoak Fiskaltzari hori eman beharko dio, askoz jota, hamar eguneko epean; epe hori luzatu ahal izango da, gehienez ere, hil baterako, arazoa oso konplexua denean. Talde teknikoak idazkia aurkeztuko du adingabearen egoera psikologikoari, hezkuntza-egoerari eta familia- egoerari buruz, haren gizarte-inguruneari buruz, eta, orokorrean, lege honetan araututako neurrietatik edozein hartzeko erabakigarri izan daitekeen inguruabar orori buruz.

2. Talde teknikoak, halaber, gizartehezkuntzako esku-hartzea proposa dezake adingabearen gainean; kasu horretan, adingabearen autu jakin batzuk azpimarratu beharko ditu, arazo horiek erabakigarriak izan badaitezke eskuhartze horren ondorioetarako.

3. Era berean, talde teknikoak, komenigarri baderitzo eta adingabearen intereserako gertatzen bada, txostena emango du adingabe horrek konpontze- jarduera burutu edo biktimarekin adiskidetzeko ahalbideari buruz, lege honen 19. artikuluan xedatutakoaren arabera; beren beregi adieraziko ditu aipatutako jarduera horren edukia eta helburuak.

Kasu horretan, ez da beharrezkoa izango txostena egitea artikulu honen 1. paragrafoan ezarritako ezaugarri eta edukiekin.

4. Era berean, talde teknikoak bere txostenean proposamena egin dezake, betiere adingabearen intereserako, espedientearen izapidetzak aurrera egin ez dezan; horren arrazoiak izan daitezke adingabeari gaitzespena behar beste azaldu izana jadanik burutu diren izapideen bitartez edota, adingabearen intereserako, beste edozein esku-hartze desegoki gertatzea, egitateak burutu direnetik igaro den denboraren ondorioz.

Halako kasuetan, lege honen 19.1 artikuluan ezarritako betekizunak izanez gero, Fiskaltzak espedientea bidal diezaioke epaileari, largeste-proposamenarekin batera; gainera, egoki bada, jardunari buruzko lekukotza bidaliko dio adingabeak babesteko erakunde publiko eskudunari, horrek adingabearen babeserako jardun dezan.

5. Edozein kasutan ere, behin talde teknikoak txostena prestatu eta gero, Fiskaltzak berehalakoan bidaliko dio hori adingabeen epaileari, eta kopia bat emango dio adingabearen letraduari.

6. Erakunde publiko nahiz pribatuek adingabeen hezkuntza-eremuan badihardute, eta espedienteko adingabearen egoera badakite zein den, haiek ere presta edo osa dezakete artikulu honek aipatzen duen txostena.

II. KAPITULUA

Kautela-neurriak

28. artikulua. Erregela orokorrak

1. Adingabeak delitu bat gauzatu duelako edo justiziaren ekintza saihestu edo oztopatu duelako zantzu arrazoizkoak badira, Fiskaltzak kautela-neurriak hartzeko eska diezaioke adingabeen epaileari, edozein unetan, neurri horiei esker espedienteko adingabea babestu eta defendatu ahal bada.

Halako neurriak izan daitezke adingabea zentroan barneratzea erregimen egokian, zaintzapeko askatasuna izatea edota beste norbaitekin edo beste familia nahiz hezkuntzatalde batekin bizitzea.

Epaileak entzun egingo die adingabearen letraduari, talde teknikoari eta adingabeak babestu eta eraldatzeko erakunde publikoaren ordezkariari; horiek guztiek argibideak emango dituzte, bereziki, kautela-neurriaren izaerari buruz. Hori egin eta gero, epaileak proposamenaren gaineko erabakia hartuko du, batez ere, adingabearen interesa aintzakotzat hartuta.

Hartutako kautela-neurriak indarrean iraun dezake lege honen 31. artikuluan eta ondorengoetan ezarritako entzunaldia egin arte edo errekurtso egokiak gauzatzen diren bitartean.

2. Kautela-neurria barneratzea izanez gero, neurri hori hartu ahal izateko kontuan hartuko dira egitateen larritasuna, egitateon oihartzuna eta gizartean eragindako ezinegona, betiere adingabearen inguruabar pertsonalak eta gizarte- inguruabarrak balioetsiz.

Adingabeen epaileak erabakia hartuko du Fiskaltzak egindako proposamenaren gainean, eta, horretarako, agerraldia egingo da. Agerraldi horretan parte hartuko dute adingabearen letraduak, talde teknikoaren ordezkariak eta adingabeak babestu edo eraldatzeko erakunde publikoaren ordezkariak; horiek guztiek argibideak emango dizkiote epaileari eskatutako neurriaren egokitasunari buruz, adingabearen interesa eta hark prozesuan duen egoera gogoan izanik.

Agerraldi horretan, Fiskaltzak eta adingabearen letraduak frogabideak proposa ditzakete, baldin eta froga horiek egintza horretan bertan edo hurrengo hogeita lau orduen barruan gauza badaitezke.

3. Kautela-neurria barneratzea denean, horren gehieneko iraupena hiru hilabetekoa izango da, eta Fiskaltzak hala eskatuta eta auto zioduna emanez, luza daiteke, askoz jota, beste hiru hilabetez.

4. Kautela-neurriak adingabeen epaitegian dokumentatuko dira, espedientearen pieza bananduan.

5. Kautela-neurriak betetzeko denbora oso-osorik zenbatuko da, auzi berean ezar daitezkeen neurriak betetzeko edo, halakorik izan ezean, beste auzi batzuetan ezar daitezkeenak betetzeko, beste auzi horietan aztergai izan badira neurriok ezarri baino lehenagoko egitateak.

Fiskaltzak hala proposatuta, eta adingabearen letraduari eta kautela-neurriaren gaineko txostena zein talde teknikok egin eta horri entzun eta gero, epaileak erabakiko du zenbateraino den zentzuzkoa ulertzea kautela-neurriak ezarritako neurriaren egikaritza konpentsatu duela, eta hala uler dadila aginduko du.

29. artikulua. Kautela-neurriak, erantzukizuna salbuesten denerako

Fiskaltzak instrukzioa burutzen duen bitartean, behar beste egiaztatuta geratzen bada adingabea zoro zegoela edo indarreko Zigor Kodearen 20. artikuluko 1, 2 edo 3. paragrafoetan ezarritako inguruabarretatik beste edozein gertatzen dela, orduan, adingabea babestu eta zaintzeko beharrezkoak diren kautela-neurriak hartuko dira, kasuan- -kasuan aplika daitezkeen manu zibilen arabera; egoki bada, adingabea ezgaitzeko eta babes-erakundeak eratzeko jarduna sustatuko da zuzenbidearen arabera. Horri guztiari kalterik egin gabe, instrukzioa bukatuko da, eta lege honetan agindutako alegazioak egingo dira beronen 5.2 eta 9. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz; halaber, lege honek araututako izapideen bitartez, hala denean, adingabearen intereserako egokia den neurri terapeutikoren bat eskatuko da lege honetan ezarritako guztien artean.

III. KAPITULUA

Instrukzioa bukatzea

30. artikulua. Adingabeen epaileari espedientea bidaltzea

1. Behin instrukzioa bukatu eta gero, Fiskaltzak espedientearen bukaera ebatziko du, eta adingabearen letraduari jakinaraziko dio hori. Adingabeen epaitegiari bidaliko dio espedientea, konbikzio-piezekin batera eta kasuan-kasuan izan daitezkeen beste efektuekin batera. Horiez gain, alegazio- idazkia bidaliko dio adingabeen epaileari; horretan jasoko dira egitateen deskripzioa eta balorazio juridikoa, adingabeak horietan izan duen partaidetza-maila, adingabe horren inguruabar pertsonalei eta gizarte-inguruabarrei buruzko aipamen laburra, eta lege honetan jasotako neurrietatik bati buruzko proposamena, proposamen horren oinarri juridikoak eta hezkuntza- oinarriak arrazoituz

2. Egintza berean, Fiskaltzak froga proposatuko du, froga horretaz baliatu nahi izango baita bere prozesu-uziaren alde egiteko.

3. Modu bertsuan, Fiskaltzak proposa dezake entzunaldi-egintzan gizabanako jakin batzuek edo erakunde publiko nahiz pribatuko ordezkariek parte hartzea, horiek prozesura ekarri ahal badituzte zenbait elementu, eta elementu horien bitartez adingabearen interesa eta eskatutako neurrien egokitasuna edo egokitasunik eza balioetsi ahal badira.

4. Fiskaltzak, berebat, jarduna largesteko eska diezaioke adingabearen epaileari, Prozedura Kriminalaren Legean ezarritako arrazoietatik edozeinen ondorioz; eska diezaioke, orobat, adingabeak babesteko erakunde publikoari, hala denean, beharrezkoak diren zehaztasunak igortzea.

IV. TITULUA

ENTZUNALDI-FASEA

31. artikulua. Entzunaldi-fasea irekitzea

Fiskaltzak, alegazio-idazkiarekin batera, espedientea, konbikzio-piezak, efektuak eta prozesuko gainerako osagaiak bidali eta gero, horiek jasotzen direnean, adingabeen epaitegiak bere eginbideei erantsiko dizkie horiek guztiak, eta entzunaldi-izapidea irekiko du; horretarako, Fiskaltzaren alegazio- idazkia eta espedientearen lekukotza igorriko dizkio adingabearen letraduari, horrek, bost egun balioduneko epean zehar, alegazio-idazkia formula dezan eta bere ustez egokiak diren frogabideak proposa ditzan. Letraduaren alegazio-idazki horrek eta Fiskaltzarenak autu berberak jasoko dituzte.

32. artikulua. Adostasun-epaia

Fiskaltzak alegazio-idazkian eskatzen badu 7. artikuluaren 1. paragrafoko e) letratik m) letra artekoetan araututako neurrietatik bat edo batzuk ezartzeko, eta adingabea eta horren letradua ados badaude, adingabeen epaileak epaia emango du, bestelako izapiderik egin gabe, eskatutako neurria ezarriz; adingabeak eta letraduak adostasun hori adierazi beharko dute adingabeen epailearen aurrean egindako agerraldian, 36. artikuluarekin bat etorriz.

33. artikulua. Adingabeen epaileak har ditzakeen bestelako erabakiak

Aurreko artikuluak arautu ez dituen kasuetan, Fiskaltzak egindako eskaria eta adingabearen letraduak aurkeztutako alegazio-idazkia ikusita, epaileak hurrengo erabakietatik bat hartuko du:

a) Entzunaldia egitea.

b) Auto ziodunaren bidez, jarduna largestea.

c) Largespenaren ondorioz, jarduna artxibatzea eta zehaztasunak adingabeen babeserako erakunde publiko egokira igortzea, Fiskaltzak hori eskatu duenean.

d) Epaile eskudunari jarduna igortzea, baldin eta adingabeen epaileak uste badu berak ez duela gaiaren gaineko eskumenik.

e) Bere kabuz egitea adingabearen letraduak proposatu, eta fiskalak instrukzioan zehar eta lege honen 26.1 artikuluak xedatutakoaren arabera ezetsi dituen frogak, baldin eta frogok ezin badira entzunaldian zehar egin eta epailearen ustez erabakigarri izan badaitezke prozesuaren ondoreetarako.

Behin frogak egin eta gero, horren emaitzak bidaliko dizkie Fiskaltzari eta adingabearen letraduari, entzunaldiko bilerak hasi baino lehenago.

Aurreko ebazpen horien aurka, lege honetan ezarritako errekurtsoak jarri ahal izango dira.

34. artikulua. Frogabideen egokitasuna eta entzunaldiaren data zehaztea

Adingabearen letraduak alegazio- -idazkia aurkeztu duenetik bost eguneko epean, edo, aurkezpenik izan ez bada, behin aurkezpenerako epea bukatzeaz geroztik, adingabeen epaileak, entzunaldia irekitzeko autoaren bidez, kasuan-kasuan egokia dena erabakiko du proposatutako frogen egokitasunari buruz; eta entzunaldi hori, hurrengo hamar egunen barruan, zein egunetan eta zein ordutan hasiko den adieraziko du.

35. artikulua. Bertara agertu behar direnak eta entzunaldiaren publizitaterik eza

1. Entzunaldian parte hartuko dute Fiskaltzak, kaltedunak, hori prozesuan agertu bada, adingabearen letraduak, lege honen 27. artikuluan ezarritako txostenaren talde tekniko egilearen ordezkari batek, eta adingabeak berak. Adingabea bere legezko ordezkariekin batera egon daiteke, salbu eta epaileak kontrakoa erabakitzen duenean, behin aurretiaz aipatutako fiskaltzari, adingabearen letraduari eta talde teknikoaren ordezkariari entzun eta gero.

Entzunaldian parte har dezake, orobat, adingabeak babestu edo eraldatzeko erakunde publikoaren ordezkariak, baldin eta erakunde horrek instrukzioko jardunean parte hartu eta epaileak hala erabakitzen badu.

2. Gizabanako egotziaren edo biktimaren intereserako, epaileak erabaki dezake bilerak publikoak ez izatea; inoiz ere ez da onartuko gizarte-komunikabideek adingabearen irudiak lortu edo zabaltzea, ezta hura identifikatzeko balio duten datuak lortu edo zabaltzea ere.

36. artikulua. Adingabearen adostasuna

1. Adingabeen epaileak espedienteko adingabeari azalduko dio, haren adinari egokitutako hizkera ulergarrian, zein neurri eskatu duen Fiskaltzak bere alegazio-idazkian; azalduko dio, berebat, zeintzuk diren egitateak eta zein den neurriaren oinarria.

2. Jarraian, epaileak adingabeari galdetuko dio ea hark aitortzen duen egitateon egile dela eta ea ados dagoen Fiskaltzak eskatutako neurriarekin.

Adingabea bi autu horiekin ados badago, orduan, behin adingabearen letraduari entzun eta gero, epaileak adostasuneko ebazpena eman dezake.

Letraduak ez badu bat egiten adingabeak berak emandako adostasunarekin, epaileak erabakiko du entzunaldiak aurrera egin behar duen ala ez; epaian bertan, erabaki horren zioak azaldu beharko ditu epaileak.

3. Adingabea egitateekin ados badago, baina ez eskatutako neurriarekin, entzunaldi-izapidea gauzatuko da azken autu horri dagokionez bakarrik; proposatutako frogak egingo dira, neurri horren aplikazioa agintzeko edo, eskatutako neurriaren ordez, beste bat ezartzeko, beste hori egokiagoa bada adingabearen interesarentzat eta alderdietatik edozeinek hala proposatu badu.

37. artikulua. Entzunaldia egitea

1. Entzunaldia egitea bidezkoa denean, epaileak gonbita luzatuko die Fiskaltzari eta adingabearen letraduari, horiek euren aburuz komeni dena adieraz dezaten, beste froga batzuk egiteari buruz edota prozeduraren izapideak egitean hautsi den oinarrizko eskubideren bati buruz; edo, hala denean, haiei adieraziko die eskatutakoaz bestelako kalifikazio edo neurri bat aplikatzeko aukera.

Jarraian, epaileak erabakiko du entzunaldiari ekitea edo hautsitako eskubidea berrezartzea, hori bidezkoa denetan.

Epaileak entzunaldiari ekitea erabakitzen badu, epaian erabakia hartuko du azaldutako autu guztien inguruan.

2. Ondoren, proposatu eta onartutako frogak egingo dira; horrez gain, alderdiek egintzan bertan gauzatzeko proposatu duten eta epailearen ustez egoki diren frogak egingo dira, adingabearen inguruabarrei buruz talde teknikoak esan behar duena entzutearekin batera.

Jarraian, epaileak entzun egingo die Fiskaltzari eta adingabearen letraduari, frogaren balioespenari buruz, horren kalifikazio juridikoari buruz eta proposatutako neurrien egokitasunari buruz; azken puntu horren inguruan, talde teknikoari ere entzungo zaio.

Azkenik, epaileak adingabeari entzungo dio, auzia epairako ikusita utziz.

3. Hala denean, prozedura honetan aplikatuko da auzi penaletan lekukoak eta adituak babesteari buruz legeriak xedatzen duena.

4. Entzunaldian zehar, epaileak, ofizioz edo alderdiek hala eskatuta, aintzat hartzen badu adingabearen intereserako komeni dela horrek aretoa uztea, hori erabaki dezake zioak azalduz, eta jardunak aurrera egitea aginduko du, adingabeak aretora itzultzeko aukera izan arte.

V. TITULUA

EPAIA

38. artikulua. Epaia emateko epea

Behin entzunaldia bukatu eta gero, adingabeen epaileak epaia emango du eztabaidapeko egitateei buruz, askoz jota, bost eguneko epean.

39. artikulua. Epaiaren edukia eta hori erregistratzea

1. Epaiak izango ditu Botere Judizialaren indarreko Lege Organikoak ezartzen dituen betekizun guztiak. Epai horretan balioetsiko dira egindako frogak, eta Fiskaltzak eta adingabearen letraduak adierazitako arrazoiak, bai eta, hala denean, adingabeak berak azaldutakoa ere. Kontuan hartuko dira, halaber, egitateen inguruabarrak eta larritasuna, adingabearen nortasunari, egoerari, beharrizanei eta familia- nahiz gizarte-inguruneari buruz eztabaidatu diren datu guztiak, eta adingabe horrek epaia emateko unean duen adina. Horren guztiaren eretzean, adingabeen epaileak erabakia hartuko du proposatutako neurriari edo neurriei buruz. Beren beregi adieraziko ditu horien edukia, iraupena eta haiekin lortu nahi diren helburuak. Erabakia zioduna izango da, eta, bertan, beren beregi adieraziko da zeintzuk diren frogatuta geratu diren egitateak eta zein frogabidetatik lortu duen epaileak konbikzio hori.

Gainera, behin entzunaldiko saioak bukatu eta gero, epaitza ahoz aurrera daiteke, epaitza horri dokumentatu beharrari kalterik egin gabe; Botere Judizialaren Lege Organikoaren 248.3 artikuluak arautzen du dokumentatu behar hori.

2. Epaileak, epaia idaztean, ahaleginak egingo ditu bere arrazoiak adingabearen adinari egokitutako hizkera argi eta ulergarrian azaltzeko.

3. Adingabeen epaitegi bakoitzak epaien erregistro bat eramango du; erregistro horretan idatzi eta sinatuko dira behin betikoak diren guztiak.

40. artikulua. Epaitzaren betearazpena etetea

1. Adingabeen epaileak, ofizioz edo Fiskaltzak nahiz adingabearen letraduak hala eskatuta, eta, edozein kasutan, horiei, talde teknikoaren ordezkariari eta adingabeak babestu edo eraldatzeko erakunde publikoaren ordezkariari entzun eta gero, erabaki ziodunean ezar dezake epaian jasotako epaitzaren betearazpena etetea, baldin eta ezarritako neurriak ez badu bi urtetik gorako iraupenik; etendura denbora zehatz batez luzatuko da eta, askoz jota, bi urtez.

Etendura hori epaian bertan erabakiko da, edo, hori irmoa denean, auto ziodunean; edozein kasutan, etendura horren baldintzak zehaztu beharko dira.

2. Adingabeen epaileak epaia eman eta epai horretan jasotako epaitzaren betearazpena eteten denean, etendura horren baldintzak hurrengoak izango dira:

a) Etendurak dirauen artean delitua egin eta delitu horren ondorioz epai irmoan kondenarik ez izatea, baldin eta adingabeak adin-nagusitasuna lortu badu; edo, osterantzean, etendurak dirauen artean eta lege honetan araututako prozeduraren araberako neurririk ez aplikatzea epai irmoan.

b) Adingabeak konpromisoa bereganatzea gizartean birsartzeko jokabide eta jarrerari buruz, berriro ere arau- -hausterik burutu gabe.

c) Gainera, epaileak zaintzapeko askatasunaren erregimena ezar dezake etendurak dirauen artean. Halaber, talde teknikoak edota adingabeak babestu edo eraldatzeko erakunde publikoak aurreko entzunaldi-izapidean hala gomendatuta, epaileak gizarte-hezkuntzako jarduera bat egiteko betebeharra ezar dezake; jarduera horretan parte hartzeko konpromisoa izan dezakete adingabearen guraso, tutore edo zaintzaileek, eta, horretarako, epaileak adieraziko du zein den jardueraren izaera eta zein epetan burutu behar den.

3. Aurreko paragrafoan adierazitako inguruabarrak ez badira betetzen, epaileak ezereztu egingo du etendura, eta epaia oso-osorik betearaziko da.

Hori erabakitzen duen ebazpenaren aurka lege honetan araututako errekurtsoak jarri ahal izango dira.

VI. TITULUA

ERREKURTSOEN ARAUBIDEA

41. artikulua. Gora jotzeko errekurtsoa eta eraldaketa-errekurtsoa

1*. Adingabeen epaileak, lege honek araututako prozeduraren barruan, epaia ematen duenean, epai horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke probintziako audientzia eskudunean. Epaia zein epailek eman eta horrexeri jarriko zaio errekurtsoa, epaia jakinarazi denetik bost egunetako epean. Errekurtsoaren gaineko ebazpena eman aurretik, jendaurreko ikustaldia egingo da, salbu eta epaileak, gizabanako egotziaren edo biktimaren intereserako, ikustaldia ateak itxita egitea erabakitzen duenean.

* Abenduaren 22ko 9/2000 Lege Organikoak presazko neurriak onetsi zituen justizia-administrazioa bizkortzeko, eta lege horren 6. artikuluaren arabera idatzi da paragrafo hau.

Alderdiak ikustaldi horretara agertu behar dira, eta, auzitegiak egoki baderitzo, agertu behar dira, orobat, talde teknikoaren ordezkaria eta adingabeak babestu edo eraldatzeko erakunde publikoaren ordezkaria, kasu zehatz horretan parte hartu izan duten heinean.

Errekurtsogileak auzitegiari eska diezaioke, auzialdian proposatu eta onartutako frogen artean, egin ez zirenak egiteko, Prozedura Kriminalaren Legeko erregelekin bat etorriz.

2. Adingabeen epaileek auto eta probidentziak ematen dituztenean, horien aurka eraldaketa-errekurtsoa jar daiteke organoan bertan, jakinarazpenetik hiru egunetako epean.

Probidentzia aurkaratu eta horren gaineko ebazpena auto bidez ematen denean, auto horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da.

3*. Prozedura bukarazteko edota lege honen 14, 28, 29 eta 40. artikuluetako intzidentea ebazteko, autoak ematen direnean, horien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke probintziako audientzian, Prozedura Kriminalaren Legeak prozedura laburtuari buruz arautzen dituen izapideen bitartez.

** Abenduaren 22ko 9/2000 Lege Organikoak presazko neurriak onetsi zituen justizia-administrazioa bizkortzeko, eta lege horren 6. artikuluaren arabera idatzi da paragrafo hau.

42. artikulua. Doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa

1. Auzitegi nagusietako adingabeen aretoek** gora jotzeko errekurtsoa ebatzi eta errekurtso horien gaineko epaiaren aurka kasazio-errekurtsoa jar daiteke Auzitegi Gorenaren Bigarren Aretoan, baldin eta lege honen 9. artikuluko 4 eta 5. erregeletan aipatutako neurrietatik bat ezarri bada.

2. Errekurtsoaren helburua doktrina bateratzea izango da, baldin eta aipatu auzitegi nagusietako adingabeen aretoek gora jotzearen gaineko epaiak eman badituzte, eta epaiok desberdinak badira, auzitegi nagusietako adingabeen beste areto batek edo batzuek** eman dituztenei begira, edo Auzitegi Gorenak eman dituen epaiei begira; hala gertatuko da, egitateak eta adingabearen inguruabarrei buruzko balioespenak oinarrian berdinak izanik, pronuntziamendu desberdinak izan direnean.

** Abenduaren 22ko 9/2000 Lege Organikoaren 2. xedapen gehigarriaren arabera, auzitegi nagusietako adingabeen aretoak aipatzen direnean, ulertu behar da aipamen hori egiten zaiela probintziako audientziei.

3. Doktrina bateratzea helburu izanik, Fiskaltzak edo adingabearen letraduak berak presta dezake errekurtsoa, auzitegi nagusiko adingabeen aretoak* epaia eman, hori jakinarazi eta hurrengo hamar egunetako epean; horretarako, idazkia zuzendu beharko zaio areto horri.

4. Errekurtsoa jartzeko idazki horretan, azalpen zehatz eta xehea jaso beharko da alegatutako kontraesanari buruz, bertan aipatutako epaiak izendatuz, eta epaian adingabearen interesa balioesteko oinarri diren txostenak izendatuz.

5. Behin aurreko paragrafoak aipatzen dituen betekizunak egiaztatu eta gero, errekurtsoa auzitegi nagusiko adingabeen zein aretotan* jarri eta areto horrek epaiok eman zituzten auzitegiei horien lekukotza eskatuko die; hamar eguneko epean, aretoak dokumentazioa bidaliko dio Auzitegi Goreneko Bigarren Aretoari, eta areto horretara epatuko ditu errekurtsogilea eta Fiskaltza, azken hori ez bada errekurtsogile izan.

* Abenduaren 22ko 9/2000 Lege Organikoaren 2. xedapen gehigarriaren arabera, auzitegi nagusietako adingabeen aretoak aipatzen direnean, ulertu behar da aipamen hori egiten zaiela probintziako audientziei.

6. Auzitegi Gorenaren iritziz, alderdi errekurtsogileak nabariro eta modu konponduezinean hautsi baditu errekurtsoari buruz ezarritako betekizunak, edo uziak ez badu kasazio-edukirik, magistratu txostengileak aretoari komunikatuko dio ez-onartzearen arrazoia, eta aretoak erabakiko du, hiru eguneko epean, errekurtsogileari entzutea, bai eta Fiskaltzari ere, Fiskaltzak berak ez badu errekurtsorik jarri; jarraian, aretoak autoa emango du, eta auto horren aurka ezin izango da inolako errekurtsorik jarri.

7. Auzitegi Goreneko Bigarren Aretoa ohiko moduan eratuko da, eta ahozko ikustaldira dei egingo die alderdi errekurtsogileari eta, edozein kasutan, Fiskaltzari; ikustaldi horretan, entzungo ditu egiten diren alegazioak, eta txostena eska diezaioke aurkaratutako ebazpena zein epaitegik eman eta horrexen jurisdikzio-lurraldean adingabeak babestu edo eraldatzeko ardura duen erakunde publikoari, eta, hala denean, ebazpena betearazteko ardura zein erakundek izan eta horrexeri. Jarraian, kasazio-epaia emango du, Prozedura Kriminalaren Legean aipatutako modu eta ondorioekin.

8. Era berean, eta doktrina bateratzeko helburuarekin eta izapide berberen bitartez, Fiskaltzak kasazio-errekurtsoa jar dezake auzitegi nagusietako adingabeen aretoek* emandako behin betiko autoen aurka, aretoek halako autoak eman badituzte, instrukzio-epaileek lege organiko honen 4. artikuluan xedatutakoa aplikatuz ebazpenak eman eta ebazpen horien aurkako errekurtsoak ebazteko.

* Abenduaren 22ko 9/2000 Lege Organikoaren 2. xedapen gehigarriaren arabera, auzitegi nagusietako adingabeen aretoak aipatzen direnean, ulertu behar da aipamen hori egiten zaiela probintziako audientziei.

VII. TITULUA

NEURRIAK BETEARAZTEA

LEHENENGO KAPITULUA

Xedapen orokorrak

43. artikulua. Legezkotasun-printzipioa

1. Lege honetan ezarritako neurrietatik bat ere ezin izango da betearazi, ez bada epai irmoan ezarri, lege honetan araututako prozedurarekin bat etorriz.

2. Era berean, neurri horiek ezin izango dira beste modu batera bete, lege honek eta berau garatzen duten erregelamenduek zein modu ezarri eta modu horretan baino.

44. artikulua. Eskumen judiziala

1. Lege honetan ezarritako neurriak betearaztean, adingabeen epaileak izango du kontrola, horrek kasuan kasuko epaia eman duen heinean; epaileak auto ziodunean erabakia hartuko du bien bitartean gerta daitezkeen gorabeherei buruz, Fiskaltzari, adingabearen letraduari eta neurria betearazten duen erakunde publikoaren ordezkariari entzun eta gero.

2. Betearazpenaren gainean kontrol hori burutzeko, adingabeen epaileei honako eginkizun hauek dagozkie bereziki, ofizioz edo Fiskaltzak nahiz adingabearen letraduak hala eskatuta:

a) Beharrezkoak diren erabaki guztiak hartzea, ezarritako neurriak eragingarritasunez betearaz daitezen.

b) Lege honen 14. artikuluak aipatzen dituen neurriak berrikusteko proposamenak ebaztea.

c) Neurriak betearazteko programak onestea.

d) Neurriak betetzen diren bitartean, adingabearen bilakaera zein izan den jakitea, horien inguruko jarraipen-txostenen bitartez.

e) Neurriak betearazteko ebazpenak emandakoan, ebazpen horien aurkako errekurtsoak ebaztea, lege honen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

f) Kasuan-kasuan egokia dena erabakitzea, zehatutako adingabeek aurkeztu ahal dituzten eskaera edo kexei buruz; adingabeek halakoak aurkez ditzakete, hala nola, erregimenaren inguruan, tratamenduaren inguruan edota euren oinarrizko eskubideak uki ditzaketen inguruabarretatik beste edozeinen inguruan.

g) Aldizka zentroetara bisitak egitea, eta adingabeekin elkarrizketak izatea.

h) Adingabeak babestu edo eraldatzeko erakunde publikoari aurkeztea euren iritziz egoki diren proposamenak eta gomendioak, neurriak betearazteko antolakuntza eta erregimenari buruz.

i) Diziplina-erregimenaren gainean, lege honen 60. artikuluak eratxikitzen dizkien ebazpenak ematea.

45. artikulua. Eskumen administratiboa

1. Adingabeen epaileek, euren epai irmoetan, neurriak hartzen dituztenean, neurri horien betearazpena autonomia- -erkidegoen eta Ceuta eta Melillako hirien eskumenekoa da, urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren azken xedapenetatik hogeita bigarrenaren arabera; lege horrek adingabearen babes juridikoa arautu du.

Erakunde publiko horiek, euren antolaketa-arauekin bat etorriz, zerbitzu, erakunde eta programa egokiak sortu, zuzendu, antolatu eta kudeatuko dituzte, lege honetan ezarritako neurriak behar bezala betearazten direla bermatzeko.

2. Autonomia-erkidegoei eta Ceuta eta Melillako hiriei dagokie neurriak betearaztea, epaia adingabeen zein epaitegik eman eta epaitegi hori bertan badago, hurrengo artikuluaren 3. paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe.

3. Autonomia-erkidegoek eta Ceuta eta Melillako hiriek beharrezkoak diren lankidetza-hitzarmenak edo -akordioak egin ditzakete beste erakunde batzuekin, horiek publikoak izan, estatuko, tokiko edo beste autonomia-erkidego batzuetako administraziokoak, nahiz pribatuak izan, betiere irabaziak lortzeko asmorik gabekoak; hitzarmen edo akordio horien helburua izango da haien eskumeneko neurriak betearaztea, haien zuzeneko ikuskapenarekin, eta horrek ez dakar inola ere betearazpenaren titulartasuna eta horren ondoriozko erantzukizuna lagatzea.

II. KAPITULUA

Neurriak betearazteko erregelak

46. artikulua. Neurria likidatzea eta adingabea zentro batera eramatea

1. Behin epaia irmoa izan eta ezarritako neurriaren betearazpen-programa onetsi eta gero, epaia zein epaitegik eman eta epaitegi horretako idazkariak neurri horren likidazioa gauzatuko du, hori zein datatan hasten den eta zein datatan bukatzen den adieraziz; interesdunari, hala denean, kautela-neurriak ezarri bazaizkio, horien ondorioz betetako denbora zenbatuko da 28.5 artikuluan xedatutakoa kontuan hartuta.

Aldi berean ere, betearazpen-espedientea irekiko da, eta, espediente horretan, betearazpenean zehar gertatzen diren gorabeherak agerraraziko dira, lege honetan ezarritakoarekin bat etorriz.

2. Epai irmoan ezarri neurriak betetzeko orduan, adingabeak babestu edo eraldatzeko erakunde publikoen artean, neurri horiek betetzeko eskumena zeinek izan eta horrexeri bidaliko zaizkio aurreko paragrafoak aipatutako likidazioa eta lekukotza; lekukotza horrek, epaileak egoki deritzen zehaztasunez gain, auzira ekarri diren txosten teknikoak ere jaso behar ditu.

Era berean, Fiskaltzari jakinaraziko zaio betearazpenaren hasiera; orobat adingabearen letraduari, horrek hala eskatzen badio adingabeen epaileari.

3. Erakunde publikoak aurreko paragrafoan aipatutako lekukotza eta likidazioa jasotzen dituenean, berehalakoan profesional bat izendatuko du, eta profesional horren erantzukizuna izango da ezarritako neurria betearaztea; ezarritako neurria barneratzea bada, orduan hori betearazteko zentrorik egokiena izendatuko du, adingabearen egoitzatik hurbilen egon eta plazak hutsik dituzten zentroen artean, kasuan- kasuan eskuduna den erakunde publikoak neurria betearaz dezan.

Adingabea aurrekoak ez beste zentro batera eramateko, horren oinarria izan behar da adingabearen intereserako komenigarri izatea bera familia- eta gizarte-ingurutik urruntzea, eta, edozein kasutan, epaia adingabeen zein epailek eman eta horren onespena izan beharko du.

47. artikulua. Neurri batzuk betearaztea

1. Adingabea neurri batzuen menpe baldin badago, azken epai irmoa zein epailek eman eta epaile horrek neurri guztiak aldi berean betetzea aginduko du.

2. Ezarritako neurri guztiak edo horietatik batzuk ezin badira aldi berean bete, elkarren segidan beteko dira hurrengo erregelak kontuan hartuta, salbu eta epaileak adingabearen intereserako beste hurrenkera bat ezartzen duenean:

1) Barneratze-neurriak askatasunaz gabetzen ez dutenak baino lehenago beteko dira, eta, hala denean, eten egingo dituzte betearazte-bidean daudenak, baldin eta azken izaera horretakoak badira.

2) Barneratze terapeutikoa beste neurri batekin pilatuz gero, barneratze terapeutikoaren neurria ezarriko da lehenago.

Epaileak, hala denean, geroago ezarritako neurrien betearazpenari hasiera ematea eten egingo du, barneratze terapeutikoa bukatu edo ezereztu arte, salbu eta lege honen 14. artikuluan ezarritako ahalmena erabiltzen denean.

3) Bederatzigarren artikuluko 5. erregelan ezarritako kasuetan, zaintzapeko askatasunaren neurria erregimen itxiko barneratze-neurriaren ostekoa izango da, aipatutako manu horren idazkerari helduta.

4) Izaera bereko neurri batzuk pilatuz gero, hurrenkera kronologikoaren arabera beteko dira horiek, euren epaiak noiztik diren irmo kontuan hartuta.

5) Gaztea lege honetan araututako neurriak betetzen ari dela, kondena gisa, Zigor Kodearen neurri edo zigorrak ezartzen bazaizkio, epaile edo auzitegiak guztiak aldi berean betetzeko aginduko du, hori egin badaiteke.

Bestela, betearazten ari den barneratze-neurriaren ostean beteko da espetxealdi-zigorra, salbu eta epaile edo auzitegi epai-emaileak, delitu astunen ondoriozko kondena izateagatik eta gaztearen inguruabarrak kontuan hartuta, ezarritako espetxealdi-zigorra berehalakoan betearazteko agintzen duenean.

3. Epaileak, alderdiei entzun eta talde teknikoaren txostena izan eta gero, aurreko paragrafoan ezarritako betetze- hurrenkera alda dezake, adingabearen intereserako hori komenigarri denean.

48. artikulua. Subjektuaren espediente pertsonala, subjektu horrek neurriaren betearazpena jasan behar duenean

1. Erakunde publikoaren ardurapean geratu bada adingabearen gainean neurria betearaztea, erakunde publiko horrek espediente pertsonal bat bakarrik irekiko du adingabeari buruz; espediente horretan jasoko dira adingabeari buruzko txostenak, hari dagozkion ebazpen judizialak eta betearazpenean zehar sortutako bestelako dokumentazioa.

2. Espediente hori isilpekoa izango da, eta hori lortu ahal izango dute, bakar- bakarrik, Herriaren Defendatzaileak edo kasuan kasuko autonomia-erkidegoan haren antzeko erakundea denak, adingabeen epaile eskudunek, Fiskaltzak eta betearazpenean parte hartzen duten eta, erakunde publikoaren antolaketa-arauekin bat etorriz, horretarako baimena duten gizabanakoek.

Adingabeak, horren letraduak eta, hala denean, haren legezko ordezkariak ere espedientea eskuratu ahal izango dute.

3. Gizabanako jakin batzuei lege hau aplikatzen zaienean, eta gizabanako horiei buruz datu pertsonalak bildu, laga eta tratatu behar badira modu automatizatuan, titulartasun publikoko informatika- fitxategiak bakarrik erabili ahal izango dira; fitxategiok adingabeak babesteko erakunde publikoen menpe, administrazioen menpe eta adingabeen epaile eskudunen edo Fiskaltzaren menpe egongo dira, eta horiei aplikatuko zaie abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta horren garapen-arauetan xedatutakoa, lege horrek arautu baitu datu pertsonalen gaineko babesa.

49. artikulua. Betearazpenari buruzko txostenak

1. Erakunde publikoak adingabeen epaileari eta Fiskaltzari bidaliko dizkie txostenak, neurriaren betearazpenari eta horren gorabeherei buruz, bai eta neurrion menpeko adingabeen bilakaera pertsonalari buruz ere; araudiek ezarriko dute, kasuan-kasuan, zenbatero bidali behar diren halako txostenak, eta, edozein kasutan, erakunde publikoak txostenak bidali beharko ditu hori galdatzen zaionean edo erakundearen beraren iritziz hori beharrezkoa denean.

Txostenok bidaliko zaizkio, halaber, adingabearen letraduari, letraduak hala eskatzen badio erakunde publiko eskudunari.

2. Aipatutako txosten horietan, erakunde publikoak Fiskaltzari eska diezaioke, horri bidezko baderitzo, epaileek neurriak berrikus ditzaten, lege honen 14.1 artikuluak ezarritako esangura horretan.

50. artikulua. Betearazpena haustea

1. Adingabeak askatasunaz gabetzeko neurri bat hausten badu, adingabe horrek zein zentrotatik alde egin eta zentro horretan sartuko da berriro, edo, bestela, haren baldintzekin bat etorriz egoki den beste zentro batean; asteburuko egotaldiaren kasuan, adingabea bere egoitzara eramango da. Horrela, betetzeko dagoen denbora geldiarazpenik gabe beteko da.

2. Adingabeak neurri bat hautsi badu, baina neurri hori ez bada askatasunaz gabetzen duten horietarikoa, Fiskaltzak adingabearen epaileari eska diezaioke, harako neurriaren ordez, izaera bereko beste bat ezartzea.

Salbuespenez, eta Fiskaltzak hala proposatuta, behin adingabearen letraduari eta legezko ordezkariari entzun eta gero, bai eta talde teknikoari entzun ondoren ere, adingabeen epaileak, aurretiaz ezarritako neurriaren ordez, beste bat ezar dezake, alegia, barneratze-neurria, zentro erdi-irekian, betetzeko dagoen denbora horretan zehar.

3. Era berean, adingabeen epaileak Fiskaltzari igorriko dio neurria hausteari buruzko zehaztasunen lekukotza, egitate hori arau-haustea izan daitekeelako lege organiko honen 1. artikuluaren arabera, eta, ondorenez, gaitzespen zehatzailea ekar dezakeelako.

51. artikulua. Neurriak ordeztea

1. Neurriak betearazten diren bitartean, horiek ezarri dituen epaileak ofizioz edo Fiskaltzak, adingabearen letraduak nahiz Administrazio eskudunak hala eskatuta, eta alderdiei entzun eta gero, bai eta talde teknikoari eta adingabeak babestu edo eraldatzeko erakunde publikoaren ordezkariari entzun eta gero ere, ondorerik gabe utz ditzake halakoak, edo, haien ordez, beste batzuk ezar ditzake, bere ustez beste horiek egokiagoak badira lege honetan araututakoen artean; betetzeko falta den denbora zenbatekoa izan eta beste horrenbestekoa edo laburragoa izan daiteke neurrion iraupena.

Hori guztia, aurreko artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakori kalterik egin gabe, eta lege honen 14. artikuluarekin bat etorriz.

2. Adingabea biktimarekin adiskidetzen denean, bi-bion arteko adostasuna, lege honen 19. artikuluan aipatu bezala, edozein unetan gertatzearekin batera, adiskidetze horrek ondorerik gabe utz dezake ezarritako neurria, baldin eta epaileak adierazten badu, Fiskaltzak edo adingabearen letraduak hala proposatuta, eta talde teknikoari eta adingabeak babestu edo eraldatzeko erakunde publikoaren ordezkariari entzun eta gero, adiskidetze horrek eta neurriaren iraupen osotik jadanik bete den denborak behar beste erakusten dutela adingabearen egitateek merezi duten gaitzespena.

3. Aurreko kasu guztietan, epaileak auto ziodunean emango du ebazpena; auto horren aurka, lege honetan ezarritako errekurtsoak jarri ahal izango dira.

52. artikulua. Errekurtsoak aurkeztea

1. Adingabeak adingabeen epaileari errekurtsoa jarri nahi badio, hark ezarritako neurrien betearazpenean zehar emandako ebazpenetatik edozeinen aurka, errekurtso hori idatziz aurkeztuko dio epaileari berari edo barneratzezentroko zuzendariari; zuzendariak epaileari emango dio errekurtsoaren berri, hurrengo egun baliodunean.

Adingabeak, halaber, errekurtsoa aurkez diezaioke hitzez epaileari, edo hitzez adieraz diezaioke zentroko zuzendariari errekurtsoa jartzeko asmoa duela; zuzendariak adierazpen horren berri luzatuko dio adingabeen epaileari, gorago aipatutako epean.

Azken kasu horretan, adingabeen epaileak bidezkoak diren neurriak hartuko ditu, adingabearen alegazioa entzun ahal izateko.

Adingabearen letraduak ere errekurtsoak jar diezazkieke, betiere idatziz, lehenengo paragrafoan aipatutako agintariei.

2. Adingabeen epaileak txostena eskatuko dio Fiskaltzari, eta errekurtsoaren gaineko ebazpena emango du, auto ziodunean, bi eguneko epean.

Auto horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke auzitegi nagusi eskuduneko adingabeen aretoan*, lege honen 41. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

* Abenduaren 22ko 9/2000 Lege Organikoaren 2. xedapen gehigarriaren arabera, auzitegi nagusietako adingabeen aretoak aipatzen direnean, ulertu behar da aipamen hori egiten zaiela probintziako audientziei.

53. artikulua. Neurria betetzea

1. Behin neurria bete eta gero, erakunde publikoak azken txostena bidaliko die 49.1 artikuluan aipatutako jasotzaileei, eta adingabeen epaileak autoa emango du, auzia artxibatzeari buruz bidezkoa dena erabakiz.

Auto hori Fiskaltzari eta adingabearen letraduari jakinaraziko zaie.

2. Epaileak, ofizioz edo Fiskaltzak nahiz adingabearen letraduak hala eskatuta, adingabeak babestu eta eraldatzeko erakunde publiko eskudunari eska diezaioke, behin ezarritako neurria bete eta gero, Kode Zibilaren arauekin bat etorriz adingabea babesteko mekanismoak antola daitezen, adingabe horren interesarentzat hori nahitaezkoa bada.

III. KAPITULUA

Neurri askatasun-gabetzaileak betearazteko erregela bereziak

54. artikulua. Neurri askatasun-gabetzaileak betearazteko zentroak

1. Araua hausten duten adingabeen zentro berezietan betearaziko dira lege honen arabera ezarritako neurri askatasun- gabetzaileak, atxiloketak eta barneratzean dautzan kautela-neurriak; zigor- arloko adin-nagusitasuna dutenei zigor-kondenak eta askatasunaz gabetzen duten kautela-neurriak ezartzen zaizkienean, espetxeetako legeriak zenbait zentro ezartzen ditu halakoak betearazteko, baina adingabeak beste zentro berezi batzuetan izango dira.

2. Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, barneratze-neurriak betearaz daitezke, orobat, gizarte-osasuneko zentroetan, baldin eta ezarritako neurriaren arabera hori beharrezkoa bada.

Edozein kasutan ere, nahitaezkoa izango da adingabeen epaileak aurretiaz horretarako baimena ematea.

3. Zentroak moduluetan zatitu eta modulu horiek egokiak izango dira, barneratutako adingabeen adin, heldutasun, beharrizan eta gizarte-trebetasunen arabera; zentroei barne-jardunbidearen inguruko arautegia aplikatuko zaie, eta arautegi hori betetzeko helburua izango da elkarbizitza antolatua lortzea, eta, horri esker, hezkuntzako esku-hartze programak betearaztea eta barneratutako adingabeak behar bezala zaintzeko eginkizunak betetzea.

55. artikulua. Birgizarteratze-printzipioa

1. Zentroetan barneratze-neurriak betearazten direnean, zentro horien jarduerak abiaburu izango du barneratutako adingabea eskubideen subjektu izatea, eta oraindik gizartearen kide izatea.

2. Horren ondorioz, zentroko bizimodua antolatzeko erreferentzia gisa hartu behar da askatasuneko bizimodua; barneratzeak adingabearentzat edo haren familiarentzat ondorio kaltegarriak izan ditzakeenez gero, ondorio horiek ahalik eta gehien txikitu behar dira. Erraztu behar dira gizarte-lotura, familiakoekin eta hurbilekoekin harremanak izatea, erakunde publiko eta pribatuak elkarlanean aritzea eta horiek ere gizarte-integraziorako prozesuan parte hartzea, bereziki, geografia eta kulturaren arabera hurbilen dauden erakundeen kasuan.

3. Helburu hori erdiesteko, araudi bidez finkatuko da barneratutako adingabeak zer-nolako baimenak lor ditzakeen, arruntak nahiz bereziak; baimenon xedea da adingabeak harreman positiboak izatea kanpoko giroarekin, eta etorkizunean izango duen askatasun-bizimodua prestatzea.

56. artikulua. Barneratutako adingabeen eskubideak

1. Barneratutako adingabe guztien eskubidea da haien nortasuna, askatasun ideologikoa, erlijio-askatasuna eta, kondenaren edukiak ukitzen ez dituen heinean, eskubide nahiz interes legitimoak errespetatzea, eta, bereziki, adingabetasun zibilari datxezkionak errespetatzea, kasua denean.

2. Horren ondorioz, barneratutako adingabeei honako eskubide hauek aitortzen zaizkie:

a) Zentroa zein erakunde publikoren menpe egon eta erakunde horrek adingabeen bizitza, osotasun fisikoa eta osasuna zaindu behar du. Adingabeei ezin zaie inoiz ere tratu apalesgarririk eragin, ezta hitzez nahiz egitez tratu txarrik ere; ezin da haien aurka nahierakeriazko edo beharrezkoa ez den zorroztasunik erabili, arauak betetzeko orduan.

b) Adingabetasun zibila duenak oso-osoko hezkuntza eta heziketa jaso behar ditu eremu guztietan, eta izan behar du legeek haren izaera kontuan hartzeagatik berari eskaintzen dioten babes berezia.

c) Adingabearen duintasuna eta bizitza pribatua errespetatu behar dira; adingabeak euren izenarekin identifikatuko dira; eta, barneratuta egon arren, egoera hori guztiz isilpekoa izan behar da hirugarrenei begira.

d) Adingabeek eurei dagozkien eskubide zibilak, politikoak, gizarte-eskubideak, erlijio-eskubideak, eskubide ekonomikoak eta kultura-eskubideak egikaritu ahal izango dituzte, salbu eta atxiloketaren helburuarekin edo kondena betetzearekin bateraezinak direnean.

e) Adingabeak euren egoitzatik hurbilen dagoen zentroan izan behar dira, euren barneratze-erregimenarekin bat etorriz; adingabeak ezin dira eraman euren autonomia-erkidegotik kanpo, lege honetan eta beronen garapenerako arauetan ezarritako kasu eta betekizunekin izan ezik.

f) Adingabeek dohaineko osasun-laguntza izan behar dute; nahitaezko hezkuntza oinarrizkoa, euren adinari dagokiona, jaso behar dute, haiek zentroan duten egoera edozein izanik ere; eta hezkuntza nahiz lanbideko heziketa egokia eskuratu behar zaie, euren inguruabarrekin bat datorrena.

g) Epaiaren menpe daudenek banakako tratamendu-programa izateko eskubidea dute, eta barneratutako guztiek zentroko jardueretan parte hartzeko eskubidea dute.

h) Adingabeak askatasunez komunikatuko dira euren guraso, legezko ordezkari, senide nahiz bestelako gizabanakoekin; era berean, irteerak eta baimenak lortuko dituzte, lege honetan eta beronen garapenerako arauetan xedatutakoarekin bat etorriz.

i) Adingabeek isilpean elkarrizketatzeko eskubidea dute, euren letraduekin, adingabeen epaile eskudunarekin, Fiskaltzarekin eta barneratze-zentroetako ikuskapen-zerbitzuekin.

j) Adingabeek lan-heziketa egokia eta ordaindutako lan bat jaso behar dute, betiere erakunde publikoaren baliabideen arabera; orobat, eurei legozkiekeen gizarte-prestazioak eskuratuko zaizkie, lege-aginduz ezarritako adina lortutakoan.

k) Adingabeek eskaerak eta kexak azalduko dizkiete zentroko zuzendaritzari, erakunde publikoari, agintari judizialei, Fiskaltzari eta Herriaren Defendatzaileari edo euren autonomia-erkidegoan antzekoa den erakundeari; eta lege honetan araututako errekurtso guztiak aurkez diezazkiokete adingabeen epaile eskudunari, haien eskubide eta interes legitimoak babesteko.

l) Adingabeek argibide pertsonal eta eguneratuak eskuratuko dituzte, euren eskubide eta betebeharrei buruz, beraien egoera pertsonal nahiz judizialari buruz, zentroetan adingabeak izan eta zentro horien barne-jardunbidearen gaineko arauei buruz, bai eta eskubide horiek guztiak gauzatzeko prozedura zehatzei buruz ere, batik bat, eskaerak, kexak edo errekurtsoak aurkezteari begira.

m) Adingabeen legezko ordezkariei argibideak eman behar zaizkie adingabeon egoera eta bilakaerari buruz, bai eta haiei dagozkien eskubideei buruz ere, eta horretan ez da izango beste mugarik lege honetan ezarritakoa baino.

n) Barneratutako adingabeak emakume direnean, hiru urtetik beherako seme-alabak eurekin izateko eskubidea dute, araudi bidez ezarritako baldintza eta betekizunekin.

57. artikulua. Barneratutako adingabeen eginbeharrak

Barneratutako adingabeek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Adingabeak zentroan izan behar dira, agintari judizialaren eskumendean, askatasuna lortu arte; horrek ez dio kalterik egingo baimendutako irteerak eta jarduerak zentrotik kanpo burutu ahal izateari.

b) Adingabeek nahitaezko hezkuntza oinarrizkoa jaso behar dute, lege-aginduz hala dagokiena.

c) Zentroaren barne-jardunbideari buruzko arauak errespetatu eta bete behar dituzte, eta, bertako langileek, euren eginkizunetan lege bidez aritzen direnean, gida-lerroak edo jarraibideak ematen badizkiete, adingabeek horiek ere errespetatu eta bete behar dituzte.

d) Zentroaren barruan jarduera ordenaduna lortzeko laguntza eman behar dute, eta gizabanako guztiei errespetua eta begirunea zor dizkiete zentroaren barruan nahiz kanpoan; bereziki, halakoak zor dizkiete agintariei, zentroko langileei eta barneratutako beste adingabeei.

e) Behar bezala erabili behar dituzte zentroko instalazioak eta euren eskura jartzen diren baliabide material guztiak.

f) Garbitasuneko eta osasuneko arauak bete behar dituzte, bai eta zentroan janzkerari eta norberaren garbitasunari buruz ezarritakoak ere.

g) Nahitaezko prestazio pertsonalak egin behar dituzte, zentroaren barne-jardunbideari buruzko arauetan hala ezarri bada, eta prestazio horiek egoki badira zentroaren beraren antolaketa ona eta garbitasuna ziurtatzeko.

h) Adingabeen egoera pertsonala kontuan hartuta, eta haien askatasuneko bizimodua prestatzeko, heziketa, hezkuntza eta lanaren arloan jarduerak ezartzen badira, adingabeok jarduera horietan parte hartu behar dute.

58. artikulua. Argibideak eta erreklamazioak

1. Behin zentroan sartutakoan, adingabeek idatzizko argibideak jasoko dituzte euren eskubide eta betebeharrei buruz, beraiek jasan behar duten barneratze-erregimenari buruz, antolaketa orokorraren gaineko arazoei buruz, zentroaren jardunbidea arautzen duten erregelei buruz, diziplina-arauei buruz, eta eskaerak, kexak edo errekurtsoak aurkezteko bideei buruz.

Argibideak eurek ulertzen duten hizkuntza batean emango zaizkie.

Adingabe batzuek zailtasunak badituzte argibide horien edukia ulertzeko, beste bide egoki bat erabiliko da, azalpena emateko.

2. Barneratutako gizabanako guztiek, ahoz nahiz idatziz, gutun-azal irekian nahiz itxian, eskaerak eta kexak helaraz diezazkiokete erakunde publikoari, haien barneratze-egoerari buruz eta horretan sortutako arazoei buruz.

Eskaera edo kexa horiek aurkez diezazkiokete, halaber, zentroko zuzendariari; horrek eskaera edo kexei erantzungo die haren eskumenekoak badira, edo, bestela, erakunde publikoari edo agintari eskudunei emango die halakoen berri.

59. artikulua. Zaintza eta segurtasunari buruzko neurriak

1. Zentroetan zaintza-jarduerak eta barne-segurtasunari buruzkoak burutu ahal izateko, gerta daiteke lokaletan eta geletan ikuskapenak burutzea, eta, halaber, barneratutako adingabeak eurak edota haien arropak eta tresnak erregistratzea; araudi bidez ezarriko da ikuskapen eta erregistro horiek nola eta zenbatero egin daitezkeen.

2. Era berean, adingabeek indarkeriazko ekintzarik buru ez dezaten edo haiengan lesiorik gerta ez dadin, zentrotik ihes egin ez dezaten edo zentroko instalazioetan kalterik eragin ez dezaten, edota zentroko langileek, euren eginkizunetan lege bidez aritzean, jarraibideak eman eta jarraibide horien aurkako jarkitze aktibo edo pasiboaren aurrean, araudi bidez ezarritako kontentzio-neurriak baino ezin izango dira erabili.

60. artikulua. Diziplinari buruzko erregimena

1. Barneratutako adingabeak diziplina bidez zuzen daitezke, araudi bidez ezarritako kasuetan eta araudietan ezarritako prozeduraren bidez, betiere Konstituzioaren, lege honen eta azaroaren 26ko 30/1992 Legearen IX. tituluaren printzipioekin bat etorriz; azken lege horrek herri-administrazioen araubidea ezarri eta administrazio-prozedura erkidea arautu du. Une oro, adingabeen duintasuna errespetatu beharko da, eta ezin izango zaizkie adingabeei inoiz ere kendu mantenu-eskubidea, nahitaezko hezkuntza izateko eskubidea, eta komunikazioak eta bisitak izateko eskubidea, horiek guztiak lege honetan eta beronen garapenerako xedapenetan ezarrita dauden heinean.

2. Diziplinako faltak sailkatuz, horiek oso astunak, astunak eta arinak izango dira, subjektuak erabilitako indarkeria, hura nahita edo nahi gabe ari izatea, emaitzaren garrantzia eta ofenditutako gizabanakoen kopurua aintzakotzat hartuta.

3. Falta oso astunak egitearen ondorioz, honako zehapen hauek bakarrik ezar daitezke:

a) Hiru egunetik zazpi arteko epealdian, adingabea taldetik banantzea, ageriko erasokortasuna, indarkeria eta elkarbizitzaren aurkako alterazio larria gertatzen denean.

b) Hiru asteburutik bost arteko epealdian, adingabea taldetik banantzea.

c) Hamabost egunetik hilabete arteko epealdian, adingabea asteburuko irteerez gabetzea.

d) Hilabetetik bi arteko epealdian, adingabea jolaserako irteerez gabetzea.

4. Falta astunak egitearen ondorioz, honako zehapen hauek bakarrik ezar daitezke:

a) Aurreko paragrafoko lau kasuetan ezarritako zehapen berberak, hurrengo iraupena izanik: bi egunekoa, asteburu batekoa edo bikoa, egun batetik hamabost artekoa, eta hilabetekoa, hurrenez hurren.

b) Adingabea zentroko jolas-jardueretan parte hartzeaz gabetzea, zazpi egunetik hamabost arteko epealdian.

5. Falta arinak egitearen ondorioz, honako zehapen hauek bakarrik ezar daitezke:

a) Adingabea zentroko jolas-jarduera guztietan edo horietatik batzuetan parte hartzeaz gabetzea, egun batetik sei arteko epealdian.

b) Zentzarazpena.

6. Banantze-zehapenak berarekin ekarriko du adingabea bere gelan edo horren antzeko ezaugarriak dituen gela batean izatea, zentroko jarduerak burutzen diren orduetan salbu eta nahitaezko hezkuntza jaso, bisitak hartu eta egunero bi ordu atari zabalean izateko.

7. Ebazpen zehatzaileak betetzen hasi aurretik, horien aurka errekurtsoa jar dakioke adingabeen epaileari.

Horretarako, adingabe zehatuak errekurtsoa aurkez diezaioke, idatziz nahiz berbaz, establezimenduko zuzendariari; zuzendariak, hogeita lau orduko epean, idazki hori edo berbazko kexaren lekukotza, bere alegazioekin batera, bidaliko dio adingabeen epaileari. Epaile horrek, entzunaldi baten epean, eta Fiskaltzari entzun ondoren, autoa emango du, ezarritako zehapena baieztatuz, aldatuz edo ezabatuz; auto horren aurka ezin izango da inolako errekurtsorik jarri.

Behin autoa establezimenduari jakinarazi eta gero, hori berehalakoan betearazteko modukoa izango da.

Errekurtsoa gauzatzen den bitartean, bi eguneko epean, neurria zein erakunde publikok betearazi eta erakunde horrek beharrezkoak diren neurriak har ditzake aldatutako ordena berriro ezartzeko, gizabanako zehatuari artikulu honen 6. paragrafoa aplikatuz.

Adingabearen letraduak ere aurreko lerrokadan aipatutako errekurtsoak jar ditzake.

VIII. TITULUA

ERANTZUKIZUN ZIBILA

61. artikulua. Erregela orokorrak

1. Lege honetan araututako prozeduraren barruan, Fiskaltzak egikarituko du erantzukizun zibila eskatzeko akzioa, salbu eta kaltedunak akzio horri uko egiten dionean, kaltedunak berak, erantzukizun zibilaren pieza banandua ireki dela jakinarazten zaionetik hilabeteko epean, akzioa egikaritzen duenean edo hori bere buruarentzat erreserbatzen duenean hori jurisdikzio zibilean egikaritzeko, Kode Zibileko eta Prozedura Zibilaren Legeko manuek ezartzen dutenaren arabera.

2. Erantzukizun zibilaren pieza bananduari buruzko izapideak egingo dira, egotzitako egitate bakoitzeko.

3. Burututako egitateen erantzulea hemezortzi urtekoa baino gazteagoa bada, horrekin batera erantzukizun solidarioa izango dute, eragindako kalte eta galeren gainean, haren guraso, tutore, harreragile eta legezko nahiz egitezko zaintzaileek, hurrenkera horretan.

Horiek ez badute adingabearen jokabidea erraztu dolo edo zabarkeria larriaren bidez, epaileak haien erantzukizuna motel dezake kasuan-kasuan.

4. Hala denean, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 145. artikuluan xedatutakoa ere aplikagarri izango da; lege horrek herri-administrazioen araubidea ezarri eta administrazio-prozedura erkidea arautu du. Orobat aplikatuko da abenduaren 11ko 35/1995 Legean eta horren xedapen osagarrietan ezarritakoa; lege horrek arautu du indarkeriazko delituen biktimak eta sexu-askatasunaren aurkako delituen biktimak lagundu eta sorostea.

62. artikulua. Erantzukizun zibilaren norainokoa

Aurreko artikuluak aipatzen duen erantzukizun zibila arautuko da, horren norainokoari dagokionez, indarreko Zigor Kodearen I. liburuko V. tituluaren I. kapituluan xedatutakoaren bidez.

63. artikulua. Aseguratzaileen erantzukizun zibila

Lege honetan ezarritakoaren arabera, adingabeen egintzek diruzko erantzukizunak eratortzen badituzte, eta aseguratzaileek erantzukizun horien gaineko arriskua bereganatu badute, zuzeneko erantzukizun zibila izango dute, lege-aginduz ezarritako edo hitzarmen bidez itundutako kalte-ordainaren mugaraino; horrek ez dio kalterik egingo aseguratzaileek kasuan-kasuan dagokionaren aurka duten berreskaera- -eskubideari.

64. artikulua. Prozedurari buruzko erregelak

Aurreko artikuluek erantzukizun zibila aipatzen dutenez gero, erantzukizun hori eskatzeko izapideek honako erregela hauek beteko dituzte:

1) Fiskaltzak espedientearen hasierari buruzko partea bidaliko dio adingabeen epaileari. Epaileak parte hori jasotzeaz batera, erantzukizun zibilari buruzko pieza banandua irekiko du, eta kaltedun gisa agertzen direnei jakinaraziko die eskubidea dutela pieza horretan alderdi izateko. Epaileak ezarriko du, halaber, akzioa egikaritzeko gehieneko epea.

2) Aipatutako pieza horretara ager daitezke kaltedunak, baldin eta horretarako jakinarazpena jaso badute adingabeen epaile edo Fiskaltzaren eskutik, lege honen 22. artikuluak ezartzen duen moduan. Berezko ekimenaz orobat, piezara ager daitezke euren burua kaltedun gisa hartzen dutenak ere.

Aseguru-etxeak ere pieza horretara ager daitezke, euren burua alderdi interesduna dela uste badute; hala egin beharko dute erantzukizun zibila eskatzeko akzioak zein epe izan eta epe horretan.

Agertze-idazkian adierazi beharko dute noren aurka nahi duten, burututako egitateen erantzule direlakoan, erreklamazioa egin; nahiko izango da halakoen nortasunari buruz aipamen generikoa egitea.

3) Adingabeen epaileak adingabeari eta horren legezko ordezkariei, hala denean, adieraziko die erantzukizun zibila izan dezaketela.

4) Behin ustezko kaltedunak eta erantzule zibilak agertu eta gero, adingabeen epaileak autoa emango du prozeduraren hasiera aginduz. Auto horretan aipatuko dira alderdi auzi-jartzaileak eta demandatuak, auzi-jartzaileek zer eskatu duten kontuan hartuta eta espedientetik ateratzen dena gogoan izanik. Autoan bertan, demandatzaileei hamar eguneko epea emango zaie, euren uziak eta euren iritziz beharrezkoak diren frogabideen proposamena idazki baten bidez aurkez ditzaten, epaiketako aitorpena eta lekukoen aitorpena barne.

5) Behin epe hori igaro eta gero, adingabeen epaileak idazkia igorriko die demandatuei; demandatuok, hamar eguneko epean, demandari erantzun beharko diote, eta, aldi berean, euren ustez beharrezkoak diren frogabideak proposatu beharko dituzte.

6) Epaileak, batzuen eta besteen idazkiak eskuratzeaz batera, ahozko ikustaldira dei egingo die demandatzaileei eta demandatuei; ikustaldi horretan, haiek eta horiek, hurrenkeraren arabera, euren uziak eta alegazioak azalduko dituzte, euren aburuz prozesu horretan erabakigarri izan daitekeenari buruz.

Egintza horretan bertan, bidezkoak diren frogabideak onartu, eta proposatutako horiek egin egingo dira.

Ezin izango dira ezetsi epaiketako aitorpena edo lekukoen froga, horiek espediente nagusian jadanik egin direlako aitzakiarekin.

7) Epaileak ofizioz aginduko du, auzi-paperekin batera, adingabeen prozedurari buruzko espedientearen zehaztasunak eta entzunaldiko aktak jartzeko, epailearen ustez zehaztasun eta akta horiek erabakigarri izan badaitezke erabakia hartzeko.

8) Adingabeen prozedura horretan, entzunaldia egin eta gero, eta epaia edo behin betiko beste ebazpen bat eman ostean, epaileak epai zibila emango du indarreko Zigor Kodearen 115. artikuluan adierazitako edukiarekin, demandatuak absolbituz edo erantzule zibilak nortzuk diren adieraziz.

9) Aurreko paragrafoan aipatutako epaiaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke auzitegi nagusiko adingabeen aretoan*; errekurtso horren izapideak egingo dira, Prozedura Zibilaren Legeak gora jotzeari buruz ezarritakoaren arabera, betiere kasuan kasuko kopurua kontuan hartuta.

* Abenduaren 22ko 9/2000 Lege Organikoaren 2. xedapen gehigarriaren arabera, auzitegi nagusietako adingabeen aretoak aipatzen direnean, ulertu behar da aipamen hori egiten zaiela probintziako audientziei.

Behin epaia irmo izan eta gero, hori betearazi ahal izango da, Zigor Kodearen arauak eta Prozedura Zibilaren Lege horretako arauak aplikatuta.

10. Prozedura horretan emandako epaiak ez du gauza epaituaren indarrik izango, eta kalterik gabe geratuko da alderdiek arazo berberari buruz epaiketa arrunta sustatzeko duten eskubidea; epaiketa horretan, egitate frogatutzat joko dira adingabeen epaileak egiaztatutzat jo dituenak, bai eta adingabearen parte-hartzea bera ere.

11. Erantzukizun zibilari buruzko piezan, ez da behar letradurik, ez prokuradorerik; baina, halakoa eskatuz gero, ustezko erantzulearentzat ofiziozko letradua izendatuko da.

Adingabearen legezko ordezkarien kasuan, horien defentsa beregana dezake adingabearentzat prozedura nagusian izendatutako letraduak, horrek hala onartzen badu.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa. Jurisdikzio militarrean aplikatzea

Lege honen 4. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie delituak edo faltak egin dituztenei, baldin eta delitu edo falta horien gaineko eskumena jurisdikzio militarrari badagokio; hala egingo da, gai horren inguruan zigor-lege militarrek ezartzen dutena aplikatuz.

Bigarrena. Osasunarentzat arriskua dagoenean, neurriak aplikatzea

Lege honen 5.2, 7.1 eta 29. artikuluek neurri terapeutikoak aipatzen dituztela kontuan hartuta, adingabeen epaileek neurri horietatik edozein aplikatzen badute, eta gaixotasun kutsagarriak gertatzen badira edota adingabeen euren edo haiekin bizi direnen osasunarentzat bestelako arriskuak izan badaitezke, epaileok osasun-arloko agintari edo zerbitzu eskudunei eratxiki diezazkieke haien gaineko kontrola eta jarraipena, apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera; lege horrek neurri bereziak ezarri ditu osasun publikoaren arloan.

Hirugarrena. Legen honetan xedatutakoa aplikatuz, epai irmoak eman eta epai horiek erregistratzea

Justizia Ministerioak epai irmoen erregistro bat eramango du, epaiok lege honetan xedatutakoa aplikatzen duten heinean; adingabeen epaileek eta Fiskaltzak bakarrik erabili ahal izango dituzte erregistro horretako datuak, lege honen 6, 30 eta 47. artikuluetan ezarritako ondoreetarako, eta, betiere, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa eta horren xedapen osagarriak kontuan hartuta, lege horrek arautu baitu datu pertsonalen gaineko babesa.

Laugarrena*. Zigor Kodearen 138, 139, 179, 180 eta 571.etik 580.erako artikuluetan ezarritako delituei eta hamabost urteko espetxealdi-zigorra edo hortik gorakoa dakarten delituei aplikatzea

* Abenduaren 22ko 7/2000 Lege Organikoaren 2.3 artikuluak gehitu du xedapen hori.

1. Lege organiko honen 4. artikuluan xedatutakoa ez zaie aplikatuko hemezortzi urtekoak baino nagusiagoak direnei, horiei egotzi bazaie xedapen gehigarri honetan ezarritako delituen egitea.

2. Aurreko paragrafoan aipatutako delituen egitea egozten bazaie hemezortzi urtekoak baino gazteagoak direnei, lege organiko honen xedapenak aplikatuko dira, hurrengo berezitasunak kontuan hartuta:

a) Zigor Kodearen 571. artikulutik 580.erakoetan ezarritako delituen kasuan, horien gaineko eskumena Audientzia Nazionaleko Adingabeen Epaitegi Zentralak izango du; epaitegi horrek emandako auto eta epaien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da audientzia bereko areto egokian.

Audientzia Nazionalak, gora jotzeko errekurtsoak ebaztean, epaiak ematen dituenean, epai horien aurka kasazio-errekurtsoa jarri ahal izango da, lege organiko honen 42. artikuluan xedatutakoa aplikatuz.

Gobernuak sustatuko du Audientzia Nazionalaren egitura egokitzea, lege organiko honen azken xedapenetatik bigarrenaren 1. paragrafoan agindutakoa aintzat hartuta.

b) Audientzia Nazionalaren eskumeneko prozedurak ezin dira pilatu adingabeen jurisdikzio-eremuan instruitutako beste prozedura batzuekin, subjektu egotziak berberak izan zein izan ez.

c) Burututako egitateetatik bat xedapen gehigarri honetan aipatuta badago, eta delituaren erantzukizuna duena hamasei urtekoa baino nagusiagoa bada, epaileak erregimen itxiko barneratze- neurria ezarriko du urtebetetik zortzi arteko epealdian; hala denean, horren osagarria izango da zaintzapeko askatasunaren beste neurri bat, askoz jota, bost urte artekoa, lege organiko honen 9. artikuluko 5. erregelaren bigarren lerrokadan ezarritako betekizunak izanik.

Kasu horretan, eta lege organiko honen 14, 40 eta 51.1 artikuluek neurria aldatu, eten edo ordezteari buruzko ahalmenak aipatzen dituztela kontuan hartuta, ahalmen horiek erabili ahal izango dira, bakar-bakarrik, ezarritako barneratze-neurriaren iraupenetik, gutxienez, erdia igaro denean.

Delitu horien erantzuleak hamasei urtekoak baino gazteagoak badira, epaileak erregimen itxiko barneratze-neurria ezarriko du urtebetetik lau arteko epealdian; hala denean, horren osagarria izango da zaintzapeko askatasunaren beste neurri bat, askoz jota, hiru urte artekoa, lege organiko honen 9. artikuluko 5. erregelaren bigarren lerrokadan ezarritako betekizunak izanik.

Aurreko bi lerrokadetan agindutakoa gorabehera, erregimen itxiko barneratze- neurriak, askoz jota, hamar urteko iraupena izan dezake hamasei urtekoak baino nagusiagoak direnentzat, eta bost urtekoa, adin hori baino gazteagoak direnentzat, baldin eta delitu bat baino gehiagoren gaineko erantzukizuna badute, delitu horietatik bat astuna dela kalifikatu bada eta Zigor Kodearen 571. artikulutik 580.erakoen terrorismo- delituetatatik bat bada, betiere horri dagokion zehapena hamabost urteko espetxealdi-zigorra edo hortik gorakoa denean.

571. artikulutik 580.erakoetan araututako delituak izanez gero, epaileak, lege organiko honen arabera ezar daitezkeen beste neurriei kalterik egin gabe, erabateko desgaikuntzaren neurria ere ezarriko du, erregimen itxiko barneratze- neurriaren iraupena zein izan eta hori baino lau urtetik hamabost arteko iraupen luzeagoarekin; horretarako, proportzioz kontuan hartuko ditu delituaren astuntasuna, egindako delituen kopurua eta adingabearen gaineko inguruabarrak.

d) Aurreneurrizko atxiloketaren, barneratzeari buruzko kautela-neurrien edota epaian ezarritako neurrien betearazpena gauzatuko da, Gobernuak Audientzia Nazionalaren esku jartzen dituen establezimenduetan eta langile espezializatuen kontrolpean; horretarako, hala denean, hitzarmena egingo du Gobernuak autonomia-erkidegoekin.

e) Adingabeen epaile zentralak edo Audientzia Nazionaleko areto eskudunak neurriak ezartzen dituenean, neurri horien betearazpenak lehentasuna izango du adingabeen beste epaile edo areto batzuek ezarritakoei begira.

f) Xedapen honetan ezarritako delitu- egintza eta neurrien preskripzioa gertatuko da, Zigor Kodean jasotako arauekin bat etorriz.

g) Hamazazpigarren artikuluko 4. paragrafoaren azken tartekadurak egiten duen aipamena eta lege honetan adingabeen epaileari buruz jasotzen diren beste guztiak adingabeen epaile zentralari egiten zaizkiola ulertuko da, Zigor Kodearen 571. artikulutik 580.erakoetan aipatutako delituetatik edozein adingabeei egozten zaienean.

Bosgarrena*

** Abenduaren 22ko 7/2000 Lege Organikoaren 2.4 artikuluak gehitu du xedapen hori.

Lege organiko hau indarrean jartzen denetik bost urteko epean, Gobernuak Diputatuen Kongresuari igorriko dio txosten bat; txosten horretan aztertu eta ebaluatuko dira laugarren xedapen gehigarria aplikatzearen ondore eta ondorioak.

Seigarrena**

** Azaroaren 25eko 15/2003 Lege Organikoak xedapen hori gaineratu du; lege horrek Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa aldarazi du. Xedapen hau indarrean jarri da 2003ko azaroaren 27an (EAO, 283. zk., azaroaren 26koa).

Lege organiko honen aplikazioa ebaluatu ondoren, eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari, Fiskaltzari, autonomia-erkidegoei eta Parlamentuko taldeei entzun eta gero, Gobernuak neurriak bultzatuko ditu, neurri horien bidez delitu-egitate batzuk gogorrago zehatzeko, noiz eta, egitate horien egileak adingabe izan arren, egitateok astuntasun berezia dutenean, besteak beste, Zigor Kodearen 138, 139, 179 eta 180. artikuluetan ezarritakoak direlako.

Horretarako, barneratze-aldia luzatzeko aukera ezarriko da; neurriak bete ahal izango dira ezarritako segurtasun- -neurriak indartzen dituzten zentroetan; eta, berebat, neurriok espetxeetan bete ahal izango dira, adin-nagusitasuna lortu eta gero ere.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra*.

* Abenduaren 22ko 9/2000 Lege Organikoak presazko neurriak onetsi ditu justizia-administrazioa bizkortzeko, eta lege horren 3. xedapen gehigarriak berriro idatzi du 5. paragrafoa eta bigarren lerrokada berri bat gehitu du

Araubide iragankorra

1. Ekainaren 5eko 4/1992 Lege Organikoak Adingabeen Epaitegietako Eskumenari eta Prozedurari buruzko Legea eraldatu zuela kontuan hartuta, eta honekin batera lege hori indarrik gabe geratuko dela aintzat harturik, haren menpeko adingabeek egitateak burutu badituzte lege hau indarrean jarri baino lehenago, egiteko unean indarrean zegoen legeria aplikatuko zaie adingabe horiei.

Adingabeak neurri bat betetzen ari badira, eta neurri hori 4/1992 Lege Organikoan ezarritakoetatik bat bada, hori betetzeari ekingo diote, lege horretan ezarritako baldintzetan erantzukizuna azkendu arte.

2. Lege hau indarrean jartzean, berehalakoan bukatuko da 4/1992 Lege Organikoan ezarritako neurri guztien betetzea, hamalau urtekoak baino gazteagoak ari baziren neurri horiek betetzen; kasuan kasuko erantzukizunak azkendu egingo dira.

3. Hemezortzi urtekoak baino gazteagoak direnei epaiketa egin bazaie 1973ko Zigor Kodean xedatutakoaren arabera, indargabetutako zigor-legeen arabera edota indarreko Zigor Kodearen xedapen indargabetzailearen arabera, eta adingabe horiei bi urteko presoaldi txikia edo bi urtetik gorako espetxealdi-zigorra ezarri bazaie, eta lege hau indarrean jartzean hori betetzeko badago, orduan, zigor horien ordez, lege honetan ezarritako neurrietatik bat ezarriko zaie, Fiskaltzak hala eskatuta, eta aurretiaz talde teknikoak edo adingabeak babestu edo eraldatzeko erakunde publiko eskudunak txostena eginez.

Ondore horretarako, Fiskaltzari igorri beharko zaizkio bete-agindua eta atal honetan jasotako adingabeei ezarritako zigorren behin-behineko likidazioa.

4. Aurreko paragrafoak aipatzen dituen kasuetan, ezarritako zigorra edo betetzeko dagoena bi urtetik beherako presoaldia bada edo beste izaera batekoa, kondenatuari zaintzapeko askatasunaren neurri soila ezar dakioke kondena betetzeko falta den denbora horretan; horretarako, nahitaezkoa da Fiskaltzak hori eskatzea, adingabeen epaileak adingabearen letraduari, haren legezko ordezkariari, adingabeak babestu edo eraldatzeko erakunde publikoari eta epaiaren menpean dagoenari berari entzutea, eta epaile horrek adieraztea hori lege honen hezkuntza-helburuarekin bat datorrela.

Bestela, adingabeen epaileak betetzat jo dezake zigorra, eta azkendutzat, epaiaren menpean dagoenaren erantzukizuna.

5. Aurreko paragrafoek adingabeen epaileak hartutako erabakiak aipatzen dituztela kontuan hartuta, erabaki horiek auto bidez jasoko dira, eta auto horren aurka, zuzen-zuzenean, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, bost egun balioduneko epean, probintziako audientzian.

Lege hau indarrean jartzen denetik bi hilabeteko epean hartu beharko dituzte adingabeen epaileek erabaki horiek.

Epe horretan, adingabearen egoera ez da aldatuko.

6. Zigor-prozedura batzuk aribidean badaude lege hau indarrean jartzean, eta, prozedura horietan, erruztatutako pertsonei egotzi bazaie oraindik hemezortzi urte ez zituztela delitu-egintzak burutu izana, epaile edo auzitegi eskudunak gauzatutako jarduna igorriko dio Fiskaltzari, horrek lege honetan araututako prozedura instruitu dezan.

Lege hau indarrean jartzean aurreneurrizko espetxealdian daudenak espetxetik aterako dira, eta, Fiskaltzaren eskumendean, eraldaketa-zentro batera eramango dira.

Fiskaltzak uste badu barneratzeari eustea bidezkoa dela, hori eskatu beharko dio adingabeen epaileari berrogeita zortzi orduko epean; 28.2 artikuluan ezarritako agerraldirako deia egingo du epaileak.

Norbaiti egotzi bazaio hemezortzi urtekoa baino nagusiagoa eta hogeita bat urtekoa baino gazteagoa zela zenbait egitate burutu izana, instrukzio-epaileak bidezkoa dena erabakiko du, lege honen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa. Ordezko zuzenbidea

Lege honetan beren beregi arautu ez diren arazoetan, ordezko arauen izaera dute, eremu substantiboan, Zigor Kodeak eta zigor-lege bereziek, eta, prozedura-eremuan, Prozedura Kriminalari buruzko Legeak, eta, bereziki, horren IV. liburuko III. tituluan prozedura laburtuaren izapideei buruz xedatutakoak.

Bigarrena. Botere Judizialaren Lege rganikoa eta Fiskaltzaren Estatutu Organikoa aldaraztea

1. Lege hau «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratzen denetik sei hilabeteko epean, Gobernuak Parlamentuari lege organiko baten proiektua helaraziko dio, Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa eraldatzeko; proiektu horren arabera, auzitegi nagusietako adingabeen aretoak* sortuko dira, adingabeen epaitegietako arauketa eta eskumena egokituko da, eta Auzitegi Gorenaren Bigarren Aretoaren osaera moldatuko da, lege honetan ezarritakoaren eretzean.

* Abenduaren 22ko 9/2000 Lege Organikoaren 2. xedapen gehigarriaren arabera, auzitegi nagusietako adingabeen aretoak aipatzen direnean, ulertu behar da aipamen hori egiten zaiela probintziako audientziei.

2. Lege hau «Estatuko Aldizkari Ofizial »ean argitaratzen denetik sei hilabeteko epean, Gobernuak Parlamentuari lege-proiektu bat helaraziko dio, Fiskaltzaren Estatutu Organikoari buruzko abenduaren 30eko 50/1981 Legea eraldatzeko; proiektu horren helburua izango da Fiskaltzaren antolaketa lege honetan ezarritakoari egokitzea.

Hirugarrena. Langileriaren arloko eraldaketak

1. Gobernuak, Justizia Ministerioaren bitartez, behin Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari, Estatuko Fiskaltza Nagusiari eta ukitutako autonomia- erkidegoei entzun eta gero, lege hau «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratzen denetik sei hilabeteko epean, xedapen egokiak hartuko ditu adingabeen epaitegietako antolaketa eta karrera judizial nahiz fiskaleko langileen egituraketa egokitzeko lege honetan xedatutakoa aplikatzeagatik sortzen diren beharrizan organikoetara.

2. Karrera judizialeko magistratuek bete beharko dituzte, nahitaez, adingabeen epaile-karguak.

Lege hau indarrean jartzean, adingabeen epaitegiko titular batzuek epaile-kategoria badute, kargua utzi behar dute, eta, hala denean, Botere Judizialaren Lege indarrekoaren 118.2 artikuluan eta baterakoetan ezarritako egoera izango dute; kargu horiek betetzeko, magistratuen artean lehiaketa arrunta egingo da.

3. Gobernuak, Justizia Ministerioaren bitartez, eta gai honetan eskudun diren autonomia-erkidegoek, sail egokien bitartez, Justizia Administrazioaren funtzionarioen egituraketa egokituko dute, lege hau aplikatzeko helburuarekin, adingabeen epaitegietan eta fiskaltzetan sortzen diren beharrizanetara; eta zehaztuko dute zenbat talde tekniko atxikiko zaizkien adingabeen epaitegi eta fiskaltzei, eta zein izango den talde horien osaera eta langileen egituraketa.

4. Era berean, Gobernuak, Barne Arazoetarako Ministerioaren bidez, eta autonomia-erkidegoen eskumenei kalterik egin gabe, polizia judizialeko brigadetan, adingabeen taldeetako langileen egituraketa egokituko du, lege honen helburuetarako beharrezkoak diren funtzionarioak fiskaltzetako adingabeen ataletara atxikitzeko.

5*. Ezabatua.

* Abenduaren 22ko 9/2000 Lege Organikoak presazko neurriak onetsi ditu justizia-administrazioa bizkortzeko, eta lege horren 4. xedapen gehigarriak 5. paragrafoa ezabatu du.

Laugarrena. Epaileak, fiskalak eta abokatuak espezializatzea

1. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eta Justizia Ministerioak, bakoitzak berari dagokion eskumen-eremuan, karrera judizialeko nahiz fiskaleko kideak trebatuko dituzte, adingabeen arloko espezialistak izan daitezen, araudi bidez ezartzen denarekin bat etorriz.

Espezialista horiek lehentasuna izango dute auzitegi nagusietako adingabeen aretoetan* eta adingabeen epaitegi nahiz fiskaltzetan kasuan kasuko karguak betetzeko, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.

* Abenduaren 22ko 9/2000 Lege Organikoaren 2. xedapen gehigarriaren arabera, auzitegi nagusietako adingabeen aretoak aipatzen direnean, ulertu behar da aipamen hori egiten zaiela probintziako audientziei.

2. Fiskaltza guztietan, adingabeen atal bat izango da; atal hori karrera fiskaleko kideek osatuko dute, kide horiek espezialistak izango dira, eta, atalotan, beharrezkoak diren administrazio- funtzionarioak izango dira, araudi bidez ezartzen denarekin bat etorriz.

3. Abokatutzaren Kontseilu Nagusiak xedapen egokiak ezarriko ditu, elkargoetan, beharrezkoa izanez gero, ikastaro homologatuak eman daitezen, eta, horiei esker, letraduek, interesa duten neurrian, adingabeen arloan espezializazioa beregana dezaten, jurisdikzio horretako organoetan esku hartu ahal izateko.

Bosgarrena. Xedapen indargabetzailea

1. Indarrik gabe geratzen dira: Adingabeen Epaitegietako Eskumen eta Prozedurari buruzko Lege Organikoa, 1948ko ekainaren 11ko Dekretuaren bidez onetsitako testu bategina, ekainaren 5eko 4/1992 Lege Organikoak aldarazia; Adingabeen Epaitegietako Eskumen eta Prozedurari buruzko Lege Organikoaren betearazpenerako erregelamendutik indarrean dauden manuak, erregelamendu hori 1948ko ekainaren 11ko Dekretu bidez onetsi zela aintzat hartuta; Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren hamabigarren xedapen iragankorra; azaroaren 15eko 44/1971 Legearekin bat etorriz, irailaren 14ko 3.096/1973 Dekretuaren bidez argitaratutako Zigor Kodearen testu bategineko 8.2 eta 9.3 artikuluak, 20. artikuluko 1. erregela, 8. artikuluko 2. paragrafoari dagokionez, 22. artikuluko bigarren paragrafoa eta 65. artikulua.

2. Indarrik gabe geratuko dira, halaber, lege honetan ezarritakoarekin bateraezinak diren arau guztiak, lerrun berekoak nahiz beheragokoak.

Seigarrena. Lege honen izaera

Lege arruntaren izaera dute lege organiko honen 16, 20, 21, 23.etik 27.erako, 30.etik 35.erako, 37.etik 39.erako, 41, 42 eta 61.etik 64.erako artikuluek, hirugarren xedapen gehigarriak eta azken xedapenetatik hirugarrenak.

Zazpigarrena. Indarrean jartzea eta erregelamendu bidez garatzea

1. Lege organiko hau indarrean jarriko da «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratu eta urtebete igarotakoan.

Egun horretan indarrean jarriko dira, orobat, Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren 19 eta 69. artikuluak.

2. Autonomia-erkidego batzuek adingabeak babestu eta eraldatzeko eskumena dutela kontuan hartuta, autonomia- erkidego horiek, aurreko paragrafoan aipatutako epean zehar, euren arautegia egokituko dute lege honek ematen dizkien eginkizunak behar bezala betearazteko.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra